Bi

LUZIFER EDO HARROKERIA

 

        Zuhaitzez zuhaitz luzatzen ziren laino litsak, honela demonioek itzal espektralen artean mugitzen zirelako inpresioa —eurentzat ez batere berria— eduki zuten. Adarrarte zehaztugabeetatik zintzilik kulunkatzen ziren zenbait lekutan Amabirjinaren hariak eta beste zenbaitetan Deabruaren lerdeak deitzen dietenak, jendearen aldarte aldakorraren arabera eta, diotenez maitagarriek ehundu omen zituztenak, eta bidaiariak, pauso luze patxadatsuz aurreratzean, berauen farfail grisean trabatzen ziren. Udazkenak horiz tapizatzen zituen bideska erabaki gabeak, eta hauen gainean hostoak erori eta erori ari ziren. Zingira eta urmael ezkutuetatik, anfibioak, korrokari, negarti, elkarri deika ari ziren; tarteka-marteka, adar iharren bat askaten zen, hostotza zirudiena arrastatuz, eta orduan txori sorren hego zorrotzek lanbroa ebakitzen zuten. Zazpiek amets batean zehar bezala zamalkatzen zuten, hitzik esan gabe. Ardilarruaren gurpilak, grifoaren, tximinoen, apoaren eta zezenaren hankak, sirenaren eta sugearen buztanak, orbelezko alfonbran hondoratzen zirenean, apenas egiten zuten soineko luzeek gorteko korridoreetan zehar arrastatzean egiten dutenaren antzeko zurrumurru bat besterik. Eta haize leunak bere fir-fir fina ipintzen zuen edonon. Aurrean, oin-hotsa entzun zuten, eta bat-batean ikustezin bihurtu ziren. Nekazari bat zetorren, tipi-tapa, zuhaizti lausoan zehar.

        Luziferrek bere itxura agure batena bihurtu zuen eta ahots kraskatuz nekazariari galdetu zion:

        — Adiskide on, erruki zaitez bidea galduta dabilen erromes honetaz, eta esaidazu nora daraman bideska honek.

        — Agure on —eratzun zion besteak—, hemendik zuzen, legoa laurdenera, Tiffaugesko gaztelua aurkituko duzu, Maillezais elizbarrutian, baina ez dizut gomendatzen bertara joatea, leku madarikatua baita.

        — Hara daukat ba joan beharra.

        — Zoaz Jainkoarekin.

        Tapatzen zituela, demonioak hatz txikia eta erakuslea apuntatu eta gainerako hatzak bildu zituen:

        — Zoaz zeu harekin!

        Putz egin zuen eta gizona zitori bihurtu zen. Luziferrek oldarka, zar-zar, pixa egin zion gainean; gero zegokion itxura itzuli zion. Nekazariak bustialdia astindu zuen.

        — Zer moduz sentitzen zara, adiskide on?

        — Ez dakit, ba... busti-busti eginda.

        — Hurrena arte, adiskide on. Kontuz ibili ihintzarekin.

        — Hurrena arte, agure on.

        Honela banandu ziren, eta deabruzko maskuriaren emariaren hartzaile otzana aienatu bezain laster, gainerako sei ibiltariak eta hauen garraiobideak azaldu ziren berriro.

        — Entzun al dute Berorien Gorentasunek? —galdetu zuen Luziferrek.

        — Entzun dugu —erantzun zuen Asmodeok— eta oso ondo dakit zertaz den kontua. Gera gaitezen hemen eta Berorien Gorentasunei jakinaraziko diek.

        Basoko argiune batean gelditu ziren. Eguna hasia zen urratzen lausodurak ezabatuz. Hegaztiek txioka ekin zioten. Jiran eseri ziren demonioak, eta Satanek, kementsuenak, ezerk ez baitu konparaziorik hiraren dinamismoarekin, segundotan piztu zuen sua. Zazpiek zeukaten honen beharra, espazio sideraletako klimak izoztuta baitzeuden. Soropil zimelean lekutu baino lehen, beren zamariak askatu zituzten uztarritik: sugea grifoaren garondoan kiribildu zen, honek bazkatzeari eman baitzion; tximinoek hostotzan jauzika ekin zioten, intxaur berantiarren bila; apoa kasaka purpura eskuilatzen hasi zen, bere abestia batrakio senideenari gehituz; kurrinka geratu zen Ardilarruaren motore arlotea; eta sirena, berriz, zezenaren bizkar gainean jarri zen, Europa bertsio mitologikoetan bezala, eta zezenarekin batera ezkutatu zen sastraken babesean. Beeltzebul jatunak hondorik gabeko saskia ireki eta txokolate eta azukre gozoki batzuk banatu zituen inguruan. Orduan Asmodeok hasiera eman zion bere kontakizunari.

        — Agian gogoratuko dute beroriek, agian ez, orain Deabruari esker bizi dugunetik hiru urte atzera, hots, 1440an, Gilles Raisko Baroia, Brienneko Kondea, Laval, Pouzauges, Tiffauges, Machecoul, Champtocé eta beste hainbat lekutako jauna, Frantziako Mariskala, Bretainiako Teniente Jenerala, Karlos VIII.a Erregearen Kontseilaria eta Txanbelana, Nantesen exekutatua izan zela.

        — Gogoratuko ez dugu ba! —esan zuen, bekaizkeriaz, Leviatanek—: Gilles Raiskoa izan da Sadeko Markesaren benetako lehiakide bakarra. Egia da izan zela kondesa hungariar bat ere... armarrian hotso-hortzak zeuzkana...

        — Sade? Sadeko Mariskala? —galdetu zuen Beeltzebul irenslearen ezjakinkeriak.

        — Hori Saxe da, Saxeko Mariskala —ihardetsi zuen Satanen haserreak—. Hobe izango da Berorren Gorentasun Asmodeok Raiskoaren historia lehenbailehen laburbiltzea atzeratuen argitasunerako.

        Tronpa zimurtu zuen, irainduta, tripazainak. Iraintzen zuten bigarren txanda zen irten zirenetik: iseka egin zioten, beren titulua utzi eta «adiskide» deitzeko proposamena, samurtasunez, egin zuenean, eta orain, berriz, bere ezjakinkeriaz trufatzen ziren. Eta bera, bien bitartean, gozokiak banatzen!

        Fornikazioaren demonioak diskurtsoari berrekin zion:

        — Berriro diot ondo ezagutzen dudan gaia dela, ze kausa honek eragin zuen espediente lodia nire departamentutik pasa baitzen, eta honen zenbait orrialdek nire zigilu larrujotzailea daramate. Ez nintzen ni neu arduratu arazoaz, baina neure menpekoek egunez egun informatu ninduten honen eboluzioaz, eta neure aldetik parte eman nion Deabruari, zeinak jarraitutako prozedura onetsi zuen.

        Etenaldi bat egin zuen, nahasten zuten euli berdeak uxatzeko, eta hitzaldiarekin jarraitu zuen.

        — Raisko jauna Lavalen familia ospetsukoa zen, Montmorencytarrekin ahaidetua. Joan V.aren, Bretainiako Dukearen lehengusua zen, eta oso jende ospetsuaren jatorrikoa; adibidez, Bertrand du Guesclin eta Olivier de Clison bere arbasoetakoak zituen. Champtocé Gazteluko Dorre Beltzean jaio zen. Gurasoak umea zela hil zitzaizkion, aberastasun izugarria utzi ziotelarik, eta amaren aldetiko aitona, Craon, arduratu zen haren ondasunak administratzeaz eta mutikoari hezkuntza emateaz. Aitona hori bere zekenkeria zikinagatik nabarmentzen zen...

        — Ez dut ikusten —eten zuen Mammonek, zeina bere hego arloteetako bat adabatzeko ahaleginetan ari baitzen— zer eduki dezakeen Berorren Gorentasunak zekenkeriaren aurka, ezta zergatik kalifikatzen duen zikinaz ere. Zekenkeriari esker bete da Infernua hein handi batean.

        — Ezer ez daukat zekenkeriaren aurka eta errespetua diot; gertakariak objektiboki kontatzera mugatzen naiz. Zekenkeriaz... edo zuhurtasunaz... Gilles bere apetara haztea ahalbidetu zuen Craonek, ze benetan interesatzen zitzaion gauza bakarra bere ondasunei gero eta lursail eta gaztelu ugariago gehitu eta bere kutxetan gero eta urrezko txanpon gehiago pilatzea baitzen. Horrela, Gilles gaztearen aberastasuna eskerga izatera iritsi zen, eta Frantziako jaun handi asko eta askoren bekaizkeria doilorra piztu zuen.

        — Bekaizkeria —aldarrikatu zuen krokodiloak—, ondo begiratzen bada, bertutea da, eta barka biezadate Berorien Gorentasunek. Bekaizkeriari esker, oso garrantzi hadiko obrak gauzatu dira. Emulazioaren, lehiakidetasunaren eta, ondorioz, aurrerapenaren hurbileko ahaidea da. Zientziak eta arteak honen laguntza eraginkorraz baliatzen dira.

        — Era berean —baieztu zuen Luziferrek—, bidezko harrokeria ere beharrezkoa da artistarentzat, edozein artetan.

        — Berorren Gorentasunak —eraso zion krokodiloak— Edith Sitwell-i plagiatu dio. «Sunday Times»ean irakurri dut hori.

        Haserre bizian zutitu zen Luzifer, izan ere ezerk ez baitu erresumintzen horrenbeste harroa originaltasunik eza leporatzeak baino. Halere, Leviatanek arrazoia zuenez eta bera ere «Sunday Times»en irakurle sutsua zenez, harroputz paregabea, begiak erdeinuz bere lehiakidearengan jostera eta ezkerreko besoa tolestera mugatu zen eskuineko ahurra giltzaduraren gainean jarrita.

        — Etengabe minberatasunaren erreklamazioz eteten banaute —protestatu zuen Asmodeok— ezingo dut aurrera segi. Argi uzten dut, behin-betiko, errespetatzen ditudala, miretsi egiten ditudala zazpi bekatu nagusiak, zeren ez baitago hauekin konpara daitekeen asmakaririk. Deabruaren maisu-lana dira. Eta neure historiara itzuliko naiz. Gilles Raiskoa laster nabarmendu zen bere edertasunagatik. Haren bizarra nabarmendu zenean, artean adoleszentea, bere ilaje gorriaren isla urdin bitxia sumatu zen. Hortik dator, mende batzuk geroago, Perraultek «Bizar Urdina» ipuina idaztean, zenbait jakintsuk baieztea Gillesen urtekariek inspiratu zutela. Ni ez nator bat ideia horrekin.

        — Ipuin hori —argitu zuen demonio tripazainak, zerbait bazekielako pozik— ezagutzen dut. «Ana, arreba Ana zer datorrela ikusten duzu? Ez dut ikusten eguzkiaren hautsa eta belarraren berdea besterik.»

        — Aski da —haserretu zen Asmodeo—, edo isildu egingo naiz bestela!

        Aurrera jarraitzeko erregutu zioten, eta kronikalari erotikoak muturrean sartutako Deabruaren lerde (edo Amabirjinaren hari bat) kendu zuen:

        — Bere edertasun eta oparotasunagatik nabarmendu orduko, dontzelak zegokion ezbairik gabeko ankerkeria eder eta bikainaz izutu zituen bere gazteluetako zerbitzariak. Katuak torturatzen zituen, kakalardo eta mitxeleta bildumak egiten zituen, eta esaten da odolberotuta, tripak atera zizkiola palafre zaldi beltz bati bere nerbioak baretzeko.

        — Hira —marmar egin zuen Satanek—, hira zoragarria, benetako erlax bakarra...

        — Mutikoak, entretenigarri horiez gainera, eskuizkribuak irakurtzen ikasi zuen, latina ikasi zuen, musika entzuten zuen, Suetonio leitzen zuen...

        — Idazle hori —esan zuen Luziferrek— primerako aitzindaria izan dugu. Enperadore erromatarren ikasbidea guztiz onuragarria izan genuen. Despotek kalkatu egiten dituzte hauen biografiak.

        — Ez dut gehiago hitz egingo! —oihu egin zuen Asmodeok.

        Arrenka eskatu zioten berriro, kontakizuna ez etetea aginduz, eta Beeltzebulek pasta batzuk eskaini zizkion. Basahuntz bat gurutzatu zen, jauzika, beren aurretik, eta bidearen eskuineko aldetik zetorrenez, Asmodeok augurio ontzat hartu zuen hori.

        Aurrera segitu zuen, beraz, hitzaldiarekin demonioak:

        — Hamasei urte zituela, mutikoaren aitonak Gilles eme aberats batekin ezkontzearen komenientzia baloratu zuen. Alferreko bi saioren ondoren, mutil gaztea bere adineko neskatila batekin ezkondu zen, Thouarsko Katalinarekin. Neskatoa (garai hartan gutxi-asko atentzioa ematen zuen guztia bezala) mutilaren lehengusina zen eta Thouarsko bizkondeen etxe zaharreko ondorengoa. Gainera —berotu egin zen Asmodeo—, horaila, begi-zorrotza, lepo luze lirainekoa eta gerri-zinbela. Gozamen bat. Gillesen gustuak, ordea, beste bide batetik zihoazen. Tramankulu sentsualak funtzionarazten hasi zen orduko, hauek sexu bereko jendearen alde erabiltzeko aukera egin zuen. Ez naiz ni, noski, ezta gutxiagorik ere, haren zaletasuna kritikatzeko aproposena. Bakoitza den bezalakoa da, eta dauden aukerak gai honi dagokionez, mundu guztiak dakien bezala, norantza desberdin eta kontrajarritan adarkatzen dira. Zoritxarrez, aukera gutxi daude. Craon, oharturik zegoen, aspalditxo, bilobaren berezitasunaz, baina ulertu zuen ez zegokiola oztopatzea. Gillesek bere ekonomia zabalean eskua sartzen ez zuen bitartean, bera ez zitzaien kontrajarriko haren ohiturei. Zenbaitek erruduntzat hartuko du aitona hau: nik ez dut epaituko. Superintendentea izan zen, kutxako kalkulatzeko makinetako gizona. Ordea, Raisko jaurerriarekin mugatzen zuten Katalinaren aberastasunen nominaren aurrean gehiegi zabaldu zituen begiak, izan ere, honek Pouzauges eta Tiffaugesko gazteluak barne hartzen baitzituen... Tiffaugesko gaztelua, dirudienez, laster bisitatuko duguna. Ezkontza aurrera eramateko, ezinbestekoa izan zen andregaia bahitzea, odolaren lotura aliantzari kontrajartzen baitzitzaion. Katalina gogo onez hartaratu zen noski, eta ezkutuan ezkondu ziren. Aitasantuaren baimena jada alferrekoa zenean iritsi zen. Aitona Craonek bere gain hartu zuen bahiketa antolatzeko erantzukizuna. Jakina, ezin izan zuen, era berean, bere kargu hartu, gero, senar-emazteen artean gertatu zena. Ulertzen dute Berorien Gorentasunek zer esan nahi dudan. Eta Raisko Baroiak ez zituen bota bere morroiak... alderantziz... morroiak eta morroiak zeuzkan edonon... morroi lirainak.

        — Laga biezat Berorren Gorentasunak —deiadar egin zuen Leviatanek— zorionak ematen. Egiazko dotoreziaz planteatu du kasua. Emanik Berorren espezialitatea, nornahik usteko zukeen deskribapen zehatzetan gozatuko zela. Inbidiagarria da.

        Asmodeok irribarre egin zuen:

        — Aipaturiko aktibitateek eta berauen gaiztakeria bikainak, ez zuten distraitu bizar urdinekoa armen zereginetatik. Prestutasunez, du Guesclinen biloba paladin zentzudun gisa nabarmendu zen. Inork ez zuen menperatzen hark bezala zaldien sua, ezta armadura janzten edo ezkutua jasotzen ere; lantzari eutsi ere ez halako trebezia seguruz. Eta, aldi berean, ugaldu egin zen haren mutil kuttunen kopurua. Garaitsu hartan, hasi zitzaidan interesatzen Gilles Raiskoa. Neure agente pribatuetako batek, Poitou probintziako gazteluetan zehar egindako inspekzio-biran xehetasun esanguratsuak eman zizkidan, eta berauek zehatz-mehatz aztertu ondoren, hartaz arduratzearen alde onak ondorioztatu nituen. Perspektibak tentagarriak azaltzen ziren. Eta Deabruak uste du batek ez duela lan egiten! Gutxienez, neure funtzionario hautatuenetako hogeita hamarri gomendatu nien lana. Une hartatik hasita eta haren bizitza bukatu arte, berekin izan zituen beti, batailaz bataila, gotorlekuz gotorleku, mimatzen zutela, onesten zutela, akuilatzen zutela, haren irudimen ernea sutuz. Baieztatu beharra daukat oso pozik nagoela. Laguntzaile aproposak dira.

        — Ematen du —eten zuen Luziferrek— adarretatik goazela, eta Berorren Gorentasunak harrotasun izaera lortzea duela helburu.

        Kontalaria muturtu egin zen:

        — Denok gara harroak. Bekaturik arruntena da.

        — Nola! Aingeruen bekatua! Deabruarena! Erorialdikoa! Ken bezate harrokeria eta ez litzaiguke geratuko Paradisuan bizitzea beste erremediorik.

        Zutik jarri zen Beeltzebul lodikotea; hurbildu zen Belfegor letargikoarengana eta uniforme berdaskaz janzten zuten euliak uxatu zituen.

        — Lo dago haur mutiltxo bat bezala... nexkato bat bezala —xuxurlatu zuen—. Lasai bitez Berorien Gorentasunak.

        Asmodeok berriro ekin zion, ahots apalagoaz:

        — Raisko Baroia hogei urteak inguruan zebilen eta ordurako sekulako gerrari duintasunaz nabarmentzen zen. Horri La Trémoille-rekin zuen ahaidetasuna lotu zitzaion, koroarik gabeko Erregearen faboritoa, gorte ibiltariaren barruan posizio paregabea emateko. Frantziako Karlos VIII.ak eta Bretainiako Joan V.ak, berauen feudatorioa baitzen hiru probintzia hartzen zituen ondasun erraldoiengatik, buruzagi gaztea lausengatzearren loa galtzen zuten. Orduan gertatu zen Joana Ark-ekoaren kanpaina, zeinak herrialdea askatzeko asmoa baitzeukan. Nahiago dut ez luzatzea gehiegi, bestela monologo hau ez baita sekula amaituko. Kontua da Gillesek kanpaina honetan ile urdinduak orrazten zituzten kapitain ospetsuak eklipsatu zituela. Orleansen salbazioa zor zaio, hein handi batean. Adoratu egiten zuen Dontzeila. Ez zen apartatzen haren ondotik. Haren eskuinean, ipuinetako birjina laguntzen duen dontzel bat izan zen.

        — Delako Dontzeilak —mamar egin zuen Luziferrek— trabarik asko egin digu.

        — Eta Karlosen koroatze nagusiko egunean, Reimsen, katedralean zaldi gainean sartzea tokatu zitzaion Raiskoari, Anpulu Santua eskoltatuz. Asmakari bat: ez da existitzen delako Anpulu Santu hori. Zaldi gainetik jaitsi eta aldarearen alde batean jarri zen, bere armadura beltzarekin; Joana, artzaina, kontrakoaldean zegoen, bere armadura zuriarekin...

        — Adiskideok... —eten zuen Beeltzebulek— adiskide Gorentasunok... artzain emakume bat... Erregearen ondoan... hori da justizia!

        — Karlos Erregeak —esan zuen Asmodeok— Gilles saritu zuen mariskal hierarkia emanez...

        — Ondo ordaindua egongo zena —atera zen Mammon, urria—, enplegu militarra da eta.

        — Eta Frantziako lirio loreak banatzeko itzal handiko ohorea eman zion, borduran, bere armarriko sable-gurutzearen inguruan.

        — Bejondeiola! Horrela haren harrokeria bizkortuko zuen. Ah, heraldika! —salmodiatu zuen Luziferrek, bere mantua luzatuz zeinetan arrapala-lehoiak, garaile, zutitu baitziren.

        — Eta mutilak? —galdetu zuen Satanek.

        — Ez zeukan denbora sobera, baina beti aurkitzen zen bakarren bat hurbil, Joana Ark-ekoaren bakardadeak eragiten zion malenkoniaren aitzakiaz. Hark ez zekien bakarrik egoten. Gizon nekaezina izan zen. Burdinak askatu... eta kaixo motel. Eta honela, zenbait pasadizo eta gora-beheraren ondoren, Joanaren inmolazioaren gertaerara iritsi gara...

        Berotu, eta txaloka ekin zioten demonioek. Denak batera, apatxekin erritmoa markatuz, «Gazteria Demonisten Martxa» hasi zuten.

        Asmodeok bortizki isilarazi zituen.

        — Dontzeilaren heriotzak —garrasika esan zuen— dontzel hura nahastu egin zuen. Hogeita zazpi urte zeuzkan eta bere gazteluetako batean ezkutatu zen, amorrazioz dardarka, gorte frantsesaren axolagabetasun isilagatik. Neska laguna, bere idoloa salbatu nahi izan zuen, arrakastarik gabeko operazio bat proiektatuz eta, atsekabetuta, desagertu egin zen. La Trémoille, berriz, errege eskergaiztoaren aurrean zeukan laguntza, eroria zen; Ehun Urteko Gerra amaitu zen, zoritxarrez; Gillesek jada ez zeukan zer eginik. Orduan, lehia ulergaitzez, xahutzeari eman zitzaion.

        — Xahutzeari? —hasperen egin zuen zekenak—, hori astakeria!

        — Beti karakterizatu zuen gogortasun aseezina aplikatuz egin zuen hori. Gehiegizko luxua erakutsi zuen. Honen trajeek, honen bridatzarrek, honen torneoek, honen ehiza basatiek, honen musikoek, honen antzezlariek, honen dantzariek, atzean utzi zuten, urruti, Erregeak eta Bretainiako Dukeak lortutako guztia. Eta zer esanik ez, honen mutilek. Gaztelu batetik bestera bidaiatu zuen, bere lursailak utzi gabe, eta parasito eder mordo bat berekin zuela. Aitona desesperatu egin zen. Ikusten baitzuen, eta ezin eragotzi, berak hainbeste kostata metaturiko guztiaren salmenta absurdua eta zarrastelkeria.

        Horrek ekarri zion heriotza. Handik aurrera, Gilles aberatsago izan zen, oraindik aberatsago, xahutzeko ondasunen jabeago. Baina urrea, parra-parra, sortzen zen haren esku zabaletan.

        — Aiene! —hasperen egin zuen demonio zekenak— aiene, aiene, Deabru Jauna! Bihotza urratuko zait! Atakea!

        Mammonen azkazal gakodunak krispatu egin ziren bere zarpail arloteetan, emankorra hilobitik jaiki eta kentzera eta diru xehen truke saltzera edo, okerrago dena, oparitan ematera baletorkio bezala.

        Leviatan krokodiloak kontsolatu zuen:

        — Kontsola gaitezen —ahoskatu zuten honen ahutz hortzez beteek— berea ematen duena inbidiatu ezin dugun ziurtasunez. Ematea galtzea da, eta gero inbidia izatea gurearekin hazten denari.

        — Hori da! —esan zuen Mammonek, muzinka—. Eman! Hauxe bai aditz nazkagarria!

        — Gillesek eman eta eman egiten zuen —berrekin zion Asmodeok—. Odolusten ari zen. Eta lortutako odolaren arazoak, alferrik galtzen zuenarekin orekatuz, gero eta gehiago itsutu zuen. Lizunkeriarekin batera haren arazo nagusia izan zen ume-umetatik, katuei begiak ateratzen zizkienetik hasita. Horregatik sentitu zen hain gustura bataila-zelaietan besakadak ematen odol-itsasoan, igerilari onaren antzera. Egia esan, haren heroitasuna lizunkeriaren azalpen bat izan zen. Aitonaren trabarik gabe, jadanik hila baitzen; andrearen trabarik gabe, hau bere alaba bakarrarekin (distrakzioaldi batean edo erabateko mutil eskasialdiren batean sortua) Pouzaugesko gazteluan ezkutatu baitzen; bere odoltzale grina zuzendu eta entretenitzen zuen gerraren trabarik gabe, zurrupada handitan edaten zuen askatasunaren nektarra. Esan nahi da odola edan zuela. Eta gogotik, gainera! Horretarako, plazerra, bere ume morroiek, ia beti gogoz kontra eta ostikoka ematen ziotena, isuritako odoletik zetorrenarekin konbinatu zuen, hots, aurrena gozatu egin zuen eta gero martirizatu eta asasinatu. Hori, gauez gau. Zeinen maisu bikaina izan den Gilles Raiskoa! Heriotzaren distantzian agurtzen dut. Lastima, monotonia... gauez gau...

        — Guk ere agurtzen dugu —marru egin zuen Satanek. Eta Mammonek, besteek ez bezala kapelua zeramanak, zikina eta zulatua, berau erantzi zuen.

        — Bi lehengusu handinahik, sorgin batek eta zenbait ezkutarik betetzen zituzten harentzat elementuak lortzeko lanak, eguneroko triskantza gautar eta bortitzetarako. Belardiak eta harkaiztiak zeharkatzen zituzten artzainen atzetik; basoetan sartzen ziren, maitagarriak izutuz; herrisken inguruan ibiltzen ziren mutil kozkorren bila. Batez ere, nekazari behartsuei erosten zizkieten, Baroiaren oparotasunetik eskuratuko zituzten mesedeen eta haurrek haren ondoan ikasiko zutenaren kontuarekin haluzinaturik uzten baitzituzten. Bat etorri beharra dago ikasten zutelakoarekin. Haurrak desagertu egiten ziren eta gero alferrik erreklamatzen zituzten hauen ahaideek. Desagertu egiten ziren; zehazki, ke bihurtzen ziren, eta hau Raiskoaren gazteluetako tximinia luzeetatik, pafa-pafa, ateratzen zen, zeren sexualki aprobetxatu ondoren Raisko Mariskalak erre eta ikatz bihurtzen baitzituen, hauen hezurtxoak bastioietako sotoetara botatzen ez zituztenean.

        — Eta... gastatuz segitu al zuen? —xuxurlatu zuen Mammonek, ahots dardartiz—. Ez al zuen aski errekluta horiekin?

        — Barra-barra gastatzen zuen. Maileguz uzten zuen, eta mundu guztiak dirua zor zion. Printzeak, prelatuak kolpatu egiten ziren haren ondasun barreiatua prezio baxuan eskuratzeko. Nantesko Gotzaina haren zorduna zen, eta Bretainiako Dukea, berriz, bitartekoz baliatzen zen tratua egiteko, hemen eta han, merke salduz haren amaierarik gabeko gazteluak. Zarrastelkeria gainezka egiteraino iritsi zen, bere segizio izugarriarekin, Orleansera joan zenean; han ostatuez jabetu baitzen eta, urtebetez, mantenua eman zien egunero mila laguni, «Orleansko Setioaren Misterioa» deituriko sekulako ikuskizuna prestatzen zuen bitartean, ehun urteko gerrako bere garaipenaren oroimenez. Honela, haren esku aseezinek bere poltsaren hondo hutsa atzamarkatu zuten.

        Mammon zekenaren lantuek, aieneek eta erostek Tiffaugesko udazkendar-basoa dardartu zuten. Saiatu ziren besteak hura lasaitzen, baina ezinezkoa izan zen. Sasian iraulkatzen zen, arropa zarpailak ez urratzeko arreta jarriz, bere eskale bizarrei tiratzen zien, eta euliek eraso egiten zioten. Beeltzebulek baso bat freskagarri eskaini zion eta ez zuen hartu nahi izan.

        — Orduan —ahapeka kantatu zuen Asmodeok—, baztertuta, Gillesek magiara jo zuen. Bere urrea aienatu zenez, zituen maitale iheskorren eskeletoak bezalaxe, premiazkoa zen fabrikatzea. Alkimistarik ospetsuenak etortzera behartu zituen, urrundik, baita Alemania eta Italiatik ere, beren ezkutuko laborategietatik erbesteratuz. Trukean, ordea, zeukan guztia eman zuen, idunekoak, eskutoki distiratsuak, lepahori eta azeri urdinen larruak, harribitxiz estalitako erlikitegiak, zilarrez forratutako liburuak, perla eta zafiroz apainduak, zaldiak eta hauen zaldi-estalki finak, leopardoak, aztoreak, artzakurrak. Eta haren dorreetako tximiniek, alegiazko herensugeak iduri, gorputz irazekietatik ateratzen zen keaz batera, azafran, opalo, granate, turkesa koloreko lurrin bitxiak bota zituzten. Ez zuen lortu etsipenez oroitutako urrea. Laguntza eskatzen zioten Deabruari, hemen, baso honetan; haurren hondakinak eskaintzen zizkioten erreopari, eta Deabrua ez zen azaldu.

        — Oso zuzen jokatu zuen —epaitu zuen Luziferrek—. Agian hori egin behar al zuen ba Bere Maiestateak? Zertarako utzi Infernuko Pandemoniumeko hoztasun osasungarria, zertarako hartu endreduak, zertarako erantsi alferreko lanak bere hainbat betebeharri, harrapakina dagoeneko berea bazuen?

        — Baroia, triskatutako bere mutilen eta bere alkimista indargeen artean, harrapakin erraza bilakatu zen zeuzkan etsaientzat. Abandonatu egin zuen Frantziako Erregeak, zetroa zor zionak, hori sekula ez zion barkatu; eta Duke gosekila, bere lehengusua, eta Gotzain hartzekoduna, berriz, gainera oldartu zitzaizkion. Hondakinak kendu eta banatu beharra zegoen. Orain ez zen ezin zaurituzko. Komisio askok korritu zituzten haren jaurerriko lurrak, haren bahiketen testigantzak eskatuz eta desagertuen zerrendak eginez. Hasiera batean, beldurrez, nekazariek uko egin zioten laguntza emateari, baina burdinazko segizioak ikustean, Bretainiako banderak aurretik zituztela, lasaitu egin ziren. Turrustan etorri ziren deklarazioak, inkriminazioak, salaketak. Haren biktimen kopuruak fantasiarik odoltsuena gainditu zuen. Beraz, Machecoulen atxilotu eta auzipean jarri zuten. Frantziako Almiranteak, Bretainiako Teniente Jeneralak, alferrik ezetsi zituen haren epaileak. Alferrik babestu zen erbinude zuri feudalean eta isiltasun harroputzean. Bere suteetako sugarrek bezala distiratzen zuen haren bizar urdinak. Karguek larritu egin zuten, eta urrez ehundutako tapiz esekiz apaindutako gelan, tigre bat bezala mugitu zen. Eskumikatu zutenean, amore eman zuen. Zeren hau da hain kasu bereziaren gauzarik bitxiena: Gillesek, prozesu bitartean, gogor eutsi zion fedeak sekula ez utzi izanari; beti, bere izugarrikeria miresgarrien erdian, sakramentuetara jo zuela, izan ere bere epaileak bezain kristaua baitzen. Hauek kenduta, menperatua sentitu zen, eta eskumikoa ken ziezaioten dena aitortu zuen, Berorien Gorentasunak miazkaraziko lituzketen xehetasun guztiak emanez, eta nik beroriei aurrezten dizkiedanak, ez lotsaz noski, ulertuko dutenez, denbora irabaztearren baizik.

        — Harrigarria da, barrokoa da, paregabea da —xuxurlatu zuen Leviatanek.

        — Miresgarria da. Freud Profesorearentzako pertsonaia bat —esan zuen Asmodeok—. Libidoa, mon cher... Freudek adoratu egingo zukeen. Exekutatu egin zuten, azkenean, zintzilikatu eta erre egin zuten. Baina aurrez hitz bitxiak esan zituen, Biesse irlako urkamenditik. Beren semeak inmolatu zizkien gurasoei erregutu zien barkatzeko eta errezatzeko bere salbazioaren alde, eta familia buruei aholkatu zien izan zitezela zorrotzagoak beren ondorengoekin, honela haien okerbideratzea eragozteko. Zerura arte agurtu zen bere gaizkideengandik, penitentzigileengandik, damutuengandik. Hiru urte igaro dira harrezkero: 1443an gaude.

        — Ero bat —deklaratu zuen Mammonek—, zarrastel zoro bat.

        — Nire estimurik oneneko izaki duin bat —gehitu zuen Satanek—. Eta jendetzak? Zer egin zuen jendetzak?

        — Belauniko jarri eta haren alde otoitz egin zuen.

        — Betikoa —azaldu zuen Leviatanek—, jendetzaren mozolokeria neurtezina da. Horrenbesteko grinaz eta horrenbesteko lehiaz huts egiten du, ze asmatu egiten duela esan baitaiteke. Horregatik diot higuin demokraziari.

        — Demokraziak badu bere alde ona ere —farfuilatu zuen Beeltzebulek.

        — Zaude isilik! —orro egin zuen Luziferrek— zaude isilik... lagun adiskidea!

        Amaitua zuen luze eta halere laburtutako narrazioa. Asmodeok onartu egin zuen Beeltzebul umiliatuak luzatu zion txarrokada ura; ahoa garbitu eta tu egin zuen. Ari zen pizten dagoeneko goiza euren inguruan. Basoak biluzik eta bainatu berria ematen zuen, lanbrozko soinekoa aienatu zenean. Airea txorrotxioz bete zen.

        — Ikusten ez dudana da —esan zuen harrokeriaren demonioak— zer egin behar dudan, itxura batean dena egina badago eta espedientea artxibatua izan bada. Gilles Raikoak bete zuen bere patua. Pentsatzen dut Beroren Gorentasun Asmodeok asignatua izango diola Orkoan leku berezia, Neronen eta honen familiaren ondoan, norekin konpondua izan dezan.

        — Oraindik ez da erabaki.

        — Horixe gauza xelebrea!

        — Kontrako bandokoek, egoera eztabaidatuz eta beren kodeak kontsultatuz jarraitzen dute. Balantza, orain alde batera, orain bestera makurtzen da, arazoa konplikatzen duen fedearen eta damuaren delako istorio horrengatik.

        — Ez dut ulertzen. Gilles Raiskoa gurea da, inolako zalantzarik gabe.

        — Eta halere...

        — Sekula ez diet ulertuko Paradisukoei. Bira gehiegirekin dabiltza eta endredatu egiten dira hain zorrotz izategatik. Zerbaitegatik babestu dira han horrenbeste teologo.

        — Kontua da —amaitu zuen lizunkeriaren demonioak— japoniarraren kutxaren erabakiz, Berorren Gorentasunari Tiffaugeseraino hanka egitea dagokiola orain eta bertan aztertzea nola aplika dezakeen bere jakinduria laudatua. Nik bete nuen neure egitekoa lurralde horretan, Baroia bizi zela, eta, gainera, atsegin dut azpimarratzea harrokeriarik gabe, oso ondo egin nuela.

        — Banoa, ba, Tiffaugesera. Utz biezat fotografiatzeko makina.

        Asmodeok imajina daitekeen tresnarik osoena pasatu zion, Deabruaren idazmakinaren lehiakiderik duhinena, bere perfekzio alemanean. Bere kasa funtzionatzen zuen, espontaneoki, irudiak merezi zuela bazeritzon.

        Zutitu zen Luzifer eta argiak haren giharren gainean eta diamantezko koroaren gainean dirdiratu zuen. Zabaldu zituen saguzar-hegoak, errubizko tatxetez apainduak, eta hegan ekin zion erritmo arranditsuz. Aupadaka beroz agurtu zuten.

        — Zorte on! —oihukatu zuten— Good hunting!

        — Ikusi arte! Ardura bitez grifoak ihes egin ez diezadan!

        Baina grifoak, mauka-mauka, larrean segitzen zuen bildots otzana iduri.

        — Guk —gomendatu zuen Asmodeok, adeitsu— atseden hartuko dugu Luzifer itzuli arte.

        Soropilean jarri eta bakoitzak zegokion joera edo apetari eman zion: Asmodeo Belfegor ferekatzen hasi zen, honek ez baitzion lo egiteari utzi eta urruma egin zuen giza atseginez (edo ema atseginez), bere dortoka oskolaren barruan; Satan sugandila bati amorraztera eman zen, hankak, kraska-kraska, banan-banan mozten zizkiola hortzekin; Mammon, bere txanpon eskukatuak zenbatzera; Leviatan, txorien bozkarioa inbidiatzera eta, ondorioz, lakioaz harrapatzera; Beeltzebul, belarrak bildu eta bazkaltzeko entsalada prestatzera.

        — Zer izan zen Raiskoaren alabaz? —galdetu zuen Satanek.

        — Entzun dut —erantzun zuen Asmodeok— bere senitartekoek ezkondu egin zutela hamabi urte besterik ez zituenean agure zahar-zahar batekin, almirante batekin, hau ahalegin zedin neskaren ondasunen kondarrak berreskuratzen.

        — Hori ondo egingo zuen hark —azaldu zuen Leviatanek, bere ahutzak zabalduz aharrausi handi batean—. Nabigatzaileok badakigu, oztopoak-oztopo, nabigatzen.

        Satan tematu zen: —Emakume alarguna bakarrik geratu ote da?

        — Seguraski bai.

        — Zenbat urte izango ditu?

        — Berrogei inguru. L'âge dangereux.

        Ez zuten gehiago hitz gin. Bazkaldu, sabelkeriaren demonioak chef fintasunez prestatutako janaria gozatu, eta etzan egin ziren siestaz usufruktuatzeko. Beeltzebulen euliak ere lo zeuden, eta bakeak flotatzen zuen ingurunean, belusezko palio epela iduri. Ez ahotik sugarrak jaurtitzen dituen aharia, ez ilaje tenteko lobisoia, ez begi-nini goriko katar beltza, ez zezen gorria, ez kedarre koloreko txakurra, ez eskualdea betetzen duten ezein piztia beldurgarri, ez zen azaldu sastraketan, haiek aztoratzera, eta hala egiteko atrebentziarik izan bazuten, bat-batean atzera egin zuten, terrorezko espasmoekin. Ezta ere, ez zen azaldu Melusina maitagarria Tiffaugesko eta beste hainbat gazteluetako arkitekto arretatsua. Hasia zen itzaltzen arratsaldea eta Luzifer itzuli zen, beren habietara bueltan zetozen hegazti xaloen artean. Bandada mamarti batek inguratzen zuen, zeru-goietan, haren mantuaren hego-eskubandadun tolesturak luzatuz. Demonioek linternak astindu zituzten, sastrakadi argitzaltsuan, eta bandera txikiak dantzarazi zituzten, haren lurreratzea errazteko. Asmodeok zuzentzen zituen untxi-belarri zorrotzak atzeratu edo tentetuz operazioak exijitzen zuen arabera. Denbora pasatzeko, hegazkineko azafata gisa jantzia zuten Belfegor, eta honi tximino arduratsuek zutik eusten zioten.

        Luzifer arin-arin jaitsi zen, jausgailuaren dotorezia motelez, eta lurrean pausatu zen. Haren luma-astinketak eragindako zaratak gelditzeko, dardarizoa areagotu baitzuen, burua altxaraziko zietekeen inguruetako biztanleei. Bost zenturia geroago bizi izan balira, ondorioztatuko zutekeen motore indartsu bat, agian abioneta batena, inguruan lurreratu zela. XV. mendean bizi zirenez, ordea, gurutze santuaren egingo zuten, barrundatuz, askoz ziurkiago, herensuge hegazkor batek bere abiada gutxitu zuela basoan.

        Luzifer oso pozik azaldu zen. Irribarre egin zuen, bere hortz zorrotzen zuritasuna erakutsiz. Inguratu egin zuten, txalo jo zioten, berdura-zopa beroa atera zioten, eta hark argazki mordo bat sortu zuen, erliebe eta koloretan, musika eta lurrinez, eta argazkiek demonioen artean zirkulatu zuten. Eltzekoa zurrupatzen zuen bitartean, zegozkien azalpenak eman zituen Luziferrek.

        — Hori da Tiffaugesko gaztelua. Eraikuntza, duela berrehun urte hasi zen eta Melusina maitagarriari atxekitzen zaio. Presta biezaiote aditasuna akonpainamendua egiten dion preludio malenkoniatsuari. Beha bezate erdiko dorre zilindrikoa; Vidame Dorrea deritzo; jaun Raiskoak bertan giltzaperatzen zituen mutikoak. Esaten dute, haren izpirituak leopardo itxuran inguratzen duela. Nik ez dut ikusi. Goian dagoen orbana, ezkerraldera, ez da orbana: Melusina maitagarria da; hau, dirudienez, jira biraka ibili ohi baita hegan ingurune haietan. Orain ez da arduratzen igeltsaritzaz, zoritxarrez, ze premiarik asko bai baitauka eduki gaztelu kalamastrak. Ia-ia elkarren kontra jo genuen, hark eta nik, airean, baina garaiz biratu nuen. Suge-buztana dauka eta hegoak, berriz, nireen antzekoak ditu, hain graziatsuak ez badira ere. Kapelua darama adaje bikoitz forman. Agurtu nuen, noski, eta Melusinak erantzun zidan, baina ohartu nintzen adeitasun hutsez egin zuela hori, ez dauka ideia arrastorik ere nor naizen eta.

        Leviatanek kartulina bat pasa zion, hain ilun eta opakoa, ze ezer ez baitzen bereizten grabatuan.

        — Gazteluko areto nagusia da. Argazkia ez dago belatua esposizioaren akatsez: ezagutu nuen bezala, zehatz-mehatz, erreproduzitzen du errealitate iluna. Gertatzen dena zera da, Gillesen exekuzioaz geroztik, han utzikeria dela nagusi, eta inork ez du zaintzen gotorlekua. Ez dago, finantzarioki, zerekin. Armiarma-sareak jabetu dira egoitzaz. Leihoak, tapiz espektralak, habeak, tximinia, dena estaltzen dute. Teilatutik zintzilika daude, bizarrak bezala, estalatiktak iduri. Rais, Laval, Craon, Montmorency, Thouarsko ezkutuak, tarantulen bordatu gris eta lodien azpian eklipsatzen dira. Du Guesclin eta Clissonen estatuek, Mariskalaren arbasoek, zorroekin dirudite. Gela batetik bestera errepikatzen da hori. Eta arratoiak geldo babiltza, sare hauskarazko arropak arrastaka dituztela. Oraindik ezin izan dut kendu hanketatik sare nazkagarria.

        — Eta andere hauek?

        — Madame Katalina Thourskoa eta honen ohoreko damak dira, garai batean edonora jarraitzen zion multzotik geratzen zaizkion biak. Orain begien aurrean dauzkaten hiru pertsonaia horiez kanpo, ez dira bizi gazteluan bi zaintzaile besterik. Azken hauek, ozta-ozta, dato-jokoan ikusi nituen errondako pasadizoetako batean.

        — Zer moduz dago Madame Katalina? —galdetu zuen Beltzebulek.

        — Adiskide Gorentasuna... gezurra dirudi Berori Infernuko Serafinen Printzea izatea...! Hortik dator Berorien Gorentasunek entzuten duten musikaren azentuazio larria. Haren senarrak, Joana Ark-ekoaren ondoan bere garaipenez goratu ondoren, lotsakizunean amildu zuen, Nantesko prozesuaren eta kondenaren ostean. Andereak lotsaren gaixotasuna pairatzen du. Ez du ahaztu garai batean Frantziako lehen-emakumeetako bat izan zela, lehena ez bazen, erret etxekoen hurrena. Koroatze bitartean, Reimsen, nobleak makurtu egiten ziren hau pasatzean, enperatrizaren aurrean bezala. Hain ziren astunak anderearen bitxiak, ze Bizantzioko enperatriztzat hartua izan baitzitekeen. Eta gaur, ikusten dute, su motelaren ondoan, molde distraituan, eskuak arakatzen ditu, Lady Macbeth iduri. Inork ez du bisitatzen. Amaitu ziren erreberentziak. Gauez, Gillesek profanatu eta hildako haurren hilobiko garrasiak entzun uste ohi ditu. Madame bera mamu bat da. Irainez negarti eta dardarti, azkena baino ez du espero. Eta gehien kezkatzen duena ez dira Gilles Baroiaren aktibitate pribatuak, egoera publikoa eduki izana baizik.

        — Eta fotografia hau? —galdetu zuen Satanek.

        — Harrizko tximiniarena da; esaten dutenez, Mariskalak honen aurrean sakrifikatzen zituen haurrak. Hain zuzen, horretaz mintzo ziren alabardariak hurbildu nintzenean, ikustezin, almenadun bidean; eta bati entzun nion, gau batez, bi bikirekin gozatu eta bere dagaz lepoa moztu ondoren, odolez blai egindako buruak tximinia horretan landutako apalaren gainean jarri zituela eta gogoeta egiten egon zela, aditasun kritikoz, zeini zeritzon edarrago erabakitzeko, harik eta baten alde jarri eta ahoan musu eman zion arte. Gero negarrez hasi omen zen.

        — Horra hor —erantsi zuen Asmodeok— aipatzea ahaztu nuen zerbait, honen biografia garatu nuenean, egia den arren izugarri laburtu behar izan nuela, ze nire enplegatuek emandako xehetasun asko eta asko bidean baztertu behar izan bainituen. Mariskala goi mailako mainontzia izan zen; maiz negar egiten zuen; negar egiten zuen bere biktimak likidatu ondoren eta erregutzen zien eskatzeko arren beste munduan berarentzat grazia; negar egin zuen urkamendian. Hortik ondorioztatu beharko da paregabeko sentimentala izan zela.

        — Erromantiko bat —gehitu zuen Mammonek—. Bere dirua bezala gastatzen zituen malkoak. Erromantiko bat, ero bat.

        Azken irudiak ez zuen azalpenik behar izan. Luzifer «posean» azaltzen zen balaustradan dotore jarrita. Luxuzko banpiro-hegoak erdi irekiak zeuzkan, marko eserkariz koadrotzen zutela. Esku bat gerri malguan finkatua zeukan eta bestea, berriz, ebanozko zetroan. Begiak kameran jarrita zeuzkan eta irribarre leun bat nabari zitzaion aurpegian. Bere harrokerian bainatzen zen, dutxa lurrintsu batean bezala. Erretratutik garaipen-kadentziak atera ziren.

        Fotografiatuak bat-batean desagertarazi zuen argazkia:

        — Horrek —esan zuen, bizkarrari eraginez— ez dauka garrantzirik. Makina hartzen setatu zen, nonbait, eta ustekabean harrapatu ninduen.

        Gaia aldatu zuen:

        — Madame Katalinak ez zuen disimulatzen bere porrota. Inoiz harroa eta puztua izan bazen, orain bere gehiegizko apaltasunagatik ematen du atentzioa, erdeinuaren eta irainaren emaitza. Pentsatzen dut nahasketaren eta lotsaren hondora heldu dela.

        — Eta non sartu jakin ez eta munduari ihesi dabilen eta munduak erdeinatzen duen Madame Katalina al da Berorren Gorentasunak harrokeriazko bekatua egin dezan zirikatu beharra daukana? Lan zaila izango da hori, ezinezkoa ez esateagatik —baieztu zuen Satanek.

        — Logikaz, Madame Katalina da, bai, limurtu beharra daukadana, berriro blai egin dadin harrokeriarik puztuenaz.

        Protestaka ekin zioten demonioek. Izan ere, Deabruak Luziferri hain amarru zitala prestatu bazion, zer espero ote zezaketen eurek?

        — Pentsatu al du Berorren Gorentasunak hautamenen bat? Ba al dago hori ebazteko modurik? —galdetu zioten, xirula-ahotsez.

        — Bai, pentsatua daukat zer egin.

        Jakingurak zirikatu zituen infernukoak, eta oraindik areago hurbildu zitzaizkion demonio biluziari.

        Eta berehalaxe, tonua itzaliz, zokomiran zebiltzan hontzek ere hitzik entzun ez zezaten, proiektua azaldu zuen. Azkar, eta garbi egin zuen hori. Isildu zenean, goraipamenez betetako abesbatzak durundatu zuen basoan. Printzea besarkatu zuten, etorrerakoan baino ere txalo beroagoak jo zizkioten. Beeltzebulek xanpaina atera zuen, extra-sekoa, eta gora! oihuek hostotza dardaratu zuten; ondorioz, auzotarrak belauniko jarri ziren, legoatako distantziara, pentsatuz sorginen akelarrea sutan zegoela Tiffaugesko basoan, eta Raisko andere alargunak aitaren egin zuen, atsekabetuta, suposatuz bere senarra, leopardoa, laiotzean zehar zebilela, nekazariei tripak ateratzen, sortzetiko ohitura ez galtzearren. Demonioek beste kopa bana edan, ondo lo egin esan elkarri, eta lo egin zuten besoak bularraren gainean gurutzatuta, superstizioan adituek aholkatzen duten bezala, amets gaiztoak eragozteko.

        Biharamun egunsentian nagiak atera zituzten. Berehalaxe, Luziferrek zegokion lanari aurpegi eman zion eta metamorfosi desberdinei ekin zien. Belfegor Gotzain bihurtu zuen, eta honen txinpantze leialak, berriz, lau lakaio sendo, esku aulkiaren eramaile, bertan kulunkatzen baitzen alferrontzia. Ez mitraren eta makuluaren kargak, ez jantzia dalmatika aberatsagatik trukatzeak, zeinetara bihurtu baitzuen Luziferren gustuak dortoka-oskola, ez zuten lortu Morfeoren aliatua iratzartzea. Lo zetzan Belfegor, betazalak itxi gabe, eta horrelaxe jarraitu zuen, burua kulunkatuz, zurrungaka, arnasestuka, bafadaka, zotinka, operazioak iraun zuen bitarte guztian. Haren itxurak ez zuen duintasun faltarik. Luziferrek askojakin betaurrekoak jarri zizkion, eta hauek sudurraren muturreraino labaindu zitzaizkion; betaurrekoen atzean haren begi berde eta lotiek dir-dir egiten zuten, geldi, beirateak bailiren. Deabru beltzak estudiante tunantez mozorrotu zituen gainerako kideak, orkatiletarainoko soineko latzez. Leviatanek dominak gordetzeko apeta izan zuen, eta baimena eman zitzaion; beste horrenbeste egin zen Beeltzebulekin, ezin bistakoago diren arrazoiengatik, hornizio agortezinen saskia garraiatzen utziz. Honela abiatu ziren, sasi eta abarrartean zehar, Luzifer aurretik zutela; hau diakonoz jantzi zen. Kulunka egiten zuen aulki episkopalak, saten morez forratuak, adakerak marruskatzen zuenean, eta orduan hosto artean eguzki izpirik iragazten bazen, harribitxiek dir-dir egiten zuten mitran, bolizko artzain-makilan, eskuzorro liletan, hauek apaintzen baitzituzten kameu argitsuak. Estudianteek «Gazteria Demonisten Martxa» abestu zuten, baina latinez, ia hitz bakar batzuk besterik aldatu gabe eta kantu gregorianoaren kadentziara egokitzen zutela. Euretako bik ostruka lumazko abaniko luzeak kulunkatu zituzten euli berdeak eta hauen betiereko burrunba uxatzeko; Beeltzebulek txilin hirukoitza astindu zuen; eta gainerakoek intsentsu-ontziak dantzatu zituzten; honi esker euren arrastoa lurrin koipetsuz bete zen, sufre kiratsaren aztarna oro ezabatuz. Goizak paisajea leundu zuen; txoriek, beren artean, elkarri deika ziharduten; erbiak ihesi zihoazen bidean zehar, eta segizioa martxan zihoan handikiro Tiffaugesera bidean.

        Azkenean gaztelutzar erraldoia begiztatu zuten, bere dorre lodi, gezileiho, ispilu urtar eta zubi altxagarriarekin. Ez zuten bizkortu pausoa; zeremonia arranditsu berarekin jarraitu zuten. Aurreratu zen Luzifer eta brontzezko tronpa joarazi zuen. Atalondoaren goialdean, bi buru azaldu ziren, alabardarienak, eta hauen aurpegietan segizioaren arrandiak eragiten zien harridura islatu zen; honek baieztatu zuen, Luziferrek berak esan bezala, hara sekula ez zela bisitarik iristen. Karraka zakarrez beheratu zen zubia; dorre nagusian zutoihal higatu bat kulunkatu zen, eta konpainia patio zabalean sartu zen belar-mataza, inurritegi eta hondakin-piramide itsusiak saihestuz; hauek laster zituzten gainean erasoka euliak.

        — Agur Maria! —solfeatu zuten kanpotarrek, eta lurrindagailuek hegan egin zuten, ke aureolak marratuz gotzain lozorrotuaren inguruan, Beeltzebulen txilinak dantzatzen ziren bitartean.

        Luziferren tronpak jo zuen berriro; eskuen bidez bozina bat inprobisatu eta oihu egin zuen:

        — Siamo italiani! Italiarrak gara! Monsignore Belfegaren eskolta gara, eta berak andere Baronesa Raiskoarekin elkarrizketatu nahi du!

        Zabuka korritu zuten, pasabideetan zehar, bi zaldizainek. Laster jaitsi ziren eta ostalariak gidatu zituzten gazteluaren barruan. Ez zen erosoa izan birako eskailera estuan gorako igoera, eta tximino lakaioak izerdi patsetan zihoazen aulkiaren zamagatik, honen gainean Bere Jaun Txit Prestua kulunkatzen baitzen, ingurunean gertatzen zen ezertaz ere ohartzen ez zela. Lehen solairura atera ziren, eta berehalaxe egiaztatu zuten Luziferren deskribapenaren zehaztasuna. Armiarma-sareek leporaino betetzen zuten dena. Zenbait gela itsumustuka zeharkatu zituzten, borroka eginez, txilin-hots frenetikoaren artean, zikinkeria piltzar lodien aurka, hauek preso hartu nahi izan baitzituzten; kontua da, kraka-metaketa bihurturik utzi zituztela ostruka-luma zuriak. Ihesi zebiltzan karraskariak, bandera tragiko gisa esekita zeuden gortina berunkarak astinduz. Satanek estropezu egin zuen Guesclinen estatua hautemanezinarekin, balantza egin eta atmosfera aristokratiko horretan ondo joko ez zukeen hitz bat ito zuen eztarrian. Hau izan zen Madame Katalinaren gelaurrera eraman zituen bidea. Behin han eta salbu —ze han noizbehinka erabiltzen baitzen erratza—, zazpiek (prelatuak ere bai) eztarria garbitu zuten, tu egin zuten, astin-astin egin ziren txakurrak bezala, berriro espektoratu eta tu egin zuten, betileak garbitu zituzten, eta barrura pasarazi zain geratu ziren. Berehalaxe pasarazi zituzten, eta Luziferrek erakutsitako argazkian azaltzen zen aretoan aurkitu ziren.

        Han zeuden Madame Katalina eta honen ohoreko bi dama zaharrak, hirurak eskarlata margulduz jantzita. Sugeldo tristeak zabu egiten zuen tximinian. Aurreratu zen andere alarguna eta muin eman zion Belfegor Gotzainaren eskuzorro bitxiztatuari. Luziferrek egin zituen aurkezpenak.

        — Questo, Illustrissima Signora, e Monsignore Belfega, vescovo di Bolonia. Handik, così lontano, gatoz Monsignorearekin, gu, honen jarraitzaileok, misio noble eta bidezko batera emanak, zeina interesatu baino ez zaion egingo Signora Baronesari. Makurtu egin ziren beste bostak, eta mutiletako bat moldatu zen Belfegorrek buru mitrala astin zezan eta honi betaurrekoak zuzen jartzeko. Lurrineztatu egin zuten intsentsu-ontzi urduriek, eta txilinek Luziferren hitzaldia azpimarratu zuten zilarrezko dilin-dilin hotsez.

        Txundituta geratu zen Raisko Anderea. Segundo batez, kanpotarrak karitatezko egintzaren baterako laguntza eske zetozkiolako ideia beltza gurutzatu zitzaion buruan, esate baterako, Afrikako haurtxo beltzak kristautzeko, baina berehalaxe baztertu zuen pentsamendu hori, kalkulatuz gelak armiarma-sarez beteak ikuste hutsa aski izan zitekeela, kasu horretan, desengainatuta atzera egiteko. Ondorioztatu zuen, ganbaraz ganbara ibili baziren, akaroen ehundegiek ezartzen zituzten kontrasteak han egon arren, plano ekonomikotik urrutiko beste arrazoiren batengatik izango zela. Esertzera gonbidatu zituen, beraz, gogo onez egingo zutekeena non eseri egon izan balitz. Jarrera bertikalean geratu ziren, Monsignore alderraia inguratuz. Eta Luziferrek ulertu zuen aurre eman beharra zeukala bere mezua azaltzeko uneari:

        — Illustrissima Signora —esan zuen—, Monsignore eta gu, honen morroi eta aprendizok, Europan zehar gatoz, erantzukizun handiko obra bat gauzatuz. Dagoeneko korritu dugu Italia osoa eta Frantziaren zatirik handiena eta, edonon, testigantza metaketa handia egin dugu, eta honek gure asmo txalogarria portu onera eramateko itxaropenean sendotzen gaitu.

        Aretoa utzia zuten ohoreko bi damak, hauetako bat herrena eta bestea herrenagoa oraindik, berriro itzuli ziren ogi kozkor batzuk, nolabaiteko gantz kerratua eta badaezpada samarreko likore basoak zekartzatela; likoreak Beeltzebulen nazkatu-keinua eragin zuen, ezpainak busti zituen orduko.

        — Utz biezadate, Andere Txit Gorenek —esan zuen gourmand-gourmet demonioak— eskain diezaizkiegun zenbait huskeria, berorien gonbidapen atsegingarria osatuz.

        Sartu zituen bi eskuak saskian, eta lukainken, saltxitxoien, gazten, ardo italiarren loria erauziz joan zen, Madame Katalinaren eta honen aitoren alaba zerbitzarien izuaren eta mirespenaren aurrean, eta hauek, erregu gehiegiren beharrik gabe, matrailezurrak funtzionamenduan jarri zituzten.

        Bere aldetik, Satanek formula errepikatu zuen:

        — Utz biezadate, Anderea...

        Inguratu zen sutondora, zirikatu zituen agonia-egoeran zeuden txingarrak eta, bat-batean irazeki zen etxean sugarraren alaitasuna, zeinak areto atsekabegarria argitu zuen, segundo batzuk lehenago inor gutxik esperoko zukeen ongizate bat ematen ziola. Suaren argitan, demonioek lasaitasunez aztertu zuten Thouarsko Bizkondeen ondoko Anderea.

        Guztiaren gainetik zirrara eragiten zuena haren zurbiltasun beldurgarria zen. Anderearen aurpegiak magnolia ihartua ematen baldin bazuen, haren eskuek lirio zeharo zimelduak ziruditen. Haren aurpegian, bizi zela ematen zuen azkenekoa, altzairu zurbilezko begiak ziren, baina hauek ere alditxarraren muga-mugakoak zirela esan behar. Haren adats grisa kiribildura zabar eta litsetan zutitzen zen. Gorriz jantzita zegoen, bere damak bezalaxe, ze lutuaren kolorea, Erdi Aroko Frantzian, zuria izan baitzen, eta Baronesak ihes egiten zion honi, Baroia gogorazten zion guztiari bezala. Zabarkeria eta guzti ere, ordea, ederra izan zela antzematen zitzaion. Gainerakoan, bistakoa zen haren dietaren gogortasuna.

        Luziferrek pentsatu zuen arrazoiketarekin jarraitzea komeni zitzaiola eta, biribiltasunez, iragarri zuen:

        — Gure asmoa Gilles Raisko Baroiaren kanonizazioa lor- tzea da.

        Tiffaugesen lehergailu batek eztanda egin izan balu —ez Erdi Aroko lehergailu batek, baizik, zenbait mende geroago, deabruen buruzagiaren inspirazio belikoak asmatu zituenetako batek—, ez zen handiago izango Madame Katalinak sentitu zuen zirrara edo harridura justifikatua. Zutik egona zen, bere bisitarien antzera (eroso egoten gotzaina izan zen pribilegiatu bakarra), baina zango ahulek huts egitearekin batera, zapla, bere ipurmasailen gainean erori zen solairu gogorrean, marmarka zioela: Mon Dieu! Korrika joan ziren, adeitasunez, demonioak Madame altxatzera, eta Beeltzebulek Chianti zurrutada batzuk eskaini zizkion, hark irrikaz zurrupatu zituenak. Beharrezko alkoholari eta berreskuratutako dastamenari esker bizkortuta, urte abstemioen ondoren, Andere Mariskala aulki bakartian jarri zen eta Luzifer Diakonoari eskatu zion errepika zitzala bere hitzak, ze ez baitzion, logikoki, sinesgarritasunik ematen entzundakoari. Halaxe egin zuen, letraz letra errepikatuz, harrokeriaren demonioak:

        — Messire Raiskoaren kanonizazioa lortzeko asmoa daukagu. Monsignore Belfega da —gehitu zuen, begirunez irudi bizigaberantz jiratuz; honek dir-dir egiten zuen bitxidendako erakuslehioa iduri—. Berriro diot, Monsignore Belfega da errebindikaziozko ekintza honen arima. Berari esker, arrakastara bidean doa arazoa eta koroatzeko ziurtasuna daukagu.

        Baronesari bururatu zitzaion bere azken gaztelua jende zoroz okupatua egon zela, baina Monsignorearen presentzia ohoragarriak, eta honek onetsi egiten zuen burezurraren oszilazio erritmikoz, artegatasun hori alde batera uztera behartu zuen. Bestalde, diakono burugoiak, hain fisiko erakargarrikoa zenak, bere hitzaldi luzearekin jarraitu zuen.

        — Derrigorrezkoa da guretzat eskerrak ematea Mariskal Raiskoari, Lavalgo Jaunari, Brienneko kondeari, Zerua betetzeko haren ekarpenagatik. Zerua, Illustrissima Signora, urri dago kerubinez. Garaia txarra da; gazteria galdu egiten da; Ehun Urteko Gerra emankorra izan da tentaziotan; haurrak gerrara eta handi izatera bakarrik jolasten dira; hiltzea, behartzea, bahitzea, bortxatzea, neska-galtzea dute beren ametsa. Ondorioz, gainbera dator aingeru-hornizioa. Ez dago kerubin eder berririk. Produkzioa bajan dago. Eta baroiak, oso epe laburrean, berrehun eta berrogeita hamar kerubin inguru eman dizkigu. Haren eskuetatik igo ziren, zuzen-zuzenean, zerutar onibarretara. Nola ez ba azaldu hari gure esker ona bere ekarpen baliotsuagatik? Santuaren eginkizuna, Zerua arima garbien bidez kolonizatzea da. Hark hain eraginkortasun azkarrez jokatu izan ez balu, egon gaitezen ziur eroriko zirela, zegokien garaian, Deabruaren atzapar ankerretan. Iritsiko ziratekeen, zalantza gabe, helduarora eta zahartzarora, eta bekatuzko lohiaz beteak agurtuko ziratekeen mundutik. Messire Raiskoaren karitate ulerkorrak oztopatu zuen hori. Hark eskaini zizkien, ezin dezaket esan ukitu gabeak zirenik gorputzez, baina bai ukitu gabeak izpirituz (eta hori da axola duena) Zeruko eskoadroientzat. Erreklutatzaile paregabea izan da eta hornitzaile fina, eta hari esker milizia zoriontsuak gaztetxo talde gozo batez aberastu ziren, eta hauek, gaur egun, beren hego leunak lotu, eta Paradisuan joan eta etorri ibiltzeko eta Jainkoari atsegin emateko erabiltzen dituzte. Gilles Raisko Baroiak aparteko jakinduriaz jokatu zuen. Baliteke batzuek, oker noski (eta hauen artean nabarmentzen dira auzitegi bidegabeetara behartu zutenak), haren metodoak kritikatzea. Ez, ordea, horrelakorik Monsignore Belfegak. Monsignore Belfega maisua da. Ez dago begiratzea besterik miresteko. Monsignore Belfegak askatu zuen, iraunkortasun finez, Santa Joana izango denaren lagun ezin hobearen bizitzaren eta prozesuaren irazkia edo azpikeria. Honen adimen zolian sortu zen Lavalgo Jaunaren, zerutar hornitzaile ospetsuaren kanonizazioaren pentsamendua. Pentsamendu horrek harrerarik beroena aurkitu du dagoeneko bisitatu ditugun lekuetan, eta San Gilles Raiskoaren irudia hasia da pintatzen, grabatzen, zizelatzen eta banatua izaten etxe zuhur eta deboziozkoetan. Normala denez, hain proiektu izugarriak ez du helburu berehala konkretatzea. Denbora igaroko da, oraindik, harriaren gogortasunez jalki baino lehen. Baina guk ez dugu amore emango; alderantziz, aurrera segiko dugu, haren apostolu gisa, gure kerubinen laguntza inmaterialarekin, lur zabalean zehar ibiliz, eta sinadurak bildu eta bilduz; hauek abalatuko dute gure eskabide zoriontsua. Hauek dira, Signora Baronesa, orain arte bildu ditugunak.

        Txalo egin zuen, eta Leviatanek eta Beeltzebulek, pergamino luze-luze bat zabaldu zuten urrutira, eta honen erroiluak aretoan zehar errodatu zuen; Luzifer bera entretenitua zen pergaminoan izenpeko nahastuak zirriborratzen.

        Iluntzen ari zen aretoa eta damek hiru zuzi ekarri zituzten eta hauek argitasun zalantzati bat erantsi zioten.

        — Sekula-sekula ez hiru kandela! —protestatu zuen Mammonek—; ezta ezergatik ere, ze iragarpen txarra baitarkate. Antzina, horietan Parken sinboloari antzematen zitzaion. Gainera, alferreko gastua adierazten dute.

        Pauso batzuk eman, eta bi itzali zituen.

        Thouarsko Madame Katalinak hatz odolgabeak bihurritu zituen. Haren zurbiltasuna hazpegiak pizten zizkion gorritasun batek ordezkau zuen. Horretaz ohartu zirelarik, demonioek haize eman zioten ostruka flabeloen bidez.

        — Diakono Jaunak esaten didana, Monseigneur Belfegaren izenean, hain da berezia, hain ustekabekoa, ze lanak ematen dizkit bat-batean liseritzeak. Arren erregutzen dizuek har dezazuela Tiffaugesko ostatua, arlotea bada ere, arazoaren gainean hitz egin dezagun. Oraintxetik, ziurtatzen dizuet hunkituta nagoela. Esaten nuen ba nik, ez nuela irrist egin Gillesekin ezkontzean! Hark bahi nintzan utzi nuen hamasei urte nituela! Epaile horiek! Nantesko Gotzain hori! Bretaianiako Duke madarikatu hori! Oraingoz ahul sentitzen naiz eta sinkopetik hurbil...

        — Hemen instalatuko gara beharrezkoa den denboran.

        Damak eskuzorro zurrunari muin eman zion berriro, eta demonioak joan egin ziren, alabardariak aurretik zituztela. Aurrez hauteman ahal izan zuten Baronesak ispilua eta orrazia eskatzen zituela. Gaua gazteluar turismoa egiten eman zuten, ze utopikoa iruditu baitzitzaien asignaturiko geletan lo egitea, zaborraz beteak eta altzarietan zurtz. Ganbaretako batean besahezur txiki bat, perone txiki bat eta metakarpo fin bat aurkitu zituzten; hauek bildu egin zituen Leviatanek idunekoa egiteko, ze zortea ekarriko zutela pentsatu baitzuen. Gero Infernuko printzeek alabardariak horditu eta datoetan jokatu zuten eurekin, zeukaten apurra irabazi zietelarik.

        Goizean, Madame Katalinak hauen presentzia eskatu zuen eta hara joan ziren, gau osoan begirik itxi gabe, baina arrandia berdinez. Belfegor artean esnatu gabea zen; ez zen esnatu basoa utzi zutenetik.

        Baronesak bere itxuran zenbait aldaketa sartu zituela ikusi zuten. Andereak eta honen dama zaharrek soineko gorriak beste zuri batzuengatik trukatuak zituzten, alarguntzakoak, eta Andereak desehortziak zituen, auskalo nondik, zenbait bitxi apal, lukurarien harrapaketari ebatsiak. Adatsak motots kiribilduetan banatuak zituen eta ukendu edo edergarriak erabili zituela nabaritzen zen zurbiltasunari aurre egiteko.

        Aurreko egunean bezala kotatu ziren demonioak; Beeltzebulek gosari oparoa atera zuen; Satanek tximiniako sua bizkortu zuen; euli demoniodunak Belfegorren mitraren gainean pausatu ziren, hau erlauntza berde gisa mozorrutuz; eta Luziferrek, Andere Mariskalaren eskariz, bere oratoriari berrekin zion, hitzaldia zenbait erantskinez dotoretuz.

        — Kalkulaezina da —seinalatu zuen— zein muga arranditsuetara iritsiko zatekeen Baroiaren metaketa serafikoa, baldin urkatzailearen esku adeigabea tartean sartu izan ez balitz, honen karrera hornitzailea etetera. Agian mila, agian bi mila haur hegodun guri-guri! Auskako! Haren etsaien bekaizkeria makurrak —hemen Luziferrek zeharka Leviatani begiratu zion— oztopatu zuen hori. Ez zuten barkatu, ez haren etekin artetsua, ez haren asmo santua. Zer? Haizearen loria edateaz gainera Orleansen, Patayn, Jargeaun; Karkos VIII.aren koroatzean buru izateaz gainera, Santa Joanarekin; erreinuko ondarerik harrigarriena bere apetara eduki eta poltsatik ateratzeaz gainera; lurralde frantseseko Andererik Txit Prestuenarekin ezkontzeaz gainera; eta hiru probintziatako izakirik lirainenak nahi bezala eskura eduki ondoren: oraindik harena izan behar al zuen santutasunaren ezin zimelduzko aureolak? Ez, ez, bukaera ipini beharra zegoen lehenbailehen biografia horren distirari. Ezabatu beharra zegoen, merituak metatuz segi ez zezan, oztopatu beharra zegoen. Eta bekaizkeriaz, exekutatu egin zuten. Ez genuke egon nahi haren salatzaileen, haren epaileen mamu-arroparen barruan, Jainkoaren aurrean kontuak ematea tokatuko zaienean.

        Thouarsko Madamek irentsi egin zituen Luziferren hitzak. Aulkian tente jarri zen; nahi gabe, jarrera piktorikoak hartu zituen; odola, bero-bero, borborka jariatzen zitzaion zainetan zehar; dir-dir egiten zuen haren begietako altzairuak. Bien bitartean, areto nagusian, bi soldaduen eztulak eta purrustadak entzun ziren; hauek mustuka luzeez baliatuz, armiarma-sareen aurka borrokan baitzebiltzan. Halaber, tresken kolpeak, zorrotaden hots ozena, karraskarien kurrixkak entzuten ziren. Egoitza txukuntzen ziharduten; ezkutuak garbitu, panopliak distirarazi, arbaso kondestableen eskulturak higienizatu zituzten.

        — Sermoi honek —esan zuen Baronesak— on izugarria egin dit.

        — Har bitza otarteko batzuk —iradoki zion Beeltzebulek.

        Ondoko egunetan, anderearen buruko harrokeriaren landarearen umotzearen eta loratzearen lekuko izan ziren demonioak. Aurrerapen hau koloretearen areagotzearekin batera gertatu zen. Begiak, masailak, ahoa pintatu zituen. Orrazkera konplikatu zuen. Igoarazia zuen sototik, Gillesek Reimsen, Saint Rémyko Anpulu Santua eraman zuenean harrotasunez erakutsitako armadura beltza. Igurtzi eta distira ateratzeko agindu zuen harik eta txinpartak bota zituen arte, eta ingurunean, aldarean bezala, zuzi luzeak piztu ziren. Era berean, agindu zuen ekartzeko tronu urrekara, Erregeak okupa zezan Gillesek berak enkargatu zuena, «Orleansko Setioaren Misterioaren» lehen emanaldikoan, eta hantxe eseri zen, eta pipiak oxkarratzen zituen erbinude zuriz jantzi zen. Madame Katalinak sugarra botatzen zuen, aramadurak bezala, edo esmalte, amatista, lapis lazuli eta opaloz egina bailegoen. Harrokeriaz eldarniatzen zuen. Jada ez zien muin ematen Monsignore Belfegaren eraztunei; demonioek, sartzerakoan, eskuetan muin eman beharra zeukaten andereari.

        — Santu, santu, santua —kantatzen zuen—, santua da Jaun Raiskoa! Bedeinkatuak haren izena argitzen dutenak!

        — Eta santua era berean —proposatu zion Luziferrek— Thouarsko Anderea.

        — Santua bera ere! Thouarstarrok gurutzadei lagundu diegu hiru bizkonderekin. Lirio loreek estaltzen dute gure armarria. Denak santuak! Baina inor baino santuago, Gilles Raiskoa!

        Ito beharrean zeukan harropuzkeriak. Ez zen bere baitan kabitzen. Belauniko hitz egin behar zitzaion. Sudurrak zabalduz eta zorabiatuz arnasten zuen apenaren, mendekuaren lurrin atsegingarria.

        Gauzak horrela, Luziferrek iritzi zuen bete-betean asmatu zuela. Astebete osoa igaroa zuten Tiffaugesen eta bidaiari berrekin beharra zegoen. Hala, agur esatera hurbildu zitzaizkion. Ia gertatu zen orduan intzidente gozakaitz bat, eszenaren adeitasuna ilunduko zukeen zerbait. Belfegorrek, eutsi gabe eta esnatu gabe, erraien sakon-sakonetik zetorren hots bat askatu zuen. Demonioek doministikuka, takoi-hotsa ateratzeari, enborrak mugitzeari ekin zioten; gero, sosegatuta, anderearen aurrean desfilatu zuten. Madame bertan gera zitezen saiatu zen. Ezin zuen ase Luziferren goraipamenezko erretorikak; gehiago eta gehiago eskatzen zuen. Idolo bat zirudien, intsentsuaren bafadek inguratzen zuten tronuan. Joan beharra zeukatela jakinarazi zioten, hala eskatzen baitzuen zegokien misioak.

        — Lehen —eskatu zuen Baronesak—, erregutzen dizuet gera zaiteztela saihestezineko ikuskizun labur bat ikusteko.

        Ahotsa altxatu eta agindu bat eman zuen, eta alabardariak sartu ziren. Laurogeitaka urteko ohoreko damak zekartzaten ileetatik arrastaka eta gerritik gora biluzik.

        — Bi sorgin hauek, bi azti hauek, bi furfuria hipokrita hauek, hiru urtez oinazetu naute, zehazki San Gillesen gorputza urkamendian hilezkortu zenetik. Beren maina eta zizpuruz eraso zidaten; beren isiltasun negartiekin erotu ninduten; beren erostari zital baldintza nazkagarrira murriztu nahi izan ninduten; errukarri sentiarazi ninduten, nor eta ni, Raisko Baronesa, Brienneko Kondesa, Lavalgo Anderea, Tiffaugesko... Beren zigorra hartuko dute orain.

        Alabardariek zartailuak astindu zituzten —agian Baroiak haragi gazteagoen gainean erabiliak— eta ohoreko damak jipoitzeko gozamenera eman ziren. Bistan geratu zen, beren berotasunagatik, horrela, aspaldiko gogo bat asetzen zutela. Atsoen garrasiek, Madame Katalinaren barre kirrinkariarekin nahasian, eskoltatu zituzten demonioak, eskailera kiribil bihurria jaisten zuten bitartean. Patioan, adeitasunez zoriondu zuten Luzifer (Leviatan izan zen urriena). Gero basoko soilunera zeraman bidea hartu zuten berriro, han utziak baitzituzten zamariak. Tipi-tapa zihoazela, Belfegor esnatu egin zen; eskuak burura eraman zituen; adarren ordez mitra ukitu zuen; elizgizonez inguratua aurkitu zen; eta harrituta eta artean sorgorturik, jakin nahi izan zuen:

        — Zer da hau? Nor zarete zuek?

        — Buona sera, Monsignore Belfega —esan zion Luziferrek.

 

 

 

© M. Mújica Lainez

© itzulpenarena: Joxe Migel Esnaola

 

 

"M. Mújica Lainez / Zazpi demonioen bidaia" orrialde nagusia