8. ATALA

 

                Zerbait zor diot hazi naizen lurrari

                Gehiago jaten eman zidan bizitzari

                Gehiago ordea Alari, Hark eman baitzizkidan

                Bururako bi alderdi.

 

                Alkandora eta zapatarik gabe ibiliko naiz,

                Adiskideok, tabako edo ogirik gabe

                Buruaren alderdietako bat

                galdu baino lehen une bakar batez.

                                Bi aurpegietako gizona.

 

        — Orduan, Jainkoaren izenean, urdina jarri gorriaren ordez —esan zuen Mahbubek, Kimen durbante kaskarraren kolore hinduari erreparatuz.

        Kimek esaera zahar batekin erantzun zion:

        — Aldatuko ditut fedea eta oheko arropa, baina zuk ordaindu beharko dituzu.

        Tratulariak zalditik erortzeraino ia egin zuen barre. Hiriz kanpoko denda batean egin zuten aldaketa, eta Kimek, kanpotik behintzat, mahomatar itxura hartu zuen.

        Mahbubek gela bat alokatu zuen geltokiaren parean, eta jateko onenetarikoak agindu zituen, gaztanbera eta almendrazko gozokiak (balushai esaten diegu guk) eta Lucknoweko tabakoa, xehe-xehe eginda.

        — Hobea da hau sij-ekin jan ditudan gauza batzuk baino —esan zuen Kimek, irribarrez esertzen zen artean— eta nire madrissah-en ere ez dituzte ez horrelako gauzak ematen.

        — Madrissah horren berri entzuteko irrikitzen nago —Mahbub, ase ezinik, arkumea espeziekin ari zen jaten, gantzetan frijituta eta aza eta ondo erretako tipulekin—. Baina esadazu lehenbizi, oso-osorik eta egiatan, nola egin zenuen ihes. Izan ere, Mundu osoaren Adiskide —gerriko kirrinkaria askatu zuen—, ez dut uste sarritan sahib batek, sahiben seme dena gainera, madrissah-etik sarritan egiten duenik ihes.

        — Nola bada? Ez dituzte lurralde hauek ezagutzen. Ez zen ezer izan —esan zuen Kimek, eta istorioa kontatzen hasi zen. Mozorrotzearena, eta bazarreko neskarekin izandako elkarrizketara heldu zenean, seriotasuna erabat desagertu zitzaion Mahbub Aliri. Algaraka hasi zen, eskuaz izterra jotzen zuela.

        — Shabash! Shabash! Primeran egin zenuen! Zer esango ote du horretaz turkesen sendatzaileak? Orain, poliki-poliki, entzun dezagun zer gertatu zen gero, banaka-banaka dena, ezer utzi gabe.

        Hala bada, banaka-banaka kontatu zituen Kimek bere abenturak eztulen artean, tabako usaintsua biriketara heldu ahala.

        — Esaten nuen bada nik —murmurikatu zuen Mahbubek berekiko—, esaten nuen poloan ibiltzeko askatu zela zaldia. Heldu da fruitua... baina oraindik distantziak eta neurriak ikasi behar ditu, mugarriak eta itsas orratzak. Entzun orain. Koronelaren zartailua aldendu dizut bizkar gainetik, eta hori ez da gero hutsaren hurrengoa.

        — Egia —Kimek lasaitasunez bota zuen kea—. Hori egia da.

        — Baina ez duzu pentsatu behar alde batera eta bestera horrela ibiltzea komenigarria denik.

        — Oporrak ziren, hajji. Gatibu egon naiz denbora luzez. Zergatik ez nuen bada alde egin behar eskola imita zegoenean? Kontura zaitez gainera, adiskideen kontura biziz edo ogia irabazteko lan eginez, sij-akin egin nuen bezala, sahib koronelari dirutza galanta aurreratu diodala.

        Mahbuben ezpainak estutu egin ziren bere mahomatar bibote zainduaren azpian.

        — Zer dira rupia batzuk —afganiarrak esku zabala luzatu egin zuen oharkabean—, sahib koronelarentzat? Helburu jakinez gastatzen ditu, ez zuganako maitasunagatik.

        — Hori —esan zuen Kimek poliki—, aspalditik nekien.

        — Nork esanda?

        — Sahib koronelak berak. Ez hitz horiexekin, baina bai garbi asko burua bere lekuan duen batentzat. Bai, te-ren-ean esan zidan Lucknowera etorri ginenean.

        — Ondo da. Orduan beste gauza bat esango dizut, Mundu osoaren Adiskide, hau esanda burua zure eskuetan jartzen badut ere.

        — Jarri zenuen lehenago ere —esan zuen Kimek, hitzekin gozatuz—, Umballan, zaldien hartu ninduzunean danbor-joleak astinduta gero.

        — Garbiago hitz egin. Edonork esan ditzake gezurrak, gu biok ez beste. Izan ere, nire eskuetan legoke orain zure bizitza behatza altxatzea erabakiko banu.

        — Eta hori ere badakit —esan zuen Kimek, ikatz pusketa pipan ondo jarriz—. Oso lotura segurua daukagu bion artean. Bai, zure indarra nirea baino handiagoa da; izan ere, nork botako luke faltan makilakadaka hildako mutiko bat, edota, agian, bide ertzetik putzura botatakoa? Askok eta askok ordea, hemen eta Simian eta Mendien arteko pasabideetan, esango lukete: «Zer gertatu zaio Mahbub Aliri?», hilda topatuko balute bere zaldien artean. Segur aski gainera sahib koronelak galderak egingo lituzke. Baina hala ere —maltzurkeria keinu batek okertu zuen Kimen aurpegia— ez lituzke galdera gehiegi egingo, bestela jendeak esango luke eta: «Zer ikusirik du sahib koronel honek zaldi-merkatari batekin?» Baina ni... bizi banintz...

        — Zu zalantzarik gabe hil egingo zinateke eta...

        — Baliteke; baina, nik, biziko banintz, nik bakar-bakarrik jakingo nuke norbait etorri zela gauez, lapur arrunt baten itxura hartuta, Mahbub Aliren azokako gelara eta hantxe hil zuela, eta lapur horrek berak goitik behera arakatu zituela, Mahbub hil baino lehen edo geroago, Mahbub Aliren zakuak eta zapatilen zoruak. Koronelari kontatzeko berriak dira horiek, ala esango ote lidake (ez zait ahaztu nola bidali ninduen utzi ez zuen zigarro kaxa baten bila), «Zer axola zait niri Mahbub Ali»?

        Ke hodei trinko bat altxatu zen. Isilune luzea izan zen: orduan Mahbub Ali miresmenez mintzatu zen:

        — Eta gauza horiek izanik buruan, sahiben seme gazteen artean etzaten zara eta gero berriz altxatu madrissah horretan, zure maisuen irakaspenak txintxo-txintxo hartzera?

        — Agindua da —esan zuen atsegin Kimek—. Nor naiz bada ni aginduak eztabaidatzeko?

        — Deabruaren semea —esan zuen Mahbub Alik—. Baina zer da lapurra eta miaketaren kontu hori?

        — Hori ikusi nuen —esan zuen Kimek—, nire lama eta biok Kashmir serai-n zure aldamenean lo egin genuenean. Atea giltzapetu gabe utzi zuten, eta ez dut uste hori denik ohitura, Mahbub. Zu puska batean itzuliko ez zinela ziur balego bezala etorri zen gizona. Nik hormako zulo batean neukan begia jarrita. Zerbaiten bila balebil bezala jardun zuen: ez alfonbra, edo oin-burdinak, edo hedeak, ez brontzezko ontziak, ez, zerbait txikia eta ondo ezkutatua. Bestela, zergatik sartu zuen burdin bat zure zapaten zoruetan?

        — Ja! —Mahbub Alik atsegin egin zuen irribarre—. Eta gauza horiek ikusita, zer bururatu zitzaizun zuri, Egiaren Putzu horri?

        — Ezer ez. Eskua kutunean jarri nuen, larru-azalaren ondoan baitaukat beti, eta, ogi mahomatar bat hozkatzerakoan topatu nuen hazitarako zaldi zuri baten pedigriaz gogoratuz, Umballara abiatu nintzen erantzukizun handia nuela nire gain ederki konturatuta. Ordu hartan, nahi izan banu, nire esku neukakeen zure burua. Nahikoa nuen gizon hari esatea: «Paper bat daukat hemen zaldi bati dagokiona, eta ez dakit irakurtzen.» Eta orduan? —Kimek bekainen azpitik egiten zion so Mahbubi.

        — Orduan ura bi bider edango zenuen... hiru beharbada, geroago. Ez dut uste hiru bider baino gehiago izango zenik —esan zuen Mahbubek besterik gabe.

        — Egia da. Pentsatu nuen horretan, baino batez ere maite zaitudala pentsatu nuen, Mahbub. Horretaz, Umballara joan nintzen, dakizun bezala, eta (baina hau ez dakizu) ezkutatu egin nintzen Creighton sahib koronelak hazitarako zaldi zuriaren pedigria irakurritakoan zer egiten zuen ikusteko.

        — Eta zer egin zuen? —izan ere, Kimek ez zion elkarrizketa haren berri eman.

        — Zuk informazioa maitasunaren truke ematen duzu, ala saldu egiten al duzu? —galdetu zuen Kimek.

        — Nik, saldu... eta erosi egiten dut —Mahbubek lau annetako txanpon bat hartu zuen gerrikotik eta Kimi eskaini zion.

        — Zortzi! —esan zuen Kimek, oharkabean Ekialdekoen merkatal senari jarraiki.

        Mahbubek barrez ezkutatu zuen txanpona.

        — Errazegia da merkatu honetan aritzea, Mundu osoaren Adiskide. Maitasun truke kontatu. Bata bestearen eskuetan daude gure bizitzak.

        — Oso ondo. Jang-i-Lat sahiba ikusi nuen (gudalburua) afari handi batera zetorrela. Ikusi nuen Creighton sahibaren bulegoan. Ikusi nuen biek hazitarako zaldi zuriaren pedigria irakurtzen zutela. Gerra handia hasteko aginduak entzun nituen.

        — Ja! —baietz egin zuen buruaz Mahbubek, begiak sutan—. Ondo burutu da jokoa. Bukatua da gerra orain, eta etsaia, hala espero dugu, erro-errotik aterea... niri esker... eta zuri. Zer egin zenuen gero?

        — Informazio hura amu bezala erabili nuen jatekoak eta ohoreak lortzeko nire lama drogatu zuen apaiz baten herrian. Baina nik hartu nuen agurearen poltsa eta brahamanak ez zuen ezer topatu. Hala, biharamunean oso haserre zegoen. Ja, ja! Eta albiste horiek ere erabili nituen errejimendu zuri horren eskuetan erori nintzenean, beren Zezenarekin!

        — Hori ergelkeria hutsa izan da —esan zuen erdeinuz Mahbubek—. Albisteak ez dira simaurra bezala harrika botatzeko, arduraz erabiltzeko baizik, bhang-a bezala (hachis edo marihuana).

        — Halaxe iruditzen zait orain; gainera guzti hark ez zidan batere onik egin. Baina hori aspaldi izan zen —esku mehe beltzaranez keinu bat egin zuen, dena desagerrarazteko bezala—, eta orduz geroztik eta batez ere gauetan, punkah-en azpian madrissah-en, galanki pentsatu dut horretan.

        — Galdegin al nezake nora daramaten Zerutik Jaiotakoaren pentsamenduek? —esan zuen Mahbubek, mesprezuz deliberatuki, bizar gorria lisatzen zuen artean.

        — Galdegin zenezake —esan zuen Kimek, tonu berbera itzuliz besteari—. Nucklaon diote sahib batek ez diola esan behar beltz bati okerrik egin duenik.

        Mahbubek bularrera eraman zuen eskua, afganiarrei «beltz» deitzea (kala admi) odolez garbitzen den iraina baita. Baina gogoratu eta barrez hasi zen.

        — Mintza zaitez, sahib. Adi-adi daukazu zure beltza.

        — Baina —esan zuen Kimek—, ni ez naiz sahiba, eta esaten dizut oker egin nuela zu irainduz, Mahbub Mi, egun hartan Umballan afganiar batek traizioa egin zidala uste izan nuenean. Nire onetatik aterata nengoen, harrapatu berria bainintzen, eta behe kastako danbor-jolea hil nahi nuen. Orain esaten dizut, hajji, ondo egin zenuela eta garbi ikusten dudala bidea hemendik aurrera baliagarria izateko. Madrissah-en egongo naiz heldua naizen arte.

        — Ondo esana. Distantziak, zenbakiak, eta itsas orratzak erabiltzeko era ikasi behar dira batez ere joko honetan. Lagun bat daukazu Mendietan zain gauza horiek irakasteko.

        — Gauza horiek baldintza batekin ikasiko ditut: madrissah-a itxita dagoenean denbora librea nik nahi bezala erabili. Eskaiozu hori koronelari.

        — Baina zergatik ez diozu hori sahiben hizkuntzaz zerorrek eskatzen?

        — Koronela gobernuaren zerbitzaria da, hitz bat esan orduko batera eta bestera bidaltzen dute, eta kontutan izan behar du bere egoera. (Ikusi zenbat ikasi dudan dagoeneko Nucklaon!). Gainera, duela hiru hilabete bakarrik ezagutzen dut. Mahbub Ali delako bat sei urtez ezagutu dut. Hala bada, madrissah-era joango naiz. Madrissah-en ikasi egingo dut. Madrissah-en sahiba izango naiz. Baina madrissah hori itxita dagoenean, orduan libre izan behar dut neure jendearengana joateko. Bestela hil egingo naiz!

        — Eta zein da zeure jendea, Munduaren Adiskide hori?

        — Lur handi eta zoragarri hau —esan zuen Kimek, eskuari eraginez eta lokatzezko hormekiko gela txikia seinalatuz, oliozko kriseiluak bere apaletik argitzen zuela ke trinkoaren artetik—. Eta, gainera, nire lama ikusiko nuke berriz. Eta, gainera, dirua behar dut.

        — Denon beharra da hori —esan zuen Mahbubek tristuraz—. Zortzi anna emango dizkizut; zaldien azkazaletatik ez da diru askorik ateratzen, eta egunetan iraun beharko dizu diru horrek. Gainontzekoaz, lasai nago, eta ez dago gehiago hitz egin beharrik. Bizkor ikasi, eta hiru urte hartu, edo baliteke gutxiago izatea, lagungarria izango zara... baita niretzat ere.

        — Halako enbarazua egin al dut bada orain arte? —esan zuen Kimek, barre txiki bat eginez.

        — Ez erantzunik eman —moztu zuen Mahbub Alik—. Nire morroi berria zara. Zoaz beste morroiekin lotara. Geltokiaren iparretik bertan daude, zaldiekin.

        —Aginpiderik gabe joaten baldin banaiz hegoaldeko muturrera bidaliko naute ostikoka.

        Mahbubek gerrikoa ukitu zuen, txinatar tinta pastilla batean behatza busti eta indiar paper puska bigun batean ezarri zuen. Balkhetik Bombayera zen ezaguna orbain zaharrek zeharkatzen zuten inprimaki zatar hura.

        — Nahikoa izango duzu hori morroien buruari erakusteko. Ni goizean joango naiz.

        — Zein bidetatik?

        — Hiritik datorren bidetik. Bat besterik ez dago, eta orduan Creighton sahibarengana itzuliko gara. Astindu bat kendu dizut gainetik.

        — Alaren izenean? Zer da bada astindu bat burua bera sorbalda gainean eutsi ezinik dagoenean?

        Isil-isilik atera zen Kim gaueko ilunpetan, etxe erdia inguratu zuen hormen kontra estu-estu jarrita, eta geltokia baino pare bat kilometro harantzago joan zen. Gero, buelta handia eginez, lasai itzuli zen, denbora behar baitzuen Mahbuben morroiren bat galdezka hasiz gero zerbait asmatzeko.

        Trenbidearen ondoko lur sail zabal batean zuten akanpalekua, eta, indiarrak izanik morroiak, ez zituzten noski deskargatu Mahbuben animalien bi bagoiak, Bombayeko tranbia konpainiak erositako zaldien artean zeudelarik. Morroi buruak, oso itxura txarreko mahomatar zaharra, gelditzeko esan zion Kimi, baina lasaitu egin zen Mahbuben zeinua Kimen eskuan ikusita.

        — Hajji-ak lana emateko ohorea egin dit —esan zion Kimek umore txarrez—. Dudarik baduzu, itxoin ezazu bera goizean etorri arte. Bien bitartean, leku bat sutondoan.

        Behe kastako indiarrek edozer dela eta sortu ohi duten marmar zentzugabeak jarraitu zien hitz haiei. Isildu ziren, eta Kim Mahbuben gizonen taldearen atzean etzan zen, zalgurdi baten gurpilen azpian ia, utzi zioten estalki bat babeserako hartuta. Adreilu eta hondakinen arteko ohe hura, zaldi mordo bat eta garbitu gabeko baltiarrez inguratuta, ez litzateke oso deigarria izango mutil zuri askorentzat; baina Kim guztiz zoriontsu sentitzen zen. Eskenatoki, lan, eta inguru aldaketa haize berria zen Kimen biriketarako, eta St Xavierreko ohatila txuri txukunetan pentsatzeak, punkah-en azpian, biderketa taulak ingelesez errepikatzeak bezainbesteko poza ematen zion.

        — Oso zaharra naiz —pentsatu zuen erdi lotan—. Hilero-hilero urte bat gehiago betetzen dut. Oso gaztea nintzen, eta inozoa goitik behera, Mahbuben mezua Umballara eraman nuenean. Errejimendu zuri harekin nengoenean ere oso gaztea eta txikia nintzen, eta jakituriarik gabea. Baina orain egunero ikasten dut zerbait, eta hiru urte barru koronelak madrissah-etik aterako nau eta Bidera joaten utzi Mahbubekin zaldi pedigrien bila, edo beharbada bakarrik joango naiz; edo baliteke lama topatu eta berarekin joatea. Bai; horixe da onena. Chela bezala ibiltzea nire lamarekin bera Benaresera itzultzen denean.

        Pentsamenduak gero eta mantsoago eta solteago zetozkion. Ametsezko mundu zoragarri batean ari zen murgiltzen belarriek xuxurlo bat harrapatu ziotenean, fina eta zorrotza, suaren ondoko marmar monotonoaren gainetik. Burdinazko zaldi-bagoien atzetik zetorren soinua.

        — Orduan, ez dago hemen?

        — Non izango da bada hirian parrandan ez bada? Nor joaten da igelen artera sagun baten bila? Goazen beste leku batera. Hori ez da gure gizona.

        — Ez ditu pasabideak berriz gurutzatu behar. Hori da agindua.

        — Emakumeren bati dirua eskaini eta eman diezaiola drogaren bat. Rupia gutxi dira, eta ez da frogarik geratuko.

        — Emakumea bera izan ezik. Hori baino gauza seguruagoa behar dugu; eta gogoan izan bere buruari jarri dioten prezioa.

        — Bai, baina poliziak beso luzea dauka, eta mugatik urruti gaude. Penshawurren bagina!

        — Bai... Penshawurren —esan zuen mesprezuz bigarren ahotsak—. Penshahawur, bere odolekoez josita, ezkutalezkuz josita, eta emakumeez, beren gonapetan sartzeko. Bai, Penshawur infernua bera bezain komenigarria genuke.

        — Orduan, zein da plana?

        — Zoro alaena, ez al dizut bat hamaika bider esan? Etzatera etortzen den arte itxoin, eta orduan... tiro seguru bat. Bagoiak daude gu eta jazarleen artean. Burdinbidea korrika gurutzatu besterik ez dugu egin behar, eta gure bidetik joan gero. Ez dute ikusiko nondik zetorren tiroa. Gutxienez egunsentira arte itxoin beharko dugu. Zer nolako fakirra zara zu, zelatan pixka bat egiteagatik hor dardarka?

        «Hara!» pentsatu zuen Kimek begi itxien azpitik. «Mahbub da berriz ere. Ez da ez sahibei saltzeko aproposa hazitarako zaldi zuri baten pedigria! Edo agian bestelako albisteak saltzen arituko zen Mahbub. Eta orain zer egin behar da, Mahbub? Ez dakit non egiten duen Mahbubek lo, eta egunsentia baino lehen itzultzen bada eraso egingo diote. Hori ez litzateke probetxuzkoa izango zuretzat, Kim. Eta ez da hau poliziarentzako kontua. Ez litzateke probetxuzkoa Mahbubentzat eta —ia-ia ozen egin zuen barre—, ez dut gogoratzen orain lagunduko didan Nucklaoko irakaspenik. Ala bedeinkatua! Hona hemen Kim eta horra hor horiek. Lehenbizi orduan, altxatu eta alde egin behar du Kimek, ez dezaten susmo txarrik hartu. Gizonak esnatu egiten ditu amesgaiztoak... horrela...

        Estalkia gainetik kendu zuen eta altxatu egin zen bat-batean, eta amesgaiztoak esnatutako asiarren txilio izugarria, zentzurik gabea, dardaratia, egin zuen.

        — Urr-urr-urr-urrr-urr! Ya-la-la-la-la! Narain! Churel-a! Churel-a!

        Umea erditzerakoan hil den emakume baten mamua, bereziki gaiztoa, da churel-a. Bide bakartietan agertzen da, oinak atzekoz aurrera dituela, eta erotu egiten ditu gizonak.

        Kimen oihu dardaratia ozenagoa egin zen, azkenean zutik jarri eta erdi lotan balantzaka hasi zen arte, besteek esnatzeagatik iraintzen zuten artean. Hogei bat metro harantzago, gorago, etzan egin zen berriz, xuxurlaka ari zirenak bere marmarioak eta zaratak entzun zitzaten arduratuz, bere onera zetorren artean. Geroxeago bide aldera mugitu eta aldendu egin zen ilunpe trinkoan.

        Bizkor mugitu zen ur-isurki batera heldu zen arte, eta haren atzean ezkutatu zen, kokotsa gaineko harriaren parean zuela. Gauekoen joan-etorri guztiak ikus zitzakeen handik, baina bera ikusiezina zen.

        Bizpahiru gurdi pasa ziren, hiriaren kanpoaldera tintilika; polizia bat eztulka eta ibiltari bat edo bi, kantari izpiritu gaiztoak uxatzeko. Gero zaldi baten azkazalen tarrapata entzun zen.

        — A, horrek bai, horrek Mahbub Ali dirudi! —pentsatu zuen Kimek; aberea, harriaren gaineko buru txikia ikusita, ikaratu egin zen.

        — Eh, Mahbub Ali! —xuxurlatu zuen—, kontuz ibili!

        Zaldia ia zutik jarri zen hedeetako tirazoarekin, eta ur-isurki aldera mugitu zen.

        — Ez dut sekula berriz —esan zuen Mahbubek—, zaldi herratu bat hartuko gauez ateratzeko. Hiriko hezur eta iltze guztiak hartzen dituzte —zaldiaren aurreko hanka jasotzeko makurtu zen, burua Kimenaren pare-parean jarriz—. Egon... egon hor —murmurikatu zuen—. Begiz josita dago gaua.

        — Bi gizon daude zu noiz helduko zain zaldien bagoien atzean. Tiroa botako dizute etzaten zarenean, zure buruari prezioa jarri diote eta. Zaldien ondoan lotan nengoela entzun dut.

        — Ikusi al dituzu?... Egon geldik, deabru zikina! —esan zion amorruz zaldiari.

        — Ez.

        — Ez al zegoen bat fakirrez jantzita?

        — Batek esan dio besteari, «Nolako fakirra zara zu, zelatan egiteagatik dardarka»?

        — Ondo. Zoaz berriz akanpalekura eta etzan zaitez. Gaur gauean ez naiz hilko.

        Mahbubek zaldia atzera jirarazi zuen eta desagertu egin zen. Kim ubidetik joan zen bizkor, bigarren atsedenlekuaren parean zegoen lekuraino heldu arte, erbinude batek bezala gurutzatu zuen bidea eta estalkiaren azpian sartu zen berriz.

        — Jakin badaki behintzat —pentsatu zuen pozik—. Eta dudarik gabe espero balu bezala mintzatzen zen. Ez dut uste bi gizon horiek onik aterako diotenik gaur gaueko zelatari.

        Ordubete igaro zen, eta, gau osoa esna emateko borondate oso-osoaz,lo seko geratu zen. Noizean behin gaueko tren bat orroka igarotzen zen burdinbidetik sei metrotara; baina soinu hutsekiko ekialdekoen arduragabezia zeukan Kimek, eta amets bat bera ere ez zitzaion tartekatu loaldian.

        Mahbub lotan ez beste edozertan ari zen. Asko molestatzen zuen bere leinukoa ez zen jendeak eta bere noizbehinkako maitasun istorioekin zerikusirik ez zutenak bere bizitzaren atzetik ibiltzea. Senak aginduta, burdinbideak beheraxeagotik gurutzatzea izan zuen lehenengo burutapena, gora joan berriz, eta, bere adiskideak atzetik harrapatuz, lepoa moztu biei. Baina, pentsatu zuen penaz, Gobernuko beste adar batek, Creighton koronelarekin batere zerikusirik gabea, erantzuten zailak liratekeen galderak egingo lizkioke; eta ederki asko zekien mugaren hegoaldean sekulako zalaparta sor zezaketela gorpu batek edo bik. Alde horretatik ez zuten molestatu Kim mezuarekin Umballara bidali zuenez geroztik, eta susmoa azkenean desagerrarazia izatea espero zuen.

        Orduan primerako gauza bururatu zitzaion.

        — Ingelesek egia diote beti —esan zuen berekiko—, eta, gu, hemengoak, inozo bezala geratzen gara. Alaren izenean, ingelesen bati kontatuko diot egia! Zertarako balio du Gobernuaren poliziak kabuliar gizarajo bati bere zaldiak bagoietatik osten badizkiote? Pensahawurren bezain gaizki daude hemen gauzak! Protesta jarri beharko nuke geltokian. Ez, hobeto, burdinbideetako sahib gazteren bati esango diot! Oso gartsuak izaten dira horiek beren lanetan, eta ohore handitzat hartzen dute lapurrak harrapatzea.

        Zaldia geltokiaren kanpoaldean lotu zuen, eta kaira joan zen.

        — Kaixo, Mahbub Ali! —esan zion distrituko burdinbidean behera joateko zain zegoen superintendentearen laguntzaile gazte batek. Mutil handia zen, lastozkoa zirudien ilearekin, zaldi itxurakoa, eta harizko traje zuri zikin samar bat zeraman—. Zertan ari zara hemen? Zaldi zikinak saltzen, ala?

        — Ez; ez nago zaldiekin kezkatuta. Lutuf Ullahen bila nator. Han goian bagoi bat daukat beteta. Inork eramaterik izango ote luke Trenbide Konpainiak jakin gabe?

        — Ez dut uste, Mahbub. Salakuntza jar dezakezu gure aurka halakorik gertatzen bada.

        — Bi gizon ikusi ditut bagoi baten gurpilen ondoan kuzkurtuta ia-ia gau osoz. Fakirrek ez dituzte zaldiak lapurtzen, beraz, ez diet garrantzi handirik eman. Lutuf Ullah, nire sozioa, topatu behar dut.

        — Egiatan? Eta ez zara batere kezkatu? Benetan esaten dizut, horixe da zortea zu topatu izana. Nolakoak dira?

        — Fakirrak baino ez ziren. Beharbada gari pixka bat hartu besterik ez dute egingo, bagoiren batetik. Asko daude han pian. Estatuari ez dio kalterik egingo limosna txiki horrek. Nire sozioaren bila etorri naiz hona, Lutuf Ulah...

        — Ez dio inporta orain zure sozioak. Non dauzkazu zaldien bagoiak?

        — Trenerako kriseiluak egiten dituzten azken postua baino honantzaxeago.

        — Orratz aldaketaren kutxa, bai.

        — Eta bidetik hurbilen dagoen burdinbidearen ondoan, eskuineko aldean, burdinbidera begira, alde honetara. Baina Lutuf Ullah dela eta... gizon luze bat, sudurra hautsia duena, eta persiar xarlango batekin... E!

        Joana zen presaka mutila polizia gazte eta gartsu bat esnatzera; izan ere, eta azaldu zuenez, Konpainiak lapurreta franko jasaten zituen biltegietan. Mahbub Alik barre egin zuen bizar tindatuaren azpitik.

        «Beren botekin joango dira, soinua atereaz, eta orduan harriturik ikusiko dute ez dagoela fakirrik. Oso mutil bizkorrak dira, Barton sahiba eta Young sahiba».

        Egonean eman zituen minutu batzuk, burdinbidean barrena poliziak korrika lanerako prest noiz azalduko. Geltokitik lokomotora txiki bat atera zen, eta Barton gaztea ikusi zuen kabinan.

        «Ez dut behar bezala epaitu mutil hori. Horren inozoa ere ez da. Su-gurdi bat hartzea lapurrak harrapatzeko, berria da hori gero!»

        Akanpalekura joan zenean Mahbub Ali egunsentian, ez zitzaion inori burutik pasa ere egin gaueko albisterik emateak merezi zuenik. Inori ez, morroi txiki bati izan ezik, gizon handiaren zerbitzura etorri berria zen bat, hari deitu baitzion Mahbubek bere denda txikian zerbait biltzen laguntzera.

        — Badakit dena —xuxurlatu zion Kimek, zela-zakuen gainean makurtuz—. Bi sahib etorri dira te-ren batean. Batera eta bestera nenbilen ni ilunpetan, bagoien alde honetan, te-ren-a gora eta behera poliki-poliki zebilen artean. Bagoiaren azpian eserita zeuden bi gizonengana joan dira... Hajji, zer egin behar dut tabako pusketa honekin? Paperean bildu eta gatzaren poltsaren azpian jarri? Bai, eta lurrera bota dituzte. Baina gizonetako batek eraso egin dio sahib bati fakir adar batekin (Kim Indiako antilopearen adarrez ari zen, horixe baita fakirrek mundu honetan duten arma bakarra), eta odola isuri da. Orduan beste sahibak, bere gizona korderik gabe utzita gero, erasotzailea egurtu du besteari eroritako pistola batez. Erotuta bezala hasi dira denak borrokan.

        Mahbubek irribarre egin zuen, etsimen lasaiaz.

        — Ez! Hori dewani-a ezik (eromena, edo epaitegi zibilerako kasua, bi zentzuak baititu hitzak eta hitz jokoa egin daiteke), nizamut-a da, (kasu kriminala). Pistola, esan duzu? Hamar une luze bai kartzelan.

        — Orduan etzanda geratu dira biak, mugitu ezinik, eta nire ustez hiltzeko zorian zeuden te-ren-ean jarri dituztenean. Horrelaxe mugitzen zituzten buruak. Eta odola erruz dago burdinbidean. Ikusi nahi al duzu?

        — Lehendik ere ikusita daukat odola. Kartzela dute horiek lekurik seguruena... segur aski izen faltsuak emango dituzte, eta segur aski ez ditu inork denbora luzez aurkituko. Ez ziren nire aldeko. Zure patua eta nirea, nonbait, soka berean daude. Horixe da istorioa perla sendatzailearentzat! Orain, arin ibili zakuekin eta sukaldeko ontziekin. Zaldiak hartu eta Simlara joango gara.

        Agudo —ekialdekoek abiadura ulertzen duten eran—, azalpen luzeekin, irain eta berriketa hutsalekin, arduragabe, hamaika aldiz ahaztutako txikikeriak errepasatu ondoren, kanpamendu zatar hura altxatu eta eraman zituzten zaldi zurrundu urduriak Kalkako bidean barrena, euriak freskatutako egunsentian. Kimi, Mahbub Aliren kuttuna bezala ikusten baitzuten afganiarrarekin ondo konpondu nahi zuten guztiek, ez zioten lanerako deitu. Aurrera egin zuten oso bidaia erosoa eginez, atseden lekuetan ordu gutxika geldituz. Sahib ugari ibiltzen da bidaian Kalkako bidean; eta, Mahbub Alik dioen bezala, sahib gazte orok zaldi epaile ontzat dauka bere burua, eta, zorrez leporaino badago ere, erosteko prest dagoelako itxurak egin behar ditu. Horrexegatik sahib bat bestearen atzetik, zalgurdian zetozela, gelditu eta hizketan hasten zen. Batzuk gurdietatik jaitsi ere egiten ziren, eta zaldien hankak ukitu; galdera hutsalak egiten zituzten, edo, bertako hizkuntzan hitzik ez zekitelako hain zuzen, irain zarpailak egiten zizkioten tratulariari.

        — Sahibekin tratuak lehenbizikoz egin nituenean, eta Soadi koronela Abazia Gazteluko gobernadore zela izan zen hori, amorruaren amorruz urez bete zuenean komisarioaren kanpatzeko lur saila —aitortu zion Mahbubek Kimi mutilak zuhaitz baten azpian pipa betetzen zuen artean—, ez nekien nik nolako zoro puskak diren, eta horrek sutan jartzen ninduen. Esate baterako.. —eta esamolde baten istorioa kontatu zion Kimi, oharkabean oker erabilia, Kim barrez lehertu beharrean jarri zuena—. Orain konturatzen naiz ordea —poliki bota zuen kea—, horiekin ere beste guztiekin bezalaxe gertatzen dela: gauza batzuetan argiak dira, eta besteetan berriz zoro hutsak. Zorakeria handia da arrotz batekin okerreko hitzak erabiltzea; zeren, bihotza irainez garbi badago ere, nola jakin lezake hori atzerritarrak? Labana hartuta joango da segur aski egiaren bila.

        — Egia. Egia diozu —esan zuen Kimek arrandiaz—. Zoroak katu batez mintzatzen dira emakume bat erditzen ari denean, esate baterako. Entzun egin dut.

        — Beraz, zu zauden egoeran, batez ere hau gogoratzea komeni zaizu, bi aurpegiena. Sahiben artean, ez inoiz ahaztu sahiba zarela; Indiako jendearen artean, gogoan izan beti... —isildu egin zen, harrimenezko irribarrea eginez.

        — Zer naiz ni? Mahomatarra, hindua, jain ala budista? Korapilo ederra da hori.

        — Dudarik gabe, sinesgabea zara, eta kondenatu egingo zara beraz. Hala dio nire Legeak, edo hala uste dut behintzat. Baina zu nire Mundu osoaren Adiskide Txikia zara, eta maite zaitut. Halaxe dio nire bihotzak. Sinesteen kontu hau zaldien antzekoa da. Gizon zuhurrak badaki zaldiak onak direla... probetxugarriak direla denak; eta nik berriz, sunni zintzoa naizela eta Tiraheko gizonei gorroto diedalako izango ez balitz, gauza bera pentsatuko nuke fede guztiez. Orain, garbi dago Kathiawarreko behor bat bere jaiolekuko hondarretatik atera eta Bengalako mendebaldera eramanda, honda-honda eginda geratzen dela; eta halaxe ere Balkheko hazitarakoek (eta ez da Balkheko zaldiak baino hobeagorik, ez balira bizkarkiz horren astunak), ez dute batere balio Iparreko basamortu handietan, nik ikusi izan ditudan elur-gameluen ondoan. Horretaz, fedeak zaldiak bezalakoak direla esaten dut bihotzean. Bakoitzak bere herrian bere merituak dauzka.

        — Nire lamak oso bestelako gauzak esaten zituen ordea.

        — A, Bhotiyalen ametsen ameslari zahar bat besterik ez da hura. Bihotza haserre samar daukat, Mundu osoaren Adiskide hori, zuk horrelako balioa ikusten duzulako horren ezezaguna den gizon batengan.

        — Egia da, hajji; baina balio hori ikusi egiten diot, eta bihotza harengana jarrita daukat.

        — Eta harena zugana, entzun dut. Bihotzak zaldiak bezalakoxeak dira. Joan eta etorri egiten dira, baita jatekoa edo ezproiaren kontra ere. Egin oihu Gul Sher Kani, hazitarako uherraren habeak hobeto segurta ditzan. Ez dugu zaldi borrokarik behar atsedenaldi bakoitzean, eta arrea eta beltza segituan jarriko dituzte giltzapean... Orain entzudazu. Beharrezko al duzu bihotza lasaitzeko lama hori ikustea?

        — Dauzkadan eginbeharretakoa da —esan zuen Kimek—. Ikusten ez badut, eta kentzen baldin badidate, atera egingo naiz Nucklaoko madrissah horretatik, eta, aterata gero, nork bilatuko nau berriz?

        — Egia da hori. Ez da sekulan zu baino soka arinago batekin lotutako moxalik izan —Mahbubek buruari eragin zion.

        — Ez beldurrik izan —Kim une hartan bertan desagertu ahal izango balitz bezala mintzatzen zen—. Nire lamak esan du etorriko dela madrissah-era ni ikustera.

        — Eskale bat eta bere ontzia sahib gazte horien aurrean...

        — Ezta hurrik eman ere! —moztu zuen Kimek mesprezuz—. Behe kastako odolak ilunduta dauzkate begiak, eta belztuta azkazalak, horietako askok eta askok. Mehterani-en semeak... (printzesak; ironiaz, garbitzaileak) bhungi-en koinatuak (erratzariak).

        Ez dugu zertan gainontzeko pedigria errepikatu beharrik; baina Kimek garbi asko azaldu zizkion bere ideiak eta berotu gabe gainera, azukre-makila mastekatzen zuen artean.

        — Mundu osoaren Adiskide —esan zuen Mahbubek, garbi zezan Kimi luzatuz pipa—, gizonak franko ezagutu ditut, emakumeak eta mutilak erruz, eta ez sahib gutxi. Zu bezalako lotsagabe batekin ez dut sekula topo egin.

        — Eta zergatik? Zuri beti egia esaten dizut eta.

        — Horrexegatik beharbada, arriskutsua baita gizon zintzoentzat honako mundu hau —lurretik altxa, gerrikoa estutu eta zaldiengana joan zen Mahbub Ali.

        — Ala saldu?

        Bazen zerbait hitz haiek ahoskatzerakoan Mahbub gelditu eta jirarazi egin zuena.

        — Zein gaiztakeria berri da hori?

        — Zortzi anna, eta kontatuko dizut —esan zuen Kimek, ahoa okertuz—. Zure bakearekin du zerikusia.

        — Deabruaren semea! —dirua eman zion Mahbubek.

        — Gogoratzen al zara lapurren kontu hartaz, ilunpetan, Umballan?

        — Bizitza kendu nahi zidatela kontutan hartuta, ez zait erabat ahaztu. Zergatik?

        — Gogoratzen al zara Kashmir Seraia-z?

        — Belarriak bihurrituko dizkizut segituan... sahib.

        — Ez duzu horren beharrik izango, afganiar hori. Baina, bigarren fakirra, sahibek korderik gabe utzi zuten hura, Laboren zure gela miatzera joan zen gizon bera zen. Lokomotoran sartu zutenean ikusi nion aurpegia. Gizon berbera.

        — Zergatik ez didazu lehenago esan?

        — A, kartzelara joango da, eta seguru egongo da urte batzuetan. Aldi bakar batean behar baino gehiago kontatu beharrik ez dago. Gainera, orduan ez nuen gozokietarako dirurik behar.

        — Allah kerim! —esan zuen Mahbub Alik—. Salduko ote duzu bada inoiz nire burua gozokien truke gogoak ematen badizu?

 

 

        Hil arte gogoratuko du Kimek bidai luze, nagi hura Umballatik aterata, Kalaka eta Pinjorreko Loratokiak igaroz, Simlaraino. Gugger ibaiaren bat-bateko uholde batek zaldi bat eraman zuen (baliotsuena noski), eta Kim ito zen ia-ia harri dantzarien artean. Bidean gorago Gobernuko elefante batek sakabanatu egin zituen zaldiak, eta, belarra oso hazia zegoenez gero, egun t'erdi behar izan zuten zaldi guztiak berriz inguratzeko. Gero Sikandar Khanekin egin zuten topo, zaldi salduezineko batzuk zekartzala —saldu gabe geratu zitzaizkionak— eta Mahbubek, merkatariagoa baitzen behatz txikiko azkazalean Sikandar Khan bere denda guztietan baino, okerrenetako bi erosi behar izan zituen, zortzi ordutako diplomazia arduratsua eta tabako mordo galanta suposatu zuelarik tratuak. Baina zoragarria zen dena: bide bihurria, igo eta jaitsi, gero eta gorago; goizeko argitasuna urruneko elurretan; beso ugaritako kaktusak, ilaraz ilara malkar harritsuetan; uraren xuxurloa ehunka urtegietan; tximuen berriketa; izai dotoreak, bata bestearen atzetik igotzen beheraka makurtutako adarrekin; lautaden ikuskizuna, urruti-urrutira hedatuz; tonga-adarren etengabeko soinua eta lehenengo zaldien lasterketa zoroa tonga batek jiratzen zuenean; otoi egiteko geldialdiak (oso erlijiosoa zen Mahbub abluzio eta garrasi bizian egindako otoitzetan, presarik ez zenean); ilunabarreko hizketaldiak atseden lekuetan, gameluek eta idiek batera arrandiaz mastekatzen zutenean eta mandazain astotzarrak bideko albisteak kontatzen zituztenean: gauza guzti haiek kantari jartzen zuten Kimen bihotza.

        — Baina kanta eta dantza bukatzean —esan zuen Mahbub Alik—, sahib koronela etortzen da, eta hori ez da horren gozoa.

        — Lurralde ederra... lurralde guztiz zoragarria da India... eta Bost Ibaien lurraldea da denetan ederrena —zioen Kimek erdi kantari. Haraxe joango naiz berriz Mahbub Ali edo koronelak eskua edo zangoa altxatzen badidate. Joanda gero, nork aurkituko nau? Begira, hajji, Simla al da hango hiri hura? Alaren izenean, hori da hiria, hori!

        — Nire aitaren anaiak, eta zaharra zen hura Mackerson sahibaren putzua Penshawurren ireki berri zutenean, gogoratzen zuen bi etxe besterik ez zituenean.

        Zaldiak errepide nagusiaren azpitik eraman zituen Simlako beheko bazarrera: untxitegi ugari bat zirudien bazarrak, eta aranetik udaletxera igotzen zen berrogeita bost gradutako maldarekin. Han bidea jakiteko gauza den gizonak erronka egin diezaioke Indiako udako hiriburu denaren polizia osoari, hain era zuhurrean elkartzen baitira atariak, pasabideak, eta ezkutuko irteerak. Han bizi dira hiri alaiaren beharren hornitzaileak: jhampani-ak, gauez emakume ederren rickshaw-ak eraman eta egunsentira arte jokoan ibiltzen direnak; dendariak, olio edo zur saltzaileak, antikuarioak, apaizak, lapurrak eta gobernuaren enplegatu indiarrak. Hantxe komentatzen dituzte dama limuriek Indiako Kontseiluaren sekretu ezkutukoenak omen direnak; eta han biltzen dira Estatu Indiarren ordezkari guztiak. Hantxe hartu zuen gela bat Mahbub Alik ere, Lahorekoak zuena baino askoz sarraila seguruago batekin, mahomatar ganadu tratulari baten etxean. Mirari lekua ere bazen hura, mahomatar morroi bat sartu baitzen han iluntzean, eta ordubete beranduago mutiko eurasiar bat atera —Lucknoweko neskaren tintea onenetarikoa zen—, gaizki samar zegokion dendako arroparekin.

        — Creighton sahibarekin mintzatu naiz —esan zion Mahbub Alik—, eta bigarren aldiz apartatu du Adiskidetasunaren Eskuak Hondamendiaren zartailua. Koronelak dio hirurogei egun xahutu dituzuela dagoeneko bidean eta beranduegi dela beraz zu inongo Mendiko eskolatara bidaltzeko.

        — Esan dut nire oporrak nireak direla. Ez naiz bi bider joango eskolara. Hori tratuaren parte da.

        — Koronel sahibak oraindik ez daki ezer kontratu horretaz. Lurgan sahibaren etxean egongo zara berriz Nucklaora itzultzeko eguna heldu bitartean.

        — Nahiago nuke zurekin egon, Mahbub.

        — Ez dakizu zer nolako ohorea den hori. Lurgan sahibak berak eskatu du zu hara joatea. Mendixkara igoko zara; gero goiko bidetik joan, eta orduan ahaztu egin behar duzu ni inoiz ikusi edo nirekin hitz egin izana, ni, Mahbub Ali, zuk ezagutzen ez duzun Creighton delako sahib hari zaldiak saltzen dizkiona. Gogoan izan agindu hori.

        Kimek baietz egin zuen buruaz.

        — Ondo da. Eta nor da Lurgan sahiba? Ez —Mahbuben begiratu zorrotza harrapatu zuen—. Egia esan, ez dut sekula horren izena entzun. Ez da bada izango —ahotsa jaitsi zuen—, gutakoa?

        — Zer da «gutako» hori, sahib? —erantzun zion Mahbub Alik, europarrekin erabili ohi zuen tonuarekin—. Afganiarra naiz ni; zu sahiba zara eta sahiben semea. Simia guztiak daki hori. Galdetu han... eta, Mundu osoaren Adiskide, azkeneko zirkinean ere obeditu behar zaio gizon horri. Magia egiten duela dio jendeak, baina horrek ez du zurekin zerikusirik. Zoaz mendixkara eta galdetu. Horra hor non hasten den Joko Handia.

 

 

 

© Rudyard Kipling

© itzulpenarena: Koro Navarro

 

 

"Rudyard Kipling / Kim" orrialde nagusia