9. ATALA

 

                Yelth zuhurraren semea zen S'doaks

                Bele endaren buruzagi.

                Inswoot Hartzak zuen haren ardura

                Azti behar baitzuen egin.

 

                Bizkorra baino bizkorragoa zen ikasten

                Ausarta baino ausartagoa egiteetan:

                Kloo-Kwallie dantza izugarria dantzatu zuen

                Itswoot Hartza entretenitzearren!

                                Oregoneko legenda.

 

        Gogo beroz sartu zen Kim gurpilaren hurrengo biran. Sahiba izango zen berriz ere puska batean. Asmo hori hartuta Simlako Udaletxe ondoko kale nagusira heldu bezain azkar, nor txundituko ote zuen bila hasi zen. Ume hindu bat, hamar bat urtetakoa, farol baten azpian eserita zegoen.

        — Non dago Mr Lurganen etxea? —galdetu zion Kimek.

        — Ez dut ingelesa ulertzen —izan zen erantzuna, eta Kim, horretaz, beste hizkuntzaz mintzatu zitzaion.

        — Erakutsiko dizut.

        Elkarrekin jarri ziren bidean ilunabar misteriotsu, mendi magalean zabaltzen den hiriaren zarataz betean, eta, izaiez inguratuta gailurra, izarretatik hurbil dagoen Jakkotik datorren haize freskotan. Etxeetako argiek, maila guztietan barreiatuta, bigarren ortzi bat osatzen zuten, nolabait esateko. Argi batzuk finkoak ziren eta beste argiak berriz afaltzera kanpora zihoazen ingeles arduragabe, eta ahots ozeneko rickshaw-etatik zetozen.

        — Hementxe da —esan zuen Kimen gidariak, eta kale nagusiaren mailan zegoen atari batean gelditu zen. Aurrean ez zegoen aterik, ale eta junkoz osaturiko gortinak baizik, barrutik zetorren argia banatzen zutelarik.

        — Etorri da —esan zuen mutilak, suspirio bat baino ahots ozenxeagoz, eta desagertu egin zen. Ziur zegoen Kim hasiera-hasieratik zegoela mutil hura bera gidatzeko jarrita, baina, ausart agertu nahian, gortina apartatu zuen. Bizar beltzekiko gizon bat zegoen mahai batean eserita, bisera berde bat zuela begien aurrean; banaka-banaka, esku txiki zuriz, argi bolatxoak hartzen zituen eta zilarrezko hari distiratsu batean sartu, bitartean berekiko kantari. Kim konturatu zen argi zirkuluaren atzean Ekialdeko eliza guztien usaina zerien gauzez beteta zegoela gela. Musketa ahokada, osasun belar hatsaldi bat eta jasmin bafada eztitsu batek hartu zituzten bere sudur-zulo irekiak.

        — Hemen naiz —esan zuen azkenean Kimek, bertako hizkuntzaz: usain haiek ahantzarazi egin zioten sahib behar zuela izan.

        — Hirurogeita hemeretzi, laurogei, laurogeita bat —kontatzen zuen gizonak bere artean, perla bat bestearen atzetik sartzearekin batera, horren bizkor non Kimek ezin baitzien ia behatzei jarraitu ere egin. Bisera berdea kendu zuen eta Kimi begira-begira geratu zitzaion minutu erdi oso batez. Begi-niniak zabaldu eta estutu egiten zitzaizkion orratz-buru bihurtu arte, bere borondatez egingo balu bezala. Bazen fakir bat Taksaliko Ateetan dohain horixe zeukana: dirua ateratzen zuen hartatik, batez ere emakume ergelak madarikatzen zituenean. Kimek interesez begiratzen zion. Bere izen txarreko lagun hark belarriak ere mugi zitzakeen, ahuntzak bezala ia-ia, eta desilusionaturik geratu zen gizon honek ezin zuela hura imitatu ikustean.

        — Ez beldurrik izan —esan zuen Lurgan sahibak bat-batean.

        — Zergatik izan behar dut bada beldur?

        — Hemen egingo duzu lo gaur gauean, eta nirekin egongo zara Nucklaora itzultzeko garaia izan arte. Agindua da.

        — Agindua da —berresan zuen Kimek—. Non egingo dut lo?

        — Hemen, gela honetan —Lurgan sahibak eskuari eragin zion atzean zuen ilunaren aldera.

        — Ondo da —esan zuen Kimek lasai—. Orain?

        Gizonak baietz egin zuen buruaz eta buru gainera jaso zuen kriseilua. Argiak hartu ahala, deabru dantzetarako maskara bilduma tibetar bat agertu zen, ospakizun ikaragarri horietarako erabili ohi diren deabruz hornituriko arropa brodatu gainean zintzilik: maskara adardunak, kopeta zimurtuta duten maskarak, edo gizakiz gaineko ikara adierazten duten maskarak. Zoko batean, gerlari japoniar batek, armadura eta lumekin, mehatxu egiten zion alabarda batez, eta lantza, khanda eta kuttar sail batek itzultzen zuen argi dardaratia. Baina gauza haiek baino gehiago beste bat interesatu zitzaion Kimi —ikusita baitzeuzkan deabru dantzen maskarak Lahoreko museoan—, begi samurreko ume hindua atarian begiztatzea, zangoak gurutzatuta perlen mahaiaren azpian eserita, irribarre txiki bat zuela ezpain gorrietan.

        «Uste dut Lurgan sahib ni ikaratu nahian dabilela. Eta ziur naiz mahai azpiko deabru txiki horrek ikaratuta ikusi nahi nauela».

        — Leku hau —esan zuen ozen—, Etxe Miragarri bat bezalakoa da. Non dut ohea?

        Lurgan sahibak zokoan zegoen estalki indiar bat seinalatu zuen, maskara espantagarrien ondoan; kriseilua hartu eta ilun-iluna utzi zuen gela.

        — Hori al zen Lurgan sahib? —galdetu zuen Kimek etzaterakoan.

        Ez zen erantzunik izan. Sumatzen zuen ordea mutiko hindua arnasa hartzen, eta, soinuari jarraiki, arrastaka joan zen lurretik, eta zaplastako bat eman zuen ilunpetan, oihuka:

        — Erantzun, deabru alaena! Horrelako gezurrak esaten al zaizkio sahib bati?

        Barre txiki baten soinua entzuten zela ilunpetan iruditu zitzaion. Ezin zitekeen izan bere haragi samurreko adiskidea, negar-zotinka ari baitzen hura. Hala, ahotsa jasoz, esan zuen Kimek garrasika:

        — Lurgan sahib! Lurgan sahib! Agindua al da zure zerbitzariak niri ez hitz egitea?

        — Agindua da —atzetik etorri zitzaion ahotsa, eta Kim harritu egin zen.

        — Oso ondo. Baina gogoan izan —murmurikatu zuen, tapakiaren bila zebilen artean—, goizean astinduko zaitut. Ez ditut hinduak maite.

        Ez zen hura oso gau alaia izan, ahots eta musikaz bete-bete egin da baitzegoen gela. Bi bider esnatu zuen Kim bere izena esaten zuen norbaitek. Bigarren aldian ahots haren bila hasi zen, eta azkenean sudurraz jo zuen giza hizkuntzaz, baina ez giza ahoskeraz, mintzatzen zen kutxa bat. Latoizko turuta batean bukatzen zela kutxa zirudien, eta hari batzuen bitartez lurrean zegoen kutxa txikiagoren batekin lotuta zegoela, Kimi behatzez ukituz iruditzen zitzaionez behintzat. Eta ahotsa, oso zakarra eta durunditsua, turutatik ateratzen zen. Kimek sudurra igurtzi zuen eta amorru bizian jarri zen, ohi bezala, hindieraz pentsatuz.

        «Hau ona izan liteke azokako eskale batekin, baina... ni sahiba naiz eta sahiben semea, eta, hori baino askoz gehiago dena, Nucklaoko ikasle. Bai» (hemen ingelesera itzuli zen), «St Xavierrekoa. Madarikatuak Mr Lurganen begiak! Makinaren bat da, josteko makinaren antzekoa. Azala gogorra du, bai... Baina ez gara ez horren erraz ikaratzen Lucknowen... Ez!». Gero hindieraz: «Baina zer irabazten du horrekin? Merkataria besterik ez da... Ni bere dendan nago. Baina Creighton sahib koronela da... Eta nire ustez Cregihton sahibak eman zuen agindua. Nola astinduko dudan hindu hori goizean! Zer da hori?»

        Turutaren kutxa Kimek inoiz entzun ez bezalako irain landuak ari zen botatzen ahots altu arduragabez, eta une batez lepondoko ile txikiak altxa erazi zizkion. Izaki lizun hura arnas hartzera gelditu zenean, Kim lasaitu egin zen josteko makinen antzeko durundi leuna entzutean.

        — Chûp! (isilik) —egin zuen oihu, eta berriz ere erabakiorra iruditu zitzaion barre txiki bat entzun zuen—. Chûp! Bestela zanpa-zanpa egingo dizut burua.

        Kutxak ez zion jaramonik egin. Kimek tirazo bat eman zion latoizko turutari eta zerbait altxatu egin zen klik batez. Taparen bat altxatu zuen noski. Deabruren bat baldin bazen han barruan, huraxe zuen une aproposa, ezen —usaindu egin zuen— usain berbera baitzerien azokako josteko makinei. Akabatu egingo zuen shaitan hura. Jaka kendu eta kutxaren ahoan sartu zuen. Gauza luze eta biribil bat makurtu egin zen zamaren azpian, soinu bat entzun zen eta ahotsa isildu egin zen, ahotsei gertatu ohi zaien bezala hiru bider tolesturiko jaka batez egiten bazaie eraso fonografo garesti baten argizarizko zilindro eta hozkadurei. Arima lasaiaz amaitu zuen Kimek loaldia.

        Goizean ohartu zen Lurgan sahib begira zeukala.

        — Aaa! —esan zuen Kimek, bere sahibgoari heltzera erabakita—. Bart irainka aritu zait kutxa bat. Eta isilarazi egin dut. Zurea al zen?

        Gizonak eskua luzatu zion.

        — Tori bostekoa, O'Hara —esan zuen—. Bai, nire kutxa zen. Nire adiskide rajak atsegin dituztelako edukitzen ditut horrelako gauzak. Horko hori hautsita dago, baina merkea zen. Bai, nire adiskideak, erregeak, oso jostailu zaleak izaten dira... eta ni ere bai batzuetan.

        Kimek begi ertzetik begiratu zion. Sahiba zen Lurgan, sahiben arropak zeramatzan tamainan; ordea urdueraren ahoskerak, eta ingelesaren intonazioak sahib ez beste edozer zela ematen zuten aditzera. Ematen zuen Kimek buruan zeukana hitz egiteko ahoa zabaldu baino lehen asmatzen zuela, eta ez zen nekatu gauzak esplikatzen Victor aita edo Lucknoweko maisuek egiten zuten bezala. Eta denetan gozoena: Kim, asiar zen aldetik, bera bezalakoxea balitz bezala tratatzen zuen.

        — Sentitzen dut, baina gaur goizean ezingo duzu nire mutila astindu. Labana edo pozoiz hilko zaituela esaten du. Inbidiaz dago, eta zokora bidali dut eta gaur ez diot hitzik egingo. Ni hiltzen saiatu da oraintxe bertan. Gosariarekin lagundu behar didazu. Inbidia handiegia du horrek ezertan sinesteko.

        Ingalaterratik etorritako benetako sahib batek sekulako istiluak sortuko zituen istorio harekin. Lurgan sahibak esan egiten zuen besterik gabe, Mahbub Alik bere iparraldeko saltsa txikiak kontatzen zituen bezalaxe.

        Dendaren atzeko ataria mendi-aldapa pikuaren gainean zegoen eraikita, eta auzokoen ke-bideak ikusten ziren handik, Simian ohi den eran. Baina Lurgan sahibak berak egositako benetako persiar jatekoak baino, dendak zoratzen zuen Kim. Handiagoa zen Lahoreko museoa, baina hemen gauza miragarri gehiago zegoen: Tibeteko mamuen dagak eta otoi egiteko gurpilak; turkesa eta anbar gordineko koilareak; jade berdezko eskumuturrekoak; intsentsu makilatxoak bitxiki paketatuak granate gordina tartekatua zuten ontzietan; bezperako deabruen maskarak eta tapiz urdin biziz beteriko horma; Budaren irudi urre kolorekoak, eta esku-aldare lakatuak; errusiar samovarrak, turkesez hornituta estalkiak; portzelana delikatuzko jokoak kanaberazko kutxa oktogonal bitxietan; marfil horizko gurutzeak, Japonia eta mundu osotik ekarriak, hala esan zuen Lurgan sahibak: hautsez gainezka zeuden fardeletan bilduriko alfonbrak, usain beldurgarriarekin, marrazki geometrikoa zuten bionboen atzean baztertuta; jandakoan eskuak garbitzeko persiar ontziak; kobre matezko intsentsu ontziak, ez txinatarrak ez persiarrak, deabru harrigarri sail bat korrika zutela inguruan; distira gabeko zilarrezko gerrikoak, landu gabeko larrua bezala lotzen zirenak; jade, marfil eta kaltzedoniozko orratzak; era eta mota guztietako armak, eta beste mila bitxikeria zeuden kaxetan sartuta, pilatuta, edo besterik gabe gelan botata, leku txiki bat bakarrik utziz libre Lurgan sahibak lan egiten zuen mahai hondatuaren inguruan.

        — Hori dena hutsa da —esan zuen Lurganek, Kimen begiratuari jarraiki—. Ederrak direlako erosten ditut, eta batzuetan saldu ere egiten ditut... eroslearen itxura atsegin badut. Nire lana mahai gainean dago... lanaren zati bat.

        Distira egiten zuten goizeko argitan: distira gorriak, urdinak, berdeak, noizbehinkako diamante baten sugar zuri-urdinarekin nahastuta. Kimek begiak zabaldu zituen.

        — A, bai, ondo daude harri horiek. Eguzkia hartzeak ez die kalterik egingo. Merkeak dira gainera. Baina harri gaixoekin gauzak desberdinak dira oso —berriz bete zuen Kimen platera—. Ni bakarrik naiz perla gaixoak sendatu eta turkesak berriz urdintzeko gauza. Ez ditut tartean opaloak sartzen, opaloak edozein txorok senda baititzake... baina perla gaixo batentzat ni naiz bakarra. Pentsa, ni hilko bainintz! Orduan ez litzateke inor izango... Ez, ez! Zuk ezin duzu ezer egin bitxiekin. Aski izango duzu egunen batean turkesez zerbait jakitearekin... egunen batean.

        Atariaren beste aldera mugitu zen irazkitik buztin porotsuzko ur-ontzi astuna berriz betetzera.

        — Nahi al duzu edan?

        Kimek baietz egin zuen buruaz. Lurgan sahibak, bost metrotara, esku bat jarri zuen ontzi gainean. Hurrengo unean, Kimen ukondoaren ondoan zegoen ontzia, goraino beteta ia: mantel zurian, zimur txiki batek bakarrik erakusten zuen nondik irristatu zen ontzia bere lekuraino.

        — Hara! —esan zuen Kimek, guztiz harrituta—. Hori magia da —Irribarrean ezagun zuen Lurgan sahibak pozez hartu zuela konplitu hura.

        — Bota berriz hona.

        — Hautsi egingo da.

        — Bota hona, esan dizut.

        Edozein eratara bota zuen Kimek. Motzegi geratu zen eta berrogeita hamar puskatan hautsi zen, ura atariko zolu landu gabean isurtzen zen artean.

        — Esan dizut hautsi egingo zela.

        — Berdin dio. Begiraiozu. Begiraiozu zatirik handienari.

        Zati handienak ur distira ageri zuen biragunean, lurrean zegoen izar bat balitz bezala. Kim adi-adi zegoen begira. Lurgan sahibak esku bat jarri zion poliki-poliki lepoan Kimi, bizpahiru bider igurtzi zuen, eta xuxurlatu zion:

        — Ikusi! Osatu egingo da berriz zatika-zatika. Lehenbizi zati handia eskuinekoa eta ezkerrekoarekin batuko da, eskuinekoa eta ezkerrekoarekin. Ikusi!

        Bere bizitza salbatzeko ere ez zukeen Kimek burua jiratuko. Ukitu arin hark iltzez josita balego bezala zeukan hartuta, eta odolak hazkura gozoa egiten zion zainetan. Txarroaren zati handi bat ageri zen orain lehen hiru zeuden lekuan, eta haien gainean berriz ontzi osoaren irudi lausoa. Ikusten zuen Kimek ataria pusketen bestaldean, baina ikuskizun hura astundu eta iluntzen ari zitzaion odol-taupada bakoitzarekin. Hala ere ontzia —zeinen mantso zetozkion pentsamenduak!—, ontzia bere begien aurrean apurtu zen. Beste sugar kilikari batek igurtzi zion lepoa, Lurgan sahibak eskua mugitu ahala.

        — Ikusi! Ari da tankera hartzen —esan zion Lurgan sahibak.

        Ordura arte Kim hindieraz pentsatzen aritu zen, baina dardara-ikara bat gaineratu zitzaion eta igerilari batek tiburoiak ikustean dituenean egiten dituen ahaleginak eginez, bere burua uretatik erdizka atereaz, irensten ari zen iluntasunetik jauzi egin zuen Kimen gogoak eta babes hartu zuen... ingelesezko biderketa taulan!

        — Ikusi! Ari da tankera hartzen —xuxurlatu zion Lurgan sahibak.

        Ontzia apurtu egin zen... bai, apurtu... ez hindierazko hitza, ez zuen hartan pentsatuko, apurtu, berrogeita hamar piezetan, eta hiru bider bi sei, eta hiru bider hiru bederatzi, eta hiru bider lau hamabi. Etsi-etsian lotu zitzaion errepikapenari. Ontziaren irudi lanbrotsua desagertu egin zen, begiak igurtzitakoan lainoa desagertzen den bezala. Hantxe zeuden zati apurtuak; hantxe eroritako ura eguzkitan lehortzen, eta atariaren zoruko pitzaduretatik, marretan, beheko etxearen horma zuria ageri zen... eta hiru bider hamabi hogeita hamasei!

        — Ikusi! Ari al da tankera hartzen? —galdetu zion Lurgan sahibak.

        — Baina apurtuta dago... apurtuta —esan zuen Kimek arnasestuka. Azken minutu erdiaz marmar isilean jarduna zen Lurgan sahiba. Kimek alde batera jiratu zuen burua—. Ikusi! Dekho! Horra hor, lehen bezalaxe.

        — Horra hor, lehen bezalaxe —esan zuen Lurganek, Kimi begira-begira mutilak lepoa igurzten zuen artean—. Baina zu izan zara askoren artean horrela ikusi duen lehena —kopeta zabaleko izerdia xurgatu zuen.

        — Magia al zen hori ere? —galdetu zuen susmakor Kimek. Joanda zeukan zainetako hazkura; ohi ez bezain esna sentitzen zen.

        — Ez, ez zen magia. Zera besterik ez zen, bitxiak akatsik ba ote zeukan ikustea. Batzuetan oso bitxi ederrak txiki-txiki egiten dira eskuetan hartu eta nola egin baldin badaki batek. Horrexegatik kontuz ibili beharra dago bitxia kokatu aurretik. Esadazu, ikusi al duzu txarroaren forma?

        — Une batez bai. Lorea lurretik bezala hazten hasi da.

        — Eta zer egin duzu orduan? Alegia, zer bururatu zaizu?

        — A! Banekien apurtuta zegoela, eta uste dut horixe bururatu zaidala... eta apurtuta zegoen.

        — Um! Egin al dizute inoiz horrelako magiarik?

        — Hala balitz —esan zuen Kimek—, berriz egiten utziko niokeela inori uste al duzu? Ihes egingo nuke.

        — Baina orain ez zaude ikaratuta, ezta?

        — Orain ez.

        Lurgan sahibak inoiz baino hurbilagotik begiratu zion.

        — Mahbub Aliri galdetuko diot... orain ez, geroago —murmurikatu zuen—. Pozik nago zurekin... bai; eta pozik nago zurekin... ez. Libratu zaren lehena izan zara. Jakin nahi nuke zer izan den... Baina arrazoi duzu. Ez diozu hau inori kontatu behar... ezta niri ere.

        Dendaren ilunpetara jiratu eta mahaian eseri zen, eskuak poliki igurtziz. Alfonbra mordo baten atzetik intziri ahul lakar bat heldu zen. Mutil hindua zen, txintxo-txintxo hormari begira. Sorbalda txikiak dardarka mugitzen zitzaizkion nahigabeaz.

        — A! Jeloskor dago, oso jeloskor. Ez dakit ez ote nauen berriz ere gosaritan pozoitu nahiko, eta gosaria bi bidet presta erazi.

        — Kubbi... kubbi nahin. (Inoiz... inoiz ez!) —heldu zen totelka erantzuna.

        — Eta beste mutila hilko ote du?

        — Kubbi... kubbi nahin.

        — Zuk zer uste duzu egingo duela? —Kimengana jiratu zen Lurgan bat-batean.

        — A! Ez dakit. Joaten utzi, beharbada. Zergatik nahi zintuen pozoitu?

        — Oso maite nauelako. Eman dezagun zuk norbait oso maite duzula, eta beste mutil bat ikusten duzula etortzen, eta maite duzun gizona gusturago dago horrekin zurekin zegoen baino, zer egingo zenuke?

        Kim pentsatzera jarri zen. Lurganek hindieraz errepikatu zuen poliki esaldia.

        — Nik ez nuen gizon hori pozoituko —esan zuen Kimek pentsakor—, ordea, mutila astinduko nuke, mutil horrek gizona maite baldin bazuen. Baina lehenbizi mutilari berari galdetuko nioke.

        — A! Berak uste du denek maite behar nautela.

        — Orduan zoro hutsa dela iruditzen zait.

        — Entzun al duzu? —esan zien Lurgan sahibak sorbalda dardaratiei—. Sahibaren semeak zoro hutsa zarela uste du. Atera hortik, eta hurrena kezkarik duzunean bihotzean, ez saiatu artseniko zuria horren agerian erabiltzen. Dasim deabrua mahaiko jauna izan dugu gaur noski! Gaixotu egin nintzatekeen, ume, eta orduan ezezagun batek hartuko zukeen bitxien ardura. Zatoz!

        Umea, negarraren negarrez begiak hazita, fardelaren atzetik atera zen arrastaka eta bere burua bota zuen lehiatsu Lurgan sahiben oinetara, halako bihotz zimikoa erakutsiz, non Kim bera ere hunkitu egin baitzen.

        — Tinta putzuetan begiratuko dut... Leialtasunez zainduko ditut bitxiak. O, aita eta ama zaitudan hori, bidali hori hemendik! —Kim seinalatu zuen oin hutsa atzeraka astinduz.

        — Oraindik ez... oraindik ez. Laster joango da. Baina orain eskolan dago, madrissah berri batean, eta zu izango zara maisua. Ibili bere aurka Bitxien Jolasean. Nik eramango ditut kontuak.

        Umeak segituan lehortu zituen malkoak, eta dendaren atzealdera joan zen, kobrezko erretilu batekin itzuliz.

        — Eman! —esan zion Lurgan sahibi—. Etor daitezela zure eskutik, bestela lehendik ezagutzen nituela esan lezake eta.

        — Poliki... poliki —erantzun zuen gizonak, eta mahai azpiko kajoi batetik aterata erretilua dardaratu zuen txikikeria eskukada bat jarri zuen bertan.

        — Orain —esan zuen umeak, egunkari zahar bati eraginez—. Nahi adina luze begiraiezu, arrotz horrek. Konta itzazu, eta behar baduzu, eskuetan hartu. Begiratu bat nahikoa dut nik —bestaldera begira jarri zen harro-harro.

        — Baina zer da jolasa?

        — Denak kontatu dituzunean eta eskuetan hartu eta ziur zaudenean denak gogora ditzakezula, nik paper honekin estaliko ditut, eta zuk Lurgan sahibi deskribatu beharko dizkiozu. Nik neure deskribapena idatzi egingo dut.

        — Hara! —lehiaketa sena ernatu zitzaion Kimi bularrean. Erretiluaren gainean makurtu zen. Hamabost harri baino ez zegoen han.

        — Erraza da hori —esan zuen minutu baten ondoren. Umeak bitxi distiratsuen gainean jarri zuen papera eta indiar koaderno batean hasi zen presaka idazten.

        — Paper horren azpian bost harri urdin daude: handi bat, beste bat txikiagoa, eta hiru txiki —esan zuen Kimek oso bizkor—. Lau harri berde daude, eta bat zulo batekin; harri hori bat dago, gardena, eta bat pipa baten tutua bezalakoa. Bi harri gorri daude, eta... eta... hamabost kontatu ditut, baina bi ahaztu egin zaizkit. Ez! Eman denbora. Bat marfilezkoa zen, txikia eta arrea; eta... eta... eman denbora...

        — Bat... bi —Lurgan sahibak hamar arte kontatu zuen. Kimek buruari eragin zion.

        — Entzun niri! —moztu zuen umeak, barrez lehertzen—. Lehenbizi, badira bi zafiro akatsak dituztenak: bat bi kilateetakoa eta bestea laukoa nik uste. Lau kilateetako zafiroa zanpatua dago ertzean. Bada Turkestaneko turkesa bat, laua eta gabarro beltzekin, eta badira bi idazkiekin: bata Jainkoaren izenean urretan eginda eta bestea aldez alde pitzatuta dago, eraztun zahar batetik baitator, eta ezin izan dut irakurri. Horiexek ditugu bost harri urdinak. Badira lau esmeralda, akastunak, baina bat zulatuta dago bi lekuetan eta beste bat landuta...

        — Pisuak? —galdetu zuen Lurgan sahibek sorgor.

        — Hiru, bost, bost, eta lau kilate nik uste. Bada anbar puska zahar bat, berdetsua, pipa baterako, eta Europako topazio bat. Burmako rubi bat ere bada, bi kilateetakoa, akatsik gabea, eta balas-rubi bat, akatsekin, bi kilateetakoa. Txinako marfil landu bat dago, arrautza bat irensten ari den sagu bat irudikatuz; eta azkenik dago... ja, ja! kristalezko bola bat dago ilar ale baten tamainakoa urrezko hosto batean txertatuta.

        Bukaeran txalo egin zuen.

        — Hori duzu maisua —esan zuen Lurgan sahibak, irribarrez.

        — Hara! Badakizki harrien izenak —esan zuen Kimek gorrituz—. Saia gaitezen berriz! Baina bai berak eta bai nik ezagutzen ditugun gauza arruntekin.

        Berriz bete zuten erretilua dendatik hartutako gauzekin, eta baita sukaldekoekin ere, baina umeak irabazten zuen beti, Kim zeharo harrituta utziz.

        — Estalizkidazu begiak, utzi behatzekin behin ukitzen, eta horrela ere atzera utziko zaitut, begiak zabalik badauzkazu ere —egin zion umeak erronka.

        Kimek zorua oinaz jo zuen ernegatuta mutikoak arrandiaz esandakoa bete zuenean.

        — Gizonak balira... edo zaldiak —esan zuen—, hobeto jolastuko nuke. Horrela jolastea, pintza, labanak eta guraziekin, hori gutxiegi da.

        — Lehenbizi ikasi, eta gero irakatsi —esan zuen Lurgan sahibak—. Hartzen al duzu hau maisutzat?

        — Jakina bada. Baina nola egiten da?

        — Askotan eginez, ezin hobeto egiten den arte, merezi baitu.

        Mutil hinduak, primerako umorean, bizkarrean jo zuen Kim.

        — Ez etsi —esan zion—. Neronek erakutsiko dizut.

        — Eta arduratuko naiz ni ondo ikas dezazun —esan zuen Lurgan sahibak, oraindik ere hindieraz hizketan—, zeren, nire mutikoa izan ezik... zorakeria handia egin du horrenbeste artseniko zuria erosiz, ezen, eskatu izan balu neronek emango nion eta..., nire mutila izan ezik, ez dut aspaldian inor ezagutu irakastea horren merezita zeukanik. Eta hamar egun geratzen dira ezer garrantzitsurik ikasten ez den Lucknao horretara itzuli aurretik. Adiskideak izango garela uste dut.

        Ez hanka eta ez buru ez zuten hamar egun izan ziren, baina Kim gehiegi ari zen gozatzen eromen hartan pentsatzeko. Goizetan Bitxien Jolasean ibiltzen ziren, batzuetan egiazko harriekin, zenbaitetan ezpata eta laban mordoekin, besteetan berriz bertako gizonen argazkiekin. Arratsaldeetan Kim eta mutikoa zelatan egoten ziren dendan, alfonbra fardel bat edo bionbo baten atzean isil-isilik eserita, eta Mr Lurganen bisitari ugari eta bitxiei begira. Baziren raja txikiak, segizioa atarian eztulka zutela, bitxikeriak erostera etorri ohi zirenak, fonografoak eta jostailu mekanikoak. Baziren koilare bila joaten ziren emakumeak, eta gizonezkoak, halaxe iruditu zitzaion Kimi —nahiz eta bazitekeen gazte ikasten hasi izanak bere pentsaera gaiztotu izana— emakume haien bila joaten zirenak; bazen feudopeko gorte libreetako jendea, zeinen ageriko jarduera koilare hautsiak konpontzea baitzen —argitasunezko ur-lasterrak, mahai gainean isurita—, baina benetako asmoa dirua biltzea zuten Maharani haserrekor edo raja gazteentzat. Baziren babu-ak; haiekin Lurgan sahibak seriotasun eta aginpidez hitz egiten zuen, baina elkarrizketa bakoitzaren ondoren dirua ematen zien zilarrezko txanponetan eta txarteletan. Noizean behin izaten ziren jantzi luzeko indiar harrigarri batzuen bilkurak, eta ingelesez eta bengalieraz metafisikaz jarduten zuten, Mr Lurganen onbiderako. Beti egoten zen Mr Lurgan erlijioetan interesatuta. Egunaren buruan, Kimek eta mutil hinduak —haren izena Lurganen gustuen arabera aldatzen zen—, ikusi eta entzundako guztiaren kontu zehatza eman behar zuten: nolakoa ikusten zuten gizon bakoitzaren izaera, aurpegian, hizkeran, jarreran ageri zenez, eta benetako izan zitekeen asmoa zer ote zuen esan behar zuten. Afal ondoan, Lurgan sahiben irudimenak mozorroak dei litekeenera jotzen zuen, eta oso interes formatzailea jartzen zuen jolas horretan. Aurpegiak zoragarri margotzen zituen; pintzelkada bat hemen eta marra bat han, ezin ezagutu ahal izateko moduan aldatzen zituen. Era guztietako jantzi eta durbantez josita zegoen denda, eta bata bestearen atzetik bihurtu zen Kim familia oneko mahomatar gaztea, olio saltzailea, eta behin, ilunabar alai batean, oudh lur-jabe baten semea, festa handirako jantzita. Oso begi zorrotza zuen Lurgan sahibak makillajeren akatsik txikienari igartzeko; eta teka egurrezko sofa zartatu batean etzanda, ordu erdi ematen zuen mutilei esplikatzen nola hitz egiten zuten halako eta halako kastakoek, edo ibili, edo eztul egin, edo listua bota, edo doministiku egin, eta, «nola»-k mundu honetan garrantzi handirik ez duenez gero, guzti haren «zergatik»-a. Mutil hindua motela zen jolas hartan. Haren adimena, bizi-bizia jolasak bitxien deskribapenarekin zerikusia zuenean, ez zen beste baten ariman sartzeko gai; baina Kimen baitan berriz deabru bat esnatu zen eta pozaren pozez kantari aritzen zen bestelako jantziak janzten zituenean, eta jantziekin batera hizkera eta keinuak aldatzen.

        Gogo beroak eramanda, ilunabar batean Kimek Lurgan sahibi erakutsi nahi izan zion nola aritzen ziren eskaka bide ertzean fakir kasta jakin bateko dizipuluak, Kimen aspaldiko ezagunak; eta nolako hizkera erabiliko luketen ingeles bat, festara zihoan punjabiar nekazari bat, eta belorik gabeko emakume batekin. Lehertu beharrean aritu zen barrez Lurgan sahib, eta erregutu zion Kimi egoteko zegoen bezala, ordu erdiz mugitu gabe, zangoak gurutzatuta, errautsez estalita eta ero begiratu harekin, atzeko gelan. Denbora pasatakoan babu erraldoi, lodi bat sartu zen: zangoak, galtzerdiekin, dardara egiten zioten gantzarekin; Kimek bide ertzeko txiste zaparrada batez hartu zuen. Lurgan sahibak —eta horrek molestatu egin zuen Kim—, babuari begiratzen zion eta ez antzerkiari.

        — Uste dut —esan zuen poliki babuak, zigarro bat piztuz—... nire iritzian honako hau aktuazio harrigarria eta ezin hobea da. Lehenago esan ez bazenit, usteko nuen, zera... adar joka ari zinela. Gutxi gora behera, noiz bihur liteke mutila lur-neurketa laguntzaile trebea? Orduan eskaera aurkeztuko dut eta.

        — Horixe da Lucknowen ikasi behar duena.

        — Orduan aginduiozu tximista baino biziago ibiltzeko. Gabon, Lurgan —lokatzetan trabaturiko behi baten mugimenduak eginez atera zen babua.

        Eguneko bisitarien zerrenda aztertzen ari zirenean, Lurgan sahibak galdetu zion Kimi ea zein uste zuen izan zitekeela gizon hura.

        — Jainkoak daki! —esan zuen Kimek alai. Tonu hark nahas zezakeen Mahbub'Mi, baina huts egin zuen ordea perla gaixotuen sendatzailearekin.

        — Hori egia da. Jainkoak bai, Hark badaki; baina zuk zer uste duzun jakin nahi dut nik.

        Kimek zeharka begiratu zion bere lagunari, begi haiek egia eskatzen baitzioten.

        — Nik... nik uste dut berarekin nahi nauela eskolatik itzultzen naizenean, baina —konfiantzaz, oniritziz mugitzen baitzuen burua Lurgan sahibak—, ezin dut ulertu nola eraman ditzakeen horrek jantzi asko eta hizkuntza desberdinez mintzatu.

        — Geroago gauza asko ulertuko duzu. Koronel jakin bati istorioak idazten jarduten du. Jaun hori Simian bakarrik da handia, eta nabarmena da izenik ez duela, aldiz, zenbaki bat eta letra bat besterik ez... gure arteko usadioa da hori.

        — Eta horren buruak ere prezioa al dauka, Mahbub eta beste guztienak bezala?

        — Oraindik ez; baina orain hementxe eserita dagoen mutil bat zutitu eta joan egingo balitz... ikusi, zabalik dago atea!... gorriz margoturiko ataria duen etxe jakin batera, Beheko Azokako antzoki zaharra zenaren atzean, eta leihatiletatik xuxurlatu: «Hurri Chunder Mukerjik albiste txarrak ekarri ditu aurreko hilabeteaz», baliteke mutil horrek rupiaz betetako gerrikoa eramatea.

        — Zenbat? —galdetu zuen Kimek bizkor.

        — Bostehun, edo mila, eskatu bezainbeste.

        — Ondo. Eta zenbat denboraz bizituko litzateke mutil hori albisteak eman ondoren? —alai-alai egin zion irribarre Kimek Lurgan sahibaren bizarrari.

        — A! Hori ondo pentsatzekoa da. Oso bizkorra balitz, egun osoz bizituko litzateke... baina ez gauaz. Gauaz mola ere ez.

        — Orduan zenbat ordaintzen zaio babuari bere buruak horrenbeste balio baldin badu?

        — Laurogei... ehun beharbada... agian ehun eta berrogeita hamar rupia; baina ordaina azkeneko gauza da lanean. Behin edo behin, Jainkoak jaio erazten ditu, eta horietakoa zara zu, atzerrira joan eta berriak deskubritzeko gutizia duten gizonak, baita beren bizitzak arriskuan jartzen badituzte ere; gaur oso urrutiko gauza izan liteke, ezkutuko mendiren batzuetakoa bihar, eta hurrengo egunean Estatuaren aurka zorakeriaren bat egin duten hurbileko gizonak. Halako arimak eskasak dira; eta gutxi horietatik, ez dira hamar baino gehiago onentsuenen artean. Hamar horien artean babua daukat nik, eta hori gauza bitxia da. Eta horrexegatik, zeinen handia eta desiragarria behar duen izan bengaliar baten bihotza adorez betetzen duen lana!

        — Egia. Baina egunak mantso igarotzen zaizkit. Gaztea naiz, eta bi hilabete ere ez dira angrezi-z idazten ikasi nuenez geroztik. Oraindik ere ez dakit ondo irakurtzen. Eta urteak eta urteak eta urte luzeak dira ni lur-neurketa laguntzaile izan naitekeen arte.

        — Pazientzia izan, Mundu osoaren Adiskide —Kim harritu egin zen izenarekin—. Gustura hartuko nituzke nik zu horrenbeste ernegatzen zaituzten urte horietako batzuk. Froga txiki desberdinak egin dizkizut. Ez zait hori ahaztuko sahib Koronelari txostena egiten diodanean —eta, barre ozen batez ingelesera joaz bat-batean—: Ene, O'Hara! Uste dut baduzula zuk gauza handiak egiteko lehengaia; baina ez duzu horratik harrotu behar, eta ezta horretaz hitz egin ere. Lucknowera itzuli behar duzu, mutiko zintzoa izan eta liburuaz arduratu, ingelesek dioten bezala, eta, agian, hurrengo oporretan nahi baduzu, itzuli zaitez nigana! —planta mudatu zitzaion Kimi—. A, nahi baldin baduzu esan nahi dut. Ondo asko dakit nora joan nahi duzun zuk.

        Handik hamar egunetara leku bat erreserbatu zioten Kim eta bere kaiza txikiari Kalkarako tonga batean. Bale itxurako babua zuen bidaia-lagun; oihal flekodun bat zuela buruko bueltan, eta ezkerreko zango lodiaren gainean eserita, galtzerdi kalatuekin, dardarka eta marmarka zihoan goizeko freskuran babua.

        «Nola izan liteke gizon hau gutako bat izatea?» pentsatu zuen bizkar lingirdatsuari begira Kimek, bidean barrena jauzika zihoazen artean; eta burutapen hark amets gozoak ekarri zizkion. Lurgan sahibak bost rupia eman zizkion —diru mordo ederra— eta baita bere babesaren ziurtasuna lan egiten bazuen. Mahbubek ez bezala, garbi asko hitz egin zion Lurgan sahibak obedientziari jarraituko zion sariaz, eta pozik zegoen Kim. Letra eta zenbaki baten ohorea izango balu, babuak bezala, eta bere buruak prezioa! Egunen batean guzti hori izango zuen eta baita gehiago ere. Egunen batean Mahbub Ali bezain gizon handia izan zitekeen! India erdiak osatuko zituen bere bilakuntzaren etxe gainak; Errege eta Ministroen atzetik ibiliko zen, garai batean vakil-ak eta abokatuen mandatarien atzetik Mahbuben aginduz ibiltzen zen bezala. Bitartean, Xt Xavierreko oraina zeukan aurrean, eta horren desatsegina ere ez zen hura. Mutil berriak izango zituen amore emateko, eta oporretako abenturen kontaera entzun ziezaioten. Martin gaztea, Manipurreko te landatzaile baten semea, esaten aritua zen borrokara joango zela, eskopeta hartuta, buru-ehiztarien kontra. Bazitekeen hala izatea, baina segurua zen Martin gazteak ez zuela iragan, su artifizialen leherkuntzak bultzatuta, Palatiako gazteluaren patio erdia; eta ezta ere... St Xavier osoa zur eta lur utz zezakeen —baita zaharrenak ere, bizarra mozten zutenak—, kontaerarekin, hartarako baimena izango balu. Baina hori dena noski aitatu ere ezin zen egin. Izango zuen bere garaian bere buruak prezioa, Lurgan sahibak ziurtatu zion bezala; eta txoro ergel bat bezala hasten bazen orain hizketan, ez bakarrik ez zioten inoiz prezio hori jarriko, baizik eta Creighton koronelak baztertu egingo zuen, eta Lurgan sahib eta Mahbub Aliren haserrearen mende egongo zen, geratuko zitzaion bizitza zati laburrean.

        «Hala, arrain batengatik Delhi galduko nuke», zen Kimen esaera zaharrez osaturiko filosofia. Orain oporrak ahaztu behar zituen (beti izango zuen abenturak asmatzea entretenitzeko), eta, Lurgan sahibak esan bezala, lanera.

        St Xavier aldera presaka zihoazen mutil guztien artean, Sukkurretik Galleraino hondarretako palmondoen atzean, inor ez zegoen Kimball O'Hara adina bertutez betea, bunbuluka Umballara zihoala Hurri Chunder Mukerjiren atzean, Etnologi Zerbitzuaren sail bateko liburuetan izena R17 zuena.

        Eta beste bultzadarik beharko balu ere, babuak eman zion. Kalkan ikaragarrizko bazkaria egin ondoren, isildu gabe aritu zen hizketan. Eskolara al zihoan Kim? Orduan berak, Calcuttako Unibertsitatean Letretan lizentziatua baitzen, azalduko zizkion heziketaren abantailak. Oso nota onak eskura zitezkeen atentzio egokia jarriz latina eta Wordsworthen Ibilaldia-n (guzti hura grekoa zen Kimentzat). Frantsesa ere oinarri-oinarrizkoa zen, eta frantsesik onena Chanderangoren ikasten zen huraxe zen, Calcuttatik kilometro batzuetara. Eta halaxe ere urrutira hel zitekeen bat, berak egin zuen bezala, atentzio zehatza jarriz Lear eta Julius Caesar izeneko obretan, aztertzaileek asko eskatzen baitzituzten biak. Lear-ek ez zituen Julius Caesar-en adinako historia aipamenik; liburuak lau anna balio zituen, baina bigarren eskuko ere eros zitekeen Bow Azokan bi annatan. Hala ere Wordsworth edo Burke eta Hare autore bikainak baino garrantzitsuagoa zen neurketaren arte eta zientzia. Adar horietan azterketak gaindituriko mutil batek —hori zela eta, ez zegoen horietarako testu libururik—, itsas orratza hartuta lurralde bat zeharkatuz, sestra eta begia zorrotza izaki, lurralde horren marrazki zehatza egiteko gai zen, eta gero diru mordo baten truke, zilarrezko txanponetan, saldu ahal izango zuen. Baina batzuetan neurri-kateak gainean eramatea komenigarria ez zenez gero, ondo letorkioke mutil bati bere oin-urratsaren neurri zehatza jakitea, eta horrela, Hurri Chunderrek «ustegabeko lagungarriak» deitzen zituenak gabe bazegoen ere, hala ere distantziak kalkulatu ahal izango zituen. Mila urratsen kontua eramateko, Hurri Chunderren esperientziak erakutsiko zion ez zela ezer laurogeita bat edo ehun eta zortzi aleetako arrosario bat izan ere, hori «zatigarria eta azpi-zatigarria zen multiplo eta azpi-multiplo askotan». Ingelesezko hitz zaparrada amaigabe hartan, harrapatu zuen Kimek hizketaldiaren hari orokorra, eta biziki interesatu zitzaion. Hantxe zegon gizon batek buruan gorde zezakeen langintza berri bat, eta aurrean zabaltzen zitzaion mundu zabalaren itxurarengatik, iruditu zitzaion zenbat eta gehiago jakin batek, askoz hobeto berarentzat.

        Ordu t'erdiz mintzatu ondoren, esan zuen babuak:

        — Egunen batean zu ofizialki ezagutzeko ohorea izatea espero dut. Ad interim, eta barka espresioa, betel hostozko kutxa hau emango dizut; oso gauza baliotsua da, eta duela lau urte bi rupia besterik ez nuen ordaindu —latoizko gauza merke bat zen, bihotz baten tankerakoa, betelaren fruitu betirakoa, lima eta pan-hostoak eramateko hirutan zatitua; baina barruan pastillak zituzten botilatxoez beteta zegoen—. Gizon santu haren papera egiteagatik saria duzu hau. Begira, oso gaztea zara eta horregatik uste duzu betirako iraungo duzula eta, horretaz, ez duzu gorputza zaintzen. Kalte handia da gaixo jartzea lanean ari zarela. Medizinak oso gogoko ditut, eta jende pobrea sendatzeko ere baliagarriak dira. Medizina onak dira hauek, Zerbitzukoak, kinina eta beste batzuk. Oroigarri bezala ematen dizkizut. Orain agur. Negozio pribatu larriak dauzkat hemen ondoan.

        Katu bat bezain isilik jaitsi zen Umballarako bidean, eta handik zihoan gurdi bat alokatu eta tintinen artean urrundu zen, Kimek, harridurak mutututa, latoizko kutxatxoa eskuan biraka zeukan artean.

 

 

        Mutil baten heziketaren historiala ez zaio jende askori interesatzen, gurasoei izan ezik, eta, dakizuenez, umezurtza zen Kim. Idatzita dago St Xavier in Partibuseko liburuetan Kimen aurrerapenaren berri ematen zuen txosten bat bidaltzen zietela hiruhileko ororen amaieran Creighton koronela eta aita Victorri, apaizaren eskuetatik iristen baitzen puntualki eskolarako dirua. Liburu horietan ere ageri da gaitasun handia erakusten zuela Kimek matematika ikasketa eta kartografiarako, eta sari bat lortu zuela (Lord Lawrenceren Bizitza, larruz koadernatua, bi ale, bederatzi rupia, zortzi anna) haietan egindako aurrerapenarengatik; eta hilabete berean jokatu omen zuen St Xavierreko cricket taldean Alighurreko eskola mahomatarraren aurka, hamalau urte eta hamar hilabete zituelarik orduan. Bigarren aldiz eman zioten halaber txertoa (eta hori dela eta pentsa genezake beste baztanga izurritea izan zela Lucknowen) garai bertsuan. Ikasle zerrenda zahar baten ertzean arkatzez egindako oharrek jasotzen dute zenbait aldiz zigortu zutela «jende desegokiarekin hitz egiteagatik», eta behin oso gogor zigortu zuten nonbait «egun batez kaleko eskale batekin kanpora joateagatik». Atariko ate gainetik jauzi egin eta egun oso bat eman zuenean Gumtiko ibai ertzean izan zen hura; lamari erreguka aritu zitzaion, utz ziezaiola berarekin joaten hurrengo oporretan, hilabetez, astebetez; lamak ordea, zirkinik ere egin gabe, horretarako garaia oraindik ez zela heldu esaten zion. Kimen zeregina, esan zuen agureak elkarrekin pastelak jaten zituzten artean, sahiben jakituria guztia eskuratzea zen, eta gero ikusiko zuten. Adiskidetasunaren Eskuak nola edo hala aldenduko zuen Hondamendiaren Zartailua, ezen sei hilabete geroago Kimek gainditu baitzuen lur-neurketa azterketa bat «primerako probetxuz», hamabost urte eta zortzi hilabete zituelarik orduan. Data horrez geroztik ez dio ezer txostenak. Kimen izena ez da ageri Indiako Zerbitzu Topografikoan sartzekoak ziren taldekoen barruan, baina hala ere «izendapenaz lekuz aldatuta» hitzak ageri dira txostenean.

        Hiru urte horietan zenbait aldiz agertu zen lama Benareseko Tirthankar elizan, mehexeago eta apur bat horiago, litekeena balitz, baina beti bezain atsegina eta kutsatu gabea. Batzuetan hegoaldetik zetorren —Tutikorinen hegoaldetik; handik abiatu ohi dira sua daramaten itsasontzi zoragarriak Ceylanera, han baitaude paliera dakiten apaizak—; beste batzuetan mendebalde berde hezetik eta Bombay inguratzen duten oihalen lantegien milaka tximinietatik; eta behin iparretik: mila eta berrehun kilometro egin zituen berriz atzera Etxe Miragarriko irudien gordetzailearekin egun batez hitz egiteko. Marmol freskoaren gainean pauso handiak emanez joaten zen lama bere gelara —eliza hartako apaizek oso jator jokatzen zuten agurearekin—, bidaiako hautsa garbitu, eta Lucnowera abiatzen zen, ederki asko ohituta ordurako burdinbidera, hirugarren mailako bagoian. Itzultzerakoan, gauza nabaria zen, lamaren adiskide Bilatzaileak abadeari esan bezala, puska batean utzi egiten ziola bere Ibaiaren galaraz deitoratzeari, edo Bizitzaren Gurpilaren irudi harrigarriak egiteari, eta nahiago izaten zuen elizako inork ikusi ez zuen halako chela misteriotsu baten edertasun eta jakituriaz mintzatu. Bai, Oin Bedeinkatuen arrastoak jarraitu zituen India osoan barrena. (Museoko gordetzaileak badauka oraindik ere lamaren ibilaldi eta meditazioen kontaera zoragarri bat). Bizitza honetan ez zitzaion egitekorik geratzen, Geziaren Ibaia topatzea baizik. Hala ere ametsetan agertu omen zitzaion Bilakuntza batere arrakasta itxaropenik gabe behar zela hartu, bilatzaileak ondoan ez bazuen zegokion chela egitekoa onik burutzeko, eta jakituria handiaz hornitua gainera; esate baterako, ile zuriko irudien gordetzaileak duena bezalakoa. Adibidez (hementxe ateratzen zen rapearen kalabaza, eta apaiz jain atseginak isildu egiten ziren segituan):

        — Aspaldi-aspaldian, Devadatta Benareseko errege zenean —adi denok Jâtaka-ri!—, erregearen ehiztariek elefante bat eduki zuten preso puska batean, eta, askatu baino lehen, burdin mingarri bat jarri zioten hankan. Saiatu zen elefantea burdina kentzen, suminduta eta amorruz, eta basoetan barrena gora eta behera ibili zen, ken ziezaiotela erreguka anaia elefanteei. Banaka-banaka, beren tronpa indartsuekin, saiatu ziren beste elefanteak baina huts egiten zuten. Azkenean erabaki zuten burdin hura abereen indarrik ezin zuela hautsi. Zuhaizti batean egun bateko elefante jaio berria zetzan, jaiotzaren hezetasunaz estalita, ama hil egin zitzaiona. Elefante kateatuak, bere hilzoriaz ahaztuta, esan zuen: «esnetako honi laguntzen ez badiot hil egingo da gure hanken azpian». Hala bada txikiaren gainean jarri zen, taldearen mugimendu urdurien aurkako hesi bihurtuz hankak; eskatu zion esnea eme zintzo bati, eta elefantekumea koxkortu egin zen, eta kateaturiko elefantea txikiaren gidari eta defendatzaile bihurtu. Baina, elefantearen bizitzan —adi denok Jâtaka-ri!— hogeita hamabost urte behar dira indarrera heltzeko, eta hogeita hamabost Euriz zaindu zuen gaztea elefante kateatuak, eta bitarte guzti horretan burdina gero eta barrurago sartu zitzaion haragitan.

        «Eta egun batean elefante gazteak burdin ia ezkutua ikusi zuen, eta zaharrarengana jiratuz esan zion: «Zer da hau?» «Nire betiko nahigabea da», esan zuen gaztea zaindu zuenak. Orduan besteak atera zuen tronpa eta begien ñirñir baten denboran apurtu zuen burdina, esanez: «Heldu da garaia». Halaxe bada, eraman onez itxoin eta zintzo jokatu zuen elefante bertutetsua, libratu egin zuen, esandako garaian, berak zaintzeko apartatu zuen kumeak berak —adi denok Jâtakari!—, ezen Ananda baitzen elefantea, eta burdina apurtu zuen kumea Jauna Beta baitzen...»

        Gero buruari eragiten zion lamak bihotz onez, eta betiko arrosario tilinkariaren gainean ohartarazten zien besteei zeinen libre zegoen harrokeriaren bekatutik elefantekumea. Apala zen lama, bere maisua Jakituriaren Ateen bestaldean ilunpetan eserita ikusirik, ateen gainetik (nahiz eta itxita egon) iragan eta hiri harroaren aurrean bihotz-bihotzez besarkatu zuen chela hura bezain apala. Aberats askoa izango zen bai, halako maisua eta halako chela-ren saria, askatasuna elkarrekin topatzeko garaia etortzen zitzaienean!

        Halaxe mintzatzen zen lama, Indian zehar mutur batetik bestera saguzar baten leuntasunaz ibiliz. Saharunporeren atzean fruitu zuhaitzen artean zegoen etxe bateko andre mingain zorrotz batek ohore egin zion emakumeak iragarleari bezala, baina ez zioten hormaren kontrako gela eman; aurreko patioko leku batean jarri zuten, urrumaka ari ziren usoz inguratuta, emakumeak bere alferreko beloa alde batera jarri eta Kuluko izpiritu eta deabruez berriketan jarduten zuen artean, jaio gabeko ilobez, eta mingaina oso librea zuen mukitsu batez, atseden lekuan berarekin hizketan aritu omen zen bat. Behin lama bera bakarrik aldendu zen Bide Handitik apaiza lama drogatzen saiatu zen herriraino, Umballa azpian; baina lamak zaintzen dituen Zeru borondatetsuak gidatu zuen ilunabarrean, bere baitan sartuta eta susmo txarrik gabe, komandante ohiaren ateraino. Han ia-ia gaizki ulertu handi samar bat gertatu zen, soldadu zaharrak galdetu baitzion lamari ea zergatik egin zuen bide hura bera Izarren Adiskideak lamak baino sei egun lehenago.

        — Hori ezin liteke izan —esan zion lamak—. Bere jendearengana itzuli da.

        — Txoko horretan eserita egon zen ehunka pasadizo xelebre kontari duela bost gau —insistitu zuen ostalariak—. Egia da, egunsentian desagertu egin zen bat-batean nire ilobarekin txantxetan aritu ondoren. Bizkor asko ari da koxkortzen, baina gerraren egiazko berri ekarri zidan Izan Adiskide berbera zen. Banatu egin al zarete?

        — Bai... eta ez —erantzun zion lamak—. Ez gara... ez gara erabat banatu, baina oraindik ez da heldu Bidera elkarrekin joateko garaia. Beste leku batean ari da Jakituria bereganatzen. Itxoin egin behar dugu.

        — Berdin dio... baina hura ez bazen mutila nolaz bada aritu zen zutaz etengabe hizketan?

        — Eta zer esan zuen? —galdetu zuen lamak jakin-minez.

        — Hitz samurrak, eta ehunka gainera, zu bere aita eta ama zarela eta horrelako gauzak. Lastima ez dela jarriko Erreginaren zerbitzura. Ezerk ez du ikaratzen.

        Berri haiek txundituta utzi zuten lama, orduan ez baitzekien zeinen zintzo betetzen zuen Kimek Mahbub Alirekin egin eta Creighton koronelak indarrean legeztaturiko kontratua...

        — Ez dago zaldi gaztea jokotik apartatzerik —esan zuen zaldi-tratulariak koronelak ohartarazi zionean opor garaian Indian barrena bueltaka ibiltzea zentzugabea zela—. Berak nahi bezala atzera eta aurrera ibiltzea ukatzen baldin badiogu, ez dio jaramonik egingo debekuari. Eta nork harrapatuko du orduan?. Koronel sahib, ehun urtez behin bakarrik jaiotzen da jokorako horrelako dohainak dituen zaldia. Eta gizonen beharrean gaude.

 

 

 

© Rudyard Kipling

© itzulpenarena: Koro Navarro

 

 

"Rudyard Kipling / Kim" orrialde nagusia