5. ATALA

 

                Banator berriz neure jaiolekura

                Jan dut, barkatu, eta errekonozitu naute berriz

                Haragiak deitu dit berriz

                Eta nire odolaren odolak!

                Txekor gizendua didate paratu

                Baina maiteago ditut nik ale garbikinak...

                Uste dut hobe ditudala nire zerriak

                Eta banoa zerritegira.

                                Seme Galdua.

 

        Bidean jarri zen berriz ere segizio nagi, luze eta mantsoa, eta andreak lo egin zuen hurrengo atseden lekura heldu ziren arte. Oso ibilaldi laburra izan zen: ordubete falta zen ilunabarrerako, eta, hala, distrakzio bila hasi zen Kim.

        — Baina, zergatik ez gara esertzen atseden hartzera? —esan zuen jarraigoko batek—. Deabruak eta ingelesak baino ez dira ibiltzen besterik gabe batera eta bestera.

        — Ez duzu inoiz deabrua, tximua edo mutil baten adiskide egin behar. Inork ez daki zer egingo duten hurrena.

        Kimek bizkarra eman zion mesprezuz, ez baitzuen entzun nahi istorio zahar hura, nola deabrua mutilekin jolasean arituta gero damutu egin zen, eta hala, zelaia gurutzatu zuen norabiderik gabe.

        Lama atzetik joan zitzaion. Egun osoan zehar, errekaren bat gurutzatzen zutenean, desbideratu egiten zen agurea begiratzera, baina ez zuen bere Ibaia topatu izanaz batere argibiderik jaso. Oharkabean gainera, zentzuzko hizkuntza batean jardun izanak, eta etorki oneko dama batek bere gogo-aholkularitzat hartu eta errespetatzeak, Bilakuntzatik aldendu zizkion apur bat pentsakizunak. Bestalde, prest zegoen urteak eta urteak emateko ikerketa hartan; ez baitzeukan hark gizon zuriaren presa, fede handia baizik.

        — Nora zoaz? —galdetu zion atzetik Kimi.

        — Inora ez. Ibilaldi laburra izan da, eta hau dena —Kimek besoak zabaldu zituen—, berria dut.

        — Andrea jakintsua eta zentzuduna da noski. Baina zaila da ordea meditazioan aritzea...

        — Horrelakoxeak dira emakume guztiak —Salomonek hitz egingo lukeen bezalaxe hitz egin zuen Kimek.

        — Monasterioaren aurrean harrizko zabalgune handi bat zegoen —murmurikatu zuen lamak, arrosario gastatua jasoz—. Hantxe utzi nituen nire omen arrastoak, hauek hartuta atzera eta aurrera ibiliz.

        Arrosario aleei eragin zien, eta bere gustuko «Om mane pudme hum» hari ekin zion, freskura eta patxadagatik eta hauts faltagatik eskerronez.

        Banaka-banaka, zelaiko gauzek Kimen begi distraituak erakarri zituzten. Ez zuen asmo jakinik bere joan-etorrietan, ez bazen inguruko txabolen eraikuntzak berria zirudiela, eta huraxe ikertu nahi zuen.

        Larre puska zabal batera atera ziren, more eta arrea arratsaldeko argitan, mango sail trinko bat zuela erdian. Harritu egin zuen Kim halako leku egokian santutegirik ez izateak: apaizak bezalaxe ibili ohi zen mutila horrelako gauzen bila. Zelaiaren bestaldean urruti lau gizon zihoazen elkarren ondoan; urruntasunak txikitu egiten zituen. Kim, esku ahurrez babestuz begiak, begira-begira egon zen, eta latoiaren distira ikusi zuen.

        — Soldaduak. Soldadu zuriak! Goazen ikustera.

        — Soldaduak agertzen dira beti biok bakarrik gabiltzanean. Baina soldadu zuririk ez dut inoiz ikusi.

        — Ez dute kalterik egiten, mozkortuta daudenean izan ezik. Egon zuhaitz honen atzean.

        Mango baso txikiaren ilun freskoan ezkutatu ziren, enbor handien atzean. Bi irudi txiki gelditu egin ziren; beste biek aurrera egin zuten segurtasunik gabe. Bidean zegoen errejimendu baten abangoardia ziren, akanpaleku bila bidalitakoak, egin ohi den bezala. Metro t'erdiko makilak zeramatzaten, banderak haizetan, eta elkarri deitzen zioten lur zabalean sakabanatzen ziren artean.

        Azkenean mango basotxoan sartu ziren, pauso astunekin.

        — Inguru honetan edo izango da... Ofizialen dendak zuhaitzen azpian noski, eta gainontzekook kanpoan geratuko gara. Egin al dituzte hor atzean intendentziako gurdientzako arrastoak?

        Berriz ere urrutiko lagunei egin zien garrasi, eta erantzun zakarra ahuldua eta leundua etorri zen atzera.

        — Jarri bada hemen bandera —esan zuen batek.

        — Zer ari dira prestatzen? —galdetu zuen lamak, harrituta oso—. Mundu handi eta ikaragarria da hau. Zein da banderaren ikurra?

        Soldadu batek makila bat sartu zuen lurrean beraiengandik hurbil, marmarrean aritu zen ernegatuta, atzera egin zuen berriz, lagunarekin hitz egin zuen, eta lagunak leku fresko berdeari begiratu ondoren lurrean sartu zuen berriz makila.

        Kim adi-adi zegoen, arnasa bizkorra eta estua zuela. Soldaduak eguzkitara atera ziren.

        — Maisu! —xuxurlatu zuen—. Nire horoskopoa! Umballako apaizak hautsetan egin zuen marrazkia! Gogoratu zer esan zuen. Lehenbizi bi ferashe datoz... gauza guztiak prestatzera... leku ilun batean, halaxe gertatzen baita beti ikuspen baten hasieran.

        — Baina hau ez da ikuspena —esan zuen lamak—. Munduaren lilura besterik ez da.

        — Eta horien atzetik Zezena etorriko da, Zezen Gorria zelai berdean. Begira! Bera da!

        Gaueko haizeak hiru metro eskasetara mugiarazten zuen bandera seinalatu zuen Kimek. Kanpalekuaren kokagunea markatzeko bandera arrunt bat baino ez zen; baina errejimenduak, arduratsu beti brodatu kontuetan, bere ikurrarekin zeukan hornituta, Mavericken ezaugarria: Zezen Gorri handia, irlandar berdearen gainean.

        — Ikusten dut, eta oraintxe datorkit gogora —esan zuen lamak—. Zure Zezena da noski. Bi gizonak ere etorri dira dena prestatzera.

        — Soldaduak dira, soldadu zuriak. Zer esan zuen apaizak? «Zezenari kontrajartzen zaion zeinua Gerra eta gizon armatuena da». Maisu, nire Bilakuntzaren gauza da hau.

        — Egia. Egia da —lama ilunpetan rubi bat bezain distiratsua zen ikurrari begira-begira zegoen—. Umballako apaizak zurea gerraren zeinua zela esan zuen.

        — Zer egin behar dugu orain?

        — Itxoin. Itxoin dezagun.

        — Iluna bera ere argitzen ari da —esan zuen Kimek. Esperagarria zen ordea ezkutatzen ari zen eguzkia zuhaitz enborren artean sartzea azkenean, basoa zeharkatuz, eta une labur batez argi hori mehez margotuz dena; baina Kimentzat Umballako brahamanaren iragarpenaren gailurra zen hura.

        — Hara! —esan zuen lamak—. Danborra jotzen ari dira, urruti-urrutian!

        Hasieran, haize geldiak ahulduta, buruko zain bateko odolaren taupada zirudien soinuak. Berehala beste soinu zorrotzago bat elkartu zitzaion danborrari.

        — A. Musika! —azaldu zion Kimek. Berak ezagutzen zuen errejimenduetako banden musika, baina lamari harrigarria gertatzen zitzaion.

        Zelaiaren urrutieneko ertzetik hautsezko zutabe handi bat agertu zen. Orduan haizeak doinua ekarri zuen:

 

                Zuen bihotz onari egiten diogu eskaera

                Dakiguna kontatzeko

                Mulliganen guardiekin

                Sligoko porturaino martxa egiteaz.

 

        Eta txirulen ahots zorrotzak tartekatu ziren:

 

                Armak lepoan hartuta,

                Martxan gindoazen, bagindoazen.

                Phoenix parketik

                Dublineko badiaraino.

                Danborrak eta txirulak,

                Zeinen doinu gozoa!

                Gu martxan gindoazela, martxan, martxan,

                Mulliganen guardiekin!

 

        Mavericken banda zen, errejimendua akanpalekuan sartzeko musika joka; beren hornidura guztiekin zihoazen martxan soldaduak. Zutabe mugikorra kulunka sartu zen zelai hesituan, gurdiak atzetik, ezker-eskuin banatu ziren gizonak, korrika hasi ziren xinaurriak bezala, eta...

        — Baina sorginkeria da hori! —esan zuen lamak.

        Zelaia dendez zipriztindu zen, gurdietatik jadanik prest ateratzen zirela ziruditela. Beste gizon andana bat basoan sartu zen, denda handi bat jarri zuten isil-isilik, beste zortzi edo bederatzi jarri zizkioten aldamenean, eta eltzeak, zartaginak, eta fardelak agertarazi zituzten; haietaz zerbitzari indiar mordoa arduratu zen. Eta hara non bihurtu zen mango basoa ondo ordenaturiko hiria, lama eta Kim begira zeuden artean!

        — Goazen —esan zuen lamak, atzera eginez ikaratuta, suak fir-fir hasi eta ofizial zuriak ezpata joka janlekuan sartzen hasi zirenean.

        — Egon hor itzaletan. Inork ezingo zaitu ikusi suaren argiaren atzean —esan zuen Kimek, begiak oraindik banderan jarrita. Ikusi gabea zen nola antola zezakeen kanpamendua hogeita hamar minutuetan errejimendu trebe batek.

        — Ikusi! Ikusi! Ikusi! —egin zuen oihu lamak—. Apaiza dator hor!

        Bennett zen, errejimenduko kaperau anglikanoa, beltzez jantzita eta hautsez beteta, herrenka zetorrela. Bere artaldeko norbaitek halako ohar zabarrak egin zituen kaperauaren adoreaz; eta hura lotsarazteagatik, soldaduekin batera joan zen kaperaua egun osoaz oinez. Jantzi beltzak, ordulariaren kateko urrezko gurutzeak, aurpegi bizar gabeak eta hegal zabaleko sonbreiruak, beltza hura ere, India osoan gizon santua ezagutaraziko zuten. Aulki batean eseri zen nekatuta jangelaren ondoan eta botak erantzi zituen. Hiruzpalau ofizialek inguratu zuten, apaizaren egiteaz barrez eta txisteak kontari.

        — Gizon zurien hizkerak ez dauka batere duintasunik —esan zuen lamak, doinuaz soil-soilik epaituz—. Baina apaiz horren itxura ikusita, aditua dela uste dut. Ulertuko ote du gure hizkera? Nire Bilakuntzaz hitz egingo nioke.

        — Ez hitz egin sekulan gizon zuri bati janda dagoen arte —esan zuen Kimek, esaera ezagun bat errepikatuz—. Jaten hasiko dira orain, eta... ez dut uste horiek onak direnik eskean ibiltzeko. Itzul gaitezen atseden lekura. Jandakoan berriz etorriko gara. Zezen Gorria zen, bai, nire Zezen Gorria.

        Distraituak zeudela antzematen zitzaien biei atsoaren segiziokoek jatekoa aurrean jarri zietenean; hala bada, inork ez zuen isiltasun hura hautsi, ez baitu zorte onik ekartzen gonbidatuei enbarazu egitea.

        — Orain —esan zuen Kimek, makilatxo batez hortzak garbitzen zituen artean—, leku horretara itzuliko gara; baina zuk, maisu, urrutixeago itxoin beharko duzu, zure oinak nireak baino astunagoak baitira, eta ni irrikitzen nago Zezen Gorri hori hobeto ikusteko.

        — Baina nola ulertzen duzu zuk horien hizkera? Ibili poliki. Iluna dago bidea —erantzun zuen deseroso lamak.

        Kimek ez zion erantzunik eman.

        — Leku bat seinalatu dut zuhaitzetatik bertan, eta hantxe egon zintezke eserita nik deitu arte. Ez —esan zuen, lama protestaka edo hasi zenean—, gogoan izan hau nire Bilakuntza dela, nire Zezen Gorriaren Bilakuntza. Izarretako zeinua ez zen zuretzat. Zertxobait badakit soldadu zurien ohiturez, eta desiratzen nago gauza berriak ikusteko.

        — Ba al da mundu honetaz ez dakizun gauzarik? —lama zintzo-zintzo eseri zen lurreko zulo txiki batean, izarrez zipriztinduriko zeruaren kontra nabarmentzen zen mango-zuhaitz sailetik ehun metro eskasetara.

        — Egon nik deitu arte.

        Ilunean barneratu zen Kim isil-isilik. Ziur zekien begiraleak izango zirela kanpamenduaren inguruan, eta irribarre egin zuen berekiko begirale baten bota lodiak entzun zituenean. Lahoreko teilatuen gainetik ilargiaren argitan ezkutuan ibiltzeko gai den mutil bati, pusketa eta zoko ilun oro erabiliz pertsekutatzailea nahasteko, ez dio aise antzemango ondo entrenaturiko soldadu talde batek. Bi soldaduren artean arrastaka joateko delikadezia ere izan zuen, eta, korrika eta bat-batean geldituz, makurtuz eta lurrean etzanez, aurrera egin zuen jangela zen denda argituaren aldera, eta han, zuhaitz baten kontra estu-estu jarrita, zain geratu zen ustekabeko hitzen batek pista egokia noiz emango.

        Zezen Gorriaz informazio gehiago eskuratzea zen buruan zebilkion gauza. Berak zekienez, eta Kimen mugak bere jakituria bezain harrigarri eta bat-batekoak ziren, gizon haiek, bere aitaren iragarpeneko bederatziehun deabruak, otoi egin bide zioten animaliari ilundu ondoren, indiarrek Behi Santuari otoi egiten dioten bezala. Hori behintzat guztiz zuzena eta zentzuzkoa litzateke, eta urrezko gurutzea zeraman apaiza izango zen beraz arazoaz galdegiteko pertsona egokia. Beste aldetik, Lahoren saihestu zituen apaizen aurpegi serioa gogoratuz, apaiz hura oztopo ere gerta zitekeen, galdezka hasiz gero, eta ikastera behartuko zuen. Baina ez al zen bada Umballan frogatu zeru urruneko zeinuak Gerra eta gizon armatuak iragartzen zituela? Ez al zen bada bera Izarren Adiskidea, Mundu osoarena zen bezalaxe, sekretu izugarriz leporaino beteta? Azkenean —eta hasieran, bere gogoeta bizkorren azpikorrontean—, abentura hura, berak hitz ingelesa ez bazekien ere, ez al zen bada primerako saltsa, garai bateko etxeen gainetikako hegaldien jarraipen zoragarria, eta era berean iragarpen bikain baten gauzatzea? Lurrera itsatsita, arrastaka joan zen janlekuko aterantz, lepoko kutunean esku bat jarrita.

        Espero zuen bezalakoxea zen dena. Sahibak beren Jainkoari otoi egiten ari ziren; izan ere, mahaiaren erdian —apaindura bakarra martxan zebiltzanean—, urrezko zezen bat zegoen Pekingo Udako Palazioko harrapakin zaharren metalez egina, urre gorrixkaz egindako zezena, burua makurtuta, eraso egiteko pronto, irlandar zelai berdearen gainean. Sahibek harengana altxatzen zituzten basoak eta oihu nahasiak egiten.

        Arthur Bennett gurgarriak ordea topa egin ondoren uzten zuen beti janlekua, eta ibilaldiagatik nekatu samarra zegoelarik, ohi baino mugimendu zakarragoak egiten zituen. Oraindik ere mahai gaineko totemari begira zegoen Kim, burua apur bat jasota; halako batean eskuineko besaburua zapaldu zion kaperauak. Kim kuzkurtu egin zen larruaren zamapean, eta, jira-biraka alde batera mugituz, lurrera bota zuen apaiza; apaizak berriz, ekintza gizona beti ere, lepotik heldu zion mutikoari eta ia-ia zerraldo utzi zuen itota. Kim orduan, desesperatuta, urdailean ostikoka hasi zitzaion apaizari. Makurtu egin zen Mr. Bennett arnasestuka, baina Kimen eskumuturra lasaitu gabe bere buruaren gainean jiratu zuen berriz, eta isil-isilik bere gelara eraman zuen arrastaka. Ikaragarri bromazaleak ziren Maverickak; eta isilik egotea zela gauzarik egokiena bururatu zitzaion ingelesari, beharrezko galdera guztiak egin artean.

        — Hara, mutikoa da eta! —esan zuen, harrapakina dendaren makilatik zintzilik zegoen kriseiluaren argitara eraman zuenean; gero, Kim gogotik astinduz, oihu egin zuen—: Zertan ari zara? Lapurra zara. Chur? Mallum? —apaizaren hindustaniera motela zen oso, eta Kimek, minduta eta amorruz, leporatzen zioten nortasuna bereganatzeko asmoa hartu zuen. Arnasa berreskuratzen zuen artean, sukaldeko morroiren batekiko harremanak zirela eta istorio zoragarri eta sinesgarri bat hasi zen asmatzen, horrekin batera apaizaren ezkerreko besazpitik eta besazpiaren behetik begiak kendu gabe. Aukera etorri zitzaion; aterantz joan zen makurtuta, baina beso luze bat atera eta lepotik heldu zion; lokarria hautsita, kutun-poltsa hartu zuen Bennettek.

        — Emadazu, emadazu. Galdu egin al da? Eman paperak.

        Ingelesez esan zituen hitzak, indiarren ingeles mehe eta etenaz, eta apaiza harri eta zur geratu zen.

        — Eskapularioa —esan zuen, eskua zabalduz—. Ez, jentilen kutunen bat. Hara, hara, ingelesez egiten al duzu? Lapurtzen duten mutikoak astindu egiten dituzte. Ba al zenekien hori?

        — Nik ez dut... Nik ez dut lapurtzen —Kimek jauzi egiten zuen ikararen ikaraz, altxatutako makilaren aurrean zakurrak egiten duen bezala—. Emadazu. Nire kutuna da. Ez lapurtu hori niri.

        Kaperaua, mutilari jaramonik egin gabe, dendaren atera joan eta deika hasi zen. Gizon lodikote, bizargabe bat agertu zen.

        — Zure aholkua behar dut, aita Victor —esan zuen Bennettek—. Mutil hau topatu dut ilunpetan, janlekuaren ondoan. Nik zigortu eta bidali egingo nuke, lapurra dela uste dut eta. Baina ingelesez mintzatzen dela dirudi, eta balioren bat ematen dio lepotik zintzilik duen kutun moduko bati. Agian lagunduko zenidala pentsatu dut.

        Bera eta irlandarren taldeko kaperau katolikoaren artean, Bennetten ustez, amil iraganezina zegoen, baina gauza nabarmena zen Ingalaterrako elizak giza arazoren batekin topo egitean aise jotzen zuela laguntza eske Erromako elizarengana. Bennettek Erromako eliza eta haren jardunari zion gaitzespen ofiziala aita Victorrekiko zuen begirune pribatuak bakarrik berdintzen zuen.

        — Lapur bat ingelesez hizketan, ezta? Ea, ikus dezagun kutuna. Ez, ez da eskapularioa, Bennett —eskua luzatu zuen.

        — Baina ba al dugu hori zabaltzeko eskubiderik? Astindu eder bat...

        — Nik ez dut lapurtu —egin zuen protesta Kimek—. Gorputz osoan eman dizkidazu ostikoak. Orain emadazu kutuna eta joan egingo naiz.

        — Mantsoago, motel, mantsoago. Begiratu egingo dugu lehenbizi —esan zuen aita Victorrek, lasai-lasai askatuz Kimball O'Hara gizarajoaren «ne varietur» pergaminoa, askatasun ziurtagiria, eta Kimen bataio agiria. Azken hartan O'Harak, (semearen alde ikaragarrizko gauza egiten zuelako nola-halako ideiaz), behin eta berriz zakarki idatzi zuen: «Zaindu mutila. Mesedez zaindu mutila»; bere izenaz izenpetuta eta errejimenduko zenbaki osoarekin ageri zen.

        — Deabru arrania! —esan zuen aita Victorrek, Mr. Bennetti emanez dena—. Ba al dakizu zer diren gauza hauek?

        — Bai —esan zuen Kimek—. Nireak dira, eta joan egin nahi dut.

        — Ez dut ondo ulertzen —esan zuen Mr. Bennettek—. Apropos ekarri ditu noski. Trikimailuren bat edo izan daiteke.

        — Ez dut bada inoiz ikusi bere laguntzaileekin gutxiago egon nahi duen eskalerik. Misterio eder baten itxura du honek. Sinesten al duzu Probidentzian, Mr. Bennett?

        — Halaxe espero dut.

        — Nik berriz mirarietan sinesten dut, beraz, berdintsu gabiltza. Deabru arrania! Kimball O'Hara! Eta O'Hararen semea! Baina mutil hau indiarra da, eta neronek ezkondu nuen Kimball Annie Shottekin. Noiztik izan dituzu gauza hauek, mutiko?

        — Umetatik.

        Aita Victorrek pauso bizkor bat egin zuen aurrera eta kolkoa agerian jarri zion.

        — Ikusten duzu, Bennett, ez da oso beltza. Nola duzu izena?

        — Kim.

        — Kim ala Kimball?

        — Baliteke Kimball izatea. Utziko al didazue joaten?

        — Eta besterik?

        — Kim Rishti ke deitzen didate. Rishtietako Kim esan nahi du.

        — Zer da hori, «Rishti»?

        — Khrishti, hori zen errejimendua, aitarena.

        — Irish (irlandarra). Orain ulertzen dut.

        — Bai. Halaxe esan zidan aitak. Aita, bizitu zen.

        — Non bizitu?

        — Bizitu zen. Hilda dago noski... joanda.

        — A! Era zakar horretan esaten dituzu zuk gauzak, ezta?

        Bennettek bestea isilarazi zuen.

        — Bidegabekeriaz jokatu dut beharbada mutilarekin. Zuria da noski, batere ondo zaindu ez badute ere. Ziur naiz min eman diodala. Ez dut uste ardoak..

        — Emaiozu basokada bat jerez bada, eta utziozu ohatilan esertzen. Orain, Kim —jarraitu zuen aita Victorrek—, inork ez dizu kalterik egingo. Edan hau eta emaguzu zure berri. Egia, kontrakorik ez baduzu.

        Kimek eztul txiki bat egin zuen kopa hustutakoan, eta puska batean pentsatzen jardun zuen. Erne ibili eta irudimena lantzeko unea zirudien hark. Kanpamenduen inguruan ibiltzen diren mutil kozkorrak kanpora bidaltzen dituzte astindu bat eman ondoren. Baina berak ez zuen makilakadarik jaso; kutunak bere alde jokatzen zuen noski, eta Umballako horoskopoa eta aitaren marmarretatik gogoratzen zitzaizkion hitz bakanak ezin hobeto egokitzen zirela ematen zuen. Bestela zergatik zirudien apaiza lodiak horren hunkituta, eta zergatik eman zion meheak edari hori bero hura?

        — Aita, hilda dago Lahoren ni txikia nintzenetik. Emakumeak, kabarri denda bat zeukan alokairu-autoak dauden lekutik bertan —Kim bete-betean hasi zen, baina egiak noraino balioko zion oso ondo jakin gabe.

        — Ama?

        — Ez! —nazka keinu batez—. Ni jaio nintzenean hil zen ama. Aitak Jadu-gherren hartu zituen paper horiek... Nola deitzen diozue zuek? (Bennettek baietz egin zuen buruaz), bera, zera... ondo ikusia zegoelako. Nola deitzen diozue zuek? (Berriz ere baietz egin zuen Bennettek). Aitak kontatu zidan hori. Eta esan zidan gainera eta baita ere herenegun Umballan marrazkia hautsetan egin zuen brahamanak, esan zidan, Zezen Gorri bat aurkituko nuela zelai berde batean eta Zezenak lagundu egingo zidala.

        — Hauxe da gezurti puska, hau —murmurikatu zuen Bennettek.

        — Deabru arrania, hauxe da herria! —murmurikatu zuen aita Victorrek—. Segi, Kim.

        — Ez dut lapurtu. Gainera, orain gizon santu baten dizipulu naiz. Kanpoan dago eserita. Bi gizon ikusi genituen banderekin etortzen, lekua prestatzera. Hori horrelaxe izaten da beti amets batean, edo, zera... iragarpen bat dela eta. Hala, banekien egia bihurtuko zela. Zezen Gorria zelai berdean ikusi nuen, eta aitak esan zuen: «Bederatziehun deabru pukka-k eta koronelak zaldi baten gainean zainduko zaituzte Zezen Gorria aurkitzen duzunean!» Ez nekien zer egin Zezena ikusi dudanean, baina alde egin dut eta gero itzuli ilundu duenean. Zezena ikusi nahi nuen berriz, eta berriz ikusi dut Zezena... zera, sahibek otoitz egiten ziotela. Zezenak lagundu egingo didala uste dut. Maisuak ere halaxe esan zuen. Kanpoan eserita dago. Minik emango al diozue, orain deitzen badiot? Oso gizon santua da. Esan ditudan gauza guztien lekukotza eman lezake, eta badaki ez naizela lapurra.

        — «Sahibak zezen bati otoi egiten»! Zer arraio da hori? —esan zuen Bennettek—. Gizon santu baten dizipulua! Erotuta al dago mutila?

        — O'Hararen semea da, bai. O'Hararen semea deabru guztiekin batera. Horixe bera egingo zukeen aitak ere... mozkorra zegoenean. Hobe dugu gizon santua etorraraztea. Baliteke horrek zerbait jakitea.

        — Ezer ez daki —esan zuen Kimek—. Erakutsiko dizuet nirekin etortzen bazarete. Nire maisua da. Gero joan egin gintezke.

        — Deabru arrania! —izan zen aita Victorrek esan ahal izan zuen guztia, Bennett kanporantz zihoala, esku bat Kimen bizkarrean indarrez jarrita.

        Geratu zen lekuan topatu zuten lama.

        — Bukatu da nire Bilakuntza —egin zion oihu Kimek bere hizkuntzan—. Aurkitu dut Zezena, baina Jainkoak daki zer datorren hurrena. Jende honek ez dizu kalterik egingo. Zatoz gizon argal honekin apaiza lodiaren dendara eta ikusi bukaera. Berria da dena, eta ez dakite hindieraz hizketan. Asto hezi gabeak dira.

        — Ez dago bada ondo horien ezjakituriari barre egitea —erantzun zuen lamak—. Poztu egiten nau zu alai egoteak, chela.

        Duintasunez eta susmo txarrik gabe denda txikian sartu zen, elizgizon bezala agurtu zituen bi elizak eta ikatzezko suaren ondoan eseri zen. Kriseiluaren argitan islatzen zen dendaren oihal horiak urre gorriaren kolorea ematen zion lamaren aurpegiari.

        Munduaren bederatzi hamarrenak «jentil» izenpean jartzen dituen fedearen interes gabezia izugarriaz begiratu zion Bennettek.

        — Eta zer izan da zure Bilakuntzaren bukaera? Zein dohain eman dizu Zezen Gorriak? —lamak Kimi hitz egiten zion.

        — Esaten du, «Zer egin behar duzu?» —Bennettek deseroso begiratzen zion aita Victorri, eta Kimek, bere onerako, bere gain hartu zuen interpretari lana.

        — Ezin dut asmatu zer ikustekorik duen fakir honek mutilarekin, biktima eta konplizea izango du eta seguruena —hasi zen Bennett—. Ezin dugu onartu mutil ingeles bat... Masoi baten semea dela onartuta, zenbat eta lehenago joaten den Masoien Umezurztegira, askoz hobeto.

        — A! Errejimenduko logiaren idazkari bezala duzun iritzia da hori —esan zuen aita Victorrek—, baina agureari ere esan diezaiokegu zer nolako asmoak ditugun. Ez du gaizkile itxurarik.

        — Nik ikusi dudanez, ezin dira inoiz ekialdekoen pentsakizunak asmatu. Orain, Kimball, zuk gizon honi nik diodana esatea nahi dut, hitzez hitz.

        Hurrengo esaldien zentzua jaso, eta horrelaxe hasi zen Kim hizketan:

        — Maisu, gamelua dirudien argal txoro horrek esaten du ni sahib baten semea naizela.

        — Baina nola?

        — A, egia da. Jaio nintzenetik nekien hori, baina horrek niri kutuna lepotik kendu eta paper guztiak irakurrita jakin du. Uste du behin sahib izanda, sahib dela bat betirako, eta bien artean erabakita ni errejimendu honetan utzi edo madrissah (eskola) batera bidaltzeko asmoa dute. Gertatu da lehen ere. Nik ihes egin izan diet beti. Txoro gizenak era bateko ideiak dauzka eta gameluak berriz bestelakoak. Baina horrek ez dio inporta. Gau bat eman dezaket hemen, eta baita hurrengoa ere beharbada. Lehen ere gertatu izan da. Gero ihes egingo dut eta zuregana bueltatu.

        — Baina esaiezu nire chela zarela. Esaiezu nola etorri zinen nigana ahulduta eta ikaraz nengoenean. Esan gure Bilakuntzarena, eta segur aski utziko dizue joaten.

        — Esan diet hori. Barre egiten dute, eta polizia aipatu.

        — Zer ari zarete esaten? —galdetu zien Mr Bennettek.

        — A. Zera besterik ez du esaten, ez badidazue joaten uzten bere eginbeharrak etenda geratuko direla... bere eginbehar pribatu larriak —azken hura Urtegi saileko bulegari eurasiar batekin izandako elkarrizketaren oroitzapena zen, baina irribarrea baino ez zuen sortarazi, eta horrek ernegatu egin zuen—. Eta zuk eginbehar hori zer den jakingo bazenu, ez zinateke traba egiteko irrikitzen egongo.

        — Zer da bada? —galdetu zuen aita Victorrek, ez kezkarik gabe, laman aurpegira begira.

        — Bada Ibai bat herri honetan nire maisua bila eta bila dabilena. Gezi batek sorrarazi zuen eta... —Kimek oinaz jotzen zuen lurra ezinegonik, pentsamenduak bere mintzairatik ingeles motelera itzultzen zituen artean— A, Buda gure Jaunak egin zuen, eta han sartzen denari bekatu guztiak garbitzen zaizkio eta kotoia bezain zuri geratzen da —entzunak zituen noizbait Kimek misiolarien hitzak—. Ni bere dizipulua naiz, eta Ibaia aurkitu beharra daukagu. Oso baliotsua da guretzat.

        — Azaldu ezazu hori berriz —esan zuen Bennettek. Kimek obeditu egin zuen, istorioa osatuz.

        — Baina hori izugarrizko biraoa da ordea! —egin zuen oihu Ingalaterrako elizak.

        — Ai, ai —esan zuen aita Victorrek atsegin—. Edozer emango nuke beren hizkuntzan mintzatzeko gauza izateagatik. Bekatua garbitzen duen Ibaia! Eta zenbat denbora daramazue ibai horren bila?

        — A, egun asko. Orain joan egin nahi dugu, eta bila hasi berriz. Ez baitago hemen.

        — Bai —esan zuen aita Victorrek serio-serio—. Baina ezin duzu agure horrekin joan. Bestelakok lirateke gauzak, Kim, soldadu baten semea ez bazina. Esaiozu errejimendua arduratuko dela zutaz eta zure... zera, gizonik gizonena bezain jatorra bihurtuko zaitugula. Esaiozu mirarietan sinesten badu, sinetsi behar duela...

        — Ez dago horren sinesgarritasunaz baliatu beharrik —moztu zuen Bennettek.

        — Ez naiz horrelakorik egiten ari. Sinetsi behar du mutila hona etorri izana, bere errejimendura, Zezen Gorriaren bila, miraria dela nolabait. Kontutan hartu, Bennett, horren aurka dauden aukerak. Mutil hau, bakarra India osoan, eta gure errejimendua, beste guztien artean, maniobratan, eta elkartu egin dira! Ezagun du Patua izan dela. Bai, esaiozu Kismet dela hau (patua). Kismet, mallum? (ulertzen al duzu?)

        Lamarengana jiratu zen; lama Mesopotamiaz hitz egin baliote bezalaxe zegoen.

        — Esaten dute —agurearen begiak argitu egin ziren Kimen hitzak entzutean—, agerian jarri dela orain nire horoskopoaren zentzua, eta hona etorri naizenez gero, nahiz eta zuk badakizun jakin-minez etorri naizela, bai jende honengana eta bai beren Zezen Gorriarengana, madrissah-era joan behar dudala eta sahib bihurtu. Orain nik konforme nagoela egingo ditut itxurak, zeren, okerrenean ere, zugandik urrun egindako jatordu batzuk baino ez dira izango. Gero ihes egingo dut eta bideari jarraituko diot Sahararunporeraino. Hala bada, maisu, Kuluko emakume horrekin egon, eta ez apartatu ni etorri arte. Zalantzarik gabe, Gerra eta gizon armatuena da nire zeinua. Ikusi nola eman didaten ardoa edateko eta ohorezko ohe baten gainean eseri! Aitak gizon handia behar zuen izan. Hala bada, ohore ematen badidate, primeran. Bestela izanda ere, ondo. Nolanahi ere, nekatzen naizenean zugana joango naiz. Baina egon rajputni-arekin, galdu egingo baitut bestela zure oinen arrastoa... Bai, bai —esan zuen mutikoak—, esateko esan didazuen guztia itzuli diot.

        — Eta ez dut ikusten zertan itxoin behar duen —esan zuen Bennettek, eskua praketako sakelan sartuz—. Xehetasunak geroago aztertuko ditugu, eta orain emango diot honi ru...

        — Denbora eman. Baliteke mutikoa maite izatea —esan zuen aita Victorrek, bestearen mugimendua geldiarazteko keinu bat eginez.

        Arrosarioa atera zuen lamak, eta bere txano handiaz estali zituen begiak.

        — Zer nahi du orain?

        — Esaten du... —Kimek esku bat jaso zuen—, esaten du: isilik egon. Nirekin hitz egin nahi du. Begira, esaten duenetik hitz bat bera ere ez duzue zuek ulertzen, eta uste dut hitz egiten baduzue oso madarikazio txarrak egingo dizkizuela. Arrosario aleak horrela hartzen dituenean, isilik egon nahi izaten du beti.

        Zur eta lur eseri ziren bi ingelesak, baina Bennetti Kimentzat zorigaiztokoa izango zen zerbait igarri zitzaion begietan, mutila adar erlijiosoaren eskueran jarritakoan.

        — Sahiba eta sahib baten semea —minak lakartu egiten zuen lamaren ahotsa—. Baina ez da lur hau eta lur honen ohiturak zuk bezain ederki ezagutzen duen gizon zuririk. Nola izan liteke hori egia?

        — Zer axola dio, maisu? Gogoan izan gau bat edo bitarako izango dela. Gogoratu, ni oso bizkor alda naiteke. Zam-Zammah kanoi handiaren azpian zurekin lehenengoz mintzatu nintzen bezalaxe izango da...

        — Gizon zurien erara jantzitako mutila, Etxe Miragarrira lehenengoz joan nintzenean. Eta bigarren aldian berriz indiarra zinen. Zein izango da hirugarren enkarnazioa? —barre triste bat egin zuen—. A, chela, mindu egin duzu agure bat, zugana joan baita nire bihotza.

        — Eta nirea zugana. Baina nola asma nezakeen Zezen Gorriak istilu honetara ekarriko ninduela?

        Lamak berriz ere aurpegia estali zuen, eta, urduri, arrosarioari eragin zion. Aldamenean eseri, eta esku bat jarri zuen Kimek bere maisuaren jantzian.

        — Beraz, sahiba al da mutil hau? —jarraitu zuen ahots nekatuz—. Etxe Miragarriko irudiak zaintzen dituen sahiba bezalakoxea —lamak gizon zuriekin izandako harremanak mugatuak ziren. Irakasgai bat errepikatzen ari zela zirudien—. Orduan, harritzekoa litzateke beste sahibek egiten dituzten ez bezalako gauzak egitea. Bere jendearengana itzuli behar du.

        — Gau eta egun batez eta beste egun bat —erregutu zuen Kimek.

        — Ez, ez! —aita Victorrek ate aldera abiatzen ikusi zuen Kim eta zango indartsu batez geldiarazi zuen.

        — Ez ditut ulertzen gizon zurien ohiturak. Lahoreko Etxe Miragarriko irudien apaiza hemengo mehe hau baina konplituagoa zen. Kendu egingo didate mutila. Sahib bihurtu behar al dute nire dizipulua? Gizarajoa agure hau! Nola aurkituko behar dut nire Ibaia? Ez al dute bada beraiek dizipulurik? Galdeiezu.

        — Esaten du pena handia duela orain ezingo duelako Ibaia aurkitu. Esaten du, zergatik ez duzuen zuek dizipulurik, eta bera bakean uzten? Bekatuak garbitu nahi ditu.

        Ez Bennettek ez aita Victorrek, ez zeukaten hartarako erantzun egokirik prest.

        Kimek, lamaren sufrimenduak kezkatuta, esan zuen ingelesez:

        — Nik uste dut, orain joaten uzten badidazue, lasai-lasai joango garela eta lapurtu gabe. Ibai horren bila joango gara ni harrapatu baino lehen ari ginen bezala. Zergatik etorri ote naiz hona Zezen Gorria eta horrelako gauzen bila! Orain ez ditut nahi.

        — Zeure buruaren mesedetan sekula egin duzun lanik onena izan da, motel —esan zuen Bennettek.

        — Jainkoaren izenean, ez dakit nola kontsolatu gizona —esan zuen aita Victorrek lamari begira-begira—. Ezin du mutila eraman, baina gizon zintzoa da hala ere. Ziur naiz gizon zintzoa dela. Bennett, rupia hori ematen badiozu, burutik oinetaraino madarikatuko zaitu!

        Elkarren arnasa entzuten egon ziren, hiru, host minutu luzez. Orduan lamak burua jaso eta besteen gainetik espaziora eta hutsera begiratu zuen.

        — Bidearen Jarraitzaile naiz ni —esan zion Kimi ahots garratzez—. Nirea da bekatua eta nirea zigorra. Sinestarazi egin nion neure buruari, orain ikusten baitut sinetsi egin nahi nuela, nire Bilakuntzan laguntzera bidalia zinela. Hala, nire bihotza zugana joan zen zure adin laburraren karitate, kortesia eta jakituriagatik. Baina Bideari jarraitzen diotenek ezin dute onartu desioa edo loturaren surik, hori dena Lilura da eta. Esaten duen bezala... —testu txinatar zahar-zahar bat errezitatu zuen, beste bat erantsi zion, eta hura hirugarren batekin indartu—. Aldendu egin naiz Bidetik, chela. Ez da zure errua izan. Gozatu egiten nuen bizitza ikusita, jende berria bideetan, eta gauza horiek ikusita zuk zenuen pozarekin. Pozik nengoen zurekin, eta zuk nire Bilakuntzaz, nire Bilakuntzaz besterik ez, behar zenuen arduratu. Orain penaz nago nigandik aldendu zaituztelako, eta Ibaia urrun dudalako. Legea hautsi dut!

        — Deabru arrania! —esan zuen aita Victorrek, esaldi bakoitzean mina nabarituta, aditua baitzen aitorpenetan.

        — Orain konturatzen naiz Zezen Gorriaren zeinua niretzako ere bazela, zuretzako bezainbeste. Desio oro gorria da, eta gaiztoa. Penitentzia egingo dut eta bakarrik bilatu Ibaia.

        — Itzuli behintzat Kuluko andrearengana —esan zion Kimek—, bestela galdu egingo zara kaminoetan. Jaten emango dizu ni zugana itzultzen naizen arte.

        Lamak eskuari eragin zion erabakia hartuta zeukala adierazteko.

        — Eta orain —ahoskera aldatu egin zitzaion Kimengana jiratu zenean—, zer egingo dute zurekin? Agian, merituak eskuratuz, garbitu ahal izango ditut egin ditudan okerrak.

        — Sahib bihurtu, asmo hori dute. Etzi itzuliko naiz. Ez penarik izan.

        — Nolakoa? Hauek bezalakoa? —aita Victor seinalatu zuen—. Arratsaldean ikusi ditudanak bezalakoa, gizon ezpatadun horiek, indarrez zapaltzen zutenak bezalakoa?

        — Baliteke.

        — Hori ez dago ondo. Gizon horiek desioaren atzetik dabiltza eta hustasunera heltzen dira. Zuk ez duzu horrelakoa izan behar.

        — Umballako apaizak Gerra zela nire marra esan zuen —moztu zuen Kimek—. Txoro horiei galdetuko diet... Baina ez, ez dago galdetu beharrik. Gaur gauean egingo dut ihes, nik gauza berriak ikusi besterik ez bainuen egin nahi.

        Kimek bizpahiru galdera egin zizkion ingelesez aita Victorri, eta erantzunak itzuli zizkion lamari.

        — Esaten du, «Kendu egiten didazue eta ezin duzue esan zer egingo duzuen berarekin». Esaten du, «Esadazue ni joan baino lehen, ez baita txantxetako gauza ume bat heztea».

        — Eskolara bidaliko zaitugu. Gero, ikusiko da. Kimball, soldadu izan nahiko duzu, ezta?

        — Gorah-log (gizon zuriak). Ez, ez! —Kimek indarrez eragin zion buruari. Militarren ariketa eta diziplinak ez zuten batere erakartzen—. Soldadua ez naiz izango.

        — Esaten dizuten huraxe izango zara —esan zuen Bennettek—; eta eskerrak eman beharko zenituzke lagundu behar dizugulako.

        Kimek irribarre egin zuen, errukitsu. Gizon haiek berak nahi ez zuen zerbait egingo zuela uste bazuten, askoz hobeto.

        Beste isilune luze bat izan zen. Bennett urduri mugitzen zen, eta begirale bati deitzea proposatu zuen fakirra bidal zezan.

        — Ikasketak ematen al dira, edo saltzen, sahiben artean? Galdeiezu —esan zuen lamak, eta Kimek itzuli egin zuen.

        — Dirua ordaintzen zaiola irakasleari diote, baina diru hori errejimenduak emango du... Baina zer axola dio? Gau bat besterik ez da eta.

        — Eta... zenbat eta diru gehiago eman, ikasketa hobea ematen al dute? —lamari ez zitzaion atsegin Kimen segituan ihes egiteko plan hura— Ez dago gaizki ikasteagatik ordaintzea. Ezjakinari jakinduria eskuratzen laguntzea meritua da beti —arrosarioaren aleek abakoak bezain gogor jotzen zuten elkar. Orduan lamak aurre egin zien bere zapaltzaileei.

        — Galdeiezu zenbat diruren truke ematen duten irakaspen zuhur eta egokia. Eta zein hiritan.

        — Bada —esan zuen aita Victorrek ingelesez Kimek aurrekoa itzuli zuenean—, segun eta. Errejimenduak zure gastu guztiak ordainduko lituzke Umezurztegi Militarrean zauden artean; edo Punjabeko umezurztegi masoian sar zintezke (nahiz eta ez zuk eta ez berak ez duzuen ulertuko zer esan nahi duen horrek); baina mutil batek Indian izan dezakeen eskolarik onena, jakina, St. Xabier in Partibusekoa da, Lucknowen.

        Luze jo zuen hark itzultzerakoan, Bennettek laburtzea nahi baitzuen.

        — Zenbat den jakin nahi du —esan zuen Kimek lasai-lasai.

        — Berrehun edo hirurehun rupia urteko —aita Victorrek bazeraman puska bat ezertaz harritu gabe. Bennettek, eraman txarreko, ez zuen ezer ulertzen.

        — Esaten du jartzeko izena eta diru kopurua paper batean, eta emateko berari. Eta zure izena ere jartzeko azpian, gutun bat idatzi behar baitizu egun batzuk barru. Gizon jatorra zarela dio. Beste gizona berriz zoroa omen da. Badoa.

        Lama bat-batean zutitu zen.

        — Nire Bilakuntzari jarraitu behar diot —egin zuen oihu, eta joana zen.

        — Begiraleekin egingo du topo —esan zuen oihuka aita Victorrek jauzi eginez lama ateratzerakoan —baina ezin dut mutila utzi —Kimek jarraitzeko keinu bizkor bat egin zuen, baina atzera egin zuen. Ez zen agindurik entzun kanpoan. Desagertua zen lama.

        Kim eroso jesarri zen kaperauaren ohatilan. Agindu zion behintzat lamak Kuluko andre rajput-arekin egongo zela, eta gainontzekoak ez zuen askorik axola. Bi apaizak horren asaldatuta egoteak poztu egiten zuen. Luze jardun zuten ahots isilez hizketan, aita Victor planen bat proposatzen premiatsu Mr Bennetti, honek sinesgogor zirudien artean. Berria eta zoragarria zen guzti hura, baina hala ere logaleak zegoen Kim. Gizonak ekarri zituzten dendara —haietako bat koronela zen dudarik gabe, aitak iragarri bezala— eta sekulako galderak egin zizkioten, batez ere zaintzen zuen emakumeaz, eta den denari egiaz erantzun zion Kimek. Ez zirudien emakumea zaindari egokitzat jotzen zutenik.

        Huraxe zen, izan ere, Kimen esperientziarik berriena. Lehenago edo geroago, nahi izanez gero, India handi, gris, forma gabera egingo zuen ihes, dendak, apaizak eta koronelak atzean utziz. Bitartean, sahibak txundituta utzi behar bazituen, ahal zuen guztia egingo zuen hura lortzeko. Bera ere zuria zen.

        Kimek ulertu ezin zuen hizketaldi luze baten ondoren, sarjentu batengana eraman zuten, mutilari ihes egiten ez uzteko agindu zehatzak zituena. Errejimenduak Umballaraino jarraituko zuen, eta Kim berriz, erdia logiak ordainduta, eta beste erdia harpidetzaz, Sanawar izeneko leku batera bidaliko zuten.

        — Gauza miragarria da, pentsaezina, koronela —esan zuen aita Victorrek, hamar minutuz segidan isildu gabe hizketan aritu ondoren—. Bere lagun budistak ospa egin du nire izena eta zuzenbidea hartu ondoren. Ezin dut asmatu mutilaren heziketa ordaindu nahi ote duen ala bere kabuz sorginkeriaren bat prestatzen ari ote den —eta gero Kimi—. Izango duzu denborarik zure adiskide den Zezen Gorriari eskerrak emateko. Gizon egingo zaitugu Sanawarren, baita protestante egin behar baduzu ere.

        — Jakina, jakina —esan zuen Bennettek.

        — Baina zuek ez zarete Sanawarrera joango —esan zuen Kimek.

        — Baina gu Sanawarrera joango gara, gizontxo. Horixe da komandantearen agindua, eta komandanteak O'Hararen semeak baino garrantzi handixeagoa badu.

        — Zuek ez zarete Sanawarrera joango. Zuek gerrara joango zarete.

        Barre algarak entzun ziren dendan.

        — Zure errejimendua hobexeago ezagutzean ez dituzu nahastuko martxa eta borroka, Kim. Gerrara noizbait ere joango garela espero dugu.

        — A, badakit guzti hori —berriz ere itsu-itsuan bota zuen Kimek tiroa. Ez baldin bazuten gerrara joateko asmorik, berak Umballako atariko hizketaldiaz zekiena ez zekiten haiek.

        — Badakit ez zaudetela gerran orain. Baina gauza bat esaten dizuet, Umballara heldu bezain pronto gerrara bidaliko zaituzte, gerra berrira. Zortzi mila gizonetako gerra da, kanoiez gain.

        — Horixe bai zehatza izatea. Zuk ere iragarpena eransten al diezu gainontzeko dohainei ala? Eraman ezazu, sarjentu. Eskuraiozu danbor-jole baten uniformea, eta kontuz ibili, ez dadila behatz artetik itzuri. Nork esan du bukatu dela mirarien garaia? Ohera joango naizela uste dut. Ahultzen hasita daukat buru gaixo hau.

        Ordubete beranduago, kanpamenduaren beste muturrean, eta basoko abere bat bezala isil-isilik, eserita zegoen Kim, goitik behera garbitu berria, beso eta zangoetan harramaskak egiten zizkion jantzi nazkagarri batean sartuta.

        — Oso txori bitxia —zioen sarjentuak—. Horra non agertzen den brahaman batekin, horia baino horiagoa apaiza, bere aitaren masoi agiria lepotik zintzilik zeukala, eta nik ez dakit zer esaka zezen gorri batez. Gero hantxe desagertu da brahamana ezer esplikatu gabe, eta mutila kaperauaren ohatilan eseri da zangoak gurutzatuta agertzen den kristo guztiari gerra zikina iragarriz. Leku txarra da India Jainkoaren beldur den gizon batentzat. Dendaren ardatzean lotuko diot zangoa, sabaitik ihes egin nahi badu ere. Zer esan duzu gerraz?

        — Zortziehun gizon, kanoiez gain —esan zuen Kimek—. Azkar asko ikusiko duzue.

        — Horixe da kontsolamendua! Etzan hor danborren artean eta segi lotara. Bi mutil horiek zainduko dizute loa.

 

 

 

© Rudyard Kipling

© itzulpenarena: Koro Navarro

 

 

"Rudyard Kipling / Kim" orrialde nagusia