«Ezer ez xaloagorik entretenitzeko liburu bat moldatzea baino entretenituko ez badu ere. Berau ez irakutzearekin saihestuko du pertsona zuhur orok nik eragin niezaiokeen kaltea. Nire asmoa ez da ezer irakastea, ezta ezer frogatzea ere. Inork liburu honen irakurketatik ondorioak edo irakaspenak ateratzen baditu, bera izango da berauen erantzulea, eta ez ni.»

Juan Valera

 

 

HITZAURREA

 

        Egoitza, egiazki, deabruzkoa zen, erronka jo eta iruzur egiten baitzien perspektiba logikoaren legeei. Kontua da ez zeukala amaierarik, kontrajarritako ezin konta ahal ispiluk biderkatuko balute bezala, bertan ispilu bat bakarra ere ez zegoen arren. Bazen, ordea, hainbat leiho ilara, leiho gotiko estu horietakoak, betiereko tuneletan galtzen zirenak, eta estilorik kristauenaren karikatura eta isekarako jarriak han, seguraski. Zirrikitu horiek dardaraz zeudela ematen zuen; hauen uhindura bitxia kanpoko suteen eta bertatik igotzen ziren mihi kulunkarien ondorioa zen. Baina sua ez zen garbi ikusten, beira lodien kontra pilatutako aurpegi mordoagatik. Aurpegi haiek, agian gizonezkoenak, agian emakumezkoenak, lakrearen eta kearen kolorea zeukaten eta keinu groteskotan itxuragabetzen ziren. Begi gori eta gosekilek argitzen zituzten aurpegiok. Kanpoan, egoitza isolatuaren inguruan, aiene, lantu eta barre basatiak areagotuz zihoazen, baina gortina zuri lodiek diluitzen zituzten, hozteko tresnen burrunbarekin nahastutako murmuriotan, harik eta, bat-batean, inguruko ahotsak zorroztu eta garrasi luze eta biziagoan burrunba egiteraino iritsi eta ganbaraz jabetzen ziren arte.

        Dena zen zuria, barruko espazioak infernuko zuritasun konbentzionala zeukan: zuriak ziren tapizak, oihal zintzilikariak, alfonbrak, altzari urriak; azken hauek, marmoletan zizelatuak izan balira bezain astunak. Harrera ofizialetako aretoan antzigarrezko baldakindun tronu moduko bat gailentzen zen, zeinak aldi berean ileapaintzailearen besaulkiaren eta dentistaren besaulkiaren ezaugarriak baitzeuzkan, bere metalezko egitura konplexua osatzen zuten tramankulu mekaniko mordoagatik. Honen oinetan, kuxin bordatu bat nabari zen, tiara pontifikal moduan. Amaierarik gabeko elur-koloreko kontsolaren gainean Danteren eta Miltonen busto zurbilak zeuden, buruz behera jarrita, eta erdian esekita Goetheren erretratua asto-belarriekin. Arabesko modura, letra zilarkarek lotzen zuten honen diseinua, eta, paretetan eta hauek hornitzen zituzten orletan gora igoz, ezagutzen ditugun hizkuntzetan eta ez dakizkigun beste askotan, gizakiek eta hala ez direnek imajinatutako birao infinitoak osatzen zituzten.

        Librea zuriz jantzitako morroi isilek, perladun belarriak ahuntz hanketan lotuta, inolako oinetakorik erabili ezin zutelako, altzarien artean zirkulatzen zuten, eta, tarteka, mimika arranditsuari uko egin gabe, gona handiak jaso eta atzealde biluz eta iletsua erakusten zieten poeten bustoei. Doministiku egiten zuten, ze hozketa gehiegizkoa baitzen, jauregia setiatzen zuen erreminarekin kontrastasunean, eta sudur gardunak zintzatzen zituzten banpiro hegozko sudurzapiekin. Bat Infernuko pontxe famatua irabiatzen ari zen, eta ontzitik, burduntzaliaren eraginaldi bakoitzeko, sugar urdinak ateratzen ziren, eta gainerako zerbitzariek, nagusia artean han ez zegoela aprobetxatuz, pertzaren inguruan bildu eta hatz zurrunak luzatzen zituzten berogune hartarantz, gelako hotza gero eta handiago baitzen minutuak igaro ahala.

        Ez zuen iraun olgantzak. Ez jakin nondik sortuak, baina agian ojiba leihoak ia irisatzen ez ziren lainoaren atzetik, bertako monarka eta honen segizioa azaldu ziren.

        Deabrua aurrean zetorren, franela grisezko traje gurutzatua dotore luzituz. Gorbata gorriak eta papar-hegaleko tonu bereko errosetak (Ohoreko Legioa iduri) hausten zuten haren jantziaren neurritasuna. Erbinude zuriaren larruz estaltzen zen, baina sartu orduko erantzi egin zituzten arropak, Infernuko lege nagusietako baten arabera debekatua baitago, inor, ezta nagusia bera ere, eroso egotea distritu zentraleko ezein lekutan. Deabrua dardarka hasi zen, bere jarraitzaileak bezalaxe. Hades, Sheol, Tartaro, Abernu, Orko, Baratro edo Gehenako udal horretan (deitu nahiago den eran), aukera egin beharra dago txingarren berotasun itogarrienaren eta Deabrua eta honen segizioa bizi diren Pandemonium jauregiko izotzik beltzenaren artean. Hobeto esanda: aire jelatuaren aldeko aukera egin dezakeen bakarra Deabrua bera da, eta azken hau aukeratzen badu, bere joera aristokratikoak hartaratzen duelako baizik ez da; alegia, hesiz kanpo, neurririk gabeko errekuntza jasaten dutenengandik bereizteko.

        Beraz, nagusia, dardarka, besaulki ileapaindegiko eta odontologikoan zabal-zabal jarri zen ahuntz-hankak (bere zerbitzarienak bezalakoak baitzeuzkan) aitasantu kuxinean finkatu ondoren. Argimutil faliko batzuk inguratu zizkioten, eta hauen argitan pertsonaia agurgarriaren fisonomia nabarmendu zen. Bere aurpegia islatu zen, bizarra kenduta, brontzeztatua, orban beltz bat izan ezik, zeina Luterok jaurtitako tintak egin baitzion, ondotxo ezaguna den pasadizo batean. Kopetaren ardatzean zulo sakon bat zeukan, aurreiritzirik gabeko zenbait iruzkintzailek dioenez, hantxe tartekatua egondako esmeralda batek utzia, eta zeru-goietatik egotzia izatean galdu zuena. Harria, geroago, Grial Santuaren kaliza tailatzeko erabiliko zen... baina hau, Deabruari dagokion guztia bezalaxe, eztabaidagarria da: seguruena zera da, sakonunea egun gogoangarri hartan hartutako kolpearen arrastoa izatea. Begiratze hutsez nabari zen, bereziki ederra izana zela bere serafiko garaian, eta, edertasunezko iragana ezagutu duten zaharrekin gertatu ohi den bezala, itxura oneko mutil gazte bati dagozkion jarrerak hartzen zituen. Ilea leuntzen zuen hiru adarren artean, bufaloaren biak alde banatan, eta erdikoa bihurritua; esku leun kizkitsuak arakatzen zituen; begi beltz-beltz kiskaliak igurtzitzen zituen; lirain kontserbatutako gerrirantz jaisten zituen; hanka bat gurutzatzen zuen aurrena, ondoren bestea; ahoa luzatu eta aktore-hortz faltsuak erakusten zituen. Dardarka zegoen, baina hori aurpegia astintzen zion tik bati zor zitzaiolako itxurak egiten zituen.

        Eskuinaldean, zutik, Adramaletx jarri zitzaion, Infernuko Kantzelari Nagusia, bere agure-aurpegi, miope-betaurreko eta pauma-gorputzarekin; honek isatsa abanikoan zabaltzen zuen behin eta berriro; izugarri harroputza baitzen izan ere, eta oso edertzat zeukan bere burua, art-nouveauko beira-arasaren antzeko zerbait bezala, antza. Behinola asiriarrek gurtu zuten, haurrak inmolatuz haren aldareetan eta ez zeukan ahazteko pribilegio hori. Deabruaren ezkerraldean, berriz, armadura urrekaraz inguratua, kasketa jaitsita, San Jorje distiratsu bat bezala (baina ez), Azazel nabaritu zen, Kerubin handia, Orkoko zutoihalduna, bandera gorria kulunkarazi zuena. Eta ondoren zenbait satiro aurreratu ziren, zeini ostruka lumadun trikornioak sartu baitzizkieten kaskoan, beren biluztasun iletsua erabat gaizki etor ez zedin zeremoniari eman nahi zitzaion gorteko handitasunarekin. Hauen arteko batek zekarren gizagaineko buru-argitasunak asma lezakeen idazmakinarik moderno eta eraginkorrena; beste batzuek, adreilu pilo eta piloak eta zilindroak zekartzaten idazkera kuneiformerako, ze Infernuko etiketa guztiz tradizionalistak zera eskatzen baitu, akta eta deklarazioak prozedura mesopotamiar zail horren arabera kopiatzea; eta hirugarren batzuek zigilu, kutxa eta liburuak zekartzaten.

        Sudurrak kristalen kontra itsatsita eta suak kiskali beharrik eszena hari begira zeudenek, errausketa saihesteko, orain oin bat eta hurrena bestea altxatuz, oso erraz ondorioztatu zuten Deabruak eta honen Kantzelariak eztabaidan jardun zutela, ikusirik Adramaletxek nola zabaltzen eta ixten zituen luma koloretsuak, nola jartzen zuen betoskoa eta okertzen zituen ezpainak. Azkenean, subiranoak agindu zion geldi zezala haize emate urduri hura; horrela atmosfera astintzean, korronte hotza areagotzen zuen eta, gortinak dardaraziz. Obeditu zuen Pauma Kantzelariak, gogo txarrez, noski, baina artean tematu zen zertxobait bereari eutsi nahian, Deabrua sutu egin baitzen, tu egin zuen lurrera, bertatik txinpartak jalgiaraziz, eta oihu egin zuen:

        — Aski da! Egitekorik asko badaukazu nire kanpo-arazoez arduratzen, orain bidaiatu nahi izateko, beste batzuk hemen alferkeria antzuan bizi diren bitartean. Ala zure kide lurtarrak imitatzea bururatu zaizu?; horiek ere edozein aitzakiarekin bulego aspergarria utzi eta ospa egiten dute, kezka izugarriak baleuzkate bezala, turista plantak egitera. Esanak esan, erabakitakoa erabakita dago, eta zalantzarik izan ez dezazun, ekar ditzatela liburuak!

        Adramaletxek marmar egin zuen, mokoarekin lumak leunduz, eta ahapeka gogorazi zuen asiriarrak hobeto portatu zirela berarekin, baina jadanik liburuak Deabruaren aurrean zeuden, eta honek bibliofiloaren fintasunez ferekatzen zituen hauen azalak. Koalitate horixe da, guztiaren gainetik erakustea atsegin duena: fintasuna. «Tratactus de Conffesionibus Maleficorum et Sagarum» argitalpen alemana hartu zuen, Peter Binsfeld ospetsuarena, zeinaren jakinduria Erromako jesuitetatik jasotako hezkuntzan baieztatzen den, eta azaleko grabatua goraipatu zuen. Deklamatuz bezala irakurri zuen: Munich, 1591.

        — Gizon hau —azaldu zuen— autoritate handia izan zen. Ezerk justifikatzen ez duen akats nabarmen bat soilik aurkitzen dut honen liburuan eta da, baieztatzen duela, Deabrua ezin daitekeela azaldu pertsona xalo baten irudipean.

        Barre egin zuten satiroek, idazteko makina eta buztinezko zilindroak egokitzen zituzten bitartean, jaunak esaten zuen guztia berauetan kontsignatzeko. Makina berehalaxe hasi zen bere kasa funtzionatzen, Deabruak diktatzen zuena erroilu batean kopiatuz, letrarik huts egin gabe; fauno artatsu bat, bitartean, puntzoiaz baliatuz, idazkera pertsiar eta asiriarrari dagozkion iltze eta zeinu anitzak buztinean grabatzen ahalegindu zen (zeina gero egosiko zuten).

        Munduko Printzea «Tratactus»eko orrialdeetan atzera eta aurrera ibili zen behar zuena aurkitu arte.

        — Hemen dago —zehaztu zuen—, hemen dago Binsfeld-en sailkapen hau, nire ustez bikainena. Hark demonioen artean banatzen du bekatu nagusien hegemonia (Tomas Aquinokoak, motz geratuz, zerrendetutako zazpiak), honela: Luziferri, Harrokeria; Satani, Hira; Mammoni, Zekenkeria; Asmodeori, Lizunkeria; Beeltzebuli, Sabelkeria; Leviatani, Bekaizkeria; Belfegorri, Nagikeria. Miresgarria da. Nornahik ondorioztatuko luke ezagutu egin dituela, zehatz-mehatz egokitzen baita kofrade horien kalitate eta lehentasunetara. Nola arraio asmatu ahal izan ote zuen? Nork esan ote zion? Infernuan infiltrazioak ote daude ba? —eta Deabruak inguruan begiratu zuen, sakonera hartako sekretuak arakatuko balitu bezala—. Gure sekretuak lurrean zabalduz dabilen traidoreren bat ote dago ba?

        — Dena den —esan zuen Adramaletxek (eta une horretan bere lumek abaniko izugarri bat ziruditen, zabal-zabalik, teatroko avant-scène bateko nakar-itxurako argilunean)— nik uste dut Harrokeria neuri egotz ziezadakeela.

        — Inor ez duk oroitzen hitaz —ihardetsi zuen Deabruak—. Hik nahikoa eta gehiegi daukak Kantzelaritzarekin. Begira, hau «The Magus or Celestial Intelligencer» da, Francis Barret-ena, Londresen 1801ean argitaratua. Hura ere sailkapena egiten saiatu zen, eta Mammoni zirikatzaile eta iruzurtien printzea deritzo; Satani, berriz, haluzinatzaileena, hau da, sorginen eta konjuratzen dutenen buruzagi eta zerbitzaria; eta Beeltzebuli, azkenik, sasijainkoena. Baina honek, egi zantzuren bat baduen arren, ez dauka nondik heldurik. Binsfeld Maisuarekin geratzen naiz, ze hau ez zen alferrik alemana. Argiagoa da, erabakitzaileagoa.

        — Halere —protestatu zuen Kantzelari Nagusiak— hauetako inor ez da sartzen, Beeltzebul izan ezik, Miltonek aipatutako demonio buruzagien zerrendan. Buruz dakit: Molok, Kamos, Baal, Astarot, Astarte, Tammuz, Dagon, Rimnon, Osiris, Horus, Belial.

        Deabruak barrez ekin zion eta paretak dardaratu ziren, han-hemenka, izotz puskak jaurtiz. Besaulkia biratu zuen, mintzatuz eta gelan atzera eta aurrera zebilen bitartean, poetaren bustorantz, zeina buruz behera zegoen ezohiko eszenan, eta sugearen txistuaz txistu joaz, azpimarratu zuen:

        — Horrek ez zeukan ideia arrastorik ere gure berri. He was an old fool. Beste hau bezala da —gehitu zuen, Danteren bustoa seinalatuz— eta pentsatzea bere garaian sinetsi egiten zutela Infernuan izan zelakoa!

        Satiroek ere, losentxariak izaki, barre egin zuten, eta Azazelen, zutoihaldunaren armadura urrekarak, kirrinka egin zuen, barrez lehertu beharrean edo armadura lehertu beharrean.

        — Prest al daude gonbidatuak? —galdetu zuen Deabruak, adarrak igurtziz harizko sudurzapiarekin; hau karmin-koloreko zetaz bordatutako inizialez apaindua zeukan.

        — Beren Gorentasunak berorren aginduen zain daude, Sire —erantzun zuen satiroetako batek.

        — Sar bitez, bada.

        Eta, banan-banan, zazpi demonioak sartu ziren.

        Orduan nabaritu zen, leiho gotikoen kontra sudurrak, zapalak noski, estutzen zituzten alproja txiki haien jakinmina areagotu egin zela, beirak erabat estali baitzituzten, eta ez zen geratu jada sugarren isla izpirik ere azaltzeko zirrikiturik. Ez zegoen han, esan beharrik ez, Deabruaren gudaroste osoa. Areto hartan, itxuraz akaberarik gabea bazen ere, ezingo ziratekeen denak kabitu, kontuan hartuz, Johan Weyer-ek, Clevesko Dukearen medikuak, XVI. mendean, begi-iritzira kalkulatu zuenez, hauen kopurua 7 405 926 lagunekoa dela. Dena den, irakurleak ez beza ahaztu deabru, deabruska, deabrutzar eta deabru kozkor gehienak, sutarrak zein airekoak, urtarrak zein lurpekoak edo heliofoboak solte zebiltzala, inguru-minguru, Munduan zehar —hala ibili ohi diren bezala— intsektu saiatu samalda baten modura, euren izaerari dagozkion lanetan buru-belarri sartuta; eta leihaterietatik zelatan zeudenek, beren buruari, Infernuaren barruan, atseden labur bat emanez egiten zutela hori.

        Haien arreta aurrena, zegokien hierarkiaren arabera, Deabruak eta honen laguntzaile nagusiek osatutako multzoan kontzentratu zen; hauek oso koadro berezia osatu zuten Printzea erdian zela, estalaktitazko baldakin higikorreko aulki ibiltariaren gainean, zeinak, bat-batean, burueuskarria atzera botatzen zuen, bertan zegoen zaldun beltz eta adardunari bizarra kendu edo hagina erauzi behar baliote bezala, eta, brast, metalezko besoa altxatzen zuen, edo biratu, edota hara-hona ibiltzen zen, kuxin pontifikala aurrean zuela, kasuan kasuko premien arabera. Idazmakinak tiki-taka ziharduen gelditu gabe, Deabruaren ahots-inflexio nabariei jarraiki, eta trikorniodun satiro idazkariak, berriz, ahaleginak egiten zituen, bere aldetik, karaktere kuneiformeak ugaltzen, artean egosi gabeko adreiluak bete eta bete ari zela, Artxibo Nagusiko apalategietarako. Adramaletx Kantzelari Nagusiak bere pauma-lumak harrotu eta zabaldu zituen, eta gero, brast, itxi zituen kolpe azkar eta harrosko batez; alderdi bat altxatu eta betaurrekoak atera zituen; eta Azazel serafinak, azkenik, korazako urrea distirarazi, eta aire bizia aprobetxatu zuen bandera estua kulunkatzeko.

        Laburki deskribatu dugun eszena, zalantzarik gabe, bitxia zen arren, bitxiago izan zen oraindik etorri berriek sortu zutena; hauek, bata bestearen jarraian, Infernuko nagusiaren aurrean makurtu ziren. Luzifer, harroa, beltza zen gaua bezala eta bere biluztasun erabateko eta gihartsuz jantzita zegoen. Diamantez jositako koroa eta saguzar-hego zabalak zeuzkan, eta ikatz zatitxoak hauetan tartekatuak. Haren harrokeria nabarmenki erakusten zuten bere mantu gardenean josita zeuzkan elementu heraldikoek: arranoak, lehoiak, grifoak, otsoak, gazteluak, lili-horiak, bere ebanozko zetroan gora ere igotzen zirenak. «Goizaren Semea» deitu zion Isaiasek, eta hain beltza izanik ere, egunsentiaren distira zeukan. Satanek, haserrekorrak, putre-hegoak zeuzkan eta elastiko gorrizko galtzaz jantzita zegoen, krustazeo erraldoi bat iduri, eta haren begi ankerrek aurpegia eta masailak estaltzen zizkion ilaje korapilotsuan distiratzen zuten. Mammon, zekena, eskeletoa nabaritzerainoko argaltasunagatik bereizten zen, apenas estaltzen zuena bere arropa zarpail eta arloteez, eta bereizten zen zertxobait distiratzen zuen edozeri zuzentzen zizkion irrikazko begirada dardartiengatik ere, berdin Deabruaren idazmakinari edota Azazelen armadurari. Asmodeok, lizunak, txerri-muturra eta untxi-belarriak zeuzkan; herrenka zebilen eta ezpainak behin eta berriz miazkatzen zituen, satiroei begirada probokagarriekin erasoz; baina batzuetan emakume edo mutil gazte bihurtzen zen, biak biluzik, eta hain aldakorrak, ze ezinezko gertatzen baitzen haien sexua bereiztea. Beeltzebulek, tripazain aseezinak, koipez lohitutako kapotea zekarren; mahats-girlanda bat kopetaren inguruan; barazki banda bat bularra gurutzatzen ziola; eta saski bat tontorka, bertatik etengabe edozein motatako jakiak mordoka ateratzen zituela, eta hauek irritsez irensten zituen bere ikaragarrizko ahotzarrarekin. Euli berdezko lainoak zebiltzan hegan inguruan. Leviatanek, bekaiztiak, zeina baita Infernuko Kantzelari Nagusia eta Heresien Buruzagi Gorena, sorbalda estuen gainean krokodilo-buru horiari eusten zion eta bere duintasunaren uniforme zuria dena kondekorazio magiko eta distiratsuz betea zeukan. Eta Belfegor, Nagikeriaren demonioa, ez zetorren bakarrik, ahal zela ibiltzea saihesten baitzuen. Hegodun lau tximinok zekartzaten andak, eta han zetzan nagiak atereaz, alferraren alferrez, gorputz handi hura, eme gizen batena iduri, loti eta zurrungari, bizkarretik zintzilik dortoka-oskola zuela. Honela azaldu ziren zazpi demonioak beren nagusiaren aurrean. Ez gara luzatuko orain berauen egiturei buruzko xehetasun gehiagotan. Joango da irakurlea ezagutu eta baloratuz liburu honetan aurreratu ahala, eta deskribatutakoarekin aski da ulertzeko zenbateraino zen bitxia izaki hauen bilkura; honi hegoen astintze leun etengabeak ematen zion bere bibrazioa (zekenarenak kotoizko oihalik merke, zarpail eta arloteenaz eginak; lizunarenak, esmeralda antzeko erraulkiz moldatuak; tripazainarenak, eztia zeriela; Almirante bekaiztiarenak, karabela-olanazkoak; eta nagiarenak, azkenik, marmota-larruzkoak). Txerri eta krokodilo buruek, denetariko atzapar, apaingarri eta ezaugarri polikromatuek bereizten zituzten bata bestetik, baina denek buztan berdinak erakusten zituzten, eta euren ahuntz-hankek, berriz, garbi aldarrikatzen zuten zapatadendarik ez zela Deabruaren jaurerriko eremuetan.

        — Goazen orain audientzia hastera —esan zuen nagusiak, eta Azazelek zutoihal gorriari sigi-saga eragin zion.

        Idazmakina autonomoa, hitzak airean harrapatzen zituena, albo batean zegoen zain, gogo biziz, prest; eta bestean, trikorniodun satiroak puntzoia zorroztu eta beste zilindro bat atondu zuen. Bien bitartean, Bere Maiestatea zeremoniarako jantzi zen, protokoloak agintzen duen erritualaren arabera. Hots, ez zen jantzi, erantzi egin zen. Txalekoa lasatu zuen; beste horrenbeste egin zuen franelazko galtzen kremailerarekin; alkondararen botoiak askatu zituen, eta orduan azaldu zen haren bigarren aurpegia, aurpegi ezkutua, ahoa zilborraren parean marraztua daukana, ikuskor den aurpegiaren berdin-berdina (tintontzi luteranoaren orbana ez edukitzea beste alderik gabe) eta garrantzizko ospakizunetan bakarrik erakusten dena. Aipaturiko sabel-ahoa, batzuetan goikoarekin batera mintzatzen da, eta honek nahasteak eragin ditzake. Momentuz, bi sudurrak doministiku izugarriak egitera mugatu ziren, babesik ezagatik, eta sudur-bortizkeria horiek oihartzuna aurkitu zuten zazpi demonioek botatako doministikuetan, batez ere arroparik gabekoek, Luziferrek eta Asmodeok bota zituztenetan; krokodilo Almiranteari dagokionez, betazalak eta ahutzak malkoz bete zitzaizkion. Azpimarra daiteke, ospakizun bitarte guztian beti aritu zela norbait doministikuka: amorruz Satan; nagikeriaz Belfegor; sabelkeriaz Beeltzebul; milikeriaz Adramaletx, paumatzar-lumak arnasketa-aparatuaren aho minberatutik pasatuz; esan behar da, pituitariaren espasmo haiek abesbatza negarti gisa lagundu zutela elkarrizketen garapena.

        Deabruak ezer baino lehen agindu zuen zazpi ostalariek menpera zezatela beren hegoen astintze freskagarri hura, eta bana zitezela beren tituluei zegokien arabera. Horrela egin zuten eta eskuinaldean jarri ziren noblezia zaharrenekoak; alegia, Itun Zaharrean aipatzen direnak: Satan, Leviatan eta Asmodeo; ezkerraldean, Berrian aipaturikoak: Beeltzebul, eta zertxobait atzerago gainerakoak: Luzifer, Mammon eta Belfegor. Ez zen lortu banaketa hori kexurik gabe. Luzifer haserretu egin zen, eta haren gorputzeko ikatza dir-dir ispilatu zen, enbor zahar distiratsua iduri. Bere mantuan, zutitu egin ziren, arrapalan eta amorruz, piztia marraztuak. Nola? Agian ez al zen ba bera demonio guztien artean prestigiotsuena, ospetsuena, hedatuena? Ez al zen ba bera Ekialde lurtarreko eskualde guztiarekin loturiko ororen burua? Ez al zuten nahasten maiz Infernuko Erregearekin? Bularra eta besazuztar indartsuak puzten zituen, eta Deabruak irribarre egin zuen.

        — Horretaz —adierazi zuen bere besaulki higikorretik—, Infernuko Erregeaz gero mintzatuko gara.

        Mammonek protestatu egin zuen, gogoraziz, Miltonen arabera, Lurreko altxorrak erauzten irakatsi zuen lehena bera izan zela eta, ondorioz, Infernuko administrazioak mesede askotxo zor zizkiola, baina Deabruak —honek buru ona baitauka— zorrotz erantzun zion, era berean Miltonek zioenez, Zerutik eroritako izpirituetan altuera apalenekoa zela, eta eztabaida ixteko argudiatu zuen, Miltonek ez zeukala batere autoritaterik. Eta Belfegor emademonio makala, bere dortoka-oskola patxadan jarri andetan eta aharrausi egitera mugatu zen: bazekien aditu askoren iritziz, bera zela Krepitus Jainkoa, liseriketa haizetsuena, eta aski zuen hori lasaitzeko bere egoeraren garrantzi soinudunari dagokionez.

        Lehentasunak argitu ondoren, Deabruak hartu zuen hitza.

        — Hara —esan zuen, bere zazpi basailu handiei begira— ez nago batere pozik zuekin. Ezertarako ez den bizitza bizi duzue hemen, loria zaharren ereinotzetan etzanda, eta ez duzue egiten eztabaidatzea besterik, teologoak bazinate bezala. Infernuaren probetxurako izango liratekeen ideia originalak proposatu ordez, zozokerietan alferrik galtzen duzue denbora. Printze direnek, besteak erdeinatzen dituzte. Luzifer, Satan eta Asmodeo hor dabiltza elkarren artean mokoka beren buruari egotzi nahian Jesus zirikatu izanaren meritua, eta, egia esan, zirikaldi horrek hain emaitza urria izan zuen, ze ez da harrotzekoa, eta hobe, hori gogoratu ere ez egitea. Gainera, Satan eta Luzifer moldatu dira, azpikeria literarioen bidez, Infernuko koroa bietako batek daramala uste izan dezan Munduak, nire izena (Deabru izena), izen arrunt eta kolektiboko izaera inpertsonalera zokoratuz. Ce n'est pas aimable —argudiatu zuen keinu maltzur batez, eta azkazalak aurreratu zituen—. Asmodeok, berriz, erotu egin behar gaitu denok Salomon Erregearen harenaz nola nagusitu zen dioen ipuin horrekin; iruzur egin omen zion, tenplua eraikitzen laguntzen zion garaian. It's an old story. Beeltzebul medikuen zaindari-tituluaz harrotzen da, eta halere, ez dago errezeta bat aterako dionik hemen horrenbeste deabru gizajok bidegabeko erredurak jasaten dituzten leku honetan. Belfegorrez ez gaitezen mintza: ez du egiten etzanda egotea besterik. Hitz batean, zazpietako inork ez du ezertarako balio eta horrek jarraibide txarra dakar berekin, noski, eta dagoeneko zabaltzen hasia da izpiritu txikiagoen artean. Disziplina zabartzen ari da, eta nire nahia da Infernua disziplinaren eredu izatea. Hor konpon besteak Zeruan; joka dezatela gogoak ematen dien bezala; erabil dezatela indulgentzia nahi duten eran. Infernua, ordea, institutu penala da, eta oinarri serioen gainean funtzionatu beharra dauka. Gure etxeko zaindari gorenek beren betebeharra ahazten badute, pixkana-pixkana, geure lotsarako, Paradisu bihurtuz joango da.

        Ahalegindu zen Satan, amorrazioz totelka mintzatuz, protesta egiten, baina ez zion utzi doministiku zaparrada batek. Bere aldetik Deabruak, eskuina jaso eta edozein objekzio aukera baztertu zuen. Orain bigarren aurpegiaz mintzatu zen, eta Beeltzebulek, Sabelkeriaren jaunak, inguruan zebilzkion euli burrunbariak uxatu zituen esku-zartaka eta mastekatzeari utzi zion, hitzik ez galtzeko.

        — Pentsatu dut —azaldu zuen zilborreko ahoak— zuek Lurrera bidaltzea, han bete dezazuen, hemen aintzat hartzen ez duzuen misioa. Zalantzarik asko izan nuen, erabakia hartu baino lehen. Ez dut gogoko nire zuzeneko begi bistatik eta berehalako fiskalizaziotik ihes egin dezazuen. Izan ere, ez al zuten zuetako norbaitzuek osatu Jehoba saldu zuen taldea? Ez ote zinateke gai izango berriro traizionatzeko, niri traizioa egiteko, alegia, sedizioaren buru izan nintzen honi? Halere, nahiago dut arrisku hori, zuek hemen inguruan alferkerian ikustea baino. Hori jasan ezin dudan gauza da. Esan liteke bakoitzak bere bekatu-jaurerriko eremuari uko egin diola, Nagikeriarena, Belfegorren jaurerriaz jabetzeko.

        Luziferrek, Harrokeria kaltegarriari zegokionaren faraoiak, gorputz trinkoa tente-tente jarri, eta gainerakoen izenean, bere zintzotasuna aldarrikatu zuen. Zazpiek «Gazteria Demonisten Martxa» abesteari ekin zioten, buruzagi gorenarentzat zuten leialtasuna erakusteko.

        — Ez al da ulergarria —jarraitu zuten zilbor-ezpainek, rictus eszeptikoz—. Munduko lurralde horietako jarrera; han era guztietako trabak jartzen zaizkie hiritarrei, baimena eman baino lehen (ematen zaienean) beren mugak gurutzatzeko? Nik hori onartu eta miretsi egiten dut. Kasu hau, ordea, desberdina da. Lan disziplinaren arazoa da. Ondorioz, Lurrera joango zarete.

        Sor eta lor zelatatu zuten elkar konbiktuek. Lekutan zeuden errieta egiteko asmoarekin deituak izan zirela uste izatetik! Beren espezialitateen gainetik, harrokeria zen zegokien izendatzaile komuna, eta barrundatu zuten, beren statusaren berezitasuna kontuan edukiz, Deabruak beste prebendaren bat emateko bilduak izango zituela han. Leviatanek, Almirante Nagusiak, imajinatu zuen beste kondekorazioren bat emango ziotela, eta Belfegor, berriz, tente-tente egon zen bere logaleak eskatzen zituen andetan, eta oso gaizki hartua izan zitekeen haize bati eutsi zion.

        — Lurrera joango zarete —jarraitu zuen Demonio Nagusiak—, eta ez, noski, dibertitzera, lanera baizik. Beraz, ez hadi miazka, Asmodeo lizuna.

        Adramaletxen belarrira makurtu zen, eta honek adeitasun handiz tolestu eta bere aldetik satiroei agindua igorri zien. Hauek maletaren morroiloa maniobratu eta bertatik hiru objektu erauzi zituzten, subiranoak bata bestearen segidan hartu zituenak.

        — Hona hemen —esan zuen erakustearekin batera— erlojua. Ez da erloju normala. Orduak adierazi ordez, urteak adierazten ditu. Hiri uzten diat, Belfegor. Hemen daukazue Munduko lekua seinalatuz argitzen den beste mapa hau; honek berau kontsultatzen duena non aurkitzen den adierazten du. Hik eramango duk, Asmodeo. Eta gorri oso biziko lakazko kutxa honek, berriz, deabru japoniar baten lana denak, bolizko zazpi fitxa dauzka, eta hauetako bakoitzak bekatu nagusiak deituriko baten izena erakusten du. Honetaz hi arduratuko haiz, Luzifer. Bidaian, bat-batean, ustekabean, erlojuak joko du; hau iratzargailu aitzakiarik gabea baita. Horregatik aukeratu hindudan hi tresna hau eramateko, Belfegor lotia. Aztertu egingo duzue eta honela jakingo duzue giza historiaren zein unetan zehar, zehazki, zein urtetan zehar zoazten momentu horretan, zeren denbora gizakien konbentzio absurdu bat baita; guk oztopo hori gabe dihardugu, aske. Mapan egiaztatuko duzue zein lekutan egotea dagokizuen, eta bertan baratuko zarete. Azkenik, laka gorriminezko kutxa irekiko duzue, eta zorteak erabakiko du bidaiarietako nor izango den bere tentazio intrinsekoari datxekion lana betetzea dagokion artifizea. Baina kontuz!, gainerakoak ez dira potro jorran egongo, ze eurek egile nagusiarekin batera lan egin beharko baitute, eginkizunaren arrakastak horrela eskatzen badu. Eta ez pentsa lan erraza izango denik. Moldatuko naiz ni bakoitzari bere idiosinkrasiarekin zerikusirik ez daukan zeregina egokitu dakion. Mutu geratu ziren zazpi demonioak. Deabruak barre egin zuen; pumatzarrak, urguileriaz, harro-harro egin zituen lumak; zutoihaldunak intsignia altxatu eta beheratu zuen; Belfegorrek urteen erlojua begiratu zuen; Luziferrek kutxa astindu eta fitxei hotsa aterarazi zien; Asmodeok mapamundia zabaldu zuen; hau oso polita zen, pertsonaia mitologikoz eta hirien armarriz apaindua.

        — Eta orain luza itzazue eskuak —hitz egin zuen Erregeak—. Adramaletx, ekatzak zigilua.

        Demonioek gorputzadarrak, atzaparrak, hatz lakarrak luzatu zituzten, eta ahurretako bakoitzaren gainean, buruzagiak berak inprimatu zuen bere zigilu gorria; hiru adarrak engranatu, kontraloreztatu eta ekotatuak, berauek heraldikoki deskribatzearren.

        — Pasaportearenak egingo ditu horrek —bukatu zuen Deabruak—. Erakutsi Karonteren aurrean, irteerakoan. Adramaletx, pontxea!

        Kantzelaria aurreratu zen, dena lumaje eta imintzio. Apatxetako perla argi eskandalugarriz ostikatzen zuten bi morroik segitu zioten, eta pontxe-ontzi gartsua ekarri zuten. Bete zituzten kopak, eta zazpiek Deabru Nagusiarekin, klink, topa egin zuten. Bazekiten zeri men egin, eta horregatik, ez zuten tu egin lurrera eskaintzen zitzaiena: Infernuko Pontxea, egoitza izoztuan bakarrik ateratzen dena; izan ere, ezagutzen den gauzarik ankerki hotzena baita, inkubuen semen izugarri hotz famatua bera baino ere jelatuagoa.

        Gero demonioak atzeraka erretiratu ziren, beren jaunari bizkarra ematea saihestuz, eta honek, presaka-presaka, galtzaren kremailera itxi eta txalekoaren botoiak lotu zituen, ze bere bigarren aurpegia ubeltzen hasia baitzitzaion, hotzaren hotzez.

 

 

 

© M. Mújica Lainez

© itzulpenarena: Joxe Migel Esnaola

 

 

"M. Mújica Lainez / Zazpi demonioen bidaia" orrialde nagusia