6. ATALA

 

                Orain gogoratzen naiz, lagunok...

                Itsaso berrietako jolaskide zaharrak...

                Ur-airearen salerosketan jardun genuenean

                Basatien artean.

                Hamar mila legoa hegorantz

                Eta hogeita hamar urte beranduago

                Ez zuten Valdez prestua ezagutzen,

                Baina ni ezagutu eta maite ninduten.

                                Diego Valdezen kantua.

 

        Goizean goiz kendu zituzten eta desagertu ziren denda zuriak, Maverickek Umballarako zeharbide bat hartzen zuten artean. Bide hura ez zen atseden lekutik gertu igarotzen, eta Kimek, intendentzi gurdietako baten ondoan, soldaduen emazteen komentarioen zaparradaren azpian, ez zeukan bezperako ziurtasuna. Ondo bijilatuta zegoela deskubritu zuen: aita Victor alde batean, eta Mr Bennett bestean.

        Eguerdiaren ondoren gelditu egin zen taldea. Zerbitzari batek, gamelu gainean, gutun bat eman zion koronelari. Koronelak irakurri eta komandante batekin hitz egin zuen. Kilometro erdi bat atzerago, Kimek marmar zakar eta alai bat entzun zuen hauts loditik berarenganaino zetorrela. Orduan norbaitek bizkarrean jo zuen, oihuka:

        — Esaguzu nola jakin duzun, deabru txiki hori! Aita, ea zuri esaten dizun.

        Zaldi txiki bat jarri zitzaion Kimi ondoan, eta apaizaren zelaren pareraino eraman zuen.

        — Hara, seme, bart egin zenuen iragarpena egia bihurtu da. Bihar Umballan frenterako itsasoratzeko agindua daukagu.

        — Zer da hori? —esan zuen Kimek, «frente» eta «itsasoratu» hitzak berriak gertatzen zitzaizkion eta.

        — Zure gerrara goaz.

        — Jakina bada, gerrara zoaztela. Esan nuen bart.

        — Halaxe da, bai. Baina, deabru arrania, nola zenekien zuk hori?

        Distiraka jarri zitzaizkion begiak Kimi. Ezpainak itxi zituen, buruari eragin, eta itxura misteriotsua hartu. Kaperauak aurrera egin zuen hautsetan, soldadu, sarjentu eta subalternoak elkarri keinuak egiten zizkioten artean, mutila seinalatuz. Koronelak, zutabearen buruan, jakin-minez begiratzen zion:

        — Bazarreko zurrumurruak izango ziren noski —esan zuen—; baina hala ere... —eskuan zeukan paperari begiratu zion—. Deabru arrania, azken berrogeita zortzi ordu hauetan hartu dute eta erabakia!

        — Zu bezalako beste asko al dira Indian? —galdetu zion aita Victorrek—, ala lusus naturae izateko bidean zaude?

        — Orain badakizue; utziko al dizkidazue agurearengana itzultzen? Kuluko emakume horrekin ez badago, beldur naiz ez ote den hilko.

        — Ikusi nuenagatik, zu bezain ederki ardura daiteke hura bere buruaz. Ez. Zortea ekarri diguzu, eta guk gizon egingo zaitugu. Zure intendentzi gurdira itzuliko zaitut orain, eta iluntzean zatoz nigana.

        Handik aurrera Kimek konplituz inguratuta ikusi zuen bere burua ehunka gizonen artean. Ez kanpamenduan nola agertu zen, nola jakin zen nor zuen aita, ezta iragarpenak ere, ez zuten batere galdu ahoz aho igarotzean. Emakume zuri, handi batek, oheko arropa mordo baten gainean eserita, misteriotsuki galdetu zion ea senarra gerratik itzuliko zela uste al zuen. Kim serio-serio pentsatzen jardun ondoren, baietz esan zion, eta emakumeak jaten eman zion. Alderdi askotatik, segizio handiak, tarteka-tarteka musika joaz, hain erraz hitz egin eta barre egiten zuen jendetza hark Lahoreko jaialdi bat zirudien. Ordura arte behintzat, lan gogorrik ez zen inon ageri, eta Kimek ikuskizunari begira egotea erabaki zuen. Iluntzean musika bandak etorri zitzaizkien harrera egitera, eta Maverickekin joan ziren kanpamenduraino musika joka, Umballako geltokitik bertan. Gau interesgarria izan zen hura. Beste errejimenduetako gizonak etorri zitzaizkien Maverickei bisita egitera. Maverickak ere bisitaldiak egiten ibili ziren. Haien bila zihoazen soldadu taldeek, itzularazteko, gauza bera egiten ari ziren errejimendu ezezagunetako taldeekin egin zuten topo; eta segituan, turutak jo eta jo hasi ziren beste talde eta ofizialei deika, iskanbila baretu asmoz. Mantendu beharra zeukaten Maverickek betidanik zeukaten gartsu fama. Biharamunean halere itxura eta egoera ezin hobean formatu zuten kaian; eta Kim ere, atzean utzi baitzuten gaixo, emakume eta mutikoekin, hantxe ageri zen agur esaten oihuka, asaldatuta, trenak abiatzerakoan. Sahibak bezala bizitzea ordura arte behintzat entretenitua izan zen; baina Kimek zuhurtasunez ukitzen zuen bizimodu hura. Gero itzuli egin zen mutil danbor-jole baten ardurapean, barraka huts, kareztatuetara; zabor, soka eta paperez zeukan lurra estalita; sabaiek bere oin-urrats bakartiak itzultzen zizkioten. Indiakoen modura, bil-bil egin zen ohatila baten gainean eta lotara jarri. Gizon bat etorri zitzaion haserre ataritik oinekin soinua eginez, esnatu egin zuen, eta maisua zela esan zion. Nahikoa izan zuen Kimek hura bere baitan ixteko. Ozta-ozta zen gatiza Lahoreko poliziaren zenbait iragarki irakurtzeko, bere ongi izanarekin zerikusia zutelako; eta bera zaintzen zuen emakumearen gonbidatu ugarien artean alemaniar bitxi bat ere izan zen, antzerti ibiltari parsi batentzat dekoratuak margotzen zituena. Kimi esan zion barrikadetan izana zela berrogeita zortzian», eta, hartaz, hala ulertu zuen behintzat Kimek, idazten erakutsiko omen zion jatekoaren truke. Kim hizki soilak ikastera iritsi zen, baina ez zion halere oso ongi irizten idazketari.

        — Ez dakit ezer. Alde hemendik! —esan zion Kimek maisuari, susmo txarra hartuz.

        Orduan gizonak belarritik heldu zion, eta urruneko gela batera eraman zuen; dozena bat danbor-jole zeuden han bankuetan eserita, eta geldik egoteko esan zion maisuak besterik ezean. Hartan primeran moldatu zen Kim. Gizonak gauzaren bat edo beste azaldu zuen arbel beltz baten gainean marra zuriak eginez, eta etendako loak hartu zuen berriz Kim. Gogoz gaitzesten zuen egoera hura, huraxe baitzen hain zuzen ere berak bere bizitza laburraren zatirik handiena saihesten eman zuena: eskola eta diziplina. Bat-batean ideia zoragarri bat bururatu zitzaion, eta zergatik ez ote zuen lehenago hartan pentsatu galdetu zion bere buruari.

        Maisuak kanpora bidali zituen, eta Kim izan zen ataritik eguzkitara irteten lehena.

        — E, zu! Egon! Geldik! —esan zuen bere atzean ahots ozen batek—. Zaindu egin behar zaitut. Nire bistatik aldentzen ez uteko agindua daukat. Nora zoaz?

        Goiz osoan Kimen inguruan zebilen danbor-jolea zen, hamalau bat urtetako mutil potolo eta pekatsua: Kimek gorroto zion botetako zoruetatik txanoaren zintetaraino.

        — Bazarrera... gozokiak erostera... zuretzat —esan zion Kimek, ondo pentsatu ondoren.

        — Mugaz kanpo dago bazarra. Hara joaten bagara astindu ederra jasoko dugu. Itzuli.

        — Hurbilen noraino joan gintezke? —Kimek ez zekien mugak zer esan nahi zuen, baina ongi hezia agertu nahi zuen... orduan.

        — Hurbilen? Urrutien esan nahiko duzu! Beheko zuhaitz horretaraino joan gintezke.

        — Orduan horra joango naiz.

        — Ondo da. Ni ez naiz joango. Beroegi dago. Hemendik bijilatuko zaitut. Ez du merezi ihes egiteak. Berehala ezagutuko zaituzte arropa horiekin. Daramazun hori errejimenduko arropa da. Ez da Umballan segituan bueltan ekarriko ez zaituen patruilarik.

        Hark ez zuen Kim askorik beldurtu, baina bai ordea jantziak leher eraziko egingo zuela jakiteak, korrika egiten saiatuz gero. Desgogora, azokara zeraman oso bide ibili baten bihurguneko zuhaitzera joan zen, eta bertako jendea nola pasatzen zen begira egon zen. Gehienak behe kastako zerbitzariak ziren, kanpamenduan lanean jarduten zutenak. Kimek erratzarekin ari zen bati deitu zion, eta hark segituan erantzun zion beharrik gabeko lotsagabekeriaz, mutiko europarrak ez zuela ulertuko pentsatuz noski. Bestearen erantzun zakar, bizkorrak, atera zuen okerretik. Kimek hartantxe jarri zuen bere anima kateatua, menderatzen zuen hizkuntzan norbait iraintzeko aukera zuelako eskertuta.

        — Eta orain, zoaz bazarreko gutun-idazle hurbilenarengana eta esaiozu etortzeko hona. Gutun bat idatzi behar dut.

        — Baina... baina zer nolako zurien seme zara zu bazarreko eskribau baten beharra izateko? Ez al da bada barraketan maisurik?

        — Bai, eta infernua ere horrelakoz josita dago. Bete ezazu nire agindua, nazkante...! Zure ama saski baten azpian ezkondu zen! Lal Beg-en zerbitzari hori (Kimek bazekien zein zen erratzarien Jainkoa), segi nire mandatua betetzera, bestela beste elkarrizketa bat izango dugu eta!

        Erratzaria korrika urrundu zen.

        — Zuria ez den zuri bat duzu zain barraken ondoan zuhaitz baten azpian —esan zion hitz totelka azokan topatu zuen lehenengo eskribauari—. Zure beharra dauka.

        — Ordainduko al du? —galdetu zuen eskribau txukunak, mahaia, lumak eta argizaria ordenan jasoaz batera.

        — Ez dakit. Ez da besteak bezalakoa. Joan eta ikusi. Merezi du.

        Kim ezinegonaz dantzan ari zen kayeth gazte lerdena agertu zenean. Bere ahotsa entzuteko bezain gertura heldu zenean lasai-lasai iraindu zuen.

        — Lehenbizi dirua hartuko dut —esan zuen eskribauak—. Hitz gaizto horiek prezioa igo egin dute. Baina nor zara zu, horrela jantzita, eta horrela hizketan?

        — A! Zuk idatzi behar duzun gutunean esango dut hori. Ez da sekula halako istoriorik izan. Baina ez daukat presarik. Beste eskribau batekin moldatuko naiz. Eskribauez josita dago Umballa, Lahore bezalaxe.

        — Lau anna —esan zuen eskribauak, eseri eta oihala zabalduz barraka huts baten itzaletan.

        Aldamenean eseri zitzaion Kim ia oharkabean —indiarrek baino ez dakiten eran—, nahiz eta praka nazkagarri haiek eraman. Eskribauak zeharka begiratzen zion.

        — Hori sahibei eskatzen zaiena da. Orain esadazu benetako prezioa.

        — Anna t'erdi. Nola dakit nik gutuna idatzitakoan ez duzula alde egingo?

        — Zuhaitz hau baino harantzago ezin naiz joan, eta gainera zigilua ere hartu behar da kontutan.

        — Ez daukat komisiorik zigiluaren prezioan. Beste behin, zein eratako mutil zuria zara zu?

        — Hori gutunean agertuko da, Mahbub Ali, Lahoreko Kashmir Serai-ko zaldi-tratulariarentzat baita. Nire adiskidea da.

        — Ene! —murmurikatu zuen eskribauak, luma tintontzian sartuz—. Hindieraz idatzi behar al da?

        — Jakina. Mahbub Aliri bada. Hasi! Umballaraino etorri naiz agurearekin trenean. Umballan eman nuen behor uherraren albistea. —loretokian ikusitakoaren ondoren, ez zuen hazitarako zaldi zuririk aitatuko.

        — Mantsoxeago. Zer ikustekorik du behor uher batek... Mahbub Ali al da, tratulari handia?

        — Nor bada? Haren zerbitzuan izana naiz. Har ezazu tinta gehiago. Berriz hartu. Agindua behar bezala bete nuen. Gero oinez abiatu ginen Benares aldera, baina hirugarren egunean errejimendu jakin batekin egin genuen topo. Idatzita al dago hori?

        — Bai, pulton —murmurikatu zuen eskribauak, adi-adi.

        — Haien kanpamendura joan nintzen eta harrapatu egin ninduten, eta lepoan dudan kutuna zela eta, zuk ezagutzen duzun hori, errejimendu horretako gizonen baten semea nintzela erabaki zuten: Zezen Gorriaren iragarpenaren arabera, zuk ederki dakizun bezala bazarreko guztiek ezagutzen duten berbera. —Kim isildu egin zen, eskribauaren bihotzean sar zedin gezi hura, eta eztarria garbituta jarraitu zuen—: Apaiz batek jantzi egin ninduen eta beste izen bat eman... Apaiz bat, hala ere, zoroa zen. Arropak oso astunak dira, baina sahiba naiz eta bihotza ere astuna daukat. Eskolara bidali eta jo egiten naute. Ez ditut hemengo haizea eta ura atsegin. Zatoz laguntzera, Mahbub Ali, edo dirua bidali, ez baitaukat honako hau idazten ari denari ordaintzeko nahikoa.

        — «Nahikoa». Neure erruz sartu didazu ziria. Nucklaoko Altxorraren zigiluak faltsifikatu zituen Husain Bux bezain bizkorra zara. Baina hauxe da istorioa! Hauxe da istorioa! Egia al da?

        — Ez da ezer onik ateratzen Mahbub Aliri gezurrak esanez. Askoz ere hobeto da Mahbub Aliren adiskideei zigiluak utziz laguntzea. Dirua heltzen denean ordainduko dizut.

        Idazlea, zalantzakor, marmarka aritu zen, baina zigilu bat atera zuen mahaitik, gutunean jarri, Kimi eman eta alde egin zuen. Mahbub Alik izen boteretsua zuen Umballan.

        — Horixe duzu Jainkoekin harreman onak izateko bidea! —egin zion Kimek atzetik oihu.

        — Dirua etortzean, beste horrenbeste eman! —egin zuen gizonak garrasi bizkar gainetik.

        — Zer ari zinen beltz horri kontatzen? —galdetu zion danbor-joleak Kimi atarira itzuli zenean—. Zelatan nengoen.

        — Hitz egin besterik ez dut egin.

        — Beltzak bezala hitz egiten duzu, ezta?

        — Ez, ez! Pixka bat besterik ez dakit. Zer egingo dugu orain?

        — Bazkaritarako deia joko dute segituan. Jainkoa! Gustura joango nintzen frentera errejimenduarekin! Nazkagarria da eskolara joan behar eta besterik egin ezina, ez al zaizu iruditzen?

        — A, bai!

        — Ihes egingo nuke nora jo baneki, baina, soldaduek dioten bezala, India zikin honetan gartzelik gabeko presoa bezala dago bat. Ez dago ihes egiterik segituan harrapatua izan gabe. Nazka-nazka eginda nago honetaz.

        — Izan al zara inoiz Be... Ingalaterran?

        — Azkeneko tropak bidali zituztenean etorri nintzen-eta amarekin! Ingalaterran izana naizela esango nuke nik. A zer eskale ez-jakina zaren! Zabor artean hazia zara, ezta?

        — A... bai. Kontaidazu zerbait Ingalaterraz. Handik etorri zen aita.

        Halakorik esango ez bazuen ere, Kimek ez zuen noski sinesten bere Ingalaterra zen Liverpooleko auzoaz mutilak esan zuen hitz bat bera ere. Afalordura arteko denbora pasarazten lagundu zion: batere erakargarria ez zen jatekoa, mutilei eta ezindu taldetxo bati barraka baten zokoan zerbitzatua. Mahbub Aliri idatzi ziolako izan ez balitz, oso triste zegokeen. Ohituta zegoen indiar jendetzaren axolagabekeriarekin; baina gizon zurien arteko bakardade handi hark min handia ematen zion. Hala bada eskertu egin zuen arratsean soldadu handi batek aita Victorrengana eraman izana, beste etxe batean bizi baitzen, arma plazaren bestaldean. Apaiza gutun bat ari zen irakurtzen, ingelesez eta tinta morez idatzia. Inoiz baino jakin-min handiagoz begiratu zion Kimi.

        — Gustatzen al zaizu hau, seme, ikusi duzuna? Ez asko, ezta? Gogorra behar du izan, oso gogorra, abere basati batentzat. Entzun orain. Gutun harrigarri bat daukat hemen, zure adiskidearena.

        — Non dago? Ondo al dago? A! Gutuna idazten asmatu badu, ondo dagoela seinale.

        — Maite duzu orduan?

        — Jakina bada, maite dut. Berak maite ninduen.

        — Halaxe ematen du, hau ikusita. Berak ez daki ingelesez idazten, ezta?

        — Ez, ez. Jakin ez daki, baina eskribauren bat aurkitu du noski ingelesez oso ondo idazten dakiena, eta idatzi egin du. Ulertuko duzula espero dut.

        — Horrek azaltzen du bada gutunarena. Ba al dakizu zuk bere diru kontuez ezer? —aurpegian igarri zitzaion Kimi ez zekiela.

        — Nola jakin nezake?

        — Horixe galdetu dizut. Orain entzun, ea ezer ateratzen duzun honetatik. Lehenengo zatia utzi egingo dugu... Jagadhirreko bidetik idatzita dator... «Bide ertzean eserita meditazio sakonetan, eman behar dudan urratsagatik Jaun horren txaloak jasoko ditudalakoan, urrats hau ematea gomendatzen diot Jaun horri jainko Ahalguztidunaren izenean. Heziketa bedeinkapen handiena da ona denean. Bestela, ez du lurrean baliorik.» —Benetan, bete-betean asmatu du agureak oraingo honetan!— «Jaun horrek emango balio nire mutilari heziketarik onena Xavierren (Si Xavier in Partibus izango da hori noski), zure dendan hil honen 15 datarekin izandako elkarrizketaren arabera (hona hemen ukitu komertziala!), orduan Jainko Ahalguztidunak Jaun horren oinordekoak bedeinkatuko ditu hirugarren eta laugarren belaunaldira arte eta —entzun orain!— ziur izan jaun horren zerbitzari apalak emango diola une bakoitzeko ordain egokia hundi bidez, hirurehun rupien balioaz, St. Xavierreko heziketa garestiarentzat, Lucnowen, eta utzidazu denbora diru hori hundi bidez bidaltzeko Jaun horrek agintzen duen Indiako edozein lekutara. Jaun horren zerbitzari honek ez du orain burua non jarri, baina Benaresera doa trenez, horrenbeste hitz egiten duen andrearen pertsekuzioa dela eta, eta gogorik gabe Saharunporen egoteko etxeko lanetan aritzeko.» —eta zer arraio esan nahi du horrek?

        — Bere puro-a izatea eskatu dio atsoak, bere apaiza, Saharunporen, nik uste. Berak ez du hori egin nahi bere Ibaia dela eta. Hitz egin egiten zuen.

        — Zuretzat garbi dago, ezta? Nik berriz tutik ere ez dut ulertzen. «Hala, Benaresa noala, eta han lekua bilatuko dut eta rupiak bidali nire bihotzeko kuttuna den mutilarentzat, eta Jainko Ahalguztidunaren izenean heziketa hori buru ezazu, eta eskaria egiten dizun honek, behar duen bezala, otoi egingo du etengabe. Sobrao Sataik idatzia, Allahadad Unibertsitatean sartu ezin izan zuena, Teshu lama Agurgarriarentzat, Mai baten bila dabilen Such-zeneko apaiza, helbidea Tirthankar Elizan, Benares. PD. Mesedez, kontutan izan mutila bihotzeko kuttuna dela, eta rupiak hundi bidez bidaliko direla hirurehun urteko. Jainko Ahalguztidunaren izenean.» Zer da hau, agurea burutik eginda dagoela, ala eskaintza komertziala? Zuri galdetzen dizut, ez baitut ezertxo ere ulertzen.

        — Hirurehun rupia urteko emango dizkidala esaten al du? Eman egingo dizkit orduan.

        — A, horrela ikusten duzu zuk hau, ezta?

        — Jakina bada. Hori baldin dio!

        Apaizak txistu egin zuen; gero bera bezalakoa balitz bezala hitz egin zion Kimi.

        — Ez dut sinesten; baina ikusiko dugu. Sanawarreko Umezurztegi militarrera joatekoa zinen gaur, eta hantxe egongo zinateke Errejimenduaren eskuetan soldadu izateko urteak bete arte. Ingalaterrako Elizan heziko zaituzte han; Bennett arduratu da horretaz. Bestalde, St Xavierrera joaten bazara heziketa hobea izango duzu, eta... erlijioa ere bai. Ikusten al duzu zein den nire arazoa?

        Kimek ez zuen ezer ikusten, trenean hegoaldera zihoan lamaren irudia izan ezik, eskean aritzeko laguntzarik gabe.

        — Jende gehiena bezala, amore eman beharko dut. Zure lagunak Benaresetik dirua bidaltzen baldin badu... Baina zer arraio, nondik atera behar ditu kaleko eskale batek hirurehun rupia? Lucknowera joango zara eta nik ordainduko dizut bidaia, ezin baitut harpidetzaren dirua ukitu zu katoliko egiteko asmoa baldin badut, eta horixe da nire asmoa. Dirua bidaltzen ez badu, Militarren Umezurztegira joango zara Errejimenduaren diruarekin. Hiru egunetako epea emango diot, batere sinesten ez badut ere. Hala ere, geroko ordainketetan huts egiten badu... baina hori ez dago nire esku. Mundu honetan pausoak banaka eman beharra daude, bedeinkatua izan bedi Jainkoa! Eta Bennett frentera bidali dute eta ni atzean utzi. Bennettek ezin du dena izatea espero.

        — A, bai —esan zuen Kimek oharkabean.

        Apaiza aurrerantz makurtu zen.

        — Gustura emango nuke hilabeteko soldata zure buru biribil horretan dabilena jakiteagatik.

        — Ezer ez —esan zuen Kimek, eta burua arraskatu zuen. Rupia bat bera bidaliko ote zion Mahbub Alik ari zen bere artean pentsatzen. Orduan eskribauari ordaindu ahal izango zion eta gutunak idatzi lamari Benaresera. Agian Mahbub Alik bisita egingo zion hurrena zaldiekin hegoaldera etortzean. Jakingo zuen segur aski Kimek Umballako ofizialari gutuna eman izanak eragin zuela gizonek eta mutilek horren zaratatsu barrakako mahaien gainean komentatu zuten gerra hura. Baina Mahbub Alik hori ez bazekien, ez litzateke batere segurua izango berak kontatzea. Gogorra izaten zen Mahbub Ali gehiegi zekiten, edo gehiegi zekitela uste zuen mutilekin.

        — Beste albisterik jasotzen dudan arte —aita Victorren ahotsak moztu egin zizkion pentsakizunak—, joan zintezke eta beste mutilekin jolasean ibili. Zerbait ere erakutsiko dizute... baina ez dut uste gustukoa izango duzunik.

        Ari zen heltzen eguna poliki-poliki bere bukaera tristera. Lo egin nahi izan zuenean, arropa nola tolestu eta botak nola jarri erakutsi zioten, besteek barre egiten zioten artean. Turutek esnatu zuten egunsentian; maisuak gosariaren ondoren berekin hartu zuen, zentzu gabeko irudiz betetako orri bat jarri zion sudur azpian, izen harrigarriak eman zizkien irudiei eta besterik gabe jo egin zuen. Kimi barraka garbitzaile bati opioa eskatu eta maisua pozoitzea bururatu zitzaion, baina pentsatu zuen, denek mahai batean eta ageri-agerian jaten zutenez gero (hori bereziki nazkagarria gertatzen zitzaion Kimi, nahiago baitzuen jaterakoan munduari bizkarra ematea), urrats hura arriskutsua izan zitekeela. Gero ihes egiten saiatu zen apaizak lama drogatu nahi izan zuen herrira, soldadu zaharra bizi zen herri hartara. Irudi gorri txikia irteera guztietan bidali zuten atzera ordea begi zorrotzeko begiraleek. Prakak eta jakak berdin-berdin ezintzen zizkioten Kimi gorputza eta arima, eta hala asmo hura baztertu eta, ekialdekoen erara, denboraz eta zorteaz fidatzea erabaki zuen. Atsekabezko hiru egun igaro ziren gela zuri handi oihartzunez beteetan. Arratsaldeetan kanpora ateratzen zen danbor-jolearen babespean, eta lagunari entzuten zion guztia zurien irain hiztegiaren zatirik handiena osatzen zutela ziruditen hitz baliogabeak ziren. Kimek hitz haiek aspalditik ezagutzen zituen eta bihotz-bihotzez mesprezatzen. Kim astinduz hartzen zien mutilak isiltasuna eta interes gabezia hari mendekua, ohi den bezala. Ez zitzaizkion batere axola mugetan zeuden bazarrak. Indiar guztiei «beltz» deitzen zien; hala ere zerbitzari eta garbitzaileek sekulako irainak esaten zizkioten muturrera, eta, haien errespetuzko jarrerarekin nahastuta, ez zuen inoiz ezer ulertzen. Hark nolabait ere kontsolatzen zuen Kim astinduengatik.

        Laugarren egunaren goizean etorri zitzaion berea danbor-joleari. Elkarrekin atereak ziren Kim eta bera Umballarako hipodromo aldera. Bakarrik itzuli zen, negarrez, eta esanez O'Hara gazteak, berak ezer egin gabe, agur egin ziola zaldi gainean zihoan beltz bati; beltzak orduan zartailu bereziki itsasgarri bat jarri omen zion gainean, O'Hara gaztea hartu, eta eraman egin omen zuen galapa bizian. Berri haiek aita Victorren belarrietara heldu ziren, eta ahoa okertu zuen. Nahikoa harrituta zegoen ordurako Benareseko Tirthankar elizatik jasotako gutun bat zela eta, indiar bankari baten hirurehun rupietako ordainduko batekin heldu zena, eta «Jaun Ahalguztidunari» zuzenduriko otoi harrigarri batekin. Apaiza baino gehixeago ere haserretuko zen lama jakin izan balu nola itzuli zuen azokako gutun-idazleak bere «merituak irabazi» esaldia.

        — Deabru arrania! —aita Victor atzera eta aurrera zebilen diruarekin—. Eta orain joan egin da agertu eta desagertu ibiltzen diren beste adiskide horietako batekin! Ez dakit zer ote den lasaigarriagoa niretzat, mutila itzularazi ala galtzen utzi. Ezin dut ulertu. Nola arraio, bai, nola arraio ingura lezake kaleko eskale batek mutil zuriei eskola emateko dirua?

        Handik bost kilometrotara, Umballako hipodromoan, Mahbub Ali, Kabuleko hazitarako uher baten hedeetatik tiraka, eta Kim aurrean eserita zuela, honela ari zen hizketan:

        — Baina, Mundu osoaren Adiskide, neure ohorea eta izen ona hartu behar dira kontutan. Errejimendu guztietako sahib ofizialek, eta Umballa osoak ezagutzen dute Mahbub Ali. Jendeak ikusi egin nau zu hartu eta mutil hori astintzen. Oraintxe ere urrunetik ikusten gaituzte zelai honetan. Nola eramango zaitut nirekin, edo zure desagerpena azaldu, lurreratu eta baratzetan galtzen uzten badizut? Kartzelan sartuko nindukete. Lasai egon. Behin sahiba, betirako sahiba. Gizon bihurtzen zarenean, nork daki?, eskertu egingo diozu hau Mahbub Aliri.

        — Eraman nazazu begiraleengandik urruti, gorri hau alda litekeen lekura. Emadazu dirua eta Benaresera joango naiz, eta nire lamarekin izango naiz berriz ere. Ez dut sahiba izan nahi, eta, gainera, gogoan izan mezua eraman nuela.

        Zaldiak sekulako jauzia egin zuen. Mahbub Alik, oharkabean, sabela ukitu zion ertz zorrotzeko oin-burdinekin. (Ez zen tratulari aberats berri horiek bezalakoa, bota ingeles eta ezproinak daramatzatenak). Kimek bere ondorioak atera zituen deskuidu hartatik.

        — Horren gauza handia ere ez zen. Umballa Benareserako bidean dago. Dagoeneko ahaztuta daukagu sahibak eta biok hura. Horrenbeste gutun bidaltzen dizkiet zaldiez galderak egiten dituzten gizonei, ezen oso zehatz ere ez baititut gogoratzen. Ez al zen Peters sahibak pedigria jakin nahi zuen behor uher batez?

        Kimek berehala ikusi zuen xedera. «Behor uherra» esaten bazuen, berehala konturatuko zen Mahbub, aldaketa hura onartu zuela eta, zerbaiten susmoa bazuela mutikoak. Horretaz, erantzun zion:

        — Behor uherra? Ez. Niri ez zaizkit mezuak horrela ahazten. Hazitarako zuria zen.

        — Bai, halaxe zen, bai. Hazitarako zaldi zuri arabiarra. Baina zuk «behor uherra» idatzi zenidan.

        — Nork esaten die bada eskribauei egia? —erantzun zuen Kimek, Mahbub Aliren eskua bihotzean sentituz.

        — E! Mahbub Ali, lapur alaena, egon pixka bat! —egin zuen oihu ahots batek, eta ingeles bat hurbildu zitzaien polo zaldi txiki baten gainean—. Zuen atzetik nator India erdian barrena. Ez du gutxi korritzen zuen zaldi kabuliar honek. Salgai izango duzu, ezta?

        — Zaldi gazte bat daukat bidean, Zeruak egina, polo joko zail eta delikatuarentzat. Ez dauka parekorik. Ez...

        — Poloan ibiltzen da eta mahaia zerbitzatzen ere badaki. Bai. Badakigu hori dena. Zer arraio daramazu hor?

        — Mutil bat —esan zuen serio-serio Mahbub Alik—. Beste mutil bat joka ari zitzaion. Aita soldadu zuria izan zen gerra handian. Lahoren hazia da, eta nire zaldiekin ibiltzen zen jolasean umetan. Orain uste dut soldadu egin nahi dutela. Bere aitaren errejimenduak harrapatu du, joan den astean gerrara joan zen harexek. Baina ez dut uste berak soldadu izan nahi duenik. Zaldi gainean buelta bat ematera daramat. Esadazu non diren zure barrakak eta hantxe utziko zaitut.

        — Utzi niri joaten. Aurkituko ditut nik bakarrik barrakak.

        — Eta ihes egiten baduzu nork esan behar du ez dela nire erruz izan?

        — Afaltzera itzuliko da. Nora egin lezake ihes? —galdetu zuen ingelesak.

        — Lur honetan jaioa da. Lagunak dauzka. Nahi duen lekura joaten da. Cha buk sawai-a da (mutiko zorrotza). Arropa aldatu, eta une batean behe kastako mutil indiarra bihurtuko zaizu.

        — Hara bestea berriz! —ingelesak begi zorrotzez begiratu zion Kimi Mahbub Ali barraketarantz abiatzen zen artean. Kimek hortzak estutu zituen. Mahbub burlaka ari zitzaion, afganiar desleial batek egiten duen bezala; izan ere, hizketan jarraitu zuen:

        — Eskolara bidaliko dute, jarriko dizkiote bota astunak oinetan eta arropa horietan sartuko dute. Eta orduan dakien guztia ahaztuko zaio. Zein da zure barraka?

        Kimek, hitzik ere egin ezinik, aita Victorren hegala seinalatu zuen, zuri-zuria besteen ondoan.

        — Baliteke soldadu ona izatea —esan zuen Mahbubek pentsakor—. Ordenantza ona izango da behintzat. Lahoretik bidali nuen behin mezu bat eramatera. Hazitarako zaldi zuri baten pedigriari zegokion.

        Hura irain ikaragarri bat eranstea laido ikaragarriago bati izan zen; eta gerra sortzaile izandako gutun hura halako abileziaz eman zion sahiba den-dena ari zen entzuten. Mahbub Ali betirako sutan erretzen imajinatu zuen Kimek egin zion traizioarengatik, eta bere buruarentzat berriz, barrakak, eskolak, eta berriz ere barrakez osaturiko ikuskizun luze grisa ikusi zuen. Erreguz begiratu zion ongi osaturiko aurpegiari, non ez baitzen errekonozimendu distirarik batere ageri; baina, ezta egoera hartan ere, ez zitzaion bururatu gizon zuriaren eskuetan jartzea bere burua edo afganiarra salatzea. Eta Mahbub ingelesari begira-begira zegoen, eta ingelesa begira-begira Kimi, dardarka eta hitz egin ezinik gizarajoa.

        — Nire zaldia ondo hezia da —esan zuen tratulariak—. Beste bat ostikoka hasiko zitzaizun, sahib.

        — A —esan zuen ingelesak azkenean, zaldiaren soin bustia zartailuaz igurtziz—. Nork egingo du mutila soldadu?

        — Aurkitu zuen errejimenduak dio berak, eta bereziki errejimendu horretako sahib-aitak.

        — Horra hor aita! —eztarria trabatu zitzaion Kimi aita Victor, buru-hutsik, ataritik atera zenean.

        — Deabru arrania, O'Hara! Beste arrazatako beste zenbat adiskide dauzkazu Asian? —egin zuen oihu, Kim jaitsi eta, etsita, aurrean jartzen zitzaionean.

        — Egun on, aita —esan zuen alai ingelesak—. Ondo ezagutzen zaitut zure ospea dela eta. Lehenago etorri eta bisita egiteko asmoa nuen. Creighton naiz.

        — Etnologi Zerbitzukoa? —esan zuen aita Victorrek. Ingelesak baietz egin zuen buruaz—. Benetan, pozten nau zu ezagutzeak; eta eskerrak zor dizkizut mutila ekartzeagatik.

        — Niri ez eman eskerrak, aita. Gainera, mutila ez zebilen ihesi. Ez duzu ezagutzen Mahbub Ali zaharra —zaldi tratularia sorgor zegoen eguzkitan eserita—. Hilabete eman hemen eta ezagutuko duzu. Berak saltzen dizkigu xamalko guztiak. Mutil hau nahikoa gauza bitxia da. Ba al daukazu berataz ezer kontatzerik?

        — Ba al daukadan? —esan zuen arnasestuka aita Victorrek—. Zeu zara saltsa honetan niri laguntzeko gizonik aproposena. Kontatu! Deabru arrania, irrikitzen nago hemengo jendeaz zerbait dakien bati kontatzeko!

        Morroi bat agertu zen kantoitik bueltan. Creighton koronelak ahotsa jaso zuen, urdueraz hizketan.

        — Oso ondo, Mahbub Ali, baina zertarako kontatzen dizkidazu gauza guzti horiek zaldiaz? Hirurehun eta berrogeita hamar rupia emango dizkizut, besterik ez.

        — Sahiba berotxo eta goseak dago zaldi gainean ibili ondoren —erantzun zuen zaldi tratulariak, bromazale pribilegiatuaren irribarreaz—. Segituan ikusiko ditu hobeto nire zaldiaren abantailak. Itxoin egingo dut aitarekin hizketan bukatzen duen arte. Zuhaitz horren azpian egongo naiz zain.

        — Zoaz infernura! —barre egin zuen koronelak—. Horixe gertatzen da Mahbuben zaldi bati begiratzeagatik. Primerako zurruparia da, aita. Itxoin, bada, horrenbeste denbora baduzu xahutzeko, Mahbub. Zure esanetara nago, aita. Non da mutila? A, Mahbubekin hitz egitera joan da. Oso mutil bitxia. Aginduko al duzu mesedez jar dezatela behorra babespean?

        Kim eta Mahbub Ali zuhaitzaren azpian hizketan ondo ikusten zituen aulki batean eseri zen koronela. Apaiza barrura sartu zen zigarro bila.

        Kim erresuminez hizketan entzun zuen Creightonek:

        — Brahamanari sugeari baino lehenago sinetsi behar zaio, sugeari emagalduari baino lehenago, eta emagalduari afganiar bati baino lehenago, Mahbub Ali.

        — Berdin dio horrek —arrandiaz mugitu zen bizar gorri handia—. Marrazkiak argi ageri diren arte ez lukete umeek alfonbra ehundegian ikusi beharko. Sinetsazu, Mundu osoaren Adiskide, zerbitzu handia ari natzaizu egiten. Ez zaituzte soldadu bihurtuko.

        «Pekatari alena» pentsatu zuen Creigtonek. «Baina ez zabiltza oker. Mutil hori ez da alferrik galdu behar, esan didaten bezalakoa baldin bada.»

        — Barkaidazue une batez —esan zuen aita Victorrek barrutik—, kasuaren dokumentuak inguratzen ari naiz.

        — Sahib koronel zuhur eta ausart honen laguntza nire bitartez lortzen baduzu, eta ohore egiten badizute, nolako eskerrak emango dizkiozu Mahbub Aliri gizon izatean?

        — Ez, ez! Berriz ere Bidera eramateko erregutu dizut, han seguru nengoke eta; eta zuk berriz ingelesei saldu nauzu. Zenbat diru emango dizute horrengatik?

        — Horixe da deabru txikia! —koronelak bere zigarroa hozkatu zuen, eta konplimenduz jiratu zen aita Victorrengana.

        — Zer dira apaiz lodiak koronelaren aurrean mugitzen dituen gutun horiek? Egon zaldiaren atzean zutik, hedeei so bazeunde bezala! —esan zuen Mahbub Alik.

        — Jagadhirreko bidetik nire lamak bidali didan gutuna da, esanez hirurehun rupia urteko ordainduko dituela nire eskolarako.

        — Hara! Horrelakoa al da Txano Gorri zaharra? Zein eskolatarako?

        — Jainkoak daki. Nucklaon dela uste dut.

        — Bai. Eskola handi bat dago han sahiben seme eta erdi sahibentzat. Zaldiak saltzen izan naizenean ikusi izan dut. Beraz, maite al zuen lamak ere Mundu osoaren Adiskidea?

        — Bai; eta lamak ez zituen gezurrak kontatzen, edo jendea etsaiengana eramaten.

        — Ez da harritzekoa apaizak ere mataza nola askatu ez jakitea. Zeinen azkar mintzatzen zaion sahib koronelari! —Mahbub Alik barre txiki bat egin zuen—. Alaren izenean! —begi zorrotzek ataria kurritu zuten istant batean—. Zure lamak ordainduko bat dirudiena bidali du. Neronek ere egin izan ditut negozio batzuk hundi-ekin. Sahib koronela paperak begiratzen ari da.

        — Zertarako balio dit horrek niri? —esan zuen Kimek nekatuta—. Zu joan egingo zara, eta horiek gela huts horietara itzularaziko naute, lotarako leku egokirik gabe, eta mutilak joka dauzkadala.

 

 

 

© Rudyard Kipling

© itzulpenarena: Koro Navarro

 

 

"Rudyard Kipling / Kim" orrialde nagusia