12. ATALA

 

                Nork du desiratu Itsasoa, nork ur gazi amaigabearen

                        ikuskaria?

                Nork olatuak aitzinatzen eta gelditzen eta oldartzen eta

                        eztanda egiten haizea dutela jarraika?

                Nork distiraz tontortzen eta gailurtzen, ekaitza baino lehen,

                        arre, apargabe, erraldoi, geroz eta garaiago?

                Ekuador Lerroaren altzoan bare geldoa, edo haize

                        zurrunbiloaren begi zoratua puzka?

                Bere Itsasoa, iduriz desberdin beti, bere Itsasoa

                        beti berdin iduri ororen azpitik?

                Halaxe eta ez bestela, halaxe eta ez bestela du desira

                        menditarrak bere Mendia!

                                Itsasoa eta Mendiak.

 

        — Berreskuratu dut adorea —esan zuen E23-k, kaiko iskanbilaren babesean—. Goseak eta beldurrak tuntundu egiten dute jendea, bestela bururatuko zitzaidakeen niri ere ihesbide hau. Zuzen nengoen. Nire bila datoz. Bizitza salbatu didazu.

        Praka horiekiko punjabiar polizia talde bat ageri zen bagoien inguruko jendearen artetik zetorrela, ingeles gazte bat, beroak eta izerditan, zutela buruzagi. Haien atzetik, batere nabarmendu gabe, gizon lodi txiki bat zetorren, abokatu baten laguntzaile itxurakoa.

        — Ikusi papera irakurtzen ari den sahib gaztea. Eskuetan dauka nire deskribapena —esan zuen E23-k—. Bagoiz bagoi doaz, sarea putzura botatzen ari diren arrantzaleak bezala.

        Segizioa beren bagoira heldu zenean, arrosarioaren aleak pasatzen ari zen E23 eskumuturra indarrez mugituz; artean Kimek trufa egiten zion horren drogatuta egoteagatik non saddhu-en ikur bereizgarria diren orrikak galdu baitzituen. Lama, meditazioetan murgilduta, aurrera so zegoen; eta nekazaria, zeharka begira, bere gauzak jasotzen ari zen.

        — Apaiz zoro talde bat besterik ez hemen —esan zuen ozen ingelesak, eta deserosotasun uhinen artean igaro zen, indiar poliziak indarkeria esan nahi baitu India guztiko indiarrentzat.

        — Arazoa orain —xuxurlatu zuen E23-k—, telegrama bat jarri beharra da, bila bidali ninduten gutuna non ezkutatu nuen esanez. Nik ezin dut tar bulegora itxura honetan joan.

        — Ez al da aski zure lepoa salbatu izana?

        — Ez, lana burutu gabe geratzen bada. Ez al zizun perla gaixotuen sendatzaileak horrelakorik esan? Beste sahib bat dator! A!

        Distrituko superintendentea zen orain, luzea eta azal ilunekoa, gerriko, kasko, ezproi distiratsu eta gainontzeko guztiarekin, arrandiaz ibiliz bibote iluna lisatzen zuen artean.

        — Zeinen zoroak diren sahib poliziak! —esan zuen Kimek atseginez.

        E23-k betileen azpitik begiratu zuen.

        — Ondo esana —murmurikatu zuen ahotsa aldatuz—. Ura edatera noa. Gordeidazu lekua.

        Balantzaka atera zen eta ingelesaren besoetan erori zen ia-ia; ingelesak epelak esan zizkion urduera tamalgarriz.

        — Tum mut? Mozkorra al zaude? Ez duzu kolpeka ibili behar Delhiko geltokia zurea bazenu bezala, motel.

        E23-k, aurpegiko gihar bat bera ere mugitu gabe, izugarrizko irain zaparrada batez erantzun zion, eta hark noski asko poztu zuen Kim. Umballako danbor-joleak eta garbitzaileak gogorarazi zizkion, lehen aldiz eskolara joan zeneko garai ikaragarri hartan.

        — Txoro ergela —esan zuen mantso ingelesak—. Nickle jao! Zoaz berriz zure bagoira.

        Urratsez urrats, atzera eginez errespetuz eta ahotsa jaitsiz, bagoira igo zen berriz saddhu horia superintendentea hirugarren belaunaldira arte madarikatuz, eta —hor Kim jauzika hastekotan egon zen—, eta Erreginaren Harriaren madarikazioa erantsiz, Erreginaren Harriko idazkiarena, eta izen guztiz berriak zeuzkaten jainko sorta batena.

        — Ez dakit zer ari zaren esaten —amorruak gorritu zuen ingelesa—, baina eramanezineko lotsagabekeriaren bat da. Alde hortik!

        E23-k, gaizki ulertuarena eginez, bere txartela atera zuen serio-serio, eta ingelesak haserretuta eskutik kendu zion.

        — O, zulum! Hau basakeria! —esan zuen marmarka bere zokotik jat-ak—. Eta dena txantxetan aritzeagatik! —irribarrez aritua zen saddhu-aren mingain librearekin—. Zure aztikeriek ez dute onik egiten gaur, maisu!

        Saddhu-a poliziaren atzetik joan zen, zurikeriak eta erreguak oihukatuz. Bidaiari taldeak, beren fardel eta umeekin, ez ziren ezertaz konturatu. Kim atzetik joan zitzaien. Bat-batean bururatu zitzaien sahib haserrekor, zoro hura entzun zuela behin atso batekin xelebrekeriak esaten Umballa inguruan hiru urte lehenago.

        — Ondo doa dena —xuxurlatu zion saddhu-ak, deika, garrasika eta beldurrak zegoen jendetzaren artean harrapatuta, xarlango persiar bat zuela hanka-tartean eta rajput baten zainpean zegoen falkoi zaratatsuz betetako kaiola bat giltzurrunen parean—. Ezkutatu nuen gutunaren berri bidaltzera joana da. Peshawurren zegoela esan zidaten. Jakin beharko nukeen krokodiloak bezalakoa dela gizon hori: ibaiaren bestaldean beti. Oraingo hondamendiaz berak salbatu nau, baina bizitza zuri zor dizut.

        — Gutakoa al da hori ere? —Kim mewar gamelu gidari koipetsu baten besazpitik igaro zen makurtuta, eta sij emagin talde berritsu batekin txokatu zen.

        Handiena gainera. Zorionez gabiltza biok! Emango diot zuk egin duzunaren berri. Seguru nago horren babespean.

        Bagoiak inguratzen zituen jendetzaren artean bidea egin eta telegrafo bulego ondoko banku batean eseri zen.

        — Zoaz berriz trenera, bestela lekua kenduko dizute eta! Ez beldurrik izan lanarengatik, anaia... edo nire bizitzarengatik. Zuk arnasaldi bat eman didazu eta Strickland sahibak ur-azalera atera nau. Baliteke berriz ere jolaskide izatea. Agur!

        Kim bere bagoira joan zen presaka: zoriontsu, harrituta, baina triste samar ez zuelako bere inguruko sekretuen giltza.

        «Hasberria besterik ez naiz Jokoan, hori segurua da. Ni ez nintzatekeen babespean jarriko saddhu-ak egin zuen bezala. Berak bazekien ilunago zegoela kriseiluaren azpian. Niri ez litzaidake burutik pasa ere egingo iraintzeko itxurak eginez albisteak ematea... eta zeinen bizkorra den sahiba! Ez dio axola, baten bizitza salbatu dut... Nora joan da kanboh-a, maisu? —xuxurlatu zuen Kimek ordurako jendez josita zegoen bagoian.

        — Beldurrak harrapatu du —erantzun zuen lamak, ironia ukitu samur batez—. Ziztu batean saddhu bihurtzen ikusi du mahratta, gaitzaren aurkako babes gisa. Horrek txundituta utzi du. Gero saddhu-a poli-en eskuetan zuzen-zuzenean erortzen ikusi du... dena zure artearen ondorioz. Eta semea hartu eta aldean joan da; esan du merkatari lasai bat sahibak iraintzen dituen lotsagabea bihurtu duzula, eta beldur zen ez ote zenuen berarekin ere antzera egingo. Non da saddhu-a?

        — Poli-ekin —esan zuen Kimek— ...hala ere, kanboha-ren semea salbatu egin dut.

        Lamak rapea hartu zuen poliki.

        — Ai, chela! Nola engainatu duzun zeure burua! Merituak eskuratzeko bakarrik sendatu zenuen kanboha-ren umea. Baina mahrattari harrokeriaz egin diozu aztikeria... begira nengoen..., eta agure hori, nekazari ezjakina, zeharkako begiratuekin txundituta uztearren: eta hortixe etorri dira ezbeharra eta susmo txarrak.

        Kimek bere buruari eutsi zion zituen urteen gainetikako ahaleginak eginez. Beste edozein gaztek bezain gutxi atsegin zuen errietak entzun edo gaizki ulertua izatea, baina kinka larrian zegoela konturatu zen. Trena Delhitik atereaz gauaren ilunean ari zen sartzen.

        — Egia da —murmurikatu zuen—. Gaizki jokatu dut zuri irain eginez.

        — Hori baino gehiago da, chela. Ekintza bat jaurtiki duzu mundura, eta putzu batera botatzen den harria bezala, ez dakizu noraino hel daitekeen ekintza horren eragina.

        Ezjakitasun hori on askoa izan zen ordea Kimen harrokeriarentzat eta baita lamaren arimaren bakerako ere, pentsatzen badugu orduantxe ari zirela Simian jasotzen kodean idatziriko telegrama bat E23 Delhira iritsia zela esanez, eta, hori baino garrantzitsuago, gutun baten nondik norakoaz informazioa emanez, E23-ri agindu ziotena... lapurtzeko. Ustekabean, polizia arduratsuegi batek atxilotu zuen, hegoalde urruneko estatu batean egindako hilketa zela-eta, ikaragarri asaldatu zen kotoi saltzaile ajmir bat, eta Mr Strickland bati ari zitzaion dena azaltzen Delhiko geltokian, E23-1c zeharbidez Delhiren bihotz ezkutua iristen zuen artean. Bi ordutan zenbait telegrama heldu zitzaion hegoko estatu bateko ministro haserretu bati, esanez galdua zela mahratta ubeldu samar baten arrasto oro; eta tren lasaia Saharunporen gelditu zenerako Kimek botatzen lagundu zuen harriaren azken zirkulua iristen ari zen Roum urruneko meskita baten eskaileretara, otoian ari zen gizon zintzo bati traba eginez.

        Lamak berriz ederki asko egin zituen bere otoitzak kai ondoan, ihintzak estaliriko buganbila hesidunen aldamenean, eguzkiaren argiak eta bere dizipuluaren presentziak adoretuta.

        —Atzean utziko ditugu gauza horiek —esan zuen, lokomotora zaratatsua eta burdinbide distiratsua seinalatuz—. Te-ren-aren mugimenduak, gauza zoragarria bada ere te-ren-a, urtu egin dizkit hezurrak. Haize garbia erabiliko dugu hemendik aurrera.

        — Goazen Kuluko emakumearen etxera —esan zuen Kimek, eta alai-alai abiatu zen bere fardelen azpian. Saharunporeko bidean goizak garbiak eta usain gozokoak dira. St Xavierreko beste goizak gogoratu zitzaizkion, eta oroitzapen hark zuen poza are gehiago ase zuen, ordurago hiru bider aseta baitzegoen.

        — Nondik jaio da presa berri hori? Gizon zuhurrak ez dira korrika ibiltzen oiloak eguzkitan bezala. Dagoeneko ehunka koss egin ditugu, eta, orain arte, ez naiz zurekin bakarka ia batere egon. Nola ikas dezakezu ezer jendez inguratuta beti? Nola egin dezaket nik, hitz zaparradatan murgilduta, Bideaz meditaziorik?

        — Atso horren mingaina ez da orduan urteekin laburtzen, ezta? —irribarre egin zuen dizipuluak.

        — Ezta aztikeriak lortzeko duen desioa ere. Gogoan dut nola mintzatu nintzen behin Bizitzaren Gurpilaz —egin zuen azken kopiaren bila hasi zen lama kolkoan—, eta umeei eraso egiten dieten deabruak baino ez zitzaizkion interesatzen. Merituak eskuratuko ditu gu gonbidatuz... geroxeago... beste batean... poliki, poliki. Orain oinek eramaten gaituzten lekura joango gara, Gauzen Katean konfiantza izanez. Bilakuntzak ez du huts egingo.

        Hala bada aurrera egin zuten patxadaz zuhaizti loratuak gurutzatuz, Aminabad, Sahaigunge, Fordeko Akrola, eta Phulesa txikitik, Siwaliken mendi katea iparrean zutela beti, eta atzean berriz ere elurra. Izar lehorren azpian egindako loaldi luze eta gozoaren ondoren, esnatzen ari zen herritikako pasio dotore eta lasaia zetorren: eskean, eske-ontzia isilik luzatuta, baina begiak batera eta bestera mugituz, Legeari jaramonik egin gabe. Gero Kim, hauts bigunetan pauso bigunez, bere maisuarengana itzultzen zen mango zuhaitz baten itzaletara edo Dun siris zuri baten itzal meheagora, patxadan jan eta edateko. Eguerdian, hizketan jardun eta bide pixka bat egin ondoren, lo egiten zuten; eta freskatua topatzen zuten mundua haizea hozxeagoa zenean. Lurralde berrietan sartzen harrapatzen zituen gauak: lur emankorretatik hiru ordu lehenago begiztatutako herri aukeraturen bat, bidean oso aztertua.

        Han beren istorioa kontatzen zuten —gauero desberdina, Kimi zegokionean—, eta han, herriko apaizak nahiz agintariak, ongietorria egiten zien, Ekialde atseginaren usadioari jarraiki.

        Itzalak laburtzen zirenean eta lama astunago sostengatzen Kimen gainean, beti zuten eskura Bizitzaren Gurpila; aurrez garbituriko harrien azpian lisatuta jartzen zuten eta zikloz ziklo azaldu makila luze baten laguntzaz. Han esertzen ziren Jainkoak, goian, eta ametsen amets dira. Hantxe zegoen gure Zerua eta erdi-Jainkoen mundua, zaldunak zelaietan borroka. Han zeuden animaliek pairatzen dituzten gaitzak, ezkaratza igo edo jaisten duten arimak eta, horretaz, ez zaie trabarik egin behar. Hantxe ageri ziren Infernuak, bero eta hotz, eta izpiritu oinazedunen egoitza. Ikas ditzala chela-k gehiegi jatetik datozen kalteak: urdail hazia eta este erreak. Hala bada, zintzo-zintzo, burua makurtuta eta behatz iluna gauzak seinalatzen zizkionari jarraitzeko prest, ikasi egiten zuen Kimek; Gizakien Mundura heltzen zirenean ordea, lehiatsua eta probetxurik gabea, Deabruen gainean doi-doi dagoelarik, distraitu egiten zen; izan ere, bide ertzean Gurpila bera baitzebilen jira-biraka, jaten, edaten, saltzen, erosten, ezkontzen, eta errietan: bizi-bizia dena. Lamak sarritan errealitatea bera bihurtzen zuen testuaren gai, Kimi ikustaraziz —eta horretarako gogoz zegoen beti Kim— nola haragiak ehunka tankera desberdin hartzen dituen, desiragarria edo gorrotagarria gizonen ustetan, baina batera nahiz bestera baliorik gabea azkenean; eta nola izpiritu inozoak, Zerria, Usoa eta Sugearen menpekotasunean, betel intxaurra desiratzen duelarik, idi pare berria, emakumea, edo erregeen mesedea, gorputzari jarraitu behar dion, Zeru eta Infernuen barrena, behin eta berriz. Batzuetan emakume edo gizon pobre batek, errito hura ikusiz —ez baitzen gutxiagorik— paper hori handia zabaltzen zutenean, loreak edo eskukada bat kauri botatzen zuen ertzera. Jende apal hark aski zuen bere otoitzetan gogora zitzakeen gizon santu bat topatu izana.

        — Senda itzazu gaixorik badaude —esan zion lamak, Kimi jolaserako gogoa pizten zitzaionean—. Senda itzazu sukarra badute, baina ez ezazu inola ere aztikeriarik egin. Gogoan izan mahratta-ri gertatutakoa.

        — Orduan, txarrak al dira Egite guztiak? —erantzun zuen Kimek, zuhaitz handi baten azpian etzanda Duneko bidegurutzean, xinaurriak bere esku gainean korrika nola egiten zuten ikusiz.

        — Egiteak baztertzea ona da, merituak eskuratzeko izan ezik.

        — Jakituriaren Ateetan erakutsi ziguten jarduteari izuri egitea ez zela gauza egokia sahibentzat. Eta ni sahiba naiz.

        — Mundu osoaren Adiskide —zuzenean begiratu zion lamak Kimi—, ni zaharra naiz, eta ikuskizunak umeei bezain gustagarri gertatzen zaizkit. Bideari jarraitzen diotenentzat ez dago ez beltzik ez zuririk, ez India ez Bhotiyal. Ihesbidearen bila gabiltzan arimak gara denok. Sahiben artean edozer ikasi duzula ere, nire Ibaira iristean ilusioaz libratuko zara, nire ondoan. Hai! hezurrak minez dauzkat Ibai horrengatik, te-ren-ean minez zeuden bezala; baina izpiritua zain daukat hezurren gainean eserita. Bilakuntzak ez du huts egingo!

        — Erantzun didazu. Egin al dezaket galdera bat?

        Lamak bere buru dotorea makurtu zuen.

        — Zure ogia jan dut hiru urtez... zuk ondo dakizun bezala. Maisu, nondik zetorren...?

        — Aberastasun ugari da, gizonek dioten bezala, Bhotiyalen —erantzun zuen lasai lamak—. Nire lurrean ohoreen lilura daukat. Behar dudana eskatzen dut, ez daukat diruaz kezkatu beharrik. Monasterioa arduratzen da horretaz. Ai! Monasterioko eserleku beltz altuak, eta lekaide guztiak ilaratan!

        Eta istorioak kontatzen zituen, behatz batez hautsetan marraztuz, elurteez babesturiko katedraletako errito handi eta dotoreez; segizioez eta deabruen dantzez; nola moja eta fraideak zerri bihurtzen ziren; monasterioen arteko azpijokoez; mendi arteko ahotsa, eta betiko elurretan dantzatzen den lilura misteriotsuaz. Lhassaz ere mintzatu zen, eta Dalai Lamaz, ikusi baitzuen eta jauretsi.

        Egun luze, ezin hobe haietako bakoitza Kimen atzean altxatzen zen bere enda eta ama-hizkuntzatik banatzen zuen hesia osatuz. Berriz ere hindieraz pentsatu eta egiten zuen amets, eta oharkabean jarraitzen zituen lamaren ohitura erritualak jan, edan eta antzekoetan. Agurearen pentsamenduek, begiak betierako elurretara eraman ahala, gero eta gehiago jotzen zuten bere monasteriora. Ibaiak ez zuen batere kezkatzen. Noizean behin, hori bai, luze egoten zen sasi edo txorten bati begira, esaten zuenez, noiz zabalduko ote zitzaion lurra bere bedeinkapena eskainiz; baina pozik zegoen bere dizipuluarekin zegoelako, Dunetik behera datorren haize samurra gozatuz. Ez zen hura Ceylan, ez Buddh Gaya, ez Bombay, ezta bi urte lehenago nonbait topatu zituen hondakin sasiz josiak ere. Leku haietaz harrokeriarik gabeko adituaren eran mintzatzen zen, apaltasunean mugitzen zen Bilatzaile bezala, adineko gizon bezala, zuhurra eta neurtua, jakituria sena distiratsuz aberastuz. Pixkanaka-pixkanaka, zeharkako gauzaren batek beste istorio bat zekarrelarik, Indian gora eta behera egindako ibilaldiez mintzatu zen; eta Kimek, hasieran arrazoi jakinik gabe maitatu zuelarik lama, hamaika arrazoirengatik maite zuen orain. Hala gozatzen zuten bada, guztiz zoriontsu, alde batera utziz, Arauak eskatu bezala, hitz txarrak, desio zekenak; gehiegi jan gabe, ohe altuetan etzan gabe, arropa aberatsak erabili gabe. Sabelak adierazten zien noiz jan, jendeak ekartzen zien jatekoa, esan ohi den bezala. Aminabad, Sahaigunge, Fordeko Akrola eta Phulesa txikiko jaunak ziren, non Kimek arimarik gabeko emakumea bedeinkatu baitzuen.

        Bidaiari bizkorrak dira ordea Indian albisteak, eta azkar asko agertu zen, garietan barrena, Kabuleko mahatsa eta laranja doratuz betetako saski bat zeramala patila zuriko zerbitzari bat, ury-a mehe eta gihartsua, bere nagusiarengana joateko ohorea egin zezatela erregutuz Kim eta lamari, kezkatuta baitzegoen etxekoandrea horren luze ahaztuta zuelako lamak.

        — Orain gogoratzen naiz —proposamen hura guztiz berria balitz bezala mintzatzen zen lama—. Emakume bertutetsua da, baina guztiz berritsua.

        Kim aska baten ertzean zegoen eserita, herriko errementariaren semeari istorioak kontatzen.

        — Bere alabarentzako beste seme bat baino ez dit eskatuko. Ez zait ahaztu —esan zuen—. Eskura ditzala merituak. Esaiozu joango garela.

        Hemezortzi kilometro egin zituzten bi egunetan zelaietan barrena, eta begirunez hartu zituzten ibilaldiaren bukaeran; izan ere, abegikortasun tradizio luzea mantentzen zuen andreak, eta hartara behartu zuen suhia ere, familiako emakumeen agindupean baitzegoen hura, eta diru-mailegari bati dirua eskatuz erosten zuen bakea. Adinak ez zituen atsoaren mingaina eta oroimena ahuldu, eta burdin sare diskretu bat zuen goiko leiho batetik, gutxienez dozena bat zerbitzarik entzuten zuela, europar entzulegoa lotsa-lotsa eginda utziko lituzkeen konplituak egin zizkion Kimi.

        — Baina parao-ko eskale lotsagabea zara zu eta —esan zion txilioka—. Ez zaitut ahaztu. Garbitu zaitez eta jan. Alabaren semearen aita joan egin da puska baterako. Hala, emakume gaixook, mutu eta ezertarako gauza ez garela geratu gara.

        Haren froga eman nahian, etxeko guztiei aritu zitzaien errietan jana eta edana ekarri zuten arte; eta iluntzean —ke usaineko iluntzean, kobre eta turkesa kolorekoa zelaietan zehar—, palankina jar zezatela patio zikinean agindu nahi izan zuen, zuzi ketsuen argietan; eta hantxe, oso estu itxi gabeko gortinen atzean, hasi zen maiseaketan.

        — Maisua bakarrik etorri izan balitz, beste era batera egingo niokeen ongi etorria; baina txori galdu honekin, nola ez bada arduraz ibili?

        — Maharani —esan zuen Kimek, beti bezala hizkera dotorea aukeratuz—, nire errua al da bada sahib den batek, polis-sahib batek gainera, maharani-ari esatea, aurpegia...?

        — Ixo! Erromesaldian izan zen hura. Bidaian gabiltzanean... ezagutzen duzu zuk esaera zaharra.

        — Bihotz Urratzaile eta Atsegin Emaile esatea Maharani-ari?

        — Hori gogoratzea ere! Egia da. Halaxe esan zuen. Nire edertasunaren loraldian izan zen hura —barre txiki bat egin zuen, azukre kozkor batekin loro bat pozez dagonean bezala—. Orain kontaizkidazu zure joan-etorriak... lotsatu beharrik gabe ahal den guztia. Zenbat neska eta zenbat emazte geratu dira zure betileetan lotuta? Benaresetik al zatoz? Aurten ere gustura joango nintzateke hara, baina alaba... bi seme besterik ez daukagu. Phaiii! Lautaden ondorioa da hori. Kulun elefanteak dira gizasemeak. Baina zure gizon santuari eskatuko diot, egon bazterrean, petral alaena, mango garaian, haizeak direla eta, alabaren seme zaharrenak dauzkan beherako batzuen aurkako aztikeria. Duela bi urte oso aztikeria indartsua eman zidan.

        — O, maisu! —esan zuen Kimek, barrez lehertu beharrean lamaren aurpegi penatua ikusita.

        — Egia da. Haizeen kontrako bat eman nion.

        — Hortzak... hortzak... hortzak —zuzendu zuen atsoak.

        — «Senda itzazu gaixo badaude» —errezitatu zuen Kimek, biziki gozatuz—, «baina ez erabili aztikeriarik inola ere. Gogoan izan maharatta-ri gertatutakoa.»

        — Hori duela bi Eurite izan zen; leher eginda utzi ninduen bere etengabeko eskakizunekin —lamak intziri egin zuen lehenago Epaile Injustuak egin izan zuen bezala—. Hala gertatzen da, eta kontutan hartu, chela, Bidearen jarraitzaile direnak ere bazterrean geratzen direla emakume zoroen erruz. Hiru egun osoz, umea gaixorik zegoenean, aritu zitzaidan hizketan.

        — Arré! Eta norekin hitz egin behar nuen bada nik bestela? Umearen amak ez zekien ezer, eta aitak berriz, eguraldi hotza egiten zuen gauetan izan zen, «Egin otoi Jainkoei» esan zuen, horrelaxe, bai, eta bestaldera jarrita, zurrungaka hasi zen.

        — Aztikeria eman nion. Zer egin behar du bada agure batek?

        — «Gauza ona da ekintzak baztertzea, merituak eskuratzeko izan ezik.»

        — Ai, chela, zuk uzten banauzu, bakar-bakarrik geratuko naiz.

        — Esne-hortzak erabiltzen behintzat erraz asko ikasi du —esan zuen atsoak—, baina gainontzekoan berdinak dira apaiz guztiak.

        Kimek eztula egin zuen serio-serio. Gaztea zelarik, ez zion ongi irizten komentario desegoki hari.

        — Zuhurrak garaiz kanpo molestatzea ezbeharra gonbidatzea da.

        — Bada mynah berritsu bat (txoria) —Kimek ederki gogoratzen zuen behatz erakusle harri bitxiz betearen kolpearekin batera etorri zen erasoa—, ukuiluen gainean, familiako apaizaren ahoskera primeran ikasi duena. Baliteke nire gonbidatuei ohore egiteaz ahaztea, baina umea eskumuturrak sabel gainean jarrita ikusi izan bazenute, eta erdi hazitako kalabaza zirudien sabelak, eta garrasika, «Badator mina!», barkatuko zenidakete. Erdi erabakita nago hakim-aren medizinak hartzera. Merke saltzen ditu, eta, hori bai, Shivaren zezena bera bezain lodia dago bera. Sendagaiak ukatu ez ditu ukatzen, baina ikaratu egiten ninduen umeak flaskoen parte txarreko kolorea ikusita.

        Lama, bakarrizketaren babespean, ilunpetan desagertu zen prestatuta zuen gelarantz.

        — Amorrarazi egin duzu —esan zuen Kimek.

        — Hori ez. Nekatuta dago, eta niri, amona izaki, ahaztu egin zait. (Amonak eta ez beste inork zaindu beharko lituzke umeak. Umeak erditzeko bakarrik da ama egokia.) Idatziko du aztikeria bihar, alabaren semea nola hazi den ikusten duenean. Eta hakim berriaren drogak epaitu ahal izango ditu.

        — Nor da hakim-a, maharani?

        — Ibiltari bat, zu bezala, baina era berean Daccako bengaliar serioa... maisua da medikuntzan. Jan ondorengo estutasun batez libratu ninduen behin, deabru askatu batek bezala jardun zuen pastilla txiki baten bidez. Bidaian dabil orain, balio handiko prestaketak salduz. Paperak ere baditu, angrezi-z inprimatuak, bizkarreko mina duten gizonentzat eta emakume ahulentzat egin dituen gauzak azalduz. Lau egun eman ditu hemen. Baina zuek etortzekoak zinatela entzunda (hakim-ak eta apaizak sugea eta tigrea dira mundu osoan) aterpera joan da, nik uste.

        Hitz zaparrada haren ondoren arnasa hartzen zuen artean, zerbitzari zaharrak, inork ezer esan gabe zuzien argien ertzean eserita, murmurikatu zuen:

        — Etxe honek oilategia dela ematen du berritsu eta... apaiz guztientzako. Ez dezala umeak mango gehiago jan... baina nor hasi liteke ordea amona batekin errietan? —ahotsa goratu zuen begirunez—. Sahib, hakim-a lotan dago, janda gero. Usategiaren atzeko gelatan dago.

        Kim terrier urduri bat bezala tentetu zen. Calcuttan ikasitako bengaliar bati aurrea eman eta gero isilaraztea jolas polita izango zen. Ez zirudien ez lama, eta agian ezta bera ere, horrelako batek erraz baztertuko zituenik. Ezagutzen zituen indiar egunkarien atzealdeko iragarki bitxiak, ingeles kaskarrez idatziak. St Xavierreko mutilak ezkutuan eramaten zituzten batzuetan eskolara beren ikaskideekin barre egin asmoz; gaixo eskerronekoaren hizkeraz sintomak kontatzen soilak eta argigarriak baitira iragarki horiek. Ury-a, zurrupari bat beste bat aurrean jartzeko ez gogo gabe, usategi aldera desagertu zen.

 

 

 

© Rudyard Kipling

© itzulpenarena: Koro Navarro

 

 

"Rudyard Kipling / Kim" orrialde nagusia