4. ATALA

 

                Zoriona ez da inoiz dama,

                Inon den emagaldurik mesprezagarriena baizik,

                Marrazo, petral eta egoskorra

                Gida eta eramangaitza.

                Egiozu diosal... arrotza du agurtuko!

                Egizu topo berekin... alde egiteko zaizu prestatuko!

                Laga ezazu bertan, urdanga hutsa baita.

                Eta maukatik tiraka etorriko zaizu lotsagabe hori!

                Eskuzabal! Eskuzabal, Fortuna!

                Emazu ala uka gogoak nola.

                Fortunak ez badit ardura,

                Ondotik etorriko baitzait hala ere Fortuna!

                                Desioen Putzuak.

 

        Gero, ahotsak jaitsiz, hizketan aritu ziren aita-semeak. Kim zuhaitz baten azpira joan zen atseden hartzera, baina lamak ukondotik heldu zion, ezinegonez.

        — Goazen. Ibaia ez dago hemen.

        — Hai mai! Ez al gara puska baterako nahikoa ibili? Ibaiak ez digu ihes egingo. Egon pixka batean, limosna emango digute eta.

        — Hori —esan zuen bat-batean soldadu zaharrak—, Izarren Adiskidea da. Atzo ekarri zidan albistea. Gizona Bera ikusi zuen, gerrarako aginduak ematen.

        — Um! —esan zuen semeak, bular sendoaren sakonenetik—. Bazarrean zurrumurruren bat entzun du nonbait, eta etekina atera dio.

        Aitak barre egin zuen.

        — Azken finean ez zait zaldi berri bat eskaka etorri, edo Jainkoak daki zenbat rupien eske. Anaien errejimenduek ere agindu horiek al dauzkate?

        — Ez dakit. Baimena eskatu dut eta zugana etorri naiz segituan, ez zitezen...

        — Ez zitezen besteak zu baino lehenago etorri eskean. Jokalariak eta diru-xahutzaileak denak! Baina zuk ez duzu sekula borroka zaldi onik izan. Horretarako zaldi ona behar da, ona, bai. Laguntzaile ona eta baita zaldi ona ere martxetarako. Ea, ikus dezagun, ikus dezagun —ezpataren kirtena jo zuen.

        —.Hau ez da kontuak egiteko lekua, aita. Goazen zure etxera.

        — Gutxienez ordaindu umeari, orduan: nik ez daramat txanponik gainean, eta berri onak ekarri dizkigu. Hara, Mundu osoaren

        Adiskide, gerraren bat dator zuk esan bezala.

        — Ez, nik dakidanez, gerraren bat ez, gerra —erantzun zuen Kimek lasai-lasai.

        — E? —galdetu zuen lamak, arrosario aleak paseaz, berriz ere bidean jartzeko irrikatan.

        — Nire maisuak ez ditu Izarrak diruagatik molestatzen. Guk albistea ekarri genuen, horren lekuko zara, eta orain bagoaz —Kimek eskua erdizka bildu zuen saihetsean.

        Semeak zilarrezko txanpon bat bota zuen eguzkitara, eskale eta aztiez zerbait murmurikatuz. Lau annetako txanpona zen, eta jatekoa egunetarako izango zuten harekin. Lamak, metalaren distira ikusita, bedeinkapen bat esan zuen marmarka.

        — Zoaz zure bidetik, Mundu osoaren Adiskide —egin zuen oihu soldadu zaharrak, bere zaldi kaskarra jiraraziz—. Bizitza osoan behingoz benetako iragarlea topatu dut... armadan ez zegoena.

        Aita-semeak batera egin zuten buelta: gaztea bezain tente zaldian eserita agurea.

        Punjabiar polizia batek, lihozko praka horiekin, desgogora gurutzatu zuen errepidea. Dirua pasatzen ikusi zuen.

        — Egon! —egin zuen oihu ingeles ia perfektuz—. Ez al dakizue laguneko bi annatako takkus bat ordaindu behar dela, eta lau anna dira beraz, zeharbide horretatik Errepidean sartzen direnentzat? Sirkarraren agindua da, eta zuhaitzak landatu eta bideak edertzeko erabiltzen da dirua.

        — Eta poliziaren sabelak —esan zuen Kimek, poliziaren besotik urruti jarriz—. Pentsa ezazu une batez, lastorik ez baduzu buruan. Hurbileneko putzutik etorri garela uste al duzu, zure aitaginarreba igela bezala? Entzun al duzu sekula zure anaiaren izena?

        — Eta nor zen hori? Utzi mutila bakean —egin zuen oihu polizia zaharrago batek, pozez zoratzen, atarian pipa erretzera esertzen zen artean.

        — Belaiti pani (sifoia) botila bati etiketa kendu zion hura; zubi batean itsatsi ondoren, zergak kobratu zizkien hilabete batez igarotzen ziren guztiei, Sirkarren agindua zela esanez. Orduan ingeles bat etorri eta burua puskatu zion. Ai, anaia, kaleko belea naiz ni, ez mendikoa!

        Poliziak atzera egin zuen lotsatuta, eta Kim irainka aritu zitzaion bidea gurutzatzen zuen artean.

        — Izan al da inoiz ni bezalako dizipulurik? —galdetu zion alai lamari—. Lahoretik irten orduko azkeneko xentimoa ere kenduko zizuten zu zaintzeko hemen izan ez banintz.

        — Pentsatzen jarduten dut nirekiko izpiritu lagungarria ote zaren, batzuetan, ala besteetan deabru txikiren bat —esan zuen lamak, irribarre patxadatsuz.

        — Zure chela naiz —Kim lamaren aldamenean jarri zen, ibilera berdinarekin, asko ibiltzen diren arloteen deskribaezinezko ibilerarekin.

        — Ibil gaitezen orain —murmurikatu zuen lamak, eta arrosarioaren soinuarekin egin zituzten isilik kilometroak eta kilometroak. Lama, ohi bezala, meditazio sakonetan ari zen, baina Kimek zabal-zabalik zeuzkan bere begi biziak. Bizitzaren ibai zabal, irribarretsu hura, pentsatzen zuen, aurrerapen handia zen Lahoreko jendez jositako kale hondatuen ondoan. Jende eta ikuskizun berriak zeuden urrats bat eman bakoitzeko, ezagutzen zituen kastak eta inoiz ikusi gabeak zituenak.

        Sansi talde bat ikusi zuten, luzea ilea eta sarkorra usaina, muskerrak eta bestelako jateko lizunak zeramatzatela bizkarrean, zakur argalak hanka tartean usman. Jende hark bere lekua mantentzen zuen bidean, urrats bizkor eta ezkutuez aurrera eginez, eta leku zabala uzten zieten beste kasta guztiek; larria baita sansi-en kutsadura. Haien atzetik, itzal handien azpian zurrun eta hankazabal ibiliz, zango-burdinen oroitzapena berekin zuela oraindik, kartzelatik atera berri bat zihoan; haren urdail beteak eta larruazal distiratsuak ondo frogatzen zuen hobeto elikatzen zituela Gobernuak bere presoak gizon zintzo gehienek beren burua baino. Ederki asko ezagutzen zuen Kimek ibilera hura, eta imintzioak egiten aritu zen ondotik pasatzen zen artean. Gero akali bat igaro zitzaien ondotik, begi sutsu eta ile nahasikoa, sij erlijio zalea, bere fedearen arroparekin, karratu urdinduna, eta altzairuzko aro distiratsuak zituela durbante luzearen konoan, estatu sij aske batetatik bueltan, non Khalsa delakoen loria zaharrak abesten aritu baitzitzaien bota handi eta panazko praka zuriak jantzitako printze eskolatu etorkizunekoei. Kontuz ibili zen Kim gizon hura ernegarazi gabe; ez baitira oso umoretsuak akali-ak, eta besoa berriz bizkorra dute. Han eta hemen topatu eta aurreratzen zituzten alaikiro jantzitako talde zabalak, herri osoak, festaren batetik bueltan; emakumezkoak, haurtxoak gerrian jarrita, gizonen atzetik; ume kozkorrak saltoka zihoazen azukre kanaberen gainean, jostailuzko lokomotora zaharrak arrastaka, penike erdian saltzen dituztenak bezalakoak, edo ispilu merkeen distira eguzkiarekin zaharren begietan jarriz. Begiratu batez ikus zitekeen bakoitzak erositakoa; eta dudarik balitz, nahikoa zen emazteei begiratu eta, beso belztua beso belztuaren ondoan, Ipar-Mendebaldetik datozen beirazko pultsera erosi berriak alderatzea. Parrandero haiek mantso zebiltzan, elkarri deika eta bidean geldituz gozo-saltzaileekin urrutaka aritzera, edo otoitz egitera bide ondoko santutegiren batean, batzuetan indioa, mahomatarra besteetan, bi fedeetako behe kastek inpartzialtasun zoragarriz konpartitzen dutena. Etenik gabeko ilara urdin bat, gora eta behera mugituz presaka doan beldar baten gisa, agertu zen hauts dardaratian eta berehala desagertu galapan, erritmoa seinalatzen zuen oihu bizkorrak eginez. Changar talde bat zen, Iparreko burdinbideen lurren prestaketa bere kargu duten emakumeak, oin lau, bular handi, zango indartsu eta gona urdinekiko lur-eramaileak, Iparrerantz presaka lan baten berri jakinda, eta denbora alferrik galdu gabe bidean. Gizonezkoek garrantzirik ez duten kastatakoak dira emakume horiek, eta besoak hazta eginda zihoazen, kadirak kulunkatuz, eta buruak tente-tente, zama astunak daramatzaten emakumeei dagokien bezala. Geroxeago eztei segizio bat sartu zen Errepide Handian musika eta oihuekin, hilerri-lili eta jasmin usaina zeriela, hautsaren kiratsa bera baino sarkorragoa. Emaztearen ohatila ikus zitekeen, gorri eta urre koloreko arrastoa, hautsetan balantzaka aurrera, senarraren zaldi apainduak alde batera egiten zuen artean alez betetako gurdi batetik, ondotik igarotzerakoan, zerbait osteko. Orduan Kim zorionak ematera eta graziarik gabeko txisteak entzutera inguratu zen, ehun seme eta alabarik bat ere ez desiratuz bikoteari, esaerak dioen bezala. Are interesgarriagoa eta garrasi egiteko aproposagoa izan zen malabarista baten agerpena, erdi hezitako tximuekin, edo hartz batekin, indargabe eta arnasestuka, edo oinak ahuntz baten adarretan lotzen zituen emakumea, eta haiekin dantza egin sokaren gainean, zaldiak beldurtuz eta emakumezkoei garrasi egin eraziz, harridurazko txilio zorrotz luzeak.

        Lamak ez zituen behin ere begiak jaso. Ez zen konturatu diru-mailegariarekin, bere zaldi makalaren gainean, bere interes krudela ordaintzearren presaka; edo baimena zuten soldadu indiarrez osaturiko talde txikiarekin, ahots sakonez garrasika, oraindik formatuta, zoriontsu uniformeko polaina eta praketatik libratu izanagatik, eta gauzarik eskandalagarrienak esanez agertzen ziren emakume errespetagarrienei. Gangeseko ura sartzen zuena ere ez zuen ikusi; Kimek berriz likido baliotsu hartatik botila bat behintzat erosiko zuela lamak espero zuen. Lurrera begira-begira zihoan, eta erraz baino errazago mugitzen zen orduetan eta orduetan, arima beste norabait jarrita. Baina Kim pozaren zazpigarren zeruan zegoen. Errepide Handia lubeta baten gainean zegoen han eraikita, inguruko mendietatik zetozen uholdeetatik bidea neguan babestearren, eta hala, lurra baino pixka bat gorago ibiltzen zen bat handik, nolabait esateko, pasabide dotore baten barrena, India osoa ezker-eskuin zabalduta ikusiz. Zoragarria zen uztarri ugariko ale eta kotoi gurdiak zelaietako bidexketan arrastaka ikustea: kilometro t'erdira entzun zitekeen ardatzen soinua intzirika, hurbiltzen, oihu, garrasi eta hitz txarrekin aldapa igo eta bide nagusian sartzen ziren arte, mandazainek elkarri irainka jarduten zuten artean. Zoragarria zen jendea ikustea, gorri eta urdin eta arrosa eta zuri eta azafrai arrastoak, beren herrietara joateko desbideratuz, sakabanatuz eta txikiagotuz binaka eta hirunaka zelai lauan. Kimek bihotzean sentitzen zituen gauza haiek, hitzetan adierazi ezin bazituen ere, eta hala, azukre kanabera azalik gabea erostearekin konformatzen zen, eta nahi adina listu bota gero bidean. Noizean behin lamak rapea hartzen zuen, eta azkenean Kimek ezin izan zuen isiltasun hura eraman.

        — Lurralde ona da hau... Hegoaldeko lurraldea! —esan zuen—. Haizea ona da; ura ona da. Ezta?

        — Eta Gauzen Gurpilean daude denak harrapatuta —esan zuen lamak—. Bizitzaz bizitza harrapatuta. Horietako inori ez diote Bidea erakutsi —buruari eraginez, mundu honetara itzuli zen.

        — Egin dugu puska eder bat —esan zuen Kimek—. Segur aski laster helduko gara parao batera (atseden lekua). Hemen geldituko al gara? Begira, eguzkia badoa.

        — Nork hartuko gaitu gaur gauean?

        — Dena bat da hau. Lurralde hauek jende zintzoz beteta daude. Gainera —ahotsa jaitsi zuen, xuxurlatuz—: Badaukagu dirua.

        Jendetza ugaritu egin zen eguneko bidearen bukaera markatzen zuen atseden lekura hurbildu ahala. Oso jateko sinpleak eta tabakoa saltzen duten dendatxo ilara bat, sutarako egur sorta, polizia-etxea, putzua, arraska zaldientzat, zuhaitz batzuk, eta, haien azpian, lur pixka bat zanpa-zanpa eginda, lehenagoko suen errauts beltzez zipriztinduta, horiexek dira Errepide Handian parao bat markatzen duten guztia, eskaleak eta beleak izan ezik, goseak denak.

        Eguzkia ordurako urrezko arrasto zabalak ari zen jartzen mango zuhaitzen beheko adarretan; perikitoak eta usoak ehunka ari ziren etxeratzen. Zazpi Ahizpak, berritsu eta bizkar arreko, gora eta behera zebiltzan binaka eta hirunaka bidaiarien oinen azpietan ia; eta adar arteko zarata eta muturkadek ederki adierazten zuten saguzarrak prestatzen ari zirela beren gaueko ehizarako. Azkar-azkar, argia bildu egin zen, eta aurpegiak, gurdien gurpilak eta idien adarrak odola bezain gorri margotu zituen une batez. Gero gaua etorri zen, haizearen ukitua aldatuz, laino arin eta mehe bat ekarriz lurraren parera gasazko oihal urdina bailitzan, eta kanporaraziz, sarkorra eta garbia, egur kearen usaina eta abereena, eta irinezko pastelen usain gozoa, errautsetan egosia. Gaueko polizia taldea polizia-etxetik atera zen presaka eztul handiak eginez eta aginduak errepikatuz; eta gurdi-gizon baten piparen ontzian gori-gori jarri zen ikatz pusketa Kimek oharkabean latoizko pintzen gaineko eguzkiaren azken distirari begiratzen zion artan.

        Parao-ko bizitza Kashmirreko serai-aren antzekoa zen oso, txikiagoan. Kim pozez murgildu zen asiar nahaste alaian, nahaste horrek, denbora hartuz gero, gizon sinple batek behar duen guztia ematen baitu.

        Eskasak ziren bi bidaiarien beharrak, nahikoa izango baitzuten, kastek lama kezkatzen ez zutenez gero, hurbileneko postuan egositako jatekoekin; baina, erosotasunagatik, simaur-bola eskukada bat erosi zuen Kimek sua pizteko. Edonon, atzera eta aurrera sugar txikien inguruan, garrasi egiten zuten gizonek olioa eskaka, edo aleak, edo gozokiak, edo tabakoa, elkarri bultzaka beren txandaren zain zeudela putzuaren aurrean; eta gizonen ahotsen azpitik entzuten ziren, gurdi itxi geldietatik, aurpegiak kalean erakutsi ezin zituzten emakumeen oihu zorrotz eta barreak.

        Gaur egun, ongi hezitako indiarren iritziz, beren emakumeak bidaian dabiltzanean —eta asko mugitzen dira—, hobe da emakumeak trenez bizkor eramatea ongi estaliriko bagoietan, eta ohitura hori hedatzen ari da. Baina beti izaten dira beren aurrekoen ohiturei lotzen zaien eskola zaharrekoak; eta, batez ere, atsoak dira beti gizonezkoak baino kontserbatzaileago; atso horiek, beren egunen bukaera aldera, erromesaldian joan ohi dira. Zaharturik eta desiragarri ez direnez, ez diote, zenbaitetan, ezezkorik esaten beloa kentzeari. Beren itxitura luzearen ondoren, itxiturak iraun duen artean beti egon baitira kanpoko hamaika interes merkatarirekin harremanetan, oso maite dute kale zabaleko bidaien saltsa eta mugimendua, santutegietako bilkurak eta berriketan aritzeko aukera amaigabeak, bereak bezain mingain luzeko alargun aberatsekin. Sarritan, oso komenigarri zaio asko pairatu behar izan duen familia bati andre mingain luze eta borondatetsu bat Indian barrena era horretan mugitzea; izan ere, Jainkoek eskertu egiten dute erromesaldia. India osoan beraz, bai leku bakartienetan, bai nabarmenenetan ageri dira andre zahar baten ardura duten ile urdinduko zerbitzari talde txikiak, atsoa gutxi edo asko gortinaz estalita eta ezkutatuta dagoelarik idi-gurdi batean. Gizon horiek serioak eta diskretuak izan ohi dira, eta europar bat edo goi kastako indiarren bat inguruan denean ardura handiz inguratzen dute andrea; baina erromesaldiaren ustekabeko elkartzeetan halako ardurarik ez da izaten. Andrea, azken finean, gizatiarra da oso, eta bizitza ikusteko bizi da.

        Kimek alaikiro apaindutako ruth edo famili gurdi bat ikusi zuen, idiek eramana, bi dorreetako drosel brodatuarekin, bi konkorretako gamelua bezala, orduantxe parao-an sartu berria. Zortzi gizonek osatzen zuten segizioa, eta zortzietarik bi herdoilduriko ezpatez apainduta zeuden, ohorezko pertsona baten jarraitzaile zirelako seinale ziurra, ez baitu jende arruntak armarik eramaten. Gortina atzetik, gero eta ozenago, kexu, agindu, eta txantxa zarata zetorren, eta baita europar batentzat gordinkeriak liratekeenak ere. Ezagun zuen agintzen ohitutako emakumea zegoela han.

        Kimek begiratu kritikoz aztertu zuen segizioa. Erdia behe-lurraldeetako ury-ek osatzen zuten, hanka mehe eta bizar urdinduekin. Beste erdia Iparreko menditarrak ziren, felpazko arropa eta feltrozko sonbreiruekin; eta nahaste hura bera adierazgarria zen, nahiz eta ezin entzun Kimek bi taldeen arteko eztabaida etengabeak. Atsoa hegorantz zihoan bisita egitera, ahaide aberats batengana segur aski, suhia ziurrenik; eskolta-taldea bidali zion hark begirune adierazgarri. Menditarrak emakumearenak berarenak izango ziren, Kulu edo Kangrako jendea. Garbi zegoen ez zeramala alaba ezkontzera, hala izan balitz gortinak ondo itxita baileudeke, eta guardiek ez zioten inon gurdira hurbiltzen utziko. Dama alai eta gartsua, pentsatu zuen Kimek, simaur pusketa esku batean neurtuz, jateko egosia bestean, eta sorbalda baten mugimenduaz gidatuz lama. Aterako zen zerbait topaketa hartatik. Lamak ez zion laguntzarik emango, baina, chela arduratsua zenez gero, pozez zoratzen zegoen Kim bientzat eskean aritzeko.

        Gurditik ausartu bezain hurbil piztu zuen sua, segizioko norbaitek noiz bidaliko zain. Lama leher eginda lurrean eseri zen, fruta jaten duten sagu-zaharren antzera, eta arrosarioari heldu zion berriz ere.

        — Joan harantzago, eskale! —agindua mendiko batek oihukatu zuen, hindustaniera kaskarrean.

        — Hara! Pahari-a besterik ez da eta! (menditarra) —esan zuen Kimek sorbalda gainetik—. Noiztik izan dira mendiko astoak Hindustan osoaren jabe?

        Kimen arbasoen errepaso bizkor eta distiratsua izan zen erantzuna, hiru belaunaldietakoa.

        — Ah! —Kimen ahotsa sekula baino gozoagoa zen, simaur pusketa zati egokietan puskatzen zuen artean—. Nire herrian, maitasun elkarrizketa baten hasiera deitzen diogu horri.

        Gortinen atzealdeko barre zakar, txiki batek bigarren ahalegin baterako bidean jarri zuen menditarra.

        — Ez dago horren gaizki, ez —esan zuen Kimek patxada-patxadan—. Baina kontuz ibili, anaia, bestela guk, guk diot, madarikazioren batekin edo bidaliko zaitugu atzera. Eta gure madarikazioek bete-betean asmatu ohi dute.

        Ury-ek barre egin zuten; menditarrak aurrerantz egin zuen jauzi, mehatxuz. Lamak bat-batean burua jaso zuen, bere txano handia Kimek hasi berria zeukan suaren argitan jarriz.

        — Zer gertatzen da? —galdetu zuen.

        Gizona harrizkoa bihurtu balitz bezala gelditu zen.

        — Bekatu... bekatu handi batetik libratu naiz —esan zuen hitz-totelka.

        — Kanpotarrak aurkitu du azkenean apaiza —xuxurlatu zuen ury-etako batek.

        — Hai! Zergatik ez diozue eskarmentu eder bat ematen mukitzu horri? —egin zuen atsoak oihu.

        Menditarrak, gurdira itzulita, zerbait xuxurlatu zuen gortina aldera. Isilune bat izan zen, gero marmarrak.

        — Ondo doa hau —pentsatu zuen berekiko Kimek, ez ikusi eta ez entzunarena eginez.

        — Jaten... jaten duenean —esan zion apal-apal menditarrak Kimi—, eska... eskatzen zaio Gizon Santuari berarekin hitz egin nahi duen batekin mintzatzera etortzea egin dezala mesede.

        — Jandakoan lo egingo du —erantzun zuen harroputz Kimek. Ez zuen ondo ulertzen zer nolako buelta hartu zuen jokoak, baina zena zela erabakita zegoen hartaz baliatzea—. Orain jatena emango diot —azkeneko esaldia, men esanda, neke antzeko suspirio batez bukatu zuen.

        — Ni... neroni eta nire lagunak arduratuko gara horretaz, onartzen baduzue.

        — Onartzen dugu —esan zuen Kimek, inoiz baino harroputzago—. Santu zaren hori, jende horrek jatena ekarriko digu.

        — Lurra ona da. Hegoaldeko guztiak onak dira... Mundu handia eta ikaragarria —murmurikatu zuen lamak erdi lotan.

        — Utziozue lo egiten —esan zuen Kimek—, baina ardura zaitezte esnatzen denean guri jateko ona ekartzeaz. Oso gizon santua da.

        Berriz ere ury-etako batek zerbait esan zuen erdeinuz.

        — Ez da fakirra. Ez da lur barruko eskalea —jarraitu zuen Kimek oso serio, izarrei zuzenduz—. Gizon santuen arteko santuena da. Kasta guztien gainetik dago. Ni bere chela nauzue.

        — Zatoz —esan zuen gortina atzeko ahots zorrotz lakarrak; eta Kim joan egin zen, berak ezin ikusi zituen begiak begira zeuzkala ondo asko jakinik. Behatz ilun mehe bat, eraztunez beteta, ageri zen gurdiaren txoko batetik, eta elkarrizketa honelakoxea izan zen:

        — Nor da hori?

        — Gizon guztiz santua da. Oso urrutitik dator. Tibetetik dator.

        — Tibetetik nondik?

        — Elurren atzealdetik, oso-oso urruti dagoen leku batetik. Ezagutzen ditu izarrak; horoskopoak egiten ditu, eta jaio berrientzako iragarpenak. Baina hori dena ez du diruaren truke egiten. Bihotz zabala eta errukiorra delako egiten du. Ni bere dizipulua naiz. Izarren Adiskide ere deitzen didate.

        — Zu ez zara menditarra.

        — Horri galdetu. Esango dizu Izarretatik bidali nindutela bere erromesaldiaren amaiera erakustera.

        — Um! Konturatu, mukitsu, adineko emakumea naizela eta ez txoro bat. Ezagutzen ditut lamak, eta begirunea diet, baina zu benetako chela baldin bazara, gurpil honen ardatza da nire behatza. Kastarik gabeko indiarra zara zu, eskale ausart eta lotsagabea, dirua irabazi asmoz lotuta segur aski santu horri.

        — Ez al dugu bada denok ere dirua irabazi asmoz egiten lana? —Kimek tonua aldatu zuen bestearen larriduraren parean jartzeko—. Entzun dut... —hura norabiderik gabeko tiroa zen—, entzun dut...

        — Zer entzun duzu? —moztu zion atsoak, behatzari eraginez.

        — Ondo gogoratzen dudanik ezer ez, baina esamesa batzuk bazarrean, gezurrak noski, zera, baita rajak ere, mendietako raja txikiak...

        — Baina hala ere rajput-en odol garbikoak.

        — Jakina bada, odol garbikoak. Baita horiek ere beren emakume ederrenak saldu egiten omen dituzte diru truke. Hegoaldean saldu egiten dituzte, zemindar-ei eta Oudheko beste aberatsei.

        Mendiko raja txikiek ukatzen duten zerbait bada, salakuntza horixe da; baina azoketan sinesten den gauza da ordea, Indiako esklabo salerosketa misteriotsuaz hitz egiterakoan. Azaldu zion Kimi andre zaharrak, marmar larri eta haserrean, nolako gezurti gaiztoa zen. Emakume hura neskato zenean Kimek halakorik aipatu izan balu, hil arte zigortuko zuketen, elefante baten azpian, gau hartan bertan. Horrelaxe gainera, ez bestela.

        — Ahai! Eskale ikaslea baino ez naiz, Edertasunaren Iturriak esan duen bezala —esan zuen, ikarak akabatzen balego bezala.

        — Edertasunaren Iturria! Nor uste duzu naizela, niri horrelako eskale konplituak esateko? —baina hala ere barre egin zuen aspalditik ahazturiko hitz haiek entzutean—. Duela berrogei urte esan zitekeen horrelakorik, eta gezurrik gabe esan ere. Bai, duela hogeita hamar urte. Baina Indian gora eta behera ibili behar honekin erruz nahasten naiz ni, errege baten alargun naizena, miserableenekin, eta horrexegatik egiten didate eskaleek iseka.

        — Erregina Handia —esan zuen segituan Kimek, emakumea amorruaz dardarka zegoela konturatu baitzen—, ni Erregina Handiak dioen guztia naiz, baina hala ere egia da nire maisua santua dela. Oraindik ez du entzun Erregina Handiaren agindua, alegia...

        — Agindua? Nik, santu bati, Legearen Maisua den bati, emakume batengana etorri eta mintzatzeko agindu? Sekula ez halakorik!

        — Erruki zaitez nire zorakeriaz. Uste nuen agindua eman zenidala...

        — Ez zen agindua. Eskaera zen. Garbi uzten al ditu horrek gauzak?

        Zilarrezko txanpon baten soinua entzun zen gurdiaren ertzean. Hartu eta behe-beheraino makurtu zen Kim. Konturatzen zen emakumea Kim bera ere, lamaren begi eta belarriak zenez gero, oparitu beharra zegoela.

        — Ni gizon santuaren ikaslea baino ez naiz. Jan ondoren etorriko da beharbada.

        — Lotsagabe zikina! —behatz bitxiz josiak gaitzespenez seinalatu zuen mutikoa; baina aldi berean emakumearen barre txikia ere entzun zitekeen.

        — Tira, zer gertatzen da? —galdetu zion Kimek, doinu maitagarri eta isilekoa erabiliz, ondo zekienez, gutxik erresistitu baitzezaketen hura—. Zer bada, zera... semeren baten beharra al daukazue familian? Lasai hitz egin, zeren guk, apaizok... —azken hura Taksaliko Ateko fakir baten plagio zuzena zen.

        — Apaizok! Zuk oraindik ez dituzu eta behar diren urteak... —beste barre batez moztu zuen txistea—. Sinetsi, apaiz horrek, noizean behin, guk, emakumeok, semeez bestelako gauzetan ere pentsatzen dugula. Gainera, nire alabak izan du semea.

        — Hobe da bi gezi izatea eskura bakarra baino; eta hiru, are hobeto —esaera zaharra eztul pentsakor batez osatu zuen Kimek, lurrera begiratuz diskrezioz.

        — Egia da, bai, egia. Etorriko da agian hori ere. Baina lur barneko brahaman horiek ez dute ezertarako balio. Opariak, dirua bidali nien, eta opariak berriz ere, eta iragarpenak egin zituzten.

        — A! —esan zuen Kimek, hitzak luzatuz, neurrigabeko mesprezuz—. Iragarpenak! —profesional batek ez zukeen hobeto egingo.

        — Eta neure Jainkoak gogoratu nituen arte ez zizkidaten oroitzak entzun. Ordu egokia aukeratu nuen eta... agian zure gizon santuak izango zuen Lung-Choko monasterioko abadearen berri. Harixe azaldu nizkion neure arazoak, eta, bere garaia heldutakoan, nik nahi bezala irten zuela denak. Nire alabaren semearen aitaren etxeko brahamanak bere otoitzengatik izan dela esaten du orduz geroztik; baina hori nahaste txiki bat da, eta gure bidaiaren helmugara iristean esango diot. Eta, hala, gero Buddh Gayara joango naiz, nire umeen aitari shradda eskaintzera.

        — Haraxe goaz gu ere.

        — Bi bider gure alde —esan zuen pozez atsoak—. Bigarren seme bat gutxienez!

        — O, Mundu osoaren Adiskidea! —esnatu berria zen lama, eta, ohe ezezagunean beldurturiko umeak bezain ikarati, Kimi deitu zion.

        — Banoa! Banoa, maisu! —Kim korrika joan zen su aldera, eta hantxe topatu zuen lama ordurako jatekoz inguratuta, menditarrak nabarmenki agurea jauresten, eta hegoaldekoak berriz erresuminduta begira.

        — Atzera! Alde hemendik! —egin zuen Kimek oihu—. Denen aurrean jan behar al dugu bada guk, zakurren gisa? —isilik bukatu zuten janaria, bakoitza bere aldera pixka bat jiratuta, eta Kimek zigarro indiar batez osatu zuen jatordua.

        — Ez al dut hamaika bider esan Hegoaldekoak lurralde onak direla? Horra hor mendiko raja baten alargun zintzo eta ohoretsua, erromesaldian, esan duenez, Buddh Gayara. Berak bidali dizkigu plater hauek; eta zuk atseden hartzen duzunean, zurekin hitz egingo du.

        — Hori ere zure lana al da? —lama rapearen kalabazan murgildu zen.

        — Nork zaintzen zaitu gure bidaia zoragarria hasi zenez geroztik? —Kimek begiak dantzan zituen ke mikatza sudur zuloetatik bota eta hautsez estaliriko lurrean etzaten zen artean—. Huts egin al dizut bada zuri erosotasuna ematerakoan, maisu?

        — Bedeinkatua izan zaitezela —lamak dotore makurtu zuen burua—. Gizon asko ezagutu ditut nire bizitza luze honetan, eta dizipuluak ere ez gutxi. Baina horietako inorengana, emakumeagandik jaioa bazara, ez da nire bihotza zugana bezala joan, atsegina, zuhurra eta konplitua zara eta; baina baita pikaro xamarra ere.

        — Eta nik ez dut zu bezalako apaizik ezagutu —Kimek aurpegi hori borondatetsua aztertu zuen, zimurrez zimur—. Hiru egun ere ez dira bidean elkarrekin jarri garenez geroztik, eta ehun urte badirela dirudi.

        — Agian aurreko bizitzaren batean utziko zidaten zuri zerbitzuren bat egiten. Baliteke —irribarre egin zuen—, nik zu xedera batetik libratu izana; edo, oraindik argirik hartu gabe nengoen garaian, amuan harrapatu eta gero ibaira itzuli izana.

        — Baliteke —esan zuen lasai Kimek. Sarritan zituen entzunak antzeko gauzak, ingelesek irudikortzat hartuko ez zuketen jendearen ahotan—. Baina, gurdian dagoen emakume hori dela eta, nire ustez bigarren seme bat behar du bere alabarentzat.

        — Hori ez dagokio Bideari —suspiriatu zuen lamak—. Baina emakumea Mendikoa da behintzat. A, mendia, eta mendietako elurra!

        Zutitu, eta pauso luzez gurdira joan zen. Kimek edozer gauza emango zukeen bera ere joateagatik, baina lamak ez zuen gonbidatu; eta harrapatu zituen hitz eskasak hizkuntza ezezagun batekoak ziren, mendiko hizkuntza ezezagunen batean mintzatzen baitziren biak. Lamak erantzun aurretik pentsatu egiten zituen galderak egiten zizkiola emakumeak zirudien. Noizean behin txinatar esaera baten doinua entzuten zuen. Irudi harrigarria zen Kimek betazal erdi itxietatik ikusten zuena. Tente-tente jarrita, arropa horiaren tolesdura handiak parao-ko suen argitan marra beltzez apainduak, enbor korapilatsu batean jartzen ari den eguzkiak sortzen dituen bezalakoxe itzal zehatzak, ruth urrezko eta lakatu batekin ari zen hizketan lama, kolore askotako bitxi bat bezala erretzen argi dardarati beraren pean. Urrez landutako gortinen marrazkiak igo eta jaitsi egiten ziren, urtu eta berregin tolesdurek gaueko haizearekin mugituta dardara egiten zutenean; eta elkarrizketa biziagotu zenean, bitxiz betetako behatzak argi izpi txikiak sortu zituen brodatuen artean. Gurdiaren atzean badaezpadako iluntasun horma bat zegoen, garra txikiz eta erdizka sumaturiko forma, aurpegi eta itzalez zipriztindua. Ilunabarreko ahotsak marmar isila bihurtuta zeuden, behien mastekatzea zelarik marmar haren nota grabeena, lastoaren gainean, eta zorrotzena Bengaliako dantzarina baten sitar akordeak. Gizon gehienak janda zeuden, eta beren pipa zalapartari eta oldartsuei tiraka jardun zuten, bete-betean ari zirenean igelak marruka ziruditela.

        Azkenean itzuli zen lama. Menditar bat zetorkion atzetik, kotoizko oihal guateatu batekin, eta arduraz zabaldu zuen oihala suaren ondoan.

        — Hamar mila iloba merezi ditu —pentsatu zuen Kimek—. Baina hori bai, niregatik izan ez balitz, ez ziren opari horiek hona helduko.

        — Emakume zintzoa... eta zuhurra —lamak bere burua erortzen utzi zuen, hezurburuz hezurburu, gamelu mantso baten gisa—. Bidearen jarraitzaile direnentzat, karitatez beteta dago mundua —estalkiaren erdia Kimen gainera botatzen hasi zen.

        — Eta zer esan du? —Kim bere oihal zatian bildu zen.

        — Galdera asko egin dizkit, eta arazo ugari proposatu, ipuin txoroak gehienak, Bideari jarraitzen diotela dioten deabruaren aldeko apaizei entzunak. Batzuei eman diet erantzunik, beste batzuk txorakeriak direla esan diot. Askok daramate jantzia, baina gutxik jarraitzen diote Bideari.

        — Egia. Egia da bai hori —Kim konfidentziak aterarazi nahi dituztenen doinu pentsakor, baketsuan mintzatzen zen.

        — Baina, dituen argiak kontutan hartuta, izpiritu zuzeneko emakumea da. Berarekin Buddh Gayara joan gaitezen irrikitzen dago; dakidanez, emakume horren bideak eta gureak bat egiten dute Hegoranzko egun askotako bidaian.

        — Eta?

        — Izan pazientzia apur bat. Hori dela eta, nire Bilakuntza beste gauza guztien aurretik dagoela esan diot. Ipuin txoro asko entzun ditu, baina nire Ibaiaren egia handi hori inoiz ez. Halakoxeak dira beheko mendietako apaizak! Lung-Choko abadearen berri bazuen, baina ez nire Ibaiarena... ezta geziaren istorioarena ere.

        — Eta?

        — Horretaz, Bilakuntzaz mintzatu natzaio, eta Bideaz, eta probetxugarriak diren gauzez; emakumeak ni berarekin joatea besterik ez du nahi, eta otoi egitea bigarren seme baten alde.

        — Hara! Emakumeok umeengan izan ezik ez dugu ezertan pentsatzen —esan zuen Kimek logalez.

        — Hala bada, gure bideak puska batean bat egiten duenez gero, ez zait iruditzen gu geure bidetik aldentzen garenik berarekin joaten bagara, behintzat, zera... ahaztu egin zait hiriaren izena.

        — Ohé! —esan zuen Kimek, jiratu eta metro batzuk harantzago zegoen ury-etako bati xuxurloka hitz eginez—. Non da zure nagusiaren etxea?

        — Saharunpore baino pixka bat harantzaxeago, fruitu lorategien artean —herriaren izena esan zuen.

        — Horixe zen lekua —esan zuen lamak—. Horraino behintzat joan gintezke berarekin.

        — Elbiak ustelera joan ohi dira —esan zuen ury-ak, ahots lehorrez.

        — Behi gaixoarentzat, belea; gizon gaixoarentzat, brahamana. Kimek esaera ahots inpertsonalez esan zuen, zuhaitzen gailur ilunen aldera.

        Zerbait murmurikatu eta isilik geratu zen ury-a.

        — Beraz, emakume horrekin al goaz orain, maisu?

        — Ba al da horren kontrako arrazoirik? Apur bat desbideratu eta bidea gurutzatzen duten ibai guztiak arakatu ditzaket. Bera irrikitzen dago.

        Kimek oihalean ezkutatu zuen barre-algara. Atso agintari hark lamari orain zion begirune naturala desagertutakoan, esateko zituenak entzutea mereziko zutela iruditu zitzaion.

        Loak hartzen ari zen, lamak bat-batean esaera zahar bat esan zuenean: «Handia izango dute beste bizitzan saria emakume berritsuen senarrek». Gero Kimek rapea hartzen entzun zuen, hiru bider, eta loak hartu zuen, barrez oraindik.

        Egunsentiak, diamantearen distirarekin, gizonak, beleak eta behiak batera esnatu zituen. Eseri eta ahoa zabaldu zuen Kimek, nagiak atera eta dardara egin zuen pozaren pozez. Huraxe bai zela mundua egiatan ikustea; huraxe zen berak nahi zuen bizitza: zalaparta eta iskanbila, hedeak heltzerakoan soinua, idiak akuilatzea eta gurpilen kirrinka, suak pizten eta jatekoa egosten, ikuskizun berriak begiak, oniritziz, beste alde batera eramaterakoan. Goizeko lainoa zilarrezko biribilean desagertu zen, papagaioak urrutiko ibaiekin batera egin zuten ihes talde berde zaratatsuetan: entzun ahal ziren putzu guztietako gurpilek lanari ekin zioten. Esnatu zen India, eta Indiaren erdi-erdian zegoen Kim, beste edonor baino esnaago eta biziago, adar txiki bat mastekatuz, gero hortzetako zepilo bihurtuko zena; izan ere, ezker-eskuin hartzen zituen berak ezagutu eta maite zuen herriaren ohiturak. Ez zegoen jatekoaz kezkatu beharrik, ez txanpon bat bera ordaindu behar jendez jositako dendatxoetan. Atso egoskor baten segizioari atxikitako gizon santu baten dizipulua zen bera. Gauza guztiak prest edukiko zituzten, eta errespetuz gonbidatzen zituztenean, eseri eta jan egingo zuten. Gainerakoan —barre txiki bat egin zuen hortzak garbitzen ari zela—, gonbidatzaileak areagotu egingo zuen bideko alaitasuna. Emakumearen idiak begi kritikoz aztertu zituen uztarrien azpian puzka eta marruka jartzen ziren artean. Bizkorregi joaten baziren —eta ez zuten halakorik egingo segur aski—, leku atsegina izango zuen gurdi-ardatzaren gainean; lama berriz gidariaren ondoan eseriko zen. Segizioa, jakina, oinez joango zen. Atsoak, jakina hura ere, erruz hitz egingo zuen, eta entzun zuenez, haren hitzek ez zuten gatzik faltako. Dagoeneko aginduak ematen ari zen, oihuka, errietan, eta, esan beharra dago, zerbitzariak atzerapenagatik madarikatzen.

        — Emaiozue pipa. Jainkoen izenean, emaiozue pipa, eta isilarazi bere parte txarreko aho hori —egin zuen oihu ury-a batek, bere oheko fardel formarik gabeak lotzen zituen artean—. Hori eta papagaioak berdinak dira. Garrasi egiten dute egunsentian.

        — Aurreko idiak! Hai! Kontuz aurreko idiekin! —abereek atzera jo eta bira egiten zuten, adarrak alez beteriko gurdi baten ardatzean trabatuta—. Hontzaren seme, nora zoaz? —bon irribarrez ari zen mandazain bati.

        — Ai! Yai! Yai! Horko hori Delhiko erregina da, seme bat edukitzeko otoitz egitera doa —egin zuen oihu gizonak bere zama handiaren gainetik—. Egiozue leku Delhiko erreginari, eta bere lehen ministroari, bere ezpatatik igotzen den tximu grisari!

        Atzetik zuhaitz azala zeraman bat zetorren, lur barneko zerrategi baterako bidean, eta haren gidariak konplitu batzuk erantsi zituen ruth-idiek atzera eta atzera egiten zuten artean.

        Gortina dardaratien atzetik irain sail bat heldu zen. Ez zuen askorik iraun, baina tankera eta kalitatean, zehaztasun mingots eta gaiztoan, Kimek bere bizitza osoan entzundakoa gainditu zuen. Mandazainaren bular biluzia harriduraz kuzkurtzen ikusi zuen, eta nola makurtzen zen gero errespetuz ahotsaren aldera, nola jaisten zen gurditik, eta segizioari lagundu hitz zaparrada hura errepide nagusira eramaten. Han, ahotsak lotsarik gabe kontatu zion zer nolako emaztearekin ezkondu zen, eta zertan aritzen zen emaztea bera kanpoan zegoen artean.

        — Shabash! —murmurikatu zuen Kimek, bere buruari eutsi ezinik, gizona lotsatuta desagertzen zen artean.

        — Ondo al dago hori? Bai gauza lotsagarri eta eskandalagarria emakume gaixo bat bere Jainkoei otoitz egitera ezin joatea, ez badute bultzatzen eta iraintzen Indiako purtzil guztiek, gâli jan behar izatea (gehiegikeria) gizonezkoek ghi jaten duten artean. Baina oraindik badaukat mingaina mugitzerik, hitz bat edo bi esan behar denean. Eta tabakorik gabe nago oraindik! Nor da oraindik tabakoa prestatu ez didan lotsaren seme miserable begibakarra?

        Segituan eskaini zion tabakoa menditar batek, eta gortinaren bi ertzetatik irteten zuen ke lodiak eman zuen aditzera berreskuratua zela bakea.

        Bezperan oinez harro joan bazen Kim, gizon santu baten dizipulu zelakoan, egun hartan harrotasuna hamar bider handiagoa zuen ia erregeena zen segizio hartan, postu berezia zuela edukazio zoragarria eta amaigabeko baliabideak zituen emakume baten babespean. Segiziokoak, Indiako erara estalita burua, gurdiaren alde banatan jarri ziren, sekulako hautsa altxatuz.

        Lama eta Kim apur bat alde batera jarrita zihoazen; azukre makila mastekatuz Kim, eta apaiz estatusa harro beheragokoa zuen inori lekurik egin gabe. Atsoaren mingaina entzun zezaketen arrozari azala kentzen ari den bat bezain erregularki mugitzen. Segiziokoei agindu zien konta ziezaiotela bidean gertatzen zen guztia; eta parao-tik aldendu bezain azkar, gortinak atzeratu eta kanpora begiratu zuen, beloak aurpegiaren hirurena estaltzen ziola. Zerbitzariek ez zioten zuzenean begiratzen, eta, hala, mantentzen zen gutxi gora behera egokitasuna.

        Distrituko poliziaren agintari bat, azal ilunekoa eta beltzarana, batere akatsik gabe uniformatua, ingelesa nazionalitatez, beraien ondotik igaro zen zaldi nekatu baten gainean, eta, segizioarengatik konturatuta nolakoa zen atsoa, adar joka hasi zitzaion.

        — Ama —egin zuen oihu—, hori egiten al dute zenana-etan (harenak)? Eta ingeles bat etorri eta sudurrik ez duzula ikusiko balu?

        — Zer? —erantzun zuen damak oihuka—. Zeure amak ez duela sudurrik? Zergatik esaten duzu bada halakorik bide zabalean?

        Erantzun egokia izan zen. Ingelesak eskua jaso zuen, esgriman ukitutakoaren keinua eginez. Damak, barrez, buruari eragin zion.

        — Inoren bertutearen galbide al da aurpegi hau? —beloa atzera bota eta begira geratu zitzaion.

        Ez zen batere ederra noski, baina gizonak hedeak jasotzen zituen artean, Paradisuko Ilargi deitu zion, Prestutasunaren Urratzaile, eta beste epiteto harrigarriak, atsoaren barreak areagotuz.

        — Nut-cut ederra da hau (lotsagabea) —esan zuen—. Polizia guztiak nut-cut-ak dira; baina polizia buruak dira okerrenak. Hai, seme, hori dena ez duzu bada ikasi Belai-tik (Europa) heldu ondoren. Nork eman zizun bularra?

        — Paharin batek, Dalhousieko emakume menditar batek, ama. Gorde itzaletan zure edertasuna, Atsegin Emaile hori —eta joan egin zen.

        — Horrelakoxeak dira —andreak doinu zentzudun egokia hartu zuen, eta ahoa pan-ez bete—, horrelakoxeak dira justizia zaindu behar dutenak. Ezagutzen dute lurraldea, eta ezagutzen dituzte ohiturak. Besteak, Europatik etorri berriak, emakume zurien esnea hartuta eta gure hizkuntzak liburuetatik ikasita, izurritea baino okerragoak dira. Erregeei ere kalte egiten diete.

        Orduan istorio luze-luze bat kontatu zuen guztien irakaspenerako, polizia gazte ezjakin batez, bederatzigarren mailako lehengusu zuen mendiko raja txikiren bat molestatu zuena lur kontu garrantzi gabeko batean, eta deboziozkoa ez zen liburu batetik aipamen bat eginez eman zion istorioari amaiera.

        Gero umorea aldatu egin zitzaion, eta agindu zion segizioko bati galde ziezaiola lamari ea bere ondoan joango ote zen eta erlijioko gaiez hitz egin. Hala bada, Kimek atzera egin zuen hauts artera eta bere azukre makilara itzuli zen. Ordubetez edo gehiagoz lamaren txano handia ilargia laino artean bezala agertu zen; eta, entzundakoagatik, atsoak negar egin zuela iruditu zitzaion Kimi. Ury-etako batek barkamena edo eskatu zuen bezperako zakarkeriagatik, esanez ez zuela sekula bere nagusia horrelako umore onean ikusi, eta apaiz bitxiaren etorrerari egozten zion aldaketa. Berak, berez, brahamanetan sinesten omen zuen, nahiz eta, indiar guztiak bezala, ondo asko jakin haien maltzurkeria eta zikoizkeriaren berri. Hala ere, brahamanek beren eskaerekin bere nagusiaren emaztearen ama ernegatzen zutenean, eta horren haserre jarri non brahamanek segizio osoa madarikatzen baitzuten (eta horixe zen ezkerreko bigarren idiak hanka zauritu izana, eta gurdiaren ardatza bart hautsi izanaren benetako arrazoia), prest zegoen beste edozein erlijiotako apaizak onartzeko, India barrutik nahiz kanpotik etorrita. Horri Kimek baiezko keinu zuhurrez erantzun zion, eta erregutu zion ury-ari kontura zedila lamak ez zuela dirurik hartzen, eta lama eta Kimen jatekoaren balioa ehun bider ordainduko zitzaiela karabanak handik aurrera izango zuen zorte onean. Lahoreko istorioak ere kontatu zizkion, eta kantu bat edo bi abestu zituen, taldekoak barrez hasi zirelarik. Hiriko arratoia zenez gero, eta modan zeuden konposatzaileen azken abestiak ondo ezagutzen zituelarik, emakumeenak gehienbat, abantaila nabarmena zuen Kimek Saharunporeren atzeko fruitu-zuhaitzak zituen herri txiki batetik zetozen gizonekin, baina abantaila hori besteek deskubritu zezaten utzi zuen.

        Eguerdian bazter batera joan ziren jateko asmoz, eta jatekoa ona izan zen, ugaria, eta egoki zerbitzatua hosto garbiko plateretan, begirunez, hautsetatik babestua. Kondarrak eskale batzuei eman zizkieten, agindu guztiak betetzearren, eta eseri egin ziren luze eta gutiziaz erretzeko. Atsoa gortinen atzera itzuli zen, baina nahi bezala sartzen zen elkarrizketan, zerbitzariek berak esandakoa eztabaidatu eta kontra egiten ziotelarik, Ekialdeko zerbitzariek egin ohi duten bezala. Kangra eta Kuluko mendien freskura eta pinuak Hegoaldeko hautsa eta mangoekin aldendu zituen atsoak; bere lurraldeetako Jainko zahar batzuen istorioa kontatu zuen, senarraren lurren ertzekoak; erretzen ari zen tabakoaz kexatu zen galanki, brahaman guztiak iraindu zituen, eta lasai-lasai mintzatu zen denak mutilak izango ziren iloba ugariren etorreraz.

 

 

 

© Rudyard Kipling

© itzulpenarena: Koro Navarro

 

 

"Rudyard Kipling / Kim" orrialde nagusia