LAUGARREN PARTEA

 

 

CXXV. GUTUNA

VALMONTEKO BIZKONDEAK MERTEUILEKO MARKESARI

 

        Horra hor beraz garaitua, kontra egiten ahalko zidala pentsatzera ausartua zen emakume hagitz bikain hori! Bai, adiskidea, nirea da, osoki nirea; eta atzodanik, ez du jadanik deusik niri emateko.

        Hain nago oraino zorionaz mukuru betea, non ezin baitut zorion hori ederretsi, harriturik nauka ordea sentitu dudan xarma ezezagunak. Egia ote beraz bertuteak emakume baten balioa areagotzen duela, haren ahulkeriaren unean berean ere? Bazter dezagun ordea haur uste hori atso ipuinen ondoan. Lehen garaipenak ez ote du ia beti ontsa edo gaizki itxuratutako aihertzerik aurkitzen? Eta nehon aurkitu ote dut aipatzen ari naizen xarma hori? Ez da haatik amodioarena ere; zeren azken finean, baldin izan badut noizbait grina koldar horren antza dukeen ahuleziazko unerik emakume horrengana, jakin izan dut beti garaitzen eta neure oinarrizko arauetara berriz etortzen. Atzoko gertaldiak nik uste baino urrunxeago eraman baninduen ere, eta hala dela uste dut; sorrarazten ari nintzen durduza eta horditasuna nihaurk ere, instant batez, sentitu banituen ere, egun iraungia litzateke lilura iragankor hori; eta xarma horrek haatik bere izanean dirau. Plazer aski eztia ere banukeen, aitor dizut, lilura horri men eginez, baldin doi bat kezkatuko ez banindu. Sentimendu gogoz kontrako eta ezezagun batek mendean hartu ote nau, neure adinean, eskolume baten gisara? Ez: lehen buruan, sentimendu hori guduka dezadan eta sakon azter.

        Bertzenaz, sumatu dut agian sentimendu horren kausa! Ideia hori atsegin dut bederen, eta egia izan dadin nahi nuke.

        Gaurdaino maitalearen rola eta eginbeharrak betez atxiki nauten emakume saldoan, ez dut oraino ezein kausitu ez zuenik, gutienean, bere burua emateko nik hura hartaratzeko nuen bezainbat gogorik; ohitu ere nintzen bidearen erdia baizik egiten ez zutenei herabeti deitzera, kontra jarririk, alabaina, egin dituzten lehen aitzinamenduak defentsa kilikagarri batez erdizka baizik estaltzen ez dituzten bertze anitzei.

        Hemen, aitzitik, neure kontrako gaitzerizko bat kausitu dut hasieratik, emakume higuingarri baina begi zorrotz baten kontseilu eta argibideetan geroztik funtsatua; kausitu dut halaber azken muturrerainoko ahalke berezko bat herabetasun argitu batek bortiztua; bertutearekiko atxikimendua orobat, erlijioak gidatua, eta dagoeneko bi urtez garaile izana, eta azkenik, urrats nabarmenak, arrazoi horiek guztiek eragindakoak eta guztiek oro nire jazarraldietarik itzurtzeko xedea baizik ez zutenak.

        Ez da beraz, nire bertze abenturetan bezala, errendatze gutxi edo asko abantailatsu soil bat, profitatzen errazagoa izaten dena nor bere buruaz harrotzeko baliagarria den baino; erabateko garaipena da, gudaldi lazgarri batez erdietsia, eta guda lan jakintsuz deliberatua. Ez da beraz harrigarria nihauri baizik zor ez diodan erdieste hori are baliosagoa izatea niretzat; eta neure garaipenean sentitu dudan plazerraren emendioa, oraindik ere sentitzen ari naizena, ez da loriazko sentimenduaren zirrara eztia baizik. Maite dut ikusteko modu hori, mendean hartua dukedan esklaboaren beharretan nolabait ere nengokeela pentsatzeko umiliaziotik salbatzen bainau; bai orobat nire zorionaren betetasuna soilik neure baitan ez dudala pentsatzetik ere, eta nire indar guztiaz bertze norbaitez gozatzeko ahalmena halako edo halako emakumeren esku, soil-soilik bertze baten esku, legokeela pentsatzetik berebat.

        Gogoeta zentzudun horiek gidatuko dute nire jokabidea okasio garrantzitsu honetan; eta egon zaitezke ziur ezen ez dudala neure burua estekatzen utziko, lotura berri horiek neure gogara eta borondatera beti hausten ahalko ez ditudan heineraino. Baina hausturaz hitz egiten ari natzaizu dagoeneko; eta ez dakizu oraindik zein bidez erdietsi dudan eskubide hori; irakur ezazu bada, eta ikus zer nolako arriskutan dagoen zintzotasuna, saiatzen delarik eromena laguntzen. Hain artoski ditut neure hitzak eta emakume horrek eman dizkidan erantzunak aztertu, non batzuk zein bertzeak gogobeteko zaituen zehaztasunaz errendatuko dizkizudala uste baitut.

        Honekin batera doazkizun bi gutunen kopiatan ikusiko duzu zein bitarteko hautatu nuen neure eder horrengana hurbiltzeko, eta ikusiko duzu orobat presuna santu hori zer nolako lehiaz ari izan den gu biok biltzeko. Erran behar dizut oraino, ohi bezala bidean harturiko gutun batean jakin nuenez, ezen abandonatua izatearen beldur eta umiliazio ttipiak doi bat nahasi zutela debot latz horren ahalkeria; eta zentzuzkoak ez izanagatik halarik ere interesgarriak ziren sentimendu eta ideiez bete ziotela burua eta bihotza. Jakin beharreko aurrekari horien ondoren, horra non atzo, ortzeguna, hilak 28, emakume eskergabe horrek aldez aurretik ezarri eta emaniko egunean, haren etxean aurkeztu nintzen esklabo herabeti eta damutuaren gisara, garaile koroadun gisara jalgitzeko handik.

        Arratsaldeko sei orenak ziren preso eder haren etxera heldu nintzenean, zeren itzulia zenez geroztik haren atea itxita egon baitzen mundu guztiarentzat. Nire etorrera iragarri zutenean, zutitzen saiatu zen; baina haren belaun dardaratiek ez zioten utzi egoera hartan gelditzen: berehala eseri zen berriz. Etxean sarrarazi ninduen mirabeak gelan zerbitzuren bat egin behar izan zuenez, emakume hark ezinegonak hartua zirudien. Bitarte hura ohiko konplimenduekin bete genuen. Baina une ezin baliosago haietarik batere denborarik ez galtzeko, arreta handiz ari nintzen aretoa aztertzen; eta harrezkero begiz jo nuen neure garaipenaren jokalekua. Erosoagoren bat hauta nezakeen: zeren, gela hartan berean, bai baitzen aulki otomano bat. Ohartu nintzaion ordea senarraren potret bat parez pare zuela; eta beldur izan nuen, aitor dizut, hain emakume bitxiarekin, halabeharrez bazter hartara behako soil bat igortze hutsak ez ote zidan bet-betan suntsituko hain artoski eginiko lanaren emaitza. Azkenik, bakarrik gelditu ginen eta hizpideari lotu nintzaion.

        Hitz gutxitan adierazi ondoren aita Anselmek nire ikustaldiaren arrazoien berri eman bide ziola, arranguratu nintzen jasana nintzen tratu zorrotzaz; eta bereziki nabarmendu nuen hark erakutsi zidan erdeinua. Bere burua defendatu zuen, nik iguriki bezala; eta, zuk ere iguriki zenezakeen bezala, sorrarazia nion mesfidantzan eta izuan funtsatu nuen erdeinu haren froga, bai orobat ondoren gertatua zen eskandaluzko ihesaldian, nire gutunei ihardesteko ukoan, gutunak hartzeko ukoan, etab. Aise erraza zatekeen justifikazio bat egiten hasi zenez, solasa eten behar niola iruditu zitzaidan; eta manera zakar hori barka ziezadan, balaku batez estali nuen berehala. «Baldin hain xarma ugariek», erantzun nion beraz, «egin badute zirrara hain sakona nire bihotza baitan, ez da arinagoa izan bertute hain ugariek egin dutena nire arima baitan. Zugana hurbiltzeko desirak liluratua, ausartu nintzen dudarik gabe zure duin nintzela sinestera. Ez dizut liskarrik egiten zuk bertzela jujatu izanagatik; baina egin dudan hutsegiteagatik zigorretan dut neure burua.» Durduzak dakarren isiltasunari atxikia baitzitzaion, jarraitu nuen: «Nahi dut, andrea, neure burua zure aitzinean justifikatu, edo egotzi bide dizkidazun hobenen barkazioa zugandik erdietsi; lasaitasun pixka batez fini ahal izan ditzadan bederen, zuk edertzeari uko egin diozunez geroztik niretzat dagoeneko baliorik ez duten egunak.»

        Orduan ihardestera entseiatu zen haatik. «Neure betebeharrak ez zidan uzten...» eta betebeharrak eskatzen zuen gezurra bukatzeko zailtasunak ez zion perpausa finitzen utzi. Doinurik eztienaz ekin nion bada: «Egia dea beraz nigandik joan zinela ihesi?» — «Partitu beharrean nintzen». — «Eta zugandik urruntzen nauzu?» — «Hala behar du». — «Eta betiko?» — «Behar-beharrezkoa dut.» Ez dizut erran beharrik ezen, elkarrizketa labur hura bitartean, debot amoltsu haren boza hertsatua zela, eta haren begiak ez zirela niganaino goratzen.

        Gertaldi goibel hura doi bat bizitu behar nuela iruditu zitzaidan; beraz, hisi iduri bat eginik, zutitu eta erran nion orduan: «Zure fermutasunak neure fermutasun osoa bihurtzen dit. Hots bada! Bai, andrea, elkarrengandik bereiziko gara, zuk uste baino areago bereizi ere: eta zeure gogara bozkariatuko zara zeure obraz.» Liskar doinu horrez doi bat harritua, ihardetsi nahi izan zidan. «Hartu duzun deliberoa...,» erran zuen. — «Ez da nire etsipenaren ondorioa baizik» erantzun nion oldarturik. «Maluros izan nadin nahi izan duzu; zeure nahiaz baino areago erdietsi duzula frogatuko dizut.» — «Zoriontsua izan zaitezen nahi dut», ihardetsi zidan. Eta haren ahotsaren doinua aski zirrara bortitza iragartzen hasia zen. Beraz, haren belaunetara eroriz, eta ezagutzen didazun doinu dramatikoaz, deiadar egin nuen: «Ah! Emakume krudela, ba ote niretzat zuk zeureganatu ez duzun zorionik? Non kausi bada zugandik urrun? Ah! Sekula ez! Sekula ez!» Aitor dizut ezen neure burua hein hartaraino emanez, arras bermatua nintzela malkoen laguntzan: baina izan jarrera desegokiagatik, izan soilik agian orotan jarria nuen arreta neketsu eta jarraikorraren ondorioagatik, ez nezakeen negar egin.

        Zorionez gogoratu zitzaidan ezen emakume bat mendean hartzeko ezein baliabide berdin dela on; eta aski zela orobat urrats handi batez hura harritzea, zirrara barnera zekion sakon eta nire fabore. Izuaz ordezkatu nuen bada eskas zitzaidan sentikortasuna; eta horretarako, soilik bozaren doinua aldatuz, eta jarrera berari eutsiz, gaineratu nuen: «Bai, zure oinetan zin dagit, zu hartu edo hil.» Azken hitz horiek erratean, gure behakoek buruz buru egin zuten. Ez dakit presuna herabeti hark zer ikusi zuen edo zer ikusi uste izan zuen nireetan, baina izu itxuran zutitu zen, eta beso artetik itzuri zitzaidan. Egia da ez nuela deusik egin hura atxikitzeko: zeren anitzetan hautemana bainuen biziroegi eramaniko gertaldi etsipenezkoak irrigarri gertatzen zirela luzeegiak izanez gero, edo ez zutela baliakizun zinez trajikorik baizik uzten eta baliatzetik hagitz urrun nintzenak. Haatik, nigandik aldaratzen zitzaidalarik, doinu apal eta beldurgarriz, baina hark entzun ziezadakeen moduan, gaineratu nuen: «Hots bada! Heriotza!»

        Zutitu nintzen orduan; eta une batez isiltasuna gorderik, igorri nizkion, oharkabean bezala, behako basak eta noragabeak, hargatik erneak eta oharkorrak zirenak. Jarrera kili-kolo, arnasa goratua, gihar guztiak uzkur, besoak dardaraka, eta erdi jasoak, orok aski frogatzen zidan ondorioa nik sortu nahi nuen bezalakoa zela; baina, nola amodioan ez baita deusik finitzen hurbiletik ez bada, eta nola artean elkarrengandik aski urrun baikinen, lehenik behar nintzaion hurbildu. Hori erdiesteko ahalik lasterrena egin nituen lasaitzen ari nintzelako itxurak, bortxazko egoera haren ondorioak baretzeko guztiz jarrera egokia baitzen, eta ez baitzuen egoera hark sortua zuen zirrara gutxitzen.

        Hona aldarte batetik bertzerako iragaitea: «Arras maluros naiz. Zure zorionarentzat nahi izan dut bizi, eta zoriona dizut durduzatu. Zazpi ahalak egin ditut sosegu har dezazun, eta hala ere sosegua durduzatzen dizut.» Gero, jarreraz neurritsu, baina hertsatua: «Barka, andrea; grinen ekaitzetara gutxi ohitua, gaizki menderatzen ditut haren higidurak. Baldin grina horiei men eginik huts egin badut, egizu kontu bederen azkeneko aldiz dela. Ah! Sosega zaitez, sosega zaitez, arren otoi.» Eta mintzaldi luze hori bitartean sorgor ari nintzaion hurbiltzen. «Sosega nadin nahi baduzu», erantzun zidan emakume eder haserretu hark, «zaude zuhaur ere sosegatuago.» — «Ongi da! Bai, hitz ematen dizut», erran nion. Erantsi nuen boz ahulagoaz: «Baldin handia bada eginahala, ez du bederen luzaz iraunen.» Baina, ihardetsi nion berehala, zentzua galdua iduri, «zure gutunak bihurtzera etorri naiz, ez dea egia? Egidazu, arren, gutunok hartzeko ontartea. Sakrifizio dolugarri hori dut oraino eginkizun: ez niri deusik ere utz kuraia ahul diezadakeenik.» Eta bilduma preziatu hura nire sakelatik atereaz: «Hona», erran nion, «zure adiskidantzaren ziurtamenen gordailu engainagarria! Bizitzari atxikia nindukan, har ezazu berriz. Zuhaurk eman ezazu beraz zugandik sekulako bereizi behar nauen seinalea.»

        Orduan maitale beldurti hark osoki men egin zion bere kezka amoltsuari. «Baina, Valmont jauna, zer duzu, eta zer erran nahi izan duzu? Egun egiten ari zaren urratsa ez dea borondatezkoa? Ez dea zure gogoeta propioen fruitua? Eta ez dira gogoeta horiek nik betebeharrez hartu dudan xede behar-beharrezkoa onetsarazi dizutenak? — «Hots bada!», erantzun nion, «xede horrek erabaki du nirea.» — «Eta zein da?» — «Zugandik urrundurik, nire penei bukaera eman diezaiekeen bakarra.» — «Erantzun iezadazu ordea, zein da?» Orduan, neure besoetan estutu nuen, batere defendatzen ez zelarik; eta egokitasunaren ahanzte horren karietara haren zirrara zenbatez bortitza eta ahaltsua zen jujaturik: «Emakume maitagarria,» erran nion gogobetetasunaren arriskura lerraturik, «susmatu ere ez diozu egiten sorrarazten duzun amodioari; ez duzu sekula jakinen zenbateraino izan zaren arras maitatua, eta sentimendu hori zenbateraino nuen bizitza bera baino maiteago! Izan bitez zure egun guztiak bozkarioz eta soseguz beteak; izan bitez niri edeki didazun zorion guztiaz edertuak! Eskaintza egiazko hori ordain ezazu bederen damukizun batez, malko batez; eta sinets ezazu ezen nire azken sakrifizioa ez dela bihotz-mingarriena izanen. Adio.»

        Horrela mintzatzen nintzaion bitartean, haren bihotza indarrez taupadaka sentitzen nuen; haren begitartearen aldaketari so nengoen; ikusten nuen, batez ere, malkotan hats-bahi, haatik bakan eta lazki baizik isurtzen ez bazitzaizkion ere. Ez nuen ordu arte hartu urruntze irudi bat egiteko xedea; baina indarrez atxikitzen ninduelarik, kartsuki erran zidan: — «Ez, entzun iezadazu.» — «Utz nazazu», erantzun nion. — «Entzun diezadazun nahi dut.» — «Zugandik urrundu beharrean naiz, nahitaez!» — «Ez!» oihukatu zuen... Azken hitz hori erratearekin, oldartu zitzaidan edo hobeki errateko alditxartua erori zen nire besoetara. Duda egiten bainuen oraino hain erdieste zoriontsuaz, izu handi baten irudia egin nuen; baina izutzen nintzelarik ere, gidatu edo eraman nuen neure loria eremu gisa aldez aurretik hautatua nuen lekurantz; eta alabaina ez zen baitaratu mendean hartua eta bere garaile zoriontsuari emana izan ez zen arte.

        Honaino, adiskide ederra, laketuko zaizun metodo garbitasun bat kausituko duzu nigan, hala uste dut; eta, ikusiko duzunez, ez naiz batere aldendu gerla honen benetako hatsapenetarik, bertze gerlaren oso antzekoa baita, hain sarri ohartarazi dugunez. Juja nazazu beraz Turenne edo Frederik bezala. Borrokatzera dut behartu borroka geroko luzatu baizik nahi ez zuen etsaia; jakintza handiko guda lanen bitartez atxiki dut guda lekua eta xedapenak hautatzeko eskubidea; jakin dut etsaiari segurantza sorrarazten, gibelera egiten ari zenean aiseago atzeman nezan; jakin dut segurantzaren ondoren izua sortzen, borrokari ekin baino lehen; ez dut deus utzi benturara, ez bada erdietsiz gero abantaila handia nukeela pentsatuz, eta kukuak makur joz gero bertze baliabiderik banuelako segurantzaz; azkenaz goiti, ez diot ekin harik eta gibelatzea ziurtatua nuen arte, aldez aurretik konkistatua nuen guztia halatan estal eta gorde bainezakeen. Hori da, nire ustean, egin daitekeen guztia; baina badut orain beldurra ez ote naizen biguindu Anibal Capuako plazerretan bezala. Horra zer gertatu zen gero.

        Banekien hain gertakari handia ez zela ohiko malko eta etsipenik gabea izanen; eta hasieran emakume hura ikusi banuen ere doi bat nahasiago, eta halako bildutasun bati emana, herabetiaren egoerari egotzi nizkion bata nahiz bertzea: beraz, nire ustean tokian tokiko aldaera txikiak ziren horiei kontu egin gabe, kontsolazioen bide handiari jarraiki nintzaion, uste osoa bainuen sentipenek sentimendua lagunduko zutela, hala izaten baita beti, eta egintza batek bakarrak mintzaldi guztiak baino gehiago eginen zuela, nahiz mintzaldiez ez nintzen ezaxolatua. Kausitu nuen ordea kontra egite bat arras ikaragarria, ez hainbertze haren gehiegiagatik nola agertu zuen itxuragatik baizik.

        Irudika ezazu emakume bat eserita, gogortasunean geldia, eta begitartea aldagaitz; iduri duela ez dezakeela pentsa, adi, uler; haren begi tinko-tinkoetarik aski malko jarraikiak eginahalik gabe isurtzen zaizkiola. Hala zegoen Tourvel andrea, nire mintzaldia bitartean; baina baldin entseiatzen banintzen haren arreta niganantz erakartzera fereku batez, denik eta keinurik xaloenaz, ustezko soraiotasun haren ondoren berehala zetorkion izua, hats-bahia, hotzikarak, negar-zotinak, eta tarteka oihu batzuk, ez ordea hitz ebakirik.

        Krisi horiek anitzetan jin ziren, eta gero eta bortitzagoak beti; azkena hain izan zen oldar handikoa, non bihotza arras erori baitzitzaidan, eta une batez beldur izan nintzen alferrikako garaipen bat erdietsi izanaz. Ohiko egia arruntetara jo nuen; eta egia anitz horien artean honako hau zegoen: «Eta zoriontsu egin nauzulako zaude etsi etsia?» Ele hori aditzearekin, emakume maitagarri hura nigana jiratu zen; eta haren aurpegiak, adia doi bat galdua bazuen ere, berriz hartu zuen berezko itxura zerutiarra. «Zoriontsu egin zaitut», erran zidan. Igerriko zenion nire erantzunari. «Zoriontsua zara beraz?» Neure baietza areago segurtatu nion. «Eta nigatik zoriontsua!» Laudorioak eta ele goxoak erantsi nituen. Hitz egiten ari nintzen bitartean, gorputz atal guztiak lasaitu zitzaizkion; berriz eseri zen guri-guria, bere besaulkiaren gainean bermatua; eta hartzera ausartua nintzen haren esku bat nire mende utzirik, erran zidan: «Ari naiz sumatzen ideia horrek kontsolatzen eta lasaitzen nauela.»

        Pentsa dezakezu bideari halatan berriz lotua nintzelarik, ez nuela bidea gehiago utziko; hura zen zinez bide ona, eta menturaz bakarra. Beraz bigarrenez erdiesten saiatu nahi izan nuenean, halako kontra egite bat jasan nuen hasieran, eta arestian gertatu zenak begirakor ninduen bihurtu: baina nire zorionaren ideia hori bera lagungarri baliaturik, sarri sentitu nituen ideia haren ondorio onuratsuak: «Arrazoi duzu», erran zidan presuna amoltsu hark; «ez dezaket neure bizitza gehiago paira, non ez duen balioko zu zoriontsu egiteko. Neure burua oso-osorik eskaintzen diot eginbide horri: hemendik aurrera zuri guztiz emana edukiko nauzu, eta ez duzu nigandik jasanen ez ukorik, ez damurik.» Xalotasun laño edo ezin bikainago horrez eman zizkidan bere burua eta bere xarmak, eta hala emendatu zuen nire zoriona hark ere beretuz. Horditasuna erabatekoa izan zen eta elkarrekikoa; eta, lehen aldiz, nireak plazerrak baino areago iraun zuen. Ez nintzen haren besoetarik atera, haren aurrean belauniko erori eta neure amodio eternala zin egiteko baizik; eta, oro behar baita aitortu, erraten niona pentsatzen nuen. Finean, elkarrengandik bereiziak ginen ondoren ere, haren irudia etengabe nerabilan gogoan, eta eginalahak behar izan nituen egin arreta bertze zerbaitetan jartzeko.

        Ah! Zergatik ez zaude hemen, ekintzaren xarma sariarenarekin orekan bederen jartzeko? Baina ez dut deus galduko zain egoteagatik, ez dea egia? Eta igurikitzen dut ikusi ahal izatea, gu bion artean hitzartu bezala, neure azken gutunean proposatu nizun abeniko zoriontsua. Ikusten duzunez, gogotik ekina naiz, eta, hitz eman nizun bezala, nire aferak zuri neure denbora pixka bat eskaini ahal izateko bezain aitzinatuak dirateke. Azkar aiena bada Belleroche astun hori eta bazter utz Danceny melenga hori, nitaz baizik ez arduratzeko. Baina zer ari zara bada landalde horretan, ihardesten ere ez baitidazu? Badakizu gogotik eginen nizukeela liskar? Bozkarioak bihozberatasuna dakar ordea. Eta bertzenaz ez dut ahanzten ezen zeure amorantegai ugarien ordez hartzen nauzularik berriz, men egin behar diedala, berriro, zure gutizia ttipiei. Gogora ezazu haatik maitale berriak ez duela adiskide zaharraren ezein eskubide galdu nahi.

        Adio, bertze orduz bezala... Bai, adio, aingerua! Amodioaren musu guztiak igortzen ditinat.

        P.S.— Badakizu, presondegian hilabete egin ondoren, Prévan gudarostea uztera behartua izan dela? Egungo egunean hori du Paris osoak albiste. Egia erran, horra egin ez duen hutsegite bategatik krudel zigortua, eta horra zure garaipena erabatekoa!

Parisen, 17**ko urriaren 29an.

 

 

CXXVI. GUTUNA

ROSEMONDE ANDREAK
TOURVEL LEHENDAKARIAREN EMAZTEARI

 

        Lehenago erantzunen nizukeen, haur maitagarria, baldin neure azken gutunaren nekeak ez balizkit oinazeak bihurtu, beraz egun horietan guztietan besoa baliatu ezinik egon naiz. Ondo presatua nintzen neure ilobaz eman zenizkidan berri onak zuri eskertzeko, bai eta neure zorionik egiazkoenak zuri errateko ere. Zinetan onartu beharra dago probidentziaren ukaldi bat izan dela hori, zeren, bata ukituz, bertzea ere salbatu baitu. Bai, adiskide maite ederra, Jainkoak, zu neurtzea baitzuen xede bakarra, lagundu zaitu indarrak ahituak zenituen unean; eta zure marmario ttipia gorabehera, esker-erakutsirik zor diozula uste dut. Ez uste ohartzen ez naizenik ezen nahiagoko zenuela delibero hori lehenik zeuri burura zekizun, eta Valmontena ez zedin izan zurearen segida baizik; iduri du orobat, gizabidez, gisa horretan gure sexuaren eskubideak hobeki gordeak ziratekeela, eta ez dugu ezeinik galdu nahi! Baina zer dira zertzelada arin horiek, bete diren xede garrantzitsuen ondoan? Itsasoan galtzetik salbatu dena ikusten ote dugu baliabideak ezin hautatu izana deitoratzen?

        Laster ikusiko duzu, alaba maitea, nola beldurrez zauzkaten atsekabeak berez arinduko zaizkizun; eta betiko eta osorik iraun behar balezate ere, orobat ikusiko zenuke makurkeriaren bihotz zimikoak eta nor bere buruaren erdeinua baino pairakorragoak diratekeela. Ustez alferrik nukeen orain mintzo natzaizun bezain zorrotz zuri lehenago mintzatzea: amodioa da sentimendu bat bere buruaren jabea, zuhurtziak saihets dezakeena, baina garaitzen ez lekikeena; eta, behin sortuz gero, hiltzen ez dena, berez edo esperantzaren erabateko galeraz ez bada. Azken kasu hori da, hura baita zure egoera, neure iritzia zuri libroki errateko kuraia eta eskubidea bihurtzen didana. Krudela da etsipenak jo duen eria izutzea, kontsolazioak eta sendabideak baizik ez baititu merezi: baina zuhurra da eriondoari jasan berri dituen arriskuez argitzea, hala ohar dakion beharrezkoa duen zuhurtziari, eta men egin diezaien oraino premiazkoak zaizkiokeen kontseiluei.

        Zeure medikutzat hautatu bainauzu, gisa horretan natzaizu mintzo, eta gisa horretan erraten ezen orain sentitzen dituzun ezerosotasun arin horiek, eta ausaz zerbait erremedio galdatzen dutenak, ez direla haatik deus, dagoeneko sendabidean duzun eritasun izugarriarekin konparatuz gero. Adiskide gisa ondoren, emakume zentzudun eta bertutetsu baten adiskide gisa, zilegi izan bekit eranstea ezen liluraturik zintuzkan grina hori, berez hain zorigaiztokoa dena, are zorigaiztokoago zela oraino haren xedea zela kausa. Hari buruz erran didatena sinetsiz gero, nire iloba, aitor dizudanez, agian ahulkeriaz ere maite dudana, eta bere baitan alabaina anitz dohain laudagarri eta anitz atsegintasun biltzen dituena, ez da arriskurik gabea emakumeentzat, ezta hutsegiterik gabea ere haien aldera, eta berdin lehiatzen da emakumeak seduzitzera eta galtzera. Uste osoan naiz zuk konbertituko zenukeela. Nehork ez du, dudarik gabe, egiteko horretarako zuk baino merezimendu gehiagorik: baina karia horretara bertze hainbat eta hainbat emakume harrotu izan baita, nahiz gero haatik esperantza galdu duten, non nahiago baitut izan ez zaitezen baliakizun horretara behartua.

        Orain egizu kontu, adiskide maite ederra, ezen jasan behar zenituzkeen peril guztien ordez, izanen duzula Valmonten itzulera zorionekoaren kausa nagusia izatearen poza, zure kontzientziaren atsedenaz eta zure lasaitasunaz bertzalde. Nik, neure aldetik, ez dut dudarik egiten ezen itzulera hori hein handi batean ez denik zure aihertze kementsuaren obra, eta zure aldetikako ahulkeria une batek ez zuenik halaber nire iloba betiko galaraziko. Nahiago dut horrela pentsatu, eta nahi zintuzket ikusi gisa berean pentsatzen; halatan kausituko dituzu zuk zeure lehen kontsolazioak, eta nik, zu gehiago maitatzeko arrazoi berriak.

        Egun gutxi barru hemen igurikitzen zaitut, alaba maitagarria, iragarri didazun bezala. Zatoz, galdu zenituen leku berberetan lasaitasuna eta zoriona berreskuratzera; zatoz batez ere hari eman zenion hitza guztiz ere zorionean atxiki izanaz, eta haren eta zure duin ez zen deusik ez egin izanaz zeure ama amoltsuarekin batera bozkarioak egitera!

...ko gaztelutik, 17**ko urriaren 30ean.

 

 

CXXVII. GUTUNA

MERTEUILEKO MARKESAK VALMONTEKO BIZKONDEARI

 

        Baldin ez badiot, bizkonde, 19ko zure gutunari ihardetsi, ez da astirik izan ez dudalako; soil-soilik da beltzuria sortu didalako, eta zentzurik aurkitu ez diodalako. Iruditu zait beraz ez nezakeela ahanztea baino deus hoberik egin; baina berriz aipatzen didazunez, han adieraziak diren ideiei atxikia iduri duzunez, eta nire isiltasuna oneste gisa hartzen duzunez, argi eta garbi behar dizut erran neure iritzia.

        Batzuetan nahikatu ahal izan dut agian haren oso bat nik bakarrik ordezkatzea; baina sekula ez zait komeni izan andre multzo horretako kide izatea. Bazenekiela uste nuen. Orain bederen nahitaez jakitun baitzaude, aise sumatuko duzu zenbatez ere zure proposamena irrigarria zaidan iruditu. Nork, nik! Jaidura bat sakrifikatu nik, eta jaidura berri bat gainera, zurekin ari izateko? Eta nola ari izateko? Nire txandaren zain, esklabo manakor baten gisara, jaun goren horren ontarte ezin bikainagoak noiz hartuko. Konparazione, Tourvel andre maitagarri, zerutiarrak soilik sentiarazi dizun xarma ezezagun horretarik une batez bertzeratzen zarelarik, edo Cécile hunkigarri horrek zutaz arras gogobete gordetzea nahi duzun uste ezin hobe hori arriskuan jartzeko beldur zaudelarik: nigana jaitsirik orduan, plazerren bila jinen zara, nahiz plazer horiek zinez ez diratekeen hain biziak, ondoriorik gabeak lirateke ordea; eta zure ontarte baliosak, izanagatik bakan samarrak, nire zorionak bertzenaz askietsiko ditu!

        Baiki, aberatsa zara zeure buruaren iritzi onez: ni ordea ustez ez naiz aberatsa xalotasunez; zeren neure buruari behatuagatik, ez dezaket hein horretaraino beheititua ikus. Nire akats bat da beharbada; baina aldez aurretik gaztigatzen dizut bertze anitz baditudala oraino.

        Badut batez ere akats bat, zeina baita uste izatea ezen Danceny eskolume, melenga hori, nitaz baizik ez arduratua, lehen grina bat niri sakrifikaturik, sakrifizio hori merezimendutzat hartu gabe, grina hori asea izan ere dadin baino lehen, eta ni maitaturik azkenik bere adinari dagokion gisara, zu baino eragintza gehiagoz ari izan litekeela nire zorionaren eta nire plazerren alde lanean, nahiz dituen hogei urte. Zilegi izan bekit halaber zuri erratea ezen, hari laguntzaile bat ematea gutiziatuko banu, ez zinatekeela zu izanen, oraingoz bederen.

        Eta zergatik, galdetuko didazu? Baina hasteko baliteke ezein arrazoirik ez egotea: zeren hobetsiko zintuzkeen gutiziak berdin salbuets baitzaitzake. Nahi dizut haatik, adeitasunagatik, neure iritzia arrazoitu. Sakrifizio gehiegi egin behar zenizkidakeela iruditzen zait; eta ni izan ninteke, karia horretara halabeharrez igurikiko zenukeen esker ona zuri erakutsi ordez, oraino sakrifiziorik zor zenidakeela uste izateko gauza! Ikusten duzunez, bata bertzeagandik halatan gure pentsaera dela kausa hain urrunduak, neholaz ere ezin gintezke elkargana hurbil; eta badut beldurra anitz denbora ez ote dudan beharko, arras denbora luzea, sentimenduz aldatu baino lehen. Zentzatua naizen orduko, hitz ematen dizut zuri mezutzea. Ordu arte, sinets nazazu, egin bertze antolamendurik, eta gorde zeure musuak, nori hobeki eman anitz baitituzu!...

        Adio, bertze orduz bezala, diozu? Bertze orduz ordea, nitaz axolatuagoa zinela iruditzen zait; ez nindukezun hirugarren mailako roletara arras baztertuko; eta batez ere nire baiaren zain egonen zinatekeen, nik zuri baietz erran izanaz ziur egon baino lehen. On irudituko zaizu beraz bertze orduz bezala adio erran ordez, egungo egunean bezala erran diezazudan adio.

        Zure zerbitzaria, bizkonde jauna.

...ko gaztelutik, 17**ko urriaren 31n.

 

 

CXXVIII. GUTUNA

TOURVEL LEHENDAKARIAREN EMAZTEAK
ROSEMONDE ANDREARI

 

        Atzo arte ez dut hartu, andrea, zure erantzun berantiarra. Bertatik hilko ninduen, neure izatearen jabe banintz oraino: bertze norbait du ordea izate horrek jaun eta jabe, eta bertze hori Valmont jauna da. Ikusten duzu ez dizudala deusik gordetzen. Baldin zure adiskidantza jadanik merezi ez dudala pentsatu behar baduzu, beldur gutxiago diot zure adiskidantza galtzeari hura engainatzeari baino. Erran diezazukedan guztia da ezen Valmont jaunak jarri nauelarik bere heriotzaren eta bere zorionaren artean, azken xede hori hartzea deliberatu dudala. Ez naiz horretaz harrotzen, ezta neure burua akusatzen ere: soil-soilik diot gertatu dena.

        Aise sumatuko duzu, horren ondoren, zer nolako zirrara egin behar izan didan zure gutunak, eta han bilduak diren egia zorrotzek. Ez uste haatik damurik sorrarazi ahal izan didanik, ezta sentimenduz nahiz jokabidez nehoiz aldaraz nazakeenik ere. Ez pentsa une krudelik bizi ez dudanik: baina bihotza arras erdiratua dudanean, neure oinazeak ezin jadanik jasateaz beldur naizenean, egiten dut neure artean: Valmont zoriontsua da, eta oro desagertzen da ideia horren aitzinean, edo hobeki erran ideia horrek oro plazer du bihurtzen.

        Zure ilobari diot beraz neure burua eskaini; beregatik naiz galdu. Hura dut orain neure pentsamenduen, neure sentimenduen, neure egintzen ardatz bakarra. Nire bizitza haren zorionari beharrezkoa izanen zaion bitartean, baliosa izanen zait, eta zorionekoa irudituko zait halaber. Baldin egunen batean hark bertzerik uste baleza..., ez du nigandik ez kexurik ez liskarrik adituko. Ausartu naiz dagoeneko une hilgarri horri begi ematera eta neure xedea hartua dut.

        Ikusten duzu orain zein eragin gutxi izan dezakeen nigan Valmont jaunak egunen batean galduko nauelako zuk bide duzun beldurrak: zeren ni galdu nahi izan baino lehen, gelditua dateke bada ni maitatzetik; eta zer eginen didate orduan adituko ez ditudan liskar alferrikakoek? Hura baizik ez duket juje. Harentzat baizik ez bainaiz biziko, harengan hartuko du nire oroimenak atseden; eta aski justifikatua nuke neure burua, baldin maite nuela aitortzera behartua bada.

        Nire bihotzean irakurri berri duzu, andrea. Nahiago izan dut zuri egia erranez zure estimua galdu izanaren malura, gezurraren doilorraz zure estimuaren ezgai bilakatu izanarena baino. Fidantzia oso hori zor uste nien iraganean nigana izan dituzun ontasunei. Bertze hitz bat gehiago errateak susma ahal liezazuke ontasun horiei oraino atxikia izateko urguiluak hartua naukala, nahiz aitzitik neure buruarekin zuzen eta bidezko naizen ontasun horiek atxiki nahiari uko eginez.

        Errespetuz naiz, andrea, zure zerbitzari arras apal eta arras esanekoa.

Parisen, 17**ko azaroaren 1ean.

 

 

CXXIX. GUTUNA

VALMONTEKO BIZKONDEAK MERTEUILEKO MARKESARI

 

        Erraidazu bada, adiskide ederra, nondik dator zure azken gutunean nagusi den doinu latz eta trufazko hori? Zein da bada ustez ezjakinean egin dudan eta hainbertzeraino haserretu zaituen makurkeria hori? Iduri izan dut, hala egozten didazu, zure baimenari atxikia zugandik baimenik erdietsi baino lehen: uste nuen ordea mundu guztiarentzat harrokeria lirudikeena, sekula ez zitekeela, zugandik nigana, fidantzia gisa baizik har: eta sentimendu horrek noizdanik dakarkio kaltea adiskidantzari edo amodioari? Esperantza elkarturik desirari, makurtu baizik ez naiz egin bila ari garen zorionetik betiere ahalik hurbilena jarrarazten gaituen bultzada berezkoari; eta zuk harrokeriaren ondoriotzat hartu duzu nire lehiaren ondorioa baizik ez zena. Badakit, ondo jakin ere, ohiturak, kasu horretan, errespetuzko duda bat ezarria duela: zuk ere badakizu ordea ez dela molde bat, protokolo hutsa baizik; eta zilegi zitzaidan, nire ustean, begiramenezko izari zehatz horiek gure artean jadanik beharrezkoak ez zirela uste izatea.

        Iruditzen zait orobat ezen urrats zinezko eta libro hori, aspaldiko harreman batean funtsatua delarik, amodioa hain sarri ilauntzen duen balaku geza baino askoz hobea dela. Bertzenaz, manera horri ematen diodan balioa ez datorkit ausaz hark gogora dakarkidan zorionari ematen diodan baliotik baizik: baina horregatik beretik, areago deitoratuko nuke zuk bertzerik ulertu izana.

        Horra beraz nihauren baitan kausitu dudan hutsegite bakarra: zeren ezin pentsa baitezaket serioski uste izan duzunik badenik munduan zu baino hobea irudi dakidakeen emakumerik; eta are gutxiago pentsa dezaket zuk itxurak eginik sinetsi uste duzun bezainbat gaitzetsi zaitudanik. Sujet horren karietara erraten didazu zeure buruari behatu diozula, eta ez duzula zeure burua hein horretaraino beheititua kausitu. Ados nago, eta horrek ez du zure ispilua fidela dela baizik frogatzen. Baina ez zenukeen aiseago eta bidezkiago ondorioz uste izan beharko nik ez nuela hain segur zutaz halakorik pentsatu?

        Alferrik nabil ideia bitxi horri kausarik bilatzen. Iruditzen zait haatik zilegi dudala pentsatzea ezen nik bertze emakumeei egin dizkiedan laudorioetan duela horrek nolarebait kausa. Ondorio hori ateratzen dut bederen, Tourvel andreaz edo Volanges ttipiaz hitz egiten didazularik nik baliatu ditudan maitagarri, zerutiar, hunkigarri izenondoak zuk niri irri doinuz errepikatu izanetik. Ez dakizu ordea hain sarri gogoetatuak baino oharkabean hautatuak izaten diren hitz horiek gehiago dagozkiola batbederak hitz egiten ari denean bizi duen egoerari, presuna jakin bati zaion jaidurari baino? Eta baldin, batak nahiz bertzeak biziki hunkitua nindukaten unean berean, ez bazintudan hala ere gutxiago desiratzen; baldin nabarmen hobesten bazintudan bi emakume horien gainetik, zeren azkenik bertze bien kaltetan baizik ez nintekeen gure lehen harremanari berriz lotu, ez dut uste horrek hain liskarbide handirik ekar dezakeenik.

        Ez zait zailagoa izanen doi bat harritu bide zaituen xarma ezezaguna justifikatzea: zeren lehenik ezezaguna izateak ez baitu erran nahi bortitzagoa denik. O! Nork gaindi litzake hala betiere berri nola betiere bizi bihurtzen soilik zuk dakizkizun plazer zoragarriak? Soilik erran nahi izan dut plazer hura nik oraino dastatu gabekoen motakoa zela; baina ezein baliorik emateko asmorik gabe; eta erran nuen gero, eta egungo egunean berriz errepikatzen dut, ezen, zeinahi ere den, jakinen dudala gudukatzen eta garaitzen. Horretan are gehiago ahaleginduko naiz oraino, baldin eginahal arin horretan zure omenezko eskaintza bat ikus badezaket.

        Cécile ttipiaz den bezanbatean, alferrikakoa iruditzen zait zuri hartaz mintzatzea. Ez zenuen ahantziko haur hori zure eskariz hartu nuela neure gomendio, eta ez dut zure baimena baizik igurikitzen hura aienatzeko. Haren lañotasunari eta freskotasunari ohartu ahal izan natzaio; hunkingarria ere iruditu ahal izan zait instant batez, zeren eta, gutxi edo asko, doi bat ederresten baitio beti nork bere obrari: baina hain segur, ez du aski trinkotasunik ezein alderditan nehoren arreta deusik erakartzeko.

        Orain, adiskide ederra, zure justiziari nago, zuk nire aldera izan zenituen lehen ontasunei nago; adiskidantza luze eta beteginari, geroztik gure loturak tinkatu dituen fidantzia osoari: merezi izan dut nirekin baliatu duzun doinu zorrotza? Baina zeinen aise eman ahalko didazun zorroztasun horren ordaina zuk nahi dezazunean! Erran soilik ele bat, eta ikusiko duzu ea xarma guztiek eta atxikimendu guztiek hemen geldiaraziko nauten, ez egun batez, ezta minutu batez ere. Ziztu bizian joanen naiz zure oinetara eta zure besoetara, eta mila bider eta mila moldez frogatuko dizut zu zarela, zu izanen zarela betiko, nire bihotzeko egiazko erregina.

        Adio, adiskide ederra; arras ezinegonik igurikitzen dut zure erantzuna.

Parisen, 17**ko azaroaren 3an.

 

 

CXXX. GUTUNA

ROSEMONDE ANDREAK
TOURVEL LEHENDAKARIAREN EMAZTEARI

 

        Eta zergatik, maite eder horrek, ez duzu nire alaba izaten segitu nahi? Zergatik iragartzen bide didazu gure arteko gutun bidezko harreman oro haustera doala? Egiantza ororen kontra gertatzen ari zena ez asmatzeagatik zigortu nahi nauzulako ote? Edo nahita atsekabetu zaitudalako susmoa hartzen didazu? Ez, aski eta sobera ezagutzen dut zure bihotza, nireaz halakorik pentsatzen duzunik uste izateko. Beraz, zure gutunak eman didan pena askoz gutxiago dagokit niri zuhauri baino!

        O, adiskide gaztea! Dolorez diotsut; maitatua izateko sobera gai zara ordea, beraz maitasunak eginen ahal zaitu noizbait zoriontsu! Zer! Zein emakume zinez fin eta sentikorrak ez du zorigaitza kausitu hain zorion handia prometatzen zion sentimendu horretan berean! Gizonek ba ote dakite beretua duten emakumea estimatzen?

        Ez uste anitz gizon ez denik jokabidez zintzoa eta maitasunean jarraikia: baina, horien beren artean ere, zein gutxik dakien haatik gure bihotzarekin batera joaten! Ez uste, maite eder horrek, haien amodioa gurearen antzekoa denik. Horditasun bera sentitzen dute; anitzetan ere askoz suharragoak izaten dira: baina ez dute ezagutzen ezinegon urduria, arreta atsegina, gugan arta ezti eta jarraikiak sortzen dituena, maite den gizona xede bakar beti. Gizonak sentitzen duen zorionaz gozatzen du, eta emakumeak, berriz, gizonari sorrarazten dionaz. Berezitasun hain funtsezko eta hain bakan ohartarazi horrek eragin arras nabarmena du haatik gizonaren zein emakumearen jokabide osoan. Bataren plazerra desirak asetzea da, bertzearena desirak sorraraztea batez ere. Norbaiti laket gertatzea ez da gizonarentzat erdiesteko baliabide bat baizik; emakumearentzat berriz huraxe da erdiestea. Eta eder agertu nahia, emakumeei hain sarri egotzia, ez da sentitzeko molde horrez neurriz gain baliatzea baizik, eta beraz errealitatea frogatzen duena. Amodioak bereizgarri huts duen jaidura hori azkenik, gizonen baitan ez da lehentasun bat baizik, balio duena, gehienez ere, bertze maitagai batek agian ahuldu baina suntsituko ez lukeen plazerra areagotzeko; emakumeen baitan aitzitik sentimendu sakon bat delarik, eta ez soilik iraungitzen die ezein desira arrotz, ordea ez die, naturaleza baino bortitzagoa baita, eta haren nagusigoari itzurtzen baitzaio, higuina eta nazka baizik sentitzen uzten, ustez irritsa sortu behar lukeen unean berean.

        Eta ez uste gero egia orokor horien kontra salbuespenak, izan urri edo anitz, eta aipa litezkeenak, arrakastaz erakuts litezkeenik! Jendeen ahotsa dute salbuespen horiek berme, eta ahots horrek, soilik gizonentzat, bereizi du desleialtasuna aldakortasunetik: gizonek abantailetan hartzen dutelarik bereizkuntza hori, umiliagarria gerta behar lekiekeelarik; eta gure sexuarentzat nehork ez duelarik sekula beretu, non ez diren gure sexuari ahalkea dakarkioten emakume zital horiek, baliabide oro on iruditzen zaienak, haien apalkeriaren sentimendu deitoragarritik salbatzen ahalko dituelakoan.

        Uste izan dut, maite eder horrek, gogoeta horien bidez baliagarria litzaizukeela buru egin ahal izatea amodioak gure irudimenaz beti eta beti neurriz gain baliaturik sortzen dituen zorion betegin baten ametsezko ideiei: esperantza engainagarria, batbedera atxikia zaiona haatik, nahiz halabeharrez abandonatu behar duen, eta hura galtzeak xangrin dagoeneko sobera egiazkoak, grina bizi batetik ezin bereiziak, ernatzen eta ugaritzen dituen! Zure malurak leuntzeko edo gutxitzeko eginkizuna da une honetan bete nahi dudan, bete dezakedan bakarra. Erremediorik gabeko gaitzetan, kontseiluak sendabidearentzat baizik ezin daitezke izan. Soilik galdatzen dizut oroit dezazun ezen eri bati urrikaltzea ez dela eria kondenatzea. E! Nor gara gu elkar gaitzesten ibiltzeko? Utz diezaiogun jujatzeko eskubidea bihotzetan irakurtzen duen bakarrari; eta zilegi izan bekit sinestea ezen haren aita begietan bertute saldo batek irabaz dezakeela ahulkeria baten barkamena.

        Baina, otoi arren, adiskide maitea, begira zaitez indarra iragartzen duten bainoago erabateko etsipena iragartzen duten oldarrezko delibero horietarik: ez ahantz ezen zure izatearen jabegoa bertze bati emanez, zure hitzak baliatzearren, izate horretarik aldez aurretik bazutenaz eta hura galdatzetik sekula geldituko ez direnaz ez ditzakezula haatik zure adiskideak gabetu.

        Adio, alaba maitea; har ezazu noizbehinka gogoan zure ama amoltsua eta sinets nazazu zu izanen zarela betiko, eta ororen gainetik, haren gogoeta maiteenen xedea.

...ko gaztelutik, 17**ko azaroaren 4an.

 

 

CXXXI. GUTUNA

MERTEUILEKO MARKESAK VALMONTEKO BIZKONDEARI

 

        Beharrik, bizkonde, oraingo honetan aurrekoan baino kontentago naiz zutaz; baina egun, mintza gaitezen onez onean, eta igurikitzen dut zuri sinetsaraztea ezen desiratzen bide duzun abeniko hori zinez erokeria hutsa litzatekeela hala zuretzat nola niretzat.

        Ez duzu oraino sumatu ezen plazerra, bi sexuen arteko bat egitearen arrazoi bakarra alabaina, ez dela haatik aski haien artean harremanik finkatzeko? Eta ez duzu orobat sumatu ezen plazerrak desira elkarren hurbilarazlea baldin badu aurretik, plazerraren ondoren nahitaez datorrela higuin elkarren aienatzailea? Izadiaren lege bat da, soilik amodioak alda dezakeena; eta badugu amodiorik nahi dugunean? Haatik, amodioaren beharretan gara beti: eta hori zinez litzateke arras gogaikarria, baldin konturatu ez bagina ezen zorionez aski dela amodioa alde batean existitzea. Zailtasuna zailtasun erdi bilakatua da halatan, eta askorik galdu behar izan gabe ere; alabaina, batak maitatzeko zorionaz gozatzen du, bertzeak laket izatekoaz, egia erran ez bertzea bezain bizia, baina engainatzeko plazerra juntatzen zaiona, oreka eginez; eta oro konpondua.

        Baina erraidazu, bizkonde, gu biotarik nor arduratuko da bertzea engainatzeaz? Ezagutuko duzu jokoan ari zirela elkarri antzeman zioten bi zital haien historia: ez dugu deusik eginen, elkarri erran zioten, ordain ditzagun kartak erdi bana; eta jokoa utzi zuten. Jarrai diezaiogun, sinets nazazu, etsenplu zuhur horri, eta ez dezagun elkarrekin gal elkarrengandik bereizirik arras ongi balia dezakegun denbora.

        Froga diezazudan oraingoan zure interesek neureek bezainbat harrarazi didatela delibero hori, eta ez naizela ari ez beltzuriaz, ez gutiziaz, ez dizut gure artean adosturiko saria ukatzen: biziki ontsa dakit, bertzenaz, gau bakar batez aski eta sobera moldatuko garela; eta ez dut orobat dudarik egiten ezen jakinen dugula gau hori hainbat edertzen, non damuz baizik ez dugun finitzen ikusiko. Baina ez dezagun ahantz damu hori beharrezkoa zaiola zorionari; eta gure lilura zein ere den eztia, ez dezagun uste iraunkorra izan litekeenik.

        Ikusten duzu ni ari naizela neure hitza betetzen, nahiz zuk ez duzun kitorik egin nirekin; zeren hartua behar nukeen jadanik ahalketi zerutiar horren lehen gutuna; eta hargatik, dela atxiki nahi duzulako oraino, dela agian sinetsarazi nahi didazun baino gutxiago interesatzen zaizun tratu baten baldintzak ahantzi dituzulako, ez dut deus jaso, deusik ere ez. Haatik, edo tronpatzen naiz, edo debot amoltsu horrek anitz behar du izkiriatu: zertan ari ote da bertzela bakarrik denean? Ez du hain segur aisiara biltzeko bezain zentzu onik. Banituzke beraz, nahi izanez gero, liskar ttipi batzuk zuri egiteko; beude ordea isilean, neure azken gutunean menturaz izan nuen beltzuri doiaren ordainetan.

        Orain, bizkonde, zuri eskari bat egitea baizik ez zait gelditzen eta eskari hori zuretzat da niretzat bezainbat: hots, gibela ezazu doi bat ausaz nik zuk bezainbat desiratzen dudan unea, zeren uste baitut ni hirira itzuli arte behar dela tenore hori atzeratu. Batetik, hemen ez genuke behar bezainbat libertate; eta, bertzetik, arriskutan nengoke nolarebait: zeren ez nuke jelosia poxi baten eskas baizik Belleroche triste hori nigana areago erakartzeko, nahiz den hari batetik zintzilik. Ahotik birikak boteaz daukat ni maitatzeko; hainbertzeraino non egungo egunean etengabe egiten dizkiodan ferekuak maleziazkoak baitira zuhurtziazkoak bezainbat. Baina, aldi berean, ikusten duzu ez nizukeela halatan sakrifizio handirik eginen! Elkarrekiko desleialtasun baten xarma are ziztagarriagoa izanen da.

        Badakizu batzuetan dolutzen zaidala baliabide horietara makurtu beharra? Elkar maite genuen garaietan, maitasuna zela uste baitut, zoriontsua nintzen; eta zu, bizkonde?... Baina ezin itzul litekeen zorion batean zergatik oraino aritu? Ez, zuk zernahi erran ere, itzulera hori ezinezkoa da. Hasteko, egiten ahal ez zenizkidan edo egin nahiko ez zenizkidan sakrifizioak eskatuko nizkizuke, eta agian ez nituzke mereziko; eta bertzenaz, nola atxikiko zintuzket? O! Ez, ez, horretan ez dut pentsatu ere egin nahi; eta une honetan zuri izkiriatzen kausitzen dudan plazerra gorabehera, nahiago dut zugandik berehala aldaratu.

        Adio, bizkonde.

...ko gaztelutik, 17**ko azaroaren 6an.

 

 

CXXXII. GUTUNA

TOURVEL LEHENDAKARIAREN EMAZTEAK
ROSEMONDE ANDREARI

 

        Zuk nigana dituzun ontasunak nigan barneraturik, andrea, guztiz men eginen nieke, baldin gelditu ez banindu, nolabait, ontasun horiek onartuz gero profanatzeko beldurrak. Zergatik, ikusten ditudalarik hain zoragarriak, aldi berean behar dut sentitu ez naizela haiek hartzeko duin? Ah! Ausartuko natzaizu bederen nire esker ona zuri adieraztera; miretsiko dut, oroz gain, bertutearen bihozberatasun hori, ez baititu gure ahulkeriak ezagutzen haiek urrikaltzeko ez bada, eta atxiki baitu haren xarma ahaltsuaz nagusigo hain ezti eta bortitza bihotzen gainean, bai halaber amodioaren xarmaren ondoan ere.

        Baina merezi dezaket oraino nire zorionak askiesten ez duen adiskidantzarik? Gauza bera diot zure kontseiluez, badakit zenbat balio duten eta ezin jarrai nieke. Eta nola ez sinets erabateko zorionean, baldin une honetan ari banaiz sentitzen? Bai, baldin gizonak zuk erran bezalakoak badira, ihes egin behar zaie, gorrotagarriak dira; baina Valmont hain da haien antza izatetik urrun! Baldin haiek bezala grinaren oldar hori badu, zuk suharra deitzen diozuna, haren fintasunaren sobera zenbatez ez ote zaion gainditzen! O, adiskidea! Nire atsekabeak zeureganatuko dituzula diostazu, goza ezazu bada nire zorionaz; amodioari zor diot, eta amodio horren xedeak zenbatez areagotzen duen amodioaren beraren balioa! Agian ahulkeriaz maite duzu, hala diozu, zeure iloba? Ah! Nik bezala ezagut bazeneza! Nik itsu-itsuan maite dut, eta hark merezi baino askoz gutxiago hala ere. Egin ahal izan ditu hutsegite batzuk dudarik gabe, hark aitortua du; baina egiazko maitasuna nork ezagutu du nehoiz hark bezala? Zer gehiago erran diezazuket? Sentitzen du maitasuna sorrarazten duen bezala.

        Usteko duzu gure irudimenaz beti neurriz gain baliatzen den ametsezko horietako ideia bat dela hori; baina kasu honetan, zergatik bilakatu ote da Valmont amoltsuago, arduratsuago, zer erdietsirik ez duen ondoren? Aitortuko dizut ezen lehen kausitzen niola gogoetatsu bere baitaratzeko halako itxura, bakan baizik uzten ez zuena, eta usu ninderamana, nahigabe, hari buruz emanak zizkidaten uste faltsu eta krudeletara. Baina bere bihotzaren bultzadei hersturarik gabe men egin ahal diezaiekeenez geroztik, iduri du nirearen desira guztiak asmatzen dituela. Nork daki ez ote garen bata bertzearentzat jaio! Haren zorionerako beharrezkoa izateko zoriona ez ote zen niretzat gordea! Ah! Ez bada lilura baizik, hil nadin bada lilura hori fini baino lehen. Ez ordea; nahi dut bizi Valmont maitatzeko, Valmont gurtzeko. Zergatik geldituko litzateke ni maitatzetik? Bertze zein emakume bihurtuko luke ni baino zoriontsuago? Eta, nihaur sentitzen ari naizenez, bertzeari sorrarazten zaion zorion hori da loturarik bortitzena, egiazko lotura bakarra. Bai, sentimendu zoragarri hori da amodioa goratzen duena, nolarebait arazten duena, eta arima amoltsu eta eskuzabal bat, nola baita Valmontena, merezi izateko gai egiten zaituena.

        Adio, adiskide maite, agurgarri, bihozbera. Alferrik nahi nizuke luzaroago idatzi; hona bada Valmontek etortzea hitz eman didan orena, eta bertze ezein ideiak ihes egiten dit. Barka! Baina zuk nire zoriona nahi duzu, eta une honetan nire zoriona hain da handia non doi-doia naizen sentitzeko ere gauza.

Parisen, 17**ko azaroaren 7an.

 

 

CXXXIII. GUTUNA

VALMONTEKO BIZKONDEAK MERTEUILEKO MARKESARI

 

        Zeintzuk dira bada, adiskide ederra, zure ustez eginen ez nituzkeen sakrifizio horiek, nahiz zuri atsegin ematea luketen sari? Emaidazu soilik haien berri, eta baldin sakrifizio horiek zuri eskaintzeaz dudatzen badut, uzten dizut begirunezko eskaintza horri uko egiten. E! Nola jujatzen nauzu duela zenbait denboraz geroztik, baldin, zure bihozberatasunean berean ere, duda egiten baituzu nire sentimenduez edo nire indarraz? Egin nahi ez nituzkeen edo egiten ahal ez nituzkeen sakrifizioak! Beraz, amorostzat, mendean hartutzat naukazu? Eta erdietsi izanari eman diodan balioa, presunari atxiki ote diodan susmoa hartzen didazu? Ah! Jainkoari eskerrak, ez naiz oraino hein horretaraino beheititua, eta neure burua eskaintzen dizut zuri hori frogatzeko. Bai, frogatuko dizut, Tourvel andrearen bizkar frogatu ere. Hain segur, horren ondoren, ez zaizu duda izpirik geldituko.

        Hainbat denbora eskaini ahal izan diot, hala uste dut, neure hitza hari eman gabe, bakan kausitzen den motakoa izateko merezimendua gutxienez baduen emakume bati. Beharbada abentura hori sasoi mortuan sortu izanak areago lerrarazi nau halaber haren baitara; eta egungo egunean oraino, ur-laster handia doi-doia hasia delarik berriz, ez da harritzekoa abentura horrek ni ia osoki hartua izana. Egizu kontu ordea ezen doi-doia egin dituela zortzi egun hiru hilabeteko eginahalez gozatzen dudala. Hain sarri luzaroago gelditu izan naiz askoz gutxiago balio eta hainbertze gosta izan ez zitzaizkidan aferatan!... Eta zuk ez duzu sekula ezein ondoriorik atera nire kontra.

        Eta bertzenaz, egiten ari naizen eginahalen benetako kausa nahi duzu jakin? Hona bada. Emakume hori berez da herabetia; hasieran, etengabe dudatzen zuen bere zorionaz, eta duda hori aski zuen bere zoriona durduzatzeko: hala non doi-doia hasia naizen hauteman ahal izaten noraino heltzen den nire ahalmena alor horretan. Jakiteko irrikan nintzen gauza bat da haatik; eta horrelako okasiorik ez da uste bezain errazki kau- sitzen.

        Lehenik, anitz emakumerentzat, plazerra plazer izaten da beti eta hori baizik ez da sekula; eta emakume horien ondoan, zeinahi ere dela edergarri jartzen diguten dohaina, ez gara mezulariak baizik izaten, mandatari soilak, merezimendu osoa ihardunari zor diotenak, eta, haien artean, gehien egiten duena izaten da beti hobekien egiten duena.

        Bertze emakume suerte batean, egungo egunean ausaz ugarienean, maitalearen omenak, maitalea aurkari bati edeki izanaren plazerrak, bertze batek maitalea aldiz edekiko ote dion beldurrak, horiek guztiek hartuak dituzte emakumeak: guk badugu naski zerikusirik, gutxi edo asko, gozatzen ari diren zorion gisako horretan; zorion hori ordea atxikiagoa zaio zernolakoei presunari baino. Gure bidez datorkie, eta ez gugandik.

        Kausitu beharrean nintzen beraz, oharrez eta arretaz ari so egon ahal izateko, emakume fin eta sentikor bat, zeregin bakarra amodioa zukeena, eta, amodioan berean ere, bere maitalea baizik ikusiko ez zuena; emakume bat, zirrara beti bihotzetik jalgiko zitzaiona zentzumenera heltzeko, ohiko bidetik joan ordez; emakume bat, ikusi dudana konparazione (eta ez naiz lehen egunaz ari) plazerretik dena negar ateratzen, eta geroxeago bere arimari ihardesten zion ele batean irritsa berriz kausitzen. Azkenaz goiti, emakume horrek behar zuen halaber berezko xalotasuna, dagoeneko gaindiezina izaten dena haren peko egotearen ohituraz, eta bere bihotzeko ezein sentimendu disimulatzen utziko ez ziona. Eta, onartuko duzunez, gisa horretako emakumeak bakanak izaten dira; eta sinets dezaket ezen, emakume hau izan ezik, ez nuela gisa horretako emakumerik sekula kausituko.

        Ez litzateke bada harrigarria emakume horrek bertze ezeinek baino luzaroago ni atxikitzea, eta baldin haren baitan egin nahi dudan lanak emakume hori zoriontsu, ezinago zoriontsu, egin dezadan eskatzen badu, zergatik zorion horri egin uko, batez ere baliagarria zaidalarik, gaitzesgarria gertatu ordez? Baina adimena ihardunean izateak, bihotza esklabo dela erran nahi ote? Ez, dudarik gabe. Halaber, abentura hau ukorik egin gabe arras balioetsi izanak ez dit eragotziko bertze abenturatan ibiltzea, edo hau bera ere abentura atseginagoen truk sakrifikatzea.

        Libro naiz, halako gisaz non ez naizen hala ere Volanges ttipiaz ezaxolatu, nahiz ez naukan hari batere atxikia. Bere amak hirira ekarriko du hiru egun barru; eta nik, atzodanik, jakin dut harekin komunikatzeko bideak ziurtatzen: diru pixka bat atezainari eta ele goxo batzuk gelazainari eta horra auzia bideratua. Uler dezakezu Dancenyk horren baliabide sinplerik ez asmatu izana? Erran bezate gero amodioak asmotsu bihurtzea dakarrela! Aberetzen du aitzitik mendean hartua duena. Eta, nik amodiotik defendatzen jakin ez! Ah! Zaude lasai. Dagoeneko, egun gutxi barru, bertze zirrara batez ahultzera noa, erdibituz, sentitu dudan zirrara agian sobera bizia; eta erdibitze bakarra ez bada aski, aniztuko ditut.

        Prest izanen naiz orobat egoiliar gazte hori bere maitale zuhurrari bihurtzeko, zuri komenigarria irudituko zaizun orduko. Ez dut uste niri hori eragozteko arrazoirik baduzunik jadanik; eta nik gogo onez eginen diot zerbitzu nabarmen hori Danceny gaixoari. Hainbertze ere zor diot, zinez, egin dizkidan zerbitzu guztien truk. Kezka bizian da orain Volanges andrearen etxean hartuko ote duten jakinminez; lasaitzen dut ahal bezainbat, seguraturik hari ezen, nola edo hala, ahal dudan bezain sarri zoriontsu eginen dudala; eta horren goaitan, nigan du oraino utzia bere gutunen ardura, bere Cécile heltzen denean berriz nahi baitu gutun bidezko harremanetan harekin hasi. Sei gutun eman dizkit dagoeneko, eta emanen dizkit oraino bertze bat edo bi egun zoriontsua baino lehen. Mutil horrek ez bide du anitz zereginik!

        Utz dezagun ordea haur bikote hori, eta gatozen geurera; mintza ahal izan nadin soil-soilik zure gutunak eman didan esperantza arras eztiaz. Bai, atxikiko nauzu dudarik gabe, eta ez dizut barkatuko duda egin izana. Nehoiz utzi ote diot zugana jarraikia izateari? Gure loturak lasaituak izan dira, ez hautsiak; gure arteko haustura ustezko hura ez zen gure irudimenaren hutsegite bat baizik izan: gure sentimenduak, gure interesak, ez dira hargatik gutxiago lotuak gelditu. Etsia itzuli den bidariaren antzo, hark bezala onartuko dut ezen zoriona utzi nuela esperantzaren bila joateko, eta d'Harcourt-ek bezala erranen dut:

 

Zenbatenaz arrotz nituen ikusi, hanbatenaz neure aberria nuen maitatu.

 

        Ez ezazu beraz gehiago guduka nigana zakartzan ideia edo are gehiago sentimendua; eta, gure ibilera anitzetan plazerrak oro dastatu ondoren, dugun goza behinola sentitu genuen eta orain are zoragarriagoa irudituko zaigun plazerra ezin haietariko ezeinekin konpara litekeela sentitzeko bozkarioaz!

        Adio, adiskide xarmanta. Onartzen dut zure itzuleraren zain egotea: baina itzulera hori azkar ezazu, eta ez ahantz zenbatez ere naukan irrikan.

Parisen, 17**ko azaroaren 8an.

 

 

CXXXIV. GUTUNA

MERTEUILEKO MARKESAK VALMONTEKO BIZKONDEARI

 

        Egiazki, bizkonde, haurrak bezalakoa zara, ezin haien aitzinean deusik erran, eta ezin deusik erakutsi berehala hartu nahi izaten ez dutenik! Ideia sinple bat bururatu zait, hartan baratu nahi ez dudalako gaztigua ere egiten dizut, eta hala eta guztiz ere, aipatzen dizudanetik beretik, neurriz gain baliatzen duzu, nire arreta hara erakartzeko; ni hari atxikitzeko, gogoa bertzeratu nahi dudanean; eta zure desira zoroak nire gogoaren kontra neretzera, nolarebait, behartzeko. Eskuzabala ote da zure partetik zuhurtziaren zama guztia niri bakar-bakarrik jasatera utzi izana? Berriz diotsut, bai are sarriago errepikatu ere neure artean, proposatzen didazun abenikoa zinetan da ezinezkoa. Une honetan erakusten didazun eskuzabaltasun guztiaz lotuko bazintzaizkio ere abeniko horri, zer uste duzu, nihaur ere ez naizela adeitsu, eta onartuko nukeela zure zorionari kalterik lekarkiokeen sakrifiziorik?

        Beraz, egia ote, bizkonde, Tourvel andreari atxikia zauzkan sentimendua iruditu bat baizik ez izatea zuretzat? Amodioa da, edo ez da amodiorik nehoiz existitu bertzela: ehun moldez duzu ukatzen; mila moldez ordea frogatzen. Zer da bada, konparazione, zeure buruagana (zeren niri egia erraten didazula uste baitut) baliatzen duzun itzurbide hori, zeinak erranarazten baitizu ezen emakume hori zuri atxikia gordetzeko desira ezin ezkuta ezin guduka duzuna, hari so egiteko gogoa dela? Ez ote dute erranen ez duzula nehoiz bertze ezein emakumerik zoriontsu, arras zoriontsu bilakatu? Ah! Duda egiten baduzu, oroimen ahulekoa zara! Ez ordea, ez da hori. Soil-soilki zure bihotza neurriz gain ari da zure adimenaz baliatzen, eta arrazoi txarrak erranarazten dizkio: ni ordea, arras axolatua bainaiz nire burua ez tronpatzera, ez naiz hain kontentaerraza.

        Hala beraz, zure ustean niretzat higuingarriak ziratekeen ele guztiak arta handiz kenarazi dizkizun zure adeitasunari oharturik, ikusi dut hargatik ezen, ausaz zuhauren oharkabean, ez zarela ideia berei gutxiago atxikia. Alabaina, ez da jadanik Tourvel andre maitagarri zerutiarra, emakume harrigarri, emakume fin eta sentikor bat da, halatan bertze guztiak salbuetsarazten dizkizuna; emakume bakan eta antzekorik ezin kausi litekeen gisarako bat da finean. Gauza bera diot bortitzena ez den xarma ezezagun horrez. Hots bada! Hala biz: baina xarma hori ez baituzu orain arte sekula kausitu, pentsa liteke etorkizunean ere ez duzula gehiago kausituko, eta eginen zenuke beraz ezinbertzeko galera. Baldin horiek, bizkonde, amodioaren sintoma ziurrak ez badira, ezin kausi liteke ezein sintomarik.

        Zaude ziur, oraingoan, beltzuririk gabe mintzo natzaizula. Ez gehiago beltzuritzea hitz emana diot neure buruari; ongi baino hobeki ohartu natzaio beltzuria segada arriskutsu bihur zitekeela. Sinets nazazu, adiskide baizik ez gaitezen izan, gauden adiskide. Soilik emaizkidazu eskerrak neure burua defendatzen erakutsi dudan kuraiagatik: bai, kuraiagatik; zeren batzuetan kuraia behar izaten baita, makurra dela sumatzen den xede bat ez hartzeko ere.

        Neure iritzira arrazoibidez ekarri nahi zaitudalako noa hain zuzen ere hertsiki eskatuko nizkizukeen eta egiten ahalko ez zenizkidakeen sakrifizioez egiten didazun galderari ihardestera. Nahita baliatzen dut hertsiki eskatu hitza, zeren eta ziur bainaiz alabaina ezen, bertatik bertara, hertsiegia naizela irudituko zaizula: hainbat hobe ordea! Zure ukoagatik samurtu beharrean, eskerrak dizkizut bihurtuko. Hara, ez dut zurekin itxurak egiten ibili nahi, menturaz premia banukeen arren.

        Hertsiki eskatuko nizuke bada, horra krudelkeria! ezen Tourvel andre bakan harrigarri hori aurrerantzean emakume arrunt bat baizik izan ez dadin zuretzat, den bezalako emakume bat soil-soilik: zeren ez gaitezen tronpa; bertzeengan ikusi uste dugun xarma hori, gugan baizik ez baita existitzen; eta maite den izakia soilik amodioak baitu guztiz edertzen. Hor eskatzen dizudana, denik eta ezinezkoena izanik ere, ausaz eginahal guztiaz prometatuko zenidake, baita zin eginen ere halaber; baina, aitor dizut, ez dizut alferrikako mintzaldirik sinetsiko. Zure jokabide osoak baizik ez ninduke bilduko.

        Bada gehiago oraino, gutiziatsua nintzateke. Bost axolako litzaidake Cécile ttipiaren sakrifizioa, zuk gogo txit onez eskainia. Aitzitik zerbitzu neketsu hori egiten segi zenezan eskatuko nizuke, nik bertze manurik eman arte; dela halatan neure nagusigoa neurriz gain baliatzea laket nukeelako; dela, bihozberatasun gehiagoz eta bidezkiago jokaturik, zure sentimenduak neure esku izatea aski nukeelako, zure plazerrak zapuztu behar izan gabe. Zernahi dela ere, obeditua izan nahi nuke; eta nire manuak hagitz zorrotzak lirateke!

        Orduan hain segur zuri eskerrak bihurtzera behartua sentituko nintzateke; nork daki? agian zuri saririk ematera ere behartua. Segur aski, konparazione, ezin jadanik jasanen nukeen ausentzia hori laburtuko nuke. Azkenik, bizkonde, berriz ikusiko zintuzket, eta... zer gisatan ikusiko?... Gogoan izanen duzu ordea ezen honako hau ez dela solasaldi bat baizik, ezinezko asmo baten kontaketa soil bat, eta hori ez dut nik bakarrik ahantzi nahi...

        Badakizu neure auziak doi bat kezkatua naukala? Azkenean xehe-xehea jakin nahi izan dut nire baliakizunak zeintzuk ziren; neure abokatuek lege batzuk, eta batez ere aginpide anitz, haiek hala diote, dizkidate aipatzen: baina nik ez dut horrenbertze arrazoi eta justizia ikusten. Kasik dolutua zait abenikoa errefusatu izana. Sosegatzen naiz haatik pentsaturik prokuradorea trebea dela, abokatua hitz etorri handikoa, eta auzilaria ederra. Baldin hiru bide horiek baliagarriak ez balira, aferen urratsa oro aldatu beharko nuke, eta orduan zertan litzateke antzinako ohituren errespetua?

        Egungo egunean auzi hori da hemen atxikia naukan gauza bakarra. Bellerocherena finitua da: auzia kitorik, gastua ordaindurik. Kexu da gaur arratseko dantzaldiaz; zereginik ez duenaren kexua alta! Hirira itzultzen naizelarik, bere libertate osoa bihurtuko diot. Sakrifizio dolugarri hori dagiot, eta sakrifizio hori hari eskuzabala iruditu izana dut kontsolazio.

        Adio, bizkonde, izkiria iezadazu sarri: zure plazerren kontaketa xehea duket, aldez bederen, jasaten ari naizen asperraren ordaina.

...ko gaztelutik, 17**ko azaroaren 11n.

 

 

CXXXV. GUTUNA

TOURVEL LEHENDAKARIAREN EMAZTEAK
ROSEMONDE ANDREARI

 

        Entseiatzen naiz zuri izkiriatzera, nahiz ez dakidan oraino izkiriatzen ahalko dizudan. Ah! Jainkoa, pentsatzetik beretik bozkarioaren soberania nuela neure azken gutunean behaztopa! Etsipenaren soberania dut egun hertsagarri: soilik hark dit oinazeak sentitzeko indarra uzten, eta adierazteko behar dudana edekitzen.

        Valmontek... Valmontek ez nau jadanik maite, ez nau sekula maitatu. Amodioa ez da horrela joaten. Tronpatzen nau, traditzen, laidotzen. Bil litezkeen zorigaitzak eta umiliazioak oro ari naiz sentitzen, eta harengandik datozkit.

        Eta ez uste gero susmo huts bat denik: hain nintzen susmorik izatetik urrun! Dudak ezin bozkaria nazake. Ikusi egin dut: zer erraten ahal lidake bere burua zuritzeko?... Zer axola zaio ordea! Entseiurik ere ez du eginen... Dohakabea! Zer eginen diote hire liskarrek eta hire malkoek! Ez zagon gero hitaz arduratua!...

        Egia da beraz sakrifikatu nauela, saldu ere nauela... eta nori?... Izaki zital bati... Zer diot ordea? Ah! Hura erdeinatzeko eskubidea ere galdu dut. Hark ni baino betebehar gutxiago traditu ditu, ez da ni bezain kulpadun. O! Atsekabea zeinen dolugarria den, kontzientziaren ausikien gainean bermatua delarik! Ari naiz sentitzen oinazeen sobera. Adio, adiskide maitea; bilakatu izanagatik ni zure urrikiaren denik eta ezgaiena, urrikiko nauzu hala ere, baldin zenbat sofritzen ari naizen hauteman ahal bazeneza.

        Neure gutuna berrirakurri dut, eta ohartu naiz deusen berririk ez diezazukeela eman; entseiatuko naiz beraz gertakizun krudel hori zuri kontatzeko kuraia hartzera. Atzo izan zen; itzuli nintzenez geroztik hura zen etxetik kanpo afaldu behar nuen lehen aldia. Valmont ikustaldia egitera jin zitzaidan bortz orenetan; nehoiz ez zitzaidan hain amoltsua iruditu. Jakinarazi zidan ez zuela gogoko jalgitzeko nuen xedea, eta pentsa dezakezunez berehala hartu nuen etxean gelditzekoa. Haatik, bi oren barru, eta bet-betan, nabarmen aldatu zuen jarreraz eta doinuz. Ez dakit laketu ahal ez zitzaion zerbait itzuri ote zitzaidan; zernahi dela ere, handik gutxira, nigandik aldaratzera behartzen zuen afera batez oroitze irudi bat egin zuen, eta joan zen: ez ordea niri damu txit biziak erakutsi gabe, samurrak iruditu zitzaizkidanak, eta orduan egiazkoak zirela uste izan nituenak.

        Baitaratua nintzelarik, komenigarriagoa iruditu zitzaidan hasierako nire eginbeharrez ez ezaxolatzea, eginbehar horiek betetzeko astia banuenez. Garbiketa finitu, eta karrozara igo nintzen. Ondikotz, karrozazainak operaren aurretik iraganarazi ninduen, eta irteeraren zurrunbiloan gertatu nintzen; Valmonten karrozari ohartu nion nigandik lau urrats aitzinago, eta nirearen ondoko lerroan. Bet-betan bihotza taupadaka zitzaidan hasi, ez ordea beldurrez; eta nire karrozak aitzina egin zezan, bertze ideiarik ez nerabilan gogoan. Horren ordez, harenak gibelera behar izan zuen egin, eta nirearen ondoan egokitu zen. Berehala aitzinatu nintzen: hura harridura nirea kausiturik haren ondoan emagaldu bat, gisa horretan aski ezaguna zena! Gibelatu nintzen, pentsa dezakezun bezala, eta niretzat hura aski gertakari bihotz-erdiragarria zen dagoeneko: baina ondo gostarik sinetsiko baduzu ere, horra non neska hura bera, isilmandatu gorrotagarri batek ustez nire berri eman baitzion, ez zen karrozako leihatilatik aldaratu, ezta abarrots betean irri-karkaraka ni behatzetik gelditu ere.

        Hain nintzen ezdeustua gelditu, non haatik afaritara joan behar nuen etxera gida nindezaten utzi nuen: han gelditzea ordea ezinezkoa izan zitzaidan; kordea galtzeko zorian sentitzen nintzen une oroz, eta batez ere malkoei ezin eutsi nien.

        Etxeratu nintzelarik, Valmont jaunari izkiriatu nion, eta bertatik igorri nion neure gutuna; ez zen etxean. Heriozko egoera horretarik nahi bainuen zernahi gostarik ere jalgi, edo hura sekulako berretsi, berriz igorri nuen gutuna, Valmonten zain egon zitezen manaturik: baina nire sehia gauerdia baino lehen itzuli zen, erranik ezen karrozazainak, itzuli baitzen hura ere, erran omen ziola ezen bere nagusia ez zela gau hartan etxeratuko. Iruditu zait ez nuela gaur goizean bertze zereginik, nire gutunak hari berriz galdatu, eta nire etxera gehiago jin ez dadin otoiztea baizik. Eman ditut alabaina horretarako behar ziren manuak; baina dudarik gabe, alferrikakoak ziren. Eguerdi inguru da; ez da oraino etorri, eta ez dut harengandik ezein elerik hartu.

        Orain, adiskide maitea, ez dut deusik gehiago zuri errateko: jakitun zaude beraz, eta nire bihotzaren ezagutzaile. Zure adiskidantza sentikorra luzaroan oraino ez atsekabetzea dut neure esperantza bakarra.

Parisen, 17**ko azaroaren 15ean.

 

 

CXXXVI. GUTUNA

TOURVEL LEHENDAKARIAREN EMAZTEAK
VALMONTEKO BIZKONDEARI

 

        Dudarik gabe, jauna, atzo gertatu zenaren ondoren, ez duzu gehiago igurikiko nire etxean har zaitzadan, eta dudarik gabe ez duzu halaber askorik desiratzen! Txartel honen xedea ez da beraz hainbertze gehiago jin ez zaitezen zuri otoiztea, nola baita sekula existitu behar ez ziren gutunak zuri berriz eskatzea; eta, baldin une batez gutun horiek interesgarriak iruditu bazaizkizu, sorrarazia zenuen itsumenaren froga gisa, orain haiez arras ezaxolatua izanen zara zeren itsutasun hori iraungia baita, eta ez baitute suntsitu duzun sentimendu bat baizik adierazten.

        Ezagutzen eta aitortzen dut huts egin dudala zugan ezarririk ni baino lehen hainbat eta hainbat emakumeri kalte egin dion fidantzia bera; karia horretara ez dut neure burua baizik akusatzen: ez nuen uste ordea erdeinura eta laidora makurraraz nindezazun merezi nuenik. Uste nuen ezen oro zuri sakrifikaturik, eta bertzeren eta nihauren estimuaren eskubideak soilik zuretzat galdurik, jendeek baino zorrotzago juja ez nindezazun iguriki nezakeela haatik, zeren jendeen iritziak emakume ahula eta emakume galdua bereizten baititu oraino, bitarte ezinago handi batez. Mundu guztiarenak liratekeen hutsegite horiek dira aipatzen dizkizudan bakarrak. Amodioarenak isilean gorde ditut; zure bihotzak ez lioke nireari ulertuko. Adio, jauna.

Parisen, 17**ko azaroaren 15ean.

 

 

CXXXVII. GUTUNA

VALMONTEKO BIZKONDEAK
TOURVEL LEHENDAKARIAREN EMAZTEARI

 

        Oraintxe eman didate, andrea, zure gutuna; irakurri ahala laztu naiz, eta doi-doia utzi dit hari ihardesteko indarra. Zer nolako uste izugarria duzu bada nitaz! Ah! Dudarik gabe, baditut akatsak; eta halako moldekoak, non bizi naizen egunetan ez baitizkiot neure buruari barkatuko, zuk zeure bihozberatasunaz estal bazenitza ere. Baina zuk egozten dizkidazun horiek zenbatez ere egon diren beti nire arimatik urrun! Nork, nik! Nik zu umiliatu! Nik zu doilortu! Nahiz maite zaitudan bezainbat errespetatu nik zu; nahiz zeure duin jujatu nauzun unea arte ez nik harrotasuna ezagutu. Itxurek tronpatu zaituzte; eta aitor dizut nire kontra egon zitezkeela; bada itxura horiei buru egiteko zer ere behar baita ordea, ez ote zenuen zeure bihotza baitan? Eta bihotza ez ote zaizu irauli nireaz zer deitoraturik bazukeela pentsatzetik beretik? Sinetsi diozu haatik! Beraz, ez soil-soilik uste izan duzu eldarnio izugarri horretara makurtzeko gauza nintzela, beldurra izan duzu berebat nigana dituzun ontasunek arriskutan jarri ote zintuzten. Ah! Baldin amodioak hein horretaraino apaldu zaituela uste baduzu, nihaur ere arrunt doilorra naiz bada zuretzat?

        Ideia horrek eragiten didan sentimendu dolorezkoak hertsatua, hura gaitzestera galtzen dut hura suntsitzera baliatu behar nukeen denbora. Oro aitortuko dizut; bertze burutazio batek baratzen nau oraino. Berriro kontatu behar ote dizkizut suntsitu nahi nituzkeen egintzak, eta bizi naizeno barkamen galdez edukiko nauen une bateko hutsegite batean jarri behar ote dugu hala zuk nola nik arreta, nahiz oraino hutsegite horren kausa ezin asmaturik nabilen, eta haren oroitzapenak orobat eraginen didan umiliazioa eta etsipena sekula betiko? Ah! Baldin, neure burua akusaturik, zure sumina biztu behar badut, ez duzu bederen zeure mendekua urrun bilatu beharko; aski izanen duzu nire kontzientziaren ausikien mende ni uztea.

        Haatik, nork sinetsiko luke? Gertakizun horrek zugana sentitzen dudan xarma ahalguztiduna du kausa nagusia. Xarma horrek berak luzaroegi ahantzarazi zidan afera garrantzitsu bat, ezin gibela zitekeena. Beranduegi aldaratu nintzen zugandik, eta bilatzen ari nintzen presuna ez nuen kausitu. Operan aurkituko nuelakoan nintzen eta urrats hura orobat izan zen probetxurik gabea. Émilie, zeina han kausitu nuen, zeina ezagutu bainuen bai zu bai amodioa ezagutzetik urrun nintzen garai batean, Émilie karrozarik gabe zegoen, eta galdatu zidan eraman nezala bere etxera, handik lau urratsera. Onartu nuen, ezein ondoriorik ekarriko ez zidalakoan. Baina orduan zu kausitu zintudan; eta berehala sentitu nuen halabeharrez errudun jujatuko ninduzula.

        Zu higuintzeko edo zu atsekabetzeko beldurrak hain du nigan indar handia, non berehala hauteman ahal zitekeen eta berehala hautemana izan zen. Aitor dizut orobat beldur horren beraren eraginez entseiatu nintzela emakume horri arrenka harraraztera ez agertzeko deliberoa; adeitasunaren begiramen hori amodioaren kontrakoa gertatu zen. Gisa horretako emakume guztiak bezala, indarrez beretua duen nagusigoaz, neurriz gain baliatu ezean, segur ez egotera ohitua, Émilie ondo begiratu zen hain okasio nabarmena ihes egiten uztetik. Zenbatenaz nire asaldua gehitzen ikustenago, hanbatenaz bere burua agertzera entseiatzenago; eta haren alaitasun eroak, zu xede zintuzkala zuk une batez uste ahal izateak ahalke gorriturik naukanak, nire atsekabe krudelaren zirrara zuen kausa, eta hura bera nire errespetuak eta nire amodioak sortua zen.

        Horraino, dudarik gabe, dohakabeagoa naiz erruduna baino; eta mundu guztiarenak liratekeen hutsegite horiek, aipatzen dizkidazun bakar horiek, ez daitezke nire gainean ezar, zeren hutsegite horiek ez baitira existitzen. Amodioarenak ordea alferrik isildu dituzu: ez ditut zuk bezala isilean gordeko; interes sobera handi batek behartzen nau neure isiltasuna haustera.

        Ez uste, neure buruaren ezin ulertuzko galtze horren nahasmenduan, oinaze min bat sentitu gabe gogora ekartzen ahal dudanik oroitzapen hura. Hutsegite horiek barneratuak zaizkidalarik, onartuko dut damu hori neure baitan eramatea, edo zain egonen naiz denborak, neure amoltsutasun eternalak eta damuak barkamena noiz emango. Nola isil ninteke ordea, oraino errateko dizudana zure adeitasunari dagokionean?

        Ez uste nire hutsegitea barkatzeko edo gutxitzeko itzurbide baten bila ari naizenik; erruduna naizela aitortzen dut. Baina ez dut aitortzen, ez dut sekula aitortuko hutsegite umiliagarri hori amodioaren hutsegitetzat har ahal litekeenik. E! Zer dukete berdinik berehala ahalkea eta damua dakarren zentzumenen ezusteko batek, nork bere buruaren une bateko ahanzturak, eta arima fin batean baizik sor ez daitekeen eta soilik estimuaren gainean berma daitekeen sentimendu garbi batek, zeinak azken-azkenik zoriona baitu fruitu! Ah! Amodioa ez horrela profana. Begira zaitez batez ere zeure burua profanatzetik, nehoiz ezin nahas litezkeen gauzak ikuspegi berean biltzetik. Utz itzazu emakume zital eta zarpailduak beren gogoaz bertzera sortzen ahal zaien aurkakotasunaren beldurrez, eta jelosia orobat krudel eta umiliagarri baten oinazeak jasanez: zuk, ordea, ken begiak zure behakoak zikinduko lituzketen izaki horietarik: eta Jainko Jauna bezain aratz baitzara, laidoa haren gisara zigor ezazu, sentitu ere gabe.

        Zein zigor ezarriko didazu ordea, orain sentitzen ari naizen oinazea baino mingarriagoa izan litekeenik? Zu higuindu izanaren damuarekin, zu atsekabetu izanaren etsipenarekin, zure gai ez naizelako uste etsipengarriarekin pareka litekeenik? Zigorrari emana zara! Eta ni, kontsolazio eske nator: ez ordea kontsolazioak merezi ditudalako; behar ditudalako, eta soilik zugandik jin dakizkidakeelako baizik.

        Baldin, bet-betan, nire eta zure maitasuna ahantzirik, eta nire zoriona dagoeneko gaitzetsirik, oinaze eternal batera lerrarazi nahi banauzu aitzitik, zilegi duzu: jo; baina baldin, bihozberatasunari edo sentikortasunari emanago, gogoan bazenitu oraino sentimendu arras amoltsu, gure bihotzen elkargarri haiek; arimaren irrits hura, betiere berpiztua eta betiere biziago sentitua; gutarik bakoitzak bertzeari zor zizkion egun hain ezti, zorionez hain bete haiek; amodioaren ontasun haiek guztiak, soilik amodioak emanak! Nahiagoko duzu agian zeure ahalmena ontasun horiek berpizteko ezen ez suntsitzeko baliatu. Finean zer erran niezazuke? Oro galdu dut, bai neure erruz galdu ere; baina zure ongi-eginen bitartez oro berreskura dezaket. Erabakia zuri dagokizu orain. Soilik hitz bat gehiago erranen dizut. Atzo oraino, zin egiten zenidan nire zoriona ziurra zela, zure esku zegokeen heinean! Ah! Andrea, egungo egunean etsipen eternalera makurraraziko nauzu?

Parisen, 17**ko azaroaren 15ean.

 

 

CXXXVIII. GUTUNA

VALMONTEKO BIZKONDEAK MERTEUILEKO MARKESARI

 

        Berriz diotsut, adiskide ederra: ez, ez naiz amoros; eta zernolakoek rol hori jokatzera behartu izana ez da nire errua. Onar ezazu bertzerik gabe, eta zatoz; berehala duzu zuhaurk ikusiko zenbatez ere mintzo natzaizun egiaz. Neure frogantzak atzo egin nituen, eta gaur gertatuko denak ezin suntsi litzake.

        Herabeti amoltsu horren etxean nintzen bada, eta hain zuzen ere bertze ezein zereginik gabe: zeren Volanges ttipiak, bere egoera gorabehera, V*** andrearen dantzaldi goiztiarrean eman behar baitzuen gau osoa. Hasieran aisiak egonaldi hura luzatzea desirarazi zidan; eta, karia horretara, sakrifizio ttipi bat galdatua ere nuen; baina onartua izan zen orduko, horra non zuk setatsu ikusi uste didazun, edo bederen egozten didazun amodio horren ideiak neure buruari hitz emana nion plazerra durduzatu zuen; hala non bertze desirarik ez nuen, ideia hori gezur beltz hutsa zela neure buruari seguratu eta zuri sinetsaraztea izan ezik.

        Xede bortitz bat hartu nuen beraz; eta aski estakuru arin bat emanez han utzi nuen neure eder hura, dena harridura, eta are atsekabetuago dudarik gabe. Ni ordea lasai-lasai joan nintzen operara Émilieren bila; eta hark kontu eman diezazuke nola, gaur goizean goizik elkarrengandik bereizi garen arte, ezein kezkak ez dituen gure plazerrak asaldatu.

        Aski kezkabide ederra banuen haatik, neure ezaxolakeria guztizkoak kezkatik begiratu ez baldin banindu: zeren jakinen duzu ezen doi-doia lau etxeko tartea nuela ni nengoen etxetik operara, eta Émilie karrozan neramalarik, debot latz horrena nirearekin zehatz lerrokatu zela, eta ustekabeko eragozpen batek ia oren laurden erdi batez bata bertzearen ondoan utzi gintuela. Eguerdian bezalatsu argi zegoen, eta ez zegoen ihes egiteko biderik.

        Bada gehiago haatik; bururatu zitzaidan Émilieri erratea hura zela gutuneko emakumea. (Oroituko duzu agian harako erokeria hura, Émilie idazmahai baliatu nuenekoa.) Émiliek ez baitzuen ahantzi, eta irriari emana baita, ez zen baratu harik eta bertute hura, hala deitzen zion, guztiz bere gogara aztertu ez zuen arte, bai irri-karkailaz zalapartaka beltzuria sortzeko moduan aztertu ere.

        Bada oraino gehiago; emakume jeloskor hark ez zidan bada, arratsetik beretik, gutun bat etxera igorri? Ez nintzen etxean: baina, setaren setaz, bigarren aldiz igorri zidan, ni etorri arte zain egoteko manaturik haren sehiari. Nik ordea, Émilieren etxean gelditzea deliberatu nuenez geroztik, karroza etxera bidalia nuen, gaur goizean bila etortzeko manua bertzerik gabe emanik neure karrozazainari: eta nire etxera heldu zelarik, mezulari amoros hura kausitu baitzuen, bururatu ez zitzaion bada gau osoan ez nintzela etxeratuko soil-soilki hari erratea. Ohartuko zenion albiste horren ondorioari, eta sumatuko duzunez, itzuli nintzenean horra non kanpora aurtikia izana nintzen, egoera hark bere baitan zekarren duintasun guztiaz.

        Beraz abentura hori, zure ustean azkengabea dena, gaur goizean finitua zatekeen, ikusten duzun bezala; baldin finitu ez bada, ez da, zuk usteko duzun bezala, abentura horretan jarraitzea ardura zaidalako: ez ordea, baina ez zait, batetik, abandona nazaten egokia iruditu; eta, bertzetik, sakrifizio horren ohorea zuretzat nahi izan dut gorde.

        Txartel zorrotz horri sentimenduzko karta luze batez ihardetsi diot beraz; arrazoi luzeak eman dizkiot, eta amodioaren gainean bermatu dut neure ardura guztia, arrazoi horiek on iduri dakizkion. Erdietsi dut dagoeneko. Bertze txartel bat jaso dut, zorrotz-zorrotza hori ere, eta haustura eternala berresten duena, egoki den bezala; ez du haatik doinu berbera. Oroz gain, ez nau berriz ikusi nahi: hartu duen xede hori lau aldiz iragarria zait erabateko erabakitasunaz. Deliberatu dut beraz astirik galdu gabe haren etxean agertzea. Sehia bidalia dut dagoeneko, atezainaren kargu har dezan; eta bertatik bertara, nihaur joanen naiz barkamena hartzera: zeren gisa horretako hutsegiteetan, bakarra baita erabateko barkamena erdiesteko era, eta ez daiteke batbedera aurrean dela baizik irits.

        Adio, adiskide xarmanta; lasterka noa gertaera handi horretan entseiatzera.

Parisen, 17**ko azaroaren 15ean.

 

 

CXXXIX. GUTUNA

TOURVEL LEHENDAKARIAREN EMAZTEAK
ROSEMONDE ANDREARI

 

        Zenbatez ere egiten diodan liskar neure buruari, adiskide sentikorra, neure atsekabe iragankorrez sobera eta goizegi zuri mintzatu izanaz! Orain nire kausaz zaude atsekabetan; nigandik datozkizun xangrin horiek bere izanean diraute oraino, eta ni, aldiz, zoriontsua naiz. Bai, oro ahantzia dago, barkatua; erran dezagun hobeki, oro konpondua izan da. Oinazezko eta larridurazko egoera horren ondoren, lasaitasuna eta atsegintasunak etorri dira. O, nire bihotzaren bozkarioa zuri nola adierazi! Valmont errugabea da; ezin errudun izan horren maitasun handiaz. Samin handiz liskartzen nizkion hutsegite larri laidogarri haiek, ez ziren hark eginak, eta baldin, puntu bakar batean, bihozberatasunaren beharretan egon banaiz, ez ote nuen nik ere bidegabekeriarik barkakizun?

        Ez dizkizut xeheki kontatuko Valmont justifikatzen duten egintzak edo arrazoiak; adimenak berak ere ez lituzke agian behar bezala hautemanen: arrazoi edo egintza horiek sentitzea bihotzari baizik ez dagokio. Baldin hala ere ahula naizela uste bazeneza, zure iritzia ekarriko dut neurearen berme. Gizonentzat, zuhaurk diozunez, desleialtasuna ez baita aldakortasuna.

        Ez uste ez dakidanik ezen bereizkuntza horrek, gehienen usteak alferrik zilegitzen badu ere, adeitasunari min gutxiago ematen ez dionik: baina nireak ba ote luke zer deitoraturik, Valmontena anitzez gehiago ari delarik sofritzen? Nik ahanzten dudan hutsegite hori bera, ez uste hark bere buruari barkatzen dionik edo hartaz kontsolatzen denik; eta, haatik, haren amodioaren eta nire zorionaren soberaniaz zenbatez ez ote du hutsegite arin hori konpondu!

        Edo nire zoriona handiagoa da, edo hobeki sentitzen dut haren balioa, galdu izanaren beldur egon naizenez geroztik: baina erran diezazuket hala ere ezen, baldin eta jasan berri ditudan bezain xangrin guztiz krudelak berriz paira ahal banitza, ez nukeela usteko geroztik dastatu dudan bozkariozko emendioa garestiegi ordaindua nukeenik. O, ama amoltsua, liskar egiozu zeure alaba adeitasunik gabeari behar baino lehen zuri mintzatuz atsekabetu zaituelako; liskar egiozu maitatzetik baratu behar ez zuen hura ausartegi jujatu eta gezurrez gaitzerran duelako; baina zuhurtziarik gabea dela aitortzen diozularik ere, ikus ezazu zoriontsu, eta emenda ezazu haren zoriona zuk ere zeure eginez.

Parisen, 17**ko azaroaren 16an, gauean.

 

 

CXL. GUTUNA

VALMONTEKO BIZKONDEAK MERTEUILEKO MARKESARI

 

        Nola liteke, adiskide ederra, zugandik erantzunik ez hartzea? Nire azken gutunak haatik erantzun bat merezi zuela uste dut; eta duela hiru egun hartua behar banuen ere, zain nago oraino! Beltzuri nago bederen; beraz ez natzaizu neure afera handiez mintzatuko.

        Adiskidetzeak erabateko ondorioa izan duela; liskarren eta mesfidantzaren ordez, ez dituela eztitasun berriak baizik sortu; nire xalotasun goganbehartuari zor zaizkion desenkusak eta ordainbideak egungo egunean nik hartzen ditudala; horrez guztiaz ez dizut hitzik erranen: eta bart gaueko gertakari ustekabeagatik izan ez balitz, ez nizuke izkiriatuko. Baina gertakari hori zure ikasleari baitagokio, eta hain segur ere ez baita izanen zuri horren berri emateko tenorean, ni naiz eginkizun horrez arduratuko.

        Asmatuko dituzun edo asmatuko ez dituzun arrazoien karietara, badu dagoeneko bizpahiru egun Tourvel andreaz ezaxolatua naizela, eta arrazoi horiek ez baitzuten indarrik Volanges ttipiagan, sarriago joaten nintzen haren ondora. Atezain adeitsuari esker, ez nuen ezein behaztoparik gainditu behar: eta zure ikasleak eta biok bizimolde eroso eta ondo antolatu bat generaman. Ohiturak ordea ezaxolakeria dakar: lehen egunetan nehoiz ez ginen aski zuhurrak geure segurantzarako, sarraila atzean ere dardaraz ginen. Atzo, gure zabarkeria ezin sinetsizkoak mezutu behar dizudan istripua eragin zuen; eta baldin niretzat ez bazen izualdi bat baizik izan, neskatila ttipi hori garestiago ari da ordaintzen.

        Ez ginen lotan, baina irritsak dakarren atsedenari emanak ginen, eta horra non aditzen dugun gelako atea deblauki zabaltzen. Hartzen dut berehala ezpata, hala neure burua nola gu bion ikaslea defendatzeko; aitzinatzen naiz eta ez dut nehor ikusten: baina atea zabalik zegoen alabaina. Argia bagenuenez, bila ari izan nintzen, eta ez nuen arimarik kausitu. Orduan oroitu nintzen ezen ohiko izariak ahantzi genituela; eta ate soilik bultzatua, edo gaizki itxia, dudarik gabe berez ireki zen.

        Neure lagun ahalketi haren lagunartera bildurik hari sosegu ematera, ez nuen jadanik ohean kausitu; ohearen eta hormaren artean gordea edo eroria zen: nolanahi ere, etzanik zegoen kordea galdurik, eta gorputz dardara aski bortitzak izan ezik, bertze higidurarik ez eginez. Egizu kontu zenbatez ere asaldatu nintzen! Erdietsi nuen hala ere neskatila hura ohera berriz eramatea, bai eta kordera ekartzea ere; baina min hartua zuen erorikoan, eta ondorioak luzaro gabe sentitu zituen.

        Giltzurrinetako oinazeak, sabeleko min handiak, are zalantza gutxiagoko sintomek berehala argitu ninduten haren egoeraz: baina horren berri hari emateko, aldez aurretik zein egoeratan zegoen erran behar izan nion; zeren susmorik ere ez baitzion hartzen. Menturaz nehor ez da nehoiz, neska hori arte, inozentziari hain atxikia egon, inozentzia galtzeko behar zen guztia biziki ontsa eginez! O! Neska horrek ez du gogoeta eginez denborarik galtzen!

        Baina anitz ari zen galtzen nahigabetan, eta nik banekien xede bat behar nuela hartu. Beraz harekin adostu nuen ezen berehala joanen nintzela medikuaren eta zirujauaren etxera, eta bila joanen zitzaizkiela gaztigaturik, oro jakinaraziko niela berebat, sekretua atxikiko zutela hitz emanarazirik; berak, aldiz, gelaria deituko zuela; isilmandatu eginen ziola edo ez ziola eginen, nahi zuen bezala; baina laguntza galdea eginen zuela, eta batez ere Volanges andrea iratzar zezaten debekatuko: ama kezkatzeko beldurrez den alaba baten arta adeitsu eta berezkoaz.

        Nire bi mandatuak eta nire bi aitortzak ahalik lasterrena egin nituen, eta gero etxera joan nintzen, eta oraino ez naiz handik jalgi; baina zirujaua, lehenagotik ezagutzen bainuen, eguerdian jin zait eriaren egoeraren berri ematera. Ez nintzen tronpatua; baina igurikitzen du hark etxe hartan nehor deusi ohartuko ez zaiola, baldin ez bada istripurik gertatzen. Gelaria sekretuaren jakitun dago; medikuak izen bat eman dio eritasunari; eta afera hau bertze mila bezala konponduko da, non jendeen hizpidera ekartzea aurrerago baliagarria izanen ez zaigun.

        Baina ezein interes komunik ba ote da zure eta nire artean? Zure isiltasunak dudaraziko ninduke; ez nuke sinetsiko, baldin neure nahi biziak esperantzari atxikitzeko baliabide guztiak bilaraziko ez balizkit.

        Adio, adiskide ederra; musu bat zuretzat, herraren herraz.

Parisen, 17**ko azaroaren 21ean.

 

 

CXLI. GUTUNA

MERTEUILEKO MARKESAK VALMONTEKO BIZKONDEARI

 

        Ene Jainkoa, bizkonde, zeinen gogaikarria zaidan zure seta! Zer axola zaizu nire isiltasuna? Baldin isiltasuna gordetzen badut, uste duzu eskas zaizkidala neure burua defendatzeko arrazoiak? Ah! Jainkoari hala nahi dakiola! Ez ordea, arrazoi horiek zuri erratea gosta zaidalako nago isilik.

        Erraidazu egia; zeure burua engainatzen duzu, edo ni tronpatu nahian zabiltza? Zure erranen eta zure eginen artean dagoen aldeak ez dit bi sentimendu horien hautua baizik uzten: zein da egiazkoa? Zer nahi duzu beraz nik zuri erratea, nihaurk zer pentsatu ez dakidalarik?

        Iduri du lehendakariaren emaztearekin izan duzun azken gertaldiaren karietara merezimendu handitan duzula zeure burua; baina zer frogatzen du bada horrek zure sistemaren alde, edo nirearen kontra? Hain segur ere nehoiz ez dizut erran emakume hori hainbertze maite duzunik, non ez duzun engainatuko, non ez dituzun atseginak edo errazak iduri lekizkizukeen okasio guztiak baliatuko; ez nuen dudatzen berdin izanen ez litzaizukeenik asetzea bertzeren batekin, lehen etorri berriarekin, are soilik emakume horrek sorrarazi zizkizun desirak ere; eta ez naiz harritzen, uka ezin zaizun espiritu libertin baten karietara, behin asmoz egin dezazun, bertze mila aldiz okasioz egin duzuna. Nork ez daki munduko gauzarik usuena dela hori, zuen guztien ohitura, gaizkiletik gizon arrunteneraino? Egungo egunean hori egitetik begiratzen dena nobelako heroitzat daukate, eta ez da hori, nire ustean, egozten dizudan akatsa.

        Baina nik erran dudana, nik uste izan dudana, oraino uste dudana da ez duzula lehendakariaren emaztea gutxiago maite; ez, egia erran, amodio arras garbi eta arras amoltsuz, bai ordea zuk izan dezakezun amodioaz; konparazione, atsegintasunik edo dohainik gabeko emakumea atsegingarri edo dohatu kausiarazten duenaz; hura goimailara jaso, eta bertze guztiak bigarren mailan jartzen dituenaz; emakume horri oraino atxikia zauzkanaz, nahiz laidotzen duzun; nire ustean sultan batek sultanaren emazte begikoenari buruz senti dezakeenaren gisarakoaz, nahiz amodio horrek ez dion eragotziko maiz nahiago izatea odaliska soil bat. Konparazio hori hanbatenaz bidezkoagoa iruditzen zait, non zu, hura bezala, nehoiz ez baitzara emakume baten ez maitale, ez adiskide; baina betiere haren tirano edo haren esklabo. Beraz, segur baino segurago naiz ezen arras umiliatu, arras beheititu zarela maitasunezko xede eder horrekin onezkoak egiteko! Eta erdietsi izanaz sobera bozkariaturik, barkamena iristeko tenorea heldua dela uste duzunetik beretik, bazter uzten nauzu gertakari handi hori dela kausa.

        Zure azken gutunean berean ere, ez baldin badidazu emakume hori baizik aipatzen, da zeure afera handiez deusik erran nahi ez didazulako; afera horiek hain garrantzitsuak iruditzen zaizkizu, non sujet hori isilean gordetzea niretzat zigorra izan litekeela iruditzen baitzaizu. Eta zuk bertze emakume bat deliberatuki hobetsi izanaren mila froga horien ondoren, lasai galdetzen didazu interes komunik ba ote den zure eta nire artean? Kasu otoi, bizkonde! Noizbait erantzuten badizut, nire erantzuna ezin ezeztatuzkoa izanen da; eta ni une honetan erantzuteko beldurrez egotea, sobera erratea da menturaz. Ez dut beraz horretaz gehiago mintzatu nahi.

        Historia bat kontatuko dizut, ez dezaket bertzerik egin. Ez duzu agian historia hori irakurtzeko edo hari kasu eman eta ontsa ulertzeko astirik izanen? Libro duzu. Ez da, okerrenera jota ere, historia galdu bat baizik izanen.

        Nire ezagun bat setatu zen, zu bezala, ohore handirik egiten ez zion emakume batekin. Bazuen, aldizka, abentura horrek, goiz edo berandu, kalte eginen ziola sentitzeko aski zentzu on: baina nahiz ahalke gorritzen zen, ez zuen abentura harekikoak egiteko kuraiarik. Haren durduza hanbatenaz zen handiagoa, non adiskideen aurrean arrunt libro zelakoan hantustetua baitzen; eta non jakitun baitzen batbedera irrigarriago bilakatzen dela beti, bere burua defendatzen duen heinean. Gisa horretan bizi zen, ergelkeriak egitetik gelditu gabe, eta ez da nire errua gero erratetik gelditu gabe. Gizon horrek bazuen andre bat txit adiskidea, gizon hura une batez jendaurrean hordi egoera hartan erakusteko eta haren ahalkea halatan ezin ezabatuzko bihurtzeko tentatua izan zena; baina hargatik, eskuzabalagoa baitzen gaiztoa bainoago, edo ausaz bertze ezein arrazoirengatik, azken baliabide bat baliatzera nahi izan zen entseiatu, zer gerta ere, bere adiskideak bezala ez da nire errua errateko tenorean egoteko. Helarazi zion bada, bertze iritzirik gabe, segidan doakizun gutuna, bere gaitzerako balia ahal zezakeen sendabide baten gisara.

        «Orotaz aspertzen gaitun, aingeru hori, izadiaren lege bat dun; ez dun nire errua.»

        «Beraz baldin egungo egunean asperturik banago duela lau hilabete hilgarriz geroztik osoki hartua eduki nauen abentura batez, ez dun nire errua.»

        «Baldin, konparazione, izan baldin badut hainbat amodio nola hik bertute, eta hain segur ere sobera erratea izanen dun, ez dun harrigarria bata fini izana bertzea finitzearekin batera. Ez dun nire errua.»

        «Ondorioz, badun zenbait denbora engainatu haudala: baina hire amoltsutasun gupidagabeak nolarebait horretara behartzen nindinan! Ez dun nire errua.»

        «Egungo egunean, itsu-itsuan maite dudan emakume batek hi sakrifikatzea eskatzen zidan. Ez dun nire errua.»

        «Bazekinat okasio ederra dela hitza jan izanaz espantuak egiteko: baina izadiak gizonei jarraikitasuna baizik eman ez badie, emakumeei eman dielarik seta, ez dun nire errua.»

        «Sinets nazan, bertze maitale bat hauta ezan, nik bertze amorante bat hartu dudan bezala. Kontseilu hori ona dun, hagitz ona; gaitzesten badun, ez dun nire errua.»

        «Adio, aingeru hori, plazerrez haut hartu, dolurik gabe haut uzten: ausaz higana naun itzuliko. Hala zoan mundua. Ez dun nire errua.»

        Ez da, bizkonde, azken saio horren ondorioa, eta geroztik gertatu zena, zuri errateko unea: baina hitz ematen dizut neure lehen gutunean erranen dizudala. Han kausituko duzu orobat hitzarmena berritzeko zure proposamenari eginen diodan ultimatum-a. Ordu arte, adio bertzerik gabe...

        Izan ere, har ezazu nire esker ona Volanges ttipiaz eman dizkidazun xehetasunengatik; ezteien biharamuneko gorde beharreko artikulu bat da, gaitzerranen kazetan argitaratzeko. Horren goaitan, har itzazu nire doluminak zure oinordekoaren galeragatik. Gabon, bizkonde.

...ko gaztelutik, 17**ko azaroaren 24an.

 

 

CXLII. GUTUNA

VALMONTEKO BIZKONDEAK MERTEUILEKO MARKESARI

 

        Alafede, adiskide ederra, ez dakit gaizki irakurri edo gaizki ulertu dudan hala zure gutuna, nola han kontatzen didazun historia, bai eta haren baitan zegoen gutun eredua ere. Erraten ahal dizut ordea azken hori ohi ez bezalakoa iruditu zaidala eta egokia ondoriorik sortzeko: beraz soil-soilki kopiatu, eta are soilkiago diot lehendakariaren emazte zerutiar horri igorri. Ez dut astirik galdu, zeren eskutitz ezti hori bart gauean bidalia izan baita. Hala nahiago izan dut, lehenik atzo izkiriatuko niola hitz eman niolako; eta pentsatu dudalako orobat gau osoa ez dukeela aski, bere baitara biltzeko eta gertakari handi horrez gogoeta egiteko, esapide horren karietara egin behar badidazu ere bigarrenez liskar.

        Igurikitzen nuen neure maitearen ihardespena gaur goizean zuri igorri ahal izatea: baina eguerdi inguru da, eta ez dut fitsik hartu oraino. Hiru orenak arte igurikiko dut; eta baldin ez badut orduan berririk, nihaur joanen naiz berri bila; zeren, adeitasunaren alorrean, lehen urratsa egitea baita gehien gostatzen dena.

        Orain, pentsa dezakezunez, irrika bizian naiz emakume bat, behar izanez gero, sakrifikatzen ez jakin izanaz guztiz ere susmotan hartua izan den zure ezagun horren historia azkenik nola bukatzen den jakiteko. Ez ote da zentzatu? Eta haren adiskide eskuzabalak ez ote dio barkatu?

        Orobat nago zure ultimatum-a hartzeko irrikan: zuk adeitasun handiz erran bezala! Azken urrats horri oraino amodiorik ikusten ote diozun jakiteko irrikan batez ere. Ah! Dudarik gabe, bada bai amodiorik, eta anitz gainera! Norentzat ordea? Hala ere, ez dut fitsik baliarazi nahi, eta oro igurikatzen dut zure ontasunetarik.

        Adio, adiskide xarmanta; ez dut gutun hau bi orenak arte hertsiko, haren erantzun urratua honekin batera igortzen ahalko dizudalako esperantzan.

 

                Arratsaldeko bi oren t'erdietan.

 

        Deusik ere ez oraino, ordua biziki berantesten dut; ez dut bertze ezein elerik eransteko astirik; baina oraingoan, berriz uko eginen diezu amodioaren musurik eztienei?

Parisen, 17**ko azaroaren 27an.

 

 

CXLIII. GUTUNA

TOURVEL LEHENDAKARIAREN EMAZTEAK
ROSEMONDE ANDREARI

 

        Urratua da, andrea, nire zorionaren lilura irudikatua zuen oihala. Zorigaiztoko egiak argitzen nau, eta ez dit uzten herio segur eta hurbil bat baizik ikusten, ahalkearen eta kontzientziaren ausikien arteko heriobidean. Bide horri lotuko natzaio... Maiteko ditut neure oinazeak, baldin bizitza laburtuko badidate. Atzo hartu nuen gutuna igortzen dizut; ez diot ezein gogoetarik erantsiko, gutunak bere baitan dakartza. Deitoratzeko tenorea iragana da, sofritzea baizik ez da gelditzen. Ez nago urrikiaren beharretan, indarrarenetan baizik.

        Har ezazu, andrea, eginen dudan adio bakarra, eta bete ezazu nire azken erregua; utz nazazu neure benturara, ahantz nazazu guztiz, ez nazazu gehiago lurraren gainean irudika. Malurak badu zedarri bat, non adiskidantzak berak sofrimenduak areagotzen dizkigun eta ez dituen sendatzen ahal. Zauriak hilgarriak direlarik, ezein laguntza bihozgabea bilakatzen da. Etsipena ez bertze ezein sentimendu arrotza zait. Deus ez zait komenigarriago nola neure ahalkea biltzera noan gau iluna. Neure hobenak han ditut negarretan auhendatuko, baldin egin badezaket oraino negarrik! Zeren, atzodanik, ez baitut malkorik isuri. Nire bihotz zimela malkoz gabetua da.

        Adio, andrea. Ez erantzun. Gutun krudel honen gainean egina dut bertze ezeinik sekula gehiago ez hartzeko zina.

Parisen, 17**ko azaroaren 27an.

 

 

CXLIV. GUTUNA

VALMONTEKO BIZKONDEAK MERTEUILEKO MARKESARI

 

        Atzo, adiskide ederra, arratsaldeko hiru orenetan, berriak berantesten nituenez, emakume eder abandonatu horren etxera joan nintzen; jalgi zela erran zidaten. Ez nuen, perpaus horretan, ni etxean ez hartzeko uko bat baizik ikusi, zeinak ez baininduen ez beltzuritu, ez harritu; eta joan egin nintzen, urrats hark emakume guztiz adeitsu hura niri ohore handiz hitz bat erantzutera estekatuko zuelako uste osoan. Bederatzi orenak inguruan, erantzun hura hartzeko gogoak neure etxean berariaz sar-jalgi bat eginarazi zidan, baina ez nuen fitsik kausitu. Isiltasun horrek harriturik nindukan, ez bainuen igurikatzen, eta manatu nion neure sehiari joan zedila berri galde, presuna sentikor hura hilik ala hil hurrena zen jakitera. Azkenik, etxeratu nintzelarik, jakinarazi zidan Tourvel andrea goizeko hamaika orenetan jalgia zela alabaina, gelaria lagun; ...ko komentura eraman zezaten manatu zuela, eta arratseko zazpi orenetan igorri zituela karroza eta mirabeak, etxean igurika ez zezaten erranarazirik. Hain segur ere, egokia du araura biltze hori. Komentua du alarguntsa batek egiazko aterbe; eta baldin jarrai baleza hain delibero laudagarriari atxikia, emakume horri dagoeneko zor dizkiodan esker on guztiei emendatuko diet abentura honek dukeen ospearena.

        Errana nizun, duela zenbait denbora, ezen zure kezkak gorabehera, ez nintzela munduaren agertokian leinuru berri batez dirdiran baizik agertuko. Betoz bada kritikari zorrotz horiek, nobeletako amodio dohakabera makurtu izana akusatzen ninduten horiek; egin ditzatela haustura lasterrago eta dirdiratsuagoak: ez ordea, hobeki ari bitez; betoz kontsolatzaile gisa, bidea egina dute. Hots bada! Bentura daitezela soil-soilik nik osorik egin dudan bidean barna; eta haietarik batek garaipenik ttipiena erdiets baleza, lehenengo lekua utziko diot. Baina guztiek orok sentituko dute ezen, artoski aritzen naizelarik, ezabaezina dela uzten dudan zirrara. Ah! Dudarik gabe, honako hau gisa horretakoa izanen da; eta neure bertze garaipenak oro ezdeustzat nituzke, baldin noizbait eduki behar baneza emakume horren aldera aurkari hobetsirik.

        Hartu duen xede horrek neure buruari diodan maitasuna lausengatu du, aitor dizut: baina haserre nago zeren nigandik hainbertzeraino aldentzeko bezainbat indar kausitu baitu bere baitan. Gu bion artean izanen da beraz bertze oztoporik nik ezarritakoez bertzalde! Zer! Baldin harengana hurbildu nahiko banu, hark agian ez luke nahiko; zer diot? Ez luke agian desiratuko, ez luke agian zorionik gorena halatan iritsi nahiko! Hori dea bada maitatzea? Zer uste duzu, adiskide ederra, hori pairatu behar dudala? Ezin ninteke saia, konparazione, eta neure hobe beharrez, emakume hori onezkoak egiteko aukera betiere desiratu bezain igurikia aztertzeko heinera eramaten? Urrats hori egitera entseia ninteke hari garrantzirik eman gabe, eta, beraz, zuri itzalik egin dakizun gabe. Aitzitik! Elkar aditurik eginen genukeen entseiu soil bat litzateke; eta baldin erdiets baneza ere, ez litzateke atsegina iruditu bide zaizun sakrifizio bat zure gogara berritzeko baliabide bat baizik. Orain, adiskide ederra, saria jasotzea gelditzen zait, eta irrika bizian naukazu zu noiz etorriko. Zatoz bada laster berriz zeure maitaleagana, zeure plazerretara, zeure adiskideengana eta abenturen uhinera.

        Volanges ttipiarena ezin hobeki joan da. Atzo, kezkaren kezkaz ezin geldirik egon nintekeenez, Volanges andrearen etxeraino joan nintzen, neure ibilera anitzetan. Zure ikaslea egongelan kausitu nuen jadanik, eriaren beztiduraz oraino, baina eriondo betean, eta nehoiz baino hagitz lirainago eta interesgarriago. Zuek emakumeok, antzeko egoeran, hilabete oso bat eginen zenuketen kadera luzean etzanik: alafede, biba andereñoak! Honako honek egiaz osoki sendatua zen jakiteko gogoa eman dit.

        Orobat erran behar dizut ezen zure Danceny sentikortua kasik zoratu beharrean zuela neska ttipiaren istripu horrek. Hasieran xangrinez; egun bozkarioz. Bere Cécile eri zen! Pentsa dezakezunez, halako nahigabeak aise galarazten du burua. Egunean hiru aldiz norbait igortzen zuen haren berri jakitera, eta egun bat bakarra ere ez zen iragaten Danceny bera han agertu gabe; azkenaz goiti galdatu zuen, amari izkiriatu zion karta eder batean, hain presuna maitea sendabidean zelako zorionak erratera joateko baimena, eta Volanges andreak baietz erran dio: beraz han kausitu nuen gizon gazte hura iraganean bezala finkatua, ez hain etxekotua ordea, haizu ez bailitzaion.

        Harengandik ditut xehetasun horiek jakin; zeren harekin batera jalgi bainaiz, eta mintzarazi baitut. Susmorik ez zenioke hartuko ikustaldi horrek eragin dion ondorioari. Halako arraizia, halako desira, halako gainezkaldi ezin adierazizkoak. Nik, higidura handiak maite ditudan honek, burua arras galarazi diot, oso egun gutxi barru bere eder hori are hurbilagotik ikusteko helmenean ezarriko dudala seguratuz Dancenyri.

        Alabaina, deliberatua naiz neska mutilari bihurtzera, nire esperientzia bururatua den orduko. Zuri nahi natzaizu osoki eskaini; eta bertzenaz, merezi luke zure ikaslea nire ikasle ere izan ledin, senarra baizik ez engainatzeko? Bere maitalea eta batez ere bere lehen maitalea tronpatzea, horra lan hagitz bikaina! Zeren nitaz den bezanbatean, ez baitiot neure buruari amodio hitza erran izanaz zer liskarturik.

        Adio, adiskide ederra; zatoz bada ahalik lasterrena nigan duzun nagusigoaz gozatzera, nagusigo horren begirunezko eskaintza hartzera eta niri saria ordaintzera.

Parisen, 17**ko azaroaren 28an.

 

 

CXLV. GUTUNA

MERTEUILEKO MARKESAK VALMONTEKO BIZKONDEARI

 

        Serioski, bizkonde, lehendakariaren emaztea utzi duzu? Harentzat egin nizun gutuna igorri diozu? Zinez xarmanta zara; eta mukuru bete duzu nire esperantza! Onez onean dizut aitor ezen garaipen horrek orain arte lortu ahal izan ditudan guztiak bainoago lausengatzen nauela. Emakume hori arras goresten dudala irudituko zaizu ausaz, ez du aspaldi apalesten nuelarik; ez zera: ez baitut hura abantailatu; zu baizik: horra zer gauza jostagarria eta zinez zoragarria.

        Bai, bizkonde, anitz maite zenuen Tourvel andrea, eta maite duzu oraino ere; ero baten gisara zenuen maite: baina karia horretara zu ahalkerazirik libertitzen nintzelako, ausardiaz didazu sakrifikatu. Mila sakrifikatuko zenituzkeen, trufa bat jasan baino lehenago. Nora garamatzan haatik harrokeriak! Jakintsuak arrazoi du, erraten duelarik harrokeria dela zorionaren etsaia.

        Non zinateke orain, maltzurkeria soil bat egin nahi izan ez banizu? Ez naiz ordea nehor tronpatzeko gauza, ondo dakizunez; eta, etsipenera eta komentuan sartzera behartuko baninduzu ere, arrisku horretara benturatzen naiz, eta men dagiot neure garaileari.

        Baldin errendatzen banaiz haatik, ahulkeria hutsagatik da: zeren eta nahi izanez gero, zenbat jukutria egin nitzake oraino! Eta mereziko zenituzke menturaz? Miretsirik nauka, konparazione, zeinen maltzurki edo zeinen baldarki proposatzen didazun ezti-eztia utz diezazudan lehendakariaren emaztearekiko harremanari berriz lotzen. Haustura horren merezimendua zuretzat gorde eta gozamenaren plazerrak ez galtzea txit komeniko litzaizuke, ezta? Eta nola beraz ustez sakrifizioa den hori zuretzat dagoeneko ez bailitzateke sakrifizio, neure gogara berritzea eskaintzen didazu! Antolamendu horrez, debot zerutiar horrek usteko luke bera baizik ez dela zure bihotzaren hautu bakarra, eta ni aldiz harro nintzateke aurkari hobetsia nintzatekeelako; bi-biak engainatuak izanen ginateke, zu ordea pozik, eta gainerakoak zer axola dio?

        Deitoragarria da, asmoak egiteko dohain handia duzun arren, hain dohain gutxi izatea asmoak betetzeko; eta gogoetatu gabeko urrats bakar batez, gehien desiratzen duzuna erdiesteko behaztopa garaiezin bat zuk zeure buruari ezarri izana.

        Zer! Harreman horri berriz lotzeko xedetan zinen, eta nire gutuna izkiriatu ahal izan duzu! Arras moldakaitza naizela uste izan duzu beraz! Ah! Sinets nazazu, bizkonde, emakume batek bertze baten bihotzean jotzen duelarik, oso bakan huts egiten du gune sentikorrena kausitzetik, eta zauria sendaezina izaten da. Emakume hau jotzen nuen bitartean, edo hobeki erran zure ukaldiak gidatzen nituen bitartean, ez dut ahantzi ezen emakume hori neure aurkaria zela, ezen zuri une batez ni baino desiragarriagoa iruditu zaizula, eta azken finean, haren azpian nauzula ezarri. Baldin mendekuan tronpatu banaiz, onartuko dut hoben hori bizkarreratzea. Beraz, on iduritzen zait baliabide guztiak baliatzera entseia zaitezen: gomendatu ere egiten dizut, eta hitz ematen berebat ez naizela zure garaipenaz haserretuko, baldin garaipenik erdiets bazeneza. Hain nago sujet horren karietara lasai, non ez dudan gehiago aipatu nahi. Mintza gaitezen bertze zerbaitez.

        Konparazione, Volanges ttipiaren osasunaz. Itzultzen naizenean albiste onak erranen dizkidazu hari buruz, ez dea egia? Arras gogara entzunen nituzke. Horren ondoren, zuri dagokizu deliberatzea zer komeni zaizun gehiago, neska ttipi hori bere maitaleari bihurtzea, edo Valmondarren adar berri bat Gercourten izenaz sortzera bigarren aldiz entseiatzea. Ideia hori aski irrigarria iruditu zait, eta hautua uzten dizudalarik ere, otoi ez har haatik azken xederik, horretaz elkarrekin mintzatu baino lehen. Ez da sobera gibelatzea, zeren eta berandu gabe Parisen izanen bainaiz. Ez diezazuket egun zehatza erran; baina ez ezazu dudarik egin ezen, heldu orduko, lehen lehenik zuri dizudala jakinaraziko.

        Adio, bizkonde; nire aharrak, nire maltzurkeriak eta nire liskarrak gorabehera, betiere anitz zaitut maite, eta nire maitasunaren frogantza zuri egiteko ari naiz prestatzen. Ikusi arte, adiskidea.

...ko gaztelutik, 17**ko azaroaren 29an.

 

 

CXLVI. GUTUNA

MERTEUILEKO MARKESAK DANCENY ZALDUNARI

 

        Azkenean, banoa, adiskide gaztea, eta bihar arratsean Pa-risen izanen naiz berriz. Lekualdatzeak dakartzan eragozpen guztien erdian, ez dut nehor hartuko. Haatik, ezein isilmandatu presakako nahi badidazu egin, arau orokorretik salbuetsiko zaitut; zu baizik ez zaitut ordea salbuetsiko: beraz, gorde eza-zu otoi nire itzuleraren sekretua. Valmont bera ez da jakitun egonen.

        Erran izan balidate, duela zenbait denbora, sarri nire fidantzia osoaren jabe izanen zinela, ez nukeen sinetsiko. Baina zure fidantziak nirea du ekarri. Tentatua naiz sinesteko baliatu izan duzula trebezia, ausaz sedukzioa ere. Oker handia litzateke bederen! Bertzenaz, orain ez litzateke arriskutsua; baduzu hain segur bertze eginkizunik! Heroi andrea agertokian delarik, ez da ardurarik izaten isilmandatariaz.

        Beraz, erdietsi dituzun garaitia berriak niri jakinarazteko astirik ere ez duzu izan. Zeure Cécile urrun zenuenean, egunak ez ziren aski luzeak zure auhen eztiak aditzeko bezain. Oihartzunari erranen zenizkiokeen, baldin ni han egon ez banintz auhen horiek aditzeko. Geroztik hura eri izan delarik, berriz ohoratu ere nauzu zeure kezken kontakizunaz; norbait behar zenuen horiek errateko. Orain ordea maite duzun hura Parisen delarik, sasoira jina, eta batez ere noizbehinka ikusten duzularik, orotarako aski zaizu, eta hala zure adiskideak ez dira jadanik deus zuretzat.

        Ez natzaizu karia horretara liskarrean ari; zure hogei urteek dute hobena. Alzibiaderen garaitik zuganaino, ez ote dakigu gazte jendeak ez duela adiskidantza xangrinetan baizik ezagutu? Batzuetan bozkarioak zentzugabe bihurtzen ditu gazteak, sekula ez ordea fidakor. Sokratek bezala erranen dut: Atsegin dut adiskideak maluros direlarik nigana jin daitezen; baina filosofoa zen heinean, ez zituen adiskideak berantesten jiten ez zitzaizkionean. Horretan ez naiz hura bezain zuhurra, eta emakume baten ahulezia osoaz sentitu dut zure isiltasuna.

        Ez uste gero zorrotza naizenik; hori baizik ez nuen behar! Gabezia horiei ohartarazten didan sentimenduak berak kuraiaz dizkit gabeziok jasanarazten, nire adiskideen bozkarioaren froga edo kausa direnean. Ez naiz beraz bihar gauean zure gainean kontatzera ausartzen, non ez zaituen amodioak libro eta zereginik gabe uzten, eta debeku duzu sakrifiziorik den mendrena niri egitea.

        Adio, zalduna; jai zinez ederra litzateke niretzat zu berriz ikustea: jinen zarea?

...ko gaztelutik, 17**ko azaroaren 29an.

 

 

CXLVII. GUTUNA

VOLANGES ANDREAK ROSEMONDE ANDREARI

 

        Hain segur ere ni bezainbat atsekabetuko zara, adiskide duina, Tourvel andrea zein egoeratan dagoen jakinik; atzodanik eri da: eritasunak hain du biziro kolpatu, eta hain sintoma larriz da agertu, non zinez asaldatu bainaiz.

        Sukar kiskalgarria, nahasdura bortitz eta kasik jarraikia, egarri aseezina, horra nabari zaion guztia. Medikuek diote ezin deus iragar dezaketela oraino; eta sendabidea hainbat zailagoa izanen da, non eriak setaz baitu errefusatzen ezein erremedio suerte: hainbertzeraino non odola ateratzeko indarrez eutsi behar izan dioten; eta geroztik ere indarra bertze bi aldiz baliatu behar izan dute lotura berrezartzeko, bere nahasduran kendu nahi baitu betiere.

        Zuk ikusi baituzu, nik bezala, indarrez hain eskas, hain herabeti eta hain ezti, uler dezakezu lau presunek doi-doia atxiki dezaketela, eta denik eta azalpenik txikiena eman nahi izanez gero hari, ezin adierazizko haserre biziek hartzen dutela? Nire ustean, badut beldurra eldarnioa baino zerbait gehiago ez ote den, eta ez ote zaion zinez burutik egin.

        Beldur hori areago gehitu du herenegun gertatu zenak.

        Egun horretan, goizeko hamaika orenak inguruan ...ko komentura heldu zen, gelaria lagun. Nola etxe horretan hezia izan baita, eta batzuetan han sar-jalgi bat egiteko ohitura baitu, ohi bezala abegi egin zioten, eta mundu guztiari lasai eta osasuntsu zegoela iruditu zitzaion. Bi oren inguru barru, galdegin zuen ea egoiliar garaian erabili zuen gela hutsik zen, eta baietz erantzun ziotelarik, mojaburuak eta bertze moja batzuek gelara lagun egin zioten. Orduantxe erran zuen sekula utzi behar ez zuen gela hartan egoitza hartzera etorria zela; eta gaineratu zuen hilotz baizik ez zela jalgiko handik: horiek izan ziren haren hitzak.

        Hasieran ez zuten jakin zer erran: baina lehen harridura iraganik, jakinarazi zioten ezen emazte zen heinean baimen berezirik gabe hura han hartzea ez zutela zilegi. Arrazoi hori eta bertze mila alferrikakoak izan ziren; eta harrezkero, setatu zen ez jalgitzera ez soilik komentutik, bai orobat bere gelatik ere. Azkenean, arratseko zazpi orenetan, amore eman zuten, eta gaua han egin zezan onartu. Haren zalgurdia eta sehiak etxera igorri zituzten, eta biharamuneko utzi zuten xede baten hartzea.

        Segurtatu didatenez, arrats osoan itxura edo egonmoldea galdua eta nahasia izatetik urrun, bata zein bertzea egokia eta lasaia omen zituen; eta soil-soilik lauzpabortz aldiz lotu omen zitzaion ametsari hain sakon, non ez baitzezaketen hari hitz eginez handik jalgiaraz; eta, aldi bakoitzean, bere onera etorri baino lehen, eramaten zituen bi eskuak bekokira, indarrez hertsatzen zuela irudi: hala non han zegoen moja batek ea buruko minik zuen galdegin ziolarik, hark erantzun aurretik fermuki begi eman zion, eta erran baitzion azkenik: «Ez dut hor gaitzik!» Geroxeago, bakarrik utz zezatela galdatu zuen, bai otoiztu ere ez egiteko aurrerantzean galdera gehiagorik.

        Denak joan ziren, gelaria salbu, zorionez gela berean lo egin behar baitzuen, bertze leku baten eskasez.

        Neska horrek kontatu duenari jarraiki, haren etxekoandrea lasai samar egon zen gaueko hamaika orenak arte. Oheratu nahi zuela erran zuen orduan: baina, soineko guztiak erantzi baino lehen, gelan barna ibiltzen hasi zen, eginahal bizian eta sarri keinuak eginez. Julie, egunean zehar gertatuaren lekuko izana baitzen, ez zen ausartu deus erratera, eta ordu bete inguru zain egon zen isilik. Azkenean, Tourvel andreak bi aldiz segidan dei egin zion; doi-doia izan zuen etxekoandreagana iristeko astia, eta horra non besoetan zitzaion erori, erranez: «Ezin dut gehiago.» Amore emanik utzi zuen Juliek bere ohera eraman zezan, baina ez zuen deusik hartu nahi izan, ezta Julie laguntza eske joan zedin nahi izan ere. Soil-soilik ura jarrarazi zuen bere ondoan, eta ohera zedin manatu zion Julieri.

        Honek segurki dio ezen goizaldeko bi orenak arte lo hartu gabe egon zela, eta, bitarte horretan, ez zuela ez higidurarik, ez auhenik aditu. Baina bortz orenetan etxekoandrearen solasak iratzarri omen zuen, mintzo ozen eta bortitzaz; eta orduan deusen beharrik ba ote zuen galdeturik, eta ez baitzuen erantzunik jaso, argia hartu eta Tourvel andrearen ohera joan omen zen, hark ordea ez zuen ezagutu; baina solas segidarik gabeko haiek bet-betan eten eta oihu min bat egin zuen: «Utz nazatela bakarrik, utz nazatela ilunbeetan; ilunbeak zaizkit niri komeni.» Nihaurk atzo hauteman nuenez, perpaus hori sarri errepikatzen du.

        Azkenik, Juliek jalgitzeko eta jende eta laguntza bila joateko baliatu zuen manu gisako hura: batari nahiz bertzeari ordea Tourvel andreak uko egin zien, geroztik hain sarri jin zaizkion haserreaz eta nahasduraz.

        Horrek guztiak halako durduza zuen komentuan sortu, non atzo goizeko zazpi orenetan mojaburuak deliberatu baitzuen nire bila norbait igortzea... Artean egunak ez zuen argitu. Berehala joan nintzen. Han nintzela jakinarazi ziotelarik Tourvel andreari, irudi zuen kordea etorri zitzaiola, eta erantzun zuen: «Ah! Bai, sar dadila.» Baina ohera hurbildu nintzaionean, fermuki begia eman zidan, nire eskua biziro hartu, tinkatu, eta boz ozen baina ilunaz erran zidan: «Sinetsi ez zintudalako nago hil hurran.» Berehala, begiak estaliz, bere solasik sarriena errepikatu zuen: «Utz nazatela bakarrik, etab.»; eta kordea arrunt galdu zuen.

        Erran zizkidan ele horien eta eldarnioan itzuri zitzaizkion bertze batzuen karietara, beldur naiz eritasun krudel horrek kausa are krudelago bat ez ote duen. Errespeta ditzagun ordea gure adiskidearen sekretuak, eta haren malura deitoratzera dugun etsi.

        Atzoko egun osoa orobat izan zen ekaitztsua, nahasialdi izugarrietan eta ahuleziazko lozorroetan emana, eta azken horietan du soilik atseden zerbait hartzen eta ematen. Arratseko bederatzi orenak arte ez naiz haren oheburutik aldaratu, eta gaur goizean hara itzuliko naiz egun osoko. Ez dut hain segur ere neure adiskide dohakabea abandonatuko: hain da lazgarria ordea artak eta laguntzak oro ukatzeko darakusan seta.

        Bart gaueko berriak igortzen dizkizut, berriki hartu baititut, eta, ikusiko duzunez, ez dira batere kontsolagarriak. Nihaur arduratuko naiz berri guztiak oro zuri zehatz igortzeaz.

        Adio, adiskide duina, eriagana noa. Goraintziak nire alabaren partetik, beharrik ia sendatua baita.

Parisen, 17**ko azaroaren 29an.

 

 

CXLVIII. GUTUNA

DANCENY ZALDUNAK MERTEUILEKO MARKESARI

 

        O, zu, nire maitea! O, hi, biziki maite haudan hori! O, zu, nire zorionaren haste izan zaren hori! O, hi, zorion hori mukuru bete dunan hori! Adiskide sentikorra, maitale amoltsua, hire oinazearen oroitzapena zergatik zetorkidan sentitzen ari naizen atsegina asaldatzera? Ah! Andrea, har ezazu sosegu, adiskidantzak dizu galdatzen. O, adiskidea, izan hadi zoriontsu, amodioaren erregua dun.

        Hots! Zein liskar duzu bada zeure buruari egiteko? Sinets nazazu, zure adeitasuna zutaz neurriz gain baliatu da. Hark zuri sortzen dizkizun damuak, niri egozten dizkidan okerrak, berdin dira lilurazkoak; eta bihotz bihotzez sentitzen dut gu bion artean ez dela amodioaz bertze seduzitzailerik egon. Ez beldurrik izan beraz eragiten ditunan sentimenduei men egiteaz, sorrarazten ditunan su guztiei heure baitan barnatzen uzteaz. Zer! Beranduago argituak izan garelako, gure bihotzak ez lirateke bada hain garbiak? Ez, dudarik gabe. Sedukzioa izaten da aitzitik, ez baitu beti asmo finkoz baizik jokatzen, urratsa eta baliabideak antolatzen ahal dituena, eta gertakizunak aldez aurretik urrundik ikusten ahal dituena. Baina egiazko amodioak ez du halatan meditatzera eta gogartzera uzten: sentimenduen bidez geure pentsamenduetarik digu gogoa bertzeratzen; haren nagusigoa sekula ez da ezezaguna denean bezain handia; eta itzalean eta isiltasunean gaitu orobat ezin sumatuzkoak eta ezin hautsizkoak diren loturez inguratzen.

        Hala non atzo bertan, zure itzuleran pentsatzeak sortzen zidan zirrara bizia gorabehera, zu ikusirik sentitu nuen plazer ezinago handia gorabehera, uste izan nuen hargatik adiskidantza lasaia baizik ez nuela deika eta gidari: edo are gehiago, neure bihotzeko sentimendu eztiei osoki emana, deus gutxi ari izan nintzen haien jatorria edo kausa argitzen. Ni bezala ari hintzen hi ere, adiskide amoltsua, gure arimak amoltsutasunaren zirrara eztietara lerraraziak zituen lilura halabeharrezko hura, ezagutu ere gabe, sentitzen: eta bi-biok ez dinagu amodioa ezagutu, harik eta Jainko horrek murgilduak gintuzkan horditasun horretarik jalgi garen arte.

        Baina horrek berak gaitin justifikatzen, ezen ez kondenatzen. Ez, hik ez dun adiskidantza traditu, eta nik ez dinat hire fidantzia neurriz gain sobera baliatu. Gu biok, egia dun, ez jakitun geundenan geure sentimenduez; baina lilura hura soil-soilik sentitu egiten geninan, hura sorraraztera entseiatu gabe. Ah! Karia horretara auhen egin beharrean, hark sorrarazi digun bozkarioan baizik ez dezagun pentsa; eta liskar bidegabeez bozkario hori asaldatu ordez, dugun emenda fidantziaren eta segurantzaren xarmaz. O, adiskidea! Esperantza hori zeinen atxikia zaion nire bihotzari! Bai, hemendik aitzina beldur orotik libro, eta osoki emana amodioari, nirekin batera atxikiko ditun nire desirak, nire gainezkaldiak, nire zentzumenen eldarnioa, nire arimaren horditasuna; eta bertze irrits batek seinalatuko din gure egun dohatsuetako une bakoitza.

        Adio, biziki maite haudan hori! Gaur arratsean ikusiko haut, bakarrik kausituko ote haut ordea? Ez naun ausartzen hori igurikatzera. Ah! Hik ez dun hori nik bezainbat desiratzen.

Parisen, 17**ko abenduaren 1ean.

 

 

CXLIX. GUTUNA

VOLANGES ANDREAK ROSEMONDE ANDREARI

 

        Atzo, ia egun osoan, iguriki izan nuen, adiskide duina, gure eri maitearen osasunaz berri hobeak zuri eman ahal izatea: baina atzo arratsaz geroztik esperantza hori suntsitua da, eta galdu izanaren damua baizik ez zait gelditzen. Eriaren egoera aitzina bezain larria bilakatu du, non ez duen gaiztatu, gertakari iduriz axola gutxiko baina izan dituen ondorioengatik arras krudel batek.

        Ez nukeen bet-betako iraultza hura fitsik ere ulertuko, baldin atzo hartu izan ez banu gure adiskide dohakabearen isilmandatu osoa. Nola ez baitit jakin gabe utzi zuk ere baduzula haren zorigaitz guztien berri, ageriki mintza ahal natzaizu haren egoera tristeaz.

        Atzo goizean, komentura heldu nintzenean, erran zidaten bazituela hiru oren baino gehiago eria lo zela; eta haren loa hain zen sakona eta lasaia non une batez beldur izan bainintzen loerian ez ote zen. Geroago iratzarri zen eta berak ireki zituen oheko oihalak. Harritua iduri behatu zigun guztioi; eta harengana joateko zutitu bainintzen, ezagutu ninduen, neure izenaz deitu, eta hurbil nenkion otoiztu ninduen. Ez zidan utzi ezein galderarik egiteko astirik, eta galdegin zidan ea non zen, ea zer egiten genuen guk han, ea eri zen, eta ea zergatik ez zegoen bere etxean. Hasieran bertze eldarnio bat zela uste izan nuen, aurrekoa baino lasaiagoa soil-soilik: ohartu nintzen ordea aski ongi ulertzen zituela nire erantzunak. Kordera etorria zen alabaina, ez ordea oroimenera.

        Xeheki galdekatu ninduen komentuan zegoenez geroztik gertatu zitzaion guztiaz, nahiz hara jin izanaz ez zen oroitzen. Zehatz ihardetsi nion, soilik sobera izi zezakeena aipatu gabe: eta nik aldiz galdegin niolarik ea zer moduz zegoen, ihardetsi zidan une hartan ez zuela minik; baina loa bitartean oinazetan egona zela eta akitua zela. Sosegatzera eta gutxi hitz egitera premiatu nuen; gero oheko oihalak aldez hertsi nizkion, erdi irekirik utziz, eta haren ohe ondoan nintzen eseri. Aldi berean, salda eskaini zioten, hartu eta ona iruditu zitzaion.

        Gisa horretan gelditu zen oren erdi inguru, eta bitarte hartan bertze solasik ez zuen, eman nizkion artak niri eskertzeko izan ezik; eta esker onak zuk ezagutzen diozun atsegintasunaz eta graziaz eman zizkidan. Gero isil-isila egon zen aldi batez, halako batean hautsi zuelarik isiltasuna: «Ah, bai! Oroit naiz hona jin izanaz», eta berehala heiagoraz hasi zen oinazetan: «Adiskidea, adiskidea, urrikal zakizkit; horra nire malurak oro berriz jinak.» Orduan hari buruz aitzinatu bainintzen, hartu zidan eskua, eta burua eskuan bermaturik gaineratu zuen: «Jainko Jauna! Ezin hil ninteke bada?» Haren begitarteak, haren hitzek bainoago, malkoak isurtzeraino ninduen hunkitu; nire bozari ohartu zitzaion, eta erran zidan: «Urrikaltzen zatzaizkit! Ah! Jakin bazeneza!...» Eta gero solasa etenik: «Egizu bakarrik utz gaitzaten, eta oro erranen dizut.»

        Hala nola ohartarazi dizudala uste baitut, banituen dagoeneko susmoak isilmandatu horren sujetaz; eta aldez aurretik nekusanez luzea eta tristea izan behar zuen solasaldi hura gure adiskide dohakabearen egoerarentzat kaltegarria izan ote zitekeen beldurrez, uko egin nion hasieran isilmandatu hari, atsedenaren beharretan zelako estakuruz: baina setatu zitzaidanez, men egin nien haren eske fermuei. Bakarrik gelditu ginen orduko, zu dagoeneko harengandik jakina zaren guztia jakinarazi zidan, eta arrazoi horregatik ez dizut errepikatuko.

        Azkenik, sakrifikatua izan zen modu krudelaz mintzo zitzaidalarik, erantsi zuen: «Segur baino segurago nintzen hiltzeaz eta hiltzeko kuraia banuen; baina maluraz eta ahalkez bizirik irautea, ez, hori ezin dut.» Entseiatu nintzen bihotz eroraldi edo hobeki erran etsipen hura erlijioaren armez gudukatzera, harentzat ordu arte hain indar handikoak izan baitziren; berehala sumatu nuen ordea ez nuela hain eginbide gailenetarako aski indarrik eta proposatu nion aita Anselme deitzea, bai baitakit osoki fida zaiola. Onartu zuen eta irrika bizian zela irudi ere zuen hura noiz etorriko. Aita Anselmeren bila joan ziren alabaina, eta berehala jin zen. Luzaz egon zen eriarekin, eta jalgi eta erran zuen ezen medikuak beraren iritzi berekoak baldin baziren, bere ustean elizakoen ematea gibela zitekeela; eta erran zuen berebat biharamunean jinen zela.

        Arratsaldeko hiru orenak inguru ziren, eta bortz orenak arte gure adiskidea lasai samar egon zen: halako gisaz non guztiok esperantzari berriz atxikiak baikinen. Ondikotz, orduan gutun bat ekarri zioten. Eman nahi izan ziotelarik, ezeinik ere ez zuela hartu nahi ihardetsi zuen hasieran eta nehork ez zuen deus gehiagorik erran. Baina une horrez geroztik, nahasiagoa zirudien. Handik berehala, galdegin zuen ea nondik zetorren gutun hura. Zigilatu gabea zen: Nork ekarri zuen? Nehork ez zekien; nondik igorria zen? Tornulariei nehork ez zien deusik erran. Gero isilik egon zen aldi batez; eta berehala berriz hasi zen solasean, baina segidarik gabeko solas haiek soil-soilik jakinarazi ziguten eldarnioa berriz jina zela.

        Hala ere, bitarte batean lasai egon zen oraino, harik eta azkenik beretzat ekarria zuten gutuna eman ziezaioten eskatu zuen arte. Begia eman zionetik beretik, oihukatu zuen: «Harena! Jainko Jauna!» eta gero ozen baina hertsatuki: «Eraman ezazue, eraman ezazue.» Bertatik oheko oihalak zituen hertsarazi, eta nehor hurbil zekion debekatu: baina ia berehala haren ondora joan behar izan genuen. Nahasdurak sekula baino indar gehiagoz jo zuen, eta aldi berean gorputz dardara zinez ikaragarriek hartu zuten. Makur horiek ez ziren arratsalde osoan desagertu; eta gaur goizeko albisteak jakinarazi dit gaua orobat izan dela ekaitztsua. Finean, halakoa du egoera non harriturik naizen harenak dagoeneko ez egin izanaz, eta ez dizut ezkutatzen esperantza doi bat baizik ez zaidala gelditzen.

        Nago gutun zorigaiztoko hori Valmont jaunarena dela; baina ausart ahal daiteke hari oraino deusik erratera? Barka, adiskide maitea, ezein gogoeta debeku dut: baina arras krudela da ordu arte guztiz zoriontsua izana zen eta zoriontsua izateko guztiz ere gai zen emakume bat hiltzen ikustea.

Parisen, 17**ko abenduaren 2an.

 

 

CL. GUTUNA

DANCENY ZALDUNAK MERTEUILEKO MARKESARI

 

        Hi ikusteko bozkarioaren aiduru, adiskide amoltsua, hiri izkiriatzeko plazerrera emana naun; eta higan pentsaturik ematzen dinat higandik urrun egoteak sortzen didan tristura. Nire sentimenduak hiri irudikatzea, hireak oroitzea, zinezko gozamena dun nire bihotzarentzat; eta gozamen horri esker gabeziazko aldi honek berak neure amodioarentzat mila ontarte arras balios eskaintzen zizkidan oraino. Haatik, baldin sinetsi behar bahaut, ez dinat higandik erantzun gehiagorik hartuko: gutun hau bera azkena izanen dun; eta gabetuak izanen gaitun hire ustean arriskutsua den eta premiazkoa ez dugun harreman batez. Hain segur ere sinetsiko haut, horretan setaturik bahago: zeren hik zer nahi izan dezaken, arrazoi horregatik beretik nik ere nahi izanen ez dudanik? Baina delibero fermua har aitzin, ez ote didan horretaz elkarrekin solas egiteko baimena emanen?

        Arriskuez den bezanbatean, deliberoa soilik hirea dun: ez zezakenat deus kalkula, eta nahi dinat berriz otoiztu kontu eman iezaion heure segurantzari, zeren ezin lasai egon ninteken hi kezkaturik bahago. Hori dela eta, ez gaitun gu biok soilik bat, hi baihaiz gu biok.

        Ez dun gauza bera premiaz den bezanbatean; horretan ez zezakenagu pentsamendu bera baizik izan; eta baldin iritzi desberdinekoak bagara, ez dun agian elkarri azalpenak ematearen edo elkar aditzearen eskasez baizik. Horra beraz sentitu uste dudana.

        Dudarik gabe, gutun batek ez zirudin premiazkoa, libroki elkar ikus dezakegularik. Zer erranen liken, ele batek, behako batek, edo isiltasunak berak ehun aldiz hobeki adieraziko ez lukeenik? Hori hain zaidan egia iruditzen, non elkarri gehiago ez izkiriatzeaz hitz egin hidanan unean, ideia hori aise lerratu baitzitzaidan arimara; agian gogaikarria izan zitzaionan, ez zionan batere eraginik egin ordea. Hala nola hire bihotzean musu bat eman nahirik, kausitzen dudalarik xingola bat edo gasa bat, soil-soilik baztertzen baitinat, eta ez dinat hargatik oztopo bat denik uste.

        Baina geroztik, elkarrengandik bereizi gaitun; eta hi neure aurrean ez haudanez geroztik, gutunaren ideia hori berriz jin zaidan oinazetzera. Zergatik, egin dinat neure artean, bertze gabezia horren emendioa? Zer! Elkarrengandik urrun gaudelako, ez ote dugu deusik elkarri errateko? Demagun ezen, zernolakoak gure alde izanik, elkarrekin egiten dugula egun oso bat; solasean eman behar ote dugu denbora, gozamenetan eman ordez? Bai, gozamenetan, adiskide amoltsua; zeren hire ondoan, atseden uneek berek gozamen zoragarri bat ematen baitute. Finean, denbora zein ere den labur edo luze, berezi behar gaitun azkenik, eta gero, hain gauden bakarrik! Orduan izaten ditun gutunak arras baliosak; irakurri ezean, egoten ahal dun gutunari so... Ah! Dudarik gabe, egoten ahal dun gutun bati so gutuna irakurri gabe, hala nola uste baitut gauean izanen dudala oraino plazerrik hire potreta ukiturik...

        Hire potreta erran dinat? Gutun bat arimaren potreta dun ordea. Ez din, irudi hotz baten gisara, amodiotik hain urrun den gelditasuna; bide ematen zien gure higidura guztiei: aldizka bizitasuna din hartzen, aldizka gozamen, aldizka atseden... Hire sentimenduak oro hain dira niretzat baliosak! Sentimenduok biltzeko baliabide bat didan edekiko?

        Segurki ote dakin bada niri izkiriatzeko premiak sekula ez hauela oinazetuko? Baldin bakardadean, hire bihotza hedatzen edo hertsatzen bada, baldin bozkariozko bultzada bat arimaraino barneratzen bazain, baldin hire gogoaz bertzerako halako tristura batek une batez arima durduzatzen badin; ez ote dun bada adiskidea baitan isuriko heure bozkarioa edo heure malura? Izanen dun beraz hark beretuko ez duen sentimendurik? Sentimendu hori heuregandik urruntzera utziko dun, ametsari emana eta bakarti? Adiskidea... Adiskide amoltsua! Baina deliberoa hiri dagokin. Soil-soilik nahi izan dinat eztabaidatu, eta ez ordea hi seduzitu; arrazoiak baizik ez ditinat eman, sinesten ere dinat arrenka ariz gero indar gehiago nukeela. Entseiatuko naun bada, hik hala nahi dunanez gero, ez atsekabetzera; ahaleginduko naun hik izkiriatuko hidaakena neure buruari nik erratera; baina horra, hik nik baino hobeki erranen huke; eta batez ere nik plazer gehiago niken hiri aditurik.

        Adio, adiskide xarmanta; hurbil dinat azkenik ikusi ahalko haudan orena: fite uzten haut, are lasterrago higana biltzeko.

Parisen, 17**ko abenduaren 3an.

 

 

CLI. GUTUNA

VALMONTEKO BIZKONDEAK MERTEUILEKO MARKESARI

 

        Dudarik gabe, markesa, ez duzu usteko hain esperientzia gutxikoa naizenik, eta ez duzu beraz pentsatuko ezen, gaur arratsean, elkar ikuste kuttun horretan, zu ustekabean kausitu izanaren eta orobat Danceny zure etxera eramana zuen halabehar harrigarriaren karietara tronparazi ahal izan nauzunik! Ez hain zuzen zeure hazpegi trebatuek lasaitasunaren eta soseguaren aurpegiera ezin hobeki irudikatzen jakin ez zutelako, ezta noizik behin asalduari edo damuari itzurtzen zaizkion ezein perpausez zeure burua traditu duzulako ere. Aitor ere dizut ezen zeure behako maltsoak ezinago bikain baliatu zaizkizula; eta baldin jakin izan balute sinetsarazten aditzera ematen dakiten bezain ontsa, ez nukeela orobat, denik eta susmorik ttipiena hartzetik edo gordetzetik urrun, instant batez dudatuko hirugarren desegoki horrek sortzen zizun atsekabe ezinago handiaz. Baina, hain dohain handiak alferretan ez baliatzeko, zeure buruari hitz emana zenion garaitia erdiesteko, sorrarazi nahi zenuen lilura bizteko azkenik, aldez aurretik behar zenukeen zeure maitale hasiberri hori ardura gehiagoz hezi.

        Ikasleak hezten hasia zarenez, irakats iezaiezu trufarik ttipienaz ez ahalke gorritzen eta harritzen: irakats berebat ez hain biziro ukatzen, emakume bakar bati, bertze emakume guztiei arras moldakaizkiro defendatuz onartzen dizkieten gauza berberak. Irakats iezaiezu berebat beren maitalearen laudorioa aditzen ikasten, ordainetan hari goresmenak egitera behartuak izan daitezen gabe; eta baldin lagunartean zuri so egoteko baimena ematen badiezu, aldez aurretik jakin bezate bederen estaltzen jabe bati legokiokeen behako aise hautemangarri hori, amodiozko behakoarekin arras moldakaizkiro baitute nahasten. Orduan jendaurreko zeure ariketa horietan aurkezten ahalko dituzu, haien jokabideak haien irakasle jakintsuari kalte egin dakion gabe; eta nihaurk, zure ospea goratzen lagundu izanaz sobera bozkariatsua, hitz ematen dizut ikastetxe berri horren ikaskizunak egin eta argitaratuko ditudala.

        Baina bizkitartean harriturik naiz, aitor dizut, ni izateaz zuk eskolume baten gisara tratatzera ausartu zarena. O! Bertze edozein emakumez zeinen bizkor mendekatua nintzatekeen! Zeinen plazer handia hartuko nukeen! Eta plazer horrek zeinen aise gaindituko zukeen hark ustez galarazia zidana! Bai, soilik zu zarelako nahiago dezaket konponbidea ezen ez mendekua; eta ez uste dudarik ttipienak, zalantzarik ttipienak, baratzen nauenik; oro dakit.

        Lau egun baditu Parisen zarela; eta egun bakoitzean Danceny ikusi duzu, eta hura baizik ez duzu ikusi. Gaur bertan zeure atea hertsirik zenuen oraino; eta zure atezainari soil-soilik zurearen heineko segurantza falta izan zaio, ni zuganaino heltzera ez uzteko. Haatik ez nuen dudatu behar, hala mezutu zenidan, ni izanen nintzela lehena zure itzuleraren berri jakiten; oraino zer egunerako zehatz erraten ahal ez zenidan itzulera horren berri, nahiz partitzera zindoazen egunaren bezperan izkiriatu zenidan. Egintza horiek ukatuko dituzu, edo desenkusatzera entseiatuko zara? Bata nahiz bertzea orobat dira ezinkizun; eta haatik neure buruaren jabe nago! Zure nagusigoa ikus hor; baina sinets nazazu, hura jasan izana askietsirik, ez gehiago neurriz gain balia. Guk biok elkar ezagutzen dugu, markesa; hitz hori aski izan behar zenuke.

        Erran didazu bihar kanpoan izanen zarela egun osoan? Beharrik, baldin egiazki kanpoan bazara; eta egizu kontu jakinen dudala. Baina azken finean, arratsean itzuliko zara; eta gure onezkoak egite zailerako ez dugu aski denbora izanen biharamuna arte. Jakinaraz iezadazu beraz non eginen ditugun, zure etxean edo han geure hoben ugarien ordainak. Batez ere, kitto Danceny. Zeure buru gaiztoa haren irudiaz betea zenuen; eta ni egon ninteke zure irudimenaren eldarnio horrez jeloskortu gabe: baina egizu kontu ezen liluraldi bat baizik ez zena, hobespen nabarmen bilakatuko litzatekeela hemendik aitzina. Ez dut uste umiliazio horretarako egina naizenik, eta ez dut igurikitzen umiliazio hori zugandik hartzerik.

        Uste osoan naiz halaber ezen sakrifizio hori ez zaizula sakrifizioa irudituko. Baina zerbait gostako balitzaizu ere, iruditzen zait nik aski etsenplu eder bat eman dizudala! Iruditzen zait berebat nigatik baizik existitzen ez den eta une honetan berean agian amodioz eta damuz hiltzen ari den emakume sentikor eta eder batek balio dezakeela eskolume gazte batek baino gehiago, nork ere, hala nahi baduzu, ez baitu ez gorpuzkera ederraren ez adimen biziaren eskasik, baina ez du oraino ez usantzarik ez sendotasunik.

        Adio, markesa; fitsik ere ez diotsut zugana ditudan sentimenduez. Neure bihotzean ez miatzea da une honetan egin dezakedan guztia. Erantzunaren zain naukazu. Kasu eman erantzunari, kasu emaiozu ezen zeure erantzunaren bidez zenbatenaz aiseago ahantzaraziko baitidazu egin didazun laidoa, hanbatenaz zure uko batek, luzamendu soil batek, ezin ezabatuzko erroz sustraituko lukeela nire bihotzean.

Parisen, 17**ko abenduaren 3an, gauean.

 

 

CLII. GUTUNA

MERTEUILEKO MARKESAK VALMONTEKO BIZKONDEARI

 

        Kasu eman bada, bizkonde, eta ez ezazu gehiago bortxa nire herabetasun guztizkoa! Nola nahi duzu paira dezadan zure sumina biztu izanaren uste lehergarria, eta batez ere nola nahi duzu zure mendekuaren beldurrak mendean har ez nazan? Hanbatenaz non, dakizun bezala, baldin zuk belzkeria bat eginen bazenit, ezinen bainizuke itzuli. Alferrik nuke hitz egitea, zure biziera berdin litzateke dirdaitsua eta lasaia. Izan ere, zeren beldur zinateke? Partitzera behartua izateaz, baldin astirik emanen balizute. Baina atzerrian ez dea hemen bezala bizitzen? Eta azken finean, non ere Frantziako Auzitegiak finkatua zinatekeen lekuan lasai utziko baitzintu, garaipenen lekua aldatzea baizik ez litzateke zuretzat. Arrazoi moral horiez zure odol hotza zuri berriz bihurtzen saiatu ondoren, gatozen berriz geure aferetara.

        Badakizu, bizkonde, zergatik ez naizen sekula berriz ezkondu? Ez hain segur ere aski senargai abantailatsu kausitu izanaren eskasez; da soil-soilik nehork izan ez dezan nire egintzak gaitzesteko eskubiderik. Ez da halaber neure borondatea gehiago egin ahal ez izateaz beldurrez nagoelako, zeren azken finean betiere eginen bainuke; baina nire borondatea egin izanaz nehork nitaz deitoratzeko eskubidea izateak berak gogaituko ninduke; zeren azken finean neure plazerrerako baizik ez bainuke tronpatu nahi, eta ez premiagatik. Eta nehon ikus litekeen gutunik senar baten gisarakoena horra non zuk didazun izkiriatu! Neure hutsegiteak eta zure ontasunak, ez didazu hor bertzerik aipatzen! Baina nola egin dakioke huts deusik ere zor ez zaionari? Ez nekike hori asmatzen!

        Dugun ikus; zer kexakizun dituzu? Danceny nire etxean aurkitu duzu, eta horrek gogaitu zaitu? Beharrik: baina zer ondorio atera ahal izan duzu hortik? Edo izan zela asturuz, nik erran nizun bezala, edo izan zela nire borondatez, nik erran ez nizun bezala. Lehenengo kasuan, zure gutuna bidegabea da; bigarrenean, irrigarria: berdin zenuke ez izkiriatzea! Jeloskor zaude ordea, eta jelosia ez da arrazoizalea. Hots bada! Arrazoiak nik ditut zure ordez emanen.

        Edo baduzu aurkaririk, edo ez duzu. Baldin aurkaririk bazeneza, begiko behar zara gertatu hobetsia izateko; baldin ez bazeneza, are begikoago behar duzu izan ezeinik ez izateko. Kasu guztietan, berbera da jokabidea: beraz, zergatik zeure burua oinazetu? Zergatik, batez ere, ni oinazetu? Ez ote dakizu jadanik gizonik atseginena izaten? Eta ez zaude dagoeneko garaipena erdiesteaz ziur? Hara bada, bizkonde, zeure buruaren kalte ari zara. Baina ez da hori; zera, erran nahi baita, nik ez dudala zure iritzian horrenbertze ahaleginik merezi. Ez dituzu nire ontasunak nahi, hainbat nola nahi baituzu nire nagusigoaz neurriz gain baliatu. Hara, eskergabea zara. Hori bai, nire ustez, sentimendua! Eta doi bat segi baneza, gutun hau arras amoltsu bihur liteke; baina ez duzu merezi.

        Ez duzu are merezi nik neure burua zuritzea. Zure susmoen zigor, atxiki eginen dituzu: hala itzuli nintzen egunaz, nola Dancenyren ikustaldiez ez dizut fitsik erranen. Biziki ahalegindu zara jakitun egoteko, ez dea egia? Hots bada! Deusik aitzinatu zarea? Zeregin horretan plazer handia hartu izana opa dizut! Nitaz den bezanbatean, ez du horrek nirea gutxitu.

        Zure gutun mehatxugarriari ihardets diezaiokedan guztia da ez duela izan ez niri laket izateko dohaina, ez ni beldurtzeko indarra; eta orobat erran dezaket ezin gutxiago prest naukazula oraingoz zure eskariak onartzeko.

        Egia erran, egungo egunean agertzen zaren gisara zu onartzea, litzateke zurekin zinez desleial izatea. Ez bailitzateke nire maitale ohiarekin berriz harremanetan hastea; litzateke bertze bat hartzea, eta harako hark bezainbat urrundanik ere balio ez duena. Ez dut lehen maitale hura hainbertzeraino ahantzi, neure burua gisa horretan tronpatzeko. Nik maite nuen Valmont hura xarmanta zen. Orobat nahi dut aitortu ezen ez dudala hura baino gizon atseginagorik kausitu. Ah! Otoi, bizkonde, berriz kausi bazeneza, ekar iezadazu; hari beti eginen diot abegi on.

        Egiozu haatik gaztigu ezen, ezein kasutan, ez litzatekeela ez gaurko ez etziko izanen. Haren Menechme-ak kalte pixka bat egin dio; eta sobera lehiatuz gero tronpatu beldur nintzateke; edo bertzela, menturaz Dancenyri emana diot bi egun horietan neure etxean hartzeko hitza? Eta zure gutunak irakatsi dit ez zarela zu txantxetan ibiltzen, nehork hitza janez gero. Ikusten duzu beraz behar duzula iguriki.

        Zuri zer axola ordea? Aurkariari mendeku hartuko diozu haatik. Ez dio hark zure maitaleari, zuk harenari egin diozuna baino deus okerragorik eginen, eta azken finean emakume batek ez ote du bertze batek bezainbat balio? Horiek dira zure oinarrizko arauak. Emakume amoltsu eta sentikor hura, zugatik baizik existituko ez litzatekeena eta azkenik amodioz eta damuz hila litzatekeena ez litzateke lehen gutiziari, une batez trufa eginen ote dizuten beldurrari orobat sakrifikatua izanen; eta nahi duzu bertzeok beltzuri gaitezen? Ah! Hori ez da bidezkoa.

        Adio, bizkonde; izan zaitez berriz gizon atsegina. Hara, xarmangarri nahi zaitut, ez dut bertzerik galdatzen; eta horretaz segurik naizen orduko, frogatuko dizudala hitz ematen dizut. Egiazki, sobera ona naiz.

Parisen, 17**ko abenduaren 4an.

 

 

CLIII. GUTUNA

VALMONTEKO BIZKONDEAK MERTEUILEKO MARKESARI

 

        Berehala ihardesten diot zure gutunari, eta argi izatera entseiatuko naiz; zurekin ez baita erraza, hartua duzularik ez ulertzeko xedea.

        Ez genuen solasaldi luzeen beharrik jakiteko ezen batbederak bertzea galarazteko behar duen guztia bere esku izaki, interes berbera dugula elkarri begirunea erakusteko: ez da hori hain zuzen ere gure solaspidea. Baina nork bere burua galtzeko xede bortitzaren eta orain arte egon garen bezala elkarturik jarraitzeko, eta gure lehen harremanari berriz loturik are elkartuago egoteko xede dudarik gabe hobearen artean, bi xede horien artean, diot, bertze mila har litezke. Ez zen beraz irrigarria zuri erratea, ezta orobat egun zuri errepikatzea ere, ezen, gaurdanik, zure maitalea edo zure etsaia izanen naizela.

        Ontsa dakit hautu horrek gogaitzen zaituela, eta hinki-hanka ibiltzea gehiago komeniko litzaizukeela; eta badakit halaber nehoiz ez duzula maite izan baietzaren eta ezetzaren artean gisa horretan ezarria izatea: baina jakin behar zenuke halaber ez diezazukedala zirkulu estu horretarik jalgitzera utz, nihaur engainatua izateko arriskurik gabe; eta aldez aurretik sumatua behar duzu ez dudala engaina nazaten jasanen. Orain zuri dagokizu deliberatzea: hautua utz diezazuket baina ezin ezbaian egon ninteke.

        Soil-soilik aldez aurretik jakinarazten dizut ezen ez zarela nitaz neurriz gain baliatuko zeure argudioez, direla on edo direla txar; ezen berebat ez nauzula are liluratuko zure ukoa apaintzeko xedez eginiko zenbait balakuz, eta ezen heldua dela, azkenik, egiaren unea. Zuri etsenplu ematea baizik ez dut galdatzen; eta atseginez diotsut bakea eta batasuna ditudala nahiago: baina bata zein bertzea behar badira hautsi, eskubidea eta baliabideak baditudala uste dut.

        Orobat diotsut beraz ezen denik eta behaztoparik ttipiena ezartzen badidazu, behaztopa hori gerlarako deitzat zin-zinez dudala hartuko: ikusten duzunez galdatzen dizudan erantzunak ez du perpaus luze ederren beharrik. Aski dira bi hitz.

Parisen, 17**ko abenduaren 4an.

MERTEUILEKO MARKESAREN ERANTZUNA

gutun beraren azpian izkiriatua

        Hots bada! Gerla.

 

 

CLIV. GUTUNA

VOLANGES ANDREAK ROSEMONDE ANDREARI

 

        Albisteek nik baino hobeki ematen dizute, adiskide ederra, gure eriaren oinazezko egoeraren berri. Hura artatzera osoki emana bainago, ez dut zuri izkiriatzeko astirik hartzen, non ez den bertze gertakizunik eritasunaz bertzalde. Hona bada bat, hain segur ere igurikatzen ez nuena. Valmont jaunagandik hartu dudan gutun bat da, nahikatu baitu ni hautatzea isilmandatari, bai orobat bitarteko Tourvel andrearen aldera, eta halaber erantsi baitio nire gutunari bertze gutun bat harentzat. Bata itzuli diot bertzearen erantzunarekin batera. Helarazten dizut azken hau, eta uste dut bat etorriko zarela nirekin ezen hark eskatzen zidanetik ez nezakeela egin eta ez nuela egiten ahal deusik. Egin nahi izanagatik ere, gure adiskide dohakabea ez zatekeen niri aditzeko egoeran. Haren eldarnioa jarraikia da. Zer diozu ordea Valmont jaunaren etsipenaz? Hasteko, sinesgarria ote da, edo mundu guztia nahi ote du bukaera arte tronpatu? Baldin oraingo honetan egiaz mintzo bada, aise erran dezake bere malura hark berak sortua dela. Ez dut uste nire erantzunak plazer handirik emanen dionik: aitor dezadan ordea ezen zorigaiztoko gertakari honetaz zenbat ere nagoen jakitunago, haren egilearen kontra are naizela sumintzenago.

        Adio, adiskide maitea; banoa hartzara eriari neure arta tristeak eskaintzera, niretzat baitira are tristeagoak bihurtuak, onerako diratekeela ikusteko kasik esperantzarik ezean. Ezagutzen dituzu zugana ditudan sentimenduak.

Parisen, 17**ko abenduaren 5ean.

 

 

CLV. GUTUNA

VALMONTEKO BIZKONDEAK DANCENY ZALDUNARI

 

        Bi aldiz izana naiz zure etxean, zaldun maitea: baina maitalearen rola utzi eta gizon amodioaz dohatuarena hartu duzunez geroztik, nehork ez zaitzake nehon kausi, egoki den bezala. Zure gelazainak erran dit haatik arratsean itzuliko zarela etxera; zure zain egoteko manua omen du orobat: nik ordea, jakina bainaiz zeintzuk diren zure asmoak, ongi baino hobeki ulertu dut ez zarela une batez baizik etxeratuko, okasioari egoki dagozkion beztidurak janzteko, eta berehala joanen zarela zeure garaile ibileretan berriz ibiltzera. Zorionak, bihoazkizu ezinbertzean nire txaloak: baina agian, gaur gauean, ibilera horien norabidea aldatzeko tentatua izan zintezke. Zeure aferen erdia bertzerik ez dakizu oraino; bertze erdia behar zaizu jakinarazi, eta gero, zuk hautatuko duzu. Har ezazu bada nire gutuna irakurtzeko astia. Ez zaitu zeure plazerretarik zehartuko, ez baitu bertze xederik, aitzitik, plazer horien arteko hautua zuri eskaintzea baizik.

        Nitaz guztiz fida izan bazina, zuhaurk erran izan bazenizkit zeure sekretu guztiak eta ez soilik sumatzera utzi didazuna, garaiz nengokeen jakitun; eta zure urratsa ez luke egun nire eginahalak oztopatuko, trebeago ari izana litzatekeelako. Gauden lekutik gaitezen ordea abia. Hartzen duzun xedea zeinahi ere den, izanagatik zuretzat kalte bertze norbaiti bozkarioa lekarkioke betiere.

        Gaur arratsean norbait ikustera zoaz, ez dea egia? Biziki maite duzun emakume xarmant bat? Zeren eta zure adinean, zein emakume ez da biziki maite, lehen zortzi egunetan bederen! Gertalekuak zure plazerrak ditu gehituko. Etxe ttipi zoragarri zuretzat baizik baliatua izan ez den batek irritsa behar du edertu libertatearen xarmaz, eta misterioarenaz. Oro prest dago: norbait zain duzu: eta harengana biltzeko irrika bizian zaude! Horra guk biok dakiguna, nahiz zuk ez didazun fitsik erran. Orain, hona zuk ez dakizuna, eta nik erran behar dizudana.

        Parisa itzuli nintzenez geroztik, zu Volanges andereñoagana hurrantzeko bideez arduratu izan naiz, eman nizun hitza betez; eta horretaz mintzatu nintzaizun azken aldian ere zure erantzunek, bai orobat zure gainezkaldiek, zure bozkarioaren alde ari nintzela aditzera eman zidaten. Zeregin aski zail horretan ez nezakeen nik bakarrik erdiets: baina baliabideak prestatu ondoren, gainerakoa zure maitale gaztearen arduraren gomendio utzi nuen. Kausitu du hark, bere amodioari esker, nire esperientziari itzuria zitzaion baliakizunik: finean zorigaitz zuretzat zeren erdietsi baitu. Baditu bi egun, gaur arratsaldean erran didanez, oztopo guztiak gaindituak direla, eta zure bozkarioa zuk duzu orain zeure esku.

        Baditu orobat bi egun zure maitale gaztea irrika gorrian dela berri hori berak zuri noiz emango, eta nahiz ama ez den etxean, hartua izanen zinen; baina agertu bat ere ez diozu egin! Eta dena erran behar badizut, iruditu zait neskatxa ttipi hori beltzuri samar zela, arrazoiz edo gutiziaz, zuk erakusten diozun lehia gutxiaren karietara. Kausitu du, azkenik, ni harengana helarazteko baliabidea ere, eta hitz emanarazi dit ahalik lasterrena emanen nizula honekin batera igortzen dizudan gutuna. Hain du lehia sutsua agertu, non eginen nuke elkar ikuste bat proposatua zaizula hor gaur gauerako. Zernahi dela ere, ohoreagatik eta adiskidantzagatik hitz eman diot eskutitz ezti hori gaur bertan hartuko zenuela, eta neure hitza ez dezaket jan eta ez dut jan nahi.

        Orain, gazte, nola jokatuko duzu? Pinpirintasunaren eta amodioaren artean, plazerraren eta zorionaren artean ezarria, zer hautatuko duzu? Baldin orain dela hiru hilabeteko Dancenyri, soil-soilik duela zortzi egunekoari, mintzatuko banintzaio, segurik nengoke haren bihotzaz, orobat haren urratsez: baina egungo eguneko Danceny emakoi, menturazale eta, ohi denez, doi bat gaiztatuak nahiago ote du neska gazte arrunt ahalketi bat, zeinak bere fabore ez baitu edertasuna, inozentzia eta amodioa baizik, emakume guztiz ohitu eta trebatu baten atsegintasunak baino?

        Nitaz den bezanbatean, adiskide maitea, iruditzen zait ezen, nahiz oinarrizko arau berriei atxikia zaren, eta hein batean neureak ere badirela aitor dizut, zernolakoek maitale gaztea hautatzeko deliberoa harraraziko zidatela. Hasteko, bertze emakume bat gehiago da, eta berritasun bat da halaber, eta horrez gainera zeure ardura guztien fruitua galtzeko beldurrez behar zenuke egon, baldin fruitua biltzeaz ezaxolatuko bazina; zeren azken finean, alde horretarik, zinez okasio galdua litzateke, eta okasio hori ez ohi da beti itzultzen, batez ere lehenengo ahulkeria izan delarik: sarri, kasu horretan, garaitiarik ederrena eragozteko ez da behar izaten beltzuri une bat edo susmo jeloskor bat baizik, edo are gutxiago oraino. Noizik behin bertute ito hurrana abarrei tinko atxikitzen zaio; eta salburik den orduko, ondo begiratzen du bere burua, eta ez da jadanik ustekabean atzeman erraza.

        Bertze aldetik, aitzitik, zer arriskatzen duzu? Harreman hausterik ez behinik behin; liskarren bat gehienez ere, zeinaren ondoren ardura pixka batez erosten baita onezkoak egin izanaren plazerra. Jadanik errendatua zaizun emakumeak har ote dezake bertze xederik bihozberatasuna ez denik? Zorrotz jokaturik zer irabaziko luke? Haren plazerrak galtzea, haren loriaren probetxurik gabe.

        Baldin, uste dudan bezala, hartzen baduzu amodioaren xedea, zeina berebat arrazoiarena dela uste baitut, huts egindako elkar ikustearen karietara ez desenkusatzea iruditzen zait jokabide zuhurra; utz ezazu soil-soilik iguriki zaitzaten: baldin benturatzen bazara arrazoirik ematera, emakume hori entseiatuko da agian arrazoi hori ziurtatzera. Emakumeek jakinmin handia izaten dute eta setatsuak izaten dira; oro argitan jar liteke: ni izan berri naiz, dakizun bezala, horren etsenplu. Baldin emakume horri esperantzarik uzten badiozu ordea, nola harrokeria izanen baitu esperantzaren lagun, ez du esperantzarik galduko harik eta berri galdatzeko tenore egokia aspaldi iragana den arte: bihar izanen duzu beraz harengana joaterik utzi ez dizun behaztopa gaindiezinen bat kausitzeko tenorea; eri zinatekeen, hilik behar izanez gero, edo berdin etsiarazi zaituen bertze zernahi behaztopa, eta oro konpondua izanen da.

        Bertzenaz, hartuko duzun deliberoa zernahi ere den, otoi arren jakinaraz iezadazu; eta ez baitut horretan interesik, betiere ongi jokatu duzula irudituko zait. Adio, adiskide maitea.

        Ezin nagoke zuri halaber erran gabe ezen Tourvel andrea arras dolutzen zaidala; ezen etsi etsirik nagoela harengandik bereizirik egon beharrez; ezen neure bizitzaren erdiaz ordainduko nukeela bertze erdia hari eskaintzeko zoriona. Ah! Sinets nazazu, soilik amodioak gaitu zoriontsu egiten.

Parisen, 17**ko abenduaren 5ean.

 

 

CLVI. GUTUNA

CÉCILE VOLANGESEK DANCENY ZALDUNARI

(Aurrekoari atxikia)

 

        Zergatik, adiskide maitea, ez zaitut jadanik ikusten, zu ikustea izanagatik nire nahi bakarra? Ez duzua elkar ikusteko nik bezainbat gogo? Ah! Oso triste nago orain! Guztiz bereizirik ginenean baino tristeago. Bertzeek sorrarazten zidaten xangrina, egungo egunean zuk didazu sorrarazten, eta hori are dolutzenago zait.

        Baditu egun batzuk ama etxetik kanpo dabilela, ondo dakizunez; eta igurikitzen nuen libertatezko tenore horrez baliatzera entseiatuko zinela: ez duzu ordea nigan pentsatu ere egiten; o, nire dohakabea! Hain sarri erraten zenidan zuk ni baino gutxiago maite zintudala nik zu! Banekien aitzitik zela, eta hona hemen froga! Ni ikustera etorri izan bazina, hain segur elkar ikusiko genukeen: ni ez bainaiz zu bezalakoa; elkar gaitzakeena baizik ez darabilt gogoan. Merezi zenuke nik zuri fitsik ez erratea elkar ikusi ahal izateko ondo gostarik egin ditudan urrats guztiez: baina sobera maite zaitut, eta zu ikusteko hain nago irrika bizian, non ezin geldi ninteke hori dena zuri erratetik. Eta bertzenaz, gero ikusiko dugu ea benetan maite nauzun.

        Hain ontsa ari izan naiz non atezaina geure alde baitugu, eta hitz eman baitit ezen etorriko zaren bakoitzean, sartzen utziko zaituela, ikusi ez bazintu bezala: eta guztiz fida ahal gakizkioke, arrunt gizon prestua baita. Aski duzu beraz etxe barnean ikus ez zaitzaten kasu ematea; eta hori aise egiten ahal duzu, gauez baizik ez etorriz, batere arriskurik ez dukegunean. Konparazione, ama egunoro jalgitzen denez geroztik, hamaika orenetan oheratzen da gauero; anitz denbora bagenuke beraz.

        Atezainak erran dit ezen etorri nahi duzularik, aski omen duzula haren leihoan jotzea, atean jo ordez, eta berehala irekiko omen dizula; eta gero aise kausituko duzu harmaila ttipia; eta argirik ezin eramanen baituzu aldean, nik erdi zabalik utziko dut neure gelako atea, doi bat bederen argituko baitzaitu. Kasu emaiozu eta ez egin zaratarik; batez ere amaren gelako ate ttipiaren ondotik iragaiterakoan. Nire gelariarenaz den bezanbatean, berdin zaio, zeren hitz eman baitit ez dela iratzarriko; txit neska ona da hura ere! Eta alde egiteko, berdin berdin eginen duzu. Orain, ikusiko dugu ea etorriko zaren.

        Ene Jainkoa, zuri izkiriatzean nire bihotzeko taupadak zergatik dira arras bortitzak? Zorigaitzen bat datorkit edo zu ikusteko esperantzak durduzatzen nau gisa horretan? Badakit ordea nehoiz ez zaitudala hainbertze maitatu, eta nehoiz ez dudala izan maite zaitudala zuri errateko hain gogo bizirik. Zatoz bada, adiskidea, adiskide maitea; ainiezazuket ehun aldiz errepika maite zaitudala, biziki zaitudala maite, eta zu izan ezik ez dudala nehor maiteko!

        Kausitu dut Valmont jaunari zerbait erran behar niola jakinarazteko bidea; eta bihar jinen da segurki, hura adiskide ona baita, eta otoiztuko diot nire gutuna berehala eman diezazun. Beraz, bihar gauean zain edukiko nauzu, eta jinen zara, hutsik egin gabe, baldin ez baduzu zeure Cécile arras dohakabetu nahi.

        Adio, adiskide maitea; musu bat bihotz-bihotzez.

Parisen, 17**ko abenduaren 4an, gauean.

 

 

CLVII. GUTUNA

DANCENY ZALDUNAK VALMONTEKO BIZKONDEARI

 

        Ez dudarik izan, bizkonde maitea, ez nire bihotzaz, ez nire jokabideaz: nola aihertu nire Cécileren nahi bati? Ah! Hura baita maite dudan emakume bakarra, beti maiteko dudan emakume bakarra! Haren lañotasunak, haren eztitasunak nigan sortua duten lilura hain da handia non deusek ez baitu sekula ezabatuko, nahiz ahulkeriaz lilura horrez ezaxolatu ahal izan naizen. Bertze abentura batean sartua nintzelarik, demagun oharkabean, Cécileren oroitzapena sarri jin zait neure plazerrik eztienak durduzatzera; eta nire bihotzak ez dio menturaz hari desleial nintzaion unean berean baino goresmenezko eskaintza egiazkoagorik egin. Hala ere, adiskidea, ez diezaiogun begirunea gal, eta isilpean ditzagun gorde nire hutsegiteak; ez Cécile engainatzeko, atsekaberik har ez dezan baizik. Cécileren zoriona da hain zuzen ere nire nahirik sutsuena; neure buruari nehoiz ez nioke barkatuko hark malkoz ordaindu beharko lukeen hutsegiterik.

        Badakit merezi ditudala zuk nire oinarrizko arau berriak deitzen diezun horien bizkar egin dizkidazun irriak: baina otoi sinets nazazu, une honetan ez nau jokabide horrek gidatzen; eta hartua dut bihartik aurrera hori frogatzeko deliberoa. Neure hobena aitortzera joanen naiz zoraldi hori sortu eta beretu duen emakumeagana; erranen diot: «Irakurri nire bihotzean; adiskidantzarik eztiena du zuretzat; adiskidantzari elkartua zaion desira hain da amodioaren antzekoa!... Gu biok tronpatu egin gara; baina okerrik egin ahal izan dudan arren, ez naiz fede gaiztoz jokatzeko gauza.» Ezagutzen dut neure adiskidea; zintzoa da bihozbera bezain; ez soilik ontzat hartuko du nire jokabidea, barkatu ere eginen dit. Bere buruari usu egiten zion hark liskar adiskidantza traditu zuelako; haren adeitasunak usu itotzen zuen haren amodioa: ni baino zintzoagoa baita, nire ariman du bortiztuko ni ausardiaren ausardiaz haren ariman itotzera entseiatzen nintzen beldur baliagarria. Hari zorko diot hobea izatea, zuri zorko dizudan bezala zoriontsuagoa izatea. O, adiskideok, har ezazue biok nire esker ona. Zoriona zuei zor dizuedala pentsatzeak balioa gehitzen dio nire esker onari.

        Adio, bizkonde maitea. Sobera zoriontsu naizen arren, zure penak gogoan ditut, eta nigan barneratuak. Ezin zuri baliagarri izan! Tourvel andreak bere larrian dirau beraz? Eri etsia omen da. Ene Jainkoa, nola urriki zaitudan! Aileza osasuna eta bihozberatasuna aldi berean berriz har, betiko egin zaitzan zoriontsu! Horra adiskidantzaren nahia; zilegi izan bekit amodioak nahi horiek beteko dituela igurikatzea.

        Luzaroago egonen nintzateke zurekin solasean; orenak hertsaturik nauka ordea, eta agian Cécile zain duket dagoeneko.

Parisen, 17**ko abenduaren 5ean.

 

 

CLVIII. GUTUNA

VALMONTEKO BIZKONDEAK MERTEUILEKO MARKESARI

(Iratzarri ondoren)

 

        Beraz, markesa, zer moduz zaude bart gaueko plazerren ondoren? Ez zaude doi bat akitua? Onar ezazu bada Danceny xarmanta dela! Mutil horrek miragarriak egiten ditu. Ez zenuen harengandik halakorik igurikatzen, ez dea egia? Hots, izan nadin bidezko neure buruarekin, haren gisako aurkari batek merezi zuen ni hari sakrifikatua izatea. Serioski, dohain onez betea dago! Baina oroz gainetik amodioz, jarraikitasunez, eta adeitasunez gainezka dago! Ah! Egunen batean maiteko bazaitu bere Cécile maite duen bezala, ez zenuke orduan ezein aurkariren beldurrez egon beharko: bart gauean frogatu dizu hori. Agian bertze emakume batek kendu ahal izanen dizu une batez, pinpirintasunaren indarrez; gazteek ez dute jakiten zurikeria kilikagarriei uko egiten: baina bere maitearen ele bat bakarra aski dute, ikusten duzunez, lilura hori aienatzeko; beraz arras zoriontsua izateko ez zaizu haren maitea izatea baizik falta.

        Ez zara hain segur tronpatuko; antze handia duzu, ez da beraz zertan beldurrik izan. Hala ere, elkartzen gaituen adiskidantza, nire partetik hain baita benetakoa nola baita zuretik onartua, izan da bartko froga zuri opatzeko desira biztu didana; froga hori nire eginahalaren ondorioa izan da; ongi heldu da: ez eskerrik eman ordea; ez da deus: ezinago erraza izan baita.

        Izan ere, zer gostatu zait? Sakrifizio ttipi bat, eta trebetasun doi bat. Makurtu naiz haren maitalearen ontarteak gazte horrekin banatzera: nik bezainbat eskubide bazuen haatik; eta niri bost axola! Neskatxa gazte horrek izkiriatu dion gutuna, nik diktatu nion; soil-soilik denbora irabazteko, bai baikenuen zeregin hobeagorik. Gutun horri atxiki nion gutuna, o! ez zen deus, ia deus ere; adiskidantzaren gogoeta batzuk ziren maitale berriaren hautua gidatzeko: baina egiazki alferrikakoak ziren; egia behar da erran, mutil horrek ez du une batez ere dudatu.

        Eta bertzalde, mutil hori hain da xaloa, non gaur zure etxera joanen baita zuri dena kontatzera; eta kontakizun horrek plazer handia emanen dizu segurki! Erranen dizu: Irakurri nire bihotzean; halaxe mezutu dit: eta ikusten duzunez, horrek dena konpontzen du. Haren bihotzean hark nahi duena irakurtzeaz gainera, agian irakurriko ahal duzu halaber ezen maitale arras gazteek badutela arriskurik, eta hobe dela orobat nire adiskide izatea, nire etsai izatea baino.

        Adio, markesa; lehen okasioa arte.

Parisen, 17**ko abenduaren 6an.

 

 

CLIX. GUTUNA

MERTEUILEKO MARKESAK VALMONTEKO BIZKONDEARI

(Txartela)

 

        Ez zait laket jokabide makurrei trufa makurrak gehitzea; ez dira horiek ez nire manerak, ez nire jaidurak. Norbaitez arrangura naizenean, ez diot iseka egiten; zerbait hobea egiten dut: mendekatzen naiz. Une honetan zeure buruarekin arras kontent bazara ere, ez ahantz ez litzatekeela zeure burua aldez aurretik goretsi duzun lehen aldia; bai halaber zuk bakarrik goretsi ere, zeure buruaren laudoriotan zinen instant berean itzuria litzaizukeen garaipen baten esperantzan. Adio.

Parisen, 17**ko abenduaren 6an.

 

 

CLX. GUTUNA

VOLANGES ANDREAK ROSEMONDE ANDREARI

 

        Gure adiskide dohakabearen gelatik izkiriatzen dizut, eta haren egoerak berdintsu dirau. Gaur arratsaldean lau mediku bilduko dira beren iritzia emateko. Ondikotz, dakizun bezala, hori sarriago izaten da arriskuaren froga bat, eria sendatzeko baliabide bat baino.

        Iduri du hala ere bart gauean eriak kordea doi bat berreskuratu duela. Gelariak gaur goizean jakinarazi didanez, etxekoandreak dei egin zion gauerdi inguruan; harekin bakarka egon nahi omen zuen, eta gutun aski luze bat diktatu zion. Juliek orobat erran duenez, gutunaren azala prestatzen ari zelarik, Tourvel andrea nahasturak jo zuen berriz: halako gisaz non neska horrek ez baitzuen jakin gutuna nori igorri. Harritu naiz hasieran gutuna bera aski ez izatea nori igorri jakiteko: baina hark ihardetsi baitit huts egiteko beldur zela, eta etxekoandreak haatik gutuna berehala igortzeko gomendioa eman ziola, neure gain hartu dut paket hori irekitzeko ardura.

        Han kausitua naiz igortzen dizudan izkribua, zeina alabaina ez baita nehorentzat, izanagatik sobera jenderentzat. Uste dut haatik gure adiskide dohakabeak lehenik Valmont jaunari nahi izan diola izkiriatu, baina oharkabean men egin diola bere ideien desordenuari. Zernahi ere den, iruditu zait gutun hori ez zitzaiola nehori eman behar. Zuri igortzen dizut, zeren nik erran diezazukedan baino hobeki ikusiko baituzu hor zeintzuk diren gure eriak gogoan darabiltzan pentsamenduak. Gisa horretan biziki hunkitua jarraituko dueino, batere esperantzarik ez duket. Gorputza nekez zuzpertzen da, gogoak sosegurik ez duenean.

        Adio, adiskide maite eta duina. Zorionekoa zu nik begien aurrean etengabe dudan ikuskari tristetik urrundua zarelako.

Parisen, 17**ko abenduaren 6an.

 

 

CLXI. GUTUNA

TOURVEL LEHENDAKARIAREN EMAZTEAK ...RI

(Hark diktatua eta haren gelariak izkiriatua)

 

        Izaki krudel eta gaiztoa, sekula ez haiz niri esesteaz nekatuko? Ni oinazetu, beheititu, doilortu izana ez ote duk aski, hilobiko bakea ere nahi didak kendu? Zer! Itsuskeriak neure burua ehorztera behartu nauen egoitza ilunbetsu honetan, atsekabeak pausurik gabeak ote, esperantza ezezaguna ote? Ez dut galdatzen merezi ez dudan barkamenik: kexurik gabe sofritzeko, aski duket sofrimenduek nire indarrak ez gainditzea. Ez bihurtu ordea nire sofrikarioak pairagaitz. Oinazetan uzten naualarik, edeki iezadak ontasun galduen oroitzapen krudela. Kendu baitizkidak, ez nire begien aurrean berriz irudika haien irudi hondoragarria. Lañoa ninduan eta lasai bizi ninduan: hi ikustearekin lasaitasuna galdu nian; hiri aditzearekin gaizkile ninduan bihurtu. Nire hutsegiteen hutsegilea haizen hori, ba ote duk hutsegiteok zigortzeko eskubiderik?

        Non dituk maite ninduten adiskideak, non? Nire zorigaitzak aienatu dizkik. Ezein ere ez duk ausartzen nigana hurbiltzera. Hertsatua nauk, eta laguntzarik gabe uzten naitek! Hiltzen ari nauk, eta nehor ez duk ari nigatik negarrez. Kontsolamendu oro ukatua zaidak. Urrikia baratua duk gaizkilea amiltzen ari den leizearen ertzetan. Kontzientziaren ausikiek urratua zeukatek, eta haren oihuak ez dituk entzunak!

        Eta hi, laidotu haudan hori; hik, hire estimuaz oinazeak areagotzen dizkidaana; finean mendekatzeko eskubidea atxikia daukaan bakarra, zer ari haiz nigandik urrun? Hator emakume desleial bat zigortzera. Sofri ditzadan behingoz merezi ditudan hildurak. Hire mendekura makurtua nindukek jadanik: ez diat ordea neure ahalkea hiri aitortzeko kuraiarik izan. Ez hain zuzen itzalgaizka ibiltzeagatik, errespetuagatik baizik. Gutun honek emanen ahal dik bederen nire damuaren berri! Zeruak bere gomendio hartu dik hire auzia: hura ari duk hik ezagutu ez duan laido batez mendekatzen. Hark trabatu zidak mihia eta neurtarazi zizkidak hitzak; zigortu nahi zuen hutsegite bat hik barkatuko ote hidaan beldurrez baitzen. Hark itzurarazi naik hire bihozberatasunetik, haren justiziari min emanen ziolakoan.

        Mendekari bihozgabea baita, galdu nauenaren beraren peko utzi naik. Harentzat eta harengatik ari nauk aldi berean sofritzen. Harengandik nahi diat ihes egin, alferretan, jarraika ari zaidak; hor zagok; etengabe hertsatzen naik. Baina hain duk bere buruaren desberdin! Haren begiek ez ditek jadanik herra eta erdeinua baizik adierazten. Haren ahoak ez dik iraina eta erasia baizik erraten. Haren besoek ni urratzeko baizik ez naitek inguratzen. Nork salbatuko naik haren sumin basatik?

        Zer ordea? Hura duk... Ez nauk tronpatzen; huraxe duk berriz ikusten ari naizena. O! Adiskide atsegina! Har nazak heure besoetan; gorde nazak heure altzoan: bai, hi haiz, egiazki hi haiz! Zein lilura galgarriren kariaz ez ote haut ezagutu? Zenbatez ere sofritu dudan hire ausentzian! Elkarrengandik ez gaitezen gehiago bereiz, sekula ez gaitezen bereiz! Utz nazak hats hartzen. Senti ezak nire bihotza, nola ari den taupadaka! O! Ez jadanik beldurrez, amodioaren zirrara eztiaz baizik. Zergatik errefusatzen dituk nire fereku amoltsuak? Bihur niganantz heure behako eztiak! Zeintzuk dira haustera entseiatua haizen lotura horiek? Norentzat ari haiz heriozko tresna hori prestatzen? Nork alda litzake halatan hire hazpegiak? Zer ari haiz? Utz nazak: dardaraka ari nauk! Jainkoa! Mustro hori berriz! Adiskideok, ez ni abandona. Hari ihes egitera gonbidatzen ninduzuenok, lagundu hura gudukatzen; eta zu, bihozberagoa baitzara, neure oinazeak gutxituko zenizkidala hitz ematen zenidan horrek, zatoz bada nire ondora. Non zaudete zuek biok? Baldin zuek berriz ikustea ez bazait zilegi, erantzun bederen gutun honi; jakin dezadan maite nauzuela oraino.

        Utz nazak bada, krudel horrek! Bertze zein suminek akuilatzen hau? Beldurrez hago sentimendu ezti bat arimaraino barneratuko ote zaidan? Oinazeak areagotzen dizkidak: hiri herra izatera behartzen nauk. O! Zeinen dolugarria den herra! Nola herdoiltzen duen bihotz herratsua! Zergatik esesten didazu? Ba ote duzu oraino deusik niri errateko? Ez ote nauzu ezindu, hala zuri aditzeko, nola zuri ihardesteko? Ez deusik iguriki nigandik. Adio, jauna.

Parisen, 17**ko abenduaren 5ean.

 

 

CLXII. GUTUNA

DANCENY ZALDUNAK VALMONTEKO BIZKONDEARI

 

        Jakina naiz, jauna, nirekin izan duzun jokabidea nolakoa izan den. Badakit halaber ezen, ni itsuski engainatu izana ez askietsirik, beldurrik ez duzula karia horretara harrotzeko, zeure buruaz arras bozkariatzeko. Ikusi dut zure saldukeriaren froga, zure eskuz izkiriatua. Aitor dizut bihotza hautsi didala, eta ahalke poxi bat ere sentitu dudala zure gehiegikeria higuingarri horretan nihaurk, zuri itsuki fidaturik, horrenbertze lagundu izanaz; ez nago haatik abantaila ahalkegarri horren bekaitzez: soil-soilik nago abantaila hori nire gainean osoki atxikiko duzun jakiteko irrikan. Jakinen dut baldin, igurikitzen dudan bezala, bihar, goizeko zortzi orenen eta bederatzi orenen artean, Vincennes basoaren atean, Saint-Mandéko herrian, agertuko bazina. Ni arduratuko naiz zugandik hartu behar ditudan argitasunetarako behar den guztia han prestaturik izateaz.

        DANCENY ZALDUNA

Parisen, 17**ko abenduaren 6an, gauean.

 

 

CLXIII. GUTUNA

BERTRAND JAUNAK ROSEMONDE ANDREARI

 

        ANDREA,

        Damuz beterik betetzen dut ankerki goibelduko zaituen berri bat zuri emateko eginkizun tristea. Lehenik otoi arren makur zaitez batbederak zugan hain sarri miretsi izan duen eraman handi errukitsura, hura baita geure ondikozko bizitzan erein ditugun nahigabeak jasanarazten dizkigun bakarra.

        Zure iloba jaunak... Ala Jainkoa! Honenbertzeraino behar ote dut dama arras agurgarri bat atsekabetu! Ondikotz zure iloba jaunak fin gaitz egin du Danceny jaun zaldunarekin gaur goizean buruz buru egin guduan. Fitsik ere ez dakit haien arteko liskarbideaz: baina iduri du jaun bizkondearen sakelan kausitu eta ohorez igortzen dizudan txartelaren arabera, iduri du, diot, ez dela bera izan jazarlea. Eta zeruak nahi izan du hark egin zezan fin gaitz!

        Jaun bizkondearen etxean nengoen haren zain, bere egoitzara ekarri duten orenean berean. Egizu kontu nola laztu naizen, ikusirik haren bi sehik zekartela zure iloba jauna, gorputz osoa odoletan blai. Bi ezpata ukaldi zituen gorputzean, eta arrunt ahuldua zekarten jadanik. Danceny jauna ere han zen, negarrez hura ere. Ah! Dudarik gabe, negar egin beharko du: alferrik du ordea negar malkoak isurtzea, egin duen gaitzak dagoeneko erremediorik ez duenean.

        Nitaz den bezanbatean, ez nengoen neure buruaren jabe; eta naizen gutxia naizela ere, jakinarazi diot hargatik neure pentsaera. Baina horra non jaun bizkondea zin-zinez handi agertu den. Isiltzeko manatu dit; eta heldu dio eskua bere hiltzaile zuen gizon hari berari, adiskide deitu dio, besarkatu du gu guztion aurrean, eta erran digu: «Manatzen dizuet izan dezazuen jaun honentzat gizon galai eta bipilari zor zaizkion begirune guztiak.» Emanarazi dio orobat, nire aitzinean, paper sorta aski lodi bat, nik ezagutzen ez nuena, nahiz jakin badakidan garrantzi handikoa zela harentzat. Nahi izan du gero utz genitzan une batez bakarrik. Bitartean sehiak berehala nituen igorriak arimako zein gorputzeko laguntza bila: baina, ondikotz! gaitzak ez zuen erremediorik. Oren erdi baino gutxiago barru, galdua zuen jaun bizkondeak konortea. Oliadura baizik ezin izan du hartu; eta zeremonia doi-doia finiturik azken hatsa eman du.

        Jainko Jauna! Jaio berritan hartu nuelarik neure besoetan etxe txit goren bateko berme eder hura, aldez aurretik ikus ahal nezakeen neure besoetan zenduko zela, eta haren heriotza beharko nuela deitoratu? Heriotza hain goiztiar eta hain ondikozkoa! Negar malkoak gogoz kontra zaizkit isurtzen; barkamena eskatzen dizut, andrea, nire oinazeak zureekin gisa horretan nahastera ausartzeagatik: baina egoera nolakoa izan, bihotza eta sentikortasuna izaten baita halakoa; eta arras eskergabea nintzateke, ez banu bizitza osoan auhendatuko nigana hainbertze ontasun izan dituen eta bere fidantzia osoaz ohoratu izan nauen nagusia.

        Bihar, hilotza eraman ondoren, oro zigilaraziko dut; ardura guztiak nire gain uzten ahal dituzu. Jakitun zaude, andrea, ezen zorigaiztoko gertakari horrekin ordaingoa finitua dela, eta zeure deliberoak halatan libro har ditzakezula. Zernahitan lagun ahal badiezazuket, mezutu otoi arren zeure manuak: arretaz eta arduraz zehatz beteko baititut.

        Errespeturik handienaz naiz, andrea, zure zerbitzaririk apalena, etab.

        BERTRAND

Parisen, 17**ko abenduaren 7an.

 

 

CLXIV. GUTUNA

ROSEMONDE ANDREAK BERTRAND JAUNARI

 

        Orain berean hartu dut zure gutuna, Bertrand maitea, eta hark jakinarazi dit neure iloba dohakabeari kalte eragin dion gertakari lazgarria. Bai, dudarik gabe izanen dut manurik zuri emateko; eta soilik haiengatik ardura ahal naiteke nire bihozmin heriogarria ez den bertze zerbaitez.

        Igorri didazun Danceny jaunaren txartelak argi eta garbi frogatzen du borroka hark sortua izan dela, eta nire xedea da auzitara eraman dezazun berehala, eta nire izenean. Bere etsaiari, bere hiltzaileari barkaturik, nire ilobak amore eman ahal izan dio bere eskuzabaltasun naturalari; nik ordea aldi berean behar ditut mendekatu haren heriotza, gizadia eta erlijioa. Ez dugu legeen zorroztasuna nehoiz aski akuilatuko oraino gure azturak usteltzen dituen basakeria hondar horren kontra; eta ez dut uste kasu honetan laidoen barkamena manatua zaigunik. Igurikitzen dut beraz afera hau segituko duzula gai zarela badakidan eta nire ilobaren oroitzapenari zor diozun lehia eta bizkortasun guztiaz.

        Har ezazu, lehen lehenik, ***ko jaun lehendakaria nire izenean ikustera joateko ardura, eta mintza zakizkio. Ez diot izkiriatuko, neure oinazeari guztiz amore emateko presatua bainaiz. Desenkusa zaitez nire izenean eta emaiozu gutun honen berri.

        Adio, Bertrand maitea; goresmenak zuri eta eskerrak zure onberatasunagatik, zuri nago bizitza osoko.

...ko gaztelutik, 17**ko abenduaren 8an.

 

 

CLXV. GUTUNA

VOLANGES ANDREAK ROSEMONDE ANDREARI

 

        Badakit jakitun zaudela, adiskide maite eta duina, egin berri duzun galeraz; ezagutzen nuen Valmont jaunari diozun amoltsutasuna, eta zinez neure egiten dut zuk orain sentitu behar duzun atsekabea. Arras doluturik naiz zu dagoeneko sentitzen ari zaren nahigabeei bertze bat gehiago gehitu beharraz: baina ondikotz! gure adiskide dohakabeari malkoak baizik ez diezazkiokezu jadanik eskain. Galdua dugu, atzo, gaueko hamaika orenetan. Haren halabeharrari lotua zaion eta iduriz gizonen zuhurtzia orori trufa egiten dion zoriaz, Valmont jauna hilez geroztik hark bizirik iraun duen bitarte labur hori aski izan du haren heriotzaren berri jakiteko; eta, gure adiskideak berak erran duen bezala, haren maluren zama azpian fin gaitz ez egin ahal izateko orobat harik eta maluren neurria mukurutua zen arte.

        Jakina zara, alabaina, azken bi egunak guztiz kordea galdurik eman zituela; eta atzo goizean berean ere, medikua heldu zenean, eta haren ohera hurbildu ginelarik, ez gintuen ezagutu ez bata ez bertzea, eta harengandik ez genuen erdietsi ahal izan ez elerik, ez imintziorik den mendrena ere. Hots bada! Supazterrera bildu ginen orduko, eta medikuak Valmont jaunaren heriotzaren gertakari tristea jakinarazten zidan bitartean, emakume dohakabe horri kordea berriz etorri zitzaion, dela iraultza hori naturak soilik sortu zuelako, dela Valmont jauna eta heriotza hitzen errepikazioen eraginez, oroitarazi ahal izan baitizkiote eriari aspaldi honetan buruan zerabiltzan ideia bakarrak.

        Zernahi ere den, oheko oihalak itsumustuan ireki zituen eta oihukatu zuen: «Zer! Zer diozu? Valmont jauna hil dea?» Tronpatua zela sinetsaraziko niola uste izan nuen, eta gaizki aditu zuela segurtatu nion hasieran: baina gisa horretan bildua izatetik urrun, medikuari hertsiki galdetu zion has zezala berriz kontakizun krudel hura; eta asmo hura hari kentzera entseiatu nahi izan nintzenez, deitu ninduen eta ahapetik erran zidan: «Zergatik nahi nauzu engainatu? Niretzat ez ote zen dagoeneko hila?» Amore eman behar izan genuen beraz.

        Gure adiskide dohakabeak itxura aski lasaiaz entzun zuen hasieran, baina berehala, medikuari solasa eten zion, erranez: «Aski, aski dut.» Oheko oihalak herstea eskatu zuen berehala eta medikuak eman nahi izan zizkiolarik orduan haren egoerari dagozkion artak, hurbiltzera ere ez zion utzi.

        Medikua jalgi zen orduko, bidali zituen gisa berean begiraleak eta gelaria; eta bakarrik gelditu ginenean, ohean belauniko jartzen lagun niezaiola eta euts niezaiola otoiztu ninduen. Isilik eman zuen zerbait denbora, eta ez zuen bertze keinurik egin, sarri isurtzen zitzaizkion malkoez bertzalde. Azkenean, eskuak bilduz eta zerura buruz igoz, boz ahul baina kartsuz erran zuen: «Jainko ahalguztiduna, men dagiot zeure justiziari: barkatu ordea Valmonti. Nire malurak, merezi ditudala aitortzen dudan arren, ez dakizkion liskarbide gerta, eta zure miserikordia dut bedeinkatuko!» Zilegi izan bekit, adiskide maite eta duina, oinazeak areagotu eta larrituko dizkizula badakidan sujet horrez xehetasunetan sartzea, zeren eta ez baitut dudarik egiten Tourvel andrearen otoitz horrek ez duenik haatik kontsolamendu handia ekarriko zure arimara.

        Ele bakan horiek erran ondoren, gure adiskidea berriz erori zen nire besoetara; eta ohean berriz etzan zen orduko, horra non ahuleziak jo zuen, luzaz jo ere, baina ohiko sendabideei amore eman zion haatik. Kordea etorri zitzaion orduko, galdegin zidan igor nezala norbait aita Anselmeren bila, eta erran zuen gero: «Hura dut orain behar dudan mediku bakarra; badakit nahigabeak aurki bukatuko zaizkidala.» Kexu zen arras hertsatua zelako, eta nekez hitz egin zezakeen.

        Handik gutxira, emanarazi zidan kutxa txiki bat gelariaren bitartez, zeina igortzen baitizut, zeinak hark erran didanez haren paperak omen ditu gordeak, eta zeina manatu baitit hilik den orduko berehala zuri helaraztea. Mintzatu zitzaidan gero zutaz eta hari diozun adiskidantzaz, egoerak uzten zion heinean, eta arras hunkiturik.

        Aita Anselme lau orenen inguruan heldu zen, eta ordu bete inguru eman zuen Tourvel andrearekin bakarka. Sartu ginelarik, eriaren begitartea lasai eta bare zegoen: baina aise ikus zitekeen aita Anselme anitz negar egina zela. Elizako azken zeremoniarako gelditu zen. Ikuskari hori, hain baita betiere hunkigarria eta dolugarria, are hunkigarriagoa eta dolugarriagoa bihurtua zuen eriaren eraman handi lasaiaren eta negarrez urturik haren ondoan zegoen kofesor agurgarriaren oinaze sakonaren arteko alde nabarmenak. Zirrara handia hartu genuen guztiok; eta mundu guztiak negartzen zuen huraxe izan zen negar egin ez zuen bakarra.

        Gainerakoan eguna ohiko otoitzetan eman genuen, soil-soilik eriaren ahulezia sarritakoak etenik. Azkenik, gaueko hamaika orenen inguruan, Tourvel andrea hertsatuago eta larriago zegoela iruditu zitzaidan. Eskua luzatu nuen haren besoaren bila; nire eskua hartzeko adina indar izan zuen oraino, eta bere bihotzaren gainean ezarri zuen. Taupadarik ez nuen jadanik sumatzen; eta izan ere, gure adiskide dohakabea une hartan berean zendu zen.

        Oroitzen duzu, adiskide maitea, ez du oraindik urte bat, gure etxean azkenekoz egin zenuen egonaldian, elkarrekin solasean ari ginelarik gure irudiko zoriona hein batean ziurtatua zuten zenbait presunez, nola gogobeterik ohartu gintzaizkion egun malurak eta heriotza aldi berean deitoratzen dizkiogun emakume horren beraren asturuari? Hainbertze bertute, dohain goresgarri eta atsegintasun; izaera hain ezti eta hain xumea; oso maite zuen senar bat, hark ere biziki maite zuena; lagunarte bat hari arras laket zitzaiona, eta hura halaber ezin maiteago zuena; edertasuna, gaztetasuna eta fortuna; abantaila horiek guztiak zuhurtziagabekeria bakar batez galduak! O, probidentzia! Zure nahiak behar dira dudarik gabe bete; zenbatez ere diren ordea ulertezinak! Baratzen naiz, zure tristura gehitu beldur naiz, nireari amore emanez.

        Uzten zaitut eta banoa neure alaba ikustera, alditxartuxe da eta. Gaur goizean jakin duelarik nigandik bi presuna ezagunen heriotza hain goiztiarra, ondoezak jo du, eta oherarazi dut. Nago haatik ezbehar arin horrek ez duela segidarik izanen. Adin horretan, ez da oraino atsekaberik hartzeko ohiturarik izaten, eta biziagoa eta bortitzagoa izaten da atsekabeen zirrara. Sentikortasun bizi hori dohain goresgarria da dudarik gabe; baina egunoro ikusten dugun guztiak zenbatez ere irakasten digun dohain horri beldur izaten! Adio, adiskide maite eta duina.

Parisen, 17**ko abenduaren 9an.

 

 

CLXVI. GUTUNA

BERTRAND JAUNAK ROSEMONDE ANDREARI

 

        ANDREA,

        Ohore handiz mezutu dizkidazun manuen ondorioz, ***ko jaun lehendakaria ikustera joateko ohorea izan dut, eta zure gutunaren berri eman diot, bai aldez aurretik gaztigatu ere ezen, zure nahiak betez, deusik ere ez dudala eginen haren kontseiluz ez bada. Legegizon agurgarri horrek gaztigatu dit ohartaraz diezazudala ezen Danceny jaun zaldunaren kontra ezartzeko asmoz zabiltzan salaketa horrek gisa berean konprometatuko lukeela zure iloba jaunaren omena, eta auzitegiaren erabakiak halabeharrez beztuko lukeela orobat haren ohorea, malura handia litzatekeena dudarik gabe. Haren iritzian, ongi begiratu behar zara beraz ezein urrats egitetik; eta urratsik eginez gero, egin behar lirateke aitzitik sobera eskandalu sortua duen zorigaiztoko abentura horren berri aginteak jakin ez dezan saiatzeko.

        Ohar horiek zuhurtziaz beteak iruditu zaizkit, eta deliberatu dut zure manu berrien zain egotea.

        Erregutzen dizut otoi arren, andrea, manu horiek jakinaraztearekin batera, igor diezadazun ele bat zeure osagarriaren egoeraz, arrunt izutua bainaukate hainbertze atsekabek eragin liezazkiokeen ondorio tristeek. Barkatuko ahal didazu nire atxikimenduari eta eginahalari zor zaion libertate hori!

        Errespetuz naiz, andrea, zure, etab.

Parisen, 17**ko abenduaren 10ean.

 

 

CLXVII. GUTUNA

GUTUN IZENGABEA DANCENY JAUN ZALDUNARI

 

        JAUNA,

        Ohore handiz gaztigatzen dizut ezen gaur goizean, auzitegian, jaun akusatzaileak Valmonteko jaun bizkondearekin azken egun hauetan izan duzun aferaz mintzatu direla, eta beldur izatekoa dela berebat agintariek ez ote zaituzten auzitara eramanen. Iruditu zait gaztigu hau baliagarri izan zekizukeela, dela babesa har ahal izan dezazun, ondorio gogaikarri horiek baratzeko; dela, babesik erdietsi ezean, zuhauren segurantza berma ahal izan dezazun.

        Baldin uzten badidazu zuri kontseilu bat ematen, uste dut hobe duzula jendaurrean duela egun batzuk hona agertu izan zaren baino gutxiago agertzea bolada batean. Nahiz gisa horretako aferak jendeek bihozberatasunez hartzen dituzten, legeari haatik errespetua zor zaio beti.

        Zuhurtziazko izari hori hanbatenaz da beharrezkoagoa, non jakina bainaiz Rosemonde delako andre batek, zeina erran didatenez Valmont jaunaren izeba baita, auzia jarri nahi omen dizula; eta orduan ez liokete akusatzaileek emakume horri auzi galde hori ukatzen ahalko. Komenigarria litzaizuke agian andre horrekin mintzatu ahal izatea.

        Arrazoi partikularren karietara ez dezaket gutun hau sina. Baina uste osoan naiz ezen, nork igortzen dizun ez jakinagatik, gutun hau diktatu duen sentimendua hargatik aintzat duzula hartuko.

        Ohorez bainaiz, etab.

Parisen, 17**ko abenduaren 10ean.

 

 

CLXVIII. GUTUNA

VOLANGES ANDREAK ROSEMONDE ANDREARI

 

        Erran-merran aski bitxi eta higuingarriak ari dira hemen barreiatzen, adiskide maite eta duina, Merteuil andrearen bizkar. Hain segur, ez ditut urrundanik ere sinesten, eta egingo nuke gezur beltz izugarri bat baizik ez direla: sobera dakit ordea gaiztakeriak, baita egiantzekotasun handirik ez dutenak ere, zenbatez indartzen eta bizkortzen diren, eta zenbatez ere den orobat ezabagaitz uzten duten zirrara; beraz honako hauek arras kezkatzen naute, nahiz aise suntsitzen ahal direla iruditzen zaidan. Nahi nuke, oroz gainetik, tenorez eta gehiago barreiatu baino lehen baratuak izan ahal daitezen. Baina ez nuen atzo arte jakin, beranduegi alabaina, hedatzen hasi baizik ez diren izugarrikeria horien berri; eta gaur goizean igorri dudalarik sehi bat Merteuil andrearen etxera, hura landaldera partitu berri zen bi eguneko egonaldi bat egitera. Ez didate erran ahal izan noren etxera joana den. Ordezko gelariak erran didanez, nirekin mintzatzera etorrarazi baitut, bere etxekoandreak soilik eman dio hurrengo ortzegunean haren zain egoteko manua; eta hemen utzi dituen sehietarik ezeinek ez zekien gehiagorik. Nihaurk ere ez dut sumatzen Merteuil andrea non egon daitekeen; ez naiz oroitzen landaldean hain berandu gelditzen den haren ezein ezagunez.

        Zernahi ere den, zuk ematen ahalko didazu, hala igurikitzen dut, baliagarria izan ahal dakion argitasunik, hura etorri bitartean, zeren eta kontu ikaragarri horiek Valmont jaunaren heriotzaren zernolakoetan funtsatuak baitira, eta baldin egia badira, zu ustez jakitun egonen zara, edo bederen aise galdatzen ahalko duzu haien berri, eta hori egin dezazun dizut otoi arren eskatzen. Horra beraz zertan diren argitara eman dituzten horiek, edo, hobeki erran, oraingoz behintzat murmurikatzen hasi baizik ez baina segurki luze gabe eskandalu handia sortuko duten horiek.

        Valmont jaunak eta Danceny zaldunak izan zuten liskarra Merteuil andreak sortua omen da beraz, orobat engainatzen baitzituen bi-biak; bi aurkariak halaber lehenik borrokan hasi omen dira, ia beti gertatzen den bezala, eta borroka bukatu arte ez omen dira argibidetan hasi; argibide horiek egiazko adiskidetzea ekarri omen dute; eta Danceny zaldunak osoki ezagut zezan Merteuil andrea, eta bere burua halaber osoki zuri zezan, Valmont jaunak gehitu omen die bere eleei gutun parrasta bat, emakume horrek eta berak egunean-egunean elkarri izkiriatuak zizkioten gutun multzo bat osatzen zutenak, eta non Merteuil andreak kontatzen omen baititu bere buruaz, eta estilorik libroenean, gertaerarik eskandalugarrienak.

        Diote orobat ezen Dancenyk, hasierako suminaldian, eman dizkiola gutun horiek ikusi nahi zituen orori, eta egungo egunean, Parisen barna hedatuak omen direla. Bi gutun badira bereziki aipatuak: batean Merteuil andreak egiten omen du bere bizitzaren eta bere oinarrizko arauen historia, eta izugarrikeriez mukuru betea omen da; bertzeak arras zuritzen omen du Prévan jauna, zeinaren historia oroituko baituzu, zeren frogatzen baitu ez omen zela aitzitik Merteuil andrearen aitzinamendu nabarmenei makurtu baizik egin, eta elkar ikuste hura harekin adostua omen zuela.

        Zorionez baditut arrazoi arras bortitzak salaketa horiek gezurrezkoak bezain higuingarriak direla uste izateko. Hasteko, guk biok badakigu Valmont jauna ez zela segur aski Merteuil andreaz arduratua, eta guztiz ere sinestekoa da Danceny ez zela emakume horrez hura baino arduratuago; halatan, aski frogatua iruditzen zait Merteuil andrea ezin izan daitekeela ez liskar horren kausa, ezta eragilea ere. Ez dut halaber ulertzen Merteuil andreak zein interes izan zezakeen, Prévan jauna eta bera ustez elkar adituak baitziren, sortu behar zuen eskandaluagatik beragatik gogaikarria baizik ezin izan zitekeen gertaldi bat eragitera, eta berarentzat oso arriskutsua gerta ahal zitekeena, gisa horretan ezin adiskidetuzko arerio bat eginen baitzuen, bere sekretuaren zati baten jakinaren gainean zegoen gizon bat hain zuzen, aldi hartan jarraitzaile asko zituena. Hala ere, ohartarazi behar da nola, abentura horrez geroztik, Prévanen alde ez den aditu hitzik, eta nola hark ezein erreklamaziorik ez duen orobat egin.

        Gogoeta horiek ninderamateke egun barreiatuak diren erran-merranak hark sortuak direla susmatzera, eta uste izatera orobat belzkeria horiek bere burua galdutzat duen eta bide horrez bederen dudak sorraraztea eta agian libertimendu baliagarri bat sortzea igurikitzen duen gizon baten herrak eta mendekuak asmatuak direla. Baina gaiztakeria horiek nondik ere baitatoz, suntsitzea da orain premiazkoena. Bere kabuz desagertuko lirateke, baldin, uste izatekoa den bezala, Valmont eta Danceny jaunak beren afera zorigaiztokoaren ondoren elkarrekin mintzatu izan ez balira, eta batak bertzeari ezein paperik eman izan ez balio.

        Egintza horiek ziurtatzeko ezinegonak bultzaturik, sehi bat igorri dut gaur goizean Danceny jaunaren etxera; Parisetik kanpo da hura ere. Haren sehiek nire mirabeari erran diotenez, bart gauean partitua da, atzo hartu zuen gaztigu baten karietara, eta ezin jakin omen daiteke non finkatua den. Bere aferaren ondorioen beldur bide da. Beraz zugandik baizik ez ditzaket jakin, adiskide maite eta duina, interesatzen zaizkidan xehetasun horiek, Merteuil andreari guztiz ere premiazkoak gerta dakizkiokeenak. Bihoakizu berriz ahalik lasterrena helaraziko dizkidazulako erregua.

        P.S.— Nire alabaren ondoezak ez du ezein segidarik izan; goraintziak haren partetik.

Parisen, 17**ko abenduaren 11n.

 

 

CLXIX. GUTUNA

DANCENY ZALDUNAK ROSEMONDE ANDREARI

 

        ANDREA,

        Aski bitxia irudituko zaizu agian gaur egiten ari naizen urratsa: baina, otoi arren, jujatu baino lehen entzun iezadazu, eta ez ezazu ez ausardiarik ez ausarkeriarik ikus errespetua eta fidantzia baizik ez den lekuan. Ez dizkiot neure buruari ezkutatzen zuri egin dizkizudan hutsegiteak; eta ez nioke neure buruari sekula barkatuko zuk une batez pentsa ahal izan zenezan hutsegiteok saihestu ahal izan nituela. Zin-zinez sinets nazazu halaber, andrea, ezen erantzukietarik salbuetsia naizen arren, ez naizela damuetarik salbuetsia; eta egiaz eta benaz halaber erran dezaket ezen sortu dizkizudan atsekabe horiek zerikusi handia dutela ni sentitzen ari naizenekin. Zuri seguratzera ausartu naizen sentimendu horiek sinesteko, aski izan behar zenuke zeure buruarekin bidezko izatea, eta jakitea orobat ezen, nahiz zuk ni ezagutzeko ohorea ez dudan, nik badudala haatik zu ezagutzekoa.

        Hargatik, zure xangrinak eta nire malurak eragin dituen asturugaitza auhendatzen ari naizelarik, nahi naute beldurrarazi ari omen zarelako, zure mendeku goseari osoki emana, hura asetzeko bitartekoen bila, are legeen zorroztasunean ere.

        Utz nazazu lehenik sujet horrez den bezanbatean zuri ohartarazten ezen zeure oinazeak nahasirik zauzkala, zeren puntu horri buruz dudan interesa Valmont jaunarenari hertsiki lotua baita, eta hura ere tarteko gertatuko bailitzateke zuk nire kontra sorrarazia zenukeen kondenazioan. Uste dut bada, andrea, zure partetik iguriki ahal nezakeela laguntzarik jasotzea trabak kausitzea bainoago, zorigaiztoko gertakari hori isiltasunean bildua geldi dadin hartzera behartua egon nintekeen deliberoetan.

        Baina kidegoaz halatan baliatu nahi izana, errudunari eta errugabeari berdin komeni zaiona, nire begiruneak ez dezake askiets: auzilari gisa zu nahirik baztertu, jujetzat zaitut hartzen. Errespetatzen ditugun presunen estimua sobera baliosa da eta ez dut beraz defendatu gabe zurea ken diezadaten utziko, eta eduki uste ditut defendatzeko baliabideak.

        Alabaina, baldin onartzen baduzu mendekua zilegia dela, hobeki erran, amodioan, adiskidantzan eta, batez ere, fidantzian traditua izan denari mendekua zor zaiola; baldin hori onartzen baduzu, nire hutsegiteak desagertuak dirateke zuretzat. Ez sinetsi nire hitzak, irakur ezazu ordea, kuraia baldin baduzu, zure eskuetan ezartzen dudan gutun multzoa. Jatorrizko gutunak hain dira ugariak non ustez pentsa bailiteke kopiatuak baizik ez direnak egiazkoak direla. Bertzenaz, paper horiek, ohorez zuri igortzen dizkizudanak bezala, Valmont jaunagandik beragandik hartu nituen. Ez dut fitsik gehitu, eta ez ditut neuretu argitaratzea bidezko iruditu zaizkidan bi gutun baizik.

        Bata beharrezkoa zen nire eta Valmont jaunaren mendeku komuna asetzeko; biok baikenuen mendekatzeko eskubidea, eta hark berariaz eman baitzidan ardura hori. Horrez gainera, uste izan dut gizarteari zerbitzu egitea zela den bezala agerraraztea Merteuil andrea izatez den bezain emakume zinez arriskutsu bat, hura baita, ikusi ahal izanen duzun bezala, Valmont jaunaren eta nire artean gertatu den guztiaren benetako kausa, kausa bakarra.

        Halaber bidezkotasunezko sentimendu batek eraman nau bigarrena argitaratzera kasik ezagutzen ez dudan Prévan jaunaren jokabidea zuritzeko, ez baitzuen nehola ere merezi jasan berri duen tratamendu zorrotza, ezta jendeen jujamenduen zorroztasuna ere, askoz beldurgarriagoa dena, eta harrezkero Prévan jauna haren peko auhenka eduki duena, bere burua defendatzeko deusik izan gabe.

        Ez duzu beraz bi gutun horien kopia baizik kausituko, jatorrizko gutunak nik gorde behar baititut. Gainerako guztiaz den bezanbatean, ez dut uste esku seguragoetan jar nezakeenik suntsitua ez izatea agian axola zaidan baina neurriz gain baliatzeak ahalke gorrituko nindukeen gordailurik. Paper horiek zure gomendio utzirik, uste dut, andrea, gutun horietan zerikusia duten presunak zerbitzen ditudala paper horiek presuna horiei berei emanez bezain ongi; eta begiratzen ditut orobat nigandik jasotzeak eta dudarik gabe ororentzat isilean gorde nahiko dituzten abenturen berri badudala jakiteak sor liezaiekeen asaldutik.

        Sujet horren karietara uste dut gaztigatu behar dizudala ezen gutun honi atxikia doan gutun bilduma askoz bilduma lodiago baten parte bat baizik ez dela, Valmont jaunak nire aurrean aterea, eta zigiluak kendu ondoren zuk kausituko duzuna nihaurk ikusi dudan honako izenburuaz: Merteuileko markesak eta Valmonteko bizkondeak elkarri kitatu gabekoak. Horri buruz har ezazu zeure zuhurtziak kontseilatuko dizun xedea.

        Errespetuz naiz, andrea, etab.

        P.S.— Eman dizkidaten iritzi batzuek, eta nire adiskideen kontseiluek, Parisetik bolada batez lekutzeko deliberoa harrarazi didate: baina nire bazterraldiaren lekua, mundu guztiarentzat sekretuan gordea izan dena, zuretzat ez da sekretua izanen. Baldin erantzun batez ohoratzen banauzu, erantzun hori otoi arren igor ezazu ...ko komandante egoitzara, P...ren bidez, eta ***ko komandantearen izena kartazalean ezar. Haren etxetik baitizut ohore handiz izkiriatzen.

Parisen, 17**ko abenduaren 12an.

 

 

CLXX. GUTUNA

VOLANGES ANDREAK ROSEMONDE ANDREARI

 

        Ustekabetik ustekabera, eta nahigabetik nahigabera nabil, adiskide maitea. Ama behar da izan atzo goiz osoan zenbat sofritu nuen jakin ahal izateko; eta nire kezkarik krudelenak geroztik ematuak izan diren arren, badut oraino bihozmin handi bat, noiz bukatuko den aldez aurretik ikus ez dezakedana.

        Atzo, goizeko hamar orenen inguruan, alaba oraino ez ikusi izanaz harritua, neure gelaria igorri nuen berandutze hori zergatik izan zitekeen jakitera. Berehala etorri zen ikara bizian, eta are ikaratu ninduen ni, nire alaba bere gelan ez zela niri iragarririk; eta orobat erranez haren gelariak ez zuela egunsentiaz geroztik nehon kausitu. Egizu kontu nolako egoeran nintzen! Sehi guztiak etorrarazi nituen, eta batez ere atezaina: denek zin egin zidaten deus ez zekitela eta ezin deusik erran ziezadaketela gertakari horrez. Alabaren gelara joan nintzen berehala. Hango nahaspilak jakinarazi zidan neure alaba ustez ez zela goizean goiz arte jalgi: baina horretaz bertzalde ez nuen ezein argitasunik han kausitu. Miatu nituen haren armairuak, miatu nuen haren idazmahaia; oro bere lekuan aurkitu nuen, baita haren soineko guztiak ere, kalera joateko jantzi zuen gona salbu. Ez zuen gelan zeukan diru poxia ere hartu.

        Nola atzo arte ez baitzuen jakin Merteuil andreaz erraten ari diren guztia, eta hari hain dio atxikimendu handia, non afalondo osoan ez baitu negarra baizik egin; nola gogoan bainuen halaber ezen nire alabak ez zekiela Merteuil andrea landaldean zenik, bururatu zitzaidan lehen gauza izan zen bere adiskidea ikusi nahi izan zuela, eta ergelki bakarrik joana zela. Baina denboraren iragaitean nire alaba ez etorri izanak kezka guztiak berretu zizkidan. Unetik unera are nahigabetuago nintzen, eta jakinminez irrika bizian nintzen arren, ez nintzen ausartzen ezein albisteren galdea egitera, gero agian mundu guztiari gorde ahal izan nahiko nion urratsa eskandalubide gerta zedin beldurrez. Ez, bizitza osoan ez dut hainbertze sofritu!

        Azkenik, bi orenak jo zutelarik, nire alabaren gutun bat eta ...ko komentuko mojaburuaren bertze gutun bat aldi berean hartu nituen. Nire alabaren gutunak soil-soilik zioen moja sartzeko zuen bokazioari gogor eginen niolako beldurra izan zuela, eta ez zela bokazio hori niri jakinaraztera ausartu: gainerakoak desenkusak baizik ez ziren xede hura nire baimenik gabe hartu zuelako, eta orobat zioen ez nuela segurki xede hura gaitzetsiko, baldin haren arrazoiak jakin banitza, nahiz haatik ziostan ez egiteko arren arrazoi horien galderik.

        Mojaburuak mezutzen zidan ezen neska gazte bat bakarrik heltzen ikusirik, uko egin ziola hasieran hura han hartzeari; baina galdekatu zuelarik, eta nor zen jakinik, uste izan zuela niri zerbitzu egiten zidala, lehen lehenik ostatu emanez nire alabari, bertze ibileratan ibil ez zedin, ustez deliberatua zuen bezala. Mojaburuak, nire alaba nigana berriz ekartzera arrazoi den bezala eskainirik, baldin nik ekar zezala galdatzen banion, gomitatzen ninduen, haren egoerari jarraiki, hark arras deliberatua deitzen dion bokazio bati ez aihertzera; erraten zidan berebat ezin izan zidala lehenago mezutu deusik, asko gosta izan zitzaiolako nire alaba niri izkiriatzera behartzea, haren xedea baitzen nora bazterreratua zen nehork jakin ez zezan. Hain da gauza krudela seme-alaben desarrazoia!

        Berehala joan nintzen komentu horretara; eta mojaburua ikusi ondoren, alaba ikustea galdatu nuen; ondo gostarik baizik ez zen etorri, eta dardara bizian. Mojen aurrean mintzatu nintzaion eta bakarrik nintzaion mintzatu; eta malko anitzen artean atera ahal izan nion gauza bakarra izan zen komentuan baizik ezin zitekeela izan zoriontsua; hartu nuen komentuan gelditzera hari uzteko xedea, baina egon gabe oraino, hark galdatzen zuen bezala, mojagaien mailan. Beldur naiz Tourvel andrearen eta Valmont jaunaren heriotzak ez ote duten eragin biziegia izan buru gazte horretan. Handia izanik ere bokazio erlijiosoari diodan errespetua, ez dezaket nahigaberik gabe, eta are beldurrik gabe, neure alaba erlijioan sartzen ikus. Uste dut aski betebehar badugula dagoeneko, geure buruari betebehar berririk sortu gabe; eta uste dut orobat adin horretan ez dugula jakiten zer komeni zaigun.

        Nire kezka areagotua du Gercourt jaunaren etorrera hurran-hurranak; hain ezkontza abantailatsua beharko dut bada hautsi? Nola egin bada seme-alabak zoriontsu, baldin nahi izatea eta zeregin horretan artoski ahalegintzea ez bada aski? Biziki eskertuko nizuke nire lekuan egonez gero zuk zer eginen zenukeen erranen bazenit; ez dezaket ezein xede hartzea delibera; ez dezaket suma bertzeren asturua erabakitzea baino deus izugarriagorik, eta berdin izutzen nau juje bat bezain zorrotz eta ama bat bezain ahul okasio honetan jokatzea.

        Etengabe egiten diot liskar neure buruari zure malurak gehitu izanaz, nireez zuri mintzaturik; baina ezagutzen dut zure bihotza: bertzeei eman zeniezaiekeen kontsolamendua izanen da zuretzat har zenezakeen kontsolamendurik handiena.

        Adio, adiskide maite eta duina: ezinegonik naukazu zeure bi erantzunen zain.

Parisen, 17**ko abenduaren 13an.

 

 

CLXXI. GUTUNA

ROSEMONDE ANDREAK DANCENY ZALDUNARI

 

        Jakinarazi didazunaren ondoren, jauna, negar egin eta isildu, bertzerik ezin da egin. Batbedera dolutzen da bizirik jarraitzeaz, gisa horretako lazkeriak jakiten dituelarik; ahalke gorritzen da emakume izateaz, horrelako gehiegikeriak egiteko gauza den emakume bat ikusirik.

        Gogo onez onartuko dut, jauna, niri dagokidanez, gertakari triste horiekin zerikusia dukeen eta haiei segida eman diezaiekeen oro isiltasunean eta ahanzturan uztea. Nahi dut orobat gertakari horiek ez diezazuten sekula bertze xangrinik zuri sor, nire ilobaren gainean hartua duzun zorigaiztoko abantailak bere baitan ezin bereizirik dakartzan xangrinez bertzalde. Nire ilobaren hutsegite, nik halabeharrez aitortu behar ditudanak gorabehera, hura galdu izanaz sekula kontsolatuko ez naizela sentitzen dut: baina nire malura eternala izanen da neure buruari zutaz den bezanbatean zilegituko diodan mendeku bakarra; zure bihotzari dagokio mendeku horren hedadura estimatzea.

        Baldin uzten badidazu neure adinean egiten zurean egiten ez den gogoeta bat, erranen dizut ezen batbedera argitua baledi bere egiazko zorionaz, ez lukeela sekula bilatuko legeek eta erlijioak manatu mugez haraindi.

        Egon zaitezke segur fidelki eta gogo onez gordeko dudala zuk fidatu didazun gordailua; egiten dizut ordea gordailu hori nehori ez emateko baimenaren galdea, ezta zuri ere, jauna, non ez zaizun zeure burua zuritzeko beharrezkoa gertatuko. Zilegi izan bekit uste izatea ezen ez diozula erregu horri uko eginen eta dagoeneko ulertuko zenuela batbederak sarri duela auhendatzen mendekurik bidezkoenari ere men egin izana.

        Ez naiz gelditzen zuri galdeak egitetik, uste osoa baitut zure eskuzabaltasunean eta zure adeitasunean; eskuzabaltasun eta adeitasun horren gai litzateke Volanges andereñoaren gutunak ere nire eskuetan jartzea, ustez zuk gorde baitituzu, eta dudarik gabe dagoeneko ez baitzaizkizu interesatzen. Badakit neska gazte horrek hutsegin handiak dituela zure kontra: baina ez dut uste hari zigorra emateko asmorik duzunik; eta zeure buruari zor diozun errespetuagatik ez bada ere, ez duzu horrenbertze maite izan duzun emakumea laidotuko. Ez dut beraz erantsi beharrik ezen alabak merezi ez duen begirunea zor zaiola bederen amari, emakume agurgarri horri, zeinaren aldera ez baitzaude gauza anitz konpontzeko premiarik gabe: zeren azken finean, zein ere baita batbederak bere buruari sorrarazi nahi dion lilura sentimenduz ustez fina izan nahiaren estakuruan, bihotz oraino onest eta laño bat seduzitzera entseiatzen den lehena horregatik beretik bihurtzen da bihotz horren ustelduraren lehen eragilea, eta sekula betiko beharko du izan usteldura horrek dakartzan gehiegikerien eta nahasmenduen erantzulea.

        Ez harritu, jauna, ni zuri hain zorrotz mintzatu izanaz; zorroztasun hori baita zuri dizudan estimu osoaz eman diezazukedan frogarik handiena. Are eskubide gehiago zeureganatuko dituzu oraino, amore emanik, nik nahi bezala, sekretua segurki gordetzeari, zeren sekretu hori argitara ateratzeak zuhauri eginen bailizuke kalte, eta heriotza lekarke zuk dagoeneko zauritua duzun ama baten bihotzera. Azkenik, jauna, zerbitzu hori nahi diot egin neure adiskideari; eta zuk kontsolamendu hori ukatuko bazenit, galdatuko nizuke aldez aurretik gogoeta dezazun ezen hori dela utzi didazun kontsolamendu bakarra.

        Ohorez bainaiz, etab.

...ko gaztelutik, 17**ko abenduaren 15ean.

 

 

CLXXII. GUTUNA

ROSEMONDE ANDREAK VOLANGES ANDREARI

 

        Baldin, adiskide maitea, zuk galdatu dizkidazun argibide Merteuil andreari dagozkionak Parisetik etorrarazi behar izan banitu eta handik etorri zain egon behar izan banu, oraino ezinen nizkizuke eman; eta dudarik gabe, ez nuke dudazko eta ziurtasunik gabeko argibiderik baizik hartuko: heldu zaizkit ordea igurikitzen ez nituen, ezin iguriki nitzakeen argibide batzuk; eta horiek ez dute sobera ziurtasun baizik. O, adiskidea, emakume horrek zenbatez ere zaituen tronpatu!

        Higuin dut lazkeria mukuru horren ezein xehetasunetan sartzea; baina zernahi ere dela erran-merranek diotena, zaude ziur oso urrun direla oraino egiatik. Igurikitzen dut, adiskide maitea, nire hitzari sinesteko bezainbat ezagutzen nauzula, eta ez duzula nigandik ezein frogarik galdatuko. Aski izan bekizu jakitea anitz froga badela, eta froga horiek esku artean ditudala une honetan.

        Ez dizut pena ezinago handi bat gabe erregu berbera egiten zuk galdatu didazun kontseiluaz, Volanges andereñoari dagokionaz. Gomendatzen dizut hark darakusan bokazioari ukorik ez egitea. Ezein arrazoik ez dezake hain segur erlijioan sartzera behartzea zilegitu, batbedera izan ez delarik bokazio horretara deitua; baina batzuetan Jainkoaren deia hartu izana zorion handia izaten da; eta ikusten duzu zeure alabak berak diotsula ezen bokazio hori ez zenukeela gaitzetsiko, baldin haren arrazoiak jakin bazenitza. Gure sentimenduak sorrarazten dizkigun hark gure jakintza alferrikakoak baino hobeki daki zer komeni zaion batbederari; eta, maiz, haren zorroztasunaren egintza dirudiena izaten da aitzitik haren urrikiaren egintza.

        Beraz, hona nire iritzia, nahiz badakidan atsekabetuko zaituela, eta horregatik beretik sinetsi behar didazu iritzi hori ez dizudala anitz gogoeta egin gabe ematen: utz ezazu Volanges andereñoa komentuan, hori baita hark egin duen hautua; bihotz emaiozu, aihertu bainoago, hartu bide duen xedean; eta xede hori bete bitartean, ezbairik gabe hauts ezazu deliberatua zenuen ezkontza.

        Adiskidantzaren betebehar mingarri horiek bete ondoren, eta ezein kontsolamendurik gehitu ezinik, soil-soilik gelditzen zait ontarte bat zuri galdatzea, adiskide ederra, eta da ez nazazula sekula gehiago galdeka gertakari triste horiekin zerikusia dukeen deusi buruz: utz ditzagun gertakariok komeni zaien ahanzturan; eta alferrikako argitasun dolugarririk bilatu gabe, egin diezaiegun men Probidentziaren asmoei, eta dugun sinets haren xedeen jakindurian, ulertzen uzten ez dizkigularik ere. Adio, adiskide maitea.

...ko gaztelutik, 17**ko abenduaren 15ean.

 

 

CLXXIII. GUTUNA

VOLANGES ANDREAK ROSEMONDE ANDREARI

 

        O! Adiskidea! Zeinen oihal izugarrian biltzen duzun nire alabaren asturua! Eta oihal hori altxatzen saiatuko naizen beldur dirudizu! Zer ezkutatzen dit bada, zuk barnatzera utzi dizkidazun susmo lazgarriek bainoago dolu dezakeenik ama baten bihotza? Zure adiskidantza, zure bihozberatasuna zenbatenaz ezagutzen dudan, hanbatenaz dira nire oinazeak areagotuak: hogei aldiz, atzodanik, nahi izan dut duda krudel horretarik jalgi, eta begirunerik eta itzulingururik gabe jakinaren gainean jar nazazun zuri galdetu; eta aldi bakoitzean izu-ikaraz egin dut dardara, zuri galderik ez egiteko egin didazun erreguan pentsaturik. Hartu dut, azkenik, esperantza doi bat uzten didan xede bat; eta zure adiskidantzagandik igurikitzen dut ez diozula uko eginen nire nahiari: zeina baita ihardets diezadazun ea gutxi gora behera ulertu dudan zuk erran behar zenidan guztia; eta ez ezazula orobat beldurrik izan ama baten bihozberatasunak estal dezakeen eta ezin konponduzkoa ez den oro niri jakinarazteko. Baldin nire malurek izari hori mukurutzen badute, orduan onartuko dut isiltasuna izan dadin emanen didazun argibide bakarra: hona beraz dagoeneko badakidana, eta noraino hel daitezkeen nire beldurrak.

        Nire alabak zerbait jaidura erakutsi zuen Danceny zaldunaren alde, eta ni jakina nintzen jaidura hura heldua zela harengandik gutunak hartzeko heineraino, bai eta hari erantzuteraino ere; baina uste nuen erdietsia nuela haur baten hutsegite horrek ezein ondorio arriskutsurik izan zezan eragoztea: gaur, ororen beldur bainaiz, onartzen dut balitekeela nire alaba nire zaintzari itzuria izana, eta beldur naiz nire alabak, seduziturik, ez ote dituen haren nahasdurak mukurutu.

        Gogoan ditut oraino beldur hori indar dezaketen zernolako batzuk. Mezutu dizut nola nire alabari ondoeza egin zitzaion Valmont jaunari gertatu zitzaion zorigaitzaren berri jakin zuenean; beharbada sentiberatasun hark Danceny jaunak borroka hartan jasan zituen arriskuen ideian zuen sorburua. Geroztik hainbertze negar egina delarik Merteuil andreaz erraten zuten guztia jakinik, nik adiskidantzaren oinazea zela uste nuena ez zen agian jelosiaren edo bere maitaleari desleial iritzi izanaren dolua baizik. Haren azken urratsa bera ere, nire ustez, arrazoi berberaz azal liteke. Sarri Jainkoaren deia aditu uste izaten da, nork bere burua gizonen kontra oldartua sentitzeagatik soilik. Azken buruan, zuri ere jakinarazi dizkizuten gertakari horiek egia direla uste izanik, askietsi ahal izan dituzu, dudarik gabe, niri eman didazun kontseilu zorrotza zilegitzeko.

        Haatik, hori horrela balitz, gaitzetsirik nire alaba, hura bokazio lilurazko eta iragankor baten hildura eta arriskuetarik salbatzeko baliabide guztiak baliatzera entseiatzea zorko niola usteko nuke hala ere. Baldin Danceny jaunak ez badu sentimendu onest oro galdu, ez dio uko eginen berak baizik sortu ez zuen hutsegite bat konpontzeari, eta azken buruan sinets dezaket nire alabaren ezkontza aski abantailatsua dela haren gogoa eta haren familiarena ere betetzeko.

        Horra, adiskide maite eta duina, gelditzen zaidan esperantza bakarra; lehia zaitez hura baieztera, baldin ahal bazeneza. Sumatuko duzu zenbatez ere nahi dudan erantzun diezadazun, eta zure isiltasuna zein ukaldi latza litzatekeen niretzat.

        Gutun hau herstera nindoalarik, nire ezagun bat ni ikustera etorri da, eta kontatu dit Merteuil andreak herenegun pairatu behar izan zuen gertaldi krudela. Azken egunotan ez baitut nehor ikusi, ez dut fitsik jakin gertakari horretaz; hona bada kontakizuna, han egona zen lekuko batengandik jaso dudan bezala.

        Heldurik landaldetik, herenegun, ortzegunez, Merteuil andreak Italiar Komediara eraman zezatela manatu zuen, han palko bat baitu; bakarrik zen, eta, arras harrigarria iruditu behar izan zitzaiona, ezein gizon ez zitzaion hara bildu ikuskari osoa bitartean. Handik jalgirik, sartu zen, ohi duen bezala, areto ttipian, jendez jadanik mukuru betean; berehala marmarra goratu zen, hari ordea ustez ez zitzaion iruditu bera zenik marmarrararen xedea. Leku huts bat hauteman zuen eserleku batean, eta han esertzera joan zen; baina bertatik han eserita zeuden emakume guztiak aho batez bezala zutitu ziren, eta bakar bakarrik utzi zuten han. Ororen sumina adierazten zuen urrats nabarmen hark gizon guztien txaloa jaso zuen, eta areagotu zituen marmarrak, diotenez, oihuak eta zalaparta sorrarazteraino.

        Haren umiliazioari deusik falta ez zekion, haren zoritxarrak nahikatu zuen Prévan jauna, haren abenturaz geroztik nehon agertu ez zena, une hartan berean sar zedin areto ttipian. Hari ohartu zitzaizkion orduko, mundu guztiak, gizon eta emakume, inguratu zuen eta txalotu; eta ohartu zen nola inguruan zeuzkan jendeek eramaten zuten, nolabait errateagatik, Merteuil andrearen aitzinera. Diotenez emakume hori deus ez ikusi ez aditzeko itxurari atxikia zen, eta aurpegiera ez omen zitzaion aldatu! Baina hori gehiegikeriak erratea iruditzen zait. Zernahi dela ere, Merteuil andrearentzat zinez laidogarria zen egoera hark haren zalgurdia iragarri zuten arte iraun omen zuen; eta bazihoalarik, eskandaluzko oihuak areago ziren gehitu. Izugarria da emakume horren ahaidea izan beharra. Gau hartan berean, Prévan jaunari abegi arras ona egin zioten bere guda taldetik han gertatu ziren ofizialek, eta nehork ez du dudarik egiten sarri bihurtuko ez diotenik bere lanbidea eta maila.

        Xehetasun horiek kontatu dizkidan presunak berak erran didanez, Merteuil andreak sukar handia hartu zuen, eta hasieran uste izan zuten jasana zuen egoera bortitz haren ondorioa zela; baina atzodanik jakin denez baztanga beltzak jo omen du, eta iduriz oso larriki. Egiazki, nire ustean, harentzat zorionekoa litzateke hiltzea. Erraten dute berebat gertakari horiek guztiek agian kalte handia eginen diotela jujatu hurrana den eta irabazi ahal izateko, ustez, laguntza handia beharko duen haren auziari.

        Adio, adiskide maite eta duina. Argi dakusat horretan guztian gaiztoen zigorra; baina ez dut ezein kontsolamendurik kausitzen kaltea hartu duten dohakabeentzat.

Parisen, 17**ko abenduaren 18an.

 

 

CLXXIV. GUTUNA

DANCENY ZALDUNAK ROSEMONDE ANDREARI

 

        Arrazoi duzu, andrea, eta hain segur ez dizut deusik ukatuko nire esku dagokeenik, eta zuk zerbait balioetsia dukezunik. Ohore handiz igortzen dizudan paketean Volanges andereñoaren gutun guztiak bilduak dira. Baldin irakurtzen badituzu, ez duzu agian harridurarik gabe ikusiko horrenbertze lañotasun eta horrenbertze bilaukeria elkar litezkeenik. Hori da, bederen, gehien hunkitu nauena gutun horiek azken aldiz irakurri berri ditudalarik.

        Baina, batez ere, batbedera begira ahal liteke Merteuil andrearen kontrako suminik bizienetik, gogoan hartzen duelarik zer nolako plazer izugarriaz artoski arduratu den hainbertzeko inozentziaz eta xalotasunaz neurriz gain baliatzera?

        Ez, ez naiz jadanik amoros. Ez dut deusik gorde hain bidegabeki tratatua izan den sentimendu batetik; eta ez da amodioa Volanges andereñoaren jokabidea zuritzera entseiatzera naramana. Baina haatik, bihotz hain laño hori, izaera hain ezti eta erraz hori, ez lirateke aiseago ongira emanak, gaizkira lerraraziak izan diren baino? Zein neska gazte, komentutik jalgirik, ohiturarik gabe eta kasik ideiarik gabe, eta ez dakarrelarik mundura, halakoetan ia beti gertatzen den bezala, ongiaren eta gaizkiaren ezjakin berdin bat baizik; zein neska gazte, diot, aiher ahal zitzaiokeen gisa horretako jukutria errudunei? Ah! Bihozbera izateko, aski da gogoetatzea gure sentimenduen adeitasunaren edo gaiztotasunaren aukera ikaragarrian, eta gogoetatzea orobat aukera hori gugandik bereiz dauden zenbat zernolakoen mende dagoen. Zuzen eta bidezkoa zara beraz nirekin, andrea, uste izanik ezen Volanges andereñoaren hutsegiteek, nik biziki sentitu ditudanak, ez didatela ezein mendeku goserik bizten. Aski eta sobera baita hura maitatzeari uko egin beharra! Sobera gostako litzaidake hari herra izatea.

        Ez dut ezein gogoetarik behar izan hari dagokion guztia, eta berebat kaltea lekarkiokeena, mundu guztiarentzat sekula betiko ezkutuan geldi dadin nahi izateko. Baldin iruditu bazaizu aldi batez gibelatu naizela zuk karia horretara dituzun nahiak betetzetik, uste dut gibelatze horren arrazoia zuri ezkutuan gorde gabe eduki ahal dezadala; aldez aurretik nahi nuen segurik egon nire zorigaiztoko aferaren ondorioez sekula gehiago kezkarazia ez izateaz. Zure bihozberatasuna galdatzen nuen garai hartan, bihozberatasun hori erdiesteko eskubiderik ere banuela uste izatera ausartzen nintzen garai hartan, beldurrez nengokeen bihozberatasun hori nolarebait amore emanez erosten nuela iduri izateaz; eta, neure arrazoien araztasunaz segur izan naizelarik, izan dut, aitor dizut, zuk araztasun horrez dudarik egin ahal izan ez zenezan desiratzeko urguilua. Zuk sorrarazten didazun gurtzak, zure estimuari diodan atxikimenduak, barkatuko ahal dit begirune agian sentikorregi hori!

        Sentimendu horrek berak galdarazten dit, azken ontarte gisa, arren otoi jakinaraz diezadazun ea zure iritzian bete ote ditudan murgildua izan naizen zorigaiztoko zernolakoek behartu ahal izan dizkidaten betebehar guztiak. Puntu horri buruz lasai nagokeen orduko, neure xedea hartua dut; Maltara partituko naiz: hara joanen naiz, dagoeneko hain gaiztea naizen arren zer deitoraturik anitz eman didan mundutik bereiziko nauten erlijiozko zinak atseginez egitera eta betetzera; hara joanen naiz azkenik horrenbertze laztura metatuen irudia, zeru arrotz baten pean, galtzen saiatzera, laztura horien oroitzapenak ez bailuke nire arima tristetu eta ximeldu baizik eginen.

        Errespetuz naiz, andrea, zure zerbitzaririk apalena, etab.

Parisen, 17**ko abenduaren 26an.

 

 

CLXXV. GUTUNA

VOLANGES ANDREAK ROSEMONDE ANDREARI

 

        Merteuil andrearen halabeharra bete bide da azkenik, adiskide maite eta duina, eta halakoa da non haren etsairik amorratuenak zalantzan baitaude andre horrek merezi duen haserre biziaren eta sorrarazten duen urrikiaren artean. Arrazoi nuen erran nuenean menturaz zorion handia zatekeela harentzat baztanga beltzaz hiltzea. Sendatu zaio, egia da, baina aurpegia lazki desitxuratua du; eta bereziki galdu du begi bat. Sumatuko zenuen ez dudala berriz ikusi: erran didate ordea itxura zinez izugarria omen zuela.

        ***ko jaun markesak, ez baitu itsuskeria bat errateko aukera galtzen, Merteuil andreaz ari zelarik, erran zuen atzo ezen eritasunak andre hura irauli zuela, eta orain arima aurpegian duela: zoritxarrez adierazte hori mundu guztiari zuzena iruditu zitzaion.

        Bertze gertakari batek gehitu ditu haren malurak eta hutsegiteak. Haren auzia herenegun jujatu zuten, eta aho batez du galdu. Auzi kostuak, kalte eta damuak, ondasunen bihurtzea, adinik gabeak izendatu dituzte ororen hartzaile: halako gisaz non auzi horretan hitz emana ez zegoen haren diru guztia gastuak ordaintzeko behar izan baitute, sobera ere, baliatu.

        Berri hori jakin eta berehala, nahiz eri zen oraino, Merteuil andreak prestakizunak egin zituen, eta bakarrik partitu zen gauez eta postako orgaz. Haren sehiek gaur diote haietarik nehork ez zuela bere etxekoandrearekin joan nahi izan. Holandako bidea hartu omen du.

        Partitze horrek bertze guztiak baino kalapita handiagoa sorrarazi du; zeren eraman baititu bere diamanteak, balio handikoak, eta bere senarraren ondareari zegozkionak; bere zilarrak, bere bitxiak; eraman ahal izan duen guztia azken batean; eta gibelean utzi baitu berebat 50.000 libera inguruko zorra. Porrot zinez erabatekoa da.

        Familia bihar biltzekoa da hartzekodunekin abeniko bat egitera entseiatzeko. Nahiz ahaide hurbila ez naizen, joateko eskaintza egin dut: baina ez naiz bilkura horretan izanen, zeremonia are tristeago batera joan beharrez. Nire alabak bihar hartuko ditu mojagai jantziak. Ez ahal duzu ahantziko, adiskide maitea, egiten ari naizen sakrifizio hori egitera neure burua behartua ikusteko, ez dudala bertze arrazoirik, non ez baita nigana gorde duzun isiltasuna!

        Danceny jauna Parisetik joana da, baditu hamabortz bat egun. Maltara omen doa, eta han finkatzeko asmoa omen du. Menturaz garaiz ginateke oraino hura hemen atxikitzeko?... Adiskidea!... Nire alaba zinez erruduna da beraz?... Dudarik gabe barkatuko diozu ama bati ondo gostarik baizik ez men egitea ziurtasun izugarri horri.

        Zein asturugaitz ihaurri da nire inguruan duela zenbait denboraz geroztik, eta kolpatu nau neure xederik maiteenetan! Nire alabagan, eta nire adiskideagan!

        Nor egon liteke izutu gabe pentsaturik harreman arriskutsu batek bakarrak ekar ditzakeen maluretan! Eta zein atsekabe ez lirateke saihestuko aldez aurretik gogoeta eginik! Zein emakumek ez lioke ihes eginen seduktore baten lehen proposamenari? Zein amak ikus ahal lezake, dardaraka hasi gabe, bera ez den norbait bere alabari mintzatzen? Baina gogoeta berankor horiek sekula ez dira gertatu beharrekoak gertatu arte heltzen; eta egiarik garrantzitsuenetako bat, bai halaber agian sarriena onartua izaten dena, itorik eta baliatu gaberik da gelditzen gure segidarik gabeko ohituren zurrunbiloan.

        Adio, adiskide maite eta duina; une honetan ari naiz sentitzen gure arrazoia zein eskasa den gure maluretarik aldez aurretik begiratzeko, eta zenbatez eskasagoa oraino malura horietan kontsolatzeko.

Parisen, 17**ko urtarrilaren 14an.

 

 

 

© Choderlos de Laclos

© itzulpenarena: Jon Muņoz

 

 

"Choderlos de Laclos / Harreman arriskutsuak" orrialde nagusia