ARGITARATZAILEAREN OHARRA

 

        Izkribu honen izenburua eta idazleak bere aitzinsolasean izkribu honez erraten duena gorabehera, irakurleei behar diegu geure ustez gaztigatu ezen ez dugula bilduma honen egiazkotasuna bermatzen, eta badugula orobat garrantzizko arrazoirik nobela bat baizik ez dela uste izateko.

        Iruditzen zaigu halaber ezen egileak berak suntsitu diola egiantza, iduriz haatik haren bila ibili dela, bai aski baldarki suntsitu ere, argitara eman dituen gertakariak ezarri dituen garaiagatik. Alabaina, agerrarazten dituen anitz pertsonaia hain dira ohitura gaiztokoak, ezen ezin uste baitaiteke gure mendean bizi izan direnik; filosofiaren mende honetan hain zuzen, non argiek, orotarik barreiatuak, bihurtu baitituzte gizon guztiak arras prestuak eta emakume guztiak arras apalak eta begiratuak, batbederak dakien bezala.

        Beraz gure iritzian, baldin idazlan honetan aipatuak diren gertakariek egiaren kutsurik badute, ez zitezkeen bertze lekutan edo bertze denboratan baizik gertatu; eta arrunt gaitzesten dugu egilea, zeina, hurbilagotuz bere mendeari eta bere herrialdeari, ausartu baita, interesa areago ernarazteko esperantzaren liluraz nonbait, biziki arrotzak zaizkigun ohiturak gure beztiduraz eta gure ohiturez agerraraztera.

        Irakurle sobera sineskorra sujet honek sor liezaiokeen ezein ezustetarik begiratzeko bederen, gure eskuan dagokeen bezainbat, geure iritzia bortiztuko dugu fidantziaz proposatzen diogun arrazoi batez, zeina baita gure ustez garailea eta ihardets ezina; erran nahi baita, kausa berek dudarik gabe ondorio berak beharko lituzketela nahitaez sortu, eta ez dugu hala ere egungo egunean ikusten hiruretan hogei milako errenta duen andereñorik erlijioan sartzen, ez eta lehendakariaren emazte gazte eta ederrik xangrinez hiltzen.

 

 

 

© Choderlos de Laclos

© itzulpenarena: Jon Muņoz

 

 

"Choderlos de Laclos / Harreman arriskutsuak" orrialde nagusia