XVI mendearen erdi aldera, Havel ibaiaren hegian, Michael Kohlhaas izeneko zaldi-tratulari bat bizi zen, eskola-maisu baten semea eta bere garaiko gizonik zuzen eta aldi berean beldurgarrienetako bat zena. Hogeita hamar urteetara arte pertsonaia bitxi hau hiritar onaren eredutzat har zitekeen. Oraindik bere izenaren jabe den toki batean baserria zeukan, non patxada ederrean bizi baitzen, emazteak emandako seme-alabak Jainkoaren beldur, lan eta leialtasunaren zentzuan heziz; ez zegoen auzoen artean bere ontasun edo zuzentasunean atsegin hartu gabekorik; munduak, hitz batean, bere oroitzapena ospatu beharko zukeen, baldin eta bera bertuteetako bat lantzen desbideratu izan ez balitz. Baina justiziaren zentzuak bandidu eta asesinatzaile bihurtu zuen.

        Bazihoan behin bere lurraldetik kanpora, zaldi-sail distiratsu eta ongi gobernatuarekin, merkatuetan ateratzea espero zuen irabazia zertan erabiliko zuen gogoetan, haietara baitzihoan: parte ugazaba onari zegokionez, irabazi berriak eskuratzen, baina beste bat presenteaz gozatzen ere bai. Honetan, Elbara heldu zen eta saxoniar lurraldean zegoen gotorleku maiestatetsu baten ondoan, ibilbide hartan ordura arte inoiz aurkitu gabeko langa batekin topo egin zuen. Euria areagotzen ari zuen une batean gelditu zen zaldiekin, eta zaindariari dei egin zion, zeina handik gutxira agertu baitzen leihoan aurpegi ilunarekin. Tratulariak irekitzeko eskatu zion. «Zer berri dira hauek?» galdetu zion, handik apur batera hura etxetik irtetean. «Bidesari-eskubidea —erantzun zion aduanazainak sarrailan ziharduen bitartean—, Wenzel von Tronkako Junkerrari emana.» «Kontxo —esan zuen Kohlhaasek—, Wenzel al du izena Junkerrak?», eta almena distiratsuekin lurraldeari goitik begira zegokion gaztelua ikusi zuen. «Hil egin al da lehengo jabea?» «Apoplexiaz hil da», erantzun zuen aduanazainak langa jasotzean. «Sentitzen dut, bada!» —ihardetsi zuen Kohlhaasek—. Agure duina, jendearen zeregin eta joan-etorriaz gozatzen zuena eta ahal zuen heinean merkataritzari lagundutakoa. Behin batean, herrirako bidean nindoala, nire behorretako bati hanka hautsi zitzaiolako, galtzada bat eraiki ere egin zuen. Tira! Zenbat zor dizut?», galdetu zuen, eta kostata atera zuen haizeak jotzen zuen kapatik aduanazainak eskaturiko diru-kopurua. «Bai, gizona —gaineratu zion oraindik honek, «Bizkor, bizkor» marmarka ekin eta eguraldiaz gaizki-esaka hasiz—: «Hainbat hobeto izango zatekeen niretzat eta zuretzat enbor hori zegoen basotik mugitu izan ez balitz eta horrenbestez eman dirua eta berriro bideari lotu zitzaion. Baina, langara heldu orduko, beste gizon baten ahots zakarra entzun zen «Gera bedi zaldi-tratularia!» —atzean zegoen dorretik, eta ikusi zuen nola alkaideak kolpe batez leihoa itxi eta beregana zetorren lasterka. «Zer gertatuko ote duk orain?», galdetu zuen bere golkorako Kohlhaasek zaldiak geldiarazten zituen bitartean. Heldu zen alkaidea gorputz mardula estaltzen zion gerruntzea botoituz eta galdetu zion, euri-zaparradatik babesteko albora eginik, aldean al zekarren pasu-agiria. «Pasu-agiria?», galdetu zuen Kohlhaasek. Ezbaiti samar aditzera eman zion, berak zekienez, ez zeukala horrelakorik aldean zeraman ziurtasunik; baina ugazabaren zer gauza zen hura deskribatzen bazioten, bazitekeela haietaz ere halabeharrez horniturik ibiltzea. Zeharretara begiratuz, alkaideak aurpegira bota zion Printzearen baimenik gabe ez zeukatela zaldi-tratulariek zaldiekin mugatik pasatzerik. Tratulariak ziurtatu zion hamazazpi alditaraino gurutzatu zuela muga paper haiek gabe; oso ongi ezagutzen zituela bere negozioari buruzko Printzearen xedapen guztiak; derrigor kontutan hartzeko errakuntza bat zela, eta huskeriekin denborarik ez ziezaiola arren galdaraz, oraindik ibilaldi luzea geratzen zitzaiola-eta. Baina alkaideak erantzun zion hamazortzigarren aldian ez ziola eskuetatik ihes egingo, helburu horrekin eman zela agindua, eta berehalaxe pasu-agiria jaregin edo bestela etorritako bidetik itzuli beharko zuela. Zaldi-tratularia, hertsapen hura zela-eta ordurako amorratzen hasita zegoena, jaitsi egin zen zalditik, pentsatzen jarri ondoren, eman morroietako bati, eta Tronkako junkerrarekin berarekin argituko zuela auzia esan zuen. Jo zuen gaztelura; alkaidea jarraitu egin zitzaion, denbora guztian zikoitz gutiziatsuez eta odolustea zeinen mesedegarri zitekeen marmarrean; eta, begiradaz elkar neurturik, biak aretoan sartu ziren. Kontua zen Junkerra adiskide batzuekin edaten umoretsuan zegoela, eta hizkirimiri batek ezin amaituzko barre-algara bat leherrarazi zuela, Kohlhaas bere protesta aurkezteko hurbiltzean. Zer nahi zuen galdetu zion Junkerrak; zaldunak isildu egin ziren ezezaguna begiz jotzean; baina zaldiekin zer gertatzen ari zen azaltzen hau hasi orduko, segizioak jaregin zuen: «Zaldiak?, non daude?», eta leihora oldartu zen haiek ikusteko. Zaldi-sail distiratsua begiz jo bezain laster, guztiak lehenbailehen jaitsi ziren patiora, Junkerraren gomitaren arabera. Euria atertu egin zuen. Alkaidea, etxezaina eta morroiak batu egin zitzaizkien, eta guztiek aztertu zituzten abereak. Batak beilegi izarduna abonatzen zuen, besteak moxal gaztainari ederresten zion, hirugarrenak pintarratu azafrai-izpilduna laztantzen zuen; guztiak bat etorri ziren zaldi-itxura baino oreinarena areago zutela eta herrialdean ez zutela hoberik hazten. Aldarte onean, Kohlhaasek erantzun zien zaldiek ez zutela gainean ibili behar zuten jaunek baino hobeak izan behar, eta erostera zirikatu zituen. Junkerra, beilegiak kili-kili eginik, prezioa eskatzera iritsi zen. Eta etxezainak gomendatu zion ugazabari zaldi beltz pare bat eros zezala, ze zaldi-eskasian zeudelarik, ongi erabil zitzaketela etxaldean. Baina tratulariak prezioak eman zituenean, nobleek garestiegi iritzi zieten; Junkerrak aditzera eman ere egin zion bere abereak hala balioesten segitzen bazuen Arturo Erregea eta Mahai Biribileko Zaldunen bila joan beharko zuela azkenerako. Kohlhaas konturatu zen alkaidea eta etxezaina etengabe ari izan zirela txutxuputxuka eta moxal beltzei irrikazko begiradak zuzentzen eta, aieru ilun batengatik, ez zuen ahaleginik egiteke utzi beraiekin gera zitezen. Junkerrar esan zion: «Jauna, moxal mairu horiek duela sei hilabete 25 florinetan erosi nituen; emazkidazu 30 eta zeure dituzu». Junkerraren alboan zeuden bi zaldunek agerian adierazi zuten zaldiek hainbeste balio zutela; baina Junkerrak trabak jarri zituen esanez beilegiarengatik prest zegoela dirua gastatzeko, baina ez mairuengatik, eta alde egiteko keinua egin zuen; orduan Kohlhaasek ihardetsi zuen agian zaldiekin igaroko zen beste batean iritsiko zirela traturen bat egitera; diosalak egin eta zamarien gidak hartu zituen abiatzeko. Une hartan, alkaideak taldetik irten eta esan zion pasu-agiririk gabe ezin zuela bidaia segitu entzunda zegoela. Kohlhaasek Junkerragana itzuli eta galdetu zion ea egiazkoa al zen bere lanbideari hainbesteko nahastea ekar ziezaiokeen xedapen hura. Begirada ilundurik, erantzun zuen Junkerrak, alde egitean: «Bai, Kohlhaas, pasaporte bat atera behar duzu. Konpon zaitez alkaidearekin eta zarraizkio zeure bideari». Kohlhaasek ziurtatu zion ez zeukala zaldien garraioari buruzko ordenantzen kontra joateko asmorik; agindu zion hutsik egin gabe eskuratuko zuela pasaportea Dresdengo kantzilergoan, hiritik pasatzean, eta ordukoz joaten uzteko eskatu zion, eskakizun haren berririk izan ez zuelako. «Ongi da! —esan zuen Junkerrak, zeren berriro euria ari zuen eta bere gorputz-adar idorrak blaitzen ari baitzen—: utzi nekazariari pasatzen. Goazen!», esan zien zaldunei eta berriro gaztelura joan nahi izan zuen. Alkaideak, Junkerragana bihurtuz, gutxienez bahituratzat zerbait utzi behar zuela esan zuen, agiria eskuratuko zuen bermetzat. Junkerra berriz ere gazteluko atarian gelditu zen. Kohlhaasek galdetu zuen ea zenbat utzi behar zuen bahituratzat, dirutan edo gauzatan, zaldi mairuengatik. Eta administrariak, ahopean marmarka esan zuen zaldiak berak utz zitzakeela. «Noski —esan zuen alkaideak—, bidezkoena da; eta pasaportea ateratakoan, nahi duenean eraman ahal izango ditu.» Kohlhaasek, hain eskari lotsagabeaz txunditurik, esan zion Junkerrar, zeinak altxatu baitzituen jupoiaren tiroak hotzez dardarka, zaldiak saltzeko asmoa zuela. Une horretan bertan, haize-erauntsi batek ur eta kazkabar-bolada bat sartu zuen atean barrena, halako moldez, non Tronkakoak, auziari amaiera emateko bere jendeari oihu egin baitzion: «Zaldiez gabetu nahi ez badu, langaz bestaldean jarri berriro»; eta alde egin zuen. Tratulariak, bortxakeriaren aurrean amore ematea beste erremediorik ez zeukala argi eta garbi ikusirik, eskatutakoa betetzea erabaki zuen. Askatu zaldi beltzak eta alkaideak adierazitako kortara eraman zituen. Morroi bat ere utzi zuen beraiekin, diruz hornitu eta itzuli arte haiek zaintzeko arren eskaturik, eta zamari-sailaren gainerakoarekin bidaia segitu zuen Leipzig aldera, bertako ferian izan nahi baitzuen, gisa hartako ordena bat Saxonian ere ezarri ez ote zuten zalantzan, herrialde hartan hasberritan zegoen zaldi-hazkuntza babesteko.

        Dresdenera heldu bezain laster, nongo ingurumarietan landetxe bat baitzeukan tokiko merkatutxoetara bere negozioa eramateko, kantzilergora jo zuen. Bertako kontseilariengandik jakin zuen, zeinen artean ezagunen bat baitzeukan, hasieratik sobera susmatzen ari zena bera: pasu-agiriaren istorioa ipuin hutsa zela. Kohlhaasek, desaraua ziurtatzen zuen agiri bat kontseilari atsekabetuei eskatu eta eskuratu zuenak, barre egin zuen bere golkorako Junker idorraren burutada zela eta, baina zer nahi ote zuen susmatzera iritsi gabe. Eta aste batzuk geroago, eramandako zamari-taldea bere gogara saldu ondoren, Tronkako gaztelura itzuli zen, garaiek berez eskatzen zutena baino ondoez handiagorik gabe. Alkaidea isildu egin zen erantzun ordez kantzilergoko ziurtagiriaren aurrean eta Kohlhaasek zaldiak ez ote zizkioten itzuli behar galdetzean, zeunden tokira jaitsi eta eramateko besterik ez zion esan. Ataria gurutzatzean, ordea, morroia saihetsak neurtu eta handik egun gutxitara gaztelutik bidali zutela jakitearen nahigabea izan zuen, ziotenez, manera desegokiak erakutsi omen zituelako. Berri hau emandako mutilari galdetu zion zer egin zuen besteak eta nork zaindu izan zituen zaldiak bitartean, eta hark erantzun zion ez zekiela eta berehala, bihotza aieru txarrez gainezka zuen tratulariari abereak zeuzkan kortara pasatzen utzi zion. Zer nolako harridura izan zuen moxal mairu distiratsu eta mardulen ordez, zaldi mazkar eta triste pare bat ikustean; hezurrak, zeinetan edozer eseki baitzitekeen, arasan bezala; zurdak eta ilea, zainketa eta artarik gabeak, nahas-mahasturik zeuden: animali erreinuko miseriaren irudi bizia ziren! Zaldiek zirkin ahul batekin irrintzi egin zioten eta Kohlhaasek, erabat sumindurik, zer gertatu zitzaien galdetu zuen. Alboan zeukan mutikoak erantzun zion ez zitzaiela aparteko zorigaitzik gertatu, zegokien pentsua ere hartu zutela; bakarrik, nola uzta-garaia zen, soroan erabili zituztela zertxobait, tira-abereen falta izan zutelako. Kohlhaas erneguka hasi zen amarruzko bortxakeria nardagarri hartaz, baina bere ezintasunaz jabeturik, gorde egin zuen amorrua eta, besterik ezinean, aginduak eman zituen lehenbailehen zaldiekin lapur-zulo hartatik alde egiteko, baina halako batean alkaidea agertu zen, eztabaidak erakarririk, han zer gertatzen zen galdetzera. «Zer gertatzen den?» —erantzun zuen Kohlhaasek—. «Nork eman die baimena Tronkako Junkerrari edo bere jendeari nik hemen utzitako zaldiek sorora ateratzeko?» Ea egin zutena gizabidezkoa ote zen, gaineratu zuen, eta zartailukada batez abere akituak susperrarazten ahalegindu zen, zirkinik ere ezin zutela egin erakusteko. Lotsagabekeriaz begiztatu ondoren, alkaideak erantzun zuen: «Kaiku halakoa! Alproja horrek Jainkoari eskerrak eman beharko lizkioke zaldi mazkar horiek bizirik aurkitu dituelako!» Ea nork nahi zuen haiek zaindu, galdetu zuen, morroiak alde egin bazuen; ea ez ote zen bidezkoa zamariek soroan lan eginez eman zitzaien pentsua irabaztea. Amaitzeko aurpegira bota zion ez ibiltzeko malmuzkeriatan bestela txakurrei dei egingo ziela eta ikusiko zuela nola zekien berak ataria baretzen. Tratulariak bihotza taupaka jupoitik irten beharrean zeukan. Txitxi-jario doilorkume hura satsaren kontra bota eta mutur gorria oinpean zapaltzeko gogoa sentitu zuen. Baina bere justizi zentzua, balantzarik finenaren parekoa izaki, oraindik dilindan zebilen; bere barreneko epaitegian oraindik egiaztatu gabe zegoen bere arerioa errudun zela; eta madarikaziozko hitzak irentsiz, hurbildu zaldiengana, hausnartu isilean egoera zurdak askatzen zizkien bitartean eta ahotsari eutsiz galdetu zuen, zer arrazoirengatik bidali behar izan zuten bere morroia gaztelutik. Alkaideak erantzun zuen: «Alproja hori kaskagogor hutsa izan delako jauregiko guztiekin! Inondik inora ezin izan dugu kortaz aldarazi eta zaldi mazkar horiengatik gaztelura heldu berriak ziren bi jaunen zaldiek gaua izarpean pasa zezaten tematu zen!» Kohlhaasek zaldiek balio zutena emango zukeen morroia eskura izatearren eta bere kontakizuna alkaide ahobero harenarekin parekatu ahal izateko. Oraindik han zegoen, zurdak askatzen eta bere egoeran zer egin behar zuen gogoeta egiten, eta supituki eszena aldatu zen Wenzel von Tronka Junkérra lauoinean plazan sartzean, erbi-miaketan ibili ondoren, zaldun, morroi eta txakur-samalda bat lagun zuela. Zer gertatzen zen galdetu zuen eta alkaideak zalantzarik gabe hitza hartu eta desitxuratze makurrenez aurkeztu zion —txakurrek kanpotarrari etengabe zaunka eta zaldunek isiltzeko oihuak egiten zizkieten bitartean— zer nolako erretolika botatzen ari zen tratularia mairu-parea zertxobait erabili ziotelako. Irainka, barre-algaraz, zaldiak bereak zirela onartzeari uko egiten ari zela esan zuen hark. Kohlhaasek orduan ahotsa altxatu zuen: «Horiek ez dira nire zaldiak, jauna! Ez dira hogeita hamar florin balio zuten zaldiak! Nik neuzkan zaldi ongi gobernatu eta zindoak itzultzea nahi dut!» Junkerrak, zeinari iratzeko zurbiltasuna agertu baitzitzaion aurpegian, jaitsi eta esan zuen: «Baldin Jaun Put... honek ez baditu zaldiak eraman nahi, utz ditzala alde batera mordoilokeriak. Hator, Gtinther!, Goazemak, Hans!», agindu zuen oraindik ahots ozenagoz, eskuaz galtzoietako hautsa kentzen zuen bitartean. «Dakartela ardoa!», oihu egin zuen berriro atera iristean beste zaldunak atzetik zituela; eta etxean sartu zen. Kohlhaasek esan zuen nahiago zuela larrutzaileari deitu eta azala kentzea, Kohlhaasenbrückeko ukuiluetara zeuden bezala eramatea baino. Behin-betikoz zamariez arduragabeturik, hantxe bertan utzi zituen; igo zen zaldira eta justizia nola egin behar zen asmatuko zuela aginduz, alde egin zuen.

        Ziztu bizian Dresdenerako bidean zihoala, gazteluan morroiari egozten ziotenaz konturatzean, trostako pausua astiroagotu, eta mila urrats eman baino lehen bira egin, eta Kohihaasenbrückerako bidea hartu zuen, aurrena morroiarenak entzuteko, bidezko eta zuhurrena iritzi zionez. Jasandako irainak gorabehera, sentimendu doi batek makurrarazten zuen, munduaren osaera hauskorraz jakitun izaki, zaldien galera gauzen bidezko askaeratzat eramatera, baldin eta alkaideak sostengatzen zuenez, morroiari errurik txikiena leporatzerik bazegoen. Bestalde, gutxiago zaindua ez zen sentimendu batek ere esaten zion, —eta sentimendu hura gero eta sakonago errotuz joan zitzaion aurrera egin ahala, zeren noranahi jotzen zuela ere Tronkako gotorlekuan bidaiariekin egiten ari ziren apetakeriak entzutea baizik ez baitzuen egiten—: baldin eta, itxuratik igartzen zitzaionez, dena malmuzkeria besterik ez bazen, bere ahaltasunen arabera nozitutako desarauarengatik ordaina beretzat lortzea eginbehar ezinbestekoa zuela, eta baita herrikideentzat ere, segurtasuna izan zedin etorkizuneko beste batzuen aurrean.

        Kohlhaasenbrückera iritsi bezain laster, Lisbeth emazte fidela besarkatu, eta belaunetan mordoxkatzen zitzaizkion seme-alabei musu eman ondoren, Herse morroi nagusiaz galdetu zuen, ea beraren berririk ba al zuten. Lisbethek esan zion: «Ene Michael laztana, Herse diozu! Dohakabe hori orain hamalau egun azaldu zen negargarriro jipoitua; ez, hain jipoitua, non arnasa hartzeko ere gauza ez zen. Eramaten dugu ohera, non odola etengabe tu egiten duen, eta behin eta berriz galdetu ondoren inork ulertzen ez dion historia bat entzuten dugu. Nola zuk utzi zenuen Tronkako gazteluan pasatzea galarazitako zaldi batzuekin, nola traturik txarrena eman ondoren gaztelutik alde egitera behartu zuten, nola zaldiak ezin izan zituen berekin ekarri. «Ah, bai? —esan zuen Kohlhaasek longaina eranzten ari zen bitartean—. Eta jadanik susperturik al dago?» «Odola tu egiteaz aparte, hola-hola. Nik morroi bat bidali nahi izan dut berehala Tronkara, zu itzuli arte zaldiak zaintzera. Herse beti hain egiati eta beste inor baino leialago agertu izan zaigunez gero, ez zitzaidan kontatzen ari zena zalantzan jartzerik bururatzen ere, hainbeste seinalek fede ematen zutenean, ezta beste moduren batera zaldirik gabe geratu zenik ere. Baina berak erregutu zidan arrenka ez bidaltzeko inor lapur-zulo hartara, eta abereak bertan behera uzteko, horretan norbait galdu nahi ez bagenuen.» «Oraindik ohean al dago?», galdetu zuen Kohlhaasek txalina askatzen ari zela. «Duela zenbait egun berriro hasita dago atarian bira batzuk ematen —erantzun zion emazteak—. Hitz batean, zeuk ikusiko duzu —segi zuen—, denak zentzua duela eta alprojakeria hau Tronkan aspaldi honetan kanpotarren kontra egiten ari diren beste desarau bat gehiago dela.» «Horixe da lehenik ikertu behar dudana —erantzun zion Kohlhaasek—. Bidalidazu jaikitakoan, Lisbeth». Hitz hauekin besaulkian eseri zen; eta emaztea, senarraren baretasunaz oso pozturik, morroiaren bila irten zen.

        — Zer egin duk Tronkako gazteluan? —galdetu zion Kohlhaasek Lisbethekin gelan sartu zenekoxe—, ezin zezakeat esan hirekin pozik nagoenik.» Morroia, zeinaren aurpegi zurbilean hitz hauek entzutean gorriune batzuk agertu ziren, une batez isildu egin zen; eta gero esan zuen: «Arrazoi duzu, jauna; Jainkoak hala nahita eskuetaratu zitzaidan sufre-mitxa, modu txarrean bota ninduten lapur-zuloari su ematekoa, Elbara jaurtiki nuen barruan haur baten negar-hotsa entzutean, eta pentsatu nuen: Jainkoaren tximistak erraustuko ahal du, nik ez behintzat!» Kohlhaasek hunkiturik galdetu zion: «Baina zer egin duk gaztelutik modu txarrean jaurtiki hazaten?». Eta Hersek: «Urrats txar bat eman, jauna —xukatu egin zuen bekokiko izerdia—, baina ez dago on konponduko duenik. Ez nuen nahi izan zaldian soro-lanean hondatzerik, eta esan nien, oraindik gazteak zirela eta lorrean ibili gabeak». Kohlhaasek kontra egin zion, nahasmendua estali nahian, egia osoa esan ez zuelako, zeren joandako udaberriaren hasieran noiz edo behin kaprestua jarri baitzitzaien. «Gazteluan —segi zion—, non ostari moduko bat baihintzen, behin eta behar adina aldiz laguntzeko prest agertu beharko hukeen, uzta-bilketa bizkorrago amaitzeko premia izanez gero» «Jauna —esan zuen Hersek—, hori ere egin dut; baina hain aurpegi ilunak jartzen zizkidatenez gero, pentsatu nuen, ez zela ahalegina zaldientzat ere hain handia izango. Hirugarren egunean goizean goiz lotu eta hiru orgakada gari garraiatu nituen.» Kohlhaasi bihotzak zauskada bat egin zion; begiak lurrean josi eta marmar egin zuen: «Horretaz ez zidatek ezer esan, Herse! —Hersek hala izan zela ziurtatu zion. «Nire zabarkeria —esan zion—, zera izan zen, nik zaldiak ez nituela berriro uztarrian lotu nahi izan, eguerdian bazkatu eta berehala, eta alkaideak eta administrariak proposatu zidatenean ateratzen banituen doan emango niela jaten eta zuk pentsutarako emandako dirua neuretzat gorde ahal izango nuela, erantzun nien, gaizki amaituko genuela, eta bira eman eta alde egin nuen». «Baina zabarkeria horregatik ez hinduten gaztelutik bidali», esan zuen Kohlhaasek. «Jainkoak gorde nazala! —oihu egin zuen morroiak—, bilaukeria donge batengatik! Arrats hartan gaztelura etorritako bi zaldunen zaldiak sartu zituzten kortan, eta nireak kortako atean lotu; eta alkaideari berari eskutik kendu nizkionean, bera ari baitzen ateratzen, eta galdetu nionean non egon behar zuten abereek, ohol eta listoiez harresiaren ondoan eraikita zeukan txerritokia erakutsi zidan. «Esan nahiko duk —eten zion Kohlhaasek—, hain zela aterpe txarra zaldientzat, areago zirudiela txerritokia korta baino.» «Txerritokia zela, jauna —erantzun zioen Hersek— egiazko eta benetako txerritokia, txerriak sartzen, irteten eta ni zutik egon ezin nintekeena». «Agian ez huen beste aterperik izango gure zaldientzat —esan zion Kohlhaasek—, zaldunen zaldiak, nolabait esateko, gureen aurretik zeudean». «Tokia —erantzun zion morroiak ahotsa beheratuz— meharra zen. Gazteluan zazpi zaldun zeuden ostatuko guztira. Zeu izan bazina, zaldiak apur bat estuagoa jarraraziko zenituen. Nik esan nien herrian korta bat alokatu nahi nuela, baina alkaideak erantzun zuen zaldiak bere begipean eduki behar zituela eta ez nezala pentsatu ere egin toki hartatik ateratzerik.» «Hm! —esan zuen Kohlhaasek—. Eta zer erantzun bien hik?» «Nola administrariak esan zuen bi ostariak gau hura bakarrik emango zutela han, eta biharamun goizean aurrera joango zirela, zaldiak txerritokira eraman nituen. Baina hurrengo eguna pasatu eta ez zen esandakorik gertatu, eta hirugarrenaren goizean jaun haiek astebete egingo zutela gazteluan esaten zuten.» «Baina azken finean, txerritokia ez zegoan hain gaizki, Herse, —esan zuen Kohlhaasek—, lehendabizikoz begiratu eta iruditu zitzaidan bezain gaizki». «Egia da —erantzun zuen besteak—, Tokia pixka bat erraztu nuenean, pasa zitekeen. Urdainari txanpon batzuk eman nizkion beste nonbait txerriak sar zitzan. Eta nola hala moldatu nintzen zaldiak egunez zutik egon zitezen, goizean argitzen zuenean oholak listoietatik kenduz eta inularrean berriro ezarriz. Eta antzarak ziruditen teilatutik buruak aterata, eta Kohlhaasenbrückera, edo hobeto egoten den edonora begiratzen zuten. «Eta orduan, zer arraiorengatik bota hinduten?» «Jauna, esango dizut —erantzun zuen morroiak— nigandik libratu nahi zutelako. Zeren ni bertan nindukaten bitartean ezin zituztelako zaldiak habaildu. Nonahi, atarian eta zerbitzarien ganbaran, herra-aurpegiekin topo egiten nuen; eta nola nik neure golkorako esaten nuen, bihurritu itzazue zeuen muturrak, hark eta kolokatu arte, apetaz lehen abaguneaz baliatu ziren eta bota egin ninduten gaztelutik.» «Baina arrazoia! —esan zuen Kohlhaasek ahotsa jasoz—, arrazoiren bat izan behar ziaten!» «Jakina —erantzun zuen Hersek—, arrazoirik zuribidetuena. Txerritokira eraman nituen bigarren eguneko arratsean, han barrean erabat narrasturik jarri ziren zaldiak hartu eta bainutokira eraman nahi nituen. Eta gazteluko atean nagoela eta bira ematera noala, alkaidea eta administrariaren ahotsak entzuten ditut, morroi, txakur eta makilekin zerbitzari-ganbaratik datozela eta gainera oldartzen zaizkit «Hago, alproja halakoa!» «Hago, bandidua!» oihuka, deabruak harturik baleude bezala. Atezaina bidera irteten zait; eta berari eta atzetik lasterka zetorren jendailari galdetzen diodanean «Zer gertatzen da?», «Zer da?» erantzuten du alkaideak eta bi zaldiei bridetatik heltzen die. «Nora doa Berori zaldiekin?» galdetu eta paparretik heltzen dit. Eta esaten diot «Nora noan? Arraioak ez badituk! «Bainutokira joan nahi dut. Ala uste al du Berorrek..?» «Bainutokira? —hasten da oihuka alkaidea. «Lapurra, nik irakatsiko diat hiri bainatzen baina bide nagusian, Kohlhaasebrückeraino! «Orduan zalditik inarrosten naute, berak eta administrariak egindako tirakada maltzur batez, zeinak zango batetik oraturik nindukan, eta zalditik erori eta luze bezain zabal lokatzatan geratzen naiz zerraldo. «Doilorkumeak! Tximistak joko al zaituzte! Kaprestuak eta zaldien mantak, eta neure arropa-bilduma ere kortan dauzkat!»; baina alkaidea eta morroien artean, zeren administraria ordurako zaldiak kortara eramaten ari baitzen, ostikoka zartailu eta makilekin amiltzen zaizkit gainera, eta erdihilik erortzen naiz gaztelu-atearen atzean. Eta «Lapurrok, nora daramatzazue zaldiak?» esanez altxatzen naizenean, alkaideak «Alde gaztelutik!» oihu egiten du eta txakurrak xaxatzen dizkit «Xaxa Kaiser! xaxa, Jâger! Xaxa, Spitz!»; dozena bat txakur baino gehiago oldartzen zaizkit. Orduan hausten dut, listoi bat zen, auskalo zer, hesi batetik, eta hiru txakur zerraldo hilik uzten ditut neure ondoan, baina alboraxeago baztertu behar izan nuenean haginka mastrikatzen ari zitzaizkidalako «FÜit!» txistu bat entzuten da, sartzen da txakurteria guztia barrean, biltzen dituzten ate-orriak eta jartzen dute atalaga eta erortzen naiz bidean konorterik gabe.» Kohlhaas-ek, aurpegi zurbila eta bihurrikeria bortxatuarekin, esan zion: «Tira, aitor ezak; ez huen txerritokia jadanik gustuko; Kohlhaasenbrückengo kortan alde ederrean egoten duk, pentsatu huen». «Jainko maitea! —altxatu zuen Hersek ahotsa—, kaprestu eta manta guztiak txerritokian utzita neuzkan, baita neure arropa-bilduma ere. Eta ez ote nituzkeen neurekin eramango ganbelapean zeta gorrizko lepoko zapian bilduta neuzkan hiru florinak ere? Mila deabru! Ez iezadazu horrelakorik esan, bestela bota nuen mitxa berriz piztuko dut eta!» «Tira, tira —esan zion zaldi-tratulariak—, ez diat asmo txarrean esan. Hara, esandakoa hitzez hitz sinesten diat, eta nonahi eta nornahiren aurrean neure egiteko prest nagok. Sentitzen diat zori hoberik izan ez dualako nire zerbitzuan. Hoa, Herse, hoa orain atsedena hartzera; botila ardo bat eman diezaatela eta kontsola hadi!; egingo zaik justizia!» Honenbestez zutitu, idatzi morroiak txerritokian bertan behera utzi behar izan zituenen zerrenda, zehaztu haien balioa, galdetu zion halaber zenbatean jotzen zituen sendaketaren gastuak eta eskua estutu ondoren alde egiteko eskatu zion.

        Gero Lisbeth emazteari kontatu zion gertatuaren nondik norakoa eta barne-lotura, jakinarazi zion deliberaturik zegoela justizia eskatzera, eta pozik ikusi ahal izan zuen emazteak bihotz-bihotzez laguntzen ziola asmo hartan. Gero esan zion gaztelu hartatik bidaztiak igaroko zirela etorkizunean ere, eta segur aski bera baino egonarri gutxiagokoak, Jainkoari zerbitzu egitea izango zela desarau hari kontra egitea, eta berak aurre egingo ziela auzia burutzeak sortuko zituen gastuei. Kohlhaasek kementsua zela esan zion emazteari, atseginez eman zuen egun hura eta ondorengoak beraren eta seme-alaben artean, eta eginbeharrek aukera eman zioten bezain laster, Dresdenera abiatu zen auzitegian bere kereila aurkeztera.

        Han, ezaguna zuen legegizon baten laguntzarekin, demanda bat idatzi zuen, zeinean Wenzel von Tronka Junkerrak bere pertsonarengan eta Herse morroiarengan buruturiko hobenen berri-emate xehetuaren ondoren, legeen arabera zigor zezatela eskatzen zuen, zaldiak aurreko egoerara itzuli eta nola berari hala morroiari ere, jasandako kalteen ordaina eman zekiela. Auzi juridikoa argi eta garbi zegoen. Zaldiak lege guztien kontra eraduki izanak, argi erabakigarria isurtzen zuen gainerako guztiaren gain; eta onartu izan balitz ere, zaldiak halabehar hutsez makaldu zirela, abereak berriz osasunean itzularazteko eskaria zuzenbidearen araberakoa zen. Kohlhaasek hirian ibili zeneko denboran ez zuen adiskide faltarik izan, zeinek agindu baitzioten kartsuki egingo zutela kausaren alde; bere zaldi-merkataritza hedatuak ezagun ugari izatera eraman zuen, eta lanean aritzen zeneko jatortasunak herrialdeko gizon prestuenen onginahia erakarri zioten. Gogara joan zen behin baino gehiagotan bere abokatuaren etxera bazkaltzera, berau ere pertsona gailena baitzen; utzi zion gordailu gisa diru-kopuru bat auziko gastuak ordaintzeko, eta handik aste batzuetara, Kohlhaasenbrückera itzuli zen, Lisbeth emaztearen ondora, prozesuaren atarramendu onaz abokatuak erabat lasaitu zuelarik. Hala eta guztiz ere, igaro ziren hilabeteak, eta urtea ere amaitzeko zorian zegoen, Saxoniatik berak aurkezturiko demandaz berririk heldu gabe, eta gutxiago oraindik ebazpena bera. Behin eta berriz auzitegira jo ondoren, bere aholkulariari galdetu zion gutun ziurtatuz halako luzamendu neurrigabeaz, eta esan zioten, goitiko iradokizunez, Dresdengo auzitegian, erabat ezetsi zutela kereila. Tratulariaren harrimenari erantzunez, zeinak horretarako arrazoia baitzuen, aholkulariak jakinarazi zion: Wenzel von Tronka Junkerra bi jaunekin, Hinz eta Kunz von Tronkarekin ahaideturik zegoela, zeinetarik lehena jauregiko koparia zen, eta bestea beraren txanbelana. Gainera gomendatzen zion, auzitegian neke gehiagorik hartu gabe, Tronkako gazteluan zeuzkan zaldiak berreskuratzeko; Junkerrak, orduan hirian aurkitzen zenak, bere jendeari itxuraz agindua eman ziola haiek entregatzeko; eta amaitzeko erregua egiten zion, baldin eta xehetasun haien jakitun egonik baretu nahi ez bazuen, bera gutxienez mandatu berrietatik libratzeko kausa hartan.

        Une hartan Kohlhaas Brandenburgen aurkitzen zen, non Heinrich von Geusau bailea, zeinaren barrutikoa baitzen Kohlhaasenbrück, lanpeturik zebilen, hiriari egokitu zitzaizkion diru-kopuru batzuei esker, gaixo eta behartsuentzako ongintza-instalazio batzuk eraikitzen. Bereziki lanpeturik zebilen ezinduen tratamendurako ingurumarietan zegoen metal-urezko iturri bat, eta zeinaren sendamenaz gero etorkizunak berretsiko zituen baino itxaropen handiagoak egin ziren; eta Kohlhaas ezagutzen zuenez gero, bailea gortean egon zen garaian elkarrekin izan zuten harremanarengatik, baimena eman zion Herseri, Tronkako gazteluko egun hartatik arnasa hartzean bularrean oinaze bat geratu zitzaion morroi nagusiari, jadanik teilatuz eta hormaz hornituriko iturritxoaren eragina froga zezan. Gertatu zen, ordea, bailea Kohlhaasek Herse ezarri zuen galdararen alboan aginduak ematen aurkitzea, hari emazteak bidalitako mandatari batek Dresdengo abokatuaren gutun suntsigarria eskuratu zionean. Medikuarekin hizketan ari zela, ohartu zuen baileak Kohlhaasek hartu eta ireki zuen gutunera negar-malko bat isuri zitzaiola; hurbildu eta era bihozkoi eta adiskidekorrean galdetu zion zer zorigaitz gertatu zitzaion, eta zaldi-tratulariak, ezer erantzun gabe, gutuna eskuetan ezarri zionean, duintasunezko gizon honek, Tronkan gertaturiko bidegabekeria izugarria eta bere ondorioak ezagutzen zituen hark —esku-kolpetxo bat sorbaldan eman eta esan zion ez zuela adorea galdu behar eta kaltea ordaindu arte lagunduko ziola. Gau hartan, zaldi-tratularia, haren aginduen arabera, gaztelura bisita egitera joan zitzaionean, azaldu zion aski izango zela Brandenburgeko Printze Hautesleari erregu bat aurkeztea gertatuaren berri-emate labur bat, baita Dresdengo abokatuaren gutuna ere, bere baitan zituena, eta erreklama zezala subiranoaren babesa berari, jatorriz Brandenburgekoa zenari, saxoniar lurraldean egitera ausartu zitzaizkion bortxakeriaren aurrez aurre. Agindu zion erregu-idatzia Printzearen eskuetara eramango zuela, jadanik prestaturik zegoen beste bidalketa batekin, eta honek, zirkunstantziek aukera ematean, hutsik egin gabe aurkeztuko zuela protesta Saxoniako Hauteslearen aurrean; eta ziurtatu zion Junkerrak eta bere segitzaileek egin zitzaketen amarrukeria guztiak gorabehera, aski zela urrats bakar bat justizia hura egiteko. Kohlhaasek, biziki pozturik, bihotz-bihotzez eskertu zion baileari bere estimazioaren froga hura eta aitortu zion gauza bakarrak ematen ziola pena: kasua zuzenean Berlinen eskuetan ez jarri izanak, urrats bakar bat Dresdenen eman gabe; eta ondoren, hiri-epaitegiko eskribautzaren arabera erreklamazioa idatzi eta baileari entregatu eta gero, Kohlhaasenbrückerako bideari heldu zion, bere historiaren amaieraz inoiz baino lasaiago. Baina handik aste batzuetara jakin ahal izan zuen nahigabez, bailearen eginbeharretarako Postdamera zihoan bailearen aguazil batengandik, Hautesleak Kallheim kondearen eskuetan jarri zuela erreklamazioa, eta honek, bidezkoa zenez, Dresdengo auzitegiari bortxakeria ikertu eta zigortzea berehala eskatu beharrean, informazio aurretiazko eta xehetuagoa eskatu zuela Tronkako Junkerra beragandik. Aguazilak, zeina ez baitzen kotxetik jaitsi Kohlhaasen etxe aurrean eta antza zenez, era konfidentzialean tratulariari hura jakinarazteko mandatua zuenak, ezin izan zuen erantzun asegarririk eman jokaera haren zergatiaz galdetu zitzaionean. Bakarrik gehitu zion baileak erregutzen ziola egonarriz hartzeko; bazirudien presa zuela bideari segitzeko, eta elkarrizketa laburraren amaieran bakarrik igarri zion Kohlhaasek, jaulkitako hitz batzuetatik, Kallheim kondea Tronkatarren etxearekin ezkontzaz ahaideturik zegoela. Kohlhaasek, zeinak ez baitzuen atseginik jadanik zaldiak hazten, etxaldean, kortan eta ezta bere emaztea eta seme-alaben artean ere, ilargiaren aldaketari itxaron zion susmorik ilunenetan. Handik gutxira, espero zuen bezalaxe, Herse itzuli zen Brandenburgetik, bainuek zerbait susperturik, bailearen txartel batekin, zeinak erreskripto ofizial bat handiago bat batera zekarren, esanez sentitzen zuela kausa hartaz ezer egin ezin izateagatik eta kantzilergoak igorritako ebazpena bidaltzen ziola eta Tronkako gazteluan utzitako zaldiak jasotzeko gomendioa egiten ziola eta auzia bukatutzat eman zezala.

        Ebazpenak honela zion: «Dresdengo entzutegiaren ofizioaren arabera, Kohlhaas auzizale alfer bat zela; Junkerrak, zeinaren gazteluan zaldiak bertan behera utzita zeuzkan, ez zizkiola inola ere eradukitzen; beraz haiek jasotzera norbait bidaltzeko adeitasuna izan zezala edo, gutxienez, Junkerrari jakinaraz ziezaiola nora bidali behar zizkion; eta edozein kasutan ere, libra zedila Estatuaren kantzilergoa halako liskar eta ardailatatik». Kohlhaas, ordurako zaldiak batere axola ez zitzaizkiona —samin bera sentituko zukeen txakur pare bat izan balitz ere— haserre bizitan jarri zen gutun hau hartzean. Atarian zarataren bat entzuten zen bakoitzean, atera begiratzen zuen ordura arte bere bularrean ezagutu zuen urduritasun gogorrenaz, Junkerraren gizonak ez ote ziren agertuko, agian desenkusaren batekin, zaldi gosekil eta atsekabetuak bihurtzera: kasu bakarra zuen munduan ongi zaildutako bere arima prestaturik ez zeukana bere sentipenari osoki zegokion zerbaiterako. Handik gutxira jakin ahal izan zuen, bidazti izandako ezezagun baten bitartez, oraindik Tronkan bere zaldiak soro-lanetan zerabiltzatela, Junkerraren gainerakoak bezala; eta mundua halako desordenu ikaragarrian ikusteak sortzen zion saminaren erdian, bere bularra ordenuan ikusteak ematen zion pozak inarrosi zuen. Auzoko eskribau bat etorrarazi zuen, zeinak aspaldidanik lursailak erosteko asmoak zituen, horrela mugakide zuen etxaldea handitzeko; eta eseri zenean galdetu zion zenbat eskaintzen zion Brandenburgen eta Saxonian zituen jabegoengatik, etxea eta orubearekin, oro har, ondasun higigarri zein higiezinekin. Lisbeth, emaztea, zurbildu egin zitzaion hitz hauek entzutean. Bira eman eta, besoetan hartu zuen bere atzean zoruan jolasean zebilen haurtxoa, zeina orain lepokoarekin jostatzen hasi baitzen, eta haurtxoaren masaila gorrien albotik, heriotza pintaturik zeukaten begirada ilunak jaurtikitzen zituen tratulariaren eta beronek eskuetan zeukan paperaren aldera. Eskribauak zeharka begiratu eta supituki halako pentsamendu bereziak zerk eragin zizkion galdetu zuen; eta besteak, ahal zuen adinako arraitasunez, erantzun zion Havelen begiko saila saltzeko asmoa ez zela inondik ere hain berria, jadanik biak hartaz mintzatuak zirela behin baino gehiagotan, lur-zati harekin alderatuta Dresdenen hiriaz kanpo zeukan etxeak aipatzea ere merezi ez zuen eranskin bat baizik ez zela, eta hitz batean, mesedea egin nahi bazion eta bi jabegoez arduratu, prest zegoela zegokion kontratua sinatzeko. Umorea zertxobait behartuz, oraindik gaineratu zuen, mundua ez zela Kohlhaasenbrücken amaitzen, norbere ondarea aita arretatsu gisa administratzea hutsal eta garrantzi gutxiagoko bihurtzen zuten helburuak egon zitezkeela; eta hitz batean, arima gauza handietarako prestaturik zeukala, zeinen berriagina laster izango zuen. Eskribauak, arrazoi hauek lasaiturik, aldarte atseginean galdetu zion emazteari, zeinak haurra behin eta berriz musukatzen zuen, ea senarrak ez ote zuen berehala guztia ordaintzea eskatuko, ezarri zituen belaunen gainean edukitako kapela eta makila mahaiaren gainean, hartu zuen tratulariak eskuan edukitako papera lehen irakurketa bat egiteko. Kohlhaasek, hurbilagotzen zitzaion bitartean, azaldu zion berak idatziriko baldintzapeko salerosketa-itun bat zela, lau aste barruko epe-mugarekin, erakutsi zion sinadurak eta zenbatekoak zehaztea bakarrik falta zuela, salmenta-prezioarena berarena eta atzera eskuratzearena, hau da, onartuko zukeen konpentsazioarena baldin eta lau astebeteko epean atzera jotzen bazuen; eta eskatu zion eskaintza bat egin zezala, berak atsegin oneko izan nahi zuela eta ez traba handirik jarri. Emakumea alde batera eta bestera zebilen gelan zehar; bularra agerian geratu zitzaion, zeren haurra bildu zueneko oihala, sorbaldatik erabat erortzeko zorian baitzeukan. Eskribauak esan zion bera ez zela gai Dresdengo jabegoaren balioa kalkulatzeko; orduan Kohlhaasek erosketakoan trukatu zituzten gutunak barreiatuz erantzun zion berak ehun florinetan balioesten zuela, nahiz eta gutunetatik erdi bat gehiago kostatu zitzaiola ateratzen zen. Eskribauak, berriz ere erosketa-kontratua irakurri zuen, eta atzera-jotzeko askatasuna, era apartekoan, ezarririk aurkitzean, erdi deliberaturik, aditzera eman zuen berak ez zituela baliaraziko kortan egon zitezkeen zaldiak; baina Kohlhaasek erantzun zion berak ez zeukala zaldiez gabetzeko asmorik, armategian esekita zeuzkan armak gordeko zituen bezalaxe, beraz hark... behin eta berriz pentsatu ondoren, paseoan zebiltzala, oraindik denbora asko ez zela, erdi-txantxetan, erdi-benetan, egin zion eskaintza bera errepikatu zion jabegoak zeukan balioaren aldean huskeria bat bazen ere. Kohlhaasek tinta eta luma hurbildu zizkion idazteko; eta eskribauak, zentzumenek esaten ziotena sinetsi ezinik, berriz ere benetan ari al zen galdetu zion, eta zaldi-tratulariak zertxobait sentikorturik esan zionean ea uste al zuen adarra jotzen ari zitzaiola, hartu zuen aurpegi pentsakorrarekin luma eta idatzi egin zuen; aitzitik, ezabatu egin zuen atzera joz gero saltzaileak jarri beharko zuen diru-kopuruari buruzko puntua; halaber zion ehun florin eman zizkion, hipoteka gisa, Dresdengo orubearen gain, zeina ez baitzuen eskuratu nahi izan; eta bi hilabetetara hedatu zion tratua erabateko askatasunez ezezta zitekeeneko epea. Jokaera hark hunkiturik, zaldi-tratulariak bihotz-bihotzez eskua estutu zion. Azkenik, ados jarri ziren prezioaren laurdena derrigor berehalakoan eskudirutan, zeren baldintza nagusia baitzen, eta gainerakoa hiru hilabeteko epean Dresdengo Hamburgeko Bankuan ordaintzean eta Kohlhaasek ardoa eskatu zuen hain egoki egindako tratua ospatzeko. Botilekin sartu zen mirabeari esan zion, Sternbald kortazainari zaldi beilegia zelatzeko, hirira joan behar zuela zeregin batzuetara, eta aditzera eman zion, handik gutxira, itzulitakoan ordukoz gordeta eduki behar zuena jakinaraziko ziela guztiei. Ondoren, edalontzietara zerbitzatzen ari zen bitartean, poloniar eta turkiarrez galdetu zuen, zeinak bolada hartan beren arteko gatazkatan baitzebiltzan; gai hari buruzko zenbait ustekizunetan nahastu zuen eskribaua, amaitzeko berriz ere edan egin zuen negozioa ongi atera zedin eta azkenik atera lagundu zuen.

 

 

 

© Heinrich Von Kleist

© itzulpenarena: Xabier Mendiguren Bereziartu

 

 

"Heinrich Von Kleist / Michael Kohlhaas" orrialde nagusia