Hiru

BIDAIA

 

        Berriro ohiko itxurara itzulirik, zegozkien garraiobideez arduratu ziren demonioak. Utzitako lekuan aurkitu zituzten. Grifoak, mauka-mauka, larrean ziharduen bake ederrean. Erdi arrano erdi lehoi bazen ere, erregimen begetarianoa nahiago zuen. Sugea, enbor batean kiribilduta, Edengo tentaldira jolasten zen, uhinduz eta ahalegin zirikatzailez txistu joz; apoa, berriz, apora jolasten zen bere buruarekin eta harri-kozkorrak harrapatzen zituen airean. Motoredun Ardilarruak, bakarti, etsipenez, nahasketarik gabeko erregaia oroitzen zuen. Asmodeo eta Beeltzebulen zamariek eskaintzen zuten nobedadea. Bistan geratu zen ninfaren eta zezenaren intimitateak fruitua eman zuela. Ernaldia, sirenen artean, ikusi zenez, oso azkarra da, ze gure sirenak titia ematen baitzion xeratsu, sirenatar gorpuzkera eta aitaren bizarrak eta sudur asiriarra zituen jaio berri bati.

        Zirkulu bat eratu zuten demonioek bikote maitalearen inguruan, eta erabaki zuten, umeak bidaia eurekin jarraitu behar zuenez, elikatze eskakizunengatik, izena ipiniko ziotela, eta aita Asurbanipal eta ama Superunda deitzen zirenez, Supernipal izena jarri zioten, imajinazioa gehiegi nekatu gabe. Beeltzebulek berehalaxe hartu zion xera, eta zezenak tartean sartu behar izan zuen eta baita mehatxatu ere ostikada bortitzez, lehen semeari kalte egitea eragozteko.

        Intermezzo idilikoak ez zituen distraitu ibiltariak zegokien funtsezko betebeharretik, eta irteteko prestatu ziren. Aurrez, Luziferrek gerorako gordetako ezustekoa erakutsi zien. Berekin eramana zuen Tiffaugesera, gordeta, fotografiak ateratzeko makina ibiltaria, zazpiak bertara joan zirenean, eta makinari bere kasa jokatzen utzi zion. Ondorioa, erakutsi zizkien zenbait erretratu izan ziren. Belfegor izan zen gehien gustatu zitzaizkiona, honentzat irudi haiek erabat ezezagunak baitziren.

        Zortzi piezak osatzen zuten bilduma: 1.) taldearen argazkia, basoan, Monsignore Belfega erdian eta anden gainean zela, denak mugituak bera izan ezik; 2.) Madame Katalinarena, iritsi ziren egunean, anemiak jota, triste, ohoreko dama gosekilen artean; 3.) Beeltzebulena, gosari oparoa banatzen; 4.) emakumezko pertsonaiena, geroxeago (polikromia biziagotu zen, eta laguntzen zuen musikak patetiko izateari utzi zion, arranditsu bihurtzeko); 5.) alabardariena, mastuka pasa eta armiarma-sareak kentzen zituztenekoa, hautsez betetako masak itotzen zituztela; 6.) Luziferrena, mintzatzen, klasea diktatzen duen irakaslea iduri; 7.) Luziferren beste bat, objektiboaren aurrean, irribarre zinematografikoaz (honek ukitua ematen zuen); 8.) ohoreko damena zartakoak hartzen, eta Madame Katalinak tronutik begiratzen zuela.

        — Ni behin bakarrik eta fokoz kanpo azaltzen naiz —haserretu zen Satan—, Berorren Gorentasuna hiru bider agertzen den bitartean, egiazki den baino ondotxoz hobeto.

        — Makinaren arazoa. Nik ez daukat inolako erantzukizunik. Bestalde, uste dut oso antzeko nagoela. Dena den... ez gaitezen sesioan hasi. Garrantzizkoa argazkiak edukitzea da. Berauekin album bat eratzea pentsatu dut, gure itzulerakoan Deabru Jaunari aurkezteko. Bira dokumentatuko dugu, turistek egin ohi duten bezala. Dagoneko badauzkagu hamaika irudi.

        Ideia onetsi egin zuten gainerakoek, nahiz eta erabaki zuten, Satanen iradokizunez, makinari edozein faboritismo saihestu eta independentziaz jokatu beharra zeukala jakinarazi behar zitzaiola.

        Berehalaxe, hegan ekin zioten, harro, astebetez lurrean ibili ondoren. Hegoak askatu zituzten. Sirenak Supernipal zeraman besoan, eta zezenak, tarteka-marteka, bere aitatasunezko harrotasunaren marrua egiten zuen. Behean biraka zebilen mundua kontinenteen diseinua, mendizerren gailurreria, itsasoen garbitasuna erakutsiz. Euliak euren atzetik joateko lehiatu ziren. Eta eurek, hauspoak betean, martxa demonista abestu zuten.

        — La vie est belle! —oihu egin zuen Asmodeok.

        Horretan, Deabruaren iratzargailua jotzen hasi zen. Zamariak frenatu zituzten airean. Erlojuak adierazi zien 79. urtean zeudela.

        — Zeraren ostekoa? —galdetu zuen Leviatanek.

        — Bai, ostekoa... —erantzun zuen Asmodeok—; zeraren ostean hasi ziren bekatua halakotzat hartzen.

        Mapak berri eman zien Napoliko golkoaren gaina gurutzatzen ari zirela. Lurreratzeari ekin zioten eta Vesuvioren itzal handia, badiaren gardentasuna abordatu zuten. Luziferrek kutxa japoniarrean sartu zuen atzaparra:

        — «Zekenkeria» —irakurri zuen—. Bere Gorentasun Mammonen txanda da; bekatu hau «txar guztien sustraitzat» definitzen du San Paulok.

        — Paulok exageratu egiten du —gorri-gorri egin zen demonio zekena—; haren goraipamena gehiegizkoa da.

        — Berorren Gorentasunari opa diot —jarraitu zuen harroak, gozatuz— nik bezainbesteko arrakasta lor dezala.

        — Hala espero dut. Baina baita operazioaren kostua handiegia ez izatea ere. Merke gauzatzen ahaleginduko naiz.

        Zamariak ezproiatu zituzten. Supernipal mainak egiten hasi zen, gose zelako, baina Superundak bere bular oparoaren emariaz kontsolatu zuen. Beheratuz joan ziren, planeatuz, itzulipurdi akrobatikoak entseiatuz. Eguzkiak dir-dir egiten zuen itsasoan.

        — Napoli... ez dut entzuten mandolinarik —gogoeta egin zuen Beeltzebulek, ahots ozenez.

        — Oraindik ez dira asmatu —esan zuen Leviatanek.

        — Orduan, honek, oker ez banago —galdetu zuen sabelkeriarenak— Inperio Erromatarraren parte osatzen al du?

        — Berorren Gorentasunak, adiskidea, azkartasun zorrotzez asmatu du —esan zuen Luziferrek.

        Ponpeiako ingurumarietan gelditu ziren.

 

 

 

© M. Mújica Lainez

© itzulpenarena: Joxe Migel Esnaola

 

 

"M. Mújica Lainez / Zazpi demonioen bidaia" orrialde nagusia