Eskribaua gelatik irten zenean, Lisbeth belauniko jarri zen senarraren aurrean. «Baldin eta nonbait —esan zion arrenka— neu eta eman dizkizudan seme-alabok zeure bihotzean badaramatzazu; baldin eta jadanik, nik ez dakidan arrazoiren batengatik, zapuztu ez bagaituzu: esadazu, zer esan nahi duten prestamen beldurgarri hauek! Kohlhaasek esan zion: «Ezer ez, emazte txit maitea, ezer ez gauzak daudeneon kezka zaitzakeenik. Kantzilergotik ebazpen bat jaso dut eta bertan esaten didate Tronkako Junkerraren aurka aurkeztuta neukan kereila liskar alferra dela. Eta nola hemen gaizkiulerturen bat dagoen, berriz aurkeztea erabaki dut, baina oraingoan pertsonalki eta Printzearen aurrean.» «Eta zergatik saldu nahi duzu etxea?», garrasi egin zion emazteak aurpegi desitxuratuarekin zutituz. Zaldi-tratulariak, bularraren kontra samurkiro estutzen zuen bitartean, erantzun zion: «Eskubideak babesten ez dizkidan herrialde batean bizi nahi ez dudalako. Nahiago dut txakur izan gizaki baino, hankapean erabili behar banaute! Ziur nago, honetan, emaztea neure iritzi bereko dudala». «Nondik atera duzu —galdetu zion onetik irtenda— eskubideak babestu nahi ez dizkizutelako hori? Baldin eta Printzearengana jotzen baduzu, gisa denez, zeure eske-idatziarekin, zergatik uste duzu baztertuko dizutela edo uko egingo diotela entzuteari?» «Ai ene —erantzun zuen Kohlhaasekdudan beldurra arrazoigabea baldin bada, nire etxea ere oraindik saldu gabe egongo da. Printzea zuzena da, badakit, eta inguratzen dutenen artetik berarengana iristea lortzen badut, ziur nago justizia egingo didala eta, astebete baino lehen, zuregana eta lehengo neure arazoetara pozik itzuliko naiz. Eta nolako gogoa izango dudan orduan —gehitu zion musu bat ematen zion bitartean— neure bizitzaren azkenera arte zure ondoan irauteko! Baina zuhurra da —jarraitu zuen— badaezpada edozertarako prest egotea, horregatik nahiko nuke zuk hemendik alde egitea, denboraldi baterako, ahal izanez gero, eta gure seme-alabekin Schwerinera, izebarengana joatea, aspaldidanik bisita egin nahi izan baitiozu.» «Nolatan? —garrasi egin zuen etxeko andreak—, ni Schwerinera joan? Muga gainditu eta neure seme-alabekin ni Schweringo izebarengana joan? Eta izu-larriak ahotsa irato zion. «Jakina —erantzun zion Kohlhaaseketa berehala, ahal bada, neure zereginean eman beharreko pausuetan inolako ardurak trabarik egin ez diezadan. «Ai ene! Ulertzen dizut! —oihu egin zuen— armak eta zaldiak besterik ez duzu behar!; gainerakoa nahi duenak har dezala!» Eta horrenbestez bira eman, besaulki batean amildu eta negarrari eman zion. Kohlhaasek, hunkiturik, esan zion: «Lisbeth txit maitea, zertan ari zara? Jainkoak emaztea, seme-alabak eta ondasunekin bedeinkatu nau; gaur nahi izan beharko ote dut lehen aldiz dena beste modu batera gertatu izatea? Era maitekorrean alboan eseri zitzaion eta emazteak gorriturik besarkatu zuen esan zuenarengatik. «Esadazu bestela —jarraitu zuen bekokitik kizkurrak alboratzen zizkion bitartean— zer egin behar dut? utzi egin behar al dut auzia?, joan Tronkara, eskatu zaldunari zaldiak bihurtzeko, jarri gainean eta ekarri egingo al ditut?» Lisbeth ez zen «Bai! bai! bai!» esatera ausartu, negarrez buruari eragin, indarrez bere kontra estutu eta bularra musu beroz estali zion. «Ongi da —esan zuen goraki Kohlhaasek—, baldin eta sentitzen baduzu neure lanean segitzeko justizia egin behar zaidala, ez iezadazu horretarako behar dudan askatasuna ken!» Hau esanik zutitu eta kortazainari aditzera eman zion, zeina zaldi beilegia prest zeukala esateko sartu baitzen, biharamunean zaldi nabarrak ere prest edukitzeko, emaztea Schwerinera eraman zezan. Lisbethek burutada bat zeukala esan zuen. Zutitu, begietako malkoak xukatu eta idazmahai batean eseri zen; zergatik ez zion erreklamazioa ematen esan zion senarrari eta bera joango zela Berlinera, bere ordez, Printzeari aurkeztera.

 

 

        Kohlhaasek, aldaketa honengatik eta arrazoi bat baino gehiagorengatik hunkiturik, bere altzora erakarri eta esan zion: «Emazte txit maitea, hori ezina da! Printzea jende ugariz inguraturik dago, eta eragozpen ugari gainditu behar ditu berarengana hurbildu nahi duenak». Lisbethek erantzun zion emakume bati mila bider errazago izango zitzaiola hurbiltzea gizonezko bati baino. Emadazu erreklamazioa —errepikatu zuen— eta bere eskuetara iritsi dela baizik jakin ez nahi baduzu, neuk ziurtatuko dizut jasoko duela». Kohlhaasek, zeinak bere kemenaz eta zuhurtziaz froga bat baino gehiago baitzeukan, nola moldatzea espero zuen galdetu zion, berak lotsaz begiak beheraturik garai batean, Schwerinen zerbitzari zegoela, orain Printzearen jauregiko gobernari zena errondan ibili zitzaiola erantzun zion; bera orain ezkondurik eta seme-alabekin zegoela zehaztu zuen; baina, nolanahi ere, ez zegoela erabat ahazmenduan erorita; ... hitz batean, utz ziezaiola hari eta deskribatzeak luze joko zukeen beste inguruabar batzuei etekina ateratzen. Kohlhaasek musu eman zion pozez gainezka, eta proposamena onartzen zuela esan zion, eta jakinarazi zion gobernariaren emaztearen pabilioi berean gela bat besterik ez zuela behar, zeren horrek aukera emango ziola jauregian bertan Printzearekin topo egiteko; eman zion eskari-idatzia, lotarazi zituen zaldi nabarrak eta Sternbald, bere morroi fidelarekin bidali zuen, ongi horniturik.

        Bidaia hura ez zen izan auzi hartan eman zituen urrats arrakasta gabe guztien artean zorigaitzekoena. Zeren egun batzuk igaro zirelarik Sternbald etxeko atarian sartu zen berriro, pausu motelean kotxea gidatuz, bertan andrea bularreko mazpildura arriskutsu batekin etzanik zetorrela. Kohlhaasek, orgaraino zurbildurik hurbildu zenak, ezin izan zuen ezer garbirik atera ezbehar haren kausaz. Morroiak esan zuenez, gobernaria ez zegoen etxean eta gazteluaren ingurumarietako ostatu batean alojamendua aurkitzera beharturik aurkitu ziren; biharamun goizean Lisbethek alde egin zuen ostatu hartatik, morroiari zaldiekin bertan geratzeko agindu ondoren; eta arratsera arte ez omen zen itzuli eta egoera hartan gainera. Dirudienez oso era neurrigabean hurbildu bide zen Printzearengana eta, beronen errurik gabe, inguratzen zuten zaindarietako baten suhar hutsarengatik, lantza baten kirtenkada hartu zuen bularrean. Gutxienez hori kontatu zuten konortea galduta iluntze aldera ostatura eraman zutenek, zeren berak gutxi hitz egin baitzezakeen, ahotik zerion odolak uzten ez ziolako. Printzearentzat zeraman erreklamazioa zaldun batek jaso zuen. Sternbaldek esan zuen bere lehen nahia zaldi batean eseri eta gertakari dohakabe hartaz berri ematea izan zela; baina andreak, deitutako medikuaren ohar guztiak gorabehera, aurretiazko gaztigurik gabe senarrarengana eramanarazteko eskatu zuela. Bidaiarengatik unaturik zegoenez gero, Kohlhaasek hartu eta ohera eraman zuen, non arnasa hartzeko egin behar zituen ahalegin mingarrien artean, egun banaka batzuetan bakarrik bizirik iraun izan zuen. Alferrik egin ziren berriro senera ekartzeko ahaleginak gertatutakoari buruz argitasunak jasotzeko; begirada finko eta itzaliarekin zetzan, eta ez zuen ezer erantzuten. Hil baino zerbait lehenago bakarrik etorri zen berriro senera. Elizgizon luthertar bat (zeinaren ernamuinetan zegoen fedea aitortu baitzuen, senarraren eredura) ohearen ondoan zegoen une hartan eta, ahots gandutuz, baina indartsu eta zeremoniatsuz Bibliako kapitulu bat irakurtzen: bat-batean bekoki ilunaz begiratu, hartu zion eskuetatik Biblia, hartatik ezer irakurri beharrik ez balu bezala, orriak irauli eta irauli jardun zuen, zerbaiten bila balebil bezala; eta ohean eserita zegoen Kohlhaasi hatz erakusleaz bertsikulu hau seinalatu zion: «Barkatu zeure etsaiei; on egin gorrotatzen zaituztenei». Begirada guztiz esanguratsuz estutu zion eskua senarrari eta hil egin zen. Kohlhaasek pentsatu zuen: «Jainkoak ez diezadala inoiz barka, nik Junkerrari barkatzen ez diodan bezala!»; musu eman zion, begietatik malko ugariak zerizkion bitartean, itxi zizkion begiak eta gelatik irten zen. Hartu zituen eskribauak eskudirutan Dresdengo korten truk emandako ehun florinak eta berarentzat baino printzesa batentzat areago eragina zirudien hileta bat antolatu zuen: zerraldoa, haritzezkoa zen, metal ugariz hornitua, zetazko kuxinak eta urre eta zilarrezko heldulekuak, zortzi besabete sakonerako hilobia landarriz eta karez estalia. Berak, haur txikiena besoetan zuela, egon zen hobiaren ondoan eta gainbegiratu zuen lana. Ehorzketa-eguna iritsi zenean, gorpua, elurra bezain zuri, senarrak oihal beltzez estalitako areto batean aurkeztu zuten. Elizgizonak hitzaldi hunkigarri bat atautearen aurrean amaitu bezain laster, zenduaren eske-idatziari Printzeak egindako ebazpena eskuratu zioten, eta bere edukiak zioen Tronkatik zaldiak hartzeko eta presondegi-zigorpean, auzi hari buruz ez zezala kexa gehiagorik aurkeztu. Kohlhaasek gorde egin zuen gutuna eta zerraldoa organ ezarrarazi zuen. Lurra bota, gainean gurutzea ezarri eta gorpua ehortzi zuen segizioari adio esan ondoren, beste behin orain bakar zegoen ohearen gainera amildu zen eta mendekuaren egitekoa bere gain hartu zuen. Eseri zen idazmahaian eta idatzi zuen ebazpen bat, jaiotzatik zegokion ahalmenaren indarrez, Wenzel von Tronka Junkerra aldarrikapenetik hiru eguneko epean soro-lanetarako bahitu eta maskarturiko zaldiak berak Kohlhaasenbrückera bihurtzera kondenatzen zuen, eta bere eskuz jaten eman eta beren kortetan lehengo egoerara itzularaztera. Mezu hau zaldizko mandatari batekin bidali zion, eta dokumentua entregatu ondoren, Kohlhaasenbrückera berehalaxe itzultzeko agindu zion. Zaldiak entregatu gabe hiru egunak igaro zirelarik, Herseri dei egin zion; jakinarazi zion zer eman zion aditzera jaun gazteari zaldiei jaten emateari zegokionez; eta bi galdera egin zizkion: ea berekin Tronkako gaztelura joan nahi zuen jaun gaztearen bila, eta ea ekarri ondoren, berak zartailua erabili nahi zuen, baldin eta bera uzkur agertzen bazen epaia betetzeko, eta nola Hersek, ulertu bezain laster: «Jauna, gaur bertan!» jaregin zuenez gero, eta txanoa airera jaurtikiz, ziurtatu zuenez gero, hamar korapiloko hede bat txirikordatuko zuela zaldiak txarrantxatzen irakasteko, saldu zuen Kohlhaasek etxea eta seme-alabak mugaz bestaldera bidali zituen kotxean; bildu zituen ilunabarrean gainerako morroiak —zazpi ziren eta bakoitza urrea bezain fina—; armaz hornitu, zaldiak eman eta Tronkako gaztelurantz abiatu zen.

        Taldetxo honekin amildu zen gazteluan hirugarren gaua egitean aduanazaina eta zelataria aurrean hartuz, zeinak atarian hizketan baitzeuden, eta bitartean Herse su hartu zuten gazteluaren esparruko barraken bat-bateko txirtxir artean, alkaidego-dorreko zurubi meharrean gora zihoan eta goian alkaidea eta administrariaren kontra oldartu zen, zeinak erdi-jantzirik kartetan jokatzen ari baitziren, Kohlhaas gaztelura joan zen lasterka Wenzel Junkerraren bila. Judizioaren aingerua zerutik behera zetorren beraz; eta Junkerra, zeinak barre-algara askoren artean, adiskide gazteen taldeari zaldi-tratulariak igorritako epaia irakurri berria baitzien, beronen ahotsa atarian entzun orduko, hildakoa bezain zurbil oihuka hasi zitzaien jaunei: «Anaiok, salba zaitezte!» eta desagertu egin zen.

        Kohlhaasek, aretoan sartzean, beste Junker bati, Hans von Tronkari heldu zion paparretik, eta halako indarrez aretoaren zoko batera bota zuen, non burmuinek harlauzak zipriztindu zituzten, eta morroiak zaldunak menperatzen eta sakabanatzen ari ziren bitartean, zeinek armak hartu baitzituzten, zaldi-tratulariak atergabe galdetzen zuen Wenzel von Tronka Junkerra non zegoen. Eta gizon sorgortuen ezjakintasunaren aurrean, gazteluaren albo-hegal batera ematen zuten bi gelatako ateak ostikoz saltarazi ondoren, eta inor ez aurkitzean eraikin hedatsuan barrena norabide guztietatik ibili eta gero, biraoka itzuli zen gazteluaren atarira, irteerak hartzeko agintzera. Bitartean, barraken sugarrek erasorik eta zerurantz igotzen ari zen ke lodiaren artean gazteluaren hegal guztiak erretzen hasita zeuden eta honela, Sternbald eta beste hiru morroi zeregintsu josia eta tinkatua ez zegoen guztiaz jabetzen ari ziren, eta zaldien artean harrapakintzat botatzen zuten, eta Herseren bozkarioaren artean, alkaidea eta administrariaren gorpuak, emazte eta seme-alabekin hegaz egin zuten alderen alde irekita zeuden alkaidiako leihoetatik. Kohlhaasek, zeinak zurubian behera jaistean bere oinetan ahuspezturik etxekoandre zaharra, kotak jotako atsoa, Junkerraren administrazioa zeramana aurkitu zuen, eta oraindik eskilmailetan zegoela galdetu zion non zegoen Wenzel von Tronka Junkerra, eta emakumeak ahots ahul dardaratiz ustez kaperan ezkutatu zela erantzun zionean, zuziekin zebiltzan bi morroiri dei egin, giltzen faltan, sarrera haga eta barraz irekiarazi zuen atea, eta aldare eta aulkiak irauli zituen baina damuz ez zuen Junkerra aurkitu. Gertatu zen Tronkako morroi gazte bat igaro zela lasterka ataritik Kohlhaas kaperatik zetorrela, harrizko korta hedatsu batetik sugarren mehatxupean zegoen Junkerren arrazako garbiko zaldia ateratzeko asmoz. Kohlhaasek begiz jo zituen orduan lastozko aterpetxo batean bere zaldi mairuak eta galdetu zion morroiari zergatik ez zituen mairuak salbatzen eta hark, giltza kortako atea sartzen zuen bitartean erantzun zion aterpea jadanik sugarretan zegoela; Kohlhaasek sarraila kendu eta harresiaren gainetik jaurtiki zuen, jadanik sugarretan zegoen aterperaino eraman morroia ezpataz plastadak emanez eta ingurukoen barre-algara ikaragarrien artean mairuak salbatzeko agindu zion. Halere, morroia izu-laborriz zurbildurik, bere atzealdean aterpea porrokatzean, zaldiak eskutik zituela handik gutxira irtetean, jadanik ez zuen Kohlhaas atean aurkitu; eta plazako morroiengana hurbildu zenean eta tratulariari galdetzean, zeinak behin baino gehiagotan eman baitzion bizkarra, zer egin behar zuen gero zaldiekin, honek supituki eta itxura beldurgarriarekin oina jaso zuen, eta bota zion ostikoak heriotza ekarriko ziokeela harrapatu izan balu: ezer erantzun gabe, bere zaldi beilegira igo, gazteluaren atera abiatu eta bertan itxaron zuen, morroiek egunaren zain beren solasean ziharduten bitartean.

        Eguna argitu zuenean gaztelu osoa errausturik zegoen hormetaraino eta bere barrean Kohlhaas eta zazpi morroiak bakarrik aurkitzen ziren. Jaitsi zen orduan zalditik eta berriro toki hura miatu zuen orain eguzkiaren argitan ikusten ziren zoko guztietaraino, eta nahiz eta tamalgarri izan, sinetsi behar izan zuenez gero gaztelurako txangoak porrot egin zuela, Herse eta beste morroiak bularra saminez eta atsekabez beterik zuela bidali zituen, Junkerrak bere ihesian nora jo ote zuen berriak biltzera. Bereziki kezkatzen zuen handik hurbil Erlabrunn izeneko emakumezkoen komentu aberats bat izateak, Mulda ibaiaren hegian kokatua, eta zeinaren abatesa, Antonia von Tronka, emakume santa, jaieratsu eta karitatezkotzat zeukaten ingurumarian; Kohlhaas dohakabeari buruak eman zion oso posiblea zela Junkerra, inolako laguntzarik gabe zegoenez, komentu hartan babesa hartu bide zuela, abatesa bere izeba eta behiala txikitan Junkerraren hezitzaile izana zelarik. Inguruabar horren jakitun izaki, Kohlhaas alkaidegora igo zen, non gela erabilgarri bat zegoen eta «Kohlhaasiar ediktua» izenekoa idatzi zuen, Wenzel von Tronka Junkerrari edozein gisatako laguntza ukatzea herrialdekoei eskatuz, zeinarekin zuzenbidezko gerran zebilen; aitzitik, hiritar oro larderiatzen zuen Junkera entregatzera, bere ahaide eta adiskideak salbu ez zeudela, gorputz— eta herio zigorpean, baita odol eta suz igaroa ikustera bere jabegotzat jo zitekeen edozer. Aldarrikapen hau bidazti eta arrotzen bidez barreiatu zuen eskualdean zehar; eta Waldmann, morroiari, kopia bat luzatu zion Erlabrunnera, Antonia von Tronka andrearen eskuetara, eramateko mandatu zehatzarekin. Gero Tronkako gazteluko morroi batzuez arduratu zen, zeinak ez baitzeuden pozik Junkerrarekin, eta harrapakinak jasoko zituztelakoan Kohlhaasen zerbitzuan sartu nahi baitzuten; infante gisa hornitu zituen, daga eta baleztarekin, eta morroi zaldunen atzean esertzen irakatsi zien; eta taldeak bildu zuen guztia diru bihurtu eta beraien artean banatu ondoren, atsedena hartu zuen zenbait orduz, gazteluko atalpean bere eginbehar tamalgarritik.

        Eguerdi aldera itzuli zen Herse eta beti presagio goibelenetarako prest zeukan bihotzak esandakoa berretsi zion: Junkerra Erlabrunnen aurkitzen zela, izeba zuen Antonia von Tronka dama zaharrarenean. Zirudienez, gazteluaren atzealdeko horman zegoen ate batetik kanpora irten zen, harrizko eskailera txiki batetik zehar salbatu zen, zeina Elbaren hegian amarraturik zeuden txalupa batzuetaraino baitzeraman. Hersek gutxienez esan zuen, Tronkako sutearengatik bertara bildu zirenen harrimenerako, arraun eta lemarik gabeko gabarra batean heldu zela Elbako herritxo batera eta gero Erlabrunnerako bidaia segi zuela herriko orga batean... Hura entzutean Kohlhaasek hasperen sakon bat egin zuen; galdetu zuen zaldiak jaten emanak zeuden eta, baietz erantzun zitzaiolarik, bere taldeari esertzeko esan eta hiru ordu geroago Erlabrunnen aurrean zegoen. Horizontean urrun nabari zen ekaitzaren burrundararekin eta toki hartan tinkatzeko agindutako zuziekin, bere jende-mordoarekin sartu zen komentuko atarian, eta Waldmann, morroiak, aurrera etorririk, jakinarazi zion ediktua emana zegoela agindu zuenez; une hartan ikusi zuen abatesa eta administraria eztabaida zalapartatsuan irteten ari zirela atarira; eta bitartean, komentuko alkaideak, adineko gizontxo ilezuriak, denbora guztian Kohlhaasi herraz begiratzen zionak, inguruan zeuzkan morroiei koraza janzten laguntzeko ahots lakarrez, ezkila-dandara jo zezatela agintzen zien: sartu zen komentuko emakumea pendizean behera gurutziltzatuaren zilarrezko irudia eskuan zuela, lihozko mihisea bezain zuri, eta etxeko dama guztiekin batera Kohlhaasen zaldiaren aurrean ahuspeztu zen. Kohlhaasek, Herse eta Sternbaldek eskuetan ezpatarik ez zeraman alkaidea menperatu, eta preso harturik zaldi artean zekarten bitartean, Tronkako Wenzel Junkerra non zegoen galdetu zion andreari; eta beronek giltza-mordo bat gerritik jareginez: «Wittenbergen, Kohlhaas prestu hori!» erantzun zion eta ahots dardaratiz gehitu zion: «Zaitez Jainkoaren beldur eta ez egin bidegabekeriarik!», Kohlhaasek bira eragin zion zaldiari, bere mendeku zapuztuaren infernuan murgildurik eta «Su emaiozue!» oihu egiteko zorian egon zen, tximista eskerga bat bere ondo-ondoan lurrera erori zenean. Kohlhaasek berriro zaldia berarengana zuzendu eta galdetu zion: «ea ez zuen bere ediktua jaso eta orduan damak ahots ahul ia entzunezinez erantzun zion: «Oraintxe bertan», «Noiz?», «Ordu bietan, Jainkoak gorde nazala, Junkerrak, nire ilobak, alde egin eta gero!»... eta Waldmann, morroiak, zeinarengana Kohlhaas zuzendu baitzen, begirada goibelarekin, hitz-totelka ziurtatu eta esan zion euriak hazitako Muldako urek eragotzi egin ziotela lehenago, ordura arte alde egitea: beraz, Kohlhaasek amore eman zuen, bat-batean, zuziak itzaliz, tokiko tronaduraren gainera erori zen euri-jasa ikaragarriak bularra zanpatzen zion samina arindu zion; zaldiari bira eman zion, damaren aurrean kapela arinki makurtuz, ezproiak sartu zizkion: «Zarraizkidate, anaiok; Junkerra Wittenbergen dago!» esanez eta komentutik irten zen.

        Gautu zuenean, bideko ostatu batean geratu zen, non zaldiak oso nekaturik zeudelako egun bateko atsedena hartu behar izan zuen, eta hamar gizoneko talde batekin (besterik ez baitzuen orduan) Wittenberg bezalako plaza bati aurre egiterik ez zuenez gero, bigarren ediktu bat idatzi zuen, zeinean landan gertatutakoaren berri laburra emanez, gomendio egiten zion «kristau on orori», berak zioenez, «soldata eta gerrako beste abantaila batzuen promespean» «Tronkako Junkerraren, kristau guztien etsai orokorraren kontrako bere kausari atxikitzeko». Handik gutxira agertu zen beste ediktu batean «mundua eta inperioarekiko betebeharrik ez zuen eta Jainkoari bakarrik men egiten zion jaun» deitzen zuen bere burua; eldarnio gaixozko eta endekatua, zeinak berehalaxe, txanponaren soinura eta harrapakinaren itxaropenarekin, Poloniarekiko bakeak ogirik gabe utzitako jendaila trumilka erakarri baitzion: horrela, izatez hogeita hamar burutik gora zituen Wittenberg errausteko Elbaren eskuinaldeko hegia gurutzatu zuen berriro. Antzinako mandio baten teilatupean kanparazi zituen morroiak eta zaldiak, orduan plaza inguratzen zuen baso ilun baten bakardadean, eta Sternbaldek jakinarazi bezain laster, zeina mozorroturik hirira bidali baitzuen ediktuarekin, betean bazekitela aldarrikapenaren berri, lehenbailehen abiatu zen bere taldearekin eta Mendekoste bezperan, biztanleak lo betean zeudela sartu zen plazan eta aldi berean mutur anitzetatik su eman zion. Eta morroiak harresiaz kanpo zakuraketan ari ziren bitartean, eliza bateko atariko zutabean orri bat josi zuen honela zioena: «berak, Kohlhaasek su eman ziola hiriari eta Junkerra entregatzen ez bazioten halako moldez erraustuko zuela, non —berak adierazten zuenez— ez zela ezein hormaren atzean beharrik izango bera aurkitzeko». Biztanleen izu-laborria, inoiz entzungabeko desmasia honen aurrean, deskribaezina izan zen; eta sugarrak, zorionez udako gau lasai samar hartan, zeinak bederatzi etxe eta eliza bat ere bai beraien artean, bakarrik hondatu zituenak, eguna argitzean nolabait menperatua izan zen, Otto von Gorgas, jadanik adineko korrejidoreak berrogeita hamar gizonezko talde bat bidali zuenean odolzale beldurgarria geldiaraztera. Baina gidari zen kapitaina, Gerstenberg zeritzona, hain gaizki moldatu zen, non espedizioak Kohlhaas azpiratu ordez beronen gerrari arriskutsu sona areagotzen lagundu zuen; zeren bere gerrari honek, sail bat baino gehiagotan banatzean, horrela —berak esan zuenez— erreboltatua hesitu eta zanpatzeko, halako moldez ikusi zuen bere burua eraso eta zanpatua, zeinaren taldeak baturik iraun zuen, non biharamuneko arratsean ez baitzen zelaian herrialdearen itxaropen ziren gizon bakar bat ere gelditzen. Kohlhaasek, borroka haietan gizon batzuk galdu zituelarik, biharamun goizean berriro su eman zion hiriari, eta bere gertamen kriminalak hain onak izan ziren, non berriro etxe mordo bat eta harresiaz kanpoko mandio gehienak errauts bihurturik geratu ziren. Orduan ere ediktu ezaguna ezarri zuen berriz ere, baina oraingoan udaletxearen kantoian, eta parte bat gehitu zion korrejidoreak bidali eta berak menperaturiko Gerstenberg kapitainaren zoriaz. Korrejidorea, haren setaz erabat sumindurik, ehun eta berrogeita hamarreko gizon-talde baten buru jarri zen, beste zaldun batzuekin. Wenzel von Tronkako Junkerrari, beronek idatziz eskatu ondoren, herriaren indarkeriatik babesteko guardia bat izendatu zion, zeina herritik urrundurik bakarrik ikusi nahi baitzuen; eta eskualdeko herri guztietan guardiak ezarri ondoren eta hiriko harresietan zelatariak ipini eta gero ustekabeko erasotik jagoteko, Gervasio Santuaren egunez herrialdea sakailatzen ari zen herensugea harrapatzera irten zen. Zaldi-tratularia aski zuhurra izan zen talde hari iskintxo egiteko; eta korrejidorea, martxa trebeekin, hiritik bost milia urrunarazi ondoren, eta zenbait trikimailurekin, proportzio ezagatik, Brandenburgen sartzera beharturik aurkitu zela, hirugarren gauean supituki norabidez aldatu, trosta bizian, Wittenbergera itzuli eta hirugarren aldiz su eman zion hiriari. Herse, zeina mozorroturik sartu baitzen hirian, izan zen arte-obra ikaragarriaren egilea; eta sugarrak, ipar-haize gogorrak eraginik, hain hondagarri eta irensle gertatu ziren, non hiru ordu baino gutxiagoan berrogeita lau etxe, bi eliza, zenbait komentu, eskola eta korrejidorearen jauregia bera ere herexa eta errauts bihurturik utzi zituen. Korrejidoreak, egunsentian etsaia Brandenburgen egongo zela uste zuenak, gertatuaren berri jakin eta martxa zalapartatsuan itzuli ondoren, hiria erabateko erreboltan aurkitu zuen; Junkerraren etxea trabaturik zeukaten haga eta taketen aurrean bildu zen herria milaka eta egundoko ardailarekin hiritik eramateko eskatzen zuen. Jenkens eta Otto izeneko bi burgomaisuk, kontzejuaren aurrean beren karguari zegokionez jantzita, alferrik argudiatzen zuten kantzilergoaren buruari presaz bidalitako mandataria itzuli arte derrigor itxaron beharra zegoela, Junkerra Dresdenera eramateko baimena izateko, nora berak ere arrazoi desberdinengatik joan nahi zuen; pikaz eta taketaz armaturiko jendetza zentzugabeak ez zien hitz haiei jaramonik egiten eta neurri zorrotzagoak eskatu zituzten zinegotziei tratu txarra emateaz gain, jadanik Junkerra zegoen etxeari eraso eta bera lurrera eraisteko asmoa zeukan, Otto von Gorgas korrejidorea agertu zenean reitre-talde baten buru. Jaun duin honek, bere presentzia soilez herriari errespetua eta obedientzia ezartzera ohitura zegoen honek lortua zuen atxilotzea, huts egindako txangoaren konpentsazio gisa, hobendari su-emailearen bandako hiru zaldun barreiatu hiriko ateetan beretan; eta halako haiek, kateez zamaturik herriaren aurrean zeudela, hitzaldi zuhur batean, epe laburrera Kohlhaas bera kateaturik ekarriko zuela ziurtatu zion kontzejuari, jadanik aztarnaren atzetik omen zebilelako: inguruabar lasaigarri hauen indarrez bildutako herriaren beldurra ibitu eta mandataria Dresdenetik itzuli arte Junkerra bertan egoteaz zertxobait baretzeko zortea izan zuen. Zalditik jaitsi egin zen beste zaldun batzuk lagun zituela eta barrikada eta hesolak kendu ondoren, Junkerra aurkitzen zen etxean, zeina behin eta berriz erortzen baitzen ondoezetan, esentzia eta sinapismoekin bizira ekarri nahi zuten bi medikuren eskuetan; eta Otto von Gorgas zaldunak ongi ulertzen zuelarik ez zela une egokia eginbeharrekoak burutzeaz eztabaidan hasteko: mesprezio isilezko begiradaz soilik esan zion janzteko eta bere segurtasunerako kartzela aforatura segitzeko. Kota altxaturik eta kaskoa zintzilik zituela, baina bularra erdi zabalik zuela arnasa hartzeko zituen eragozpenengatik, kalean agertu zenean korrejidorearen eta Gershau kondea, bere koinatuaren besotik, ikaragarriak ziren entzuten ziren madarikazio biraozko eta lazgarriak. Herria, lanskeneteek kostata eutsirik izain, herrialdearen izurrite miseriazko eta giza tormentatzaile, Wittenbergen madarikazio eta Saxoniaren hondamendi deitu zion; eta hondakinez beteriko hirian barrena segizioa nekez igaro ondoren, zeinean behin eta berriz ohartzeke galdu zuen kaskoa eta atzetik zihoan zaldunak berriro buruan jartzen zion, eta azkenean kartzelara iritsi zen, zeinetako dorreetariko batean galdu zen, guardia erreportxatu baten babespean.

        Bitartean mandataria itzuli zen hiriari kezka berriak ekarri zizkion Hauteslearen ebazpenarekin. Zeren gobernua, Dresdengo udalak arrenka eskaturik, erabat eskuak garbitu baitzituen Junkerra hiriburura garraiatzeaz, hobendari su-emailea menperatu aurretik; aitzitik agintzen zitzaion korrejidoreari, Junkerra nonahi zegoela ere, izan ere nonbait egon beharra baitzeukan, eskura zuen ahalmen guztiaz geriza zezala: alabaina, iragartzen zuen Wittenbergeko hiri leialaren lasaitasunerako, bostehun gizoneko tropa bat, Friedrich von Meissen printzearen manupean bidean zela, aipatuak sor zitzakeen eragozpenetatik babesteko. Korrejidoreak, zeina ohartu baitzen gisa hartako ebazpenak ezin zezakeela hiria lasaitu: zeren ez baitzen bakarrik une desberdinetan zaldi-tratulariak hiriarekiko enfrentamenduetan lortutako abantaila txikiak zeuzkan indarrei buruz zurrumurru guztiz gogaikarriak sortarazi izanagatik; baizik eta egiten zuen gerrak, gaueko ilunpetan ezkutatu eta bikea, lastoa eta sufrea gastatzen zuen jendaila mozorrotuak burutuak, eraginik gabe utz baitzezakeen, ez-ohia bezain entzungabea zelarik ere, Meisseneko Printzeak zekarrena baino babes handiagoa ere. Korrejidoreak, gogoeta labur baten ondoren, jasotako ebazpena erabat ezkutatzea erabaki zuen. Meisseneko Printzeak bere etorrera iragartzen zuen gutuna hiriaren kantoi desberdinetan ezartzera mugatu zen; kotxe itxi bat, zeina goiznabarrean kartzela aforatutik irten zen, lau reitre gogor armaturen artean Leipzigerako bidean jarri zen, reitreek era zehazkabean Pleisseneko gaztelura zihoazela adierazi zuten bitartean; eta herria, sua eta txikizioa besterik ekartzen ez zuen junket dohakabe hura zela eta honela bareturik, bera abiatu zen hirurehun gizoneko talde batekin Friedrich von Meissen printzearekin elkartzera. Bitartean Kohlhaas ekinean zebilen eta munduan irabazi zuen posizio apartekoarengatik ehun eta bederatzi gizon izateraino iritsi zen; eta nola Jassenen arma-hornizio batez jabetu zen gainera eta bere tropa erabat armatu izan zuenez gero, gainera zetorkion ekaitz bikoitzaren berri eman ziotelarik, galernaren bizkortasunaz bidera irtetearen erabaki hartu zuen, hark menperatu baino lehen. Beste egun bat pasatzen utzi gabe, gaueko eraso batean, Meissengo printzeari oldartu zitzaion: egia da, bere nahigabe handirako, Herse galdu zuela, zeina lehen disparoekin bere ondoan erori baitzen; baina, galera honek garrazturik, hiru orduko borrokan Printzea, tokian tropa biltzeko gai ez zena, porrokatu zuen, zeina egunsentian, jasotako zauri larriengatik eta bere tropan zegoen erabateko desordenuarengatik, Dresdenera itzultzera beharturik aurkitu zen. Abantaila honek ilarraindurik, atzera egin zuen Kohlhaasek, gaztigu eman baino lehen, korrejidorearekin topo egitera, egun betean eraso eta landa zabalean Damerow izeneko tokian, non berarekin borroka egin zuen, galera izugarriekin noski, baina abantaila berekin, gau aurreratua izan arte. Eta biharamunean ez ziokeen korrejidorea, zeina Dameroweko klaustroan babestu baitzen, erasotzeari utziko bere troparen hondarrekin, baldin eta espedizionarioek Printzeak Mühlbergen izandako porrotaren berri eman izan ez baliote eta zuhurragotzat jo izan ez balu berehala, abagune hobera arte, Wittenbergera itzultzea. Bi tropa hauek sakabanatu eta handik bost egunetara agertu zen Leipzigen eta hiru lekutatik su eman zion hiriari. Abagune honetan banatu zuen ediktuan bere burua «Mikel Goiaingeruaren ordekotzat auzi hartan Printzearen alde jarri zirenengan mundu osoa amildu zeneko bilaukeria suz eta ezpataz zigortzera etorritakotzat» jotzen zuen bere burua. Halaber, herri osoa bildu zuen Lützengo gaztelutik, ustekabean hartu ete bere gotorleku bihurtu zuenetik, gauzen ordena hobe bat eraikitzeko elkar zekion; eta ediktua, nahasmendu apur batekin, honela sinaturik zegoen: «Gure mundu-gobernuaren behin-behineko egoitzan, Lützengo gazteluan emana». Leipzigeko biztanleen zoriak nahi izan zuen, zerutik erori zen euri atergabeari esker, sutea ez hedatzea, halako moldez, non itzalketa-lanei eman zitzaien lastertasunarengatik Pleissengo gazteluaren inguruko bazar batzuk bakarrik erre baitziren. Halere, ezin esanezkoa izan zen hiriaren aztoramendua su-emaile amorratua eta berau aurkitzen zeneko eromenaren aurrean, eta nola bere kontra bidalitako ehun eta laurogei reitreko tropa, deseginik hidra itzuli zen, hiriko aberastasunak arriskuan jarri nahi ez zituen kontzejuak ateak atalagatzea eta gau eta egun harresiez kanpotik hiritarrak jagotea ez zuen beste erremediorik izan. Alferrik jarri zituen kontzejuak ingurumarietako herrietan aldarrikapenak Junkerra alboko Pleissengo gazteluan aurkitzen ez zelako berme zehatzarekin; zaldi-tratulariak, antzeko orrietan, Pleissengo gazteluan zegoela aldeztu zuen, eta bertan balego bezala jokatzen segituko zuela jakinarazi zuen, nahiz eta ez egon, harik eta bere izenez aurkitzen zeneko tokia adieraziko zioten arte. Leipzigeko hiria aurkitzen zeneko estutasunaren berri mandatari batek emanik, Saxoniako Hautesleak iragarri zuen jadanik bi mila gizoneko armada bat biltzen ari zela Kohlhaas atzemateko eta bera jarriko zela haren buru. Otto von Gorgas jaunak errieta gogorra egin zion Wittenbergetik su-emailea urruntzeko erabili zuen amarru hausnartu gabe eta bikoitzarengatik; eta inork ezin du deskribatu Saxonia osoa, eta batez ere hiriburua, inarrosi zuen aztoramendua, Leipzigen inguruko herrietan, ez jakin nork, Kohlhaasi zuzenduriko aldarrikapen bat honela zioena: «Wenzel, Junkerra, Dresdenen zegoela Hinz eta Kunz lehengusuen etxean».

        Inguruabar hauetan Martin Luther doktoreak bere gain hartu zuen hitz baretzailearen indarrez eta munduan zeukan posizioak ematen zion itzalak lagundurik, Kohlhaas giza ordenuaren esparrura ekartzea; eta su-emailearen bihotzean zegoen bertute-aztarnaren gainean eraikiz, honako edukia zuen iragarki bat zuzendu zion Saxoniako hautesle-printzerriko hiri eta leku guztietan ezartzeko:

 

        «Kohlhaas, zuzentasunaren ezpata hartzeko bidalia haizela dioan hori, zertara ausartzen haiz, lotsagabe hori, pina itsuaren eromenean, heu, burutik oinetaraino zuzengabekeria hutsa haizenean? Manupeko hauen jaunak hire eskubidea, ondasun hutsal batekiko auzian hire eskubidea ukatu duelako, altxa egiten haiz, dohakabe hori, eta suz eta ezpataz, eta basamortuko otsoaren gisa oldartzen hatzaio berak gerizatzen duen elkarte baketsuari. Hi, gizakiak kontakizun zital eta egiatasun gabeaz engainatzen dituan boil, uste al duk, bekatari horrek, baliagarri izango duala Jainkoaren aurrean, bihotz guztietako zoko-mokoak argituko diren egunean? Nola esan dezakek, hiri eskubidea ukatua zaiala, baldin eta hire bular herratsua, mendekio zitalaren hazkurak zirikaturik bilatzeari uko egin baldin baziok heure lehen ahalegin arinak zapuztuak ikustean? Auzi-morroi eta amabi-multzo bat al duk eskuratu beharreko gutun bat gordetzen dutenak, edota helarazi beharreko ebazpen bat eradukitzen duena al duk hire nagusia? Ala esan egin behar ote diat, Jainkoak ahaztu hori, hire nagusiak ez dakiela ezertxo ere hire auziaz? Areago, altxatu hatzaion jaunak hire izena jakin ere ez dakiela, halako moldez, non bera salatzeko asmoz Jainkoaren tronuaren aurrera joandakoan, berak aurpegi irribarretsuz esan ahal izango dik: gizon honi, jauna, ez diot bidegabekeriarik egin, izan badenik ere ez baitaki nire arimak. Eskuan daramaan ezpata, jakizak, hobena eta lapurretaren ezpata duk, erreboltari bat haiz eta ez-Jainko zuzenaren gerraria, eta lur honetan hiri dagokian azkena estira eta urkabea izango dituk, eta haraindian desmasia eta jainkogabekeriari dagokien kondenazioa.

        Wittenberg, eta abar.

Martin Lutero

 

        Kohlhaasek, Lützengo gazteluan, Leipzig errausteko plan berri bat asmatzen ari zen bere bular erdiratuan, zeren ez baitzuen herrietan esekitako iragarkia sinetsi: Wenzel Junkerra Dresdenen zegoela, ez baitzegoen inork sinatua, ez noski, kontzejuak, berak eskatu zuenez; Sternbald eta Waldmannek gauez gaztelu-aterako bidean ezarri zuten iragarkia harridura handiz ikusi zuten. Alferrik itxaron zuten, zenbait egunetan albistea berek eraman gabe, Kohlhaasek berak ikus zezan; goibel eta bere baitan murgildurik arratsean egiten zuen agerpena, baina agindu labur batzuk emateko bakarrik, eta ez zuen ezer ikusten; halako moldez, non goiz batean morroi batzuk urkarazi nahi izan zituelarik, zeinek, aginduaren kontra ingurumariak zakuratzen aritu ziren, hartaz ohartarazteko erabakia hartu zuten. Segizioan zetorren, herria beldurrez alde banatara aldentzen zitzaiola, azkeneko ediktua argitara eman zuenetik hartutako itxurarekin: kerubin-ezpata handi bat larru gorrizko bururdi batean ezarria, urrezko borlez apaindua aurretik zuela, eta zuzi irazekiak zeramatzaten hamabi morroi atzetik zituela; orduan bi gizonak sartu ziren, ezpatak galtzarbean zituztela, iragarkia finkaturik zegoen kolomara hurbildu eta bira eman zuten harriturik haren inguruan. Kohlhaas, eskuak bizkarraren atzealdean zituela eta pentsaketan murgildurik atera iristean, begiak jaso eta txunditu egin zen; eta morroiak bere begiradaren aurrean adeitsu baztertzean, Kohlhaasek pausu lasterrez bertaraino hurbildu eta txunditurik begiratu zien. Baina nork deskribatuko du ariman gertatu zitzaiona bidegabekeriaz salatzen zuen papera han ikustean, ezagutzen zuen izenik maitagarrien eta errespetagarrienak sinatua, Martin Luterorenak hain zuzen? Gorritasun ilun bat aurpegiratu zitzaion; kaskoa erantzi eta bi aldiz irakurri zuen goitik beheraino; begirada ezbaitiz zuzendu zen morroiengana, zerbait esan nahi balie bezala, baina ez zuen ezer esan; soltatu papera hormatik, irakurri berriro eta oihu egin zuen: Waldmann! Zelarazi zaldia!» gero: «Sternbald! harrait gaztelura!» eta desagertu egin zen. Hitz haiek aski izan zituen aurkitzen zeneko ondikoan desarmaturik geratzeko. Partzuer turingiar-jantziez mozorrotu zen; Sternbaldi garrantzi handiko arazo batek Wittenbergera joatera behartzen zuela esan zion; morroirik hoberenen aurrean, Lützenen zegoen troparen gidaritza eman zion; eta Wittenbergera abiatu zen, hiru egunetara itzultzeko asmoarekin, bitartean erasorik izango ez zen segurtasunarekin.

 

 

 

© Heinrich Von Kleist

© itzulpenarena: Xabier Mendiguren Bereziartu

 

 

"Heinrich Von Kleist / Michael Kohlhaas" orrialde nagusia