LEHENENGO PARTEA

 

 

LEHENENGO GUTUNA

CÉCILE VOLANGESEK SOPHIE CARNAYRI

...ko Ursulinetan

 

        Ikusten duzu, adiskide maitea, hitza betetzen dizudala, eta txanoek eta girgilek ez dutela nire denbora guztia betetzen; izanen dut betiere zuretzat astirik. Egun bakar honetan nolanahi ere elkarrekin eman ditugun lau urteetan baino soineko gehiago ikusi dut; eta uste dut Tanville harro horrek atsekabe gehiago izanen duela nire lehendabiziko ikustaldian, non haren galdea egiteko xedea baitut, gu ikustera in fiocchi jin den guztietan hark eman uste diguna baino. Amak orori buruz eskatu dit aholku; lehen baino askoz gutxiago tratatzen nau egoiliar baten gisara. Badut gelari bat neure zerbitzuko; badut gela bat eta kabinet bat nik erabiltzeko, eta idazmahai arras polit baten gainean izkiriatzen dizut, non laket zaidan guztia gorde baitezaket, giltza eman baitidate. Amak erran dit egunoro ikusiko dudala iratzarria den orduko; aski dudala orobat bazkalordurako orrazturik egotea, beti bakarrik egonen baikara, eta egunoro erranen didala beraz arrastirian zer ordutan behar naizen harekin bildu. Gainerakoan astia neure gogara balia dezaket, eta hemen ditut neure harpa, marrazki eta liburuak, komentuan bezala; salbu eta Ama Betierekoa ez dela hor niri liskar egiteko, eta neure esku baizik ez nukeela orobat betiere deusik egin gabe egotea: baina nola nire Sophie ez baita hemen solastatzeko eta irri egiteko, nahiago dut zerbaitetan aritu.

        Ez dute bortz orenak jo oraino; amaren bila ez dut zazpi orenak arte joan behar: horra aski denbora, baldin zerbait banu zuri errateko! Oraino ez didate ordea deus ere erran; eta baldin ikusiko ez banitu prestaerak egiten, eta hainbat neskame jinen ez balitzaizkit oro neuretzat, usteko nuen amak ez duela ni esposatzeko asmorik, eta Joséphine on horren bertze zaharmin bat dela. Hala ere, amak hain sarri erran baitit andereño batek komentuan gelditu behar lukeela esposatu arte, ezen jalgiarazi nauelarik, Joséphinek arrazoi izanen baitu.

        Zaldi orga bat baratu berri da atarian, eta amak mezutu dit joateko berehala bere gelara. Jauna balitz? Ez nago jantzirik, dardaraka dut eskua eta taupadaka bihotza. Galdetu diot gelariari ea bazekien nor zegoen amaren gelan: «Hain segur ere», erran dit, «C*** jauna da.» Eta irri egin du. Hura dela uste dut. Itzuliko naiz segurki gertatu dena zuri kontatzera! Horra bederen haren izena. Ez dezadan inor zain eduki. Adio, berehala etorriko naiz.

        Irri eginen diozu bai Cécile gaixoari! O! Hau lotsa! Baina zu ere ustekabean harrapatuko zintuen ni bezala. Amaren gelan sartu eta ikusi dut gizon bat beltzez jantzia, haren ondoan zutik. Ahal bezain ongi agurtu dut, eta neure lekutik higi ezinik gelditu naiz. Egizu kontu zer nolako irrikaz aztertu dudan! «Andrea», erran dio amari, ni agurturik, «horra hor andereño xarmangarri bat, eta inoiz baino hobeki sumatzen dut harengan zure ontasunen balioa.» Horren perpaus goresgarria entzunik, halako dardarak hartu nau, non ez nezakeen zutik iraun; kausitu dut besaulki bat, eta han eseri naiz, arras ahalke gorritan eta asaldu bizian. Eseri naizen orduko, horra non gizon hori belauniko jarri zaidan. Orduan zure Cécile gaixoak burua du galdu; ikara bizia nintzen, amak erran duen bezala. Auhen min bat eginez altxa naiz; ...hara, ekaitz gau hartan bezalaxe. Ama barrez lehertu da, ziostalarik: «Hots bada! Zer duzu? Eseri eta luzatu oina gizon honi.» Izan ere, adiskide maitea, gizon hura zapatari bat zen. Ezin adieraz diezazuket zenbatez ere nintzen ahalketua: beharrik han ez zen ama baizik. Uste dut ezen, esposatzen naizenean, sekula ez naizela zapatari horrez baliatuko.

        Aitor dezagun txit jakintsuak garela! Adio. Sei orenak inguru dira, eta gelariak jantzi egin behar dudala dio. Adio, Sophie maitea; oraino komentuan banintz bezala zaitut maite.

        P.S.— Ez dakit nire gutuna noren bidez igorri: beraz Joséphine etorri arte igurikiko dut.

Parisen, 17**ko abuztuaren 3an.

 

 

II. GUTUNA

MERTEUILEKO MARKESAK VALMONTEKO BIZKONDEARI

...ko gazteluan

 

        Itzul zaitez, bizkonde maitea, itzul zaitez: zer ari zara, zer egin ahal duzu bere ondasun guztiak betiko emanak dizkizun izeba xahar baten etxean? Abia zaitez berehala; zure beharretan naiz. Ideia bikain bat bururatu zait, eta zure esku nahi dut utzi haren obratzea. Hitz apur hauekin aski behar zenuke; eta, nire aukeraz ohoratuegirik, behar zenuke jin, laster eta fite, nire manuak belauniko entzutera: nire ontasunak neurriz gain atxikiak dituzu ordea, nahiz jadanik baliatzen ez dituzun; eta herra eternalaren edo bihozberatasun soberazkoaren artean hautatu beharraren karietara, bozkaria zaitez, zeren nire ontasuna baita gailendu. Neure asmoak nahi dizkizut bada jakinarazi: baina zin egidazu, zaldun leiala zarenez gero, uko eginen diozula zeinahi abenturari honako hau fini dezazun arte. Heroi baten hainbatekoa da: amodioa eta mendekua dituzu zerbitzatuko; zure oroitliburuan ezarri beharreko bertze amarrukeria bat gehiago izanen da azken buruan: bai, zure oroitliburuan, zeren eta egunen batean argitaratuak izatea nahi baitut, eta hartu baitut izkiriatzeko ardura. Baina utz dezagun hori, eta lot gakizkion esku artean dudanari.

        Volanges andreak bere alaba esposatzen du: sekretua da oraino; baina atzo jakinarazi zidan. Eta nor uste duzu hautatu duela suhitzat? Gercourteko kondea. Nork erran behar zidan Gercourten lehengusina bilakatuko nintzenik? Herra bizian naiz!... Hots bada! Oraino ez duzu asmatu? O! Adimenaren astuna! Barkatu diozu beraz intendentaren emaztearekiko abentura? Eta nik, ez duta arranguratzeko arrazoi gehiagorik, mustroa halakoa? Baina ari naiz baketzen, eta mendeku hartzeko esperantzak arima dit sosegatzen.

        Biga-bostetan gogaitu zaitu, niri bezala, izanen duen emazteari Gercourtek ematen dion garrantziak, eta ezin itzurizko asturuari itzuriko zaiola sinetsarazten dion uste ergelak. Ezagutzen duzu murru arteko hezibidean duen uste irrigarria, eta emakume bilo-horien neurritasunaren fabore duen aieruzko uste are irrigarriagoa. Alabaina, eginen nuke ezen, Volanges gaztearen hiruretan hogei mila liberako errenta gorabehera, ez zituzkeela eztei horiek sekula eginen, neska izan balitz beltzarana, edota ez balitz egon komentuan. Froga diezaiogun beraz ez dela ergel bat baizik: egunen batean hala izanen baita dudarik gabe; horretan ez dut kezkabiderik: baina horrela hasiko balitz, hori bai irrigarria. Biharamunean aise libertituko ginateke bere burua goratzen zuela entzunik! Zeren goratuko baitu; eta horrez gainera, zuk neskatila hori prestaturik duzun orduko, malura handia litzateke Gercourt hori, bertze zeinahi bezala, Paris guztiaren irrigarri egina ez gelditzea.

        Bertzenaz, nobela berri honetako heroiak zure begirune osoa merezi du: zinez da ederra; soil-soilik ditu hamabortz urte, huraxe bai arrosaren kapulua; moldakaitza, egia erran, ezinago moldakaitza, eta itxurez arras ezaxolatua: baina, zuek gizonak, ez zarete itxuren beldur; bertzalde, badu halako begirada goibel bat zinez eskaintza handikoa: horrez gainera nik gomendatzen dizut; ez duzu beraz niri eskerrak ematea eta obeditzea baizik.

        Gutun hau bihar goizean hartuko duzu. Bihar arratseko zazpi orenetan nire etxean egon zaitezen fermuki dizut galdatzen. Zortzi orenak arte ez dut nehor hartuko, ezta zaldun erregetua bera ere: ez du behar adina buru hain eginkizun handirako. Ikusten duzu maitasunak ez nauela itsutzen. Zortzi orenetan libertatea dizut itzuliko, eta berriz jinen zara hamar orenetan izaki eder horrekin afaltzera; zeren amak eta alabak nire etxean afalduko baitute. Adio, eguerdiak jo du: aurki ez naiz zutaz gehiago arduratuko.

Parisen, 17**ko abuztuaren 4an.

 

 

III. GUTUNA

CÉCILE VOLANGESEK SOPHIE CARNAYRI

 

        Oraino ez dakit deus ere, adiskide maitea. Amak asko jende zuen atzo afaritan. Afaldarrak, gizonak bereziki, aztertzeko nuen arretagatik, asper-asper eginda nengoen. Gizonek eta emakumeek, asko behatu zidaten, eta gero ahapetik mintzo zitzaizkion elkarri; ongi nekusan nitaz mintzo zirela: ahalke gorritan jartzen ninduen horrek; ezin nuen erremediatu. Nahi bai nik, ohartu bainintzen bertze emakumeei behatzen zietenean, ez zirela ahalke gorritzen; edo agian aurpegian jarria duten gorri koloreak ez du uzten estuasunak sortzen dien gorritasun huraxe ikusten; zeren ez gorritzeak hagitz nekeza izan behar baitu gizon bat begiz begi so duzunean.

        Nitaz zer pentsatzen ote zuten ez jakitea zen gehien kezkatzen ninduena. Bizpahirutan hala ere polit hitza entzun uste izan nuen: baina moldakaitz hitza ere argi eta garbi entzun nuen; eta hala beharko du izan, zeren eta horrela mintzo zen emakumea nire amaren ahaidea eta adiskidea baita; iduri ere zuen berehala adiskidetu zela nirekin. Hura da afalondoko bilkura hartan ele doi bat eman zidan presuna bakarra. Bihar haren etxean afalduko dugu.

        Afalondoan, hain segur nitaz mintzo zen gizon bati entzun nion bertze bati erraten: «Umotzen utz dezagun hau, aurtengo neguan ikusiko dugu.» Gizon hori izanen da agian esposatuko nauena; baina orduan ez da lau hilabete barru arte izanen! Auzi hau zertan den jakin grinak nago.

        Horra Joséphine, eta presaka dabilela erraten dit. Neure bertze moldakaizkeria bat dizut hala ere kontatu nahi. O! Andre horrek arrazoi duelakoan nago!

        Afal ondoren jokoan hasi ziren. Ni amaren ondoan jarri nintzen; ez dakit nola gertatu zen, baina ia bertatik lokartu nintzen. Sekulako barre algarak iratzarri ninduen. Ez dakit niri egiten ote zidaten irri, baina baietz uste dut. Amak lotaratzeko baimena eman zidan, eta atseginez bete ninduen. Kontu egizu hamaika orenak paseak zirela. Adio, Sophie maitea; asko maite ezazu beti zeure Cécile. Egiatan diotsut mundua ez dela guk uste bezain atsegingarria.

Parisen, 17**ko abuztuaren 4an.

 

 

IV. GUTUNA

VALMONTEKO BIZKONDEAK MERTEUILEKO MARKESARI

Parisen

 

        Zure manuak xarmangarriak dira; zure manatzeko manera are da atseginagoa; despotismoa maitaraziko zenuke zuk. Ez da lehenengo aldia, dakikezun bezala, jadanik zure esklabo ez izatea deitoratzen dudana; eta horren mustroa naizela diozun arren, ez dut sekula plazerrik gabe oroitzen izen eztiagoekin ohoratzen ninduzun garaia. Izenok berriro merezi izateko gogoa ere badut sarri, eta baita, zurekin batera, munduari tinko irautearen etsenplu ematekoa ere. Baina zeregin handiagoak dauzkagu deika; menderatzailearena da gure asturua; behar zaio jarraitu: ausaz bide osoa egin ondoren berriz aurkituko dugu elkar; zeren eta, zu haserretu gabe derradan, markesa txit ederra, gutxienez urrats berdinaz jarraitzen baitidazu; eta, munduaren zorionerako elkarrengandik banaturik, nork bere aldetik fedearen prediku egiten dugunez geroztik, uste dut amodiozko zeregin honetan, nik baino jarraitzaile gehiago izan dituzula. Ezagutzen dut zure eginahala, zure sugar goria; eta harako Jainko hark geure egitateengatik jujatuko bagintu, egunen batean hiri handi bateko santu begirale izanen zinateke, zure adiskidea gehienez herriska bateko santu xume bat litzatekeen bitartean. Mintzaira horrek harritzen zaitu, ez dea egia? Baina zortzi egun baditu, ez dudala bertzerik entzuten, ez mintzatzen; eta horretan trebatzeagatik nago hain zuzen ere zuri ez obeditzera behartua.

        Ez haserretu eta entzun. Nire bihotzeko sekretu guztien gordailu baitzara, sekula eratu dudan asmorik handienaren berri emanen dizut. Zer proposatzen didazu? Deus ikusi ez duen, deus ez dakien neskatila gazte bat seduzitzea; zeina emanen baitidate, nolabait errateko, batere babesik gabe; zeina aitzineko gorazarrearekin hutsik egin gabe liluratuko baita, eta agian jakinminak erakarriko baitu amodioak baino fiteago. Nik bezala bertze hogeik erdiets dezake. Ez da horrelakoa bururatu zaidan egitekoa; erdiesteak loria bezainbat plazer ziurtatzen dit. Nire koroa prestatzen ari den amodioa bera ere zalantzan dago mitrearen eta erramuaren artean, edo, gehiago dena, biak elkartuko ditu nire garaipena ohoratzeko. Zuhaur, adiskide ederra, errespetu santu batek hartuko zaitu, eta erranen duzu gogo beroz: «Horra nire bihotzaren araberako gizona.»

        Ezagutzen duzu Tourvel lehendakariaren emaztea, haren jaidura, haren ezkon maitasuna, haren oinarrizko arau zorrotzak. Horra nire erasoaren xedea; horra nire dinako etsaia; horra erdietsi nahi dudan jomuga:

 

                Eta erdiesteak ez badakar saririk,

                Gutxienez saiatu izanaren ohorea izanen dut nik.

 

Neurtitz txarrak aipa daitezke, poeta handi batenak direnean.

        Jakinen duzu bada lehendakaria Borgonian dela, auzi handi bat dela kausa (auzi garrantzitsuago bat galaraziko ahal diot!). Haren erdi kontsolaezinak hemen behar du pasa bere alarguntza atsekabetuaren denbora guztia. Meza bat egunoro, ikustaldi zenbait eskualdeko behartsuei, goizeko eta arratseko otoitzak, irtenaldi bakartiak, deboziozko elkarrizketak nire izeba xaharrarekin, eta zenbaitetan wisk triste bat, horiek behar dute izan haren entretenigarri bakarrak. Eragintza handiagokoak prestatuko dizkiot. Aingeru begiraleak ekarri nau hona, haren eta nire zorionerako. Zentzugabea! Damu nuen azturazko begiramenei eskaintzen nizkien hogeita lau orenez. Zer zigor handia niretzat Parisa itzultzera behartuko banindute! Beharrik lau behar diren wiskean jokatzeko; eta hemen nola bertako erretora baizik ez baitago, neure izeba hilezkorra erreguka ari izan zait egun batzuk eskain diezazkiodan. Onartu dudala igerriko zenion. Jakin bazeneza nola lausengatzen nauen orduz gero, oroz gain nolako onbidea ematen diodan haren otoitzetan eta haren mezan ikusten nauelarik sarri. Ez dio susmorik hartzen nik han gurtzen dudan Jainkoari.

        Horra bada non, duela lau egun, grina handi batek hartua nagoen. Badakizu zein den bizia nire irritsa, badakizu nola gainditzen ditudan oztopoak: ez dakizu ordea bakardadeak nola gehitzen duen desiraren karra. Ideia bat baizik ez dut; hartan dut egunez pentsatzen, eta gauez amets egiten. Emakume hori edukitzeko premia bizia dut, haren amoros izatearen lotsatik salba nadin: nora ez ote garamatza desira zapuztu batek? O, atseginaren zoragarria! Nire zorionagatik eta batez ere nire atsedenagatik zaitut otoizten. Zoriontsuak gu emakumeak hain gaizki defendatzen direlako! Haien ondoan ez ginateke esklabo herabetiak baizik. Badut une honetan emakume errazengana esker oneko sentimendu bat, zure oinetara berez naramana. Zure oinetan ahuspezten naiz barkazioa eskuratzeko, eta finitzen dut gutun sobera luze hau. Adio, adiskide ederra: herrarik gabe.

...ko gaztelutik, 17**ko abuztuaren 5ean.

 

 

V. GUTUNA

MERTEUILEKO MARKESAK VALMONTEKO BIZKONDEARI

 

        Badakizua, bizkonde, zure gutuna bakana dela bere ausardian, eta karia horretara ez haserretzea niri baizik ez legokidakeela? Argi frogatu dit ordea burua galdu duzula, eta soilik horrek salbatu zaitu nire erresuminetik. Adiskide eskuzabala eta sentikorra naizenez, laido hori ahanzten dut zure arriskuan baizik ez pentsatzeko, eta arrisku horretan gogoeta egitea hain delarik ere gogaikarria, amore ematen diot une honetan duzun premiari.

        Tourvel lehendakariaren emaztea eduki zuk! Hori gutizia irrigarria hori! Aise antzematen dut hor ezin erdietsi uste duena baizik desiratzen ez dakien zure buru gaiztoa. Zer da bada emakume hori? Begitartea neurrizkoa, nahi baduzu, nehongo bizitasunik gabea ordea: gorpuzkeraz hala-halakoa, baina xarmarik gabea: beti irrigarri jarria! Zapi pila lepo gainean, eta gerruntzea kokotseraino igoa! Adiskide gisa mintzo natzaizu, horrelako bi emakume aski zenituzke, zeure izen ona erabat galtzeko. Oroit ezazu bada Saint-Rochen eskean ari zen egun hura, eta ikuskari haren berri eman izana biziki eskertu zenidanekoa. Ikusi uste dut oraino, gizon mehar handi txima-luze hari eskua emanik, urrats bakoitzean estropezuka, lau kanako saskia betiere norbaiten buru gainean, eta gur egiten zuen bakoitzean ahalke gorritua. Nork erranen zizun orduan: emakume hori desiratuko duzua? Hots, bizkonde, ahalke gorritu zaitez zuhaur, eta zatoz zeure onera. Sekretua agintzen dizut.

        Eta bertzalde, egiezu so zain dauzkazun nahigabeei! Zein duzu lehiatu beharreko aurkaria? Senar bat! Ele hori entzutetik beretik ez zarea ahalketua sentitzen? A zer lotsa huts egiten baduzu! Eta zein loria eskasa garaipena erdietsiz gero! Gehiago diot; ez ezazu batere plazerrik igurika. Plazerrik ba ote da ahalketiekin? On ustekoez ari naiz: plazerraren muinean berean sotilak, ez dizute erdi atseginik baizik eskaintzen. Nor bere buruaren erabateko utzialdi hori, irritsaren eldarnio hori non plazerra bere gehiegitasunaz araztua den, amodioaren ontasun horiek, emakume horiek ezjakinak dira horretan. Horra nire iragarpena; irudipenik zoriontsuenean ere, lehendakariaren emazte horrek zugatik dena egin duela uste izanen du senartzat hartzen zaituelakoan, eta ezkontideen buruz burukorik xamurrenean, bi dira beti ageri. Honako honetan are okerragoa da; zure ahalketi hori debota da, haurtzaro eternalera kondenatu ohi duen emakume onaren deboziokoa. Oztopo hori gaindituko duzu agian, ez zaitez ordea suntsituko duzulakoan hantustetu: Jainkoaren amodioa garaituko duzu, ez ordea deabruaren beldurra; eta, zure maitea besoetan harturik, haren bihotza taupadaka sentituko duzularik, izuz ariko zaio taupadaka eta ez amodioz. Beharbada, emakume hori lehenago ezagutu izan bazenu, egin zenezakeen harekin zer edo zer; baina hogeita bi urte ditu horrek, eta bi urte inguru baditu esposatu zela. Sinets nazazu, bizkonde, emakume bat hein horretaraino sartu delarik oskolean, bere asturuaren mende behar da utzi; sekula ez baita huskeria bat baizik izanen.

        Beraz, izaki eder horrengatik ez didazu obeditu nahi, lurperatzen duzu zeure burua zeure izebaren hilobian, eta uko egiten diozu abenturarik zoragarrienari eta zeure ohorerako denik eta aproposenari. Zer nolako asturuz ote da Gercourt zure aitzin ibiltzea beti? Hara, ez natzaizu beltzurika mintzo: baina, une honetan, zeure izen ona merezi ez duzula uste izateko tentatua naiz; zuri dizudan fidantziari uko egiteko tentatua batez ere. Sekula ez naiz ohituko neure sekretuak Tourvel andrearen maitaleari erratera.

        Jakizu, dena dela, Volanges ttipiak dagoeneko buruan laino eman diola norbaiti. Danceny gaztea dauka burua galdurik. Harekin kantatu izan du; eta izan ere egoiliar batek ohi duen baino askoz hobeki aritzen da kantuan. Bikoteka usu errepikatu behar izaten dute, eta gogoak ematen dit neskak gogara eginen zukeela aho batezkoa: baina Danceny hori haur bat da, gorte egiten galduko du bere denbora, eta ez du deus ere finituko. Neskatxa ttipi hori berriz aski mukerra da; eta, zer gerta ere, hau ez da nehondik ere zuk egin ahal zenukeen bezain atsegina izanen: haserre nago beraz, eta zalduna heltzen denean hain segur liskar eginen diot. Ezti izatea kontseilatzen diot; zeren eta, une honetan, aise eginen bainuke harekikoaz. Ziur naiz ezen baldin hura abandonatzeko burutazio ona baneuka, etsia hartuko lukeela; eta deus ez zait horren atsegingarria, nola zaidan amodiozko etsipena. Zital deituko ninduke, eta zital ele hori beti izan dut laket; krudel hitzaren ondoren hura da eztiena emakume baten belarrietan, eta bertzea baino aiseago merezitzen ahal da. Serioski, arta hartuko dut etendura horretaz. Hala bada zeren kausa zaren! Beraz zure kontzientzia baitan ezartzen dut. Adio. Gomenda nazazu lehendakariaren emazte horren otoitzei.

Parisen, 17**ko abuztuaren 7an.

 

 

VI. GUTUNA

VALMONTEKO BIZKONDEAK MERTEUILEKO MARKESARI

 

        Ez baita emakumerik atxikitzen jakin duen nagusigoaz neurriz gain baliatzen ez denik! Eta zuhaur ere, usu adiskide bihozbera deitu izan zaitudana, baratu zara azkenik nire adiskide izatetik, eta beldurrik gabe erasotzen didazu begi begiko dudan xedean! Tourvel andrea zer nolako moldez irudikatzera ausartzen zaren!... Zein gizonek ez zukeen bere biziaz ordainduko ausardia ozar hori? Zuri ez bertze zein emakumeri ez lekarkioke horrek belzkeria bat bederen? Otoi, horren gaitzaldi bortitzak ez niri gehiago pairarazi; ezin segurta baitezaket jasanen ditudanik. Adiskidantzaren izenean, zaude emakume hori neuretu dezadan arte, baldin hura gaitzerran nahi bazeneza. Ez dakizu soilik irritsak duela amodioaren lotura urratzeko eskubidea?

        Zer diot ordea? Tourvel andreak ba ote du liluraren beharrik? Ez; xarmangarria izateko aski du den bezalakoa izatea. Gaizki beztitzen dela egozten diozu; bai noski: apaindura oro kaltegarri du; estalgarri oro itsusgarri: soilik laxotasunari emana denean dago zinez zoragarri. Jasaten ari garen bero kiskalgarriari esker, soineko soil eta arin batek haren gerri biribil eta zaulia ikusteko parada eman dit. Bularraldea muselin soil batez du estalia; eta nire begiraldi gordekako bezain barrenkorrek hauteman dute jadanik haren gorpuzkera xarmangarria. Haren begitarteak ez omen du, zure iritzian, batere bizitasunik. Eta haren bihotzak mintzorik aditzen ez duenean zer adieraziko du bada? Ez, dudarik gabe, emakume horrek ez du, gure emakume pinpirinen gisara, behako gezurtirik, batzuetan seduzitzaile eta betiere engainatzailerik. Ez daki perpaus baten hutsalkeria aldez aurretik prestaturiko irri batez ezkutatzen; eta izanagatik munduko hortzik ederrenak, libertitzen denean baizik ez du irri egiten. Ikustekoa da ordea nola, jolas alaietan, alegrantzia laño eta egiazko baten irudia eskaintzen duen! Nola, berehalatik artatuko duen behartsu baten ondoan, haren behakoak pozaren poza eta ontasun urrikaltsua iragartzen duen! Ikustekoa da nola, laudoriozko edo balakuzko denik eta ele ttipienaz batez ere, aizuna ezin izan litekeen xalotasunezko halako asaldura hunkigarri bat agertzen den haren aurpegi zerutiarrean!... Ahalketia eta debota da, eta beraz hotza eta iharra dela diozu? Nire iritzia arras bertzelakoa da. Zer nolako sentikortasun harrigarria ez ote duen izan behar senarraganaino heda ahal izateko, eta beti kanpoan den norbait beti maitatzeko? Zer froga sobera handirik desira zenezake? Jakin dut hala ere bertze froga bat erdiesten.

        Gidatu ditut haren urratsak hala lubaki bat gainditu behar izan genezan; eta, nahiz oso arina den, emakume hori are da lotsatiagoa: jakinen duzu ahalketiak beldur izaten direla lubakitik aitzina jotzeko. Nire gomendioan behar izan du jarri. Neure besoetan eduki dut emakume apal hori. Gure prestakizunek eta nire izeba xaharraren ibilerek karkaraka irri eragin zioten debot jostari horri: baina, moldakaitz antzean trebeki, harez jabetua nintzen orduko, gure besoak elkarri lotu zitzaizkion. Haren bularra neureaz hertsatzen nuen; eta, bitarte labur hartan, sentitu nuen haren bihotza lasterrago ari zela taupadaka. Ahalke gorritasun atsegin batek aurpegia gorritu zion, eta haren asaldura apalak aski jakinarazi zidan bihotza amodioz ari zitzaiola taupadaka eta ez izuz... Nire izeba haatik zu bezalaxe tronpatu zen, eta erran zuen: «haurra izutu da»; haurraren xalotasun xarmangarriak ez zion ordea gezurrik erraten utzi, eta lañoki erantzun zuen: «O ez, baina...» Ele bakar horrek argitu nau. Harrezkeroztik, esperantza eztiak ordezkatu du kezka krudela. Emakume hori edukiko dut; laidoztatzen duen senarrari kenduko diot: gurtzen duen Jainkoari berari edekitzera ausartuko naiz. Zer zoragarria haren kontzientziaren ausikien aldizka kausa eta aldizka garaile izatea! Urrun nigandik goganbeharturik daukaten aieruzko usteak suntsitzeko asmoa! Nire zoriona eta nire loria emendatuko dute. Sinets beza bertutea baitan, eskain biezat ordea; egon bedi bere hutsegiteen izuan geldiezinik; eta mila beldur ikarek aztoratua, ez bitza ahantz, ez bitza garait nire besoetan ez bada. Orduan onartuko dut hark erran diezadan: «biziki maite zaitut»; soilik hura, emakume ororen artean, izanen da hitz hori errateko duin. Egiazki izanen naiz hark nahiago izan duen Jainkoa.

        Onez onean mintza gaitezen; gure abeniko hain hotz nola errazetan, bozkarioa deitzen dioguna doi izaten da plazer. Erranen dizuta! Bihotza ustez zimel nuen, eta ez bainuen neure baitan irritsa baizik kausitzen, zahartzaro goiztiarraz arranguratzen nintzen. Tourvel andreak gaztaroaren ilusio xarmantak itzuli dizkit. Haren ondoan, ez dut gozatzeko premiarik zoriontsu izateko. Zeregin horretan emanen dudan astia da izutzen nauen gauza bakarra; zeren ez bainaiz ausartzen asturura deus uztera. Zorioneko neure ausardiez oroitzen naizelarik ere, ezin ausart ninteke horiek baliatzera. Zinez zoriontsu izan nadin, emakume horrek behar dit bere burua eman; eta hori ez da egiteko xumea.

        Ziur naiz miretsirik zinatekeela nire zuhurtziaz. Ez dut oraino amodio hitza erran; baina fidantzia eta interesa elkarri jadanik adierazi dizkiogu. Emakume hori ahalik eta gutxiena tronparazteko, eta batez ere belarrietaratzen ahal zaizkion erranen ondoriotik begiratzeko, nihaurk dizkiot kontatu, eta iduriz neure burua akusatzen nuela, neure balentriarik ezagunenak. Irri eginen zenuke ikusirik nolako xalotasunaz predikatzen didan. Konbertitu nahi omen nau. Ez du oraino susmatzen eginbide horretan entseiatzea zenbat gostako zaion. Ez du urrundanik ere uste ezen nik galdu ditudan dohakabeen alde eginez, hark bezala mintzatzearren, aitzinetik dela beraren alde eta fabore mintzo. Ideia hori atzo bururatu zitzaidan haren predikurik baten erdian, eta neure buruari ez nion errefusatu ahal izan haren solasa eteteko plazerra, profeta baten gisa mintzo zela hari seguratzeko. Adio, adiskide ederra. Ikusten duzu ez naizela ezinbertzez galdua.

        P.S.— Izan ere, zaldun gaixo horrek etsipenez bere burua hil du? Egia erran, ni baino ehun aldiz presuna gaiztoagoa zara, eta umiliaturik nengoke baldin neure burua ederretsiko banu.

...ko gaztelutik, 17**ko abuztuaren 9an.

 

 

VII. GUTUNA

CÉCILE VOLANGESEK SOPHIE CARNAYRI

 

        Ez badizut neure ezteiez deus erran, da aitzineko egunean baino gehiago ez dakidalako. Ohitu naiz horretan gehiago ez pentsatzera eta neure bizimodu hau aski gostukoa dut. Asko ari naiz ikasten kantua eta harpa; iruditzen zait askoz laketago ditudala maisurik ez dudanez geroztik, edo, aitzitik, maisu hobe bat badudanez geroztik. Danceny jaun zalduna, aipatu nizun gizon hura, Merteuil andrearen etxean kantuan lagun izan nuena, atsegintasun handiz egunoro jiten da hona, eta nirekin du orenez oren kantatzen. Ezinago adeitsua da. Aingeru baten gisa kantatzen du, eta doinu txit ederrak sortzen ditu, eta halaber hitzak doinuen lagungarri. Maltako Zalduna da ondikotz! Iruditzen zait ezen esposatuko balitz, haren emaztea arras zoriontsua litzatekeela. Haren eztitasuna xarmangarria da. Ez du sekula konplimendurik egiteko itxurarik, eta haatik erraten duen guztia lausengarria da. Etengabe egiten dit liskar, nola musikaz hala bertze gauzez: bere kritikak ordea hain interes eta alaitasun handiz egiten ditu, non ezinezkoa baita hari esker ona ez erakustea. Behatzen dizunetik bertatik, iduri du zerbait goxoa erraten dizula. Hori guztiaz gainera atsegina da oso. Konparazione, atzo, kontzertu handi batera gonbidaturik zen; nahiago izan zuen arrats osoan gure amaren etxean gelditu. Hori arras laketu zait; zeren eta hura hemen ez denean, nehork ez baitit hitz egiten, eta aspertzen bainaiz: hura hemen denean, aldiz, elkarrekin kantatzen eta solastatzen dugu. Niretzat badu beti elerik. Hura eta Merteuil andrea dira atseginak iruditzen zaizkidan bi presuna bakarrak. Baina adio, adiskide maitea: hitz emana dut egungo ikasia nukeela arieta bat hagitz lagungarri zailekoa, eta ez dut hitza jan nahi. Ikasteari ekinen diot berriz hura heldu artean.

...tik, 17**ko abuztuaren 7an.

 

 

VIII. GUTUNA

TOURVEL LEHENDAKARIAREN EMAZTEAK
VOLANGES ANDREARI

 

        Ezin nehor izan daiteke ni naizen baino sentikorrago, andrea, erakusten didazun fidantziari buruz, ez eta nik baino interes handiagorik izan Volanges andereñoaren etorkizunaren alde. Bihotz bihotzetik opa diot zoriona, ez baitut egiten dudarik merezi ez duenik, eta hartarako guztiz ere nagokio zure zuhurtziari. Ez dut Gercourteko jaun kondea ezagutzen; baina, zeure hautuaz ohoratu baituzu, ez dezaket harengana arras uste onuratsua baizik izan. Ezin neure aldetik, andrea, bertzerik opa ezkontza horri, ez bada izan dadin hain zoriontsua nola baita nirea, zeina baita berebat zuk obratua, eta zeinaren kariaz egunean egunean bizikiago eskertzen baitizut. Zure alaba andereñoaren zoriona izan bedi zuk niri eman didazunaren saria; eta ailedi adiskiderik minena amarik zoriontsuena ere izan!

        Zinez doluturik naiz ez baitiezazuket asmo oneko aitormen egiazko hau bozez eskaintzen ahal, ez eta Volanges andereñoaren ezagutzak egiten ahal ere, nik nahi nukeen bezain sarri. Zure ontasun benaz ama baten gisakoak gozatu ondoren, badut harengandik ahizpa baten adiskidantza amoltsua igurikiteko eskubidea. Otoi arren, andrea, galdegiozu nire partez adiskidantza hori, merezi ahal izateko zain nagoen bitartean.

        Tourvel jauna kanpoan izanen den denbora guztia landan emateko asmotan naiz. Hartu baitut Rosemonde andre agurgarriaren lagunarteaz gozatzeko eta profitatzeko beta. Xarmanta da oraino andre hori: ez du deusen eskasik, nahiz den adin handikoa; osoki atxikiak ditu oroimena eta arraitasuna. Soilik haren gorputzak ditu lauretan hogeita lau urte; haren gogoak ez ditu hogei baizik.

        Gure bazterraldia Valmonteko bizkonde haren ilobak du alegeratzen, nork ere begirunez nahi izan baitizkigu egun batzuk eskaini. Omenez baizik ez nuen ezagutzen, eta karia horretara deus guti desira nezakeen areago ezagutzea: iruditzen zait ordea gehiago balio duela gizonak omenak baino. Hemen, nola munduaren zurrunbiloak ez baitio gaitz egiten, zuhurra eta harrigarriro erraza du mintzoa, eta egin dituen makurrak bakan baizik agertzen ez den xalotasunaz aitortzen ditu. Fidantzia handiz mintzo zait, eta nik indar handiz egiten diot prediku. Zuk nola ezagutzen baituzu, nirekin akort izanen zara obratu beharreko konbertsio eder bat litzatekeela: baina ez dut egiten duda ezen, zernahi hitz emanik ere, Parisen eginik zortzi egun ahantziko lituzkeela nire predikuak oro. Hemen eginen duen egonaldia bitartean bederen haren jokaera hainbat ere gutxiago izanen da ohi duenaren gisarakoa: eta, nire ustez, haren bizimoduaren karietara, deus ere ez egitea duke eginkizunik onena. Badaki izkiriatzen ari natzaizula, eta bere goraintzi begirunezkoak eman diezazkizudan manatu dit. Har itzazu nireak ere ager ohi duzun ontasunaz, eta ez ezazu sekula dudarik egin ohorez opa dizkizudan neure sentimendu egiazkoez, etab.

...ko gaztelutik, 17**ko abuztuaren 9an.

 

 

IX. GUTUNA

VOLANGES ANDREAK
TOURVEL LEHENDAKARIAREN EMAZTEARI

 

        Sekula ez dut dudarik egin, adiskide gazte eta ederra, ez niri didazun adiskidantzaz, ez niri dagokidan orori buruz agertzen duzun interes zinezkoaz ere. Ez diot puntu hori argitzeko, zeina baitut orain eta sekulako gure artean adostua izatea igurikitzen, erantzun zure erantzunari: ordea ez dut uste egon nintekeenik Valmont bizkondearen sujetaz zurekin solastatu gabe.

        Ez nuen igurikitzen, aitor dizut, izen hori zure gutunetan sekula kausitzerik. Alabaina, zer izan dezakezue zuk eta hark komunik? Zuk ez duzu gizon hori ezagutzen; nondik jakin zenezakeen libertin baten arimaren berririk? Hark darakusan bakan baizik agertzen ez den xalotasunaz hitz egiten didazu: O! Bai; Valmonten xalotasunak zinez behar du arras bakana izan. Nola baita faltsu eta arriskutsu atsegin eta seduzitzaile den bezainbat, ez du nehoiz, gazte-gaztea zenetik, urratsik egin edo elerik erran asmo bat izan gabe, eta ez du nehoiz izan asmorik gaiztoa edo kriminala ez zenik. Adiskidea, zuk ezagutzen nauzu; zuk badakizu, saiatzen naizelarik ere bertuteak neureganatzen, bihozberatasuna ez dela horietarik gehien maite dudana. Hargatik, baldin Valmont grina suharrek hartua gertatuko balitz; baldin, bertze mila bezala, adinak dakartzan hutsegiteek liluraturik balego, haren jokabidea gaitzetsirik, presuna urrikiko nuke, eta zain egonen nintzateke, isilean, zorioneko aldaketa batek jende prestuen estimua itzul liezaion. Baina Valmont ez da halakoa: haren jokabidea haren oinarrizko arauen ondorioa da. Badaki kalkulatzen gizon batek egin ahal dituen izugarrikeriak oro bere burua arriskuan jarri gabe; eta arriskurik gabe izateko krudel eta gaizto, emakumeak ditu kaltiartzat hautatu. Ez naiz seduzitu dituenak kontatzen baratuko: zenbat ez ote ditu ordea galdu?

        Nola baitaramazu bizimolde zuhur eta landara bazterreratua, eskandaluzko abentura horiek ez dira zuganaino heltzen. Haren abentura batzuk kontatzen ahal nizkizuke hotzikaratan jar zintzaketenak; baina zure behakoak, zure arima bezain garbiak, zikinduak lirateke halako ikuskariaz: ziur naiz Valmont ez dela sekula arriskutsua izanen zuretzat, horrelako armen beharrik ez duzu zeure burua begiratzeko. Errateko dizudan gauza bakarra da ezen, hark artarik eman dien emakume orotarik, arrakasta izan edo ez, bat bakarra ere ez dela harez auhendatu behar izan ez duenik. Soilik Merteuileko markesa da arau orokor horretarik salbuetsirik; soilik hark jakin du buru egiten eta kateak ezartzen haren gaiztakeriari. Aitortzen dut haren bizitzako xehetasun horrek duela nire begien aitzinean gehien ohoratzen: orobat aski izan baitu bere alargunaldiaren hastapenean egozten ahal zitzaizkion oker zenbait ororen begien aitzinean arras justifikatzeko.

        Nolanahi ere den, adiskide ederra, nire adina, nire esperientzia eta batez ere nire adiskidantzagatik, zilegi izan bekit zuri gaztigatzea ezen hasiak direla munduan Valmonten ausentziaz ohartzen; eta jakin baledi aldi batez dela hirugarren gisa bere izebaren eta zure artean gelditu, zure omena bere eskuetan luke; zeina baita emakume bati gerta dakiokeen malurarik handiena. Kontseilatzen dizut bada haren izebagandik erdiets dezazun Valmont ez dezala gehiago bere ondoan atxiki; eta han gelditzen setatzen bada, uste dut zalantzarik gabe zeure lekua hari behar diozula utzi. Baina zergatik gelditu behar luke? Zer ari da bada landa horretan? Baldin haren joan-jinak barrandaraz bazenitza, ziur naiz konturako zinatekeela ezen geriza erosoago bat baizik ez duela hartu, inguruan obratzeko asmotan den bilaukeriaren bat egiteko. Baina, gaitza sendatu ezinean, konforma gaitezen guhaur galbidetik begiratzeaz.

        Adio, adiskide ederra; horra nire alabaren ezteiak amini bat gibelaturik. Gercourteko kondeak, nahiz egun batetik bertzera jinen zelakoan geunden, mezutu dit ezen bere errejimenta Korsikan dela; eta nola oraino baden han gerla hotsa, ezin izanen duela negua baino lehen handik lekutu. Gaitzitzen zait; baina horren karietara igurikitzen dut izanen dugula ezteietan zu ikusteko plazerra, samurturik bainintzen zu gabe egin zitezen. Adio; arras zuri nago, konplimendurik gabe nola salbuespenik gabe.

        P.S.— Goraintziak eman nire partetik Rosemonde andreari, merezi duen hainbat maite baitut beti eta beti.

...tik, 17**ko abuztuaren 11n

 

 

X. GUTUNA

        MERTEUILEKO MARKESAK VALMONTEKO BIZKONDEARI

 
        Nirekin beltzuritu zarea, bizkonde? Ala hilik zarea? Ala, horren pareko litzatekeena, lehendakariaren emazte horrentzat baizik ez zarea bizi? Gaztaroko ilusioak itzuli dizkizun emakume horrek, sarri dizkizu aieruzko uste irrigarriak ere itzuliko. Jadanik horra non herabeti eta esklabo zaren; berdin zenuke amoros izatea. Uko egiten diezu zorioneko zeure ausardiei. Horra bada non oinarrizko araurik gabe jokatzen duzun, eta oro fidaturik asturuari, edo, gehiago dena, gutiziari. Ez duzua jadanik oroitzen amodioa, medikuntzaren gisa, soilik izadia laguntzeko artea dela? Ikusten duzu zeure armez garaitzen zaitudala: ez naiz ordea karia horretara harrotuko; lur jo duen gizona garaitzea baita. Emakume horrek behar dizu bere burua eman, erraten didazu: E! Dudarik gabe, hala behar baitu; emanen ere baitizu bere burua bertzeek bezala, bereizkuntza honetaz, zeina den gogo txarrez baitizula emanen. Baina, bere burua behingoz eman diezazun, hura hartzetik hastea da egiazko bidea. Zeinen amodioaren benazko zentzugabekeria baita bereizkuntza irrigarri hori! Amodioa diot; zeren amoros baitzara. Bertzela mintzatzea, litzateke zu traditzea; litzateke zure eritasuna ezkutatzea. Erraidazu bada, amoros hitsa, eduki dituzun emakume horiek, uste duzu bortxaz eduki dituzula? Baina, zenbatenaz ere den handia nork bere burua emateko duen nahia, zenbatenaz ere batbederak horretarako presa handia izan, hanbatenaz behar baita oraino estakuru bat; eta badea guretzat estakuru sobera erosorik bortxaz amore ematen dugula iduri duen hura baino? Niretzat, aitor dezadan, gehien laket zaidan gauzetariko bat da eraso bizi eta ontsa egina, non oro gertatzen baita ordenamenduz nahiz lastertasunez; zeinaren karira sekula ez baikara izanen moldakaizkeria bat guhaurk konpondu beharreko tenore penagarrian, aldiz behar bailitzaigukeelarik baliatu; zeinak bai baitaki hala borondate onez ematen ditugun gauzetan ere bortxaren itxurari atxikitzen, eta trebeki lausengatzen gure bi gutizia maiteenak, defendatzearen loria eta fin gaitz egitearen plazerra. Onartzen dut uste baino bakanagoa den dohain hori beti izan dudala laket, nahiz sekula ez nauen hala ere liluratu, eta batzuetan gertatu ere izan zaidala, soil-soilik sari gisa. Hala non gure norgehiagoka zaharretan, edertasuna baitzen ausardiaren eta trebeziaren saria.

        Zuk ordea, jadanik zuhaur ez zaren horrek, garaitzeko beldur bazina bezala jokatzen duzu. E! Noizdanik bidaiatzen duzu aldi laburka eta zeharbidetik? Adiskidea, nahi delarik hel, postako zaldiak eta errepidea! Ordea utz dezagun sujet hori, zenbatenaz ere muzindurik bainauka, hanbatenaz zu ikustearen plazerraz gabetzen bainau. Izkiria iezadazu bederen orain arte baino sarriago, eta eman zure aitzinapenen berri. Badakizua abentura irrigarri horretan badituzula hamabortz egun baino gehiago emanak, eta jende oroz ezaxolatua zabiltzala?

        Ezaxolatzea dudalarik aipatu, iduri duzu adiskide erien berri jakitera aldizka norbait igorriagatik, alabaina erantzuna jakiteko deus egiten ez duten jende horien moldekoa. Finitzen duzu zeure azken gutuna zalduna hil ote denentz galdetuz. Ez dut ihardesten, eta ez zaitu horrek sobera kezkatzen. Ez dakizua nire amorantea adiskide mina duzula? Haatik zaude lasai, ez da hila; eta hila balitz, bozkariozko soberaniak zukeen hila. Gaixoa zalduna, zein den amoltsu! Zein den amodiorako egina! Zein den biziki sentitzen jakitun! Burua galdurik nauka. Serioski, ni haren amoros izatean kausitzen duen bozkario erabatekoak egiaz eta benaz nau hari atxikitzen.

        Egun hartan berean, non izkiriatu bainizun ekin behar niola gure harremanak hausteari, zeinen zoriontsu nuen bilakarazi! Haatik ari nintzelarik hura zinez etsiarazteko bideez arduratzen, horra non haren etorrera iragarri zidaten. Gutiziaz ala arrazoiz, sekula ez zitzaidan hain ontsa iruditu. Muzindurik hartu nuen hargatik. Igurikitzen zuen nirekin bi oren iragatea, jende orori atea zabalduko nion orena baino lehen. Jalgi behar nuela erran nion: nora nindoan egin zidan galde; ez nion deus jakinarazi. Errateko eta errateko hark: zu izanen ez zaren lekura, ihardetsi nion lazki. Beharrik harentzat, ihardespen horrek harri eginik utzi zuen; zeren eta, elerik erran balu, ezinbertzez zetorkeen aharra bat nik buruan neukan haustura ekarriko zukeena. Haren isiltasunaz harriturik, egin nion so nolako keinua egiten zuen ikusteko, zin dagizut, bertze xederik gabe. Berriro kausitu nuen begitarte xarmangarri hartan, tristura aldi berean sakon eta samur hura, zeinari buru egitea zein gaitza den zuhaurk ere aitortzen baituzu. Kausa berak ondorio bera zuen ekarri; bigarren aldiz garaitua izan nintzen. Ordudanik, nigan okerrik kausi ahal ez zezan saihesteko bideez baizik ez nintzen arduratu. «Egiteko bat obratzera noa», erran nion ahaire eztixeago batez, «eta egiteko hori halaber dagokizu; baina ez galdetu deus. Etxean afalduko dut; itzul zaitez, eta jakinaraziko dizut». Orduan hitza berriz ahoratu zitzaion; ez nion ordea hitzaz baliatzen utzi. «Presaka nabil», erran nuen gero. «Utz nazazu; arratsa arte.» Eskuan muin egin zidan eta jalgi zen.

        Gero, zaputz haren ordaina eman nahirik hari, edo eman nahirik ausaz neure buruari, deliberatzen dut susmotan hartzen ez zuen neure etxe ttipia erakutsi behar niola. Neure Victoire fidela deitzen dut. Ohi dudanez min dut buruan; oheratzen naiz neure zerbitzari guztientzat; eta, azkenean egiazkoarekin bakarrik gelditurik, hura morroiz mozorrotzen den bitartean, nik gelari soineko bat janzten dut! Victoirek ekarrarazten du berehala zaldi orga bat nire lorategiko atera, eta horra hor partituak. Heldurik amodioaren tenplu honetara, hautatzen dut azpiko jantzirik dotoreena. Honako hau zoragarria da; nik asmatua da: ez du deus ikustera uzten, eta oro du haatik igerrarazten. Agintzen dizut gisa horretako soineko bat lehendakariaren emazte horrentzat, janzteko duin bilaka dezazunean.

        Prestakizun horien ondoren, Victoire bertze xehetasunetan ari den bitartean, irakurtzen dut Sopha-ren atal bat, Héloïse-ko gutun bat eta La Fontaine-ren bi ipuin, hartu nahi nituen eredu anitzak oroitzeko. Bizkitartean, neure zalduna atera heldu zait, beti ohi duen presaz. Nire atezainak ez dio sartzera uzten, eta eri naizela jakinarazten dio: aitzineko gertaldi larria. Tenore berean ematen dio nire txartel bat, ez ordea nik izkiriatua, nire arau zuhurrari jarraiki. Irekitzen du, eta kausitzen du han Victoireren eskutik: «Bederatzi bederatzietan, bulebarrean, kafetegien aitzinean.» Joan da hara; eta han, ezagutzen ez duen morroi ttipi batek, ezagutu uste ez duen batek bederen, zeina baitzen Victoire bera, iragartzen dio zaldi orga behar duela igorrarazi eta berari behar zaiola jarraitu. Nobela gisako ibilera horrek guztiak burua berotzenago zion, eta buru beroak ez du deus kalterik egiten. Heldu da azkenik, eta ustekabeak eta amodioak benazko lilura sortu dute harengan. Bere baitaratzeko astia izan dezan, promenatzen gara une batez basoxkan zehar; gero etxeari buruz daramat. Hastapenean ikusten ditu bi mahai tresna jarririk; gero ohea egina. Sartzen gara kabineteraino, oro apaindurik ageri. Han, erdi gogoetaz, erdi sentimenduz, neure besoez inguratzen dut eta haren belaunetara erortzen naiz. «O adiskidea!» erraten diot, «ustekabeko une hau zuretzat prestatu nahi izateagatik, damu dut beltzuriaren itxuraz zu oinazetu izana; nire bihotza instant batez zure behakoetarik ezkutatu izana. Barkatu nire hutsegiteak; amodioaren amodioz nahi ditut zuzendu.» Jabetuko zara sentimenduzko hitzaldi horren ondorioaz. Zaldun zoriontsu hark altxarazi ninduen, eta nire barkazioa izan zen zigilatua zuk eta biok bozkarioaren bozkarioz eta era berberean geure haustura eternala zigilatu genuen aulki otomanoaren beraren gainean.

        Bai baikenituen sei oren elkarrekin iragateko, eta deliberatua bainuen denbora hori guztia berdin izan zedin harentzat zoragarria, haren irritsaldiak ematu nituen, eta pinpirintasun atsegina agertu zen eztitasunaren ordez. Ez dut uste nehoiz horrenbertze arduratu izan naizenik atsegingarri gertatzen, ez eta neure buruaz sekula horren pozik egon naizenik ere. Afalondoan, aldi batez haur eta aldi batez arrazoitsu, aldi batez jostari eta aldi batez sentikor, batzuetan baita libertin ere, plazer nuen irudikaturik zalduna bere haren-aren erdian dagerien sultan baten gisa, non aldizka aldizka ni bainintzen haren begietako sultanaren emazte bakoitza. Alabaina, haren eskaintza behin eta berriz errepikatuak, betiere emakume berak hartu izanagatik, amorante berri batek hartzen zituen beti.

        Argi azkorrian elkarrengandik bereizi behar izan ginen azkenik; eta, zer ere erraten baitzuen, zer ere egiten ere baitzuen niri kontrakoa frogatzeko, bereizteko premia handia zuen gogo gutxi bezainbat. Jalgi ginen unean berean eta azken adio gisa, hartzen dut zorioneko egonleku hartako giltza, eta haren eskuetan ezarriz: «Zuretzat baizik ez dut izan», erraten diot; «zuzen da zu izan zaitezen nagusi: sakrifikatzaileari baitagokio tenpluaz baliatzea.» Maltzurkeria horrekin aldez aurretik naiz begiratu etxe ttipi guztiz susmagarri baten jabetzak sorraraz liezazkiokeen burutazioetarik. Sobera ezagutzen baitut, segur naiz ez duela niretzat baizik baliatuko; eta hartuko banindu hura gabe hara joateko gutiziak, badut naski bertze giltza bat. Hara berriro itzultzeko egun bat nahi zuen gosta ahala gosta ezarri; baina oraino sobera maite dut hura hain azkar erabili nahi izateko. Ez baitzaie soberakeriei amore eman behar, ez bada berehala utzi nahi diren gizonekin. Hark ez daki hori; baina, haren zorionerako, nik badakit biontzat.

        Ohartzen naiz goizaldeko hiru orenak direla, eta liburuki bat izkiriatu dudala, ele bat bakarra izkiriatzeko asmoa izanik. Halakoa baita fidantziazko adiskidantzaren xarma: horren kariaz zu zaitut betiere gehien maite, baina, egiazki, zalduna zait gehiago laket.

...tik, 17**ko abuztuaren 12an.

 

 

XI. GUTUNA

TOURVEL LEHENDAKARIAREN EMAZTEAK
VOLANGES ANDREARI

 

        Zure gutun zorrotzak izituko nindukeen, andrea, baldin, zorionez, ez banu hemen segur izateko arrazoi gehiago kausitu zuk gaztigatu bezala beldur izateko baino. Valmont jaun beldurgarri horrek, ustez arras izuturik baitauzka emakume guztiak, iduri du bazter utzi dituela bere arma hilgarriak, gaztelu honetan sar aitzin. Ez du urrundanik ere egin asmorik, ez hain gutxi ekarri nahikunderik; eta bere etsaiek ere aitortzen dioten gizon maitagarriaren dohaina, kasik desagertua du hemen, bihotz oneko gizonaren dohainen fabore. Landako giroak egin bide du mirari hori. Segurta diezazuket hala ere ezen, nirekin delarik une oroz, iduriz gogobeterik, ez zaiola itzuri maitasunaren kutsurik dukeen ezein elerik, ez eta gizon guztiei zilegi omen zaien horietako ezein perpausik ere, nahiz ez duten, hark bezala, jokabide hori justifikatzeko behar hainbat arrazoi. Sekula ez zaitu zuhur ibiltzera behartzen, nahiz begirunez jokatu nahi duen emakume orok egun halabeharrez zuhurtziari behar duen atxikia egon, inguruan dabilzkion gizonei aurre eginen badie. Badaki sorrarazten duen arraitasunaz neurriz gain ez baliatzen. Amini bat balakari gerta liteke agian; baina hain da fina balakuan non lausengura ohituko bailuke xalotasuna bera. Erran nahi baita, anaiarik baldin banu, ailedi Valmont jauna hemen agertzen den bezalakoa! Hainbat emakumek galaitasun nabarmenago bat nahi luke harengandik; eta aitor dut eskerdun baino eskerdunago natzaiola zeren jakitate handiz hain ontsa jujatu bainau, non ez bainau haiekin nahasi.

        Potret hori zuk egin didazunaren oso bertzelakoa da dudarik gabe; eta, hargatik, biak antzekoak dirateke bakoitzaren aldia finkatuz gero. Aitor du berak anitz oker egin dituela, eta bertzeek ere egotziko zioten bertze hainbat. Gizon gutxi kausitu dut ordea emakume prestuez hura baino errespetu gehiagoz mintzo zedinik, kasik gogo beroz erranen nuke. Jakinarazten didazu xede horretan bederen ez duela engainatzen. Horra Merteuil andrearekin duen jokabidea nire hitzen frogagarri. Sarritan du solasgai; eta betiere halako laudorioz eta halako atxikimendu benazkoaz, non zure gutuna hartu arte, uste izan baitut hark bien arteko adiskidantza gisa aipatzen zuena ez zela maitasuna baizik. Iritzi ausart horren errua aitortzen dut, eta nire hutsa are handiagoa da, zeren eta Valmontek sarri hartu baitu Merteuil andrea justifikatzeko arta. Aitor dizut ez niola amarru gisa baizik behatzen haren partetik egia zintzoa zenari. Ez dakit; baina iruditzen zait horren emakume goresgarri batek horren atxikia duen adiskidantzarako nor den gizona, ez dela ezin zentzatuzko libertin bat. Ez dakit bertzalde hemen daraman jokabide zuhurra inguruotan obratu nahi dituen zenbait egitekori zor zaionentz, zuk uste duzun bezala. Inguruan bada naski emakume maitagarririk; gutxi jalgitzen da ordea, goizean ez bada, eta ehizara joaten omen da. Egia da ez duela oso bakan baizik ekartzen ehizakirik; baina moldakaitza omen da zeregin horretan. Bertzenaz, kanpoan egin dezakeenak deus gutxi kezkatzen nau; eta baldin jakin nahi baneza, ni zure iritzira hurbiltzeko edo zu nirera erakartzeko bertze arrazoi bat izateko baizik ez litzateke.

        Valmont jaunak hemen egitekoa duen egonaldia laburtzera saiatzeko egiten didazun proposamenaren karietara, oso zaila iruditzen zait haren izebari bere iloba etxean har ez dezan galdegitera ausartzea, hainbat nola baitu anitz maite. Hitz ematen dizut hargatik, begirune hutsagatik ordea eta ez premiagatik, baliatuko dudala galdegitza hori egiteko okasioa, dela izebari, dela ilobari berari. Nitaz den bezanbatean, Tourvel jaunak badaki hura itzuli arte hemen gelditzeko asmotan naizela, eta harrituko luke, arrazoi osoz, nik arinkeriaz asmoz mudatu izanak.

        Horra, andrea, argibide arras luzeak: baina iruditu zait Valmont jaunaren aldeko testigantza zor niola egiari, bai baitakit egiaren premia handian dela zure aldera. Sentikor natzaio orobat zure kontseiluak iradoki dituen adiskidantzari. Berebat hari zor baitizkiot Volanges andereñoa zure alabaren ezteiak gibelatu izanaren okasioz erraten dizkidazun begirunezko eleak ere. Biziki eskertzen dizkizut: ordea, zein ere den handia neure buruari hitz emana diodan atsegina une horiek zurekin iraganez, bihotz-bihotzez sakrifikatuko nioke Volanges andereñoa hainbat lasterrena uros izanen dela jakiteko desirari, baldin halarik ere nehoiz baledi urosago bere bihozberatasun eta errespetu guztia osoki merezia duen ama baten ondoan baino. Harekin bat dagit zuri atxikitzen nauten bi sentimenduotan, eta ontasunez har ezazu, otoi, berauen segurtamena.

        Ohorez bainaiz, etab.

...tik, 17**ko abuztuaren 13an.

 

 

XII. GUTUNA

CÉCILE VOLANGESEK MERTEUILEKO MARKESARI

 

        Ama ondoezik da, andrea; ez da jalgiko, eta haren ondoan gelditu beharrean naiz: beraz ez duket zurekin operara joateko ohorea. Zinez diotsut ikuskaria bera baino dolutzenago zaidala zurekin ez egotea. Otoi arren, zaude horretaz ziur. Hain zaitut maite! Erranen zenioke Danceny jaun zaldunari aipatu didan bilduma ez dudala, eta baldin bihar ekartzen ahal badit, plazer handia eginen didala. Gaur jiten bada, etxean ez gaudela erranen diote; zeren amak ez baitu nehor hartu nahi. Bihar hobeki izanen ahal da!

        Ohorez bainaiz, etab.

...tik, 17**ko abuztuaren 13an.

 

 

XIII. GUTUNA

MERTEUILEKO MARKESAK CÉCILE VOLANGESI

 

        Biziki samurtua naiz, polit hori, bai zu ikusteko plazerraz gabetu nauzulako, bai eta gabetze horren kausaz ere. Okasio hori berriz agertuko delakoan nago. Konplituko dut zuk Danceny zaldunarentzat duzun mandatua, nor ere segur baita hagitz beltzurituko ama eri duzula jakinik. Baldin bihar nahi banau hartu, lagun egitera joanen natzaio. Hark eta biok kartetan erasoko diogu Belleroche zaldunari; eta, haren dirua irabazteaz gainera, zu eta zure maisu atsegina kantari entzuteko plazerraren emendioa ere izanen dugu, proposamen hori eginen baitiot. Baldin zure amari eta zuri komeni bazaizue, ni naukazu nihauren eta neure bi zaldunen erantzule. Adio, polit hori; nire konplimenduak egin Volanges andre maiteari. Besarkatzen zaitut ezti-eztia.

...tik, 17**ko abuztuaren 13an.

 

 

XIV. GUTUNA

CÉCILE VOLANGESEK SOPHIE CARNAYRI

 

        Atzo ez nizun izkiriatu, Sophie maitea: ez ordea plazerra zela kausa; zinez derraizut. Ama eri zen, eta haren ondoan eman nuen egun osoa. Arratsean, gelaratu nintzelarik, arrunt eroria nuen bihotza; eta laster eta fite oheratu nintzen, eguna finitua zela seguratzeko: sekula ez baitut horrenbertze luzetsi egunik. Ez hain zuzen ama asko maite ez dudalako; ez dakit ordea zer zen. Operara joatekoa nintzen Merteuil andrearekin; Danceny zaldunak ere han behar zuen. Ontsa dakizu horiek ditudala bi presuna maiteenak. Ni ere operan egon behar nintzen orena heldu zenean, bihotza nahi gabe hertsatu zitzaidan. Dena higuingarria zitzaidan, eta negar egin nuen, negar, malkoak ezin atxiki. Beharrik ama ohean zen, eta ezin ikus nintzakeen. Segur naiz Danceny zalduna ere atsekabetan zela; baina gozaldituko zen ikuskariaz eta hango jende guztiez: hagitz desberdina da.

        Beharrik, egun ama hobeki da, eta Merteuil andrea jinen da bertze presuna batekin eta Danceny zaldunarekin: beti aski berandu heltzen da hala ere Merteuil andrea; eta oso aspergarria izaten da denbora luzean bakar-bakarrik egon beharra. Hamaika orenak bertzerik ez dira. Harpa jo behar dut hain segur; eta gainera hainbat denbora emanen dut garbitzen eta apaintzen, zeren eta egun ontsa orrazturik nahi baitut egon. Uste dut Ama Betierekoak arrazoi duela, eta mundutartuz geroztik batbedera pinpirin bihurtzen dela. Polit agertzeko ez dut sekula izan duela zenbait egunetik hona bezain gogo handirik, eta uste bezain polita ez naizela iruditzen zait; horrez gainera, begitartea gorriz apaindua duten emakumeen ondoan, askoz gutxiago naiz. Merteuil andrea, konparazione, ohartua naiz gizon guztiek ni baino ederrestenago dutela: ez naiz horregatik kasik haserretzen, zeren anitz maite bainau; eta erraten du orobat Danceny zaldunak ni ederrestenago nauela bera baino. Hain du zintzo jokatu niri hori erranik! Iduri ere zuen gogobeterik zela. Konparazione, ez dut hori ulertzen ahal. Asko maite nau eta! Eta Danceny!... O! Poz handia eman dit! Halaber, hari so egitea aski dela iruditzen zait batbedera edertua izateko. So egonen nintzaioke beti, baldin haren begiak kausitu beldur ez banintz: zeren, hori gertatzen zaidan guztietan, harriturik gelditzen bainaiz, eta nahigabe gisako zerbait sortzen baitit; baina ez dio axolarik.

        Adio, adiskide maitea; garbitzen hastera noa. Ohi bezala maite zaitut betiere.

Parisen, 17**ko abuztuaren 14an.

 

 

XV. GUTUNA

VALMONTEKO BIZKONDEAK MERTEUILEKO MARKESARI

 

        Jokabide zinez zintzoa ageri duzu nire mentura tristean ni ez abandonaturik. Hemen daramadan biziera akigarria da guztiz, pausuan gehiegia eta berdintasunean motela baita. Zure gutuna eta zure egun xarmant hartako xehetasunak irakurririk, hogei aldiz tentatua izan naiz eginkizun baten estakurua eman eta zure oinetara lasterka joateko, eta zuri eskatzeko ezen izan zakizkion, nire alde, zeure zaldunari desleial, zeren, ororen buruan, ez baitu bere zoriona merezi. Badakizua hari buruz jeloskortu nauzula? Zer diozu bada haustura eternalaz? Uko egiten diot zin horri, eldarnioan egina baita: ez ginatekeen zin hori egiteko duin, baldin zina bete behar izan bagenu. Ah! Egunen batean mendeka ahal neza zure besoetan, zaldunaren zorionak nahi gabe sortu didan hisia! Suharturik naiz, aitor dut, ikusirik gizon horrek, gogoetarik gabe, nekerik ttipiena ere hartu gabe, bere bihotzeko senari ergelki jarraikiz, nik ezin iritsi dudan zoriona aurkitu duela. O! Galaraziko diot... Hitz emaidazu galaraziko diodala. Zuhaur ez zarea umiliaturik orobat? Lehiatzen zara hura engainatzera, eta zu baino zoriontsuagoa da haatik. Estekan eduki uste duzu zeure kateetan! Zuhaur zauzka ordea bereetan. Lasai egiten du lo, zuk plazerrak zaintzen dizkiozun bitartean. Zer gehiago eginen luke haren esklaboak?

        Hara, adiskide ederra, anitzen artean partitzen duzularik zeure burua, ez dut jelosia poxirik: ez baititut zure amoranteengan Alexandreren oinordekoak baizik ikusten, denen artean ezin atxikirik ni errege bakarra nindukan erresuma hura. Baina haietarik bati zeure burua guztiz eman diezaiozun! Bertze gizonen bat izatea ordea ni bezain zoriontsua! Hori ez dut jasanen; ez uste jasanen dudanik. Edo hartzen nauzu berriz, edo hartzen duzu bederen bertzeren bat; eta ez traditu, gutizia baztertzaile batez, elkarri zin eginik diogun adiskidantza ezin hautsizkoa.

        Badut, dudarik gabe, amodioaz zer arranguraturik aski eta sobera. Dakusazunez, aintzat hartzen ditut zure ideiak, eta aitortzen neure okerrak. Alabaina, baldin desiratzen dena eduki gabe ezin bizitzea, baldin desira horri nork bere denbora, plazerrak, bizia eskaintzea amorostea bada, egiaz eta benaz naiz amoros. Bide horretan ez naiz sobera aitzinatu. Sujet horren karietara deus berririk ezin erran ere nizuke, arrunt gogoetagarria zaidan gertakari bat agitu ez balitz, ikarabide ala esperantzabide ote den oraino ez dakidana.

        Ezagutzen duzu nire sehia, azpijokoetan maisua, eta irri eragile zinezkoa: igerriko zenion nire manuz gelariaz behar zuela amorostu, eta morroiak behar zituela horditu. Listafin hori ni baino zoriontsuagoa da; erdietsi du dagoeneko. Berriki jakin duenez, Tourvel andreak bere morroi bati manatu omen dio har dezala nire jokabidearen berri, bai eta jarraik dakidala ere goizeko neure irtenaldietan, ahal lukeen bezainbat, nire oharkabean. Zer nahi du emakume horrek? Hala non emakume lañoetan lañoena ausartzen ere baita guhauri benturatzea zilegi ez litzaizkigukeen gauzak benturatzera! Zin dagizut ezen... Ordea, emakumezko jukutria horrez mendekatzeko xedea hartu aitzin, saia gaitezen hura geure fabore ekartzen. Susmagarriak zaizkion ibilera horiek ez zuten oraindaino batere xederik; behar zaie bat eman. Horrek nire arreta guztia merezi du, eta horretan gogoetatzeko uzten zaitut. Adio, adiskide ederra.

Betiere ...ko gaztelutik, 17**ko abuztuaren 15ean.

 

 

XVI. GUTUNA

CÉCILE VOLANGESEK SOPHIE CARNAYRI

 

        Ah! Sophie, hona anitz berri! Ausaz ez nizkizuke erran behar: baina norbaiti behar dizkiot kontatu; nik baino indar gehiago baitute. Danceny zaldun hori... Hain asaldaturik naiz non ezin baitut izkiriatu: ez dakit nondik hasi. Amaren etxean harekin eta Merteuil andrearekin iragan nuen afalondo eder hura kontatu nizunez geroztik, ez dizut gehiagotan aipatu: ez bainuen nehori mintzatu gogo; hala eta guztiz ere nik hura beti gogoan. Geroztik, arrunt tristetu zen, guztiz tristetu, hainbat ere tristetu, non ni ere atsekabetu bainintzen; eta nik zergatik galdegin, eta hark ezetz erraten zidan: nik ordea banekusan baietz. Azkenean, atzo ohi baino sobera tristetuago zen. Ez zuen haatik ohi duen bezala gogo onez nirekin kantatzeko eragozpenik izan; baina, behatzen zidan aldi guztietan, bihotza hunkitzen zidan. Kantuan bukatu ondoren, joan zen nire harpa zorroan gordetzera; eta, giltza ekarriz, erran zidan otoi arren berriz jo nezala arratsean ere, bakarrik nengokeen orduko. Ez nuen deusen susmorik; jotzeko gogorik ere ez nuen: baina arren eta arren eskatu baitzidan, baietz erran nion. Bazuen arrazoirik. Izan ere, gelaratu nintzelarik eta nire gelaria jalgi zen orduko, harparen bila joan nintzen. Harien artean gutun bat kausitu nuen, plegatua soil-soilik, eta zigilatu gabea, eta hark igorria. Ah! Hor mezutzen didan guztia bazeneki! Haren gutuna irakurri dudanez geroztik, hain zoriontsua naiz, non ezin baitut bertze ezertan pentsatu. Lau aldiz irakurri dut segidan, eta gero neure idazmahaian gorde. Buruz nekien; eta, oheratu naizenean, horrenbertze errepikatu dut non ezin lokar nintekeen. Begiak herstetik beretik, han ikusi nuen, Danceny bera irakurri berria nuen guztia ari zitzaidan erraten. Ez naiz gau berandua arte lokartu; eta iratzarri naizenetik bertatik (oraino oso goiz zen), joan naiz haren gutuna berriz hartzera neure gogara berrirakurtzeko. Ohera ekarri dut, eta gero musu eman diot nola balitz... Agian ez dago ongi gutun bat gisa horretan musukatzea, baina ezin begira nintekeen hori egitetik.

        Orain, adiskide maitea, biziki kontent izanagatik, biziki asaldaturik naiz orobat; zeren ez baitiot segurki gutun horri erantzun behar. Ontsa dakit ez dela halakorik egin behar, eta haatik Danceny galdezka ari zait; eta, ez badiot erantzuten, segur naiz nahigabetan jarraituko duela. Harentzat hain baita haatik etsipengarria! Zer kontseilatzen didazu? Baina zuk ez dakizu nik baino gehiago. Merteuil andreari mintzatzeko irrika bizian naiz, anitz maite bainau. Danceny kontsolatu nahi nuke; baina ezein okerrik ez nuke egin nahi. Maiz gomendatzen digute izan gaitezen bihotz onekoak! Eta debekatzen digute gero bihotzak iradoki diguna egitea, gizon batentzat denean! Hori ez da bidezkoa. Ez direa gizonak gure hurkoak nola baitira emakumeak, bai eta are gehiago ere? Zeren eta azken finean ez ote dugu aitarik zein amarik, anaiarik zein ahizparik? Eta horrez gainera senarrik. Halere, ontsa ez den zerbait egitera banoake, ausaz Danceny jaunak berak ez luke jadanik uste onik nitaz! O! Hori ez, konparazione, nahiago dut triste segi dezan. Eta bertzalde, azken finean, betiere garaiz nenbilke. Atzo izkiriatu baitu, ez nago gaur izkiriatzera beharturik: halaber arratsean ikusiko dut Merteuil andrea, eta baldin ausartzen banaiz, dena kontatuko diot. Baldin ez badut hark erranen didana baizik egiten, ez duket neure buruari zer liskarturik. Eta erranen dit bertzalde doi bat erantzun diezaiokedala agian, horren triste egon ez dadin! O! Hau nahigabe handia.

        Adio, adiskide maitea. Erraidazu betiere zer uste duzun.

...tik, 17**ko abuztuaren 19an.

 

 

XVII. GUTUNA

DANCENY ZALDUNAK CÉCILE VOLANGESI

 

        Zuri izkiriatzeko plazerrari edo erranen nuke premiari amore eman baino lehen, andrea, lehenik otoi arren entzun iezadazu. Badakit neure sentimenduak zuri deklaratzera ausartzeko, bihozberatasunaren beharretan naizela; baldin sentimenduok justifikatu baizik ez banitu nahi, alferrik nuke bihozberatasuna. Ororen buruan zer egin behar dut ez bada neure obra zuri erakutsi? Eta zer dut zuri errateko, nire behakoek, nire asaldurak, nire jokabideak bai eta nire isiltasunak berak ere nik baino lehen erran ez dizutenik? E! Zergatik haserretuko zinateke zuk sorrarazi duzun sentimendu batez? Zugandik nola baita jalgia, dudarik gabe da zuri eskainia izateko duina; baldin kiskalgarria bada nola baita nire arima, garbia da nola den zurea. Makurkeria ote zure begitarte xarmangarria, zure dohain liluratzaileak, zure grazia xarmangarriak eta horren nolakotasun preziatuei neurtu ezin ahalako balioa emendatzen dien xalotasun hunkigarri hori ederresten jakin izana? Ez, dudarik gabe: baina, izan ahal da maluros, izan gabe errudun; eta horra zain daukadan asturua, baldin nire goresmenezko eskaintza errefusatzen baduzu. Nire bihotzak eskaini duen lehena da. Zugatik ez balitz, oraino nintzateke, ez alegera, bai ordea lasai. Ikusi zaitut; soseguak ihes egin du nigandik urrun, eta dudazkoa dut zoriona. Nire tristurak harriturik zauzka haatik; haren zergatikoaz galdegiten didazu: batzuetan ere dolutzen zintuela ikusi uste izan dut. Ah! Erran ele bat, eta nire zoriona zuk sortua dukezu. Baina, elerik erran baino lehen, gogoan har ezazu ele batek halaber mukuru dezakeela nire malura. Izan zaitez bada nire asturuaren erabakitzaile. Zugatik izanen naiz betiko uros edo maluros. Esku maiteagoetan jar nezake interes handiagorik?

        Hasi naizen bezala bukatuko dut, zure bihozberatasunari otoiztuz. Entzuteko eskatu dizut; areago ausartuko naiz, otoi arren erantzun iezadazu. Uko egitea, litzateke laidotua zarela niri aditzera ematea, eta neure bihotzaren bermeaz diotsut nire errespetua nire amodioaren heinekoa dela.

        P.S.— Balia zaitezke, niri erantzuteko, gutun hau zugana helarazteko baliatu naizen bide berberaz; segura eta orobat erosoa iruditzen baitzait.

...tik, 17**ko abuztuaren 18an.

 

 

XVIII. GUTUNA

CÉCILE VOLANGESEK SOPHIE CARNAYRI

 

        Zer! Sophie, aldez aurretik gaitzesten didazu egiteko asmotan naizena! Banuen haatik aski kezka; horra non areagotzen dizkidazun. Argi dago, diozu, ez dudala erantzun behar. Arras zeure gogara mintzo zara; eta bertzenaz, ez dakizu zehatz-mehatz auzia zertan den: ez baitzaude hemen ikusteko. Segur naiz nire lekuan bazina, nik bezala jokatuko zenukeela. Hain segur, oro har, ez da zilegi erantzutea; eta atzo izkiriatu nizun gutunean ontsa ikusi duzu nik ere ez niola erantzun nahi: ez dut uste ordea nehor kausitu izan denik nehoiz ni nagoen egoeran.

        Eta hala ere bakar-bakarrik erabaki behar! Merteuil andrea, nahiz atzo arratsean ikustea igurikitzen nuen, ez zen jin. Oro nire kontra biltzen da: hura baita nik Danceny ezagutu izanaren kausa. Ia beti harekin ikusi dut, harekin mintzatu natzaio. Ez diot gaitzik opa: baina bakarrik uzten nau durduzaldiaren unean berean. O! Nire errukarria!

        Egizu kontu Danceny ohi bezala jin zela atzo. Nire asaldua hain zen handia non hari behatzera ere ez bainintzen ausartzen. Ezin zitzaidan mintzatu, ama han baitzen. Banuen susmo beltzurituko ote zen, izkiriatu ez niola ikusirik. Ez nekien nola jokatu. Geroxeago galdegin zidan ea nire harparen bila joan zedin nahi nuen. Bihotza hain bortizki ari zitzaidan taupadaka, non hari baietza eman, ezin izan bainuen bertzerik egin. Itzuli zelarik, are okerragoa zen. Ez nion une batez baizik so egin. Hark ez zidan behatzen; baina halakoa zuen itxura non eri zela erran zitekeen. Horrek atsekabe handia ematen zidan. Ekin zion nire harpa akordatzeari, eta gero, ekarri zidan, eta erran zidan: «Ah! Andereño!...» Ez zizkidan ele bi horiek baizik erran; baina erran zizkidan zeharo irauli ninduen doinu batez. Harpaz preludioak jotzen ari nintzen, zertan ari nintzen jakin gabe. Amak galdegin zuen ea ez ote genuen kantatuko. Danceny desenkusatu zen, alditxartuxe zela erranez; eta nik, ez bainuen estakururik, kantatu behar izan nuen. Nahikatu nuen sekula ez izatea bozik! Espreski hautatu nuen ezagutzen ez nuen ahaire bat; zeren segur bainekien ezeinik ezinen nukeela kantatu, eta zerbaiti ohartuko litzaizkiokeela. Zorionez, ikusliar bat jin zitzaigun; eta, zaldi orga bat sartzen ari zela entzutetik beretik, baratu nintzen, eta Dancenyri eskatu nion otoi harpa berriz eraman zezala. Beldur nintzen hura ere ez ote zen aldi berean joanen; itzuli zen ordea.

        Ama eta ikustera etorri zitzaion andre hura elkarrekin solasean ari ziren bitartean, Dancenyri nahi izan nion une batez oraino behatu. Haren begiak kausitu nituen, eta neureak ezin gibela nitzakeen. Geroxeago malkoak zerizkiola ikusi nuen, eta nehork ikus ez zezan behar izan zuen jiratu. Bet-betan, ezin izan nion eutsi; nik ere negar egin behar nuela sentitu nuen. Jalgi nintzen, eta izkiriatu nuen berehala arkatz batez paper puska baten gainean: «Ez zaitez bada horrenbertze atsekabetu, otoi; hitz ematen dizut erantzunen dizudala.» Hain segur, ez dezakezu erran makurrik badenik horretan; eta bertzalde ni baino bortitzagoa zen. Neure papera harparen hari artean ezarri nuen, haren gutuna ezarria zen gisara, eta egongelara itzuli nintzen. Askoz lasaiago nintzen. Arras berantesten nuen andre hura joan zedin. Zorionez, ikustaldian zen; berehala joan zen. Hura jalgi bezain sarri, harpa berriz jo nahi nuela erran nuen, eta bila joateko eskatu nion Dancenyri. Ontsa ikusi nuen, haren itxuragatik, ez zuela deusen susmorik. Itzuli zelarik ordea, o! Hura bozkarioa! Harpa niri buruz ezarriz, amak ezin ikus zezakeen eran jarri zen, eta eskua hartu zidan eta tinkatu zuen... nola tinkatu ere!... Instant bat baizik ez zen izan: baina ezin jakinen nizuke erraten zer nolako plazerra eragin zidan. Eskua gibelatu nuen haatik; hala ez diot neure buruari zer liskarturik.

        Orain, adiskide maitea, ikusten duzu ezin naizela hari izkiriatzetik begiratu, zeren hitz eman baitiot; eta bertzalde, ez diot berriz atsekaberik sortuko; zeren hark baino gehiago sofritzen baitut. Baldin hori gaizki egina balego, zaude ziur ez nukeela eginen. Izkiriatzea gaizki egon liteke ordea, batez ere nehor triste egotea eragotzi nahi izanik? Durduzaturik nauka gutun hori ontsa izkiriatzen ez jakiteak: ohartuko da, ordea, ez dela nire hutsa; eta bertzalde segur naiz nirea izateagatik beretik, laketuko zaiola betiere.

        Adio, adiskide maitea. Oker ari naizela iruditzen bazaizu, erraidazu; baina ez dut uste. Dancenyri izkiriatzeko unea hurbiltzen ari den heinean, bihotza taupadaka ari zait ezin sinetsizko eran. Haatik behar dut egin, zeren hitz eman baitiot. Adio.

...tik, 17**ko abuztuaren 20an.

 

 

XIX. GUTUNA

CÉCILE VOLANGESEK DANCENY ZALDUNARI

 

        Hain zinen tristerik, atzo, jauna, eta ni horrenbertze atsekabetzen ninduen horrek, non makurtu bainaiz izkiriatu zenidan gutunari erantzunen niola zuri hitz ematera. Egungo egunean orobat uste dut ez dizudala erantzun behar: haatik, nola hitz eman baitizut, ez dut hitza jan nahi, eta horrek behar dizu frogatu zuri dizudan adiskidantza handia. Orain badakizunez, igurikitzen dut ez didazula hartzara zuri berriz izkiriatzea galdeginen. Igurikitzen dut halaber nehori ez diozula erranen izkiriatu dizudanik; zeren gaitzetsiko bainindukete segurki, eta horrek xangrina handia sor bailiezadake. Igurikitzen dut oroz gainetik zuhaurk izan ez dezazun nitaz uste makurrik, zeren horrek bertze edozerk baino gehiago atsekabetuko baininduke. Segur erran diezazuket ezen ez niokeela halako begirunerik agertuko zu ez bertze nehori. Estimu handitan nuke orain zauden bezala gehiago tristeturik ez egoteko begirunea zuk halaber agertuko bazenit; zeren bertzela zu ikusteak ematen didan plazer guztiaz gabetuko bainauzu. Ikusten duzu, jauna, zinez eta egiaz mintzo natzaizula. Ez dut gehiagorik galdatzen, non ez den gure adiskidantzak iraun dezan sekula betiko; ordea, arren otoi, ez gehiago izkiria.

        Ohorez bainaiz,

CÉCILE VOLANGES

...tik, 17**ko abuztuaren 20an.

 

 

XX. GUTUNA

MERTEUILEKO MARKESAK VALMONTEKO BIZKONDEARI

 

        Ah! Zital horrek, balakatzen nauzu, zutaz trufa eginen ote dudan beldur! Hots, ontarte hori eginen dizut: horrenbertze erokeria izkiriatzen dizkidazu, non lehendakariaren emazte horrek murgildua zauzkan zintzotasuna behar baitizut barkatu. Ez dut uste nire zalduna ni bezain bihozbera litzatekeenik; gizon horrek ez luke gure hitzarmena luzatzea onetsiko, eta ez luke deus plazerrik kausituko zure asmo eroan. Nik haatik gogotik egin dut irri, eta biziki haserrarazi nau bakar-bakarrik irri egin beharrak. Zu hemen izan bazina, ez dakit alaitasun horrek nora eramanen ninduen: gogoetatzeko astia izan dut ordea eta zorrotz jokatu dut. Ez uste nire ukoa sekulako denik; gerorako uzten dut ordea, eta arrazoi dut. Harrokeriaz ariko nintzateke agian, eta, behin jokoaren kilikak hartuz gero, ez da jakiten ahal non bara. Berriz izanen naiz estekatuko zaituen emakumea, lehendakariaren emazte hori ahanztera behartuko zaituena; eta nik, doilor honek, bertutetik gibelaraziko bazintuzket, zer eskandalua! Peril horretarik begira zaitezen, horra nire baldintzak.

        Zeure debot eder hori eduki dezazun orduko, froga bat ekar ahal diezadakezun orduko, zatoz, eta zurea izanen naiz. Ordea jakin badakizu ezen, garrantzizko egitekoetan, frogak idatziz baizik ez direla hartzen. Abeniko horrez, batetik, sari bilakatuko naiz kontsolamendu izan ordez; eta ideia hori are laketago zait: bertzetik, zure erdiesteak zirrara handiagoa duke, desleialtasunari emanen baitio bide. Zatoz bada, zatoz ahalik lasterrena zure garaikundearen froga niri ekartzera: beren garaipenaren fruitu distirantak beren damaren oinetan ezartzera zetozen gure zaldun bihoztoien gisara. Serioski, jakinminak nago ahalketi batek zer izkiria dezakeen horrelako une baten ondoren, eta zer oihal ezartzen duen bere hitzen gainean, bere gorputza oihalez biluzia utzi ondoren. Zuk beharko duzu ikusi prezio garestiegia jartzen ote diodan neure buruari; baina aldez aurretik gaztigatzen dizut ez dudala deus ere beheitituko. Ordu arte, bizkonde maitea, on iritziko diozu neure zaldunari fidel jarrai nakion, eta liberti nadin hura zoriontsu egiten, nahiz horrek nahigabe doi bat eragin zuri.

        Ez banintz haatik hain ohitura oneko emakumea, uste dut nire zaldun horrek balukeela, une honetan, aurkari arriskutsu bat; Volanges ttipiaz ari naiz. Haur horrek bihotza galdurik nauka: zinez grina handi bat da. Tronpatzen ez banaiz, haur hori arras gailenduko da modan dauden gure emakumeen artean. Haren bihotz ttipia bilakaeran dakusat, eta ikuskizun hori zoragarria da. Bortizki maite du jadanik bere Danceny; baina oraino ez daki deus horretaz. Mutilak ere, nahiz neska biziki maite duen, bere adinekoen herabetasuna du oraino, eta ez da sobera ausartzen neskari deus erratera. Bi-biak maitasunez zoraturik dauzkat niri buruz. Neska ttipiak batez ere gogo bizia du bere sekretua niri errateko; baditu bereziki egun batzuk zinez estutua ikusten dudala eta zerbitzu handia eginen niokeen doi bat lagundu izan banio: baina ez dut ahanzten haur bat dela, eta ez dut arriskatu nahi. Danceny zertxobait argiago mintzatu zait; baina, harez den bezanbatean, egina dut hautua, ez diot aditu nahi. Neska ttipi horrez den bezanbatean, neure ikasletzat hartzeko tentatua naiz sarri; Gercourti zerbitzu hori egiteko irrikan nago. Nahikoa asti utzi dit, urria arte Korsikan izanen baita. Hartua dut asti horrez baliatzeko xedea, bai orobat, egoiliar laño horren ordez, emakume guztiz gertutu bat hari ematekoa. Zer segurantza mutiria du bada gizon horrek, ausartzen baita lasai lo egitera, badelarik emakume bat oraino mendekatzeke, harez zer arranguraturik badukeena. Hara, neska ttipi hori une honetan hemen balego, ez dakit zer ez niokeen erranen.

        Adio, bizkonde; gabon eta garaikunde on: baina, Jainkoarren, aitzina zaitez bada. Egizu kontu ezen emakume hori edukitzen ez baduzu, bertzeak lotsatuko direla zu eduki izanaz.

...tik, 17**ko abuztuaren 20an.

 

 

XXI. GUTUNA

VALMONTEKO BIZKONDEAK MERTEUILEKO MARKESARI

 

        Azkenean, adiskide ederra, urrats bat aitzina egin dut, urrats bat zinez handia, zeinak jomugaraino eraman ez banau ere, jakinarazi baitit bederen bide onean naizela, eta aienatu baitit berebat desbideratzeko nuen beldurra. Neure maitasuna aitortu dut azkenik; eta nahiz emakume horrek denik eta isiltasun setatsuena gorde duen, erdietsi dut harengandik erantzunik agian nahasmen gutxiena duena eta balakariena berebat: baina ez gakizkien gertakariei aitzindu, eta itzul gaitezen hasierara.

        Oroituko zara nire ibiliak barrandatuak zirela. Hots bada! Nahikatu dut eskandaluzko bide hori guztien onbiderako izan zedin, eta horra zer egin dudan. Manatu diot neure isilmandatariari bila ziezadan, inguruotan, laguntza behar zezakeen dohakaberen bat. Mandatu hori ez zen zaila betetzeko. Atzo arratsaldean, isilmandatari horrek jakinarazi zidan ezen gaur goizean zerga ezin ordain zezakeen familia oso baten altzariak bahitu behar zituztela. Segurtatu nintzen etxe horretan ez zedin izan adinagatik edo gorpuzkeragatik nire ekintza susmagarria bihur zezakeen ezein neskatila edo emakumerik; eta, argibide guztiak izan nituenean, afalorduan erran nuen biharamunean ehizara joateko asmoa nuela. Izan nadin hemen zuzen eta bidezko lehendakariaren emaztearekin: dudarik gabe bazuen hark bihotz zimikorik eman zituen manuengatik; eta, ez baitzuen bere jakinmina garaitzeko indarrik, izan zuen bederen nire nahiari kontra egiteko aski indar. Bero gehiegi eginen omen zuen; eri gertatzeko arriskutan nengokeen; ez nuen deus hilko eta alferretan nintzen akituko; eta, solas hori bitartean, haren begiek, ausaz hark nahi baino hobeki mintzo baitziren, aski adierazten zidaten nahi zuela arrazoi makur horiek nik ontzat har nitzan. Ez nuen men egiteko ezein asmorik, igerriko zenionez, eta gisa berean aihertu nintzaion ehizaren eta ehiztarien kontrako marmarraldi ttipi bati, eta, begitarte zerutiar hura, afalondo osoan, ilundu zuen beltzuri laino ttipi bati. Beldur izan nintzen une batez bere manuak ez ote zituen atzera botako, eta haren adeitasunak ez ote zidan kalte eginen. Ez nuen kalkulatzen emakume baten jakinmina; hein hartaraino nintzen tronpatua. Neure sehiak gau hartan berean lasaitu ninduen, eta gogobete oheratu nintzen.

        Goizean goizik iratzarri naiz eta abiatu. Gaztelutik berrogeita hamar bat urratsera, neure barrendari hura atzeman dut niri jarraika. Hasi naiz ehizan eta landan barrena abiatu naiz heldu nahi nuen herrira buruz; ez harturik bidean bertze plazerrik jarraika ari zitzaidan arlote hari korrika ibilaraztea izan ezik, eta nola ez baitzen bidetik saihestera ausartzen, maiz egiten zuen, lasterka bizian, nik baino hiru bider tarte luzeagoa. Hura neurtzearen bortxaz, nihaur ere arras berotu naiz, eta zuhaitz baten azpian eseri naiz. Lotsagabe hori ez zait bada nigandik hogei urratsera ere ez zegoen sastraka baten gibelean gerizatu, eta han eseri hura ere? Hari fusilaz tiro egiteko tentatua izan naiz une batez, halatan, perdigoi hutsez kargatua baitzen, aski jabetuko baitzen jakinminak dakartzan arriskuez: beharrik harentzat, gogoratu zait baliagarria ez ezik, beharrezkoa ere banuela neure asmoetarako; gogoeta horrek salbatu du.

        Bitartean herrira heldu naiz; abarrotsa dakusat; aitzinatu naiz: egin dut galde; gertatu dena kontatu didate. Zergabiltzailea etorrarazi dut; eta, nire gupida eskuzabalari amore emanik, berrogeita hamasei libera ditut prestuki ordaindu, diru kopuru hori zela kausa amilduak baitziren bortz presuna hondamendira eta etsipenera. Egintza hain xume horren ondoren, ez dezakezu pentsa ikusliarrek zer nolako bedeinkazio hotsak atera dituzten nire inguruan! Zer nolako eskertza malkoak isurtzen ziren familia hartako aitzindari zaharraren begietarik, eta nola edertzen zioten aitalehen aurpegi hura, etsipenaren zantzu krudelak instant bat lehenago arras higuingarri bihurtua. Ikuskizun hari miraz so nengoen, eta horra non bertze laborari gazteago batek, emakume bat eta bi haur eskutik heldurik zekartzala, urrats bizkorrez nigana hurbildurik, erran dien: «Eror gaitezen guztiok Jainkoaren irudi honen oinetara»; eta une horretan berean, familia hori nire inguruan bildua zen, ahuspez nire belaunetan. Neure ahulezia dut aitortuko; begiak malkoz zaizkit busti, eta sentitu dut neure baitan bultzada bat, gogoz bertzerakoa, baina zoragarria. Harriturik nintzen ongia egiteak ematen duen plazerraz; eta badut susmoa guk jende bertutetsutzat dauzkagun horiek ez ote duten bere buruaren atseginez erran ohi diguten bezainbat merezimendurik. Nolanahi ere den, bidezkoa iruditu zait jende errukarri haiei eman berri zidaten plazerra ordaintzea. Hamar luis neramatzan aldean; eman egin dizkiet. Horra non eskertzak berriz hasi diren, baina ez ziren jadanik arestian bezain bihotz-erdiragarriak: premiak ondorio benetakoa sortu zuen, ondorio handia; gainerakoa ez zen esker oneko eta harridurazko adierazpen soil bat baizik, balio urriko dohainen truk.

        Bizkitartean, familia horren bedeinkazio eleketarien erdian, iduri nuen ez gutxi drama bateko heroi bat, bururatze agerraldian. Sumatuko zenuen jende saldo horren artean nire barrendari leial hura zegoela. Nire xedea betea zen: han utzi ditut guztiak oro, eta gaztelura itzuli naiz. Oro kalkulaturik, bozkarioak egiten ditut neure asmakizunaz. Emakume horrek merezi du dudarik gabe ni horrenbertze arduratzea; ardura horiek dirateke egunen batean hari erakutsiko dizkiodan agiriak; eta, aldez aurretik ordaindu baitiot, nolabait, baduket harez neure gogara baliatzeko eskubidea, neure buruari batere erantzukirik egin behar izan gabe.

        Ahantzi zait erratea ezen, oroz baliatzeko, eskatu diedala jende on horiei egin diezaioten Jainkoari otoitz nire xedeen alde. Ikusiko duzu ea haien otoitzak aldez bederen jadanik adituak izan ote diren... Erraten didate ordea afaria prest dela, eta beranduegi litzateke gutun hau bidaltzeko, baldin gutuna hertsi eta afaltzera joanen ez banintz. Beraz, gainerakoa hurrengoan postaz. Samurturik naiz, gainerakoa baita hoberena. Adio, adiskide ederra. Ebasten didazu une batez hura ikusteko plazerra.

...tik, 17**ko abuztuaren 20an

 

 

XXII. GUTUNA

TOURVEL LEHENDAKARIAREN EMAZTEAK
VOLANGES ANDREARI

 

        Dudarik gabe on idurituko zaizu, andrea, Valmont jaunaren ezaugarri bat ezagutzea, alde handia baitu, nire ustez, zuri irudikatu dizkizuten horiekin. Hain baita dolugarria nornahi begitan hartzea, hain gogaikarria bizioak baizik ez kausitzea bertutea maitarazteko behar diren dohain guztiak dauzkaketenen baitan! Ororen buruan zuri horren laket zaizu bihozberatasunez aritzea, non iritzi zorrotzegi bat aldatzeko arrazoiak zuri emanik plazer handia har baitezakezu. Valmont jaunak ontarte hori, erranen ere nuke kasik bidezkotasun hori, igurikatzeko eskubidea badukeela iruditzen zait; eta horra zergatik dudan hori uste.

        Egina du, gaur goizean, inguruotan asmo gaiztoren bat baduela pentsatzeko bidea eman zezakeen horietako txango bat, hala nola zuri bururatu baitzitzaizun; eta burutazio hori damu dut halaber azkarregi neurenagatu izana. Beharrik harentzat, eta batez ere beharrik guretzat, zeren bidegabeak izatetik salbatzen baikaitu, nire sehi batek haren bide beretik joan behar zuen; eta era horretan ase dut neure jakinmin gaitzesgarria, baina zorionekoa. Sehi horrek mezutu digunez, Valmont jaunak kausiturik ...ko herrian asturugaitzeko familia bat, zergak ezin ordaindu ahal izateagatik altzariak saldu behar zizkiotena, ez soilik lehiatu da dohakabe jende horien zorra kitatzera, orobat eman die munta handiko diru kopuru bat. Nire zerbitzaria egintza bertutetsu horren lekuko izan da; eta mezutu dit orobat nola herritarrek, haien artean eta nire sehiarekin solasean, erran zioten sehi batek, zeina izendatu baitute, eta nire sehiak uste baitu Valmont jaunarena zela, argibideak eskatu zituela atzo laguntzarik behar zezaketen herri hartako biztanleez. Baldin hori horrela bada, ez da soilik erruki iragankor bat, egokierak baldintzatua: da ongia egiteko asmo gogoetatua; da onginahiaren karra; da arimarik ederrenaren bertuterik ederrena: baina, izan asturu edo izan asmo finko, betiere da egintza onest eta laudagarri bat, aditzetik beretik malkoak isurtzeraino hunkitu nauena. Erranen dut orobat, eta betiere bidezkotasunez, ezen egintza hartaz mintzatu natzaiolarik, hark ez baitu aipatu ere egin, egintza hura ukatzetik hasi dela, eta azkenik aitortu duelarik iduri zuen hain balio gutxi ematen ziola, non haren apaltasunak merezimendua bikoizten baitzion.

        Orain, erraidazu, adiskide agurgarria, Valmont jauna ezin zentzatuzko libertin bat ote da? Baldin hala bada eta horrela jokatzen badu, jende prestuei zer geldituko zaie? Zer! Gaiztoek zintzoekin banatuko lukete ongia egiteak dakarren plazer sakratua? Jainkoak utziko luke familia bertutetsu batek gaiztagin baten eskutik har zitzan Jainkoaren beraren probidentziari eskertuko lizkiokeen laguntzak? Eta atseginez entzunen lituzke aho garbiek gizon makur bat bedeinkazioz betetzen? Ez. Nahiago dut sinetsi ezen hutsegiteak izanagatik luzeak ez direla eternalak; eta ez dezaket pentsa ongia egiten duena bertutearen etsai denik. Valmont jauna ez da agian harremanen arriskuaren bertze etsenplu bat baizik. Laket zaidan ideia horretan baratzen naiz. Baldin, batetik, balio baleza Valmont jauna zure gogoan justifikatzeko, hainbat baliosagoa egiten du, bertzetik, zuri sekula betiko atxikia naukan adiskidantza amoltsua.

        Ohorez bainaiz, etab.

        P.S.— Orain berean Rosemonde andrea eta biok familia zintzo eta dohakabe hori ikustera goaz, eta gure laguntza berantiarra Valmont jaunarenari eranstera. Jende on horiei emanen diegu bederen beren ongilea berriz ikusteko plazerra: hori baita, nire iduriko, Valmont jaunak utzi digun egiteko guztia.

...tik, 17**ko abuztuaren 20an.

 

 

XXIII. GUTUNA

VALMONTEKO BIZKONDEAK MERTEUILEKO MARKESARI

 

        Gaztelura heldu nintzenean geldituak ginen: berriz ekinen diot kontakizunari.

        Garbiketa labur bat egiteko astia hartu baizik ez, eta egongelara joan nintzen, non nire eder hura tapiz bat egiten ari zen, hango apaizak nire izeba xaharrari kazeta irakurtzen zion bitartean. Ehundegiaren ondora joan nintzen esertzera. Behakoek, ohi baino eztiagoak baitziren, eta kasik ferekuzkoak, berehala asmarazi zidaten sehiak kontu emana zuela jadanik bere eginkizunaz. Alabaina, nire emakume atsegin eta zelatari hark ezin izan zuen gehiagoz gorde ebatsia zidan sekretua; eta, artzain agurgarri baten hitz-jario haatik prediku bat zirudiena eteteko beldurrik gabe: «Badut nik ere berririk kontatzeko», erran zuen; eta berehala nire abentura kontatu zuen, kontalari zuhur hari zegokion zehaztasunaz. Pentsa dezakezu neure apaltasun guztia baliatu nuela: baina nork geldiaraz lezake bere maitearen laudorioa, ezbairik ere gabe, egiten ari den emakumea? Egiten uzteko xedea hartu nuen beraz. Erran zitekeen santu baten goresmena ari zela egiten. Bitartean, so nengoen, ez esperantzarik gabe, haren behako biziek, haren egonkera libroago bihurtuak, eta oroz gain ahots doinu hark, dardarizo jadanik sumagarriaz haren arimaren zirrara salatzen baitzuen, amodioari eskaintzen zioten guztiari. Solasa bukatu zuen orduko: «Zatoz, iloba», erran zidan Rosemonde andreak; «zatoz, besarka zaitzadan.» Berehala ohartu nintzen predikari eder hura ezin begiratuko zela orobat besarkatua izatetik. Ihes egin nahi izan zuen hala ere; laster zen ordea nire besoetan; eta, aihertzeko indarra izatetik urrun, doi-doia gelditzen zitzaion zutik egoteko bezainbat indar. Zenbatenaz emakume horri so egon, hanbatenaz dut hura desiratzenago. Bizkor itzuli zen bere egitekora, eta, tapizari berriz ekina zelako itxura zuen mundu guztiarentzat; ni ohartu nintzen ordea bere esku dardaratiak ez ziola lanean jarraitzen uzten.

        Bazkalondoan, emakumeek joan nahi izan zuten nik hain debozio handiz artatu nituen dohakabe haiek ikustera; ni eraman ninduten lagun. Esker on eta laudoriozko bigarren gertaldi horren asperretik begiratuko zaitut. Nire bihotzak, oroitzapen zoragarri batek hertsatua, berantetsia du gaztelura heltzeko unea. Bidean, lehendakariaren emazte eder hark, ametsari ohi baino emanago, ez zuen deusik erran. Egun hartako gertakariak eragin zuen ondorioa neure alde baliatzeko bideak aurkitu nahiak osoki hartua nindukanez, ni ere isilik nengoen. Soilik Rosemonde andrea ari zen hizketan eta ez zuen gugandik erantzun bakan eta laburrik baizik hartzen. Asperturik behar zuen gurekin: hori zen nire asmoa, eta betea zen. Beraz, zalgurditik jaitsirik, bere gelara joan zen, eta nire eder hura eta biok buruz buru utzi gintuen, gela argiz eskastu batean; ilunbe eztia, amodio herabearen bihotz-berotzailea.

        Ez nuen solasa nik nahi nuen xedera bideratu beharrik izan. Predikari amoltsu haren karra neure trebezia baino hobeki baliatu zitzaidan. «Ongia egiteko guztiz ere nor izaki», erran zidan, haren behako eztia nigan pausaturik: «zergatik gaizkiari emana bizi?» «Ez dut merezi», erantzun nion, «ez laudorio hori, ezta gaitzespen hori ere; eta ez dezaket uler nola, adimenez hain ernea zarenez, ez nauzun oraino igerri. Zuri fidaturik kaltetua gerta banendi ere, nire fidantzia sobera merezi duzu, ezin beraz uka diezazuket. Nire jokabidearen gakoa izaera ondikotz errazegi batean kausituko duzu. Ohitura gaiztoko jendeak nituen inguruan, eta haien bizioak imitatu nituen; lehiatu nintzen hantustez agian jende haiek gainditzera. Bertuteen etsenpluak gisa berean hemen bainau liluratu, entseiatu naiz bederen zuri jarraitzera, zure parera heltzea iguriki gabe. E! Gaur laudatzen didazun egintzak ausaz bere balio guztia galduko luke zuretzat, baldin egintza horren benetako arrazoia jakin bazeneza! (Ikusten duzu, adiskide eder horrek, egiatik zenbatez ere nintzen hurbil.) Neure laguntza», erran nuen gero, «ez didate dohakabe horiek niri zor. Zuk egintza laudagarri bat ikusi uste duzun lekuan, nik ez nuen laket izateko bide bat baizik bilatzen. Ez nintzen, hala behar baita erran, goresten dudan Jainkoaren eskumakil ahula baizik. (Orduan solasa eten nahi izan zidan; baina ez nion astirik utzi.) Une honetan berean», gaineratu nuen, «neure sekretua ez zait ahuleziagatik baizik itzurtzen. Isilean gordeko nizula hitz emana nion neure buruari; bozkariotan nintzen egin izanaz, nola zure bertuteari, hala zure xarmari, eskaintza garbi bat zuk nehoiz ezagutuko ez zenuena; baina, ez bainaiz engainatzeko gauza, begien aitzinean dudalarik xalotasunaren etsenplua, neure buruari ez diot erantzukirik jadanik eginen zurekin ezkutukerian ibiltzeagatik. Ez uste esperantza gaizto batez iraintzen zaitudanik. Maluros izanen naiz, badakit; baina neure sofrimenduak maiteko ditut; neure amodioaren soberania frogatuko didate; neure atsekabeak zure oinetan, zure altzoan, ditut ezarriko. Handik ditut aterako berriz sofritzeko indarrak; han dut kausituko ontasun errukarria, eta kontsolaturik naizela usteko dut, zeren deitoratuko bainazu. O, nire maite horrek! Adi nazazu, deitora nazazu, eman zeure laguntza!» Bizkitartean belauniko nintzen haren aurrean, eta haren eskuak neureetan tinkatzen nituen: hark ordea, eskuak bet-betan gibelatuz, eta etsipenaren itxuran begien aurrean eskuak gurutzatuz, oihukatu zuen: «Ah! Nire dohakabea!»; gero malkotan lehertu zen. Beharrik, neure baitatik hain nintzen bertzeratua, non ni ere negarrez ari bainintzen; eta, haren eskuak berriz atxikirik, malkoz bustitzen nituen. Izari hori behar-beharrezkoa zen; zeren Tourvel andrea hain zen bere oinazeari emana, non ez baitzen nireaz ohartuko, baldin ez banu hari gaztigatzeko bide hura aurkitu. Horrez gainera, neure gogara aztertzen ahal nuen halatan begitarte xarmant hura, malkoen lilura ahaltsuaz are ederragotua. Burua berotzen ari zitzaidan, eta neure buruaren nagusigoa hain nuen galdua, non une hura baliatzeko tentatua izan bainintzen.

        Zein da bada gure ahulkeria? Zein da zernolakoen nagusigoa, baldin nihaur, neure asmoak ahantzirik, arriskatu banaiz, garaipen goiztiar bat erdieste aldera, gudaldi luzeen xarma eta hondamen deitoragarri baten zertzeladak galtzera; baldin, mutil gazte baten desiraz liluratua, bururatu bazait Tourvel andrearen garailea arriskuan jartzea eta bertze emakume bat gehiago eduki izanaren abantaila geza bertzerik ez erdiarastea, bere lanen emaitza gisa! Ah! Errenda dadi, baina borroka dadi; garaitzeko indarrik ezean, izan beza aihertzeko indarra; bere gogara goza beza bere ahulkeriaren sentipena, eta izan bedi bere hondamena aitortzera behartua. Utz dezagun ezkutuko basa ehiztaria ustekabean harrapatu duen oreina hiltzen; benetako ehiztariak ordea oreina heriotzera behar du erakarri. Asmo hori ezinago gorena da, ez dea hala? Baina orain asmo horri ez jarraitu izanaz damurik egon nintekeen agian, zoria gertatu ez balitz nire zuhurtziaren laguntzaile.

        Zarata entzun genuen. Egongelatik zetorren. Tourvel andrea, izuturik, itsumustuan altxa zen, hartu zuen suziri bat, eta irten zen. Joaten utzi behar izan nion. Zerbitzari bat baizik ez zen. Bertzerik ez zela ziurtatu nuen orduko, Tourvel andrearen atzetik joan nintzen. Ez nituen urrats batzuk baizik egin, eta horra non, dela nitaz ohartua zelako, dela halako izu sentimendu lauso bat izan zuelako, entzun nion nola ibilera azkartu, eta bere gelan sartu baino gehiago barnera oldartu eta atea hersten zuen. Hara joan nintzen; baina giltza barnetik jarria zuen. Ondo begiratu nintzen atea jotzetik; sobera erraz ihardukitzeko parada ematea zatekeen eta. Beharrik ideia sinple bat bururatu zitzaidan: sarraila zulotik behatzen saiatzea; eta han ikusi nuen emakume maitagarri hura belauniko, malkoz bustia, eta kartsuki otoitzean. Zein Jainkori deitzera ausartu zen? Amodioaren aurka badea aski Jainko ahaltsurik? Alferretan ari da orain arrotz laguntza eske: haren asturua nihaurk dut erabakiko.

        Egun baterako aski eta sobera egina nuela iritzirik, gelaratu nintzen ni ere eta zuri izkiriatzen hasi. Igurikitzen nuen emakume hura afalorduan berriz ikustea; baina ondoezik zela eta oheratua zela erranarazi zuen. Rosemonde andreak haren gelara nahi izan zuen igan, baina eri maltzur hark jarri zuen nehor ikustea galarazten zion buruko min baten estakurua. Pentsa dezakezunez, afalondoko bilkura laburra izan zen, eta ni ere buruko minez nintzen orobat. Neure gelara erretiraturik, gutun luze bat izkiriatu nuen zorroztasun hura deitoratuz, eta oheratu nintzen, gutuna gaur goizean igortzeko asmoz. Gaizki lo egin dut, gutun honen data ikusiz igerriko zenionez. Iratzarri naiz, eta berrirakurri dut karta. Ohartu natzaio ez naizela aski neurritsua izan, suharra gehiago nerakusala amodioa baino, eta haserrea gehiago tristura baino. Berridatzi beharko dut; baina lasaiago behar nuke egon.

        Argi azkorria sumatzen dut, berarekin dakarren freskurak lokarraraziko ahal nau! Ohera noa berriz; eta, zein ere den emakume horren nagusigoa, hitz ematen dizut ez naizela harez hainbertze arduratuko, non ez baitzaidan zugan asko pentsatzeko astirik geldituko. Adio, adiskide ederra.

...tik, 17**ko abuztuaren 21ean, goizaldeko 4 orenetan.

 

 

XXIV. GUTUNA

VALMONTEKO BIZKONDEAK
TOURVEL LEHENDAKARIAREN EMAZTEARI

 

        Ah! Erruki, andrea, jabal ezazu, otoi, nire arimaren asaldura; erraidazu, otoi, zer behar dudan iguriki edo zerk behar nauen izutu. Bozkariozko soberaniaren eta zorigaitzezkoaren artean, zalantza oinaze krudela da. Zergatik mintzatu natzaizu? Ezin aurre egin niezaiokeen neure pentsamenduak zure helmenean utzarazten zizkidan halabeharrezko lilurari? Zu isilean biziki maitatzeari askietsirik, neure amodioaz gozatzen nuen bederen; eta sentimendu garbi hori, zure oinazearen irudiak oraino asaldatu gabea, aski zitzaion nire zorionari: bozkario iturri hori etsipen iturri bilakatu da ordea, malkoak isurtzen ikusi zaitudanez geroztik; Ah! Nire dohakabea! krudel hori entzun dizudanez geroztik. Andrea, bi hitz horien oihartzunak luzaroan iraunen du nire bihotzean. Zer nolako asturugaitzaz, sentimendurik eztienak ez diezazuke beldurra baizik sor? Zein da bada beldur hori? Ah! Ez hain zuzen sentimendu hori zeureganatzeko beldurra: zure bihotza, nik ondo ezagutzen ez dudana, ez da amodiorako egina; nirea, zuk etengabe gaitzesten duzuna, soilik hura da sentikorra; zurea errukigabea da. Hori hala ez balitz, ez zeniokeen hitz kontsolagarri bat ukatuko bere sofrimenduak kontatzen ari zitzaizun dohakabeari; ez zintzaizkiekeen haren behakoei itzuriko, zu ikusteko plazerra baizik ez duelarik; ez zinatekeen haren kezkaz krudelki jolastuko, eri zinela hari iragarririk zure osasunaz argibideak hartzera joatera utzi gabe; eta sentituko zenukeen gau hura bera, zuretzat ez baitzen hamabi oreneko atsedena baizik, dolorezko gizaldi bat izanen zela harentzat.

        Zergatik, erraidazu, merezi izan dut zorroztasun suntsitzaile hori? Ez naiz zu jujetzat hartu beldur: zer egin dut bada? ez bada amore eman edertasunak sortu eta bertuteak justifikatzen duen sentimendu gogoz kontrako bati; errespetuz neurritsua betiere, eta fidantziaren eta ez esperantzaren ondorioz tolesik gabe aitortua izan zena: iduriz zuk eman bide didazun eta nik neurririk gabe men egin diodan fidantzia hori tradituko zenuke? Ez, ez dezaket sinets; litzateke hobenik baduzula uste izatea, eta zugan ezeinik kausi dezakedala pentsatzetik beretik bihotza zait iraulkatzen: neure liskarrak gezurtatzen ditut; izkiriatzen ahal nituen, ez ordea pentsatzen. Ah! Utz nazazu betegina zarela uste izaten, hori baita gelditzen zaidan plazer bakarra. Betegina zarela froga iezadazu zure laguntza eskuzabala niri emanik. Dohakaberik lagundu ote duzu, zure laguntza nik bezainbat behar zezakeenik? Ez nazazu utz murgilarazi nauzun eldarnioan: maileguz emaidazu zeure arrazoia, bortxaz kendu baitidazu neurea; zentzatuko nauzun orduko, argi nazazu zeure lana bururatzeko.

        Ez zaitut engainatu nahi, ez zara sekula nire amodioa garaitzera helduko; amodio hori arautzen erakutsiko didazu ordea: nire urratsak gidatuz, nire hitzak diktatuz, salbatuko nauzu bederen zuri laket ez izateko zorigaitz lazgarritik. Aiena ezazu batez ere beldur etsipengarri hori; erraidazu barkatzen didazula, urrikaldu zatzaizkidala; emaidazu zeure bihozberatasunaren segurantza. Sekula ez dukezu nik nahi nukeen guztia; arrenka galdatzen dizut ordea behar dudan urria: ukatuko didazu?

        Adio, andrea, har ezazu ontasunez nire sentimenduen eskaintza; ez dio deus kalterik egiten nire errespetuaren eskaintzari.

...tik, 17**ko abuztuaren 20an.

 

 

XXV. GUTUNA

VALMONTEKO BIZKONDEAK MERTEUILEKO MARKESARI

 

        Hona atzoko berri.

        Hamaika orenetan Rosemonde andrearen gelan sartu nintzen; eta, haren gerizpean, sarrarazi ninduten ustez eri zenaren gelan, oraino ohean baitzen. Betondoak arrunt ubelduak zituen; nik bezain gaizki lo eginen ahal zuen hark ere! Baliatu nuen Rosemonde andrea urrundua zen une bat eriari neure gutuna emateko: ez zuen hartu nahi izan; ohe gainean utzi nuen ordea, eta zintzo bada zintzo joan nintzen neure izeba xaharrari besaulkia hurbiltzera, bere haur maitearen ondoan nahi baitzuen egon: emakume hark gutuna gorde behar izan zuen eskandalurik sor ez zedin. Eriak moldakaizkiro erran zuen ustez sukar pixka bat bazuela. Rosemonde andreak eriari pultsua hartzera behartu ninduen, nire medikuntza ezagutzak arras goraturik. Besoa nire esku utzi beharrak eta bere gezur ttipi hura sumatua izanen zela jakiteak nahigabe bikuna sortu zion beraz nire eder hari. Alabaina, eskua hartu nion eta tinkatu nuen neure esku batez, bertzeaz beso fresko eta guri hura aztertzen nion bitartean; andre maltzur hark ez zuen deusik erantzun, halatan non harengandik gibelaturik erranarazi bai-tzidan: «Ez zaio zirrara fitsik sumatzen.» Zorrotz susmoa hartu nien haren behakoei, eta, zigor izan zekion, ez nituen bilatu: handik berehala, jaiki nahi zuela erran zuen, eta bakarrik utzi genuen. Bazkaltzera agertu zen, baina bazkaria tristea izan zen; iragarri zigun ez zela promenatzera joanen, horrek erran nahi baitzuen ez nukeela harekin mintzatzeko egokierarik. Iruditu zitzaidan hasperen bat behar nuela egin eta behako oinazezko bat behar nuela une hartan agertu: dudarik gabe igurikitzen zituen, egun osoan hura izan baitzen haren begiak aurrez aurre ikusteko izan nuen aukera bakarra. Hainbat nola baita zintzoa, baditu hala ere bere jukutria ttipiak bertze edozein emakumek bezala. Nire asturuaz argitasunik emateko ontartea egin ote zidan hari galdegiteko unea kausitu nuen, eta harritu samar entzun nion erantzuten: Bai, jauna, izkiriatu dizut. Gutun hori hartzeko irrika bizian nintzen; baina dela oraino jukutriaz, edo dela moldakaizkeriaz, edo herabetasunez, ez zidan gutuna arratsa arte eman, gelara joan zen unea arte. Gutun hori igortzen dizut neure gutunaren zirriborroarekin batera; irakurri eta juja: ikus nolako faltsukeria nabarmenaz erraten didan ez dela amorosturik, alderantziz dela ziur naizen arren; eta arranguran datorke halaber baldin gero engainatzen badut, nahiz ez duen ni aldez aurretik engainatzeko beldurrik! Adiskide ederra, gizonik trebeenak aski lan badu oraino emakumerik zintzoenaren heinera heltzeko. Ergelkeria horiek guztiak sinesten ditudalako itxurak beharko ditut bada egin, eta etsipenez beharko naiz akitu, andre horrek zorrotz antzean ibiltzea laket duelako! Nola ez naiz mendekatuko makurkeria horiez... Ah! Pazientzia har dezadan... baina adio. Oraino asko izkiriatu beharrean naiz.

        Izan ere, bihotz-gogor horren gutuna itzuliko didazu; gerta liteke hark aurrerago miseria horiek balioetsi nahi izatea, eta arauz eta legez behar da jokatu.

        Ez dizut Volanges ttipia aipatzen; bertze egunen batean mintzatuko gara neska horrez.

Gaztelutik, 17**ko abuztuaren 22an

 

 

XXVI. GUTUNA

TOURVEL LEHENDAKARIAREN EMAZTEAK
VALMONTEKO BIZKONDEARI

 

        Hain segur ere, jauna, ez zenuke nigandik ezein gutunik hartuko, baldin atzo arratseko neure jokabide ergelak ez banindu behartuko gaur zuri argibideak ematera. Bai, negar egin nuen, aitor dizut: baliteke halaber zuk hagitz artoski aipatzen dizkidazun bi eleok niri itzuriak izatea; malkoak eta eleak, oro hauteman dituzu; oro behar zaizu bada argitu.

        Sentimendu zintzoak baizik ez sorraraztera ohitua bainaiz, ahalke gorritu gabe entzun ahal ditudan hitzak baizik ez aditzera, merezimendu osoz erdietsi uste dudan segurantzaz gozatzera; sentitzen ditudan zirrarak ez dakizkit ez disimulatzen, ez gudukatzen. Zure jokabideak sortu didan harridura eta ezinegona; halako nik dakita zer beldur, niri sekula gertatu behar ez zitzaidan egoera haren eraginez; ausaz zuk erdeinatzen dituzun emakumeekin nahasiko eta haiek bezain arinki tratatuko ote ninduzun ideia ezin jasanezkoa; kausa horiek guztiek bildurik malkoak sorrarazi ahal izan dizkidate eta erranarazi, neure ustez arrazoiz, dohakabea nintzela. Hitz hori, nahiz zuri sobera bortitza iruditu zaizun, ahulegia litzateke haatik, baldin nire malkoek eta nire hitzek bertze kausarik balute; baldin laidoztatu behar nauten sentimenduak gaitzetsi beharrean, sentimenduok neuretzeko beldurrez egon ahal banendi.

        Ez, jauna, ez naiz horren beldur; baldin beldurrez banengo, ihesi nindoake zugandik ehun lekoara; basamortu batean gerizatuko nintzateke zu ezagutu izanaren malura negarretan deitoratzera. Ausaz ere, zu sekula ez maitatzeko segurantza osoa dudan arren, ausaz hobe nuke neure adiskideen kontseiluei jarraitzea; zu nigana hurbiltzen ez uztea.

        Uste nuen, eta hori izan da nire hoben bakarra, uste nuen emakume onest bat errespetatuko zenuela, ez baitzuen galdatzen zu ere onest izatea eta zurekin egoki eta zuzen jokatzea baizik; jadanik defendatzen baitzintuen, zuk zeure desira gaiztoez laidoztatzen zenuen bitartean. Zuk ez nauzu ezagutzen; ez, jauna, zuk ez nauzu ezagutzen. Bertzenaz, ez zenukeen usteko hobenak eskubide bilaka zenitzakeenik: aditu behar ez nituen eleak erran dizkidazulako, ez zenukeen usteko irakurri behar ez nuen gutun bat niri izkiriatzeko baimena zenukeenik; eta zure urratsak gida ditzadan, zure hitzak dikta diezazkizudan galdatzen didazu! Hots bada, jauna, isiltasuna eta ahanztura, horra niri ematea komeni zaizkidan kontseiluak, nola zuri zaizkizun jarraitzea komeni; orduan, izanen duzu, alabaina, nire bihozberatasunaren eskubidea: zeure esku baizik ez zenuke nire esker onaren eskubidea ere erdiestea. Ez ordea, ez diot galderik eginen errespetatu ez nauenari; ez diot fidantziazko frogarik emanen nire segurantza neurriz gain baliatu duenari. Behartzen nauzu zuri beldur izatera, zu hastiatzera menturaz: nik ez nuen hori nahi; zugan ez nuen neure adiskiderik agurgarrienaren iloba baizik ikusi nahi; adiskidantzaren bozaz oldartu nintzaion gogor akusatzen zintuen boz publikoari. Oro suntsitu duzu; eta, aldez aurretik dakusat, ez duzu deusik ere konpondu nahiko.

        Nahi dizut beraz, jauna, jakinarazi ezen zure sentimenduek laidoztatzen nautela, ezen sentimendu horien aitormenak iraintzen nauela, eta batez ere, sentimendu hori neuretzetik urrun, behartuko nindukezula zu sekula gehiago ez ikustera, baldin solasgai hori ez baduzu estaltzen nire ustez zugandik igurikitzeko, bai orobat zuri fermuki galdatzeko eskubidea badudan isiltasunaz. Gutun honekin batera doakizu zuk izkiriatu didazuna, eta zuk honako hau gisa berean itzultzeko ontartea eginen didazulakoan nago; zinez penaturik nintzateke existitu ere behar ez zen gertakari baten ezein aztarnarik geldituko balitz. Ohorez bainaiz, etab.

...tik, 17**ko abuztuaren 21ean

 

 

XXVII. GUTUNA

CÉCILE VOLANGESEK MERTEUILEKO MARKESARI

 

        Jainko jauna, zeinen ona zaren, andrea! Zeinen ontsa sumatu baituzu aiseago mintzatuko nintzaizula izkribuz, ezen ez bozez! Zeren eta erran behar dizudana oso zaila baita; baina adiskide zaitut, ez dea egia? O! Bai, adiskide txit mina! Saiatuko naiz ez beldur izaten; eta bertzenaz, hain nago zuhauren eta zure kontseiluen beharretan! Nahigabe handia dut, iruditzen zait mundu guztiak nire pentsamendua asmatzen duela; eta Danceny aurrean dudalarik batez ere, behatzen didan orduko ahalke gorritzen naiz. Atzo, negarrez ikusi ninduzunean, zuri mintzatu nahiagatik zen, eta bertzalde, nik dakita zerk mintzoa debekatzen zidan; eta zuk zer gertatzen zitzaidan galdegin zenidanean, malkoak gogoz kontra zitzaizkidan begietaratu. Ez nezakeen hitzik erran. Zu gabe, ama ohartuko zitzaiokeen, eta zer bilakatuko nintzen? Horra, haatik, nolakoa den nire bizimoldea, batez ere duela azken lau egunez geroztik!

        Egun hartan berean, andrea, bai, erran eginen dizut, egun hartan berean Danceny jaun zaldunak izkiriatu zidan: O! Kausitu nuelarik haren gutuna, segur derraizut ez nekiela zer zen; baina, gezurretan ari ez nadin, ez dezaket erran plazer handirik hartu ez nuenik gutuna irakurtzen; ikusten duzu, nahiago nuke bizitza osoan atsekabetan eman, Dancenyk gutun hura izkiria ziezadan baino. Banekien ordea ez niola deusik erran behar, eta segur erran diezazuket berebat ezen haserre nintzela erran diodala Dancenyri: baina bera baino bortitzagoa dela erraten du, eta ni ados nago; zeren Dancenyri ez erantzutea deliberatu bainuen, eta ezin haatik gibelatu naiz hari izkiriatzetik. O! Behin baizik ez diot izkiriatu, bai izkiriatu ere, aldez, niri gehiago ez izkiriatzeko hari errateko: baina guztiarekin ere, behin eta berriz izkiriatzen dit; eta nola nik ez baitiot erantzuten, tristerik dela ikusten dut, eta orduan areago atsekabetzen naiz: hala non ez dakidan zer egin, ez nitaz zer izanen den, eta arras dohakabea naiz.

        Erraidazu, arren otoi, andrea, gaizki egina legoke Dancenyri noizean behin erantzutea? Soilik niri ez izkiriatzeko erantzukizuna har ahal dezan arte, eta lehen ginen bezala egon ahal gaitezen arte: zeren, nik behintzat, horrela jarraituz gero, ez baitakit zer bilakatuko naizen. Hots, haren azken gutuna irakurriz, ezin bukatuzko negarrak egin nituen; eta ziur baino ziurrago nago ezen ez baldin badiot erantzuten, biziki garela penatuko.

        Haren gutuna ere igorriko dizut, edo kopia bat bertzela, eta zuhaurk jujatuko duzu; ontsa ikusiko duzu ez duela deus gaiztorik galdatzen. Nolanahi ere, baldin uste baduzu ez dela zilegi, hitz ematen dizut hari izkiriatzetik begiratuko naizela; uste dut ordea akort izanen zarela nirekin, ezen ez dagoela horretan kalterik.

        Solasbide horri heldu baitiot, andrea, utz nazazu bertze galdera bat egiten: errana didate norbaiten amoros izatea gaizki dagoela; baina zergatik da hori? Egiten dizut galdera hori, zeren, Danceny jaun zaldunak dioenez, horrek ez baitu neholaz ere makurrik, eta ia mundu guztia amoros omen baita; hori hala balitz, ez dut ikusten zergatik behar naizen ni izan horretarik begiratzen den bakarra; edota andereñoentzat baizik ez ote dago gaizki? Zeren amari berari entzuna baitiot erraten D... andrea M... jaunaz amorosturik zela, eta ez zuen aipatzen gaizki egina legokeen zerbait bailitzan; eta ziur naiz haatik ama nirekin samurtuko zela, Danceny jaunari diodan adiskidantzari hartuko balio susmorik. Gure amak ume baten gisa tratatzen nau betiere; eta ez dit fitsik erraten. Uste nuen, komentutik jalgiarazi ninduelarik, esposatzeko izanen zela; baina orain ezezkoan nago: ez uste horrek kezkatzen nauenik, zinez diotsut; zuk ordea, haren adiskide mina baitzara, zuk badakizu menturaz auzia zertan den, eta baldin badakizu, erranen didazulakoan nago.

        Horra arras gutun luzea, andrea, baina zuri izkiriatzeko baimena eman baitidazu, baimen hori profitatu dut oro zuri kontatzeko, eta zure adiskidantzari nagokio.

        Ohorez bainaiz, etab.

Parisen, 17**ko abuztuaren 23an.

 

 

XXVIII. GUTUNA

DANCENY ZALDUNAK CÉCILE VOLANGESI

 

        E! Zer, andereño, niri erantzuteko ukoan setatua zara oraino! Deusek ez zaitzake amore ematera makur; eta egun bakoitzak berarekin darama ekarria zuen esperantza! Zer da bada zuk gure artean iraun dezan onartzen duzun adiskidantza hori, baldin nire atsekabeaz zu sentikortzeko bezain ahaltsua ere ez bada; baldin hotz eta lasai bazauzka, ni aldiz ezin itzal dezakedan su baten doloretan hilduratua naizelarik; baldin hari ez fida izateaz gainera, ez bada halaber aski zu urrikitan sarrarazteko? Zer! Adiskidea oinazetan duzu eta ez duzu deus egiten hari laguntzeko! Ez dizu ele bat baizik galdatzen, eta zuk ukatzen diozu! Eta nahi duzu sentimendu sobera ahul hori askiets dezan, nahiz zu sentimendu hori hari berriz ziurtatzeko beldur zaren oraino!

        Atzo erran zenuen ez zenukeela eskergabea izan nahi: ah! Sinets nazazu, andereño, amodioa adiskidantzaz ordaindu nahi izatea, ez da eskergabekeriaren beldurrez egotea, da eskergabearen itxura izateari berari zaion ikara. Ez naiz haatik gehiago ausartzen interesgarria ez baitzaizu zamatsua baizik gerta ez dakizukeen sentimendu batez zure denbora alferrik galaraztera; neure baitan beharko dut bederen sentimendu hori atxiki, hura menderatzen ikasi bitartean. Badakit egiteko hori zeinen gogorra izanen den; ez diot neure buruari ezkutatzen neure indar guztiak beharko ditudala; baliakizun guztiak baliatuko ditut: haien artean bada bat nire bihotzari gehien gostako zaiona, erran nahi baita zurea sentikaitza dela neure buruari maiz errepikatu behar izatea. Zu gutxiago ikusten ere saiatuko naiz, eta ari naiz jadanik horretarako estakuru egoki baten bila.

        Zer! Galduko dut zu egunoro ikusteko ohitura eztia! Ah! Damukizun duket bederen sekula betiko. Zorigaitz eternala duket amodiorik amoltsuenaren sari; eta zure nahia izanen da, eta zuk sortua izanen da! Ez dut sekula, jakinaren gainean diot, gaur galtzen dudan zoriona berriz aurkituko; zu baizik ez zinen nire bihotzarentzat egina; zer nolako plazerraz eginen nukeen zuretzat baizik ez bizitzeko zina. Baina zuk ez duzu zin hori hartu nahi; zure isiltasunak garbi jakinarazten dit zeure bihotzak ez diotsula deusik nire alde; horra zure ezaxolatasunaren frogarik ziurrena, eta aldi berean hori niri iragartzeko manerarik krudelena. Adio, andereño.

        Ez naiz erantzunik igurikatzera ausartzen; amodioak lehiaz izkiriatuko zukeen, adiskidantzak plazerrez, eta urrikiak berak ere agradamenduz: baina urrikia, adiskidantza eta amodioa berdin dira arrotz zure bihotzarentzat.

Parisen, 17**ko abuztuaren 23an

 

 

XXIX. GUTUNA

CÉCILE VOLANGESEK SOPHIE CARNAYRI

 

        Baniotsun, Sophie, izkiriatzea zilegi dela kasu batzuetan; eta zinez diotsut zure iritziari jarraitu izana hagitz dolutzen zaidala, hainbat nola atsekabetu baikaitu Danceny zalduna eta biok. Arrazoi nuela frogatzeko, horra Merteuil andrea, zeina baita hori ontsa dakien andrea, azkenik nik bezala pentsatzera lerratua. Dena aitortu diot. Hasieran zu bezala mintzatu zait: baina dena azaldu diodan ondoren, deliberatu du oso gauza desberdina zela; soil-soilik eskatzen du neure gutunak oro eta Danceny zaldunarenak oro erakuts diezazkiodan, ziur egon nahi baitu ez dudala erran behar dudana baizik erranen; orain lasai nago beraz. Jainko Jauna, zenbat maite dudan Merteuil andrea! Hain da ona! Eta arras emakume agurgarria da. Beraz, ez dago zer erranik.

        Nolako presaz izkiriatzera noakion Danceny jaunari, eta hura nola bozkariatuko den! Uste baino gehiago bozkariatuko da; zeren orain arte neure adiskidantzaz baizik ez nion hitz egiten, eta hark betiere nahi zuen neure amodioaz hitz egin niezaion; gauza bera zen nire ustez; baina azken finean, ez nintzen ausartzen eta Danceny horretan setaturik zen. Merteuil andreari erran diot hori guztia; arrazoi nuela erran dit, eta erran dit berebat ez dela batbederaren amodioa aitortu behar, aitortzetik gehiago ezin begiratu arte: alta bada, ziur naiz ez naizela neure amodioa aitortzetik luzaroan begiratzen ahalko; gauza bera da ororen buruan, eta honako hau areago laketuko zaio.

        Merteuil andreak orobat erran dit horrez guztiaz mintzo diren liburuak utziko dizkidala, behar bezala jokatzen, eta halaber orain arte baino hobeki izkiriatzen irakatsiko didatenak: zeren, ikusten duzunez, neure hutsegite guztiak erraten baitizkit, horra biziki maite nauelako froga; gomendio bakarra eman dit, ez diezazkiodan liburu horiek amari aipa, zeren nire heziketaz sobera ezaxolatu dela irudiko bailuke, eta karia horretara haserre bailiteke. O! Ez diot fitsik erranen.

        Bai harrigarria alabaina ahaide ttipia baizik ez dudan emakume bat nire ama baino gehiago arduratzea nitaz! Bozkarioak egiten ditut hura ezagutu izanaz!

        Galdetu dio halaber amari ea etzi operara eraman nazakeen, haren palkora; han bakar bakarrik egonen garela erran dit, eta solasean ariko garela denbora guztian, nehork entzuteko beldurrik gabe: solasa nahiago nik opera bera baino. Nire ezteiez mintzatuko gara orobat: zeren zinez esposatzera noala erran baitit; baina horretaz ezin mintzatu ahal izan gara gehiago. Konparazione, ez dea bada txit harrigarria amak niri fitsik ez erran izana horretaz?

        Adio, Sophie, Danceny zaldunari izkiriatzera noa. O! Pozaren pozez nago.

...tik, 17**ko abuztuaren 24an.

 

 

XXX. GUTUNA

CÉCILE VOLANGESEK DANCENY ZALDUNARI

 

        Azkenean, jauna, makurtu naiz zuri izkiriatzera, neure adiskidantza, neure amodioa zuri segurtatzera, bertzela maluros baitzinateke. Bihotz onik ez dudala diozu; segur baino segurago derraizut oker zaudela, eta orain zalantza gehiagorik izanen ez duzulakoan nago. Izkiriatzen ez nizulako baldin bazaude atsekabetan, uste duzu ni ere ez nintzela orobat penetan? Baina ez nuke, neholaz ere, gaizki egina litzatekeen zerbait egin nahi; eta ez nuke orobat neure amodioa aitortuko, baldin aitortzetik begiratu ahal izan banintz: zure tristurak sobera penatzen ninduen. Orain ez ahal zara gehiago penatuko, eta izanen ahal gara arras zoriontsuak!

        Igurikitzen dut gaur arratsean zu ikusteko plazerra izatea, goizik jinen ahal zara! Sekula ez ordea nik nahi bezain goizik. Amak etxean afalduko du, eta hemen gera zaitezen proposatuko dizula uste dut: ez ahal duzu bertze eginkizunik izanen herenegun bezala! Atsegina izan zen joatekoa zinen afari hura? Zeren goiz-goizik alde egin baitzenuen. Ez gaitezen ordea horretaz mintza: orain bai baitakizu maite zaitudala, ahal bezainbat geldituko ahal zara nire ondoan! Zeren zure ondoan baizik ez baitut bozkariorik, eta nahi nuke zu ere bozkariatsu izan zintezen.

        Damu dut zu oraino triste egona, baina ez da nire errua. Jinen zaren orduko galdatuko dut harpa jo nahi dudala, nire gutuna ahalik lasterrena izan dezazun. Ez dezaket gehiagorik egin.

        Adio, jauna. Oso maite zaitut, bihotz bihotzez; zenbatenaz erraten baitizut, hanbatenaz alegerago naiz; egonen ahal zara zu ere alegera!

...tik, 17**ko abuztuaren 24an.

 

 

XXXI. GUTUNA

DANCENY ZALDUNAK CÉCILE VOLANGESI

 

        Bai, dudarik gabe, zoriontsuak izanen gara. Nire zoriona arras ziurra da, zeren maite bainauzu; zurea sekula ez da finituko, baldin iraunen badu zuk sorrarazi didazun amodioa bezainbat. Zer! Maite nauzu, ez zara jadanik zeure amodioa niri seguratzeko beldurrez! Zenbatenaz erraten baitidazu, hanbatenaz zara alegerago! Irakurri ondoren maite zaitut xarmangarri hura, zure eskuz idatzia, aditu dut zure aho ederra aitormen hori errepikatzen. Ikusi ditut begi xarmangarri horiek nigan finkatuak, amoltsutasunaren eiteak ederragotuak. Hartu ditut niretzat sekulako bizitzeko zure zinak. Ah! Har ezazu zuk ere neure bizitza osoa zure zorionari eskainiko diodalako nire zina; har ezazu, eta zaude ziur ez dudala tradituko.

        Zer egun zoriontsua iragan genuen atzo! Ah! Merteuil andreak zergatik ez ote du beti sekreturik zure amari kontatzeko? Zain dugun estualdiaren ideia zergatik datorkit gogoan darabiltzadan oroitzapen zoragarriekin nahastera? Zergatik ez dezaket maite zaitut izkiriatu didan esku polit hori neure eskuetan etengabe atxiki, musuz estal, eta mendeka halatan ontarte handiago bat nik zuri galdaturik zuk egin didazun ukoaz!

        Erraidazu, Cécile, zure ama itzuli zelarik; haren presentziak behartu gintuelarik elkarri behako ezaxolatuak baizik ez igortzera; zure amodioa niri ziurtaturik, ezin jadanik kontsola nintzakezularik amodio horren frogak niri eman nahi ez izanaz, ez duzu bada ezein damurik sentitu? Ez duzu zeure baitan erran: musu batez zoriontsuagoa izan zitekeen, eta zorion hori nik diot ebatsi? Hitz emaidazu, adiskide maitagarri horrek, lehen okasioan ez zarela horren zorrotza izanen. Promes horren laguntzaz, hartuko dut kuraia halabeharrak prestatu dizkigun makurbideak pairatzeko; eta zu ere sekretuaren jakinaren gainean zaudelako segurantzak eztituko ditu bederen gabezia krudel horiek.

        Adio, Cécile xarmanta: hona zure etxera abiatzeko orena. Ezinen zintuzket utz, zu berriz ikustera joateko ez balitz. Adio, nire maite laztana! Beti eta beti are maiteko zaitudana!

...tik, 17**ko abuztuaren 25ean

 

 

XXXII. GUTUNA

VOLANGES ANDREAK
TOURVEL LEHENDAKARIAREN EMAZTEARI

 

        Nahi duzu bada, andrea, Valmont jaunaren bertutean sinets dezadan? Aitortzen dizut ezin naizela hori sinestera makurtu, eta hanbatenaz gostako litzaidakeela, zuk kontatu didazun egintza bakar horren arabera, Valmont jauna zintzotzat hartzea, gizon omenez eta izatez prestu baten hoben bat jakin eta hura biziotsutzat hartzea baino. Gizona ezein alorretan ez da betegina, ez ongian, ez gaizkian ere. Gaiztaginak badu bertute, nola gizon prestuak ahuldade. Egia hori iruditzen zait hanbatenaz sinetsi beharragoa, non hortik baitator bihozbera izan beharra nola gaiztoekin hala zintzoekin; eta begiratzen baititu berebat harrokeriatik hauek, eta salbatzen etsipenetik haiek. Irudituko zaizu, dudarik gabe, une honetan hagitz gaizki segitzen dudala predikatzen ari naizen bihozberatasun hori; gizon biziotsua zein prestua berdin tratatzera garamatzan bihozberatasun horretan, ordea, ez dut ahulkeria arriskutsu bat baizik ikusten.

        Zilegi izan bekit Valmont jaunaren egintzaren arrazoiak ez aztertzea; egintza bezainbat laudagarriak direla nahi dut sinetsi: baina Valmont jaunak ez du haatik bizitza osoa eman familien baitan asaldura, desohorea eta eskandalua sortzen? Entzun, nahi baduzu, haren laguntza hartu zuen dohakabearen boza; baina ez hargatik entzungor egin sakailatu dituen ehundaka kaltetuen oihuei. Baldin Valmont jauna ez balitz, zuk diozun bezala, harremanen arriskuaren etsenplu bat baizik, bera ez litzateke orobat harreman arriskutsu bat? Zorionez zentzatzeko gai izan daitekeela uste duzu? Jo dezagun urrunago; demagun mirari hori gertatua dela. Ororen ustea ez litzaioke aihertuko, eta uste hori ez zenuke zuk aski zeure jokabidea gidatzeko? Jainkoak baizik ez dezake damu orenean barka; bihotzetan irakurtzen du: baina gizonek ezin pentsamenduak juja ditzakete, egintzez ez bada; eta ezeinek ere ez du, bertzeen estimua galdu ondoren, galera hori ezin konponduzkoa bihurtzen duen halabeharrezko mesfidantzaz deitoratzeko eskubiderik. Oroz gain egiozu kontu, adiskide gaztea, batzuetan aski dela, estimu hori galtzeko, hura aintzat behar bezainbat hartu ez izanaren iduria egin izana; eta zorroztasun hori ez har bidegabekeriatzat; zeren eta pentsa liteke ondasun preziatu hori merezi izateko eskubidea duenak ez diola ukorik egiten, eta horrez gainera, gaizkitik hurbilago dago alabaina galga ahaltsu horrek bararazi ez duena. Itxura horretan agerraraziko zintuzke beraz Valmont jaunarekiko harreman estu batek, izanagatik arras hobenik gabea.

        Hari egiten diozun defentsa suharraz izutua, lehiatzera noa aldez aurretik ikusten ditudan eragozpenei aurre hartzera. Merteuil andrea aipatuko didazu, harreman hori barkatua baitzaio; galdeginen didazu zergatik hartzen dudan Valmont neure etxean; erranen didazu ezen jende prestuen gaitzespena jasotzetik urrun, onartua dela, bilatua orobat lagunarte ona erraten zaion horretan. Horri guztiorri diot, ustez, ihardesten ahalko.

        Lehenik, Merteuil andre hain zuzen ere guztiz estimagarriak ez du ausaz bertze akatsik, bere indarrei sobera fidatu izana baizik; gidari trebea da, orga haitz eta amildegietan barna gidatzea laket zaiona, eta soilik erdietsi izanak justifikatzen duena: zuzen da hura laudatzea, ozarra litzateke hari jarraitzea; hark ere aitortzen du hori eta karia horretara bere burua akusatzen. Gehiago ikusi duen heinean, zorrotzagoak ditu oinarrizko arauak; eta beldurrik gabe diotsut hark nik bezala pentsatuko lukeela.

        Nitaz den bezanbatean, ez dut neure burua bertzeena baino gehiago justifikatuko. Dudarik gabe, Valmont jauna neure etxean hartzen dut, eta nonahi hartzen dute; gizartea gobernatzen duten bertze milari emendatu beharreko segida eza bat gehiago da. Badakizu, nik bezala, bizitza osoa ematen dugula segida eza horiek ohartarazten, deitoratzen eta usatzen. Valmont jauna, omen ederrez, dirutza handiz, anitz ezaugarri atseginez, garaiz ohartu zaio ezen gizartean nagusi izateko aski zela laudorioa eta auzolotsa ber trebeziaz erabiltzea. Nehor ez da jeinu bikoitz horren hura bezain jabe: liluratzen du bataz, eta ikara sortzen bertzeaz. Ez dute estimatzen; lausengatzen dute ordea. Halakoa du biziera hura gudukatu baino eztitan hartzea nahiago duten jende zuhur ezen ez kementsuen erdian.

        Baina ez Merteuil andrea bera, ez bertze edozein emakume ausartuko litzateke dudarik gabe horrelako gizon batekin kasik buruz buru landan bazterreratzera. Emakumerik zintzoenari, xumeenari egokitu bide zaio segida eza horren etsenplu ematea; ele hori barka iezadazu, adiskidantzari itzuri zaio. Adiskide ederra, zeure onestasunak berak traditzen zaitu, segurantza ematen baitizu. Egizu kontu jujetzat izanen dituzula, batetik, beren baitan etsenplurik ez kausiturik bertutea baitan sinetsiko ez duten jende pikabuztanak; eta bertzetik, bertutetsua izan zarela zigortzeko, ez sinetsiarena eginen duten jende gaiztoak. Gogoan har ezen, une honetan, ari zarela gizon batzuek arriskatzera ausartuko ez liratekeen zerbait egiten. Alabaina, ikusten ditut, Valmont jauna soberazko orakulu bilakatua duen gazte jendearen artean, nola zintzoenak hari estuegi atxikiak agertzeaz beldur diren; eta horrek ez zaitu zu beldurtzen! Ah! Itzul zaitez, itzul, arrenka diotsut... Baldin nire arrazoiak ez badira aski zu nire iritzira biltzeko, men egiozu nire adiskidantzari; hark errepikarazten baitizkit neure eskariak, hari baitagokio eskari horiek justifikatzea. Nire adiskidantza zorrotza iduritzen zaizu, eta alferrikakoa izan dadin nahi dut nik; nahiago dut ordea deitora dezazun haren arta, ezen ez haren axolagabekeria.

...tik, 17**ko abuztuaren 24an.

 

 

XXXIII. GUTUNA

MERTEUILEKO MARKESAK VALMONTEKO BIZKONDEARI

 

        Erdiesteko beldur zarenez geroztik, bizkonde maitea, zeure buruaren aurka armak hornitzeko asmotan zabiltzanez geroztik, borroka nahiago duzunez geroztik garaipena baino, ez dut jada zer erranik. Zure jokabidea zuhurtziazko maisu lan bat da. Demagun zure xedeak bertzelakoak liratekeela, orduan ergelkeriazkoa zatekeen; eta zinez behar banatzaizu mintzatu, beldur naiz ez ote zaren irudipenari sobera emana.

        Ez dizut unea ez baliatzeagatik egiten liskarrik. Batetik, ez dut argi ikusten unea heldua zenik: bertzetik, ontsa dakit, horri buruz zernahi diotela ere, huts egindako okasioa berragertzen dela, eta itsumustuan egin den urratsak aldiz sekula ez duela itzulerarik.

        Baina zinezko eskolumekeria egin duzu izkiriatzera makurturik. Orain erronka jotzen dizut ezetz asma horrek nora eraman zaitzakeen. Menturaz, igurikitzen duzu emakume horri frogatzea bere burua behar dizula eman? Iduritzen zait hori ez dela sentimenduzko egia bat baizik, eta ez frogabidezkoa; eta egia hori orobat, bihotza hunkituz behar dela sinetsarazi eta ez arrazoiaz baliatuz; baina zertarako balia zaizuke gutun bidez hunkitzea, zu ez baitzinateke han probetxurik hartzeko? Zure perpaus ederrek amodiozko horditasuna sor lezatenean, harro-harro uste duzu horditasuna hain luzea izanen dela non gogoetak ez dukeen maitasun aitormena eragozteko astirik? Egizu kontu zenbat denbora behar izaten den gutun bat izkiriatzeko, zenbat denbora iragaten den gutun hori igorri baino lehen; eta ikus, batez ere, ea oinarrizko arau zorrotzak dituen emakume batek, nola baita zure debot hori, horren luzaz desira dezakeen sekula ez desiratzera entseiatua dena. Urrats hori baliagarria izan liteke haurrekin, zeren izkiriatzen dutelarik «maite zaitut», ez baitakite ari direla «neure burua ematen dut» erraten. Baina iruditzen zait Tourvel andrearen bertute ihardukitzaileak biziki ontsa ezagutzen duela eleen balioa. Beraz, nahiz zuen arteko elkarrizketan zuk abantaila hartu zenion, bere gutunean hark zaitu garaitu. Eta bertzalde, badakizu usu zer gertatzen den? Liskarka aritzeagatik beretik, ez dela amore eman nahi izaten. Arrazoi onak bilatzearen kariaz, aurkitzen dira; erraten dira; eta gero tinko atxikitzen dira, ez hainbertze onak direlako, nork bere burua ez gezurtatzeko baizik.

        Bertzenaz, bada oharpen bat zuk sumatu ez izanak harriturik naukana, erran nahi baita, maitasunean deus zailagorik ez dela sentitzen ez dena izkiriatzea baino. Nahi dut erran egiantzaz izkiriatzea: ez hain zuzen ele berdinak erabiltzen ez direlako; ez dira ordea berdin antolatzen, edo, gehiago dena, antolatzen dira, eta hori nahikoa izaten da. Berrirakur zeure gutuna: bada hor perpaus bakoitzean salatzen zaituen halako ordenamendu bat. Nahi dut sinetsi lehendakariaren emazte hori ez dagoela horretaz ohartzeko bezain trebatua: zer axola dio ordea? Ondorioak ez duke hala eta guztiz ere eraginik. Nobelek akats hori izaten dute; autorea lehia bizian ari izaten da bere burua berotzeko ahaleginetan, eta irakurlea hotz gelditzen da. Heloïse da salbuets daitekeen bakarra; eta autorearen dohaina gorabehera, oharpen horrek beti sinetsarazi dit liburu horrek muina benetakoa zuela. Mintzoa arras bertzelakoa izaten da. Ihardunaren ohiturak sentikortasuna ematen dio mintzoari; malkoen isuri errazak areagotzen dio mintzoari sentikortasuna: desiraren eitea amoltsutasunaren eitearekin nahasten da begietan; denik eta segida gutxieneko mintzaldiak aiseago dakar azken finean asalduzko eta desordenuzko itxura hori, zeina baita amodioaren egiazko ele ederra; eta maitearen presentziak oroz gainetik du gogoeta eragozten eta garaituak izatea desirarazten.

        Sinets nazazu, bizkonde: gehiago ez izkiriatzea galdatu dizute: balia zaitez galde horretaz zeure hutsa konpontzeko eta zaude mintzatzeko okasioaren zain. Badakizua emakume horrek nik uste baino indar gehiago duela? Defentsa ona du; eta haren gutunaren luzea gabe, eta konplimenduzko perpausean gaiari berriz heltzeko ematen dizun estakurua gabe, bere burua ez luke neholaz ere traditua.

        Bada hala ere zerbait nire ustez erdiesteaz den bezanbatean sosegua harrarazi behar dizuna, eta da sobera indar baliatzen dituela batera; aldez aurretik dakusat indarrak ahituko dituela elea babesten, eta ez zaiola deusik geldituko zera hori babesteko.

        Zeure bi gutunak berriz igortzen dizkizut, eta baldin zuhurra bazara, horiek izanen dituzu azkenak une zoriontsua iragan arte. Hain berandu ez balitz, Volanges ttipia aipatuko nizuke, aski bizkor ari baita aitzinatzen eta bozkario handitan bainauka. Zu baino lehenago finituko dudala uste dut, eta oso pozik egon behar zenuke beraz. Gaurkoz adio.

...tik, 17**ko abuztuaren 24an.

 

 

XXXIV. GUTUNA

VALMONTEKO BIZKONDEAK MERTEUILEKO MARKESARI

 

        Ezinago bikain mintzo zara, adiskide ederra: baina zergatik horrenbertze nekatu mundu guztiak badakiena frogatzeko? Amodioan azkar ibiltzeko, hobe mintzatzea izkiriatzea baino; horra, nire ustean, zure gutun osoa. Zer ordea! Seduzitzeko artearen osagairik sinpleenak dira horiek. Soil-soilik ohartaraziko dizut ezen hatsapen horri ez diozula salbuespen bat baizik egiten, eta baditu bi. Bide horri herabetasunagatik jarraitzen dioten eta beren burua ezjakinean ematen duten haurrei, jakitate handiko emakumeak behar zaizkie erantsi, beren buruei dieten maitasunari men eginik bide horretara lerratzen baitira, eta handinahiez segadara abiatzen. Konparazione, segur naiz B...ko kondesak, zeinak eragozpenik gabe ihardetsi baitzion nire lehen gutunari, ez ninduela artean maite nik hura maite nuen baino gehiago; eta ez zuela beraz ohoragarria iruditzen zitzaion norbait tratatzeko okasioa baizik ikusi.

        Zernahi ere dela, abokatu batek erranen lizuke hatsapen hori ez dagokiola auziari. Alabaina, uste duzu izkribuzkoaren eta mintzoaren arteko hautua egiten ahal dudala, eta hori ez da horrela. 19ko aferaz geroztik, nire andre bihozgabe horrek, bere burua tinko defendatzeari emana baita, halako trebeziaz oztopatu ditu gure elkar ikusteak, non nire trebezia baitu arras nahasi. Hainbertzeraino non, horrela segituz gero, behartuko bainau berriz ere abantaila hartzeko baliakizunez serioski gogoeta egitera; zeren ez baitut hain segur ere ezein alderditan garait nazan nahi. Nire gutunek berek gerla ttipi bat biztu dute: ez ihardestea askietsi gabe, uko egiten dio gutunok hartzeari. Jukutria berri bat behar dut asmatu batbederarentzat, eta ez dut beti erdiesten.

        Oroituko zara zein bide sinplez igorri nion lehena; bigarrenak ez zuen eragozpen gehiagorik. Bere gutuna itzul niezaion eskatu zidan: neurea eman nion harenaren ordez, hark fitsik susma zezan gabe. Baina dela engainatua izanaren hisiagatik, dela gutiziagatik, edo dela azken finean bertuteagatik, zeren bertutean sinetsaraziko ere baitit, setati ukatu zidan hirugarrena. Uko horren ondorioz jasan uste zuen durduzak haatik etorkizunean zentzatuko duela uste dut.

        Ez nintzen asko harritu nik soil-soilki eskaintzen nion gutun hura hark hartu nahi ez izanaz; zerbait ematea zatekeen jadanik, eta nik defentsa luzeago bat igurikitzen dut. Entseiu horren ondoren, ez baitzen bidenabar eginiko ahalegin bat baizik izan, jarri nion neure gutunari estalki bat; eta garbiketarako uneaz baliatuz, Rosemonde andrea eta gelaria haren ondoan baitziren, igorri nion neure sehiaren bidez, eskatua zidan papera zela Tourvel andreari errateko manuz. Ontsa asmatu nuen Tourvel andreak beldur izanen ziola ukoarekin batera eman beharko zuen eskandaluzko argibideari: gutuna hartu zuen alabaina; eta nire mezulariak, Tourvel andrearen begitarteari so egoteko manua betez, eta aski behatzaile ona baita, gorritasun doi bat eta sumina baino durduza gehiago baizik ez zion hauteman.

        Pozarren nintzen beraz, jakina, zeren edo gutun hura gordetzen zuen, edo nahi baldin bazidan itzuli, nirekin bakarka beharko zuen egon; eta orduan banuke hari mintzatzeko okasio bat. Oren bat ingururen buruan, sartu da haren mirabe bat nire gelan, eta eman dit, bere etxekoandrearen partetik, paket bat neurearen molde desberdinekoa, kartazalean idazmolde txit desiratu hura hauteman niona. Itsumustuan ireki dut... Nire gutun bera zen, ireki gabe eta soilik bitan plegatua. Badut susmoa eskandalua saihesteko hura bezain zuhur jokatuko ez nuelako beldurrak ez ote zion deabruzko jukutria hura baliarazi.

        Ezagutzen nauzu; ez dizut neure sumina irudikatu beharrik. Alabaina odol hotzera etorri behar izan nuen berriz, eta bide berriak bilatu. Hona kausitu nuen bakarra.

        Etxe honetatik joaten dira, goizoro, posta etxera gutunen bila, hiru bat laurden lekoako bidea eginez: baliatzen dute xede horretarako atabaka baten gisara estaliriko kutxa bat, zeinaren giltza bat postako nagusiak baitu eta Rosemonde andreak bertzea. Nork bere gutunak hor sartzen ditu egunean zehar, on iduri zaionean; eramaten dituzte arratsean posta etxera, eta joaten dira goizean heldu direnen bila. Mirabeek oro, kanpotar nahiz etxeko, berdin dagite zerbitzu hori. Ez zen nire sehiaren txanda; baina posta etxera joateko ardura hartu zuen, bazter hartan eginkizunik bazuelako estakuruan.

        Bizkitartean neure gutuna izkiriatu nuen. Helbidea ezartzeko neure idazmoldea aldatu nuen, eta aski ontsa imitatu nuen, azalaren gainean, Dijon-eko zigilua. Hiri hori hautatu nuen, jostagarriagoa iruditzen zitzaidalako, senarraren eskubide berberak galdatzen nituenez gero, nik ere leku beretik izkiriatzea, bai halaber nire emakume eder hark Dijonetik gutunik hartu gogo zela egun osoan aipatua zuelako. Zuzen eta bidezko iruditu zitzaidan Tourvel andreari plazer hura ematea.

        Zuhurtziazko neurri horiek hartu ondoren, erraza zen gutun hura bertzeekin batera jartzea. Jokabide horren bidez halaber izanen nintzen gutun hartzearen lekuko: zeren hemengo ohitura baita gosaltzeko bildu eta elkarrengandik bereizi baino lehen gutunak noiz helduko igurikatzea. Heldu ziren azkenik.

        Rosemonde andreak kutxa ireki zuen. «Dijonetik», erran zuen, gutuna Tourvel andreari emanik. «Ez da nire senarraren idazmoldea», erantzun zuen hark bozean kezka ageri, zigilua berehala hautsiz: lehen begi ukaldiak jakinaren gainean jarri zuen; eta begitartea halako moldez irauli zitzaion non Rosemonde andrea ohartu baitzitzaion, eta erran zion: «Zer duzu?» Ni ere hurbildu nintzaion, erranez: «Gutun hori horren izugarria dea bada?» Debot herabeti hura ez zen begiak jasotzera ausartzen, ez zuen hitzik erraten, eta bere asaldura ezkutatzeko, egin zuen letra hura lerro pasan irakurtze irudi bat, ez egon arren irakurtzeko egoeran. Plazerra hartu nuen haren asalduaz; eta ez ninduen beltzuritzen emakume hura doi bat estutzeak: «Iduri baitu lasaiago zaudela», erran nuen, «pentsa liteke gutun horrek areago harritu zaituela hilduratu zaituen baino.» Kolera izan zuen orduan zuhurtzia baino iradokitzaile hobea. «Hor bilduak dira», ihardetsi zuen, «laidotzen nauten gauzak, eta harriturik nauka nehor horiek izkiriatzera ausartu izanak.» — «Eta nork bada?» eten zion Rosemonde andreak. «Ez du sinadurarik», ihardetsi zion emakume eder hark suminez: «baina berdin ditut erdeinatzen gutuna eta egilea. Biziki eskertuko nizueke gutun hau sekula gehiago ez aipatzea.» Hitz horiek erranik, hautsi zuen eskutitz ausart hura, bildu zituen puskak sakelan, zutitu zen, eta jalgi.

        Sumin hura gorabehera, nire gutuna eskuetaratu zitzaion haatik; eta haren jakinminari guztiz nagokio, gutuna oso-osorik artoski irakurriko zuela uste izateko.

        Egun hartako xehetasunek urrunegi ninderamateke. Kontakizun honekin batera dihoakizu nire bi gutunen zirriborroa: nik bezainbat jakinen duzu. Baldin nire gutunen nondik norakoak jakin nahi bazenitu, nire jatorrizko izkribuak irakurtzera ohitu beharko zara: zeren ezinen bainuke irentsi gutunok berriro kopiatzeko asperra. Adio, adiskide ederra.

...tik, 17**ko abuztuaren 25ean.

 

 

XXXV. GUTUNA

VALMONTEKO BIZKONDEAK
TOURVEL LEHENDAKARIAREN EMAZTEARI

 

        Behar zaizu obeditu, andrea, behar zaizu frogatu ezen zuk niri egoztea plazer duzun hutsegiteen erdian, badudala oraino begirune aski zilegi nukeen liskarrik zuri ez egiteko, eta kuraia aski orobat neure burua sakrifiziorik mingarrienak egitera behartzeko. Isiltasuna eta ahanztura manatzen dizkidazu! Hots bada! Isiltzera behartuko dut neure amodioa; eta ahantziko dut, ahal izanez gero, zuk egin diozun begitarte krudela. Zuri laket izan nahiak, dudarik gabe, ez zidan begitarte onez hartua izateko eskubiderik ematen, eta aitortzen dut halaber ezen zure bihozberatasunaren premian egotea ez zela eskubide hori erdiesteko agiri bat: nire amodioa laidotzat daukazu ordea; ahanzten zaizu ezen baldin amodio hori hobena baledi, zu zinatekeela aldi berean hoben horren kausa eta estakurua. Ahanzten duzu berebat ezen neure arima zuri irekitzera ohitua nintzenez, nahiz fidantzia horrek berak kalte egin ziezadakeen, ez nitzakeela barneratuak zitzaizkidan sentimenduak zure aurrean jadanik gorde; eta nik fede onez eginari, behatzen diozu ausarkeriaren fruituari bezala. Amodiorik amoltsuenaren, errespetuz beteenaren, egiazkoenaren sari, aienatzen nauzu zugandik urrun. Zeure herra aipatzen didazu azkenik... Nork ez luke deitoratuko gisa horretan tratatua izana? Soilik ni natzaizu makurtzen; oro sofritzen dut eta ez dut marmarrik egiten; zuk jo eta nik jauretsi. Nigan duzun ezin sinetsizko nagusigoaz nire sentimenduek zu zauzkate jaun eta jabe; eta soil-soilik nire amodioa zaizu aihertzen, eta ez dezakezu suntsi, zeren zure obra baita eta ez nirea.

        Ez dut galdatzen sekula harro eduki ez nauen elkarrekikotasunik. Ez dut orobat igurikatzen noizik behin agertu izan didazun interesak igurikaraz ziezadakeen errukia. Uste dut ordea, hala dut aitor, justizia eskatzen ahal dizudala.

        Jakinarazten didazunez, andrea, norbait ibili omen zaizu nire omena zeure gogoan gaitzesten. Baldin zeure adiskideen kontseiluak sinetsi izan bazenitu, ez nindukezun zugana hurbiltzera ere utziko: horiek zure hitzak dira. Zeintzuk dira bada adiskide saiatu horiek? Dudarik gabe jende guztiz zorrotz eta bertute guztiz bortitzeko horiei on iduri bide zaie beren izenak ezagutuak izan daitezen; dudarik gabe ez lukete gerizatu nahiko gaizkierrale zitalekin nahasiko lituzkeen ilunbean; eta ezin egon ninteke haien izenak zein haien erasiak jakin gabe. Egizu kontu, andrea, bata zein bertzea jakiteko eskubidea dudala, horiek baitira zure juzkuaren izariak. Ez da kulpadunik kondenatzen egin duen gaizkia hari erran gabe, akusatzaileak hari izendatu gabe. Ez dut bertze ontarterik eskatzen, eta aldez aurretik hitz ematen dizut neure burua dudala zurituko, gezurtatzera ditudala behartuko.

        Baldin sobera erdeinatu baditut, menturaz, kasu gehiegirik egin ez diedan halako jendeen alferrikako aldarriak, ez dut halakorik egin zure estimuarekin; neure bizia eskaintzen baitut estimu hori merezitzeko, ez dut utziko zigorrik eman gabe bortxaz ken diezadaten. Hanbatenaz baliosagoa da niretzat, non dudarik gabe zorko baitiot egiteko beldur zaren eskari hori, zeinak emanen bailidake, zuk diozunez, zure bihozberatasunaren eskubidea. Ah! Fermuki galdatu ez ezik, zorko nizula usteko nuke, baldin eskainiko bazenit zuri atsegina gertatzeko okasioa. Has zaitez bada nirekin bidezkiago jokatzen, ez ni utzirik nigandik zer nahi duzun jakin gabe. Asma ahal baneza, erran beharraren gaitzetik begiratuko zintuzket. Zu ikusteko plazerrari erants iezaiozu zu zerbitzatzeko zoriona, eta bozkariotan nagoke zure bihozberatasunaz. Nork bara zaitzake bada? Ez ahal zaitu uko baten beldurrak baratuko? Biziki sumatzen dut beldur hori ez nizula barkatzen ahalko. Zeure gutuna zuri ez bihurtu izana ez da uko. Zuk bainoago nahi dut gutun hori sekula izan ez dakidan beharrezkoa: baina arima guztiz eztia zarela uste izatera ohitua, gutun horretan baizik ezin zaitut kausi zuk ageri nahi duzun gisa. Hartu dudalarik zu sentikor bihurtzeko xedea, gutun horrek jakinarazten dit ezen, xede hori onartu baino lehen, ihesi zindoazkeela nigandik ehun lekoara; zugan duzun guztiak nire amodioa berretzen eta justifikatzen duelarik, gutun hori bera da nire amodioak laidotzen zaituela errepikatzen didana; eta zu ikustetik beretik, amodio hori ontasunik gorena iruditzen zaidalarik, zure hitzak irakurri beharrean naiz jakiteko nire amodioa ez dela zuretzat oinaze izugarri bat baizik. Orain ulertuko duzu ezen zorigaiztoko gutun hori zuri eman ahal izanik, handia litzatekeela nire zoriona: gutun hori niri berriz eskatzea litzateke han izkiriaturik dena sekula gehiago ez sinesteko baimena niri ematea; ez ahal duzu dudarik eginen gutun hori zuri itzultzeko dudan lehiaz!

...tik, 17**ko abuztuaren 21ean.

 

 

XXXVI. GUTUNA

VALMONTEKO BIZKONDEAK
TOURVEL LEHENDAKARIAREN EMAZTEARI

(Dijonen zigilatua)

 

        Zure zorroztasuna egunez egun ari da handitzen, andrea, eta erratea zilegi bazait, iduri du beldur gutxiago diozula bidegabea izateari bihozbera izateari baino. Aditu ere gabe kondenatu nauzunez geroztik, aise sumatu behar izan duzu, alabaina, errazagoa litzatekeela zuretzat nire arrazoiak ez irakurtzea, haiei erantzutea baino. Neure gutunak temaz dizkidazu ukatzen; mesprezuz neuri berriz igortzen. Jukutriaz baliatzera behartzen nauzu azkenik, nire fede onean zu sinestera behartzera bertze xederik ez dudan unean berean. Zuk ni neure burua defendatzeko premian jarri izana aski izanen da dudarik gabe baliabideok barkatzeko. Neure sentimenduen zintzotasunean hain dut bertzalde uste osoa, non sentimenduok zuri justifikatzeko aski baitut haiek zuri ontsa ezagutaraztea, eta uste izan dut beraz itzulinguru arin hori baliatzea zilegi nuela. Zilegi izan bekit halaber uste izatea ezen barkatuko didazula itzulinguru hori; ezen ez zaituela sobera harrituko amodioa izatea are maltzurragoa nonahi agertzen, axolakabekeria amodioa baztertzen baino.

        Utzi bada, andrea, nire bihotzari zure aurrean estalkirik gabe agertzen. Zu zaitu jabe, zuzen da ezagut dezazun.

        Urrun bai urrun nintzen, Rosemonde andrearen etxera heldurik, han zain nuen asturua aldez aurretik iragartzetik. Ez nekien zu han zinenik; eta erranen dut orobat, ohi dudan bezain zintzoki, ezen jakin izan banu, nire segurantza ez litzatekeela asaldatua: ez hain zuzen zure edertasunari zuzenki eta bidezki ezin uka zaion mira erakusten ez niolako; baina ohitua nintzenez desirak baizik ez sentitzera, esperantzak adoretzen zituen desira haietara baizik ez makurtzera, ez nituen amodioaren hildurak ezagutzen.

        Zu izan zinen lekuko nola Rosemonde andreak arren eta arren eskatu zidan finka nendin hemen bolada batez. Egun oso bat egina nuen zure ondoan: haatik soil-soilik men egin nion, edo men egin uste izan nion bederen, ahaide agurgarri bati neure begikotasuna agertzeko plazer arras natural eta arras zilegiari. Hemengo biziera dudarik gabe ni ohitua nintzenaren oso bertzelakoa zen; ez zitzaidan deus gostatu biziera hartara moldatzea; eta, nigan gertatzen ari zen aldaketaren kausan barneratzera entseiatu gabe, aldaketa hura egozten nion soil-soilik neure izate on ustez jadanik aipatua dizudanari.

        Ondikotz (eta zergatik behar du izan ondiko?), zu hobeki ezaguturik, berehala ohartu nintzen begitarte zoragarri hura, ordu arte hura izan baitzen hunkitu ninduen gauza bakarra, ez zela zure dohainik den mendrena baizik; zure arima zerutiarrak nirea harritu eta liluratu zuen. Edertasuna miresten nuen, bertutea jauresten. Zu erdiesteko asmorik gabe, zu merezi izaten ahalegindua nintzen. Nire iraganarentzat zuri bihozberatasuna galdaturik, zure onespena irrikatzen nuen etorkizunerako. Onespen hura zure hitzetan bilatzen nuen, zure behakoetan barrandatzen; zenbatenaz nahigabe isuria eta mesfidantzarik gabe hartua baitzen, hanbatenaz arriskutsuagoa zen pozoi baten iturburu ziren behako haietan.

        Amodioa orduan ezagutu nuen. Amodioa deitoratzetik hain nintzen ordea urrun! Isiltasun eternal batean hura hobiratzera deliberatua, beldurrik gabe nola begiramenik gabe emana nintzaion sentimendu zoragarri hari. Egunetik egunera haren nagusigoa gehituz zihoan nigan. Zu ikusteko plazerra aurki bihurtu zen zu ikusteko premia. Aldentzen zinela une batez? Tristurak bihotza hertsatzen zidan; itzuli zinela iragartzen zidan hotsa aditzearekin, bihotza bozkarioz taupadaka ari zitzaidan. Jadanik zugatik eta zuretzat baizik ez nintzen existitzen. Haatik, zuhaur deitzen zaitut lekuko: jolas jostarien alaitasunean, edo solas serios interesgarri batean, nehoiz itzuri zaita elerik nire bihotzeko sekretua tradi zezakeenik?

        Heldu zen azkenik nire zorigaitza ekarri behar zuen eguna; eta ezin sinetsizko asturugaitzaz, egintza onest bat egokitu zitzaion zorigaitzari seinale. Bai, andrea, artatu nituen dohakabeen erdian eman zenuen burutara, edertasuna bera edertzen duen eta bertuteari are balio gehiago ematen dion sentikortasun eder horri men eginez, amodioaren soberaz jadanik horditua zen bihotz haren nahasmendua. Oroituko duzu, agian, zer nolako kezkak hartua nindukan etxera bidean! Ondikotz! Ahalegin bizian ari nintzen borrokan nagusitzen ari zitzaidala sumatzen hasia nintzen jaiduraren kontra.

        Nire indarrak borroka gaitz hartan ahitu ondoren, aldez aurretik ezin ikus nezakeen halabeharraz horra non zurekin bakarka nintzen egokitu. Orduan, fin gaitz egin nuela zinez dizut aitor. Nire bihotz mukuru beteak ez hitzik ez malkorik atxiki zezakeen. Hori bilaukeria ote? Eta baldin bilaukeria bada, ez ote da jasaten ari naizen sofrimendu ikaragarriez aski zigortua?

        Esperantzarik gabeko amodioak suntsitua, zure urrikiari otoizka ez dut kausitzen herra baizik: zu ikusteko bozkario hutsari ederretsirik, nire begiak bila dituzu nire gogoaz haraindi, zure behakoen hurbiltasunaz ikaraz dardaraturik. Zure eraginez eroria naizen egoera krudel honetan, neure penak ezkutatzen ematen ditut egunak eta penaren penaz atsekabeturik gauak; zuk aldiz, lasai eta baratxe, ez dituzu oinaze horiek ezagutzen, ez bada sorrarazteko eta gogobeterik begiesteko. Hala eta guztiz ere, zu deitorez, eta ni barkamen eske.

        Horra beraz, andrea, horra zuk nire hobentzat dauzkazun eta ausaz, bidezkiago izatera, nire malurak deitu behar zeniekeen horien kontakizun fidela. Amodio garbi eta egiazkoa, sekula gezurtatua izan ez den begirunea, guztizko mendetasuna; horiek dira eragin dizkidazun sentimenduak. Ez nukeen sentimenduon eskaintza begirunezkoa Jainkoari berari egiteko beldurrik. O zu, Jainkoaren obrarik ederrena zaren horrek, izan zakizkio jarraitzaile bere bihozberatasunean! Aintzat har itzazu nire pena krudelak; aintzat har ezazu oroz gain ezen, etsipenaren eta zorionik gorenaren artera ekarri nauzunez, erranen duzun lehen eleak sekula betiko erabakiko duela nire asturua.

...tik, 17**ko abuztuaren 23an.

 

 

XXXVII. GUTUNA

TOURVEL LEHENDAKARIAREN EMAZTEAK
VOLANGES ANDREARI

 

        Men egiten diet, andrea, zure adiskidantzak ematen dizkidan kontseiluei. Beti zure iritzira erortzeko ohituraz, ohitu naiz orobat iritziok betiere arrazoian bermatuak direla uste izatera. Aitortuko dut halaber ezen Valmont jauna guztiz arriskutsua behar dela izan, alabaina, baldin ager ahal badadi hemen ageri den itxuran, eta izan badadi aldi berean zuk irudikatzen duzun bezalakoa. Nolanahi ere den, fermuki galdatzen baitidazu, nigandik dut aldenduko; neure ahala eginen dut bederen: zeren sarri gauzak, nahiz funtsean sinpleenak izan behar luketen, trabagarri gertatzen baitira formaren aldetik.

        Haren izebari galde hori egitea ezinkizun iruditzen zait betiere; berdin litzateke adeitasun gutxi erakustea, hala izebari, nola ilobari. Nihaur urruntzeko xedea ere ez nuke halako higuinik gabe hartuko: zeren Tourvel jaunari dagozkion arrazoi dagoeneko jakinaraziak dizkizudan horiez gainera, baldin nire partitzea gaitzituko balitzaio Valmont jaunari, balitekeena, ez ote ninduke Parisa aiseki segituko? Eta hura itzuli izana, nigana biltzeko edo nigana bildu uste izateko xedez, ez litzateke landan, hark ahaide eta nik adiskide dudala jende orok badakiten presuna baten etxean, elkarrekin egote bat baino bitxiagoa?

        Ez zait bertze irtenbiderik gelditzen, non ez baita harengandik erdiestea otoi arren urrun dakidan. Badakit proposamen hori zaila dela egiten; nola iruditzen baitzait setatua dela haatik bertzek uste baino onestagoa dela niri frogatzen, hori erdiesteaz ez dut beraz etsi. Entseiatzeak berak ere ez nau samurtuko; ez eta egokierarik izateak ere jujatzeko ea, hark ardura dioen bezala, emakume zinez onestek sekula izan ote duten, sekula izan ote dezaketen haren jokabidea deitoratzeko arrazoirik. Baldin partitzen bada, nik nahi dudan bezala, partituko da alabaina niri didan begiruneagatik: zeren ez baitezaket duda larrazkenaren zati handi bat hemen egiteko xedea duela. Baldin nire galdeari uko egiten badio eta tematzen bada hemen geratzen, baduket betiere partitzeko astirik, eta hala eginen dudala hitz ematen dizut.

        Horra, nire iduriko, andrea, zure adiskidantzak nigandik galdatzen zuen guztia: ahalegintzen naiz zure adiskidantza gogobetetzen, bai orobat zuri frogatzen ezen Valmont jauna biziki suhar defendatu izanagatik, prest naizela hargatik neure adiskideen kontseiluak aditzera ez ezik, jarraitzera ere.

        Ohorez bainaiz, etab.

...tik, 17**ko abuztuaren 25ean.

 

 

XXXVIII. GUTUNA

MERTEUILEKO MARKESAK VALMONTEKO BIZKONDEARI

 

        Berriki heldu zait zure paket handia, bizkonde maitea. Data zuzen baldin badu, hogeita lau oren lehenago behar nukeen hartu; zer nahi ere den, baldin irakurtzeko astia hartuko banu, ihardesteko astirik ez nuke. Nahiago dut bada gutuna hartu dudala zuri jakinarazi, eta bertze zerbaitez mintzatu. Ez uste gero deusik badudanik zuri errateko; larrazkenak ez du Parisen giza itxurako gizonik kasik uzten: hilabete badu, beraz, fin gaitz egiteko bezain zintzo nabilela; eta nire jarraikitasunaren frogek aspaldi unatua zuketen nire zalduna ez bertze edozein. Zertan ariturik ez baitut, Volanges ttipiarekin ematen dut denbora; eta harez nahi natzaizu mintzatu.

        Badakizua zuk uste baino anitz ere gehiago galdu duzula haur hori zeure gomendioan ez harturik? Zinez zoragarria da! Ez du ez nortasunik ez oinarrizko araurik; egizu kontu zein eztia eta aisea datekeen haren lagunartea. Ez dut uste sentimenduan sekula gailenduko denik; baina orok sentimenik bizienak iragartzen ditu harengan. Zentzurik eta maltzurkeriarik gabea izaki, badu haatik halako faltsutasun berezko bat, baldin horrela mintzatzea zilegi bada, nihaur batzuetan harriturik naukana, eta hanbatenaz arrakasta gehiago dukeena, non haren begitarteak xalotasunaren eta lañotasunaren irudia eskaintzen baitu. Arrunt maitekorra da jaiduraz, eta batzuetan biziki libertitzen naiz harekin: bere buru ttipia berotzen zaio sinetsi ezin ahala erraz; eta orduan hanbatenaz irrigarriagoa da, zenbatenaz ez baitaki deus, deusik ere ez, jakiteko irrika bizian den horretaz. Ezinegon guztiz ere bitxiek hartzen dute; irri egiten du, hisiak egoten da, negar egiten du, eta gero irakats diezaiodan erregutzen dit, halako fede on zinez liluragarriaz. Egiazki, ia jeloskor naiz plazer hori beretzat gordea duen presunaz.

        Ez dakit gaztigatu dizudan ezen duela lau edo bortz egunez geroztik ohore handiz isilmandatari naukala. Pentsa dezakezunez, hasieran zorrotzarena egin nuen: baina haren arrazoi makurretara bildu uste ninduela konturatu nintzen bezain sarri, egin nuen arrazoiok ontzat hartze iduri bat; eta barne muinetik uste du erdieste hori bere hitz ederrei zor diela: zuhurtziazko izari hori beharrezkoa zitzaidan arriskutan sartu nahi ez banuen. Eman diot izkiriatzeko eta maite zaitut errateko baimena; eta egun hartan berean, hark susmorik ez zuela, prestatu nion buruz buruko bat bere Dancenyrekin. Egizu kontu ordea Danceny zeinen ergela den halere, ez baitu musu bat ere erdietsi. Mutil horrek arras neurtitz ederrak egiten ditu haatik! Jainko jauna! Jende ikasi horiek zeinen zozoak diren! Mutil hau ni asaldatzeko heineraino da zozoa; zeren azken finean ez baitut gidatzen ahal!

        Balio handikoa zinateke orain niretzat. Beraren isilmandatua hartzeko bezain atxikia zara Dancenyri, eta behin egina dizula, fite gindoazke. Aiena beraz lehendakariaren emaztea, zeren azken buruan ez baitut Gercourt salba dadin nahi: bertzenaz, atzo egin nion haren aipua neskatxa ttipi horri, bai senargaia hari hain ontsa irudikatu ere, non hamar urtetan egonagatik harekin esposaturik, ez baitzezakeen gehiago gorrota. Anitz predikatu diot haatik ezkonlegeaz; puntu horren inguruan deusek ez dezake nire zorroztasuna gaindi. Halatan, batetik, finkatzen dut harengan emakume bertutetsua naizelako omena, sobera amore emanez gero suntsitua zatekeen eta; bertzetik, gehitzen dut haren baitan haren senarrari opa nahi diodan herra. Eta azkenik, hari sinetsarazirik ezkongabe gelditzen zaion denbora gutxia bitartean baizik ez dukeela zilegi amodioaz gozatzea, aileza fiteago delibera amodiotik fitsik ez galtzea!

        Adio, bizkonde; apaintzen hastera noa, zure liburukia bitarte horretan dut irakurriko.

...tik, 17**ko abuztuaren 27an.

 

 

XXXIX. GUTUNA

CÉCILE VOLANGESEK SOPHIE CARNAYRI

 

        Triste eta kezkaturik nago, Sophie maitea. Ia gau osoa negarretan eman dut. Ez uste oraingoz oso zoriontsua ez naizenik; baina aldez aurretik ikusten dut zorion horrek ez duela iraunen.

        Atzo operan izan nintzen Merteuil andrearekin; luzaz solastatu ginen nire ezteiez, eta ez dut deus onik jakin. Gercourt jaun kondea beharko dut esposatu, eta urriko hilean izanen da. Aberatsa da, goimailako gizona da, ...ko errejimentuko koronela da. Horraino dena ontsa. Baina, hasteko, zaharra da: egizu kontu badituela gutxienez hogeita hamasei urte! Eta, horrez gainera, Merteuil andreak dio gizon hori tristea eta zorrotza dela, eta beldur dela berebat harekin ez ote naizen zoriontsua izanen. Ontsa ikusi dut halaber segur zela horretaz, eta ez zidala erran nahi, atsekaberik har ez nezan. Bilkura osoan ez zait kasik emakumeek senarrarekin dituzten betekizunez baizik mintzatu: aitortu dit Gercourt jauna ez dela batere maitagarria, eta maitatu beharko dudala dio haatik. Ez dit erran bada esposatzen naizenetik beretik Danceny zalduna ez dudala gehiago maitatzen ahalko? Halakorik ezin! O! Zinez diotsut beti eta beti maiteko dudala. Hara, nahiago nuke ez esposatu. Hor konpon dadila Gercourt jaun hori, ez naiz ni joan haren xerka. Orain Korsikan da, hemendik oso urrun; ailedi hamar urtez han gera! Komentura berriz joateko beldur ez banintz, amari erranen nioke ez dudala senar hori nahi; okerrago litzateke ordea. Asaldu bizian naiz. Uste dut ez dudala Danceny jauna orain bezainbat sekula maitatu; eta nagoenean egoteko hilabete baizik ez zaidala gelditzen pentsatzetik beretik, berehala datozkit malkoak begietara; Merteuil andrearen adiskidantzan baizik ez dut kontsolamendurik; hain da bihotz onekoa! Nihaurk bezala ditu hark nire xangrinak bere egiten; eta hain atsegina da bertzalde, non harekin naizenean ez baitut kasik ezteietan gogoetarik egiten. Oso baliagarria zait orobat; zeren dakidan gutxia, hark irakatsi baitit: eta hain da ona, non pentsatzen dudan guztia erraten baitiot, batere ahalketu gabe. Gaizki egindakorik kausitzen didanean, liskar egiten dit batzuetan; eztiki liskartzen nau ordea, eta gero bihotz-bihotzez besarkatzen dut, harik eta haserrea baretzen zaion arte. Andre hori bederen, nahi hainbat maita dezaket, oker jokatu gabe, eta biziki atsegin dut hori. Elkarri hitz emana diogu haatik ezen ez dudala jendaurrean, eta batez ere amaren aurrean, berari diodan maitasuna argi adieraziko, Danceny zaldunaren sujetaz deusen susmorik nehork har ez dezan. Zinez diotsut ezen orain bizi naizen bezala bizi ahal banendi, uste dut arras zoriontsua nintzatekeela. Gercourt jaun zital hori behar zen tarteko gertatu!... Ez dizut ordea gizon hori gehiago aipatuko: berriz tristetuko bainaiz. Horren ordez, banoa Danceny zaldunari izkiriatzera; neure amodioaz baizik ez diot hitz eginen eta ez neure xangrinez, ez baitut atsekabetzea nahi.

        Adio, adiskide mina. Ikusten duzu ez duzula zer deitoraturik, eta egiteko asko ditudan arren, zuk diozun bezala, badut alabaina zu maitatzeko eta zuri izkiriatzeko astirik.

...tik, 17**ko abuztuaren 27an.

 

 

XL. GUTUNA

VALMONTEKO BIZKONDEAK MERTEUILEKO MARKESARI

 

        Ez du aski nire emakume bihozgabe horrek nire gutunei ez erantzutea, gutunok hartzeari uko egitea; bera ikusteaz nahi nau gabetu, urrun nadin eskatzen dit. Are gehiago harrituko zaitu hala ere, horrenbertzeko zorroztasunari nik men egin izanak. Gaitzetsiko nauzu. Ez dut haatik uste manu bat hartzeko okasioari uko egin behar nionik: uste osoan bainaiz, batetik, manatzaileak hitza ere ematen duela; eta bertzetik, emakumeei hartzera uzten bide diegun aginpide alegiazkoa nekez saihesten duten segada bat dela. Bertzenaz, emakume honek nirekin bakarka ez egoteko erakutsi duen trebetasunak egoera arriskutsu batean jartzen ninduen, eta uste izan dut egoera horretarik zernahi gostarik ere behar nintzela jalgi: zeren harekin etengabe egonik, eta nire amodioaz ezin mintzaturik, beldur izatekoa baitzen ez ote zen azkenean ohituko ni durduzarik gabe ikustera; eta jarrera hori badakizu zeinen aldagaitza den.

        Bertzenaz, sumatuko duzu ez naizela baldintzarik gabe makurtu. Hartu ere dut ezin onartuzko baldintza bat jartzeko ardura; hala izan nadin betiere jaun eta jabe hitza atxikitzeko, edo hitza jateko, nola harekin eztabaidan hasteko, dela bozez, dela izkribuz, neure eder horrek begikoago naukakeenean, edo nik hura begikoago izateko premian datekeen unean: erran gabe doa arras moldakaitza nintzatekeela, baldin aurkitu ez banu funtsik ere ez duen nahikunde horri uko egiteagatik ordainen bat erdiesteko biderik.

        Neure arrazoiak aitzinsolas luze honetan zuri adierazi ondoren, hastera noa azken bi egunen nondik norakoa kontatzen. Zuribide gisa gutun honi nire eder horren gutuna eta nire erantzuna erantsiko dizkiot. Ados izanen zara nirekin ezen ez dagoela historialari askorik ni bezain zehatzik.

        Oroituko duzu zer nolako ondorioa sortu zuen herenegun goizean Dijoneko nire gutunak; geroztik eguna oso ekaitztsua izan zen. Ahalketi eder hura ez zen bazkaltzeko orena arte jin, eta jakinarazi zuen buruko min handia zuela; ez zen estakuru huts bat baizik, emakume batek izan dezakeen suminaldi gaiztoenetako bat estali nahi zuena. Begitartea zinez mudatua zuen; zuk ikusi izan diozun aurpegiera eztia beltzuri bilakatua zuen, bertze edertasun bat emanik. Hitz emana diot neure buruari aurkikuntza hori gerora ere baliatzea; eta noizean behin ordezkatzea maitale amoltsua, maitale beltzurituaz.

        Aldez aurretik ikusi nuen bazkalondoa tristea izanen zela; eta asperretik salbatzeko, gutunak idatzi behar nituelako estakuruan gelaratu nintzen. Sei orenen inguruan itzuli nintzen egongelara; Rosemonde andreak promenatzera joatea proposatu zuen, eta guk onartu. Baina organ sartzeko unean, ustez eri zena, infernuko maltzurkeria batez, eta beharbada nire ausentziaz mendekatzeko, estakuruketan hasi zen, oinazeak areagotuak zitzaizkiolakoan, eta urrikirik gabe jasanarazi zidan neure izeba xaharrarekiko buruz buruzkoa. Ez dakit eme deabru horren kontra egin nituen arneguak entzunak izan ziren, baina etxeratu ginelarik ohean kausitu genuen.

        Biharamunean, gosarian, ez zen jadanik emakume bera. Berezko eztitasuna berriz agertu zen, eta barkatua izan nintzela uste izan nuen. Gosaria doi-doia bukaturik, horra non emakume ezti hura dolorezko itxuran zutitu zen, eta parkean sartu; jarraiki nintzaion, pentsa dezakezunez. «Nondik sor liteke promenatu nahi hori?» erran nion hari alboratuz. «Luzaz izkiriatu dut gaur goizean», erantzun zidan, «eta burua doi bat akitua dut.» — «Ez ote naiz aski zoriontsua», erran nion, «neure buruari egozteko akidura horren errua?» — «Izkiriatu dizut alabaina», erantzun zidan berriz, «baina zalantzan nago gutuna zuri eman edo ez. Eskari bat du adierazia, eta zuk ez nauzu ohitu nire eskariak bete daitezen igurikatzera.» — «Ah! Zin dagit ezen ahal baneza...» — «Deus ez da errazagorik», eten zidan; «eta beharbada eskari hori bidezkotasunez bete beharko zenidakeen arren, onartzen dut ontarte gisa erdiestea.» Ele horiek erranik, gutuna luzatu zidan; gutuna hartzerakoan, hartu nion orobat eskua, gibelatu zuen ordea, baina suminik gabe eta bizitasun baino durduza gehiagoz. «Uste baino bero gehiago egiten du», erran zuen; «gaitezen etxera.» Eta gazteluko bidea hartu zuen berriz. Alferrikako ahaleginak egin nituen andre hura promenatzen jarraitzera limurtzeko, eta norbaitek ikus gintzakeela oroitu behar izan nuen, hitz ederrez baizik ez baliatzeko. Hitzik erran gabe sartu zen, eta argi ikusi nuen promenaldi itxuratu hark niri gutuna ematea bertze xederik ez zuela izan. Etxean sartu eta bere gelara igo zen, eta ni neurera joan nintzen gutun hura irakurtzera, eta zuk ere irakurri behar zenituzkeela uste dut, bai gutun hori bai nire erantzuna ere, urrunago joan baino lehen...

 

 

XLI. GUTUNA

TOURVEL LEHENDAKARIAREN EMAZTEAK
VALMONTEKO BIZKONDEARI

 

        Iduri du, jauna, nirekin duzun jokabideagatik, zure kontra nituen kexakizunak, egunez egun, emendatu baizik ez dituzula nahi. Entzun nahi ez dudan, entzun behar ez dudan sentimendu batez nirekin setatsu, etengabe, solastatu nahia, zure gutunak emateko nire fede onaz, edo nire herabetasunaz, beldurrik gabe neurriz gain baliatu izana; batez ere azkena nigana helarazteko baliatu duzun bide erranen nuke adeitasun gutxikoa, arriskuan jar nintzakeen ezustearen ondorioari beldurrik izan gabe; hori guztiagatik behar nizkizuke egin liskar hain bizi nola zuzen eta egoki mereziak. Hala ere, laido horiek berriz aipatu beharrean, tinko nagokio zuri eskari xalo bezain bidezko bat egiteari; eta baldin zugandik eskari hori erdiets baneza, oro ahantzia izan dadin onartuko nuke.

        Zuhaurk erran izan didazu, jauna, ez niola uko bati beldurrik izan behar; eta nahiz, zuk berezkoa duzun segida eza batez, egin zeniezadakeen uko bakarra perpaus horren beraren ondoren jarri duzun, nahi dut sinetsi ez duzula egungo egunean gutxiago beteko duela oso egun gutxi egiaz eta benaz eman zenidan hitza.

        Nahi dut beraz nigandik urruntzeko begirunea ager diezadazun; gaztelu honetatik alde egin dezazun, zeren zure egonaldia luzatzeak ez baininduke lagun hurkoaz gaizki pentsatzera beti prest dauden jendeen juzkuaren are mendeago baizik utziko, jende horiek sobera baizik ez baitituzu ohitu lagunartean onartzen zaituzten emakumeei begi ematera.

        Nahiz adiskideek aspaldidanik arrisku horrez egina zidaten gaztigu, haien iritziez ezaxolatu nintzen, buru egin ere nien, nigana izan duzun jokabideak sinetsarazi ahal izan zidan heinean ezen ez ninduzula nahasi nahi izan zutaz kexakizunik izan duten emakume guzti-guzti horiekin. Egungo egunean haien gisara tratatzen nauzunez, horren berri jakin gabe ezin jadanik egon naitekeenez, halabeharrezko xede hori hartzea zor diet jendeei, neure adiskideei, neure buruari. Erran nezake ere ezen nire eskariari uko eginez ez zenukeela deus irabaziko, deliberatua nola bainaiz nihaur partitzera, baldin hemen baratzera setatuko bazina: ez dut ordea neholaz ere gutxitu nahi ontarte horregatik agertuko nizukeen esker ona; eta nahi dut jakin dezazun ezen nire partitzea derrigorturik nire prestakizunak zapuztuko zenituzkeela. Froga iezadazu bada, jauna, ezen, zuk anitzetan erran didazun bezala, emakume onestek ez duketela sekula zutaz zer deitoraturik; froga iezadazu, bederen, ezen hutsik egin diezunean, badakizkizula huts horiek konpontzen.

        Baldin neure eskaria justifikatu beharrean nintzela usteko banu, aski nuke zuri erratea ezen bizitza osoa eman duzula eskari hori premiazko egiten, eta hargatik niri ez zaidala sekula egokitu eskari hori egitea. Ez dezagun ordea gogora ekar ahantzi nahi dudan gertakaririk, eta zu zorrotz jujatzera behartuko nindukeenik, nire esker on guztia merezi izateko okasioa eskaintzen dizudan unean berean. Adio, jauna; zure jokabideak dit erakutsiko zer nolako sentimenduz behar natzaizun izan, sekula betiko, zure zerbitzaririk apalena, etab.

...tik, 17** ko abuztuaren 26an.

 

 

XLII. GUTUNA

VALMONTEKO BIZKONDEAK
TOURVEL LEHENDAKARIAREN EMAZTEARI

 

        Ezartzen dizkidazun baldintzak zein ere diren gogorrak, andrea, uko egin gabe beteko ditut. Badakit ezinezkoa litzaidakeela zure ezein desirari aihertzea. Puntu horretan behin ados egonik, zilegi izan bekit uste izatea ezen utziko didazula niri ere zuri eskari batzuk egiten, zureak baino askoz errazagoak direnak betetzeko, eta haatik erdietsi nahi ez ditudanak, ez bada zure borondateari osoki men eginez.

        Bata, zure bidezkotasunari esker erdiestea igurikitzen dudana, da egin diezadazun zure aurrean salatu nautenen izenak niri errateko ontartea; kalte handia egiten didatenez, baduket, nire ustean, nortzuk diren jakiteko eskubidea: bertzea, zure bihozberatasunagandik igurikitzen dudana, da zure errukia nehoiz baino gehiago merezi dukeen amodio baten eskaintza noizean behin zuri berriz egiteko baimena eman diezadazun.

        Egizu kontu, andrea, zuri obeditzen ahalegintzen naizela, nahiz ezin dizudan neure zorionaren despit baizik obeditu; are gehiago erranen dut, nahiz uste osoan naizen bidegabeki tratatu duzun gizona ikustetik begiratzeko baizik ez duzula parti nadin nahi, ikuskari hori hagitz dolugarria baita.

        Onar ezazu, andrea, beldur gutxiago diezula zu gaitzestera ausartuko ez diren jendeei, sobera ohituak baitira zu errespetatzera, gaitzetsi baino aiseago zigortzen duzun gizon baten presentziak sortzen dizun asalduari baino. Non ere laguntzarik eman nahi ez zaion dohakabetik behakoa ere aldaratzen baita, hala urruntzen nauzu zugandik.

        Baina neure ausentziak oinazeak gehituko dizkidan bitartean, neure kexuak nori adieraz diezazkioket zuri ez bada? Premiazkoak bihurtuko zaizkidan kontsolamenduak norengandik iguriki ditzaket, zugandik ez bada? Ukatuko dizkidazu, zu izanik nire penen kausa bakarra?

        Dudarik gabe ez zaitu orobat harrituko partitu baino lehen ni gogotik lehiatzea zuk eragin dizkidazun sentimenduak zure aurrean justifikatzera; nola ez zaituen berebat harrituko zuk bozez manatu ezean nik urruntzeko kuraiarik ezin hartu ahal izatea.

        Arrazoi bikoitz horrek behartzen nau zuri solas labur baten galdea egitera. Alferrik genuke solasa gutunez ordezkatu nahi izatea: liburukiak izkiriatuagatik gaizki esplikatu ohi da oren laurdeneko solasaldian ontsa ulertarazten dena. Aise kausituko duzu ontarte hori niri egiteko parada: zeren zuri obeditzeko lehiaz egonagatik, badakizu Rosemonde andrea jakinean dela larrazkenaren zati bat haren etxean iragateko dudan xedeaz, eta gutun baten zain behar nuke bederen egon, partitzera behartuko nindukeen afera baten estakurua eman ahal izateko.

        Adio, andrea; hitz hori izkiriatzea nehoiz ez zait horrenbertze gostatu, elkarrengandik banatzearen ideiara naraman une honetan baino. Baldin susma ahal bazeneza ideia horrek zenbat sofriarazten didan, zilegi nuke neure maltsotasuna eskertuko zenidakeela sinestea. Har itzazu, bederen, bihozberatasun gehiagoz, amodiorik amoltsuenaren eta errespetuzkoenaren segurantza eta eskaintza.

...tik, 17**ko abuztuaren 26an.

 

 

XL. GUTUNAREN SEGIDA

VALMONTEKO BIZKONDEAK MERTEUILEKO MARKESARI

 

        Orain, arrazoitu dezagun, adiskide ederra. Jakin badakizu nik bezala ezen Tourvel andre onest herebekeriez beteak ez diezadakeela neure lehen eskaria bete, eta bere adiskideen fidantzia tradi, nire akusatzaileen izenak niri erranez; halatan baldintza horren arabera eginik nire promesak oro, ez dut neure hitza zertan beterik. Baina badakizu halaber ezen Tourvel andreak eginen didan uko hori gainerako guztia erdiesteko baliakizun bihurtuko dela; eta, harengandik hala urrundurik, irabazten dut gutun bidezko harreman ageriko bat hastea harekin, eta haren borondatez: zeren ez baitut aintzat ere hartzen eskatua diodan elkar ikustea, ez baitu kasik bertze xederik, ez bada ni zinez eskariren baten beharretan egon nintekeenean harengandik ukaziorik ez igurikiteko ohitura aldez aurretik emakume horri harraraztea.

        Egiteko bakarra gelditzen zait partitu baino lehen, eta da emakume horren aurrean kalte egiten ari zaizkidanen izenak jakitea. Badut susmoa ez ote den haren senar hantustetsu hori; hala izatea nahi nuke: zeren, ezkon laidoa desiraren akuilu izateaz bertzalde, ziur bainintzateke ezen nire eder hori niri izkiriatzera makurtua den unetik beretik ez dudala senarraz zertan gehiago beldurturik, emaztea jadanik senarra engainatzeko premian bailegoke.

        Baina baldin adiskide bat balu, haren isilmandatua hartzeko bezain mina, eta adiskide hori nire kontra balego, behar-beharrezkoa iruditzen zait haiek etsaitzea, eta erdietsiko dudalako segurantza osoa dut: baina lehen buruan jakinaren gainean behar naiz egon.

        Atzo jakinen nuela uste nuen; baina emakume horrek ez du deus egiten bertzeak bezala. Haren gelan ginen, afaria prest zegoela iragartzera etorri zitzaizkigun unean. Garbiketa doi-doia zuen finitua, eta ari zelarik desenkusak lehiaz ematen, ohartu nintzen giltza idazmahaian jarria utzia zuela; eta badakit ez duela gelakoa kentzeko ohiturarik. Afaria bitartean giltza hura nerabilen gogoan, eta horra non haren gelaria aditzen dudan jaisten: berehala xede bat hartu nuen; egin nuen sudurra odoletan nuelako iduria, eta jalgi nintzen. Ziztu bizian joan nintzen idazmahaira, baina tiradera guztiak zabalik kausitu nituen, eta paper izkiriaturik ez. Sasoi honetan ez da haatik paperik erretzeko aukerarik izaten. Zer egiten du hartzen dituen gutunekin? Eta maiz hartzen ditu. Ez nuen deus utzi miatu gabe, dena zabalik zegoen, eta bazter guztietan bilatu nuen: baina ez nuen deus irabazi, gordailu preziatu hori bere sakeletan gordea duelako uste osoa izan ezik.

        Nola atera handik? Atzodanik alferretan ari naiz baliabideren baten bila: haatik nahi hori ez dezaket mendera. Damu dut ohoinen trebetasuna ez izana. Antze hori ez litzateke, alabaina, azpijokoetan nahasten den gizonaren hezibidean irakatsi behar? Ez litzateke irrigarria aurkari baten gutuna edo potreta ebastea, edo debot baten sakeletarik hura salatuko lukeen zerbait ateratzea? Baina gure gurasoek ez dute deusetan pentsatzen; eta, ni, orotan pentsatuagatik ere, soil-soilik ohartzen naiz ezen moldakaitza naizela, erremediatu ahal izan gabe.

        Nolanahi ere den, mahaira itzuli nintzen, beltzuri gogorrean. Neure eder hark haatik doi bat baretu zidan aldarte gaizto hura, nire ondoeza itxuratuak eragin bide zion interesaz; eta ez nintzen begiratu hari erratetik ezen, duela zenbait denbora, osasuna nahasten zidaten bortxazko ezinegonek hartua nintzela. Hura sinetsia nola baita ezinegon horiek bera dutela kausa, ez luke bere kontzientziari jarraiki ezinegonok ematzen saiatu behar? Baina, izanagatik debota, ez da batere errukiorra; uko egiten dio ezein amoina amodiozkoari, eta uko hori aski dut ebasketa zilegia irudi dakidan. Adio ordea; zurekin solasean ari naizelarik ere, ez baitut gutun madarikatu horietan baizik pentsatzen.

...tik, 17**ko abuztuaren 27an.

 

 

XLIII. GUTUNA

TOURVEL LEHENDAKARIAREN EMAZTEAK
VALMONTEKO BIZKONDEARI

 

        Zergatik saiatzen zara, jauna, nire esker ona gutxitzen? Zergatik ez didazu erdizka baizik obeditu nahi, eta nahi duzu nolabait jokabide zintzo batekin tratuan ibili? Ez duzu bada aski nik jokabide hori balioestea? Ez soilik sobera eskatzen duzu; ezinezko gauzak eskatzen dituzu ordea. Neure adiskideak alabaina zutaz mintzatu izan bazaizkit, ez zitezkeen nire interesaren fabore baizik mintza: tronpatu izan balira ere, asmoa orobat zuten ona; eta erakutsi didaten atxikimenduzko seinale horren esker onez, haien sekretua zuri erratea proposatzen didazu! Oker egin dut jada zuri deusik aipaturik, eta une honetan oker hori gogotik sentiarazten didazu. Bertze edozeinekin xalotasuna baizik ez litzatekeena, hutsegite bilakatzen da zurekin, eta makurkeria bat egitera ninderamake, baldin zure eskariari men eginen banio. Zuhauri nago, zure onestasunari; hori egiteko gauza naizela uste izan duzu? Proposatu behar zenidakeen? Ez, dudarik gabe; eta ziur naiz hobeki gogoeta dezazunean, ez didazula eskari hori sekula gehiago errepikatuko.

        Izkiriatzeko egiten didazun eskaria ere ez da onargarriagoa; eta zuzen eta bidezko izan nahi baduzu, ez didazu niri egotziko errurik. Ez zaitut laidotu nahi; baina zeureganatua duzun omenarekin, eta, zuhaurk aitor izan duzunez, aldez bederen merezia baituzu, zein emakumek onar lezake zurekin gutun bidezko harremanik izaterik? Eta zein emakume zintzok delibera dezake ezkutuan gordetzera beharturik den zerbait egitea?

        Baldin segurantza osoz baneki bederen zure gutunak nik sekula deitoratu behar ez nituzkeen moldekoak ziratekeela, gutun horiek hartu izana neure buruari betiere justifikatzen ahal niola! Beharbada orduan arrazoiak eta ez herrak gidatzen nauela zuri frogatu nahiak bultzatuko ninduke arrazoipide ahaltsu horiei kasu ez ematera, eta egin behar nukeena baina askoz gehiago egitera, noizean behin niri izkiriatzeko baimena zuri ematera. Baldin baimen hori erraten didazun bezainbat desiratzen baduzu alabaina, gogo onez men eginen diozu amore emanaraz nazakeen baldintza bakarrari; eta une honetan zugatik egiten ari naizenagatik batere esker onik agertzen badidazu, ez duzu zeure partitzea gehiago gibelatuko.

        Zilegi izan bekit sujet horrez den bezanbatean zuri ohartaraztea ezen gaur goizean gutun bat hartu duzula eta ez duzula baliatu Rosemonde andreari partitzera zoazela iragartzeko, zin egin zenidan bezala. Ez ahal duzu orain batere eragozgarririk izanen zeure hitza betetzeko! Batez ere ez ahal zara egonen galdatua didazun elkar ikustearen aiduru! Ez bainaiz neholaz ere horretara makurtuko; eta askietsiko ahal duzu berriz egiten dizudan erregua beharrezkoa omen duzun manuaren ordez! Adio, jauna.

...tik, 17**ko abuztuaren 27an.

 

 

XLIV. GUTUNA

VALMONTEKO BIZKONDEAK MERTEUILEKO MARKESARI

 

        Izan zakizkit neure bozkarioan kide, adiskide ederra; maitatua naiz; garaitu dut bihotz mutiri hori. Alferrik du oraino gordeka ibiltzea; nire zorioneko trebetasunak ustekabean atzeman du haren sekretua. Nire arta erneei esker, interesatzen zitzaidan guztia jakin dut: atzoko gauaz, atzoko gau zoriontsuaz geroztik, neure giroa berraurkitu dut; neure bizitze osoa berreskuratu; amodiozko eta bidegabekeriazko misterio bikoitz bat dut argitu: gozatuko dut bataz, mendekatuko naiz bertzeaz; plazerrik plazer hegaldatuko naiz. Horretan pentsatzetik beretik halako lilurak hartzen nau, non nekez gogoratzen naizen neure zuhurtziaz; non beharbada nekez ordenatzen ahalko dudan egin behar dizudan kontaketa. Saia nadin haatik.

        Atzo bertan, neure gutuna izkiriatu nizun ondoren, debot zerutiar horren gutun bat hartu nuen. Igortzen dizut; hor ikusiko duzu ematen didala, moldakaizkeriari ahal bezala itzuriz, berari izkiriatzeko baimena: partitzera premiatzen nau ordea, eta uste dut partitzetik ezin sobera gibela nintekeela neure buruari kalterik egin gabe.

        Nire kontra nork izkiriatu ahal ote zion jakiteko irrikaz oinazetua haatik, duda-mudatan nengoen oraino hartu behar nuen xedeaz. Saiatu nintzen gelaria neureganatzen, eta harengandik nahi izan nuen erdietsi bere etxekoandrearen sakela barnekoak eman ziezazkidan, aise beregana baitzitzakeen arratsean, eta bere lekuan hartzara ezar goizean, susmorik ttipiena sorrarazi gabe. Hamar luis eskaini nizkion zerbitzu xume horren truk: baina neska ahalketi bat baizik ez nuen kausitu, herabekeriez betea edo ahalketsua, ez neure hitz ederrez ez diruaz arrazoipidera nekarkeena. Arrenka ari nintzaion oraino, afaritarako deiak jo zuenean. Bakean utzi behar izan nuen: sekretua gordeko zuela hitz eman nahi izan zidalako sobera bozkariatua, halakorik, pentsa dezakezunez, ez bainuen neholaz ere igurikatzen.

        Sekula ez naiz hain sumindua egon. Sobera arriskatu nintzelako irudipena nuen; eta afalondo osoan liskar egin nion neure buruari, zuhurtziarik gabeko urrats hori egin nuelako.

        Neure gelara erretiratua, ez kezkarik gabe, neure sehiari mintzatu nintzaion, nork ere, maitale zoriontsua zen heinean, entzutea izan behar baitzuen gelariaren aldera. Nahikatzen nuen, edo neskatila harengandik erdiets zezan nik eskatu niona egitea, edo segura zedin bederen haren isiltasunaz: baina hark, nahiz eskuarki ez duen dudatzen, dudatu bide zuen hautsi-mautsi hark deusik erdietsiko ote zuen, eta sujet horren karietara egin zidan gogoeta bat harritu ninduena hain zen sakona.

        «Berorrek hain segur nik baino hobeki jakinen du», erran zidan, «neska batekin oheratzea, ez dela laket zaiona hari eginaraztea baizik: hortik guri laket zaiguna eginaraztera, bada sarri alde ederrik.»

        Batzuetan Maraud-en zentzu onak ikaraz betetzen nau.

        «Hanbatenaz gutxiago hartzen dut neure gain neska horren erantzukizunik», gehitu zuen, «zenbatenaz bai baitut arrazoirik uste izateko maitale bat baduela eta harekin izan dudan harremana landako aisetasunari baizik ez diodala zor. Beraz, berorri zerbitzatzera lehiatu izan ez banintz, behin baizik ez nukeen neska hori hartuko.» (Zinez altxor preziatu bat da mutil hori!) «Sekretuaz den bezanbatean», erran zuen gero, «zertarako balia dakiguke neska hori hitz ematera behartzea, gu engainaturik ez baitu deus arriskatuko? Afera hari berriz aipatzearekin hobeki jakinaraziko genioke garrantzizkoa dela, eta emanen lioke beraz bere etxekoandrea lausengatzeko gogo gehiago.»

        Gogoeta horiek zenbatenaz zuhurragoak ziren, nire asaldura hanbatenaz gehituz zihoan. Beharrik zital hura solasari emana zen; eta haren beharretan bainintzen, egiten utzi nion. Neskatila harekin zuen harremana kontatzen ari zitzaidan bitartean, jakinarazi zidan bere gelan biltzen zirela gauero, neskaren gela eta haren etxekoandrearena pareta soil batek baizik ez baititu bereizten, eta hots susmagarririk aditzera utz baitezake. Xede bat hartu nuen berehala, erran nion, eta obratu genuen, bai erdietsi ere.

        Goizaldeko bi orenak arte igurikatu nuen; eta joan nintzen orduan, hitz hartua genuen bezala, nire sehia eta neska hura elkar ikustekoak ziren gelara, argia eramanik aldean, eta askotan alferrik deitu izanaren estakuruz. Nire isilmandatariak, antzezle bikaina baita, harridurazko, etsipenezko eta barkamenezko gertaldi ttipi bat jokatu zuen, baina nik eten nion, eta ura berotzera igorri nuen, horren premian nintzelako itxurak eginik; bitartean, gelazain herabekeriez bete hura hanbatenaz gehiago ahalketu zen, non nire asmoak sendotu nahi izan zituen zital hark ezarrarazi baitzion janzkera bat urtaroaren araberakoa, ez ordea zilegizkoa.

        Aise sumatzen bainuen neskatila hura nik zenbatenaz umiliatu, hanbatenaz aiseago edukiko nuela neure mende, ez egoeraz ez beztiduraz aldatzen utzi nion; eta neure sehiari neure gelan iguriki nezala manatu ondoren, haren ondoan eseri nintzen ohe arras nahaspilatuaren gainean, eta solasari lotu nintzaion. Zernolako hark neska haren gain ematen zidan nagusigoa gordetzeko premia nuen: beraz odol hotzean iraun nuen Eszipionen neurritasunari zegokiokeen gisa; eta hari buruz libertaterik ttipiena ere hartu gabe, nahiz bazuen iduriz halakorik igurikatzeko eskubidea haren guritasunaren eta okasioaren karietara, aferez hitz egin nion prokuradore batekin hitz egin nezakeen bezain lasai.

        Nire baldintzak izan ziren ezen sekretua leialki gordeko niola, baldin biharamunean, oren beretsuan, bere etxekoandrearen sakela barnekoak ematen bazizkidan. «Bertzenaz», gaineratu nuen, «atzo hamar luis eskaini nizkizun; gaur halaber dizkizut promesten. Ez dut zure egoeraz neurriz gain baliatu nahi.» Dena onartua izan zen, pentsa dezakezunez; orduan alde egin nuen eta utzi nion bikote zoriontsu hari denbora galdua berreskuratzen.

        Lotan eman nuen nik neurea; eta iratzarri nintzenean, estakuru bat nahi bainuen neure eder haren gutunari ez ihardesteko, harik eta bere paperak ikustatuak nituen arte, eta hori ez bainezakeen hurrengo gaua arte egin; ehizara joatea deliberatu nuen, eta ehizan ibili nintzen ia egun osoan.

        Itzuli nintzenean, aski hotz hartu ninduen. Badut arrazoirik uste izateko ezen doi bat samurtua zela gelditzen zitzaidan denboraz profitatzeko agertzen nuen lehia gutxiaz; hark izkiriatu zidan gutun eztiagoaren ondoren batez ere. Uste horretan nago, zeren Rosemonde andreak ausentzia luze haren erantzukizuna egozten zidalarik, nire eder hark mindu samar ihardetsi baitzuen: «Ah! Ez diezaiogun hemen kausi dezakeen plazer bakarrari lotu izanaz erantzukirik egin Valmont jaunari.» Bidegabekeria hura deitoratu nuen, eta egokiera hartaz baliatu nintzen seguratzeko ezen dama horiez hain nintzela laketua, non sakrifikatu bainien izkiriatu beharreko gutun arras interesgarri bat. Erran nien orobat ezen, hainbat gautan ezin lokarturik ibilia nintzenez, saiatu nahi izan nuela akiduraz lokartzen; eta nire behakoak aski argigarriak ziren hala nire gutunaren sujetaz, nola nire lo ezaren kausaz. Afalondo osoan kontu egin nion ezti eta malenkoniatsu agertzeari, bai nire ustez aski ongi erdietsi ere, eta eztitasun horren azpian estali nuen setaz gordea zidaten sekretua jakinarazi behar zidan orena hurbil ikusteak sortzen zidan ezinegona. Bereizi ginen azkenik, eta geroxeago, horra gelari fidela nire isiltasunaren truk adosturiko saria ekartzera etorria.

        Altxor horren jabe izan nintzen orduko, bederaka sailkatzeari lotu nintzaion ezagutzen didazun zuhurtziaz: garrantzitsua baitzen oro berriz bere lekuan uztea. Senarraren bi gutun kausitu nituen lehenik, jujamendutako xehetasunen eta ezkon maitasunezko hizketen halako nahaspila txegosgaitza, pazientzia handiz osorik irakurri nituenak, baina nirekin zerikusirik zukeen elerik aipatzen ez zutenak. Bere lekuan berrezarri nituen, haserre: baina haserrea baretu zitzaidan, Dijonetik bidalitako nire gutun ospetsu haren zatiak esku artean kausiturik, artoski bilduak. Beharrik gutuna gaingiroki irakurtzea bururatu zitzaidan. Egizu kontu nola poztu nintzen neure debot maitagarri haren malkoen hatz arrunt argiak hautemanik han. Aitor dizut mutil gazte baten bihotzaldiari men egin niola, eta musu eman niola gutun hari, nigan dagoeneko sor zitekeenik uste ez nuen gainezkaldiaz. Azterketa zoriontsu hura jarraitu nuen; neure gutun guztiak berraurkitu nituen, hurrenkeran, eta dataren arabera ordenatuak; eta are atsegin gehiagoz harritu nintzen guztietan lehena kausitzean, emakume eskergabe batek niri itzulia uste nuena, haren eskuz hitzez-hitz kopiatua; bai idazkera asaldatu eta dardaratuaz kopiatua ere, haren bihotzak eginkizun horretan sentitu zuen durduza eztiaren lekukotasuna emanez.

        Ordu arte guztiz amodioari nengokion; amodioak berehala haserreari eman zion bide. Nork uste duzu galdu nahi nauela biziki maite dudan emakume horren aurrean? Zein atso zital uste duzu izan litekeela gisa horretako belzkeria bat asmatzeko bezain gaiztoa? Ezagutzen duzu: zure adiskidea da, zure ahaidea; Volanges andrea da. Ez dezakezu susma zalamandrana deabru horrek zer nolako lazkeria parrasta izkiriatu dion nire bizkar. Hark du, soilik hark, emakume aingerutar horren segurantza durduzatu; haren kontseiluengatik, haren iritzi kaltegarriengatik, urrundu beharrean naiz; neure burua hari zaio, azkenaz goiti, eskainia. Ah! Dudarik gabe, behar dut haren alaba seduzitu: baina ez da aski, behar dut galdu; eta emakume madarikatu horren adinak nire ukaldien gerizpean baitauka, behar dut kolpatu haren maitasunaren xedean.

        Parisa itzul nadin nahi du bada! Horretara behartzen nau! Hala biz, itzuliko naiz, baina nire itzulera auhendatuko du. Samurturik nauka Danceny izateak abentura honetako heroia, badu zintzo kutsu bat eragozgarri dukeguna: amoros da hala ere, eta sarri ikusten dut; ausaz balia dakiguke. Neure suminaldian galdu naiz, eta ahantzi zait egungo egunean gertatu denaren kontaketa zor dizudala. Lot nakion.

        Gaur goizean berriz ikusi dut neure debot sentikor hori. Nehoiz ez zitzaidan hain ederra iruditu. Hala behar zuen: emakumeek izaten dute une bat guztietan ederrena dena, beren amodioaren segurantza badugun arren beren ontarteena eman nahi izaten ez diguten unea hain zuzen, eta soil-soilik une horrek sor lezake arimaren horditasuna, zeina baita usu aipatua baina bakan baizik ez sentitua; eta hura zen hain zuzen ere nire kasua bera. Beharbada eder hura ikusteko plazerraz gabetua izan behar nuela pentsatzea lagungarria zen halaber emakume hura ederresteko. Azkenean, gutunak postatik heldu ziren orduko, 27ko zure gutuna eman zidaten; eta gutun hura irakurtzen ari nintzen bitartean, zalantzan nintzen oraino neure hitza bete edo ez: baina topoz topo aurkitu nituen neure eder haren begiak, eta ezin deusik uka niezaiokeen.

        Beraz partitzera nindoala iragarri dut. Geroxeago, Rosemonde andreak bakarrik utzi gaitu: baina presuna muker horren lau urratsera nengoela oraino, izu itxuran zutiturik, erran dit: «utz nazazu, utz nazazu, jauna»; «Jainkoaren izenean, utz nazazu.» Haren zirrara salatzen zuen erregu kartsu hark nire gogoa berotu baizik ez zezakeen egin. Haren ondoan nintzen dagoeneko, eta heldurik neuzkan haren esku, keinu guztiz hunkigarri batez bilduak; orduan, auhen amoltsutan hastera nindoanean, izterbegi deabru batek Rosemonde andrea erakarri du. Debot herabeti horrek, izanik alabaina beldurtzeko arrazoirik, alde egiteko baliatu du egokiera hori.

        Nik haatik eskua eskaini diot eta hark onartu egin du; eta aspaldian erakutsi ez zidan eztitasun horri aieru on iritzirik, saiatu naiz, auhenetan berriz hasiz, haren eskua tinkatzen. Gibelarazi nahi izan du hasieran; baina nire eskua hartzera biziroago hertsatu dudalarik, aski gogo onez amore eman du, nahiz ez keinu horri ez nire hitzei ihardetsi dien. Haren gelako atera heldurik, eskuan muin eman nahi izan diot, haren ondotik joan baino lehen. Hasieran gogor defendatu da; baina egizu kontu banoala, nik hari emeki-emeki errateak bihurtu du haren defentsa moldakaitza eta ez askia. Doi-doia eman diot eskuan muin, haren eskuak berreskuratu duela ihes egiteko indarra, eta eder hori sartu dela bere gelan, han baitzuen gelazaina. Hemen bukatzen da nire historia.

        Nola bihar ...ko mariskalaren emaztearen etxean egonen zarela uste baitut, eta hain segur ere ez bainatzaizu bila joanen; nola gure lehenengo elkarrizketan afera bat baino gehiago aztertu beharko dugula iruditzen baitzait, eta Volanges ttipiarena bereziki, ez baitut bistatik galtzen, hartu dut gutun hau nire aitzindari bidaltzeko xedea; eta zein ere den luze, ez dut hertsiko postara igortzeko unea arte, zeren orain nagoen heinean, dena okasio baten mende dagoke; eta zu utzirik banoa okasio hori barrandatzera.

        P.S. Arratseko zortzi orenetan.

        Zaharrak berri; ezein libertate unerik: bai aitzitik libertate une horri itzurtzeko arreta handia. Haatik, onestasunari zilegi zaion bezainbat tristura, gutxienez. Bada bertze gertakari bat afera honi loturik dagokeena agian, zeina baita ni izendatu nautela landako bere etxera bolada batez etortzeko Rosemonde andreak Volanges andreari dagion gomitaren mezulari.

        Adio, adiskide ederra; bihar arte edo beranduenez etzi arte.

...tik, 17**ko abuztuaren 28an.

 

 

XLV. GUTUNA

TOURVEL LEHENDAKARIAREN EMAZTEAK
VOLANGES ANDREARI

 

        Valmont jauna gaur goizean partitu da, andrea; iruditu zait partitze hori hain zenuela irritsatzen, non jakinarazi behar nizula uste izan baitut. Rosemonde andrea arras iloba-min da, behar baita aitortu lagunarte atseginekoa dela: goiz osoan ari izan zait ohi duen sentikortasunaz ilobaren aipua egiten; ez zen baratzen hura laudatzetik. Uste izan dut kontrako elerik erran gabe aditzeko begirunea zor niola, hanbatenaz nola behar baita aitortu anitz puntutan arrazoi zuela. Susmatzen nuen bertzalde banuela neure buruari zer liskarturik ni bainintzen bereizte haren kausa, eta ez dut igurikitzen hari eman ahal izaterik edeki diodan plazerraren ordainik. Badakizu izatez ez naizela batere alaia, eta hemen egitekoa dugun bizimoldea ez da alaitasun hori areagotzeko egina.

        Zure iritziaren arabera ari izan ez banintz, beldur nintzateke doi bat arin jokatu izanaz: zeren neure adiskide agurgarriaren oinazeak zinez penatu bainau; horrenbertzeraino hunkitu nau non gogotik nahasiko bainituen neure malkoak harenekin.

        Uste osoan gaituzu orain ezen onartuko duzula Valmont jaunak, Rosemonde andrearen partetik, aldi batez haren etxera jiteko eginen dizun gomita. Ez ahal duzu dudatuko zu ikusteak emanen didan plazerraz; eta egia errateko ordain hori zor diguzu. Arras gogobeteko nau Volanges andereñoaren ezagutzak fiteago egiteko okasio hori kausitzeak, bai zure aldera ditudan sentimendu begirunezkoak segur baino segurkiago zuri opa ahal izateak ere, etab.

...tik, 17**ko abuztuaren 29an.

 

 

XLVI. GUTUNA

DANCENY ZALDUNAK CÉCILE VOLANGESI

 

        Zer gertatu zaizu bada, Cécile maitagarria? Zerk eragin ahal izan ote du zugan horren aldaketa ustekabeko eta krudela? Zer bilakatu dira sekula ez aldatzeko zure promesak? Atzo oraino, plazerraren plazerraz errepikatzen zenituen! Egungo egunean zin horiek ahantzaraztera zerk bortxa zaitzake? Neure burua aztertuagatik, ez dezaket horren kausarik neure baitan aurki, eta zugan bilatu beharra lazgarria zait. Ah! Dudarik gabe, ez zara buru-arina, ezta engainaria ere; eta etsialdi honetan berean ere, laidozko susmo batek ez du nire arima ximelduko. Haatik, zer asturugaitzez ez ote zara jadanik zuhaur? Ez, krudel hori, ez zara jadanik lehengo bera! Cécile amoltsuak, biziki maite dudan eta zinak egin dizkidan Cécilek, ez zien nire behakoei uko eginen, ez zitzaion haren ondoan ezartzen ninduen halabehar zoriontsuari aihertuko; edo baldin ezin irudika dezakedan arrazoiren batek ni hain zorrozki tratatzera behartu izan balu, ez nindukeen, bederen, ezjakinean arbuioz edukiko.

        Ah! Ez dakizu, ez duzu sekula jakinen, nire Cécile, zenbat sofriarazi didazun gaur, oraino une honetan zenbat ari naizen sofritzen. Uste duzu bada bizi nintekeela eta egon nintekeela zure maitasuna gabe? Haatik, nire beldurrak uxatzeko eskatu dizudalarik ele bat, ele bat bakarra, ihardetsi beharrean, adituko ote zintuzten beldur itxurak egin dituzu; eta ordu arte existitzen ez zen eragozpen hori, berehala duzu sorrarazi, lagunartean hautatu duzun lekuaz. Halabeharrez utzi behar izan zaitudanean, galdegin dizudalarik zer orenetan ikus zintzakedan biharamunean, egin dituzu ezjakinaren itxurak, eta Volanges andreak jakinarazi behar izan dit. Hala, zugana hurbildu behar nauen une betiere hain desiratuak, bihar arrangura bertzerik ez du sortuko nigan; eta zu ikusteko plazerra, nire bihotzari ordu arte hain atxikia, zu gogaitzeko beldurrak du ordezkatuko.

        Dagoeneko, ari naiz sentitzen, beldur horrek baratzen nau, eta ez natzaizu neure amodioaz mintzatzera ausartzen. Entzun nezakeenean nik ere plazerraren plazerrez errepikatzen nuen maite zaitut hark, ele hain ezti hark, nire zorionak askietsiak, ez dit jadanik, baldin aldatu bazara, etsipen eternalaren irudia baizik eskaintzen. Ez dezaket hargatik sinets amodiozko kutun horrek bere ahal guztia galdu dukeenik, eta saiatzen naiz oraino kutun horrez baliatzen. Bai, Cécile, maite zaitut. Nirekin batera errepika ezazu nire zorionaren adierazpen hori. Egizu kontu perpaus hori aditzeko ohitura harrarazi didazula, eta hura gabe ni uztea, dela ni kondenatzea nire amodioaren gisa berean nire biziarekin batera baizik bukatuko ez den hildura batera.

...tik, 17**ko abuztuaren 29an.

 

 

XLVII. GUTUNA

VALMONTEKO BIZKONDEAK MERTEUILEKO MARKESARI

 

        Gaur ere ez zaitut ikusiko, adiskide ederra, eta hona nire arrazoiak, otoi arren bihozberatasunez har itzazu.

        Atzo zuzenean itzuli ordez, ***ko kondesaren etxean baratu nintzen, haren gaztelua kasik nire bidean baitzen, eta afaltzera gonbida nintzan eskatu nion. Parisa ez nintzen zazpi orenak aldera arte heldu, eta operan jaitsi nintzen, han kausituko zintudalakoan.

        Opera bukaturik, teatroko atseden gelara joan nintzen neure adiskideei ikustaldi bat egitera; han kausitu nuen Émilie adiskide mamia, anitz lagunez inguratua, gizon zein emakume, guztiak oro hark P...n afaltzera gonbidatuak. Lagunarte hartan doi-doia sartua nintzela, galdatu zidaten aho batez arren otoi afaltzera joan nendin. Berebat galdatu zidan Holandako frantses murduskatuz gomita egin zidan gizontxo potolo mozkote batek, bestako zinezko heroitzat ezagutu nuena. Gomit hura onartu nuen.

        Bidean jakin nuenez, joatekoak ginen etxea Émiliek gizontxo irrieragingarri hari egin zizkion ontarteen truk hitzarturiko saria omen zen, eta afari hura zinez eztei afari bat zen. Gizontxo hura pozez lehertu beharrean zen, gozatzera zihoan bozkarioaren aiduru; hain gogobetea iritzi nion, non hura asaldarazteko gogoa izan bainuen; bai alabaina asaldarazi ere.

        Émilie hartaratzea izan nuen zailtasun bakarra, auzapez haren aberastasunak arranguratuxe baitzeukan. Makurtu zitzaion haatik, estakuruketan ibili ondoren, nik proposatu nion asmoari, erran nahi baita, garagardo upel ttipi hura ardoz mukuru bete, eta gau osoko mutur-huts halatan uztea.

        Holandar edale bat ezinago bikaina zelako usteak ezagutzen genituen bide guztiak baliarazi zizkigun. Hain ontsa erdietsi genuen, non deserterako ez zuen jada edalontziari eusteko indarrik: baina Émilie errukior hark eta biok leporaino ase genuen, zein baino zein gehiago. Erori zen azkenik mahai azpira, hain hordi, non bederen zortzi egunez iraun behar zion. Parisa igortzea deliberatu genuen orduan; eta ez baitzuen bere zaldi orga gorde, neurean kargarazi nuen, eta haren ordez gelditu nintzen. Gero han bildutakoen konplimenduak hartu nituen, eta berehala joan ziren, ni utzirik gerla eremu hartako nagusi. Trufa horrek eta beharbada neure bazterraldi luzeak hain desiragarri agerrarazi zidaten Émilie, non holandar hura berpiz zedin arte berarekin geldituko nintzela hitz eman bainion.

        Nik hari ager diodan begirunea hark niri agertu didanaren saria da, idazmahai gisa baliatu baitzait nire debot horri izkiriatzeko, iruditu baitzait gauza bitxia debot horri igortzea neska baten ohean eta kasik haren besoetan izkiriaturiko gutun bat, erabateko desleialtasun batek eten duena, eta non nire egoeraren eta nire jokabidearen berri zehatza ematen baitiot. Émiliek, gutuna irakurri baitu, irri eta irri egin du ero baten gisara, zuk ere irri eginen ahal duzu!

        Nola nire gutunak Parisen zigilatua izan behar baitu, igortzen dizut; zabalik uzten dut. Otoi arren, irakur, zigila, eta postara igorraraz ezazu. Ez ezazu, oroz gain, zeure zigilua balia, ez halaber amodiozko ezein ikur; soin irudi bat baizik ez. Adio, adiskide ederra.

        P.S.— Berriz irekitzen dut gutuna; bildu dut Émilie Italiarretara joan dadin... Astialdi hori zu ikustera joateko baliatuko dut. Sei orenetan beranduenez zure etxean izanen naiz; eta baldin on kausi bazeneza, elkarrekin joanen gara zazpi orenen inguruan Volanges andrearen etxera. Egoki eta bidezko dateke Rosemonde andrearen partetik egin behar diodan gomita ez gibelaraztea; bertzenaz, Volanges ttipia ikusteak gogoa arras beteko dit.

        Adio, andre txit eder hori. Zu besarkaturik nahi dut zalduna jeloskortzeko bezain plazer handia hartu.

P...etik 17**ko abuztuaren 30ean.

 

 

XLVIII. GUTUNA

VALMONTEKO BIZKONDEAK
TOURVEL LEHENDAKARIAREN EMAZTEARI

(Parisen zigilatua)

 

        Loa arras galarazi didan ekaitz gau baten ondoren; ala kar hondagarri baten asalduran, ala neure arimaren ahalmen guztien erabateko triskantzan etengabe amildua egon ondoren, zugana natorkizu, andrea, hain beharrezkoa zaidan eta haatik oraino gozatzerik igurikitzen ez dudan lasaitasunaren bila. Alabaina, izkiriatzen ari natzaizun egoerak nehoiz baino gehiago ezagutarazten dit amodioaren ezin ihardukizko ahalmena; ondo gostarik nagusitzen ahal natzaio neure buruari nire ideiak gutxienez doi bat ordenatu ahal izateko; eta dagoeneko aldez aurretik ikusten dut ez dudala gutun hau bukatuko, izkiriatzetik baratzera behartua izan gabe. Zer! Ez dezaket bada igurika egunen batean zuk ere zeuregana dezazun une honetan jasaten ari naizen durduza? Zilegi izan bekit uste izatea haatik ezen durduza hori ontsa ezagut bazeneza, ez zinatekeela haren alde sentikortasunik gabe egonen. Sinets nazazu, andrea, lasaitasun hotza, arimaren logalea, heriotza dirudiena, ez dira zorionbide; soil-soilik grina eragileek gida dezakete zorionera; eta jasanarazten dizkidazun oinazeak gorabehera, beldurrik gabe seguratu uste dizut ezen, une honetan, zu baino zoriontsuagoa naizela. Alferrik zigortzen nauzu zeure zorroztasun hondagarriez, ezin eragotz baitezakete neure burua amodioaren gerizan osoki utz dezadan, eta amodioak sortzen dizkidan eldarnioan ahantz dezadan zuk eragin didazun etsipena. Mendeka nadi horrela zuk kondenatu nauzun erbesteaz. Sekula ez dut honenbertze plazerrik hartu zuri izkiriaturik; eginbide horretan sekula ez dut sentitu zirrara hain ezti eta haatik hain bizirik. Orok bide ditu nire gainezkaldiak berretzen: hatsa hartzean barneratzen zaidan airea irritsaz betea dago; izkiriatzen ari natzaizun mahaia bera ere, erabilera horri lehen aldiz eskainia, amodioaren aldare sakratu bihurtu da niretzat; zenbatez ere ederretsiko dudan! Haren gainean taxutua duket zu beti maitatzeko zina! Barka, otoi, nire zentzumenen desordena. Zeure egiten ez dituzun gainezkaldiei gutxiago emana behar nuke agian: instant batez behar zaitut utzi bertatik bertara areagotzen ari zaidan horditasuna baretzeko, ni baino indartsuago ari baita bilakatzen...

        Zugana natorkizu berriz, andrea, eta ber lehiaz etorri ere dudarik gabe. Halarik ere zorionaren sentimena urrun joan zait ihesi; gabezia krudelezko sentimenei eman die leku. Zertarako balia dakidake neure sentimenduak zuri aipatzea, non alferretan ari bainaiz zu nire iritzira biltzeko bideen bila? Usu errepikaturiko ahalegin anitzen ondoren, fidantzia eta indarra aldi berean itzurtzen zaizkit. Baldin amodioaren plazerrak oraino berriz irudikatzen baditut, biziago sentitzen dut haiez gabetu izanaren dolua. Ez dut kontsolamendurik kausitzen zure bihozberatasunean ez bada, eta, une honetan, aski eta sobera sentitzen dut zenbatez ere nagoen bihozberatasun horren premian, hura erdiesterik iguriki ahal izan gabe. Haatik, nire amodioa sekula ez zaizu hain errespetuzkoa izan, sekula ez zintuzke gutxiago laidotu behar; halakoa da non, erratea zilegi izan bekit, bertuterik zorrotzenak ere ez bailioke beldurrik izan behar: nihaur beldur naiz ordea jasaten ari naizen oinazea ez ote natzaizun sobera luzaz aipatzen ari. Uste osoan bainaiz oinaze hori sortu didanak ez duela bere baitaratu eta beretu, ez nadin bederen haren ontasunez neurriz gain balia; eta hala-hala ariko nintzateke, baldin denbora gehiagoz ariko banintz dolorezko irudi hori zuri irudikatzen. Ihardets diezadazun eta nire sentimenduen egiazkotasunaz sekula dudarik egin ez dezazun zuri otoizteko astia baizik ez dut hartzen.

P...n izkiriatua, data Parisen ezarria, 17**ko abuztuaren 30ean.

 

 

XLIX. GUTUNA

CÉCILE VOLANGESEK DANCENY ZALDUNARI

 

        Ez buru-arina ez engainatzailea izan gabe, aski dut neure jokabideaz argitua izatea, jauna, jokabide hori aldatzeko premia sentitzeko; sakrifizio hori eskaini diot Jainkoari, zu erlijioan sartua izanak are gaiztoagoak bihurtzen dituen zure alde ditudan sentimenduena ere eskain ahal diezaiokedan arte. Badakit sakrifizio horrek anitz penatuko nauela, eta ez dizut orobat ezkutuan gordeko ezen herenegunez geroztik negar egin dudala zugan pentsatu dudan bakoitzean. Jainkoak eginen ahal dit ordea zu ahanzteko behar dudan indarra emateko grazia, nola baitiot gau eta egun eskatzen! Halaber igurikitzen dut zure adiskidantzagatik, bai eta zure onestasunagatik ere, ez zarela entseiatuko eragin didaten delibero zuzena asaldatzera, ahalegindua bainaiz hartan tinko irauten. Beraz, galdatzen dizut izan dezazun otoi niri gehiago ez izkiriatzeko begirunea, hanbatenaz aldez aurretik gaztigatzen baitizut ez nizukeela erantzunen, eta orobat behartuko nindukezula gertatzen ari den guztiaz amari ohartaraztera: nahiz halatan zu ikusteko plazerraz guztiz gabetua nintekeen.

        Ez dut hargatik gutxiago gordeko hobenik egin gabe zugana izan dezakedan atxikimendu guztia; eta bihotz osoz opa dizut izan litekeen bozkariorik handiena. Badakit aurrerantzean ez nauzula jadanik horrenbertze maitatuko, eta beharbada ni baino neska hobeago bat maitatuko duzula sarri. Baina bertze penitentzia bat gehiago izanen da, neure bihotza zuri emanez egin dudan hobenagatik, ez bainion Jainkoari baizik eman behar, eta neure senarrari halaber, senarrik izanen dudanean. Jainkoaren miserikordiari nire ahulkeria urrikalduko ahal zaio, eta ez ahal dit eraginen paira ahal nezakeena baino atsekabe gehiagorik!

        Adio, jauna; segurki segurtatzen ahal dizut ezen nehor maitatzea zilegi banu, zu baizik ez zintuzkedala maitatuko. Horra ordea erran diezazukedan guztia, eta beharbada erran behar nizukeena baino gehiago da.

...tik, 17**ko abuztuaren 31n.

 

 

L. GUTUNA

TOURVEL LEHENDAKARIAREN EMAZTEAK
VALMONTEKO BIZKONDEARI

 

        Horrela betetzen dituzu bada, jauna, zure gutunak noizik behin hartzea onartzeko ezarri nizkizun baldintzak? Eta ez ote dut zer deitoraturik, nahiz sentimendu bat baizik ez didazun aipatzen, zeinari men egiteak izutuko nindukeen, neure betebehar guztiei huts egin gaberik men egiten ahal banio ere.

        Bertzenaz, baldin izu osasungarri hori atxikitzeko arrazoi berrien premiarik banu, zure azken gutunean kausi nitzakeela iruditzen zait. Alabaina, amodioaren goresmena egin uste duzun unean berean, zer dagizu aitzitik, ez bada haren ekaitz beldurgarriak niri erakutsi? Nork desira dezake arrazoiaren ordainetan erositako zorionik, eta iraupen gutxiko plazerren ondoren gutienean damurik dakarrenik, non ez duen bihotz zimikorik ekartzen?

        Zuhaur, eldarnio arriskutsu horri men egiteko ohiturak beraren ondorioa gutxitu behar dizun arren, ez zaude hala ere sarritan zu baino indar gehiago duela aitortzera behartua, eta ez zara eldarnio horrek nahigabe sortzen dizun asaldura deitoratzen lehena? Zer sarraski izugarri ez luke bada eginen bihotz berri eta sentikor baten baitan, zeinak haren nagusigoa gehituko bailuke halabeharrez eginen lizkiokeen sakrifizioen handitasunaz?

        Amodioak zorionera daramala uste duzu, jauna, edo uste iduri bat egiten duzu; eta ni, hain nago maluros eginen nindukeelako uste osoan, non ez bainuke haren izena sekula aditu nahi. Aipatzetik beretik estuasuna eta larritasuna dakartzala iruditzen zait; eta nahimenez bezainbat betebeharrez otoizten zaitut puntu horrez den bezanbatean isiltasunari atxiki zakizkion.

        Azkenaz goiti, orain aise betetzen ahal didazuke eskari hori. Parisa itzulirik, aski okasio kausituko duzu hor gisako xedeetan aritzeko duzun azturagatik sortu bide zaizun eta landako aisialdiak bortiztu bide dizun sentimendu hori ahanzteko. Ez zaudea bada guztiz ezaxolaturik behatu zenidan leku berean? Egin dezakezu urratsik, aldatzeko duzun erraztasunaren etsenplurik kausitu gabe, eta ez zaudea zure konplimenduak hartzeko eskubide gehiago duten eta oro ni baino atseginagoak diren emakumez inguraturik? Ez dut nire sexuari egozten zaion harrokeriarik; eta are gutxiago urguiluzko amarrua baizik ez den xalotasun aizunik; eta fede on osoz diotsut orain ezen laket izateko oso bide gutxi kausitzen ditudala neure baitan: guztiak oro izanagatik, ez nituzke zu erakartzeko bezainbat askietsiko. Eskatzea zuri nirekikoaz sekulako egin dezazun, da soil-soilik behinola jadanik egin zenuena eta hain segur ere, nahiz nik guztiz kontrakoa eskatu, aurki eginen zenukeena egungo egunean egin dezazun zuri otoiztea.

        Egia hori, ez baitut bistatik galtzen, aski arrazoi bortitza litzateke zu aditu nahi ez izateko. Bertze mila baditut oraino: baina eztabaida luze horri lotu gabe, berriz ere dizut eskatzen, aldez aurretik eskatua dizudan bezala, ez diezadazun gehiago aipa ez entzun ez are gutxiago ihardetsi behar dudan sentimendurik.

...tik, 17**ko irailaren 1ean.

 

 

 

© Choderlos de Laclos

© itzulpenarena: Jon Muņoz

 

 

"Choderlos de Laclos / Harreman arriskutsuak" orrialde nagusia