Izen arrotz batekin alojatu zen ostatu batean, nondik gautu bezain laster longaina jantzi eta Tronkako harrapakinen artean hartutako pistola pare bati heldurik, Luteroren etxera joan baitzen. Luterok, liburuz eta idatziz inguraturik bere idazmahaian eserita zegoenak, gizaseme kanpotar berezi hark atea ireki eta ondoren atalagatzen ikustean, nor zen eta zer nahi zuen galdetu zion; eta gizasemeak, begirunez, kapela eskuan zuela, nahiz eta sortuko zuen ikararen jakitun, Michael Kohlhaas, zaldi-tratularia zela erantzun zuenean, Lutero larderiaka hasi zitzaion, mahaitik altxatu eta txilin baten bila abiaturik: «Alde egik hemendik!» Hire hatsa pozoi duk eta hire hurbiltasuna hondamen!» Kohlhaasek orduan, lekutik mugitu gabe, pistola atera eta esan zion: «Agurgarri hori, txilina ukitzen baduzu, pistola honek bizirik gabe zerraldo utziko nau zure oinetan. «Eseri eta entzuidazu; nire ondoan aingeruekin hain seguruago zaude, zeinen salmoak idazten dituzun.» Eta esertzen ari zen bitartean, Luterok galdetu zion: «Zer nahi duk?» Kohlhaasek erantzun zion: «Nitaz duzun gizon bidegabea naizelako iritzia ezeztatu! Zeure iragarkian esan didazu nire nagusiak ez dakiela ezer nire arazoaz; tira, salbokonduktua ematen badidazu, Dresdenera joan eta neuk azalduko diot». Gizon dohakabe eta ikaragarria! —oihu egin zuen Luterok hitz horiek entzutean nahasturik eta aldi berean lasaiturik—: nork eman dik eskubide, Tronkako Junkerrari erasotzeko, zeure kabuzko sententzia betez, eta nola bera ez huen gazteluan aurkitu, suz eta ezpataz bera gerizatzen zuen elkarte guztia habailtzeko? Kohlhaasek erantzun zuen: «Jaun agurgarri hori, inor ez, bedi! Dresdendik jasotako albiste batek engainatu nau! Giza elkartearen kontra burutzen ari naizen gerra hau zinez txarkeria bat izango da baldin eta, ziurtatzen didazuenez, ni ez nautela bertatik zapuztu! «Zapuztu!» —oihu egin zion Luterok begiratuz—. Baina zer eldarniok galarazi dik burua? Nork zapuztuko hinduen bizi haizen estatuko elkartetik? Bai, estatuak direnetik, noiz gertatu duk inor, nornahi dela ere, hartatik zapuztua izaterik?» «Zapuztua!» —erantzun zion Kohlhaasek eskua estutuz—, legearen babesa ukatzen zaion hari deitzen diot nik. Zeren babes horren beharra baitaukat neure negozioa bakean garatzeko; eta horregatik nik, lortu dudanaren zirkuluarekin, elkarte horretan bilatzen dut abegia; eta ukatzen didanak basamortuko basatiengana bidaltzen nau; neure burua babesteko borra ezartzen dit eskuan, eta ezin duzu hori uka!» Nork ukatu dik legeen babesa? —oihu egin zuen Luterok—. «Baina ez al diat idatzi, aurkeztu duan kexa ez duela ezagutzen aurkeztu dioan jaunak? Baldin eta estatuaren zerbitzariek bere bizkar prozesuak ezkutatzen bazizkiotek edo iseka egiten baziotek, berak jakin gabe, beste edozein eratara, bere izen sakratuaz, nork, Jainkoak ezik, eska ziezazkiokek kontuak halako zerbitzariak hautatu dituelako? eta hi, gizon dohakabe eta ikaragarria, gaiturik al hago bera horregatik epaitzeko?» «Bedi —erantzun zuen Kohlhaasek—, Printzeak ez banau zapuzten, berak gerizatzen duen elkartera itzuliko naiz. Emadazu salbokonduktu bat, berriz eskatzen dizut, Dresdenera joateko; orduan utziko diot Lützengo gazteluan bildu dudan tropa sakabanatzen, eta berriro aurkeztuko dut entzutegian esetsi didaten kereila.» Luterok aurpegi nahigabetuarekin mahaiaren gaineko paperak metatu zituen eta isilik geratu zen. Nekarazi egiten zuen gizon bitxi hark estatuaren baitan hartzen ari zen jarrerak; eta Kohlhaasenbrücken Junkerraren kontra emandako sententzia hausnartuz erantzun zuen: «Junkerra zigortu legearen arabera; zaldiak lehengo egoerara biurtu, eta indarkeriaren ondorioz neuk eta Mühlbergen eroritako Herse, zaldunak jasandako kalteen ordaina.» Luterok oihu egin zuen: «Kalteen ordaina! Mendekioa heure eskutik hartzean ezin ordainduzko zorrak judu eta kristauekin hartu dituanean ordainduko eta bahituratan. Heuk ordainduko al huke kontuen araberako zenbatekoa, erreklamatuko baliate?» Jainkoak gorde nazala! —erantzun zuen Kohlhaasek—. Nik ez ditut ez neure etxea ez neure ondasunak erreklamatzen, ezta neukan ongizatea ere, are gutxiago neure emazteari lurra ematearen gastuak! Herseren ama edadetuak egingo du bere semea sendatzearen gastuen kalkulua eta Tronka gazteluan galdutako guztiaren zerrenda; eta nik zaldiak ez saltzeagatik izan dudan kaltea, gobernuak aditu baten bitartez balioets dezala.» Luterok esan zuen: «Gizon amorratu, ulertezin eta ikaragarria! —eta begiratu egin zion—. Hire ezpatak Junkerraren lepotik pentsa litekeen mendekiorik herrazkoena hartu ondoren, zerk bultzatzen hau bere kontrako epaia emanaraztera, zeinaren zorroztasuna, emango balitz behintzat, askozaz garrantzi gutxiagokoa izango litzatekeelarik?» Masailetan behera negar-malko batek irrist egiten zion bitartean, Kohlhaasek erantzun zion: «Jaun agurgarri hori! Neure emaztea ordaindu dut preziotzat!; Kohlhaasek erakutsi nahi dio munduari emaztea ez zaiola liskar bidegabe batean hil. Makur zaitez honetan nire nahira eta utzi auzitegiari hitz egiten; gainerako guztian, denik eta eztabaidagarriena delarik ere, zuregana makurtuko naiz ni.» Luterok esan zuen: «Hara, gauzak jendeak esaten dituen modura gertatu badituk, bidezkoa duk eta auzia, heure eskutik mendekioa hartu baino lehen, Printzearen aurrera heure kexa eraman izan bahu, zalantzarik ez diat, hire erreklamazioa puntuz puntu onartua izango zela. Baina ez al huen, dena kontutan harturik, hobeto jokatuko, heure Salbatzailearengatik, Junkerrari barkamena eman eta zaldiak, zeuden bezala argal eta maskartuak, eskuan hartu eta Kohlhaasenbrückeko heure kortara eraman izan bahitu pentsua emanez gizentzeko?» Kohlhaasek erantzun zion: «Baliteke! Baliteke, baina baliteke ez izatea ere! Jakin izan banu, neure emaztearen bihotzeko odola kostako zitzaidala haiek hanka gainean jartzea, baliteke zuk diozunez, jaun agurgarri hori, egin izana, eta ez nuen anega bat olo aurrezten jardungo. Baina hain garesti kosta izan zaidanez gero, doala dena bere bidetik: sententzia mintzo bedi, dagokidanez eta Junkerrak gizen diezazkidala zaldiak...» Luterok, bere paperetara pentsakor berriro zihoan bitartean, esan zion bere arazoa zela eta, prest zegoela Printze Hauteslearekin tratuan hasteko. Lützengo gazteluan geldi segitzen zuen bitartean eta Printze Hautesleak salbokonduktua ematen bazion, ageriko iragarkien bitartez aditzera emango ziola. «Hala eta guztiz ere —jarraitu zuen Kohlhaas eskuan muin egitera makurtzean—, ez dakit Printze Hautesleak grazia eman nahiko duen; entzun dudanez, armada bat bildua du eta Lützengo gazteluan hi harrapatzeko asmotan dituk; baina bitartean, dagoeneko esan diadanez, ez duk geratuko ni ez ahalegintzeagatik. Eta honenbestez zutitu eta irtenarazteko keinua egin zuen. Kohlhaasek esan zion puntu horretan bere bitartekaritzak erabat lasaitzen zuela; Luterok eskuaz agurtu zuen, hark ordea supituki belauna lurrean ezarri eta oraindik beste eskari bat zeukala esan zion. Mendekostez, Jaunaren mahaira joateko ohitura zuelarik, huts egin behar izan zuen elizara bere gerra-egitekoak zituela eta, eta jakin nahi zuela ea bestelako gertamenik gabe aitorpena entzungo zion eta trukean sakramentu santuaren ongitasuna emango zion. Luterok, pixka batean pentsatu ondoren, zorrotz begiratuz esan zion: «Bai, Kohlhaas, egin nahi diat! Baina Jaunak, zeinaren gorputza irrikatzen duan, barkatu egin ziean etsaiei. Hik ere nahi al duk —jarraitu zuen besteak txunditurik begiratzen zion bitartean— iraindu hauen Junkerrari barkatu, joan Tronkako gaztelura, eseri zaldietan eta gizentzera eraman Kohlhaasenbrückera?». «Agurgarri hori», erantzun zion Kohlhaasek eskua eman eta gorritzen zen bitartean. «Tira» «Jaunak ere ez zien etsai guztiei barkatu. Eskaidazu barkatzeko Printze Hauteslei, neure bi jauni, alkaidea eta administrariari, Hinz eta Kunz jaunei, eta arazo honetan atsekabetu nauen edonori: baina Junkerra, ahal bada behintzat, behartu ezazu zaldiak gizenduta bihurtzera.» Hitz horien aurrean, Luterok begirada nahigabetuarekin eman zion bizkarra eta txilinari tira egin zion. Eta famulua, deia entzunik, argiarekin areto aurrean hurbiltzen ari zen bitartean, Kohlhaas lurretik zutitu zen durditurik eta begiak xukatuz; eta famuluak behin eta berriz alferrik ekin ziolarik atea irekitzen —atalaga ezarria baitzeukan— eta Lutero berriro bere paperen artean eseri zelarik, Kohlhaasek atea ireki zion gizonari. Luterok, ezezagunari zehar-begiratu bat eginik, famuluari esan zion: «Argitu bidea!», eta honek, barrean aurkitu zuen bisitak harriturik, hartu zuen hormatik etxeko giltza eta ate erdi irekiaren burura bihurtu zen, besteak noiz alde egingo zain. Kapelua esku artean oso urduri mugitzen zuen bitartean, esan zuen: «Ezin al dut, orduan, jaun txit agurgarri hori, eskatu dizudan adiskidetzearen ongitasuna hartu?». Luterok labur erantzun zion: «Salbatzailearekiko adiskidetzea ez!; Printzearekikoa, esan bezala, oraindik ahalegin bat falta duk egiteko!» Eta honenbestez keinu bat egin zion famuluari, bestelako luzamendurik gabe, eskatutako zeregina burutu zezan. Kohlhaasek, saminik bizienaren adierazpenaz, bi eskuak bularrean ezarri zituen; eskailera argitzen zion gizonari segi eta desagertu egin zen.

        Hurrengo goizean Luterok idatzi bat bidali zion Saxoniako Printze Hautesleari, zeinean Hinz eta Kunz jaunen, Tronkako txanbelan eta kopariaren aipu garratz bat egin ondoren, izan ere mundu guztiak zekienez ezkutatu egin baitzioten kereila beren jaunari, eta Luterok hain berea zuen irekitasunez azaltzen zuen, inguruabar gogaikarri haietan, ez zegoela beste erremediorik zaldi-tratulariaren onartzea baino, eta gertatuarengatik amnistia ematea prozesua berritzeko. Iritzi publikoak, ohartarazten zuen, gizon haren alde jarrita zegoela era guztiz arriskutsuan, halako moldez, non jadanik hiru bider errausturiko Wittenbergen bertan ere erabat bere alde zeudela; eta bere proposamena baztertzen bazen, huts egiteke, berak asmatuko zuela, ohar higuingarrien artean, herriari jakinarazten, berau oso erraz eraman zezakeela pentsaraztera jadanik estatuaren administrazioarekin bere kontra ezin zitekeela ezer egin. Amaitzeko zioen aparteko kasu hartan uko egin behar zitzaiola armak hartu zituen hiritar batekin tratuan jartzearen erreparoari; zeren eta egitez eman zitzaion tratuarengatik nolabait esateko estatu-elkartetik kanpo jarria izan baitzen; eta, labur esateko, estutasun hartatik irteteko areago jo beharko zela herrialdean sartutako indar kanpotartzat, horrela egokiago izanik atzerritartzat hartzea eta ez tronuaren aurka altxatutako erreboltaritzat.

        Printze Hautesleak gutun hau hartzean Christiern von Meissen printzea, jeneralisimo inperiala eta Friedrich von Meissen, Mühlbergen azpiratua eta zaurietatik oraindik suspertzen ari zenaren osaba; justizi tribunaleko kantziler handia, Wrede kondea; Kallheim kondea, Estatu-kantzilergoaren burua; eta Tronkako bi jaunak, Hinz eta Kunz, txanbelana hau eta koparia hura, jaunaren gaztaroko adiskideak eta baliatuak oraindik jauregian zirauten. Kunz txanbelana, zeinak aholkulari pribatu zen aldetik eta haren izena eta armarriaz baliatzeko baimena zuenak, aurrena hitza hartu eta xeheki azaldu zuelarik berak bere kabuz inoiz ez zukeela bere egunean zaldi-tratulariak lehengusuaren kontra aurkezturiko kereila ezeztatuko, baldin eta, okerreko informazioz atzipeturik, liskar hutsal eta bidegabetzat eduki izan ez balu, eta hala etorri zirela gauzak une hartako egoerara. Ohartarazi zuen, ez Jainkoaren eta ez gizonen legeek ez zioten zaldi-tratulariari eskubiderik ematen, errakuntza baten aurrean, hain ikaragarrian mendekioa bere eskutik hartzeko hartu zuen bezala; deskribatu zuen nolako ospea erakarri zuen, berarekin eskubide osoko indar bezala tratuan sartuz gero, bere buru madarikatuaren gainera; eta Printze Hauteslearen pertsona zipriztin zezakeen laidoari hain jasanezina zeritzon, non berak, erretolikaren suharrean, ziurtatu zuen nahiago zuela gauzak muturreraino eramatea eta erreboltatu amorratuaren sententzia buruturik eta Junkerra, bere lehengusua, zaldiak gizentzeko Kohlhaasenbrückera lekuz aldatua ikusi baino, Lutero doktorearen proposamenak iradokitzen zuenaren arabera. Tribunaleko kantziler handiak, Wrede kondeak, beragana erdi-itzulirik aditzera eman zuen sentitzen zuela orain, auzi dohakabe hura konpondu behar zen unean, bere nagusiaren ohorearekiko ageri zuen ardura fina, izan zuen lehen aukeran ere ez erabili izana. Azaldu zion Printze Hautesleari nabarmen bidegabea zen neurri bat ezartzean Estatu-ahalmenera jotzea ez zela komeni bere ustez; ohartarazi zuen ikusmen nabarmenez zaldi-tratulariak gero eta harrera hobea zeukala herrialdean, eta horrela bilaukerien katea amaigabe iruten segitzeko arriskua zegoela, eta justizia egitea soilik zela hura eten eta gobernua arazo itsusi hartatik libratzeko era, segituan eta begiramendurik gabe egindako makurraren zorra kitatzeko. Christiern von Meissen printzeari jaunak galdetzean zer iritzitakoa zen, honek adeitasunez kantzilerrari hitz eginez, bere iritziari errespeturik handiena ziola azaldu zion, baina Kohlhaasi bere eskubidean lagundu nahi zion bitartean, ez zuela uste Wittenberg eta Leipzig, eta Kohlhaasek tratu txarra emandako herrialde osoa kalte-ordaina, edo gutxienez zigorra eskatzeko zituzten bidezko nahikizunetan kontutan hartzen zirenik. Estatuaren ordenua, gizon harekiko hain itxulastua zegoela, non nekez berriro onera ekar zitekeen zuzenbide-zientziatik ateratako oinarri batekin. Horregatik, txanbelanaren iritzi berekoa izaki, kasu haietarako ezarrita zegoen bitartekoa jarri behar zela jokoan: tamaina egokiko armada bat eratu eta Lützengo gotorlekuan kokatu zen zaldi-tratularia atzeman edo zanpatu. Txanbelanak, berarentzat eta Printze Hauteslearentzat hormatik aulkiak hartzen zituen bitartean eta kortesiaz aretoaren erdian ezartze zituen bitartean, esan zion poztu egiten zela bera zen bezalako jatortasun eta zentzuzko gizona bat etortzeaz berekin arazo bikoitz hari azkena emateko bitartekoari zegokionean. Meissengo printzeak eskuan eutsi zion aulkiari eseri gabe eta berarengana zuzendurik esan zion ez zeukala ziorik pozteko zeren hari loturiko neurri gisa atxilotze eta jaunaren izena era txarrean erabili izanagatik auzitaratze-agindua eman beharko zelako. Zeren nahiz eta premiak eskatzen zuen justizi tronuaren aurrean bilaukeri sail baten gainean estalkia jartzea, zeinen ugaltze aurreikusiezinak ez baitzuen utziko auzitegian aurkezten, ez baitzuen balio horrek sailaren lehena izan zenerako, guztien eragile izan zenarentzat; eta bera auziperatzen bazuen bakarrik berreskuratuko zuen Estatuak zaldi-tratularia zanpatzeko aginpidea azken ondorioetaraino, zeinaren kausa nabarmen baitzen bidezkoa eta zeinari zerabilen ezpata eskuetan jarri baitzioten. Printze Hautesleak, zeinari Junkerrak hunkiturik begiratu baitzion hitz hauek esan zituen bitartean, bira eman zuen aurpegia gorri-gorri zuela eta leihorantz zuzendu zen. Kallheim kondeak, alde guztiek egin zuten isilune trabakorraren ondoren, esan zuen era hartara ez zirela inoiz harrapaturik zeudeneko sorgin-gurpiletik aterako. Eskubide berdinarekin auzipera zitekeela bere iloba, Friedrich printzea; zeren Kohlhaasen kontra buruturiko kanpaina apartekoan, eman zitzaion agindu bat baino gehiago hautsi baitzuen: beraz, aurkitzen zireneko estutasunerako aukera eman zuten guztien multzo ugariaz galde eginez gero, bera ere aipatu egin beharko baitzen, eta nagusiak Mühlbergen gertatutakoaz kontuak errendatzera deitu beharko zuen. Printze Hauteslea begi zalantzakorrez bere mahaira zihoan bitartean, Hinz von Tronka, kopariak hartu zuen hitza eta esan zuen ez zuela ulertzen nola ihes egin zekiekeen halako jakituria zuten gizonei, kasu hartan hartu beharreko Estatu-erabakiak. Berak zekienez, zaldi-tratulariak Dresdenerako salbokonduktua eta bere kausa berrikuste hutsaren truk lurraldeari oldartu zitzaioneko tropa desegitea agindu zuela. Baina hortik ez zela atera behar, jarraitu zuen, bere mendekio doilorrarengatik amnistia eman behar zitzaionik: bi kontzeptu juridiko hauek, antza zenez, Lutero Doktoreak eta Estatu-Kontseilariak nahastu egiten zituzten. «Dresdengo entzutegian zaldiei buruzko sententzia eman ondoren, nolanahikoa delarik ere —jarraitu zuen hatza sudurrean ezarriz— ezerk ez du Kohlhaas kartzelaratzea eragozten bere lapurreta eta su-emateengatik: estatu-zuhurtziazko birada bat, bi Estatu-gizonen iritzien alde onak biltzen dituena, eta munduaren eta ondorengoen onarpena ziurtaturik daukana.»

        Meissengo printzeak eta kantzilerrak begirada soilez kopariaren arrazoiei erantzun eta bilerak amaierara iritsia zela zirudienez gero, Printze Hautesleak esan zuen bere baitan hausnartuko zituela azaldutako iritsiak Estatu-Kontseiluaren hurrengo bilerara bitartean. Bazirudien Printzeak proposaturiko atalase-neurriak kendu egin ziola adiskidetasunarekiko hain sentibera zuen bihotzetik erabat prestaturik zegoen Kohlhaasen kontrako kanpaina egiteko gogoa. Halere kantziler handia, Wrede kondea, berekin egonarazi zuen, zeinaren iritzia egokientzat jo baitzuen; eta nola honek gutun batzuetatik erakutsi zion zaldi-tratulariaren indarrak jadanik laurehun gizonetik gorakoak zirela eta txanbelanaren larkeriak zirela eta, herrialdean nagusi zen ondoezarengatik epe laburrean bi edo hiru aldiz ugariago izango zirela, Printze Hautesleak luzamendurik gabe Lutero doktoreak emandako aholkua onartzea erabaki zuen. Ondorioz Wrede kondeari pasa zion Kohlhaasen auziaren zuzendaritza osoa; eta handik egun batzuetara iragarki bat agertu zen, funtsean honako hau zioena:

 

        «Gu etab. etab., Saxoniako Printze Hautesle honek Martin Lutero doktoreak gure aurrean egindako bitartekaritzaren begiramendu bereziki graziazkoan, salbokonduktua ematen diogu Michael Kohlhaas Brandenburgeko zaldi-tratulariari Dresdenera joan dadin bere kausa berrikustera, baldin eta honako hau ikusita hiru egunen barruan daramatzan armak uzten baditu; baina era berean Dresdengo epaitegiak bere zaldiak direla eta egiten duen kereila, usteaz bestetara, atzera botatzen badu, bere kontra ekingo litzaioke legearen zorroztasun guztiaz, mendekioa bere eskuz bartu duelako; alderantzizko kasuan grazia emango litzaioke berari eta bere talde guztiari, baita amnistia osoa ere Saxonian burututako bortxa-egintza guztiengatik ere».

 

        Kohlhaasek, Lutero doktorearen bitartez, herrialdeko plaza guztietan ezarritako iragarki honen kopia bat hartu bezain laster, bertan adierazitako baldintza guztiak bete eta opari, eskergintza eta ohar praktikoen artean luzamendurik gabe sakabanatu zuen bere tropa osoa. Lützengo epaitegietan laga zuen, Printze Hauteslearen jabego gisa, harrapakin gisa bildutakoa, dirua, armak edo abesak zirela; eta Waldmann Kohlhaasenbrückera itzularazi ondoren, ahal izanez gero, bere etxaldea eskribauari erosteko mandatuarekin, eta Sternbald Schwerinera bere seme-alaben bila, zeinak berriro bere ondoan eduki nahi baitzituen, Lützengo gaztelua utzi eta Dresdenerako bideari heldu zion ezkutuan, bere ondasun urrien hondarrak, paper gisara, aldean zituela. Eguna urratzen ari zuen eta hiri osoa oraindik lotan zegoen, harresiaz kanpo Pirnako auzunean dagoen landetxeko ate txikian deitu zuenean, zeina bere esku geratu baitzitzaion, eskribauaren jatortasunari esker eta Thomasi, harriturik eta durditurik atea ireki zion etxezain zaharrari, eskatu zion joan zedila Gubernium-era Meissengo printzeari Kohlhaas, zaldi tratularia, han zegoela aditzera ematera. Meissengo printzeak, zeinak egokitzat jo zuen gizon hura inguratzen zuten inguruabarrak pertsonalki jakitea eta aitonseme eta reitre-eskolta batekin segituan bertara joan baitzen, Kohlhaasen etxerako kaleetan ezin neurtuzko jendetza aurkitu zuen. Herriaren zapaltzaileak suz eta ezpataz pertsegitzen zituen aingeru suntsitzailea bertan zegoelakoak zutik jarri zuen Dresden guztia, harresiez barrutik eta kanpotik; morroilotu egin behar izan zen atea jendetza jakinmindua pilatzen zelako, mutikoak leihoetara igotzen ziren bitartean gosaltzen ari zen su-emaileari begi emateko. Printzeak, leku egiten zion guardiaren laguntzarekin, etxera iritsi eta Kohlhaas zegoen gelan sartu zenean, galdetu zion honi, zeina baitzegoen zutik eta erdi-jantzirik mahaiaren ondoan, ea Kohlhaas, zaldi-tratularia zen; orduan Kohlhaasek bere nortasuna kreditatzen zuten zenbait paper gerrikotik ateraz eta begirunez luzatuz baietz esan zion, eta gehitu zuen bere tropa desegin ondoren eta Printze Hautesleak emandako askatasunaren arabera Dresdenen aurkitzen zela, zaldiak zirela medio, Wenzel von Tronka Junkerraren kontra zeukan kereila epaitegian aurkezteko. Printzeak, begirada labur batez burutik oinetaraino miatu ondoren, Kohlhaasek karteran zeuzkan paperei gainikusi bat eman zien; eskatu zion azaltzeko zer esan nahi zuen beraien artean ageri zen Lützengo epaitegiek luzatu eta Printze Hauteslearen altxortegiaren alde gordailua egin izanari buruzko erreziboak; eta mota desberdineko gauzen, seme-alaben, ondasunen eta aurrerantzean egin nahi zuen bizimoduaren berri galdetuz gizonaren izaera frogatu ondoren, eta bere aldetik lasai egon zitekeela konturaturik, itzuli paperak eta ezer ez zegoela bere prozesuaren kontra eta segituan Wrede kondea, justizi tribunaleko kantziler handiarengana jo zezala izapideak abiarazteko. «Bitartean —esan zuen Printzeak isilune baten ondoren, leihora hurbildu eta begiak zabal-zabal zituela etxearen aurrean bildutako jendetza begiestean— lehen egunetan guardia bat hartu beharko duk heure etxean eta hartatik irtetean babestuko hauena...» Kohlhaas hunkiturik behera begiratu eta isilik geratu zen. Printzeak esan zion: «Heuk nahi duana!» —esan zuen Printzeak leihotik aldentzean—. «Hortik sortzen dena, erabat heure kontu geratuko duk»; horrenbestez atera itzuli zen etxetik irteteko asmoarekin. Kohlhaasek bere onera etorri eta esan zion: «Jaun agurgarri hori, nahi duena egin beza! Baina eman biezat hitza nik nahi izan bezain laster kenduko zaidala guardia eta horrela ez dut ezer izango neurri horren kontra». Printzeak esan zuen ez zegoela hitz egin beharrik eta helburu horretarako aurkeztu zitzaizkion hiru lanskeneteei geratzen zireneko etxeko jauna libre zegoela, eta irteten zenean bera babesteko bakarrik zeudela, eskua beheratuz zaldi-tratulariari agur esan eta alde egin zuen.

        Eguerdi aldera, hiru lanskeneteek lagundurik eta begiz ezin atzemanezko jendetzaren segizioarekin, zeinak poliziak ohartarazirik ez baitzion inolako kalterik egin, Kohlhaas justizi epaitegiko kantziler handiarengana, Wrede kondearengana aurkeztu zen. Kantziler handiak, aurre-ganbaran adeitasun eta adiskidekortasunez abegia egin zionak, bi ordu osoz berarekin hizketan aritu zen eta, kasuaren gorabehera guztiak kontatzera gonbidaturik, epaitegiari zegokion hiriko abokatu ospetsu batengana bidali zuen, berehalakoan kereila idatzi eta aurkez zezaten. Kohlhaas, gehiagoko luzamendurik gabe, beronen etxean agertu zen; eta kereila hasieran alde batera utzitakoaren gisa berera idatzi ondoren Junkerrari legeen araberako zigorra, zaldiak hasierako egoerara bihurtzea eta berak eta Mühlbergen eroritako Herse bere morroiak pairatutako kalteen ordaina kitatzea, nahiz eta kasu honetan haren amaren onetan izan— etxera itzuli zen, oraindik jendetza begiluzea lagun zuela, lehen ez bezala deliberaturik bertatik ez irtetera, baldin eta zeregin premiazkoek horretara behartzen ez bazuten.

        Bitartean Junkerra ere atera zuten Wittenbergeko bere espetxetik, eta oina handitu zion disipula arriskutsu bat sendatu ondoren, ezinbestez behartu zuen lurraldeko epaitegiak Dresdenen aurkeztera legez kontrako eradukipena eta zaldiak hondatzeagatik tratulariak ezarritako kereilari erantzuteko. Von Tronkako txanbelana eta koparia ziren anaiek, Junkerraren lehengusu oinordekideek, zeinen etxean aurkitu baitzuen babesa, garrazkeria eta mespreziorik handienarekin hartu zuten; bere laidoez familia osoa gurentzen zuen dohakabe eta doilortzat jo zuten; hutsik egin gabe galduko zuela auzia ohartarazi zioten; eta behin eta berriz esan zioten zaldiak ekar ziezazkiotela, mundu guztiaren irribiderako beraiek gizentzera kondenatuko zutela-eta. Ahots ahul eta dardaratiz erantzun zien berak munduko gizonik lastimagarriena zela. Zin egin zuen arazo madarikatu guzti hark hondamenera ekarri zuela berak ia ezertxo ere jakin gabe, eta alkaidea eta administraria zirela guztiaren errudun bakarrak, berak inondik inora jakin gabe eta baimenik eman gabe, zaldiak uzta biltzen erabili zituztelako, eta gehiegizko ahaleginetan, baita beren soroetan ere, hondatzera ekarri zituztelako. Hau esaten ari zen bitartean eseri egin zen eta arren eskatu zien irain eta umilazioekin ez zezatela gaitzera itzularaz, zeinetik ozta-ozta irteten ari baitzen. Biharamunean, Hinz eta Kunz jaunek, zeinak etxaldeen jabe baitziren Trokenberg erraustuan, Junkerra beren lehengusuaren aginduz, —ez baitzuen beste irtenbiderik—, bertan aurkitzen ziren etxagun eta maizterrei idatzi zien egun zorigabe hartan errebelatu eta desagertutako zaldiez berriak biltzeko. Baina lekua erabat murrizturik eta bertako biztanle gehienak sarraskiturik zeudelarik, atera ahal izan zuten gauza bakarra izan zen gau hartan morroi batek, su-emailearen ezpata-zapladen aurrean, zeudeneko aterpe sututik salbatu zituela, eta nora eraman behar zituen eta beraiekin zer egin behar zuen galdetu zuenean, sumindu ikaragarriarengandik ostiko bat hartu zuela erantzuntzat. Kota zeukan etxekoandre zaharrak, gero Meissenen Junkerra babesturik edukitakoak erantzuten zuen honek idatziz galdetzean, gau lazgarriaren biharamun goizean morroi hark Brandenburgeko mugara jo zuela zaldiekin; baina bertan egindako ikerketa guztiak alferrik izan ziren, eta bazirudien dena errakuntza besterik ez zela izan, zeren Junkerrak ez baitzuen jatorriz Brandenburgekoa zen morroirik, ezta alderdi hartakorik ere. Dresdendar batzuek, Tronkako sutearen ondoren zenbait egunetara Wilsdrufen izan zirenek aitortu zuten aipaturiko aldi hartan morroi bat iritsi zela hara bi zaldi kapestrutik zituela eta abereak erabat unaturik zeudelako eta aurrera joateko gai ez zirelako toki hartako artzain baten ukuiluan utzi zituela, zeina berriro haiek sendotzen ahalegindu zen. Arrazoi desberdinengatik bazirudien haiexek zirela bila zebiltzaneko zaldiak; baina Wilsdrufeko artzainak, handik etorritako beste batzuek ziurtatu zutenez, berriro saldu egin zituen, baina ez zekiten nori; eta hirugarren zurrumurru batek, zeinaren jatorria ezin izan baitzen zehaztu, zioen zaldienak jadanik egin zuela eta Wilsdrufeko hezur-hobian zeudela lurperatuak. Hinz eta Kunz jaunek, zeinentzat gauzen joanaira hau baitzen hoberena, aisa ulertzekoa denez, zeren eta —beren lehengusu Junkerrak bere korta propiorik ez izatean, berenetan zaldiak gizendu behar izatetik libre geratuko baitziren, erabat bermatu nahi zuten, ziurtasuna izateko, inguruabar hau. Wenzel von Tronka jaunak, beraz, idatzi bat igorri zuen Wilsdrufeko epaitegira, maiorazko, ugazaba eta eskueradun jauna zen aldetik, zeinean zaldien deskribapen xehe baten ondoren, —hauek, berak zioenez, bere ardurapean utziak izaki, ezbehar batez aldendu baitziren—, eskatzen zuen ahalik eta prestutasun handienaz iker zedila non aurkitzen ziren eta beraien jabea gomendatua eta eradukia izan zedila, nornahi zelarik ere, kostu guztien ordainsari oparoaren truke, haiek Dresdenera, Kunz jauna jauregiko txanbelanaren kortara bidalaraztera. Eskatuaren arabera egiazki handik egun gutxitara agertu zen gizona, zeinari Wilsdrufeko artzainak saldu zizkion, eta idor eta balantzari, orgaren taketa bati loturik, hiriko merkaturaino gidatu zituen; baina Wenzel jaunaren, eta areago oraindik Kohlhaas zuzenaren zorigaitzerako halabeharrak Dábbelngo larrutzailea izatea nahi izan zuen.

        Wenzel jaunak, bere lehengusu txanbelanarekin zegoenak, entzun zuenean zurrumurrua Tronkako gazteluaren sutetik ihes egindako bi zaldi beltzekin gizon bat sartu zela hirian, biak jauregiko plazan agertu ziren, arrapaladan bildu ahal izan zituzten morroiak lagun harturik, kostuak ordaintzearen truke beraietaz jabetzeko, Kohlhaasenak baldin baziren behintzat, eta berekin eramateko. Baina halako aztoramendua izan zuten zaldunek, hurbildu ahala, jendetza hazten ari zela ikustean, zeina bi gurpileko organ loturiko bi zaldien ikuskizunak erakarria, atergabe txantxetan ari baitzen nola Estatua kolokan jarri zituzten zaldiak jadanik larrutzailearengana iritsi ziren! Junkerrak, zeinak bira bat eman baitzuen bi abere gaixoak ikusteko, zeinek une batetik bestera hiltzera zihoazela baitziruditen, esan zuen hunkiturik haiek ez zirela berak Kohlhaasengandik hartutako zaldiak baina Kunz jaun txanbelanak, amorru mutuzko begirada bat jaurtikiz, zeinak burdinazkoa izatera zirtzilikatuko baitzukeen, atzera bota zuen kapa, dominak eta katea agerian utziz, joan zen larrutzailearenganaino eta galdetu zion ea haiek ziren Wilsdrufeko artzainak eskuratu zituen zaldiak, eta Wenzel von Tronka Junkerrak, bere jaunak, epaitegi-bidez erreklamatu zituenak. Larrutzailea, esku batean suilkada bat ur zuela. Lanpeturik zegoen orgatik tira egiten zion bere zamari gizen eta gorputz oneko bat eradaten eta esan zuen: «Beltzak?». Gero suila lurrean utzi, atera zion zamariar hortzadura ezpainetatik eta argitu zuen «taketari lotuta zeramatzan zaldiak Hainichengo urdainak saldu zizkiola; nondik atera zituen hark, eta Wilsdrufeko artzainarengandik pasatu ote ziren, berak ez zekiela hori; berari —esan zuen, berriro suila hartu eta orgaren pertika eta belaunaren artera arrimatuz—, Wilsdrufeko auzi-geznariak esan dit Dresdenera eraman behar nituela, Tronkatarren etxera; baina bidali zuten Junkerrak Kunz zuela izena». Han esanik bira eman zuen zamariak suilean utzitako uraren gainerakoarekin eta kaleko tronaduran isuri zuen. Txanbelanak, jendetzaren txantxazko begiradaz inguraturik, ez zuen lortzen bere lana suhartasun soraioz burutzen ari zen tipoa berari begiratzera mugitzerik eta esan zion bera zela Kunz von Tronka aitonsemea; baina ekarri behar zizkion zaldi mairuek Junker, lehengusuaren jabego izan behar zutela, zeinak suteaz baliatuz gaztelutik ihes egin zuen morroi baten bitartez Wilsdrufeko artzainaren eskuetara iritsi ziren, eta jatorriz Kohlhaas tratulariarenak zirela bi zaldiak! Galdetu zion tipoari, zeina orain zangoak zabaldu eta galtzak tinkatzen ari baitzen, ea ez al zuen ezer entzun arazo hartaz. Eta ea Hainichengo urdainak ez ote zizkion agian erosi, zeren dena inguruabar horren baitan baitzegoen, Wilsdrufeko artzainari, edo hirugarren bati, zeinak bere aldetik artzainari erosi zizkion. Larrutzaileak, piza egiteko orgara hurbildu zenak esan zion: «berari esan ziotela Dresdenera etortzeko zaldi mairuekin, Tronkatarren artean balio zuten diruaren bila. Erretolika hartaz guztiaz berak ez zuela tutik ulertzen; eta Hainichengo urdainarenak izan baziren, honek, harenak edo Wilsdrufeko artzainarenak, piperrik ez zitzaiola axola, lapurtuak ez baldin baziren behintzat». Hori esanik, bizkar zabalen gainean zartailua gurutzatuz, plazan zegoen taberna batera abiatu zen, gose zelarik, mokadu bat hartzeko asmoarekin. Txanbelanak, zeinak ez baitzekien zer arraio egin Hainichengo urdainak Dobbelngo larrutzaileari saldutako zaldi batzuekin, zeinak deabruak Saxonia guztian zehar trostan erabilitakoak ez baziren behintzat, zerbait esan zezala eskatu zion lehengusuari; baina honek ezpain zurbil eta dardaratiez esan ziolarik egokiena erostea izango zela, Kohlhaasenak izan edo ez izan, aitonsemeak kapa bizkarrera bota zuen, mundura ekarri zuten aita eta ama madarikatuz, eta jende-multzoaren artetik irten zen, zer egin behar zuen mola ere ez zekiela. Deitu zion Wekeko baroiari, zaldiz kaletik orduantxe igaro zen ezagunari eta nahiz eta jendailak isekaz begiratzen zion eta ahoa zapipean estutuz, noiz aldenduko zen itxaroten zegoen barre-algaraka ekiteko, eskatu zion Wrede kondea, kantziler handiaren aurrean erregu egin zezala, eta bere bitartekaritzaz Kohlhaas zaldiak aztertzera etorraraz zezala. Halabeharrak nahi izan zuen, Kohlhaas bera, auzi-geznari batek deiturik, Kantziler handiaren etxean suertatzea. Lützengo gordailuaz eskatzen zitzaizkion argitasun batzuk zirela eta, eta une hartan baroia gelan sartu zen aipaturiko asmoarekin; eta Kantziler handiak, aurpegia atsekabetuarekin besaulkitik zutitu eta ezezaguna zuen zaldi-tratulariari aditzera eman zion, alde batean itxaroteko eskuan zituen paperekin, eta bitartean baroiak Tronkako jaunak nolako estutasunean aurkitzen ziren kontatzeko abagunea izan zuen. Dbbbelngo larrutzaileak, Wilsdrufeko epaitegiaren errekisitoria eskas bat zela medio, zaldi batzuekin aurkeztu zela, zeinen egoera hain tamalgarria zen, non Wenzel Junkerra zalantza-malantzatan zegoela Kohlhaasen zalditzat hartu ala ez hartu; halako moldez, non larrutzaileari hartu behar bazitzaizkion erabakitzeko, eta horrela beren kortetan suspertzeko, aurrena Kohlhaasen beraren begizko miaketa bat beharko zela, aipaturiko inguruabarra zalantzarik gabe uzteko. «Izan ezazu ontasuna, esan zuen amaitzeko, guardia bat zaldi-tratulariaren bila bidaltzeko eta merkatura, zaldiak dauden tokira eraman dezala». Kantziler handiak, sudurretik betaurrekoak kentzen ari zen bitartean, esan zion errakuntza bikun batean zegoela: lehenik, ea uste al zuen Kohlhaasek egin zezakeen begizko miaketa soilaz inguruabar hura bakarrik argi zitekeela, eta gero ea iruditzen al zitzaion berak, kantzilerrak, bazuela baimena Kohlhaas guardia batekin Junkerrak nahi zuen tokira eramanarazteko. Ondoren, zaldi-tratularia aurkeztu zion, bere atzean zutik baitzeukan, eta berriro eseri eta betaurrekoak janzten zituen bitartean, erregutu zion gai hartan beragana jotzeko.

        Kohlhaasek, bere ariman gertatzen zitzaionik inolako keinuz aditzera eman ez zuenak, merkatura segitzeko prest zegoela besterik ez zuen esan, larrutzaileak hirira ekarritako zaldi mairuak aztertzera. Bitartean baroiak, txunditurik beragana bira eman eta kantziler handiaren mahaira jo zuen, eta karteran zeramatzan paperetatik, Lützengo gordailuari buruzko zenbait berri eman ondoren, agur esan zion; aurpegia erabat gorriturik zuela leihora hurbildu zen baroiak ere agur esan zion kantziler handiari; eta Meissengo Printzeak hornituriko hiru lanskeneteek lagundurik eta jendetza izugarrizko segizioarekin, biek jauregiko plazara jo zuten. Kunz jaun txanbelanak bitartean, inguratu zitzaizkion adiskide askoren proposamenak gorabehera, Dôbbelngo larrutzailearen aurrean bere jarrerari eustea lortu zuenak, baroia zaldi-tratulariarekin batera azaldu bezain laster, azkeneko honengana jo zuen eta harrotasun eta itzalez ezpata galtzarbean zeukan bitartean, orgaren atzealdean zeuden zaldiak bereak zituen galdetu zion. Zaldi-tratulariak, eskua kapelara eraman eta gero galdera egin zion jaunari zuzenduriko keinu lauso batekin, zeina ez baitzuen ezagutzen, gainerako hitzik esan gabe eta zaldun guztiak lagun zituela larrutzailearen orgara hurbildu zen; eta begiratu arin bat egin ondoren abereengandik geratu zen dozena bat urratseko tartetik, zeinak ozta-ozta baitzeuden zutik, hankak balantzaka eta buruak makur zituztela, larrutzaileak aurrean jarritako belar ondua jateke—: «Jainko maitea! —zuzendu zen berriro txanbelanarengana—, larrutzaileak arrazoia osoa du; organ loturik daramatzan zaldiak nireak dira!» Eta honenbestez, inguruko jaunen zirkulu osoari begiratuz, berriro eskua kapelara eraman eta guardia lagun zuela, berriro plazatik irten zen. Hura entzutean txanbelanak aurrera egin zuen, kasko-galdorra astintzen zuen urrats arinak ematen zituen bitartean, larrutzailearenganaino eta poltsakada dirua bota zion; eta bitartean honek, poltsa eskuan zuela, berunezko orrazi batez bekokiko ilea behin eta berriz orrazten ari zela eta diruari begiratzen ziola, zaldiak askatu eta etxera gidatzeko agindu zion morroi bati. Morroiak, zeina jaunaren deia entzutean jendartean zeuden adiskide eta ahaide-talde batetik apartatu baitzen, abereengana hurbildu zen, aurpegi gorritu samartua zuela eta haien hanketan pilaturik zegoen simaur-putzu bat zapalduz; baina kaprestuak askatzeko hartu bezain laster, Himboldt maisuak, lehengusuak heldu zion besotik eta tirakada batez «Ez diek ukiturik ere egingo larrutzeko zamalko horiei!» esanez aldendu zuen orgatik. Gero urrats zalantzakorrez igaro zen simaur-putzuaren gainetik eta txanbelanarengana joan zen, zeina gertatuaren aurrean hitzik gabe geratu baitzen, eta gehitu zuen: «eginbehar horretarako larrutzaile-morroi bat bila zezala!» Txanbelanak, amorruz gorriturik, bekoz beko begiratu zion une batez maisuari, bira eman eta inguruan zeuzkan zaldunen buruen gainetik, guardia eskatu zuen; jauregitik irten bezain laster, Enke baroiak eskaturik, ofiziale batek zenbait infante lagun zituela, Kunz jaunak jende xehea egiten ari zen irainaren jakitun jarri zuen berehala eta Himboldt maisua, buruxkila, atxiloturik eramatera behartu zuen. Paparretik heltzen zion bitartean, orgako zaldiak askatzen ari zen bitartean bere morroietako bati astinduak eta tratu txarra eman izanaz salatu zuen. Maisuak, bultzada bat eman eta txanbelanarengandik libratu ahal izan zuenean esan zuen: «Jaun prestua, hogei urteko morrosko bati zer egin behar duen aditzera ematea ez da egurtzea! galdegiozu bestela bere etorki eta izen onaren kontra orgari loturik dauden zaldiez arduratu nahi duen; nik esandakoaren ondoren, egin nahi badu, egin dezala. Nigatik oraintxe bertan has daiteke abereak zatikatzen eta larrutzen! Hitz hauek entzutean, txanbelana morroiarengana zuzendu zen eta emandako agindua betetzeko eragozpenik ba al zuen galdetu zion eta Kohlhaasen zaldiak askatu eta etxera gidatzeko; eta hark jendartean kuzkurturik nahastu eta erantzun zionean aurrena zaldiak itxuran jarri beharko zirela halakorik egiteko gai izan baino lehen, txanbelanak atzetik joan, etxearen ikurraz hornituriko burutakoa kendu, biluztu ezpata, burutakoa oinperatzen zuen bitartean, eta ezpatakada suminkorrez jaurtiki zuen istant batean plazatik eta bere zerbitzutik. Maisu Himboldtek oihu egin zuen: «Lurrera amorratu hau!», eta jendea liskarrak erreboltaturik, elkarrengana bildu eta guardiari atzera eragiten hasi zen bitartean, maisua atzealdetik oldartu eta lurrera bota zuen; kendu zizkion kapa, gola eta kaskoa, soltarazi zion ezpata eskutik eta, suminaldi batean plazatik kanpora bota zuen. Alferrik eskatzen zuen, zarramaltzatik irteten ari zen bitartean Wenzel Junkerrak zaldunei lehengusuari laguntzeko; pausu bakar bat eman baino lehen jendetzak sakabanatu egin zituen, halako moldez, non txanbelana, erorikoan buruan min hartu zuelarik, erabat jendetzaren amorru osoaren pean geratu zen. Zaldizko lanskeneteen tropa bat agertzeak, halabeharrez plazan barrena zihoan eta infante hautesleen ofizialeak presaz deitu zuenak salbatu ahal izan zuen bakarrik txanbelana. Ofizialeak, jendetza uxatu ondoren, atzeman zuen maisu sumindua, eta reitre batzuek kartzelara zeramaten bitartean, bi adiskidek zorigaitzeko txanbelan odoldua lurretik jaso eta etxera gidatu zuten. Halako amaiera dohakabea izan zuen zaldi-tratulariari bere kontrako desarauarengatik kalte-ordaina emateko ahalegin jator eta onginahizkoak. Jendetza barreiatu bezain laster, Dobbelngo larrutzaileak, bere negozioa jadanik itxita zeukan eta bertan luzaroago debora emateko gogorik ez zuenak, farol bati lotu zizkion zaldiak, non alprojatxo eta arloteen isekarako egun osoa eman zuten, inor beraietaz arduratu gabe; halako moldez, non edonolako arreta eta zainketaren gabeziaz, poliziak bere gain hartu behar izan zituen, eta gautu zuelarik Dresdengo larrutzaileari dei egin zitzaion ordena berririk jaso arte hiriko larru-tokian zain zitzan.

        Gertakari honek, nahiz eta zaldi-tratulariak inondik ere sortua ez izan, oso aldarte arriskutsua sortarazi zuen herrialdean, baita zentzuzkoen eta neurritsuenen artean ere. Bere auziaren konponbiderako. Ezin jasanezkotzat jo zitzaion estatuarekiko izan zuen harremana, eta etxe pribatu eta plazetan mamituz joan zen agiriko bidegabea bere kontra egitea hobe zelako iritzia, berriro arazo guztia baztertuz, bere seta itsuaren asegarritzat halako huskeria batean azken finean bortxaz lortutako justizia bat eman ordez. Kohlhaas gizarajoaren zorigaitzerako, kantziler handiak berak lagundu zuen, Von Tronka familiari zion gehiegizko zuzentasunaz eta ondoriozko aiherraz, aldarte hura berresten eta hedatzen. Ia ezinezkoa zen orain Dresdengo larrutzailearen ardurapean zeuden zaldiak berriro Kohlhaasenbrückeko kortatik irten zireneko egoerara itzuli ahal izatea; baina trebezia eta artarekin ahal izan balitz ere, aldiko inguruabarrengatik Junkerraren familiaren gainera eroriko zen lotsaizuna hain zen handia, non herrialdeko lehen eta nobleenetakoa zen heinean hiritarren artean zeukan pisuarengatik, bazirudien ez zegoela ezer eroso eta egokiagorik zaldiengatiko kalte-ordaina dirutan ordaintzea baino. Hala eta guztiz ere, presidentea zen Kallheim kondeak, gaixotasun ezindurik zeukan txanbelanaren izenean, idatziz handik egun batzuetara kantziler handiari proposamen hau berau egin ziolarik, azken honek kontseilu eman zion Kohlhaasi ez ziezaiola muzin egin gisa horretako eskaintzari, luzatzen baitzioten behintzat; baina presidentea berari erregutu zion, erantzun murritz eta zakarrean, arazo hartan mandatu pribatuetatik libratzeko, eta txanbelanak zuzenean zaldi-tratulariarengana jotzera gonbidatu zuen, zeina pertsona eta begiratutzat deskribatzen baitzuen. Zaldi-tratularia, zeinaren borondatea hautsi egin baitzen merkatuan gertatutakoarengatik, halaber itxaroten baizik ez zegoen —kantziler handiaren iradokizunaren arabera— Junkerra edo beronen ahaideen aldetik irekiduraren bat, onginahizko harrera egin eta dena barkatzeko; baina irekidura hori egiteko uzkur ageri ziren zaldun harro haiek; eta kantziler handiak bidalitako erantzunak garrazturik, Printze Hautesleari erakutsi zioten, biharamun goizean hartutako zauriek eratzanik zeukaten txanbelanari bere gelan bisita egitean. Bere egoerarengatik ahots ahul eta hunkigarriz galdetu zion txanbelanak, bizia arriskuan jarri ondoren, bere nahiaren arabera, arazo hari amaiera emateko, ea oraindik bere ohorea munduaren kritikagai jarri eta barkamenezko erregu eta itunekin aurkeztu behar al zuen pentsa zitekeen lotsaizun eta laidoa berari eta bere familiari ekarri zizkioten gizonarengana. Gutuna irakurri ondoren, Printze Hautesleak hunkiturik galdetu zion Kallheim kondeari, ea epaitegia ez al zegoen eskudundurik, Kohlhaasi beste kontsultarik egin gabe, zaldiak itzuli ezin zitezkeelako inguruabarrean eta, hilik baleude bezala, ondorioz dirubidezko kalte-ordaina ematera epaitu. Kondeak erantzun zuen: «Jauna, hilik baitaude egon: zuzenbidearen arabera hilik daude, ez baitute inolako baliorik, eta fisikoki larru-tokitik zaldunen kortetara lekuz aldatu baino lehen leudeke»; orduan Printze Hautesleak, gutuna gordez, esan zuen tratatuko zuela arazoa kantziler handiarekin; lasaitu zuen ohean eseri eta esker onezko seinaletzat eskua eman zion txanbelana; eta oraindik bere osasunaz arduratzeko gomendioa egin ondoren, prestutasun handiz besaulkitik altxa eta gelatik irten zen.

        Honela zeuden gauzak Dresdenen. Lützendik oraindik ekaitz larriagoa Kohlhaas gizarajoaren gainera etorri zenean, zeinaren tximista zaldun maltzurrek aski trebeki asmatu baitzuten zorigaitzeko haren buru gainera saihesten. Kontua izan zen Johann Nagelschmidt, tratulariak erroldatu eta gero Printze Hauteslearen amnistiarekin lizentziaturiko morroietako bat, handik aste gutxitara Bohemiarekiko mugara etorrita zegoen edozein bihurrikeriatarako prest zegoen jendailaren parte bat biltzera, eta Kohlhaasek hasitako egitekoa bere kabuz segiaraztera. Tipo gauzeztan hark, parte jazartzen zuten amabiak ikaratzeko eta parte bere desarauetan parte hartzera landako jendeari eragiteko, bere buruari Kohlhaasen ordeko deitu zion; nagusiarengandik ikasiriko maltzurtasunez barreiatu zuen beren sorterrietara fidakor itzuli ziren morroi batzuei, ez zitzaiela amnistia errespetatu eta Dresdenera iristean Kohlhaas bera, emandako hitza lotsagarriro janez, Dresdenera heltzean kartzelaratu eta guardiapean jarri zutela; halako moldez, non Kohlhaasenaren antz-antzekoak ziren iragarki tinkatuetan bere tropa su-emailea Jainkoaren ohoretan bakarrik berpizturiko gerrari-taldetzat aurkezten zen, Printze Hautesleak emandako amnistia betearazteko zelatan egotearen eginkizunarekin; ezertxo ere ez zen, esan bezala, Jainkoaren ohoretan, ezta Kohlhaasekiko atxikimendutan ere, zeinaren zoriarekiko guztiz axolagabe baitzen, baizik eta engainamendu horien babespean askozaz erosoago eta zigorgabeago erre eta sakailatzeko. Berriak Dresdenera iritsi orduko, zaldunek ezin izan zuten gorde abagune honek sortzen zien poza, zeren guztiz beste joanaira bat ematen baitzion arazo guztiari. Erretizentzia trebe eta afektatuez gogorarazi zuten Kohlhaasi amnistia ematean egin zen hutsegitea, nahiz eta berek behin eta berriz eta indarrez ohar egin zuten, zeren eta areago baitzirudien izan txarreko doilorkume guztiei dei egitea baitzen, bestearen urratsei jarraitzera bultzatuz; eta Nagelschmidtek aurrez esanari fede emateaz gainera, hau da, bere jabearen sostengu eta segurtasunerako bakarrik hartu zituela armak, aditzera eman zuten bere asmakizun guztia Kohlhaasen amarrukeria bat besterik ez zela, gobernua ikaratzea eta bere seta itsuaren aldeko sententzia bat puntuz puntu ezarri eta emanaraztea beste helbururik ez zuena. Koparia, Hinz jauna, Printze Hauteslearen aurre-aretoko mahaian bere inguruan bildu ziren ehiztari eta gortesau batzuei aurkezteraino iritsi zen, bandiduen partida desegitea zorigaitzeko jostailu baizik ez zela izan; eta zorrozki bilduriko inguruabar desberdinen bitartez, irri egin zion kantziler handiaren justizi zentzuari, eta frogatu zuen partidak zutik zirauela printzegoko basoetan, zaldi-tratulariaren seinale bakar baten zain bertatik suz eta ezpataz irteteko. Christiern von Meissen printzeak, bere jabearen izen ona erarik itsusienean laidatzeko mehatxua egiten zuten gauzen joanaira honengatik oso atsekabeturik, berarengana jo zuen segituan; eta Kohlhaasen erorikoan zaldun haiek zuten interesa igarriz, edozein laprastada berriz baliaturik, Kohlhaasi berriro luzamendurik gabe itaunketa berri bat egiteko baimena eskatu zion kantziler handiari. Epaitegiko morroi batek bere harridurarako Gubernium-era gidatu zuelarik, zaldi-tratularia bere bi seme txikiak, Heinrich eta Leopold, besoetan zituela agertu zen; zeren Sternbald, morroia, Mecklenburgetik zenbait egun lehenago itzuli baitzen Kohlhaasen bost seme-alabekin, eta era desberdinetako arazoek, azaltzeko xeheegi direnek, haurrak berekin hartzera deliberarazi zuten, zeinek ume-malkoez eragotzi baitzioten etxetik irtetera zihoala ikustean, eta berekin itaunketara eramatera. Kohlhaasek alde banatan eserarazitako haurrak Printzeak onginahiz begietsi ondoren eta era adiskidekorrean haien adinaz eta izenaz galdetu ondoren, azaldu zion Nagelschmidt, behiala morroi izan zuena Turingiako ibarretan zertan ari zen; eta haren ediktuak erakutsiz, gonbidatu zuen ahal zuen guztia kontrajar zezala bere burua zuribidetzeko. Zaldi-tratularia, nahiz eta paper lotsagarri eta traidore haien oso ikaratu bazuten ere, halere ez zitzaion kosta tratulariari inolako nekerik Printzea bezalako gizon jator baten aurrean bere kontra zabaldu ziren salaketen faltsukeria, puntuz puntu, frogatzea. Ez bakarrik, bere oharraren arabera, eta gauzak zeuden modura, ez zuela behar inolako laguntzarik hirugarren batengandik aurkeztua zeukan eta biderik hoberenetik zihoan auziaren ebazpenerako; aitzitik, berekin aldean zekartzan eta Printzeari erakutsi zizkion dokumentuetatik, argi eta garbi ageri zen guztiz ezinezkoa zela Nagelschmidtek Kohlhaasi laguntza emateko asmorik izatea, zeren eta Lützenen tropa disolbatu baino lehen tratulariak bortxaketa eta beste bilaukeria batzuengatik urkarazi egin nahi izan baitzuen; halako moldez, non Printze Hauteslearen amnistiaren aldarrikapenak bakarrik salbatu baitzuen, zeinaren indarrez eten baitzen elkartzen zituen lokarria, eta egun bat geroago elkarren zinpeko etsai gisa banatu ziren. Egindako eta Printzeak onartutako proposamena burutuz, Kohlhaasek eseri eta gutun bat idatzi zion Nagelschmidti bera eta bere troparekin hautsi bide zen amnistiaren sostengurako armatan altxa izanaren aitzakia asmakizun doilor eta makurtzat jotzen zuen; esan zion Dresdenera iristean ez zutela kartzelan sartu, ezta guardiapean jarri ere eta bere auzia berak nahi bezala zihoala gainera; eta, bere inguruan bilduriko jendaila jakinaren gainean jartzeko, amnistia aldarrikatu ondoren Turingian egindako hilketa eta erreketengatik, legearen zorroztasun guztia eskatzen zuela. Idatziari zaldi-tratulariak Lützengo gazteluan aipaturiko makurkeriak zirela eta, abiarazitako prozesu kriminalen atalak erantsi zitzaizkion, gauzeztan haren, eta lehen esan denez, Printze Hauteslearen ediktuz bakarrik urkabetik jadanik salbatua izan zenaz herria jakinaren gainean jartzeko. Zegokionez, Printzeak lasaitu egin zuen Kohlhaas itaunketa hartan, inguruabarren pisuarengatik, adierazi behar izan ziren susmo haietatik; segurtasunak eman zizkion bera Dresdenen egongo zen bitartean, ez zela emandako amnistia hautsiko; berriro eskuak luzatu zizkien mutikoei, mahai gainean zeukan frutatik opari eginez, ea Kohlhaasi agur esan eta irtenarazi egin zuen. Kantziler handiak, zeina segituan ohartu baitzen zaldi-tratulariaren gainean eralgitzen ari zen arriskuaz, ahalegin guztiak egin zituen arazoari amaiera emateko, gertakari berriekin nahastu eta katramilatu baino lehen; baina horixe nahi zuten eta zeukaten helburutzat zaldun maltzurrek eta, lehen bezala erruaren onarpen isilaz, erresistentzia sententzia arin batera mugatu beharrean, izaera amarruzko eta berritsuzko trikimailuez erabat ukatzen ere hasi ziren. Batzuetan esaten zuten Kohlhaasen zaldiak Tronkan eradukiak izan zirela administraria eta alkaidearen jokaera apetazko batengatik, zeinaz Junkerra ez bide zegoen inondik ere jakinaren gainean edo ez erabat behintzat; besteetan ziurtzat jotzen zuten hara iristean abereek ordurako bazutela eztul zipotz eta arriskutsu bat, horretarako lekukoak aipatu zituzten, zeinak ekartzeko hitza eman zuten; eta, ikerketa eta eztabaida xehetuen ondoren, argudio hauek alde batera utzi behar izan zituztenean, Printze Hautesle beraren ediktu bat ekarri zuten, zeinaren indarrez, hamabi urteko denbora-epe batean Brandeburgetik Saxoniara zaldiak sartzea debekatu zen, abere-izurrite bat zela eta: eguzkia bezain argi zegoen, ez bakarrik Junkerrak ahala zuela baizik eta eginbeharra Kohlhaasek mugatik pasatu nahi zituen zaldiak geldiarazteko.

        Kohlhaasek, bitartean, berriro berreskuratu egin zuen bere baserria eskribauarengandik, egindako kaltearengatik zertxobait saritu ondoren, eta zenbait egunez Dresdenetik alde egin nahi izan zuen, antza denez transakzioa erregistro judizialean izapidetzeko, eta bere herrialdera bidaia egin; erabaki honetan, halere eta inolako zalantzarik ez dugu, askozaz garrantzi gutxiago zuen arazo hark berak —nahiz eta presazkoa izan, neguko hazi-ereitea burutzea, inguruabar bitxi eta kezkagarri haietan bere egoera nolakoa zen egiaztatu nahiak baino: horretarako agian beste izaera bateko arrazoien eragina ere izan zen, zeinak bere barrenaren berri dakienari igartzeko utziko dizkiogun. Kantziler handia ikustera jo zuen beraz, izendaturik zeukan guardia gabe, eta eskribauaren gutunak eskuan zituela, bere asmoaren berri eman zion, baldin eta, itxura zegoenez, derrigorrean epaitegian behar ez bazuten, hiritik irten eta Brandenburgera zortzi edo hamabi eguneko bidaia bat egitearena, epe horren barrean atzera itzuliko zela hitzemanez. Kantziler handiak, kezka eta atsekabezko aurpegiaz lurrera begiratuz, ihardetsi zion bere presentzia, hain zuzen ere, inoiz baino beharrezkoagoa zela orduan aitortu behar ziola, zeren eta tribunala, beste alderdiak egiten zituen alegazioen bihurria eta amarruaren aurrean, bere aitorpen eta zehaztapenen beharrean aurkituko zela aurreikusi ezinezko ehunka kasutan; baina, Kohlhaasek kereilaz ongi jantzirik zeukan bere abokatua aipatu ziolarik, eta tematasun neurritsuz eskariari eusten zionez gero, zortzi egun baino gehiago ez zituela emango aginduz, kantziler handiak, isilune baten ondoren, esan zion irtenaraziz: «zegozkion pasaporteak Christiern von Meissen printzearen baitan eskatzea espero zuela...» Kohlhaasek, kantziler handiaren aurpegia oso ongi ulertzen zuenak, sendotuago sentitu zen bere erabakian ea bertan eseri eta inolako arrazoirik eman gabe, zortzi egunetarako pasaportea eskatu zion Von Meissengo printzeari, Gubernium-aren buru zen aldetik, Kohlhaasenbrückera joan eta itzultzeko. Idatzi honek Gubernium-aren ebazpen bat jaso zuen Siegfried von Wenk gazteluko kapitainak sinatua, zeinak zioen: «Kohlhaasenbrückera joateko bere pasaporte-eskaria Printze Hautesleari aurkeztuko zitzaiola, bere onarpen gorenerako; eta jaso bezain laster bidaliko zitzaizkiola». Kohlhaasek bere abokatuari Gubernium-aren ebazpena Siegfried von Wenk zelako baroi batek sinatzea zergatik zen galdetzean, eta ez berak zuzendu zion Christiern von Meissen printzeak, erantzun zitzaion Printzea hiru egun lehenago irten zela bere sailetara, eta bera kanpoan zen bitartean polizi arazoak Siegfried von Wenk, jauregiko kapitainaren, jadanik aipaturiko izen bereko noblearen lehengusuaren eskuetan utzi zirela.

 

 

 

© Heinrich Von Kleist

© itzulpenarena: Xabier Mendiguren Bereziartu

 

 

"Heinrich Von Kleist / Michael Kohlhaas" orrialde nagusia