Lau

MAMMON EDO ZEKENKERIA

 

        Hiri txiki eta aberatseko etxerik onenetako batean jarri ziren bizitzen. Esfortzurik gabe lortu zuten hori. Herkulanoren atetik Ponpeian sartu orduko, nagusigoaren eta plebearen atentzioa erakarri zuten. Ez zen gutxiagorako, egiazki. Tiffaugesko gazteluaren abenturari ekin ziotenean bezalaxe, mozorrotu egin ziren trebetasun istrionikoaz eta, oraingoan ere, Belfegorren irudi pasiboaz baliatzea erabaki zuten, honengan biltzeko zegokien dekorazio-taldea. Hau mirestekoa zen. Nagikeriaren demonioa emakume patrizio aberats bilakatu zen, eta hau, bitxiz apaindua eta patxadatsu, fororantz hurbilduz zetorren, litera bordatuan, lau esklabo nubiarren bizkarrean, hots, lau tximino saiatuek garraiatzen zutela. Bezero losentxariak zeramatzan albo banatan, bikainak hauek ere; eta oihuka aldarrikatzen zituzten beren etxekoandrearen leinua eta tituluak, toga zuriak handikeriaz erakusten zituztela. Honela jakin zuten ponpeiarrek, Belfustarretako gens ospetsuko Quieta Fulvia zela bere bisitarekin Ponpeia ohoratzen zuena. Eta laguntzaileen artean, Mammon nabarmentzen zen bere jantziagatik, ze honen zikoizkeriak ez baitzuen utzi —sosik kostako ez zitzaion arren— bere arropa zarpailak jantzi hiritarraren handitasunaz trukatzen, eta filosofo estoiko baten inpresioa ematen zuen, segizio aberatsetan, kontrastasunez, inoiz falta ohi ez diren horietakoa.

        Populazio goiztarra mugitzen hasia zen inguruan, udako eguzki beroaren azpian. Okela eta barazki saltzaileek sarreraren ondoko ostatuetan uzten zituzten beren gurdiak eta mandoak, ze debekatua baitzegoen hauen trafikoa hiriaren barruan, eta merkantziak bizkarrean hartuta, saltokietarantz jarraitzen zuten. Tratulariak, egoitza handien itzalean ahokatutako haitzulo eta saltokien sarreran azaldu ziren; eta brontzezko ontzietan ardo epelak eta jaki egosiak eskaintzen zituzten termopolia anizkoitzen jabeek, txanoak erantzi zituzten konpainia bikainaren igarotzea agurtzeko. Itsasoko airea arnasteko eta bertutearen dibortzioagatik eta Venusen zaindaritzagatik famatua zen parajeak eskaintzen zituen ikuskizunez gozatzera Erromatik etorritako zenbait patrizio gaztek —«lotien» eta «zurrutero berantiarren» alfer kofradiak osatzen zituzten gazteek— ez zuten ezkutatu beren jakinmina hain nabaria zen luxuaren aurrean, eta orrazkera konplexuko emagaldu ederrek barre egin eta kornalina eta anbarrezko besokoei hotsa aterarazten zieten. Laster, ardoen, igalien, arrainen, ostren, onddoen, azen, garum deritzon saltsa famatuaren lurrina Mediterraneoaren usain gogorrari gehitu zitzaion nahasketa gastronomiko bat sortuz; hau Beeltzebulek atseginez usnatu zuen bere buruari zapore ezezagunak iragartzen zizkiola. Pompeia oturuntza bat bezala eskaintzen zen. Kemenez, gozamen irrikaz betea hautematen zen hiria. Erraza zen ondorioztatzea, egoitzak estaltzen zituzten fatxada serio eta sinpleen atzean, lasai bizi zela jendea. Hilabete eskas zen, Vespasianoren ondotik, honen semeak, Titok, gobernatzen zuela Inperioa, eta leku guztietan nabarmentzen zen honen oparotasun bikaina. Politikarako grina —pertsonaia ospetsu eta dirudunen denborapasa— duunbiro eta zinegotzi hautaketa berriarekin zerikusia zeukaten inskripzio okre eta beltzetan nabari zen, zeinak zikintzen baitzituzten edonon paretak, ilargiaren edo linternaren argitan gauez lan egiten duten arraspatzaileek artean kentzeko betarik izan ez zutelako. Hauek irakurriz, demonioek barrundatzen zuten noraino irits daitekeen botere egarria, prebenden gose diren gizaki etsaien artean, eta honek zekenkeriaren demonioaren garaipena augurarazten zien.

        Honela iritsi ziren, ukondokadaka bidea irekiz eta Quieta Fulviaren izen ozena oihukatuz, Fororaino, Ponpeiaren bihotzeraino; hemen mugimendua areagotzen zen, ze aktiboen eta alferrontzien zita gune ezezik, Greziaren eta Erromaren antz eta irudira sortutako udal orotan bezala, lekuko erlijio eta hiritar ardatza baitzen. Ponpeiak, hamasei urte lehenago, jasanak zituen lurrikara bortitz baten ondorioak, eta harrezkero, Senatu inperialaren eta partikularren ekarpenei esker, hiria berrituz zihoan. Familia askok, familia ugarik, beldurrez, ospa egin zuten katastrofearen ondoren, baina joandakoak beste batzuek ordezkatu zituzten. Familia hauek, maiz, aberats berriz eta liberto goranahiz osatuak zeuden, eta hauen harropuzkeria etorri berria laster baieztatu zen gela berriztatuei inprimatutako jauregitar luxuagatik. Halere, berritze lana, geldo eta tinkoa, batez ere, Foroan nabari zen, non merkatari, okin, jostun, zapatari, arrain eta fruta salerosleek zirkulatzen zuten marmol zatien eta eroritako kolomen artean.

        Hondakin preziatuen metaketaz eratutako tontor batera igo zen segizio inprobisatua bista miresteko aitzakiaz, guztiz ederra zena, eta, begiratzen zen arabera, Capri irlaraino edo Vesuvioraino hartzen zen; azken honen maldetan gora mahastiak hedatzen ziren. Hantxe zeuden, togekin beren buruari haize emanez eta euli berde gogaikarriak uxatuz, beren presentziak sortzen zituen esamesek inguruan burrunba egiten zuten bitartean, eta hara non inguratzen zaien berrogeita hamar urtetik gorako emakume bat; honek adeitasunez agurtu, piku eskutada bat eskaini eta agurra luzatu zien «Augusto feliciter!» batez —gora Enperadorea!—, bere atxekimendu ofizialistaren lekuko. Komeni bezala erantzun zuten demonioek, eta berehalaxe elkarrizketa sutsu bat hasi zen, pikuen karraskak harmonikoki eusten ziola, eta damaren ikusmirak eragina; izan ere, dama hau izan baitzen, bata bestearen ondoren, galderarik gehienak formulatu zituena. Halere, jakin ahal izan zuten Infernukoek Nonia Imenea zuela izena eta Publius Cornelius Tegetus aberatsaren arreba zela. Aipaturiko Tegetus honen aberastasuna, ondorioztatu zutenez, azkenaldian metatua zen, garum-saltsa eskala handian fabrikatzeari esker; halaber, ondorioztatu zuten nolako berotasuna pizten zuen beren emakume solaskidearengan aristokrazia zaharrarekin zerikusia zeukan guztiak. Horretaz ohartzean, deabruek, eta bereziki Luziferrek, Quieta Fulvia, Belfustarren leinukoaren esanahiaren azalpenak ugaldu zituzten, arbasoak zituela Tarkino Zaharra eta Erromako beste zenbait errege baieztatuz; hau guztia atsegin adeitsuz entzun zuen Tegetusen arrebak. Azaldu zioten Fulviak garrantzizko etxauntza bat erosi nahi zuela, eta hori lortu bitartean ostaturen batean egon beharko zuela. Olinpoan jarri zuen ahotsa andereak (hiru bider alargundua, jakinarazi zuenez): ezinezkoa zen Tarkinoren odola daramaten kalitateko pertsonaiek eta hauen laguntzaile prestuek txerritegi batean, salmentari eta lapurtzulo batean bizitzeko amore ematea. Begirada jaso zuen urrutiko emakume patrizioarengana, honek betazalak ixten zituen, logalez, eta ez eguzkiaren distiragatik, eta hain arranditsu, hain leinutsu, hain bitxitsu ikusi zuen, ze begirunez esatera ausartu baitzen:

        — Jainkoek eta Publius Corneliusen eskuzabaltasunak nahi izan dute nik gozatzea Ponpeiako etxerik garrantzizkoenetako batez. Ez dago hemendik urruti, Nola bidearen goiko aldean, eta Alexandro Handiaren batailako mosaikoagatik da gogoangarria. Hantxe bizi naiz erabateko bakardadean, neure mirabetzarekin. Egidazue nire abegia onartzeko ohorea, bila zabiltzatena aurkitu arte.

        Aditasun gehiagoz behatu zuten demonioek Nonia Imenea, zeina txikia, hezurtsua, zimurtsua, urtxintxa bezain urduria eta piku-jale setatia baitzen. Kalkulatu zituzten emakumearen proposamena onartzearen alde onak, eta gogo onez hartaratzea erabaki zuten, emakume honen bidez etapa horretako xedeak lor zitzaketela barrundatuz, baina Mammonen lukurreria doilorra tartekatu zen; izan ere, honek gonbidapenaren prezioa jakin nahi izan baitzuen. Nonia mindu egin zen. Adierazi zuen, zorionez, dirua sobera zeukala, eta berari aski zitzaiola hain dama ospetsuaren familiaritateak bere etxearen gainera ekarriko zuen ohoreaz. Satan aurreratu zen, amorrazioz arnasestuka eta oihukatu zuen:

        — Barkatu gure adiskide Parko Mammoniori. Agian, zeuk usmatu duzun bezala, filosofoa da, eta hor dabil mundua onera ekartzeko ahaleginetan eta honi arau zorrotzak ezarri nahian. Dibertitu egiten gaitu honen utopiak, eta horregatik uzten diogu gurekin etortzen. Quieta Fulviak, gainerako Belfustarren antzera, gogoko ditu filosofoak eta bufoiak. Gainerakoan, Parko Mammonio gaur egun buru-belarri sartuta dabil epe luzerako proiektu batean, eta honen arrakastaren menpe dago bere patua. Ahaz dezagun hori eta goza dezagun horrenbesteko eskuzabaltasunez ematen zaigun aterpeaz eta abegi onaz.

        Intzidente txikia argitu ondoren, Noniak bere litera eskatu zuen, eta denak batera, honen etxeraino etorri ziren. Ez zen isildu ere egin anderea, oihuka, ibilaldi guztian. Fulviari deitzen zion bere izenez eta honen erret arbasoenak gogoratzen zituen, irrikaz baitzegoen, herri xehea —eta are gehiago bidean aurkitzen zituen zaldunak—, anderearen hierarkiaz entera zitezen, zeinaren isiltasuna gora-behera adiskide estutzat baitzeukan jadanik.

        — Gertaera hau —xuxurlatu zuen Beeltzebulek, piku bat mastekatuz— ondo iragartzen da. Horrenbesteko gozamenez jaten duenak, gure laguntza argia merezi du.

        Bat zetorren etxea, beronetan bizi zenaren laudorioekin. Mosaikozko «AVE» batek eman zien ongi etorria gonbidatuei sarreran, eta demonioek agurra ordaindu zuten, erpuruaren muturra adierazlearen eta hatz handiaren artean azalaraziz, eta hau, Noniak moda metropolitartzat interpretatu eta bete-betean men eginez kopiatu zuen. Bi atari zetozen hurrena, bat, urmaelekoa, lau kolomez koadrotua. Harreratarako aretoek, ekialdeko zenbait triklinioz hornitutako jantokiak, eta logelek inguratzen zituzten hauek. Kapitel joniardun beste hogeita lau kolomak, arrosa eta mitrezko lorategiari egiten zioten markoa. Exedran —azken atalondo irekian— hedatzen zen Issusko bataila irudikatzen zuen mosaiko bikaina, hots, Dario eta Alexandroren artekoa. Puskatu egin zen, hein batean, 63. urteko lurrikara bitartean, eta konpondu ez bazuten ere, dir-dir egiten zuen. Ez zen hori, gainerakoan, egoitzako marketeria baliotsu bakarra: hantxe zeuden, halaber, dis-diska, Bakori, katuari eta mozorro urduriei eskainitakoak ere. Hura guztia ibili, ebaluatu eta goraipatu zuten bisitariek, Quieta Fulviak izan ezik. Honen interes faltak, azkenean, Nonia Imenearen kezka sortu zuen.

        — Lo al dago? —galdetzera ausartu zen.

        — Behin ere ez —erantzun zion Leviatan Almiranteak—. Bere izaera da. Meditatzen ari da. Bere ahaztezinezko arbasoak gogoratzen ditu. Horiekin etengabeko harremanean bizi baita.

        Baieztapen honek gainezka egitera eraman zuen arrain-saltsa fabrikatzailearen arrebaren mirespena. Erakutsi zizkien, bada, ostalariei zegozkien gelak eta berera erretiratu zen pozaren pozez dar-dar egiten zuela.

        Une hartatik aurrera, demonioak izan ziren etxearen benetako jaun eta jabe. Mammon eta Asmodeok etxetik ospa egiten zuten egunero egoitza egonkorra aurkitzeko aitzakiaz, baina, egiazki, lehenengoa zekenkeriaren aurrerapen ponpeiarrak ikertzera joaten zen, eta bigarrena, berriz, taberna eta putetxeak ikuskatzera. Gainerakoak exedran, edo impluviumaren atarian geratzen ziren freskura hartzen, hiritarrek eguna etxetik kanpo igarotzen zuten bitartean. Beeltzebul luzatu egin ohi zen sukaldean, egosketak dastatuz. Nonia Imeneak, harekin oso ondo konpontzen baitzen, demonioak diktatutako errezeta bitxiak paperean jasotzen zituen. Kanpokoak itzultzen zirenean, zoratu beharrean jartzen zen andere Fulviaren handitasunarentzat artean ezer duinik ez zutela aurkitu entzutean. Nonia desagertu eta honen esklaboek alde egin orduko, deabruek, barrenkoi, beren iritzien berri ematen zioten elkarri.

        — Plazerraren institutuak —zioen Asmodeo lizunak— ugariak dira eta primeran hornituak daude. Jende askorekin egin ditut harremanak eta hasi naiz dagoeneko popularra izaten. Zahar eta gazteak biltzen ditut, hiru sexuetatik, eta imajinatu ere egin ezin zitzaketen elkar-lotze eta mihiztadurak irakasten dizkiet neure entretenimindurako, adibidez, zenbait piramide eta ohiko organoak artistikoki ordezkatu eta osatzen dituzten gailu txiki bitxien erabilpena. Uste dut ohituren benetako iraultza burutzen ari naizela. Atsegingarri egiten zait nire arloari dagokiona praktikaren bidez hedatzea. Misiolari bat naiz.

        — Berorren Gorentasuna dibertitu egiten da bapo —marmar egin zuen Satanek—, gu hemen asper-asper eginda gauden bitartean. Nazkatuta nago pikondoaren fruituez. Almirantea «Ponpeiaren azken egunak» irakurtzen hasi zitzaigun, baina hogeita hamargarren orrialdera iristean baztertu egin genuen Lord Lytton. Gainera, arriskua zegoen Nonia ustekabean azaldu— zuhurtziaz, gero eta gutxiagotan egiten duena— eta zertaz zen jakin nahian tematzeko. Jabetzen al da Berorren Gorentasuna haren harriduraz, haren izuaz, liburu inprimatu baten aurrean... eta ingelesez? Erne eta kontuz ibili beharra daukagu, batez ere, anakronismoan ez erortzeko. Nobelatzarraren eraginkortasunik ezaren aurrean, Almiranteak literatura eruditora jo zuen eta bi liburuki gauzatu zituen alemanez eskualde honetako gai piktorikoen gainean: «Komposition der pompeianischen Wandgemälde» eta «Geschichte der decorativen Wandmalerei in Pompeji». Hauek ere ez gintuzten entretenitu.

        — Niri —azaldu zuen Luziferrek— beste liburuak, Gaston Boissier-enak dakarrena interesatu zitzaidan, Petroniok eta Pliniok pintura ponpeiarren gainean zeukaten iritzia erreproduzitzen duenean. Nola batak hala besteak azaltzen dute, obra horiek aztertu eta iraganekoekin erkatzean, «pintura hil egin dela». Zorigaiztoa da, baina aipaturiko epai hori aldiz aldi errepikatzen da, eta pintura bere zentsoreak baino luzeago bizi izan da. Froga, urrutiagora joan gabe, Infernuko Pandemoniuma apaintzen duen Goetheren erretratuan daukagu, bere asto-belarri eta guzti. Obra azpimarragarria noski, eta halere, margotu berria da.

        — Nire susmoa da —azaldu zuen Leviatanek— erretratu hori Deabruak berak margotu zuela. Deabrua lehen mailako artista baita, pintore inuzentea bada ere.

        — Oso ederki, oso ederki! —kexatu zen Satan—. Bat nator. Baina honek ezer ez du konpontzen. Eztabaidaezina zera da, hemen... denok izorratzen garela, Asmodeo nekaezina eta Beeltzebul izan ezik, azken honen atzetik baitabil Nonia Imenea.

        — Eta nobedade hori? —galdetu zuen lizunkeriarenak.

        — Utzi dio nobedade izateari. Elkarrekin dabiltza beti. Lorategian zehar paseatzen dute. Alderrai dabiltza hara eta hona. Emakume alargun hirukoitzak azkenean limurtu egingo du.

        Aipatutakoa gorri-gorri egin zen belarrietaraino, eta jateari utzi zion. Toga ondo zetorkien honen biribiltasunei, eta ezpainek, berriz, gereziak ziruditen.

        — Sukaldaritzaz hitz egiten dugu —esan zuen zezelka—, sukaldaritzaz...

        — Dena den —jarraitu zuen Satanek— aspertu egiten gara. Eta erruduna Mammon da, honek ez baitu behar bezala egiten bere lana. Denbora alferrik galtzen du; egunak joan egunak etorri, hemen gaude gu, hark bere egitekoa noiz burutuko zain.

        — Tiffaugesko arazoaz arduratzea —erreklamatu zuen demonio urriak—, ondotxoz errazago zen, ez dago konparatzerik ere. Han bi pertsonaia bakarrik zeuden: Gilles Raiskoa eta Madame Katalina. Bizar Urdina hila zen. Ezinezkoa zen huts egitea.

        Harroa haserretu egin zen:

        — Gogoratzen dut, orduan Berorien Gorentasunek (zehaztu zuena uste dut Bere Gorentasun Satan izan zela), behin-betiko umiliatutako emakume bat harrokeriaren grinaz zirikatzea zeinen zaila izango zen seinalatu zutela.

        — Bai noski, eta Berorren Gorentasunak oso ondo zuzendu zuen operazioa —ebatzi zuen besteak—. Baina bazekien, hasieratik, nora zuzendu ahalegina; hemen, ordea, oraindik ez dago iturik apunteria zorrozteko. Ponpeiarrek ai! Ez dute pentsatzen xahutzean eta beren handikeria zantarra erakustean baino. Halere —eta libreta bat atera zuen—, itxaropenez bete nauten apunteak bildu ditut. Entzun hau; Siricus merkatariaren etxeko atalasea apaintzen duen inskripzioa da: «Salve Lucrum»; eta beste honako inskripzio hau: «Irabazia da zoriontasuna». Pistak dira. Bila jarraitu beharra dago. Zerbait potzoloa asmatu beharra dago.

        — Eta aurki beza azkar, Gorentasun horrek —esan zuen Satanek—. Azkar, asperrak indarge bihur gaitzan baino lehen.

        Bizitzak, monokorde, garatuz jarraitu zuen Nola bideko etxean. Abuztua sartu zen, eta ponpeiarrek itsasoko haize leuna eskatzen zuten arrakastarik gabe. Gladiadore borrokak toldopean egiten ziren. Nonia Imeneak bazkari bat eskaini zuen, Beeltzebulek prestatua, bat ere pikurik gabe, ostalarien ohoretan. Oturuntza honetara etorri zen Publius Cornelius Tegetus, saltsagilea; honi demonioek kaskarroa eta bokantza igokoa izatea leporatu zioten. Mintzatu zen bere etxeaz, urre-koloreko brontzezko bere efeboaz, zeinak argitzen baitzituen, lanpara-etxea iduri, lorategiko sinposium gautarrak; bere estatua txikiez, hauek eusten baizitzituzten zilarrezko ontziak, bere elaborazioko gozagarria edukitzeko eginak. Honen gustu txarrak gainezka egin zuen imintzio eta keinuetan. Beltzebulek asmatutako sukaldeko prestakuntzen distirak berrerosi zituen demonioak. Quieta Fulvia zen festaren burua, izan ere, honek, jateko bakarrik eteten zuen loaldia. Garretan zegoen haren urre trinkozko bularrekoa, loto-lore, ezkur eta Silenoren maskara gurutzatuekin. Haren diadema dotorea, urrezko xafla batean zizelatua, haritz hostoz osatua zegoen. Mammonek bitxi horiek adi-adi zelatatu eta eskuak bihurritu zituen berak ordaindu beharko balitu bezala. Tegetusen arreba, aitzaki-maitzaki Beeltzebul igurtzitzen zuena, ez zihoakion aparte Erromako erregeen delako birbilobari. Esmeralda eta perla zuztarrezko iduneko astuna zeraman; hatz bakoitzean eraztuna; eta mugimendurik txikienaz hotsa atera eta ñir-ñir egiten zuten filigranazko belarritako luzeak. Fulvia Belfegorrek (Belfustarretakoak), Publius Corneliusek «agurgarri» tratamendua ematen zionak, bankete luzeak iraun zuen bitartean, esaldi bakarti bat ahoskatu zuen, eta hau Ponpeia probintziakoek goraipatu egin zuten, beronen esanahia ulertu gabe, noski, baina gorte zaharreko mintzairari atxeki ziotelarik:

        — Lo egitea —esan zuen, begiak erdi itxiz—, that is the question.

        Bazkari bitartean ikuskor azaldu zen Akerontez haraindikoentzat fotografiak ateratzeko makina. Bere tripodearen gainean zebilen, ziklope zangaluze bat iduri; bere begi-nini bakoitia mahaikideen gainean finkatu eta gero, jauzika, ospa egin zuen. Hadesko zazpiek, kameraren garrantzi dokumentalaren jakitun, betikotasunerako eskaini zizkioten beren erromatar profil nobleak, beren domina, moneta, kameu, bustoko sudur akatsgabeak. Era berean, euli berdeak azaldu ziren, Tegetusek esku zartaka uxatu nahi izan zituenak, baina alferrik.

        — Nondik ateratzen ote da horrenbeste euli, Nonia Imenea? —marmar egin zuen—. Hemen ez da eulirik.

        — Etxeaz jabetu dira, eta ez dut ulertzen nondik norakoak ditugun euli zikin hauek.

        Deabruek Beeltzebulengan, Eulien Jaunarengan, josi zituzten begi gaitzesleak. Higuin zituzten, gogaikarri eta nazkagarriak, eta mila bidez baliatu ziren euli alu haietatik libratzeko, baina alfer-alferrik, hantxe jarraitzen zuten burrunbaka inguruan.

        — Eulia da —aldarrikatu zuen Beeltzebulek, guztien harriduraren aurrean— gizakiaren lagunik onena —eta milikeria lotsatiz, Publiusen xerraren gainean pausatutako bat apartatu zuen.

        — Originala iritzia, sukaldaritzako maisu batena izateko —azaldu zuen Noniak, eta gehitu zuen, hasperen sakon batez belarritakoei tintin eginaraziz—: izugarri gustatzen zait originaltasuna.

        Tegetus nahastu egin zuen bitxikeria horrek. Ezin zituen lekutu kanpotarrak. Zuziak aurretik zituela aldentzen zen bitartean, samintasunez aitortu zion bere buruari artean asko falta zitzaiola patrizioa izateko. Agian bere semeek lortuko zuten. Agian eurek erabiliko zutekeen Quieta Fulviaren hizkuntza arkaikoa eta edukiko euliekin adiskidetasun zintzoa.

        Egunak luzatuz zihoazen, eta Asmodeok irteteari utzi zion. Jada ez zioten atseginik ematen putetxeek. Hauetan zebilen jendea oso trebetasun urrikoa zen eta, ondorioz, batere taxurik gabe erreproduzitzen zituzten zegozkien konbinazio zorrotzak. Deabrua imitatzeko orrazten zituen dote plastikoez baliatzea erabaki zuen logura astintzeko, eta, hala, Luziferren estatua moldeatzea pentsatu zuen. Hau laster hartaratu zen, bere handipuzkeria ezkutatu gabe. Lorategirantz eta bertako paboi zuri handietarantz irekitako exedran gauzatu zuten lana. Diban batean egokitu zuten Fulvia hipnotikoa; Leviatanek, alferkeriaz, «Ponpeiaren azken egunak» lehen liburuki higuingarria berriro hartu eta ozenki irakurtzeari ekin zion; Satan eta Beeltzebul dama-jokoan ari ziren, «ludus lutrunculorum»etan. Asmodeok fauno dantzari bat lortu nahi zuen, eta horretarako Luziferrek zegokion ohiko itxura hartu zuen. Artistak apatxak kendu zizkion, hanka finez ordezkatuz; isatsa laburtu zion; besoak kurbatu zizkion; hanka bat aurreratu zion; erritmo alai eta sentsuala eman zion gorputz miresgarri horri. Ferekatuko balu bezala zizelatzen zuen. Eta lana definituz joan zen, Leviatanen inbidiarako, izan ere honek landako erdijainkoaren eredutzat balio nahiko zukeen, krokodilo-burua bazeukan ere. Kamerak jo eta ke ziharduen koloma artean. Honen argazkiak aztertzean, Satanek kexuak errepikatu zituen:

        — Alderdikeria nabaria da. Beti ondo azaltzen dena Luzifer da. Begira biezadate niri! Hau espresioa! Hauek betileak! Makina honek, edo amore eman du eroskeriaren aurrean, edo bista arazoak dauzka. Monokulua erabili beharko luke.

        Arratsalde batez, eskultura-lanean eta irakurketan ziharduten, Nonia nebarengana joana zela aprobetxatuz, ezusteko galanta jasan zutenean, ze ia-ia harrapatu baitzituen esklabo beltzetako batek. Segundoak eduki zituzten Luziferrek toga jantzi eta Zesar-aurpegia har zezan, eta liburu salatzailea, bat-batean, hauts bihurtzeko. Zerbitzariak bisita iragartzen zuela entzun zuten. Honen izena letreiatu zuen, afrikar segurtasun-gabeziaz:

        — Marcus Molochius Potenter.

        Ez zekiten exedrakoek nor izan zitekeen, ze ez baitzeukaten harremanik Napoliko golkoan eta Campania guztian. Bururatu zitzaien, agian Mammonen bidaliren bat izango zela, aztertzea komeniko zen zekenen bat seguraski, eta sartzeko agindua eman zuten. Aurrez, beren prestidigitazioak bat-batean desagertarazitako nobela ingelesaz mintzatu ziren.

        — Desarger dadila in aeternum —agindu zuen Luziferrek—. Esan diezaiogun agur kategoriko bat Lord Lyttoni. Ni gogaitu egiten nau eta.

        Ni urduri jartzen nau eta ez dit lanean uzten —gaitzetsi zuen Asmodeok.

        Horrela aienatu ziren, betiereko erbestera bidean, «Ponpeiaren azken egunak», ezezaguna kolomen artean sartzen zen bitartean.

        Mozorro artikulatua zeukan arren, berehalaxe hauteman zuten nor zen, eta ondorioz baita Mammonen izenean ez zetorrela ere. Erromatar fisiko faltsuaren gainean nagusitzen ziren zekor hazpegiek saltzen zuten. Molok zen, Infernuko Kontseiluko kidea. Iragaitzaz aurkituko zela Ponpeian suposatu zuten, amondarren herrialdetik bueltan, bertan gurtza berezia eskaini eta haurrak sakrifikatzen baitzizkioten, eta abegi onezko harrera egin zioten, Deabru Nagusiaren kutunkeriaz gozatzen zuen laguna zelako. Falerno kopa bat atera zioten eta piku erretilu bat jatera gonbidatu zuten, baina laster desengainatu zituen bisitariak, ze honek errefusatu egin baitzituen gonbidapenak. Eseri ere egin gabe, behi burutzarra kulunkari, togak nahaspilatzen zuela, esan zien:

        — Gorentasunok, Deabru Jaunak bidali nau. Bere Maiestateak jakinarazten die, nire bidez, zegokien birari ekin zienetik, ezein unetan ez diola utzi, Berorien Gorentasunen gainean zelata zehatza eta mehatza egiteari. Deabruak berak hain informazio-zerbitzu bikaina antolatu zuen, ze ezta zeuok ere, batzuk ondo maltzurrak zareten arren, ez baitzarete gauza izan ikertzaile erneek laguntzen zintuztela susmatzeko. Ikustezinentzat ikustezin diren izaki ikustezinen jeinuzko asmakariak, bide eman dio Bere Maiestateari jakinaren gainean egoteko, etengabe, dagokien misioaren garapenaren inguruan. Halabaina, eta hau da ni hemen egotearen arrazoia, Deabru Jaunak bere atsekabea adierazteko agindu dit. Haren iritzi eztabaidaezina da, berorien lanaren bigarren etapa oso gaizki doala. Berorien Gorentasunek denbora alferrik galdu dute. Atzeratu egin dira hemen, jaten, edaten, potro-jorran, putetxeetan eta irakurketa zirtziletan entretenituz. Gure nagusiaren haserrean erori nahi ez badute, jakinarazten zaie moldatu eta ibil daitezela erne. Gogoratu Bere Maiestateak ez zituela bidali Lurrera dibertitzera, lan egitera baizik.

        Hau esan ondoren, eta erantzuteko edo ateraino laguntzeko aukerarik eman gabe, demonio zekorra etorritako bidetik joan zen, mesprezuz marru egin, eta argitzalean aienatu zen.

        Zazpi Bekatuen buruzagiak, estu, ez atzera eta ez aurrera, hotz geratu ziren, udamina zen arren, albisteen zorroztasunaren aurrean. Nor zela uste ote zuen Molok honek, beraiei honela hitz egiteko? Hor konpon bera, bere amondarrekin eta bere zekor mozorrotu itxurarekin! Nola! Zelatatu egiten al zituzten ba printzeak? Zertarako balio zuten beren foruek, beren zerbitzuek deabruzko kausarako? Ez al zen izan ba akatsik gabea Tiffaugesko abentura? Ingurunea begiztatu zuten, mesfidati; muturreraino zorroztu zuten beren sentikortasun sentibera, eta ez zuten ezer atzeman. Aske zeudelakoan eta setiatuak zeuden. Orduan Satanek, haserre, lizunkeriarenari aurre egin zion:

        — Delitua (deliturik badago) hein handi batean Berorren Gorentasunaren gain erortzen da. Zerk eragin zion putetxeetan barna ibiltzera, bere funtzio diplomatikoaren kaltetan? Emagalduen eta proxeneten artean olgetan gozatzen zen, zalantzarik gabe, irudi erotikoak erakusten zizkiela. Oso gaizki! Errege-hitzak errepikatzen dizkiot: hau ez da plazer-bidaia, azterketa eta lan-bidaia baizik.

        — Nik ez nuen egin neure gauzez arduratzea besterik, Infernuan, neure zuzendaritza nagusia utzi ez banu bezala.

        — Irakurketei buruz —esan zuen Leviatanek—, guri dagokigunaz egoki instruitu badute, Deabrua, jakinaren gainean egongo da gozamen iturri ez, baizik aharrausi eta gogaitasun iturri izan direla. Martirizatu egin gara irakurtzen, hobekuntza izpiritualaren mesedetan. Eta jakinaren gainean egongo da, noski, Lord Lyttonengandik betiko agurtu garela.

        — Betiko! —lasaitu zen Beeltzebulen oihartzuna—. Eta beude ziur nik pertzen aurrean betileak erre banituen, demonioak ogiz bakarrik bizi ez direlako izan dela, baizik, hain zuzen, hauen gozotasun goreneko izaera bikainagatik.

        — Gutxienez —gogoeta egin zuen Luziferrek—, Deabru Jaunak ez zion kritikarik formulatu Thouarsko Madameren kasuan jarraitutako prozedurari.

        — Goraipatu ere ez zuen egin —esan zuen Almiranteak—. Hortik ateratzen dut bekaizkeriak, nire Bekaizkeriak, jarraitzaileak irabazten dituela Pandemoniumean, eta honek, normala denez, izugarrizko atsegina ematen dit.

        — Zertan segi hizketan eta geure buruak zuritzen? —laburbildu zuen harroak—. Errudun bakarra Mammon dela da kontua. Honen aurrezpen tontoek, honen zekenkeria basatiak, eragin dute gure geldialdia. Begetatzen gaude, azaburuak iduri, noiz mugituko den zain. Ez dugu izango kalera irten eta astindu bat ematea beste erremediorik, harik eta bere eginbeharra bete dezan arte.

        Deitu baliote bezala, Parko Mammonio azaldu zen. Gardentasunaren muga harrapatzen zuten haren zarpailek eta haren argaltasunak, baina zekarren umore ona ere nabaria zen. Esku hezurtsuak igurtzi zituen.

        — Agur, printzeok! —oihu egin zuen, dentistarik ezagutu ez zuten betortzak erakutsiz—. Liluratuta aurkituko zirela uste nuen, «Ponpeiaren azken egunak» irakurtzen.

        — Pikutara irakurketa, eta kito! —eten zuen Asmodeoren zakartasunak, eta Riminiko Francescaren bertso ospetsua aipatu zuen: «Quel giorno più non vi leggemo avante».

        — Berorren Gorentasunak poza agertzen du —orro egin zuen Satanek—. Zalantza gabe, azkenean horratio aurkitu duela bere gezien itu bekataria esatera etorriko zaigu.

        — Ez, oraindik ez. Baina, ez da asko falta. Halere...

        Eta patxadatsuak bere poztasunaren zergatia azaldu zien. Foroan, eroritako kapitel baten gainean eserita eguzkia hartuz ibiltariak aztertzen ari zela, eskaletzat jo omen zuten. Txanpon zaparrada erori omen zitzaion inguruan, eta, jakina, berak bildu egin zituen. Bere uzta irauli zuen peristiloan, kontua jarriz ezeinek pirikan ihes egin ez zekion, eta Zesareen irudiak erakusten zituzten piezak haztatuz gozatu zuen.

        Horrek bere onetik atera zuen Satan. Haserretzen zenean, beldurgarria zen.

        — Berorren Gorentasunak —orro egin zuen— bila dabilenaren aurkako froga erakusten digu, hots, karitatearen testigantza, eta horrek poza ematen dio! Berorren Gorentasunak, bizio apal bategatik bertan behera uzten du gomendatu zaion misioa!

        — Jakinduriak —esan zuen Mammonek— onuragarria atsegingarriarekin lotzen erakusten digu.

        Besteek bat egin zuten Satanekin eta iskanbila izugarria sortu zen. Bultza egin zioten zekenari, kolpatzera balihoaz bezala; Leviatanek zalaparta aprobetxatu zuen belarrian kosk egiteko, eta astrapaladan, ahots saminduz, besoekin aurpegia estaltzen zuela, arloteak erostatu zuen:

        — Gorentasunok, Gorentasunok! Mesedez!, lasai! Bide bat dago, bide bakarra, ponpeiar zekenkeria argitara ateratzeko... baina hain da garestia... hain kontrajarria nire filosofiarekiko... ze orain arte ez naiz ausartu Beroriei proposatzera...

        — Azal beza lehenbailehen —mehatxatu zuen Luziferrek.

        — Oraindik ez. Neurri zorrotzegia da, prezio garestiegia. Oraindik ez. Eman biezazkidate Berorien Gorentasunek bi egun. Arren ezkatzen diet. Bi egun, eta bitarte horretan beste modurik aurkitzen ez badut, orduan azalduko diet.

        Demonioek elkarri begiratu zioten. —Bale —amore eman zuen Satanek, gainerakoen izenean—, konforme. Baina ez dauzka Berorren Gorentasun Parko Mammoniok bi egun besterik. Ultimatuma da.

        Akordioak nerbio-distentsioa eragin zuen. Diogenes bere upelan bezala, Mammon etzandako suil izugarri baten barruan uzkurtu eta hantxe geratu zen belarria igurtziz eta kobreekin jolasean; Luziferrek Asmodeoren ia amaitutako kreazioak ezarritako jarrera hartu zuen berriro; honek bere buztina eta bere tresnak maneiatu zituen; Satan, berriz, bere burua baretzea lortu ez eta, exedran zehar oinkada luzeak emanez, atzera eta aurrera zebilen bitartean, deabruzko zelatari ikustezinen gainean hausnartzen hasi zen; Leviatan eta Beeltzebul, etzandako Quieta Fulvia, orain porfidozko irudi, orain hilobi etrusko edo Sokratesen busto bihurtuz kontsolatu ziren; eta kamera trebeak, azkenik, bere ostruka hanken gainean jauzi egin zuen, hilezkorrak fotografikoki hilezkortzeko.

        Idatzita zegoen, hura ustekabeen arratsaldea izango zela. Barealdia egina zen izpirituen jaun eta jabe, bakegile handia den artearen atmosfera duinari esker, denek beren zereginak utzi eta guztiek batera buruak altxatu zituztenean, ze lorategian hegada leun bat entzuten baitzen. Naturaz gaindiko begiz zeharkatu zuten gizateria traketsak debekatua daukan lurraldea, eta Superunda sirena atzeman zuten, hau lurreratzen ari baitzen, tximeleta hegoek eusten ziotela, eta umea besoan zuela. Malko lodiz bustiak zeuzkan masaila leunak. Korrika joan ziren harengana Herkulano bidean utzitako zamariei okerren bat gertatu ote zitzaien beldur, baina laster jakin zuten zinkurin horren arrazoia esklusiboki pertsonala zela.

        — Jaunok —esan zuen negar-zotinka— arren eskatzen dizuet utz dezazuela Supernipal eta biok hemen gera gaitezen. Zin egiten dizuet ez dizuegula trabarik egingo. Salba nazazue, Deabruaren amodiogatik, zezen asiriarretik! Ez nau bakean uzten une batez ere. Erasoka dabilkit, miazkatu egiten nau, lerdea jariatzen dit, bere bizarrez ziztatzen nau, lizunkeriak proposatzen dizkit. Emaidazue laguntza! Tiffaugesko basoko balentria errepikatzen badu, ez dut ume bat garraiatu beharko, bi baizik (eta agian hiru) eta hori gehitxo da nire indarrentzat...

        — Onesten dut zure etorrera, Superunda —kontsolatu zuen Beeltzebulek—. Instala zaitez gurekin.

        — Ah ez! —debekatu zuen Asmodeok, sirenaren jabeak—. Sobera dakite higuin dudala familia erakundea, nire portaeraren eta nire idealen etsaia. Itzul zaitez... baina aurrena kontaiguzu, xehetasunak saihestu gabe, Asurbanipalek zurekin zer egin nahi duen. Horrek haserrea kendu eta itzalak haizatuko dizkigu.

        — Ez biezat hori eska, Gorentasuna. Itsusiegia da.

        — Ezer ez da itsusiegia arlo horretan. Dena den, zoaz...

        Gajoaren lantua areagotu egin zen, eta tripazainak Pandemoniumetik irten ziren unetik buruan jira eta bira zerabilkien ideia bat iradoki zion lizunkeriarenari:

        — Zer deritzo, Gorentasun horrek, gure garraiobideak trukatzea? Berori Asurbanipalen gainean joango da, hau lizuna eta urduria baita, eta ondorioz nire etengabeko liseriketa nahasten baitu, eta ni, berriz, sirena leunaren gainean joango naiz. Txoratu egiten naute umeek. Hauek azukrez asetzea gustatzen zait, nola gero eta gehiago eskatzen duten entzutea, eta etorkizunean tripontzi izateko nola prestatzen diren ikustea.

        Tramiteak luzatu gabe onartu zuen Asmodeok, eta Beeltzebul arrain aurpegiko bizardun txikiari barre eragiten ahalegindu zen, txokolatez lohituz eta euliak formazio aeronautikoan hegan egitera eta kiribilean amiltzera behartuz.

        — Euliak!, euli berdeak! —dardar egin zuen, bat-batean, Sa-tanek—. Horra hor zelatariak, traidoreak! Horiek etengabe atzetik datozkigu eta gertatzen zaigun guztia dakite. Euliak! —Eta, jauzi handiak eginez, tunikarekin intsektuen aurka eraso zuen.

        Lehen aldiz, galdu zuen pazientzia Beltzebulek. Egia da apostrofeak, kasualitatez, ez jatearekin kointziditu zuela.

        — Laga nire euliak! —farfuilatu zuen—. Ez diot uzten nire euliak uki ditzan! Euliak nireak dira! Nirekin datoz Deabruak printze koroa eman zidanetik! Eta zintzoak dira!

        Tripazainaren ezohiko tonuak baretu egin zuen Satan.

        — Bare bedi, Gorentasun Sataniko hori —esan zion Almiranteak—. Kontuan eduki beza, Molokek dioenez, zelatariak ikustezinak direla ikustezinentzat ere, eta Beeltzebulen euliak ikusi eta sentitu behintzat egiten ditugu.

        — Baita zopan ere! —bafatu zuen haserrearenak.

        — Bai, zopan ere bai —esan zuen Beeltzebulek—, honi zaporea ematen laguntzen baitute.

        Belfegorren tximinoak azaldu ziren arrapaladan, korroka, Noniaren itzulera iragartzeko, eta infernukoek estatua desagertarazi zuten, Luziferrek bere biluztasuna estaltzen zuen bitartean. Anderea arinkeriaz txartatua zetorren. Abestu egiten zuten haren zirgiloek, haren perla-sortek, haren eraztunek. Piku erretilua zekarren.

        — Espero dut —deklamatuz bezala hitz egin zuen— arratsaldeaz bakean gozatuko zenutela. Eguna bikaina jarri da. That is the question. Badiako airea arnastera irten behar zenukete. Hau da eulien emana!

        Quieta Fulviaren ondoan eseri zen, eta handik pikuak jaurti zizkien paumei. Gero, atsegin-oihuak eginez, Publius Cornelius Tegetusen azken erosketen miresgarritasunaren xehetasunak eman zituen andere tinkoaren aurrean, gainerakoei izugarri txarrak iruditu zitzaizkienak.

        Ilunabarra antzematen zen altzifreen artean eta esklaboek lanparak piztu zituzten. Supernipalek ezpainak erantsi zizkion Superundaren titipuntari. Nonia Imenea, oso dotore, Mammonengana biratu zen:

        — Zer hausnartzen du filosofoak? Zer deritzo ilunabar honi?

        Marraskilo baten modura, Parko Mammoniok buru soila azaldu zuen bere erbesteratu kupeletik:

        — Uste dut hobeto hautemango genukeela argiak itzaliko balira.

        Bi egun geroago, 79. urteko abuztuaren 19an, erabakitakora egokituz, zekena bere kideekin bildu zen Issusko batailaren zoladuraren inguruan; bertako mosaikoek arrain fantastiko baten ezkatek bezala distiratzen zuten, ilunabarraren argitan. Buru soilari eraginez, bere eraginkortasunik eza aitortu zuen:

        — Alfer-alferrik ahalegindu naiz. Bada zekenkeria, baina ezkutatu egiten da hiri hipokrita honetan. Zekenkeria honen altxorrak argitara atera beharra dago, azalarazi egin behar da, gizakiei lurreko metalak erauzten nik irakatsi diedan bezala. Bazter guztietan aurkitzen da eta ezeinetan ez. Erregutzen diet, bada, Berorien Gorentasunei, luza dezatela nire epea.

        — Ez —erantzun zuen Satanek—, erabakitakoa erabakita dago. Berorren Gorentasunak, orain hurrengoan, bide drastiko bat aipatu zuen zekenkeria aurkitzeko. Besterik ez dagoenez, hori aplikatuko dugu.

        — Drastikoa eta garestia.

        — Kostua da gutxienekoa, hori Deabruaren kontura doa eta. Axola duena lokazti honetatik irtetea da, eta bidaiari jarraitzea.

        — Zuena izango da erantzukizuna.

        — Partekatu egingo dugu.

        Mammon bere baitan bildu zen minutu batez, eta ahots mehez esan zuen:

        — Orain dela hamasei urte lurrikara izan zen eskualde honetan. Biztanleek jainko olinpikoei eta erraldoiei atxeki zioten. Arrazoi poetikoak dira. Luze analizatu dut fenomenoa, eta ondorioztatu dut seismoaren kausa estertore bolkaniko bat izan zela. Vesuviok, lurpetik, bere gorroto zaharrak askatu zituen. Baina, nik proposatzen dudana zera da, geure indarrak elkartuz, eragin dezagula antzeko zerbait, baina arinagoa, askoz ere arinagoa. Hitz batean, eman diezaiegula susto bat ponpeiarrei, hondamendirik eragin gabe; mesedez, ez dadila ezer hautsi edo galdu. Joka dezagun bazar japoniar batean aurkituko bagina bezala. Lurzorua leun-leun astintzera mugatuko gara. Izuak bizilagunak etxeetatik ihes egitera behartuko ditu. Orduan erakutsiko dute benetako aurpegia, beldurrak biluzten duen aurpegia eta luxu eskuzabalaren irudipean ezkutatzen dutena. Izu-eszenak gertatuko dira. Arinak eta laburrak izango badira ere, konbultsio neurtuek bide emango dute beren ondasun materialak bizitzaren gainetik jartzen dituztenak, sala daitezen. Beren idoloak utziko dituzte, beren penateak zapuztuko dituzte, eta beren aberastasunak salbatuko. Berehalaxe etorriko da baretasuna, baina salatuak izango dituzte beren buruak. Baliteke bakarren batzuk, gutxi, gutxi-gutxi batzuk, nahasketan hiltzea. Ez dira horiek bakarrik izango Infernuko Jaunari holokaustoan eskainiko dizkiogunak, baizik baita gainerakoak ere, beren orduak joko duenean, estigma kontserbatu egingo baitute. Ni, pertsonalki, prozeduraren aurka nago. Niretzat, zekenkeria bertute bat da, ordenaren ama da, lasaitasun ekonomikoaren amona, aginpide neurtu eta zorrotzaren birramona. Baina nire ideiak aplikatuko balira, hori deabruzko probintzien aurrerapen demografikoaren aurka letorke, eta nire zuzendaritza orokorraren prestigioaren kontra ere bai, noski. Etsi eta onartu egiten dut, beraz. Infernuak zekenak behar dituenez bere administrazioa indartzeko, zekenak lortuko dizkiogu. Eta zainak ematen dit Ponpeian asko izango direla.

        — Bejondeiola, Gorentasuna! Merezi zuen itxaroteak! —goraipatu zuen Luziferrek, zintzotasunez, eta beste horrenbeste egin zuten gainerakoek.

        — Zorionak, Gorentasun hori! Bikaina da plana! —erantsi zuen Satanek—. Gustatu egiten zait, muskuluak eta birikak erabiltzeko abagunea eskaintzen baitigu, horrenbeste denboraz alferrik sorgortu ondoren. Ikuskizun bat prestatuko dugu, gimnasi eta kirol emanaldi bat. Bihar bertan igoko gara Vesuviora, eta segituan, uzta biltzera.

        — Bai, baina neurriz, samurkiro, zainduz, babestuz, gehiegikeriarik egin gabe. Astindu arin batzuk besterik ez...

        Urrutira, Vesuviok bere ahots itzalia entzunarazi zuen, eta kristalen tintin hotsak kontserbatu zuen etxearen barruan.

        — Sumendiak entzun egin digu —adierazi zuen Leviatanek—. Gutarra da.

        Aparra atera zuen Beeltzeburen xanpainak. Nonia Imeneak, iskanbilak erakarrita, Zesarren gorteko edari hipotetikoa dastatu zuen, doministiku egin eta esan zuen zenbait anfora eskatuko zituela Erromara.

        — Kostako zaio aurkitzea —esan zuen tripazainak—. Urriak dira. Lortzen badituzu, atera izoztua.

        — Bihar goaz, anderea —adierazi zion Asmodeok—. Aurkitu dugu bila genbiltzana, zer den oraindik esan ezin badizugu ere.

        Noniak protesta egin zuen. Ohitu egin zen horrenbestezko ozpez janzten zutenak etxean edukitzera. Hain zuzen, festa handi bat emateko asmotan zebilen. Ez al zuten luzatuko beren egonaldia ordura arte? Zu ere joan egingo al zara? —eta betazalak biratu zituen Beeltzebul lotsatiarengana.

        — Baita bera ere. Baina ikusiko dugu elkar —esan zuen demonioak—. Aurrez, ordea, gure esker onaren agiri bat utzi nahi dizugu.

        Asmodeo logelarantz aldendu zen; faunoaren estatua gauzatu zuen han; besarkatu egin zuen limurkeriaz, eta horrekin, buztin grisa gogortu eta brontze argitsu bilakatu zen. Bere zama estetikoarekin itzuli zen, eta Nonia txunditu egin zen, harriduraz eta esker onez, honen edertasunaren aurrean:

        — Nire neba Publius Corneliusek daukan guztia baino hobea da! Bekaizkeriaz berde jarriko da.

        — Eta oso ederki egingo du —esan zuen Almiranteak.

        — Quieta Fulviak —amaitu zuen lizunak— atzo eskuratu zuen, merkatari greziar batengandik.

        — Ez dago ezer hoberik Ponpeian. Implubiumean jartzeko aginduko dut.

        Esklaboei deitu zien. Hauek eskultura altxatu zuten; sartu ziren urmaeleko uretan, eta erdi-erdian jarri zuten estatua. Dir-dir egiten zuen, graziaz, liraintasunez, sentsualitatez, lotoen artean.

        — Hori da faunoa!, hori da gizona! —goratu zuen Noniak.

        — Ereduak —esan zuen Luziferrek, arranditsu— gorputz miresgarria behar zuen eduki.

        — Grezian bakarrik sortzen dira honelako gorputzak.

        — Ez Grezian bakarrik, ene anderea.

        Arrain adobo fabrikatzailearen arreba Quinta Fulvia patrizioarengana hurbildu zen, zeina bere beltzek aireztatzen zuten, eta muin eman zion eskuinean.

        — Hain odol noblea daramanaren mailakoa da oparia —urruma egin zuen andereak, eta Belfegor korroka egitera mugatu zen—. Harritzekoa da Publiusek ez ikusia zuek baino lehen. Badakit etxe hau —iragarri zuen, bere profeta dohaina noraino iristen zen neurtu gabe— «Faunoaren Etxea» deituko dela aurrerantzean.

        Fotografiak ateratzeko makinak finkatu egin zuen eszena ederra.

        Egunsentian, Ponpeia lo zegoela, eta oilarren etxeko tronpeteoak apenas hausten zuen isiltasunean zetzala, ze artean ez baitziren entzuten lehen bianda eramaileen oihuak, demonioak impluviumean bildu ziren, Faunoak bere dantza geldiari eutsi eta, besoak luzatuz, eguzkiari deitzen zion aretoan. Gainean, izarrak ezkutatzen ziren, eta zurbiltasun herabe bat zirriborratzen zen zerutar laukizuzenean. Infernukoek zegozkien ohiko bildukiak jantzi zituzten; Luzifer biluziak nagiak atera zituen, togatik aske; Almiranteak bere kondekorazioak leundu zituen; tximinoek, eurek zeramatzaten andetan etzan zuten Belfegor; Beeltzebul sirenaren bizkarrean kokatu zen; zabaldu zituzten hegoak eta, alegiazko andana, Vesuvioren handitasunerantz hegatu zen. Honen kono moztutik, txistu misteriotsuz, beren zamariei deitu zieten, eta hauek bat-batean bildu zitzaizkien. Igo ziren gainera eta sumendiari bira eman zioten, honen barrutik lurrin koloma mehe batek ihes egiten zuen. Badiak, behean, bere zirkuluerdian inguratzen zuen, Misenumdik Minervaren tontorreraino. Napoli bikaina, Herkulano txikia, Ponpeia familiarra, Stabia begiztatu zituzten. Baserrietan ke arinak hasi ziren ezbaian.

        — Ekin diezaiogun lanari! —esan zuen, bozkarioz, Luziferrek.

        Zelak kendu, Belfegor harkaitz mutur batean utzi eta estrategia militarrez kraterra inguratu zuten. Gero, denak batera, puzka hasi ziren.

        — Poliki, Gorentasunok, poliki! —erregutu zuen Mammonek.

        Obedituz, hari baitzegokion maniobra zuzentzea, beren bulkadak frenatu zituzten. Dardarizo batzuk izan ziren beren sari bakarra. Populazioetan jendea pilatu zen mendia arakatuz. Eztabaidatu, zalantza egiten zuten zerua seinalatuz.

        — Aski izango dela uste dut honenbestez —gomendatu zuen txanpon-kontatzaileak—. Itxaro iezadazue hemen. Jaitsi egingo naiz, ondorioak egiaztatzeko.

        Utzi egin zituen, eta besteek beren eszeptizismoa elkartrukatu zuten.

        — Gutxi da —esan zuten amorru bizian—; honela porrotera goaz. Itzultzen denean, baietz hauspoak indartu beharra izan!

        Hiru eguneko barealdia igaro zen haren arrastorik gabe. Dirdir egiten zuen atmosferan Apoloren suzko gurdiak, eta honen aurigak harriduraz behatu zituen. Bien bitartean, Vesuvio miauka ari zen, izugarrizko katarra iduri. Beeltzebulek belarria doitu zuen:

        — Txoriak isildu egin dira; txakurrek zaunkaz dihardute; idiek marruka ari dira.

        — Ukuiluetan —esan zuen Almiranteak, kataloxaren atzean— urduritzen ari dira animaliak.

        — Hutsaren hurrengo zantzuak. Ezer ez —laburtu zuen Satanek—. Geure energia betera jo beharko dugu, hau ustel aterako ez bada.

        Zekena itzuli bezain laster, irakurri zuten frustrazioa haren aurpegian. Itsusiagoa, arloteagoa, inoiz baino zarpailagoa zirudien.

        — Berrekin beharra dago —xuxurlatu zuen.

        Eztanda egin zuen Satanen amorruak:

        — Berorren Gorentasunak, bere txepelkeria arloteaz, porrotera garamatza! Hau ez dugu onartuko! Oraintxetik, neu egingo naiz operazio honen arduradun! Berorren Gorentasunak landu zuen ideia; guk jakingo dugu nola burutu. Printzeok —gehitu zuen, gainerakoei aurpegi emanez—, ahalegin bateratu eta erabatekoa exijitzen dut. Bakoitzak daukan ahalmen guztia jarriz lagundu beharko du.

        — Erregutzen diet —zinkurinatu zuen Mammonek— eztitasunez...

        Bazterrera bultzatu zuen ernegatuak:

        — Belfegor esnatu beharko dugu. Eskura biezagu, Berorren Gorentasun Beeltzebul, txarro bat ur.

        Gastronomoak ontzi zilarkara bat sortu zuen, polita, banketeetan hatzak bustitzeko erabiltzen diren horietakoa, bertan bi arrosa petalok flotatzen zuten.

        — Eta petalo horiek?

        — Dekorazioa.

        — Ba!

        Satan, katilua hartu eta, bere dortoka oskolean uzkurtuta lo zetzan andre handiarenganaino hurbildu zen eta, keinu azkarrez, aurpegia bainatu zion. Belfegor garrasi egin eta astin-askin egin zen; gero, poliki-poliki, berriro uzkurtuta jarri zen.

        — Ezagutzen dut hautamen egokiagoa —esan zuen Asmodeok—. Betoz hona, Gorentasunak. Ekar bezate Loti Ederra.

        Espazio lau bateraino eraman zituen, balkoi-forman amildegirantz azaltzen zen plataforma, eta biran eserarazi zituen. Belfegorri txinpantzeek eusten zioten. Lizunak bere ahur mehen artean belar ilun batzuk bildu eta zigarroa egin zuen. Zupada bat eman, eta hurbilenekoari eskaini zion. Honela, zigarroak eskuz esku zirkulatu zuen, azalgorrien pipa bailitzen. Belfegor txilibitua jotzera behartu zuten. Asmodeok bigarren, hirugarren, laugarren zigarroa piztu zuen, eta bata bestearen segidan erre zituzten, begiak satinatzen zitzaizkien bitartean. Era bitxian, artisau-lanezko idunekoak atera zitzaizkien.

        — Tira, Gorentasuna —eskatu zion oso pozik Asmodeok Belfegorri—, lan egin beharra dago. Lagun biezagu.

        Agondu egin zen nagia; azken zurrunga egin zuen; beso zurrunak lasatu zituen; eta bere kideen atzetik joan zen. Esmeralden kolore ederreko beren irisek txinpartak jaurti zituzten.

        — Orain —agindu zuen Satanek—, puztera!, puztera denok!

        Airez bete zituzten birikak, luzatu egin ziren, erraldoitzeraino hazi zuten beren proportzio puztua.

        — Gehiago, gehiago! —agindu zuen demonioak.

        Garatu egin ziren, ugaldu egin ziren. Kraterraren inguruan zeuden, eta hau sutontzia bailitzen zabaldu zen, eta pilatuz, sendotuz, lodituz segitu zuten. Babelak ziren, titanak ziren, kolosoak ziren, Atlas ziren, Polifemo ziren, sekulako munstroak ziren eta, urrutira, sutontzia uzkurtu egin zen, sugeldo txikian metamorfoseatu zen.

        — Putz egin dezagun, Gorentasunok!

        Elkarri eman zizkioten esku izugarriak, arnasa hartu, arnasa bota, eta erronda baten bertigoa dantzatu zuten. Hegan egin zuten, atzean, beren zamariek; baita euliek ere, izugarriak, behiak bezain handiak; eta fotografiak ateratzeko makina bihurrikatu egin zen airean, historiaurreko hegaztia bailitzen. Arnasotsen artean zart egin zuen «Gazteria Demonisten Martxaren» loriak. Iskanbilak amorratzen segitzen zuen.

        — Bat, bi eta hiru! Putz egin beza ganora handiagoz, Mammon Gorentasuna!

        Arnasestuka eta jauzika jira eta bira zebiltzan. Asmodeoren zigarroen efektu bizigarria, erogarria, bistakoa zen.

        — Oraingo honetan —esan zuen eztarria urratu beharrean Leviatanek— ponpeiarrek ikusiak izango dituzte erraldoiak!

        Beren kanpaina oparo saritua izan zen. Beren oinetan, sumendiak ahotzar beltza zabaldu zuen, apo izugarria iduri, eta sua eta sarra bota zituen. Trumoi ikarragarri bat lehertu zen; harri, harrikozkor, zokor zaparrada ari zuen; zeruko urjauziak urratu ziren; lokatz mordoa erori zen Herkulanoren gainera; Ponpeiaren gainera harkozkor eta errautsak barra-barra erori ziren. Irakiten zegoen Mediterraneoa. Arratsaldea ilundu egin zen, beldurtuta, eta tximista eta oinaztargiek zigortu zuten honen alarguntasuna. Kraterrak botatzen zituen distira eta sugar amorratuek deabruzko itzal higikorrak proiektatu zituzten, han-hemenka argituz, fokatze azkarrez, hegodun mendizerra taupakaria; Luziferren gorputz-enborra eta diamantedun koroa; Satanen koraza gorria eta ile gorria; Asmodeoren txerri-muturra; Leviatanen krokodilo-ahutzak; Mammonen eskeletoa eta zarpailak, kolpatua, negar-zotinka; Belfegorren dortoka-oskola, ziklope baten ezkutua bezain handia.

        — Bizkorrago!, bizkorrago!

        Arnasestuka segitzen zuten, itzulipurdiak egiteari utzi gabe. Burrunba egiten zuten deskarga elektrikoek, eta tximistak loratzen ziren, itsugarri.

        — La vie est belle! Sursum corda! —ulu egin zuen Asmodeok, eromenezko dantza eten gabe, eta bitartean Luziferrek, ebanozko zetroaz, sutzar garailea kitzikatu zuen, horren batere premiarik ez bazeukan ere.

        — Ikas dezatela zelatariek! —orro egin zuen Satanek—. Doazela orain esamesekin Deabruarengana!

        Dorreak bezala amildu ziren. Beren onera itzultzean, Vesuvioren sugarrak zuzi kimeriko bat bezala bihurritzen zirela atzeman zuten, eta ez zela baretzen erupzioaren galda. Orduan jaisteko prestatu ziren. Garaiera galdu zuten, ohikora murrizteraino, eta hegadari ekitera zihoazela, bekaiztiak geldiarazi zituen.

        — Ez al litzateke egoki izango jainko olinpikoen itxura arranditsua hartuko bagenu? Txandrio bat egingo genioke hauen haluzinazio absurduari. Non daude? Zertarako balio dute, poemak apaintzeko ez bada? Nik, Feboz kanpo, ez ditut begiak inorengan pausatu. Orain horrenbeste orazio eta sakrifiziori erantzuteko txanda tokatuko litzaieke, baina seguraski, beti bezala, beren eliseo zelaietan, amodioaren ika-mikan ibiliko dira. Gu konparaziorik gabe formalagoak gara, trebeagoak.

        Bikaina iruditu zitzaien ideia, mozorrotu beharra baitzegoen, eta hala, demonioek, Jupiter, Venus, Juno, Apolo, Marte eta Bako, teatralki interpretatzen zituztela, Ponpeiako iskanbilan aurkeztu ziren. Hau izugarria zen. Herkulanok ez bezala, hango populazio gehienak ihesari eman baitzion, honen ondokoa bere seme-alaben hondamendiaren lekuko izan zen. Nonahi, izu-eszenak errepikatzen ziren, eta ia kasu guztietan, pozarren sasijankoek egiaztatu zuten, beren amaiera beldurgarria zekenkeriari zor zitzaola. Isisen apaiza Ugaritasunaren bidean eroria zen sestertzioen eta nummus aureus inperialen zakuen pisuak menperatuta; Pansa aristokratikoak, Bakoren estatua eta Satiroa ez uzteagatik hil ziren; Caius Salustiusen andrea, urrezko ispilua salbatzeagatik; Publius Cornelius Tegetus, bere brontzezko efeboa ez askatzeagatik; Nonia Imenea bere hamar iduneko trinkoek, kopetaren gainean pilatutako bere diademek, bere azkazalak barruratu zireneko kutxak arrastatua erori zen; ardo merkatariaren andreak eta alabak, urrez estalita, anforen upategian eman zuten azken arnasa. Kaleetara irtetea lortu zuten askok, zintzel fineko konketak, zilarrezko busto bat, alabastrozko lurrinontzi bat garraiatuz, lurrin sufretsu hilgarriak arnastean eman zuten bizia. Eta bizirik irtendakoen artean, bat-batean, linterna magiko batek proiektatuak bezala, zazpi jainko estatikoak azaltzen ziren, eta hauei arrakastarik gabe erregutzen zieten, harik eta ikuskizunak zinematografiako erritmo geldoa hartzen zuen arte, eta zazpiek buruei eragiten zieten ezezko biribila eginez.

        — Uzta ona —esan zion Satan-Neptunok Jupiter-Luziferri.

        — Idatz beza Berorren Gorentasunak —gehitu zuen Leviatan-Martek, Merkurio-Mammoni zuzentzen zitzaiola.

        — Bai —amore eman zuen zekenak—, baina nolako galerak!

        Honen begi atsekabetuek eszena ankerra biltzen zuten; teilatu puskatuak, koloma etzanak, estatua apurtuak. Zortzi metro errauts eta harkozkotik gora izan zen Ponpeiaren sepultura.

        — Eskua joan egin zaie, Gorentasunak —zinkurinatu zuen kaparekin masailak xukatuz.

        — Esan beza hobeto —barre-algara egin zuen Satanek— putz egitea joan zaigula.

        — Zer izan ote da nire brontzezko Faunoaz? —galdetu zuen Asmodeo-Venusek.

        — Nonia Imenea gaixoa! —kexatu zen Beeltzebul-Bako—. Hain zuen gogokoa!

        — Itzuliko da argitara —amets egin zuen Asmodeok—. Aterako dute lurpetik eta, Noniak berak iragarri zuen bezala, haren etxea «Faunoaren Etxea» izango da. Noniaz ez da oroituko inor.

        — Ni bai —protestatu zuen Beeltzebulek— ... hartaz... haren sukaldeaz...

        Ez zegoen beste zereginik. Halere, artean ordu batzuk igaro zituzten atzera eta aurrera, bataila-eremua, garaile korritzen duten buruzagiak bezala. Gladiadoreen koartelean kalitateko dama bat begiztatu zuten, erabat apaingarriztua, erdibiluzik, hilotz mirmidoien eta sarelarien hilgorpuen artean; eta hilobien bidean, berriz, hileta-bazkarian parte hartzen zuen familia zendu bat, bere heriotza ospatzen zuela burutik pasa ere egin gabe.

        — Azken hauek agonia hobea izan zuten —harritu zen sabelkeriarena.

        — Ai!, eskua joan zaigu! —esan zuen negar-zotinka Mammonek.

        — Ondo portatu gara zeken probintziar hauekin —kontsolatu zuen Luziferrek—; joatean, erraldoi eta jainko irudi bikainez gozatu dute. Sinestun superstiteak harrotu egingo dira.

        Txistu jo zieten zamariei, arropa paganoak erantzi, eta hegadari berrekin zioten. Goitik, oraindik okerragoa zen ikuskizuna. Ezabatuak ziren, Ponpeia, Herkulano, Oplontis, Tora, Sora, Taurania, Coussa, Leocopetra... Errauts hodeiek Erroma, Egipto harritu zituzten. Ihesi zihoazen, inurriak bezala, Napolirantz, itsasorantz, beren hezurrak eta beren azala nahiago izan zituztenak beren altxorrak baino.

        — Ez beza malkorik isuri, Gorentasun horrek —zaplada eman zion bizkarrean Satanek Mammoni—. Ziur nago gaur falta den gehienak museoetan amaituko duela.

        — Gaitzerdi! —poztu zen Beeltzebulen demokrazia—, herriarenak izango baitira, kasu horretan.

        — Eta Bere Gorentasun Mammonek —amaitu zuen haserrearenak— lan bikaina burutu zuen. Berorrena mailarik altueneko tentazioa izan da, dena denagatik jokatzen den horietakoa; aukera eman zuen, lapur klasikoaren antzera, poltsaren eta bizitzaren artean, eta Ponpeian asko izan ziren, beren kondenaziorako, poltsa nahiago izan zutenak.

        Konpasera eragiten zieten hegoei. Euliek palio burrunbaria ematen zieten, eta hauen azpian uzkurtu zen Belfegor, bere ohatze eramangarrian. Eztulka ito beharrean ari zen eta, txistua botaz bizarrak bustitzen zituen Supernipal umeak.

        — Zer gertatzen zaio? —galdetu zuen, arretatsu, tripazain nagusiak, itsaski eta alga usaina zerien sirenaren ileen gainean makurtuz.

        — Keagatik da —erantzun zion Superundak.

 

 

 

© M. Mújica Lainez

© itzulpenarena: Joxe Migel Esnaola

 

 

"M. Mújica Lainez / Zazpi demonioen bidaia" orrialde nagusia