11. ATALA

 

                Eman ofizioan

                Ohituta ez dagoen gizonari

                Jaurti eta berriz jasotzeko ezpatak

                Bota eta berriz heltzeko txanponak

                Zauritu eta berriz sendatzeko gizonak,

                Sorgindu eta berriz erakartzeko sugeak...

                Ezpatak min emango dio

                Sugeek ez diote obedituko

                Bere zakarkeriak traizio egingo dio

                Bere jendeak trufa erdeinuz...

                Ez zaio hala gertatuko malabarista jaio denari!

                Hauts apurra edo lore zimeldua,

                Lurreko fruitua edo inork utzitako makila,

                Aski ditu bere beharretarako

                eta boterea diote areagotzen,

                Aztikeria edo barrea sortu!

                Baina gizon horrek, etab.

                                Malabaristaren kantua, op. 15.

 

        Bat-bateko erreakzio naturala etorri zitzaion gero.

        «Bakarrik nago orain... bakar-bakarrik» pentsatu zuen. «Ez da India osoan ni bezain bakarrik dagoenik! Gaur hiltzen banaiz, nork eramango du albistea... eta nori? Bizitzen banaiz eta Jainkoa ona bada, nire buruak prezioa izango du, ni Kutunaren Semea naiz eta... ni, Kim».

        Oso zuri gutxik, baina asiarrek berriz askok eta askok murgil dezakete beren burua harriduran, nolabait esateko, beren izena berekiko behin eta berriz errepikatuz, adimena libre utziz nortasuna deritzanaz burutazioetan aritzeko. Zahartzerakoan, ahalmen hori desagertu egiten da gehienetan. Baina irauten duen artean edozein unetan etor lekioke gizon bati.

        — Nor da Kim... Kim... Kim?

        Itxoin-gela zaratatsuaren zoko batean eseri zen, bestelako pentsamendu guztiak baztertuta, eskuak magalean gurutzatuta eta begi-niniak orratz-buruak bezain estu. Konturatzen hasi zen minutu batean, beste segundo erdi batean, hel zitekeela arazo ikaragarri haren soluziobidera; baina orduantxe, beti gertatu ohi den bezala, pentsamenduak altura haietatik zaurituriko txori baten abiadaz lurreratu zitzaizkion, eta eskuaz begiak igurtziz, buruari eragin zion.

        Ile luzeko indiar bairagi bat, (gizon santua), txartel bat erosi berria, parean jarri zitzaion une hartan eta begira-begira geratu.

        — Nik ere galdu dut —esan zion Kimi tristuraz—, Biderako Ateetako bat da, baina nik urte askotan izan dut itxita.

        — Zertaz ari zara?

        — Hortxe ari zinen zeure baitan galdezka zer nolakoa duzun arima. Zalantza etorri zaizu bat-batean. Nik badakit. Nik ez beste nork jakin lezake bada? Nora zoaz?

        — Kashi aldera (Benares).

        — Ez da Jainkorik han. Saiatu naiz. Prayagera noa ni (Allahabad) bosgarren aldiz, Argitasunaren Bidearen bila. Zein fedetakoa zara?

        — Ni ere Bilatzailea naiz —esan zuen Kimek, Jamaren hitz kuttunetako bat erabiliz—. Nahiz eta —une batez zeramatzan Iparreko arropak ahaztu zitzaizkion—, nahiz eta Alak bakarrik dakien zeren bila nabilen.

        Agureak bairagi makulua besazpian jarri eta lehoinabar larru puska zati gorrixka batean eseri zen Kim Benareserako trenaren deia entzun eta altxatzen hasi zenean.

        — Ez dezazula itxaropena galdu, anaia txiki horrek —esan zuen—. Bide luzea da Bakarra den Haren oinetaraino; baina haraxe goaz denok.

        Kim ez zen hain bakarrik sentitu haren ondoren, eta bagoi bete-betean hogeita hamar kilometro egin baino lehen, bidai kideak animatzen ari zen bere eta bere maisuaren ahalmen magikoei buruzko kontakizun harrigarriekin.

        Hiri bereziki zikina iruditu zitzaion Benares, nahiz eta atsegina gertatu arropa nola errespetatzen zioten ikustea. Populazioaren hiruren batek gutxienez otoi egiten dio etengabe ehunka jainkoetako talde bati edo besteari, eta hala, era guztietako gizon santuak jauresten dituzte. Tirthankar elizaraino, hiritik kilometro t'erdira, Sarnathetik bertan, ustekabean topatutako punjabiar batek gidatu zuen; Jullundur aldeko kanboh-a zen, bere lurraldeko Jainko orori seme txikia sendatzeko otoi egina zen, eta azken itxaropen bezala Benaresera joana.

        — Iparrekoa al zara? —galdetu zion Kimi, kale estu, usaintsuetan barrena bidea besaburuekin zabaltzen zuen artean, bere behi kuttunak herrian egiten zuen eran.

        — Bai, ezagutzen dut Punjaba. Ama paharin-a zen, baina aita Amritzarretik zetorren, Jandiala ondotik —esan zuen Kimek, bere mingain trebea Bidearen beharretarako koipeztatuz.

        — Jandiala! Jullundur? Hara! Orduan nolabait ere auzoak gara, esaten ahal bada —keinu goxo bat egin zion besoetako ume negartiari—. Noten zerbitzura zaude?

        — Tirthankar Elizan dagoen oso gizon santu baten zerbitzura.

        — Oso santuak dira denak... eta oso diruzaleak —esan zuen jat-ak erresuminez—. Alde batera eta bestera ibili naiz elizetan barrena oinak honda-honda egin arte, baina umea ez da batere hobetu. Eta ama ere gaixo dago... Ixo, txikitxo... Izena aldatu genion sukarra etorri zitzaionean. Nesken arropak jantzi genizkion. Ez dago egin ez dugun gauzarik, gauza bat izan ezik... Eta esan nion amari Benaresera bidali ninduenean... Nirekin etorri behar zuen. Esan nion nik Sakhi Sarwar sultanak gehiago balioko zigula. Ezagutzen dugu Haren eskuzabaltasuna, baina barrualdeko Jainko hauek ezezagunak dira niretzat.

        Beso zailduek osatzen zuten kojinean jiratu zuen umea; umeak Kimi begiratu zion betazal astunen azpitik.

        — Eta alferrik izan al da dena? —galdetu zuen Kimek, biziki interesaturik.

        — Dena alferrik... dena alferrik —esan zuen umeak, ezpainak sukarrak pitzatuta.

        — Adimena behintzat ona eman diote Jainkoek —esan zuen aitak harro-harro—. Horrela egotea ere, adi-adi, eta dena ulertzea! Hortxe duzu Eliza. Gizon pobrea naiz ni, apaiz askorekin izan ditut tratuak... baina semea semea da, eta zure maisuari egindako opari batek sendatzen ahal badu... Indarrak agortzen ari zaizkit.

        Kim pentsatzen aritu zen, harrotasunak kilimak egiten zizkiola. Hiru urte lehenago egoera hura bere onerako erabili eta alde egingo zuen gero batere pentsatu gabe; baina orain, jat hark erakusten zion begiruneak frogatu zion gizona zela. Gainera, sukarra izanda zen behin edo bitan, eta bazekien elikadura faltaz ikusten zuenean ezagutzeko aski.

        — Esaiozu etortzeko eta idi pare hoberena emango diot, umea senda dadin.

        Elizaren kanpoko ate landuaren aurrean gelditu zen Kim. Ajmirreko bankari oswal batek, zuriz jantzita, garbitu berriak lukurreria bekatuak, zer behar zuen galdetu zion.

        — Teshu lama, Bhotiyaleko gizon santuaren chela naiz... hemen dago bera. Etortzeko esan zidan. Zain nago. Esaiozu.

        — Ez ahaztu umea! —egin zion oihu jat setatiak sorbalda gainetik, eta gero punjabieraz hasi zen garrasika—: O, santu zaren hori! O, gizon santuaren dizipulu hori! O, Mundu guztien gaineko Jainkoak! Ikusi oinazea zuen ateetan eserita! —garrasi hori hain da arrunta Benaresen, non inguruko inork ez baitu burua jiratzen.

        Oswal-ak, gizadiarekin bakeak eginda, atzeko ilunera eraman zuen mezua, eta Ekialdeko minutu lasaiak, inork kontatzen ez dituenak, igaro ziren; izan ere, lotan zegoen lama bere gelan, eta ez zegoen esnatuko zuen apaizik. Arhaten irudi lasaiak dauden aterpeko isiltasuna lamaren arrosarioaren soinuak berriz hautsi zuenean, lekaidegai batek xuxurlatu zion: —Hemen da zure chela—, eta agurea kanpora abiatu zen, otoia amaitzeaz ahaztuta.

        Irudi luzea atean agertu bezain agudo, korrika joan zitzaion jat-a aurrera, eta, umea altxatuz, garrasika hasi zitzaion:

        — Begiraiozu honi, santu zaren hori, eta, Jainkoek nahi badute, bizituko da! Bizituko da!

        Gerrikoan bila ibili ondoren, zilarrezko txanpon txiki bat atera zuen.

        — Zer da hau? —lamaren begiak Kimengana jiratu ziren. Nabari zitzaion lehen baino, Zama-Zammahen azpian zegoenean, urduera argiagoan mintzatzen zela; baina aitak ez zuen onartzen hizketaldi pribaturik.

        — Sukarra da huts-hutsik —esan zuen Kimek—. Umea ez dago ondo elikatuta.

        — Edozerekin gaixotzen da, eta ama ez du hemen.

        — Baimena badut, senda dezaket nik, maisu.

        — Hara! Sendagile egin al zaituzte? Itxoin hemen —esan zion lamak jat-ari, eta aldamenean eseri zitzaion elizaren maila beheenekoan, Kimek, begi ertzetatik begira, betelezko kutxa txikia poliki-poliki zabaltzen zuen artean. Amets egin izan zuen eskolan sahib baten gisan itzuliko zela lamarengana, eta adarra joko ziola nor zen agertu baino lehen, gazteen ametsak denak. Dramatismo handiagoa zuen ordea flaskoak miatze hark, itxura distraituta eta zimurtuta kopeta, noizbehinka pentsatu eta otoi bat murmurikatzeko eten bat eginez. Kinina tabletak zituen eta kolore arre iluneko haragi-zuku pastillak, behiarena segur aski, baina hura ez zitzaion berari ardura. Umeak ez zuen jaten, baina hala ere antsiaz zurrupatu zuen pastilla bat, eta gatza kutsua zuela esan zuen.

        — Orduan hartu hauetako sei —Kimek gizonari luzatu zizkion—. Egin otoi Jainkoei, eta irakin hiru pastilla esnetan; beste hiru uretan. Esnea edanda gero, emaiozu hau (kinina pildoraren erdia zen), eta bero-bero jarri umea. Beste hiruen ura eman, eta pildora honen beste erdia esnatzen denean. Bitartean, horra hor beste sendagarri arre hau, etxerako bidean zurrupa dezan.

        — Jainkoa, zer nolako jakituria! —esan zuen kanboh-ak, dena jasoz.

        Udazkenean, sukar gaitzak eraso egin zionean, berak hartutako sendabideaz gogoratzen zitzaiona zen hura, kentzen badira lama txundituta uztearren egin zituen marmarrak.

        — Zoaz orain! Eta goizean etorri berriz.

        — Baina prezioa... prezioa —esan zuen jat-ak, eta sorbalda sendoak atzera jarriz—: Semea semea da. Orain sendotu egingo da berriz, eta nola joango naiz ni amagana eta esan bide ertzean eman zidatela laguntza eta nik berriz ontzi bat mami ere ez nuela eman ordainetan?

        — Berdinak dira denak, jat hauek —esan zuen Kimek bigun—. Zutik jarri zen jat-a simaurraren gainean eta aldamenetik igaro zitzaizkion erregearen elefanteak. «Aizu, gizon» esan zuen, «zenbatean saltzen dituzu astotxo horiek?»

        Jat-a barre algaraka hasi zen, baina berehala ito zituen algarak lamari barkamena eskatuz.

        — Halaxe diote nire herrian... Berdin-berdin. Halakoxeak gara jat guztiak. Bihar etorriko naiz umearekin; eta gure etxeko Jainkoen bedeinkapenak, Jainko txiki zintzoak dira eta, izan ditzazuela zuek biok... Orain, seme, indartsuak izango gara berriz ere. Ez dezazula pastilla bota, printze txiki horrek! Nire bihotzeko errege, ez bota, eta gizon indartsuak izango gara biok bihar goizerako, borrokalariak eta ezpatarekin trebeak.

        Aldendu egin zen, erdi kantari eta marmarrean. Lama Kimengana jiratu zen, eta arima zahar maitagarria oso-osorik igarri zitzaion begi estuetan.

        — Gaixoak sendatzea merituak eskuratzea da; baina lehenbizi jakituria behar da. Zuhur jokatu duzu, Mundu osoaren Adiskide hori.

        — Zuk egin ninduzun jakitun, maisu —esan zuen Kimek, bukatu berria zen komedia ahaztuta; ahaztuta St Xavier; ahaztuta bere odol zuria; ahaztuta baita Joko Handia ere, mahomatarren erara jain-en elizako hautsetan bere maisuaren oinak ukitzera makurtu zenean—. Zuri zor dizut ikasi dudana. Hiru urtez zure ogia jan dut. Bukatua dut denbora. Utzi dut eskola. Zugana nator.

        Hementxe dut saria. Sartu! Sartu! Ondo al doa dena? —aterpera igaro ziren; luze-luze ageri ziren han arratsaldeko eguzkiaren urrezko izpiak—. Egon hor, nik ondo ikusteko. Horrelaxe! —begiratu kritikoz aztertu zuen mutila—. Hau ez da jadanik umea, gizona baizik, jakituriaz jantzita, eta sendagileak bezala ibiltzen dena. Asmatu egin nuen... Asmatu egin nuen gau beltz hartan gizon armatuen eskuetan utzi zintudanean. Gogoan al duzu gure lehenengo eguna Zam-Zammahen azpian?

        — Bai —esan zuen Kimek—. Gogoan al duzu nola egin nuen jauzi gurditik, lehenengoz joan nintzenean...

        — Jakituriaren Ateetara? Egia da. Eta gozokiak elkarrekin jan genituen hartan, Nucklaoko ibaiaren beste aldean. A! Askotan ibili zara zu niretzat eskean, baina egun hartan ni aritu nintzen zure ordez.

        — Bazen horretarako arrazoirik —esan zuen Kimek—. Ni orduan Jakituriaren Ateetako ikasle nintzen, eta sahiben erara jantzita nenbilen. Ez ahaztu, maisu —jarraitu zuen txantxetan—, sahiba naizela oraindik, zuri esker.

        — Egia da. Eta asko estimatzen duten sahiba. Zatoz nire gelara, chela.

        — Nola dakizu zuk hori?

        Lamak irribarre egin zuen.

        — Lehenbizi gizon armatuen akanpalekuan ezagutu genuen apaiz atsegin haren gutunen bidez; baina orain bere sorterrira joana da, eta haren anaiari bidaltzen diot dirua —Creighton koronela, harexek jasotzen baitzuen dirua aita Victor Ingalaterrara Maverickekin joan zenez geroztik, nekez izan zitekeen kaperauaren anaia—. Baina ez ditut ondo ulertzen sahibaren gutunak. Azaldu egin behar izaten dizkidate. Eta bide seguru bat hartu dut. Askotan, nire Bilakuntzatik bueltan eliza honetara etortzean, beti izan baitut hau habia, askotan etorri izan da Argitasun bila dabilen bat, Leheko gizon bat; hindua izana da, esan zidanez, baina nekatu egin omen da Jainko guzti horietaz —lamak Arhatak seinalatu zituen.

        — Gizon lodi bat? —esan zuen Kimek, fir-fir begiak.

        — Oso lodia; baina berehala konturatu nintzen erabat alferrikako gauzatara zeukala jarrita adimena, deabruak zirela eta, aztikeriak, gure monasterioetako tea edateko erak eta usadioak, nola iniziatzen ditugun gure lekaidegaiak... Galdera ugari egiten zituen gizon hark; baina zure laguna zen, chela. Funtzionario batek adinako ohorea izateko bidean zeundela esan zidan. Eta orain ikusten dut sendagile zarela.

        — Bai, horixe naiz... funtzionarioa sahiba naizenean, baina hori bazterrean geratzen da zure dizipulu gisa natorrenean. Bete ditut sahibentzat jarritako urteak.

        — Lekaidegai bazina bezala? —esan zuen lamak, buruari eraginez—. Ez al duzu eskolaren beharrik? Ez al duzu gero eskola azkarregi utziko.

        — Bukatu dut. Garai egokian Gobernuaren zerbitzura jarriko naiz funtzionario gisa.

        — Eta ez gerlari bezala. Ondo dago hori.

        — Baina lehenbizi bidera itzuliko naiz... zurekin. Horretarakoxe nago hemen. Nor ibiltzen da zuretzat eskean, egun hauetan? —jarraitu zuen bizkor. Irristakorra zen hizketagai hura.

        — Neroni ibiltzen naiz eskean sarritan; baina, dakizun bezala, gutxitan egoten naiz hemen, ez bada nire dizipulua berriz ikusteko natorrenean. Indiako mutur batetik bestera ibili naiz oinez eta te-renean. Lur handi eta zoragarria da bai hau! Baina hemen, atseden hartzera etortzen naizenean, nire Bhotiyalen bertan nagoela iruditzen zait.

        Atseginez begiratu zion gela txikiari. Kojin zabal batek eserlekuaren papera egiten zion, eta hantxe jarri zen zangoak gurutzatuta, Bodhisat meditaziotik atera zeneko jarreran; aurrean, teka zurezko mahai beltz bat zuen, berrogei bat zentimetrotako altura zuena, eta kobrezko te-ontziekin prest. Zoko batean aldare txiki bat zegoen, hura ere oso apaindutako teka zurezkoa, kobre doratuzko Buda eseriaren irudi batekin eta kriseilu bat eta kobrezko bi lorontzi zituela aurrean.

        — Duela urtebete, Etxe Miragarriko Irudien Gordetzaileak merituak eskuratu zituen niri hauek emanda —esan zuen, Kimen begiei jarraiki—. Bere lurraldeetatik urrun dagoenean bat, horrelako gauzek oroitzapenak ekartzen dizkiote; eta Jauna jauretsi egin behar dugu Bidea erakutsi digulako. Ikusi! —arroz koloredun pilo bitxi bat seinalatu zuen, metalezko apaindura harrigarri bat zuela gainean—. Nire lekuan abade nintzenean, gauzak hobeto ezagutu aurretik, egunero egiten nuen eskaintza hau. Unibertsoak Jaunari egiten dion sakrifizioa da. Eta horrela, mundu osoa eskaintzen diogu Bhotiyalen Lege Apartari. Eta orain ere halaxe egiten dut, nahiz eta orain badakidan Aparta den Hura zikoizkeria eta zurikeria guztien gainetik dagoela —rapea hartu zuen bere kalabazatik.

        — Ondo egina, maisu —murmurikatu zuen Kimek, lasai murgilduz kojinetan, zoriontsu oso eta nekatu samar.

        — Eta —agureak barre txiki bat egin zuen—, Bizitzaren Gurpilaren marrazkiak ere egiten ditut. Hiru egun marrazki bat egiteko. Horretan ari nintzen, edo baliteke une batez begiak itxi izana, zure berri ekarri didatenean. Nire artea erakutsiko dizut... ez harrokeriaz, ikasi behar duzulako baizik. Ez dute sahibek mundu honetako jakituria guztia.

        Mahai azpitik atera zituen usain bitxia zerion txinatar paper hori bat, pintzelak, eta indiar tinta pusketa bat. Txukun eta apaindurarik gabe, Gurpil Handia marraztu zuen lamak bere sei erradioekin, zentroa Zerria, Sugea eta Usoa direlarik (Jakineza, Amorrua eta Haragikeria) eta solairuak berriz Zeruak eta Infernuak, eta giza bizitzaren aukera guztiak. Esan ohi da Bodhisatek Berak marraztu zuela lehenengo aldiz arroz aleak hautsetara boteaz, bere dizipuluei gauzen zergatia erakusteko. Denbora luzeak gauzatu du tradizio zoragarri hori, ehunka irudi txikiz josita, marra bakoitzak bere esanahia duelarik. Gutxi dira irudi-parabola itzultzeko gauza; mundu osoan hogei ez dira marrazkia kopiarik gabe ondo egiteko gai; eta marrazkia egin eta azaldu batera egin dezaketenak hiru lagun besterik ez daude.

        — Ikasi dut pixka bat marrazten —esan zuen Kimek—. Baina hau zoragarria baino zoragarriagoa da.

        — Urte asko eman ditut honetan —esan zuen lamak—. Garai batean hogeita lau orduetan bukatzeko gauza ere banintzen. Arte hau erakutsiko dizut, prestakuntza egokiaren ondoren; eta Gurpilaren esanahia azalduko dizut.

        — Bidera joango al gara orduan?

        — Bidera eta gure Bilakuntzara. Zure zain baino ez nengoen. Ehun ametsek erakutsi didate garbi asko, eta batez ere Jakituriaren Ateak lehenbizikoz itxi ziren egunaren gauean etorri zitzaidan batek, zu gabe ez nuela sekula nire Ibaia topatuko. Behin eta berriz, ondo dakizunez, aldendu nuen burutapen hori, lilura zelako beldurrez. Horretaz, ezin zintudan nirekin eraman Lucknoweko egun hartan, gozokiak jaten aritu ginenean. Ez nuen zu hartzeko asmorik garai egokia heldu eta parte onekoa izan arte. Mendietatik Itsasora, Itsasotik Mendietara joan naiz, baina alferrik. Orduan Jâtaka gogoratu zitzaidan.

        Zangoan burdina zuen elefantearen istorioa kontatu zion Kimi, apaiz jain-ei horren maiz kontatutako bera.

        — Ez dugu beste frogarik behar —bukatu zuen lasai—. Niri laguntzera bidali zintuzten. Laguntza kendu zidaten, eta Bilakuntza hutsean geratu zen. Hala bada, elkarrekin irtengo dugu berriz, eta gure Bilakuntzak ez du huts egingo.

        — Nora joango gara?

        — Zer axola dio, Mundu osoaren Adiskide? Bilakuntzak, esan dizut, ez du huts egingo. Beharrezko bada, lurretik sortuko da Ibaia gure aurrean. Merituak eskuratu nituen Jakituriaren Ateetara bidali zintudanean, eta Jakituria den bitxi hori eman nizunean. Eta, orain ikusten dut, Sakyamuni Sendagilearen jarraitzaile bihurtu zara, Bhotiyalen horrenbeste aldare dituena. Nahikoa da. Elkarrekin gaude, eta gauza guztiak zeuden bezala daude orain, Mundu osoaren Adiskide, Izarren Adiskide, nire cheld!

        Gero gauza mundutarrez mintzatu ziren; baina, harritzekoa, lamak ez zion St Xavierreko bizimoduaz xehetasunik galdetu, eta jakin-minik txikiena ere ez zuen agertu sahiben ohitura eta usadioez. Burua iraganera zeukan erabat jarrita, eta Kimek eta berak elkarrekin egin zuten lehen bidaia zoragarriaren urrats oro bizitu zituen berriz, eskuak igurtziz eta barre txikiak eginez, zahartzaroaren bat-bateko loaldian murgiltzea desiratu zuen arte.

        Azken eguzki hautseztatua patiotik nola desagertzen zen ikusten egon zen Kim, eta mamu-ezpata eta arrosarioarekin jolasean aritu zen. Lurreko hirietan zaharrena denaren zaratak, Benares, gau eta egun esna Jainkoen aurrean, hormak kolpatzen zituen itsasoaren orroak uhin-urrategia astintzen duen bezala. Noizean behin, apaiz jain batek gurutzatzen zuen patioa, eskaintza txikiren bat eramanez irudiei, eta bere inguruko lurra erratzarekin garbitzen zuen ustekabean ez ziezaion izaki txikiren bati bizitza kendu. Kriseilu batek ñirñir egin zuen, eta otoitz baten soinuak jarraitu zion distirari. Kim izarrei begira egon zen, nola altxatzen ziren bata bestearen atzetik ilun geldi, trinkoan, aldarearen oinean loak hartu zuen arte. Gau hartan hindustanieraz egin zuen amets, ingelesezko hitz bat bera gabe...

        — Maisu, sendagaia eman genion umea dago —esan zuen, goizeko hirurak aldera, lama, bera ere orduantxe ametsetatik aterata, erromesaldian aterako litzatekeen orduan—. Jat-a hementxe agertuko zaigu egun argiarekin.

        — Ondo erantzun didazu. Presarekin, okerren bat egingo nukeen —kojinetan eseri eta arrosariora itzuli zen—. Zaharrak umeak bezalakoak dira noski —esan zuen era hunkigarrian—. Zerbait desiratzen dute, eta kontuz, berehalakoan egin behar da, bestela haserretu eta negarrez hasiko dira eta! Bidean nintzenean lurra oinez jotzekotan izan naiz sarritan, idi-gurdi bat zegoelako bidean, edo hauts hodei bat. Ez zen halakorik gertatzen gizon heldua nintzenean... aspaldi. Hala ere ez da barkatzekoa...

        — Baina zu zaharra zara, maisu.

        — Eginda dago. Zio bat jarri zen munduan, eta, gazte nahiz zahar, osasungabe nahiz osasuntsu, jakinda nahiz jakin gabe, nork geldiarazten ditu Zio horren ondorioak? Gelditu egiten al da Gurpila ume batek bultzatzen duelako, edo mozkor batek? Chela, mundu handia eta izugarria da hau.

        — Niri ona iruditzen zait —esan zuen Kimek aho zabalka—. Zer dago jateko? Atzo arratsaldeaz geroztik ez dut ezer jan.

        — Ahaztuta neukan zure beharra. Hortxe duzu Bhotiyaleko tea eta arroz hotza.

        — Horrekin ez gara urrunera helduko —europar guztiek haragitarako duten irrika zeukan Kimek, eta ezin da eliza jain batean haragirik eskuratu. Baina eske ontziarekin segituan atera beharrean, arroz hotzezko bolekin lasaitu zuen sabela, eguna argitu zuen arte. Eta egunak nekazaria ekarri zien, berritsu, eskerronez hitz-totelka.

        — Gauean sukarra jaitsi zaio eta izerdietan hasi da —egin zuen oihu—. Ukitu hemen... Azala freskoa eta berritua dauka! Gustatu zaizkio pastilla gatzatuak, eta esnea gogo onez hartu du —kendu zion aurpegitik oihala, eta umeak irribarre egin zion erdi lotan Kimi. Apaiz jain taldetxo bat, isilik baina adi, bildu zen elizaren atean. Bazekiten, eta Kimek bazekien apaizek bazekitela, nola ezagutu zuen lama zaharrak bere dizipulua. Jende konplitua zenez gero, ez zuten trabarik egin gauean beren agerpen, hitz edo keinuz. Hartaz, Kimek ordaindu egin zien eguzkia atera zenean.

        — Eskerrak jain-en Jainkoei eman, anaia —esan zion, ez baitzekien nola deitzen ziren Jainko haiek—. Sukarra jaitsi egin zaio, bai.

        — Begira! Ikusi! —lama atzean zegoen irribarrez, hiru urtez ostalari izan zituenen ondoan—. Izan al da sekula horrelako chela-rik? Gure Jaun Sendatzailearen jarraitzailea da.

        Jain-ek berez erlijio hinduaren Jainko guztiak ematen dituzte ontzat, eta baita Lingam ere, sorkuntzaren sinboloa, hau da, Faloa, eta Sugea. Brahamanen haria eraman ohi dute, eta kasten lege hindu oro jarraitzen. Baina, lama ezagutu eta maite zutelako, zaharra zelako, Bidearen bila zebilelako, gonbidatua zutelako, eta gau luzeak ematen zituelako apaiz-buruarekin hizketan —metafisikari adimenzalea berau, Ile bat hirurogeita hamar zatietan inoiz zatitu gabea—, adostasuna azaldu zuten marmarka.

        — Gogoan izan —Kim umearengana makurtu zen—, arazo hau berriz ere sor daitekeela.

        — Ez, zuk aztikeria egokia baldin baduzu —esan zuen aitak.

        — Baina berehala alde egingo dugu hemendik.

        — Halaxe da —esan zien lamak jain guztiei—. Elkarrekin abiatuko gara orain sarritan aipatu dudan Bilakuntzara. Nire chela heldua izan arte egon naiz zain. Begiraiozue! Iparrera goaz. Ez dut berriz ikusiko atseden leku hau, borondate oneko jende hori.

        — Baina ni ez naiz ordea eskalea —nekazaria zutitu egin zen, umea estutuz.

        — Egon geldik. Ez molestatu gizon santua —egin zuen oihu apaiz batek.

        — Zoaz —xuxurlatu zion Kimek—. Elkartu berriz gurekin burdinbideko zubi handiaren azpian, eta, gure Punjabeko Jainko guztien izenean, jatena ekarri... kurrya, barazkiak, koipetan frijitutako txigorrak, eta gozokiak. Batez ere gozokiak. Bizkor ibili!

        Gosearen zuritasuna primeran zegokion Kimi, han zutik zegoela, luzea eta argala, harea koloreko arropa lasaietan, esku bat arrosarioan zuela eta bestea bedeinkapenaren keinua eginez, lamari leialtasunez kopiatuta. Ingeles behatzaile batek kristalezko leiho bateko santu gaztea zirudiela esango zukeen, hazten ari zen mutil bat ahuleriaz akabatzen baino ez zenean.

        Agurrak luzeak eta konplikatuak izan ziren, hiru bider bukatu ziren eta hiru bider hasi berriz. Bilatzaileak —lama urruneko Tibetetik babesleku hartara gonbidatu zuena, zilar aurpegiko aszeta bizargabe bat—, ez zuen hartan parte hartu, aldiz, meditazioan jardun zuen, beti bezala, irudien artean bakar-bakarrik. Besteak berriz oso gizatiarrak ziren; agureari erosotasun txikiak ematen saiatu ziren —betelezko kutxa, burdinazko arkatz-kaxa berri eder bat, jatekoarentzako poltsa, eta antzekoak—, kanpoko munduaren arriskuez aholkuak emanez, eta Bilakuntzak bukaera zoriontsua izango zuela iragarriz. Bitartean Kim, inoiz baino bakarrago, eskaileretan zegoen eserita, eta bere artean erneguka ari zen St Xavierreko hizkeran.

        — Nire errua da ordea —bukatu zuen—. Mahbubekin, Mahbuben ogia jaten nuen, edo Lurgan sahibarena. St Xavierren, eguneko hiru jatordu. Hemen neure burua zaindu beharra daukat. Gainera, ez nago entrenatuta. Jango nuke gero platerkada bat haragi orain!... Bukatu al da, maisu?

        Lamak, bi eskuak jasota, azken bedeinkapenari ekin zion txinera apain-apainaz.

        — Zure besaburuan sostengatu beharko dut —esan zuen, elizako ateak itxi zirenean—. Zurruntzen ari naizela uste dut.

        Metro eta laurogeiko gizon baten zama ez da aise eramaten jendez jositako kaleetan barrena, eta Kim, biderako fardelez kargatuta, poztu egin zen burdin bideko zubiaren itzalpera heldu zirenean.

        — Hemen jan egingo dugu —esan zuen zirt eta zart, urdinez jantzita eta irribarrez agertu zenean kanboh-a, saski bat esku batean eta umea bestean.

        — Prest dago mahaia, gizon santu horiek! —egin zuen garrasi berrogeita hamar metrotara zegoenean. (Zubiaren lehen zatian zeuden, harearen ondoan, apaiz gosetuen begietatik urruti)—. Arroza eta kurry ona, txigor bero-beroak eta hing-ez gozatuak, gaztanbera eta azukrea. Nire zelaietako errege —hori semetxoari—, erakuts diezaiegun gizon santu hauei badakigula Jullundurreko jat-ok mesede bat ordaintzen... Entzunda neukan jain-ek ez dutela jaten beraiek egosi ez duten gauzarik, baina egia esatera —konplituki begiratu zuen ibai zabalaren aldera—, begirik ez dagoen lekuan ez da kastarik.

        — Eta gu —esan zuen Kimek, beste aldera jiratuz eta hostozko plater bat lamari beteaz—, kasta ororen gainetik gaude.

        Jateko onez ase ziren isilik. Behatz txikitik azkeneko kondar gozo lingirdatsua milikatu zuen arte ez zen Kim konturatu kanboh-a ere bidaiarako prest zegoela.

        — Gure bideek bat egiten badute —esan zien zuzen-zuzenean—, zuekin joango naiz. Mirari egileak ez dira maiz aurkitzen, eta umea ahul dago oraindik. Baina erabat ustela ere ez naiz ni—. Bere lathi-a hartu zuen (metro t'erdiko makila, banbuzkoa, burdin leundutako bandez hornitua), eta haizetan eragin zion—. Jat-ak haserrekorrak direla esaten da, baina ez da egia. Amorrarazten gaituztenean izan ezik, gure bufaloak bezalakoak gara.

        — Hala izan bedi —esan zuen Kimek—. Makila on bat arrazoi ona da.

        Lamak atsegin begiratzen zuen ibaian gora; han, ikusmira luze eta nahasian, ke zutabe luzeak altxatzen ziren etengabe ibai ondoko hileta sutzarretatik. Noizean behin, udal aginduen aurka izanda ere, erdizka erretako gorpu baten zatiak ageri ziren ur azalean lasterraren erdian.

        — Zugatik izan ez balitz —esan zion kanboh-ak Kimi, umea bere bular iletsuaren kontra estutuz—, haraxe joana nintekeen neu ere, honako hau hartuta. Apaizek esan ohi digute hiri santua dela Benares, eta horretaz ez du inork zalantzarik egiten, eta desiragarria dela hemen hiltzea. Baina nik ez ditut horien Jainkoak ezagutzen, eta beraiek berriz dirua eskatzen dute; eta sakrifizio bat egin eta buruhas batek esaten dizu ez duela ezer emango beste bat egiten ez bada. Garbitu hau! Garbitu bestea! Bota ura, edan, bainatu, bota loreak.._ baina beti ere apaizei ordaindu behar. Ez, Punjaba niretzat, eta Jullundur-doab-eko lurra, bertako lurrik onena.

        — Askotan esan izan dut, elizan uste dut, behar izanez gero gure oinetan zabalduko dela Ibaia. Hala bada, Ipar aldera joango gara —esan zuen lamak altxatuz—. Leku atsegin bat gogoratzen zait, fruitu-zuhaitzez inguratuta, meditaziotan aritzeko aproposa; freskoagoa ere bada han haizea. Mendietatik dator, eta Mendietako elurretatik.

        — Nola du izena? —galdetu zuen Kimek.

        — Nola jakin dezaket? Ez al zenuen zuk... ez, hori armada lurretik altxatu eta zu eraman ondoren izan zen. Hantxe egon nintzen meditazioa egiten usategiaren ondoan zegoen gela batean... emakumeak etengabe hitz egiten zuenean izan ezik.

        — A! Kuluko emakumea. Saharunporeren ondoan da hori —esan zuen Kimek barrez.

        — Nola mugitzen du izpirituak zure maisua? Oinez joaten al da, iraganeko bekatuak garbitzeko? —galdetu zuen zuhur jat-ak—. Puska ederra da Delhiraino.

        — Ez —esan zuen Kimek—. Eskean egingo dut te-ren-erako tikkut bat lortzeko.

        — Orduan, Jainkoen izenean, har dezagun su-gurdia. Hobeto dago nire semea bere amaren besoetan. Gobernuak zerga ugari ekarri digu, baina baita gauza on bat eman ere... adiskideak eta antsiaka dabiltzanak elkartzen dituen te-ren-a. Gauza zoragarria da te-ren-a.

        Bi ordu geroago trenaren barruan pilatu ziren denak eta lo egin zuten eguneko ordu beroenetan. Kanboh-ak ehunka galdera egin zizkion Kimi lamaren ibilaldi eta bizimoduaz, eta erantzun bitxiak jaso zituen. Pozik zegoen Kim leku hartan egoteagatik, ipar-mendebaldeko paisaia lauari erreparatuz, eta bidai lagunek osaturiko jendetza aldakorrarekin hitz egiteagatik. Oraindik orain, txartelak eraman eta pikatzeko erakutsi beharra zapalkuntza iluna gertatzen zaie indiar nekazariei. Ezin dute ulertu zergatik kentzen dioten ezezagun batzuek, paper pusketa magiko baten truke dirua ordaindu dutenean, zati bat beren kutunari. Hala bada, luzeak eta beroak izan ohi dira eztabaidak bidaiari eta eurasiar txartel-biltzaileen artean. Kimek bizpahiruri lagundu zien aholku serioak emanez, eztabaida ilundu asmoz eta lama eta kanboh mireslearen aurrean bere jakituria erakustearren. Baina Somna Roaden bidali zien Patuak zertan pentsatua. Trena alde egiten ari zela, gizontxo argal txatxu bat sartu zen balantzaka bagoian, mahratta, durbante estuaren muturra ikusita Kimek erabaki zuenez. Aurpegia ebakita zeukan, arroparen goiko aldeko muselina zeharo apurtuta, eta zango bat lotuta. Bagoikoei kontatu zien nekazari batzuen gurdia irauli eta hil zorian utzi zuela: Delhira omen zihoan, hantxe baitzuen semea. Kimek bertatik begiratzen zion. Gizonak esan bezala, biraka ibili bazen lurrean, hartxintxarren arrastoak nabaritu behar zitzaizkion larru azalean. Hark zeuzkan zauri guztiek ordea ebaki garbiak ziruditen, eta gurdi batetik erortze hutsak ezin zuten gizon bat horrela ikaratu. Oihal apurtua lepoan lotu zuenean kutun bat agertu zitzaion, «adorea emateko» deritzanetakoa. Kutunak gauza arruntak dira, bai, baina ez dira askotan kobre bihurriz egindako karratu baten barruan egoten, eta are gutxiagok daramate esmail beltza zilar gainean. Ez zegoen bagoian kanboh-a eta lamaz beste inor, eta, zorionez, bagoia bera zahar tankerakoa zen, itxia. Kimek kolkoa arraskatzeko itxurak egin zituen, eta, hala, agerian jarri zuen bere kutuna. Mahratta-ri aurpegiera aldatu egin zen erabat hura ikustean, eta bularrean jarri zuen berea, ageri-agerian uztearren.

        — Bai —jarraitu zuen gizonak kanboh-ari hizketan—, presaka nenbilen, eta gurdiak, zerri batek baitzeraman, putzu batean sartu zuen gurpila, eta egin zidan kalteaz gain tarkian platerkada oso bat ere galdu nuen. Ez nintzen nonbait Kutunaren Semea (gizon zorionekoa) egun hartan.

        — Horixe da galera handia —esan zuen kanboh-ak, interes itxurak eginez. Benaresen gertatutakoek susmakor egin zuten.

        — Nork egosi zuen? —galdetu zion Kimek.

        — Emakume batek —mahratta-k begiak jaso zituen.

        — Baina emakume guztiak egosten dituzte tarkian-ak —esan zuen kanboh-ak—. Oso kurry ona da, nik dakidanez.

        — A, bai, oso kurry ona da. —esan zuen mahratta-k.

        — Eta merkea —esan zuen Kimek—. Baina zein kastatakoa zen?

        — A, ez da kastarik gizonak... tarkian bila joaten diren lekuetan —erantzun zuen mahratta-k, agindutako kadentzian—. Noren zerbitzura zaude zu?

        — Santu honen zerbitzura —Kimek erdi lotan zihoan lama zoriontsua seinalatu zuen, eta lama jauzi batez esnatu zen maite zuen mundura.

        — A, hau Zerutik bidali zidaten laguntzera. Mundu osoaren Adiskidea deitzen diote. Izarren Adiskide ere deitzen diote. Sendagile baten gisa dabil, heldu zaio garaia eta. Jakituria handia du.

        — Eta Kutunaren Semea —esan zuen Kimek ahopetik, kanboh-ak presaka pipa prestatzen zuen artean, ez ziezaion mahratta eskaka hasi.

        — Eta nor da hori? —galdetu zuen mahratta-k, zeharka begiratuz urduri.

        — Semea... zera, sendatu diodan bat, eta gurekin zorretan dagoena... Leiho ondoan eseri, Jullundurreko gizona. Hona hemen gaixorik dagoena.

        — Hara! Ez daukat ustekabean topaturiko alferrekin nahasteko desiorik. Ez daukat belarri luzerik. Ez naiz besteen sekretuak entzun nahi dituen emakumea —bazterrera joan zen jat-a arrastaka.

        — Sendatzailea al zara? Honda-honda eginda nago ni —egin zuen oihu Mahratta-k, emandako aukera airean harrapatuz.

        — Gizon hau ebakiz eta ubelez josita dago. Sendatzen saiatuko naiz —erantzun zuen Kimek—. Zure semetxoa eta nire artean ez zuen inork trabarik jarri.

        — Errieta egin didazu —esan zuen apal kanboh-ak—. Zorretan naukazu nire semearen bizitzarengatik. Mirari egilea zara... Badakit.

        — Ea, erakutsi ebakiak —Kim mahratta-ren lepora makurtu zen, bihotza eztarrian zuela ia; izan ere, Joko Handia zen hura, baina areagotua—. Orain, kontatu dena bizkor, anaia, nik aztikeria bat esaten dudan artean.

        — Hegoaldetik nator; han egiten dut lan. Gutako bat bide ertzean hil zuten. Ba al zenekien? —Kimek buruari eragin zion. Berak noski ez zekien ezer E23-ren aurrekoaz; hegoaldean agertu zen hilda arabiar merkatariz jantzita—. Behar nuen gutun bat topatu ondoren, alde egin nuen. Hiritik ihes egin eta Mhowera joan nintzen. Ziur nengoen oso inork ezer ez zekiela, eta ez nuen itxura aldatu. Mhowen emakume batek utzi berria nuen hirian bitxiak lapurtzeaz salatu ninduen. Orduan konturatu nintzen alarma zabaldu zela. Gauez alde egin nuen Mhowetik, polizia sobornatu ondoren, polizia sobornatu egin baitzuten ni hegoaldeko etsaiei batere galderarik egin gabe entregatzeko. Gero Chitorreko hiri zaharrean ezkutatu nintzen astebetez, penitente gisa eliza batean, baina ezin izan nuen gainetik kendu nire kontu neukan gutuna. Erreginaren Harriaren azpian lurperatu nuen, Chitorren, gu guztiok ezagutzen dugun lekuan.

        Kimek ez zuen ezagutzen, baina ez zuen kontakizunaren haria moztezko asmorik.

        — Chitorren, konturatu ondo, erregeen herrialdean nengoen; izan ere, Kotah, Ekialdean, Erreginaren legeaz kanpo dago, eta Ekialdean daude baita Jaipur eta Gwalior ere. Espiak ez dituzte han gogoko, eta ez dago justiziarik. Zakurra bezala pertsegitu ninduten; baina Bandakuin ihes egitea lortu nuen, eta han jakin nuen salatu egin nindutela utzi berria nuen hirian mutil bat hiltzeagatik. Zain nituen gorpua eta lekukoak.

        — Baina ezin al zaitu Gobernuak babestu?

        — Jokoan gaudenok ez daukagu horrelako babesik. Hiltzen bagara, hilda gaude. Gure izenak desagertu egiten dira liburutik; hori da dena. Bandakuin, non Gutako bat bizi baiten, itxura aldatuz desagerraraziko nuela nire arrastoa bururatu zitzaidan, eta hala mahratta bihurtu nintzen. Gero Agrara joan nintzen, eta Chitorrera itzultzea erabaki nuen gutuna berreskuratzera, guztiz ziur bainengoen atzetik nituenak saihestu egin nituela. Eta horrexegatik ez nion inori tar-ik bidali (telegrama) gutuna non zegoen esanez. Meritu guztiak niretzat bakarrik nahi nituen.

        Kimek baietz egin zuen buruaz. Ondo ulertzen zuen sentimendu hura.

        — Baina Agran, kalean nenbilela, gizon batek dirua zor niola esan zidan, eta lekuko asko inguratuz, orduantxe bertan eraman nahi izan ninduen epaitegira. A, bizkorrak dira bai hegoaldean! Bere ordezkaria nintzela zioen, kotoi saltzailea. Erreko ahal da infernuan horratik!

        — Eta halaxe al zen?

        — Hara bestea! Gutunarengatik bila zebiltzan gizona nintzen ni! Harakinen auzoan ezkutatu eta Judutarraren Etxetik atera nintzen; judutarra istiluen beldur zegoen eta kalera bidali ninduen. Somna Roadera joan nintzen oinez, Delhirako tikkut-a erosteko dirua baino ez neukan, eta han, erreten batean nengoela sukarrak gaixoturik, gizon bat sasi artetik atera eta astindu egin ninduen, labanaz zauritu eta burutik oinetaraino miatu. Te-ren-aren ondo-ondoan izan zen!

        — Zergatik ez zintuen hil?

        — Ez dira hain zoroak. Legearen aginduz Delhin harrapatzen banaute, hilketa salakuntza frogatu batekin, desiratzen duen Estatuari emango diote nire burua. Zainpean itzultzen naute, eta gero... poliki-poliki hilko nintzateke Gure Taldeko gainontzekoen irakaspenerako. Hegoa ez da nire herria. Zirkuluetan mugitzen naiz, ahuntz begibakarra bezala. Bi egunetan ez dut jan. Ezaugarri bat jarri didate —hankako bendatu zikina ukitu zuen—, Delhin ezagutu nazaten.

        — Te-ren-ean behintzat toki ziurrean zaude.

        — Egon urte bat Joko Handian eta esango didazu hori berriz! Telegrafo hariak nire aurka arituko dira Delhin, nire xehetasun guztiak deskribatuz. Hogei lagunek, ehun behar izanez gero, ikusiko ninduten mutil hori hiltzen. Eta zuk ez didazu ezertarako balio!

        Bazekien Kimek indiarren metodoez aski kasua ezin hobeto antolatuta egongo zenaz, gorpua eta guzti, zalantzarik batere ez izateko. Mahratta-k noizean behin behatzak bihurritzen zituen oinazez. Kanboh-ak erresuminez begiratzen zion bere bazterretik; lama arrosarioarekin zebilen lanpetuta; eta Kimek, gizonaren lepoaren inguruan sendagileen erara mugituz, inbokazio artean antolatu zuen bere plana.

        — Ba al duzu itxura aldatzeko aztikeriarik? Hilda nago bestela. Bost... hamar minutu bakarrik, horrenbeste estutu ez banindute, eta agian...

        — Sendatuta al dago, mirari egile? —esan zion kanboh-ak jeloskor—. Nahikoa luze kantatu duzu.

        — Ez. Zauri hauentzako sendabiderik ez dago, nire ustez, ez baldin baditu hiru egun bairagi-z jantzita ematen —penitentzia arrunta da hori, merkatari gizenegiari bere maisu izpiritualak sarritan ezartzen diona.

        — Apaiza beti saiatzen da beste apaizak egiten —izan zen erantzuna. Oso superstiziozalea den jende gehienak bezala, kanboh-ak ere ezin izaten zion uko egin elizaz gaizki esaka aritzeari.

        — Zure semea ere apaiza izango al da orduan? Nire kinina hartzeko ordua du berriz.

        — Jat-ok bufaloak gara denak —esan zuen kanboh-ak, bigunduta.

        Kimek zumintz pixka batez igurtzi zituen umearen ezpain txiki sineskorrak.

        — Ez dut ezer eskatu —esan zion serio aitari—, jatekoa izan ezik. Arrangura al didazu horregatik? Beste gizon bat sendatu behar dut. Ematen al didazu baimena... printze jauna?

        Gizonaren atzapar handiak erregu keinuan altxatu ziren.

        — Ez, ez. Ez niri horrela iseka egin.

        — Atsegin dut gaixo hau sendatzea. Zuk merituak eskuratuko dituzu laguntzen badidazu. Zein koloretakoa duzu pipa-ontziko errautsa? Zuria? Hori parte onekoa da. Ba al zen kurkuma gordinik zure jatekoetan?

        — Nik... nik...

        — Zabal ezazu poltsa!

        Ohiko txikikeria arruntak agertu ziren: oihal pusketak, petrikiloen sendagaiak, ferietako hizki-mizkiak, atta-grisaska, indiar irin zakar ehoa zapi batean bilduta, nekazal tabako hariak, pipa-hodi apainduak eta kurry bakete bat, estalki batean bilduta guztiak. Kimek dena aztertu zuen azti jakintsu baten eiteaz, mahomatar inbokazio bat murmurikatuz.

        — Sahibei ikasitako jakituria da —xuxurlatu zion lamari; eta horretan, Lurganenean izandako entrenamendua gogoratuz, ez zuen gezurrik esaten—. Gaitz handi bat dago gizon honen patuan, Izarrek erakutsi bezala, eta... eta horrek kezkatu egiten du. Kenduko al diot?

        — Izarren Adiskide hori, ondo jokatu duzu gauza guztietan. Izan bedi zuk nahi bezala. Beste sendaketa al da hau?

        — Bizkor! Bizkor ibili! —esan zuen arnasestuka mahratta-k—. Gelditu egin liteke trena.

        — Heriotzaren itzalaren aurkako sendakuntza-esan zuen Kimek, kanboah-aren irina buztin gorrizko piparen ontziko ikatza eta tabakoaren errautsarekin nahastuz. E23-k, hitzik atera gabe, durbantea kendu eta ile beltz luzea askatu zuen.

        — Hori nire jatekoa da... apaiza —esan zuen marmarka jat-ak.

        — Bufaloa elizan! Horren urrutira begiratzen ausartu al zara? —esan zuen Kimek—. Misterioak burutu behar ditut jende ergelaren aurrean; baina zaindu begiak. Ez al zara konturatu estaltzen hasita dauzkazula? Umea salbatu dizut, eta zuk, ordainetan... O, lotsagabea! —gizona kuzkurtu egin zen begiratu zuzenaren azpian, Kim oso serio ari baitzen—. Madarikatu egingo zaitut... —fardelaren kanpoko zapia hartu eta buru soilaren gainean jarri zuen—. Ikusteko desioa duzula pentsatzen ere saiatu, eta... eta... neronek ere ezingo zaitut salbatu. Egon! Eta egon mutu!

        — Itsua naiz... mutua. Ez madarikaziorik egin! Za... zatoz, ume; gordeketan ibiliko gara jolasean. Ez begiratu, inola ere, oihalaren azpitik.

        — Bada esperantzarik —esan zuen E32-k—. Zer asmo duzu?

        — Hori hurrena dator —esan zuen Kimek, alkandora meheari tiratuz. E23-k zalantza egin zuen, ipar-mendebaldekoek ez baitute biluztea atsegin.

        — Zertarako balio dio kastak moztutako lepoari? —esan zuen Kimek, alkandora gerriraino ebakiz—; saddhu horia bihurtu behar zaitugu, burutik oinetaraino. Erantzi... erantzi bizkor, eta astindu burua begien gainean nik errautsa botatzen dudan artean. Orain, kasta ikurra kopetan —kolkotik atera zituen Saileko marrazki-kaxa txikia eta laka gorri biziko pastilla bat.

        — Hasberria al zara? —esan zuen E23-k, literalki bere bizitzaren aldeko ahaleginetan, bere gorputzaren estalkietatik atera eta galtza motxetan geratzen zelarik, Kimek errautsez zikindutako kopetean ohorezko kasta ikur bat jartzen zion artean.

        — Bi egun baino ez dira Jokoan sartu nintzenetik —erantzun zuen Kimek—. Jarri errauts gehiago bularrean.

        — Ezagutzen al duzu zuk... perla gaixotuen sendatzaile den bat? —durbantearen tolesturiko oihal luze estua astindu zuen, eta esku bizkorrez, bira eta bira estutu zuen giltzurrunen azpitik saddhu-en gerrikoaren tankera nahasian.

        — Ja! Ezagutzen al duzu zuk ere haren ukitua? Irakasle izan nuen puska batean. Hankak estali behar dizkizugu. Errautsak zauriak sendatzen ditu. Zabaldu berriz errautsa.

        — Ni haren harrotasuna izan nintzen garai batean, baina zu hobea zara ia-ia. Jainkoak alde ditugu! Emadazu hori.

        Opio pastilla kutxa txiki bat zen, jat-aren fardeleko zikinkerien artean zegoena. E23-k eskukada erdia irentsi zuen.

        — Onak dira hauek gosea, beldurra eta hotzaren aurka. Eta begiak gorritu egiten ditu —azaldu zuen—. Orain izango dut Jokoari ekiteko adorea. Saddhu-en turkesak baino ez zaizkigu falta. Zer egingo dugu arropa zaharrarekin?

        Kimek bil-bil egin zuen arropa, eta bere tunikaren tolesdura zabaletan sartu. Margo pusketa hori-arre batez hankak eta bularra estali zizkion, arrasto handiak utziz azpiko irin, errauts eta kurkumaren gainean.

        — Arropa horretan dagoen odola aski duzu urka zaitzaten, anaia.

        — Baliteke; baina ez dago zertan leihotik bota behar... bukatuta dago —ahotsak dardara egin zion Jokoan parte hartzen duen mutiko baten pozarekin—. Egin buelta eta begiratu, jat!

        — Jainkoek zain gaitzatela —esan zuen kanboh kapusaidunak, bufaloa kanabera artetik bezala atereaz—. Baina... nora joan da mahratta? Zer egin duzu?

        Lurgan sahibak erakutsita zegoen Kim; E23 berriz, bere lanbidea zela eta, ez zen aktore txarra. Tratulari dardarati eta kuzkurtuaren ordez, hantxe ageri zen zokoaren kontra saddhu bat ia biluzik, errautsez igurtzia, marra horixkekin eta hautseztatua ilea, begi haziak —eragin bizkorra du opioak urdail hutsean— distiratsu lotsagabekeria eta haragikeria ikaragarriaz, zangoak gurutzatuta, Kimen arrosario arrea lepoaren bueltan, eta metro eskas bat kretona zaharkitu loreduna zuela sorbalda gainean. Umeak aita txundituaren besoetan murgildu zuen aurpegia.

        — Altxa begiak, printze txiki hori! Sorginekin goaz, baina ez dizue kalterik egingo. O, ez negarrik egin... Zer zentzu du egun batean ume bat sendatzeak eta hurrengoan berriz ikaraz akabatzeak?

        — Ume hori zoriontsua izango da bere bizitza osoan. Sendakuntza handia ikusi du. Txikitan, buztinezko zaldiak eta gizonak egiten nituen nik.

        — Nik ere egin izan ditut. Sir Banás gauez etortzen da eta bizi erazi egiten ditu denak sukaldeko zabortegiaren atzean —esan zuen umeak.

        — Eta horregatik ez zaitu ezerk ikaratzen. Ezta, printze hori?

        — Aita ikaratuta zegoelako nengoen ni ere ikaratuta. Sentitu egin dut nola egiten zioten besoek dardara.

        — A zer oilo bustia! —eta jat lotsatuak berak ere barre egin zuen—. Sendakuntza burutu dut tratulari gizarajo honekin. Irabaziak eta kontu-liburuak ahaztu behar ditu eta bide ertzean eserita egon hiru gauez bere etsaien gaiztakeria gainditzeko. Izarrak aurka ditu.

        — Zenbat eta diru-mailegari gutxiago, askoz hobeto, esan ohi dut nik; baina saddhu izanda edo izan gabe, sorbaldetan daraman oihala ordaindu beharko lidake.

        — A bai? Baina zuk semea lepoan daukazu, eta heriotza-sutzarrerako zegoen bi egun ere ez direla. Beste gauza bat geratzen da. Zure aurrean egin dut aztikeria, larria baitzen beharra. Gorputza eta arima aldatu dizkiot. Hala ere, edozein ustekabez, Jullundurreko gizon hori, ikusi duzuna gogoratzen baduzu, nahiz herriko zuhaitzaren azpian zaharren artean eserita zaudela, nahiz zure etxean, nahiz apaiza abereak bedeinkatzen ari zaizkizunean, izurritea zabalduko zaizu bufaloen artean, su hartuko dizu etxeko teilatuak, saguak agertuko zaizkizu ganbaran, eta gure jainkoen madarikazioa joango da zure zelaietara, zure oinen aurrean eta goldearen hortzen atzean agor daitezen.

        Taksali Ateko fakir bati ikasitako madarikazio zahar baten zatia zen hura, Kim inuzentea zeneko garaikoa. Ez zuen ezertxo ere galdu errepikatzerakoan.

        — Ixo, maisu! Mesedez, isildu zaitez! —egin zuen oihu jat-ak—. Ez dezazula etxea madarikatu. Ez dut ezer ikusi! Ez dut ezer entzun! Zure behia nauzu! —eta bagoiaren zorua erregulartasunez jotzen zuten Kimen oin hutsei heltzen saiatu zen.

        — Baina honetan laguntzen utzi zaizunez gero nire arterako erabiliz ohore eman diedan irin pixka bat, opio apur bat eta antzeko txikikeriekin, Jainkoek beren bedeinkapena emango dizute ordainetan —eta berehala eman zion bedeinkapena, gizonak lasaitu ederra hartu zuelarik. Lurgan sahibi ikasitakoa zen.

        Betaurrekoen atzetik begira-begira zuen lama, E23 mozorrotzerakoan begiratu zuen ez bezala.

        — Izarren Adiskide —esan zuen azkenean—, jakituria handia eskuratu duzu. Kontuz ibili, ez zaitzan horrek harrokeriaren bekatura eraman. Begien aurrean Legea duen gizonak ez du zakar hitz egiten ikusi edo topatu duen ezertaz.

        — Ez noski, ez, ez —egin zuen oihu nekazariak, ez zezan maisuak ikaslea hobeagotu.

        E23, ahoa lasaituta, opioari emanda zegoen, jatena, tabakoa eta sendagaia baita opioa asiar ahituarentzat.

        Halaxe bada, harridurak eta gaizki ulertuak sortarazitako isiltasunean, heldu ziren Delhira kriseiluak pizten dituzten orduan.

 

 

 

© Rudyard Kipling

© itzulpenarena: Koro Navarro

 

 

"Rudyard Kipling / Kim" orrialde nagusia