SARRERA

 

        Manuel Mujica Lainez, idazle eta nobelagile argentinarra, Buenos Airesen jaio zen 1910eko irailaren 11an eta Argentinako Cordoban hil zen 1984an. Lacordaire Kolegioan eta San Isidro Ikastetxean egin zituen bere lehen ikasketak; hurrena, Parisen, Descartes Eskolan ibili zen eta, azkenik, Buenos Airesko Unibertsitateko Zuzenbide-Fakultatean amaitu zuen karrera.

        Kazetari gisa, kargu publiko desberdinak bete zituen; besteak beste, Argentinako ekonomi misioaren kazetari arduradun izan zen eta, 1940an Korea, Japonia, Txina eta ekialdeko beste zenbait herrialdetan zehar ibili zen. Gero, Dekorazio-Arteetako Museo Nazionaleko idazkari izan zen, harik eta 1946an Peronen erregimenaren etorrerarekin kargua utzi behar izan zuen arte.

        1935ean urrezko domina irabazi zuen «exaltación hispánica» deituriko kazetaritza lan onenagatik. Literatura garaikideko irudi garrantzitsuenetakoa da gaztelania hizkuntzan.

        Bere lehen idatz-lanen artean «Glosas castellanas» (1936) eta «Don Galaz de Buenos Aires» (1938) aipa daitezke. Eta bere narratiba-lanen artean, berriz, azpimarragarrienak ondoko hauek dira: «Aquí vivieron» (1949), «Misteriosa Buenos Aires» (1951) eta «Crónicas reales» (1957).

        1955eko abenduan, Peron jenerala erori ondoren, Argentinako Kanpo Arazoetako Ministerioko kultur erlazioetako zuzendari nagusi izendatu zuten.

        «Narrativa Alberto Gerchunoff» saria eman zioten 1953an «Los ídolos» nobelagatik. Geroago, genero bereko beste zenbait lan idatzi zituen, adibidez, «La casa» (1954) eta «Los viajeros» (1955).

        Mujica Lainez, nolabait bere herriko burges pentsaerari lotua, bere idatz-lanetan zehar ageri den nostalgiagatik bereiziko da eta gatazka historikorik gabeko munduaren ikuspegia eskaintzen du. Argentinako Letren Akademiako eta Melville Society Akademiako kide izan zen.

        «Los invitados en El Paraíso» (1957) nobelan erakusten duen mintzaira orraztuak Mujica Lainezen lan nagusia iragartzen du: «Bomarzo» (1962). Nobela hau Europako hizkuntza desberdinetara itzuliko da; Alberto Ginasteraren operarako egokitua izan zen eta New Yorken estreinatu zuten; denboraldi batez debekatua egon zen Argentinan. Lan honekin Literaturako sari Nazionala irabazi zuen. Nobela honi esker lortutako arrakasta handiaren ondoren, «El unicornio» (1965), «Crónicas reales» (1967), «De milagros y melancolías» (1958), «El laberinto» (1973), «El gran teatro» (1979) eta «El escarabajo» (1982) nobelak idatzi zituen.

        «El viaje de los siete demonios» nobela, berriz, 1974an argitaratu zen lehen aldiz. Zalantzarik gabe, Mujica Lainezen narratiba lanetako piezarik garrantzitsuenetakoa da.

        Beraz, esan daiteke idazle honen esanahi latinoamerikarra ondo justifikatua dagoela «Bomarzo» nobelatik hasita gerora argitaratu zituen bere idatz-lanengatik. John F. Kennedy eta Forti Glori sariak jaso zituen. Diogunaren froga da bere azken idatzia: «Un novelista en el Museo del Prado» (1984).

 

Joxe Migel Esnaola

 

 

 

© Joxe Migel Esnaola

 

 

"M. Mújica Lainez / Zazpi demonioen bidaia" orrialde nagusia