14. ATALA

 

                Anaia belaunikatu egiten da (hala dio Kabirrek)

                Harria eta brontzearen aurrean jentilen erara.

                Baina anaiaren ahotsean ditut entzuten

                Nire erantzunik gabeko sufrimenduak.

                Patuak ezarria du hark Jainkoa

                Haren otoitza mundu osoarena da... eta nirea.

                                Otoitza.

 

        Ilargia ateratakoan abiatu ziren cooli zogiak. Lamak, loaldiak eta whiskyak adoretuta, aski zuen Kimen sorbaldaren sostengua isilik, pauso luzeekin ibiltzeko. Arbel-harriz zipriztinduriko belarretik joan ziren ordubetez, amil zahar bat inguratu zuten eta Chiniko bailaratik batere ikusten ez zen lurralde berri batera igo ziren. Belardi ikaragarri bat betiko elurretaraino igotzen zen abaniko forman. Haren oinean hogei bat areatako zelai bat zegoen, eta bertan buztin eta egurrezko txabolak ageri ziren. Haien atzean —izan ere, mendietan gertatu ohi den bezala, gauza guztien gainetik eskegita zeuden txabolak— seiehun metrotako zuloa egiten zuen lurrak Shamlegheko simaurtegiraino, gizonak oinik jarri ez duen lekuan.

        Lama herrixkako leku hoberenean jarri zuten arte, ez ziren gizonak harrapakina banatzen hasi. Kimek oinak garbitu zizkion, mahomatarren erara.

        — Jatekoa bidaliko dugu —esan zuen Ao-chungeko gizonak—, eta estalki gorriarekiko kilta. Egunsentian ez da lekukotzarik emango duen inor izango, ez alde batera ez bestera. Kilta-n behar ez denik zerbait baldin bada... begira horri!

        Keinu bat egin zuen leiho aldera —elurrak islatzen zuen ilargiaren argitasunez betetako espaziora zabaltzen zen leihoa—, eta whisky botila huts bat bota zuen harrika.

        — Ez dago erorketaren soinuaren zain egon beharrik. Munduaren amaiera da hau —esan zuen kanpora atereaz. Lamak aurrera begiratu zuen, bi eskuak leihoaren barrenean jarrita, opalo horiak bezala distiratzen zuten begiez. Aurrean zuen amildegi izugarritik mendien gailur zuriak gorantz egiten zuten ilargiaren irrikaz. Gainontzeko guztia izar arteko espazioa bezain iluna zen.

        — Hauexek dira nire mendiak, bai —esan zuen poliki—. Horrelaxe bizi beharko luke gizonak, munduaren gainean jarrita, gozamenetatik at, garrantziko gauzetan pentsatzen.

        — Bai; tea prestatu, bururako maindirea tolestu, eta behi ernariak uxatuko dizkion chela bat baldin badu.

        Kriseilu ketsu bat zegoen apal baten gainean piztuta, baina ilargiaren argia gaineratu egin zitzaion; eta argi nahasi hartan, jatekoaren poltsa eta ontzien gainera makurtuta, fantasma luze bat bezala mugitzen zen Kim.

        — Ai! Baina orain, odola hozten utzita ere, tarrapataka ari zait oraindik burua, eta soka bat edo sumatzen dut lepoaren bueltan.

        — Ez da harritzekoa. Zartada ederra zen. Egin duena...

        — Neure grinengatik izan ez balitz, ez zen kalterik gertatuko.

        — Zer kalte? Hamaika bider merezita zuten heriotzatik libratu dituzu sahibak.

        — Ez duzu lezioa ondo ikasi, chela —maindire tolestu batean atseden hartzera etorri zen lama, Kimek arratseko eginbeharrekin jarraitzen zuen artean—. Itzala itzalaren gainean baino ez da izan zartada. Gaitzak berak... zeinen ahulak ditudan hankak egun hauetan!... nire gaitzarekin egin du topo, nire amorru, errabia eta gaitza bihurtzeko desioarekin. Grina horiek esnatu egin didate odola, urdaila nahasi, eta belarriak orroka jarri —tea irakiten edan zuen lamak zeremoniaz, katilu beroa Kimen eskuetatik hartuta—. Grinarik gabea banintz, gaitzaren zartadak gorputzean baino ez zukeen kaltea egingo, orbaina, ubeldura, eta hori lilura da. Baina izpiritua ez neukan garbi, zuzenean sortu baitzitzaidan Spitiko gizonari kanpotarrak hiltzen uzteko gogoa. Desio horrekin borroka egiterakoan, arima desegin egin zait eta ehun zartadek eragindakoa baino min handiagoa hartu du. Bedeinkazioak errepikatu arte (Zorionbide budistez ari zen), ez dut sosegurik izan. Baina arduragabezia labur hark ereindako gaitzak bukaera arte jarraitzen du. Zuzena da Gurpila, ez baita batere desbideratzen! Ikasi lezioa, chela.

        — Altuegia da hori niretzat —murmurikatu zuen Kimek—. Oraindik ez naiz sosegatu. Pozik nago gizon hura zauritu izanaz.

        — Horixe sentitu dut, bai, zure belaunen gainean lotara jarrita, beheko basoan. Larritu egiten ninduen nire ametsetan... zure arimako deabru horrek, niregana baitzetorren. Hala ere beste aldetik —arrosarioa askatu zuen—, merituak eskuratu dituzu bi bizitza salbatuz, kalte egin didatenen bizitza. Orain gauzen kausa aztertu behar dut. Nire arimaren txalupa urperatzekotan ibili da.

        — Egin lo, eta indarrak berritu. Hori da zuhurrena.

        — Meditatzen ari naiz. Zuk uste baino handiagoa da beharra.

        Egunsentira arte, mendi gailur altuetan ilargiaren argitasuna ahuldu ahala, eta urruneko mendien aldapetan erabateko beltza izan zena baso berde samurra bihurtzen zen artean, horman finkatuta eduki zituen begiak gau osoz lamak. Noizean behin marmarren bat egiten zuen. Burdinez itxitako atearen bestaldean —bertara agertu ziren behi irudikorrak beren ukuilua izandakoaz galdetzera— Shamlegh eta cooliak harrapakeria eta festan ari ziren. Ao-chungeko gizona zuten buru, eta behin sahiben jatekoen latak irekiz gero, eta onak zirela ikusi, ez ziren atzera egitera ausartu. Shamlegheko simaurtegiak hartu zituen kondarrak.

        Amesgaiztoz beteriko gaua eman ondoren, kanpora atera zenean Kim goizeko freskuran hortzak garbitzera, kolore argiko emakume batek, turkesez betetako buruki batekin, bazter batera eraman zuen.

        — Joan egin dira besteak. Kilta hau utzi dizute zuri, agindu bezala. Ez ditut sahibak maite, baina aztikeria bat egin behar dizugu ordainetan. Ez dugu Shamlegh txikiak izen txarra hartzerik nahi, zera,... istripua dela eta. Shamlegheko Emakumea naiz —begi harro, distiratsuz begiratu zion; emakume menditarren zeharkako begiratua ez bezalakoa zen hura.

        — Bai noski. Baina ezkutuan egin beharra dago.

        Kilta astuna jostailu bat balitz bezala jaso eta bere txabolan sartu zuen.

        — Kanpora eta itxi atea burdinekin! Ez dadila inor inguratu nik hau bukatu arte —esan zuen Kimek.

        — Baina gero... hitz egingo al dugu?

        Kimek lurrean hustu zuen kilta: topografiarako tresnak, liburuak, egutegiak, gutunak, mapak, eta usain bitxia zerion posta indiarra. Behe-behean poltsa brodatu bat zegoen, dokumentu zigilatu, doratu, eta koloreztatu batekin, errege batek besteari bidaltzen diona bezalakoa. Kimek arnasari eutsi zion pozaren pozez, eta sahiben ikuspuntutik aztertu zuen egoera.

        «Liburuak ez ditut behar. Gainera, logaritmoak dira... topografia noski —alde batera utzi zituen—. Gutunak ez ditut ulertzen, baina ulertuko ditu Creighton koronelak. Denak gorde behar dira. Mapak... nik baino mapa hobeak egiten dituzte... horiek bai noski. Indiarren gutun guztiak... Hara! eta batez ere murasla —poltsa brodatua usaindu zuen—. Hau Hilás edo Bunárrena izango da noski... Hurri babuak egia zion. Ene Jainkoa! Harrapakin galanta da. Hurrik ikusi ahal balu... Gainontzekoak leihotik behera joan behar du». Primerakoa zen itsasorratz bat aztertu zuen, eta teodolito baten estalki distiratsua. Baina azken finean, ez dago ondo sahib batek lapurretan egitea, eta gauza haiek froga desegokiak izan zitezkeen noizbait. Eskuizkribu zati txikiena ere sailkatu zuen, mapa guztiak, eta gutun indiarrak. Multzo malgua osatzen zuten. Burdinez itxitako liburuak eta beste bost sakelako ere alde batera utzi zituen.

        «Gutunak eta murasla arropa barruan eta gerrikoaren azpian eraman behar ditut, eta eskuz idatzitako liburuak jatekoen poltsan jarri. Zama handia izango da. Ez. Ez dut uste besterik hartuko dudanik. Baldin bazen, cooli-ek bota dute khud-ean behera, beraz ondo dago dena. Orain zure txanda da.» Sartu zuen berriz kilta-n harrika botatzeko asmoa zuen guztia, eta leihoaren zureriaraino altxatu zuen. Hirurehun metro beherago hodei-laino luze bat zegoen, geldia eta ertzetan biribildua, goizeko eguzkiak oraindik ukitu ez balu bezala. Hirurehun metro beherago ehun urtetako pinudi bat ageri zen. Haize bolada batek hodeia mehetu zuenean gailur berdeak ikusi ahal izan zituen, goroldiozko ohe bat ziruditela.

        «Ez! Ez dut uste atzetik inor joango zaizunik!»

        Biraka-biraka zihoala, erori ahala barruko guztiak atera zitzaizkion saskiari. Teodolitoak arroka baten izkina jo zuen eta granada bat bezala lehertu zen; liburuak, tintontziak, margo-kaxak, itsasorratzak eta erregelak segundu batzuetan agertu ziren erleak balira bezala. Gero desagertu egin ziren; eta, leihotik erdi zintzilik, Kimek bere belarri gazteak luzatu arren, ez zen soinu bat bera ere amiletik heldu.

        «Bostehun... mila rupia ere ez dira aski horiek erosteko», pentsatu zuen penatuta. «Xahuketa ederra izan da, baina gainontzekoa guztia badaukat, egin duten guztia, hala espero dut. Orain nola demontre kontatu behar diot hau Hurri babuari eta zer demontre egin behar dut nik? Eta nire agurea gaixorik dago. Ulez bildu behar ditut gutunak. Hori egin behar da aurrena... bestela ezkotu egingo dira... Eta bakar-bakarrik nago!» Fardel txukun bat egin zuen gutunekin, ule zurrun itsaskorra ertzetan tolestuz, bizimodu ibiltariak ehiztari zahar bat bezain ordenatua egin baitzuen Kim bidaia kontuetan. Gero ardura handiagoz jarri zituen liburuak jatekoen poltsan, behe-behean.

        Emakumeak atea jo zuen.

        — Ez duzu aztikeriarik prestatu ordea —esan zuen, ingurura begiratuz.

        — Ez da beharrik —Kimek erabat ahaztuta zeukan hitz magikoen beharra. Emakumeak, batere begirunerik gabe, barre egin zion Kimen larritasunari.

        — Batere ez... zuretzat. Begi keinu hutsez egin ditzakezu zuk aztikeriak. Baina pentsa ezazu gugan, gaixook, joaten zarenean. Mozkorregi zeuden bart denak emakume gaixo bati entzuteko. Zu ez al zaude mozkorra?

        — Apaiza naiz —Kim bere onera etorria zen, eta, emakumea batere desatsegina ez zenez gero, bere posizioari lotzea iruditu zitzaion onena.

        — Abisatu nien sahibak haserretu egingo direla, galdekizuna egingo dutela eta txostena rajarentzat. Babua ere beraiekin da. Funtzionarioak mingainluzeak izaten dira.

        — Horrek kezkatzen al zaitu? —ordurako erabat osatuta zeukan plana Kimek, eta irribarre zoragarria egin zion emakumeari.

        — Ez osorik —esan zuen emakumeak, esku indartsu ilun bat atereaz, turkesa eta zilarrez estalia.

        — Istant batean buka dezaket hori —jarraitu zuen bizkor—. Babua Ziglaur ondoko mendietan bueltaka zebilen hakim bera da (ba al zenuen haren berri?). Nik ezagutzen dut.

        — Dena kontatuko du sariaren truke. Sahibak ez dira menditarrak bereizteko gauza, baina babuek badituzte begiak, gizonezkoentzat... eta emakumezkoentzat.

        — Bidaliozu hitz bat nire partetik.

        — Ez da zuregatik egingo ez nukeen gauzarik.

        Kimek lasai-lasai hartu zuen konplitua, maitasunean emakumezkoek agintzen duten lurraldeetan gizonek behar duten bezala. Gero koaderno batetik orri bat hartu, eta arkatz ezabaezinez idatzi zuen shikast hizki zarpailetan (ume gaiztoak hormatan zikinkeriak idazteko erabiltzen duten idazkera): «Idatzi duten guztia daukat: lurraldearen marrazkiak, eta gutun asko. Batez ere murasla. Esadazu zer egin behar dudan. Shamlegh Elurpekoan nago. Agurea ondoezik dago.»

        — Emaiozu hau. Ahoa itxiko dio. Ez da oso urruti ibiliko noski.

        — Ez. Basoan daude oraindik arrokaren bestaldean. Eguna argitu duenean zelatan egon dira umeak, eta oihuka esan digute nondik nora mugitu diren.

        Harridura nabaritu zitzaion Kimi; baina zelaien ertzetik kanta zorrotz bat zetorren, miruarenaren antzekoa. Abereak zaintzen ari zen haur batek jaso zuen berria, Chiniko bailara menderatzen duen maldaren bestaldean zegoen anaia edo arreba bati.

        — Senarrak ere kanpoan dauzkat, egurra biltzen —intxaur eskukada bat atera zuen kolkotik; garbi-garbi zabaldu eta jaten hasi zen. Kimek ez ikusia egin zion.

        — Ezagutzen al duzu intxaurraren esanahia... apaiza? —esan zuen sotiltasunez, eta oskolaren bi zatiak eman zizkion.

        — Oso ideia ona —bi oskol zatien artean sartu zuen paper pusketa—. Ba al duzu argizari pixka bat hau ondo ixteko?

        Emakumeak hasperen luze bat egin zuen, eta Kim bigundu egin zen.

        — Ez dago ordainik zerbitzua betetzen den arte. Eman hau babuari, eta esaiozu Kutunaren Semeak bidali diola.

        — Ai! Egia, bai, egia! Azti batek... sahibak bezalakoa den batek.

        — Ez, Kutunaren Semeak; eta galdeiozu ea erantzunik izango ote den.

        — Baina... zakarkeriaren bat esaten badit, zer? Ni... beldur naiz.

        Kimek barre egin zuen.

        — Dudarik ez dut oso nekatuta eta goseak izango dela. Mendiak ez dira oherako lagun onak. Hai, nire... —mingain puntan izan zuen «ama» hitza, baina «arreba» bihurtu zuen—, oso emakume zuhurra eta bizkorra zara. Dagoeneko herri guztiek jakingo dute zer gertatu zaien sahibei, ezta?

        — Hala da. Albisteak Ziglaurren zeuden eguerdirako, eta biharko Kotgarhen izango dira. Herriak beldurrak eta haserre daude batera.

        — Ez dute zertan haserretu bada. Abisua eman herriei jaten emateko sahibei eta bakean pasatzen uzteko. Isilka atera behar ditugu gure bailaretatik. Gauza bat da lapurreta, eta beste bat hiltzea. Babuak ondo ulertuko du, eta ez da gero kexurik izango. Bizkor ibili. Nagusiaz arduratu beharra daukat esnatzen denean. Hala izan bedi. Zerbitzua egin ondoren esan duzu datorrela sana ezta? Ni Shamlegheko emakumea naiz, eta Rajaren agindupean nago. Ez naiz ume egile arrunta. Zurea duzu Samlegh: apoa, adarra eta azala, esnea eta gurina. Hartu ala utzi.

        Erabakior joan zen mendian gora, zilarrezko koilareak bular zabalean tintika, bostehun metro gorago goizeko eguzkiarekin topo egitera handik. Une hartan indiarrez pentsatu zuen Kimek, fardelen ertzetan argizaria jartzen zuen artean.

        «Nola segi lezake gizon batek Bidean edo Joko Handian emakumeek horrela asperrarazten dutenean? Fordeko Akrolako neska hura izan zen lehenbizi; gero usategi atzeko morroiaren emaztea, besteak kontatu gabe, eta orain hau dator! Umea nintzenean ondo zegoen, baina orain gizona naiz eta ez naute gizon bezala ikusten. Intxaurrak! Ja, ja! Almendrak izaten dira lautadetan!

        Herrira irten zuen ohiko zerga eskatzera; ez eske ontziarekin, lautadetarako baitzen hori, printze baten erara baizik. Shamlegheko udako populazioa hiru familiek baino ez dute osatzen: lau emakume eta zortzi edo bederatzi gizon. Jateko enlatatuak ugari zeuzkaten denek, kinina amoniakatutik hasi eta vodkaraino, bezperako harrapakinean bere zati osoa hartu baitzuen bakoitzak. Dendak, primerakoak, aspaldi moztu eta banatu zituzten; aluminiozko eltzeak ere, beren markarekin, hantxe ageri ziren.

        Baina ondorio gaizto ororen aurkako babes hoberena lama bertan egotea zela uste zuten, eta batere lotsarik gabe zeuzkaten gauzarik onenak eman zizkioten Kimi, baita edateko chang-a ere, Ladakheko bidetik datorren garagardoa. Gero eguzkitan jarri ziren berotzeko, eta hantxe eseri ziren amaierarik gabeko amilen gainetik zituztela hankak zintzilik, berriketan, barrez eta erretzen. India eta Gobernua ezagutu izan zituzten sahib ibiltarien bidez epaitzen zituzten, beraiek edo beren lagunak shikarri bezala enplegatu zituzten sahiben bidez. Ibex-a, Tibeteko ahuntza edo markorrekin huts egindako tiroez hogei urte lurperatuta zeramatzaten sahiben istorioak entzun zituen Kimek, xehetasun bakoitza atzetik argituz, tximistaren kontra zuhaitzen adarrak ikusten diren bezalaxe. Beren ondoezen berri eman zioten, eta, garrantzitsuago zena, zango indartsuekiko abere txikien gaixotasunena; Korgharh bezain urrutira egindako bidaiak ere kontatu zizkioten, hantxe bizi baitira atzerriko misiolariak, eta are urrunago Simla zoragarrira egindakoak, kaleak zilarrez harriztatuta dituena, edozeinek, bai, edozeinek egin bailezake han sahibentzat lan: bi gurpiletako gurdietan ibiltzen dira eta dirua nolanahi xahutzen dute. Geroxeago, serio eta isilkoi, oso mantso ibiliz, erlatz azpiko elkarrizketara etorri zen lama ere, eta leku zabala utzi zioten. Haize finak suspertu egin zuen, eta amildegiaren ertzean eseri zen onenekin, eta, elkarrizketa bizitasuna galtzen hasi zenean, hartxintxarrak botatzen aritu zen azpiko hutsunera. Handik berrogei kilometroetara ageri zen, arranoaren heganean, hurrengo mendikatea, landare arrastoz zulatu, marratu eta pitzatua: basoak, batetik bestera eguzkia ikusi gabeko egun osoko ibilaldia. Enara baten habian eserita egotea bezalakoxea zen hura, munduaren teilatuko erlatzen azpian.

        Noizean behin eskua luzatzen zuen lamak, eta norbaitek ahots mehez esandakoaren laguntzaz, Spitirako bidea seinalatzen zuen eta Parungla zeharkatuz, iparreranzkoa.

        — Atzean, Mendiak ugaritzen diren lekuan dago De-ch'en' (Hanléz ari zen), Monasterio Handia. s'Tag-stan-ras-ch'en-ek eraiki zuen, eta istorio hau kontatzen dute berataz.

        Eta kontatu egin zuen: sorginkeria eta mirarizko istorio harrigarria, Shamlegh osoa arnasarik gabe utzi zuena. Apur bat mendebaldera jiratuta, Kuluko mendi berdeez galdegin zuen, eta Kailungen bila hasi zen glaziarren azpian.

        — Handixe etorri bainintzen ni aspaldi, oso aspaldi. Lehetik etorri nintzen, Baralachiren gainetik.

        — Bai, bai; badakigu —esan zuen Shamlegheko jendeak, urrutira joanak baitziren denak.

        — Eta bi gauez egin nuen lo Kailungeko apaizekin. Hauexek dira nire mendi maiteak! Itzal guztien gainetik itzal bedeinkatuak! Hantxe zabaldu zitzaizkidan begiak; hantxe bilatu nuen Argia; eta hantxe prestatu nintzen Bilakuntzarako. Mendietatik etorri naiz... Mendi handi eta haize indartsuetatik. A, zuzena da bai Gurpila!

        Banaka-banaka bedeinkatu zituen denak: glaziar handiak, arroka biluziak, morrenak eta arbel mordoak; lautada lehorra, laku gazi ezkutua, zuhaitz urtetsua eta ur ugaritako aran joria, bata bestearen atzetik, hilzorian dagoen gizonak bere jendea bedeinkatzen duen bezala; eta Kim txundituta geratu zen lamaren irrikarekin.

        — Bai... bai. Ez da gure Mendiak bezalako lekurik —esaten zuen Shamlegheko jendeak. Eta berekiko hasi ziren galdezka nola bizi litekeen gizona lur lau bero izugarrietan, non ganadua elefantea bezain handia egiten baiten, eta ezin duten mendi maldan goldatu; non herriak beste herrien ondo-ondoan baitauden, entzunda zutenez, ehunka kilometroetan zehar; non jendeak taldetan irteten baitzuen lapurtzera, eta lapurrek uzten dutena poliziak eramaten zuen.

        Halaxe bada igaro zen goiz lasai hura, eta azkenean Kimen mezularia larre makurretik jaitsi zen igotzerakoan zeraman bezain arnas lasaiaz.

        — Mandatu bat bidali diot hakim-ari —esplikatu zuen Kimek, emakumeak agarra egin zuenean.

        — Idolatrekin elkartu al da? Ez, gogoan dut haietako bat sendatu zuela. Merituak eskuratu ditu, sendatu zuen hark bere indarra gaitzerako erabili bazuen ere. Zuzena da Gurpila! Zer gertatu zaio hakim-ari?

        — Beldur nintzen ez ote zeunden ubelduta eta... eta banekien hakim-a zuhurra dela —Kimek argizariz itxitako intxaur oskola hartu eta bere oharraren atzealdean irakurri zuen ingelesez: Hartu dut zure gutun konplitua. Ezin ditut orain lagunak utzi, baina Simlara eramango ditut. Gero zurekin elkartzea espero dut. Desegokia jaun haserreei jarraitzea. Bueltatu etorri zareten bidetik, eta harrapatuko zaituztet. Oso pozik postagatik nire arretari esker. Esaten du, maisu, idolatrei ihes egingo diela, eta gugana itzuliko dela. Itxoingo al dugu bitartean Shamleghen?

        Lama luze eta maitasunez egon zen mendiei begira, eta buruari eragin zion.

        — Ezin da, chela. Barru-barrutik desiratzen dut, baina debekatuta dago ordea. Gauzen kausa ikusi dut.

        — Zergatik ez? Orain, mendiek egunez egun indarberritzen zaituztenean? Gogoan izan nola geunden makalduta eta erori beharrean han, Dunen.

        — Gaiztakeriak egin eta ahazteko indartu nintzen. Liskartia eta zalapartaria besterik ez naiz izan mendietan —Kim irribarrea ezkutatzen saiatu zen—. Zuzena eta ezin hobea da Gurpila, batere desbideratzen ez dena. Gaztea nintzenean, aspaldi, erromes joan nintzen Guru Ch'wanera, ezkien artera (Bhotanwards seinalatu zuen), Zaldi Sakratua daukaten lekura.

        — Isilik, isilik! —esan zuen Shamlegh osoak batera—. Jam-lin-nink'orrez ari da, Mundua Egun batean Ingura Lezakeen zaldia.

        — Nire chela-rekin bakarrik ari naiz hizketan —esan zuen lamak, errieta biguna eginez, eta goizeko izotza hegoaldera dauden erlatzetan urtzen den bezala sakabanatu ziren besteak—. Ez nenbilen egiaren bila egun haietan, dotrinaz hitz egin nahi nuen. Lilura dena! Guru Ch'wan-eko garagardoa edan eta ogia jan nuen. Biharamunean esan zuen batek: «Sangor Gutokekin borroka egitera goaz» (kontura zaitez nola lotzen zaion Haragikeria Amorruari), «jakiteko zein abadek agintzen duen bailaran eta zeinek hartuko dituen Sangor Gutoken inprimatzen dituzten oroitzen irabazia.» Joan nintzen bada, eta borroka egin genuen egun batez.

        — Baina nola, maisu?

        — Gure luma-kaxa luzeekin, eta erakutsi ahal izan dut gainera... hala bada, ezkien azpian borrokatu genuen, bi abade eta fraide guztiek, eta batek hezurreraino zulatu zidan kopeta. Ikusi —atzera bota zuen kapusaia eta zilar koloreko orbaina erakutsi zuen, denborak arindua—. Zuzena eta ezin hobea da Gurpila! Atzo min eman zidan orbainak, eta berrogeita hamar urte ondoren gogoratu zitzaidan nola egin zidaten, eta egin zidanaren aurpegia; eta liluraren baitan jardun nuen apur bat. Gero berriz zuk ikusi zenuena etorri zen... istiluak eta zorakeria. Zuzena da Gurpila! Idolatraren zartadak orbaina jo zuen. Orduan izpirituak dardara egin zidan: arima ilundu egin zitzaidan, eta liluraren urak astindu zidan arimaren txalupa. Shamleghera etorri arte ezin izan dut Gauzen Kausaz meditatu, edo Gaitzaren erroak topatu. Gau osoa eman dut ahaleginetan.

        — Baina, maisu, zu guztiz errugabea zara. Neure burua zuretzat opari.

        Kim ezinegonez zegoen agurearen tristurarekin, eta oharkabean atera zitzaion Mahbub Aliren esaldi hura.

        — Egunsentian —jarraitu zuen serioago lamak, arrosarioaren aleak esaldi mantsoen artean pasatuz—, argitasuna etorri zitzaidan. Hauxe da... Zaharra naiz, mendian hazia, mendian elikatua, eta ez dut sekula mendian atseden hartuko. Hiru urtez ibili naiz Indian zehar bidaian, baina... izan al liteke bada lurra Ama Lurra bera baino indartsuagoa? Nire gorputz zoroak Mendia desiratzen zuen, eta Mendiko elurra, han behetik. Esaten nuen, eta egia da, Bilakuntzak ez duela huts egingo. Hala, Kuluko emakumearen etxean mendirantz jiratu nintzen, neure burua konbentzituta. Hakim-ak ez du errurik. Hark, Desioaren atzetik, aldez aurretik esan zidan Mendiek indartu egingo nindutela. Kalte egiteko indartu ninduten, nire Bilakuntza ahazteko. Bizitzan eta Bizitzaren grinetan gozatzen nuen. Malda gogorrak desiratzen nituen igotzeko. Bilatzen saiatu naiz. Gorputzaren indarra neurtu dut, eta okerra da hori, Mendi handian, iseka egin nizun Jamnotriren azpian arnasestuka hasi zinenean. Txantxetan hasi nintzen pasabideko elurrari aurre egin nahi izan ez zenionean.

        — Baina zer kalte egiten du horrek? Ni beldurrak nengoen. Zuzena zen. Ni ez naiz menditarra; eta zure indar berriengatik maite zintudan.

        — Behin baino gehiagotan gogoratu zait hori —masaila eskuan jarri zuen tristuraz—, zure laudorioak eta hakim-arenak bilatzen nituen nire zangoen indar hutsarengatik. Hala bada, gaitza gaitzaren atzetik zetorren ontzia bete zen arte. Zuzena da Gurpila! Hiru urtez ohore egin dit India osoak. Etxe Miragarriko Jakituriaren Iturritik hasita —irribarre egin zuen—, kanoi handi batekin jolasean ari zen ume txiki bat arte, bidea prestatzen zidan munduak. Eta zergatik?

        — Maite zintugulako. Zartadaren sukarra besterik ez da hori. Neroni ere oraindik ondoezik eta dardarka nago.

        — Ez! Bidean nengoelako zen, si-nen-ak (zinbaloak) bezain afinatua, Legea bete asmoz. Arau horretatik aldendu egin nintzen. Melodia hautsi egin zen: eta horri zigorrak jarraitu nion. Nire Mendietan, nire herriaren ertzean, nire grina gaiztoaren lekuan bertan, etorri zait zartada... hemen! —kopeta ukitu zuen—. Ontziak lekuz aldatzen dituelako lekaide bat jotzen duten bezala, halaxe jo naute ni, Such-zeneko abade izan naizen hau. Hitzik ez, ez, zartada bat baizik, chela.

        — Baina sahibek ez zintuzten ezagutzen, maisu!

        — Elkarren antzekoak ginen. Ezjakintasunak eta Grinak Ezjakintasuna eta Grinarekin egin zuten topo bidean, eta Sumindura sortu zuten. Kolpe hura zeinu bihurtu zitzaidan, niri, galdutako yak-a baino hobea ez naizen honi, hau ez dela nire lekua alegia. Ekintza baten kausa uler dezakeenak Askatasunaren bide erdia egina dauka! «Atzera berriz, Bidera», dio Kolpeak. «Mendiak ez dira zuretzat. Ezin duzu Askatasuna aukeratu eta horrekin batera bizitzarekin gozatu».

        — Nahiago nuke errusiar horiek topatu ez izana!

        — Gure Jaunak Berak ere ezin du Gurpila atzerantz jiratu; eta eskuratu dudan merituengatik beste zeinu bat ere irabazi dut —eskua kolkoan sartu eta Bizitzaren Gurpila atera zuen—. Ikusi! meditatu ondoren pentsatu dut hau. Hona hemen idolatrak urratu ez mena; ez da nire azkazala baino zabalagoa.

        — Ikusten dut, bai.

        — Halakoxea da bada gorputz honetan geratzen zaidan bizitza. Gurpilaren zerbitzari izan naiz nire egun guztietan. Orain Gurpila nire zerbitzari da. Baina zu Bidean gidatuz eskuratu ditudan merituengatik ez balitz, beste bizitza bat beharko nuke nire Ibaia aurkitzeko. Ulertzen al duzu, chela?

        Hain zakar desitxuratutako mapari begiratu zion Kimek. Ezkerretatik eskuinetara zihoan zeharka urradura, Hamaikagarren etxetik, Uma desiotik jaiotzen den lekutik (tibetarrek marrazten duten bezala), abere eta gizakien mundutik, Bosgarren Etxea deneraino, Zentzuen Etxe hutsa. Haren logika eztabaidaezina zen.

        — Argitasuna irabazi aurretik —lamak begirune handiz tolestu eta jaso zuen dena—, tentatu egin zuten gure Jauna. Ni ere tentatu naute, baina bukatu da hori ordea. Gezia lautadetan erori zen, ez Mendian. Horretaz, zertan ari gara hemen?

        — Ez al diogu behintzat hakim-ari itxoingo?

        — Nik badakit noiz arte biziko naizen gorputz honetan. Zer egin dezake bada hakim batek?

        — Baina gaixo eta urduri zaude. Ezin duzu ibili...

        — Nola egon naiteke gaixo Askatasunaren bila banabil? —zutitu egin zen segurtasunik gabe.

        — Orduan jatekoa ekarri behar dut herritik. A, Bidea!

        Kimek berak ere atseden hartu beharra zeukala sentitu zuen.

        — Zuzena da hori. Jan dezagun zerbait eta goazen. Lautadetan erori zen Gezia... baina ni Desioaren atzetik nenbilen. Prestatu dena, chela.

        Kim turkesez brodaturiko burukiarekiko emakumearengana jiratu zen; amilean behera harrixkak nagikeriaz botatzen aritua zen artean. Irribarre atsegina egin zion Kimi.

        — Artasoroan galdutako bufaloa bezala topatu dut babua; purrustaka eta hotzarekin doministikuka. Hain gose zen, non bere duintasunaz ahaztu eta hitz gozoak ere esan baitizkidan. Sahibek ez daukate ezer —esku-ahur huts bat luzatu zuen—. Urdaila oso gaizki dauka batek. Zure egitea izan al da?

        Kimek baietz egin zuen buruaz, begi distiratsuz.

        — Bengaliarrarekin hitz egin dut aurrena, eta inguruko herri bateko jendearekin gero. Emango zaie sahibei jatena behar dutenean, eta ez diete dirurik eskatuko. Harrapakina banatuta dago. Babuak sekulako gezurrak esaten dizkie sahibei. Zergatik ez ditu bertan behera uzten?

        — Bere bihotz zabaltasunagatik.

        — Ez da inoiz bihotza intxaur lehor bat baino handiagoa zuen bengaliarrik izan. Baina ez dio axola... Intxaurrak direla, eta... Zerbitzuaren ondoren saria dator. Esan dizut zurea duzula herria.

        — Ni naiz galtzaile —hasi zen Kim—. Pentsatu berriak nituen nire bihotzak desiratzen dituen gauzak eta... —ez dago zertan halakoetan esaten diren konplituak errepikatu beharrik. Hasperen luzea egin zuen... baina nire maisuak, ikuspen bat dela eta...

        — Hara! Zer ikusi dezakete bada begi zaharrek, eske-ontzi ondo bete bat baino?

        — ... herri honetatik Zelaietara doa berriz.

        — Egoteko eskatu.

        Kimek buruari eragin zion.

        — Ezagutzen dut nire Gizon Santua, eta badakit nola amorrarazten den kontra egiten diotenean —erantzun zuen bene-benetan hizketan—. Egiten dituen madarikazioek dardara batean jartzen dituzte Mendiak.

        — Lastima ez zutela burua hautsia izatetik salbatu! Zu izan zinela sahiba zigortu zuen gizon adoretsua entzun dut. Utziozu ametsetan segitzen. Egon!

        — Mendiko emakume —esan zuen Kimek, aurpegiera gazte biribildua bigundu ezin zion seriotasunaz—, gauza hauek jasoegiak dira zuretzat.

        — Izan bitez Jainkoak zintzoak gurekin! Noiztik izan dira gizonak eta emakumeak gizon eta emakumez beste?

        — Apaiza apaiza da. Oraintxe doala dio. Ni bere chela naiz, eta berarekin joango naiz. Jatekoa behar dugu Biderako. Herri guztietan ohorez hartzen dute, baina.. —mutikoen irribarre hutsa zena egin zuen bat-batean—, jatekoa ona da hemen. Emadazu pixka bat.

        — Eta ematen ez badizut, zer? Ni naiz herri honetako emakumea.

        — Orduan madarikatu egingo zaitut... pixka bat, ez asko, baina bai gogoan izateko aski —ezin zion irribarre egiteari utzi.

        — Madarikatu nauzu dagoeneko, betileak erortzen utziz eta kokotsa altxatuz. Madarikatu? Zer axola zaizkit niri hitz hutsak? —eskuak bularraren gainean gurutzatu zituen—... ez dut nahi zu haserre joatea ordea, nitaz uste txarra eramatea... Shamlegheko belar eta simaur biltzailea naiz, baina emakume aberatsa hala ere.

        — Ez dut ezer pentsatzen —esan zuen Kimek—, baina penatuta nago bagoazelako, makalduta bainago oraindik; eta jatekoa behar dut. Hona hemen poltsa.

 

 

 

© Rudyard Kipling

© itzulpenarena: Koro Navarro

 

 

"Rudyard Kipling / Kim" orrialde nagusia