10. ATALA

 

                Luzeegi egon da zure mirotza hegan egin gabe. Ez da lotuta jaio,

                pasekoa da, ehizan ibili ohi zen guk harrapatu baino lehen.

                Haizeetan libre arriskuan. Bai, neurea banu

                (Nekaturik eskularruan jartzen zaidanean nirea dudan bezala)

                Mirotz handia bailitzan egin eraziko niokeen hegan. Ondo dago

                Ezin hobeto lumatuta, gizonekin horren ohituta, zailduta...

                Emaiozu Jainkoak harentzat egin zuen ortzia,

                Eta zerk kenduko dio haizea?

                                Gow's Watch.

 

        Lurgan sahibak ez zuen zuzenean esan, baina bere aholkua bat zetorren Mahbubenarekin; eta aholkuak emaitza ona izan zuen Kimentzat. Orain ez zen indiarrez jantzita ateratzen Luckonowetik, eta gutunak hel zitezkeen lekuren batean zegoenean Mahbub, harexen akanpalekura joaten zen, eta afganiarraren begirada ernearen azpian aldatzen zuen janzkera. Topatu balu oporretako egiteen berri emateko mingainik Kimek eskolan erabiltzen zuen Topografia marrazki kutxa txikiak, eskolatik bidaliko zuten beharbada. Behin Mahbub eta bera Bombay hiri zoragarriraino heldu ziren, zaldiz betetako hiru bagoi zeramatzatela tranbietara, eta Mahbub pozez urtu zen ia-ia Kimek proposatu zionean dhow batean Indiar Ozeanoa arabiar zaldiak erosteko gurutzatzea, zaldi haiek, Abdul Rahmanen kontura bizi zen bati entzun zionez, kabuliarrak berak baino prezio hobeagotan saltzen baitziren.

        Tratulari handi horrek sartu zuen erretilu berean sartu zuen Kimek eskua, Mahbub eta erlijiokide batzuk haj afari handi batera gonbidatu zituztenean. Karatxira itsasoz itzuli ziren, eta orduantxe izan zuen Kimek itsasoko zorabioaren lehenengo esperientzia, kostako bapore baten brankako kubiertan jarrita, pozoitu egin zutela guztiz sinetsita. Babuaren sendagai kutxa sonatuak ez zion ezertarako balio izan, Kimek Bombayen bigarren aldiz hornitu zuen arren. Mahbubek negozioak zituen Quettan, eta han, afganiarrak onartu zuen bezala, bere soldata irabazi zuen Kimek, eta beharbada baita gehixeago ere, lau egun bitxi emanez intendentziako sarjentu lodi baten etxean morrontzan; haren idazmahaitik hartu zuen, une egoki batean, mintzezko koadernotxo bat, eta bere hartan kopiatu —ganadu eta gameluen salmentarekin zuela zerikusia zirudien—, ilargiaren argitan, etxaleku baten atzean etzanda, gau bero oso batez. Gero bere lekura bihurtu zuen koadernoa; Mahbuben esanetan, kobratu gabe utzi zuen zerbitzua, eta bidean hamar kilometro aurrerago elkartu zen afganiarrarekin, kopia kolkoan zeramala.

        — Arrain txikia da soldadu hori —azaldu zion Mahbub Alik—, baina denborarekin handia harrapatuko dugu. Idiak bi prezioetan saldu besterik ez du egiten, bata bere negozioetarako eta bestea gobernurako, baina hori ez zait bekatua iruditzen.

        — Zergatik ezin nuen liburuxka hartu eta kito?

        — Hori eginda ikaratu egingo zen, eta bere nagusiari kontatu. Eta guk berriz, Quettatik Iparrera doazen errifle berri mordo ederra galduko genuke beharbada. Jokoa oso handia da, eta lagun batek une jakin batean pixka bat besterik ez du ikusten.

        — A! —esan zuen Kimek, eta isildu egin zen.

        Montzoien oporretan izan zen hura, matematiketako saria jaso ondoren. Gabonetako oporrak, bere entretenimendu pribatuetarako hamar egun kenduta, Lurgan sahibarekin eman zituen, sutondo zaratatsu baten ondoan —Jakkorako bidea metro bat elurrez estalita zegoen urte hartan— eta, hindu txikia ezkontzeko joana zenez gero, Lurgani laguntzen jardun zuen Kimek perlak harian kokatzen. Sahibak Koranaren atal osoak buruz ikasi erazi zizkion Kimi, mullah baten erritmo eta kadentzia berberaz esateko gai izan zen arte. Gainera, bertako droga askoren izenak eta ezaugarriak erakutsi zizkion, eta baita ematerakoan errezitatu beharreko runa egokiak ere. Gauetan sorginkeriak idazten zituen pergaminoetan, pentagrama landuak: deabruen izenez koroatuak zeuden —Murra eta Awan, Erregeen laguna—, eta idazki harrigarriak zeuzkaten ertzetan. Eta, aproposagoa zena, gorputzaren zaintzaz eman zizkion aholkuak, sukarra sendatzekoak, eta bidaietarako sendabide errazak. Joateko eguna baino hamar egun lehenago, Creighton koronel sahibak —hura ez zen leiala izan— idatzizko azterketa bat bidali zion Kimi, neurgailu, kate, lokarri eta angeluez oso-osorik.

        Hurrengo oporretan Mahbub Alirekin joan zen; egarriz hiltzekotan egon zen bidaia hartan, gamelu baten gainean neke handiz gurutzatzen ari zela harea Bikanirreko hiri misteriotsurantz; ehun metrotako sakonera dute han putzuek, eta gameluen hezurrez daude estalita. Kimen ikuspuntutik ez zen hura bidaia entretenitua izan. Izan ere, eta tratuaren aurka, murailaz inguraturiko hiri basati haren mapa egitea agindu zion koronelak; eta esperagarria ez denez gero morroi mahomatar bat, eta nagusiaren pipa prestatzailea, indiar estatu libre baten hiriburuaren inguruan lur neurketarako kateekin ibiltzea, oinekin eta arrosario aleen laguntza hutsez hartu behar izan zituen Kimek neurriak. Itsas orratza erabili zuen orientatzeko aukera izan zuenean —ilundu ondoren gehienetan, gameluak janda zeudenean—, eta bere topografia kutxatxoaren laguntzaz, hiru margo eta sei pintzelekin, lortu zuen Jeysulmir hiriaren oso ez bestelakoa zen zerbait. Mahbubek gogotik egin zuen barre, eta txosten idatzi bat prestatzeko aholkua ere eman zion; eta Mahbuben zela kuttunenaren oihalaren azpian zegoen kontu-liburuaren azalaren gainean ekin zion Kimek lanari.

        — Ikusi, ukitu edo aztertu duzun guztia hartu behar du lanak kontutan. Jang-i-Lat sahiba bera, armada osoarekin eta gerrarako prest, bat-batean agertu izan balitz bezala idatzi.

        — Zer tamainatako armada?

        — A, lakh erdi bat.

        — Horixe da zorakeria! Gogoan izan zeinen eskas eta txarrak diten hondarretako putzuak. Mila gizon egarritu ez lirateke honaino hurbilduko.

        — Orduan jarri hori, eta hormetako pitzadura zaharrak ere aitatu, eta egurra non dagoen, eta nolako umorea eta jarrera duen erregeak. Ni hemen egongo naiz zaldi guztiak saldu arte. Gela bat hartuko dut hiriaren sarreraren ondoan, eta zu neure laguntzailea izango zara. Sarraila ederra du gelak atean.

        Txostena St Xavierreko idazkera etzan nahastezinean idatzita ageri da, eta mapa arre, hori eta gorria baliagarria izan zen duela urte gutxi (bulegari arduragabe batek artxibatu egin zuen E23k Sistanera egindako bigarren espedizioaren ohar zakarrekin); baina arkatzez idatzitakoak ulertezina behar du izan orain. Idazkia itzuli egin zuen Kimek Mahbuhentzat, oliozko kriseilu baten argipean izerdi patsetan, itzul bidaiaren bigarren egunean. Afganiarra altxatu eta makurtu egin zen bere zela-zakuen gainera.

        — Banekien jaietarako jantzia beharko zenuela, eta, horretaz, prestarazi egin dut —esan zion irribarrez—. Afganistango Emirra banintz (eta egunen batean hori ere ikusiko dugu beharbada), urrez beteko nizuke ahoa.

        Serio-serio Kimen oinetan utzi zituen jantziak. Bazen han Penshawurreko urrez brodaturiko txano bat durbanterako, kono baten tankerakoa, eta durbante oihal handi bat, bukaeran urrezko flekoak zituena. Bazen Delhiko txaleko brodatu bat esnea bezain zuria zen alkandora baten gainean jartzeko, eskuinetan lotua, zabala eta kulunkaria; praka berdeak, zeta bihurritutako gerriko batekin; eta, batere hutsunerik ez zedin izan, Errusiako larruz egindako babutxak ere baziren, usain zoragarriarekin, muturrak harro-harro goraka jasota.

        — Asteazkenez, eta goizean arropa berria janzteak zoriona dakar—esan zuen Mahbubek ahots beteaz—. Baina ez zaigu ahaztu behar munduan dagoen jende gaiztoa. Beraz...

        Distira guzti hura, Kimi arnasa modu zoragarrian kendu ziona, 45. errebolber batekin burutu zuen, nakar eta nikelezkoa, eta automatikoa.

        — Kalibre txikiagoa neukan pentsatuta baina gero gogoratu zait gobernuaren balak hartzen dituela honek. Horiek beti lortu litezke... batez ere mugaren bestaldean. Ea, altxa eta utzidazu begiratzen —bizkarrean jo zuen Kim—. Ez ahal zara sekula nekatuko, afganiar hori! A, zenbat bihotz urratu behar dituzun zuk! A, betileen azpiko begi horiek, zeharka begira!

        Kim jiratu egin zen, behatzak luzatu, tente-tente jarri, eta hazten hasita zeukan bibotea ukitu zuen oharkabean. Gero Mahbuben oinetara makurtu zen eskerrak behar bezala emateko, esku hegalari, mugikorrez, hitzik esateko beteegia baitzeukan bihotza. Aurreratu eta besarkatu egin zuen Mahbubek.

        — Seme... behar al dugu bada gu biok hitzik? Ez al da pistola txiki hori zoragarria? Zirkin batean ateratzen dira sei kartutxoak. Kolkoan sartuta eramaten da, larru-azalaren ondoan, nolabait esateko, larruak koipeztatua mantentzen du eta. Ez dezazula inoiz beste inon utzi, eta, Jainkoak nahi beza zuk horrekin egunen batean gizonen bat hiltzea.

        — Hai mai! —esan zuen Kimek penan—. Sahib batek gizon bat hiltzen badu zintzilikatu egiten dute sahiba gero gartzelan.

        — Bai; baina muga gurutzatu bezain agudo zuhurragoak dira gizonak. Jaso ezazu; baina kargatu lehenbizi. Zertarako balio du kargarik gabeko arma batek?

        — Madrissah-era itzultzerakoan emango dizut berriz. Han ez dute armarik ametitzen. Zuk edukiko didazu orduan?

        — Begira, seme, nekatuta nago madrissah horretaz, urterik onenak kentzen dizkiote eta leku horietan gizonari, bidean ez beste inon ikas litekeena erakutsi nahian. Sahiben zoramenak ez du ez hasiera ez bukaerarik. Ez dio axola. Baliteke txosten idatzi horrek morrontza luzeago batez libratzea; eta Jokoan gero eta gizon gehiago behar ditugula badaki Jainkoak.

        Aurrera egin zuten, harea mugikorraz babesteko ahoa estalita, gatzezko basamortutik barrena Jodhpurreraino; han Mahbubek eta Habib Ullah bere iloba ederrak salerosketa ugari egin zuten; eta ondoren, tristura handiz, gero eta txikiagoak zituen jantzi europarrekin, St Xavierreko bigarren klasera itzuli zen Kim. Hiru aste geroago, Creighton koronelak, Tibeteko mamu-ezpata batzuen prezioaz galdezka ari zela Lurganen dendan, Mahbub Ali nabarmen asaldatu bat topatu zuen. Lurgan sahibek erreserbako ordezkari bezala jokatzen zuen.

        — Eginda dago zaldia, bukatuta, jaten eta erakutsitako bidetik ibiltzen ikasita, sahib! Hemendik aurrera, egunetik egunera, ahaztu egingo zaio ikasitakoa gauzak errepikatzera behartzen badugu. Askatu hedeak eta utziozu joaten —esan zuen zaldi tratulariak—. Zaldi horren beharra daukagu.

        — Baina oso gaztea da, Mahbub... hamasei urte besterik ez, ezta?

        — Nik hamabost urte nituenean, hilda neukan gizon bat eta seme bat eginda, sahib!

        — Zu bai jentil zahar lotsagabea! —Lurganengana jiratu zen Creighton. Bizar beltzak baiezkoa egin zion afganiarraren bizar gorri tindatuaren jakituriari.

        — Nik aspalditik erabiliko nukeen —esan zuen Lurganek—. Zenbat eta gazteago, askoz hobeto. Horrexegatik edukitzen ditut nik benetan baliotsuak diren bitxiak ume baten ardurapean. Hona bidali zenidan mutila frogatzearren era askotako saioak egin nizkion: eta bera izan da gauzak ikustarazi ezin izan nion mutil bakarra.

        — Kristalean, ala tintontzian? —galdetu zion Mahbubek.

        — Ez. Nire eskuaren azpian, esan nizun hezala. Orain arte ez da sekula halakorik gertatu. Eta horrek esan nahi du nahikoa indarra duela... (nahiz eta zuk huskeria dela pentsatu), edonori berak nahi duena eginarazteko. Eta duela hiru urte gertatu zen. Orduz geroztik gauza asko eta asko erakutsi diot, Creighton koronela. Nire ustez, orain alferrik galtzen ari zara mutila.

        — Um! Baliteke arrazoi izatea. Baina, dakizun bezala, une honetan ez dago berarentzako topografia lanik.

        — Utziozue joaten... utzi joaten —moztu zuen Mahbubek—. Nork espero du bada hasiera-hasieratik zama handiak eramatea moxalak? Utziozue karabanekin joaten, gure gamelu zuri gazteekin esate baterako... horrek zorte ona ematen du eta. Neronek eramango nuke, baina...

        — Bada mutila oso baliagarria izan litekeen asunto txiki bat hegoaldean —esan zuen Lurganek, oso xamur, betazal urdindu astunak erotzen utziz.

        — E23-k dauka hori kontrolpean —esan zuen Creightonek bizkor—. Ez du hara joan behar. Gainera, turkieraz ez daki.

        — Behar ditugun gutunek nolako tankera eta usaina duten mutikoari esan eta ekarriko ditu —insistitu zuen Lurganek.

        — Ez. Gizonen lana da hori —esan zuen Creightonek.

        Ez hanka eta ez buru ez zuen istorioa zen: gutun baimenik gabeak eta asaldariak, erlijio mahomatarreko gauza guztietan mundu osoko azken autoritatea zela uste zuen gizon bat eta britainiar lurraldeetan emakumeak bahitzeagatik zigortu izan zuten erregetzako gizon gazte baten artean. Artzapezpiku mahomatarrak ziurtasunez eta arrandiatsu jokatu zuen; printze gaztea haserre zegoen besterik gabe bere eskubideak mugatu zizkiotelako, baina ez zuen egunen batean konprometigarri gerta lekiokeen postarekin jarraitzeko asmorik. Eskuratu zuten haietako gutun bat, baina aurkitu zuena hilda topatu zuten gero bide ertzean arabiar tratulariz jantzita, E23-k, lana bere gain hartuta, informatu zuen bezala.

        Gertaera haiek, eta argitara eman ezin diren beste zenbaitek, Mahbub eta Creightoni buruak eragin erazi zizkioten.

        — Utziozu bere Lama Gorriarekin joaten —esan zuen zaldi tratulariak ahalegin nabarmenez—. Agurea maite du. Pausoak arrosarioarekin neurtzen ikasiko du behintzat.

        — Izan dut harremanik agurearekin, gutunez —esan zuen Creighton koronelak, berriz ere irribarre eginez—. Zertan dabil?

        — Batera eta bestera dabil, hiru urte hauetan egin duen bezala. Sendatzeko gauza den Ibai baten bila dabil. Jainkoak madarika ditzala...! Tirthankar Elizan egoten da, edo Buddh Gayan, bideari uzten dionean. Gero mutila ikustera joaten da madrissah-era: bitan edo hirutan mutila horrexegatik zigortu izan dutelako dakigu. Burutik eginda dago agurea, baina gizon baketsua da. Ezagutzen dut. Babuak ere baditu harremanak berarekin. Hiru urtez bijilatu dugu. Lama Gorriak ez dira Indian oso arruntak, eta ez zaie arrastoa aise galtzen.

        — Babuak bitxiak dira oso —esan zuen Lurganek pentsakor—. Ba al dakizu zer den Hurri babuak benetan nahi duena? Royal Society-aren partaide izan nahi du, egiten dituen etnologi oharrak direla eta. Mahbubek eta mutilak lamaz esaten didaten guztia kontatzen dizut zuri eta baita hari ere. Hurri babuak Benaresera joateko asmoa du... bere kontura, uste dut.

        — Nik ez dut hori uste —esan zuen Cregihtonek. Berak ordaindu zituen Hurriren bidai gastuak, lama nor ote zen jakiteko irrikatan baitzegoen babua.

        — Eta lamarengana ere joan izan da behin baino gehiagotan une hauetan lamaismoaz informazioa jasotzeko, deabruen dantzez, eta sorginkeria eta kutunez. Birjina maitea! Aspaldi kontatuko niokeen nik guzti hori. Zahartzen ari da nire ustez Hurri bidean ibiltzeko. Nahiago du ohitura eta usadioei buruzko informazioa jaso. Bai, Society-ko kide izan nahi du.

        — Iritzi ona du Hurrik mutilaz, ezta?

        — A, bai, oso ona; oso arratsalde atseginak eman izan ditugu nire txokoan... baina nire ustez alferrikakoa litzateke mutil hori etnologi lanetarako Hurrirekin bidaltzea.

        — Ez ordea lehenengo saio baterako. Zuk zer diozu, Mahbub? Utziozu mutikoari lamarekin sei hilabetez joaten. Gero ikusiko dugu. Esperientzia hartuko du.

        — Hori badauka, sahib, arrainak igeri dabilen ura ezagutzen duen bezalaxe. Baina arrazoi askorengatik, gauza ona litzateke mutila eskolatik libratzea.

        — Ondo da —esan zuen Creightonek, berekiko ia—. Joan liteke lamarekin, eta Hurrik bijilatu nahi baditu askoz hobeto. Ez du arriskuetara bultzatuko mutila, Mahbubek egingo lukeen bezala. Gauza bitxia, Society-an sartu nahia. Oso gizatiarra ere bai. Hobea da Etnologian... Hurri.

        Ez diruaren truke, ez gorago egoteagatik, ez luke Creightonek Indiar Etnologi Zerbitzuko lana utziko, baina bihotzaren sakonean berak ere izenaren ondoren «Society-koa» idazteko desioa zeukan gordeta. Berak ezagutzen zituen moduko ohoreak eskura zitezkeen arte pixka bat eta adiskideen laguntzaz, baina, ondo zekienez, lanak eta ez beste ezerk —bizitza oso bat atzean zuen lanak— eraman zezakeen gizon bat Society-ra, berak asiar kultu bitxi eta usadio ezezagunez egindako monografien zaparradaz bete zuen Society hura. Hamar gizonetatik bederatzik ihes egingo zuten Royal Society-ko bilera batetik asper-asper eginda. Baina Creighton zen hamargarrena, eta batzuetan bihotz-bihotzez desiratzen zituen bizimodu errazeko Londongo jendez jositako gelak, non ile urdinduko gizonak edo gizon burusoilak, armadaz tutik ere ez dakitenak, esperimentu espektroskopikoen artean mugitzen baitiren, tundra izoztuetako landare kaskar, hegaldia neurtzeko makina elektriko eta eltxo emearen ezkerreko begia milimetroetako zatietan neurtzeko tresnen artean. Era guztietako arrazoi eta eskubidez behar zuen Geografia Elkarteak Creighton erakarri, baina gizonak umeak bezain ustekabeko dira jostailuak aukeratzerakoan. Hala, Creightonek irribarre egin zuen, eta Hurriz zuen iritzi ona areagotu egin zen, bera ere antzeko irrikak mugitzen zuen eta.

        Marnuen ezpata erortzen utzi eta Mahbuberi begiratu zion.

        — Noiz atera dezakegu moxala ukuilutik? —esan zion zaldi tratulariak, bestearen begiek ziotena irakurriz.

        — Urn! Oraintxe bertan ematen baldin badut erretiratzeko agindua... zer uste duzu egingo duela? Ez dut sekula parte hartu horrelako baten irakaspenean.

        — Nigana etorriko da —esan zuen bizkor Mahbubek—. Lurgan sahib eta biok prestatuko dugu biderako.

        — Hala izan dadila bada. Nahi duena egin ahal izango du sei hilabetez. Baina nor izango du erantzule?

        Lurganek burua okertu zuen pixka bat.

        — Ez du ezer esango, horren beldur bazara, Creighton koronela.

        — Mutil bat besterik ez da, azken finean.

        — Bai; baina lehenbizi, zer esanik ez dauka; eta bigarren, badaki zer gertatuko litzatekeen hitz eginez gero. Gainera, Mahub oso maite du, eta ni ere bai zertxobait.

        — Ezer ordainduko al zaio? —galdetu zuen zaldi-tratulari praktikoak.

        — Jatekoaren dietak besterik ez. Hilabeteko hogei rupia.

        Kontuen berrikuspenaz ez dagoela zertan kezkatu beharrik da zerbitzu sekretuaren abantailetako bat. Aurrekontu barregarria du noski, baina gizon gutxi batzuk arduratzen dira diruaz, eta ez dute frogagirik edo kontu xeherik eskatzen. Mahbuben begiak argitu egin ziren, ia-ia sij-ek diruarekiko duten maitasunaz. Lurganen aurpegi sorgorra ere aldatu egin zen. Aurrean zituzten urteak etorri zitzaizkion burura, Kimek ez gauez ez egunez eteten ez den Joko Handian parte hartuko zuenean, India osoan barrena. Aurrez ikusten zituen, aukeraturiko gutxi batzuen ahotan, ohorea eta ospea, bere ikaslearen bidez berarengana zetozela. Lurgan sahibek egin zuen E23 zena, ipar-mendebaldeko probintziako gizontxo urduri, lotsagabe, gezurti bat hartuta.

        Baina maisu haien poza hutsaren hurrengoa izan zen Kimen pozaren ondoan, St Xavierreko zuzendariak bakarka deitu zionean Creighton koronela bila joan zitzaiola esateko.

        — Ulertu dudanez, O'Hara, lur-neurketa laguntzaile bezala lanpostu bat aurkitu dizu Ubideen Sailean; matematikak gogotik ikasi izanari zor diozu hori. Zorte handia duzu, hamasei urte besterik ez dituzu eta; baina ulertuko duzu noski ez zarela pukka (finkoa) bihurtuko udazkeneko azterketa gainditu baino lehen. Beraz ez duzu pentsatu behar ondo pasatzera irtengo duzunik, edo dirua egitera. Lan gogorra duzu aurrean. Pukka bihurtzea lortzen baduzu ordea, hileko laurehunetik bostehunera irabaz zenezake.

        Eta ondoren zuzendariak aholku ugari eman zion jokaeraz, gizabideaz eta moralaz. Eta beste batzuek, ikasle zaharragoak, oraindik lanposturik lortu gabeak, anglo-indiarrak ez beste inor mintza litekeen moduan aritu ziren hizketan, kuttunkeria eta korrupzioaz. Cazalet gazteak gainera, zeinak aita pentsionista baitzuen Chunarren, oso garbi eman zuen aditzera Creighton koronelak Kimengan zuen interes hura aita batena zela; eta Kimek, mendekua hartu ordez, ez zuen txintik atera. Zetorkion gozamen handian, bezperan Mahbubek bidalitako gutunean ari zen pentsatzen, ingelesez txukun-txukun idatzitako gutuna, arratsalde hartarako zitatuz izenak berak zuzendariaren ilea ikaraz zut jarriko zukeen etxe batean...

        Gau hartan, esan zion Kimek Mahbuberi Lucknoweko geltokian, ekipaien baskularen ondoan zeudela:

        — Beldur nintzen azkenean ez ote zitzaidan sabaia gainera eroriko eta atera ezinik geratu. Egia al da dena bukatu dela, aita?

        Mahbubek behatzak klaskatu zituen bukaera haren erabatekoa erakusteko; ikatz pusketek bezala distiratu zioten begiek.

        — Eta non dago eraman behar dudan pistola?

        — Poliki, motel! Urte erdia loturarik gabe korrika egiteko. Hori eskatu nion Creighton koronelari. Hogei rupia hilabeteko. Txano Gorri Zaharrak badaki bazoazela.

        — Hiru hilabetez nire soldataren dusturie-a (komisioa) ordainduko dizut —esan zuen Kimek serio—. Bai, bi rupia hilabeteko. Baina lehenbizi hauek kendu behar ditut —harizko galtza finei eta lepokoari tira egin zien—. Gainean ekarri dut bidean beharko dudan guztia. Nire kaiza Lurgan sahibarengana joan da.

        — Eta goraintziak bidaltzen dizkizu... sahib.

        — Oso gizon argia da Lurgan sahiba. Baina zu zertan ari zara?

        — Iparrera noa berriz, Joko Handia dela eta. Zertan bestela? Oraindik ere Txano Gorriaren atzetik joateko asmotan zaude ala?

        — Ez ahaztu hark egin nauela orain naizena, berak ez bazekien ere. Irakatsi didan dirua bidali du urtez urte.

        — Nik ere beste horrenbeste egingo nukeen... nire buru gogorretik horrelakorik pasa izan balitz —esan zuen marmarka Mahbubek—. Goazen. Piztuta daude farolak, eta bazarrean ez da inor zurekin konturatuko. Hunifaren etxera joango gara.

        Harako bidean, Lemueli amak emandako aholku bera eman zion Mahbubek, eta, gauza bitxia bada ere, zuzen zebilen Mahbub Hunifa eta bera bezalakoek erregeak suntsi zitzaketela esatean.

        — Eta gogoan dut —errepikatu zuen Mahbubek maliziaz—, nola esan zuen batek «Sinetsi sugeari emagalduari baino lehenago, eta emagalduari afganiar bati baino lehenago, Mahbub Ali». Baina, afganiarrena izan ezik, tartekoa bainaiz ni, egia da dena. Eta are egiagoa Joko Handian, emakumeen bidez hondatzen baitira plan guztiak, eta egunsentian agertzen gara gero lepoa moztuta. Halaxe gertatu zitzaion bati —xehetasun osoz kontatu zion istorioa.

        — Orduan zergatik? —Kim isildu egin zen gela altu bateko ilunpe berora zeraman ezkaratz zikin baten aurrean, Azim Ullahen tabako dendaren atzean dagoen bizilekuan. Ezagutzen dutenek Txoritokia deitzen diote... bete-beteta baitago txistu, xuxurlo eta urrumaz.

        Kojin zikin eta erdizka erretako nargilez beteta, tabako mingotsaren kirats eramanezina zerion gelari. Emakume erraldoi eta tankeragabe bat zetzan zoko batean, berde antzeko gasatan bilduta, eta kopeta, sudurra, belarriak, lepoa, eskumuturra, besoa, gerria, eta txorkatila indiar bitxi astunez apainduta. Jiratzerakoan eltzeek elkar jotzean egiten duten soinu bera egin zuen. Katu argal batek kanpoko balkoian miau egin zuen, goseak. Kim, lotsatuta, sarrerako gortina atzean gelditu zen.

        — Hau al duzu merkantzia berria, Mahbub? —esan zuen nagikeriaz Hunifak, nargilearen bokila ezpainetatik aldentzeaz arduratu gabe—. O, Buktanus! —bere klaseko gehienak bezala, deabruak aitatzeko ohitura zuen—. O, Buktanus! Oso itxura ona du.

        — Hori zaldi salmentaren parte da —azaldu zion Mahbubek Kimi, eta Kimek barre egin zuen.

        — Sei egun bete nituenez geroztik daukat hizkera hori entzunda —erantzun zion Kimek, lurrean argiaren ondoan eseriz—. Zertarako gaude hemen?

        — Zure babeserako. Gaur gauean kolorea aldatuko dizugu. Teilatupean lo egite horrek almendrak bezain zuri utzi zaitu. Baina Hunifak ezkutatu egiten duen kolorearen sekretua dauka. Ez bizpahiru egunetako margoa. Gainera, indartu egingo zaitugu bideko arriskuen aurka. Hauxe da nik egiten dizudan oparia, seme. Kendu gainean dituzun metalezko gauza guztiak eta utzi hemen. Presta ezazu dena, Hunifa.

        Kimek itsas orratza atera zuen, topografiarako margo-kaxa eta bete berria zuen sendagai kutxa. Guzti haiek bidaietan lagundu izan zioten beti, eta, gazteei gertatu ohi zaien bezala, balio handia zuten beretzat.

        Emakumea poliki altxatu eta mugitu egin zen eskuak aurrean apur bat zabalduta. Orduan konturatu zen Kim itsua zela.

        — Ez, ez —murmurikatu zuen—, egia dio afganiarrak... nire kolorea ez da desagertzen ez astebete ez hilabetean, eta nik babesten ditudanak ondo defendatuta daude.

        — Urruti eta bakarrik dagoenean bat, ez da gauza ona izaten bat-batean pikorrez eta arrastoz betetzea —esan zuen Mahbubek—. Nirekin zeundenean ardura nintekeen ni horretaz. Gainera, larruazala argia dute afganiarrek. Erantzi zaitez gerriraino eta ikusi nola zuritu zaren —Hunnifa tentuan itzuli zen barneko gela batetik—. Ez dio axola, ez du ikusten —buztin-lokatzezko ontzi bat hartu zuen emakumearen esku eraztundunetik.

        Tintea urdina eta lingirdatsua zen. Kimek saio bat egin zuen eskumuturraren atzealdean para pusketa batekin baina Hunifak entzun egin zuen.

        — Ez, ez —egin zuen oihu—. Hori ez da horrela egiten, dagokion zeremoniarekin baizik. Kolorea da gutxiena. Biderako babes osoa emango dizut.

        — Jaddo? (magia) —galdetu zuen Kimek dardara ikara arin batez. Ez zituen gogoko begi zuri ikusmen gabeko haiek. Mahbuben eskuak, lepotik helduta, lurrera makur erazi zuen, sudurra ia-ia oholetan zuela.

        — Geldik egon. Ez dizugu kalterik egingo, seme. Neure burua zuretzat opari!

        Ezin zuen ikusi zertan ari zen emakumea, baina bitxien zarata entzun zuen puska luze batean. Pospolo batek argitu zuen iluna; intsentsu aleen ohiko txinpartak harrapatu zituen. Gero kez bete zen gela: ke astuna, usaintsua eta loarrazlea. Gero eta lokartuago, deabruen izenak aditu zituen, Zulbazan, Eblisen semea, azoka eta paraoetan bizi dena, bat-bateko haragikeriak eragiten dituela atseden hartzera geratzen direnen artean; Dulhan, meskiten inguruan ikusiezina, jendea otoitzetatik aldentzen duena; eta Musbut, gezur eta ikararen jauna. Hunifa, belarrira xuxurlatzen ziola orain, oso urrutitik bezala mintzatzen zen, behatz leun beldurgarriz ukitzen zuen, baina hala ere Mahbuben esku indartsuak ez zion Kimi lepoa askatu hasperen batez erlaxatuz kordea galdu zuen arte.

        — Ala! Nolako borroka egin duen! Ez genuen inola ere lortuko drogekin izan ez balitz. Odol zuriak egingo zion hori noski —esan zuen Mahbubek umore txarrez—. Segi dawut-arekin (inbokazioa). Emaiozu babes osoa.

        — Entzule hori! Belarriekin entzuten duzun horrek, zatoz hona. Entzun, Entzule hori! —egin zuen intziri Hunifak, begi hilak mendebaldera jarrita. Intziri eta marmarrez bete zen gela iluna.

        Kanpoko balkoitik, irudi astun batek buru biribila jaso eta eztul egin zuen urduri.

        — Ez eten sabeliztunaren nekromantziak, adiskide —esan zuen ahotsak ingelesez—. Zuri oso nahasgarria gertatuko zaizu noski, baina begirale adituak ez du zertan kezkatu beharrik.

        — ... Zerbait asmatuko dut horiek hondatzeko! O, Iragarle hori, pazientzia izan sinesgabeekin. Bakean utzi puska batean! —Hunifaren aurpegiak, iparrera jiratuta, keinu beldurgarriak egiten zituen, eta ematen zuen sabaitik zetozen ahotsek erantzun egiten ziotela.

        Hurri Babu bere ohar-koadernora itzuli zen, leihoaren zurerian ezarrita, baina eskuak dardara egiten zion. Hunifa, drogen estasian edo, aurrera eta atzera mugitzen zen zangoak gurutzatuta Kimen buru geldiaren ondoan eserita, eta deabru bati bestearen atzetik egiten zion dei, erritoaren ordena zaharrean, mutila ekintza orotatik alden zezatela eskatuz.

        — Harekin daude Gauza Sekretuen giltzak! Berak ez beste inork ez ditu ezagutzen. Berak daki lur lehorrean eta itsasoan dagoen guztia! —Berriz ere arrapaladan heldu ziren erantzun txistukari misteriotsuak.

        — Ez... ez da bada ekintza horretan dena gaiztoa izango, ezta? —esan zuen babuak, ikusiz nola egiten zuten dardara eta nola gogortzen ziren Hunifaren eztarriko giharrak hizkuntza arrotzez mintzatzen zen artean. Ez... ez zuen bada mutila hilko? Hala baldin bada, uko egiten diot epaiketan lekuko izateari... Zein zen azkena aipatu duen balizko deabrua?

        — Babuji —esan zuen Mahbubek hindieraz—. Ez diet batere begirunerik Indiako deabruei, baina Eblisen Semeak oso bestelakoak dira, eta nahiz eta jumali izan (parte onekoak), nahiz jullali (parte txarrekoak), ez dituzte sinesgabeak atsegin.

        — Orduan uste duzu hobe dudala joatea? —esan zuen Hurrik, erdizka altxatuz—. Materiarik gabeko fenomenoak baino ez dira noski. Spencerrek dio...

        Txilio leherketa batekin bukatu zen Hunifaren krisia, halakoetan gertatu ohi den bezala, eta ezpainetan apar ukitu bat ere bazuela. Leher eginda eta mugitu ezinik geratu zen Kimen ondoan, eta ahots eroak isildu egin ziren.

        — Hara! Eginda dago lana. Ibiliko ahal da orain hobeto mutila; bai noski, dawut-ean aditua da eta Hunifa. Lagunduidazu alde batera eramaten, babu. Ez beldurrik izan.

        — Nola izango naiz ez dagoenaren beldur? —esan zuen Hurri babuak, bere burua lasaitzearren ingelesez hizketan. Gauza izugarria da halako erdeinuz ikertzen den magiaren beldur izatea, Ilunaren Botere guztietan biziki sinetsiz Royal Society-rako folklorea jasotzea.

        Mahbubek barre txiki bat egin zuen. Izana zen bestetan ere Hurrirekin bidean.

        — Buka dezagun margoketa —esan zuen—. Ondo babestuta dago mutila... Haizeetako Jaunek entzuteko belarriak baldin badauzkate. Ni sufi-a naiz (adimenzalea), baina emakume, hazitarako edo deabru baten puntu itsuak topatuz gero, zergatik bestaldera j arri ostikoa eman diezaguten? Jarri mutila bidean, babu, eta kontuz ibili ez dezan Txano Gorriak eraman guk harrapatu ezingo dugun lekura. Nik zaldietara itzuli beharra daukat.

        — Ondo da —esan zuen Hurri babuak—. Ikuskizun bitxia da une honetan mutila.

        Oilarrak hirugarren kukurrukua jo zuenean, mila urtetako loalditik esnatu zen Kim. Hunifa, bere zokoan, zurrungaka ari zen, baina Mahbub joana zen.

        — Ez zinen ikaratuko noski —esan zion sorbalda ondotik ahots koipetsu batek—. Neronek superbisatu dut ekintza oso-osorik, eta guztiz interesgarria izan da etnologiaren ikuspuntutik. Dawut bikaina izan da.

        —A! —esan zuen Kimek, Hurri babu zela konturatuta, besteak irribarre lausengaria egiten zion artean.

        — Eta Lurganen partez orain daramazun jantzia ekartzeko ohorea izan dut. Ez dut horrelako hornidurak menpekoei ekartzeko usadiorik, baina —barre txiki bat egin zuen—, zure kasua berezia bezala ageri da liburuetan. Hartuko ahal du kontutan Mr Lurganek nik egindakoa.

        Kimek ahoa zabaldu eta nagiak atera zituen. Atsegina zen berriz ere jantzi lasaietan jira-biraka ibiltzea.

        — Hau zer da? —jakin-minez begiratu zion oihal lodiari, Ipar urruneko usainez betea.

        — O! Hau lama lamaistikoaren zerbitzura dagoen chela jantzi diskretua da. Oso-osoa xehetasun guztietan —esan zuen Hurri babuak, balkoiraino joanez buztinezko ontzi batean hortzak garbitzera—. Nire iritziz, ez da zure jaun zaharraren erlijio berberekoa, erlijio horren azpi-adar batena baizik. Ohar batzuk bidali ditut gai honetaz Asiatic Quaterly Review aldizkarira. Hala ere, gauza bitxia da jaun zahar horrek berez erlijiotasunik batere ez izatea. Bost axola zaio dena.

        — Ezagutzen al duzu?

        Hurri babuak eskua altxatu zuen, hortza garbiketa eta halako gauzekin batera bengaliar ongi ikasien artean doazen erritoak betetzen zituela adieraziz. Gero arya-somaj otoi teista esan zuen ingelesez, eta pan eta betel hostoz bete zuen ahoa.

        — A, bai. Ikusi izan dut behin baino gehiagotan Benaresen, eta baita Buddh Gayan ere, galderak egin nahi bainizkion zenbait erlijio arazoz eta deabruen jaurespenaz. Agnostikoa da erabat, neroni bezalaxe.

        Hunifa mugitu egin zen lotan, eta Hurri babuak jauzi egin zuen urduri kobrezko intsentsu ontziraino —beltza eta koloregabea goizeko argitan—, behatzez igurtzi zuen kedarra eta diagonalean mugitu zuen aurpegiaren aurrean.

        — Nor hil da zure etxean? —galdetu zion Kimek hindieraz.

        — Inor ez. Baina badu begiz jotzea... Sorginkeria egin duenak —erantzun zuen babuak.

        — Eta zer egingo duzu bada orain?

        — Benareserako bidean jarriko zaitut, harantz bazoaz, eta esango dizut zer jakin behar dugun.

        — Hara noa. Zer ordutan da te-ren-a? —altxatu egin zen; gela desolatuari begiratu zion eta argizaria bezain horia zegoen Hunifaren aurpegiari, eguzki ahulak zorua gurutzatzen zuen artean—. Ordaindu egin behar al zaio sorgin honi?

        — Ez. Aztikeria egin dizu deabru eta arrisku guztien aurka, bere deabruen izenean. Halaxe nahi zuen Mahbubek —eta ingelesez—. Nahikoa atzeratuta dabil, nik uste, halako aztikeriatan sinesteko. Zera, bentrilokia besterik ez da eta dena. Sabelarekin hitz egin, ezta?

        Kimek oharkabean kliskatu zituen behatzak edozein deabru aldendu asmoz —Mahbubek pentsatu gabekoa—, Hunifaren egiteen bidez ustekabean baten bat sartu ahal izan zelakoan; eta Hurriek beste barre txiki bat egin zuen. Hala ere gela gurutzatzerakoan kontuz ibili zen ez zapaltzearren Hunifaren itzal biribila zoruko oholetan. Sorginek —deabruak hartuta daudenean— arimako orkatilak harrapa diezazkiote gizon bati horrelakorik egiten badu.

        — Orain entzun ondo —esan zuen babuak kanpoko haize freskoan—. Ikusi ditugun zeremonia horien artean gure sailekoei kutun eraginkor bat ematea dago. Lepoa ukituta, kutun bat topatuko duzu, oso merkea. Hori gurea da. Ulertzen al duzu?

        — A, bai hawa-dilli-a (adore ematekoa) —esan zuen Kimek, lepoa ukituz.

        — Hunifak egiten ditu, bi rupia eta hamabi annagatik, zera... era guztietako aztikeriekin. Nahikoa arruntak dira, erdia beltzez esmailatuta dutela izan ezik, eta bakoitzak paper bat dauka barruan, hemengo santuen izenez eta antzekoez beteta. Horixe da Hunifaren ikuspuntua, konturatzen al zara? Hunifak guretzat bakarrik egiten ditu, baina badaezpada ere, hartzen ditugunean turkesa txiki bat sartzen diegu, banatu baino lehen. Mr Lurganek eskuratzen ditu. Ez dago beste iturririk; baina neuk asmatu nuen guzti hau. Ofiziala ez da noski, baina egokia da menpekoentzat. Creighton koronelak ez daki horren berri. Europarra da. Turkesa paperean bilduta dago... Bai, hauxe da geltokirako bidea... Orain eman dezagun lamarekin zoazela, edo nirekin, hala espero dut, egunen batean, edo Mahbubekin. Eman dezagun larri gabiltzala. Gizon beldurtia naiz.. oso beldurtia... baina, egiatan esaten dizut, buruan ditudan ileak baino estutasun gehiagotan izana naiz. Hau esan behar duzu: «Kutunaren semea naiz.» Oso ondo.

 

 

 

© Rudyard Kipling

© itzulpenarena: Koro Navarro

 

 

"Rudyard Kipling / Kim" orrialde nagusia