Emakumea gelan sartzean, Jüterbocken txartela eman zion ijito-andre bera ezagutu zuelakoan zegoen Kohlhaas, eskuan zeraman eraztuna eta lepotik zintzilik zerabilen koralezko koilarearengatik; eta egiantza egiaren aldean beti egoten ez den era berean, hemen guk aditzera eman nahi dugun zerbait gertatu zen, nahiz eta onartzen dugun hori zalantzan jarri nahi duenaren eskubidea: txanbelanak ez-egitekorik ikaragarriena egin zuen, eta ijito-andrearen itxurak egiteko Berlingo kaleetan atzeman zuen piltzarketari zaharrarengan berarengan, hain zuzen ere imitatzea nahi zuen ijito-andrea berarekin topo egin zuen. Emakumeak, makuluen gainean, aitaren inguruan ikaraturik mordoxkatu ziren haurrei kontatu ziena, edozein kasutan ere, izan zen zenbait denbora zela Saxoniatik itzuli eta Brandenburgen aurkitzen zela eta, izen faltsupean, berehalaxe eskaini ziola bere burua txanbelanari honek burutua ikusi nahi zuen zeregina betetzeko, galdera nabarmenki ausartak Berlingo kaleetan zehar egin zituelarik udaberrian Jüterbocken izandako ijito-andreari buruz. Zaldi-tratulariak Lisbeth emaztearen hain itxura estrainioa hartu zion, non galdetu ere egingo ziokeen agian haren amona ote zen: ez ziren soilik aurpegiko hazpegiak, eskuak, ederrak nahiz eta hezurtsuak eta hitz egitekoan zeukan mugitzeko era: emazteak lepoan zeukan oreizta ere nabarmendu zion; burutik gurutzatu zitzaizkion ideia kontrajarriek txunditurik, esertzeko erregutu eta txanbelanaren zer egiteko zekarkioten galdetu zuen txunditurik. Kohlhaasen txakur zaharrak, isatsari eraginez, oinak usnatzen zizkion eta emakumeak berau laztantzen zuen bitartean, kontatu zion «txanbelanaren mandatua zela txartelak Saxoniako gortearen zein hiru arazo larriri erantzuna ematen zien agertzea; erne jar zezala Berlinen jadanik mandatari bat zegoela dokumentuaz jabetzeko; eta Kohlhaasen paparrean zintzilik jadanik seguru egongo ez zelako aitzakiarekin, erreklama ziezaiola. Baina berak txartela amarruz edo bortxaz kentzeko mehatxuak akiakula hutsak zirela esan nahi ziola; zeren, Brandenburgeko printzeak babesten zuelarik, bere zaindaritzapean egonik, ez zuela txartelaren kezka txikienik ere izan behar; papera zegoen tokian berekin baino seguruago zegoela, eta kontu handiz ibiltzeko inori ez emateko inolako aitzakiaren pean. Halere, amaitzeko esan zion berak zuhurtzat zeukala txartelari Jüterhockeko merkatuan eman zitzaion enplegua ematea, mugan Von Stein Junkerrak egin zion iradokizunari jaramon eginez eta Saxoniako Printze Hautesleari bidaltzea, askatasuna eta biziaren truk, berak inolako etekinik atera ez ziezaiokeenez gero. «Kohlhaasek, lurrean oinpean zapaltzen zuen une berean bere etsaiaren orpoa zauri hilgarriz jotzeko ahalmena eman zitzaiolako distiratsu, erantzun zion, emakumeari eskua estutzen zion bitartean: «Munduko ezergatik ere ez, emakumea, munduko ezergatik ere ez!» eta oraindik jakin nahi izan zuen txartelean nolako erantzunak zeuden galdera ikaragarrientzat. Emakumeak, oinetan pikotxean jarri zitzaion haur txikiena altzoan hartuz, esan zuen: «Munduko ezergatik ez. Kohlhaas, zaldi-tratularia: bai ordea haurtxo horail polit honengatik!» eta begi handiez begiratzen zion haurrari irribarretsu balaku eginez, bularraren kontra estutu zuen; gero esku iharrez poltsan zeraman sagar-ale bat eman zion. Txunditurik, Kohlhaasek esan zion seme-alabek, nagusi izatean, goratu egingo zutela bere jokaerarengatik, eta beraiei eta bere bilobei eman ziezaiekeen jarraibiderik hoberena txartela gordetzea zela hain zuzen ere. Gero galdetu zuen ea nork bermatzen zion, izan zuen esperientzia izan ondoren, berriz ez ziotela iruzur egingo, eta Printze Hautesleari txartela ematea ez ote zen Lützenen hildutako tropa disolbatzea bezain alferrikakoa izango. «Emandako hitza jan dididanari —esan zuen— ez diot nik sekula gehiago neurea zuzenduko, eta argi eta garbi zeuk eskatzen badidazu bakarrik egongo naiz prest, emakumea, hain era miragarrian sufritutako guztiaren ordaina eman didan txartel hau gabe geratzeko. «Haurra lurrean uzten zuen bitartean, emakumeak esan zion ez zuela arrazoi faltarik eta nahi zuen bezala jokatzeko. Eta horrenbestez makuluak eskuetan berriro hartu eta alde egin nahi izan zuen. Kohlhaasek berriro txartel miragarriaren edukiaz egin zion galdera; emakumeak iheskor erantzutean «ireki zezakeela, nahiz eta jakin-min hutsarengatik izan», alde egin aurretik oraindik beste mila galderaren erantzuna jakiteko gogo bizia zuela esan zion Kohlhaasek; nor zen egiazki, nola jabetu zen zeukan jakiteaz, zergatik uko egin zion Printze Hautesleari emateari, berarentzat idatzirik egonik, eta hainbeste milaka pertsonaren artean, zergatik eskuratu zion berari, inoiz bere jakiteaz axolatu ez zenari...? Baina une horretan eskaileretan gora zetozen poliziako guardiek ateratzen zuten zarata entzun zen; halako moldez, non emakumea gela haietan aurkituko zuten beldurrak supituki harturik, erantzun zion: «Ikusi arte, Kohlhaas, ikusi arte! Berriro elkarrekin topo egitean ez zara hori guztiaren erantzun faltaz geldituko». Eta aterako bidea harturik, ozenki esan zion: «Ongi bizi, haurtxook, ongi bizi!», banan-banan txikiei musu eman eta irten egin zen.

        Bitartean Saxoniako Printze Hautesleak, bere pentsamendurik goibelenetan murgildurik, garai hartan Saxonian ospe handia zuten eta Oldenholm eta Olearius zeritzaten bi astrologori dei egin zien beretzat eta bere ondorengoen askaziarentzat hain misteriotsua eta garrantzizkoa zen txartelaz burubide eskatzeko; eta Dresdengo jauregiaren dorrean sarturik zenbait egunez ikerketa sakonean aritu ondoren, gizon hauek ezin izan ziren bat etorri profezia hura etorkizuneko mendeez ala presenteaz zen, eta agian Poloniako koroaz, zeinarekiko harremanak oraindik oso gerrazkoak ziren: areagotu egin zen subirano dohakabea aurkitzen zeneko ondoeza, etsipena ez esatearren, baretu ordez, jakitunen eztabaidarekin, zeina azkenerako bere barrenak ezin jasanezko mailaraino hazi baitzitzaion. Honi gehitu zitzaion txanbelanak aldi berean haren emazteari aditzera emandakoa, zeina berarekin Berlinen topo egitera baitzihoan, alde egin aurretik fineziaz Printze Hautesleari jakinaraz ziezaiola zeinen badaezpadakoa zen huts egindako ahaleginaren ondoren, zeinaren ondoren gehiago agertu ez zen emakume baten bitartez, Kohlhaasek bere eskuetan zeukan txartelaz jabetzeko itxaropena, zeren, aktak arretaz aztertu ondoren, Brandenburgeko Printze Hautesleak herio-epaia sinatu baitzuen, eta exekuzio-eguna Erramuigande ondoko astelehenerako finkaturik zegoen. Albiste honen aurrean Printze Hautesleak, bihotza atsekabez eta damuz urraturik, bizitzaz etsitakoak bezala, bi egunez bere ganbaran sartuz erantzun zuen, ez zuen inolako jakirik hartu eta hirugarren egunean, Gubernium-ari ohar labur bat bakarrik utzirik, Von Dessaueko printzearekin ehizara zihoala esanez, Dresdendik supituki alde egin zuen.

        Nora joan zen eta egiazki Dessauera jo zuen, bere horretan utziko dugu, zeren guk kontakizun hau idazteko erkatzen ditugun kronikek, puntu honetan, bata bestea ukatu eta gezurtatu egiten baitute era estrainioan. Kontua da Dessaueko printzea egun haietan ehizarako ez zela gauza eta Braunschweigen gaixo zegoela, Heinrich osaba dukearen etxean, eta Heloise dama biharamun arratsean heldu zela, Kunz jaunak, senarrak, Berlinen zuen etxera, Kbnigstein Kondea zelako baten konpainian, zeina lehengusutzat aurkeztu baitzuen.

        Bitartean, eta Printze Hauteslearen aginduz, herio-epaia irakurri zitzaion Kohlhaasi, kateak kendu eta bere ondareari buruzko paperak, Dresdenen hartutakoak, itzuli zitzaizkion; eta tribunalak izendaturiko kontseilariek galdetu ziotenean zeuzkan ondasunak hil ondoren nola erabiltzea nahi zuen, notarioaren laguntzarekin seme-alaben aldeko testamentua egin zuen, eta Kohlhaasenbrückeko eskribaua, bere adiskide zintzoa, izendatu zuen haien tutore. Ondoren bere azken egunetako bakeak eta lasaitasunak ez zuen izan parekorik; zeren Printzearen xedapen berezi baten indarrez, aurkitzen zeneko gaztelua ireki zuten, hirian ugari zituen bere adiskide guztiei gau eta egun sarrera irekiz. Bai, oraindik beste poz bat ere izan zuen, Jakob Freising teologoa, Lutero doktorearen mandatari gisa, kartzelan sartzen ikustekoa, zeinak honek bere eskuz idatziriko gutun bat zekarren, zalantzarik gabe oso gogoangarria baina galdu egin zena, eta elizgizon honengandik, Brandeburgeko bi dekanoen aurrean, hartu zuen komunio sakratuaren kontsolagarria. Honela iritsi zen, hiriaren ezinegon orokorraren erdian, Kohlhaas salbatuko zuen ebazpen orokorrari itxaroteari uko egin nahi ez zionez gero, Erramu-igande ondoko astelehen patu txarrekoa, —zeinean zaldi-tratulariak munduarekin zorrak kitatu beharko baitzituen justizia bere eskutik hartu izanaren ahalegin presazkoegiarengatik. Sartu berria zen, guardia bortitz baten konpainian, bere bi mutikoak besoetan zituela (zeren hobari hau espresuki eskatu baitzuen akusatuen aulkitik), Jakob Freising teologoa aurretik zuela, bere kartzelako ate nagusitik, eta adio-seinaletzat eskua estutzen zioten aurpegi ezagunen borbor saminduaren artetik, aurpegia aldaturik Printze Hauteslearen jauregiko gazteluzaina hurbildu zitzaion eta orri bat luzatu zion, atso zahar batek bere eskuz eman omen ziona. Kohlhaasek, ozta-ozta ezagutzen zuen gizonari harriturik begiratzen zion bitartean, ireki orria, zeinaren lakretan grabaturiko zigiluak ijito-andre ezaguna segituan gogorarazi zion. Baina nork deskriba lezake sentitu zuen txundidura bertan honako mezu hau aurkitu zuenean: «Kohlhaas, Saxoniako Printze Hauteslea Berlinen zegok; jadanik plazarako bidea hartu dik eta bereizgarritzat, galdor zuri eta urdina zerabilek. Ez diat esan beharrik zerk dakarren hona. Erlikia-ontzia lurpetik atera eta bertan dagoen txartela ireki nahi dik, hik lurra hartu orduko. Elisabeth». Kohlhaasek, erabat txunditurik, gazteluzainarengana bihurtu eta galdetu zion papera eskuratu zion emakume miragarria ezagutzen al zuen. Baina gazteluzainak erantzun zionean: «Kohlhaas, emakume hori...», gizona era miresgarriz mutu geratu zen une batean, halako moldez, non bere bideari berriro lotu zitzaion ahukuak arrastaka eramanik, Kohlhaasek ezin izan zuen hauteman, itxuraz gorputz osoak dardara egiteari utzi gabe, besteak adierazi ziona. Exekuzio-tokira iristean, Brandenburgeko Printze Hauteslea zaldian eserita aurkitu zuen, eta bere segizioarekin, zeinean, besteak beste, Heinrich von Geusau jaun artzakantzilerra aurkitzen zen, jendetza neurtezinaren artean: eskuinaldean Franz Miller prokuradore inperiala zeukan, herio-epaiaren jatorrizko agiria eskuan zuela; ezkerraldean Dresdengo gorte-auzitegiaren diktamenarekin, bere abokatua, Anton Zäuner legegizona; jendetza ixten zuen zirkuluerdiaren erdian, heraldo bat gauza-bilduma batekin eta bi zaldi mairuak bridetatik zituela, osasun-dirdiratan eta apatxez lurra zanpaka. Gero Heinrich jauna artzakantzilerrak puntuz puntu eta Wenzel von Tronka Junkerrari inola ere amore eman gabe Dresdenen bere jaunaren izenean aurkeztutako demanda aurrera atera baitzuen, halako moldez, non zaldiak, bandera buruen gainetik inarrosi zitzaielarik eta horrela gisakoa zenera berriz itzulirik, larru-tokitik hartu eta Junkerraren jendeak gizen zitzan eramanak izan baitziren harik eta, hartarako sorturiko batzorde baten aurrean, Brandenburgeko komisionatuari entregatu zitzaizkion Dresdengo merkatuan. Gero Printze Hautesleak hitz egin zuen, guardiak lagundurik Kohlhaas muinora igo eta beragana aurkeztu zenean: «Gaur duk justizia egin zaian eguna, Kohlhaas. Hara, hemen bihurtzen diat Tronkako gazteluan indarrez kendutako guztia, eta nik, hire subirano naizen aldetik, bihurtzera beharturik nengoena: zaldiak, florinak, arropak eta Mühlbergen galdu huen morroiaren sendaketa-gastuak ere bai. Pozik al hago nirekin?» Kohlhaasek besoetan zekartzan semeak lurrean utzi zituen bere ondoan, artzakantzilerraren keinu batera eskuratu zioten diktamena gainetik irakurtzen zuen bitartean, begi txinparta-jario eta handiekin; eta Wenzel Junkerra bi urteko presondegira kondenatzen zuen pasartea aurkitu zuenean, urrunetik, erabat hunkiturik, eskuak bular gainean gurutzaturik, Printze Hauteslearen aurrean ahuspeztu zen. Zutitzen ari zen bitartean, eta eskua magalean ezarririk, pozik ziurtatu zion artzakantzilerrari mundu honetan izandako guraririk handiena bete zitzaiola; joan zen zaldienganantz, ikuskatu zituen eta ahurkada bana eman zien lepondo gurian; eta kantzilerrari, berarengana itzultzean, alai esan zion «Heinrich eta Leopold, bere bi semeei opari egiten zizkiela!» Zaldiaren gainetik onginahiz Kohlhaasengana bihurturik, Heinrich von Geusau jaun kantzilerrak agindu zion, Printze Hauteslearen izenean bere azken nahia sakratuki beteko zela eta eskatu zion bilduman aurkitzen ziren beste gauzak ere bere iritzi onaren arabera banatzeko. Orduan Kohlhaasek Hersen ama zaharrari dei egin zion, berau ere plazan hauteman baitzuen, jendartetik irten eta aurrera zedin eta gauzak ematen zizkion bitartean esan zion: «Tori, ama, hau zeurea duzu!» —diru-kopurua, berarentzat kalte-ordain gisa, bildumako gauzen artean zegoena, oparitzat gehitu zion, zahartzaroko egunetan zaingarri eta bizigarri izan zekion. Printzeak ahotsa goratu eta esan zuen: «Orain, Kohlhaas, zaldi-tratulari hori, honela ordaina harturik, presta hadi, maiestate inperialari, zeinaren prokuradorea hemen dagoen, bere lurraldean bakea hautsi izanagatik ordaina ematera!». Kohlhaasek, orduan, kapela erantzi, lurrera jaurtiki eta prest zegoela erantzun zuen; eman zizkion semeak, beste behin lurretik jaso eta bularraren kontra estutu ondoren, Kohlhaasenbrückeko eskribauari, eta honek malko isilekin plazatik zeramatzan bitartean taukira hurbildu zen. Zapiaren korapiloa askatzen ari zen eta paparrekoa irekitzen, jendeak eratzen zuen zirkuluari begiratu bizkor bat egitean, beragandik hurbil eta bi zaldunen gorputzen atzean erdi ezkutaturik, aipaturiko gizona hauteman zuen galdor zuri eta urdinarekin. Kohlhaasek, inguruan zeukan guardia supituki ustekabean harrapatu zuen pausu bat emanik, haren aurre-aurrean jarri zen eta bularreko erlikia-ontzia askatuz; atera txartela, kendu zigilua eta gainetik irakurri zuen: eta begiak galdor zuri eta urdinarekiko gizonarengana tinko zuzendurik, zeina itxaropen ederrak egiten hasita zegoen ordurako, sartu ahoan eta irentsi egin zuen. Galdor zuri eta urdinarekiko gizona konorterik gabe amildu egin zen, karranpa artean, lurrera. Eta Kohlhaas, gizonaren adiskideak, aztoraturik berarengana makurtu eta altxarazten ahalegintzen ziren bitartean, urkamendira abiatu zen, non bere burua borreroaren aizkorapean erori zen. Hemen amaitzen da Kohlhaasen historia. Jendearen dolumin orokorraren artean, zerraldo batean ezarri zuten gorputza; eta eroaleek hiriko harresiez kanpo zegoen kanposantuan lurra emateko jaso zuten bitartean, Printze Hautesleak zenduaren semeak deitu eta jauregiko paje-eskolan heziak izan zitezen artzakantzilerrari agindua emanik, zaldun egin zituen. Handik gutxira Dresde-nera itzuli zen Saxoniako Printze Hauteslea, arimaz eta gorputzez erdiraturik, eta ondorengoa historian kontsultatu beharrekoa da. Kohlhaasi, ordea, joan den mendean bertan ere ondorengo alai eta sendoak bizi izan zitzaizkion Mecklenburg aldean.

 

 

 

© Heinrich Von Kleist

© itzulpenarena: Xabier Mendiguren Bereziartu

 

 

"Heinrich Von Kleist / Michael Kohlhaas" orrialde nagusia