13. ATALA

 

                Nork du desiratu du Itsasoa, nork olatu erraldoi

                        erdainariak?

                Ontziaren dardara, jauzia eta bihurrera, brankaga

                        irten aurretik izarrak eztenkatzera?

                Eki haizearen hodeiak ordenan eta zafiro kizkurtua

                        orroka azpian?

                Ekaitz iragarri gabeak amiletatik zelatan eta

                        mesanako oihalen trumoi hotsa?

                Bere Itsasoa, mirarietan beti desberdin, bere Itsasoa

                        beti berdin mirari bakoitzean,

                Izatea asetzen dion Itsasoa?

                Horrela eta ez bestela, horrela eta ez bestela desiratzen

                        dituzte menditarrek beren mendiak!

                                Itsasoa eta Mendiak

 

        «Mendira doana amagana doa».

        Gurutzatu zituzten Siwalikak eta Dun erdi tropikala, Mussurie atzean utzi, eta iparrerantz abiatu ziren mendiko bide estuetan barrena. Egunez egun gehiago eta gehiago barneratzen ziren mendi pilatuetan, eta egunez egun ikusten zuen Kimek nola ari zen lama gaztetzen eta indartzen. Duneko terrazetan mutilaren bizkarrean sostengatzen zen, bideko atseden leku oro aprobetxatzeko prest. Mussurirako aldapa handiaren hasieran ehiztari zaharrak bide ezagunari ekiten dion bezala suspertu zen lama, eta leher eginda geratu beharko zukeen lekuan tunika luzea estutu zuen, hartu zuen arnasa bi aldiz sakon-sakonetik haize ezin garbiago hartan, eta menditar batek bakarrik ahal duen bezala hasi zen ibiltzen. Kim, zelaietan hazi eta hezia, izerditan zihoan eta arnasestuka, txundituta. «Hau da nire herria», esan zuen lamak. «Such-zenen ondoan, arroz sail bat baino lauagoa da hau»; eta pauso luze, indartsuz, abiadura aldatu gabe, gorantz egiten zuen. Jaitsiera pikuetan ordea, mila metro hiru orduetan, haiexetan uzten zuen Kim atze-atzean: mutilari, tente jaisteko ahaleginekin, min ematen zion bizkarrak, eta behatz lodia galtzekotan ibili zen, sandalien belarrezko lokarriak ebakia eginda. Izai baso handietako itzal zipriztinduetan barrena; garoz apaindutako haritzetan barrena; urki, arte, erroiz eta pinuetan barrena, mendi magal biluzietako belardi irristakor eguzkiak errera irten eta basoen freskotasunera itzuli arte, haritzen ordez banbuak eta bailarako palmondoak azaldu ziren arte, nekerik gabe ibili zen lama.

        Ilunabarrean, atzean utzitako gailur erraldoietara eta etorri ziren bidearen marra lauso mehera erreparatuz, prestatzen zituen lamak, menditarren ikuspuntuaren esku-zabaleraz, biharamuneko etapak; edo, Spiti eta Kulura zeraman pasabide altu baten lepoan geldialdi bat eginez, eskuak luzatzen zituen irrikaz ortzi-mugako elur altuetarantz. Egunsentietan sugar gorritan agertzen ziren elurrak urdin garbiaren kontra, Kedarnath eta Badrinathek, bakardade haietako errege, eguzkiaren lehen izpia hartzen zuten artean. Egun osoa zilar urtua bailitzan egoten ziren eguzkipean, eta arratsaldean bitxiak janzten zituzten berriz ere. Hasieran haize gozoa bidaltzen zieten bidaiariei, gogoz hartzen den haizea malkar erraldoiren bat igo berria denean; baina, egun gutxietan, hiru mila bat metrotako alturan, haize horiek hozka egiten dute; eta Kimek atseginez eman zion mendiko herrixka bati merituak eskuratzeko aukera berari emanez artilezko beroki zarpail bat. Lama harritu egin zen pixka bat haize harekin, labana bezain zorrotza, arazoak zituelako inork gainetik horrenbeste urte kendu zizkion haize harexekin.

        — Baina hauek beheko mendiak dira eta, chela. Ez da hotzik benetako Mendietara heldu arte.

        — Haizea eta ura onak dira, eta jendea nahikoa atsegina, baina jatekoa oso txarra —esan zuen Kimek marmarka—; eta erotuta... edo ingelesak bagina bezala gabiltza. Gainera gauetan jela botatzen du.

        — Zertxobait bai, baliteke; baina gero eguzkitan hezurrak poztu daitezen aski, ez gehiago. Ez dugu beti ohe bigun eta jateko aberatsetan gozatzen ibili behar.

        — Bidetik joan gintezke behintzat.

        Kimek lautadatakoen maitasuna zien ondo zapalduetako bide bihurriei, bi metrotako zabalera ere gabe, mendietan gora doazenak; lamak ordea, tibetarra izaki, mendi-saihetsetako bide zidorretatik eta hartxintxarrezko malden ertzetatik joan baino ezin zuen egin. Maisuak herrenka zihoan dizipuluari azaltzen zioenez, mendietan hezitako gizonak mendiko bide baten nondik norakoa iragarri dezake, eta behe-lainoek bidea laburtu nahi duen kanpotarra atzera eragiten badute ere, ez diote alde handirik egiten pentsakorrari. Hala, zenbait orduz edozein herrialde zibilizatuetan alpinismoa izango zena egin ondoren, arnasestuka gurutzatzen zuten bi amiletako pasabide bat, lur irauliak arduraz zeharkatzen zituzten, eta basoan barrena jaisten ziren berriz bidera berrogeita bost gradutako angeluan. Bide ertzean menditarren herrixkak ageri ziren: lokatz eta lurrezko etxolak, noizean behin aizkoraz zakar landutako egurrezko zutabeak, enaren habiak bezala maldei erantsita, mila metrotako jaitsiera baten erdian zelai txiki-txikietan pilatuta, haize korronte oro bideratu eta indartzen zuen piku arteko zoko batean sartuta, edo, udako larreak zirela eta, mendi arteko pasabideren batean murgilduta, neguan hiru metro elur izango zuten lekuan. Eta jendea, azal ilunekoa, koipetsua, oihal latzez jantzia, hanka motz biluzi eta ia-ia eskimalen aurpegiekin, taldean ateratzen zen bidaiariak jaurestera. Lautadak, atsegina eta konplitua, gizon santuen arteko gizon santu bezala tratatu zuen lama. Baina mendiek ordea beren deabru guztiekin konfiantza zuen bat balitz bezala jauresten zuten. Hangoen budismoa oso bestelakoa zen, ia-ia beren paisaiak bezain fantastikoak ziren naturaren kultuekin nahasia, beren baratz txiki mailakatuak bezain landua; baina ezagutu zituzten txano handia, arrosario tilinkaria, eta aginpide eztabaidaezina zuten testu txinatar bitxiak; eta errespetatzen zuten txanoaren azpiko gizon handia.

        — Euako Bular Handien gainetik jaisten ikusi zintuztegun —esan zien gazta, esne mikatza eta harria bezain gogorra zen ogia eman zien betah batek—. Ez gara sarritan bide horretatik ibiltzen... behi ernariak galdu direnean ez bada. Egun baketsuenetan ere gizonak harrika botatzen dituen bat-bateko haize bat izaten da harri horietan artean. Baina, zer ardura zaie zuei bezalakoei Euako deabrua!

        Eta Kim, gihar guztiak minduta, zorabiatuta behera begiratzeaz, behatzak zulo desegokietan sartzeaz oinak deseginda, orduan pozten zen eguneko ibilaldiaz, St Xavierreko mutil bat laurehun metro lauak irabazitakoan adiskideen laudorioekin poztuko litzatekeen bezala. Ghi eta azukreak eragindako gantzak desegin egin zizkion mendiak; haize lehorrak, intzirika hartuta pasabide krudelen buruan, bularra sendotu eta indartu egin zion; eta aldapa zorrotzek gihar berri gogorrak erantsi zizkioten txorkatila eta izterretan.

        Sarritan meditatzen zuten Bizitzaren Gurpilaz: are gehiago, lamak esaten zuenez, haren tentazio sumagarrietatik libre zeudelako. Arrano gris bat eta noizean behin maldetan zainak miatu eta ateratzen urrutian ikusitako hartza, lehoinabar pikart amorratu bat, egunsentian ahuntza jaten ikusi zutena, eta noiz behinkako txori kolore bizi bat izan ezik, bakarrik zeuden haizearekin, eta haize azpiko belar kantariarekin. Txabola ketsuetako emakumezkoak, txabolen gainetik jaisten baitziren mendietatik behera, itsusiak eta zikinak ziren, senar askoren emazteak, eta bozioa izaten zuten. Gizasemeak aizkolaritzan aritzen ziren nekazaritza lanak utzitakoan: gizon baketsuak, eta ikaragarri xaloak ziren. Baina Kim eta lama ez zitezen elkarrizketa atseginik gabe egon, bidali zien Patuak, batzuetan beraiek harrapatzen zutela bidean, eta besteetan besteak, Daccako sendagile konplitua; jatekoaren truke bozioa sendatzeko ukenduak ematen zituen eta gizon eta emakumezkoen artean bakea jartzeko aholkuak. Mendiak mendietako dialektoak bezain ongi ezagutzen zituela zirudien, eta nolakoak ziren Ladakh eta Tibet alderako lurraldeak azaldu zion lamari. Nahi zutenean itzul zitezkeela lautadetara esan zuen. Bitartean, mendiak maite zituztenentzat, entretenigarria izan omen zitekeen bide hura. Guzti hura ez zien aldi bakar batean esan, harrizko larrainetan topo egin zuten zenbat arratsetan baizik, gaixoez arduratutakoan, sendagileak erretzen jarduten zuenean eta lama rapea hartzen, artean Kim behi txikiak etxeko teilatuen gainean larrean nola zeuden so egoten zelarik, edo arima begien atzetik joaten uzten zuela mendikateen arteko badia urdin ilunetan. Eta baso ilunetan ere izaten ziren elkarrizketa bakartiak, sendagileak belar bila joan behar zuenean, Kimek, sendagile hasberria zenez gero, lagundu egin behar baitzion hartan.

        — Egia esatera, Mr O'Hara, ez dakit zer demontre egingo dudan gure lagun kirolzaleak topatzen ditudanean; baina zuk ez baduzu nire aterkia bistaz galtzen, katastro topografiarako erreferentzia egokia baita, askoz hobeto sentituko naiz.

        Kimek mendi gailurrez osatutako oihanari begiratu zion.

        — Hau ez da nire herria, hakim. Errazagoa dela uste dut hartzaren larruan zorria aurkitzea.

        — A, horixe da nire puntu onenetako bat. Hurrik ez du presarik. Lehen izan dira, ez aspaldi. Karakorumetik jaitsi zirela esan zuten, adar, buru, eta beste guztia hartuta. Ikaratzen nauen gauza bakarra da ez ote dituzten gutunak eta gauza konprometigarriak Lehetik errusiar lurraldeetara bidali. Ahalik eta urrutien joango dira ekialderantz noski... Mendebaldeko estatuetan ez direla inoiz izan adieraztegatik, ez besterik. Ez al dituzu mendiak ezagutzen? —marra bat egin zuen makilatxo batez lurrean—. Begira! Srinagar edo Abbottabadetik barrena etorri behar izan dute. Horixe da biderik laburrena, ibaian behera Bunji eta Astorretik zehar. Baina egina dute kaltea mendebaldean. Hala bada —erreten bat egin zuen ezker-eskuin—, ibili eta ibili doaz ekialderantz Lehera (a, han bai hotz galanta!) eta Indusetik behera Han-léra (ezagutzen dut bide hori), eta gero behera, Bushahar eta Chini bailarara. Hau eliminazio prozesuz jakin dut, eta baita ere horren ondo sendatzen dudan jendeari galderak eginez. Denbora luzea eman dute gure lagunek itxurak eginez eta gogotik nabarmentzen. Horregatik, urrutitik ere ezagutzen dituzte. Ikusiko duzu nola harrapatzen ditudan Chini bailaran nonbait. Eta mesedez, ez itzazu kendu begiak aterkitik.

        Haizeak bultzaturiko xilintxa bat bezala mugitzen zen aterkia bailara eta mendi magaletan barrena, eta lamak eta Kimek, itsasorratza erabiltzen zutelarik, harrapatu egiten zuten une jakinetan, ukenduak eta hautsak saltzen ari zela ilunabarrean. «Halako eta halako bidetik etorri gara!». Lamak atzean utzitako mendi tontorrak seinalatzen zituen arduragabe, eta aterkiak sekulako konplituak egiten zizkien.

        Pasabide elurtu bat gurutzatu zuten ilargiaren argitan, eta lama, txantxetan Kimen aurretik, belaunetaraino sartu zen elurretan, gamelu baktriarraren eran, elurretan hazitako gamelua, iletsua, Kashmirreko azokan noizean behin agertzen zenetakoa. Elur arineko lurretatik igaro ziren eta elurrez hautseztatutako arbeletatik, eta han, ekaitza zela eta ardi txiki-txikiekin, bakoitzak borax zaku bat zeramala gainean, lautadetara zihoazen tibetar batzuen akanpalekuan hartu zuten babesa. Oraindik elurrez zipriztinduriko mendi saihets belartsuetara atera ziren, eta basoa zeharkatuz, belardietara heldu ziren berriz. Baina ibilaldi guzti haiek ez zuten batere ondoriorik izan Kedarnath eta Badrinathen; eta bi egunetako bidaiaren ondoren bakarrik antzeman ahal izan zuen Kimek, hiru mila metrotako mendixka kaskar batera igota, bi jaun handien apaindura edo kozkor bat, gutxi izanda ere, aldatu egin zela.

        Azkenean mundu baten barruan zegoen beste mundu batean sartu ziren: bailara luze-luze bat, non mendixkak mendi handien belaunetatik eroritako harri kozkor eta hondakinez baitzeuden osatuta. Han egun oso batez ibiltzeak ez zituen eraman, antza, amesgaiztoan korrika doana baino harantzago. Neke handiz gurutzatu zuten mendi saihets bat, eta ez al zen bada hura pilaketa nagusitik pixka bat irtenda zegoen konkorra! Belatz biribil bat ez zen gertatu, heldu zirenean, lautada zabala baino, bailaran urrun sartzen zena. Handik hiru egunetara, hegoalderako bidean zegoen lurraren tolesdura mehe bat besterik ez zen hura.

        — Jainkoak biziko dira hemen noski! —esan zuen Kimek, isiltasunak eta euriaren ondorengo hodeien tamaina eta mugimenduak txundituta—. Hau ez da gizonentzako lekua!

        — Aspaldi-aspaldian —esan zuen lamak, berekiko ari balitz bezala—, galdetu zioten Jaunari ea betirako ote zen mundua. Aparta den Hark ez zuen erantzunik eman... Ceylanen izan nintzenean, Bila zebilen jakintsu batek ziurtatu egin zidan hori, palieraz idatzitako Ebanjelioan oinarrituta. Hori bai, Askatasunerako bidea ezagutzen dugunez gero, galdera alferrekoa zen, baina... begira, eta ikusi zer den ilusioa, chela! Hauexek dira benetako Mendiak! Such-zeneko mendiak bezalakoak dira. Ez da inoiz antzeko mendirik izan!

        Beren gainean, oso-oso gainean oraindik, elurraren mugaraino altxatzen zen lurra, han, ehunka kilometroetan zehar, erregela batekin bezala jarrita, azken urki ausartak gelditzen ziren lekuan. Haien gainetik, pilatutako amil eta harritzarretan, oihal zuriaren gainetik irteten saiatzen ziren arrokak. Eta haien gainetik berriz ere, munduaren hasieratik batere aldatu gabe, baina aldakor eguzkiaren eta hodeien umorearen arabera, betiko elurra ageri zen. Ekaitza eta zirimola galduak dantzatzera altxatu ziren lekuetan arrastoak eta hutsuneak ikus zitzaketen elurretan. Zeuden lekuaren azpian, kilometrotan eta kilometrotan jaisten zen basoa, oihal berde-urdina osatuz; basoaren azpian herrixka bat zegoen, zelai mailakatu eta belardi malkartsuez inguratuta. Herrixkaren azpitik bazekiten, nahiz eta une hartan trumoia orroka aritu han, laurehun edo bostehun metrotako aldapa batek Sutluj gaztearen ama diren urlasterrak biltzen diren bailara hezera zeramala.

        Ohi bezala, ganaduaren kamino eta bidezidorretatik eraman zuen lamak Kim, Hurri babuk, «gizon beldurti» hark, hiru egun lehenago egin zuen bide nagusitik urruti, hamar ingelesetatik bederatzik gustuz pasatzen utziko zuten ekaitza igaroz. Hurrik ez zuen ehiza maite —arma-katu baten soinu hutsak kolorea aldarazten zion—, baina, berak esango lukeen eran, «nahikoa ibiltari bizkorra» zen, eta, prismatiko merke batzuei esker, bailara osoa arakatu zuen asmo zehatzez. Gainera, haizeak gastaturiko denden zuria urrutitik sumatzen da berdearen kontra. Ikusia zuen Hurri babuak ikusi nahi zuen guztia Zigalurreko larrainean eseri zenean, hogeita hamar kilometroetara arranoaren heganean, eta berrogeietara bidetik, hau da, bi arrasto txiki, egun batean elurraren marraren azpian zeudenak eta hurrengoan berriz hamabi zentimetro edo jaitsi zirenak maldan behera. Garbituta eta lanera jarriz gero, Hurriren zango biluztu lodiak lur puska harrigarria zeharkatzeko gauza ziren, eta horrexegatik, Kim eta lama jarioak zituen txabola batean zeuden artean, ekaitza noiz bukatu zain, bengaliar koipetsu, busti bat, baina hala ere irribarretsu beti, hitz ingeles dotoreenak erabiliz esaldi guztiz okerrak osatzeko, bi atzerritar busti-busti eta erreumati samarrekin adiskidetzeko ahaleginetan ari zen. Heldu zen, asmo zoroak buruan, atzerritarren akanpalekuaren gainean pinu bat bitan banatu zuen trumoi baten atzetik, eta konbentzitu zituen dozena bat edo bi ekipai eramaile, cooli-ak, aski beldurtuta ordurako, ez zela ona egun hura bidaian jarraitzeko; eta denek batera, zamak bota zituzten eta ez zuten aurrera egin nahi izan. Haien zerbitzuak alokatzen zituen mendiko raja baten menpeko ziren, ohi den bezala, bere probetxurako; eta, nahikoa arazo izango ez balute bezala, atzerriko sahibek errifleekin egin zieten mehatxu. Gehienek aspalditik ezagutzen zituzten errifleak eta sahibak; iparreko bailaratako hartzen usmari eta shikarri ziren, hartza eta ahuntz basatiak harrapatzen trebeak; baina inork ez zituen sekula horrela tratatu. Hala bada, basoak bere altzoan hartu zituen cooli-ak, eta oihu eta garrasiekin ere, ez zituen itzuli nahi izan. Ez zegoen ero itxurak egin beharrik edo... pentsatuta zeuzkan babuak ongi etorria segurtatzeko bestelako bitartekoak. Bihurritu zuen arropa bustia, txarolezko zapatak jantzi, aterki zuri-urdina zabaldu, eta ibilera eztiz eta bihotza eztarrian zuela, hona nola agertu zen: «Bere maiestate Rampurreko rajaren ordezkaria, jaunok. Zertan lagun diezazuket, mesedez?»

        Pozez zoratzen zeuden bi gizonak. Bati garbi antzematen zitzaion frantsesa zela, eta errusiarra zela besteari, baina babuarena baino askoz okerragoa ez zen ingelesez hitz egiten zuten biek. Laguntza eskatu zioten erreguka. Zerbitzari indiarrak gaixotu egin zitzaizkien Lehen. Gero presaka jarraitu omen zuten bidea Simla aldera, pipiak jo baino lehen ehizako trofeoak eramatera. Aurkezpen gutun orokor bat zeramaten (ekialdekoen agurra egin zuen gutunaren aurrean babuak) Gobernuko funtzionario guztientzat. Ez, ez zuten beste ehiza-talderekin topo egin en route. Bakarrik moldatzen ziren. Hornidura ugari zuten. Lehenbailehen nahi zuten aurrera segi. Orduan babua zuhaitzen atzean ezkutatutako menditar batekin hasi zen hizketan, eta hiru minutuz hizketan jardun eta zilar pixka bat eman ondoren (ezin da ekonomiarik egin estaturako lanetan, xahuketa harekin Hurriren bihotzari odola zerion arren), hamaika cooli-ak eta hiru lagunak agertu ziren berriz. Pairatu behar zuten zapalkuntzaren lekuko behintzat izango zen babua.

        — Maiestate asko haserretuko da, baina jende hau arrunta eta guztiz ezjakina da. Gertaera triste hau ahazteko ohorea egiten badidate jaun horiek, asko poztuko naiz. Laster atertuko du eta orduan aurrera egin ahal izango dugu. Ehizan ibili zarete, ezta? Horiexek bai emaitza galantak!

        Jauzika joan zen kilta batetik bestera, saski koniko haietako bakoitza txukun jartzeko itxurak eginez. Ingelesek gehienetan ez dituzte asiarrak ondo ezagutzen, baina ez lukete inoiz kilta bat bere ulezko estalki gorriarekin oharkabean irauli duen babu atsegin bat astinduko. Bestalde, edatera ere ez lukete bultzatuko, nahiz eta oso babua adiskidetsua izan, ezta haragia jatera gonbidatuko ere. Atzerritarrek guzti hori egin zuten, eta baita galdera ugari ere, emakumeei buruzkoak gehienak, eta Hurrik erantzun alaiak eta prestatu gabeak eman zizkien. Gero likido koloregabe batez beteriko basokada bat eman zioten, ginebraren antzekoa, eta gero gehiago; eta berehala desagertu zitzaion Hurriri seriotasuna. Hitz totelka, bere nagusiez gaizki esaka hasi zen, eta gizon zuri baten heziketa hartzera behartu ondoren gizon zuriaren soldata eman nahi ez zion Gobernuaz irain beldurgarriz jardun zuen hizketan. Zapalkuntza eta gaiztakeria istorioak kontatu zituen mingain baldarrez, bere lurraren miseriengatik isuritako malkoek masailak zeharkatu zizkioten arte. Gero balantzaka atera zen, Bengalia Beheko maitasun kantak kantari, eta zerraldo erori zen zuhaitz enbor busti baten gainean. Ez da inoiz ikusi Indiako ingelesen agintearen emaitza bat atzerritarren besoetan hain bete-betean erortzen.

        — Horrelakoxeak dira denak —esan zion frantsesez kirolari batek besteari—. Ondo asko ikusiko duzu India-Indian sartzen garenean. Horren raja bisitatu nahi nuke. Agian berri onak eman ahal izango dizkiogu. Baliteke gure berri entzuna izana, eta gurekiko borondate ona erakutsi nahi izatea.

        — Ez dugu astirik. Simlara joan behar dugu ahal bezain pronto —erantzun zion lagunak—. Niri berriz Hilás, edo Lehetik txostenak bidali izana gustatuko litzaidake.

        — Ingeles posta hobea eta seguruagoa da. Gogoan izan erraztasun guztiak eman dizkigutela... eta, Jainkoaren izenean!... baita eman ere! Ez al da sinetsezineko zorakeria?

        — Harrokeria da; zigorra merezi eta hartuko duen harrokeria.

        — Bai! Kontinenteko batekin borrokan egitea bada zerbait gure jokoan. Horrek bere arriskua dauka, baina jende hau... ba! errazegia da.

        — Harrokeria... harrokeria dena, adiskide.

        «Zer demontretarako balio ote du Chandarnagore Calcuttatik horren gertu egoteak eta guzti horrek» pentsatu zuen Hurrik, goroldio bustitan aho zabalik zurrungaka, «ezin badut horien frantsesa ulertu! Horren bizkor mintzatzen dira! Lastima dauzkaten lepo zikin horiek ez moztu izana!»

        Berriz agertu zenean buruko minak lehertzen zegoen, lotsatuta eta nabarmen beldurtuta, ez ote zuen mozkorrean gehiegi hitz egin. Oso maite zuen britainiar gobernua: aberastasun eta ohore ororen iturri omen zen, eta Rampurreko nagusiak ere iritzi berbera zuen. Hura entzundakoan barrez hasi ziren gizonak eta bezperan babuak esandako hitzak errepikatzen, banaka-banaka, erreguzko keinuz, irribarre koipetsu eta zeharkako begiratu maltzurrez, babu gizarajoa batere defentsarik gabe geratu eta hitz egitera behartu zuten arte... egia esatera alegia. Gero, kontatu zionean Lurgani istorioa, kexuka aritu zen ezin izan zuelako cooli egoskor, arduragabeen lekuan egon, buru gainean belarrezko alfonbratxoak zituztela eta euri-tantak putzu bihurtzen oin-urratsetan, noiz atertuko zain. Haiek ezagutzen zituzten sahib guztiak —zarpail jantzitako gizonak, urtero-urtero beren amildegi maiteenetara itzultzen zirenak—, zerbitzariak eta sukaldariak eta ordenantzak zeuzkaten, menditarrak sarritan. Honako sahib hauek laguntzarik gabe zebiltzan bidaian. Sahib pobreak ziren beraz, eta ezjakinak; sahib zentzudunek ez baitzioten bengaliar baten aholkuari jaramonik egingo. Baina bengaliarrak, hutsetik agertuta, dirua eman zuen, eta beren hizkera ulertzeko gauza zen gainera. Beren kolorekoen aldetik tratu txarretara ohituta beti, azpijokoren bat espero zuten, eta korrika hasteko prest zeuden aukera izanez gero.

        Gero, lur-usain gozoa zerion haize garbitu berrian, mendian behera gidatu zituen babuak, harro-harro cooli-en aurretik, eta apaltasunez atzerritarren atzetik. Gauza asko eta desberdinak pentsatzen jardun zuen. Pentsamendu haietan txikiena ere ezin esateko moduan interesatuko zitzaien. Baina gidari atsegina zen ordea, bere nagusi handiaren ondasunen edertasunak erakusteko beti prest. Atzerritarrek hil nahi zezaketen animaliez bete zituen mendiak: ahuntzak —thar, ibex, markhor—, eta Eliseori berari inbidia emateko adina hartza. Botanikaz eta etnologiaz jardun zuen okerrik gabeko zehazgabetasunez, eta zekizkien legenda lokalen sorta —ez da ahaztu behar hamabost urtez estatuaren ordezkari izana zela— agorrezina zen.

        — Morroi hau originala da, bai —esan zuen atzerritarretan handienak—. Vienako gortesau baten karikatura dirudi.

        — Indiaren aldakuntzaren irudi txikia da... Ekialdea eta Mendebaldearen hibridismo ikaragarria —erantzun zuen errusiarrak—. Gu gara ekialdekoekin molda gintezkeenak.

        — Bere aberria galdu du, eta ezin du besterik eskuratu. Baina gorroto ikaragarria die bere herria konkistatu dutenei. Entzun. Bart aitortu zidan —esan zuen besteak.

        Aterki arraiadunaren azpian Hurri babua belarriak eta garuna luzatuta zebilen frantses bizkor hari jarraitu nahian, mapa eta dokumentuz betetako kilta batean bi begiak finko zituen artean, bereziki handia zen kilta, ulezko estalki bikoitz batekin. Hindustaneko jainko guztiei eman zizkien eskerrak, eta Herbert Spencerri, oraindik ere bazelako lapurtzeko gauza baliotsurik.

        Bigarren egunean errepidea asko igo zen, baso gaineko belardi batera heldu arte; eta hantxe, eguzkia jartzen ari zenean, egin zuten topo lama edadetsu batekin —atzerritarrek bontzo deitzen bazioten ere—, zangoak gurutzaturik harriz heldutako mapa misteriotsu baten aurrean eserita; mutil gazte bati ari zitzaion azaltzen mapa, neofitoa noski, edertasun berezikoa, nahiz eta oso zikina egon. Egun-bide erdira begiztatu zuten aterki arraiaduna, eta Kimek geldialdi bat egitea proposatu zuen aterkia beraiengana heldu arte.

        — Hara! —esan zuen Hurri babuak, Botadun Katua bezala baliabidez beteta—. Horra hemen gizon santu bikaina. Maiestate, nire nagusiaren menpeko segur aski.

        — Zertan ari da? Oso gauza bitxia da hori.

        — Marrazki sakratua esplikatzen ari da... eskuz egina da dena.

        Bi gizonak gelditu egin ziren, buru-hutsik biak, urre koloreko belarra behetik jotzen zuen arratseko eguzkitan. Cooli kopetilunek, atsedena eskertuta, gelditu eta zamak erortzen utzi zituzten.

        — Begira! —esan zuen frantsesak—. Erlijioaren sorkuntzaren irudia dirudi... lehenengo maisua eta lehenengo dizipulua. Budista al da?

        — Oso nola-halakoa —erantzun zuen besteak—. Ez da benetako budistarik Mendian. Baina ikus itzazu tunikaren tolesdurak. Begietara erreparatu... bai lotsagabea! Zergatik senti erazten ote digu horren herri gaztea garela? —hizketan ari zenak zotz luze bat astindu zuen berotuta—. Oraindik ez dugu arrastorik inon utzi. Eta horrek kezkatu egiten nau, aditzen? —kopeta zimurtuta, lamaren aurpegi baketsuari eta jarreraren lasaitasun harrigarriari begiratu zion mesprezuz.

        — Egon. Elkarrekin utziko dugu arrastoa... guk eta zuen herri gazteak. Bitartean, egin ezazu horren kopia.

        Babua arrandiaz aurreratu zen; bizkarraren mugimenduak ez zuen zerikusirik bere errespetuzko hizkerarekin, edo Kimi egin zion keinuarekin.

        — Maisu, sahibak dira hauek. Nire sendagaiek odol-jario bat sendatu diote bati, eta Simlara noa, behar bezala osatzen dela segurtatzera. Zure irudiak ikusi nahi dituzte...

        — Gaixoak sendatzea beti izaten da ona. Bizitzaren Gurpila da hau —esan zuen lamak—, Zigalurreko txabolan erakutsi nizun berbera, euria ari zuenean.

        — ... eta zuk nola azaltzen duzun aditu.

        Begiak argitu zitzaizkion lamari entzule berriak izango zituelakoan.

        — Bide Aparta agertzea ona da. Hindierarik ba al dakite batere, Irudien Arduradunak zekien bezala?

        — Pixka bat bai beharbada.

        Hala bada, jolas berri bati ekiten dion umearen xalotasunaz, burua atzeratu eta Teologiako Doktoreen deia egin zuen garrasi bizian lamak doktrina osoa azaldu aurretik. Atzerritarrak, beren mendiko makilei eutsiz, adi-adi jarri ziren. Kim, apal-apal eserita, aurpegietan zuten eguzkiaren argi gorrixkari begiratzen zion, eta nola urtzen ziren lurrean gizonen itzal luzeak eta berriz banatu. Atzerritarrek ingelesak ez ziren polainak zeramatzaten, eta gerriko estu bitxiak, St Xavierreko liburutegiko liburu baten marrazkiak nolabait ere gogorarazi ziotenak: Naturazale baten abenturak Mexikon zuen izena. Bai, liburu hartako M. Sumichrast zoragarriaren antza handia zuten, eta ez ziruditen inola ere Hurri babuaren irudimeneko «jendilaje eskrupulurik gabea». Cooli-ak, lur koloreko eta mutututa, begirunez kuzkurtu ziren hogei edo hogeita hamar bat metrotara, eta babua, arropa arinaren parte askeak haize jelatutan bandera bat bezala mugitzen zitzaizkiola, aldamenean zegoen zutik jabe baten itxura zoriontsuaz.

        — Hauexek dira —xuxurlatu zuen Hurrik, erritualak aurrera egin ahala bi zuriek belarraren mugimenduari jarraitzen zioten artean, Infernutik Zerura eta atzera berriz—. Kilta handian, estalki gorria duen horretan, dauzkate liburu guztiak, dokumentuak, txostenak eta mapak, eta errege baten gutuna ere ikusi dut, Hilás edo Burnák idatzia. Arreta handiz zaintzen dute. Ez dute ezer bidali Hilás edo Lehetik, seguru.

        — Nor daramate?

        — Bigar-cooli-ak bakarrik. Zerbitzaririk ez dute. Hain dira irudikorrak, non beren jatena ere beraiek prestatzen baituten.

        — Baina nik zer egin behar dut?

        — Itxoin eta ikusi. Baina ezer gertatzen bazait ere, jakin behar duzu paperak non bilatu.

        — Hobeto legoke hau Mahbub Aliren eskuetan bengaliar batenean baino —esan zuen Kimek erdeinuz.

        — Horma ostikoka botatzea baino bide hobeak badira andregaiarengana heltzeko.

        — Ikusi hemen lukurreria eta sabelkeriari dagokion Infernua. Alde batean Desioa dauka, eta bestean Ahuleria —lama gero eta gartsuago ari zen bere lanean, eta atzerritar batek apunte bat egin zion bizkor-bizkor desagertzen ari zen argitan.

        — Aski da —esan zuen azkenean zakar gizonak—. Ezin diot ulertu esaten duena, baina marrazkia nahi dut. Ni baino artista hobea da. Galdeiozu ea saltzen duen.

        — Esan du, «ez, sar» —erantzun zuen babuak. Lamak noski ez zion bere marrazkia edozein bidaiariri emango, artzapezpiku batek bere katedraleko ontzi sakratuak emango ez lituzkeen bezalaxe. Tibet osoa dago Gurpilaren erreprodukzio merkez josita; baina lama artista zen, eta abade aberatsa bere monasterioan gainera.

        — Agian hiru, edo lau, edo hamar egun hartu, ikusten badut sahiba Bila dabilela eta ikastekoak ondo ulertzen dituela, egingo diot beste bat. Baina honako hau lekaide baten iniziaziorako erabilia da. Esan hori, hakim.

        — Oraintxe bertan nahi du... diru truke.

        Lamak buruari eragin zion poliki eta Gurpila tolesten hasi zen. Errusiarrak, bere lekutik, agure zikin bat baino ez zuen ikusi, paper pusketa zikin batengatik urrutaka. Rupia eskukada bat atera, eta mapa gainera bota zuen erdia: lamak mapari heldu zion, eta urratu egin zen papera. Ikara marmar bat heldu zen cooli-en aldetik. Batzuk Spitiko gizonak ziren, eta, beren mailan, budista zintzoak. Lama, irain haren aurrean, zutitu egin zen; eskua apaizaren arma den burdinazko arkatz-kaxa astunera eraman zuen, babua atsekabez batera eta bestera mugitzen zen artean.

        — Ikusten duzu orain... ikusten duzu zergatik behar nituen lekukoak. Jende eskrupulurik gabea da. O, sar, sar! Ez duzu gizon santu bat jo behar!

        — Chela! Hitz Idatzia laidotu du!

        Berandu zen ordea. Kimek babesterik izan baino lehen, bete-betean jo zuen errusiarrak agurea aurpegian. Hurrengo unean maldan behera zihoan errusiarra zilipurdika, Kim eztarrian zuela. Zartako hark mutilaren odoleko irlandar deabru ezezagun guztiak esnarazi zituen, eta etsaiaren bat-bateko erorketak egin zuen gainontzekoa. Lama belauniko jarri zen, txundituta; cooli-ak, zamapean, mendian gora joan ziren ziztu bizian, lur lauetako gizonek lautada kurritzen duten bezain bizkor. Esanezineko sakrilegioa ikusi berri zuten, eta derrigorrez behar zuten handik desagertu, mendietako jainko eta deabruek mendekua hartu baino lehen. Frantsesak lamarenganantz egin zuen korrika, errebolberra bilatzen zuen artean, bere lagunaren ordez lama bahituta gisa hartu asmoz edo. Harri zorrotz zaparrada batek —oso tiratzaile onak dira menditarrak— atzerarazi zuten, eta Ao-chungeko cooli batek harrapatu zuen lama, eta besteekin batera ihes egin erazi zion. Mendiko bat-bateko iluntzea bezain bizkor gertatu zen dena.

        — Ekipaia eta pistola guztiak hartu dituzte —egin zuen garrasi frantsesak, ilunabarrean itsu-itsuan tiratuz.

        — Ondo da, sar! Ondo da! Ez tiratu. Banoa zu erreskatatzera —eta Hurri, maldan behera astun korrika, bete-betean erori zen pozez eta txundituta zegoen Kimen gainera: etsaiaren buru arnas gabea harri baten kontra astintzen ari zen mutila.

        — Zoaz berriz cooli-engana —xuxurlatu zion babuak belarrira—. Haiek daukate ekipaia. Estalki gorriekiko kilta-n daude paperak, baina begiratu ondo dena. Hartu paperak, eta batez ere murasla (erregearen gutuna). Zoaz! Badator beste gizona!

        Ziztu bizian joan zen Kim maldan gora. Bala batek ondoko arroka jo zuen eta Kim lurrera bota zen, eperren modura.

        — Tiratzen baduzu —egin zuen oihu Hurrik—, jaitsi eta txiki-txiki egingo gaituzte. Jauna erreskatatu dut, sar. Hau bereziki arriskutsua da.

        Kim ingelesez ari zen pentsatu eta pentsatu.

        «Ene! Leku gogorra da hau, baina nik uste dut defentsa dela» —bularra ukitu zuen Mahbuben opariaren bila, eta batere segurtasunik gabe, Bikanir basamortuan egindako saio gutxi batzuk izan ezik ez baitzuen inoiz pistola txikia erabili, katua estutu zuen.

        — Zer esan dizut, sar! —babuak negarrez hasi beharrean zirudien—. Zatoz hona eta lagundu zure laguna bere onera ekartzen. Hirurak ere larrialdi ederrean gaude.

        Isildu ziren tiroak. Segurtasunik gabeko urrats batzuk entzun ziren, eta Kim gorantz joan zen ilunpetan korrika, katu bat bezala biraoka... edo bertako bat bezala.

        — Zauritu egin al zaituzte, chela? —galdetu zion goitik lamak.

        — Ez. Eta zu? —izai nanoen artean murgildu zen Kim.

        — Zauririk gabe. Zatoz. Shamlegh Elurpekora joango gara jende honekin.

        — Baina ez ordea merezi duten zigorra eman gabe —esan zuen ahots batek oihuka—. Sahiben pistolak dauzkat hemen... lauak. Goazen behera.

        — Gizon santua jo du... ikusi egin dugu! Gure abereek ez dute umerik egingo... gure emazteak ez dira haurdun geratuko! Etxerakoan gainera eroriko zaizkigu elurteak... Beste ezbehar guztien gainean!

        Izai baso txikia cooli zalapartariz bete zen, beldurrak akabatzen denak, ikararekin ezertarako gauza ez zirela. Ao-chungeko gizonak fusilaren krisketa kolpatu zuen urduri, eta jaisteko keinua egin zuen.

        — Itxoin pixka bat, maisu; ezingo dute urrutira joan. Itxoin ni itzuli arte —esan zuen.

        — Hona hemen kaltetu dutena —esan zuen lamak, eskua kopetan jarrita.

        — Horrexegatik bada —izan zen erantzuna.

        — Horrek barkatzen badu, garbiak edukiko dituzue eskuak. Gainera, merituak eskuratuko dituzue obeditzeagatik.

        — Egon, eta elkarrekin joango gara Shamleghera —insistitu zuen gizonak.

        Une batez, fusil baten kargadorean kartutxo bat sartzeko behar den denboran, duda egin zuen lamak. Orduan altxa eta behatz bat jarri zuen gizonaren sorbaldan.

        — Ez al duzu entzun? Hilik ez dela izango esan dut, nik, Suchzeneko abade izan naizen honek. Hurrena sagu jaiotzeko gogoa al duzu, edo erlatzpeko suge, edo piztia nazkagarri baten sabeleko zizare? Nahi al duzu...?

        Ao-chungeko gizona belauniko jarri zen, lamaren ahotsak deabruak uxatzeko tibetar gong baten durundia egiten baitzuen.

        — Ai! Ai! —egin zuten oihu Spitiko gizonek—. Ez gu madarikatu... ez hori madarikatu. Gehiegizko ardura besterik ez zen, maisu... Utzi fusila lurrean, txoro alaena!

        — Amorrua amorruaren gainean! Gaitza gaitzaren gainean! Ez da hilik izango. Izango ahal dira apaiza jo dutenak beren ekintzen gatibu. Zuzena eta bidezkoa da Gurpila, batere desbideratzen ez dena! Sarritan jaioko dira... oinazez —burua erori egin zitzaion, eta Kimen sorbaldan sostengatu zen indarrez.

        — Gaitz handia egitetik hurbil egon naiz, chela xuxurlatu zuen pinuen arteko erabateko isiltasunean—. Bala ateratzen uzteko tentatuta egon naiz; eta, benetan, bai, heriotza gogorra eta mantsoa izango zuten horiek Tibeten... Aurpegian jo nau... haragian...

        Lurrera irristatu zen, arnasestuka; agurearen bihotz nekatua taupadak ematen eta gelditzen entzun ahal izan zuen Kimek.

        — Hiltzeko adinako zauria egin al diote? —esan zuen Ao-chungeko gizonak, besteak isil-isilik zeuden artean.

        Ikarak akabatzen gorputzaren ondoan belaunikatu zen Kim.

        — Ez —egin zuen oihu berotuta—, ahuleria besterik ez da —orduan gogoratu zitzaion bera zuria zela eta zuri baten akanpalekuko hornidurak zituela eskura—. Zabaldu kiltak! Izango dute agian sendagairik sahibek.

        — Hara! Hori badakit nik —esan zuen barrez Ao-chungeko gizonak—. Ez naiz alferrik izan Yankling sahibaren shikarri-a sendagai hori ezagutu gabe. Nik ere dastatu dut. Begira!

        Botila bat, whisky merkea, atera zuen kolkotik, —Lehen esploratzaileei saltzen zaiena bezalakoa—, eta lamaren hortzen artean jarri zuen pixka bat.

        — Halaxe egin nuen Yankling sahibak Astorren atzean txorkatila bihurritu zuenean. Hara! Begiratu dut dagoeneko horien saskietan... baina Shamleghen banaketa hobea egingo dugu. Emaiozu pixka bat gehiago. Sendagai ona da. Ukitu! Hobeto dihoakio bihotza. Burua beherago jarri eta igurtzi pixka bat bularra. Geldik egon balitz zain ni sahibez arduratzen nintzen artean, ez zen halakorik gertatuko. Baina beharbada gure bila etorriko dira hona sahibak. Orduan ez litzateke gauza txarra izango beren pistolekin tiratzen hastea, ezta?

        — Uste dut hartu duela batek bere ordaina —esan zuen Kimek hortz artetik—. Ostiko bat eman diot izterrondoan maldan behera gindoazenean. Hila gerta zitekeen!

        — Ondo dago ausarta izatea bat Rampurren bizi ez denean —esan zuen bere txabola rajaren palazio zaharkitutik kilometro gutxitara zeukan batek—. Sahiben artean izen txarra hartzen badugu, ez gaitu inork shikarri gisa enplegatuko.

        — A, baina horiek ez dira sahib angrezi-ak... ez dira jende alaia, Fostum sahiba edo Yankling sahiba bezalakoak. Atzerritarrak dira... ez dakite angrezi-z hizketan, sahibek bezala.

        Une hartan lama, eztulka, eseri egin zen, arrosarioaren bila.

        — Ez da hilik izango —murmurikatu zuen—. Zuzena da Gurpila! Gaitza gaitzaren gainean...

        — Ez, maisu. Hemen gara denok —Ao-chungeko gizonak lamaren oinak jo zituen poliki—. Zuk aginduta ez bada, ez da inor hilik gertatuko. Egon pixka batean. Akanpaleku txiki bat egingo dugu hemen, eta gero, ilargia goian denean, Shamlegh Elurpekora joango gara.

        — Astindu baten ondoren —esan zuen Spitiko gizon batek ahots betez—, lo egitea da onena.

        — Ezinegona daukat lepoaren atzealdean, eta zerbaiten estutasuna edo. Utzidazu burua zure magalean jartzen, chela. Zaharra naiz, baina ez grinarik gabea... Gauzen Kausan pentsatu behar dugu.

        — Emaiozu maindire bat. Ezin dugu surik piztu, bestela sahibek ikusi egingo gaituzte eta.

        — Hobe dugu Shamleghera joan. Inork ez gaitu Shamlegheraino jarraituko.

        Rampurreko gizon urduria ari zen hizketan.

        — Fostum sahiben shikarri-a izana naiz, eta Yankling sahiben shikarri-a naiz orain. Yankling sahibarekin nengoke orain bigar (lan) madarikatu honengatik izan ez balitz. Egon daitezela bi gizon behean zelatan pistolak hartuta, ez dezaten sahibek erokeria gehiago egin. Nik ez dut utziko gizon santua.

        Eseri egin ziren, lamarengandik ez oso bertan, eta, pixka batean entzuten egon ondoren, nargile bat pasa zuten: Day and Martin botila zahar bat zen uraren ontzia. Ikatz gorriaren argiak, eskuz esku joan ahala, begi estu, erdi itxiak argitzen zituen, matrailezur altuak, eta sorbalden inguruko artilezko tolesduretan desagertzen zen lepo sendoa. Meatze magiko bateko iratxoak ziruditen, mendietako gnomoak bilkuran. Eta hizketan jarduten zuten artean, inguruko ur-lasterren soinuak banaka-banaka desagertu ziren, gaueko izotzak errekak ito eta itsutzen zituenarekin batera.

        — Nola altxatu den gure aurka! —esan zuen Spitiko gizon batek miresmenez—. Gogoan dut ibex zahar bat, Ladakheko inguruan, duela zazpi elurte Dupont sahibak tiratu eta huts egin zuena, eta atzerritarrak bezalaxe tente-tente jarraitu zuen hark ere. Shikarri ona zen Dupont sahiba.

        — Ez Yankling sahib bezain ona ordea —Ao-chungeko gizonak zurrutada bat egin zion whisky botilari eta besteei pasa zien—. Entzun orain niri... besteren batek gehiago dakiela uste ez badu.

        Ez zion inork erronkari erantzun.

        — Shamleghera joango gara ilargia goian izatean. Han denon artean banatuko dugu ekipaia. Nik aski dut fusil berri hau bere kartutxo guztiekin.

        — Zure ondasunak bakarrik hondatzen dituzte hartzek ala? —esan zuen lagunetako batek, pipari tiraka.

        — Ez; baina musketa poltsak sei rupiana ordaintzen dituzte orain, eta zure andreak denden oihala eta sukaldeko ontzi batzuk har ditzake. Hori dena Shamleghen egingo dugu, egunsentia baino lehen. Orduan bakoitza bere bidetik joango da, ahaztu gabe sahib horiek ez dituela inoiz ikusi ez zerbitzatu, beraiek esan dezakete eta ekipaia lapurtu diegula.

        — Hori ondo dago zuretzat, baina zer esango du gure rajak?

        — Nork esango dio ezer rajari? Sahib horiek, gure hizkuntza jakin gabe, edo babuak, bere asmoetarako guri dirua emanda gero? Armadaren bat bidaliko al du horrek gure aurka? Zer froga geratuko da? Behar ez duguna Shamleeheko simaurtegira bota dezakegu, gizonek zapaldu ez duten lekura.

        — Nor da Shamleghen uda honetan? —larretarako leku bat besterik ez zen Shamlegh, hiruzpalau txabolekin.

        — Shamlegheko Emakumea. Hark ez ditu sahibak maite, ondo asko dakigunez. Besteak lasaituko ditugu opari txiki batzuekin. Eta hemen badugu denontzako aski —hurbilen zuen saskiaren alderdi beteena ukitu zuen.

        — Baina... baina...

        — Esan dut ez direla benetako sahibak. Leheko bazarrean erosiak ziren zeramatzaten larru eta buru guztiak. Ezagutzen ditut arrastoak. Azkweneko ibalaldian erakutsi nizkizuen.

        — Egia da. Erositakoak ziren larru eta buru guztiak. Pipiak jotakoak ere baziren.

        Arrazonamendu zorrotza zen hura, eta Ao-chungeko gizonak ezagutzen zituen bere lankideak.

        — Okerrena gertatuko balitz, Yankling sahibi kontatuko diot, oso gizon alaia da eta barre egingo du. Ez diegu ezagutzen ditugun sahibei kalterik egiten. Eta horiek berriz apaizak jotzen dituzte. Ikaratu egin gintuzten. Aldean alde egin genuen! Nork daki non erori zitzaigun ekipaia? Zer uste duzu bada, utziko diola Yankling sahibak lur barneko poliziari mendietan gora eta behera ibiltzen, berari jokoa hondatzeko gero? Simla eta Chini ez daude batere gertu, eta are urrutiago daude Shamlegh eta Shamlegheko simaurtegia.

        — Ondo da, baina nik eramango dut kilta handia, sahibek goizero biltzen zutena, estalki gorria duen hori.

        — Horrexek frogatzen du —esan zuen zorrotz Shamlegheko gizonak—, ez direla benetako sahibak. Nork entzun du inoiz Fostum sahibak, edo Yanklig sahibak, edo baita Peel sahib txikiak ere, ahuntzak harrapatzeko gauak esna ematen dituen horrek, bai, nork entzun du sahib horiek sukaldaririk gabe etorri direnik mendira, eta fusila daramanik gabe, eta... era guztietako jende ondo ordaindua, agintariak eta zapaltzaileak eraman gabe taldean? Nola sortuko dute horiek arazorik? Eta kilta hori, zer?

        — Ezer ez, Idatziriko Hitzaz beteta dagoela besterik ez... liburuak eta idazteko koadernoak, eta tresneria bitxia, elizakoa edo.

        — Shamlegheko simaurtegiak hartuko du dena.

        — Horixe! Baina hori eginez sahiben jainkoak iraintzen baldin baditugu, zer? Ez zait gustatzen era horretan erabiltzea Idatziriko Hitza. Eta brontzezko idolo horiek ere ez ditut ulertzen. Hori ez da menditar soilentzako harrapakina.

        — Lotan da oraindik agurea. Sh! Chela-ri galdetuko diogu —Aochungeko gizonak, gidariaren harrotasunaz, berriz edan zuen.

        — Badaukagu hemen —xuxurlatu zuen—, zer den ez dakigun kilta bat.

        — Nik badakit ordea —esan zuen zuhurtziaz Kimek. Lasai eta erraz hartzen zuen lamak arnasa, loaldi gozoan; Hurriren azken hitzetan pentsatzen aritua zen Kim. Joko Handiaren partaide bezala, babuaren aurrean makurtzeko prest zegoen une hartan—. Gauza zoragarriz betetako kilta da, zoroek ez erabiltzeko modukoa.

        — Esan dut bada nik; esan dut —egin zuen oihu zama hura gainean zeramanak—. Traizionatuko gaituela uste al duzu?

        — Niri ematen badidazu ez. Nik atera diezaioket duen magia. Bestela kalte handiak egingo ditu.

        — Apaizek beti hartzen dute beren zatia —whiskya kikiltzen ari zen Ao-chungeko gizona.

        — Niri ez zait axola —erantzun zuen Kimek bere sorlekuaren indarraz—. Bana ezazue zuen artean, eta azkar asko ikusiko duzue zer gertatzen den!

        — Nik ez behintzat. Txantxetan ari nintzen. Eman agindua. Behar duguna baino gehiago daukagu denok. Bakoitza bere bidetik abiatuko da Shamleghetik egunsentiarekin batera.

        Beren plan sinpleak egiten eta berregiten aritu ziren beste ordu batez, bitartean Kin hotzez eta harrotasunez dardarka zegoela. Egoeraren umoreak bere baitan zeuden irlandarra eta ekialdetarra kilikatzen zituen. Horra hor Iparreko Botere beldurgarriaren ordezkariak, Mahbub edo Creighton koronela bezain handiak beren herrietan, bat-batean erabat ezinduta. Bat, Kimek ondo asko zekienez, elbarrituta egongo zen denbora luzean. Erregeei aginduak eginda zeuden. Gau hartan ordea han behean nonbait zeutzan, maparik gabe, jatekorik gabe, armarik gabe, eta Hurri babua izan ezik, gidaririk gabe. Eta haien Joko Handia desegitea (nori emango ote zioten informazioa pentsatzen zuen Kimek), ikarak eragindako gaueko ihesa, ez zen gertatu Hurriren trebeziari esker edo Kimen trikimailuengatik, aldiz, Umballako polizia gazte arduratsuak Mahbuben fakir lagunak atxilotu zituen bezain era erraz, eder, eta ezinbestekoan.

        «Horra hor non dauden... ezertxo ere gabe; eta... ene, hau hotza!... Hementxe nago ni beren gauza gutiekin. A, haserre egongo dira, bai! Pena ematen dit Hurri babuak.»

        Bazter zezakeen errukia Kimek; izan ere, nahiz eta haragian sufrimendu ugari pairatu, arima harrotasunez lehertu beharrean zeukan bengaliarrak. Mendian behera kilo metro t'erdira, pinudiaren ertzean, erdi izoztuta zeuden bi gizonek —bat oso gaizki tarteka-tarteka—, elkarrenganako errietak babuari egindako irainik gogorrenekin tartekatzen zituzten; babua berriz ikarak erotu egin zuela zirudien. Ekintzarako plana eskatzen zuten. Babuak esaten zien zoriontsu zirela oraindik bizirik egoteagatik; cooli-k, zelatan ez bazeuden, arrastorik utzi gabe desagertuak izango zirela; raja, bere nagusia, ehun eta berrogei kilometroetara zegoela, eta, Simlarako bidaiarako dirua eta talde bat utzi beharrean, preso hartuko zituela segur aski apaiz bat jo zutela jakitean. Bekatu hartaz eta bekatuaren ondorioez aritu zen luze eta zabal hizketan, gaiz aldatzeko agindu zioten arte. Itxaropen bakarra, esan zuen, batere nabarmendu gabe herriz herri joatea zuten, zibilizaziora heldu arte; eta hamaikagarren aldiz malkoetan blai eginda, galdetu zien goiko izarrei zergatik sahibek «jo ote zuten gizon santua».

        Hamar urratsek eramango zuten Hurri besteek inola ere harrapatu ezingo zuketen iluntasun zalapartarira, hurrengo herriko aterpe eta jatekora, sendagile berritsuak eskasak baitziren han. Baina nahiago zuen hotza, gosea, hitz txarrak eta noizbehinkako zartadak pairatu bere enplegatzaile adeitsuen ondoan. Zuhaitz enbor baten kontra kuzkurtuta, sudurrari tiraka zegoen triste-triste.

        — Eta ez al zaizu burutik pasa —esan zuen bero-bero zauririk gabeko gizonak—, zer nolako ikuskizuna eskainiko dugun mendi hauetan batera eta bestera hemengo jendearen artean?

        Hurri babuak zenbait orduz ez zuen ia beste ezertan pentsatu, baina galdera ez zen berarentzat.

        — Ezin dugu batera eta bestera ibili! Ia-ia ezin dut pausorik eman eta! —esan zuen purrustaka Kimen biktimak.

        — Agian gizon santua errukiorra izango da bere maitasunean, sar, bestela...

        — Agintzen dut atsegin berezia izango dudala nire errebolberra bontzo gazte horren gainean hustean urrena topatzen dudanean —izan zen kristautasunik gabeko erantzuna.

        — Errebolberrak! Mendekua! Bontzoak! —Hurri gehiago kuzkurtu zen. Bazetorren berriz ere borroka—. Ez al zaitu kezkatzen izan dugun galerak? Ekipaia! Ekipaia! —hizlaria belarretan literalki dantzan entzun zezakeen babuak—. Generaman guztia! Segurtatu dugun guztia! Gure irabaziak! Zortzi hilabetetako lana! Ba al dakizu zer esan nahi duen horrek? «Gu gara, bai, ekialdekoekin tratatzeko gauza garenak!» Ondo asko egin duzu, bai, zorionak.

        Hizkuntza desberdinetan jarraitu zuten borrokan, eta Hurrik irribarre egin zuen. Kim zegoen kilta-ekin, eta kilta-etan zegoen zortzi hilabetetako diplomazia. Ez zeukan mutilarekin harremanetan jartzeko erarik, baina konfiantzazkoa zen Kim. Gainontzekoan, moldatuko zen Hurri mendietan barrena egin beharreko bidaia hura Hilásek, Bunárrek eta zazpiehun kilometro bidezidorrek belaunaldi batez kontatzeko moduko istorioa izan zezan. Beren cooli-ak kontrolatu ezin dituzten gizonak ez dituzte asko errespetatzen Mendietan, eta umore zorrotza du menditarrak.

        «Neronek egin izan banu» pentsatu zuen Hurrik, «ez nukeen hobeto egingo; eta, ene Jainkoa, pentsatzera jarrita, neronek moldatu dut noski dena. Zeinen azkarra izan naizen! Mendian behera korrika nindoala bururatu zait! Iraina ustekabean gertatu da, baina nik bakarrik atera niezaiokeen... a, zuku guztia. Nolako ondorio moralak jende ezjakin honen aurrean! Traturik gabe... paperik gabe... idatzizko batere dokumenturik ez... eta ni interpretaritza egiteko. A zer barreak egingo ditudan koronelarekin! Haren paperak edukitzea ere gustatuko litzaidake, baina ez dago bi lekuetan batera egoterik. Axioma da hori.»

 

 

 

© Rudyard Kipling

© itzulpenarena: Koro Navarro

 

 

"Rudyard Kipling / Kim" orrialde nagusia