2. ATALA

 

                Eta nahi duen orok, harrokeriaz libre,

                federik, apaizgorik baztertu gabe,

                Ekialde osoaren Arima senti lezake

                bere inguruan Kamamuran

                                Buda Kamamuran.

 

        Gaztelu baten antza zuen geltokian sartu ziren, bel-beltza gauaren amaieran; argiak txinpartaka ari ziren Iparreko ale salerosketaz arduratzen diren merkantzien kaian.

        — Deabruen gauza da hau! —esan zuen lamak, atzera eginez ilunpe huts oihartzun betea, harlanezko kaietako burdinbideen distira eta sabaiko habe nahastea ikusita. Zutik zegoen harrizko atari ikaragarri batean, itxuraz, beztituriko hilotzez estalia: gauean txartelak hartu eta itxaron-geletan lotan zeuden hirugarren klaseko pasaiariak ziren. Eguneko hogeita lau orduak berdinak dira Ekialdekoentzat, eta bidaiarien joan-etorria horren arabera antolatzen da.

        — Honaxe etortzen dira su-gurdiak. Gizon bat egoten da zulo horren atzean —txartel bulegoa seinalatu zuen Kimek—, eta berak emango dizu Umballara eramango zaituen papera.

        — Baina Benaresera goaz ordea —erantzun zuen lamak ernegatuta.

        — Berdin dio. Benares bada. Azkar, badator trena!

        — Hartu zuk poltsa.

        Lama, ez baitzegoen esan bezain ohituta trenekin, ikaratu egin zen Hegora zihoan hirurak eta hogeita bostetako trena orroka heldu zenean. Loakartuta zeudenak bat-batean zutitu ziren, eta geltokia zarata eta oihuz bete zen, ur eta gozo saltzaileen garrasiekin, bertako polizien oihuekin, eta beren saskiak, familiak, eta senarrak biltzen ari ziren emakumeen txilio zorrotzekin.

        — Trena da, te-rena besterik ez. Hona ez da etorriko. Itxoin! Txundituta lamaren sinplekeriarekin (rupiez beteriko poltsa bat luzatu zion Kimi), Umballarako txartel bat eskatu eta ordaindu zuen Kimek. Erdi lotan zegoen enplegatu batek txartel bat bota zion marmarka hurrengo geltokirako, handik hamar bat kilometrotara zegoena.

        — Ez —esan zion Kimek, ahoa okertuta txartela aztertuz—. Nekazariei sartuko diezu hau, baina ni Lahoren bizi naiz. Primeran egin duzu, babu. Orain emadazu Umballarako txartela.

        Babuak kopeta zimurtu eta txartel egokia eman zion.

        — Orain beste bat Amritzarrera —esan zion Kimek, ez baitzuen Mahbub Aliren dirua Umballarako bidaia ordaintzen bezain gauza arruntean xahutzeko asmorik—. Horrenbeste balio du. Bueltako dirua horrenbeste da. Badakit nolakoa izaten den te-rena-ren funtzionamendua... Sekula ez du yogi batek zuk bezalako chela baten beharra izan... —jarraitu zuen Kimek lama beldurtuari hitz egiten— Mian Mirren botako zintuzten trenetik nigatik izan ez balitz. Hemendik! Zatoz! —dirua itzuli zion, Umballako txartelaren prezioaren rupia bakoitzeko anna bat bakarrik hartuz, komisio gisa: Asiako betidaniko komisioa.

        Lama, ikaraz, hirugarren klaseko bagoi baten ate zabalduaren aurrean gelditu zen.

        — Ez al da hobeto oinez joatea? —galdetu zuen ahots mehez.

        Artisau sij sendo batek aurpegi bizartsua atera zuen.

        — Beldurtuta al dago? Ez beldurrik izan. Gogoan dut te-ren-ak ikaratzen ninduen garaia. Sartu barrura! Gauza hau Gobernuaren lana da.

        — Ez dut beldurrik —esan zuen lamak—. Ba al duzue hor barruan birentzako lekurik?

        — Euli batentzako ere ez da hemen lekurik —esan zuen garrasika nekazari aberats baten ematzeak, Jullundur distritu joriko jat hindua. Gure gaueko trenak ez dituzte egunekoak bezain ederki zaintzen; horietan ondo asko banatzen dira sexuak bagoi desberdinetan.

        — O, nire semearen ama zaren hori, egin dezakegu lekurik —esan zuen durbante urdinekiko senarrak—. Hartu umea besoetan. Gizon santua da, ez al duzu ikusten?

        — Eta nire magala hirurogeita hamar bider zazpi trastez beteta! Zergatik ez duzu nire belaunetan esertzera gonbidatzen, lotsagabe horrek? Baina horrelakoxeak dira ordea beti gizonak! —ingurura begiratu zuen, onespen zain. Buruko estalkiaren bestaldetik Amritzarreko limur dama batek, leiho ondoan eserita, mesprezu hots bat egin zuen.

        — Sartu, sartu! —egin zuen oihu diru-mailegari hindu lodi batek, beso azpian zuela kontu liburua, tolestuta eta oihal batean bilduta. Irribarre likitsu batez—: Ona da behartsuekin zintzoa izatea.

        — Bai, hileko ehuneko zazpiarekin eta garantiatzat jaio gabeko txahala emanda —esan zuen soldadu dogra gazte batek, opor baimenarekin hegorantz zihoana; eta barre egin zuten denek.

        — Benaresera joango al da trena? —galdetu zuen lamak.

        — Jakina bada. Zergatik gatoz bada bestela? Sartu, edo hemen geratuko gara gaur —esan zuen Kimek oihuka.

        — Ikusi! —esan zuen garrasi zorrotz bat eginez Amritzarreko neskak—. Ez da inoiz trenean sartu. Begira, begira!

        — Isilik egon eta lagundu —esan zuen nekazariak, esku luze belztu bat atera eta barrurantz sartuz lama—. Horrelaxe, aita.

        — Baina, baina... ni lurrean esertzen naiz. Arauaren kontrakoa da bankutan esertzea —esan zuen lamak—. Gainera, karranpak ematen dizkit.

        — Bai bada —esan zuen diru-mailegariak, ezpainak estutuz—, ez dago te-ren-ak zuzen bizitzeko arau bat bera ere hauts erazten ez digunik. Elkarren ondoan esertzen gara, esate baterako, era guztietako kasta eta jende klaseak.

        — Bai, eta baita lotsagabe amorratuak ere —esan zuen emazteak, Amritzarreko neskari begira, keinuka ari baitzitzaion hura soldadu gazteari.

        — Bada nire ustez joan gintezkeen errepidetik, gurdia hartuta —esan zuen senarrak—, eta diru pixka bat aurreratu horrela.

        — Bai... eta aurreratutakoaren doblea gastatu bidean janaritan. Horretaz hamaika bider gaude hitz eginda.

        — Bai, eta hamaika mingainekin —bota zuen gizonak.

        — Jainkoak lagun gaitzala, emakume gaixook, hitz egin ere ezin badugu. Hara! Emakumeei begiratu edo erantzun ezin diotenetakoa da hori eta —izan ere lamak, bere Arauaren debekuz, ez zion batere jaramonik egiten—. Eta dizipulua ere bera bezalakoa al du?

        — Ez, ama —esan zuen segituan Kimek—. Ez emakumea ederra denean, eta batez ere gosetuekin errukiorra.

        — Hori bai, eskale baten erantzuna —esan zuen sij-ak, barrez—. Ederra egin duzu gero! —Kimek elkartuta zeuzkan eskuak, erreguka.

        — Eta zu nora zoaz? —esan nion andreak, poltsa koipetsu batetik aterata gozoki bat luzatzen zion artean.

        — Benaresera goaz.

        — Esku-jokalariak al zarete? —galdetu zuen soldadu gazteak—. Ez al daukazue trikimailuren bat denbora pasa joateko? Zergatik ez du gizon horrek erantzuten?

        — Bada —esan zuen erabakior Kimek—, santua delako, eta zuri ezkutatzen zaizkizun gauzez pentsatzen ari delako.

        — Baliteke halaxe izatea. Guk, Ludhianako sij-ok —esan zuen hitzak azpimarratuz—, ez dugu geure burua dotrinarekin kezkatzen. Guk borroka egiten dugu.

        — Nire arrebaren anaiaren semea naik-a da (kaboa) errejimendu horretan —esan zuen artisau sij-ak poliki hitz eginez—. Konpainia dogra batzuk ere badauzkate han.

        Soldadua begira-begira geratu zitzaion, kasta desberdinak baitira dogra eta sij, eta bankariak barre egin zuen ahopetik.

        — Berdinak dira denak niretzako —esan zuen Amritzarreko neskak.

        — Hori bai, hori sinesten dugu —esan zuen petralkeriaz nekazariaren emazteak.

        — Ez, baina armak eskuetan dituztela Gobernuari zerbitzatzen dioten guztiek, anaiak dira nolabait esateagatik. Kastako anaia izatea badago, baina horretaz gain ere —ingurura begiratu zuen neskak, lotsati—, Pulton, errejimenduaren lotura alegia, badago.

        — Nik errejimendu jat batean daukat anaia —esan zuen nekazariak—. Jatorra da dogra jendea.

        — Zure sij-ek behintzat iritzi hori zeukaten —esan zuen soldaduak, bazterreko gizon lasaiaren aldera mesprezuzko begiratu bat eginez—. Zure sij-ek halaxe pentsatzen zuten gure bi konpainiek laguntzera joan zitzaizkienean Pirzai Kotalera, zortzi bandera afridi-en aurrean, oraindik hiru hilabete ere ez direla.

        Mugako borrokaldi baten istorioa kontatu zuen; Ludhianako sij-ez osaturiko konpainiek primeran jokatu omen zuten. Amritzarreko neskak irribarre egin zuen, bai baitzekien istorio hura bere onespena lortzeko kontatzen zuela.

        — Hara bada! —esan zuen nekazariaren emaztean bukatutakoan—. Beraz, herriak erre egin zizkieten eta haur txikiak etxerik gabe utzi?

        — Gure hildakoak txiki-txiki eginda utzi zituzten beraiek. Prezio ederra ordaindu zuten guk erakutsitakoaren truke. Horixe gertatu zen. Hau al da Amritzar?

        — Bai, eta hementxe eskatuko dizkigute txartelak —esan zuen bankariak, gerrikoan bila hasiz.

        Kriseilua, egunsentiarekin, argitasuna galtzen ari ziren odol nahasiko zaindaria heldu zenean. Txartelak jasotzea lan mantsoa da Ekialdean, era guztietako leku bitxietan ezkutatzen baititu jendeak. Kimek berea atera zuen, eta trenetik jaisteko agindu zion gizonak.

        — Baina Umballara noa ordea —protesta egin zuen—. Gizon santu honekin noa.

        — Infernura ere joan zintezke nigatik. Txartel hau Amritzarreraino besterik ez da. Alde!

        Kim negar eta negar hasi zen, lama aita eta ama zuela esanez, bera zela lamaren zahartzaroaren makila, eta lama hil egingo zela berak zaintzen ez bazuen. Bagoi osoak erregutu zion zaindariari izan zedila errukiorra —bankaria batez ere izan zen etorri handikoa—, baina zaindariak hala ere kaira bidali zuen Kim. Lamak begiak keinatu zituen, ezin baitzuen egoera ulertu, eta Kim, ahotsa goratuz, negarrez hasi zen bagoiaren leiho ondoan.

        — Oso pobrea naiz. Ama hil egin zitzaidan... aita hil egin zitzaidan. O, errukior zareten horiek, ni hemen uzten banaute, nork lagunduko dio agure honi?

        — Zer... Zer gertatzen da? —galdetu zuen berriz lamak—. Benaresera joan behar du. Nirekin etorri behar du. Mutila nire chela da. Dirurik eman behar bada...

        — O, ixo —xuxurlatu zuen Kimek—; raja al gara bada zilarra xahutzen ibiltzeko, mundua horren errukiorra denean?

        Amritzarreko neska jaitsi zen trenetik bere gauzekin, eta harexengan finkatu zituen Kimek bere begi erneak. Bazekien bera bezalako damak eskuzabalak izan ohi direla.

        — Txartel bat, tikkut txiki bat Umballarako... Zu, bihotzak urratzen dituzun horrek —neskak barre egin zuen—, ez al duzu karitaterik?

        — Iparretik al dator gizon santua?

        — Iparretik, urruti-urrutitik dator —esan zuen Kimek negarrez—. Mendi artetik dator.

        — Elurra da pinuen artean Iparrean; elurra da mendietan. Ama Kulukoa nuen. Har ezazu martel bat. Eskaiozu bedeinkapena.

        — Hamar mila bedeinkapen —egin zuen oihu Kimek—. O, santu hori, emakume batek karitatea egin digu zurekin joan nadin... urrezko bihotza duen emakume batek. Tikkut-aren bila joango naiz.

        Neskak lamari begiratu zion, agurea oharkabean Kimen atzetik joan baitzen. Burua makurtu zuen neska ez ikustearren, eta zerbait murmurikatu zuen tibeteraz neska jendetzarekin nahasten zen artean.

        — Arin etorri eta arin joan —esan zuen maltzurkeriaz nekazariaren emazteak.

        — Merituak lortu ditu —erantzun zion lamak—. Dudarik gabe, moja zen hori.

        — Amritzarren bakarrik izango dira bai horrelako hamar mila moja. Sartu berriro, gizona, bestela te-ren-a zu gabe joango da eta.

        — Txartel batentzako adina bazen, eta baita jateko pixka bat erosteko ere —esan zuen Kimek, jauzi batez bere lekura itzuliz—. Jan ezazu orain, santu horrek. Begira, badator eguna!

        Goizaldeko lainoak, urrea, arrosa eta azafraia, desagertzen ari ziren zelai berdeen gainean. Punjab osoa bere aberastasunean ageri zen eguzki ederraren distirapean. Lama kuzkurtu egin zen telegrafoen makilak tren ondotik igarotzen ikusita.

        — Handia da te-rena-ren abiadura —esan zuen bankariak, goitikako irribarrez—. Urrutiago joan gara trenez Lahoretik zu bi egunetan oinez baino; iluntzean, Umballan sartuko gara.

        — Eta Benaresetik urruti dago hori oraindik ere —esan zuen ahots mehez lamak, otoiz eginez marmarka Kimek eskaintzen zizkion gozoen gainean. Beren fardelak askatu zituzten denek eta goizeko jatorduari ekin zioten. Gero bankariak, nekazariak eta soldaduak pipak piztu zituzten, eta ke itogarri eta mingotsean bildu zuten bagoia, listua botaka, eztulka, eta gustura. Sij-ak eta nekazariaren emazteak pan-a mastekatzen zuten; lamak rapea hartu eta arrosario aleak pasatzen zituen, eta Kimek, zangoak gurutzatuta, irribarre egiten zuen sabel betearen erosotasunaz.

        — Zein ibai daukazue Benaresen? —galdetu zien bat-batean lamak bagoiko guztiei.

        — Ganges ibaia daukagu —erantzun zuen bankariak, barre txikiak bukatu zirenean.

        — Eta zein beste?

        — Ganges ibaiaz beste?

        — Egia esan, sendatzeko gaitasuna duen ibai batez ari nintzen.

        — Ganges duzu hori. Han bainatzen dena garbitu egiten da, eta Jainkoengana joaten. Hiru bider egin dut nik erromesaldia Ganges ibaira —ingurura begiratu zuen harro-harro.

        — Bazen beharrik —esan zuen soldadu gazteak lehor, eta orduan bidaiariek bankariaren lepotik egin zuten barre.

        — Garbitu, bai —murmurikatu zuen lamak—, Jainkoengana berriz itzultzeko. Eta aurrera egiteko bizitzen jarraipenean, oraindik ere Gurpilean lotuta —buruari eragin zion, ernegatuta—. Baina baliteke okerren bat izatea. Nork egin zuen orduan Ganges ibaia hasieran?

        — Jainkoek. Zein erlijiotakoa zara zu? —galdetu zuen bankariak, harrituta.

        — Legearen jarraitzaile naiz. Lege Apartarena. Beraz, Jainkoek egin zuten Ganges ibaia. Zein eratako Jainkoak ziren?

        Harriturik begiratu zion bagoiak. Sinestezina zitzaien norbaitek Gangesen berri ez izatea.

        — Zein... zein da zure Jainkoa? —esan zuen azkenean diru-mailegariak.

        — Entzun! —esan zuen lamak, arrosarioa eskuz aldatuz—. Entzun! Berataz ari naiz eta orain hizketan! O, Indiako herri horrek, entzun ezazu!

        Urdueraz hasi zen Buda jaunaren istorioa kontatzen, baina, gogoetek bultzatuta, tibeterara jo zuen eta baita Budaren bizitzari buruzko liburu txinatar bateko zenbait testutara ere. Jende atsegin, eramankor hark erreberentziaz begiratzen zion. Gizon santuez dago beteta India osoa, hizkuntza ezezagunetan beren berri onak hitz totelka esaka, beren suaren garretan ezeztuta eta ikaraz dardarka; ameslariak, berritsuak eta aztibegiak: halaxe izan da hasiera-hasieratik eta halaxe izango bukaera arte.

        — Um! —esan zuen Ludhianako sij-etako soldaduak—. Pirzai Kotalen errejimendu mahomatar bat zegoen gure aldamenean eta haien apaizak, naik-a zen gogoan dudanez, iragarpenak egiten zituen eroaldiak ematen zionean. Baina Jainkoaren eskuetan daude ero guztiak. Gizon hari ofizialek gauza askotan egiten zioten ez ikusia.

        Lama urdueraz hasi zen berriz hizketan, atzerrian zegoela gogoratuta.

        — Entzun ezazue gure Jaunak arkutik askatu zuen Geziaren istorioa —esan zuen.

        Hura askoz gustukoagoa zuten, eta adi-adi egon ziren kontatzen zuen artean.

        — Eta orain, Indiako jende hori, Ibai horren bila noa. Ezagutzen al duzue lagungarri gerta lekidakeen ezer? Izan ere, gaiztoa baita gizon-emakume guztiona den mundu hau.

        — Ganges da, Ganges bakar-bakarrik, bekatua garbitzen duena —murmurikatu zuten denek bagoian.

        — Baina Jullundur aldean ere baditugu Jainko onak —esan zuen nekazariaren emazteak—. Begira nola bedeinkatu duten uzta.

        — Punjabeko ibai guztiak bilatzea ez da bada nolanahiko lana —esan zuen senarrak—. Nik nahikoa dut lokatz ona uzten duen erreka, eta eskerrak ematen dizkiot Bhumiari, etxeko jainkoari —besaburu korapilatsu, zaildu bat altxatu zuen.

        — Gure Jauna Ipar aldera horren urrutira heldu zela uste al duzu? —esan zuen lamak, Kimengana jiratuz.

        — Baliteke —erantzun zion Kimek lasaitu nahian, pan-aren zuku gorria lurrera boteaz.

        — Handien arteko azkena —esan zuen sij-ak aginpidez—, Sikander Julkarn izan zen (Alexander Handia). Jullundurreko kaleak harriztatu zituen, eta urtegi handi bat eraiki Umballatik gertu. Kale haiek irauten dute oraindik; eta urtegia ere hantxe dago. Ez dut sekula zure Jainkoaren berri izan.

        — Ilea utzi luze eta punjabieraz mintza —esan zion soldadu gazteak txantxetan Kimi, Iparreko esaera zahar bat errepikatuz—, ez da besterik behar sij bihurtzeko —baina hori ez zuen oso ozen esan.

        Lamak hasperen egin zuen eta bere baitan kuzkurtu zen, kolorerik gabeko masa tankeragabea. Hizketaldiaren isiluneetan lamaren otoitzak entzuten ziren, behe-behetik esanak, «Om mane pudme hum! Om mane pudme hum!», eta egurrezko arrosario aleen soinu gotorra.

        — Ernegatu egiten nau —esan zuen azkenean—. Abiadurak eta zarata honek ernegatu egiten naute. Gainera, chela, agian pasa egin dugu Ibai hori.

        — Lasai, lasai —esan zion Kimek—. Ez al zegoen bada Ibaia Benaresetik hurbil? Oraindik urruti gaude handik.

        — Baina... Gure Jauna Iparrera etorri bazen, gurutzatu ditugun erreka txiki horietako bat izan zitekeen.

        — Ez dakit.

        — Baina zu nigana bidali zaituzte, ez al da hala? Harantzago, SuchZenen lortu nituen merituengatik. Kanoiaren ondoan agertu zinen, bi aurpegi eta bi jazkerekin.

        — Lasai. Ez gara hemen mintzatu behar gauza horietaz —xuxurlatu zion Kimek—. Ni besterik ez zen han. Pentsatu ondo eta gogoratuko zara. Mutil bat, mutil hindu bat, kanoi handi berdearen ondoan.

        — Baina gizon ingeles bat ere ez al zen bada han, bizar zuriarekin, santua irudien artean, Geziaren Ibaiaren istorioa ziurtatu egin zidana?

        — Hau... hau... Lahoreko Ajaib-Gherrera joan zen bertako Jainkoen aurrean otoitz egitera —azaldu zuen Kimek adi-adi zegoen entzulegoari—. Eta Etxe Miragarriko sahibak berarekin hizketan jardun zuen, bai, egia da hori, anaia balu bezala. Oso gizon santua da, Mendien atzetik baino urrutiagotik etorria. Egon lasai. Helduko gara behar denean Umballara.

        — Baina nire Ibaia? Garbituko nauen Ibaia?

        — Hara heldutakoan, oinez joango gara Ibai horren bila. Horrela ez dugu ezertxo ere galduko, ezta zelai baten ertzeko errekastoa ere.

        — Baina zuk ere baduzu zeure Bilakuntza, ezta? —lama, oso pozik horren ondo gogoratu zuelako, tente-tente jarri zen.

        — Bai —esan zuen Kimek, bestea alaitzearren. Pozez gainezka zegoen mutila, pan-a mastekatzen eta mundu handi eta borondatetsu hartan jende berria ikusten.

        — Zezen bat zen... Etorri eta lagunduko dizun Zezen Gorri bat, eta eraman... nora? Ahaztuta daukat. Zezen Gorri bat zelai berde batean, ez al da hala?

        — Ez, ez nau inora eramango —esan zuen Kimek—. Kontatu nizun istorio bat besterik ez zen hura.

        — Zer da hori? —nekazariaren emaztea aurrerantz makurtu zen, pultserak tintilika besoan—. Biok izaten al dituzue ametsak? Zezen Gorri bat Zelai Berde batean, zerura eramango zaituena? Ikuspena al zen? Norbaitek iragarri al zizun? Guk Zezen Gorri bat daukagu Jullundurren ondoko herri batean, eta gogoak ematen dionean egoten da larrean gure zelai berdeenetan.

        — Emaiozu emakume bati atso baten istorioa, eta ehule-txori bati hostoa eta haria, eta gauza zoragarriak ehunduko dituzte biek —esan zuen sij-ak—. Santu guztiek izaten dituzte ametsak, eta beren dizipuluek ahalmen horixe lortzen dute haien irakaspenei jarraituz.

        — Zezen Gorri bat zelai berde batean, hori al zen? —esan zuen berriz lamak—. Merituak egingo zenituen beharbada aurreko bizitzaren batean, eta orain Zezena sana ematera etorriko zaizu.

        — Ez, ez. Norbaitek kontatu didan istorioa besterik ez da... ziria sartzeko beharbada. Baina Zezenaren bila ibiliko naiz Umballa inguruan, eta bitartean zuk zeure Ibaia bila dezakezu eta trenaren zarataz atseden hartu.

        — Baliteke Zezenak jakitea... Gu bioi laguntzera bidalia izatea —esan zuen lamak, haur bat bezain itxaropentsu. Orduan esan zien besteei, Kim seinalatuz—: Atzo bertan bidali zidaten. Nire ustez, ez da mundu honetakoa.

        — Eskaleak ugari topatu izan ditut, eta gizon santuak nahi adina, baina sekula ez horrelako yogirik, ezta horrelako dizipulurik ere —esan zuen emakumeak.

        Senarrak behatz batez ukitu zuen kopeta irribarrez. Baina lamak hurrena jatean, ahaleginduko ziren zeukaten onena ematen.

        Eta azkenean, nekatuta, erdi lotan eta hautsez estalita, heldu ziren Umballako geltokira.

        — Gu hemen geratzen gara, lege auzi bat daukagu eta —esan zion nekazariaren emazteak Kimi—. Senarraren lehengusuaren anaia gazteenaren etxean egongo gara. Yogiarentzat eta zuretzat ere bada lekurik patioan. Zera... emango al dit bere bedeinkapena?

        — Entzun, maisu! Urrezko bihotza duen emakume batek lekua emango digu gauerako. Atsegina da bai, hegoaldeko lurraldea. Begira egunsentiaz geroztik nola lagundu diguten hegoaldekoek!

        Lamak burua makurtu zuen, bedeinkapena emanez.

        — Nire lehengusuaren anaia gazteenaren etxea arlotez betetzea ere... —hasi zen senarra, banbuzko makila astuna lepoan hartzearekin batera.

        — Zure lehengusuaren anaia gazteenak oraindik ere zor dio zerbait nire aitaren lehengusuari bere alabaren eztei-festarengatik —moztu zion emakumeak ernegatuta—. Jar dezala hauen janaria kontu horretan. Baina yogia eskean arituko da noski.

        — Bai, ni aritzen natzaio eskean —esan zuen Kimek, lama gauerako aterpean edukitzeko irrikitzen baitzegoen, horrela Mahbub Aliren gizon ingelesaren bila joango baitzen bera, eta zaldiaren pedigriaz libratu.

        — Orain —esan zuen, lama leku seguruan zegoenean, itxurazko etxe hindu baten barneko patioan, kuartelen atzealdean—, kanpora joango naiz pixka batean, zera... jateko zerbati erostera azokan. Ez mugitu ni itzuli arte.

        — Itzuliko al zara? Benetan itzuliko zara? —agureak eskumuturretik heldu zuen Kim—. Eta itxura berean itzuliko al zara? Beranduegi al da Ibaiaren bila gaur gauean bertan hasteko?

        — Beranduegi da eta ilunegi dago. Lasai egon. Pentsa ezazu zeinen urruti heldu zaren, dagoeneko Lahoretik ehun eta berrogeita hamar kilometro.

        — Bai... Eta are urrutiago nire monasteriotik. Hara! Mundu handia eta ikaragarria da hau.

        Kim desagertu egin zen; ez du inoiz bere patua eta beste ehunka batzuena lepotik zintzilik eraman horren gutxi nabarmentzen den batek. Mahbub Aliren azalpenek ez zioten zalantza handirik utzi gizon ingelesa bizi zen etxeaz; eta morroi batek, bi gurpiletako gurdi batekin zetorrela Ciubetik, ziurtatu zion helbidea. Bere gizona zein ote zen asmatzea baino ez zitzaion geratzen, eta Kim lorategiko eskaitik sartu eta azeri buztan batzuen atzean ezkutatu zen, ataritik berta-bertan. Etxea distiratsua zegoen argiekin, eta zerbitzariak lore, kristal eta zilarrez hornituriko mahaien inguruan zebiltzan. Halako batean gizon ingeles bat agertu zen, zuri-beltzez jantzita, ahopetik kantari. Ilunegi zegoen gizonaren aurpegia ikusi ahal izateko, eta hala, Kimek, eskaleen antzera, trikimailu zahar batera jo zuen.

        — Behartsuen Babesle!

        Gizona ahotsaren aldera jiratu zen.

        — Mahbub Alik dio...

        — Hara! Zer dio Mahbub Alik? —gizona ez zen hizlariari begiratzen saiatu, eta horrek adierazi zion Kimi bazekiela zertara zetorren bera.

        — Hazitarako zaldi zuriaren pedigria erabat osatuta dago.

        — Zer froga daukazu? —ingelesa bide ondoko arrosen aldera abiatu zen.

        — Mahbub Alik froga hau eman dit.

        Kimek paper pusketa tolestua haizetan erortzen utzi zuen, eta gizonaren ondoko bidexkan erori zen papera; oinaz eutsi zion, lorezain bat baitzetorren etxearen bestaldetik. Zerbitzaria igaro zenean hartu egin zuen gizonak, rupia bat erortzen utzi —soinua entzun zuen Kimek-eta etxera sartu zen, atzera jiratu gabe. Kimek dirua jaso zuen bizkor; baina, halakoetan esperientzia handia izanda ere, irlandarra zen jatorriz, eta azkena iruditzen zitzaion dirua edozein jokotan. Berak maite zuena ekintzaren ondorio praktikoa zen; beraz, handik desagertu ordez, belarretan etzan eta arrastaka joan zen etxe ondoraino.

        Ikusi zuen —zabal-zabalik egon ohi dira indiar bungalow-ak—, gela txiki batera itzultzen zela ingelesa, atariaren bazter batean, bulegoa edo zena, paperez eta mezuak bidaltzeko karterez josita, eta eseri egiten zela Mahbub Aliren mezua aztertzera. Aurpegia, kerosenozko kriseilu baten argi betean, itxuraldatu eta ilundu egin zitzaion, eta Kimek, eskale orok behar duen bezala aurpegierei erreparatzen ohituta, ederki asko hartu zuen hura kontutan.

        — Will! Will, maitea! —deitu zuen emakumezko ahots batek—.

        Egongelan beharko zenuke izan. Segituan izango dira hemen.

        Gizona oraindik ere irakurri eta irakurri ari zen.

        — Will! —esan zuen ahotsak, bost minutu geroago—. Etorri da. Soldaduen zaldiak entzuten ditut bidean.

        Gizona habailetan atera zen, landau handi bat, zalditeriako lau soldadu indiarrek inguratuta, atariaren ondoan gelditzen zen unean bertan; gizon handi bat atera zen bertatik, ile beltzekikoa, gezi bat bezain tente, barrez ari zen soldadu gazte bat zuela aurrean.

        Kim etzanda zegoen, lurrera itsatsita, gurpil handiak ukitzeko zorian. Bere gizonak eta ile beltzekiko ezezagunak bi esaldi trukatu zituzten.

        — Jakina jauna —esan zuen prestu ofizial gazteak—. Gauza guztiek itxaron lezakete tartean zaldia denean.

        — Hogei minutu baino gehiago ez gara egongo —esan zuen Kimen gizonak—. Egin zuk ohoreak... Entrenitu itzazu.

        — Esan soldaduetako bati itxoin dezala —esan zuen gizon handiak, eta elkarrekin sartu ziren biak bulegora landauak alde egiten zuen artean. Kimek Mahbub Aliren mezuaren gainean makurtzen ikusi zituen bi buruak; bien ahotsak entzuten zituen, bata isila eta apala, zorrotza eta erabakiorra bestea.

        — Ez da aste kontua. Egun kontua da, orduak ia —esan zuen zaharrenak—. Denbora luzea neraman honen zain, baina honek —Mahbub Aliren papera jo zuen—, ziurtatu egiten du. Hemen afaltzekoa da gaur Grogan, ezta?

        — Bai jauna, eta baita Macklin ere.

        — Oso ondo. Neronek hitz egingo dut beraiekin. Batzordera eramango dugu arazoa, jakina, baina kasu honetan behintzat justifikaturik dago berehala ekitea. Abisua eman Rawalpindi eta Peshawurreko brigadei. Udako baimen guztiak hondatuko ditu honek, baina ezin da besterik egin. Lehenengo aldian erabat zanpatu ez genituelako gertatu zaigu. Zortzi mila nahikoak behar lukete izan.

        — Eta artilleria, jauna?

        — Macklini galdetu behar diot.

        — Orduan, gerra esan nahi du honek?

        — Ez. Zigorra. Gizon bat aurrekoaren ekintzak lotuta daukanean...

        — Baina baliteke C25-ek gezurra esan izana.

        — Bestearen informazio baieztatzen du. Egia esatera, duela sei hilabete erakutsi zuten zer zeukaten esku artean. Devenishek ordea bakerako aukerarik bazela erabaki zuen. Hori, jakina, indarrak inguratzeko erabili zuten. Bidali telegrama horiek berehala, kode berria, ez zaharra, nirea eta Whartonena. Ez dut uste damak luzaroago itxaroten eduki beharra daukagunik. Gainontzekoa zigarroak erretzerakoan antola genezake. Iruditzen zitzaidan, bai, horrelakoren bat gertatuko zela. Zigorra da... ez gerra.

        Soldaduak zaldia hartuta galapan alde egin zuenean, etxearen atzealdera joan zen Kim arrastaka; han, Lahoreko esperientziak kontutan izanik, jatekoa izango zela pentsatzen zuen... eta informazioa. Sukaldea bete-bete eginda zegoen morroi urduriz, eta batek ostiko bat eman zion Kimi.

        — Ai! —egin zuen oihu Kimek, negar itxurak eginez—. Platerak garbitzera besterik ez naiz etorri, sabel betearen truke.

        — Unballa osoak ideia berbera izan du. Alde hemendik. Orain zopa ari dira hartzen. Zer uste duzu, Creightonen zerbitzari garenok kanpoko morroiak behar ditugula afari handi batean laguntzeko?

        — Oso afari handia da —esan zuen Kimek, platerei begira.

        — Horixe bai asmatzea! Ohorezko gonbidatua Jang-i-Lat sahiba da (gudalburua).

        — A! —esan zuen Kimek, harridurazko ñabardura egokia erantsiz. Bazekien jakin nahi zuena, eta joana zen morroia jiratu zenean.

        — Horrelako iskanbila —esan zuen berekiko, ohi bezala hindustanieraz pentsatuz—, zaldi baten pedigriarengatik! Niregana behar zuen Mahbub Alik etorri gezurrak hobexeago esaten ikastera. Orain arte eraman ditudan mezu guztiak emakumeekin zuten zerikusia. Oraingoan gizonak dira. Hobeto. Gizon handiak esan du armada handi bat bidali behar dutela norabait norbait zigortzera; albistea Rawalpindi eta Peshawurrera doa. Kanoiak ere badira tartean. Lastima, gehiago hurbildu ez izana. Albiste handiak dira!

        Itzuli eta eztabaidan topatu zuen nekazariaren lehengusuaren anaia gazteena familiako auziaz eta auziaren ondorio guztiez, nekazaria, emaztea eta lagun batzuekin, lama erdi lotan zegoen artean. Afariaren ondoren nargile bat pasa zion norbaitek; eta Kim benetako gizona sentitu zen kokozko azal labainetik hartu zuenean kea, zangoak zabal-zabal jarrita ilargiaren argitan, eta oharren bat eginez tarteka-tarteka. Ostalariak konplituak ziren oso; izan ere, esana zuen nekazariaren emazteak Zezen Gorriaren istorioa, eta beste munduren batetik etorria izango zela Kim segur aski. Gainera, lama bitxikeria handia eta errespetagarria zen. Familiako apaiza, sarsut brahman zahar ulerkorra azaldu zen geroago, eta eztabaida teologiko bati ekin zion, lagunak txundituta uztearren noski. Erlijioan, jakina, beren apaizaren aldekoak ziren denak, baina lama zen gonbidatua eta nobedadea. Haren konplimendu atsegin eta aipamen txinatar harrigarriek, aztikeria ziruditela, pozez zoratzen zeuzkaten; eta bere era sotil eta atseginean, Budaren lotoa bezalaxe loratu zen lama, Such-zeneko mendi handietan egiten zuen bizimoduaz hizketan, berak zioen bezala, «Argitasunaren bila abiatzeko altxatu» baino lehen.

        Gero jakin zen bere garai mundutarrean maisua izana zela horoskopoak asmatzen eta jaioberriez iragarpenak egiten; eta familiako apaizak horretarako metodoak azal erazi zizkion, besteek ulertu ezin zituzten planeten izenak aipatuz biak, eta gorantz seinalatuz izar handiek iluna gurutzatzen zuten artean. Etxeko umeek arrosarioari tiraka jardun zuten, errietarik hartu gabe; eta lamari ahaztu egin zitzaion emakumeei begiratzea debekatzen duen Araua, pairatu beharreko elurteez hitz egiten zuen artean, lur-jauzi eta etendako pasabideez, zafiroak eta turkesak aurkitzen diren urruneko mendiez, eta azkenean Txina Handira daraman mendi gaineko bide zoragarriaz.

        — Zer deritzozu zuk gizon honi? —galdetu zion nekazariak apaizari, bazterrera eramanda.

        — Gizon santua da... gizon santua benetan. Bere Jainkoak ez dira Jainko noski, baina Bidean dauzka oinak —izan zen erantzuna—. Eta horoskopoetarako dituen metodoak, zuk ulertu ezin badituzu ere, egokiak eta ziurrak dira.

        — Esadazu —esan zion Kimek nagikeriaz—, aurkituko ote dudan nik Zezen Gorria, agindu didaten bezala.

        — Ba al dakizu zer ordutan jaio zinen? —galdetu zion apaizak, harro-harro bere garrantziaz.

        — Maiatzeko lehenengo gauaren bi lehenengo kukurrukuen artean.

        — Zein urtetan?

        — Ez dakit; baina nik lehenengoz negar egin nuen ordu berean izan omen zen Kashmirreko Srinagarreko lurrikara handia.

        Zaintzen zuen emakumeak esanda zekien hura, eta emakumeak berriz Kimball O'Harak esanda. Lurrikara Indian sentitu zuten, eta denbora luzez erreferentzia eguna izan zen Punjaben.

        — Hara! —esan zuen emakume batek urduri. Gertaera hark Kimen natura-gaineko jatorria are ziurragoa egiten zuela zirudien—. Ez al zen bada jaio halako baten alaba orduan...?

        — Eta haren amak lau seme segidan eman zizkion lau urtetan senarrari, denak mutilak —egin zuen oihu nekazariaren emazteak, argitatik kanpo eserita, itzaletan.

        — Ezagueran hezitako inork —esan zuen familiako apaizak—, ez du ahazten nola zeuden planetak beren Etxeetan delako gau hartan —patioko hautsean marrazten hasi zen—. Zuk behintzat Zezenaren Etxearen erdia eskatzeko eskubidea badaukazu. Zer dio iragarpenak?

        — Egun batean —esan zuen Kimek, pozez zoratzen sortzen zuen jakin-minarekin—, handia egingo naiz zelai berde batean datorren Zezen Gorri baten bitartez, baina lehenbizi bi gizon agertuko dira dena prestatzera.

        — Bai: halakoxea izaten da beti ikuspen baten hasiera. Iluntasun handia, pixkanaka-pixkanaka argitzen dena; gero erratz batekin sartzen da bat lekua prestatzera. Eta orduan ikuspena hasten da. Bi gizon... hori esan al duzu? Bai, bai. Eguzkia, Zezenaren Etxea utzita, Bizkienean sartzen da. Hortik datoz iragarpeneko bi gizonak. Egin ditzagun orain gogoeta batzuk. Emadazu adar bat, umetxo.

        Brahamanak bekainak zimurtu zituen, zerbait marraztu zuen hautsetan, ezabatu, eta berriz marraztu zituen zeinu misteriotsuak, lamaz beste guztiak txundituta utzirik, hark, sen handiz, ez baitzuen ezertan sartu nahi izan.

        Ordu erdi geroago, harrika bota zuen adarra, marmarka.

        — Um. Halaxe diote izarrek. Hiru egun barru etorriko dira bi gizonak gauza guztiak prestatzera. Horien atzetik Zezena dator; baina kontrajarrita daukan zeinua Gerra eta gizon armatuena da.

        — Soldadu bat zegoen, bai, Ludhiana sij-etakoa Lahoreko bagoian —esan zuen itxaropentsu nekazariaren emazteak.

        — Ez, ez. Gizon armatuak, ehunka. Zer zerikusi duzu zuk gerrarekin? —galdetu zion apaizak Kimi—. Laster sortuko den Gerra baten zeinu gorri sutsua da zurea.

        — Ez, ez —esan zuen lamak bizi-bizi—. Bakea eta gure Ibaia baino ez dugu bilatu nahi.

        Kimek irribarre egin zuen, bulegoan entzundakoa gogoratuz. Dudarik gabe, izarren kuttuna zen bera.

        Apaizak oinaz borratu zuen horoskopo zatar hura.

        — Hori baino gehiagorik ezin dut ikusi. Hiru egun hartu etorriko zaizu Zezena, mutil.

        — Eta nire Ibaia, nire Ibaia —esan zuen lamak erreguka—. Zezenak Ibaira eramango gintuela biok espero nuen nik.

        — Lastima, zure Ibai zoragarri hori, anaia —erantzun zion apaizak—. Horrelako gauzak ez dira maiz gertatzen.

        Biharamunean, egoteko erregutu zieten, baina joan beharra zutela insistitu zuen lamak. Jateko gozoz betetako fardel bat eman zioten Kimi, ia hiru anna kobrezko dirutan bideko beharretarako, eta bedeinkapen ugarirekin nola abiatzen ziren hegorantz goizaldean begira egon ziren.

        — Lastima, horiek eta beraiek bezalakoak Gauzen Gurpiletik libratu ezina —esan zuen lamak.

        — Ez bada, orduan jende gaiztoa besterik ez litzateke geratuko eta lurrean, eta nork emango liguke jatena eta aterpea? —erantzun zion Kimek, alai-alai bere zamaren azpian.

        — Ikusi, errekatxo bat dago han. Goazen begiratzera —esan zuen lamak, eta zelaiak gurutzatzen zituen bide zuritik eraman zuen; eta zakur paria artean sartu ziren bete-betean.

 

 

 

© Rudyard Kipling

© itzulpenarena: Koro Navarro

 

 

"Rudyard Kipling / Kim" orrialde nagusia