3. ATALA

 

                Bai, Bizitzari lotzen zitzaizkion

                Arima ororen ahotsak,

                Mailaz maila ahalegintzen ziren Arimak,

                Devadattaren araua gaztea zenean

                Haize epelak Kamakura dakar

                                Buda Kamakuran.

 

        Beraien atzean nekazari haserre batek banbuzko makal handi bati eragiten zion. Baserritarra zen, arain kastakoa, eta Umballa hirirako barazki eta loregintzan ari zen; Kimek ederki asko ezagutzen zituen gizon haren klasekoak.

        — Horra hor —esan zuen lamak, zakurrei jaramonik egin gabe—, ezezagunekin kortesiarik ez duena, hizketan zabarra eta karitaterik gabekoa. Balioko ahal dizu oharkizun gisa horren jarrerak, dizipulu.

        — E, eskale lotsagabe horiek! —egin zuen oihu nekazariak—. Ospa! Alde hemendik!

        — Bagoaz —esan zuen lamak, lasai eta duintasunez—. Bagoaz bedeinkatu gabeko baratz hauetatik.

        — Ah —esan zuen Kimek, haizea zurrupatuz—. Hurrengo uzta hondatzen bazaizu, zure mingainari baino ezingo diozu errua leporatu.

        Gizona oinak mugitzen hasi zen, deseroso.

        — Lurralde hau eskalez josita dago —hasi zen, barkamena eskatu nahian edo.

        — Eta nola zenekien ezer eskatu behar genizunik, o mali? —esan zion Kimek zakar, baserritar bati gutxien gustatzen zaion hitza erabiliz—. Zelaiaren bestaldeko ibaia ikusi besterik ez genuen nahi.

        — Hori ibaia! Astakeria galanta! —esan zuen gizonak mesprezuz—. Zein hiritatik zatozte erreten bat ez ezagutzeko? Gezi bat bezain zuzen doa, eta urrea baino garestiago ordaintzen dut ura. Harantzago topatuko duzue ibai baten adarra. Baina ura behar baduzue, emango dizuet nik, eta baita esnea ere.

        — Ez, ibaira joango gara —esan zuen lamak, ibiltzen hasiz.

        — Esnea eta jatekoa —esan zuen hitz totelka nekazariak, irudi handi bitxi hari begira—. Nik... ez dut madarikaziorik nahi, ez niretzat, ez nire uztarentzat. Baina horrenbeste eskale izaten da eta gaur egun...

        — Kontura zaitez —lama Kimengana jiratu zen—. Amorruaren Laino Gorriak zakarkeriaz mintzatzera bultzatu du. Baina lainoa begietatik desagertu zaionean, gizon konplitua bihurtu da, eta bihotz oneko. Jainkoak bedeinka diezazkiola baratzak! Kontuz ibili, nekazari, gizonak bizkorregi epaitu gabe.

        — Ikusi izan ditut etxea sutondotik atariraino madarikatuko lizuketen gizon santuak —esan zion Kimek lotsatuta zegoen gizonari—. Ez al da honako hau gizon jakintsu eta santua? Ni bere dizipulua naiz.

        Buruzut jarri zen hantustez, eta duintasun handiz baratzen ertzak gurutzatu zituen.

        — Ez da harrokeriarik —esan zion lamak etenaldi baten ondoren—, ez da harrokeriarik Erdiko Bideari jarraitzen diotenen artean.

        — Baina behe-kastakoa eta kortesiarik gabea zela esan duzu zuk.

        — Behe kastakoa zenik ez dut esan, zeren eta, nola izan liteke bada izanik ez duen zerbait? Eta gero bere zabarkeria zuzendu du, eta ahaztu egin dut iraina. Gainera hori ere gu bezalaxe dago, Gauzen Gurpilari lotuta; baina ez du askatasunaren bidea hartu —zelaien arteko errekasto baten ondoan gelditu, eta ur ertzera begira jarri zen; ganaduaren arrastoz josita zegoen.

        — Eta nola jakingo duzu zein den zure Ibaia? —galdetu zion Kimek, banbu-kanabera luze batzuen itzalpean eseriz.

        — Aurkitzen dudanean, argitasunen bat eman bide didate. Hau, ederki sumatzen dut, ez da lekua. O, uren artean txikiena zaren hori, esango al didazu non dagoen nire Ibaia! Baina izan zaitez bedeinkatua, eta zelaiak egin itzazu emankor!

        — Begira! Begira! —Kimek jauzi egin zuen lamaren aldera, agurea atzerantz bultzatuz. Kanabera more marmartietatik ur ertzeraino ondulazio hori eta arre bat irristatu zen, lepoa uretara luzatu zuen, edan, eta geldi-geldik geratu zen: kobra handi bat zen, begiak zirkinik egin gabe eta betazalik gabea.

        — Ez daukat makilarik... ez daukat makilarik —esan zuen Kimek—. Makila hartuko dut eta bizkarrezurra txiki-txiki egingo diot.

        — Zergatik? Hori ere Gurpilean dago, gu bezalaxe; gora edo behera doan bizitza, askatasunetik oso urruti. Bekatu handiak egin behar izan ditu arima horrek itxura horretan egoteko.

        — Suge guztiei diet gorroto —esan zuen Kimek. Indian asko bizitu arren, ez da desagertzen gizon zuriak Sugeari dion ikara.

        — Utziozu bere bizitza bizitzen —izaki biribilduak txistu egin zuen eta kapusaia erdizka zabaldu—. Iritsiko ahal zaizu laster askatasuna, anaia! —jarraitu zuen lasai lamak—. Ez duzu bada zuk ezer jakingo nire Ibaiaz?

        — Ez dut sekula horrelako gizonik ikusi —xuxurlatu zuen Kimek, lotsatuta—. Ulertzen al dute sugeek zuk diozuna?

        — Nork daki? —lama kobraren buru tentearen ondo-ondotik igaro zen. Hautsez betetako biribiletan murgildu zen sugea—. Zatoz! —egin zion oihu Kimi sorbalda gainetik.

        — Ez —esan zuen Kimek—. Zeharbidetik joango naiz.

        — Zatoz. Ez du kalterik egiten.

        Kimek zalantza egin zuen une batez. Lamak agindua indartu egin zuen Kimi sorginkeria iruditu zitzaion bertso txinatar batzuk esanez. Obedituz, errekastoa gurutzatu zuen, eta sugeak, hain zuzen ere, ez zuen zirkinik egin.

        — Ez dut sekula horrelako gizonik ikusi —Kimek kopetako izerdia garbitu zuen—. Eta orain, nota goaz?

        — Hori zuk esan behar duzu. Ni zaharra naiz, eta atzerritarra. Urruti nago nire lurraldeetatik. Baina burdinbidetik doan gurdi horrek burua deabruen danborren zaratarekin beteko ez balit, te-ren-ez joango nintzateke Benaresera... Baina horrela joanez Ibaia gal genezake. Goazen beste ibai baten bila.

        Gogor landutako lurrek urtean hiru eta baita lau uzta ere ematen dituen lekuetatik ibili ziren egun osoz, azukrea, tabakoa, lutxarbi zuri-luzeak eta arbiak hazten diren baratzetatik, ur pixka bat begiztatu orduko bidetik aldenduz, herri txikietako zakurrak eta bazkalondoan lo zeudenak asaldatuz; eta egiten zitzaizkion galderei sotiltasun hautsiezinez erantzuten zien lamak. Ibai baten bila zebiltzan, sendakuntza miresgarriak egiten zituen Ibai baten bila. Ba al zekien norbaitek ezer horrelako urlaster batez? Batzuetan gizonek barre egiten zuten, baina gehienetan bukaera arte entzuten zuten istorioa eta lekua eskaintzen zieten biei itzaletan, esnea edateko, eta jatekoa. Emakumezkoak atseginak izaten ziren beti, eta ume txikiak, mundu osoko umeak bezala, ausartak batzuetan eta lotsatiak besteetan. Lasto eta buztinezko hormak eta teilatuak zeuzkaten etxez osaturiko herri bateko zuhaitz nagusiaren azpian topatu zituen arratsak atseden hartzen, herriko nagusiarekin hizketan ganadua zelaietatik zetorrela, eta emakumezkoek eguneko azken jatordua prestatzen zuten artean. Atzean utzita zeuzkaten Umballa gosetia inguratzen dituzten baratzak, eta ale nagusiak hazten diren zelai berde zabaletan zeuden.

        Herriko agintaria bizar zuriko agure atsegin bat zen, ezezagunekin jarduten ohitua. Sokaz egindako ohe bat atera zion lamari, jateko beroa jarri zion aurrean, pipa prestatu, eta arratseko ospakizunak bukatu zirenean herriko elizan, bertako apaizaren bila joateko agindua eman zuen.

        Kim Lahoreren tamaina eta edertasunaz mintzatu zitzaien herriko haur zaharrenei, burdinbideko bidaiez, eta hiriko beste gauzez, gizonek hizketan jarduten zuten artean, hango behiak hausnarrean egon ohi ziren patxada berberaz.

        — Ez dakit zer esan —esan zion azkenean agintariak apaizari—. Zer deritzozu zuk horren esanari?

        Lama, bere istorioa bukatuta, isilik zegoen arrosario aleak pasatzen.

        — Bila dabilen gizona da —erantzun zuen apaizak—. Horrelako jendez beteta daude lurralde hauek. Gogoratzen al zara joan den hilabetean etorri zen hartaz, dortokarekin zetorren fakirra?

        — Bai, baina gizon hark bazuen arrazoirik, Krisna bera agertu baitzitzaion, eta Paradisua agindu zion heriotza-sutzarrik gabe Prayagera joaten bazen erromes. Gizon hau ez dabil nik ezagutzen ditudan Jainkoen bila.

        — Lasai egon, zaharra da eta: oso urrutitik dator, eta erotuta dago —erantzun zuen bizarrik gabeko apaizak—. Entzun —lamarengana jiratu zen—. Mendebalde aldera, hiru koss-etara (hamar kilometro), Calcuttarako errepide handia dago.

        — Baina nik Benaresera joan nahi dut, Benaresera.

        — Benareserakoa ere bada. Indiako alderdi honetako erreka guztiak gurutzatzen ditu. Halere, atseden bar dezazula hemen bihar arte da nire aholkua, maisu. Gero bidea hartu (errepide nazional nagusiaz ari zen) eta azter ezazu gurutzatzen duen ibai oro; izan ere, ulertu dudanez, zure Ibaiaren ahalmena ez dago putzu edo leku jakin batean, duen luzera osoan baizik. Orduan, zure Jainkoek hala nahi badute, ziur izan bila zabiltzan askatasun horretara helduko zarela.

        — Ondo esana dago hori —hunkitu egin zen lama ideia harekin—. Bihar hasiko gara, eta bedeinkatua izan zaitezela agure baten oin zaharrei halako bide hurbila erakusteagatik —ahots sakonez, kantari bezala esandako txinatar bertso batzuek itxi zuten esaldia. Apaiza bera ere hunkituta geratu zen, eta agintariari berriz sorginkeria gaiztoren bat ez ote zen hura bururatu zitzaion: baina inork ezin zion begiratu lamaren aurpegi apal, serioari eta zalantza handirik izan.

        — Ikusten al duzu nire chela? —esan zuen lamak, burua rapearen kalabazan sartu eta rapea indarrez hartuz. Kortesia kortesiaz ordaindu beharra zeukan.

        — Ikusten dut, eta entzun ere bai —agintariak beste aldera begiratu zuen, Kim urdinez jantzitako neska batekin berriketan zegoen lekurantz, neskak egur puskak sutara botatzen zituen artean.

        — Horrek ere badu bere Bilakuntza. Ez Ibaia, Zezena baizik. Bai, Zezen Gorri batek Zelai Berde batean ohore handia emango dio egunen batean. Mutila, nik uste, ez da guztiz mundu honetakoa. Bat-batean bidali zidaten bilakuntza honetan laguntzera, eta Mundu osoaren Adiskide du izena.

        Apaizak barre egin zuen.

        — Aizu, Mundu osoaren Adiskide —egin zuen oihu usain garratzeko kearen gainetik—, zer zara zu?

        — Gizon santu horren dizipulua —esan zuen Kimek.

        — Bût-a zarela dio. (Izpiritua)

        — Jan al lezake bût batek? —esan zuen Kimek, begia keinatuz—. Ni gose naiz eta.

        — Ez da txantxetako gauza —egin zuen oihu lamak—. Izena ahaztu zaidan hiri bateko astrologoak...

        — Umballa besterik ez zen, hantxe egin baikenuen bart lo —xuxurlatu zion Kimek apaizari.

        — Hara, Umballa al zen? Horoskopoa egin zion, eta esan zuen nire chela-k bi egun hartu beteko duela bere desioa. Baina zer esan zuen izarren esanahiaz, Mundu osoaren Adiskide?

        Kimek eztarria garbitu eta herriko gizon bizar urdinduei begiratu zien.

        — Nire Izarraren esanahia Gerra da —erantzun zuen harro-harro.

        Norbaitek barre egin zion irudi zarpail kaskar hari, zuhaitz handiaren azpian harlanezko zolan bere burua erakusten ari zena. Indiar bat etzan egingo zen lekuan, zutik egotera bultzatzen zuen Kim bere odol zuriak.

        — Bai, gerra —erantzun zuen.

        — Iragarpen hori benetakoa da —tartekatu zen ahots sakon bat—. Izan ere, nik dakidanez, beti dago gerra mugan.

        Agure bat zen, oso zahartua, Mutinaren garaian Gobernuaren zerbitzari izana, indiar ofizial gisa sortu berria zen zalditeri errejimendu batean. Gobernuak lur onak eman zizkion herrian, eta semeen eskakizunek, ordurako bizar urdinekiko ofizialak, pobretu egin bazuten ere, bazuen oraindik garrantzirik inguru haietan. Ofizial ingelesek, baita komisarioek ere, errepide nagusitik atera eta bisita egitera joaten zitzaizkion; halakoetan garai bateko uniformea jantzi, eta hezur bat bezain tente egoten zen.

        — Baina hau gerra handia izango da... zortzi mila soldaduen gerra —Kimek bere ahots zorrotza jaso zuen bizkor biltzen ari zen jendetzaren gainean, bera ere harritu egin zelarik.

        — Jaka gorriak ala gure errejimendukoak? —eten zuen agureak, bere mailako barekin jardungo balu bezala. Haren ahoskerak Kim errespetarazi zien gainontzekoei.

        — Jaka gorriak —esan zuen Kimek zerbait esateagatik—. Jaka gorriak eta kanoiak.

        — Baina... astrologoak ez zuen ordea horrelakorik aitatu —egin zuen oihu lamak, urduritasunarekin sekulako rape mordoa hartuz.

        — Baina nik badakit. Albistea heldu zait, eta ni gizon santu honen dizipulua naiz. Gerra sortuko da, zortzi mula soldadu jaka gorrien gerra. Hori gauza ziurra da.

        — Mutil honek bazarretako esamesak entzun ditu —esan zuen apaizak.

        — Baina aldamenean eduki dut eta beti —esan zuen lamak—. Nola jakin lezake? Nik ez nekien.

        — Primerako ilusionista izango da agurea hiltzen denean —murmurikatu zion apaizak agintariari—. Zer nolako trikimailu berri da hau?

        — Zeinu bat. Emadazu zeinu bat —esan zuen bat-batean orroka soldadu zaharrak—. Gerrarik balego, esango zidaten semeek.

        — Dena prest dagoenean, dudarik gabe, esango diete zure semeei. Baina luzea da gauza hauek esku artean dituen gizonarengandik zure semeenganainoko bidea.

        Berotzen ari zen Kim jolas harekin, gutunak eramatean izandako esperientziak gogorarazten baitzizkion, diru pixka bat irabazteagatik benetan zekiena baino gehiago jakitearen itxurak egiten zituenean. Baina orain gauza handiagoak zeuden jokoan: emozioa bera eta boterearen sentipena. Arnasa hartu eta hizketan jarraitu zuen.

        — Gizona, emadazu zuk niri zeinu bat. Menpeko soldaduek agintzen al dute bada zortzi mula jaka gorri beren kanoiekin mugimenduan jartzea?

        — Ez —berriz ere soldadu zaharrak Kim bera bezalakoa balitz bezalaxe erantzun zuen.

        — Ba al dakizu nor den orduan agindua ematen duena?

        — Ikusi egin dut.

        — Berriz ere galdetzen dizut, ezagutzen al duzu?

        — Topkhana-n (artileria) teniente zenez geroztik ezagutzen dut.

        — Gizon handia, ile beltzekiko gizon handia, horrela ibiltzen dena? —Kimek urrats batzuk egin zituen, zangoa zurrundua edo egurrezkoa balu bezala.

        — Bai. Baina hori edonork ikus zezakeen —jendetza seko isilik zegoen Kim eta soldadu zaharra hizketan ari ziren artean.

        — Egia da —esan zuen Kimek—. Baina gehiago ere esango dizut. Begira. Lehenbizi, gizon handia horrela ibiltzen da. Gero horrela egoten da pentsatzen. (Behatz erakuslea kopetara eraman zuen eta beherantz gero, barailezurraren angeluan utzi arte). Gero horrela okertzen ditu behatzak. Gero txanoa ezkerreko beso azpian jartzen du —mugimendu hura imitatuz, zikoina bezain geldirik geratu zen.

        Agureak zerbait murmurikatu zuen, zeharo txundituta; eta jendetzak dardara egin zuen.

        — Horrela, eta horrela, eta horrela. Baina zer egiten du agindu bat eman behar duenean?

        — Lepoaren atzealdeko larruazala igurzten du, horrela. Gero behatz bat mahai gainean jarri eta soinu txiki bat egiten du sudurrarekin. Orduan hizketan hasten da, esanez: «Bidali halako eta halako errejimendua. Halako kanoiak prestatu.»

        Agurea altxatu egin zen presaka, eta militarren agurra egin zuen.

        —«Izan ere» —Kimek bertako hizkuntzara itzuli zituen Umballako bulegoan entzundako esaldi erabakiorrak—, «izan ere, halaxe dio, aspaldian egin behar izan genuen hau. Ez da gerra... zigorra da. Snif!»

        — Nahikoa da. Sinesten dut. Horrelaxe ikusi izan dut batailan ke artean. Ikusi eta entzun. Bera da!

        — Nik ez nuen kerik ikusi —Kimen ahotsa aldatu egin zen, bideetako etorkizun iragarleen doinu kantaria hartuz—. Nik ilunpetan izan nuen ikuspena. Lehenbizi gizon bat etorri zen gauzak argitzera. Ondoren soldaduak zaldi gainean. Gero bera agertu zen, argi biribil baten erdian zutik. Gainontzekoa esan dizuedana bezalakoa izan zen. Agure, egia esan al dut?

        — Bera da. Inongo zalantzarik gabe, bera da.

        Hasperen luzea, dardaratia egin zuen jendetzak, oraindik ere tente-tente zegoen agureari begiratuz lehenbizi, eta argi morearen kontra jarrita zegoen Kim zarpailari gero.

        — Ez al dut esan bada, ez al dut esan beste mundukoa zela? —egin zuen oihu harro-harro lamak—. Mundu osoaren Adiskidea da. Izarren Adiskidea da!

        — Nola edo hala, ez du gurekin zerikusirik —esan zuen gizon batek—. Aizu, iragarle gazte hori, dohain hori sasoi guztietan badaukazu, badaukat nik arrasto gorriak dituen behi bat. Nik dakidanez, baliteke zure Zezenaren arreba izatea...

        — Edo niri axola zaidanez —esan zuen Kimek—. Nire izarrek ez dute zure abereekin zerikusirik.

        — Ez, baina oso gaixo dago —sartu zen emakume bat elkarrizketan—. Astoa dut senarra, bestela hobeto aukeratuko zituzkeen hitzak. Esadazu, sendatuko al da?

        Kim mutil arrunta izan balitz, aurrera egingo zukeen joko harekin; baina ez du batek Lahore hamahiru urtez alferrik ezagutzen, edo, gutxienez, Taksaliko Ateko fakirrak, horrekin batera giza izaera ere ezagutu gabe.

        Apaizak zeharka begiratu zion, ez garraztasunik gabe, irribarre lehor eta etsi batekin.

        — Ez al da orduan apaizik herrian? Oraintxe bertan bat ikusi nuela uste nuen, eta zuhur askoa gainera —egin zuen oihu Kimek.

        — Bai, baina... —hasi zen emakumea.

        — Baina zuk eta zure senarrak esker oneko hitz batzuen truke behia sendatzea espero zenuten —tiroak bete-betean jo zuen: herriko bikote xuhurrena zen hura—. Ez da gauza egokia elizari iruzur egitea. Emaiozu txekor bat zure apaizari, eta, zure Jainkoak ikaragarri haserre ez baldin badaude, hilabete hartu emango dizu behiak esnea.

        — Eskaleen maisu zara zu —murmurikatu zuen apaizak onespenez—. Berrogei urteetako jakituriak ere ez luke hobeagorik asmatuko. Aberastuko zenuen bada dagoeneko agurea, ezta?

        — Irin pixka bat, gurina eta txanpar lore eskukada bat —erantzun zuen Kimek, aurpegia atseginak gorrituta, baina erne oraindik ere—. Aberasten al da horrekin bat? Eta, zerorrek ikusiko duzunez, erotuta dago. Baina baliagarria gertatzen zait, gutxienez bideak ikasten ditudan artan.

        Bazekien Kimek nolakoak ziren Taksali Ateko fakirrak beren artean hitz egiten zutenean, eta haien dizipulu lotsagabeen ahots-aldaketa guztiak imitatzen zituen.

        — Zer da orduan horren Bilakuntza, egia ala beste helburuetarako babesa? Altxorren bat izan liteke.

        — Erotuta dago. Guztiz erotuta. Ez dago besterik.

        Une hartan soldadu zaharra herrenka hurbildu zitzaion Kimi eta bere etxean hartuko ote zuen ostatu galdetu zion. Hala egitea gomendatu zion apaizak, baina lama edukitzeko ohorea berriz elizari zegokiola insistitu zuen, eta lamak irribarre apalez erantzun zion. Kimek bati eta besteari aurpegira begiratu zien, eta bere ondorioak atera zituen.

        — Non da dirua? —xuxurlatu zuen, lama ilunpetara bultzatuz.

        — Kolkoan daukat. Non bada?

        — Emadazu niri. Azkar eta isilik, eman niri.

        — Baina zergatik? Hemen ez dago txartelik erosi beharrik.

        — Zure chela naiz, bai ala ez? Ez al ditut zure oin zaharrak bideetan barrena zaintzen? Emadazu dirua eta egunsentiarekin batera itzuliko dizut —eskua lamaren gerrikoan sartu eta poltsa hartu zuen.

        — Hala izan bedi... hala izan bedi —agureak buruari eragin zion—.

        Mundu handia eta ikaragarria da hau. Ez nekien horrenbeste gizon zegoenik bizirik munduan.

        Biharamunean apaiza oso umore txarrez zegoen, eta lama berriz pozez gainezka; eta Kimek oso arrats interesgarria eman zuen soldadu zaharrarekin, bere zalditeriako ezpata atera baitzuen eta, belaun lehorren gainean kulunkatuz, Mutinaren istorioak eta hogeita hamar urte hilobiratuta zeramatzaten kapitainenak kontatu zizkion, Kim lotara joan zen arte.

        — Dudarik ez da lurralde hauetako haizea ona dela —esan zuen lamak—. Loa arina daukat, zahar guztiek bezala; baina bart esnatu gabe egin dut lo, egun argira arte. Oraindik ere logaleak nago.

        — Edan ezazu esne beroa —esan zion Kimek, ez baitzizkien gutxietan horrelako erremedioak eraman ezagutzen zituen opio-erretzaileei—. Berriz ere Bidean jartzeko garaia da.

        — Indiako ibai guztiak zeharkatzen duen bide luzea —esan zuen alai lamak—. Goazen. Baina nola uste duzu zuk, chela, eman diezaiokegula saririk jende honi, eta apaizari bereziki, izan duten adikortasunagatik? Ezbairik gabe, but-parast-ak dira, baina beste bizitzaren batean, agian, jasoko dute argitasunik. Rupia bat elizarako? Barruan dagoena harria eta margo gorria baino ez da, baina gizon baten bihotz ona bere garaian eta bere lekuan eskertu behar da.

        — Maisu, ibili al zara inoiz bakarrik Bidean? —Kimek bat-batean begiratu zion, Indiako beleek, lanpetuta, zelaietara begiratzen duten bezala.

        — Jakina bada, ume: Kulutik Pathânkotera. Kulutik, nire chela hil zen lekutik. Jendea gurekin adeitsua zenean guk eskaintzak egiten genizkien, eta gizon guztiak izan ziren borondatetsuak Mendian izan ginen artean.

        — Gauzak ez dira horrelakoak Indian —esan zuen lehor Kimek—. Indian Jainkoek beso asko dauzkate eta gaiztoak dira. Bakean uzi behar dituzu.

        — Bidean lagunduko dizut puska batean, Mundu osoaren Adiskide, zuri eta zure gizon horiari —soldadu zaharrak herriko kalea gurutzatu zuen, oraindik egunsentiko itzaletan, guraizeak bezain hanka meheak zituen zaldi baten gainean—. Atzoko gauak oroitzapenen iturria zabaldu zuen nire bihotz lehorrean, eta hori bedeinkapena izan da niretzat. Dudarik gabe, gerra dago haizean. Usaina hartzen diot. Ikusi! Ezpata ekarri dut.

        Abere txikiaren gainean geldik eserita geratu zen, lurreraino ia zangoak, alde batean ezpata handia zuela, eskua kirtenean jarrita, ipar aldeko zelai lauetara sutsu begira—. Esadazu berriz nola agertu zitzaizun Hura zure ikuspen horretan. Zatoz, eta eseri nire ondoan. Eramango ditut bi animaliak.

        — Gizon santu honen dizipulua naiz —esan zuen Kimek, herriko sarrera gurutzatzen ari zirela. Herritarrak ia-ia penatuta zeudela zirudien beraiek gabe geratzen zirelako, baina apaizaren agurra hotza eta urrunekoa izan zen. Alferrik gastatu zuen opioa dirurik ez zuen gizon bati emanda.

        — Ondo esanda dago hori. Ni ez nago gizon santuekin oso ohituta, baina errespetua beti da gauza ona. Ez da errespeturik egun hauetan, ezta sahib komisario bat ikustera etortzen zaidanean ere.

        Baina zergatik joan behar du gerraren Izarra duenak gizon santu baten atzetik?

        — Baina hori santua bada —esan zuen serio-serio Kimek—. Benetan, hitzez eta egitez, santua da. Ez da besteak bezalakoa. Ez dut sekula horrelakorik ikusi. Ez gara etorkizun-iragarle, ez azti, ez eskale.

        — Zu ez zara. Hori ikusten dut. Baina ez dut bestea ezagutzen. Ibili ederki dabil ordea.

        Egunaren lehenengo freskotasunak lama urrats luze eta errazez ibilarazten zuen, gamelu baten moduan. Bere meditazioetan murgilduta zihoan, arrosarioren aleak oharkabean paseaz.

        Lautada gurutzatzen zuen zeharbide hondatu eta pitzatu bati jarraitu zioten, berde iluneko mango plantazioen artean, Himalayaren marra arina, bere gailur elurdunekin, sumatzen zelarik ekialderantz. India osoa lanean ari zen zelaietan, ur-gurpilen kirrinka, gizonen oihuak abereen atzean eta jendetzaren zarataren artean. Zaldiak ere sumatu zuen eragin baikor hura eta ia-ia arrapaladan hasi zen Kimek eskua hedeetan jarri zuenean.

        — Kezkatu egiten nau santutegirako rupiarik eman ez izanak —esan zuen lamak laurogeita bat aleetako azkena pasatzerakoan.

        Soldadu zaharrak marmar egin zuen ahopetik, eta orduantxe ohartu zen lama aurreneko aldiz hura ere hantxe zela.

        — Zu ere Ibaiaren bila al zabiltza? —galdetu zion, jiratuta.

        — Hasi berria da eguna —izan zen erantzuna—. Zertarako behar da Ibaia, ez bada abereak arratsa baino lehen bertara eramateko? Errepide Handirako bide labur bat erakustera etorri naiz zuekin.

        — Hori gogoan izateko kortesia da, borondate oneko zaren hori. Baina zergatik daramazu ezpata?

        Handia izatera jolasten harrapatu duten umea bezain lotsatuta zirudien soldadu zaharrak.

        — Ezpata —esan zuen, burdina ukituz—. Hori burutapen bat baino ez da izan, agure baten burutapena. Egia da polizien aginduen arabera ez duela inork ezpatarik erabili behar Indian, baina —pixka bat suspertu eta kirtena ukitu zuen—, ederki ezagutzen naute hemengo guardia guztiek.

        — Hori ez da burutapen ona —esan zuen lamak—. Zer ateratzen duzu gizonak hilez?

        — Gauza handirik ez, nik dakidanez; baina noizean behin ez balitzaie gizon gaiztoei lepoa moztuko, ez litzateke hau mundu ona izango armarik gabeko ameslarientzat. Ez naiz zertaz ari naizen jakin gabe hizketan ari, ikusi baitut Delhitik hasita Hegoalde osoa odoletan blai.

        — Zein erokeria zen hori bada?

        — Jainkoek bakarrik dakite hori, izurritea balitz bezala bidali zuten hura eta. Armada osoari gaineratu zitzaion erokeria, eta beren ofizialen kontra jarri ziren. Hori izan zen lehenengo gaitza, baina ez erremediorik gabea hartan gelditu balira. Sahiben emazteak eta haurrak hiltzea erabaki zuten ordea. Orduan itsasoaz bestaldeko sahibak etorri ziren eta egindakoaren kontu eskatu zieten.

        — Halako zurrumurru bat, uste dut, heldu zitzaidan behin, aspaldi. Urte Beltza deitzen zioten, gogoan dudanez.

        — Nolako bizimodua izan duzu zuk, Urtearen berri ez jakiteko? Zurrumurrua! Lur osoak izan zuen haren berri, eta dardara ikara egin zuen!

        — Gure lurrak behin bakarrik egin du dardara ikara: Aparta den Hark Argitasuna hartu zuen egunean.

        — Um! Nik Delhi behintzat ikusi nuen dardara egiten; eta Delhi da munduaren zilborra.

        — Beraz, emakume eta umeen kontra hasi ziren? Hori oso gauza gaiztoa da, eta horren zigorra saihestezina da.

        — Asko eta asko saiatu ziren horretan, baina lortu gabe ordea. Ni orduan zalditeri errejimendu batean nengoen. Desegin egin zen. Seiehun eta laurogei ezpatetatik, zenbatek uste duzu eutsi ziotela emandako hitzari? Hiruk. Eta haietatik neroni izan nintzen bat.

        — Handiagoa meritua.

        — Meritua? Ez zitzaigun egun haietan meritua iruditzen. Nire jendeak, adiskideak, anaiak, bakarrik utzi ninduen. Halaxe zioten: «Bete da ingelesen garaia. Orain topa dezala norberak bere jabegoa». Baina ni hitz eginda nengoen Sobraoneko gizonekin, Chilianwallah, Mudke eta Ferozeshahekoekin. Eta esan nien: «Itxoin pixka bat eta aldatuko du haizea. Ez da bedeinkaziorik lan honetan.» Egun haietan ehun kilometro egin nituen zaldiz ingeles memsahib bat eta bere umea nire zelan hartuta. (Hura bai, gizonarentzako zaldi egokia!). Leku seguruan utzi eta nire ofizialarengana itzuli nintzen; gure bost ofizialetatik hil ez zuten bakarrarengana. «Emadazu lana, esan nion, atzerritar bainaiz nire jendearen artean, eta lehengusuaren odolaz zikinduta baitaukat oraindik ezpata.» «Pozik egon, esan zidan, lan handia dugu aurrean. Eromen hau bukatzen denean, saria izango da.

        — A, saririk izaten al da bada eromena bukatutakoan? —esan zuen lamak marmarka, berekiko ia.

        — Ez zizkieten dominak zintzilikatzen egun haietan, ez, ustekabean kanoi bat tiratzen entzuten zuten guztiei. Ez, ez! Nik hirurogei bataila handitan hartu nuen parte; hirurogeita lau borroketan zaldi gainean; eta zenbaezinezko txikitan. Bederatzi zauri dauzkat; domina bat eta lau galoi, eta Orden baten domina, nire kapitainek, orain jeneral direnak, gogoan izan ninduten eta Indiako erreginak erregetzaren berrogeita hamar urteak bete zituenean, eta India osoa pozik zegoenean. Esan zuten: «Eman diezaiotela Britainiar Indiaren Ordenaren domina». Eta lepotik zintzilik daramat orain. Estatuaren eskuetatik jaghir bat (jabegoa) ere hartu nuen; oparia niretzat eta nire sendiarentzat. Garai hartako gizonak —komisarioak dira orain— zaldiz etortzen dira nigana zelaietan barrena, burua zut herri osoak ikus ditzan, eta borroka zaharrak gogoratzen ditugu, hildako baten izenak bestearena oroitarazten digularik.

        — Eta gero? —esan zuen lamak.

        — A, gero joan egiten dira, baina ez nire herriak dena ikusi baino lehen.

        — Eta azkenean zer egingo duzu?

        — Azkenean hil egingo naiz.

        — Eta gero?

        — Jainkoek esan dezatela. Ez ditut sekula errezoekin molestatu. Ez dut uste ni molestatuko nautenik. Begira, nire bizitza luzean konturatu naiz Goikoak etengabe molestatzen dituztenei, kexuka, istorio, oihu eta negarrekin, berehala deitzen dietela, gure koronelak gehiegi hitz egiten zuten soldadu zabar mingain luzeei berehala deitzen zien bezala. Ez, nik ez ditut sekula Jainkoak nekarazi. Hori gogoan izango dute, eta leku lasai bat emango didate itzaletan, lantza erabili, eta nire semeen zain egon ahal izango naizen lekua: hiru dauzkat, ez gutxiago, eta hirurak zalditeriako komandante.

        — Eta horiek ere zure antzera, Gurpilean lotuta, bizitzaz bizitza aurrera; etsipenez etsipen —esan zuen lamak ahots isilez—, urduri, deseroso, lehiatsu.

        — Bai —esan zuen erdi barrez soldadu zaharrak—. Hiru komandante hiru errejimenduetan. Jokalari xamarrak, baina halakoxea naiz ni ere. Abere onak behar dituzte gainera; eta orain ezin dira zaldiak hartu garai batean emakumeak hartzen ziren bezala. Baina nire jabegoak ordain lezake hori dena. Zer uste duzu? Ondo ureztatutako lur saila da, baina nire gizonek engainatu egiten naute. Ez dakit nola eskatu, lantza hartuta ez bada. Hau lana! haserretu egiten naiz eta madarikatu egiten ditut, eta beraiek damu itxurak egiten dituzte, baina gero atzetik agure zikin hortzik gabea deitzen didate.

        — Ez al duzu inoiz bestelako gauzarik desiratu?

        — Bai, bai, hamaika bider! Bizkar tentea, eta zaldia gogotik estutuko duen belauna; eskumutur bizkorra eta begi biziak; gizona gizon egiten duen adorea. A, egun haiek! Indartsua nintzeneko egunak!

        — Indar hori ahulezia da.

        — Hala gertatu da; baina duela berrogeita hamar urte besterik erakutsiko nukeen —erantzun zuen soldadu zaharrak, oin-burdinez zaldiaren saihets argala joaz.

        — Baina nik dena sendatzen duen Ibai bat ezagutzen dut.

        — Gangesetik urmintzeko zorian jarri arte edan dut nik tira. Lortu nuen gauza bakarra beherakoa izan zen, eta indarrik batere ez.

        — Ez da Ganges. Nik dakidan Ibaiak bekatuaren arrasto oro garbitzen du. Ibai horren urruneko ertzera igotzen denak ziurtatuta dauka Askatasuna. Ez dut zure bizitza ezagutzen, baina aurpegia gizon ohoretsu eta konplituarena daukazu. Zuk zure Bideari heldu diozu, leiala izan zinen leial izaten zaila zenean, orain beste istorioak gogorarazi dizkidan Urte Beltz hartan. Sar zaitez orain Erdiko Bidean, Askatasunerako Bidea da eta. Adi egon Aparta den Legearen hitzari, eta ez zaitez ametsen atzetik joan.

        — Hitz egin ezazu, bada, agure —irribarre egin zuen soldaduak, ia agur militarra eginez—. Adinarekin denok egiten gara berritsu.

        Lama mango zuhaitz baten itzalpean eseri zen, eta itzalak xake-taula moduko bat marraztu zion aurpegian; soldadua tente zegoen zaldi gainean eserita; eta Kim, sugerik ez zela ziurtatu ondoren, zuhaitzaren zain bihurrien gainean eseri zen.

        Eguzkiak gogotik jotzen zuen; bizitza txikien durundi geldoa entzuten zen, usoen urrupa, eta ur-gurpilen kirrinka patxadatsua zelaietan. Poliki-poliki eta dotore hasi zen hizketan lama. Hamar minutu pasatakoan soldadu zaharra bere zalditik jaitsi zen lamaren hitzak hobeto entzutearren, eta eseri egin zen hedeak eskumuturrean jarrita. Lamak totelka hitz egiten zuen batzuetan... Etenaldiak luzatzen ari ziren. Kim lanpetuta zebilen katagorri arre bati begira. Abere txiki iletsu eta errietalaria desagertu zenean, adarrari estu-estu helduta, lo seko zeuden hizlaria eta entzulea, soldadu zaharrak buru zaildua besoan egokituta, lama atzerantz zuhaitz enborrean etzanda, marfil horizko eskultura iduri. Ume txiki bat agertu zen balantzaka, begiratu, eta, bat-bateko begirunezko bulkada batez edo, lamaren aurrean obedientziaz makurtu zen dotore-dotore; baina mutikoa hain zen txikia eta lodia, non alde batera erori baitzen, eta Kim barrez hasi zen zango potolo zabaldu haiek ikustean. Umea, ikaraz eta haserre, oihuka hasi zen negarrez.

        — Bai! bai! —egin zuen oihu soldaduak, zutik jarrita—. Zer da? Zer agindu?... Baina... ume bat da eta! Alarma zela egin dut amets. Txiki, txikitxo, ez negarrik egin. Loak hartu al nau? Ez da hori oso konplitua izan, ez!

        — Ikaratuta nago! Ikaratuta nago! —egiten zuen haurrak garrasi.

        — Zerk ikaratzen zaitu? Bi agure eta mutil batek? Nola izango zara zu inoiz soldadu, printze txiki hori?

        Lama ere esna zegoen, baina, umearekin ondo konturatu gabe, arrosarioari heldu zion.

        — Zer da hori? —esan zuen umeak, negarra seko etenda—. Ez dut inoiz horrelakorik ikusi. Eman.

        — A —esan zuen lamak, irribarrez, eta arrosario erdia belarrean arrastaka ibiliz—:

 

                Txanpar lore eskukada da hau,

                ghi pusketa bat:

                artoa da, eta piperrak eta arroza,

                Biontzako afaria!

 

        Umeak garrasi egin zuen pozaren pozez, eta ale ilun, distiratsuak harrapatzen saiatu zen.

        — Hara! —esan zuen soldadu zaharrak—. Non ikasi duzu zuk abesti hori, mundua mesprezatzen duzun horrek?

        — Pathânkoten ikasi nuen, atari batean eserita —esan zuen lotsaz lamak—. Ona da umeekin atsegina izatea.

        — Gogoan dudanez, loak hartu baino lehen esan didazu ezkontzak eta haurrak izateak benetako argia iluntzen dutela, oztopo direla Bidean. Umeak zerutik erortzen al dira zure herrian? Bidea al da umeei kantak abestea?

        — Ez da perfektua den gizonik —esan zuen serio lamak, arrosarioa jasoz—. Zoaz orain amarengana, txikitxo hori.

        — Aditu honi! —esan nion soldaduak Kimi—. Lotsatuta dago ume bat poztu duelako. Oso etxekojaun ona zegoen zugan, eta galdu egin da. Tori, ume! —txanpon bat bota zion umeari—. Gozokiak gozoki dira beti —eta umearen irudia eguzkitan jauzika aldentzen zen artean—: Hazi eta gizon bihurtzen dira. Santu zaren hori, sentitzen dut zure hizketaldiaren erdian loak hartu izana. Barkaidazu.

        — Bi agure gara —esan zuen lamak—. Nik izan dut errua. Mundua eta munduaren eromenaz esaten zenuena entzun dut, eta akats batek bestera darama.

        — Aditu honi! Zer kalte egiten die bada Jainkoei ume batekin jolasean ibiltzeak? Eta kanta hori oso ondo kantatuta zegoen. Goazen orain eta Nikal Seynen Delhiren aurreko kantua abestuko dut, kantu zaharra.

        Eta mango basoaren itzala utzi zuten, agurearen ahots altu, zorrotza zelaian barrena, Nikal Seynen istorioa (Nicholson) intzirika kantatzen zuen artean, oraindik ere Punjabeko gizonek kantatzen duten kantua. Kim pozez zoratzen zegoen, eta lamak interes handiz entzuten zuen.

        — «Ai! Hil da Nikal Seyn, Delhiren aurrean hil da!Iparreko lantzak, mendekatu ezazue Nikal Seyn» —dardara egin zuen bukaeran, ezpataren mingainarekin zaldiaren saihetsa joaz txorrotxioa areagotuz.

        — Eta orain Errepide Handira heldu gara —esan zuen, Kimen konplituak jaso ondoren; lama isil-isilik zegoen—. Ez naiz aspalditik bide honetatik ibili, baina mutikoaren hitzek gogora ekarri didate. Ikusi, Santu zaren hori, India osoaren bizkarrezurra den errepidea. Itzaletan dago ia osorik, hemen bezala, lau zuhaitz ilarekin; erdiko bideak, gogorra baitu zorua, trafiko bizkorra hartzen du. Burdinbideak izan aurretik, ehunka ibiltzen ziren sahibak hemen gora eta behera. Orain baserritarren gurdiak eta antzekoak ikusten dira. Ezker eskuin kamino txarrenak daude orga astunenentzat, aleak, kotoia, egurra, pentsuak, karea eta larruak daramatenentzat. Arriskurik gabe joan liteke bat hemendik, tarteka-tarteka polizia-etxeak daude eta. Poliziak lapurrak eta koldarrak dira (zalditeriako soldaduak jarriko nituzke nik, soldadu gazteak kapitain gogor batekin), baina gutxienez ez dute konkurrentziarik onartzen. Era guztietako jendeak eta kasta guztiak mugitzen dira hemen. Begira! Brahamanak eta chumarak, bankari eta perzkinak, bizar mozle eta merkatariak, erromes eta eltzegileak; mundu osoa joan-etorrian. Niretzako ibai baten antzekoa da, eta ni kanpoan nago, uholdeen ondorengo zuhaitz enborra bezala.

 

 

 

© Rudyard Kipling

© itzulpenarena: Koro Navarro

 

 

"Rudyard Kipling / Kim" orrialde nagusia