BIGARREN PARTEA

 

 

LI. GUTUNA

MERTEUILEKO MARKESAK VALMONTEKO BIZKONDEARI

 

        Egiazki, bizkonde, jasangaitza zara. Zure maitalea banintz bezainbat arinkeriaz tratatzen nauzu. Badakizua haserretuko naizela, eta une honetan beltzuri gogorrean naizela? Nola! Danceny bihar goizean behar duzu ikusi; badakizu zeinen garrantzitsua den elkar ikuste hori baino lehen mintza nakizun; eta sobera kezkatu gabe, egun osoan zain eduki nauzu, nik dakita nora korrika abiatzeko? Zure kausaz desegokiro berandu heldu naiz Volanges andrearen etxera, eta emakume adintsu guztiei zoragarri nintzela iruditu zaie. Egonaldi osoa bitartean balakuak egin behar izan dizkiet sosega zitezen: emakume adintsuei ez baitzaie haserrebiderik eman behar; haiek dute eta gazteen omena egiten.

        Orain goizaldeko oren bata da, eta oheratu beharrean, biziki desiratzen dudan bezala, gutun luze bat behar dizut izkiriatu, asperraren asperrez arras lokarraraziko nauena. Zorionekoa zu, ez baitut zuri liskar gehiagorik egiteko astirik. Karia horretara ez uste barkatzen dizudanik; presaturik nabil, bertzerik ez. Entzun beraz, fite noakizu.

        Trebezia doi bat izanez gero, bihar behar duzu hartu Dancenyren isilmandatua. Une egokia da fidantziarako: atsekabe unea baita. Neska ttipi hori kofesatzera joana da; dena erran du, haur baten gisara; eta harrezkeroztik, deabruaren beldurrak halako heinean atsekabetua du, non harreman oro nahi baitu hautsi Dancenyrekin. Haren herabekeria ttipi guztiak kontatu dizkit, halako bizitasunez non aski erakutsi baitit burua bero-bero zuela. Hausturazko gutuna erakutsi dit, ele zurikeria galanta baita. Oren batez ari izan da nirekin solasean, zentzuzko hitz bat bakarra erran gabe. Baina ez nau hargatik gutxiago hertsatu; zeren, pentsatuko duzu, ez nintekeela arriska nire bihotza gisa horretako buru arrunt gaizto bati irekitzera.

        Berritsukeria horien guztien erdian ikusi dut haatik ez duela gutxiago maite bere Danceny; hauteman ere diot amodioak beti atxiki ohi duen horietako baliakizun bat, zeinaren eraginez neska ttipi hori irrigarriro gertatu baita kaltedun. Oinazetan baitauka bere maitalean pentsatzeko desirak, eta berebat harengan pentsatuz gero bere burua kondenatzeko beldurrak, bururatu zaio Jainkoari otoiztea lagun diezaiola Danceny ahanzten; eta otoitz hori nola egun osoan unetik unera errepikatzen baitu, kausitu du Danceny etengabe gogoan izateko era.

        Danceny baino presuna ohituago batekin, gertakari ttipi hori lagungarriagoa genuke ausaz kaltegarria baino, haatik gazte hori hain da amoros gogo hutsezkoa, non baldin laguntzen ez badiogu, ez baitigu utziko gure asmoa obratzeko astirik, hainbertze denbora beharko baitu den eta eragozpenik ttipienak garaitzeko.

        Arrazoi osoa duzu; ondikoa da, eta zu bezain haserre nago hura izan dadin abentura honetako heroia: zer nahi duzu ordea? Eginak egin; eta zure errua da. Haren erantzuna ikusteko galdea egin dut; urrikalarazi nau. Egiten dizkio hats gabetzeraino arrazoinamenduak, frogatu nahi baitio borondateaz bertzerako sentimendu bat ez daitekeela izan makurkeria: hura gudukatzetik baratu orduko, borondateaz bertzerakoa izateari utziko ez balio bezala! Ideia hori hain da sinplea, non neska ttipiari berari ere bururatu baitzaio. Mutila aski era hunkigarriz kexu da bere maluraz: baina haren oinazea hain da eztia eta irudi baitu hain bortitza eta egiazkoa, non ezinezkoa iruditzen baitzait gizon bat hein horretaraino, eta hain arrisku gutxirekin, etsiarazteko okasioa kausitu duen emakumea ez izatea gutiziaz gaindi egiteko tentatua. Azaltzen dio azkenik ez dela fraidea, neska ttipi horrek uste zuen bezala; eta hori du, ezin uka, egin duen gauzarik onena: zeren, monasterioko amodiora makurtzeko baizik ez balitz, Maltako jaun zaldunek ez lukete hain segur lehentasunik merezi.

        Zernahi dela ere, arriskutan sar nindezaketen eta neska hori beharbada nire iritzira ekarriko ez zuten arrazoibidetan denbora galdu ordez, onetsi dut harremanak hausteko asmoa: baina erran diot ezen onestagoa zela, horrelako kasuetan, nork bere arrazoiak bozez erratea, ezen ez izkribuz; ezen ohiturazkoa dela orobat gutunak eta jaso bide diren bertze huskeriak ere bihurtzea; eta iduriz halatan neskatila ttipi horrekin ados nintzela, harrarazi diot Dancenyri elkar ikusteko aukera emateko deliberoa. Beharrezko bitartekoak berehala ditugu erabaki, eta nik hartu dut neure gain ama alaba gabe jalgi dadin deliberarazteko eginkizuna; bihar arratsaldean izanen da une erabakigarri hori. Danceny jakitun dago jadanik; baina, Jainkoarren, okasioa kausi bazeneza, deliberaraz ezazu artzain eder hori hain malenkoniatsu ez izatera; eta irakats iezaiozu, oro behar baitzaio erran, ezen herabekeriak garaitzeko egiazko bidea soil-soilik dela herabekeriak badituztenei haiek galtzen ez uztea.

        Bertzenaz, gertakari irrigarri hori berriro errepika ez dadin, ez naiz begiratu neska ttipi horren gogoan kofesoreen zuhurtziaz duda batzuk sortzetik; eta segur derraizut orain ari dela ordaintzen niri eragin didan beldurra, kofesora haren amari dena erratera joanen ote zaion beldurraz. Harekin behin edo birritan hitz egin dezadan ondoren, ez ahal da gehiago joanen bere ergelkeriak edozein jin berriri kontatzera!

        Adio, bizkonde; nagusi zaitez Dancenyz, eta gida ezazu. Ahalkegarria litzateke guk bi haurrez nahi duguna ez egitea. Baldin zeregin horretan uste baino neke gehiago kausitzen badugu hastapenean, dugun pentsa, geure lehia bizkortzeko, zuk, Volanges andrearen alaba dela, eta nik, Gercourten emazte bilakatuko dela. Adio.

...tik, 17**ko irailaren 2an.

 

 

LII. GUTUNA

VALMONTEKO BIZKONDEAK
TOURVEL LEHENDAKARIAREN EMAZTEARI

 

        Debekatzen didazu, andrea, neure amodioaz mintza nakizun; non kausi ordea zuri obeditzeko behar dudan kuraia? Hain eztia behar lukeen eta zuk hain krudela bihurtzen duzun sentimendua soilik izaki eginkizun; kondenatua nauzun erbestean hilduraz; ez biziz gabeziez eta damuez baizik; zenbatenaz zure ezaxolakeriaren aipua etengabe baitakarkidate, hanbatenaz mingarriagoak zaizkidan oinazeen peko; gelditzen zaidan kontsolamendu bakarra behar ote dut hala ere gal? Baduket bertze kontsolaziorik, ez bada zuk kezkaz eta garraztasunez mukuru betetzen duzun arima zuri noizik behin zabaltzea? Zeure behakoak apalduko dituzu, isurarazten dituzun malkoak ez ikusteko? Fermuki galdatu dituzun sakrifizioen eskaintzei ere uko eginen diezu? Ez litzateke bada hanbatenaz zuhauren, zure arima zintzo eta eztiaren heineko gizon dohakabe bat urrikaltzea, zugatik baizik ez dena dohakabe, haren penak areago larritu nahi izatea baino, defentsa aldi berean bidegabe eta zorrotz batez?

        Egiten dituzu amodioaren beldur zarelako itxurak, eta ez duzu ikusi nahi soil-soilik zu zarela amodioari egozten dizkiozun kalteen egilea. Ah! Sentimendu hori atsekabezkoa da, dudarik gabe, sorrarazi duenak ez badu beretu; baina zoriona non kausi, elkarrekiko maitasunak ematen ez badu? Adiskidantza amoltsua, fidantzia eztia eta sekreturik ez duen bakarra, penak leunduak, plazerrak areagotuak, esperantza xarmangarria, oroitzapen zoragarriak, horiek guztiak amodiotik at non kausi? Amodioa iraintzen duzu, eskaintzen dizkizun ontasun guztiez gozatzeko sekula gehiago ez errefusatzea aski duzun horrek; eta pairatzen ari naizen atsekabeak ahantzirik, amodioa defendatzeari ekina naiz ni.

        Behartzen nauzu orobat neure burua defendatzera; zeren nik bizitza osoa zu biziki maitatzeari eskainiagatik, nigan akatsak bilatzen ematen duzu zuk zeurea: arin eta engainaritzat naukazu jadanik; eta nire kontra neurriz gain baliaturik nihaurek aitortuak dizkizudan zenbait hutsegite, plazer duzu orduan nintzena eta orain naizena nahasirik. Zugandik urrun bizi beharraren hildurara ni amilarazi izanari ez askietsirik, horrez gainera trufa egiten diezu, dagoeneko, zure eraginez, deusik sentiarazten ez didatela badakizun sentimenduei. Ez nire promesak ez nire zinak sinesten dituzu: hots bada! Badut oraino berme bat zuri eskaintzeko, susmotan bederen hartuko ez duzuna; zuhaur zara. Soil-soilik eskatzen dizut zeure buruari fede onez galdegin diezaiozun; baldin nire amodioan sinesten ez baduzu, baldin nire arimaren jaun eta jabe bakarra zarela instant batez ere duda egiten baduzu, baldin segur ez bazara irmo atxiki izanaz bihotz hau, alabaina, orain arte sobera aldakorra, men eginen diot hutsegite horren atsekabea neure gain eramateari; auhendatuko dut, baina ez dut goietara joko: baina, aitzitik, gu biokin zuzen eta bidezko izanez, behartua baldin bazara zeure buruarekin bat aitortzera ezen ez duzula, sekula ez dukezula aurkaririk, ez nazazu gehiago obliga, otoi arren, ameskeriak borrokatzera, eta alabaina utz nazazu bederen nire biziarekin baizik finituko ez den, nire biziarekin baizik ezin fini litekeen sentimendu batez sekula gehiago dudarik egiten ez duzula ikusteak emanen didan kontsolamendua. Otoi arren, andrea, zilegi izan bekit nire gutunaren atal honi baietzaz ihardets diezaiozun zuri otoiztea.

        Baldin abandonatzen badut haatik neure bizitzako aldi hura, iduri baitu zure aurrean krudel gaizto kalte egiten didala, ez uste hura defendatzeko arrazoiak falta zaizkidanik, behar izanez gero.

        Zer egin dut, azken finean, ez bada aurtiki ninduten zurrunbiloari ez aihertu? Gazte eta esperientziarik gabe sartua munduan; eskuz esku, nolabait errateko, emakume andana batek ibilarazia, guzti-guztiak errazaren errazez galgarri zuketela sumatu beharrean ziren gogoeta batetik beren buruak begiratzen ahaleginduak; niri ote zegokidan egiten ez zidaten ihardukiaren etsenplu ematea? Edo neure burua behar nuen zigortu une bateko hutsegite bategatik, nahiz hutsegite hori maiz sorrarazia zuen dudarik gabe alferrikakoa zen eta irrigarrikeriatzat baizik hartuko ez zuten jarraikitasunak? Hara! Berehalako haustura batek ez bertze zer bidek justifika dezake hautu lotsagarri bat?

        Baina, erran dezaket, zentzumenen horditasun hura, handiustearen eldarnio hura bera ere menturaz, ez zaizkit sekula bihotzeraino barneratu. Amodioarentzat jaioa, nire bihotza azpijokoetan libertitzen ahal zen, baina azpijokoak ez zitzaizkion aski gogobetetzeko; izaki seduzitzaile baina erdeinugarriz inguratua, ezein ere ez zitzaidan arimaraino barneratu: plazerrak zizkidaten eskaintzen, nik bertuteak nituen bilatzen; eta neure burua azken finean jarraikitasun gabekoa neukan, zeren adeitsua eta sentibera bainintzen.

        Zu ikusirik nintzen argitu: berehala jakin nuen amodioaren xarma arimaren dohainei zegokiela; soilik dohain horiek eragin zezaketela eta justifika orobat arimaren gehiegia. Sentitu nuen azkenik zu ez maitatzea eta zu ez bertze nehor maitatzea berdin zirela niretzat ezinkizun.

        Horra, andrea, nolakoa den zeure burua hari emateko beldur zaren bihotz hori, bere asturuaren erabakitzaile zu zaituen hori: baina gordea diozun asturua zeinahi ere den, ez dituzu deus aldatuko zuri atxikia daukaten sentimenduak; mudagaitzak dira nola baitira sorrarazi dituzten bertuteak.

...tik, 17**ko irailaren 3an.

 

 

LIII. GUTUNA

VALMONTEKO BIZKONDEAK MERTEUILEKO MARKESARI

 

        Danceny ikusi dut, baina ez dut harengandik erdi isilmandatu bat baizik erdietsi; tematu da, batez ere, Volanges ttipiaren izena niri isilpean gordetzera, eta harez mintzatu zait soil-soilik emakume arras zintzo eta doi bat debot bat bailitzan: hori salbu, aski zintzoki kontatu dit bere abentura, eta batez ere azken gertakaria. Ahal bezainbat berotu dut, eta gogotik trufatu naiz haren adeitasunaz eta haren herabekeriez; baina mutil horrek bereari atxikia dirudi, eta ez dezaket haren erantzukizunik har: bertzenaz, etzidamu zerbait gehiago erraten ahalko dizut. Bihar Versaillesa eramanen dut, eta bidean hura aztertzeari ekinen diot.

        Gaur egitekoa duten elkar ikustean badut orobat esperantzarik: baliteke dena guk nahi bezala gertatzea; eta ausaz orain gure egiteko bakarra da haien aitormena entzun, eta gertatu denaren frogak biltzea. Egiteko hori zuk nik baino aiseago eginen duzu: zeren neskatila ttipi hori bere maitale zuhurra baino askoz fidakorragoa baita, edo, gauza bera dena, berritsuagoa. Guztiarekin ere, nik neure ahala eginen dut.

        Adio, adiskide ederra, hagitz presatua naiz; ez zaitut ez gaur gauean ez bihar ikusiko; zuk aldiz zerbait jakin baldin baduzu, hitz bi izkiria itzultzen naizeneko. Segurki Parisa jinen naiz lotarako.

...tik, 17**ko irailaren 3an, arratsean.

 

 

LIV. GUTUNA

MERTEUILEKO MARKESAK VALMONTEKO BIZKONDEARI

 

        O! Bai! Bada bai Dancenygandik zer jakinik! Baldin hori erran badizu, bere burua laudatu du. Ez dut ezagutzen amodio kontutan hain presuna ergelik, eta gero eta gehiago liskartzen dut neure burua harengana ditugun ontasunengatik. Badakizu harengatik arriskuan egon uste izan naizela? Eta alfer-alferrik izan ere! O! Mendekatuko naiz, hitz ematen dizut.

        Volanges andrearen bila heldu nintzelarik atzo, hark ez zuen jalgi nahi izan; ondoezik zen; hitz ederren laguntzaz erdietsi ahal izan nuen azkenik hura kalera jalgiaraztea, eta banekusan Danceny gu partitu baino lehen helduko zen unea; zenbatenaz desegokiagoa zatekeena, hanbatenaz Volanges andreak bezperan erran baitzion ez zela etxean izanen. Haren alaba eta biok zainak airaturik ginen. Jalgi ginen azkenean; eta neska ttipi hark adio erratean eskua hain amoltsuki tinkatu zidan, non harremana hausteko zuen asmoagatik, oraino xede horretan ari zela fede onez uste baitzuen, bilkura hari miragarrizko gertakizunak iragarri bainizkion.

        Nire kezkak ez ziren burutara helduak. Oren erdi baizik ez zuen ***ko andrearen etxean ginela, eta horra non Volanges andrea gaizkitu zen alabaina, biziki gaizkitu ere; eta arrazoi den bezala, bere etxera nahi izan zuen itzuli: nik, hanbatenaz gutxiago nahi nuen etxeratu, zenbatenaz beldur bainintzen ezen, baldin gazteak ustekabean atzematen bagenituen, hain segur gerta zitekeena, ez ote zituen susmotan hartuko etxetik jalgitzeko eginak nizkion erreguak. Haren osasunaz izutzeko xedea hartu nuen, ez baita beharrik zaila; eta oren t'erdiz atxiki nuen han, bere etxera eramatera amore eman gabe, zalgurdiaren higidura arriskutsuaz beldur nintzelako itxurak eginik. Ez ginen azkenik hitzartutako orena heldua zen arte etxeratu. Heldu orduko neska ttipiari sumatu nion ahalke itxura ikusirik, aitortzen dizut igurikitzen nuela bederen nire eginahalak alferretan galdu ez izana.

        Jakinaren gainean egoteko desirak Volanges andrearen ondoan geldiarazi ninduen; berehala oheratu zen, eta haren ohe ondoan afaldu ondoren, goizik utzi genuen, atsedenaren beharretan zegoelako estakuruan, eta bere alabaren gelara joan ginen. Honek, berriz, egina zuen harengandik igurikitzen nuen guztia; herabekeriak aienatuak, beti eta beti maitatzeko promesak berriz ere eginak, etab..., finean gogo onez ari izana zen: baina Danceny ergel hura urrats bat ere ez zen aitzinatu aldez aurretik zegoen mugaz haraindi. O! Mutil horrekin aise haserretzen ahal da; harekin onezkoak egiteak ez baitu arriskurik.

        Neska ttipi horrek dio haatik mutilak gehiago nahi zuela, baina berak jakin izan duela bere burua defendatzen. Eginen nuke bere burua ari dela laudatzen, edo mutilaren jokabidea desenkusatzen; kasik segurantza osoa hartu ere dut horretaz. Alabaina, bururatu zait jakitea zer igurika nezakeen haren defendatzeko ahalmenetik; eta nik, emakume xalo honek, eleka-eleka, berotu diot burua halako heineraino non... Finean, sinets nazakezu, nehor ez zaio nehoiz sentikorragoa izan zentzumenen ezusteko bati. Zinez atsegina da neskatxa ttipi maite hori! Bertze maitale bat merezi zuen; izanen du bederen adiskide on bat, zeren zinez atxikiko bainatzaio. Heziko dudala hitz eman diot eta hitza beteko diodala uste dut. Maiz ohartu izan natzaio isilmandatuka aritzeko emakume baten premiari, eta nahiago nuke neska hori, bertze edozein bainoago; ez dut ordea harekin deus egiten ahal, harik eta ez den izanen... izan behar duen bezalakoa; eta horra Dancenyri aiher izateko bertze arrazoi bat gehiago.

        Adio, bizkonde; ez etorri bihar nire etxera, goizean ez bada. Men egin diet etxe ttipian elkarrekin egonaldi bat egiteko zaldunak egin dizkidan erreguei.

...tik, 17**ko irailaren 24an.

 

 

LV. GUTUNA

CÉCILE VOLANGESEK SOPHIE CARNAYRI

 

        Arrazoi zenuen, Sophie maitea; zure iragarpenek zure kontseiluek baino harrera hobea izan dute. Danceny, zuk iragarri bezala, izan da kofesora baino, zu baino, nihaur baino indartsuagoa; eta horra non lehen ginen lekuan gauden berriz. Ah! Ez naiz damutzen; eta baldin liskar egiten badidazu, Danceny maitatzeak dakarren plazerraren ezjakinean zaudeke. Ondo zeure gogara diozu nola behar den jokatu, ez duzu batere trabarik; ordea baldin sentitu izan bazenu nolako kaltea egiten digun maite den norbaiten xangrinak, nola haren poza geuretzen dugun, eta zeinen zaila den ezetz erratea, bai erran nahi delarik, orduan ez zinateke deusez harrituko: nihaurk, nahiz sentitu dudan, biziki sentitu ere, ez dut oraino ulertzen. Uste duzu, konparazione, Danceny negarrez ikusten ahal dudala nihaurk ere egin gabe negar? Segur derraizut halakorik ez dezakedala; eta hura pozik denean, ni ere pozik hura bezala. Errazu nahi duzuna; erranak ez du izana mudatzen, eta segur naiz hori horrela dela.

        Neure lekuan nahi zintuzket ikusi... Ez, ez dut hori erran nahi, zeren hain segur ez nioke neure lekua nehori utzi nahi: baina nahi nuke zuk ere norbait maita zenezan; ez soilik hobeki uler nintzazun, eta gutxiago liskar egin zeniezadan; erran nahi baita, zu ere zoriontsuago zinatekeela orduan, edo, hobeki erran, soilik orduan hasiko zinatekeela zoriontsu izaten.

        Gure libertimenduak, gure irriak, hori guztia, kontu egizu, ez da haur jolasa baizik; iragan diren ondoren ez dute deus zantzurik uzten. Amodioa ordea, ah! Amodioa!... Ele bat, behako bat, hura han dela soilik jakitea, hots bada! Zer zoriona! Danceny ikusten dudanean, ez dut deusik gehiago nahi izaten; ikusten ez dudanean, ez dut Danceny baizik nahi izaten. Ez dakit hori zergatik den: baina iduri luke laket zaidan guztiak haren antza duela. Nirekin ez denean, hura darabilt gogoan; eta hura gogoan arras barneraturik eduki dezakedanean, batere eragozpenik gabe, bakar-bakarrik nagoenean, konparazione, are naiz zoriontsuago; hersten ditut begiak, eta bertatik Danceny ikusi uste dut; oroitzen ditut haren erranak, eta aditu uste ditut; hasperenka egoten naiz; eta gero sentitzen dut su bat, asaldu bat... Ezinen nuke nagoen lekuan geldirik egon. Oinaze min baten gisakoa da, eta oinaze min horrek sortzen du ezin adierazizko plazerra.

        Halaber dut uste ezen amodioa sentitu denetik beretik, amodio hori barreiatzen dela adiskidantzaraino. Zuri dizudan adiskidantza alabaina ez da aldatu; betiere da komentuan bezalakoa: baina erraten dizudana, Merteuil andreagana sentitzen dut. Iruditzen zait areago maite dudala Danceny maite dudan bezala, ezen ez zu maite zaitudan bezala, eta batzuetan nahi nuke Merteuil andrea izan ledin Danceny. Nola ez baita haurtzaroko adiskidantza bat, gurea bezalakoa, beharbada hori da arrazoia; edo, bertzela, izan liteke hain sarri elkarrekin ikusten ditudalako, eta horrek agian tronpaturik naukake. Ororen buruan, egia da behintzat biek oso zoriontsu egiten nautela; eta, azken batean, ez dut uste egiten ari naizena gaizki egina izan litekeenik. Beraz, nagoen bezala gelditzea baizik ez nuke galdatuko; eta neure ezteietan pentsatzea da penatzen nauen gauza bakarra: zeren Gercourt jauna erran didaten gisarakoa baldin bada, eta ez dut horretaz dudarik egiten, ez baitakit zer izanen den nitaz. Adio, Sophie; betiere zaitut amoltsuki maite.

...tik, 17**ko irailaren 24an.

 

 

LVI. GUTUNA

TOURVEL LEHENDAKARIAREN EMAZTEAK
VALMONTEKO BIZKONDEARI

 

        Zertarako baliatuko litzaizuke, jauna, eskatzen didazun erantzuna? Zure sentimenduetan sinestea, ez litzateke sentimendu horien beldur egoteko bertze arrazoi bat? Eta sentimendu horien egiazkotasuna ez ukatu ez defendatu gabe, ez ote dut nik aski, zuhaurk ez ote zenuke aski, nigandik erantzunik ezin har dezakezula eta ez dizudala berebat erantzunik eman nahi jakitea?

        Demagun egiaz maite nauzula (eta iduripen hori soil-soilik onartzen dut sujet hori berriz ez aipatzeko), bereizten gaituzten oztopoak ez lirateke orobat ezin gaindituzkoak? Eta egin nezakeen bertzerik, ez bada amodio hori ahalik lasterrena garait ahal dezazun zuri opatzea, eta batez ere neure ahal guztiaz zu laguntzea, zuri esperantza oro galarazteko eginahal bizian? Zuhaurk aitortzen duzu sentimendu hori atsekabezkoa dela, sorrarazi duenak ez badu beretu. Beraz, ontsa dakizu ezen sentimendu hori ezin neuregana dezakedala, ezen zorigaitz hori egokituko balitzait, are urrikalgarriagoa nintzatekeela halaber, zu ez zinatekeelarik zoriontsuago. Hori instant batez ere zalantzan ez jartzeko heineraino estimatuko ahal nauzu! Bara zaitez bada, arren otoi, bara zaitez lasaitasunaren premia handitan den bihotz bat asaldarazi nahi izatetik; ez nazazu obliga zu ezagutu izanaz damutzera.

        Nola senarra maite eta errespetatzen baitut, hala maite eta estimatzen bainau hark ere, nire betebeharrak eta nire atseginak xede berean bilduak dira. Zoriontsua naiz, zoriontsua behar naiz izan. Baldin plazer biziagorik balego, ez ditut desiratzen; ez ditut ezagutu nahi. Plazer eztiagorik badea nor bere buruarekin bakean egon, egunak lasaitasunean eman, kezkarik gabe lokartu eta kontzientziaren ausikirik gabe iratzartzea baino? Zuk zoriona deitzen diozuna ez da zentzumenen abarrotsa baizik, grinen ekaitza, ikustetik beretik izua dakarrena, behatzen zaiolarik ere hegi batetik. Hara! Erauntsi horiei nola egin buru? Nola ausartu itsasoratzera itsaso, milaka eta milaka presuna hondoraturen aztarnez betean? Eta norekin? Ez, jauna, lehorrean baratzen naiz; maite ditut lehorrera estekatzen nauten loturak. Hausten ahal nituzkeela ere, ez nituzke hautsi nahi; baldin loturok ez banitu, haiek neureganatzen ahaleginduko nintzateke.

        Zergatik zauzkat neure urratsei estekan? Zergatik setaz zarraizkit? Zure gutunek bakanak behar lukete, eta hurrenez hurren heltzen dira. Zuhurrak beharko lukete, eta zure amodio eroa baizik ez didate aipatzen. Zeure gogoaz inguratzen nauzu, zuhaurk inguratzen ninduzun bainoago. Urrundurik zarela molde batez, hartzara jinik zara bertze batez. Ez gehiago errateko galdatuak zaizkizun gauzak, berriz erraten dituzu, soilik bertze molde batez. Plazer duzu amarruzko arrazoibidez ni asaldatzen; itzurtzen zatzaizkie nireei. Ez dizut gehiago ihardetsi nahi, ez dizut gehiago ihardetsiko... Seduzitu dituzun emakumeak nola tratatzen dituzun! Nolako erdeinuz aipatzen dituzun! Sinetsi nahi dut batzuen batzuek merezia dutela: guztiak oro dira ordea hain erdeinagarriak? Ah! Dudarik ez da, zeren traditu baitituzte beren betebeharrak amodio gaizto batera lerratzeko. Harrezkero, oro dute galdu, baita oro sakrifikatu dioten haren beraren estimua ere. Oinaze gogor horiek bidezkoak dira, baina haiek gogoan hartzeak berak dardara eragiten du. Zer axola zait, ororen buruan? Zergatik arduratu behar naiz ni haiez edo zutaz? Zein eskubidez zatoz nire lasaitasuna durduzatzera? Utz nazazu, ez nazazu gehiago ikus; ez, arren otoi, gehiago izkiria; horra nire eske fermua. Hau da nigandik hartuko duzun azken gutuna.

...tik, 17**ko irailaren 5ean.

 

 

LVII. GUTUNA

VALMONTEKO BIZKONDEAK MERTEUILEKO MARKESARI

 

        Atzo etxera heldu nintzelarik zure gutuna kausitu nuen. Zure haserreak biziki poztu nau. Dancenyren hutsegiteak ez litzaizkizuke gehiago dolutuko, zuri eginak izan balira. Mendekuz duzu dudarik gabe haren maitalea hari desleialtasun ttipiak eginaraztera ohitzen; zu zara zu emakume gaiztoa! Bai, xarmangarria zara, eta ez nau harritzen neskatila hori Dancenyri zuri baino gehiago iharduki izanak.

        Azkenean buruz ezagutzen dut nobela heroi eder hori! Ez du jadanik sekreturik niretzat. Hain sarri erran baitiot ezen amodio zintzoa dela ontasunik gorena, ezen sentimendu batek hamar jukutria baino gehiago balio duela orobat, non nihaur ere, une hartan, amoros bainintzen eta herabe; azken finean kausitu du nigan pentsamolde halaber hain berearen araberakoa non, nire lañotasunaz liluratua, dena erran eta adiskidantza oso-osoa zin egin baitit. Geure xedean ez dugu anitz aurreratu.

        Lehenik, iruditu zait ezen, haren sistemaren arabera, neskatxa bati begirune gehiago zor zaiola andre bati baino, oro gal lezakeelakoan. Uste du, batez ere, deusek ez duela justifikatzen ahal neska bat ezartzea esposatzeko edo desohorez bizitzeko premian, neska gizona baino askoz ere aberatsagoa denean, nola baita hain zuzen ere haren kasua. Amaren segurantza, alabaren zintzotasuna: harentzat dena da larderia eta gelditzea. Haren argudioak, direnak direla, deuseztea ez da oztopo izanen. Trebetasun doi batez eta grina lagun, berehala ziratekeen suntsituak; zenbatenaz irrieragingarriak baitira, eta geure alde baitukegu ohituraren aginpidea. Baina Danceny geure iritzira ekartzeko badugu traba bat, zeina baita dagoen bezala bozkariotan dela. Alabaina baldin lehen amodioek, oro har, onestagoak, eta erraten dutenez garbiagoak badirudite; baldin urratsak bederen geldiagoak egiten badituzte, ez da, usteak uste, adeitasunagatik edo herabetasunagatik izaten, aitzitik bihotza, sentimendu ezezagun batez harritua, baratu edo egiten da urrats bakoitzean, sentitzen ari den bozkarioaz gozatzeko, eta bozkario hori hain da ahaltsua bihotz berri batean, non hartara lerratua den, bertze ezein plazer ahanzteko heineraino. Hori hain da egia, non libertin amorosak, baldin libertina izan ahal baledi amoros, ez baitu une horrez geroztik horrenbertze presarik gozatzeko; eta azken finean Dancenyk Volanges ttipiarekin duen jokabidearen eta nik Tourvel andre ahalketiarekin dudanaren artean, gehienaren eta gutxienaren arteko aldea baizik ez dago.

        Gure gaztea gogoberotuko bada, aurkitu dituenak baino eragozpen gehiago behar lituzke; misterio gehiagoren beharretan da oroz gain, misterioak ausardia baitakar. Ez naiz hari hain ontsa zerbitzatuz kalte egin diguzula sinestetik urrun; zure jokabidea bikaina zatekeen gizon ohitu batekin, ez baitzukeen desirarik baizik: aldez aurretik ikusten ahal zenuen ordea ezen gazte onest eta amoros batentzat amodioaren froga dela ontarteen saririk handiena; eta, beraz, zenbatenaz maitatua izateaz segurago baita, hanbatenaz ekiteko gogo gutxiago du. Zer egin orain? Ez dakit deus; baina ez dut igurikitzen neska ttipi hori ezteiak baino lehen hartua izanen denik, eta musu-huts garateke beraz; horrek haserre nauka, baina ez diot erremediorik ikusten.

        Ni hemen solasean ari naizen bitartean, zu hobeki ari zara zeure zaldunarekin. Horrek pentsarazten dit desleialtasun bat agindu zenidala neure fabore, zure promes hori idatziz dut hartua eta ez dut la Châtre-ren txartela bihurtzerik nahi. Aitortzen dizut zorra kitatzeko muga ez dela oraino heldua: baina eskuzabala zinateke epe hori ez gibelaturik; eta nik, aldiz, kontuz atxikiko dizkizut korrituak. Zer diozu, adiskide ederra? Zeure jarraikitasunak ez zaitua akitu? Zaldun hori hain dea bada zoragarria? O! Utz nazazu egiten; behartu nahi zaitut aitortzera ezen baldin zaldunari meriturik kausitu badiozu, orduan ahantzi nauzula.

        Adio, adiskide ederra; zugana dudan desira nolako, nire musuak halako; zaldunaren musu guztiak ezetz izan nireak bezain suharrak.

...tik, 17**ko irailaren 5ean.

 

 

LVIII. GUTUNA

VALMONTEKO BIZKONDEAK
TOURVEL LEHENDAKARIAREN EMAZTEARI

 

        Zergatik merezi izan ditut, andrea, hala egiten dizkidazun liskarrak, nola erakusten didazun sumina? Atxikimendurik biziena eta hargatik errespetuzkoena, zure nahimen denik eta ttipienari guztiz men egin izana; horra bi hitzetan nire sentimenduen eta nire jokabidearen historia. Zorigaitzeko amodio batek abaildua, bertze kontsolamendurik ez nuen zu ikustea baizik: manatu didazu kontsolamendu horrez gabetua egotea; neure buruari marmariorik zilegitu gabe obeditu dizut. Sakrifizio horren ordain, eman didazu zuri izkiriatzeko baimena, eta orain plazer bakar hori nahi didazu kendu. Ken diezadaten utziko dut, hura defendatzera entseiatu gabe? Ez, dudarik gabe: Hara! Plazer hori zenbatez ez ote zaion nire bihotzari atxikia? Hura da gelditzen zaidan plazer bakarra, eta zugandik dut hartua.

        Nire gutunak, diozunez, usuegiak omen dira! Egizu kontu, otoi, ezen nire erbesteak hamar egun egin dituelarik, une bat bakarra ez dudala eman zutaz oroitu gabe, eta nigandik ez dituzula haatik bi gutun baizik hartu. Neure amodioa baizik ez dizut aipatzen! E! Zer erran dezaket, pentsatzen dudana ez bada? Esaera leundu, ez dut bertzerik egin ahal izan; eta ez dizut ikustera utzi, sinets nazakezu, ezin ezkuta nezakeena baizik. Niri gehiago ez erantzuteko mehatxua egiten didazu azkenik. Beraz, ororen gainetik zu nahiago zaituen eta maite baino errespetatzenago zaituen gizona zorrotz tratatzeari gutxietsirik, zorroztasun horri nahi diozu orobat mezprezua juntatu! Eta zergatik mehatxu horiek eta beltzuri hori? Zertarako behar dituzu? Ez zaude zeure manurik bidegabeenetan ere obeditua izateaz segur? Aiher ahal nintzaioke bada zure ezein desirari, eta ez dizut jadanik hori frogatu? Neurriz gain baliatuko zara ordea nigan duzun nagusigo horrez? Dohakabe egin nauzun ondoren, bidegabe bihurtu zaren ondoren, aise gozatzen ahalko duzu guztiz beharrezkoa omen duzun lasaitasun horrez? Zeure buruari ez diozu nehoiz erranen: hark bere asturuaren jaun eta jabe utzi ni, eta nik zorigaitza ekarri hari? Arrenka ari zitzaidan laguntza galdez, eta nik urrikirik gabe behatu diot? Badakizu nire etsipena noraino hel daitekeen? Ez.

        Nire oinazeak kalkulatzeko, behar zenuke jakin zenbateraino maite zaitudan, eta zuk ez duzu nire bihotza ezagutzen.

        Zeren izenean sakrifikatzen nauzu? Amets-izuenean. Eta nork sortzen dizkizu? Biziki maite zaituen gizonak; sekula betiko guztizko jaun eta jabe zaituzkeen gizonak. Zeren beldur zara, zer beldur izan zeniezaioke betiere zeure gogara gidatzen ahalko duzun sentimendu bati? Zeure irudimenak mamuak sortu dizkizu ordea, eta mamu horiek eragin dizuten izua, zuk amodioari egozten diozu. Fida zakizkit doi bat, eta mamu horiek desagertuko zaizkizu.

        Jakintsu batek errana du ezen beldurrak aienatzeko aski izaten dela ia beti beldur horien kausa sakontzea. Egia hori amodioan da batez ere baliagarria. Maita ezazu, eta izuak desagertuko zaizkizu. Beldurtzen zaituzten gauzen ordez, kausituko duzu sentimendu zoragarri bat, maitale amoltsu eta manukor bat; eta zure egun guztietan, oro zorionak markatuetan, egun batzuk ezaxolatasunean galdu izanaren damua baizik ez duzu izanen. Nihaurk, nire hutsegiteez jabetu ondoren, amodioarentzat baizik existitzen ez naizenez geroztik, dolu dut ustez plazerretan emana nuen aldi hura; eta badakit soil-soilik zeure esku duzula ni zoriontsu egitea. Baina, arren otoi, zuri izkiriatzean kausitzen dudan plazerra ez beza gehiago zuri higuingarri gertatzeko beldurrak asaldaraz. Ez dizut desobeditu nahi: baina, zure aurrean belauniko, halatan dizut fermu eskatzen edeki nahi didazun zoriona, utzi didazun bakarra; oihuka diotsut: entzun nire otoitzak, eta beha nire malkoei; ah! Andrea, aienatuko nauzu?

...tik, 17**ko irailaren 7an.

 

 

LIX. GUTUNA

VALMONTEKO BIZKONDEAK MERTEUILEKO MARKESARI

 

        Jakinaraz iezadazu, baldin badakizu, zer erran nahi duten Dancenyren zozokeria horiek. Zer gertatu da bada, eta zer galdu du? Bere eder hori haserretu zaio, menturaz, bere errespetu eternalagatik? Zuzen eta bidezko izatera, guhaur gutxiagogatik haserretuko ginateke. Zer erranen diot gaur arratsaldean, hark galdatu eta nik zer gerta ere onartu diodan elkar ikustean? Hain segur ez dut neure denbora haren dolamenak entzuten galduko, baldin inora ez bagaramatza. Amodiozko negar kantuak ez dira errezitaldi derrigortuetan, edo arieta handietan baizik aditu behar. Jakinaraz iezadazu bada zer gertatzen den eta zer behar dudan egin; ihes eginen dut bertzela, aldez aurretik dakusadan asperraldia saihesteko. Mintza ninteke zurekin gaur goizean? Baldin zereginik bazenu, izkiria bederen ele bat, eta emaizkidazu neure rolari dagozkion errepikak.

        Atzo non zinen bada? Ezin erdiets dezaket zu ikustea. Egia erran, ez zuen merezi irailean Parisen atxiki nindezaten. Zerbait delibera ezazu beraz, zeren berriki hartu baitut B***ko kondesaren gomit arras presatu bat, landaldera hura ikustera joateko; eta, guztiz modu atseginean mezutzen didan bezala, «haren senarrak munduko basorik ederrena omen du, adiskideen plazerretarako artoski zaindua». Beraz, dakikezunez badut zenbait eskubide baso horren gainean; eta baliagarria ez banatzaizu partituko naiz baso hori berriz ikustera. Adio, egizu kontu lau orenen inguruan Danceny nire etxean izanen dela.

...tik, 17**ko irailaren 8an.

 

 

LX. GUTUNA

DANCENY ZALDUNAK VALMONTEKO BIZKONDEARI

(Aurreko gutunean sartua)

 

        Ah! Jauna, etsi etsirik nago, oro galdu dut. Ez naiz ausartzen neure atsekabeen sekretua paperari fidatzera: baina atsekabe horiek adiskide fidel eta segur baten baitan isurtzeko premian naiz. Zer orenetan ikus zintzaket, eta joan ninteke zure ondora kontsolamendu eta kontseilu galde? Hain nintzen zoriontsu arima ireki nizun egunean! Orain, alde ederra! Niretzat dena aldatu da. Nihaur sofritzen ari naizena ez da nire oinaze minen zatirik ttipiena baizik; xede askoz maiteago batek sortzen didan kezka, horra ezin jasan ahal dudana. Ni baino zoriontsuagoa, zuk ikusten ahalko duzu nire Cécile, eta zure adiskidantzatik igurikitzen dut ez diozula urrats horri uko eginen: zurekin mintzatu behar naiz ordea, neure berri behar dizut eman. Urrikalduko zatzaizkit, artatuko nauzu; zugan baizik ez dut esperantzarik. Sentikorra zara, amodioa ezagutzen duzu, eta zu zara fida nintekeen bakarra; ez niri uka zure artak.

        Adio, jauna; zu bezalako adiskide bat gelditzen zaidala pentsatzea dut kontsolamendu bakarra neure oinazean. Jakinaraz iezadazu, arren otoi, zer orenetan kausi zaitzakedan. Gaur goizean ez bada, arratsaldean goizik izatea nahi nuke.

...tik, 17**ko irailaren 8an.

 

 

LXI. GUTUNA

CÉCILE VOLANGESEK SOPHIE CARNAYRI

 

        Sophie maitea, urriki zakizkio zeure Cécileri, zeure Cécile gaixoari; zinez dohakabea da! Amak dena daki. Ez dezaket asma nola deusik susmatu ahal izan duen, eta hargatik ororen jakitun dago. Atzo arratsean, ama doi bat beltzuritua zela iruditu zitzaidan; baina ez nion kasu gehiegirik egin; eta jokoan noiz finituko zuten zain, poz-pozik solastatu nintzen Merteuil andrearekin, hemen afaldu baitzuen, eta anitz mintzatu ginen Dancenyz. Ez dut uste hargatik nehork entzun ahal izan zigunik. Merteuil andreak alde egin zuen, eta ni neure gelara joan nintzen.

        Eranzten ari nintzela, horra non ama nire gelan sartu zen eta nire gelazaina irtenarazi zuen; idazmahaiko giltza eskatu zidan. Halako doinuz eskatu ere, non hain dardara bortitzak jo baininduen ezen doi-doia egon bainintekeen zutik. Giltza aurkitzen ez nuelako itxurak egin nituen, baina obeditu behar izan nion azkenik. Zabaldu zuen lehen tiraderan, hantxe ziren hain zuzen ere Danceny zaldunaren gutunak. Hain nintzen asaldu bizian, non amak zer ziren galdetu zidanean, ezin izan bainion ez zirela deus baizik ihardetsi; baina lehenik egokitu zitzaion gutuna irakurtzen hasia zela ikusi nuelarik, doi-doia izan nuen besaulki batera heltzeko parada, eta alditxartu nintzen kordea galtzeraino. Neure onera jin nintzen orduko, amak gelazaina deitu eta joan zen, ohera nendila erranez. Dancenyren gutunak oro eraman ditu. Dardarak hartzen nau haren aitzinean berriz agertu beharko dudala burura datorkidan bakoitzean. Gau osoan negarra baizik ez dut egin.

        Argi azkorrian izkiriatzen dizut, Joséphine jinen den esperantzan. Baldin bakarka mintzatzen ahal banatzaio, otoiztuko diot eraman diezaiola arren ohar ttipi bat Merteuil andreari; bertzela, zure gutunean sartuko dut, eta zuk zurea bailitzan igortzeko ontartea eginen didazu. Harengandik baizik ez nezake kontsolamendu doi bat har. Dancenyz mintzatuko gara bederen, zeren ez baitut hura gehiago ikustea igurikitzen. Arras dohakabea naiz! Eginen dit menturaz Dancenyri gutun bat eramateko ontarte handia. Ez naiz zeregin hori Joséphineri fidatzera ausartzen, eta are gutxiago neure gelazainari; zeren hura baita agian amari idazmahaian gutunik banuela erran diona.

        Ez dizut gehiago izkiriatuko, izan nahi baitut Merteuil andreari izkiriatzeko astia, eta halaber Dancenyri, nire gutuna prest edukitzeko, baldin atsegin handiz mandatu hori egin baliezat. Horren ondoren, berriz oheratuko naiz, gelara sartzen direnek ohean kausi nazaten. Eri naizela erranen diet, amaren gelara joan behar izatetik begiratzeko. Ez dut gezur handirik erranen; segur baita sukarra izanik baino gehiago ari naizela sofritzen. Sutan dauzkat begiak negar egitearen bortxaz; eta arnasa hartzen uzten ez didan halako zama bat dut urdailean. Danceny gehiago ikusiko ez dudala pentsatzetik beretik, hilik egon nahi nuke. Adio, Sophie maitea. Ez diezazuket deusik gehiago erran; malkotan itoa bainaiz.

...tik, 17**ko irailaren 7an.

 

 

LXII. GUTUNA

VOLANGES ANDREAK DANCENY ZALDUNARI

 

        Ama baten fidantziaz eta haur baten inozentziaz neurriz gain baliatu ondoren, jauna, ez zaitu harrituko, dudarik gabe, sekula gehiago onartua ez bazara adiskidantzarik egiazkoenaren agerbideei zuk adeiak oro ahantzirik baizik erantzun ez diezun etxean. Nahiago dut gure etxera gehiago jin ez zaitezen zuri otoiztea, manu hori bera gure atean zuri ematea baino, zeren hori egiteak ber arriskuan ezarriko baikintuzke guztiok, sehiak nahitaez ohartuko litzaizkiokeenez. Bide horretara behartuko ez nauzula igurikatzeko eskubide osoan naiz. Aldez aurretik gaztigatzen ere dizut ezen etorkizunean egin bazeneza murgildua duzun nahasmendu horri nire alaba atxikitzeko entseiurik den mendrenik, bazterraldi latz eta eternal batek begiratuko duela nire alaba zure esetsalditik. Zuri dagokizu, jauna, deliberatzea ea haren desohorea sortzera entseiatzeko izan duzun bezain beldur gutxi izanen duzun haren zorigaitza halaber sortzeko. Nitaz den bezanbatean, egina dut hautua, eta jakinarazi diot alabari.

        Gutun honekin batera kausituko duzu zeure gutunen paketa. Horren truk neure alabaren gutunak oro itzuliko dizkidazulakoan nago; bai orobat gertakari horren ezein arrastorik ez uztera prest izanen zarelakoan ere, zeren ezin haren oroitzapena gorde baikenezake, nik sumindurarik gabe, hark ahalkerik gabe, eta zuk bihotz zimikorik gabe. Ohorez bainaiz, etab...

...tik, 17**ko irailaren 7an.

 

 

LXIII. GUTUNA

MERTEUILEKO MARKESAK VALMONTEKO BIZKONDEARI

 

        Argituko dizut, bai argitu ere, Dancenyren txartela. Izkiriarazi dion gertakaria nik obratua da, eta huraxe da, nire iduriko, nire maisu lanik handiena. Zure azken gutunaz geroztik ez dut astirik galdu, eta erran dut Atenaseko arkitektoak bezala: «Hark erran duena, nik eginen dut.»

        Eragozpenak behar omen ditu beraz nobela heroi eder horrek, bozkarioan lokartua baita! O! Datorrela nigana, emanen diot zereginik; eta baldin oker ez banaiz, haren loak galdua duke jada sosegua. Denboraren prezioa behar zitzaion irakatsi, eta eginen nuke galdu duen hura deitoragarri zaiola orain. Misterio gehiagoren premian zela ere errana duzu; hots bada! Ez du sekula izanen premia horren eskasik. Horixe dut nik on; hutsegiteak ohartarazten dizkidatela, ez dut sosegurik hartzen harik eta dena konpondu dudaino. Jakin ezazu bada zer egin dudan.

        Herenegun goizean etxeratu nintzelarik, zure gutuna irakurri nuen; argigarria iruditu zitzaidan. Gaitzaren kausa oso ongi adierazi zenuela iruditurik, bertze zereginik ez nuen, sendabidea kausitzea baizik. Hasteko oheratu nintzen haatik; zeren zaldun nekaezin hark ez baitzidan instant batez ere lo egiten utzi, eta logale nintzela uste bainuen: debaldetan ordea; Danceny baizik ez izaki gogoan, hura bere laxokeriatik atera nahiak, edo hari zigorra eman nahiak, ez zidan lokartzen utzi, eta harik eta neure asmoa ongi eratua nuen arte, ez nuen bi oreneko loa egin ahal izan.

        Arrats hartan berean joan nintzen Volanges andrearen etxera, eta, neure asmoari jarraiki, fidatu nion segur nengoela ezen haren alabaren eta Dancenyren artean bazela harreman arriskutsu bat. Emakume hori, nahiz zure kontra gogoa erne izan duen, itsuturik zen hain segur, halako heineraino non hasieran erantzun baitzidan tronpatua nintzela, alaba haur bat zela, etab. Ez nion erraten ahal horretaz nekien guztia; aipatu nizkion ordea behakoak, eleak, nire bertutea eta nire adiskidantza asaldatzen zutenak. Mintzatu nintzen azken batean kasik debot bat mintzo izan zitekeen bezain ontsa, eta, ukaldi erabakigarria jotzeko, erran ere nion haren alaba gutun bat eman eta hartzen ikusi uste nuela. Oroitzen naiz berebat, gaineratu nuen, nola behin batean bere idazmahaiko tiradera bat nire aitzinean ireki zuen, eta nola han paper anitz ikusi bainituen, dudarik gabe gordeak dituzkeenak. Badakizu gutunik maiz igortzen eta hartzen ote duen? Orduan Volanges andreari aurpegia aldatu zitzaion, eta malko bakan batzuk ikusi nizkion begietarik isurtzen. «Adiskide zintzoa, anitz esker», erran zidan, eskua tinkaturik, «argibideak hartuko ditut».

        Susmagarria izateko laburregia izana zen elkarrizketa haren ondoren, neska gazteagana hurbildu nintzen. Berehala utzi nuen, alabaren aitzinean sala ez nintzan amari eskatzeko, eta hark zenbatenaz gogotsuago hitz eman zidan ez ninduela salatuko, hanbatenaz ohartu bainion ezen zorion handia litzatekeela ume hura nitaz aski fidaturik egotea, hala bihotza zabal ziezadan eta egon nendin hari nire kontseilu zuhurrak emateko helmenean. Ziur dakit hitza beteko didala, zeren ez baitut dudarik egiten bere burua nahiko duela ohoratu alabagan barneratua izanaren karietara. Banuen, halatan, neska ttipi harekin adiskidantzaren tankera gordetzeko baimena, iruditu gabe faltsu Volanges andrearen aitzinean; hain zuzen ere saihestu nahi nuena. Ondorioz, erdiesten nuen orobat neskatxa gazte harekin nik nahi bezain luzaz eta sekretuki egotea, amak sekula deus susma ziezaion gabe.

        Gau hura bera baliatu nuen horretarako; eta jokoa bukatu ondoren, neska ttipia hegi batean bakartu, eta Dancenyren hizpidera ekarri nuen, nahiz beti ahotan duen. Libertitzen nintzen biharamunean Danceny ikusirik izanen zuen plazerraz hari burua beroturik; zenbat erokeria ez ote nion erranarazi. Esperantzaz behar nion itzuli egiaz edekitzen niona; eta horrek guztiak kolpea areago minberatuko zion halaber, eta uste osoan naiz ezen zenbatenaz sofrituko baitu, hanbatenaz lehiatuko dela lehen okasioan bere buruari sofrimendu horren ordaina ematera. On da, bertzalde, abentura handietara bideratu dugun norbait urrats handietara ohitzea.

        Azken buruan, ezin malkoz ordain lezake bere Danceny edukitzeko plazerra? Burua galdua du harentzat! Hots bada, hitz ematen diot Danceny edukiko duela, bai ekaitz hori gabe baino askoz ere lehenago eduki ere. Ameskaitz bat da, iratzartze zoragarri bat dukeena; eta, oro har, esker ona zor didala iruditzen zait: guztiarekin ere, maltzur samar jokatu badut, libertitu beharrez izan da:

 

                Hona hemen behean ergelak gure plazer ttipietarako.

 

        Gelaratu nintzen azkenik, neure buruaz bozkario handitan. Edo Danceny, erraten nuen neure baitan, eragozpenek suhartua, amodioz sutuko da, eta orduan neure ahal guztiaz diot zerbitzatuko; edo ergel hutsa baizik ez baldin bada, nik batzuetan sinesteko tentazioa dudan bezala, etsirik dateke, eta garaitutzat duke bere burua: beraz, kasu horretan, harez mendekatua ninteke bederen, nire esku zen bezainbat; bidenabar, amaren estimua, neskaren adiskidantza, eta bi-bion fidantzia neure aldera areagotuak dituzket. Gercourtez den bezanbatean, hura baitut neure eginahalen lehen xedea, arras malurosa edo arras moldakaitza nintzateke, baldin haren emaztearen izpirituaren gidari naizen heinean, hala bainaiz orain eta areago izanen aurrerantzean, kausi ez banitza mila bide hura neure nahierara erabiltzeko. Gogoeta ezti horiek lagun oheratu nintzen; lokartu nintzen beraz, eta berandu samar jaiki.

        Iratzarri nintzelarik, kausitu nituen bi txartel, amarena bata, eta alabarena bertzea; eta ez nion barre algarari eutsi ahal izan, kausiturik bi txarteletan perpaus hauxe bera hitzez-hitz emana: Zugandik baizik ez dut igurikitzen kontsolaziorik. Ez dea irrigarria alabaina alde eta kontra kontsolatzea, eta bi interes erabat kontrakoen eragile bakarra izatea? Horra non Jainkoa iduri nuen; elkarren kontrako nahiak hilezkor itsuengandik harturik, eta nire manu mudaezinak fitsik ez aldaturik. Bazter utzi nuen haatik rol goresgarri hura, aingeru kontsolatzailearena hartzeko; eta joan nintzen neure adiskide atsekabetuei ikustaldi bat arauari jarraiki egitera.

        Amagana joan nintzen lehenik; hain zen biziki penatua, non jadanik mendekatua baitzara aldez zure debot eder horren bitartez jasanarazi dizkizun atsekabeez. Dena ezin hobeki atera da: bertze kezkarik ez nuen, Volanges andreak une hori alabaren fidantzia bereganatzeko baliatuko ote zuen baizik; oso erraza zatekeena, ez erabiliz harekin eztitasunaren eta adiskidantzaren mintzaira baizik; eta arrazoiaren kontseiluei emanik, amoltsutasun bihozberaren doinua eta moldea. Beharrik zorroztasunari atxiki zitzaion; hain zuen gaizto jokatu, non hari txalo jo baizik ez nezakeen egin. Egia da gure asmo guztiak deuseztea bururatu zaiola, alaba komentura berriz sarrarazteko xedea harturik: ukaldi hori gibelarazi dut ordea; eta harrarazi diot alabari soilik mehatxua egiteko deliberoa, baldin Dancenyk neskari esesten jarrai baleza: bi-biak behartzen ditut halatan erdietsi ahal izateko nire ustez beharrezkoa den begiramenaz jokatzera.

        Alabagana joan nintzen gero. Ezin sinetsiko zenuke oinazeak zenbatez edertua zuen! Doi bat ere baledi pinpirin, zinez diotsut usu eginen duela negar: oraingoan, maleziarik gabe ari zen negarrez... Dohain edergarri berri hark biziki hunkitua, hari gogobeterik so, hasieran ez nizkion kontsolamendu moldakaitzak baizik eman, penak arindu ordez, penak handitzen dituzten horietakoak; eta, bide horretatik, zinez itotzeko heineraino eraman nuen. Ez zen jadanik negarrez ari, eta une batez dardaraldi baten beldurrez egon nintzen. Oheratzea kontseilatu nion, eta hala egin zuen; gelazain gisa baliatu ninduen: artean garbiketa egin gabe zuen, eta berehala adatsak nahasian barreiatu zitzaizkion sorbalda zein lepo biluzietan behera; besarkada bat eman nion; bere burua nire besoen baitan utzia zuen, eta baratxe-baratxe hasi zen berriz negar malkotan. Jainkoa! Zeinen eder zegoen! Ah! Baldin Madalena horrelakoa bazen, arriskutsuagoa izan behar zuen penitente gisa bekatari gisa baino.

        Eder abaildu hura oheratu zen orduko, onez onean hasi nintzaion kontsolatzen. Lehenik komentuaren beldurretik lasaitu nuen. Danceny ezkutuan ikusteko esperantza sorrarazi nion; eta ohean eseriz, erran nion: «Hura hemen balitz»; gero sujet horren gainean hitz goxoak erranez, eraman nuen, libertimenduz libertimendu, atsekabetan zela arras ahanzteraino. Bozkarioz beterik bereiziko ginatekeen bata zein bertzea, baldin Dancenyri eman nahi zion gutun bat nire esku utzi nahi izan ez balu; nik ordea behin eta berriz ukatu nion. Hona arrazoiak, ontzat hartuko baitituzu dudarik gabe.

        Hasteko, neure burua Dancenyri buruz arriskutan jartzea zelako; eta hura izanagatik neska ttipi harekin balia nezakeen arrazoi bakarra, zu eta bion artean baziren bertze anitz gehiago. Ez litzateke nire lanen fruitua arriskatzea, gure gazteei beren penak leuntzeko baliabide guztiz erraz hura berehala ematea? Eta ez ninduke halaber samurtuko gure bikote hori abentura horretan zerbitzari batzuk nahastera behartua izatea; zeren azken finean abentura hori ongi bukatzen bada, igurikitzen dudan bezala, ezteiak egin ahala beharko da haren berri eman; eta berri bat zabaltzeko bide gutxi dago hori baino ziurragorik; edo, baldin mirakuluz hitzik erranen ez balute, guhaur mintzatuko ginateke orduan, eta erosoagoa izanen da guretzat zuhurtziagabekeria hori gazteen gain ematea.

        Beraz gogoeta hori gaur beharko diozu egin Dancenyri; eta ez bainaiz fidatzen Volanges ttipiaren gelazainaz, eta hura ere ez bide baitzaio fidatzen, aipa iezaiozu nirea, nire Victoire fidela. Ni arduratuko naiz urrats hori ongi hel dadin. Ideia hori hanbatenaz zait laketago, non sekretua guri baizik ez baitzaigu baliatuko, eta ez haiei: zeren ez bainaiz neure kontakizunaren bukaerara heldu.

        Neska ttipi horren gutuna neure gain hartzetik begiratzen ari nintzelarik, unetik unera beldur nintzen ez ote zidan postara eramatea proposatuko; horri ezin bainion uko egin. Beharrik, dela durduzaturik zelako, dela ezjakitun zegoelako, edo atxikiagoa zelako erantzunari gutunari berari baino, eta bide horretarik ezin eskura baitzezakeen, ez zidan deusik aipatu: baina ideia hori burura ez zekion, edo balia ahal ez zezan bederen, xede bat hartu nuen berehala; eta amagana itzulirik, harrarazi nion alaba aldi baterako urruntzeko, landara eramateko deliberoa... Eta nora? Bihotza ez zaizua bozkarioz taupadaka ari?... Zure izebaren etxera, Rosemonde xaharraren etxera. Gaur mezutuko dio: hor duzu beraz zure debotagana berriz biltzeko baimena, zeinak ezin egotziko baitizu berarekin topoz topo egin izanaren eskandalurik, eta nire ardurari esker, Volanges andreak berak konponduko du egina dizun makurra.

        Entzun ordea, eta ez zure aferak horrenbertze zaindu non honako hau bistatik gal dezazun; egizu kontu interesatzen zaidala. Bi gazteen bitarteko eta kontseilari bihur zaitezen nahi dut. Mezutu bada bidaldi hori Dancenyri, eta eskain zure zerbitzuak. Ez duzu eragozpenik izanen, zure aurkezpen gutuna eder horren eskuetara helarazteko ez bada; eta eragozpen hori berehala suntsi ezazu, neskatila horri nire gelazainaren baliabidea jakinaraziz. Dudarik ez da onartuko duela; eta zeure eginahalen sari, bihotz berri baten isilmandatua izanen duzu, interesgarria izaten baita betiere. Gaixoa neskatila! Nola ahalke gorrituko den bere lehen gutuna zuri emanik! Egia erran, isilmandatariaren egiteko hori, nahiz aieruzko ustez gaitzetsia izaten baita, arras jostaldi polita iruditzen zait, horrez gain zereginik izanez gero; eta hori bera izanen da zure kasua.

        Azpijoko horren bilakaera zure arduren esku dago. Zuk erabaki jokalariak noiz bildu. Landak mila bide eskaintzen ditu; eta Danceny segurki prest dagoke zuk mezutu orduko hara biltzeko. Gau bat, mozorro bat, leiho bat... nik dakita? Baina hala ere, baldin neska ttipi hori joan den bezalaxe itzultzen bada handik, zure gain emanen dut. Baldin antzeman bazeneza nik adore pixka bat ematea behar duela, mezutu niri. Aski ongi irakatsi uste diot gutunak gordetzeak dakarren arriskua, beraz, ez da orain ausartuko mutilari gutunik izkiriatzera; eta neskatila hori nire ikasle egiteko xedeari atxikia jarraitzen dut halaber.

        Ahantzi bide zait zuri erratea ezen bere gutunak traditu izanaren susmoak hasieran gelazainari egotzi zizkiola, eta nik kofesoragana bideratu dizkiodala. Horra harri batez bi kolpe egitea.

        Adio, bizkonde; anitz denbora badu izkiriatzen ari natzaizula, eta bazkaria berandutu zait: baina neure buruari diodan maitasunak eta adiskidantzak didate gutun hau diktatu, eta biak berritsuak dira. Bertzenaz, hiru orenen inguruan Danceny zure etxean izanen da, eta hori da jakin behar duzun guztia.

        Egizu orain nitaz deitore, baldin ausartzen bazara; eta zoaz, baldin tentaturik bazaude, B***ko kondearen basoa hartzara ikustera. Adiskideen plazerrerako gordea omen duela diozu! Gizon horrek mundu guztia ote du bada adiskide? Adio beraz, gose naiz.

...tik, 17**ko irailaren 9an.

 

 

LXIV. GUTUNA

DANCENY ZALDUNAK VOLANGES ANDREARI

(Bizkondeak markesari izkiriaturiko
LXVI. gutunari atxikitako zirriborroa.)

 

        Nire jokabidea justifikatu nahi izan gabe, andrea, eta zurea deitoratu gabe, atsekabetua baizik ez ninteke izan asturu hobea merezi duten hiru presuna nahigabetu dituen gertakariaz. Are sentikorragoa bainaiz nahigabe horren eragile izatearen xangrinari, sortu didan kaltearen xangrinari baino, sarri entseiatu izan naiz, atzodanik, ohorez zuri ihardestera, indarrik ordea ezin kausiturik. Haatik horrenbertze gauza erran behar dizkizut, non biziki ahalegindu behar baitut zuri ihardestera; eta baldin gutun honek ordenamendu eta segida gutxi badu, aintzat behar duzu hartu zeinen dolugarria den nire egoera, doi bat bihozbera izan ahal zaitezen nirekin.

        Lehenik utz nazazu zeure gutuneko lehen perpausari aihertzen. Ez dut neurriz gain baliatu, erratea zilegi izan bekit, ez zure fidantzia ez Volanges andereñoaren lañotasuna; bata zein bertzea errespetatu ditut neure eginetan. Soilik horiek ziren nire esku; eta gogoz bertzerako sentimendu baten erantzutea eginen bazenit ere, beldurrik gabe erranen dut halaber Volanges andereñoa zure alabak sorrarazi didana halako gisakoa dela, non higuina sor baitiezazuke, baina ez diezazuke laido egin. Adieraz diezazukedana bainoago hunkitzen nauen sujet horren karietara, soilik zu nahi zaitut juje, eta soilik nire gutunak lekuko.

        Debekatzen didazu gaurdanik aitzina zure etxean agertzea, eta dudarik gabe men eginen diot sujet horren karietara manatu nahiko didazun orori: baina nire ausentzia bet-betako eta erabateko horrek ez ote die elepide gehiago emanen saihestu nahi dituzun esamesei, zeure etxeko atarian arrazoi horregatik beretik eman nahi izan ez dizkidazun manuek baino? Puntu horrez den bezanbatean hanbatenaz setatsu nahi dizut ohartarazi, zenbatenaz baita garrantzitsuagoa Volanges andereñoarentzat niretzat baino. Arren otoi arreta handiz haztaka itzazu beraz gauza guztiak, eta ez utzi zure zorroztasunari zure zuhurtzia aldatzen. Uste osoan bainaiz soil-soilik zeure alaba andereñoagana duzun interesak harraraziko dizkizula zeure deliberoak, zeure manu berrien zain edukiko nauzu.

        Nolanahi ere, baldin emanen bazenit zuri noizbehinka diosal egitera joateko baimena, hitz ematen dizut, andrea, (eta nire hitzari egon zaitezke), ez natzaiola okasio horiez neurriz gain baliaturik Volanges andereñoari bakarka mintzatuko, edo hari gutunik ematera entseiatuko. Haren omena arriskutan jarri ahal izateko beldurrak sakrifizio horretara estekatzen nau; eta hura noizean behin ikusi izanaren bozkarioa duket sakrifizio horren ordaina.

        Nire gutuneko atal hori da orobat Volanges andereñoarentzat prestatua duzun eta nire jokabidearen arabera deliberatuko bide duzun asturuaz den bezanbatean zuk erraten didazunari eman diezaiokedan erantzun bakarra. Seduzitzaile zital bat ari izaten ahal da egoera nolako xedea halako, eta kalkulatzen ahal du gertakarien arabera: baina gogoberotzen nauen amodioaren karietara bi sentimendu baizik ez zaizkit haizu: kuraia eta jarraikitasuna.

        Nork, nik! Volanges andereñoak ahantz nazan onartu, nihaurk hura ahantz dezadan onartu? Ez, sekula ez! Leiala izanen natzaio; hartua du zin hori, eta egungo egunean berriz ere dagiot. Barka, andrea, desbideratzen naiz, natorren neure baitara.

        Badut oraino bertze puntu bat zurekin solastatzeko, erran nahi baita, eskatzen dizkidazun gutunena. Zinez penatzen nau bertze uko bat erantsi beharrak dagoeneko kausituak dizkidazun hutsegiteei: baina, arren otoi, entzun nire arrazoiak, eta oroit ezazu, otoi, on iruditu ahal dakizkizun, zure oniritzia gordetzeko esperantza dela zure adiskidantza galdu izanaren atsekabea kontsolatzeko era bakarra.

        Volanges andereñoaren gutunak, niretzat betiere arras baliosak, are dira baliosagoak une honetan. Gutun horiek dira gelditzen zaidan ondasun bakarra; soilik haiek irudikatzen didate oraino nire bizitza edertzen duen sentimendua. Haatik, sinets nazakezu, ez nuke instant batez ere dudatuko sakrifizio hori zuri eskaintzeaz, eta gutun horiez gabetua izanaren doluak amore emanen lioke zuri dizudan begirunezko adeia zuri frogatu nahiari; zernolako ahaltsuek bararazten naute ordea, eta segur naiz zuhaurk ere ez dituzula gaitzetsiko.

        Jakina zara, egia da, Volanges andereñoaren sekretua; baina utz nazazu erraten ezen zilegi zaidala sinestea sekretu hori fidantziaren ondorioa izan ordez ustekabearen ondorioa izan dela. Ez dut gaitzetsi nahi ama baten arretari, ausaz, zilegi zaion deliberorik. Zure eskubideak errespetatzen ditut, ez ordea nire betebeharretarik salbuetsia izateko heineraino. Gure baitan jarria den fidantzia sekula ez traditzea da ordea eskubiderik sakratuena. Fidantzia horri huts egitea litzateke zure alabak soilik nire begien aurrean erakutsi nahi izan dituen sekretuak bertze norbaiten behakoen mende uztea. Baldin zure alaba andereñoak sekretuok zuri fidatu nahi balizkizu, mintza bekizu; haren gutunak alferrik dituzu. Baldin bere sekretua, aitzitik, bere baitan hertsiki gorde nahi baleza, ez duzu igurikiko, dudarik gabe, nihaurk jakinaraziko dizudanik.

        Gertakari hori misterioan bildua gordetzeko zure desiraz den bezanbatean, zaude lasai, andrea; Volanges andereñoaren onerako izanen den orori dagokionez, erronka jo diezaioket ama baten bihotzari berari. Zugandik kezka oro betiko aiena dezadan, oro dut aldez aurretik prestatua. Orain arte izenburua erretzeko paperak zuen gordailu arras balios horrek Volanges andrearen paperak du orain izenburu. Hartua dudan xede horrek frogatu behar dizu halatan, nire ukoak ez dituela sortu zuk gutun horietan deitora zenezakeen ezein sentimendu kausituko duzun beldurrak.

        Horra, andrea, gutun arras luzea. Ez litzateke sobera luzea, baldin duda izpirik utziko balizu nire sentimenduen zintzotasunaz, zu atsekabetu izanaren damu hagitz zinezkoaz, eta zuri dizudan errespetu sakonaz, haiekin bateginik ohorez bainaiz, etab...

...tik, 17**ko irailaren 9an.

 

 

LXV. GUTUNA

DANCENY ZALDUNAK CÉCILE VOLANGESI

(Bizkondearen LXVI. gutunean
Merteuileko markesari zabalik igorria).

 

        O, nire Cécile, zer izanen da gutaz? Zein Jainkok salbatuko gaitu mehatxatzen gaituzten atsekabeetarik? Amodioak demaigula bederen atsekabe horiek paira ahal izateko kuraia! Nola irudika zuri nire harridura, nire etsipena, nire gutunak ikusirik, Volanges andrearen txartela irakurririk? Nork traditu ote gaitu? Noren susmoa duzu? Zuhurtziagabekeriaren bat egin ote duzu? Zer ari zara orain? Zer erran dizute? Oro nahi nuke jakin, eta fitsik ere ez dakit. Zuhaur ez zaude menturaz ni baino jakitunago.

        Zeure amaren txartela eta nire erantzunaren kopia igortzen dizkizut. Erran diodana onetsiko duzulakoan nago. Behar-beharrezkoa dut zorigaiztoko gertakari horren ondoren egin ditudan urratsak halaber onets ditzazun, horien guztien xede bakarra da zure berri izatea, nire berri zuri ematea; eta, nork daki? menturaz zu berriz ikusteko, eta nehoiz baino libroago ikusteko xedea ere.

        Irudika dezakezu, Cécile nirea, zer plazerra gu biok berriz elkarrekin egonik, elkarri amodio eternala berriz zin eginik, eta gure begietan ikusirik, gure arimetan sentiturik zin hori ezin litekeela engainatzailea izan? Hain une eztiak zein pena ez lituzke ahantzaraziko? Hots bada! Uste osoan naiz horiek oro ernaltzen ikusteaz, eta uste hori zor diet arren otoi onets ditzazun eskatzen dizudan urrats horiei berei. Zer diot ordea? Adiskiderik amoltsuenaren arta kontsolagarriei zor diot; eta nire galde bakarra da utz diezaiozun adiskide horri zure adiskide ere izaten.

        Menturaz ez nuke zure fidantzia zure baimenik gabe eman behar? Zorigaitza eta premia ditut ordea estakuru. Amodioa da gidatu nauena; amodioa da bihozberatasuna fermuki galdatzen dizuna, behar-beharrezko isilmandatu baten barkamen eske datorkizuna, hura gabe beharbada elkarrengandik urrundurik baikinateke betiko. Aipatzen dizudan adiskide hori ezagutzen duzu; gehien maite duzun emakumearen adiskidea da. Valmonteko bizkondea da.

        Nire lehen xedea, hari mintzaturik, zen hari otoiztea bil zezan Merteuil andrea nik zuri izkiriaturiko gutun bat bere gomendio hartzera. Valmont jaunak ez du uste izan bide hori ondo atera litekeenik; baina etxekoandrearen despit, haren gelazaina jartzen du berme, zorretan omen dauka eta. Hark igorriko dizu gutun hau, eta hari eman ahal izanen diozu erantzuna.

        Laguntza hori ez zaigu baliagarria izanen, baldin, Valmont jaunak uste duen bezala, landara partitzen bazara berehala. Baina orduan berak nahi gaitu zerbitzatu. Zu zoazen etxeko emakumea ahaidea du. Estakuru hori baliatuko du zu helduko zaren tenore berean heltzeko; eta haren bitartez iraganen dira gure arteko gutunak oro. Erraten du orobat ezen, baldin gida zaitzan uzten badiozu, hark erdietsaraziko dizkigula elkar ikusteko bideak, zuk batere arriskurik izan dezazun gabe.

        Orain, Cécile nirea, baldin maite banauzu, baldin nire malura deitoratzen baduzu, baldin, uste osoan naizen bezala, nire dolua zeure egiten baduzu, zeure fidantzia ukatuko diozu geure aingeru begiralea dukegun gizonari? Hura gabe, etsipenean eroria nintzateke, sortu dizkizudan atsekabeak leundu ahal ez izateko heineraino. Atsekabe horiek finituko dira, ziur naiz: baina, adiskide amoltsua, hitz emaidazu ez dituzula atsekabe horiek sobera aintzat hartuko, ez dizutela berebat lur joaraziko. Zure oinazean pentsatzea jasan ezin ahala dolugarria zait. Bizia emanen nuke zu zoriontsu izan zintezen! Ontsa dakizu. Aileza biziki maitatua izatearen segurantzak zure arima doi bat kontsola! Amodioak sofriarazten dizkizun gaitzak barkatzen dizkiozulako segurantzaren beharretan dut nik neurea.

        Adio, Cécile nirea, adio, adiskide amoltsua.

...tik, 17**ko irailaren 9an.

 

 

LXVI. GUTUNA

VALMONTEKO BIZKONDEAK MERTEUILEKO MARKESARI

 

        Honekin batera doazkizun bi gutunak irakurririk, ikusiko duzu, adiskide eder horrek, ea ontsa bete dudan zure asmoa. Nahiz biak egungo data ezarria duten, biak dira atzo izkiriatuak, nire etxean, eta nire begien aurrean: neska ttipiari izkiriaturikoak guk nahi genuen guztia erraten du. Ez ninteke apaldua baizik egon zure so sakonaren aitzinean, baldin zure urratsen arrakastagatik jujatzen badut. Danceny dena suhar da; eta hain segur lehen okasioan, ez diozu liskar gehiagorik egin beharko. Baldin haren neskatxa eder maleziarik gabea manukor nahi bazaio izan, oro finitua dateke landara heldu eta berehala; baditut ehun baliakizun prest. Zure ardurei esker horra non zinez naizen Dancenyren adiskidea, Printze izatea baizik ez du eskas.

        Oso gaztea da oraino Danceny hori! Sinesten ahal zenuke ezin izan dudala harengandik erdietsi eman diezaion amari amodioari uko egin diolako hitza; non eta hitz emateak trabarik bailukeen, hartua delarik hitza ez betetzeko deliberoa! Engainua litzateke, errepikatzen zidan etengabe: herabekeria hori ez dea onbidetsua, batez ere neska nahirik seduzitu? Horra gizonak! Guztiak oro gaiztaginak haien xedeetan, xede horiek ahuldadez obratu izanari deitzen diote prestutasuna.

        Zuri dagokizu gure gazte horrek zilegi iruditurik bere gutunean egin dituen lerratze ttipiek Volanges andrea izu dezaten eragoztea; libra gaitzazu komentutik; entseia zaitez orobat neska ttipi horren gutunen galdea gibelaraztera. Hasteko, ez dizkio bihurtuko, ez dizkio eman nahi, eta ni iritzi berekoa naiz; amodioa eta arrazoia ados dira hemen. Irakurri ditut gutun horiek, irentsi dut gutunok sortzen duten asperra. Baliagarriak gerta dakizkiguke. Horra zergatik.

        Afera honetan zuhur jokatuagatik, eskandalurik gerta liteke; eskandaluak ezteiak eragotz litzake, ez dea egia, eta Gercourtentzat ditugun xedeak oro ustel gertarazi? Baina nola ni, bertzalde, amaz behar bainaiz mendekatu, neuretzat atxikitzen dut kasu horretan neska desohoratzea. Gutun sorta horretan ontsa hautatuz gero, eta argitara ez emanik parte bat baizik, iduri luke Volanges ttipiak eginak lituzkeela aitzin urratsak oro eta mutila begiz jo eta hari lasterka oldartua zaiola. Gutun bakan batzuek ama ere jar lezakete arriskuan, eta haren omena barkaezinezko laxokeriaz bederen belztu. Badakit Danceny herabekeriez bete hori irauliko litzatekeela hasieran; baina zuzenean berari erasoko ziotenez, azkenik onartuko lukeela uste dut. Mila eta bat jokatuko nuke zoria ez zaigula gisa horretan bertzeratuko; oro behar da ordea aldez aurretik ikusi.

        Adio, adiskide ederra; oso atsegina zinateke bihar ***ko mariskalaren emaztearen etxera afaltzera jinen bazina; ez nion ukatzen ahal.

        Badakit ez dizudala kontseilatu beharrik landara joateko nire xedea ezkutuan gorde diezaiozun Volanges andreari; berehala hartuko bailuke hirian gelditzeko xedea: landara heldu orduko, aldiz, ez da biharamunean itzuliko; eta baldin ematen badizkigu soil-soilik zortzi egun, ni izanen naiz ororen erantzule.

...tik, 17**ko irailaren 9an.

 

 

LXVII. GUTUNA

TOURVEL LEHENDAKARIAREN EMAZTEAK
VALMONTEKO BIZKONDEARI

 

        Ez nizun gehiago ihardetsi nahi, jauna, eta une honetan sentitzen ari naizen asaldua bera dut beharbada alabaina ihardetsi behar ez nizulako froga. Nolanahi ere ez dizut eman nahi nitaz deitoratzeko ezein arrazoirik; sinetsarazi nahi dizut egin nezakeen guztia egin dudala zugatik.

        Niri izkiriatzeko baimena eman nizula diozu? Ados naiz; baina baimen hori oroitarazten didazularik, uste duzu ahanzten dudala zein baldintzatan eman zitzaizun? Baldin iraun izan banu neure hitzari leial zuk zeureari leial iraun duzun bezain gutxi, hartuko ote zenuke nigandik erantzun bat bakarra ere? Hona haatik hirugarrena; eta zu gure arteko gutun harremana haustera ni behartzeko behar den guztia egiten ari zaren bitartean, nihaur ari naiz harreman horri eusteko bideez arduratzen. Bada bide bat, bakarra da ordea; eta baldin bide hori hartzeari uko egiten badiozu, aise frogatuko didazu orduan, zuk zernahi erran ere, arrunt apalesten duzula.

        Bazter utz ezazu bada aditu nahi ez dudan eta aditzen ahal ez dudan mintzaira hori; egiozu uko laidotzen eta izutzen nauen sentimendu horri, zeinari, menturaz, gutxiago atxikia egon behar zenukeen, pentsaturik hura dela elkarrengandik aldentzen gaituen behaztopa. Sentimendu hori ote da bada ezagut dezakezun bakarra, eta amodioari erantsi behar ote diot halaber adiskidantza baztertu izanaren hutsegitea? Sentimendu amoltsuagoak opa izan dizkiozun presuna hori bera adiskidetzat ez hartzeko hutsegite hori ere egin ote duzu? Ez dut hori sinetsi nahi: ideia umiliagarri horrek irauliko ninduke, zugandik ninduke sekula betiko urrunaraziko.

        Nire adiskidantza zuri eskainirik, jauna, ematen dizut neure baitan dudan guztia, balia dezakedan guztia. Zer gehiago desira dezakezu? Sentimendu hain ezti, nire bihotzarentzat hain egoki horri men egiteko, ez dut zure baimena baizik igurikatzen; eta zugandik fermuki galdatzen dudan hitza halaber, erran nahi baita, zure zorionak nire adiskidantza askietsiko duela. Erran ahal izan didaten guztia dut ahantziko; eta nire hautua justifikatzeko ardura zure esku utziko.

        Ikusten duzu egiaz mintzo natzaizula, eta fida natzaizula behar dizu horrek frogatu; fidantzia hori areagotzea soil-soilik zuri dagokizu: baina aldez aurretik har ezazu gaztigu: amodiozko lehen eleak betiko suntsituko du nire fidantzia, eta berriz sortuko dizkit neure beldurrak oro; oroz gain zuri buruz isiltasun eternala gordetzeko seinalea izanen da niretzat.

        Baldin, zuk diozun bezala, zeure hutsegiteak aintzat hartu badituzu, ez ote duzu nahiago emakume zintzo baten adiskidantzaren xede izatea, emakume errudun baten damuen kausa izatea baino? Adio, jauna; ulertuko duzu ezen horrela mintzatu ondoren ezin erran dizudala gehiagorik zuk ihardets diezadazun arte.

...tik, 17**ko irailaren 9an.

 

 

LXVIII. GUTUNA

VALMONTEKO BIZKONDEAK
TOURVEL LEHENDAKARIAREN EMAZTEARI

 

        Nola ihardetsi, andrea, zure azken gutunari? Nola ausartu egiaz mintzatzera, egiaz mintzatzeak zure aitzinean gal nazakeelarik? Ez dio axolarik, egiaz behar natzaizu mintzatu; hartuko dut kuraia. Neure buruari erraten diot, errepikatzen diot, gehiago balio duela zu merezitzeak, zu neretzeak baino; eta nahiz nik etengabe desiratuko dudan zoriona zuk beti ukatzen didazun, froga diezazudan bederen nire bihotza zorion hori merezitzeko gai dela.

        Zer ondiko handia nik, zuk diozun bezala, neure hutsegiteak aintzat hartu izana. Zer nolako bozkariozko gainezkaldiaz irakurriko nukeen egungo egunean ihardesteko beldurrez naukan gutun hori bera! Egiaz mintzo omen zara, fida omen zatzaizkit, zeure adiskidantza didazu azkenik eskaintzen: zenbat ontasun, andrea, eta ondikotz ezin haiez baliatu! Zergatik ez naiz jada lehen nintzen berbera?

        Baldin huraxe berbera banintz alabaina; baldin ez banu zugana jaidura arrunt bat baizik, sedukzioaren eta plazerraren kumea den jaidura arin hori baizik, egun haatik amodioa deitzen zaiona, lehiatuko nintzateke erdiets nezakeen guztiaz probetxu hartzera. Baliabideetan zakar, garaipena ekarriko lidaketen heinean, zure egiatasuna adoretuko nuke zu igertzeko premiaz; zure fidantzia desiratuko nuke, hura traditzeko xedez; zure adiskidantza onartuko nuke, hura suntsitzeko esperantzaz... Zer! Andrea, irudi horrek izutzen zaitu?... Hots bada! Nire arabera egina litzateke haatik, baldin soil-soilik zure adiskide izatea onartzen dudala erranen banizu...

        Nork, nik! Zure arimatik isuritako sentimendu bat bertze norbaitekin batera gozatzea onartu nik? Nehoiz hori erraten baldin badizut, ez sinetsi gero. Une horretatik bertatik zu tronparazten ariko nintzateke; desiratzen ahal zintuzket oraino, baina hain segur ez zintuzket jadanik maitatuko.

        Ez hain zuzen egiatasun atsegina, fidantzia eztia, adiskidantza sentikorra balioesten ez ditudalako... Amodioa ordea! Amodio benazkoak, zuk sorrarazi didazunaren gisarakoak, biltzen dituelarik sentimendu horiek guztiak, ematen dielarik indar gehiago, ez lekike makurtzen, horiek bezala, konparazioei bide ematen dien, lehentasunak onartzen ere dituen lasaitasun horretara, arimaren hoztasun horretara. Ez, andrea, ez nauzu adiskide izanen; maiteko zaitut amodiorik amoltsuenaz, bai suharrenaz ere, nahiz hargatik errespetuzkoenaz. Amodio hori etsiaraz zenezake, ez duzu ordea suntsitzen ahalko.

        Zein eskubidez nahi duzu izan begirunezko eskaintzak ukatzen dizkiozun bihotz baten jabe? Krudelkeria ezinago handiz, zergatik zaude zu maitatzeak sortzen didan zorionaren bekaitzez? Zorion hori nirea da, zugandik bereiz dago; jakinen dut defendatzen. Baldin neure maluren sorburu badut, orobat dut haien sendabide.

        Ez, berriz ere diot, ez. Seta zaitez zeure uko krudeletan; baina utz iezadazu neure amodioa. Plazer duzu ni malurtzen! Hots bada! Hala biz; entseia zaitez nire kuraia akitzera, bai baitakiket bederen nire asturua erabakitzera zu nola behartu; eta menturaz, egunen batean, zuzen eta bidezkoago izanen zara nirekin. Ez uste igurikitzen dudanik zu noizbait sentikor bihurtzea: baina nire nahira erori gabe, nire iritzira bildua izanen zara azkenik, erranen duzu zeure baitan: gaizki jujatu nuen.

        Hobeki erran, zeure buruarekin zara bidegabe. Zu ezagutu eta ez maitatzea, zu maitatzea eta jarraikia ez izatea, bi-biak dira berebat ezinezko gauzak; eta apaingarri jarria duzun xalotasuna gorabehera, errazagoa bide zaizu kexatzea, sorrarazten dituzun sentimenduei mira egitea baino. Nitaz den bezanbatean, zu ederretsi izana baitut merezimendu bakarra, ez dut merezimendu hori galdu nahi; eta jukutriazko zure eskaintzei men egitetik urrun, zure oinetan berriz dagit zu beti maitatzeko zina.

...tik, 17**ko irailaren 10ean.

 

 

LXIX. GUTUNA

CÉCILE VOLANGESEK DANCENY ZALDUNARI

(Lapitzez izkiriaturiko txartela, eta Dancenyk berriz kopiatua.)

 

        Zertan ari naizen galdegiten didazu; maite zaitut, eta negar dagit. Amak ez dit hitz egiten; papera, lumak eta tinta edeki dizkit; lapitz batez ari naiz baliatzen, beharrik gordea nuen, eta zeure gutunaren puska baten gainean izkiriatzen dizut. Egin duzun guztia zinez behar dut onetsi; sobera maite zaitut zeure berri izateko eta neure berri zuri emateko bide guztiak ez baliatzeko. Ez nuen Valmont jauna maite, eta ez nuen uste hain adiskide mina zenuenik; saiatuko naiz jaun horrekiko harremanera ohitzen, eta maiteko dut zu zaitudala kausa. Ez dakit nork traditu gaituen; nire gelazaina edo nire kofesora baizik ezin daitezke izan. Arras dohakabea naiz: bihar landaldera partituko gara; ez dakit zenbat denboraz. Jainko Jauna! Zu gehiago ez ikustea! Ez dut leku gehiagorik. Adio; entseia zaitez txartel hau irakurtzera. Lapitzez izkiriaturiko ele hauek desagertuko dira agian, ez ordea sekula nire bihotzean finkatu diren sentimenduak.

...tik, 17**ko irailaren 10ean.

 

 

LXX. GUTUNA

VALMONTEKO BIZKONDEAK MERTEUILEKO MARKESARI

 

        Garrantzi handiko gaztigu bat dut zuri egiteko, adiskide mina.

        Atzo, dakikezun bezala, ***ko mariskalaren emaztearen etxean afaldu nuen, zu izan zintugun elepide, eta karia horretara mintzatu nintzen, ez zugan dudan uste on guztiaz, zutaz uste ez dudan guztiaz baizik. Oro bide ziren nire iritzi berekoak, eta solasa apaldua zelarik, hurkoarentzat ele onik baizik ez denean beti gertatzen den bezala, horra non zutitu den kontra egile bat: Prévan zen.

        «Jainkoak ez dezala nahi», erran zuen zutiturik, «Merteuil andrearen zintzotasunaz egin dezadan dudarik! Baina zilegi izan bekit uste izatea ezen zintzotasun hori areago zor diola haren arinkeriari haren oinarrizko arauei baino. Zailagoa da beharbada hari segitzea, hari laket izatea baino; eta nola, emakume baten atzetik joaki, bidean beti kausitzen baita bertze emakumerik, nola, finean, bertze emakume horiek balio baitezakete lehena bezainbat edo are gehiago; batzuek jartzen dute arreta jaidura berri batean; bertzeak akiduraz baratzen dira; eta hura da menturaz Pariseko emakumeen artean bere burua gutxien defendatu behar izan duena. Nik, aldiz,» erran zuen gero (emakume batzuen irribarreek akuilaturik), «ez nuke Merteuil andrearen bertutean sinetsiko, harik eta hura gorteatzen sei zaldi leherraraziko ez nituzkeen arte.»

        Trufa gaizto hark arrakasta izan zuen, gaitzerranerako joera duten guztiak bezala; eta eragin zuen irri-algara bitartean, Prévan berriz eseri zen, eta afaldar guztien solasa aldatu egin zen. Baina B***ko bi kondesak, gure sinesgogor hura ondoan baitzuten, harekin batera lotu zitzaizkion beren solas partikularrari, beharrik solas hura entzuteko helmenean nintzen.

        Zu sentikor bilakatzeko erronka onartua izan da; oro kontatzeko hitza emana izan da; eta abentura hartan eman ziren hitz guztien artean, hura izanen da segurki zorrozkien atxikia. Gaztigaturik zaude beraz, eta ezagutzen duzu erran zaharra.

        Erran gabe doa ezen Prévan hori, nahiz zuhaurk ez duzun ezagutzen, biziki atsegina dela, eta are antzatsuagoa. Ezen baldin noizbait kontrakorik erraten entzun badidazu, da soilik laket ez zaidalako, haren arrakastak zapuzten plazer hartzen dudalako eta badakidalako zer nolako indarra duen nire iritziak gure hogeita hamar bat emakume moda-modakoenen artean.

        Alabaina, denbora luzean eragotzi izan diot, bide horrez, guk teatro handia deitzen diogun horretan agertzea; eta miragarrizko egintzak egiten zituen, omen handirik izan gabe. Baina haren abentura hirukoitzaren eskandaluak, begiak harengan ezarri baititu, eman dio ordu arte eskas zitzaion fidantzia, eta bihurtu du zinez gizon beldurgarri. Azken finean hura da menturaz egungo egunean nire bidean kausitu beldur nintzatekeen gizon bakarra; eta zure interesa gorabehera, zinez eginen didazu zerbitzu, hura bidenabar irrigarri utzirik. Esku onetan uzten dut; itzultzen naizenean, gizon lur joa izanen ahal da!

        Hitz ematen dizut, ordainetan, zure ikaslearen abentura xede onera eramatea, eta harez arduratzea nire ahalketi eder horrez bezainbat.

        Honek errendatzeko asmo bat dit berriki igorri. Haren gutun osoak tronparazia izateko desira iragartzen du. Ezin eskain bide erosoagorik eta halaber erabiliagorik. Bere adiskidea izan nadin nahi du. Baina nik, baliakizun berri eta zailak baitzaizkit laket, ez dut emakume hori bere betebeharretarik halatan kitorik salbuetsia uzteko asmorik; eta hain segur ez nukeen harengatik horrenbertze neke hartuko, sedukzio arrunt batez bukatu behar izateko.

        Nire asmoa da, aitzitik, eginen didan sakrifizio bakoitzaren balioa eta hedadura emakume horri sentiaraztea, gogotik sentiaraztea ere; ez gidatzea halaber kontzientziaren ausikiak ezin atzetik jarraik dakizkion bezain azkar; agonia geldi batez eginaraztea haren bertuteaz fin gaitz; andre hori etengabe finkatzea ikuskari hondagarri horretan; eta ez ematea nihaur bere besoetan izateko zoriona, harik eta desira sekula gehiago ez disimulatzera beharturik dudan arte. Izan ere, deus gutxi balio dut, ez badut galdatua izatea merezi. Gutxiago mendeka ninteke maiteminetan dela aitortzeaz ahalke gorritzen bide den emakume handios batez?

        Uko egin diot beraz adiskidantza balios horri, eta neure maitale izateari atxiki natzaio. Ez bainago jakin gabe hastean hitzezko eztabaida soil bat baizik ez dirudien maitale izate hori oso inportantea dela haatik niretzat, ardura handiz izkiriatu dut neure gutuna, eta saiatu naiz orobat soilik sentimenduak irudika dezakeen desordenu hori han-hemenka barreiatzen. Neure mintzoa dut azkenik ahalik eta gehiena zentzugabetu: zeren zentzugabekeriarik gabe, ez baita amoltsutasunik; eta arrazoi horregatik beragatik zaizkigu, nire ustez, amodiozko gutunetan emakumeak arrunt gailentzen.

        Balaku batez bukatu dut neurea, nire gogoeta sakonen segida baita hori ere. Emakume baten bihotza aldi batez ekinean ari izan ondoren, atseden beharretan izaten da; eta ohartua naiz balaku bat dela emakume guzti-guztiei eskaintzen ahal zaien bururdirik biguinena.

        Adio, adiskide ederra. Bihar partituko naiz. Baldin ***ko kondesarentzat nahi bazenit manurik eman, haren etxean baratuko naiz, afaltzeko bederen. Samurturik naiz zu ikusi gabe partitu beharraz. Helaraz zure arau gorenak, eta lagundu zure kontseilu zuhurrez, une erabakigarri honetan.

        Batez ere, begira zaitez Prévangandik; ainiezazuket egunen batean itzul sakrifizio horren ordaina! Adio.

...tik, 17**ko irailaren 11n.

 

 

LXXI. GUTUNA

VALMONTEKO BIZKONDEAK MERTEUILEKO MARKESARI

 

        Nire sehi txoriburu horrek ez du ba nire paper zorroa Parisen utzi! Nire eder horren gutunak, Dancenyk Volanges ttipiari izkiriaturikoak, oro han gelditu dira, eta ororen premian naiz. Partitzear da bere ergelkeria erremediatzera; eta zaldia zelatzen ari den bitartean, bart arratsean gertatu zitzaidan historia kontatuko dizut: zeren otoi sinets nazazu ez dudala denborarik galtzen.

        Abentura, berez, huskeria da; M...ko bizkondesarekiko suharraldi bat baizik ez. Xehetasunen karietara interesgarria iruditu zait ordea. Gogobeterik nahi dizut bertzalde erakutsi ezen emakumeak galtzeko jeinua baldin badut, badudala halaber, hala nahi dudalarik, emakumeak salbatzekoa ere. Xederik zailena, edo alaiena, huraxe izaten da beti nik hartzen dudana; eta ez diot neure buruari egitate on baten erantzute egiten, baldin trebatzen banau edo libertitzen.

        Bizkondesa hemen kausitu nuen bada, eta haren eskari biziak juntatu zitzaizkionez gaua gaztelu hartan iragan nezan bertzeek egiten zizkidaten esetsaldiei, erran nion: «Ongi da! Onartzen dut», «gaua zurekin pasatzeko baldintzarekin.» — «Hori ezinezkoa dut,» erantzun zidan, «Vressac hemen da.» Ordu arte atseginezko ele bat erran uste niolakoan nengoen: baina ezinezko hitza aditzeak, ohi bezala sutu ninduen. Umiliaturik sentitu nintzen Vressaci sakrifikatua izateaz, eta sakrifizio hori ez pairatzea deliberatu nuen: eskaria errepikatu nion beraz.

        Zernolakoak ez nituen aldeko. Vressac horrek moldakaizkiro susmotan ezarria du bizkondea; eta bizkondesak ez dezake halatan bere etxean gehiago har: eta kondesa on horren etxera eginiko bidaldi hori bion artean zuten antolatua, gau batzuk gordeka ebastera entseiatzeko xedez. Bizkondea samurturik ageri ere zen hasieran Vressac berriz han ikusteaz; ehizari emanagoa baita ordea jeloskor den baino, han gelditu zen haatik: eta kondesak, zuk ezagutzen duzun gisara ari izanez betiere, eman zion emazteari korridore handian ostatu, eta ezarri zituen gero senarra alde batean eta maitalea bertzean, eta elkarren artean konpon zitezen utzi zituen. Bien asturugaitzak nahi izan zuen ni parean koka nindezaten.

        Egun hartan berean, erran nahi baita atzo, Vressac, pentsa dezakezunez bizkondea lausengatzen ari baita, ehizan zebilen harekin, nahiz ehiza ez duen batere laket, eta senarrak egun osoan eragiten zion asperretik, gauez, emaztearen besoetan, kontsolatu ustean zen: niri, ordea, atsedena behar zuela iruditu zitzaidan, eta gogoetan hasi nintzen haren maitaleari nola harrarazi Vressaci atseden hartzeko astia emateko deliberoa.

        Erdietsi nuen, bai halaber liskar egin ziezaion lortu ere, bistan denez berarengatik baizik onartu ez zuen ehizaldi horren karietara. Ezin jar zitekeen estakuru okerragorik: baina ezein emakumek ez du bizkondesak bezain dohain handirik, nahiz guzti-guztiek baduten, arrazoiaren ordez haserrea agerrarazteko, eta hanbatenaz sosega ezinago agertzeko, zenbatenaz ez duen arrazoirik. Bertzenaz, hura ez zen argibideak emateko une egokia; gau bat baizik ez bainuen nahi, on iruditu zitzaidan biharamunean onezkoak egin zitzaten.

        Itzuli zen orduko, bizkondesak egin zion bada Vressaci beltzuri. Vressacek beltzuri horren kausa nahi izan zuen galdegin, bizkondesa liskartu zitzaion. Vressac bere burua justifikatzera entseiatu zen; hantxe baitzen senarra, estakuru gisa baliatua izan zen solasa eteteko; Vressac saiatu zen azkenik senarra kanpora joana zen une batez baliatzen bizkondesari arratsean otoi arren adituko ote zion galdegiteko: orduantxe goiendu zen bizkondesa. Haserre aienatu zuen gizon batzuen ausardia, zeren emakume baten ontasunak dastatu dituztelako uste baitute hura neurriz gain baliatzeko eskubidearen jabe direla, nahiz emakumeak badukeen gizonez kexurik; eta antze horren bidez solasgaia aldaturik, hain zen emekiro eta sentipenez beterik mintzatu, non Vressac mutu eta nahas gelditu baitzen; non nihaur orobat izan bainintzen bizkondesak arrazoi zuela sinesteko tentatua: zeren bai baitakikezu, bien adiskide naizen heinean, hirugarren gisa solas horretan tarteko nintzela gertatu.

        Azkenean, tinko bada tinko deklaratu zuen ez zizkiola ehizaren nekeei amodioaren nekeak berretuko, eta damu zukeela hain plazer eztiak nehori eragotzia. Senarra itzuli zen. Vressac dohakabea, erantzuteko libertaterik ez baitzuen jadanik, nirekin hasi zen hizketan; eta arras denbora luzean bere arrazoiak niri kontatzen aritu ondoren, nahiz nik hark bezain ongi ezagutzen nituen, arren otoi eskatu zidan mintza nendila bizkondesarekin, eta mintzatuko nintzaiola hitz eman nion. Mintzatu nintzaion alabaina; hari eskerrak emateko ordea, bai orobat zer orenetan eta elkar nola ikusiko genuen harekin batera adoste-ko ere.

        Erran zidan nola bere gela senarraren eta maitalearen gelen artean baitzen, zuhurragoa iruditu bide zitzaiola Vressacen gelara joatea, hura bere gelan hartzea baino; eta, nire gela berearen parean zegoenez, seguragoa kausitzen bide zuela halaber nire gelara etortzea; gelazainak alde egin orduko jinen zela; atea erdi zabalik utzi, eta haren zain egon, bertzerik ez nuela egin behar.

        Dena adostua genuen bezala egin genuen; eta bizkondesa oren batak inguruan heldu zen nire gelara

 

                ...lo goxotik bortxaz iratzarri berria izan den

                eder baten apaindura hutsean.

 

        Harrokeriara ez bainaiz emana, ez naiz gaueko xehetasunetan baratuko: ezagutzen nauzu ordea, eta pozik nintzen neure buruaz.

        Argi azkorrian, bereizi behar izan genuen. Orain hasten da historia hau interesgarri bihurtzen. Txoriburu hark atea erdi irekia utzia zuela uste zuen, hertsirik kausitu genuen, eta giltza barnean gelditua zen: ez dezakezu irudika zer nolako begitarte etsia zuen bizkondesak bet-betan erran zidanean: «Ah! Galdua naiz.» Aitor dezadan irrigarria zatekeela emakume hura egoera hartan utzia: onar nezakeen ordea emakume bat nigatik galtzea, nik galdua izan gabe? Eta gizon arrunt baten gisara egin behar ote nion men halabeharrari? Baliabide bat kausitu behar nuen. Zer eginen zenukeen zuk, adiskide eder horrek? Horra nola jokatu nuen, bai erdietsi ere.

        Berehala ohartu nintzen delako ate hura aise bota zitekeela, nahiz zalaparta handia eginez behar zen bota. Bizkondesagandik lortu nuen beraz, ez nekerik gabe, deiadar min eta izuzkoak eginen zituela, hala nola, lapurrak, hiltzaileak, etab. Eta deliberatu genuen lehen deiadarrarekin atea botako nuela, eta hura korrika oheratuko zela. Ez zenuke sinetsiko zenbat denbora eman zuen ezin ausarturik, nahiz deliberatua zen. Egin behar izan zuen azkenean, eta atea lehen ostikadaz zabaldu zen.

        Beharrik bizkondesak ez zuen astirik galdu; zeren instant berean horra non bizkondea eta Vressac korridorean ageri baitziren; eta gelazaina jina zen halaber etxekoandrearen gelara.

        Soilik ni nengoen odol hotzean, eta horri esker hartu ahal izan nuen oraino bizturik zen argiontzi bat itzaltzera joan eta lurrera botatzeko parada; zeren egizu kontu zeinen irrigarria gerta baitzitekeen, izu-ikarazko halako itxurak gelan argia izanik egin izana. Lo zerraldo zeudelako liskar egin nien gero senarrari eta maitaleari, presaka etorrarazi ninduten deiadarrak eta atea botatzen egin nituen ahaleginak duela bortz minutu hasiak zirelakoan.

        Ausardia ohean berreskuraturik, bizkondesak ondo samar lagundu zidan, eta Jainko guztiengatik egin zuen zin bazuela ohoin bat gelan; egiantza gehiagoz segurantzaz zuen segurtatu ezen ez omen zuela sekula horrenbertze beldurrik izan. Bazterrak oro miatu genituen eta ez genuen deus ere kausitu, eta bet-betan argiontzia erakutsi nien lurrean botea, eta erran nien beraz arratoi batek sortu zituela, dudarik gabe, kalteak eta izua; aho batez onartu zuten nire iritzia, eta arratoien gainean trufa arrunt begien bistako batzuk egin ondoren, bizkondea izan zen bere gelara eta bere ohera joan zen lehena, emazteari otoiztuz arratoi lasaiagoak izan zitzan aurrerantzean.

        Vressac, gurekin bakarka gelditua baitzen, bizkondesagana hurbildu zen gertakizun hura amodioaren mendekuari zor zitzaiola amoltsuki erratera; eta hark horra zer ihardetsi zion niri so: «Haserre bizian behar zuen bada, zeren hagitz mendekatu baita, nolanahi ere» erran zuen gero, «leher eginik nago eta lo egin nahi dut.»

        Aldi oneko nintzen; beraz, elkarrengandik aldendu baino lehen, Vressacen kausaren alde mintzatu nintzen, eta adiskidetzea ekarri nuen. Bi maitaleek musu eman zioten elkarri, eta niri eman zidaten gero biek musu. Ardurarik ez nuen jadanik bizkondesaren musuez: aitor dut ordea Vressacenak plazer eman zidala. Elkarrekin jalgi ginen; eta haren esker on luzeak hartu ondoren, nor bere ohera joan ginen.

        Baldin historia hori irrigarria iruditzen bazaizu, ez dizut sekretua galdatzen. Egun aski libertitu bainaiz, zuzen da jendeek beren txanda izan dezaten. Oraingoz, ez dut historia baizik aipatzen, menturaz sarri bertze horrenbertze eginen dugu heroi andrearekin?

        Adio, badu oren bat neure sehia zain daukadala; une batez baizik ez naiz gibelatzen zuri musu emateko, eta batez ere Prévangandik begira zaitezen aholkatzeko.

...tik, 17**ko irailaren 13an.

 

 

LXXII. GUTUNA

DANCENY ZALDUNAK CÉCILE VOLANGESI

(14a arte igorri gabea)

 

        O, nire Cécile! Valmonten asturuaren arras bekaitzez nago! Bihar ikusiko zaitu. Hark emanen dizu gutun hau; eta nik, zugandik urrun hiratua, damuen eta zorigaitzen artean herrestan eramanen dut dolorezko bizitza hau. Adiskide maitea, adiskide laztana, urrikal zakizkit neure oinazeengatik; urrikal zakizkit batez ere zeureengatik; haien kontra baitut adorea galtzen.

        Zeinen lazgarria zaidan zu malurtzea! Ni gabe, uros eta lasai zinateke. Barkatzen didazu? Erraidazu! Ah! Erraidazu barkatzen didazula; erraidazu halaber maite nauzula, betiko maiteko nauzula. Zugandik behar dut hori berriz aditu! Ez hain zuzen zalantzan nagoelako: baina iruditzen zait, zenbatenaz batbedera horretaz egon ziur, hanbatenaz eztiagoa dela bertzeari erraten aditzea. Maite nauzu, ezta? Bai, bihotz-bihotzez nauzu maite. Ez baitut ahanzten hori dela erraten aditu nizun azken hitza. Nola bildu dudan neure bihotza baitan! Zeinen sakon errotua den han! Eta nireak nolako gainezkaldiaz dion erantzun!

        Ondikotz! Bozkariozko une hartan, urrun nintzen zain genuen asturugaitza aldez aurretik ikustetik. Bila ditzagun, Cécile nirea, asturugaitz hori ematzeko bideak. Neure adiskideari sinetsi behar badiot, aski izanen da, hori erdiesteko, merezi duen fidantzia har dezazun hari buruz.

        Atsekabetu egin nau, aitor dizut, hari bide diozun gaitzerizkoak. Zure amaren uste okerrak sumatu ditut hor: uste oker horiei men egiteagatik, badu zenbait denbora ezaxolatua nintzela gizon zinez atsegin, egungo egunean nire alde dena egiten ari den horrez; zure amak bereizi gaituenez geroztik, gu elkartzeko lanean ari baita azken finean. Arren otoi, adiskide maitea, izan Valmont begikoago. Egizu kontu adiskidea dudala, zu adiskide izan nahi zaituela, zu ikusteko zoriona bihur diezadakeela. Baldin arrazoi horiek ez bazaituzte nire nahira erorarazten, Cécile, ez nauzu maite nik maite zaitudan bezainbat, ez nauzu jadanik maite behinola maite izan ninduzun bezainbat. Ah! Baldin nehoiz gutxiago maite behar banauzu... Ez ordea, nire Cécileren bihotza nirea da; bizi guztirako nirea; eta baldin amodio dohakabe baten doloreen beldurrez behar banaiz egon, haren jarraikitasunak salbatuko nau bederen amodio traditu baten oinazeetarik.

        Adio, adiskide xarmanta; ez ahantz sofritzen ari naizela, eta ez ahantz berebat nire zoriona, nire zorion osoa, zure esku baizik ez dagoela. Entzun nire bihotzaren aitormena, eta har itzazu amodioaren musurik amoltsuenak.

...tik, 17**ko irailaren 11n.

 

 

LXXIII. GUTUNA

VALMONTEKO BIZKONDEAK CÉCILE VOLANGESI

(Aurrekoari atxikia)

 

        Zeure zerbitzura duzun adiskideak jakin du izkiriatzeko behar duzun guztiaren eskas zarela, eta hornitu zaitu dagoeneko. Kausituko dituzu ostatu hartua duzun gelako ganbera aurrean, eskuineko armairuan, paper sorta bat, lumak eta tinta, zuk nahi dezazunean berriz ere hornituak izanen zaizkizunak, eta, haren iritzian, leku horretan berean uzten ahal dituzunak baldin hobeagorik kausi ez bazeneza.

        Otoizten zaitu halaber ez zaitezen haserre baldin jendartean ustez kasurik egiten ez badizu, eta haur baten gisa baizik behatzen ez badizu. Jokabide hori beharrezkoa iruditzen zaio behar duen segurantza sorrarazteko, eta bere adiskidearen eta zure zorionaren fabore hobeki lan egin ahal izateko. Hura zaizu zeurekin mintzatzeko okasioak sorraraztera entseiatuko, zerbaiten berri behar dizularik eman edo zerbait helarazi; eta erdietsiko duela uste du, baldin zuk eginahalez laguntzen badiozu.

        Kontseilatzen dizu berebat hartu heinean bihur diezazkiozun gutunak, zeure burua hainbat gutxiago arriska dezazun.

        Bukatzeko, segur bai segur derraizu ezen fida nahi bazakizkio, artoski lehiatuko dela ama sobera krudel baten kausaz bi presuna jasaten ari diren esetsaldia ematzera, nor ere bata adiskiderik minena baitu jadanik, eta bertzea interesik amoltsuenaren mereziduna dela uste baitu.

...ko gaztelutik, 17**ko irailaren 14an.

 

 

LXXIV. GUTUNA

MERTEUILEKO MARKESAK VALMONTEKO BIZKONDEARI

 

        Hots! Noizdanik, adiskidea, hain erraz izutzen zarea? Prévan hori hain beldurgarria ote? Ikus ordea zein xaloa eta lañoa naizen! Maiz egin izan dut topo garaile bikain horrekin; ez nion kasik behatu! Zure gutuna baizik ez nuen eskas hari kasu eginarazteko. Neure bidegabekeria atzo zuzendu nuen. Operan zen, ia nire parean, eta beha egon nintzaion. Ederra da bederen, zinez ederra alajaina! Hazpegiak ditu fin eta guri! Hurbiletik behatuz gero are ederragoa behar du. Eta ni eduki nahi nauela diozu! Ohore eta plazer handia eginen dit hain segur. Serioski, harenganako gogoak hartu nau, eta orain aitor dizut lehen urratsak egin ditudala. Ez dakit erdietsiko dudanentz. Horra gertakaria.

        Operatik jalgirik, bi urratsera neukan, eta egin nion, oso ozen, ***ko markesari ortziralean mariskalaren emaztearen etxean elkarrekin afaltzeko deia. Hura baita, nire iduriko, gizon hori berriz kausitzen ahal dudan etxe bakarra. Ez dut dudarik egiten aditu zidanik... Eskergabe hori etorriko ez balitz? Baina, erraidazu bada, etorriko dela uste duzu? Badakizu ezen etortzen ez bada, gau osoko beltzurituko naizela? Dakusazunez, ez zaio hain zaila gertatuko niri segitzea eta gehiago harrituko zara, zeren zailtasun gutxiago kausituko baitu niri laket izateko. Ni gorteatzen sei zaldi nahi omen ditu leherrarazi! O! Bizia salbatuko diet zaldi horiei. Ez nuke sekula horrenbertze denboran zain egoteko pazientziarik. Badakizu nire oinarrizko arauei arrotz zaiela nehor gogaitzea, behin hartara deliberatua naizenez gero, eta harenganako deliberatua naiz.

        O! Onar ezazu bada niri arrazoiz mintzatzeak badakarrela plazerrik! Zure garrantzi handiko gaztiguak ez dua eragin handia izan? Zer nahi duzu ordea? Hain baitu denbora luzea idor eta mortu nabilela! Sei astetik gora egin ditut neure buruari atseginik eman gabe. Honako hau egokitu zait; neure buruari ukatzen ahal diot? Sujetak ez ote du merezi? Badea atseginagorik, hitz hori zeinahi adieratan hartzen duzularik ere?

        Zuhaurk zuzenki eta bidezki aitortu behar izan dizkiozu bere dohainak; goratu baino gehiago egiten duzu, bekaitz diozu. Hots bada! Zuen bien arteko juje izanen naiz: baina hasteko, argibideak behar ditut, eta hain zuzen hori da egitera noana. Juje zintzoa izanen naiz, eta biak izanen zarete balantza berean haztatuak. Zutaz den bezanbatean, baditut jadanik zure oroitzapenak, eta zure afera osoki xedatua da. Ez ote da zuzena zure aurkariaz ardura nadin orain. Ea bada, ekin onez onean; eta, hasteko, konta iezadazu, otoi, zein den Prévan heroi gertatu zen abentura hirukoitz hura. Jakitun banengo bezala hitz egiten didazu horretaz, eta deusen berririk ez dut. Genevan nintzen bitartean gertatua behar du, eta zeure bekaitzak horren berri niri idatziz ematea eragotziko zizun. Ahalik lasterrena zuzendu hutsegite hori; egizu kontu hari dagokiokeen ezein gauza ez zaidala arrotz. Itzuli nintzenean oraino jendearen ahotan zela uste dut: baina bertze zeregin bat banuen, eta horrelako aferetan nekez entzuten dut egunekoa edo bezperakoa ez den berririk.

        Eskatzen dizudan horrek doi bat muzintzen bazaitu ere, ez ote didazu horrenbertze zor zure alde egin ditudan ahaleginen ordainetan? Ahalegin horiek ez ote zaituzte lehendakariaren emazteagana hurbildu, zeure ergelkeriek urrundua zintuztelarik? Nihaurk ez ote dizut esku artean halaber jarri Volanges andrearen eginahal garratzaz mendekatu ahal izateko bidea? Hain sarri deitoratu izan duzu abenturen bila galtzen zenuen denbora! Orain eskumenean dituzu. Amodioa, herra, hautatu bertzerik ez duzu, biak dira aterbe beraren pean bilduak; eta, egiten ahal duzu zeure bizitzea bikoiztu, esku bataz fereka eta bertzeaz jo.

        Bizkondesaren abentura ere nihauri didazu zor. Aski gogobete nau: baina, zuk diozun bezala, guztien ahotan behar luke: zeren nahiz okasioaren kariaz deliberatu baituzu, eta hala delakoan nago, misterioa nahiago izatea eskandalua baino, aitor dezagun haatik emakume horrek ez zuela hain jokabide zintzorik merezi.

        Badut bertzenaz emakume horrez zer deitoraturik. Bellerocheko zaldunak nik nahi nukeen baino askoz ederrago dauka; eta, arrazoi askorengatik, txit estimatuko nuke harekikoak egiteko estakuru bat: hots, ez da estakuru erosoagorik, nola baita erran ahal izatea: emakume hori gehiago ikustea ez da haizu.

        Adio, bizkonde; egizu kontu ezen, zauden atakan, denbora arras baliosa dela: Prévanen zorionaz arduratzen emanen dut nik neurea.

Parisen, 17**ko irailaren 15ean.

 

 

LXXV. GUTUNA

(OHARRA.— Gutun honetan, Cécile Volangesek xehetasun handiz kontu ematen du irakurleak LIX. gutunean eta hurrengoetan ikusi dituen gertakarietan berari dagokion guztiaz. Errepikazio hori edekitzea erabaki dugu. Azkenik Valmonteko bizkondeaz mintzo da, eta honela dio:)

CÉCILE VOLANGESEK SOPHIE CARNAYRI

 

        Zinez diotsut hagitz gizon harrigarria dela. Amak arrunt du gaitzesten; Danceny zaldunak ordea arrunt du onesten, eta, uste dut arrazoia honek duela. Nehoiz ez dut ikusi hain gizon treberik. Dancenyren gutuna eman didalarik, guztiak oro aurrean zituen, eta nehork ez du deus ikusi; egia da ikaratu naizela, zeren ez bainintzen deusez ohartua: baina orain prest-presta edukiko nau. Dagoeneko ontsa konprenitu dut nire erantzuna hari emateko hark zer nahi zuen nik egitea. Harekin konpontzea oso erraza da, zeren bai baitu behako bat hark nahi duen guztia adierazten duena. Ez dakit nola egiten duen: aipatu nizun txartelean erraten zidan eginen zituela amaren aitzinean nitaz ezaxolatuaren itxurak: alabaina erran liteke ez duela nigan sekula pentsatzen; eta haatik bilatzen ditudala haren begiak, berehala kausitzeaz segur naiz.

        Bada hemen amaren adiskide on bat, ezagutzen ez nuena, nork ere ustez ez baitu Valmont jauna batere maite, nahiz dena arta zaion. Badut beldurra Valmont jauna ez ote den hemengo bizimoldeaz sarri gogaituko, eta Parisa itzuliko; hori hastio nuke. Bihotz onekoa behar du bere adiskideari eta niri zerbitzu errendatzera berariaz hona jina izateko! Neure esker ona nahi nioke erakutsi, baina ez dakit zer egin hari mintzatzeko; eta okasioa kausi baneza ere, ez nekike agian zer erran, ahalkearen ahalkez.

        Merteuil andrearekin baizik ez naiz libroki mintzatzen, mintzatzen naizelarik neure amodioaz. Zurekin ere beharbada, nahiz oro erraten dizudan, ahalketuko nintzateke bozez erranez gero. Dancenyrekin berarekin ere usu sentitu izan dut, gogoz kontra bezala, halako beldur bat, gogoan nuen guztia hari erraten uzten ez zidana. Orain hagitz dolutzen zait, eta bortz ahalak eginen nituzke kausitzeko behin, behin bakarrik, zenbat maite dudan hari errateko okasioa. Valmont jaunak hitz eman dio ezen baldin gida nazan uzten badiot, eskainiko digula elkar berriz ikusteko okasioa. Hark nahi duen guztia eginen dut; baina ez dezaket uste halakorik gerta litekeenik.

        Adio, adiskide ona, ez dut leku gehiagorik.

...ko gaztelutik, 17**ko irailaren 14an.

 

 

LXXVI. GUTUNA

VALMONTEKO BIZKONDEAK MERTEUILEKO MARKESARI

 

        Edo zure gutuna ulertu ez dudan trufa bat da; edo, izkiriatzen ari bitartean, eldarnio guztiz arriskutsu batek hartua zinen. Ontsa ezagutuko ez bazintut, adiskide ederra, zinez izuturik nintzateke; eta zuk zernahi erran ere, ez naiz aise izutzen.

        Zure gutuna irakurri eta irakurriagatik, ez naiz sobera aitzinatu; zeren, hartuz gero zure gutuna berez dagerien zentzuan, ezinezkoa baita. Zer erran nahi izan duzu bada?

        Soil-soilik alferrik dela horren ahal gutxiko izterbegi baten kontra horrenbertze ardura hartzea? Baina, kasu horretan, oker egon zintezke. Prévan zinez da atsegina; zuk uste baino anitzez ere gehiago; oroz gainetik badu nornahi eta noiznahi bere amodiora biltzeko jeinu arras baliagarria, trebea baita elepide hori lagunartera ekartzen, mundu guztiaren aitzinean, aditzen duen lehen solasaz baliaturik. Bakan dira orduan hari ihardesteko segadatik salbatzen diren emakumeak, guztiak baitira antzatsu direlako ustean, ezeinek ere ez du antzatsu izate hori erakusteko okasiorik galdu nahi. Alta, zuk ondo dakizu amodioaz mintzatzera makurtzen den emakumeak azkenean amorosturik bukatzen duela, edo amorostu balitz bezala jokatzen bederen. Baliabide ezinago bikain taxutu horrez erdiesten du halaber emakumeak berak ekartzea maiz beren hondamenaren lekuko; eta hori diot, zeren ikusi baitut.

        Bigarren eskuko baizik ez nuen ezagutzen sekretua; zeren ez baitut nehoiz izan Prévanekin harremanik: baina horra non sei ginen: eta P***ko kondesak, guztiz antzatsua delako ustean, eta, jakitun ez zegoen ororentzat solas orokorrari atxikia zelako itxurak eginik hain zuzen, xehetasun handiz kontatu baitzigun nola Prévani men egin zion, eta bien artean gertatuak oro. Halako segurantzaz ari zen kontari, non asaldatu ere ez baitzen egin seiak aldi berean irri erotan lehertu ginenean; eta beti oroituko naiz ezen gutarik batek, desenkusatzeko, nahi izan zuelarik hark erraten zuena, edo hobeki ustez erraten ari zena, dudatan ezartzen zuelako irudia egin, nola hark serioski ihardetsi zion ez geundela hain segur ere bera bezain jakitun; eta beldurrik ere gabe deitu zuen Prévan eta galdegin zion ea hitz bat bakarra ere huts egin zuen.

        Gizon hori beraz arriskutsua iruditu ahal izan zait mundu guztiarentzat: baina zuretzat, markesa, ez ote zen aski hura ederra, zinez ederra izan zedin, zuhaurk diozun bezala? Edo egin ziezazun ongi eginak daudela ez bertze arrazoirik gabe, zuk noizean behin atsegin handiz saritu izan dituzun horietako eraso bat? Edo zeinahi arrazoirengatik hari men egitea zuri atsegingarri iruditu izana? Edo... nik dakita zer? Asma ote nitzake emakume baten burua gobernatzen duten mila gutiziak, zeinen karietara baizik ez zauden oraino zure sexuari atxikia? Orain perilaz ohartua baitzara, ez dut dudarik egiten aise begiratuko zarela peril horretarik: baina haatik gaztigua behar zitzaizun egin. Natorren bada izkribura; zer erran nahi izan duzu?

        Baldin ez bada Prévani eginiko trufa bat baizik, luzea izateaz gainera, ez da niri buruz baliagarria; munduaren aitzinean behar baita hura irrieragingarri utzi, eta sujet horren karietara berriz egiten dizut egina dizudan erregua.

        Ah! Enigmaren gakoa asmatu dudala uste dut! Zure gutuna igermen bat da, ez eginen duzunarena, baizik prestatua diozun erorikoaren unean hark egiteko prest zaudela usteko duenarena. Xede hori ontzat ematen dut; nahiz den arta handiz egin beharrekoa. Nik bezain ontsa dakizu ezen, jendeen iritzian, gizon bat hartzea edo haren begiramenak jasotzea gauza berbera direla, non gizon hori ez den ergela; eta Prévan ez da, hurbiltzeko ere, ergela. Egin ahal baleza soilik irudi bat, bere burua hanpatuko du, eta oro errana date. Ergelek sinetsiko dute, gaiztoek sinesteko itxurak eginen dituzte: zein baliakizun dituzkezu? Hara, beldur naiz. Ez zure trebetasunaz duda egiten dudalako: baina igerikari onak dira itotzen direnak.

        Ez daukat neure burua bertze nehorena baino ergelago; emakume bat desohoratzeko bideak, ehun kausitu ditut, mila kausitu ditut: baina ari izan naizelarik hura nola salbatu bilatzen, nehoiz ez dut ikusi salbabiderik. Zuhaur, adiskide ederra, jokatu izanagatik beti maisu baten gisa, ehun aldiz ikusi uste izan zaitut asturu onez garaile, ezen ez ontsa jokaturik.

        Baina azken buruan, arrazoirik gabeko zerbaiti arrazoi bila nabil agian. Miretsirik nago, zeren bai baitu oren bat serioski ari natzaizula zuk, hain segur, txantxetan baizik aipatu ez duzun zerbaitez. Irri eginen didazu gero! Hots bada! Hala biz; baina azkar ibili, eta mintza gaitezen bertze zerbaitez. Bertze zerbaitez! Oker nago, gauza beraz ari baikara beti; eduki ala galdu beharreko emakumeez beti, eta sarri biez.

        Badut hemen, zuk ongi ohartarazi didazun bezala, bi alor horietan non trebaturik, ez ordea bietan hain errazki. Aldez aurretik dakusat mendekua fiteago joanen dela amodioa baino. Volanges ttipia errendatua da, haren erantzule naiz; okasioaren mende baizik ez dago, eta nihaurk sorraraziko diot. Tourvel andrearekin ordea ez da halatsu: emakume hori suntsitzailea da, ez diot antzik ematen; haren amodioaren ehun froga baditut, baina baditut mila haren tinkotasunaren; eta, egia errateko, itzuriko ote zaidan beldur naiz.

        Uste handiagoa nuen nire itzulerak sortua zuen lehen ondorioan. Pentsa dezakezunez, nihaurk nahi nuen jujatu; eta lehen higidurak ikusiko nituela ziur egoteko, ez nuen nehor bidali neure aurretik, eta bidea kalkulatua nuen mahaian zeuden bitartean heldu ahal izateko. Alabaina, hodeietarik erori nintzen, ikuskizuna bururatzera datorren operako jainko baten gisa.

        Bertzeren behakoak nigana igorrarazteko bezainbat zarata eginik sartzerakoan, begi ukaldi berberaz ikusi ahal izan nuen izeba xaharraren bozkarioa, Volanges andrearen hisia, eta haren alabaren asalduzko plazerra. Nire eder hura, mahaian zeukan lekuagatik, ateari bizkarrez zegoen. Une horretan zer edo zer ebakitzen ari baitzen, burua ez zuen jiratu ere egin: baina Rosemonde andreari mintzatu nintzaion; eta lehen hitza aditzearekin, ezaguturik nire boza, ezuste eta izu baino amodio gehiago sumatu uste nion oihu bat itzuri zitzaion debot sentikor hari. Ordurako haren begitartea ikusteko bezainbat aitzinatua nintzen; haren arimaren abarrotsa, haren ideien eta sentimenduen arteko borroka hogei era desberdinez irudikatu zitzaizkion. Mahaian haren ondoan jarri nintzen; ez zekien xuxen ez zer ari zen ez zer zioen. Bazkaltzen jarraitzera entseiatu zen; ezin ordea: azkenean, oraino oren laurden egin ez zuela, durduzaz eta plazerraz mukuru betea, ez zitzaion bururatu mahaitik jalgitzeko baimena eskatzea baino deus hoberik, eta parkean gerizatu zen, egurasteko premia estakuru. Volanges andreak lagundu nahi izan zion; debot amoltsu hark ez zion utzi: sobera zoriontsua zen, dudarik gabe, kausitu baitzuen estakuru bat bakarrik egoteko, eta bere bihotzeko zirrara eztiari hersturarik gabe amore emateko.

        Bazkaria ahal bezainbat laburtu nuen. Doi-doia zerbitzatu zuten deserta, non Volanges deabru hori, niri kalte egiteko premiaz ustez presatua, bere lekutik altxa zen eri xarmantaren bila joateko: baina asmo hori aldez aurretik sumatua nuen, eta eragotzi nuen. Egin nuen bada higidura partikular hori ororen higiduratzat hartze irudi bat; eta aldi berean zutiturik, Volanges ttipiak eta hango apaizak men egin zioten etsenplu bikoitz horri; hala non Rosemonde andrea bakarrik egokitu zen mahaian T...ko komendadore zaharrarekin batera, eta biak halaber jalgitzea deliberatu zuten. Beraz joan ginen guztiok nire eder harengana biltzera, eta gaztelu ondoko zuhaiztian kausitu genuen; eta nola ez baitzen promenatzeko beharretan, bakardadearenetan baizik, nahiago izan zuen gurekin itzuli, ezen ez gu bere ondoan geldi gintezen.

        Volanges andreak hari bakarka mintzatzeko okasiorik ez zukeela segur nintzen orduko, zure manuak betetzeko xedeaz arduratu nintzen, eta zure ikaslearen interesen alde ari izan nintzen. Kafea hartu eta berehala, neure gelara igo nintzen, eta bertzeenetan ere sartu nintzen, bazter haiei behako bat emateko; prestakuntzak egin nituen neska ttipi horren gutun bidezko harremana ziurtatzeko; eta, lehen egitate on hori egin ondoren, hitz bi izkiriatu nizkion zer egin behar zuen errateko eta hari fidantzia galdatzeko; neure txartela Dancenyren gutunari erantsi nion. Egongelara itzuli nintzen. Han kausitu nuen neure eder hura kadera luze batean finkatua bere buruaren uzte zoragarrian.

        Ikuskari horrek ernatu zizkidalarik desirak, halaber gogoberotu zizkidan behakoak; bihotzak ematen zidan amoltsuak eta presatuak izan behar zutela, eta behakook balia ahal izateko eran kokatu nintzen. Lehen ondorioa debot zerutiar haren begi handi lañoak apalaraztea izan zen. Aldi batez aztertu nuen aingeru begitarte hura; gero, haren gorputz osoan ibilki, libertitu nintzen gorputzaldea eta gorpuzkera jantzi arin baina hargatik eragozgarri baten artetik igertzen. Burutik oinetaraino jaitsi ondoren, berriz igo nintzen oinetatik burura... Adiskide ederra, behako ezti hura nigan finkatua zuen; berriz apaldu zuen berehala, baina berriz agertzen lagundu nahiz, begiak itzuli nituen. Finkatu zen orduan gure artean elkarri aipatu gabeko abeniko hori, amodio herabetiaren lehen hatsapena dena, zeinak elkar ikusteko elkarren premia asetzeko, agerrarazten baititu behakoak hurrenez hurren, noiz batuko diren zain.

        Plazer berri horrek nire eder hura osoki hartua zuelako uste osoan, arduratu nintzen gu bion segurantza zaintzeaz: baina solasaldi aski bizi batek lagunartearen oharmenetik begiratzen gintuela seguratu nintzen ondoren, entseiatu nintzen haren begiak beren mintzaira egiazkoan mintza zitezen erdiestera. Horretarako, hasieran atzeman nizkion ustekabean zenbait behako; baina hain begiramen handiz nizkion atzeman, non xalotasuna ezin asalda zitekeen; eta presuna herabeti hura are bere gogarago egon zedin, nihaurk ere hura bezain durduzaturik nirudien. Emeki emeki gure begiak, bat egiten ohituak, luzaroago finkatu ziren elkarrenetan; ez ziren azkenik gehiago bereizi, eta sumatu nuen harenetan harako histura hura, amodioaren eta desiraren zorioneko seinalea dena; baina une batez baizik ez zen izan; eta bere buruari nagusiturik sarri, egonmoldea eta behakoa aldatu zituen, ez ahalke doi bat gabe.

        Ez bainuen nahi haren higidura anitzei ohartua nintzela dudarik egin ahal izan zezan, biziro altxa nintzen, izutua iduri, alditxartu ote zen galdezka. Mundu guztia berehala inguratu zitzaion. Neure aitzinetik iragaten utzi nien denei; eta nola Volanges ttipiak, leiho baten ondoan tapizgintzan ari baitzen, asti pixka bat behar izan zuen bere langintza uzteko, une hura baliatu nuen Dancenyren gutuna hari emateko.

        Harengandik urrunxko nintzen; belaunen gainera aurtiki nion eskutitza. Ez zekien zinez zer egin. Barre algara ederrak eginen zenituzkeen haren harridurazko eta asalduzko itxuraz; nik haatik ez nuen irri egin, beldur bainintzen soberazko moldakaizkeria hark ez ote gintuen tradituko. Baina bortitz adierazitako begi ukaldi eta keinu banak ulertarazi zioten azkenik paketa sakelan behar zuela sartu.

        Gainerantzean egunak ez zuen deus interesgarririk ekarri. Geroztik gertatu denak badakarke agian poztuko zaituen gertakaririk, zure ikasleaz den bezanbatean bederen; hobe da hala ere denbora nork bere asmoak betetzen ematea, asmo kontari baino. Hona bertzenaz izkiriatu dizudan zortzigarren orrialdea, eta akitua naiz; beraz, adio.

        Asmatuko zenuen nik deusik ere erran gabe, neska ttipiak ihardetsi diola Dancenyri. Neure eder horren erantzuna hartu dut nik ere, heldu eta biharamunean izkiriatu bainion. Bi gutunak igortzen dizkizut. Irakurriko dituzu edo ez dituzu irakurriko: zeren jadanik sobera libertitzen ez nauen errepika astun etengabe horrek aski gogaikarria izan behar baitu interesik gabeko presuna ororentzat.

        Berriz ere adio. Betiere zaitut biziki maite; baina arren otoi, baldin berriz hitz egiten badidazu Prévanez, hitz egidazu nik ulertzeko eran.

...ko gaztelutik, 17**ko irailaren 17an.

 

 

LXXVII. GUTUNA

VALMONTEKO BIZKONDEAK
TOURVEL LEHENDAKARIAREN EMAZTEARI

 

        Nondik datorke, andrea, nigandik itzurtzeko egiten duzun eginahal krudela? Nola ote nik zuri agertu dizudan lehiarik amoltsuenak ez erdiestea zugandik gizonik gaitzesgarrienagana ere zilegi ez liratekeen jokabideak baizik? Zer! Amodioak zure oinetara narama; eta asturu onak zure ondoan jartzen nauelarik, nahiago duzu alditxartze irudi bat egin eta zure adiskideak asaldatu, nire ondoan gelditzera makurtu baino! Zenbat aldiz ez zenituen atzo begiak itzuli behako baten ontartea niri kentzeko? Eta baldin une batez zorroztasun gutxiago ikusi ahal izan badut zure begietan, une hori hain izan da laburra non irudi baitu niri plazer eman baino, nahiago izan duzula behako horiek ikusi gabe zer galtzen nuen niri sentiarazi.

        Ez da hori, erratea zilegi izan bekit, ez amodioak merezi duen tratamendua, ez adiskidantzari haizu zaiona ere; eta hala ere, bi sentimendu horietarik, badakizu zenbatez gogoberotzen nauen batak, eta zilegi zitzaidan, nire iduriko, bertzeari ukorik egiten ez diozula uste izatea. Adiskidantza guztiz balios hori, merezi nuela uste izan duzuna, zeren eskaini nahi izan baitidazu, zer egin dut bada geroztik galtzeko? Neure fidantziak kalte egin ote dit, egiaz mintzatu izana zigortzen ote didazu? Ez zarea bederen bataz nahiz bertzeaz neurriz gain baliatu beldur? Alabaina, ez ote dut neure adiskidearen altzoan gorde neure bihotzeko sekretua? Ez ote dut, soil-soilik harengatik, neure burua behartua ikusi aise onartzen ahal nituen baldintzei uko egitera, nahiz baldintza horiek onartuz gero aise bai aise utz nitzakeen bete gabe, eta ausaz neure probetxurako neurriz gain balia? Nahi nindukezu finean, merezi gabeko zorroztasunaz, sinestera behartu ezen zu engainatu hutsarekin bihozberatasun gehiago erdietsiko nuela?

        Ez naiz damutzen zuri zor nizun, neure buruari zor nion jokabideaz; baina zein asturugaitzez egintza laudagarri bakoitza bihurtzen zait bertze zorigaitz baten seinale?

        Zure adeitasunak nire jokabideari orain arte egin dion laudorio bakarrari bide eman ondoren, orduan behar izan dut, lehen aldiz, zu nahigabetu izanaren malura deitoratu. Zu ikusteko bozkarioari uko eginez, soil-soilik zure begirunea lasaitzeko, neure mendetasun oso-osoa frogatu dizudan ondoren, orduan nahi izan duzu gutun bidezko harreman oro eten nirekin, hertsiki galdatua zenidan sakrifizio baten ordain txiki hura edeki, eta amodioa bera ere kendu, nahiz amodioa den eskubide hori eman ziezazukeen bakarra. Amodio horren interesak berak ezin ahul dezakeen zintzotasunaz mintzatu izan natzaizun ondoren azkenik, egungo egunean ihes egiten didazu gaiztakeria hautemana zeniokeen seduktore lanjeros bati bezala.

        Sekula ez zara beraz bidegabe izateaz akituko? Erraidazu bederen bertze zein hutsegitek eraman ahal izan zaituen zorroztasun guztiz handi horretara, eta ez uko egin nik betetzea nahi dituzun manuak diktatzeari; beteko ditudala hitz ematen baitizut, zeintzuk diren galdatzea sobera eskatzea ote?

...tik, 17**ko irailaren 15ean.

 

 

LXXVIII. GUTUNA

TOURVEL LEHENDAKARIAREN EMAZTEAK
VALMONTEKO BIZKONDEARI

 

        Harriturik dirudizu, jauna, nire jokabideaz, eta gutxi falta ere zaizu niri konturik galdatzeko, nire jokabidea deitoratzeko eskubiderik bazenu bezala. Aitor dizut nire ustean harritzea eta deitoratzea zilegiago nukeela nik zuk baino; baina zure azken erantzunean adierazia datorren ukoa ikusi ondoren, hartu dut oharpenei eta liskarrei sekula gehiago biderik emanen ez dien ezaxolatasun bati atxikitzeko xedea. Haatik, argitasunak eskatzen baitizkidazu, eta, Jainkoari esker, ez baitut neure baitan deusik zuri argitasunik ematea eragotz diezadakeenik, bertze behin nahi dut zurekin argibidetan hasi.

        Zure gutunak irakurriko lituzkeenak, bidegabe edo bitxi iritziko lidake. Uste dut merezi dudala nehork nitaz iritzi hori ez izatea; iruditzen zait oroz gain zu bertze nehor baino urrunago zarela halakorik uste ahal izatetik. Dudarik gabe, uste izan duzu neure burua justifikatu beharrez gure artean gertatu den guztia oroitzera behartuko ninduzula. Uste izan bide duzu azterketa horrekin irabazi baizik ez zenuela eginen: nola ez baitut uste azterketa horretan deus gal dezakedanik, zure aitzinean bederen, ez naiz hari ekiteko beldur. Beharbada hura da, alabaina, bertzeaz deitoratzeko eskubidea gu bion artean nork duen jakiteko era bakarra.

        Gaztelu honetara heldu zinen egunetik kontatzen hasita, jauna, aitortuko duzu, hala uste dut, zure omenaren kariaz bederen haizu zitzaidala zurekin zuhur samar jokatzea, eta atxiki ahal nintzaiola, gehiegizko ahalkeriaren beldurrik izan gabe, soilik adeitasunik hotzenaren adierazpideei. Zuhaurk ere bihozberatasunez tratatuko ninduzun, eta askietsiko zenukeen hain prestakuntza apaleko emakume batek ez izatea zurea estimatzeko bezainbat merezimendurik. Hori zatekeen hain segur zuhur jokatzea; eta hanbatenaz gutxiago gostako zitzaidakeen jokabide horri jarraikitzea, non ez baitizut isilean gordeko ezen, Rosemonde andrea jin zitzaidanean zure etorreraren berri ematera, hari diodan adiskidantza, eta hark zuri dizuna orobat, gogoan behar izan nituela hartu, berri horrek zenbatez nahigabetzen ninduen hari ikusten ez uzteko.

        Gogotik dut aitor ezen hasieran nik uste baino askoz itxura hobean agertu zinela; baina zuhaurk halaber aitortuko duzu on itxura horrek oso gutxi iraun zuela, eta berehala nekatu zinela zutaz harrarazi zidan uste onuragarria ordain gisa ustez askietsarazten ez zizun neurritasunaz.

        Orduan, nire fede onaz, nire segurantzaz neurriz gain baliaturik, beldurrik gabe hitz egin zenidan hain segur ere laidotu behar ninduela ezin duda zenezakeen sentimendu batez; eta zu hutsegiteak ugaritu eta larritzen baizik ari ez zinenean, ni berriz hutsegite horiek ahanzteko arrazoi baten bila ari nintzen, hutsegiteok, aldez bederen, konpondu ahal izateko okasioa zuri eskainiz. Nire eskaria hain zen bidezkoa non zuhaurk ere ez baitzenuen uste izan uko egin behar zenionik: baina nire bihozberatasuna eskubidetzat harturik, ontsa baliatu zitzaizun niri eskatzeko baimen bat, nik, dudarik gabe, ezin eman nizuna, eta haatik erdietsi zenuena. Jarriak izan zitzaizkizun baldintzetarik, ezein ere ez duzu bete; eta zure gutunak halako gisakoak izan dira, non haietariko bakoitzak zuri gehiago ez ihardestera behartzen baininduen. Zure seta gaiztoak zu nigandik urrunaraztera behartzen ninduen unean berean, horra non, amore emate agian gaitzesgarri batez, entseiatu nintzen zugana hurbilaraz nintzakeen baliakizun bakarra baliatzera: baina zuretzat zer preziotan da sentimendu bat onesta? Adiskidantza apalesten duzu; eta ero-ero hordikeriari emana, kontutan hartu gabe malurak eta ahalkea, ez duzu plazerrik eta kaltedunik baizik bilatzen.

        Bai baitzara urratsetan arina nola liskarretan burugabea, zeure promesak ahanzten dituzu, edo gehiago dena promesak haustea jolas duzu bihurtu, eta nigandik urruntzera amore eman zenuen ondoren, berriz etorri zara hona nehork deitua izan gabe; nire erreguen, nire arrazoien begiramenik gabe, zure etorrera aldez aurretik mezutzeko adeitasuna ere izan gabe, beldurrik gabe ezarri nauzu ustekabe baten arriskuaren mendean, zeinaren ondorioa, segurki arrunt hutsala izanagatik, inguruan geneuzkan presunek nire kaltetan interpreta zezaketen. Sorrarazi zenuen asaldurazko une hura bazterreratzera edo iraungitzera ez nahiz batere entseiatu, iduri du eginahal guztiak egin dituzula nire asaldua are gehitzeko. Mahaian, hautatzen duzu zeure lekua hain zuzen ere nirearen ondoan: alditxartze arin batek bertzeak baino lehen irtenarazten nau; eta nire bakardadea errespetatu ordez, etorrarazten duzu mundu guztia bakardade hori durduzatzera. Egongelara itzulirik, baldin egiten badut urrats bat, zu kausitzen zaitut ondoan; baldin erraten badut ele bat, zu zaitut betiere ihardesle. Den eta elerik arruntena hartzen duzu estakuru aditu nahi ez nukeen eta neure burua arriskuan ere jar lezakeen solasaldi bati lotzeko: zeren azken buruan, jauna, trebe ibiliagatik, nik ulertzen dudana nago ulertzen ahal dutela bertzeek ere.

        Gelditasunera eta isiltasunera behartuagatik zuk ni, ez zara hala ere niri esestera gutxiago emana; ez ditzaket begiak jaso zureekin buruz buru egin gabe. Behakoak itzultzera etengabe naiz behartua; eta segida eza arrunt ulergaitz batez, nigana dituzu lagunartearenak erakartzen, neure behakoetarik ere itzuri ahal izan nahiko nuen unean berean.

        Eta nire jokabideak deitoratzen dituzu! Eta zugandik ihes egiteko dudan lehiaz harritzen zara! Ah! Apalets nazazu hobeki nire bihozberatasunagatik, harritu zaitez heldu zaren orduko ni ez partitu izanaz! Partitu behar nukeen menturaz, eta behartuko nauzu partitze bortxazko eta haatik premiazko horretara, baldin esetsaldi laidogarriok behingoz uzten ez badituzu. Ez, ez dut ahanzten, ez dut nehoiz ahantziko zer zor diodan neure buruari, zer zor diedan sortu, errespetatu eta maite ditudan loturei; eta otoi arren sinets ezazu ezen nehoiz gerta banendi lotura horiek sakrifikatzea edo neure burua sakrifikatzea hautatu behar zorigaiztoko horretara mugatua, ez nukeela instant batez ere dudatuko. Adio, jauna.

...tik, 17**ko irailaren 16an.

 

 

LXXIX. GUTUNA

VALMONTEKO BIZKONDEAK MERTEUILEKO MARKESARI

 

        Gaur goizean ehizara joateko asmoa nuen: baina eguraldi gaitza dago. Nobela berri bat dut irakurgarri bakarra, egoiliar bat ere aspertuko lukeena. Goiz jota bi orenen buruan bazkalduko dugu: beraz atzo gutun luze bat izkiriatu nizun arren, zurekin berriz hitz egitera noa. Ziur naiz ez zarela aspertuko, zeren Prévan zinez ederraz hitz eginen baitizut. Nola ez duzu jakin haren abentura ospetsua, bereiziezinak bereizi zituena? Eginen nuke lehen hitza aditzearekin oroituko zaizula. Horra beraz, hala gutiziatzen baituzu.

        Oroituko zara Paris osoa harritua zela ikusirik nola hiru emakume, hirurak ederrak, hirurek dohain berberak izaki, eta nahikunde berberak izan zitzaketenak, elkarri oraino hain estuki atxikiak iraun zezaketen munduan sartuak ziren uneaz geroztik. Hasieran jendeek atxikitasun horren arrazoia haien ahalke soberazkoan kausitu uste izan zuten: baina sarri gorte jendetsu batez inguratuak, eta gorte horren goresmenak elkarren artean banaturik, eta gizonek lehia biziz erakusten zieten ardurengatik beren buruen balioaz argituak, haien kidegoa ez zen haatik bortitzagoa baizik egin; eta erran zitekeen baten garaipena beti zela bertze biena ere. Igurikatzekoa zen amodioaren tenoreak zerbait etsaigo ekarriko zuela. Gure gizonik atseginenak lehian ari ziren liskarbide izateko ohorea nork erdietsiko; eta nihaur ere lehia hartara bildua nintzatekeen, baldin ...ko kondesak aldi berean iritsi zuen gorengo graziak utzi izan banindu desleial izaten, galdatua nuen onarpena erdietsi baino lehen.

        Bitartean gure hiru ederrek, inauteri berean, ados balira bezala beren hautua egin zuten; eta jendeek igurikatzen zituzten ekaitzak altxatzetik urrun, hautu horrek ez zuen interesgarriagoa baizik egin haien adiskidantza, isilmandatuen xarmaz.

        Amorosgai dohakabeen ostea emakume jeloskorren osteari gehitu zitzaion orduan, eta eskandaluzko jarraikitasun hura ororen gaitzespenaren peko ezarria izan zen. Batzuen ustean, bereizgaitzen elkarte horrek (hala erraten zioten orduan) ondasunen jabekidetasuna omen zuen funtsezko legea, eta amodioa bera ere haren peko jarria omen zuten; bertze batzuek ziotenez, hiru maitaleek, gizonezko aurkaririk ezean, ez omen zuten emakumezko aurkariren eskasik: erran ere zuten ez zirela begiruneagatik baizik onartuak izan, eta ez zutela beretu eginbiderik gabeko titulu bat baizik.

        Esames haiek, egiazkoak izan edo gezurrezkoak, ez zuten jendeek igurikitzen zuten ondorioa ekarri. Hiru bikoteek aitzitik galduak zirela sumatu zuten baldin une hartan bereizten baziren; hartu zuten ekaitzari buru egiteko xedea. Jendeak, guztiaz unatzen baitira, berehala unatu ziren probetxurik gabeko satira batez. Berez arinkeriari emanak baitira, bertze sujet batzuk hartu zituzten ahotan: gero, sujet honi berriro lotuz ohi duten aldakortasunaz, gaitzerrana bihurtu zuten laudorio. Hemen oro modan nola baita, gogobetetasuna nagusitu zen; eta halako lilura ari zuen sortzen, non Prévanek deliberatu baitzuen miragarri horiek egiaztatzea, eta haiengan finkatzea jendearen behakoa eta berea.

        Bilatu zituen bada betegintzarrearen eredu haiek. Haien lagunartean aise onartua izanari on iritzi zion. Jakin bazekien jende zoriontsuak ez direla hain hurbil-errazak izaten. Berehala ikusi zuen, alabaina, zorion arras goretsi hura, erregeenaren gisara, areago zela gutiziatua ezen ez desiragarria. Ohartu zitzaion nola ustez bereiziezinak ziren haiek hasiak zirela kanpoko plazerren bila, nola libertimenduari emanak ere baziren; eta ondorioz deliberatu zuen ezen amodiozko edo adiskidantzazko loturak laxatuak edo hautsiak zirela jadanik, eta soilik beren buruei zieten maitasun loturek eta ohiturazkoek zutela oraino indar poxi bat.

        Emakumeek haatik, premiak elkartzen baitzituen, elkarren artean mamitasun berberaren itxura gordea zuten: gizonek ordea, beren urratsetan libroago ibilki, berriz kausitu zuten burutu beharreko zereginik edo jarraitu beharreko aferarik; deitoratzen zituzten oraino, ez zituzten ordea bazter uzten, eta gau bilkurak bakan ziren osoak.

        Haien jokabide hura ontsa baliatu zuen Prévan sarritakoak, zeinak naturalki jarririk eguneko abandonatuaren ondoan, kausitu zuen aldizka, eta zernolakoen arabera, hiru adiskideei begirunezko goresmen berbera eskaintzeko bidea. Aise sumatu zuen ezen hiruren artean hautu bat egitea, bere burua galtzea zela; ezen hiruretan lehen desleiala izatearen ahalke aizunak hobetsia izutuko zuela; ezen bertze bien harrokeria zaurituak maitale berriaren etsai bihurtuko zituela, eta ez zirela berebat gorengo oinarrizko arauen zorroztasuna bere kontra aurtikitzetik baratuko; ezen azken buruan, jelosiak segurki erakarriko zituela oraino beldurgarria izan zitekeen aurkari baten ardurak. Dena eragozpen bilakatua zen; dena erraza bilakatu zuen haren asmo hirukoitzak; emakume bakoitza bihozbera zen, horretan interesatua zelako, gizon bakoitza orobat, ustez interesatua ez zelako.

        Prévan, ez baitzuen orduan emakume bakarra baizik sakrifikatzeko, asturu oneko gertatu zen emakume hark ospea hartu baitzuen. Haren arroztasunak eta printze baten begirunezko goresmenei trebe baino trebeago uko egin izanak gortearen eta hiriaren soa erakarri zuten harengana; haren maitaleak beretua zuen ohore hori, eta bere amorante berrien aitzinean baliatu zuen. Hiru intriga horiek betan eramatea zuen zailtasun bakarra, zeren hiruren urratsa halabeharrez behar baitzen antolatu berrankorrenaren arabera; alabaina, haren isilmandatari batengandik jakina naiz ezen atsekabe handia eman ziola haietako bat baratu beharrak, ernatzeko kasik prest baitzen bertzeak baino hamabortz egun lehenago.

        Heldu da azkenik egun handia. Prévanek, hiru aitormenak erdietsi baitzituen, urratsak bere esku zituen jadanik, eta ikusiko duzun bezala antolatu zituen. Hiru senarretarik, bata kanpoan zen, bertzea biharamunean argi azkorrian partitzekoa zen, hirugarrena hirian zen. Adiskide bereiziezinek alargundu beharrean zenaren etxean afaltzekoak ziren; baina nagusi berriak ez zuen utzi sehi ohiak gonbidatuak izan zitezen. Egun hartako goizean berean, egiten ditu hiru zati bere ederraren gutunak, lehenengoari atxikitzen dio eder harengandik jasoa zuen potret bat, bigarrenari maitasunezko hasiera letra bat eder hark pintatua, hirugarrenari haren adatsetako ile ondo bat; bereiziezin bakoitzak sakrifizio osotzat hartu zuen sakrifizioaren heren hura, eta onartu zuen, ordainetan, hausturazko gutun zarta handiko bat maitale lurjoari igortzea.

        Bazen anitz; ez zen aski. Senarra hirian zeukanak ez zezakeen eguna baizik balia; adostu zuten alditxartze irudi bat eginez adiskidearen etxera afaltzera joatetik lekatuko zela, eta arrats osoa Prévanentzat izanen zela: senarra kanpoan zeukanari gaua egokitu zitzaion: eta egunsentia, hirugarren senarra partituko zen tenorea, seinalatu zioten azkenari amodio oren.

        Deusez ezaxolatzen ez den Prévan badoa gero korrika atzerritar ederraren etxera, berarekin dakar eta han du sorrarazten beharrezkoa zitzaion beltzuria, eta ez da handik jalgiko harik eta hogeita lau oreneko libertatea seguratzen dion liskar bat sortu duen arte. Antolamenduak gisa horretan egin ondoren, etxeratu da, atseden pixka bat hartuko duelakoan; badu han bertze zereginik zain.

        Hausturazko gutunak argi ukaldi baten gisarakoak izan ziren maitale gaitzetsientzat: haietako bakoitzak ez zezakeen dudarik egin Prévani sakrifikatua izanaz; eta engainatua izanaren hisia abandonatua izateak dakarren umiliazio txikiak ia beti sortzen duen beltzuriari elkarturik, hirurek deliberatu zuten, elkarri deusik erran gabe, baina adostua bailuten, auzi hartan arrazoiaren jabe egotea, eta hartu zuten beraz aurkari zorioneko hari arrazoi galdea egiteko xedea.

        Honek etxean aurkitu zituen bada hiru erronka deiak; leial onartu zituen: baina abentura haren plazerrak eta eskandalua ez nahiz galdu, elkar ikusteko deiak biharamun goizeko egin zituen, eta leku berbera eta oren berbera ezarri zuen hirurentzat. Boulogneko basoko ate batean.

        Arrats apala heldurik, arrakasta berberaz egin zuen bere lasterketa hirukoitza; geroztik bederen hantustetsu zebilen bere maitale berri bakoitza hiru aldiz hartua omen zelako bere amodioaren saria eta promesa. Hemen, pentsa dezakezunez, historia honek frogak eskas ditu; historialari alderdi batera makurtu gabeak ez dezake bertzerik egin, ez bada irakurle sinesgogorrari ohartaraztea ezen harrokeriak eta irudimen buruberoak miragarriak asma ditzakeela, eta gehiago dena, gau guztiz ere dirdiratsu haren ondotik zetorkeen goizak ustez bere baitan zekarrela etorkizunerako ezein antolamendu egiteko salbuespena. Zer nahi ere den, ondorengo gertakariak ziurragoak dira.

        Prévan oren-orenean heldu zen adostua zuen elkar ikustera; han kausitu zituen hiru aurkariak, elkarrekin topo egin izanaren harriduran, eta haietako bakoitza hein batean kontsolatua agian, ikusirik bazuela asturugaitzean kiderik. Maitagarriro eta zaldun adeiaz alboratu zitzaien, eta mintzaldi hau egin zien, hitzez-hitz bihurtu didatena:

        «Jaunok», erran zien, «hemen bilduak gertatu zaretelarik, dudarik gabe asmatuko zenuten hirurak deitorekizun berbera duzuela nire kontra. Prest naukazue zor dizuedan arrazoia zuei bihurtzeko. Asturuak delibera beza nor izanen den, zuen artean, hirurei eskubide berberaz dagokizuen mendekua hartzera entseiatzen lehena. Ez dut hona ekarri ez ordezkorik, ez lekukorik. Ez ditut laidorako baliatu; ez ditut laidoa kitatzeko galdatzen.» Gero bere izaera jostariari men eginez, erantsi zuen: «Badakit bakan baizik ez dela zazpiko jokoan irabazten; baina zeinahi ere dela zain dudan asturua, batbedera betiere aski eta sobera bizi izana date, baldin emakumeen amodioa eta gizonen estimua bereganatzeko astia izan badu.»

        Aurkari harrituak isilean elkarri so zeuden bitartean, eta adeitasunez kalkulatzen halaber borroka hirukoitz hark ez zuela agian berdintasunik, Prévan berriz mintzatu zitzaien: «Ez dizuet isilean gordeko», segi zuen beraz, «bartko ekinaldiak lazki unatua naukala. Eskuzabalak zintuzketet baldin indarberritzera utziko baninduzue. Manatu dut izan genezan hemen bazkari bat prestaturik; egidazue bazkari hori onartzeko ohorea. Dugun elkarrekin bazkal, eta batez ere alegera bazkal. Borrokatzen ahal gara gisa horretako huskeriengatik; baina ez digute, nire ustean, aldartea mudarazi behar.»

        Bazkaria onartua izan zen. Prévan, diotenez, nehoiz ez zen hain amoltsu agertu. Haren ezein aurkari ez umiliatzeko bezain trebe ari izan zen; hirurek arrakasta berbera aise erdietsiko zuketela sinestarazteko halaber, eta batez ere aitorrarazteko ez zuketela okasio hura berak baino gehiago utziko galtzera. Egintza horiek aitortuak izan ziren orduko, dena berez konpondu zen. Hala, bazkaria artean bukatu gabe zela, eta horra non jadanik hamar aldiz elkarri errepikatuak ziren ezen ez zutela gisa hartako emakumeek jende prestuak haiengatik borroka zitezen merezi. Ideia hark elkarren begikotasuna ekarri zuen, ardoak bortiztu; hala non handik berehala ez zuten askietsi herrari sekulako uko egin izana, adiskidantza osoa zin egin zioten elkarri.

        Prévanek, dudarik gabe berdin maite baitzuen bukaera hori zein bertze bat, ez zuen haatik deus ere galdu nahi bere ospetik. Beraz, bere asmoak egokiera hartara trebe moldaturik, hiru laidoztatuei erran zien: «Izan ere», ez duzue nitaz mendekatu behar, zuen maitale desleial horiez baizik. Mendekatzeko okasioa eskaintzen dizuet. Ari naiz jadanik sentitzen, zuhaurek bezala, sarri nirea ere izanen den laido bat: zeren baldin zuetarik nehork ez badu emakume bat bakarra atxikitzea erdietsi, igurika ote nezake nik hirurak atxikitzea? Zuen liskarra orobat da orain nirea. Onar ezazue arren gaur gauean nire etxe ttipian afaltzeko gomita, eta igurikitzen dut zuen mendekua luzaz ez gibelatzea.» Argibideak nahi izan zizkioten emanarazi: Prévanek ordea, tenore hartan zilegi zitzaion nagusi doinuaz, ihardetsi zien: «Jaunok, frogatu uste dizuet badakidala nola jokatu; fida zakizkidate.» Hirurek onartu zuten; eta adiskide berria besarkatu ondoren, arratsa arte bereizi ziren, haren promesen ondorioaren aiduru.

        Prévan, denborarik galdu gabe, Parisa itzultzen da, eta badoa, ohiturari jarraiki, mendean hartu berri dituen emakumeak ikustera. Erdietsi zuen hirurengandik arrats hartan berean jinen zirela bere etxe ttipian berarekin buruz buru afaltzera. Haietariko bik zerbait traba jarri zuten, baina biharamunean ba ote da zer ukaturik? Oren bateko tartez egin zien elkar ikusteko deia, denbora hori behar baitzuen bere asmoak betetzeko. Prestakizun horien ondoren, joan zen, mezutu zituen hiru kide elkar hartuak, eta laurak bozkariotan joan ziren beren kaltedunak igurikatzera.

        Aditzen dute lehena etortzen. Prévan bakarrik agertzen da, presatua iduri egiten dio begitarte, eramaten du santutegira, non neskak hango jainkosa izan uste baitzuen; gero, estakuru arin batez desagerturik, berehala jinarazten du beraren ordez maitale laidotua.

        Sumatuko duzu ezen oraino abenturetan ohiturarik ez duen emakume baten nahasmenduak garaipena aski erraza bihurtzen zuela une hartan: egin ez zen liskar bakoitza ontartetzat hartua izan zen; eta esklabo ihesi joan hark, bere nagusi ohiaren mendean berriz ezarriak, bozkarioak egin zituen lehengo kate berari estekaturik barkazioa igurikatu ahal izanaz. Bake hitzarmena leku bakartsuago batean berretsi zuten, eta agertokia, hutsik geratua, aldizka-aldizka bertze jokalariek bete zuten, berdintsu, eta batez ere bukaera berberaz.

        Emakume bakoitzak haatik uste zuen batbedera zela jokoan ari zen bakarra. Are gehiago harritu eta asaldatu ziren ordea hiru bikoteak afalorduan bildu zirenean; baina nahasmendua mukurutu zitzaien, Prévanek, ororen erdian berriz agerturik, hiru desleial haiei ankerki desenkusak erakutsi zizkienean; eta, haien sekretua agerian utzirik, guztiz jakinarazi zienean zein heineraino izan ziren engainatuak.

        Mahaian jarri ziren haatik, eta emeki emeki neurritasuna gailendu zen: gizonek amore eman zuten, emakumeek men egin. Denek herra zuten bihotzean; baina solasak haatik goxoak ziren: alaitasunak desira zuen biztu, eta desirak, berriz, xarma berriak eman zizkion alaitasunari. Orgia harrigarri hark goizaldera arte iraun zuen; eta bereizi zirelarik, emakumeek barkatuak izan zirela uste izan zuten: baina gizonek, erresumina beren baitan gordea baitzuten, biharamunaz geroztik emazteak sekula betiko zapuztu zituzten; eta beren maitale arinak utzi izana ez askietsirik, beren mendekua burutara eman zuten, abentura hura argitara emanez. Harrezkeroztik, haietariko bat komentuan da, eta bertze biak bihotza galdurik beren lurretan erbesteratuak.

        Horra Prévanen historia; zuri dagokizu ikustea ea haren loria nahi duzun gehitu, eta haren garaipen orgari nahi zatzaizkion lotu. Zure gutunak zinez kezkatu nau, eta ezinegonik igurikitzen dut izkiriatu dizudan azkenari erantzun zuhurrago eta argiago bat emanen diozula.

        Adio, adiskide ederra, ez zakizkie fida betiere errazegi liluratzen zaituzten ideia atsegingarri edo harrigarriei. Egizu kontu ezen, zu zabiltzan lasterketa horretan, adimena ez dela aski, ezen zuhurtziagabekeria bat bakarra konponbiderik gabeko gaitz bihurtzen dela. Utziozu azkenik adiskidantza zuhurrari noizean behin zure plazerren gidari izaten.

        Adio. Maite zaitut haatik zentzuduna bazina bezala.

...tik, 17**ko irailaren 18an.

 

 

LXXX. GUTUNA

DANCENY ZALDUNAK CÉCILE VOLANGESI

 

        Cécile, nire Cécile laztana, noiz etorriko da elkar berriz ikusteko tenorea? Nork irakatsiko dit zugandik urrun bizitzen? Nork emanen dit horretarako indarra eta kuraia? Nehoiz, ez, nehoiz ez dut zorigaiztoko ausentzia hori jasaten ahalko. Egunetik egunera malura zait areagotzen: eta malura hori noiz finituko den ikusten ez! Valmontek laguntza eta kontsolamenduak agindu zizkidan, Valmont nitaz ezaxolatu da ordea, eta ahantzi nau menturaz. Maite duen emakumearen ondoan da; ez daki jadanik zenbat sofritzen den maiteagandik urrundurik. Zure azken gutuna helaraztean, ez dit deusik izkiriatu. Hura da haatik noiz eta zein bidez ikus zaitzakedan jakinarazi behar didana. Deusik ez du bada niri errateko? Zuhaurk ere ez didazu deusik aipatzen horretaz, nire desira hori bera zuk jadanik ez duzulako ote? Ah! Cécile, Cécile, arras dohakabea naiz. Nehoiz baino gehiago maite zaitut: baina maitasun horrek, nire bizitza edertzen badu ere, orobat oinazetzen du.

        Ez, ezin ninteke gehiago honela bizi, behar zaitut ikusi, nahitaez, instant batez ez bada ere. Iratzartzen naizelarik, egiten dut neure artean: «Ez dut ikusiko.» Oheratzen naiz erranez: «Ez dut ikusi.» Hain egun luzeek ez dute zorion une bat bakarra ere. Oro da gabezia, oro damu, oro etsimendu; eta gaitz horiek guztiak nire plazer guztiak igurikatzen nituenarengandik datozkit! Gehi iezaiozu atsekabe hilgarri horiei zureek sortzen didaten kezka, eta sumatuko duzu zein egoeratan naizen. Zugan dut etengabe pentsatzen, eta nehoiz ez durduzarik gabe pentsatzen. Baldin atsekabetan eta maluros ikusten bazaitut, zure xangrin guztiek sofriarazten didate; baldin lasai eta kontsolaturik ikusten bazaitut, nireak orduan gehiagotuak dira. Malura kausitzen dut nonahi.

        Ah! Ez zen bada hala, ni bizi nintzen leku berean bizi zinelarik! Orduan oro plazerra izaten zen. Zu ikusteko segurantzak ausentziazko uneak berak ere edertzen zituen; zugandik urrun eman behar izaten nuen denborak bere iragaitean zugana ninduen hurbiltzen. Denbora horren erabilera sekula ez zitzaizun arrotz. Baldin eginbeharrak egiten banituen, zure merezidunago bihurtzen ninduten; baldin dohainen batean trebatzen banintzen, igurikatzen nuen zuri atsegin gehiago ematea. Munduaren distrakzioek zugandik urrun ninderamatelarik ere, ez nintzen haatik zugandik bereiz. Teatroan, entseiatzen nintzen zer laket ote zitzaizukeen asmatzera; kontzertu batek zure dohainak eta gure zeregin hain eztiak zekarzkidan gogora. Lagunartean bezala promenaldietan ere, zure antzik den mendrena antzematen nuen. Ororekin berdinkatzen zintudan; orotan zu zinen abantailatan. Eskaintza berri batek seinalatzen zuen egunaren une bakoitza, eta gauero zure oinetara nekarren saria.

        Orain, zer gelditzen zait? Damu mingarriak, gabetze eternalak, eta Valmonten isiltasuna gutxituko den eta zurea kezka bihurtuko den esperantza arin bat. Soilik hamar lekoak bereizten gaituzte, eta bitarte gaindierraz hori soil-soilik niretzat da ezin gaindituzko traba bihurtu! Eta, traba hori gainditzeko laguntza arrenka galdatzen diodanean neure adiskideari, neure maitaleari, bi-biak hotz eta lasai gelditzen dira! Ni laguntzetik urrun, ez didate erantzunik ere ematen.

        Zer bilakatu da bada Valmonten adiskidantza ernea? Zer bilakatu dira, batez ere, zure sentimendu guztiz amoltsuak, eta egunoro elkar ikusteko bideak bilatzeko trebe jokarazten zintuztenak? Batzuetan, ondo gogoan dut, elkar ikusteko desira izatetik baratu gabe, sakrifikatu behar izaten nion desira hori zernolakoei, betebeharrei; orduan zer ez zenidan erraten? Zenbat estakuruz ez ote zenituen nire arrazoiak gudukatzen? Eta gogoan izan, Cécile, nire arrazoiek betiere amore ematen zieten zure desirei. Karia horretara ez dut nihauren baitan merezimendurik ikusten! Sakrifizioaren merezimendua ere ez nuen. Zuk zer ere nahi baitzenuen erdietsi, ni zuri emateko irrikan bainintzen. Baina azken buruan badut nik ere galderik: eta zein da galde hori? Une batez zu ikustea, amodio eternalaren zina zuri berriz egin eta zugandik berriz hartzea. Zure zoriona ez ote da bada jadanik nirearen gisakoa? Uko egiten diot uste etsipengarri horri, nire oinazeak mukurutuko bailituzke. Maite nauzu, beti maiteko nauzu; hala uste dut, ziur naiz horretaz, ez dut nehoiz zalantzan jarri nahi: baina nire egoera izugarria da eta ez nezake luzaz hala iraun. Adio, Cécile.

Parisen, 17**ko irailaren 18an.

 

 

LXXXI. GUTUNA

MERTEUILEKO MARKESAK VALMONTEKO BIZKONDEARI

 

        Zure beldurrak zeinen urrikalgarriak zaizkidan! Zenbatez frogatzen didaten arras gailendua zaitudala! Eta zuk nahi didazu irakatsi, nahi nauzu gidatu? Ah! nire Valmont gaixoa, zeinen handia den oraino zure eta nire arteko aldea! Ez, zure sexuaren harrotasun guztia ez litzateke aski bereizten gaituen tartea betetzeko. Nire asmoak ez baitzenitzake bete, ezinezkoak direla iruditzen zaizkizu! Izaki harro eta ahul hori, kalkulatu nahi dituzu bada nire baliakizunak eta jujatu nire baliabideak! Egia erran, bizkonde, zure kontseiluek haserrarazi naute, eta haserre hori ez dezaket gorde.

        Ezen lehendakariaren emazteari erakutsi diozun moldakaizkeria sinets ezin ahalakoa ezkutatzearren, garaile ustean nigana harro etortzea, emakume ahalketi eta maite zaituen hori une batez nahasi duzulako, ontzat ematen dizut; ezen harengandik behako bat, behako bat bakarra erdietsi izanari, irribarrez diot hala biz. Ezen konturatu baitzara, gogoz kontra konturatu ere, zure jokabidearen balio eskasaz, igurika dezazun jokabide horri ohart ez nakion, ni balakaturik bi ume elkargana hurbiltzeko ahalegin gorenagatik, nahiz biak elkar ikusteko irrika bizian diren, eta, bide batez derradan, niri baizik zor ez didaten desira horren karra; horri ere on deritzot. Azkenaz goiti balentria horiek zilegi harturik, niri maisu doinuz erran diezadazun hobe duela nork bere denbora asmoak betetzen ematea, asmo kontari baino, harrokeria horrek ez dakarkit kalterik, eta barkatzen dizut. Baina uste ahal izan zenezan ezen zure zuhurtziaren beharretan nagoela, ezen zure iritziei men egin ezean galdua nengokeela, ezen iritzi horiei behar diedala plazer bat, gutizia bat sakrifikatu: egiazki, bizkonde, adeitasunez agertzen dizudan fidantziaz sobera harrotzea da!

        Eta zer egin duzu bada nik mila aldiz gainditu ez dudanik? Anitz emakume dituzu seduzitu, baita galdu ere: baina zer zailtasun garaitu behar izan dituzu? Zer oztopo gainditu? Non da zinez zuri dagokizukeen merezimendua? Gorputz ederra, zoriaren ondorio hutsa; graziak, ohiturak ia beti ematen dituenak, adimen bizia egia erran, baina behar izanez gero ele zuriak ordezkatuko lukeena; lotsagabekeria aski laudagarri bat, baina beharbada zure lehen garaipen errazei baizik zor ez zaiona; baldin oker ez banago, horra zure baliakizun guztiak: zeren, erdietsi ahal izan duzun ospeaz den bezanbatean, ez duzu fermuki galdatuko, hala uste dut, balio handitan har dezadan eskandalubide bat sorrarazteko edo baliatzeko antzea.

        Zuhurtziaz, maltzurkeriaz den bezanbatean, ez naiz nitaz mintzo: baina zein emakumek ez ote luke zuk baino gehiago? Hara! Lehendakariaren emazte horrek haur baten gisa zaramatza.

        Sinets nazazu, bizkonde, bakan eskuratzen dira behar ez diren dohainak. Arriskurik gabe borrokatuz, zuhurtziarik gabe behar duzu ekin. Zuentzat, gizonentzat, gudu galtzeak garaipen apalagoak baizik ez dira. Joko guztiz oreka galdu horretan, ez galtzea da gure zoriona, eta ez irabaztea da zuen malura. Onartuko banu ere badituzuela guk bezainbat dohain, zenbatez oraino ez zintuztegun gailendu beharko, dohain horiek etengabe erabiltzeko premian garenez?

        Demagun, ontzat hartzen dizut, zuek hain zaretela trebeak gu garaitzen, nola baikara gu geure burua defendatzen edo amore ematen, aitortuko duzu bederen ezen trebetasuna alferrikakoa zaizuela garaipenaren ondoren. Jaidura berri hori izan ezik ez duzue bertze eginkizunik, hari men egiten diozue beldurrik gabe, neurritasunik gabe: zenbat iraunen duen zuei axolarik ez.

        Alabaina, elkarri eman eta harturiko lotura horiek, amodioaren hizkeraz hitz egitearren, soilik zuek, zuen gogara, tinka edo hauts ditzakezue: zorionekoak gu, baldin zuen arinkerian, nahiagoz misterioa eskandalua bainoago, abandonu umiliagarri bat askiesten baduzue, eta ez baduzue bezperako idoloaz biharamuneko kalteduna egiten.

        Baina bere katearen zama lehenik sentitzen duen emakume dohakabe batek, zein arrisku ez ote ditu jasan behar, baldin ahalegintzen bada ihes egiten, baldin soil-soilik ausartzen bada katea altxatzera? Dardara bizian baizik ez da entseiatzen haren bihotzak indarrez gaitzesten duen gizona harengandik urrunaraztera. Gizona tematzen bazaio gelditzera, emakumeak eskaintzen ziona amodioari, beharko dio eman beldurrari:

        Besoak ditu oraino zabalik bihotza hertsia izanik.

        Zuhurtziaz behar ditu trebe laxatu zuek aise hautsiko zenituzketen lotura horiek berak. Etsaiaren peko, ez du baliakizunik, baldin gizonak ez badu eskuzabaltasunik: eta harengandik nola igurika eskuzabaltasunik, baldin noizik behin laudatzen badute eskuzabala izan delako, sekula ez diote haatik eskuzabala izan ez delako egiten liskarrik?

        Dudarik gabe, ez dituzu ukatuko nabarmenaren nabarmenez arrunkeria bilakatu diren egia horiek. Baldin ikusi izan banauzu haatik, gertakariak eta iritziak neure gogara antolatuz, gizon arras beldurgarri horiek nire apeten edo nire gutizien jostailu bihurtzen; orobat batzuei ebasten borondatea, bertzeei niri kalte egiteko ahalbidea; baldin jakin izan badut, aldizka-aldizka, eta nire gostu aldakorrei jarraikiz, nire gibelean atxikitzen edo nigandik urrun aurtikitzen

        Tronutik egotzitako tirano, nire esklabo bihurtu horiek;

        baldin, iraulketa usu horien erdian, neure omena haatik garbi gorde badut; ez zenukeen ondorioz pentsatu behar, ezen nire sexua mendekatzeko eta zuenari nagusitzeko jaioa izaki, jakin izan dudala orain arte ezezagunak ziren baliabideak sortzen?

        Ah! Gorde zure kontseiluak eta zure beldurrak eldarnioak jotako emakume horientzat, eta beren burua sentimenduari emana daukatenentzat; irudimen bizi-bizikoak baitira, iduri luke beraz izadiak buruan ezarri diela zentzumena; eta sekula gogoetarik egin gabeak izaki, nahasten baitituzte etengabe maitasuna eta maitalea; eta, beren ilusio eroan, uste baitute plazerraren bila lagun izan duten hura dela plazerraren gordailu bakarra; eta zinez baitira sineskeriazale, apaizari diote Jainkoari baizik zor ez zaion errespetua eta fedea.

        Zaude oraino beldur zuhurrak bainoago arinak diren emakume horiengatik, ez baitakite, behar izanez gero, abandonatuak izan direla onartzen.

        Egizu batez ere dardara laxokeriari arrunt emanak diren emakume horiengatik; zuek sentikorrak deitzen dituzuenak, eta amodioak hain errazki eta hain indartsu mendean hartzen dituenak; nahiz jadanik ez duten amodioaz gozatzen, amodioari atxikiak egoteko premian daudenak oraino; eta neurritasunik gabe emanak beren usteak hartzitzeari, sorrarazten dituztenak gutun guztiz ezti baina izkiriatzeko guztiz arriskutsuak; eta beldurrik ez dutenak beren ahulkeriaren frogak ahulkeria hori eragin duen presunari fidatzeko: zuhurtziagabeak, zeren ez baitakite orain duten maitaleagan, etorkizuneko etsaia ikusten.

        Nik ordea, ba ote dut deus komunik emakume funtsik gabe horiekin? Noiz ikusi nauzu neure buruari manatuak dizkiodan arauetarik urruntzen, eta neure oinarrizko arauei huts egiten? Neure oinarrizko arauak erran dut, bai berariaz erran ere: zeren ez baitira bertze emakumeenak bezalakoak, zoriak emanak, aztertu gabe jasoak eta ohituraz jarraikiak, nire gogoeta sakonen emaitza dira; nik ditut sortu, eta erran dezaket neure burua nihaurk egina dela.

        Sartu nintzelarik munduan, neskato oraino, neure egoeraren karietara isiltasunera eta deus ez egitera behartua nintzen garaian, jakin nuen profitatzen so egon eta gogoeta egiteko. Txoriburua edo arretagaldua nintzela uste zuten bitartean, ahalegin bizian egiten zizkidaten hitzaldiak gutxi aditurik egia erran, artoski biltzen nituen gorde nahi izaten zizkidatenak.

        Jakinmin onuragarri hark, irakasbide gisa baliatu zitzaidalarik, orobat irakatsi zidan disimulatzen: begiz joak nituen xedeak inguratzen nindutenen begietarik gordetzera sarri behartua, entseiatzen nintzen neureak nire gogara gidatzera; erdietsi nuen harrezkeroztik zuk maiz laudatu izan didazun behako arretagaldu hori neure nahira baliatzea. Lehen erdieste horrek akuilaturik, saiatu nintzen neure begitarteko keinu anitzak era berean moldatzen. Zerbait atsekabe sentitzen nuela, sosegu itxura, are bozkario itxura ere, irudikatzeari ekiten nion; neure eginahala neure burua nahita oinazetzeko heineraino eraman nuen, bitarte horretan plazerraren aurpegiera bilatzeko. Arta berberaz eta neke handiagoz ekina nintzen ustekabeko alaitasun baten sintomak zapatzeko. Halatan ikasia nintzen nire hazpegiei nehoiz edo behin zu horrenbertze harritu zaituen ahalmenaz nagusitzen.

        Aski gaztea nintzen artean, eta kasik interesik gabea: baina neure pentsamenduaren jabe baizik ez nintzen, eta sumintzen ninduen edeki ahal ziezadaten edo neure gogoz kontra ustekabean antzeman. Lehendabiziko arma horiez horniturik, saiatu nintzen arma horiek baliatzen: bertze nehori nire baitan barneratzen ez uztea askietsi gabe, libertitzen nintzen neure burua molde desberdinetan agerturik; neure keinuez ziur, neure hitzei so nengoen; batzuk zein bertzeak moldatzen nituen, egoerari jarraiki, edo soil-soilik nire gutiziei jarraiki: harrezkeroztik, nire pentsabidea ez zen niretzat baizik izan, eta ez nuen erakusten agerian jarriz gero baliagarria zitzaidana baizik.

        Nihauren baitan egina nuen lan hark begitarteen eitean eta hazpegien nolakotasunean finkarazi zidan arreta; eta halatan irabazi nuen begi ukaldi sarkor hori, esperientziak haatik hari osoki ez fidatzera irakatsi didana; baina, oro har, oso bakan tronparazi nauena.

        Hamabortz urte ez nituen oraino, neuretuak nituen jadanik gure politika gizon gehienek beren omena zor dieten dohainak, eta ez nintzen oraino ikasi nahi nuen zientziaren hastapenetan baizik.

        Sumatuko duzu ezen, neska gazte guztien gisara, amodioa eta bere plazerrak igerri nahian nenbilela: baina ez bainintzen sekula komentuan egona, ez bainuen adiskide minik, eta ama erne batek zaintzen baininduen, ideia nahasiak eta nekez finka nitzakeenak baizik ez nituen; izadiak ere, nahiz geroztik laudorio betean eduki nauen segurki, ez zidan oraino ezein aztarnarik ematen. Erran zitekeen isilean ari zela beraren egitatea hobekitzen. Soilik burua ari zitzaidan hartzitzen; ez nuen gozatu nahi, jakin egin nahi nuen; jakitun egon nahiak ikasbideak iradoki zizkidan.

        Ulertu nuen nire kofesora zela arriskutan sartu gabe sujet horrez mintza nintzaiokeen gizon bakarra. Berehala hartu nuen xedea; neure ahalke ttipiari nagusitu nintzaion; eta egin ez nuen oker batez hanturik, emakumeek egiten duten guztia egin izanaz akusatu nuen neure burua. Horiek izan ziren nire hitzak; baina horrela mintzaturik ez nekien egiaz zein ideia ari nintzen adierazten. Nire esperantza ez zen ez erabat zapuztua, ez osoki betea izan; neure burua traditzeko beldurrak ez zidan uzten argiago mintzatzen: baina apaiz on hark gaizkia hain lazki irudikatu zidan, non ondorioz uste izan bainuen plazerrak ezinago handiagoa izan behar zuela; eta plazerra ezagutu nahiak gozatu nahia ekarri zuen.

        Ez dakit nahi horrek nora eramanen ote ninduen; eta artean esperientziarik gabea bainintzen, menturaz okasio batek bakarrak galduko ninduen: beharrik amak egun gutxi barru iragarri zidan esposatzera nindoala; jakiteko segurantzak berehala iraungi zidan jakinmina, eta birjina heldu nintzen Merteuil jaunaren besoetara.

        Segurtasunez igurikitzen nuen ezagutza eman behar zidan unea, eta gogoeta behar izan nuen egin asaldura eta beldurra erakusteko. Lehen gau horrek, nahiz eskuarki arras anker ala arras ezti iduri baitu, ez zidan aurkezten esperientzia hartzeko okasio bat baizik: oinazeari eta plazerrari, orori nengoen xeheki so, eta zirrara anitz horietan ez nituen ikusten bildu eta gogoetatu beharreko egintzak baizik.

        Ikaskizun mota hori sarri laketu zitzaidan: baina nire oinarrizko arauak leial gorderik, eta sentiturik, senez agian, ezeinek ez zuela nire fidantziatik urrunago egon behar nire senarrak baino, deliberatu nuen, sentibera nintzelako hain zuzen ere, sorgor agertzea haren aitzinean. Geroztik itxurazko hoztasun hura izan zen haren fidantzia itsuaren oinarri ezin hautsizkoa: emendatu nion, bigarren aldiz gogoeta eginez, nire adinarekin bat zetorren txoriburuaren itxura; eta nehoiz ez ninduen umeago ikusi, ausardiarik handienaz jokatzen nion uneetan baino.

        Hala ere, aitor dezadan, hasieran men egin nion herrestan ninderaman munduaren zurrunbiloari, eta bete betean lotu nintzaien bere distrakzio hutsalei. Zenbait hilabeteren buruan ordea, Merteuil jaunak bere landa tristera eramana ninduelarik, asperraren beldurrak ikasketarako gostua etorrarazi zuen berriz; eta inguruan ez bainuen niri buruz urruntasunari atxikia behar zitzaion jendea baizik, susmo ororen gerizan jartzen ninduena, probetxatu nintzen neure esperientziei eremu zabalago bat emateko. Orduan nion, batez ere, neure buruari frogatu ezen gure plazerren kausa delakoan goresten diguten amodioa, plazerren estakurua baizik ez dela.

        Merteuil jaunaren eritasunak zeregin hain eztiak eten zituen; hirira behar izan nintzaion jarraiki, sokorri galdez zetorren eta. Hil zen, dakizun bezala, handik gutxira; eta nahiz, oro har, ez nuen harez zer deitoraturik, ez nuen bizitasun gutxiagoz sentitu neure alargunaldiak eman behar zidan libertatearen balioa, eta hartaz baliatzea hitz eman nion neure buruari.

        Gure amak komentuan sartuko nintzela, edo berarekin bizitzera joanen nintzela uste zuen. Xede bati nahiz bertzeari uko egin nion; eta zintzotasunari egin nion men bakarra izan zen landa hartara berera itzultzea, bai bainituen han oharpen batzuk oraino egiteke.

        Irakurketaren laguntzaz bortiztu nituen: ez pentsa ordea irakurgaiak zuk uste duzun motakoak izan zirenik. Gure ohiturak nobeletan aztertu nituen; gure iritziak filosofoengan; moralistarik zorrotzenen baitan ere ari izan nintzen gugandik zer galdatzen zuten bila, eta halatan seguratu nintzen zer behar genuen egin, zer behar genuen pentsatu eta zer itxuratan behar genuen agertu. Hiru xede horiek finkatuak izan orduko, azkenekoak baizik ez zituen zailtasun batzuk obratzeko; zailtasun horiek garaitzea igurikitzen nuen eta gogoeta egin nuen hori erdiesteko bideez.

        Hasia nintzen larre plazer haiez aspertzen, molde beretsukoak baitziren nire buru ernearentzat; eder agertzeko halako premia bat sentitzen nuen amodioarekin onezkoak eginarazi zizkidana; ez amodioa zinez sentitzeko, bertzeri sorrarazteko eta haren itxurak egiteko baizik. Debaldetan errana zidaten eta irakurria nuen ezin egin zitekeela sentimendu horren itxurarik. Ikusten nuen haatik ezen erdiesteko aski zela autore baten dohainari antzezle baten jeinua eranstea. Bi alor horietan trebatu nintzen, eta menturaz arrakasta doi batez: baina teatroaren esku zarta debaldekoak bilatu ordez, deliberatu nuen neure zorionerako baliatzea bertze anitzek harrokeriari sakrifikatzen ziotena.

        Urte bat eman nuen zeregin anitz horietan. Doluak jendaurrean berriz agertzen uzten baitzidan, hirira itzuli nintzen neure asmo handiekin; ez nuen igurikitzen han kausitu nuen lehen oztopoa.

        Bakardade luze hark, bazterraldi latz hark, gure gizonik atseginenak izutuak zeuzkan ahalkeriazko bernizadura bat zuen nigan ezarria; gizon haiek hastanduak ziren, eta gizon gogaikarri oste baten peko utzia ninduten, den-denek niri ezkontzeko galdea egin nahian. Haiei uko egiteak ez ninduen asaldatzen; baina nire familiak hastio zituen horietariko uko anitz, eta barne nahaskeria haietan galtzen nuen neure buruari zeregin anitzez ere xarmangarriagoetan emanen nuela hitz emana nion denbora. Behartua izan nintzen beraz, batzuek erakartzeko eta bertzeak aienatzeko, segida eza batzuk agerian uztera, eta nire omenari kalte egiteko baliatzera hura gordetzeko baliatzekotan nintzen arta guztia. Aise erdietsi nuen, pentsa dezakezun bezala. Baina ezein grinak ez baininduen mendean hartua, beharrezkoa iruditzen zitzaidana baizik ez nuen egin eta zuhur eta izariz baliatu nituen neure burugabekeriak.

        Iritsi nahi nuen xedera heldu nintzen orduko, gibelera egin nuen berriz, eta neure oneratzearen begirunezko eskaintza egin nien atsegingarriak gertatu nahiaren ezinean merezimenduaren eta bertutearen nahikundera makurtuak diren horietariko emakume batzuei. Urrats hura uste baino askoz baliagarriagoa izan zitzaidan. Esker oneko emakume adintsu begirale haiek nire apologista gertatu ziren; eta beren obra deitzen zioten horri agertzen zioten lehia itsua halako heinera eraman zuten, non nehork nitaz elerik den mendrena ere erraten baldin bazuen, deboziokeriaren alderdi osoak eskandalua eta laidoa auhendatzen baitzuen. Bide berberaz erdietsi nuen orobat gure emakume askonahien onespena, zeren, haien lasterketa berean ibiltzeari uko egina niolako uste osoan baitziren, hautatu baininduten beren laudorioen xedetzat, jende oroz gaitzerranka aritzen ez zirela frogatu nahi zuten aldi guztietan.

        Haatik aldez aurreko nire jokabideak maitaleak erakarri zituen; eta haien eta nire babesle leialen artean ibili ahal izateko, agertzen nintzen emakume sentikor baina zail baten gisara, bere buruaren soberazko begiramenak amodioaren kontra armez hornitua zeukan emakume baten gisara.

        Orduan hasi nintzen neure buruari emanak nizkion dohainak teatro handian hedatzen. Ezin garaituzkoa nintzelako omena neureganatzea izan zen nire lehen ardura. Hori erdiesteko, laket ez zitzaizkidan gizonak izan ziren beti begirunezko eskaintzak onartze irudi bat egin nien bakarrak. Onura handiz baliatzen nituen ihardukitzailearen ohoreak eskuratzeko, bitartean aldiz beldurrik gabe emana nintzaion maitale hobetsiari. Baina honi, nire ahalke itxuratuak sekula ez zion utzi munduan barna nire atzetik etortzen; eta lagunartearen behakoak, halatan, izan ziren beti maitale dohakabeagan finkatuak.

        Badakizu zeinen bizkor deliberatzen dudan: ikusia baitut aldez aurreko artak izaten direla ia beti emakumeen sekretuak agerian jartzen dituztenak. Zernahi ere egin ahal delarik, doinua ez da sekula berbera izaten, erdietsi aurretik edo ondotik. So egile erneari nehoiz ez zaio desberdintasun hori itzurtzen eta arrisku gutxiagokoa iruditu izan zait gaizki hautatzea, hautatuari nigan barneratzen uztea baino. Halatan irabazten dut berebat egiantza deuseztea, soil-soilik haren arabera jujatzen ahal baikaituzte.

        Izari horiek, eta nehoiz ez izkiriatzekoa ere, nire hondamenaren ezein frogarik nehoiz ez ematearena, soberazkoak lirudikete, eta ez ditut sekula askietsi. Nire bihotzean barneraturik, han aztertua naiz bertzeena ere. Han ikusia naiz ezen ez dagoela nehor begien bistan jartzea axola ez zaion sekreturik han gordetzen ez duenik: egia hori antzinateak ustez guk baino hobeki ezagutu zuen, eta baliteke Sansonen historia ez izatea egia horren irudi antzatsu bat baizik. Dalila berri baten gisara, nik ere, hark bezala, neure ahal guztiak egin ditut garrantzi handiko sekretu hori atzemateko. Hots! Gure Sanson modernoetarik zenbaten adatsak ez ote dauzkat guraizeen peko? Eta horiei guztiei jadanik ez diet beldurrik; horiek dira noizik behin berariaz umiliatu izan ditudan bakarrak. Guriago jokaturik bertzeekin, haien iritzian aldakor ez agertzeko haiek antze handiz desleial bilakarazirik, adiskidantzaren itxurak eginez, itxurazko fidantziaz, zenbait egitate eskuzabalez, nire maitale bakarra izan delako balakuzko ustea batbederari sinetsarazirik, halatan erdietsi dut haien isiltasuna. Azken buruan, baliabide horiek huts egin didatelarik, jakina naiz, hausturak aldez aurretik ikusiz, gizon arriskutsu horiek lor zezaketen fidantzia irrigarrikeriaz edo gezur beltzaz aldez aurretik itotzen.

        Hor erraten dizudana, etengabe egiten ikusten nauzu; eta duda egiten duzu nire zuhurtziaz! Hots bada! Gogoan har zeure lehen artak eskaini zenizkidan aldia: ezein begirunezko eskaintzak ez nau sekula horrenbertze lausengatu; ikusi baino lehen desiratzen zintudan. Zure omenaz seduzitua, iruditzen zitzaidan nire loriak zure eskas zuela; irrika bizian nintzen zurekin buruz buru borrokatzeko. Hura da aldi batez nagusitu izan zaidan jaidura bakarra. Haatik, baldin galdu nahi izan baninduzu; zein baliakizun kausituko zenituzkeen? Gibelean ezein aztarnarik uzten ez duten alferrikako solasak, zure omenaren beraren laguntzaz susmotan jarriak liratekeenak, eta egiantzarik gabeko egitate segida bat, zin-zinez kontatuz gero makur onduriko nobela baten eitea zukeena. Egia erran, geroztik neure sekretu guztiak jakinarazi dizkizut: badakizu ordea zein interesek lotzen gaituzten, eta badakizu orobat, gu bion artean, niri egotzi behar ote zaidan zuhurtziagabea izatea.

        Kontuak errendatzen ari natzaizunez, zehatz nahi dizkizut errendatu. Hemendik aditzen dizut erraten neure gelariak bederen bere peko naukala; alabaina, nahiz ez duen nire sentimenduen sekretua, badu nire egintzena. Behinola hori bera aipatu zenidalarik, ihardetsi nizun hari arras fidaturik nintzela; eta ihardespen hori zure lasaitasunari aski izan zitzaiolako froga da ezen geroztik fidatu izan diozula, zure kontura, sekretu garrantzitsurik. Baina egungo egunean Prévanen geriza nagusitzen ari baitzaizu, eta burua jiraka ari baitzaizu, duda egiten dut hitzean jarraitzen dudanik oraino uste ote duzun. Behar zaizu bada irakatsi.

        Hasteko, neska hori bular ahizpa dut, eta lotura hori guretzat hutsala izanagatik, ez da indarrik gabea gisa horretako jendakiarentzat: bertzenaz, haren sekretuaren jabe naiz, eta hobeki dena, amodiozko eroaldi batek joa, galdua zatekeen nik salbatu ez banu. Haren ahaideek, ohorez laztuak, hura giltzapean sartzea baino gutxiagorik ez zuten nahi. Nigana jo zuten. Begi ukaldi batez ikusi nuen haien kolera zenbatez ere balia nezakeen. Ni ere herratsu agertu nintzen, eta manua galdatu nuen, bai erdietsi ere. Gero bet-betan errukiaren alderdira makurturik ni eta makurrarazirik haren ahaideak, eta ministro zaharragan nuen itzal handia baliaturik, onartarazi nien guztiei utz nintzatela manu haren gordelari, eta manu hura betetzeko edo ez betetzeko jaun eta jabe halaber, neska horren geroztikako jokabidearen merezimenduaz nik jujatuko nuelakoan. Badaki beraz bere asturua nire eskuetan duela, eta, baldin baliakizun ahaltsu horiek geldiaraziko ez balute, ezinezkoa dena, ez dea begien bistakoa ezen haren jokabidea agerian jarri izanak eta zegokion zigorra hari betearazteak berehala kenduko liekeela sinesgarritasun oro haren hitzei?

        Nik funtsezko deitzen diedan izari horiei, bertze mila gehiago juntatzen zaizkie, edo leku batekoak edo aldi batekoak, gogoetak eta ohiturak behar izanez gero kausiaraziak; eta xehe-xehea aipatzea gaitz luketenak, baina artoski obratu beharrekoak, eta zehatz aipatu gabe banan-banan ezin izendatuzkoak, baina garrantzitsuak direnez usu baliatu beharrekoak, eta nire jokabide osoa baitan ahaleginez bildu behar zenituzkeenak, baldin ezagutu nahi bazenitza.

        Uste izatea ordea ezen horrenbertze ardura hartu ditudala ez biltzeko gero fruiturik; ezen nire lan akigarriei esker bertze emakumeen gainetik horrenbertze goratua naizen ondoren, nire urratsak haiek bezalatsu herrestan egitea onartuko dudala, noiz zuhurtziarik gabe, noiz herabe; ezen uste izatea batez ere gizon batek beldur nazakeela nire salbazioa ihesean baizik ez ikusteko heineraino? Ez, bizkonde; sekula ez. Behar da garaitu edo hil. Prévanez den bezanbatean, nahi dut eduki eta edukiko dut; nahi du erran eta ez du erranen: bi hitzetan, horra gure nobela. Adio.

...tik, 17**ko irailaren 20an.

 

 

LXXXII. GUTUNA

CÉCILE VOLANGESEK DANCENY ZALDUNARI

 

        Jainko jauna, hain zure gutunak nau penatu! Ez nuen bada gutun hori hartzeko biziki ezinegonik egoteko horrenbertze premiarik! Igurikitzen nuen zure gutunean kontsolamendurik aurkitzea, eta horra non gutuna hartu aurretik baino atsekabetuago nagoen. Negar asko egin dut hura irakurtzen: ez dakarkizut hori liskarbide; anitzetan egin izan baitut zugatik negar, batere penatu gabe. Oraingoan, aldiz, ez da gauza bera.

        Zer erran nahi duzu bada, ezen amodioa oinaze bihurtua zaizula, ezen ezin bizi zarela gehiago halatsu, ez egoera horretan luzaz iraun? Ni maitatzetik baratu behar zara, hau ez delako bertzetan bezain atsegina? Iruditzen zait ni ez naizela zu baino urosago, aitzitik; eta hala ere ez zaitut anitzez gehiago baizik maite. Valmont jaunak ez dizula izkiriatu, ez da nire hutsa; ezin izan diot zuri izkiria diezazun otoiztu, zeren ez bainaiz harekin bakarka egon, eta adostua baitugu nehoiz ez garela jendaurrean elkarrekin mintzatuko: eta hori ere zugatik da, ahalik lasterrena egin ahal izan dezan zuk nahi duzuna. Ez dut erraten nik ere ez dudanik nahi, zaude otoi horretaz guztiz ziur: baina zer nahi duzu egitea? Baldin erraza dela uste baduzu, bila ezazu bada nola, ez dut bertzerik galdatzen.

        Uste duzu atsegingarria dela niretzat ama egunoro liskarka edukitzea, lehen ordea ez zidalarik deusik erraten, aitzitik baizik? Orain, komentuan banintz baino okerrago nago. Kontsolatzen nintzen haatik zugatik zela pentsaturik; baziren une batzuk non neure gogara egon uste bainuen; baina zu ere haserre zarela ikusten dudanean, nahiz ez dudan nik batere errurik, tristetzen naiz orain arte gertatu zaidan guztiagatik bainoago.

        Zure gutunak hartze hutsa hain da eragozpen handia, non Valmont jauna ez baldin balitz den bezain amoltsua eta trebea, ez bainekike nola egin; eta zuri izkiriatzea, are zailagoa da oraino. Goiz osoan, ez naiz ausartzen, zeren ama oso gertu baita nigandik, eta une oroz gelara baitatorkit. Batzuetan arratsaldean ahal dut; kantuaren edo harpa jo beharraren estakuruz; hala ere lerro bakoitzean baratu behar naiz ikasten ari naizela adi dezaten. Zorionez, arrats apal batzuetan gelazaina lokartzen da, eta bakarrik oheratuko naizela erraten diot, joan dadin eta bizturik utz dezan argia. Eta bertzenaz, leiho oihalaren azpian behar naiz jarri, argitasunik ikus ez dezaten, eta hotsik den mendrena aditzetik beretik gauza guztiak ohean gorde ahal izan ditzadan, nehor baletor ere. Nahi nuke hemen egon zintezen, hori ikusteko! Ontsa ikusiko zenuen anitz behar dela maitatu hori egiteko. Finean, egia da ahal dudan guztia ari naizela egiten, eta nahi nukeela gehiago egin ahal!

        Hain segur, ez dizut maite zaitudala eta beti maiteko zaitudala zuri erratea ukatzen; nehoiz ez dizut hain bihotz onez erran; eta haserre zaude! Ondo segur erran zenidan haatik, nik maite zaitudala erran baino lehenago, nire maitasunaren aitormena aski zenuela zoriontsu izateko. Ezin uka dezakezu: zure gutunetan da. Nahiz eskuartean ez ditudan jadanik, egunoro irakurtzen nituenean bezain gogoan ditut. Eta bereizirik gaudelako, ez duzu jada berdin pentsatzen! Baina ausentzia horrek ez du betiko iraunen, menturaz? Jauna, dohakabea ni! Eta zu zarela kausa!

        Zure gutunez den bezanbatean, gordeko ahal zenituen amak niri hartu eta zuri igorri zizkizun haiek! Helduko baita orain nagoen bezain durduzaturik ez nagokeen aldia, eta guztiak itzuliko dizkidazu. Zeinen zoriontsua izanen naizen, guztiak oro gordetzen ahalko ditudanean, gutun horietan nehork zerikusirik izan dezan gabe! Orain, Valmont jaunari ematen dizkiot, sobera arrisku legokeelako bertzela: nolanahi ere nehoiz ez dizkiot ematen atsekabe handia orobat hartu gabe.

        Adio, adiskide maitea. Bihotz-bihotzetik maite zaitut. Bizitza osoan maiteko zaitut. Orain ez ahal zara jadanik haserre egonen! Eta horretaz ziur banengo, ni ere ez nintzateke jadanik haserre. Izkiria ahalik lasterrena, zeren bai baitakit ordu arte atsekabetan egonen naizela betiere.

...ko gaztelutik, 17**ko irailaren 21ean.

 

 

LXXXIII. GUTUNA

VALMONTEKO BIZKONDEAK
TOURVEL LEHENDAKARIAREN EMAZTEARI

 

        Otoi, andrea, berriz lot gakizkion ondikotz etendako solas horri! Ezen froga ahal diezazudan behingoz nitaz egin dizuten potret gorrotagarriaren zeinen bertzelakoa naizen; ezen goza ahal dezadan oraino, batez ere, erakusten hasia zenidan fidantzia maitagarri horrez! Ondo dakizu bertuteari anitz xarma eransten! Zenbatez ere edertzen eta maitarazten dituzun sentimendu onest guztiak! Ah! Hori da zure sedukzioa; hori da guztietan indartsuena; hori da ahaltsua eta, aldi berean, agurgarria den bakarra.

        Aski da dudarik gabe zu ikustea, zuri laket gertatzea nahi izateko; aski da zu lagunartean aditzea, nahi hori areagotzeko. Baina bozkarioaren bozkarioz gehiago ezagutzen zaituenak, noizbehinka zure ariman irakur dezakeenak, laster egiten dio men gogobero nobleago bati, eta jaidura zein amodioa barneraturik, bertute guztien irudia jauresten du zugan. Bertze edozein baino gehiago izanik, menturaz, bertute horiek maitatzeko eta jarraikitzeko egina, zenbait hutsegitek bertute horietarik urrunarazi eta herrestan eramana, zuk nauzu bertute horietara berriz hurbilarazi, zuk didazu haien xarma guztia hartzara sentiarazi: maitasun berri horri hoben iritziko diozu? Zeure obra apaletsiko duzu? Sor diezazukeen interesagatik zeure buruari ere liskar eginen zenioke? Sentimendu hain garbi batek zer kalteren beldurra sor diezazuke, eta zer eztitasun ez lekarke hura dastatzeak?

        Nire amodioak izutzen zaitu, bortxazkoa, galgarik gabea iruditzen zaizu? Amodio eztiago batez ema ezazu; ez egin ukorik eskaintzen dizudan nagusigoari, zin baitagizut ez natzaiola sekula nagusigo horri itzuriko, eta orobat ez baita, sinestea zilegi izan bekit, bertuterako osoki galdua izanen. Zein sakrifizio irudi lekidake neketsu, zure bihotzak sarituko lidakeela jakinik? Dohakabea behar du izan bada gizonak bere buruari ezarri dizkion ukoez gozatzen ez jakiteko; ematen zaion ele bat, behako bat ez nahiago izateko, atzeman edo ebats litzakeen gozamen guztiak baino? Eta zuk uste izan duzu gizon hori ni nintzela! Eta beldur izan didazu! Ah! Zure zoriona zergatik ez dut neure esku? Gogotik hartuko nuke zutaz mendeku, zu zoriontsu bihurturik! Nagusigo ezti hori ordea, ez da adiskidantza antzuak sortua; soil-soilik amodioak dakarke.

        Ele horrek hertsatzen zaitu! Zergatik bada? Lotura amoltsuago bat, batasun bortitzago bat, pentsamolde bat bakarra, bozkario berbera zein atsekabe berberak, horrek zer du bada arrotzetik zure arimarentzat? Halakoa da haatik amodioa! Halakoa da bederen zuk sortu eta nik sentitzen dudana! Hura da, ororen gainetik, jakin badakiena, interesik gabe kalkulatuz, egintzak beren merezimenduagatik eta ez beren balioagatik ederresten; arima sentikorren altxor agortezina, oro bihurtzen da balios, hark egina edo harentzat egina izanik.

        Egia hain ulerterraz horiek, obratzeko hain ezti horiek, zertan dira bada izu-ikarazkoak? Zugan zer beldur eragin litzake halaber gizon sentikor batek, amodioak zurea ez den bertze zorionik uzten ez dionik? Hori da egungo egunean nire nahimen bakarra: oro sakrifikatuko dut hura betetzeko, salbu eta sorrarazi duen sentimendua; eta sentimendu hori bera nirekin batera sentitzea onar ezazu, eta zeure gogara antolatuko duzu. Baina ez dezagun paira bereiz gaitzan, elkartu behar gintuelarik. Baldin eskaini didazun adiskidantza ele hutsa ez bada; baldin, atzo erraten zenidan bezala, zure arimak ezagutzen duen sentimendurik eztiena bada; hark delibera beza gure arteko auzia, ez dut haren epaia gaitzetsiko: baina amodioaren juje baita, aditu biezaio bederen; aditzeari uko egin izana bidegabekeria litzateke, eta adiskidantza nehoiz ez da bidegabea.

        Bigarren solas batek ez duke lehenengoak baino eragozpen handiagorik: zoriak sor dezake oraino okasiorik; zuhaurk finka zenezake horretarako une egokia. Oker naizela nahi nuke sinetsi; ez duzu nahiago ni gidatzea, ni gudukatzea baino, eta duda egiten duzu nire maltsotasunaz? Hirugarren desegoki hura jin izan ez balitz gure artean tarteko sartzera, agian zure iritzira zeharo eroria nintzateke; nork daki noraino hel daitekeen zure boterea?

        Erranen dizuta? Kalkulatzera ausartu gabe men egina naukan ezin garaituzko ahal hori, nire pentsamenduen nola nire egintzen jaun eta jabe zu zauzkan xarma ezin ihardukizko hori, batzuetan egokitu zait haiei beldur izatea. Ondikotz! Galdatzen dizudan solasaldi horrek, menturaz ni behar ninduke beldurtu! Menturaz gero, nire promesez kateatua, gertatuko naiz ezin iraungiko dela jakin badakidan amodio batez kiskaltzera behartua, zuri laguntza eskatzera ere ausartu gabe! Ah! Andrea, zure nagusigoaz, arren otoi, ez neurriz gain balia! Zer ordea! Baldin horrela zoriontsuagoa baldin bazara, baldin horrela zure merezidunago naizela iruditzen bazaizu, uste kontsolagarri horiek zein atsekabe ez dituzte leunduko! Bai, badut susmo; hartzara zuri mintzatzea da nire kontra baliatzeko zu arma bortitzagoz hornitzea, zure borondateari osoki men egitea. Aiseago defendatzen ahal naiz zure gutunetarik; zure hitz berberak dira, baina zu ez zaude hor hitz horiei indarra emateko. Haatik, zuri aditzeko plazerrak erronka eginarazten dit arriskuari: baduket bederen zugatik, nire kontra bada ere, oro egin izanaren bozkarioa; eta nire sakrifizioak begirunezko eskaintza dira bilakatuko. Sobera zoriontsua zuri frogatzeaz mila eraz, mila moldez sentitzen dudan bezala, ezen, neure burua salbuetsi gabe, zu zarela, zu izanen zarela betiko, nire bihotzak begikoen duen xedea.

...ko gaztelutik, 17**ko irailaren 23an.

 

 

LXXXIV. GUTUNA

VALMONTEKO BIZKONDEAK CÉCILE VOLANGESI

 

        Ikusi duzu nolako eragozpenak izan genituen atzo. Egun osoan ezin izan nizun eman zuretzat nuen gutuna; ez dakit gaur erraztasun gehiago kausituko dudan. Arriskuan jarriko ote zaitudan beldur naiz, zuri gutuna emateko ari izanez kartsuago trebe baino; eta ez nioke neure buruari barkatuko zuretzat arras zorigaiztokoa litzatekeen eta nire adiskideari, zu betiko maluros eginez gero, etsipena lekarkiokeen zuhurtziagabekeriarik. Ezagutzen ditut haatik amodioaren ezinegonak; badakit zeinen dolugarria behar zaizun izan, zu zauden egoeran, une honetan dasta dezakezun kontsolazio bakarra doi bat bada ere gibelatu beharra. Behaztopak bazter uzteko bideak bilatzearen kariaz, kausitu dut bat aise egin litekeena, baldin ardura poxi batez egiten baduzu.

        Hauteman uste izan dut ezen zure gela korridore aldera dagoela, eta gelako ateko giltza zure amaren supazter gainean egoten dela beti. Giltza horrekin dena erraza litzateke, aise sumatuko duzun bezala; baina giltza horren despit, emanen dizut bat antzekoa, haren ordez jar dezazun. Aski duket, erdiets ahal izateko, bertzea oren batez edo bi orenez nire esku izatea. Aise behar zenuke giltza hori hartzeko okasioa kausitu, eta falta dela antzeman ez dezaten, honekin batera igortzen dizut neure giltza bat, antzeko samarra baita, bien arteko aldea ikus ahal ez dezaten, non ez diren giltzaz baliatzera entseiatzen; eta ez dira horretan saiatuko. Soil-soilik behar diozu giltzari artoski xingola bat ezarri, urdina eta higatua, zurean dagoenaren gisarakoa.

        Saiatu behar ginateke giltza hori biharko edo etziko geureganatzen, bazkalorduan; orduan errazagoa izanen baitzaizu giltza niri ematea, eta gauerako bere lekuan uzten ahalko dugu, tenore horretan zure amak kasu gehiago egin baitiezaioke giltzari. Afalorduan bihurtzen ahal nizuke, baldin elkar ongi aditzen badugu.

        Badakizu egongelatik jangelara joaten garenean, Rosemonde andrea izaten dela beti azkena. Eskua emanen diot. Ez duzu orduan zeure tapizgintza emeki bada emeki uztea baizik, edo bertzela lurrera zerbait botatzea, gibelean gelditzeko eran: jakinen duzu orduan nik neure atzean artoski atxikia izanen dudan giltza hartzen. Ez zara ezaxolatu behar, giltza hartu orduko, nire izeba xaharragana biltzeaz, eta hari fereku batzuk egiteaz. Menturaz giltza hori eroriko balitzaizu, ez asaldatu gero; ni izan naizelako itxurak eginen ditut, eta nik hartuko dut ororen erantzukizuna.

        Zeure amak agertzen dizun fidantzia gutxia eta zurekin dituen jokabide arrunt bortitzek zilegitzen dute bertzenaz jukutria ttipi hori. Hori da orobat Dancenyren gutunak hartzen eta zureak hari helarazten jarraitzeko bide bakarra; bertze ezein bide zinez da arriskutsuagoa, eta biok gal zintzakete erremediorik gabe: nire adiskidantza zuhurrak bide hori sobera baliatu izanaren erantzukizuna luke beraz.

        Giltzaren jabe gauden orduko, atearen eta sarrailaren zaratatik begiratzeko neurri batzuk hartzea baizik ez zaigu geldituko: errazak dira ordea. Papera utzi nizun armairu beraren azpian olioa eta luma bat kausituko dituzu. Batzuetan joaten zara zeure gelara eta bakarrik ematen dituzu han oren batzuk: probetxatu behar zara orduan sarraila eta erroak olioztatzeko. Ardura bakarra izan ezazu, eta da salatuko zintuzketen zikinei kasu ematea. Gautu arte beharko duzu halaber iguriki, zeren eta, baldin eginkizun hori zuri dagokizun adimen erneaz egiten baduzu, biharamunean ez baitute deusik sumatuko.

        Baldin haatik ohartuko balitzaizkio, dudarik gabe erraiezu gazteluko zoru-igurtzailea izan dela. Kasu horretan, xehea-xehea beharko diezu adierazi zenbat denboraz egon den, bai eta erran dizkizun hitzak ere: hala nola, konparazione, herdoiletik begiratzeko hartzen duela izari hori, erabiltzen ez diren sarraila guztietan. Zeren ulertuko baituzu ez litzatekeela egiantzekoa zu egiteko horien guztien lekuko gertatu izana arrazoirik galdetu gabe. Xehetasun ttipi horiek dira egiantzaren sorrarazleak, eta egiantzak bihurtzen ditu gezurrak ondoriorik gabeak, kentzen baitu haiek egiaztatzeko gogoa.

        Gutun hau irakurri ondoren, otoi arren, berrirakur ezazu eta gogoan har: lehenik, ontsa egin nahi dena ontsa behar delako jakin; gero, ziur jakin dezazun ez dudala deus utzi aipatu gabe. Ez bainaiz maltzurkeria neure probetxurako erabiltzen batere ohitua, ez naiz horretan aski trebatua; Dancenyri diodan adiskidantza handia, eta zuk sorrarazten didazun interesa, ezinbertzez behar izan ditut gogoan atxiki bide horiez, errurik gabeak diren arren, baliatzera deliberatzeko. Jukutria iduria duen oro hastio dut; halakoa baita nire izaera. Baina zure malurek hunkitu naute, haiek ematzearren zernahi egitera prest egoteko heineraino.

        Ohartuko zenionez, gisa horretan gure artean komunikatzen ahalko garen orduko, askoz errazagoa duket Dancenyk nahi duen elkar ikuste hori harekin buruz buru egin dezazun zuretzat erdiestea. Haatik ez hari aipa oraino honetaz deusik; ez zenioke ezinegona areagotu baizik eginen, eta oraino ez zaio heldu ezinegon hori lasaitzeko tenorea. Lasaitasuna eman behar zenioke, nire ustez, hura akuilatu ordez. Horretaz den bezanbatean, zure adeitasunari nagokio. Adio, ikasle eder hori: zeren ikasle baitzaitut. Maita ezazu pixka bat zeure irakaslea, eta batez ere, izan zakizkio manukor; on dukezu eta. Zure zorionaz ari naiz arduratzen, eta egon ziur zure zorionaren baitan kausituko dudala nik neurea.

...tik, 17**ko irailaren 24an.

 

 

LXXXV. GUTUNA

MERTEUILEKO MARKESAK VALMONTEKO BIZKONDEARI

 

        Azkenean sosegaturik egon zaitezke eta batez ere zuzen eta bidezko izanen zara nirekin. Entzun, eta ez nazazu bertze emakumeekin gehiago nahas. Burutara eman dut Prévanekin izan dudan abentura: burutara eman! Ulertzen duzu horrek zer erran nahi duen? Orain jujatuko duzu bietarik nork, hark edo nik, bere burua goratzen ahalko duen. Kontaketa ez da egintza bezain atsegina izanen: orobat ez bailitzateke bidezko zuk nik bezainbat plazer hartzea, ez baituzu afera honen gainean ontsa edo gaizki gogoeta baizik egin, eta nik berriz neure denbora eta ahala eskaini dizkiot.

        Nolanahi ere, baldin ukaldi handiren bat jotzekoa bazara, baldin entseiatu behar bazara aurkari lanjeros hori beldurgarria gerta dakizukeen zereginen bat egitera, ekin. Zabalik utzi dizu bidea, aldi baterako bederen; menturaz ez da nehoiz zuzpertuko eman diodan ukalditik.

        Dohatsua zu adiskide nauzulako! Maitagarri ongiegile bat naiz zuretzat. Hiratua zara liluraturik zauzkan emakume eder horrengandik urrun; erraten dut hitz bat, eta horra non berriz haren ondoan zaren. Kalte egiten ari zaizun emakume bati mendeku nahi diozu hartu; erakusten dizut non behar duzun kolpatu eta zeure nahieraren peko uzten dizut. Azkenaz goiti, lehiakide beldurgarri bat gudukatik bazterreratzeko, ni nauzu oraino deitzen, eta nik gogoa betetzen dizut. Egiazki, baldin ez badidazu zeure bizitza osoan esker ona erakusten, orduan zinez eskergabea zara. Neure abenturara nator berriz eta hasiera-hasieratik heltzen diot.

        Operatik irteterakoan oso ozen eginiko elkar ikusteko dei hura aditua izan zen, nik iguriki bezala. Prévan jina zen; eta mariskalaren emazteak adeitasunez erran zionean pozten zela bere bileretan bi aldiz segidan hura ikusi izanaz, hark ardura handiz ihardetsi zion ezen astearte arratsaz geroztik hamaika prestakizun utzi zituela bazter, afari hartara joan ahal izateko. Aditzaile onari, hitz gutxi! Zehatzago jakin nahi nuenez haatik, ni nintzen edo ez lehia lausengarri haren egiazko xedea, nahi izan nuen amorosgai berria nire eta bere jaidura nagusiaren artean hautatzera behartu. Kartetan ez nintzela ariko erran nuen: alabaina kausitu zituen ez jokatzeko mila estakuru; eta neure lehen garaipena lanskenet karta jokoaren gainean erdietsi nuen.

        ...ko apezpikua hartu nuen solaskide; egun hartako heroiarekin zuen loturagatik hautatu nuen, eman nahi bainion nigana errazago hurbiltzeko erraztasun guztia. Poztu nintzen halaber lekuko agurgarri bat izateaz, zeinak, behar izanez gero, nire jokabidearen eta nire solasen berri eman baitzezakeen. Antolamendu hori ongi heldu zen.

        Ohiturazko hitz lausoen ondoren, Prévanek solasaldiaren gidaritza berehala harturik, doinu anitz erabili zituen hurrenez hurren, zein laket zekidakeen asmatu nahiz. Uko egin nion sentimenduzko doinuari, sinesten ez nuelakoan; serios-seriosa baratu nion alegerazkoa, hastapenean baliatzeko arinegia iruditzen baitzitzaidan; adiskidetasun adeitsuaren doinura bildu zen orduan; eta bandera hutsal haren pean ekin genion elkarrekiko erasoari.

        Afalorduan, apezpikua ez zen jaitsi; Prévanek eskua eman zidan beraz, eta hala mahaian naturalki nire ondoan eseri zen. Izan nadin zuzen eta bidezko; trebetasun handiz lotu zitzaion gu bion arteko solasari, iduriz ororen solasari baizik ez zela lotua, non ustez arreta osoa bereganatua zuen. Desertean, hurrengo astelehenean Français teatroan ematekoak ziren teatro lan berri bat aipatu zuten. Dolamen batzuk erakutsi nituen palkorik ez nuelako; Prévanek berea eskaini zidan, nik hasieran uko egin nion, ohi den bezala: baina orduan hark gogo onez erantzun zidan ezen ez niola ulertu, ezen hain segur ez ziola bere palkoa ezagutzen ez zuen norbaiti sakrifikatuko, baina soil-soilik egiten zidala mariskalaren emazteak baliatuko zuelako gaztigua. Mariskalaren emazteak bat egin zuen trufa harekin, eta nik onartu nuen.

        Egongelara iganik, Prévanek palko hartan leku bat zuen eskatu, pentsa dezakezun bezala; eta nola mariskalaren emazteak, zeinak ontasun handia agertzen baitio, baietz erran zion baldin zintzoa bazen, hartu zuen bi adieratako horietako solasaldi bati ekiteko parada, zuk goraipatu izan didazun dohain berezi horrez. Alabaina, mariskalaren emaztearen aurrean belauniko, haur txintxo baten gisara, hala zioen Prévanek, iritzi galdea eta arrazoi eskea egin behar omen ziolako estakuruz, erran zituen anitz gauza laudagarri eta atsegin samarrak, neure buruari aise egotz niezazkiokeenak. Afalondoan ez baitzen jende askorik jokoari berriz lotu, solasa orokorragoa izan zen eta ez hain interesgarria: gure begiak ordea sarri mintzatu ziren. Gure begiak erran dut: harenak erran behar nuen; zeren nireek ez baitzuten mintzamolde bakarra baizik, ezustearena. Usteko zuen nigan sortua zuen miragarrizko ondorioak harriturik nindukala eta sobera hartua. Nago aski gogobeterik utzi nuela; ni ere hura bezain pozik nintzen.

        Hurrengo astelehenean Français teatrora joan nintzen, hitzartua genuen bezala. Zure literatur jakinmina gorabehera, ez diezazuket deusik ere erran ikuskariaz, ez bada Prévanek dohain zoragarriak dituela lausengurako, eta teatro lanak erreka jo zuela: horra han jakin dudan guztia. Atsekabez nekusan aisialdi hura finitzen ari zela, nahiz arras gostuko nuen; eta aisialdia luzatzeko, mariskalaren emaztea neure etxera gonbidatu nuen: horrek eman zidan balakari atsegin hari gauza bera proposatzeko estakurua, nork ere ez baitzuen P***ko kondesen etxera, desenkusak ematera, lasterka abiatzeko denbora baizik eskatu. Izen horrek neure suhar guztia itzuli zidan; argi ikusi nuen isilmandatuka hastera zihoala: zure kontseilu zuhurrak gogoan hartu eta neure buruari hitz eman nion... abentura hartan segiko nuela; ziur bainintzen berritsukeria hura sendatuko niola.

        Arrotza baitzen nire lagunartean, arrats hartan jendez eskastuan, ohiturazko begiramenak zor zizkidan; hala, afaltzera joan ginenean, eskua eskaini zidan. Haren eskua onartzearekin batera, maleziaz eragin nion neureari dardarizo arin bat, eta, ibiltzen ari nintzen bitartean, begiak apaldu nituen eta arnas hotsa goratu. Neure hondamena aldez aurretik ikusia nuelako eta garaitu ninduenaren beldurrez nintzelako irudia egin nuen. Prévanek ezin hobeki hauteman zuen; beraz bada traidore hark berehala aldatu zuen doinuz eta egonmoldez. Galai izana, bihurtu zen amoltsu. Ez hain zuzen hitz beretsuak erraten ez zituelako; egoerak eta aldarteak hala beharturik: baina haren behakoa, dagoeneko motelduxea, ferekatzaileagoa zen; mintza doinua eztiagoa; irribarrea ez zuen jadanik maltzurkeriazkoa, alaitasunezkoa baizik. Azkenik, haren solasari zirtoen sua emeki bada emeki iraungitzen ari baitzitzaion, adimen erneak bide eman zion atsegintasunari. Horra nire galdea, zuk hobeki eginen zenukeen?

        Ni, berriz, ametsari emana nengoen, halako heineraino non bertzeak nahitaez ohartu behar izan zitzaizkidan, eta karia horretara liskartu nindutenean, trebetasunez neure burua moldakaizkiro defendatu, eta igorri nion Prévani behako zalu bat, ahalkez eta harriduraz betea ordea, egokia zena hari sinetsarazteko hark nire asalduaren arrazoia asmatu ahal izanak sortua zuela nire beldur guztia.

        Afalondoan, baliatu nuen mariskalaren emazte horrek beti kontatzen dituen horietako historia bat kontatzen ari zen denbora neure aulki otomanoan esertzeko, amets eztia dakarren halakoxe utzialdian. Ez nintzen haserre Prévanek horrela ikusi izanaz; ohoratu ninduen alabaina nihaurenganako ardura guztiz berezi batez. Pentsa dezakezu nire behako ahalketuak ez zirela ausartzen nire garailearen begiak bilatzera: baina modu apalagoan zuzendurik hari buruz, berehala jakinarazi zidaten sorrarazi nahi nuen ondorioa ari nintzela erdiesten. Sinetsarazi behar nion oraino nigan ere ondorio bera sortua zuela: hala non, mariskalaren emazteak bazihoala iragarri zuenean, oihukatu nuen boz guri eta amoltsuz: Ah, Jainkoa! Hain ederki bainago hemen! Altxa nintzen haatik: baina mariskalaren emazteagandik bereizi baino lehen, zer asmo zituen galdetu nion, nireak errateko eta biharamunagoan neure etxean geldituko nintzela jakinarazteko estakuru gisa. Gero, batbedera bere etxera joan zen.

        Orduan gogoetan jarri nintzen. Ez nuen zalantzarik ezen eman berri nion elkar ikusteko dei gisako hura Prévanek baliatuko ez zuenik; ezen ni bakarrik aurkitu ahal izateko bezain goiz jinen ez zenik, eta erasoa bizia izanen ez zenik: baina ziur nintzen halaber ezen, nire omenaren karietara, ez ninduela tratatuko, doi bat trebaturik egonez gero, abenturetako emakumeekin, edo batere esperientziarik ez dutenekin baizik erabiltzen ez den arintasun horrez; eta arrakasta hurbil nekusan, baldin amodio hitza erraten bazuen, baldin, oroz gain, hitz hori nigandik nahi bazuen erdietsi.

        Zeinen erosoa den zuen gisako arau zorrotzeko jendeekin harremanetan hastea! Batzuetan harritzen zarete maitemindu nahasi baten ahalkeaz edo asaldatzen zarete haren gainezkaldi suharrez; sukar bat da, bertzeak bezala hotzikarak eta karra eragiten dituena, eta batzuetan sintoma desberdinez agertzen dena. Baina zuen urrats antolatua hain da ordea asmatzen erraza! Etorrera, egonmoldea, doinua, hitzak, guztiak oro bezperatik nekizkien. Ez dizut bada gure solasaren berri emanen, aise ordezkatuko baituzu. Ohar zakizkio soil-soilik ezen neure buruaren defentsa itxuratu hartan neure ahal guztiaz laguntzen niola: asaldatzen nintzen, mintzatzeko astia izan zezan; arrazoi txarrak ematen nizkion, iharduk zitzan; beldurra eta mesfidantza agertu nion, hark segurantzak eman ziezazkidan; eta haren lelo etengabeari, ele bat baizik ez dizut galdatzen, nire isiltasunak erantzuten zion, iduriz ez ziola uzten elerik igurikatzen, desiratzen zuena areago desirarazteko ez bazen; horren guztiaren erdian, esku bat ehun aldiz hartua, betiere gibelatua eta sekula ez ukatua. Egun osoa eman liteke horretan; oren hilgarri bat eman genuen guk: menturaz zeregin horretan ginatekeen oraino, baldin aditu ez bagenu zaldi orga bat etxe aitzinean sartzen. Zorioneko eragozpen horrek, arrazoi den bezala, eske fermuak biziago eginarazi zizkion; eta nik, ikusirik heldua zela ezein ezusteren gerizpean nengoen unea, hasperen luze batez neure burua prestatu ondoren, ele balios hura erran nion. Gonbidatuen etorrera iragarri zidaten, eta handik gutxira berehala lagunartea aski bete zitzaidan jendez.

        Prévanek galdegin zidan ea biharamun goizean jin zitekeen, eta nik onartu: baina neure burua defendatzeko arduraz, gelazainari manatu nion nire logelan egon zedin ikustaldi horren denbora guztian, handik, dakizun bezala, nire apaingelan gertatzen den guztia ikusten baita, eta hantxe hartu nuen Prévan. Solasa libro, eta biok nahi berberak izanik, berehala aditu genuen elkar: baina ikusle desegoki hura aienatu behar genuen; hantxe nindukan zain.

        Orduan, nire barne bizitzaren irudia neure gogara hari eginez, aise sinetsarazi nion ezen sekula ez genuela libertate unerik kausituko; eta mirari baten gisara hartu behar genuela atzo gozatu genuen hura, zeinak arrisku handiegien mende utzia baininduen hala ere, une batetik bertzera egongelan norbait sar baitzitekeen. Ez nintzen begiratu hari orobat erratetik ezen ohitura horiek guztiak finkatuak izan zirela, zeren eta egun hura arte ez baitzidaten sekula gogaitik eragin; eta aldi berean setaz ohartarazi nion ohitura horiek ez zitezkeela alda, nire sehien aitzinean neure burua nabarmen utzi gabe. Saiatu zen atsekabetzen, haserretzen, amodio gutxi nuela erraten; asmatuko duzu horrek guztiak zenbatez hunkitzen ninduen! Baina ukaldi erabakigarria jo nahirik, malkoak deitu nituen neure sokorrian. Zaïre, negarrez ari zara*, gisa horretan izan zen zehazki. Nigan eduki uste zuen nagusigoa eta bere gogara galduko ninduelako uste osoa baliatu zituen hark Orosmanen amodio guztiaren ordez.

        Teatro jokaldi hura iraganik, prestakizunetan hasi ginen berriz. Egunaren despit, gaua izan genuen solasgai: baina nire atezaina ezin gaindituzko eragozpen bilakatua zen, eta ez nion utzi hura erostera entseiatzen. Lorategiko ate ttipia proposatu zidan: baina aldez aurretik sumatua nuen, eta sortu nuen okasiorako zakur bat, izanagatik egunez lasaia eta isila, gauez zinezko deabru bat omen zena. Xehetasun horietan guztietan hain erraz sartzen nintzen non aukera ezin hobea ematen bainion suhartzeko; beraz asmorik irrigarriena proposatzera lerratu zen, eta hura izan zen onartu niona.

        Hasteko, haren sehia ziurra zen hura bezainbat: horretan ez zuen batere engainatzen, nolako nagusi, halako sehi. Afari handi bat eskainiko nuen neure etxean; Prévan han agertuko zen, astia hartuko zuen bakarrik irteteko. Haren isilmandatari trebeak zaldi orga deituko zuen, atea irekiko zuen; eta bera, Prévan, orgara igo ordez, artoski itzuriko zen. Karrozazainak ezin inolaz ere ohart ziezaiokeen; halatan mundu guztiarentzat nire etxetik joana, eta nire etxean haatik gelditua, kontua zen jakitea ea nire gelara iristea erdiets zezakeen. Aitor dut hasieran nire kezka izan zela aurkitzea, asmo haren kontra, arrazoi hain txarrak non iduri ahal izan zezan Prévanek suntsitzen zituela; etsenpluen bidez erantzun zidan. Hari adituz gero, ez zegoen hura baino baliabide arruntagorik; berak usu baliatua zuen; hura zuen berebat erabiliena, arrisku gutxienekoa zelakoan.

        Ezin gezurtatuzko aginpide horiez azpiratua, aitortu nuen, xalo bada xalo, banuela zurubi bat gordekakoa, nire kabinetetik oso gertu zeramana; ezen han utz nezakeela giltza, eta hura han ezkutatzen ahalko zela, eta zain egon, arrisku handirik gabe, harik eta nire gelazainak alde eginak ziren arte; eta gero, neure baietzari egiantza gehiago emateko, handik instant batera ez nuen jadanik nahi, ez nintzen makurtzen amore ematera, baldin guztizko mendetasuna ez bazidan agertzen, baldin erakusten ez bazidan zintzotasuna... Ah! Zer nolako zintzotasuna! Azken buruan, nahi nion neure amodioa frogatu, ez ordea berea ase.

        Irteera, ahantzi baitzait zuri aipatzea, lorategiko ate ttipitik behar zuen egin: aski zuen argi azkorriaren zain egotea, atezain zorrotzak ez zuen hitzik erranen. Oren horretan ez dabil arimarik, eta sehiak loaren sakonean egoten dira. Baldin arrazoi txar andana horrek harritua bazauzka, orduan ahanzten duzu gure egoera. Ba ote genuen arrazoi hobeagoen beharrik? Ez zuen hark galdatzen hura guztia jakin zedin baizik, eta ni, ziur nintzen ez zela sekula jakinen. Eguna biharamunagoko finkatu genuen.

        Ohar zakizkio ezen horra afera bat adostua, eta nehork ez duela oraino Prévan nire lagunartean ikusi. Afari batean aurkitzen dut adiskide baten etxean, Prévanek bere palkoa eskaintzen dio teatro lan berri bat ikusteko, eta nik leku bat onartzen dut han. Ikuskaria bitartean eta Prévanen aurrean, emakume hori afaltzera gonbidatzen dut; ia ezin naiz begiratu Prévani ere etortzeko gomita egitetik. Onartzen du eta egiten dit, bi egun barru, ikustaldi bat ohituraren araberakoa. Egia erran, biharamun goizean datorkit ikustera: baina goizeko ikustaldiak nabarmenak ez izateaz gainera, niri baizik ez dagokit harako hari sobera ausarta iriztea; eta sartzen dut Prévan alabaina nirekin lotura handirik ez duen jendakiaren baitan, adeitasunezko afari bateko gomita hari idatziz eginez. Ontsa erran dezaket Annettek bezala: Hori da guztia, alabaina!

        Zorigaiztoko eguna heldurik, bertutea eta omena galdu behar nituen eguna, manuak eman nizkion neure Victoire fidelari, eta hark bete zituen aurki ikusiko duzun bezala.

        Arratsa heldua zen haatik. Orduko bazen anitz jende nire etxean, iragarri zidatelarik Prévanen etorrera. Adeitasun nabarmenaz egin nion begitarte, harekin nuen harreman gutxia hala frogaturik; eta mariskalaren emaztearen karta jokora bildu nuen, Prévanen ezagutzak haren bidez egin bainituen. Afalondoak ez zuen eragin txartel oso ttipi bat baizik, amoros zuhur hark niri igortzeko bidea kausitu zuena, eta nik erre egin nuena neure ohiturari jarraiki. Hari fida nintekeela iragartzen zidan han; eta funtsezko ele hori ele bizkarroi guztiez inguraturik zegoen, amodiozko eleez, zorionekoez, etab. gisa bereko jaietan nehoiz falta izaten ez diren horiez.

        Gauerdian, karta jokoak finiturik, Mazedonia labur bat proposatu nuen. Prévanen ihesa errazteko, eta aldi berean hura nabarmen uzteko xede bikoitza nuen; halabeharrez nabarmen behar baitzuen gelditu, haren jokalari ospearen karietara. Gogobeterik nintzen halaber, behar izanez gero gogora baitzezaketen ez nintzela bakarrik gelditzeko presatua egon.

        Jokoak nik uste baino gehiago iraun zuen. Deabrua tentatzen ari zitzaidan, eta amore eman nion preso egonezin hura kontsolatzera joateko nahiari. Galbiderantz abiatua nintzen bada, non eta gogoetatu nuen ezen hari emana nintzen orduko, ez nukeela hura nire xederako beharrezkoa zen jantzi prestu eta egokian edukitzeko nagusigo gehiagorik. Nahi horri gogor egiteko indarra izan nuen. Gibela egin nuen, eta itzuli nintzen, ez haserrerik gabe, joko eternal hartan berriz leku hartzera. Jokoa bukatu zen haatik, eta nor bere etxera joan zen. Nik berriz gelazainak deitu nituen, laster eta fite erantzi nintzen, eta berehala bidali nituen.

        Banakusazu, bizkonde, jantzi arinetan, urrats ahalketi eta neurritsuz ibiltzen, eta nire garaileari segurantzarik gabeko esku batez atea zabaltzen? Sumatu ninduen, tximista ez da zaluagoa. Zer erran diezazuket? Garaitua izan nintzen, osoki garaitua, Prévan geldiarazteko edo neure burua defendatzeko hitzik erran ahal izan baino lehen. Jarrera erosoago bat eta egoerari hobeki zegokiona hartu nahi izan zuen berehala. Bere jantziak madarikatu zituen, zeren hark zioenez, nigandik aldaratzen omen baitzuten, arma beretsuekin nahi omen zen nirekin borrokatu: baina nire ahalke soberazkoak uko egin zion asmo hari, eta nire fereka eztiek ez zioten denborarik utzi. Bertze zeregin bati lotu zitzaion.

        Bere eskubideak bikoiztu zituen, eta bere nahikariak berriz agertu ziren; baina erran nion orduan: «Aditu ondo, orain artekoaz aski kontaketa atsegina egin zeniezaieke P***ko bi kondesei, bai eta bertze milari ere: baina jakinminak nago ordea nola kontatuko diezun abenturaren bukaera.» Horrela mintzaturik, sehiak deitu nituen neure indar guztiaz. Huraxe zen nire txanda, eta nire egintza haren hitza baino bizkorragoa izan zen. Zezelka hasia baizik ez zela, horra non entzun nuen Victoire etortzen, eta bere gelan atxikiak zituen sehiei deika, manatua nion bezala. Orduan, erregina baten doinua harturik, eta boza goraturik, segitu nuen: «Alde hemendik, jauna, eta ez sekula gehiago nire aitzinean ager.» Ondoren, sehiak saldoan sartu ziren.

        Prévan gaixoak burua galdu zuen, eta azken batean txantxa bat baizik ez zen egintza hartan segada ikusi ustean, ezpatari lotu zitzaion. Hobe zukeen lotu ez balitzaio: zeren nire gela sehiak, bulartsu eta indartsu, gorputzetik heldu eta lurrera bota baitzuen. Izugarrizko beldurra izan nuela aitortzen dut. Bara zitezen oihu egin nuen, eta libro joaten utz zezatela manatu, soilik ziurta zezatela alde egina zela nire etxetik. Sehiek obeditu zidaten: baina abarrotsa handia zen haien artean; haserre bizian ziren norbait ausartu izanaz beren etxekoandre bertutetsuari makurrik egitera. Zaldun dohakabearen lagun joan ziren denak, zalapartaka eta eskandaluka, nik nahi nuen bezala. Victoire baizik ez zen nirekin gelditu, eta bitarte hori nire oheko nahaspila konpontzen eman genuen.

        Sehiak berriro igan ziren betiere zalapartaka; eta nik, biziki hunkitua oraino, galdegin nien ea zein asturu onagatik gertatu ote ziren oraino iratzarririk; eta Victoirek kontatu zidan ezen bere bi adiskideri afaltzen eman ziela, ezen iratzarririk gelditu zirela bere gelan, eta elkarrekin adostua genuen guztia azken batean. Eskerrak eman nizkien denei, eta gelaratzeko erran nien, haietariko bati manaturik haatik joan zedila berehala nire medikuaren bila. Iruditu zitzaidan laztura hilgarri haren ondorioaren beldur egotea zilegi nuela; eta bide ziurra zen berebat berri hura lau haizetara hedatzeko eta famatzeko.

        Medikua jin zen alabaina, asko deitoratu ninduen, eta atseden har nezala baizik ez zidan manatu. Nik berebat manatu nion Victoireri joan zedila goizean goiz auzokoekin kalakan aritzera.

        Oro hain ontsa heldu da non eguerdia baino lehen, eta geure etxean iratzarri garen orduko, nire auzokide debot hori nire oheburuan baitzen, abentura ikaragarri haren egiaren eta xehetasunen jakinminez. Harekin batera, oren batez, aienatu behar izan dut gizaldi honen ustelkeria. Geroxeago, gutun honekin batera igortzen dizudan txartela jaso dut mariskalaren emazteagandik. Azkenean, bortz orenak baino lehen, horra non ikusi baitut, harriduraren harriduraz, M... nire etxera etortzen. Bere taldeko ofizial batek hein hartaraino niri kalte eragin izanaz desenkusatzera etorria zela erran dit. Ez zuen deus jakin harik eta mariskalaren emaztearen etxean bazkaltzen ari zen arte, eta gartzelara joateko manua berehala igorri zion Prévani. Barka ziezaiola eskatu diot, eta hark ukatu egin dit. Orduan pentsatu dut, gaizkidea nintzenez, nik ere neure burua behar nuela zigortu, eta zorrotz atxilotua behar nuela bederen egon. Atea hertsarazi dut eta ondoezik nintzela erranarazi.

        Gutun luze hau nire bakardadeari zor diozu. Bertze bat idatziko diot Volanges andreari, zeinak hain segur jendaurrean irakurriko baitu, eta non ikusiko baituzu historia hau nola behar den kontatu.

        Ahantzi zait erratea ezen Belleroche laidotua dela, eta Prévanekin nahi dela nola edo hala borrokatu. Gaixoa mutila! Zorionez baduket haren burua lasaitzeko astia. Bitartean, nireak atsedena behar du, izkiriatzeaz akitua baita. Adio, bizkonde.

...ko gaztelutik, 17**ko irailaren 25ean, arratsean.

 

 

LXXXVI. GUTUNA

***KO MARISKALAREN EMAZTEAK MERTEUILEKO MARKESARI

(Aurreko gutunari atxikitako txartela.)

 

        Ene Jainkoa! Zer berri eman didate bada, andre maitea? Nola liteke Prévan ttipi horrek halako izugarrikeriak egin izana? Nori eta zuri! Zer nolako arriskutan ez ote gauden! Nor bere etxean ezin beraz segur egon! Egiazki, gertakizun horiek kontsolamendua dakarkiote zaharra denari. Sekula ez naiz ordea horrelako mustro bat zure etxean hartu izanaren kausa aldez izateaz kontsolatuko. Hitz ematen dizut ezen baldin erraten didatena egia bada, Prévan ez dela gehiago nire etxean sartuko; hori da jende prestu guztiek harekin duketen jokabidea, baldin egin behar dutena egiten badute.

        Erran didate alditxarturik egon zarela, eta zure osasunak kezkaturik nauka. Emaidazu, otoi arren, zeure berri; edo mezutu bederen zeure neskame baten bitartez, baldin zuhaurk ezin baduzu. Hitz bat baizik ez dizut galdatzen sosega nadin. Gaur goizean zure etxera lasterka jina nintzatekeen, ez balitz medikuak nire bainuak hartu gabe egoten uzten ez didalako; eta gaur arratsaldean Versaillesa joan beharrean naiz, betiere nire ilobaren aferaren karietara.

        Adio, andre maitea; har ezazu betiko nire adiskidantza egiazkoa.

Parisen, 17**ko irailaren 25ean.

 

 

LXXXVII. GUTUNA

MERTEUILEKO MARKESAK VOLANGES ANDREARI

 

        Ohetik izkiriatzen dizut, adiskide on eta maitea. Gertakaririk higuingarrienak eta aldez aurretik ikusgaitzenak eri erorarazi nau harriduraz eta xangrinez. Ez diot hain segur neure buruari zer liskarturik: baina emakume zintzo eta bere sexuari dagokion zuhurtziari eusten dion batentzat hain da penagarria betiere jendeen arreta beragan finkatzea, non munduan dudan guztia emanen bainuke abentura dohakabe hori saihestu ahal izateko, non berebat ez baitakit oraino ez ote dudan landara joateko xedea hartuko, hori guztia ahantzia izan dadin igurikatzera. Horra beraz zer den.

        ...ko mariskalaren emaztearen etxean kausitu nuen Prévan delako jaun bat, zuk segurki omenez ezagutuko duzuna, eta nik bertze ezein eraz ezagutzen ez nuena. Baina etxe hartan kausitu nuenez, zilegi zitzaidan, nire iduriko, lagun ontzat hartzea. Gorpuzkeraz aski atsegina da, eta iruditu zitzaidan ez zuela adimen biziaren eskasik. Halabeharraren eta jokoaren asperraren karietara emakume bakarra gertatu nintzen haren eta ...ko apezpikuaren artean, bertze guztiak lanskenet karta jokoan ari ziren bitartean. Solasean ari izan ginen hirurok afalordua arte. Mahaian, norbaitek aipatu zuen teatro lan berri batek mariskalaren emazteari bere palkoa Prévani eskaintzeko okasioa eman zion, eta hark onartu zuen; eta deliberatu zuten nik ere leku bat izanen nuela han. Iragan astelehenerako zen, Français teatroan. Nola emanaldiaren ondoren mariskalaren emaztea nire etxera baitzetorren afaltzera, harekin etor zedila proposatu nion jaun horri, eta jin zen. Biharamunagoan ikustaldi bat egin zidan, ohiturazko moldearen arabera, nabarmentzekorik deus izan ez zuena. Biharamun goizean ikustera jin zitzaidan, eta ikustaldi hori ausart samarra iruditu zitzaidan: baina iruditu zitzaidan hari begitarte egiteko eraz adierazi ordez, hobe nuela adeitasunez hari ohartarazi ezen ez ginela oraino elkarri hark uste bezain estuki lotuak. Horretarako, igorri nion egun hartan berean, gonbit aski lehor eta aski arranditsu bat, herenegun eskaini nuen afari batera jin zedin. Afalondo osoan ez nion hitza lau aldiz luzatu: eta hura, berriz, bere karta jokoa bukatu orduko joan zen. Ados izanen zara nirekin ezen ordu arte deusek ez duela abentura batera eramateko itxura gutxiagorik: kartetan aritu ondoren, Mazedonia bat egin genuen, goizaldeko bi orenak inguru arte eduki gintuena; eta azkenik oheratu nintzen.

        Bazuen bederen oren erdi hilgarri bat neskameak alde eginak zirela, eta horra non zarata aditu nuen neure gelan. Oso izuturik zabaldu nuen leiho oihala, eta gizon bat ikusi nuen kabinetera daraman atetik sartzen. Oihu min bat egin nuen; eta ezagutu nuen, eskuargiaren argitara, Prévan jaun hura, nork ere, ezin sinetsizko ausardiaz, ez kezkatzeko erran baitzidan; bere jokabidearen misterioa behar zidala argitu, eta ez nezala, arren otoi, zaratarik egin. Horrela mintzaturik, kandela bat biztu zuen; ezin mintzatu ahal izateraino nintzen harritua. Haren itxura eroso eta lasaiak are gehiago nindukan, nik uste, harriduraren harriduraz. Ez zituen ordea bi hitz erran, eta horra non ikusi nuen ustezko misterio hura zer zen; eta nire erantzun bakarra, pentsa dezakezunez, sehiak deitzea izan zen.

        Ezin sinetsizko zorionaz, sehi guztiak nire neskame baten gelan bilduak ziren, eta oheratu gabeak oraino. Nire gelaria, nigana zetorrela oso suhar mintzatzen aditu baitzidan, izutu egin zen, eta jende hori guztia deitu zuen. Pentsa dezakezu zer nolako eskandalua izan zen! Sehiak haserre bizian neuzkan; nire gela sehiak Prévan hiltzen zuen unea ere ikusi nuen. Aitor dut ezen, une hartan behintzat, oso lasaitu ninduela indarrez babestua nintzela ikusteak: egungo egunean gogoeta eginik, nahiago nukeen nire gelazaina baizik jin izan ez balitz; hura aski zitzaidakeen, eta saihestuko nukeen agian atsekabetan naukan eskandalu hau.

        Horren ordez, abarrotsak auzokideak iratzarri ditu, sehiak mintzatu dira, eta atzodanik hori da Paris osoko berria. Prévan jauna preso dago bere guda taldeko komandantearen manuz, nork ere izan baitu nire etxera desenkusak eskaintzera, hala erran dit, jiteko prestutasuna. Preso hartze horrek esamesak areagotuko ditu: baina ezin izan dut erdietsi hori bertze era batera izan zedin. Hiria eta gortea ate joka dauzkat, atea ordea hertsia dago ororentzat. Ikusi ditudan presuna bakanek erran didate bidezkotasunez ari omen direla nitaz, eta jendearen haserreak mukuru egin omen duela Prévan jaunaren aurka: hain segur ondo merezia duke, baina horrek ez dio abentura horri higuingarritasunik kentzen.

        Bertzenaz, gizon horrek badituzke segurki adiskide batzuk, eta adiskide horiek gaiztoak behar dute: nork daki, nork dakike zer asmatuko duten niri kalte egiteko? Ene Jainkoa, emakume gazte bat zeinen dohakabea den! Ez du oraino deus egin, ezarri ere du bere burua gaitzerranetarik gerizatua, eta gezur beltzari berari behar zaio orduan nagusitu.

        Mezutu, otoi arren, zuk nire lekuan zer eginen zenukeen: erran nahi baita, pentsatzen duzun guztia. Zugandik ditut beti kontsolaziorik eztienak eta iritzirik zuhurrenak hartu; zugandik dut halaber horiek hartzea gehien laket.

        Adio, adiskide on eta maitea; ezagutzen dituzu zuri sekula betiko atxikia naukaten sentimenduak. Musu bat zure alaba atseginari.

Parisen, 17**ko irailaren 26an.

 

 

 

© Choderlos de Laclos

© itzulpenarena: Jon Muņoz

 

 

"Choderlos de Laclos / Harreman arriskutsuak" orrialde nagusia