Bat

BIDAIA

 

        Pandemoniumeko atean zain zeuzkaten hegodun zamariak, eta berauen gainera igotzera joan ziren korrika, giro kiskalgarri hartatik lehenbailehen ihes egin eta deabru kozkorren jakinguratik libratzeko; izan ere, hauek, kazetari bandada iduri —bakarren batek grabagailua eta guzti zekarren— inguratu egin baitzituzten, deialdiaren zergatiaren gainean berriak jakin nahian. Mefistotelesen aprendizek jauzi eta ipursaltoka ekin zioten eta gorputzak ebatsi zizkieten suteei. Inguruneari erre usaina zerion, eta zazpi demonioetako lehiatsuenak berak ere, esate baterako, Luzifer eta Satan, eztulka eta negar-zotinka eta palpitazioak sumatzen hasi ziren, horrenbesterainokoxea baitzen ganbara zuriko tenperaturaren eta han nagusi zen sumin goriaren arteko kontrastea.

        Belfegor izan zen garraiorik behar izan ez zuen bakarra. Honen andei eusten zieten lau tximinoek beren hego iletsuak zabaldu zituzten, eta erdi lo zegoen andre mardulak karei-oskol astuna egokitu eta begiak itxi zituen, ibilgailua airean gora igotzen zen bitartean. Gainerakoek zamarien gainera salto egin zuten: Luziferrek grifoaren gainera, erdi arranoa eta erdi lehoia; Satanek, ezkata urdindun sugearen gainera; Mammonek, Urrezko Ardilarruaren erreprodukzio mekanikoaren gainera; Asmodeok, sirena probokatzailearen gainera: Leviatanek, belus eskarlataz jantzitako apotzarraren gainera; eta Beeltzebulek, zezen asiriarraren gainera (asiriarra bera bezalaxe), gizon-aurpegi bizardunarekin, eta laster zeharkatu zuten hegan sutzar ikaragarri zabalaren gaina, zeinaren bihotzean nabaritzen diren, izoztz-puska bakartiak iduri, Deabruaren jauregiko kristalak.

        Behean, lurrin artean, lautada eta sumendiekin, haitzulo eta harkaitzekin, inperioa hedatzen zen, zeinetako printze baitziren. Hark guztiak oso garrantzi handiko enpresaren inpresioa ematen zuen, labe piztu, biltegi, gordetegi, martxan zebiltzan ibilgailu, tximinia ketsu eta arragoa piloagatik, zeinetan orro egiten zuen fundizioko metalak. Jendetza erregimentatuek bertako sektore desberdinak korritzen zituzten, zubiak zeharkatzen zituzten, bastioien gainera igotzen ziren, goardiek gidatuta, eta hau begipean izatean, ulertzen zen Deabruaren kezka, ze honen obra, hain zabala eta konplexua, industri eta suhar erritmoa urritu eta anabasa-leku bihur baitzitekeen. Zazpiek beraiek berretsi zuten hau; eta beren errua ziurtatzen zuen ikuspegia ezabatzeko, hegoak astindu eta zamariak ezproiatu zituzten. Asmodeoren sirena eta Beeltzebulen zezen bizarduna atsekabetu egin ziren; Satanen suge urdinak haginkada pozoitsu bat bota zion Almirantearen apoari; eta igotzen jarraitu zuten, gero eta gorago, harik eta infernuko ibaiak —Stix, Akeronte, Kozito, Flageton eta, mugetan, Leteo— mehetu eta xingola lanbrotsu bihurtu ziren arte. Baina laster baretu behar izan zuten hegodun propultsioa, ze Akeronte ibaia ez baita gurutzatzen goitik, untzian baizik, gauza jakin askoa, eta beheratze eta lurreratzeari ekin zioten, Mammonek, zekenak, gainerakoek baino zailtasun handiagoz, bere kotoi sareztatuzko hegoen kalitate ezin txarragoagatik.

        Bazekarren Karontek bere untzi famatua eta bazihoazen txartelak erostera, Asmodeo lizunak geldiarazi zituenean.

        — Abiatu baino lehen —esan zuen— hemen inguruan bizi diren bi gizatiarrekin erlazionaturiko misio kozkor bat bete beharra daukat, eta erregutzen diet Berorien Gorentasunei etor daitezela nirekin.

        Hala egin zuten gainerakoek, marmarka isildu gabe, noski, ze demonioak, izatez, kontraesanera emanak baitira, eta ibilaldi labur baten ondoren haitzulo ilun batean sartu ziren. Bertan bi gizaki zahar bizi ziren, gizonezkoa eta emakumea, batere arroparik gabe; honek haien anatomien hondamen tristea nabarmentzen zuen, izan ere, armiarma-sare oso zaharrek biltzen baitzituzten. Une horretan, ez esfortzu txikiarekin, espeziearen ugalpenak exijitzen duen ohiko lanean ziharduten, eta beren zahar nahaspilak eskainitako ikuskizuna ez zen atsegina.

        — Hauek —azaldu zuen demonioak— Francesca da Rimini eta Paolo Malatesta, ezkonsenide lizunak dira. Berorien Gorentasunek gogoan edukiko dute bosgarren kantu danteskoa; honek amaierarik gabeko ekaitzak, «infernuko purrustadak» arrastatzen dituela deskribatzen ditu, eta zirimolak bere barruan daramatza Semiramis, Dido, Kleopatra, Troiako Helena, Akiles, Paris, Tristan eta mila errainutik gora. A zer nolako aldea haren kontzepzio poetikoaren eta nik asmatutako errealitatearen artean! Zeinen desberdina eta zenbat lazgarriago den hauen egiazko zigorra! «Jainkotiar Komedian», hauen zigorra zorigaitzean zoriontasunaldia gogoratzean datza, «Nessum maggior dolore», etab... Erka bezate, Gorentasunok, egia zehatzarekin, eta aitor bezate nire irudimena ez zela motz geratu hauen tortura asmatzean. Hauen eskarmentua zahartu eta zahartuz jarraitzean datza, elkarren ondoan beti, eta koitoa egunean hiru bider betetzean, beren elementu zimelduekin eta ordutegi finko baten arabera. Jakina, honek ez du kentzen, beren zoriontasunaldia atsekabez gogoratzea, hots, elkar maitatzea debekaturik zeukaten garaia.

        Noble italiar, ezagutezin, ahul, izerditsuek, beren gorputzatal errukarriak askatu eta begirada galduaz kontenplatu zuten konpainia ospetsua. Kondenatuetara zuzendu zen Asmodeo, atzaparra txerri-muturretik eta untxi-belarrietatik pasatuz.

        — Betiereko usapalok —azaldu zuen—, hemen ez naizen bitartean ahaz ez nazazuen, koloretako postal polit bat ekarri dizuet. Ary Scheffer erromantikoak 1822an margotutako oleoaren erreprodukzioa da eta Louvreko Museoaren bisitarien sentsualitatea horrenbeste hunkitzen duena bere kadentzia apaingarriarekin. Jakingo duzuenez, zuen gertaerak inspiratu zuen Alighieriren poeman. Erreparaiozue. Erreparaiezue Paoloren gorputz beltzaran ederrari, Francescaren leuntasun finari eta honen bolizko bularrei. Zeinen liraintasun gaztez egiten duten hegan eta nola besarkatzen duten elkar! Ah, literatura! Erka ezazue hauen egoera zuenarekin, izorra zaitezte, eta jarraitu huts egin gabe zeuon eguneroko betebehar hirukoitza betetzen, ze jakiten badut, nire itzulerakoan, ez duzuela bete, behartua aurkituko bainaiz laura igotzera zuen eguneroko betebeharrak.

        Zezelka ekin zioten maitaleek, zotin artean. Batak besteari postala pasatu eta mainak egin zituzten; azkenean Asmodeok, zinta itsasgarriaz baliatuz, horman erantsi zuen postala. Demonioek gozatu eta txaloka ekin zioten eta Leviatan horitu egin zen bekaizkeriaz. Gero bidaiariak Akeronte ibaiaren ertzerantz aldendu ziren.

        Han, eztabaida labur bat gertatu zen, zekenak ez baitzuen ordaindu nahi zeharkaldiaren zerga, harik eta Satanek, amorrazioz dardarka, zerga ordaindu zuen arte, eta Leviatanek zegokion Almirante Nagusiaren urtar izaeragatik gastuaz salbuetsia izatea nahi zuelako, baina ez zion ezertarako balio izan uniformeak. Deabruak zigilatutako eskuak erakutsi, eta denak sartu ziren untzian, tximino, sirena, Ardilarru, grifo, suge, zezen eta apoarekin. Bazihoazen infernutik. Bazihoazen beren babeslekutik.

        Beeltzebul potzoloak malko bat xukatu zuen irensteari utzi gabe:

        — Zer ote dugu orain? —marmar egin zuen.

        Eta etzandako Belfegorrek zurrunga batez erantzun zion.

        Beste ertzean, hegoei eragin eta zamalkatzeari ekin zioten berriro. Multzo trinko bat eratuz igo ziren, astiro eta erritmikoki mugitzen zen helize eta hego askoko mekanismo aerostatiko bat bailiren. Honen erdian Belfegorren etzaleku migratzailea nabarmendu zen; honen marmota-larruzko hegoak ere lo zeuden, eta bere azpian sirenaren eta suge urdinaren buztanek dar-dar egin zuten. Arranditsu eta dotore nabigatu zuten eterrean zehar. Haizeak Luzifer eskulturalaren kapa gardena zabaldu zuen, harrokeriaz puztua, eta honen bilbe sotilaren eta marrazki heraldikoetan zehar, izarrak azaldu ziren errubiekin nahasian. Beeltzebulen euli berde bereiztezinak burrunbaka zebiltzan inguruan, eta demoniek esku zartaka uxatu zituzten.

        Laster, zerua mirariz bete zen. Orain aerolito distiratsuen harri zaparrada zen, edo Feboren gurdi urrekara, arrapaladan zerua zeharkatzen zuena, edo makina bitxi bat, Lurreko, Martitzeko edo Artizarreko izakiz tripulatua, edo maitagarri eta silfo multzo bat, edo arima atsekabetuzko espiral bat, behetik gora zetozenak epai zitzaten.

        — Gorentasunok —oihu egin zuen Leviatan jeloskorrak—, bistakoa da espaziuntzietako horiek gu baino hobeto doazela! Zer deritzozue suntsituko bagenitu?

        Hori ez zuen onartu Satanek. Bidaiaren hasieran kirol-entretenigarriak ugariak baziren, zegokien helmugatik arinkeriaz aldenduko ziratekeen. Almirate krokodiloak haserretu eta dominak astindu zituen hotsa ateraraziz, baina erantzuna eman baino lehen, tripazaina tartekatu zen; hau demonioen artean on puska bat da (izan ere, Sabelkeria «monjearen bekatu» gisa definitu ohi baita) eta, ahoa betea zuela, proposatu zuen:

        — Zer deritze beroriei elkarren artean, «Gorentasuna», deitu ordez, batak besteari, sinpleki, «adiskidea», deitzen badiogu. Sinpatikoago izango litzateke.

        Hor sortu zen iskanbila, ez mila demonioena, zazpirena baizik. Nola burura zekiokeen astakeria lotsagarri hori, deskortesia hori, diplomazia falta hori, erokeria hori, euren arteko bati? Ez ote da ba, agian, Infernua erakunde aristokratikoetan aristokratikoena? Egia Beeltzebul zazpi demonioen artean eskasena izateagatik nabaritzen zela, baina... nolanahi ere... hori atrebentzia!

        — Gorentasunak gara eta Gorentasunak izango gara, aladeabrua! —orro egin zuen Luziferrek, eta berriro bere kapa infinituko ekaitzari eskaini zion. Beeltzebulek mastekatzen ari zena irentsi zuen, nahastuta. Belfegorrek nagiak atera zituen; zegokion Jainko Crepitus kalitateaz oroitu zen eta, Dantek dioen bezala, «del cul trombetta» egin zuen, naturalki eta ozartasunez, eta hori Beeltzebulen mozioaren aurkako boto bat gehiagotzat hartu zen, eta honen eztizko hegoen gainean euliak pausatu ziren. Harroaren mantuaren eta honen ikatz bitxi apaingarrien atzetik, Zodiakoa zutitu zen, planeta nagusien eta hamabi konstelazioen zerutar eremuan biratzen den gurpil magikoa, heroi, animalia eta sinboloekin, ederra, ikaragarrizko bitxi bat bezala. Almiranteak kataloxa bat sortu zuen, eskuz esku zirkulatu zuena. Honen lentean, Lurra, biribila, dantzari kaskasoil baten burua bezala biratzen zen.

        Martxa azkartu zuten. Zekenak zamalkatzen zuen Urrezko Ardilarru motoreduna dardarka eta txinpartak jaurtitzen hasi zen, erregairik ezaz, ze erregaia garestia baita. Gizonezko aurpegidun zezenak laztanki begiztatu zuen sirena eta bere bizar asiriarrekin igurtzi zuen. Multzokatu ziren hodeiak eta, xir-xir, euri bizia hasi zuen. Jada bereizten zituzten ubideak, etxaldeak, soroak, harresiak, monastegiak, katedralak. Leviatan krokodiloak, Heresien Buruzagi Gorenak, bere kataloxa hartu eta kutunak banatu zituen. Bat-batean, erlojuaren txilinak jo zuen, Belfegorri jauzi bat eginaraziz bere anda hegodunetan.

        — Zer gertatzen da? —galdetu zuen nagiak— non aurkitzen gara?

        Asmodeok zabaldu zuen mapa eta lurralde bat argitu zen.

        — Frantzian —esan zuen— aurkitzen gara, Poitou probintziaren gainean.

        Kronometroa kontsultatu eta gehitu zuen: —1443. urtea. Fin du Moyen-Age, comencement des Temps Modernes.

        Luziferrek laka gorrizko kutxa japoniarra astindu eta fitxa bat atera zuen:

        — «Harrokeria» —irakurri zuen—. Niri tokatzen zait eta logikoa da. Zorteak ordena hierarkikoa errespetatzen du. Harrokeria aurrean doa beti.

        Azkazal zorrotzeko eskuak igurtzi zituen. —Ikusiko dugu zertaz den, Gorentasunok... eta zuk, adiskide Gorentasun horrek.

        Poliki-poliki, beheratzeari ekin zioten, «Gazteria Demonisten Martxa» kantatuz. Dibertitzeko, Asmodeo metamorfoseatu egin zen, orain dontzel, orain dontzeila, biluzik biak, lizun nola bata hala bestea. Eragin horren menpe, zezenak eta sirenak elkar besarkatu zuten. Naretu ziren azkenean motoredun hegoak, eta lanbroak babestutako baso zahar eta zurbil bateko soilune batean baratu ziren ibiltariak.

 

 

 

© M. Mújica Lainez

© itzulpenarena: Joxe Migel Esnaola

 

 

"M. Mújica Lainez / Zazpi demonioen bidaia" orrialde nagusia