7. ATALA

 

                Noren erabilerarako orekatzen ote dira eguzki fruitukorrak

                Ilargi ezjakin eta izarrak dakartzaten izarrekin?

                Sar zaitez tartean, ez dezatela zure etorrera sumatu.

                Zeruek gerra goitiarrak dauzkate, Lurrak bereak bezala, behekoak.

                Istilu, harrabots, borroka horien ondorengo

                (Betirako lotuta Adanen bekatuaz, aitarenaz, zeureaz)

                Jaso begiak, horoskopoa osatu eta esan

                zein planetak askatzen ala kondenatzen duen zure patua!

                                Sir John Christie

 

        Arratsaldean maisu aurpegi gorriak esan zion Kimi «ezabatu egin zutela kopurutik», berarentzat batere esanahirik ez zuen esaldia, jolastera alde egiteko esan zioten arte. Orduan bazarrera joan zen korrika, eta han zigilua zor zion eskribaua topatu zuen.

        — Orain ordaindu egingo dizut —esan zion Kimek errege baten moduan—, eta orain beste gutun bat idaztea behar dut.

        — Umballan da Mahbub Ali —esan zuen kartsuki eskribauak. Bere ogibidea zela eta, eskribauaren txokoa oinarrizko informazio bulegoa zen, nahiz eta sarritan okerreko informazioa izan.

        — Hau ez da Mahbubentzat, apaiz batentzat da. Hartu luma eta idatzi bizkor. Teshu laman, Bhotiyaleko Santua, Mai baten bila dabilena, orain Benareseko Tirthankar elizan dagoena. Hartu tinta gehiago! Hiru egun barru Nucklaoka joatekoa naiz, Nucklaoko eskolara. Eskolak Xavier du izena. Ez dakit non dagoen eskola hori, baina Nuncklaon dago.

        — Nik ezagutzen dut Nucklao ordea —moztu zuen idazleak—. Ezagutzen dut eskola.

        — Esaiozu non den, eta anna erdi bat emango dizut.

        Kanaberazko lumak gogoz jardun zuen.

        — Topatuko du —gizonak burua jaso zuen—. Nor daukagu hor kalearen bestaldean begira?

        Kimek segituan begiratu eta Creighton koronela ikusi zuen tenis prakak jantzita.

        — A, hori barraketako apaiz lodia ezagutzen duen sahib bat da. Deika ari zait.

        — Zertan ari zara? —galdetu zion koronelak Kimi, hurbildu zitzaionean.

        — Ez... ez nabil ihesi. Gutun bat bidali behar diot nire maisuari Benaresa.

        — Ahaztuta neukan hori. Esan al diozu nik eramango zaitudala Lucknowera?

        — Ez, ez diot esan. Irakurri gutuna, zalantzarik baduzu.

        — Orduan zergatik ez duzu nire izena aitatu gizon santu horri idazterakoan? —irribarre bitxia egin zuen koronelak. Kimek ahal zuen adore guztia inguratu zuen.

        — Behin esan zidaten ez dela gauza egokia edozertan zerikusirik duten ezezagunen izena idaztea, izenak aitatzerakoan plan asko eta asko hondatu egiten dira eta.

        — Ondo erakutsita zaude —erantzun zuen koronelak, eta Kim gorritu egin zen—. Puruen kaxa apaizaren atarian utzi dut. Ekar ezazu nire etxera ilunabarrean.

        — Non da etxea? —galdetu zuen Kimek. Barruak esaten zion nola edo hala froga ari zitzaiola egiten koronela, eta erne zegoen.

        — Galdetu edonori bazar handian —koronelak alde egin zuen.

        — Puruen kaxa ahaztu zaio —esan zuen Kimek bueltan—. Iluntzean eraman behar diot. Hori da gutun osoa, hau izan ezik, hiru bider: Zatoz niregana! Zatoz niregana! Zatoz niregana! Orain zigilua ordainduko dizut eta gutuna bidaliko dut —joateko altxatu zen, baina bat-batean bururatu balitzaio bezala, galdetu zuen—: Nor da kopeta iluneko sahib hori, kaxa ahaztu duena?

        — A, Creighton sahib da hori, oso sahib ergela, errejimendurik gabeko sahib koronela baita.

        — Zer egiten du?

        — Jainkoak daki. Erabili ezin dituen zaldiak erosten ibiltzen da beti, eta Jainkoaren egiteei buruzko asmakizunak galdetzen... landareak direla, harriak direla edo jendearen ohiturak. Merkatariek gizon ergelen aita deitzen diote, oso erraz sartzen diote eta zaldiekin ziria. Mahbub Alik esaten du beste sahib gehienak baino erotuago dagoela.

        — A! —esan zuen Kimek, eta alde egin zuen.

        Jendearen izaeraz ezaguera ederra emana zion Kimi bizitzak, eta gizon ergelei ez zitzaiela zortzi mila gizon eta kanoiak mugi erazten zituen informazioa ematen bururatu zitzaion. India osoko gudalburuak ez zuen, Kimek entzunda zeukanez, txoroekin hitz egiten. Eta Mahbub Aliri ahoskera ere ez zitzaion aldatuko, koronelaren izena aitatzen zuen bakoitzean gertatzen zen bezala, hura ergel hutsa izan balitz. Beraz, hor nonbait —eta jauzika hasi zen Kim—, bazegoen misterioren bat; Mahbub Ali espioitzan aritu bide zen koronelarentzat, Kimek Mahbubentzat espioitza lanak egin izan zituen bezalaxe. Eta, zaldi merkatariak bezala, koronelak bere burua agerian bizkorregi jartzen ez zuen jendea errespetatzen zuen noski.

        Pozik zegoen ez zuelako adierazi ezagutzen zuela koronelaren etxea; eta, barraketara itzuli eta ikusi zuenean ez zuela koronelak ezertxo ere utzi han, pozez zoratzen jarri zen. Horra hor berak maite zuen klaseko gizon bat: pertsona nahasi eta bihurria, jolas ezkutuan. Hala bada, Creightonek zoro bezala agertu ahal bazuen, baita Kimek ere.

        Ez zituen bere pentsakizunak agertu aita Victorrek, hiru goiz luzez, irakaspenak eman zizkionean Jainko eta Jainkosa multzo guztiz berri batez, eta Maria izeneko Jainkosa batez bereziki; hura, erabaki zuen, Kimek, Mahbub Aliren teologiako Bibi Miriam bera zen. Ez zuen sentipen berezirik agertu, hitzaldiaren ondoren, aita Victorrek dendaz denda eraman zuenean horniduraren osagaiak erostera, eta danbor-jole inbidiatsuek eskola hobeago batera zihoalako jo zutenean ere ez zen kexatu, aldiz, adi-adi gertaeren jarraipenaren zain geratu zen. Aita Victorrek, bihotz oneko gizona baitzen, geltokira eraman zuen, Creighton koronelaren lehen klaseko bagoiaren hurrengoa zen bigarren mailako bagoi huts batean jarri zuen, eta agur esan zion benetako sentipenez.

        — Gizon egingo zaituzte, O'Hara, St Xavierren; gizon zuria, eta, halaxe espero dut, gizon zintzoa. Badakite nola agertu zinen, eta arduratuko da koronela bidean ez zaitezen galdu edo nahastu. Azaldu dizut zertxobait erlijioaz, hala espero dut behintzat, eta gogoan izan, galdetzen dizutenean, katolikoa zarela. Edo hobeto, Erromatar katolikoa esan, nahiz eta hitz hori ez dudan atsegin.

        Kimek zigarro nazkagarri bat piztu zuen —arduratu zen mordo bat erosteaz azokan— eta pentsatzera etzan zen. Bidai bakarti hura eta lamarekin hirugarren klasean egindakoa desberdinak izan ziren oso. «Sahibek ez diote plazer handirik ateratzen bidaiatzeari», pentsatu zuen. «Hai Mai! Alde batetik bestera noa pilota baten gisa. Nire Kismet-a da. Inork ezin dio ihes egin bere Kismet-ari. Baina otoi egin behar diot Bibi Miriami, eta sahiba naiz». Botei erreparatu zien, minduta. «Ez; ni Kim naiz. Mundu handia da hau, eta ni Kim naiz, besterik ez. Nor da Kim?». Bere nortasunaz pentsatzen jardun zuen, sekula egin ez zuen gauza, burua jira-biraka hasi zitzaion arte. Hutsaren hurrengoa zen bera Indiako zirimolo zaratatsu hartan, hegoalderantz zihoala ezagutzen ez zuen patura.

        Halako batean koronelak zerbitzari bat bidali zuen bere bila, eta luze aritu zitzaion hizketan. Kimek ulertu zuenez, erne ibiltzea espero zuen, eta Indiako Zerbitzuan sartuko zela gero lur-neurketarako laguntzaile gisa. Lana behar bezala egiten bazuen, eta beharrezko azterketak gainditu ondoren, hilabeteko hogeita hamar rupia irabaziko zituen hamazazpi urterekin, eta arduratuko zen Creighton koronela lanpostu egokia topa zezan.

        Kimek hasieran hiru hitzetatik bat ulertzen zuelako itxurak egin zituen. Koronela orduan, bere okerra ikusita, urduera arin eta bizira igaro zen, eta Kim lasaitu egin zen. Hizkuntza horren ederki ezagutzen zuen gizonak, hain poliki eta lasai mugitzen zenak, eta begiak beste sahibenak ez bezalakoak izanda, haziak eta lausoak, ezin zuen ergela izan.

        — Bai, eta bideak, mendiak eta ibaiak irudikatzen ikasi behar duzu, irudi horiek begietan eramaten paperean jartzeko parada duzun arte. Egunen batean beharbada, lur-neurtzaile zarenean, esan ahal izango dizut elkarrekin lanean ari garenean: «Zoaz mendixka horren bestaldera eta ikusi zer dagoen atzean.» Orduan batek esango du: «Jende gaiztoa bizi da mendi horietan, eta hil egingo dute neurtzailea sahib itxura duela konturatzen badira.» Zer egingo zenuke orduan?

        Kim pentsatzera jarri zen. Egokia ote zen berak koronelak galdetu bezala erantzutea?

        — Beste gizonak esandakoa kontatuko nuke.

        — Baina nik erantzungo banu: «Hirurehun rupia emango dizkizut mendi horien atzean dagoena jakiteagatik... Ibai baten marrazkia eta bertako jendeak esaten duenaz hitz batzuengatik»?

        — Zer esango dizut? Mutil bat besterik ez naiz. Itxoin ezazu gizona naizen arte —orduan, koronelaren kopeta iluna ikusita, jarraitu zuen—: Baina uste dut ehun rupia horiek irabaziko nituzkeela egun batzuetan.

        — Nola?

        Kimek buruari eragin zion erabakior.

        — Esango banu nola irabaziko nituzkeen, beste batek entzun ahal izango zuen eta niri aurrea hartu. Ez da gauza ona informazioa hutsaren truke saltzea.

        — Esadazu orain —koronelak rupia bat luzatu zion. Kim eskua aurreratzen hasi zen, baina gero erortzen utzi zuen.

        — Ez, sahib, ez. Badakit zenbat diru emango didaten erantzunaren truke, baina ez galdera zergatik egiten den.

        — Oparitzat hartu orduan —esan zuen Creightonek, txanpona jaurtikiz—. Lehengaia baduzu zuk. Ez dezatela St Xavierren hondatu. Erruz dira han gizon beltzak mesprezatzen dituzten mutilak.

        — Bazarreko saltzaileak dituzte horiek amak —esan zuen Kimek. Ondo asko zekien ez dagoela odol nahasikoak bere koinatuari dioen gorrotoa bezalakorik.

        — Egia da; baina zu sahiba zara, eta sahibaren semea. Horretaz, ez zaitzatela bultzatu gizon beltzak mesprezatzera. Ezagutu ditut Gobernuaren zerbitzura sartu berriak ziren mutilak beltzen ohiturak edo hizkera ezagutzen ez zituztelako itxurak egiten zutenak. Soldata urritu genien ezjakintasun horregatik. Ez da ezjakintasuna bezain bekatu handirik. Gogoan izan hori.

        Hogeita lau ordutako hegoalderako bidai luzean sarritan bidali zuen koronelak norbait Kimen bila, beti ere azken burutapen haietaz luzeago mintzatzeko.

        «Soka berberari helduta egongo gara bada denok» pentsatu zuen Kimek azkenean, «koronela, Mahbub AL eta ni, neurketa laguntzaile bihurtzen naizenean. Mahbub Alik enplegatu ninduen bezala erabiliko nau noski. Ondo dago hori, Bidera itzultzen uzten badit. Arropa hau ezta ibiliarekin ere ez da biguntzen.»

        Lucknoweko jendez jositako geltokira heldu zirenean ez zen lamaren arrastorik ageri. Kimek irentsi egin zuen nahigabea, koronelak ticca-gharri batean bere gauza txukunekin sartu eta St Xavierrera bakarrik bidali zuenean.

        — Ez dizut agurrik esaten, elkartuko gara berriz eta —egin zion oihu—. Berriz, eta askotan, behar bezalakoa bazara. Baina oraindik ere frogatzeko zaude.

        — Gau hartan —Kim berdinen arteko tum-a erabiltzen ausartu zen—, hazitarako zaldi zuri baten pedigria eraman nizun arren?

        — Erruz irabazten da gauzak ahaztuz, mutiko —esan zuen koronelak Kim, gurdian sartzen ari zenean, aldez alde gurutzatu zuen begiratu batez.

        Ia bost minutu behar izan zituen mutilak bere onera etortzeko. Orduan haize berria arnastu zuen, gustura.

        — Hiri aberatsa —esan zuen—. Lahore baino aberatsagoa. Nolakoak ote dira hemengo bazarrak! Gidari, eraman nazazu pixka batean hemengo bazarretan barrena.

        — Eskolara eramateko agindua daukat —hizkera zakarra erabiltzen zuen gidariak gizon zuriekin aritzeko. Kimek hutsegite hura luze eta garbi azaldu zion, bertako hizkuntzaz; aldamenean eseri zitzaion, eta, harreman ezin hobea lortuta, ordu pare batez ibili ziren gora eta behera, gauzak ikusten, alderatzen, eta gozatzen. Bere estilo deigarrian ez da hiri ederragorik, Bombay izan ezik, denen erregina baita hura, Lucknow baino, nahiz ibai gaineko zubitik ikusi, nahiz Imambararen gailurretik, Chutter Munzileko kupula doratu eta hiriaren oinarria osatzen duten zuhaitzen gainean dagoena. Eraikuntza miresgarriz apaindu dute erregeek, erruki etxez hornitu, pentsionistez josi eta odoleztatu. Nagikeria, luxu eta azpijoko guztien zentroa da Lucknow, eta Delhirekin batera urduera nahasgabea hitz egiteko ohorea aldarrikatzen du beretzat.

        — Hiri polita da... Oso ederra —gidaria, bertakoa baitzen, poztu egin zen konplituarekin, eta gauza harrigarri mordoa kontatu zion Kimi, ingeles gidari batek mutinaz hitz egingo zuen lekutan.

        — Orain goazen eskolara —esan zuen Kimek azkenean.

        Eraikuntza txuri txikiek ilaran jarrita osatzen dute St Xavier in Partibus eskola zahar handia. Lur zabalez inguratuta dago, hiritik urruti samar.

        — Nolakoa da bertako jendea? —galdetu zuen Kimek.

        — Sahib gazteak... deabruak denak. Baina egia esatera, eta horietako asko eta asko eraman eta ekartzen ditut trenaren geltokitik, ez dut inoiz ikusi deabru ezin hobea izateko zuk, orain daramadan sahib gazte honek bezainbeste dakarrenik.

        Kimek egun haren unerik ederrena kale jakin bateko goiko leihoetan bizpahiru dama arinekin eman zuen noski, ez baitzion inork erakutsi haienganako tratua desegokia zenik, eta, jakina, konplituak trukatzerakoan oso ondo irten zuen. Gidariaren azken lotsagabekeriari erantzutekotan zegoela, hantxe sumatu zuten Kimen begiek —iluntzen ari zuen—, irudi bat, atariko zutabe zuri baten ondoan, horma luzean.

        — Geldik! —egin zuen oihu—. Egon hemen. Oraindik ez noa eskolara.

        — Baina zer ordainduko didate atzera eta aurrera horrela ibiltzeagatik? —esan zuen handikiro gidariak—. Erotuta al dago mutil hau? Azkenekoan dantzaria zen. Oraingo honetan apaiza.

        Kim buruz behera joan zen bidera, jantzi hori zikinaren azpiko oin hautseztatuak garbitzera.

        — Egun bat eta t'erdi eman dut hemen zain —hasi zen lama hizketan, ahots lasaiez—. Dizipulu bat neukan aldamenean. Tirthankarreko elizan nire adiskide zenak gidari bat eman zidan bidaiarako. Benaresetik te-ren-ez etorri nintzen zure gutuna eman zidatenean. Bai, ondo janda nago. Ez dut ezer behar.

        — Baina ez zinen Kuluko emakumearekin gelditu, maisu. Nola joan zinen Benaresera? Bihotza txiki-txiki eginda eduki dut apartatu ginenez geroztik.

        — Nekatu egin ninduen andreak bere etengabeko hitz jarioarekin, umeak izateko aztikeriak eskaka. Konpainia hartatik apartatu egin nintzen, eta merituak oparien bidez lortzen utzi nion. Emakume eskuzabala da behintzat, eta agindu nion itzuliko nintzela bere etxera behar izanez gero. Orduan, neure burua bakarrik ikusita mundu handi eta izugarri honetan, Benareserako te-ren-a gogoratu zitzaidan, ezagutzen baitut han Tirthankar Elizako bat, bila dabilen bat, ni bezala.

        — A, zure Ibaia —esan zuen Kimek—. Ahaztuta neukan Ibaia.

        — Horren azkar, chela? Nik ez dut inoiz ahazten. Baina zu utzitakoan hobeto iruditu zitzaidan elizara joan eta aholkua eskatzea, handia baita oso India, eta baliteke gure aurretik gizon jakintsuren batzuek, bizpahiruk, idatzita utzi izana gure Ibaiaren kokaguneaz zerbait. Gai honetaz eztabaidan ari dira Tirthankar elizan; batzuek gai»a bat diote, eta beste batzuek berriz beste bat. Oso jende konplitua da.

        — Hala izan bedi. Baina zertan ari zara orain?

        — Merituak irabazten ditut, chela, jakituriaren bidean zuri lagunduz. Zezen Gorria zerbitzatzen duen gizon talde horren apaizak idatzi zidan esanez gauzak nik nahi bezala behar zutela izan zuretzat. Urtebeterako dirua bidali nuen, eta gero etorri egin naiz, ikusten duzun bezala, Jakituriaren Ateetatik nola sartzen zaren ikustera. Egun t'erdi eman dut zain, ez zureganako sentipenak ekarrita, hori ez baita Bidekoa, baizik, Tirthankar elizan dioten bezala, ikasketetarako dirua ordaindu dudanez gero, zuzena zelako guzti honen bukaera ikustea. Oso ondo argitu zizkidaten han zalantzak. Beldur nintzen ez ote nintzen hona zu ikusteko irrikaz etorriko, zaletasunaren Hodei Gorriak nahastuta. Ez da halakorik... Gainera, amets batek kezkatu egiten nau.

        — Baina, maisu, ez zenuen bada Bidea eta bertan gertatzen den guztia ahaztuko. Etorriko zinen noski pixka bat ni ikusteagatik?

        — Zaldiak hotzak daude, eta pasata dute jateko ordua —egin zuen intziri gidariak.

        — Zoaz infernura eta egon han zure izeba lotsagabearekin! —egin zion orro Kimek sorbalda gainetik—. Bakar-bakarrik nago lurralde honetan; ez dakit ez nora noan ez zer gertatuko zaidan. Bidali nizun gutun hartan zegoen nire bihotza. Mahbub Ali izan ezik, eta afganiarra da hura, zutaz beste adiskiderik ez daukat, maisu. Ez nazazula bakar-bakarrik utzi.

        — Horretan ere pentsatu dut —erantzun zuen lamak, ahots dardaratiz—. Gauza nabarmena da noiz behinka merituak irabaziko ditudala, ez badut lehenago nire Ibaia topatzen, oinak jakituriaren bidean jarrita dauzkazula ziurtatuz. Zer erakutsiko dizuten ez dakit, baina apaizak idatzi zidan India osoan ez dela zu bezain ongi irakatsitako sahiben semerik izango. Beraz, tarteka-tarteka etorri egingo naiz. Agian lente hauek eman zizkidan sahib hura bezalakoa izango zara —lamak arduraz garbitu zituen betaurrekoak—, Lahoreko Etxe Miragarriko hura bezalakoa. Horixe da nire itxaropena, hura Jakituria Iturria zen eta, abade asko eta asko baino jakintsuagoa... Baina beharbada ahaztu egingo nauzu, ni eta gure harremanak.

        — Zure ogia jaten badut —egin zuen oihu Kimek bero-bero—, nola ahaztuko zaitut?

        — Ez, ez —alde batera jarri zuen lamak mutila—. Benaresera itzuli beharra daukat. Tarteka-tarteka, orain ezagutzen ditut eta herri honetako idazkera ohiturak, gutun bat bidaliko dizut, eta tarteka-tarteka ikustera etorriko natzaizu.

        — Baina nora bidali behar ditut nik gutunak? —esan zuen intzirika Kimek, lamaren arropari helduta, sahiba zenik ere gogoratu gabe.

        — Benareseko Tirthankar Elizara. Leku hori aukeratu dut Ibaia aurkitu arte. Ez negarrik egin; izan ere, Lilura da Desio oro, eta beste lotura bat Gurpilean. Zoaz Jakituriaren Ateetara. Ea nola joaten zaren... Maite al nauzu? Zoaz bada, bestela hautsiko zait eta bihotza... Etorriko naiz berriz. Etorriko naiz, bai.

        Eskola barruan sartzen ikusi zuen lamak ticca-gharri-a, eta alde egin zuen, pauso luzeen artean arnasa gogotik hartuz.

        Danbateko batez itxi ziren «Jakituriaren Ateak».

        Indian jaio eta hazitako mutilak bere jarrerak eta bere ohiturak dauzka, beste lurraldeetakoen antzik ez dutenak; eta ingeles maisu batek ulertuko ez lituzkeen bitartekoak erabiltzen dituzte bertako maisuek. Hala bada, ez zaizkizue segur aski interesatuko Kimen esperientziak St Xavierreko dizipulu zenean, beste berrehun edo hirurehun mutilen artean, gehienak itsasoa ikusi gabeak. Kolera izurritea izan zenean hirian ohiko zigorrak jasan zituen ezarririko mugak gurutzatzeagatik. Ingelesez ondo idazten ikasi baino lehen gertatu zen hura, eta, hartaz, eskribau bat bilatu behar izan zuen bazarrean. Salatu egin zuten noski erretzeagatik, eta baita St Xavierren sekula entzundako baino irain biziagoak esateagatik ere. Bere burua garbitzen ikasi zuen bertakoen ardura lebitikoaz, indiarrek beren bihotzean ingelesak nahikoa zikinak direla uste baitute. Ohiko bromak egin zizkien eraman oneko cooli-ei, logeletan barrena punkah-ak bultzatzen ibiltzen zirenean, gau beroetan egunsentira arte kontu kontari atzera eta aurrera ibiltzen baitziren han mutilak; eta nabarmendu gabe bere burua neurtu zuen bere ikaskide seguruenen kontra.

        Burdinbide, Telegrafo eta Urtegi Zerbitzuetako azpi-ofizialen semeak zeuden eskolan; behe mailako ofizialenak, erretiratuak batzuetan eta besteetan raja feudalen baten armadaren gudalburuentzat lanean; indiar marinako kapitainenak, Gobernuko pentsionista, plantazioen jabe, distritu desberdinetako salerosle eta misiolarienak. Batzuen batzuk familia eurasiar zaharren seme gazteenak ziren, aspalditik sustraituak Dhurrumtollahen: Pereirak, De Souzak, eta D'Silvak. Gurasoek bidal zitzaketen semeak eskolara Ingalaterrara, baina beren gaztaroko eskola hura maite zuten, eta azal iluneko belaunaldiak jarraitzen zion aurreko belaunaldiari St Xavierren. Haien etxeak burdinbideko jendearen Howrahetik Monghyr eta Chunar bezalako kuartel abandonatuetara zihoazen; Oudh edo Deccaneko herrietara, haien aitak terrateniente handiak baitziren han; geltoki hurbilenetik astebetera zeuden misioetara; hegoalderantz mila eta bostehun kilometroetara zeuden itsas portuetara, Indiko itsaso zakarraren aurrean; eta kina plantazioetara, hegoalderantz denetan urrunenak. Haien abenturen kontaera soilak, beraientzat abentura ere ez zirenak, eskolarako edo eskolatikako bidean, zut jarriko zukeen Mendebaldeko mutil baten ilea. Ohituta zeuden oihanean barrena ehun kilometro baino gehiago oinez bakar-bakarrik egiten, tigreek atzeraraziko ote zituzten aukera zoragarria zegoelarik beti; baina mutil haiek ez ziren bainatuko abuztuan Mantxako kanalean, munduaren bestaldeko anaiak geldirik egongo ez ziren bezalaxe, lehoinabar batek beren palankina usmatzen zuen bitartean. Baziren egun t'erdi lur pusketa batean hazitako ibai baten erdian eman zuten hamabost urteko mutilak, beren ardurapean hartuz, eskubidea zutelakoan, santutegi batetik bueltan zetozen erromes talde ikaratu bat. Baziren, ikasle zaharrenen artean, ustekabean topatutako raja baten elefantea Frantzisko Xabier donearen izenean errekisatu zutenak, behin batean euriak beren aitaren lurretara zeraman gurdibidea desagerrarazi zuenean, eta animaliatzarra zingiran galtzekotan ibili zirenean. Bazen mutil bat esaten zuena, eta inork ez zuen dudarik egiten, aitari lagundu ziola behin bere etxeko ataritik aka talde bati tiroka aurre egiten, buru-ehiztari horiek plantazio bakartiei eraso egiten zieten garaian.

        Eta istorio oro indiarren ahots neurtu, pasiorik gabean kontatzen zituzten, gogoeta bitxiz hornituta, indiar inudeei oharkabean ikasitako istorioak, eta unean-unean bertako hizkuntzatik itzultzen ari zirela aditzera ematen zuten esamoldeak erabiliz. Kimek begiratu egiten zuen, entzun, eta onetsi. Ez zen hura mutil danbor-joleen zaporerik gabeko hizketa sinplea. Berak ezagutu eta ulertu ere egiten zuen bizimodu batekin zuen hark zerikusia. Giroa atsegin zuen, eta gora eta gora zihoan bera. Drilezko jantzi zuri bat eman zioten eguraldia berotzen hasi zuenean, eta atsegin zituen gorputzeko erosotasun ezagutu berriak, atsegin zuen bezala bere buru zorrotza ematen zizkioten lanetan erabiltzea. Kimen bizkortasuna zoragarria gertatuko zitzaion maisu ingeles bati; baina St Xavierren ondo asko ezagutzen dute eguzkiak eta inguruak bultzatzen duen adimenaren lehen garapena, eta ezagutzen dute halaber hogeita bi edo hogeita hiru urteetan gertatzen den etena.

        Hala ere, gogoan zeukan Kimek ez zuela nabarmendu behar. Gau beroetan istorioak kontatzen zituztenean, ez zituen bere oroitzapenekin denak atzera uzten; ez baititu begi onez ikusten St Xavierrek indiarrekin guztiz bat egiten duten mutilak. Ez da sekula ahaztu behar sahiba dela bat, eta egunen batean, azterketak gainditutakoan, bere agindupean izango dituela indiarrak. Kontutan hartu zuen Kimek hura, hasia baitzen ulertzen nora zeramaten azterketek.

        Gero oporrak etorri ziren abuztutik urrira arte, beroak eta euriak inposaturiko oporraldi luzea. Iparraldera joango zela esan zioten Kimi, mendietako norabait Umballaren atzean, eta han aita Victorrek moldatuko omen zion zerbait.

        — Errejimenduaren eskolaren bat? —galdetu zuen Kimek, galderak erruz egiten baitzituen, eta gehiago pentsatu.

        — Bai noski —esan zion maisuak—. Ez dizu batere kalterik egingo gaiztakeriatatik urrun mantentzea. De Castro gaztearekin joan zintezke Delhiraino.

        Kimek alde guztietatik aztertu zuen hura. Erne ibilia zen, koronelak esan bezala. Mutil baten oporra mutil horren beraren gauza zen —bere ikaskideen hitzek erakutsi zioten bezala—, eta errejimenduaren eskola ikaragarria izango zen St Xavierren ondoren. Gainera —eta hura beste edozerk baino gehiago balio zuen gauza magikoa zen—, idazteko gauza zen. Hiru hilabeteetan deskubritu zuen hitz egiterik badagoela hirugarren baten beharrik gabe, anna erdia eta ezagupen batzuen truke. Ez zuen lamaren berririk izan, baina hortxe zeukan Bidea. Kim irrikitzen zegoen lokatz bigunaren laztana behatzen artean sentitzeko, eta ahoa urtu egiten zitzaion gurina eta azarekin prestaturiko arkumean pentsatzean, edo txanpar lore usaintsuekiko arroza, edo azafraiez koloreztatukoa tipula eta baratxuriekin, edo bazarretako gozoki koipetsu debekatuetan. Errejimenduaren eskolan haragi gordina emango zioten, eta ezkutuan erre beharko zuen. Baina, berriz ere, sahiba zen eta St Xavierren zegoen, eta Mahbub Ali zerri hura... Ez, ez zion frogarik egingo Mahbub Aliren abegikortasunari... baina hala ere... Bakarrik pentsatzen aritu zen logelan, eta Mahbubekin bidegabe jokatu zuelako ondoriora heldu zen.

        Hutsik zegoen eskola; joanak ziren maisu gehienak; eskuan zeukan Creighton koronelaren trenerako txartela, eta harro sentitu zen ez zuelako ez koronelaren dirua ez Mahbubena bizimodu zalapartarian xahutu. Oraindik ere bi rupia eta zazpi annen jabe zen. Logela hutsean zeuden bere kaiza berria, «K. O'H.» inizialez markatuta, eta bere oheko arropa. «Sahibak beren ekipaiari lotuta daude beti», esan zuen Kimek, gauza haiei keinu bat eginez. «Zuek hemen egongo zarete». Euri beroaren azpian atera zen, irribarre gaiztoa eginez, eta lehenago kanpoaldean begiztatu zuen etxe jakin baten bila abiatu zen...

        — Arre! Ba al dakizu nolako emakumeak diren auzo honetan? Hau lotsa!

        — Atzo jaio nintzen ala? —Kim indiarren gisan eseri zen goiko gelako kojinetan—. Tinta pixka bat eta hiru metro oihal broma bat egiteko. Asko eskatzea al da?

        — Nor da neska? Oso gaztea zara, sahiba izanda, gaiztakeria hauetarako.

        — A, neska? Errejimendu bateko maisu baten alaba da. Bi bider astindu nau bere hesia arropa honekin gurutzatzeagatik. Orain lorazain laguntzaile gisa joango naiz. Agureak oso jeloskorrak dira.

        — Hori egia da. Ez zirkinik egin nik zukua jartzen dizudan artean.

        — Beltzegia ere ez, naikan. Ez dut neskak hubshi-a (beltza) naizenik pentsatzea nahi.

        — A, maitasunak huskeria bihurtzen ditu gauza horiek. Eta zenbat urte ditu?

        — Hamabi, uste dut —esan zuen Kim lotsagabeak—. Bularrean ere eman. Baliteke aitak arropa haustea, eta kolore desberdinetako azala badaukat... —barre egin zuen.

        Neska lan eta lan ari zen, intxaur-margoak baino gehiago irauten duen tinta marroi batean bustiz oihal pusketa bat.

        — Orain bidali norbait durbantearentzako oihal bila. Hara berriz, moztu gabea daukat ilea eta! Eta durbantea ere harrika botako dit noski.

        — Ez naiz ile-mozkina, baina saiatuko naiz. Bihotzak hausteko jaioa zara! Mozorro hau gau bakar baterako? Gogoan izan, hau ez da urez garbitzen —barrez lehertzen ari zen neska, brazaleteak eta zirgiloak tintinka hasi ziren arte—. Baina nork ordainduko dit niri hau dena? Hunifak berak ere ez zukeen hobeto egingo.

        — Jainkoengan sinetsi, arreba —esan zen Kimek serio-serio, aurpegia okertuz margoa lehortzen zitzaion artean—. Gainera, lagundu al diozu inoiz sahib bati margotzen?

        — Inoiz ez. Baina broma bat ez da dirua.

        — Askoz gehiago balio du.

        — Ume, ezbairik gabe, ezagutu dudan deabruaren semerik lotsagabeena zara, neska gaixo baten denbora horrela hartuz jolas honekin, gero esateko: «Ez al da nahikoa broma?». Urrutira helduko zara mundu honetan —dantzarien agurra egin zion, adarra joaz.

        — Berdin dio. Azkar ibili, eta moztuidazu ilea ahal duzun bezala —Kim balantzaka hasi zen, oinak altxatu gabe, begiak pozez distiratsu aurrean zituen egun aberatsetan pentsatuz. Lau anna eman zizkion neskari, eta eskaileretan behera joan zen korrika behe kastako indiar mutiko baten itxurarekin, ezin hobea xehetasun guztietan. Hurrengo bisitaldia jatetxe batera egin zuen, eta han luxu koipetsu eta litxarreriaz oparitu zuen bere burua.

        Lucknoweko geltokian De Castro gazteari begira egon zen, nola sartzen zen, goitik behera erreta, bigarren klaseko hagoi batean. Kim hirugarreneko batean sartu, eta bertako bizia eta arima bihurtu zen. Bidai lagunei malabarista baten laguntzailea zela esan zien, atzean utzi zuela maisua gaixo zegoelako sukarrarekin, eta Umballan elkartuko zirela. Bagoiko jendea berritu ahala, aldatu egiten zuen istorioa, edo apaindu bere irudimen biziaren burutapenekin, are biziagoa indiar hizkeratik horren luze aldenduta egon zelako. Ez zen gau hartan India osoan Kim baino gizaki alaiagorik. Umballan jaitsi eta ekialdera abiatu zen, zelai bustietan barrena soldadu zaharra bizi zen auzunerantz.

        Ordurako esana zioten Simian telegrama bidez Creighton koronelari desagertu egin zela O'Hara gaztea. Hantxe zegoen Mahbub AE ere zaldiak saltzen, eta harixe kontatu zion koronelak sekretua goiz batean Annandaleko hipodromoan zaldi gainean zebiltzala.

        — A, ez da ezer —esan zuen zaldi merkatariak—. Zaldiak bezalakoxeak dira gizonak. Batzuetan gatza behar izaten dute, eta askan topatzen ez badute, lurrean miazkatuko dute. Puska baterako Bidera joan da berriz. Madrissah-ak nekatu egin du. Banekien nik hori. Beste batean, neronek eramango dut Bidera. Ez kezkatu, Creighton sahib. Polo zaldi batek egingo lukeena egin du mutilak, askatu eta jokoa bakarrik ikastera ihes egin.

        — Orduan ez dela hil uste duzu?

        — Sukarrak hil lezake. Mutilak ez dit bestela beldurrik ematen. Zuhaitzen artean ez da tximua erortzen.

        Hurrengo goizean, leku berean, koronelaren parean jarri zen Mahbuben zaldia.

        — Nik uste bezala gertatu da —esan zuen zaldi-tratulariak—. Umballara joan da azkenean, eta handik gutun bat idatzi dit, azokan jakin baitu ni hemen nintzela.

        — Irakurri —esan zuen koronelak, lasaitasun keinu bat eginez. Zentzugabea zen bere posizioko gizon batek halako interesa hartzea Indian hazitako alproja batengan; baina koronelari treneko elkarrizketa gogoratzen zitzaion, eta azken hilabeteetan sarritan aurkitu zuen bere burua mutil bitxi, isil, ziurtasunez betetako hartan pentsatzen. Ihesa, noski, lotsagabekeria huts-hutsa zen, baina hala ere baliabideak eta adorea ematen zituen aditzera.

        Mahbuben begiek ñirñirka ari ziren zaldia zelai txikiaren erdian geldiarazi zuenean, ikusia izan gabe inor hurbildu ezin zen leku batean.

        — «Izarren Adiskidea, zeina Mundu Osoaren Adiskide baiten...»

        — Zer da hori?

        — Lahoren jarri genion izen bat. «Mundu osoaren Adiskideak alde egin du bere gustuko lekuetara joateko. Itzuliko da esandako egunerako. Joan daitezela kaiza eta ohe-arroparen bila; eta okerrik izan bada, Adiskidetasunaren Eskuak aldendu dezala Hondamendiaren Zartailua.» Gehixeago bada, baina...

        — Ez dio axola, segi.

        — «Badira sardez jaten dutenek ezagutzen ez dituzten gauzak. Hobe da bi eskuez jatea puska batean. Hori ulertzen ez dutenekin hitz bigunak erabili, nire itzulera onezko izan dadin.» Adierazteko era, noski, eskribauaren lana da, baina ikusi zeinen zuhur egin dituen mutilak gauzak inork ez dezan, dakitenak ezik, ezer susmatu!

        — Adiskidetasunaren Eskua al da hori, Hondamendiaren Zartailua aldentzearren? —esan zuen koronelak barrez.

        — Ikusi zeinen zuhurra den mutila. Nik esan bezala, Bidera itzuliko da. Baina bere zeregina ez dakienez gero...

        — Ez nago batere ziur horretaz —murmurikatu zuen koronelak.

        — Nigana jo du zurekin bakea egin asmoz. Ez al da zuhurra? Itzuliko dela dio. Ezagutzak osatzen besterik ez da ari. Kontura zaitez, sahib! Hiru hilabete eman ditu eskolan. Eta ez dago horretara ohituta. Ni behintzat poztu egiten naiz. Zaldia jokoa ikasten ari da.

        — Bai, baina hurrengoan ez du bakarrik joan behar.

        — Zergatik? Bakarrik zebilen sahib koronelaren babespean jarri aurretik. Joko Handian parte hartzean, bakarrik ibili beharko du... bakarrik, eta bere burua arriskuan jarriz. Orduan, bijilatzen ari den jendea ez bezala botatzen badu listoa, edo doministiku egin, edo eseri, hil egin lezakete. Zergatik bada trabak jarri orain? Gogoan izan persiarrek diotena: «Mazanderaneko basamortuetan bizi den txakala Mazanderaneko txakurrek bakarrik harrapa dezakete».

        — Egia. Egia da, Mahbub Ali. Eta ez bazaio ezer gertatzen, aski izango dut. Hala ere, bere aldetik lotsagabekeria handia izan da.

        — Ez dit esaten, gainera, ezta nora doan ere —esan zuen Mahbubek—. Ez da batere inozoa. Denbora bukatzen zaionean nigana etorriko da. Heldu da garaia berataz ardura dadin perlen sendatzailea. Bizkorregi ari da heltzen, sahiben neurritarako.

        Iragarpen hura hitzez hitz bete zen hilabete geroago. Mahbub Umballara joana zen zaldi talde berri bat eramatera, eta Kim Kalkako bidean inguratu zitzaion ilunabarrean, limosna eskatu zion, iraindu egin zuten, eta ingelesez erantzun zuen. Ez zen inor inguruan Mahbuben harridura oihua entzuteko.

        — Hara berriz! Eta non ibili zara?

        — Gora eta behera... behera eta gora.

        — Zatoz zuhaitz baten azpira, aterpera, eta kontaidazu.

        — Puska batean Umballa inguruan egon nintzen agure batekin; gero ezagutzen dudan sendi batekin Umballan bertan. Haietako batekin Delhiraino joan nintzen hegoaldera. Hiri harrigarria da. Gero idi bat eraman nuen teli batentzat (olio saltzailea), iparrerantz; baina festa handi bat zegoela Patialan entzun nuen eta haraxe joan nintzen suziriak egiten zituen batekin. Hura festa zoragarria! (sabela igurtzi zuen). Rajak ikusi nituen, eta elefanteak urre eta zilarrezko apaindurekin; eta suziri guztiak batera piztu zituzten, eta hamaika lagun hil ziren, nire su-egilea haien artean, eta ni denda baten kontra erori nintzen, baina ez zitzaidan ezer gertatu. Orduan rêl-era itzuli nintzen zaldun sij batekin, eta morroi egon nintzen harekin jatekoaren truke; eta halaxe etorri naiz hona.

        — Shabash! —esan zuen Mahbub Alik.

        — Zer dio sahib koronelak? Ez dut astindurik nahi.

        — Adiskidetasunaren Eskuak Hondamendiaren Zartailua aldendu du; baina beste batean Bidera joan nahi duzunean nirekin joango zara. Azkarregi joan zara.

        — Nahikoa berandu niretzat. Ingelesez pixka bat irakurtzen eta idazten ikasi dut madrissah-en. Laster erabateko sahiba izango naiz.

        — Hara bestea! —egin zuen barre Mahbubek, blai eginda zegoen irudi txikia euritan dantzan ikusita—. Salaam, sahib —eta ironiaz agurtu zuen—. Hala bada, nekatuta zaude Bideaz, ala nirekin etorriko zara Umballara berriz ere zaldiekin lan egin egitera?

        — Zurekin joango naiz, Mahbub Ali.

 

 

 

© Rudyard Kipling

© itzulpenarena: Koro Navarro

 

 

"Rudyard Kipling / Kim" orrialde nagusia