Hainbeste gorabeheraren aurrean artegaturik bihotza taupaka hasi zitzaion. Kohlhaasek zenbait egunez itxaron egin zuen jaunaren kontsiderazio luzakorraren pean erabakia har zedin; baina igaro zen astebete, eta gehiago ere bai, ebazpena iritsi gabe, eta sententzia ere bai, nahiz eta ziurtasun osoz aditzera eman zitzaion ordurako entzutegian emana zegoela: halako moldez, non hamabigarren egunean, irmoki deliberaturik, zeinahi zelarik ere gobernuak berarekiko zuen jarrera inondik ere argitara ekartzera; eseri zen eta errepresentazio hertsakorrean berriro pasaporteak eskatu zituen. Baina nolako txundimena ez ote zuen izan biharamun gauean, hura ere erantzunik jaso gabe igaro zelarik, pausu bat ematean —bere egoeraz pentsakor gogoetan zebilela, eta bereziki Martin Lutero doktoreak lortu zion amnistiarenaz— landetxearen atzeko aldean atondurik zeukan kabinetetxoko leihoaren aurrean, atariko albo-gelan, zeina egonlekutzat eman zien, Von Meissengo printzeak izendatu zion guardia ez ikustean. Thomasek, etxezain zaharrak, zeinari dei egin eta galdetu baitzion, hasperenka erantzun zion: «Gauzak ez dabiltza behar luketenez! Lanskeneteak —eta gaur ohi baino zebiltzan —gaua erortzean etxearen inguruan banatu dira; beraietako bi guardia egiten aurkituko dituzu, ezkutua eta lantzarekin, atearen aurrean, kalean; beste bi gehiago daude atzekoan, jardinean; eta oraindik beste bi etzan dira areto-aurrean lasto-sorta baten gainean, eta bertan lo egin behar dutela diote». Kolorea galdu zuen Kohlhaasek bira eman eta erantzun zuen «berdin ziola bertan zeuden bitartean; eta solairutik igarotzean argi bat jartzeko, ikusi ahal zezaten». Etxaurreko pertsiana bat ireki ondoren, ontzi bat husteko aitzakiarekin, eta agureak aditzera eman zion inguruabarraren egiaz jabetu zenean —zeren une hartan bertan isiltasun txukunean guardiak errelebua hartu baitzuen eta maniobra horretaz ez zen inor ohartu, nahiz eta aspaldidanik neurri hori hartua zegoen— etzan zen ohean, nahiz eta logurarik gabe, eta berehala eduki zuen hurrengo egunerako erabakia hartuta. Zeren ezer ez baitzion gutxiago jasaten tratatu behar zuen gobernu hari justizi itxurak baino, izatez bere pertsonaren baitan emandako amnistia hausten ari zirelarik; eta egiazki preso bazegoen, ia inondik zalantzatan jartzerik ez zegoenez, ageriki eta itzulingururik gabe aitortzera behartu nahi zuen horrela zela. Ondorioz, hurrengo egunak argitu zuenean, Sternbald bere morroiaren bitartez agindu zuen kotxea lotu eta etxe aurrera ekar ziezaiotela, esan zuenez, Lockewitzeko erregistratzailearen etxera joateko, zeina aspaldiko ezaguna baitzuen, Dresdenera agur egitera etorri zitzaiona eta toki hartan egun bat bere seme-alabekin pasatzera gonbidatu zuena. Lanskeneteek, txutxuputxuen artean etxean sortu zen joan-etorriaz oharturik, beren arteko bat bestela baitakoan hirira bidali zuten, eta horrela handik gutxira amabi bat agertu zen bertan laguntzaile batzuekin, eta arazoren bat konpondu behar balu bezala, aurreko etxean sartu zen. Kohlhaas ere ohartu zen mugimendu haietaz, bere seme-alabak prestatzen ari zen bitartean, eta berariaz eraduki zuen kotxea atearen aurrean behar baino denbora luzeagoan; poliziaren prestamenak amaiturik ikusi zituen bezain laster, atera irten zen seme-alabekin; eta, ezkaratzean guardia egiten zegoen lanskenete-eskoltari segitu beharrik ez zeukala esan ondoren, mutikoak kotxera igoarazi eta neskatoak musukatu eta kontsolatu egin zituen, zeinak, emandako aginduaren arabera, etxezainaren alabaren konpainian negarrez geratzen baitziren. Baina kotxera igo orduko, aguazila bere laguntzaile-segizioarekin aurreko etxetik irten, Kohlhaasengana hurbildu eta nora joan nahi zuen galdetu zion. Honek erantzutean «adiskidea zuen Lockewitzeko eskribauaren etxera kotxez joan nahi zuela, zeinak berriki landetxean seme-alabekin egun bat pasatzera gonbidatu zuela», orduan amabiak erantzun zion, «kasu horretan pixka batean itxaron beharko zuela; Meissengo printzeak emandako aginduen arabera, zaldizko lanskenete batzuek lagunduko zutela». Kohlhaasek, kotxearen gainetik irribarre eginez, galdetu zion «ea uste al zuen bere pertsona ez zela seguru egongo egun batez bere mahaikide izatera gonbidatu zuen adiskide baten etxean». Ofizialeak tonu alai eta atseginean erantzun zion segur aski arriskua ez zela handia, eta gaineratu zion lanskeneteek ez ziotela inolako trabarik egingo. Kohlhaasek orduan zorrotz erantzun zion «Dresdenera iristean Meissengo printzeak libre utzi ziola guardiaz baliatzea edo ez baliatzea»; eta amabiak inguruabar horretaz harritu eta esamolde zuhurrez bere egonaldi guztian izandako ohitura aipatu zuelarik, zaldi-tratulariak kontatu zion zer gertakariren ondorioz sortu zen bere etxeari eskolta jarri beharra. Amabiak ziurtatu zion Siegfried von Wek, jauregiko kapitainaren, une hartan polizia-buru zenaren aginduek bere pertsona etengabe babesteko obligazioa ezartzen ziotela; eta laguntzerik onartzen ez bazuen, bera Gubernium-era joan zedila eskatu zion, sor zitekeen errakuntza desegitera. Kohlhaasek begirada esanguratsu bat zuzendu zion eta, zirt edo zart egiteko asmoarekin, esan zion «horixe egin nahi zuela»; jaitsi zen kotxetik bihotza taupaka zuela etxezainari haurrak solairura eramateko eskatu zion eta morroia orgaren zain geratzen zen bitartean, amabia eta bere guardiarekin Gubernium-ean aurkeztu zen. Suertatu zen jauregiko kapitaina, Wenk baroia, Leipzig inguruan atzeman eta aurreko gauean ekarri zituzten Nagelschmidten morroi-talde baten miaketan lanpeturik zebilela —eta tipo haiei, hain zuzen ere, Von Tronkako zaldunak berak ari zitzaizkiela itaunketa egiten beraiengandik atseginez entzungo ziratekeen zenbait xehetasuni buruz— zaldi-tratularia zeraman segizioarekin aretoan sartu zenean. Zaldi-tratularia ikusi bezain laster, baroia berarengana joan zen, zaldunek isildu eta bat-batean itaunketa bertan behera utzi zutelarik, eta zer nahi zuen galdetu zion; eta zaldi-tratulariak begirunez aditzera eman zionean Lockewitzeko erregistradorearekin bazkaltzera joateko asmoa zuela eta behar ez zuelako, hirian utzi nahi zuela lanskenete-eskolta, erantzun zion baroiak, aurpegiko kolorea aldatuz eta beste zerbait irentsi nahi balu bezala, ongi egingo zuela etxean geratu eta Lockewitzeko eskribauaren orritsari uko egiteaz. Ondoren, hizketa etenez, amabiarengana zuzendu eta esan zion «gizonari buruz emandako aginduaren arabera ordenak betetzeko, zaldizko sei lanskenetek lagundurik ez baldin bazen hiritik alde egin ez zezakeenez gero». Kohlhaasek galdetu zuen ea ez ote zegoen preso, ea uste izan behar zuen ageriki eman zitzaion amnistia hausten ari zitzaizkiola; eta orduan baroiak supituki aurpegia gorrituz bi hazbetera hurbildu eta begietara begiratuz erantzun zion: «Bai, bai, bai!»; bizkarra eman, aho bete hortzekin utzi eta Nagelschmidten morroiekiko bere zereginera itzuli zen. Ondoren, irten zen Kohlhaas aretotik eta, ongi bazekusan ere pausu harekin izugarri zaildu zuela geratzen zitzaion salbabide bakarra, ihesa, onetsi egiten zuen erabilitako jokaera, zeren amnistiako artikuluak betetzetik libre ikusten baitzuen bere burua. Etxera itzulirik, zaldiak askatzeko agindu zuen eta, amabiaren konpainian, triste eta habaildurik sartu zen bere kabinetean; eta gizon hark zaldi-tratulariari nazka emateko zoriraino ziurtatzen zuen dena gaizki-ulertze batean oinarriturik zegoela eta laster argituko zela dena, atalagatu zituzten laguntzaileek bere keinu batez atarirako irteerak; hala eta guzti ere, amabiak ziurtatu zion, etxearen aurrealdeko irteera nagusia erabat bere nahierara edukiko zuela.

        Bitartean Nagelschmidtek hainbesteraino hertsaturik ikusi zuen bere burua justizi laguntzaile eta lanskeneteen aldetik Turingiako basoetan, non bere gain hartu zuen bezalako zeregin bat aurrera eramateko erabat baliabideez gabeturik aurkitzean Kohlhaas arazo hartan interesaraztea bururatu zitzaion; eta txangoan etorri zen bidaiari batengandik aski xeheki Dresdenen auzia zer egoeratan zeukan jakinik, uste izan zuen, nahiz eta bien artean etsaitasun nabarmena zegoen, zaldi-tratularia mugi zezakeela berekin lotura berri bat ezartzera. Horrela, bada, morroi bat bidali zion ia ezin ulertuzko alemanez idatziriko txartel batekin eta honela zioen: «Altenburg aldera joan eta sakabanaturiko hondarrekin bertan batu zen troparen buruzagitza hartu nahi bazuen, bera prest zegoela Dresdendik ihes egiten laguntzeko zaldi, jende eta diruarekin; eta abaguneaz baliatzen zela aurrerantzean esanekoago izango zela hitzemateko eta ziur lehen baino neurritsuago eta hobea, eta zion leialtasun eta atxikimenduaren agiritzat, prest zegoela Dresdenera joan eta kartzelatik jaregiteko agintzen ziola». Baina gutun hau zeraman tipoa, Dresden inguruko herri batean oso karranpa gaiztoek hartu zuten, zeinak txikitatik jasaten zituen, eta abagune hartan laguntzera hurbildu zitzaizkionek gutuna paparrean aurkitu zioten, atxilotu eta guardia eta jendetza handi batekin Guberniumera eraman zuten. Gutuna irakurri bezain laster, Von Wenk baroia, jauregiko kapitaina, Printze Hausteslearen jauregira joan zen; bertan Kunz eta Hinz jaunak aurkitu zituen, bere zaurietatik susperturik lehena eta Kallheim kondea, Estatu-kantzilergoburua. Von Tronka jaunak besterik gabe, Kohlhaas atxilotu eta Nagelschmidtekiko ezkutuko elkarraditzeak zituelako auzitara eramatearen aldeko agertu ziren; argudiatzen zuten gisa hartako gutun bat ezin zitekeela idatz baldin eta zaldi-tratulariak aurretik beste batzuk igorri ezean, ezta bien artean lotura doilor eta gaiztaginik egon ere makurkeria berriak egiteko. Printze Hautesleak irmoki uko egin zion gutun bakar hura oinarritzat harturik Kohlhaasi eskaini zion babesa; aitzitik, sostengatu zuen Nagelschmidten gutunak nolabait adierazten zuela aurretik ez zela loturarik izan; eta luzaroan zalantzan egon ondoren deliberatu zen gauza bakarra, egoera argitzeko asmotan, presidentearen proposamena izan zen: Nagelschmidtek bidalitako morroi beraren bitartez, honek lehen bezala gero ere libre balirau bezala, eskuratzen uztea eta erantzuten ote zion egiaztatzea. Horrela, bada, biharamun goizean ordurako kartzelan sarturik zegoen morroia Gubernium-era gidatu zuten, non jauregiko kapitainak gutuna gomendatu zion eta behartu zuen, libre eta irabazi zuen zigorretik libre aurkituko zen promesaren pean, zaldi-tratulariari idatzia ezer gertatu izan ez balitz bezala ematera; tipo hark aparteko eragozpenik gabe onartu zuen izan makurreko amarru hura, eta itxuraz era ezkutuan, Kohlhaasen etxera sartu zen —polizi amabiak merkatuan eskuratu zituen karramarro batzuk saltzeko aitzakiarekin—. Beste inguruabar batzuetan Kohlhaasek, zeinak irakurri baitzuen gutuna bere seme-alabak karramarroekin jolasean zebiltzan bitartean, tipo hari paparretik heldu eta atean guardia egiten zeuden lanskeneteen esku jarriko zukeen; baina zegoen giroan horrelako keinu bat ere kalkulu hotzenaren gai izan zitekeenez gero, eta bera erabat konbentziturik geratuko zatekeen munduan ezerk ezin zezakeela sartua zegoen auzitik salba, begiratu zion halako hari begirada trist batez, ongi ezaguna zuen aurpegian eta galdetu zion non zeukan bizilekua eta handik ordu batzuetara berriro etortzeko bere etxera, non bere nagusiari buruzko erabakiaren berri emango zion. Dei egin zion Sterbaldi, zeina halabeharrez gelan sartu zen, karramarro batzuk erosteko; eta tratua egin zelarik, elkar ezagutzera iritsi gabe, eta biak irten ondoren, eseri eta gutun bat idatzi zion Nagelschmidti honako hitzotan: «Lehenik onartzen zuela Altenburg aldean zeukan troparen buruzagitza; eta, ondorioz, bere bost seme-alabekin behin behinekoz zeukaten presondegitik libratzeko, bidal zezala bere kotxea bi zaldirekin Dresdendik Neustadtera; joanaira lasterra bermatzeko, oraindik lauzkatu egin beharko zirela Wittenbergerako bidean, itzulinguru bat egin ahal izateko, orduan kontatzeko luzeegi joko zuten arrazoiengatik, ezinbesteko baitzuen egitea bestea zegoenera iritsi ahal izateko; nahiz eta ziurtzat jotzen zuen diruz eros zitezkeela zelatatzen zuten lanskeneteak, indarra beharrezkoa izan zitekeen kasurako, ziurtasuna izan nahi zuela bi morroi adoretsu, trebe eta ongi armaturekin kontatu ahal izateko Dresdengo Neustadten: prestamen horiei buruzko gastuen kontu egiteko, morroiaren bitartez poltsa bat bidaltzen ziola hogei urre-koroarekin, zeinen enpleguaz kontuak errendatuko zizkion arazoa amaitu eta gero; gainerakoan eta beharrezkoa ez zelarik, bera jaregiteko Dresdenen ez zedila agertu; areago, Altenburg aldean irauteko agindua espresuki ematen ziola bitartean banda gidatzeko, ezin baitzitekeen buruzagirik gabe gera». Gau hartan morroia heltzean, gutuna eman zion, oparo adiguri egin ondoren, eta zorrotz eskatu zion hura ongi zaintzeko.

        Bere bost seme-alabekin Hamburgera joateko asmoa zuen eta han Hegoaldera edo Ekialdeko Indietarako ontziratzekoa, edo berak ezagutzen zituenaz bestelako gizakien gain eguzkiak argi egiten zuen beste edonora: zeren eta horregatik Nagelschmidtekin tratuan sartzeak sor ziezaiokeen aiherraz aparte, nahigabeek zanpaturiko arimak uko egin baitzion zaldiak gizentzeari. Tipo hark erantzuna jauregiko kapitainari eskuratu bezain laster kantziler handia kargutik kendu, Kallheim konde presidentea tribunal-buru izendatu eta, Printze Hauteslearen dekretuz Kohlhaas atxilotu eta katea astunez zamaturik hiriko dorrera eraman zuten. Gutun hura zela eta auzitan sartu zuten, zeina hiriko zoko guztietan ezarri zuten; eta nola auzitegian baietz erantzun zuen gutuna eskuan zuela berak egindakotzat aitortzen al zuen galdetu zion auzi-maisuari, eta bere buruaren defentsarako ezer aurkeztu ahal zezakeen galdetzean ezetz ihardetsi zuelarik begiak beheratuz, larrutzaileen eskuetan orrika goriez zimikatua, laurdenkatua eta bere gorputza estira eta urkabearen artean errea izatera kondenatu zuten.

        Honela zeuden gauzak Kohlhaas gizarajoarentzat Dresdenen, Brandenburgeko Printze Hauteslea indarkeria eta nahikeriaren eskuetatik salbatzeko agertu zenean, brandenburgar menpekotza zuen heinean, Saxoniako Estatu-kantzilergoan aurkezturiko nota baten bidez erreklamatzeko. Zeren Heinrich von Geusau jaun, baile jatorrak Spree ibaiaren hegietan paseo bat ematen ari zela berri eman baitzion gizon berezi eta inondik ere arbuiatzekoa ez zen haren zorteaz eta abagune hartan Printze harrituaren galderek hertsaturik, ezin izan zion albora eragin bere pertsonaren gain zeukan erruari Sigfried von Kallheim konde artzakantzilerraren nahikeriari; biziki nahigabeturik beronekin, eta argibideak eskatu eta Tronka etxearekin zuen ahaidetasuna zela guztiaren errudun egiaztatu ondoren, Printzeak, besterik gabe, eta onginahia baztertu zion seinale ugarirekin kargutik kendu eta Heinrich von Geusau jauna izendatu zuen artzakantziler.

        Suertatu zen, ordea, Poloniako koroak, ez dakizkigun arrazoiengatik Saxoniako etxearekin gatazkan zebilenak, behin eta berriz proposamen hertsakorrez bultzatzen zuen Printzea berekin aliatzera eta Saxoniako etxearen aurka elkar hartzera; halako moldez, non Geusau jauna, halako gauzetan trebeziarik gabea ez zenak, bere nagusiaren nahia betetzea espero izan zuen, kosta ahala kosta, Kohlhaasi justizia egitean baina horregatik ordena orokorra arriskuan jarri gabe partikularrei zor zaien arretak eskatzen zuenaz haraindi. Ondorioz, artzakantzilerrak nahikeria hutsez Jainkoa eta gizakien kontrakoa izan zen prozesuan zehar ikusirik, Kohlhaasen estradizio baldintzagabe eta berantezina erreklamatu ez ezik, bere gain errurik egonez gero, Brandenburgeko legeen arabera epaitua izan zedin, Dresdengo epaitegiak Berlingo abokatu baten bitartez egin zezakeen helegitez, baita Printzeak gogo biziz Dresdenera bidali nahi zuen abokatuarentzat pasaporteak eskatu ere egin zituen, Kohlhaasek Wenzel von Tronkako Junkerrarekin hasita zeukan auzian Kohlhaasi justizia egiteko Saxoniako lurraldean legez kontra zaldiak eraduki eta ikaragarrizko tratu txarrak eman zizkiotelako. Kunz jaun txanbelana, Saxonian egindako kargu-aldaketaren ondorioz kantzilergoburu izendatu zutenak eta arrazoi desberdinengatik, aurkitzen zen estutasunean, Berlingo gorteari eragozpenik sortu nahi ez ziolarik, bere nagusiaren izenean erantzun zuen, zeinari hartutako notak izugarri erasan baitzion: «Harrigarria zela nolako adeitasunik ezaz eta bidegabekeriaz eztabaidatzen zitzaion Dresdengo epaitegiari Kohlhaas legeen arabera epaitzeko ahalmena, herrialdean egindako delituengatik, gainera aski ezaguna izaki aipatua ondasun gogoangarrien jabe zela hiriburuan bertan eta mola ere ez zitzaiola ukatzen bere Saxoniako hiritar-izaera. «Baina Poloniako koroak bost mila gizoneko armada bat bildua zuenez gero Saxoniarekin mugan zeuzkan erreklamazioak ebazteko, eta Heinrich von Geusau jaun artzakantzilerrak aitortu zuenez: «Kohlhaasenbrück, zaldi-tratulariak bere izena hartu zuen tokia Brandenburgeko lurraldean zegoela, eta jende-eskubidearen hausketatzat hartuko zela haren kontra emandako herio-zigorra betearaztea», Printze Hautesleak erabaki zuen —eztabaidatik at geratu nahi zuen txanbelanaren beraren iradokizunez— Christiern von Meissen printzea kontsultatara deitzea eta, beronek azaldu zituen arrazonamenduen ondoren, Kohlhaas Berlingo epaitegira estraditatu eta horrela eskatutakoa betetzea. Meissengo printzeak, zeinak bere nagusi habailduaren ageriko gurariz eta sortu ziren bilaukeriengatik pozik ez bazegoen ere, Kohlhaasen arazoaren zuzendaritza onartu behar izan zuen, galdetu zion zer karguren pean auzitara sartzea nahi zuen zaldi-tratularia Berlingo epaitegian; eta Nagelschmidti egindako gutuna aipatu ezin zelarik —idatzi zeneko inguruabar badaezpadako eta ilunengatik—, ezta aurreko zakuraketa eta su-emateak gogora ekarri ere —jendaurrean ezarritako iragarkiz barkatu zitzaizkiolako—, orduan Printze Hautesleak deliberatu zuen Vienako Enperadorearen Maiestateari txosten bat helaraz zekiola Kohlhaasek Saxoniara egin zuen inbasio armatua zela-eta, berak gerizaturiko bakea hausteagatik protesta eginez eta berari, inolako amnistiarekin konprometiturik ez zegoenari eskatuz, hartan oinarriturik eta akusatzaile inperial baten bitartez Kohlhaasi Berlingo auzitegira dei egin ziezaiola. Handik zortzi egunetara, zaldi-tratularia bere bost seme-alaben konpainian —zeinak bere eskariz zurtzegi eta erruki-etxeetatik jasoak izan baitziren—, kotxe batera igoarazi eta Friedrich von Malzahn zaldunak Berlinera eraman zuen, zeina Brandenburgeko Printze Hautesleak Dresdenera bidali baitzuen sei reitrerekin. Suertatu zen Saxoniako Printze Hauteslea une hartan orein-ehizaldi handi batean esku hartzen ari zela, zeina Dahmen antolatu baitzuen lurraldeko gobernariak, Aloysius von Kallheim kondeak, Saxoniako mugak sail handien jabe zenak, Kunz jauna txabelana, beronen emazte Heloise, gobernariaren alaba eta presidentearen arrebarekin, eta baita bertaratu ziren beste handiki, dama eta jaun, gortesau eta ehiztariekin ere; halako moldez, non oraindik talde osoa mahaiaren inguruan bildurik zegoela, muino baten gainean bidean zehar altxaturiko gailardete ikustetsudun dendatan, oraindik ehizako hautsez estalita, haritz-enbor batetiko soinuak lagun zituztela eta menino eta pajeek adeitsuki zerbitzaturik, zaldi-tratularia Dresdendik zetorren bidea astiro ibiliz zaldizko eskoltarekin igaro zenean. Kohlhaasen seme txiki baten gaixotasunak Malzahn bere laguntzailea Herzbergen hiru egunez gelditzera behartu zuen; neurri horretaz, ordea, zerbitzatzen zuen jaunaren aurrean bakarrik erantzukizuna izaki, ez zion beharrezko iritzi Dresdengo gobernuari jakinarazteari. Gaztaroko garai urrunduetan bere lehen maitasun izan zuen Heloise damaren ondoan eserita, kapela buruan zuela, ehiztarien gisara, izei-abartxoekin apaindurik, golkoa erdi zabalik, eta jai-giroak alaiturik, Printze Hautesleak proposatu zuen: «Goazen hara, kopakada bat ardo dohakabe hari eramatera, nornahi dela ere!» Heloise dama zutitu egin zen, bihozkoi begiratuz segituan eta mahaian arrapaladan sarturik paje batek ekarri zion zilarrezko erretilu bat fruitu, pastel eta ogiz bete zuen; eta jadanik irtenda zegoen, era guztietako izkirimiriekin, talde osoa borborka dendatik, gobernariak aurpegi asaldatuarekin etorri eta bertan gelditzeko eskatu zienean. Printze Hautesleak txunditurik zer gertatu zen galdetzean, hain aztoraturik egoteko, gobernariak kotxe hartan Kohlhaas zihoala erantzun zion hitz-totelka txanbelanari; guztientzat ulertezina zen albiste haren aurrean, zeren jakina baitzen sei egun lehenago abiatua zela Dresdendik, hartu zuen txanbelanak, Kunz jaunak, bere kopakada ardoa eta, dendarantz itzulirik, hondarretan isuri zuen. Printze Hautesleak, erabat gorriturik, berea erretiluan ezarri zuen zeina txanbelanaren keinu batez horretarako hurbildu baitzion menino batek; eta Friedrich von Malzahn zalduna, ezagutzen ez zuen taldeari begirunez diosal eginez, igaro zen bitartean bidearen gainetik tiraturiko denden lokarrien artetik Dahme aldera ahukua astiro gidatuz, jaunak gobernariaren eskariz dendara itzuli ziren, gertatuari aparteko garrantzirik eman gabe. Printze Hauteslea eseri bezain laster, gobernariak mandatua bidali zuen Dahmera bertako baileari zaldi-tratularia lehenbailehen aurrerako bidean jar zezala eskatuz; baina, Mahlzango zaldunak, ordua oso aurreratua zelako, gaua bertan emateko nahia agertu zuelarik, bailearen jabego zen eta sastraka artean ezkutaturik eta bazter zegoen landetxe batean isiltasun handienean alojatzeaz konformatu behar izan zuen. Baina arratsean suertatu zen, jaunak ardoz eta mahai-azken joriz barreiaturik, gertatua ahaztu zutelarik, gobernariari berriro zelatara agertu zen orein-talde bat barrandatzera itzul zitekeela otutzea. Iradokizun hau gogo onez hartu zuen talde osoak, segituan bikoteka sakabanatu eskopetak hartu bezain laster hesi eta mendiko postuetarantz; halako moldez, non Printze Hauteslea eta Heloise dama, zeina beronen besoari itsatsi baitzitzaion ikuskizuna ez galtzeko, izendatu zieten pajeak, hain zuzen ere, eta beren harridurarako, Kohlhaas brandenburgar reitreekin aurkitzen zen etxeko barlaren erditik gidatu zituen. Dama horretaz ohartzean esan zuen: «Zatoz, garaitasun hori, zatoz!» eta lepotik zintzilik zerabilen katea zetazko petoan ezkutatu zion txantxaz eta koketeriaz: «Ardaila etorri baino lehen sar gaitezen landetxean eta gau bertan eman behar duen pertsonaia bitxia ikusiko dugu!» Printze Hautesleak gorriturik eskutik heldu eta esan zion: «Heloise!, horiek burutadak dituzuna!». Baina damak esan zionean, txunditurik, inork ezingo zuela ezagutu, ehiztari-jantziak estaltzen zuelako, eta tira egin ziolarik eta nola une horretan bi ehiztari etxetik irten ziren beren jakin-mina aserik eta hauek ziurtatu zienez gero gobernariaren trikimailu bati esker, ez zalduna ez zaldi-tratularia ez zeudela jakinaren gainean zer jende-mota bildu zen Dahme aldean; Printze Hautesleak kapela begietaraino sartu eta irribarrez esan zuen: «Erokeria, hi haiz munduaren nagusi eta emakume ederraren ezpainak dauzkak kokagunetzat!»

        Gertatu zen Kohlhaas lasto-sorta baten gainean eserita zegoela, bizkarra hormaren kontra, Herzbergen gaixotu zitzaion semeari esne eta ogi zurizko zopa bat ematen, jaunak bisita egitera landetxean sartzean; eta hizketan hasteko damak nor zen eta haurrari zer gertatzen zitzaion galdetzean, baita zer delitu egin zuen eta nora zeramaten halako eskoltarekin, hark larruzko burutako erantziz agur egin zion eta, bere egitekoari utzi gabe, galdera hauei erantzun murritza baina nahikoa eman zien. Printze Hauteslea, zutik ehiztarien atzealdean zegoenak, zetazko haritik zintzilik berunezko erlikia-ontzi bat zerabilela ohartzean, galdetu zion hizketarako ezer hoberik ez egokitzean, zer esan nahi zuen eta zer zeukan barrean. Kohlhaasen erantzun zion: «Bai, jaun prestu hori, erlikia-ontzi hau —eta fineziaz lepotik atera, ireki eta lakrez zigilaturiko txartel bat erakutsi zuen— erlikia-ontzi honekin gauza miragarri bat gertatu zen. Zazpi bat ilargi izango dira orain, emazteari lurra eman eta biharamunean, ni Kohlhaasenbrücketik abiatu nintzen, agian jadanik badakizunez, Tronkako Junkerra atzematera, zeinak bidegabekeria ugari egin baitzizkidan; eta nik ez dakidan gairen bati buruzko negoziaketa zela-eta, Brandenburg eta Saxoniako Printze Hautesleek bilera bat izana zuten Jüterbock izeneko herri txiki batean, nondik eraman baininduen neure kanpainak; eta arrats alderako beren nahiak bateratu zituztelarik, biak berriketa adiskidekorrean kalera irten ziren, garai hartan han jendetza handiarekin egiten ari ziren urteroko feriari begiratu bat ematera. Bertan ijito-andre batekin topo egin zuten, zeinak oin-aulki batean eserita inguruan bildutako jendeari etorkizuna igartzen baitzion egutegi batetik, eta ez ote zeukan berei zerbait atseginik igartzeko. Nik neure taldearekin ostatu batean egoitza hartu nuelarik eta hau gertatu zen tokian aurkitzen nintzelarik, ezin nuen hauteman nengoeneko elizako atearen atzetik zer esan zien andre miragarriak jaun haiei; halako moldez, non jendeak barrezka elkarri xuxurlatu zion emakume hark ez ziola edonori bere jakitearen berri ematen, eta sortzera zihoan ikuskizunarengatik jendea pilatu zelarik, ni neu atzealdean, elizako sarreraren ondoan zegoen harrizko aulki batera igo nintzen, gutxiago neure jakin-minarengatik jakin-minez zeudenei toki egiteagatik baino. Neure talaiatik, inolako eragozpenik gabe, jaunak eta oin-aulkian aurrez aurre eserita zeukaten eta itxuraz marra batzuk egiten ari zitzaien emakumea ikusi ahal izan nituen orduko, berau supituki zutitu zen makuluez baliaturik eta jendartean begiratzen hasi zen; ikusten nau ni, berarekin inoiz hitzik trukatu ez nuena, ezta neure bizitzan bere jakiteari denborarik eskaini gabekoa nintzena; urratzen du bidea jendetza sarrian zehar nengoen tokiraino eta esaten du: «Tira! Jaunak jakin nahi badu, hiri galdetu beharko dik!» Eta horrenbestez, jaun prestua, esku ihar eta hezurtsuaz txartel hau luzatu zidan. Eta nik txunditurik, jende guztia niregana zuzentzean, esan niolarik: «Ama, zer opari dira hauek?», erantzuten dit berak hauteman ez nizkion gauza asko, zeinen artean harridura handirako neure izena ere entzun nuen: «Amuletu bat, Kohlhaas, zaldi-tratularia; gorde ezak, ikusiko duk egunen batean bizia nola salbatuko dian!», eta desagertu egiten da. Beraz —jarraitu zuen Kohlhaasek bizi-bizi—, egia esan, Dresdenen gauzak gogor jarri zaizkidan arren, ez dut biziaz ordaindu beharrik izan; baina nola joango zaizkidan Berlinen, eta bertan ere honen laguntza izango dudan, geroak esango du».

        Hitz hauek entzutean Printze Hauteslea eseri egin zen aulkian; eta nahiz eta dama harrituak zer gertatzen zitzaion galdetu eta berak: «Ezer ez, ezertxo ere ez» erantzun, handik gutxira lurrean zerraldo erori zen ondoeza eginik, damak beragana hurbildu eta besoetan hartzeko ere astirik izan baino lehen. Malzahngo zaldunak, zeina une hartan bertan beste zeregin batekin sartu baitzen, esan zuen: «Jainko maitea! Zer gertatzen zaio jaunari. Damak oihu egin zuen: «Ekarri ura, bizkor!». Ehizazainek altxatu eta albo-gela bateko ohera eraman zuten; eta aztoramenduak gorena jo zuena txanbelanak, paje batek ekarririk, aitortu zuen, bizira ekartzeko behin eta berriz alferreko ahaleginak egin ondoren esan zuen: «Antza denez, jaunak atakea izan du!» Kopariak zaldizko mandatari bat Luckauera bidali zuen bitartean mediku bila, eta jaunak begiak ireki zituelarik, gobernariak kotxe batera igoarazteko eta berak ingurumarietan zeukan ehiza-dendara poliki-poliki eramateko agindu zuen; baina bidaia haren ondorioz beste bi ondoez izan zituen toki hartara iristean; halako moldez, non harik eta biharamun goizera arte, Luckhaueko medikua iritsi zen arte, ez zen inolako hobekuntzarik nabaritu, baina orduan ere nerbio-sukarrezko sintoma larri berekin. Bere baitara etorri zen bezain laster, ohean eseri eta ezer baino lehenago Kohlhaas non zegoen galdetu zuen. Txanbelanak, galdera nahastuz, esan zion eskua hartzen zion bitartean lasai zitekeela gizaki nardagarri harengatik, zeren gertakari estrainio eta ulergaitzaren ondoren Dahmeko landetxean geratu zela brandenburgar eskoltaren zaindaritzapean. Atxikipen bizieneko adierazpenekin eta gizon harekin topo egitera eraman izanaren arinkeriarengatik jadanik emazteari garratz haserre egin ziola ziurtatu ondoren, galdetu zion zerk eragin zion hain zirrara miragarri eta ikaragarria berarekin hitz egin zuen bitartean. Printze Hautesleak esan zion aitortu beharrean zegoela gertakari higuingarri guztiaren errua gizonak berunezko erlikia-ontzi batean aldean zeraman txartel ziztrina ikusi izanak zeukala. Oraindik zenbat argibide ere gehitu zituen, txanbelanak ulertu ez zituenak; supituki eskua bereen artean estutu eta txartel haren jabe izatea garrantzi handienekoa zela beretzat aitortu zion; eta ez zedila han eserita geldi, lasterka Dahmera joan eta txartel hura kosta ahala kosta eros ziezaiola erregutu zion. Txanbelanak, zeinari kosta egiten baitzitzaion bere txundidura ulertzea, ziurtatu zion baldin eta txartel hark inolako baliorik bazuen beretzat, ezer baino garrantzitsuagoa zela Kohlhaasi inguruabar hori ezkutatzea; zeren eta indiskrezio txikienarengatik hori jakinaraziz gero, aberastasun guztiak gutxiegi izango zituela tipo zital, mendekio-egarrian aseezina zen hari erosteko. Lasaitzeko gaineratu zion beste bideren bat pentsatu beharko zela eta agian amarruz hirugarren bat erabat oharkabean beretzat hainbeste esan nahi zuen txartelaz jabetu ahal izango zela, baldin eta bilauari gehiegi inporta ez bazitzaion behintzat. Printze Hautesleak izerdia xukatu eta galdetu zion ea ezin zuen norbait bidali helburu horrekin Dahmera eta behin behinekoz bertan behera utzi zaldi-tratulariaren, harik eta nolanahi zela ere txartelaz jabetu arte. Txanbelanak, ikusten eta entzuten ari zena sinetsi ezinik, bere aurreikuspenen arabera ordurako zaldi-tratulariak Dahmetik abiatua eta tamalez mugaz haraindi Brandenburgeko lurretan aurkitu behar zuela erantzun zion, non bere lekualdaketa trabatzea edo atzeraraztea eragozpen oso neketsu eta gogaikarriak sortaraziko zituzten, ezin gaindituzkoak agian. Printze Hautesleak, isiltasunean eta erabat etsituaren itxurarekin, burkoan bere buruari erortzen utzi zionean, txanbelanak galdetu zion zer zeukan txartelak eta gisa oihez eta argiezineko zer halabeharrekoren bitartez jakin zitekeen txartelak berekin zerikusia zuela. Baina honi, txanbelanari begirada zalantzazkoak eginez, zeinaren adiguritasunaz susmoak baitzituen kasu hartan, Printze Hautesleak ez zion ezer erantzun: ohean etzanik, zurran, bihotza artega taupaka zuela, ez zituen begiak pentsakor eskuen artean zeukan zapiaren muturretatik aldentzen; eta, ustekabean, oso izaera desberdineko gai batez berarekin hitz egin behar zuelako aitzakiarekin, Von Stein ehizazaina, zaldun gazte oso sendo eta trebea bidaltzeko eskatu zion, zeinaz beste abagune batzuetan ere baliatu izan baitzen isilpeko zereginetarako. Ehizazainari, Kohlhaasen eskuetan zegoen txartelak beretzat zer garrantzi zuen jakinarazi ondoren, galdetu zion ea bere adiskidetasunerako betiko eskubidea bereganatu nahi ote zuen hura Berlinera iritsi baino lehen txartel hura ekarriz; eta gazteak, berezitasunaren barruan, gaiaren neurriaz jabetu orduko, erabat bere zerbitzura zeukala ziurtatu ziolarik, Printze Hautesleak agindu zion Kohlhaas atzemateko eta zuhurtasunez egindako negoziaketan askatasuna eta bizia txartelaren ordez eskaintzeko, zeren diruaren truk segur aski nekez lortuko baitzen ezer, eta tematzen bazen, nahiz eta beharrezko begiramenduaz, lekualdaketa burutzen ari ziren brandenburgar zaldunengandik ihes egiteko zaldi, jende eta diruz hornituz laguntzeko ere bai. Ehizazainak, Printze Hauteslearen eskutik luzaturiko orri fede-emaile bat hartu ondoren, segituan abiatu zen morroi batzuekin eta zaldien arnasa aurrezten ibili ez zenez gero, mugako toki batean Kohlhaasekin topo egiteko zorte ona izan zuen, zeina Malzahngo zalduna eta bere bost seme-alabekin batera, etxe baten ate aurrean zerbitzatua airepean bazkaltzen ari baitzen. Malzahngo zaldunak —zeinaren aurrean gazte nobleak bere burua arrotz gisa aurkeztu eta bide batez zaldunak berekin zeraman gizaseme bitxiaren begizko azterketa bat egin nahi zuen— segituan behartu zuen keinu abegikorrez gaztea mahaian esertzera eta Kohlhaasi aurkeztu zion gainera; eta nola brandenburgar zalduna harat-honat zebilen, bidaia segitzeko prestamenetan, eta reitreak etxearen bestaldean kokaturiko mahai batean bazkaltzen ari ziren, laster aurkeztu zitzaion ehizazainari zaldi-tratulariari nor zen eta zer mandatu berezirekin beragana zetorren azaldu ahal izateko abagunea. Zaldi-tratulariak bazekizkien ordurako Dahmeko landetxean aipaturiko erlikia-ontzia ikustean ondoeza eginik erori zenaren izena eta arrangua, eta aurkikuntza honek sortu zion zorabioari galdorra jartzeko, txartel baten isilpekoaz jabetzea besterik ez zuen behar, zeinaren zigilua, arrazoi desberdinak zirela-eta, ez baitzuen berak jakin-min hutsez urratu nahi: zaldi-tratulariak esan zuen, Dresdenen, edozein sakrifiziotarako prest egon zelarik, noble eta printze bati hain gutxi zegokion tratua hartu zuelako: «txartela bere eskupean gordetzeko gogoa zeukala». Ehizazaina harritu egin zen ezezko txundigarri haren aurrean, zeren trukean bizia eta askatasuna baino ezer gutxiago ez baitzion eskaintzen eta Kohlhaasek erantzun zuen: «Jaun noble hori! nahiz eta zure jauna bera etorri eta esango balit prest dagoela bere burua eta zetroari eusten laguntzen dioten guztiak suntsitzeko... suntsitzeko, ezabatzeko, ulertzen duzu?, nire arimak izan lezakeen irrikarik handiena, nik halere oraindik ukatu egingo nioke zure nagusiari bere bizitza baino maiteago duen txartel hau, eta esango nioke: «Hik urkabera bidal nazakek, baina neuk ere min egin diezaaket eta nahi diat gainera!» Hau esanik, herioa aurpegian zuela, erretiluan gelditzen zen jaki-zati on bat amaitzera gonbidatzeko aitzakiarekin reitreetako bati dei egin zion; eta tokian egon ziren denboraren gainerakoan izan ere ez balitz bezala, ez zen beragan bihurtu, begirada batez agur esateko, harik eta kotxera igo zen arte.

        Printze Hauteslearen egoera, albistea hartzean, hainbesteraino okerragotu zen, non hiru egun beltzetan medikua erabat kezkaturik egon zen bere biziarengatik, zeinak aldi berean alderdi askotatiko erasoak jasotzen baitzituen. Laster suspertu zen, halere, berezko osasunari esker zenbait astez gaixotasunaren ohean borrokatu ondoren; halako moldez, non kotxe batean ezarri ahal izan zuten, burkoz eta mantaz ongi horniturik, eta Dresdenera bidali, non baitzituen gobernu-egitekoak. Hirira iritsi orduko Christiern von Meissen printzeari dei egin eta galdetu zion zer egoeratan aurkitzen ziren Eibenmayer auzi-maisuaren despatxu-lanak, zeina bidali nahi izan baitzuten mandatuz Vienara Kohlhaasen kontrako auzian, maiestate inperialaren aurrean kereila bat ezartzeko lurraldean bakea hautsi izanagatik. Printzeak erantzun zion, Dahmera irten zenean emandako aginduen arabera, bera abiatu zela Vienara Zauner lege-maisua etorri ondoren, zeina bidali baitzuen Brandenburgeko Printze Hautesleak bere izenean entzutegian agertu eta Wenzek von Tronka Junkerraren kontra kereila ezartzeko. Printze Hautesleak gorriturik hurbildu idazmahaira eta bere harridura azaldu zuen halako zalapartaren aurrean, zeren berak zekienez argitua baitzuen Eibenmayer behin betiko abiaraztea azkenekoa eta irmoa izango zen agindu baten baitan jarri nahi zuela, Martin Lutero doktorearekin egin behar ziren kontsulten arabera, zeinak lortu baitzion amnistia Kohlhaasi. Eta hori esaten ari zen bitartean, aktak eta ofizioak bata bestearen gainean erortzen utzi zituen, atsekabe eradukizko adierazpenarekin. Begi zabal-zabalez begiratu zion isilaldi baten ondoren, Meissengo printzeak esan zion sentituko zuela arazo hartan nahigabetu izanak; baina Estatu-Konseiluaren ebazpena erakuts ziezaiokeela, non agindu zuen, une hura iritsirik, auzi-maisua Vienara bidaltzea derrigorrean egin beharrekoa zela. Gaineratu zuen Estatu-Kontseiluan ez zela inondik ere Lutero doktorearekiko kontsulta horien gaia aipatu; halaber, lehenago eta Kohlhaasen alde egin zuen bitartekaritzarengatik, agian komenigarria izan zitekeela fraidearen iritzia kontutan hartzea, baina ez orain, mundu guztiaren aurrean amnistia kendu, atxilotu eta Brandenburgeko tribunaletara bidean zelarik, kondenatu eta exekutatua izateko. Printze Hautesleak esan zuen Eibenmayer bidali izanaren laprastada azken finean ezin zitekeela hain larria izan; bitartean eta, agindu berririk eman arte, ez zedila Vienan akusatzaile gisa aritu eta eskatu zion Printzeari luzamendurik gabe zegokiona mandatari baten bitartez aditzera eman ziezaiola. Meissengoak erantzun zion, zoritxarrez, egun batez berandu iritsi zela agindua, zeren egun hartan bertan jasotako ofizioaren arabera jadanik Eibenmayer akusatzaile gisa aurkeztu eta Vienako Estatu-Kantzilergoan kereila ezarria zuelako. Printze Hautesleak, txunditurik, hura guztia nola gerta ahal izan zen hain denbora laburrean, Meissengoak erantzun zion abokatua abiatu zenetik jadanik hiru aste igaro zirela eta hartutako instrukzioak, Vienara heldu orduko, denborarik galdu gabe izapidetza hura burutzera behartzen zuela. Edozein luzamendu hainbat kaltegarriago gerta zitekeela ohartarazi zion Printzeak, zeren Zâuner, Brandenburgeko abokatua, jadanik Wenzel von Tronka Junkerraren kontra presiorik tematuenaz hasita zegoelako, eta ondoren suspertuak izan zitezen hiltokiko kortetatik zaldiak kentzeko errekerimendua ezartzea lortua zeukan, beste aldearen eragozpenak gorabehera. Printze Hautesleak txilina joz esan zuen berdin ziola, ez zuela garrantzi handirik eta funtsik gabeko zenbait galdera egin ondoren —nola zeuden gauzak Dresdenen; zer gertatu zen bera kanpoan zen bitartean—; agur esan zion, bere barneko aldartea ezkutatu ezinik, eskuaz eta irtenarazi egin zuen. Egun hartan bertan Kohlhaasi buruzko akta guztiak eskatu zizkion idatziz zuen munta politikoarengatik berak aztertu nahi zituelako aitzakiarekin; eta txartelak zeuzkan isilpekoen berri eman ziezazkiokeen bakarra gal zezakeelako pentsamendua ezin jasanik, bere eskuz idatzi zion gutun bat enperadoreari, zeinean era bihozkoi eta hertsakorrean baimena eskatzen zion behin behinekoz eta ebazpen berririk izan arte Eibenmayerrek Kohlhaasen kontra ezarritako kereila baztertzeko, agian epe laburrean xehetuko zizkion garrantzizko arrazoiengatik. Enperadoreak, kantzilergoak igorritako nota batean erantzun zion: «ezin gehiagoraino harritzen zuela supituki aldartean izan zuen aldaketak; Saxoniaren aldetik aurkezturiko txostenak Kohlhaasen auzia erromatar-germaniar inperio sakratuaren osoaren arazo bihurtu zuela; ondorioz, enperadorea, beronen agintari gorena zen aldetik, beharturik aurkitu zela Brandenburgeko etxearen aurrean bere burua akusatzaile gisa aurkeztera; halako moldez, non Franz Miller gortearen aholkularia jadanik abiatu eta Berlinera bidean zela, lege-ordezkari gisa lurraldeko bakea hausteagatik Kohlhaas demandatzeko mandatuarekin, eta inola ere ezin zitekeela kereila ken». Gutun honek erabat habaildu zuen Printze Hauteslea; eta bere atsekaberik handienerako, handik gutxira Berlinetik iristen hasi zirenean idatzi pribatutan Kohlhaasen kontrako auzia hastera zihoala adierazten zuten albisteak eta aditzera ematen zutelarik, izendatu zitzaion abokatuaren ahalegin guztiak gorabehera, Kohlhaasek urkabean izango zuela azkena, jaun dohakabe honek ahalegin berri bat egitea erabaki zuen, eta bere eskuz idatziriko gutun batean, Brandenburgeko Printze Hautesleari zaldi-tratulariaren bizia eskatzea erabaki zuen. Aitzakiatzat erabili zuen gizon hari emandako amnistiak ez zuela baimentzen, gisaz, gizon harengan herio-zigorra burutzerik; ziurtatzen zion, nahiz eta itxuraz zorroztasunez jokatu izan bere kontra, inoiz ez zuela hilarazteko asmorik; eta idazten zion zeinen deskontsolaturik geldituko zen, baldin eta gertakarien ustekabeko aldaketaz, Berlindik sortzea espero zen babesa, Dresdenen gelditu eta arazoa Saxoniako legen arabera ebatzi izan balitz baino kalte handiago gizon hari azkenean bihurtzen bazitzaion. Brandenburgeko Printze Hautesleak, zeinari gutun honetako zenbait puntu badaezpadako eta ilun iruditu zitzaizkion, erantzun zion: «Bere Maiestatearen abokatuak erabilitako enfasiak, argi eta garbi erakusten zuela ezertxo ere legeen agindutik aldentzerik ez zutela baimentzen, berak azaldutako nahiaren arabera. Azaldu zizkion eskrupuluen neurrigabea ohartarazten zion, Kohlhaasi amnistiaz barkatzen zitzaizkion delituengatiko demanda Berlingo auzitegiaren aurrean bera xaxatzaile izan ez zelarik, lehen agintari inperiala baizik, amnistiarekin zerikusirik ez zuena; arazo horretan beharrezko zela adierazten zion erabateko lotsagabekeriaz Nagelschmidtek egiten zituen eta Brandenburgeko lurraldera hedatzen ari ziren larregikerien aurrean eskarmentu beldur-eragile bat sortzea; ea erregu egiten zion, baldin eta kontsiderazio hauek egokitzat jotzen ez bazituen, Bere Maiestate inperialarengana jo zezala, zeren eta Kohlhaasen aldeko agindurik etortzekotan, alderdi hartatik bakarrik etor zitekeela-eta». Ahalegin guzti haien porrot egin zutelako penaz eta nahigabez Printze Hauteslea berriro gaixotu egin zen eta, goiz batean, txanbelana bisita egitera joan zitzaionean, Kohlhaasi bizia luzatzeko eta horrela, gutxienez, berak zeukan txartelaz jabetzeko denbora irabazteko asmoz Viena eta Berlingo gorteetara igorritako gutunak erakutsi zizkion. Txanbelana belaunen gainean jarri eta beretzat santuena eta preziatuena zenarengatik zer zeukan txartel hark. Printze Hautesleak esan zion atea giltzaz itxi eta ohean esertzeko; eta eskutik heldu eta hasperen sakon bat jaregin ondoren, honela hasi zen: «Emazteak jadanik kontatu dik, entzun dudanez, Brandenburgeko Printzeak eta biok, Jüterbocken izan genuen topaketako hirugarren egunean, nola ijito-andre batekin aurkitu ginen; eta nola Printze Hautesleak, berez den bezain erpizia izaki, emakume haren ospea herri guztiaren aurrean hondatu nahi izan zuelarik, zeinaren antzeak era neurrigabean goretsi baitziren bazkaltzen ari ginela, horrela, besoak tolestuak zeuzkala haren mahaiaren aurrean agertu zen, eta irakurri behar zion igarkizunaren bermetzat egun hartan bertan gertatu beharreko froga bat eskatu zion, jakinarazi ziolarik, hala gertatzen ez bazen, nahiz eta Erromako sibila bera izan, ez ziola hitzik sinetsiko. Emakumeak begiratu arin bat egin burutik oinetaraino eta esan zigun seinalea izango zela orein handi adarduna, lorezainaren semeak parkean hazitakoa, aurkitzen ginen merkatuan, bertatik irten baino lehen agertuko zitzaigula. Baina jakin behar duk Dresdengo sukaldera eramateko izendaturik eta parkeko haritzen itzalpean, hesola garaiz inguraturiko estalpe batean zegoen orein hau; eta bai parkea, zeukan ehiza eta hegaztiengatik, baita bertaraino eramaten zuen lorategia, morroiloz eta atalagaz itxita zeuden, halako moldez, non ezin baitzitekeen aurreikus nola bete behar zuen animaliak iragarkizun hura eta aurkitzen ginen plaza hartara etorri; hala eta guztiz ere, haren guztiaren atzean malmuzkeriaren bat egon zitekeen susmoarekin, Printze Hautesleak, nirekin laburki hitz egin ondoren, txantxari jarraitzeko prest egonik eta emakumeak erakutsi behar zuena ezinbestez irrigarri utzi nahirik, animalia bat-batean lepo egin zezatela agindu zuen jauregian eta egun haietako batean mahaian zerbitzatzeko presta zezatela. Gero emakumearengana bihurtu, zeinaren aurrean gai hau ozenki erabili izan zen, eta esan zuen: «Ikusagun orain, zer daukan etorkizunaz niri agertzeko? Eta emakumeak, haren eskuari begiratuz, esan zuen: «Agur, ene Printze eta Jauna! Zure graziak luzaz gobernatuko du, jaio zaren etxeak luzaz iraungo du, eta zure ondorengoak handi eta ahaltsu izango dira eta munduko printze eta jaun guztien aurretik izango dute aginpidea!». Printze Hautesleak, pentsakor emakumeari begiratuz isilune bat egin ondoren, pausu bat nire aldera eman eta ahopean esan zidan orduan ia sentitu egiten zuela mandatari bat bidali izanak iragarpena hutsean uzteko; eta iskanbila alaiaren artean emakumeari Printzearen segizioko zaldunen eskuetatik txanpon-zaparrada altzora zihoakion bitartean, berak urrezko bat poltsatik atera eta, berari emanez, galdetu zion ea niri egin behar zidan iragarpenak bereak bezain soinu atsegina zuen. Emakumeak, alboan zeukan kaxa bat ireki eta mota eta kopuruen arabera, zehatz-mehatz diruak bertan ezarri eta kaxa berriro itxi ondoren, eguzkiak min egingo balio bezala eskuaz begiak babestu eta so egin zidan; eta neronek galdera errepikatu eta txantxa moduan, eskua aztertzen zidan bitartean, Printzeari esan zion niretzat, antza zenez, ez zeukala ezer atseginik jakinarazteko: hartu zituen bere makuluak, altxatu zen astiro oin-aulkitik eta keinu misteriotsuan esku-ahurrak nireganantz zituela hurbildurik, era hautemangarrian xuxurlatu zidan belarrira: «Ez!». «Kontxo!» esan nion nahasturik, eta pausu bat atzera egin nuen pertsonaia harengandik, zeina begirada hotz eta bizigabearekin, marmolezko begiak balitu bezala atzealdean zeukan oin-aulkian berriro eseri zen— «eta zein alderditatik dauka nire etxeak arriskuaren mehatxua?» Emakumeak zangoak gurutzatu zituen paper-zati bat eta ikatza hartzen zituen bitartean eta hura idatziz jartzerik nahi nuen galdetu zidan, eta nik aztoraturik nengoelako eta inguruabar hartan beste irtenbiderik ez nuelako: «Bai! Egizu!» erantzun nion eta berak erantzun zuen: «Hala biz! hiru gauza idatziko dizkizut: zure etxeko azken subiranoaren izena, aginpidea galduko duen urtea eta armen indarrez bereganatuko duenaren izena. Hau jende guztiaren aurrean egin zuelarik, zutitu, bere aho lehorrean bustitako lakreaz itsatsi eta erdiko hatzean zerabilen berunezko eraztun batez zigilatzen du. Eta nik, jakin-minez, nire hitzek esan dezaketen baino heuk hobeki ulertuko duanez, txartelari heldu nahi diodanean, esaten zidak: «Inola ere ez, Gorentasuna!» eta bira eman eta bere makuluetako bat jasotzen dik: «kapelan luma bat darabilen eta jende guztiaren atzeko aulkian elizarako sarreran dagoen gizon harengandik erreskatatu beharko duzu txartela, hala nahi duzunean.» Eta esan zidana ongi ulertzeko astirik eman gabe, harriduraz sor eta lor utzi ninduen; istant batean jasotzen du atzealdean daukan kaxa, bizkarrean hartu eta zer gehiago egiten duen ni konturatzerako inguruko jendartean galtzen duk. Eta hain zuzen ere une horretan dator berriro, egia esan, nire kontsolamendurako, Printzeak jauregira bidalitako zalduna eta barre artean iragartzen dio oreina hil dutela eta, bere begien aurrean, bi ehiztarik eraman zutela sukaldera. Printzeak, orduan, adoreturik, besotik heltzen zidak, plazatik kanpora eramateko asmoarekin eta esaten du: «Tira! Profezia betiko alprojakeria bat besterik ez zen orduan eta ez zituen merezi gastatutako denbora eta dirua». Baina hura harridura gurea, oraindik hitz hauek esaten ari zela, plaza osoaren biran egundoko garrasiak entzun, eta guztien begiak jauregi aldetik lasterka bizian datorren hiltokiko txakurtzar batengana zuzentzen direnean, zeinak morroi eta mirabeek pertsegiturik, oreina lepotik harrapakin bikaintzat helduta dakarren eta gure oinetatik hiru urratsetara erortzen uzten duen: halako moldez, non izatez emakumearen profezia, aurrez iragarritakoaren bahitzat betetzen den, eta oreina, nahiz eta hila, plazako merkatuan bertan bidera irten zitzaigun. Neguko egun batez zerutik erortzen den tximistak ez nindukeen era suntsigarriagoan joko une hartan baino, eta inguratzen ninduen jendearengandik neure burua libre ikusi nuen bezain laster, emakumeak seinalaturiko kapelan luma zeukan gizona aurkitzea izan zen, baina hiru egunez jarraian bidali izan nituen neureetako inork ezin izan zidan hartaz berri txikienik ere eman: eta orain, Kunz adiskidea, duela aste banaka batzuk, neure begiez ikusi dut gizon hori, Dahmeko landetxean.»

        Eta honenbestez jaregin zuen txanbelanaren eskua; eta izerdia xukatzen zuen bitartean, berriro ohean amildu zen. Txanbelanak, zeinak ateratako iritziaz alferrikako ahalegintzat zeukan Printze Hautesleak zuzendu edo alda zezan bere iritzia, txartelaz jabetzeko edozein bitartekoz baliatzeko eskatu zion, eta tipoa gero bere zoriaren arabera uzteko, baina Printze Hautesleak deblauki erantzun zion ez zuela modurik ikusten, nahiz eta hura gabe geldituko zen, edota ezaguera hura gizon harekin galduko zen ideia hutsak ia deskontsolamendua eta etsipeneraino eramaten zutela. Adiskideak galdetzean ea neurririk hartu zuen ijito-andrea non zegoen ikertzeko, Printze Hautesleak erantzun zion Gubernium-a, beste aitzakia batekin igorritako ofizio batekin, printzerriko plaza orotan eta bakoitzean alferrik ibilita zegoela emakume haren aztarnaren bila: nahiz eta, gainerakoan eta, halere, xehetu nahi izan ez zituen arrazoiengatik, zalantzak zituen Saxonia guztian aurki zitekeelakoaz. Zoriak nahi izan zuen txanbelana, Brandenburgeko Markan emazteari egokitutako ondare bat zela-eta —Kallheim kondearen, karguaz gabetu eta handik gutxira zendutako artzakantzilerraren senipartea— orduan Berlinera joateko asmotan izatea; halako moldez, non Printze Hautesleari izan ere estimu handia zion, une batzuetan gogoeta egin eta gero, galdetu zion arazo hartan esku librea uzteko prest zegoen, eta hark hunkipenez eskua bularraren kontra estuturik erantzutean: «Kontu egik heu haizela ni eta ekardak txartela!», egun batzuk lehenago abiatu zen, eta zenbait betekizun gainetik kendu ondoren, Berlinerako bideari lotu zitzaion txanbelana, emaztea Dresdenen utzirik eta zerbitzari bakar batzuen konpainian.

        Kohlhaas, bitartean esan bezala Berlinera iritsi eta Printze Hauteslearen xedapen berezi batez kartzela aforatu batera gidatu zuten, non ahal bezain abegi erosoa egin zioten berari eta bere bost seme-alabei eta bertan entzutegiko tribunalaren aurrean agertu behar izan zuen berehalaxe eta enperadorearen babespeko lurraldean bakea hausteaz erantzun behar izan zuen, Vienatik bidalitako abokatu inperiala azaldu bezain laster; nahiz eta kontra egin zuen esanez bere alegazioan Saxoniara egindako bere sarraldiarengatik ezin zezaketela auzitara eraman, ezta bertan egindako desarauengatik ere, Lützenen Saxoniako Printze Hauteslearekin itunduriko hitzarmenaren indarrez, aditzera eman zitzaionean enperadorea, zeinaren prokuradorea baitzen demanda jartzen zuena, ezin zitekeela neurri hartara makur, laster onartu zuen egoera berria, zeren auzia zehaztu eta argitu baitzioten, Dresdendik jakina zenaren kontrara, Wenzel von Tronka Junkerraren aurkako bere auzian bere gogo betera ordainduko ziotela kaltea. Hala gertatu zen, beraz, txanbelana Berlinera iritsi zen egun berean, legeak Kohlhaasez epaia ematea eta ezpatazko heriotzara kondenatua izatea; epai hau, gauzen egoera nahasia eta bere baitan zeukan onberatasuna gorabehera, inork ez zuen beteko zenik espero, eta hiri osoak, Brandenburgeko Printze Hautesleak Kohlhaasi zion onginahiaren aurrean, kartzela-zigorraldi huts bihurturik derrigor ikustea espero zuten haren eskusartzez, nahiz eta agian luze eta gogorra izango zen. Txanbelanak, zeinak segituan ikusi zuen ez zegoela denbora galtzerik bere jaunak emandako mandatua bete nahi bazuen, suhartasun eta saiamenez ekin zion bere egitekoari gorte-jantzitan Kohlhaasen aurrean igaroz, berau presondegiko leihoan kokaturik zegoen goiz batean bidaztiak nola pasatzen ziren begira; eta bere buruaren bat-bateko zirkin batetik, eta batez ere instintuz eskua bularrera, erlikia-ontzia zintzilik zeukan tokira eramatearen keinutik, zaldi-tratulariak ikusi zuen ondorioa atera zuenez gero, bestearen barrenetik une hartan pasatutakoa gertamen askitzat hartu zuen txartelaz jabetzearen ondorengo ahaleginera beste pausu bat gehiago emateko. Makuluekin harat-honat zebilen atso zahar piltzarketari bati dei egin zion, zeina Berlingo kaleetan barrena trapu zaharrak biltzen ari ziren beste batzuen artean begiz jo zuen, eta zeina adinez eta arropaz Printze Hautesleak deskribatutakoari agi zenez ongi samar egokitzen zitzaion; eta agerpen pasakor batean txartela eskuratu zionaren hazpegiak Kohlhaasi ez zitzaizkiola grabatu izango uste izanik, berriaz ordeztea deliberatu zuen, behar izanez gero, ijito andrearen itxurak Kohlhaasen aurrean egin zitzan. Horrela, bada, ordura artekoaz jakinaren gainean jartzeko Jüterbocken Printze Hauteslearen eta aipatutako ijito-andrearen artean gertaturiko guztiaren berri zehatza eman zion, zeren ez baitzekien lehena bere azalpenetan noraino iritsi zitzaion Kohlhaasi, txartelak zeuzkan hiru termino misteriotsuei zegokienez; eta era lokabe eta ulertezinez erdi ikusarazi behar ziona azaldu ondoren, saxoniar gorterako hainbesteko garrantzia zuen txartel batez, amarruz edo indarrez, jabetzeko hartzen ari ziren neurriez emakumeak ustez jakin zezakeena—, berarekin seguru egongo ez zelako aitzakiapean, Kohlhaasi erreklamatzeko erregutu zion arrisku handieneko egunetan emakumeak berak gorde zezan. Sari bikain bat agindu ondoren, zeinaren parte bat aurretiaz ordaindu behar izan zuen txanbelanak emakumearen eskariz, segituan hartu zuen piltzarketariak bere eskuetan aipaturiko mandatua betetzea; eta nola Herse, Mülbergen eroritako morroiaren amak, Kohlhaasi bisita egiteko baimena zeukan eta zenbait ilargiz geroztik emakume hau ezaguna zuen, kartzelazainari emandako eskupekotxo baten truk handik egun batzuetara zaldi-tratulariarenganaino iristea lortu zuen.

 

 

 

© Heinrich Von Kleist

© itzulpenarena: Xabier Mendiguren Bereziartu

 

 

"Heinrich Von Kleist / Michael Kohlhaas" orrialde nagusia