1. ATALA

 

                Zuek, Bide Estutik zoazten horiek,

                Infernuko suaren ondotik Azken Epaiaren eguna arte,

                izan ulerkor sinesgabeek otoi egiten diotenean

                Budari Kamamuran!

                                Buda Kamamuran.

 

        Udal aginduei jaramonik egin gabe, zangalatraba eseririk zegoen mutila Zam-Zammah kanoian, adreiluzko plataforma gainean Ajaib-Gher zaharraren parean, Etxe Miragarria alegia, horrela deitzen baitiote bertakoek Lahoreko museoari. Zam-Zammah, sua darion herensugearen nagusi dena, Punjaben nagusi da; izan ere, brontze orlegizko irudi handia izan ohi da lehena konkistatzailearen harrapakinetan.

        Bazuen Kimek arrazoirik —ostikoka bidali berria zuen hankondoetatik Lala Dinanathen mutila—, ingelesak baitziren Punjabeko nagusi, eta ingelesa zen Kim. Nahiz eta bertakoak bezain belztua egon, nahiz eta bertako hizkera nahiago izan, eta bere ama-hizkuntzaz totelka eta erdi kantari egin; nahiz eta bazarreko mutikoak bezalakoxea izan, zuria zen Kim: behartsuenen arteko behartsu zuria. Zaintzen zuen odol nahasiko emakumeak (opioa erretzen zuen eta bigarren eskuko haltzari denda baten arduraduna omen zen, taxi merkeak zain egon ohi diren plazan) Kimen amaren ahizpa zela esan zien misiolariei; baina Kimen ama haur-zaina izana zen koronel baten familian eta Kimball O'Hararekin ezkondu zen, Maverick irlandar errejimenduko sarjentu gaztea. Soldaduak lana topatu zuen gero Sind, Punjab eta Delhiko burdinbidean, eta hura gabe itzuli zen errejimendua Ingalaterrara. Emaztea koleraz hil zen Ferozeporen; edateari ekin zion O'Harak, eta hiru urtetako haur begiratu zorrotzarekin batera eta bestera alferkerian ibiltzen hasi zen. Erruki-talde eta kaperauak saiatu ziren, larrituta, umea eskuratzen, baina O'Harak ihes egiten zien, opioa hartzen zuen emakumearekin topo egin zuen arte; opioaren gustua ikasi zion hari eta zuriak Indian hiltzen diren bezala hil zen O'Hara. Hiru paperek osatzen zuten haren ondarea: bati «ne varietur» deitzen zion, hitz horiexek baitzeuden idatzita bere sinaduraren azpian, eta besteari bere «askatasun agiria». Hirugarrena Kimen jaiotze-ziurtagiria zen. Gauza haiek, esan ohi zuen opioa hartutako zorioneko orduetan, gizon bihurtuko zuten Kimball txikia. Inola ere ezingo zituen Kimek paper haiek galdu, magia handiari baitzegozkion, han urruti, museoaren atzealdean egiten zuten magia hari, Jadu-Gher zuri-urdin handian, Etxe Magikoan, horrelaxe deitzen diogu eta logia masonikoari. Egunen batean ondo irtengo zuen denak, hala zioen O'Harak, eta edertasun eta indarrezko zutabe artean miretsiko zuten Kim, zutabe ikaragarrietan. Koronelak berak, zaldi baten gainean, eta munduko errejimendurik onenaren buruan, zerbitzatuko lioke Kimi, Kim txikiari, aitak baino egoera hobea izango baitzuen semeak. Lehen mailako bederatziehun deabruk, zeinen Jainkoa zezen gorri bat zelai berde batean baitzen, zerbitzatuko zioten Kimi, O'Hara ahaztu ez bazuten, O'Hara gizarajoa, Ferozeporeko guda-tokian pelotoi gidaria izan zena. Eta negar egiten zuen, minduta, atariko zumezko aulki apurtuan. Hala bada, koronela hil zenean pergaminoa, papera eta jaiotze-ziurtagiria larruzko kutun-poltsa batean josi zituen emakumeak, eta lepotik eskegi zio Kimi.

        — Eta egunen batean —esan zion, O'Hararen iragarpenak nola-hala gogoratuz—, zezen gorri handi bat, zelai berde batean, etorriko zaizu bila, eta koronela bere zaldi handiaren gainean, bai, eta —ingelesera joaz—, bederatziehun deabru.

        — Bai —esan zion Kimek—, gogoan izango dut. Zezen gorri bat eta koronel bat zaldi gainean etorriko dira, baina lehenbizi, aitak hala esan zuen, bi gizon azalduko dira guzti horretarako bidea prestatzera. Hala esaten zuen aitak egiten zutela beti; eta hala da beti magia egiten denean.

        Emakumeak paper haiekin bidali izan balu Kim bertako Jadu-Gherrera, herrialdeko logiak hartuko zukeen haurra eta masoien mendiko umezurztegira bidali; baina magiaz entzundakoak susmo txarra harrarazi zion emakumeari. Kimek berak ere bere iritziak zeuzkan. Urteak bete ahala, nor zen eta zer egiten zuen galdetzen zioten misiolari eta itxura serioko gizon zuriei ihes egiten ikasi zuen. Izan ere, Kimek ez zuen ezer egiten, eta sekulako arrakastaz gainera. Egia da Lahoreko hiri harresidun zoragarria Delhiko Atetik kanpoko Gazteluaren Erreteneraino ezagutzen zuela, Harun al Raschidek inoiz amestutako baino bizimodu bitxiagoa egiten zutenen lagun mina zela, eta Arabiar Gauetakoa bezain bizimodu askea bizitzen zuela; baina misiolari eta erruki-taldeetako idazkariek ez zuten guzti horren edertasuna ikusten. Auzoetan «Mundu osoaren Adiskide Txikia» zuen ezizena; eta sarritan, hain arina eta ezgauza izanik, mandatuak egiten zituen gauez etxeetako terraza jendez beteetan modako gazte dotore eta ile distiradunentzat. Harreman debekatuak ziren haiek, jakina —ondo asko zekien hori Kimek, hitz egiteko gauza zenetik ezagutzen baitzuen gaiztakeria oro—, baina berak jolasa bera maite zuen, pasabide eta bidexka ilunetan barrena usman ibili, ur-hodi batetik igo, emakumeen munduko hasperen eta hotsak azoteetan, eta teilaturik teilatu ihes egin ilun beroaren babesean. Santoiak zeuden gero, errautsez estaliriko fakirrak beren adreiluzko aldareen ondoan, ibai ertzeko zuhaitzen azpian; haiek nahikoa ondo ezagutzen zituen Kimek: agurtu egiten zituen eskean ibiltzetik itzultzen zirenean, eta, inor ageri ez zenean inguruan, plater beretik jaten zuten. Zaintzen zuen emakumeak begiak malkoetan zituela erregutzen zion Kimi jantzi zezala europar arropa: prakak, alkandora eta sonbreiru zaharren bat. Kim ordea errazago sartzen zen jantzi hindu edo mahomatarretan zenbait betebeharretarako. Gizon dotore haietako batek —lurrikararen gauean putzu batean hilda aurkitu zuten harexek— jantzi hindu oso bat eman zion behin, behe kastako kaleko mutil baten arropa, eta Kimek ezkutuko leku batean gorde zuen Nila Ramen zerrategiko habeen azpian, Punjabeko Epaitegi Gorenaren atzean, izainen enbor usaintsuak Ravi ibaian behera joan ondoren lehortzen zirauten lekuan. Eginbeharren bat zuenean, edo dibertitzeko aukera, bere jabego hura erabiltzen zuen Kimek, eta goiza argitzen ari zenean itzultzen zen atarira, eztei-segizio baten atzetik garrasika ibili ondoren edo festa hindu batean oihuka aritzeaz neka-neka eginda. Batzuetan bazen jatekorik etxean, baina gehienetan ez zegoen ezer, eta orduan Kim kalera joaten zen berriro bere indiar adiskideekin zerbait jatera.

        Zam-Zammahen oin-hotsak ateratzen zituen artean, gazteluko errege izatera jolasten ari zela Chota Lal txikia eta Abdullah gozo saltzailearen semearekin, jolasari uzten zion noizean behin Kimek eta lotsagabekeriaren bat esaten zion museoko atean oinetako ilaren ondoan zaindari zegoen polizia indiarrari. Punjabiar handiak, eraman oneko, irribarre egiten zuen: aspalditik zuen Kim ezagun. Halaxe egiten zuen ur eramaileak ere, aker larruzko zagitik kale lehorrera ura botatzen zuela. Halaxe egiten zuen Jawahir Singhek, museoko arotzak, enbalai kaxa berrien gainean makurturik. Halaxe egiten zuten hango guztiek, menditik zetozen nekazariak izan ezik, presaka joaten baitziren haiek Etxe Miragarrira, beren lurraldean eta beste edonon egiten zituzten gauzak ikustera. Museoa indiar arte eta eskulanena zen, eta jakituriaren bila zihoan edonork bertako gordetzaileari eska ziezaiokeen azalpenik.

        — Alde! Alde! Utzi igotzen! —egin zuen oihu Abdullahek, Zam-Zammahen gurpilera igoaz.

        — Aita gozogilea huen, amak gurina lapurtu! —abestu zuen Kimek— Aspaldi erori hituen mahomatar guztiak Zam-Zammahetik!

        — Utzi igotzen! —egin zuen oihu Chota Lal txikiak, urrez brodaturiko txanoarekin. Haren aitak izango zituen milioi erdi libra edo, baina India da munduko lurralde demokratiko bakarra.

        — Indiarrak ere erori hituen Zam-Zammahetik. Mahomatarrek bultzatu zituzten. Aita gozogilea huen...

        Isildu egin zen; izan ere, Motiko bazar zalapartatsutik zetorrela, kale izkinako bueltan, Kimek, nahiz eta kasta guztiak ezagutu, sekula ikusi ez zuen gizon klasea agertu zen. Sei oin luze bazituen ia, eta zaldi-estalkitarako erabili ohi den oihal artean bilduta zetorren, tolesduraz beteta, eta tolesdura haietako bat bera ere ezin zuen Kimek berak ezagutzen zuen lanbideekin lotu. Burdinazko luma-kaxa luze bat zeraman gerritik zintzilik, eta egurrezko arrosarioa, santoiak eraman ohi dituztenak bezalakoa. Buruan eskoziar txanoaren antzeko bat zeraman, ikaragarria. Aurpegia horia zuen eta zimurra, Fuk Shing bazarreko zapatari txinatarrarena bezalakoa. Begiak jasoak zituen ertzetan, onix xafla fin-finak ziruditela.

        — Nor da hori? —galdetu zien Kimek lagunei.

        — Gizona izan liteke —esan zuen Abdullahek, behatza ahoan, begira-begira.

        — Dudarik gabe —erantzun zuen Kimek—; baina ez da hori nik inoiz ikusitako Indiako gizonik.

        — Apaiza, beharbada —esan zuen Chota Lalek, arrosarioari erreparatuz—. Hara! Etxe Miragarrira doa!

        — Ez, ez —esan zuen poliziak, buruari eraginez—. Ez dut zure hizkera ulertzen —punjabiarrez mintzatzen zen zaindaria—. Aizu, Mundu osoaren Adiskide, zer esaten du honek?

        — Hona bidali —esan zuen Kimek, Zam-Zammahetik jaitsiz, oin hutsak ondo agerian jarriz—. Atzerritarra duk hori, eta hi berriz bufaloa haiz.

        Ezezagunak atzera egin zuen etsita eta umeengana hurbildu zen. Zaharra zen; artilezko estalkiari mendiko pasabideetako belarmin usaintsuaren kiratsa zerion oraindik.

        — Umeok, zer da etxe handi hori? —galdetu zien, nahikoa urduera txukunean mintzatuz.

        — Ajaib-Gher da hori, Etxe Miragarria! —Kimek ez zion Lala edo Mian bezalako titulurik eman. Ezin zuen gizon haren erlijioa asmatu.

        — A! Etxe Miragarria! Libre al da sarrera?

        — Ate gainean daukazu idatzita: denak sar litezke.

        — Ordaindu gabe?

        — Sartu eta atera ibiltzen naiz ni. Eta ez naiz bankaria —barre egin zuen Kimek.

        — Horra bada! Zaharra naiz. Ez nekien.

        Srrosarioari helduz, museo aldera abiatzen hasi zen.

        — Zein kastatakoa zara? Non duzu etxea? Urrutitik etorri al zara? —galdetu zion Kimek.

        — Kulutik nator, Kaila mendiak baina atzeragotik. Baina... zer dakizue zuek? Haizea eta ura mehe eta hotz diren mendietatik —hasperen eginez bukatu zuen.

        — A! Khitaia da (txinatarra) —esan zuen harro Abdullahek. Fuk Shingek bere dendatik bidali zuen behin oinetakoen gaineko idoloari txistua botatzeagatik.

        — Paharia da (menditarra) —esan zuen Chota Lal txikiak.

        — Arrazoi duzu, ume... Inoiz ikusiko ez dituzun mendietatik etorritako menditarra nauzue. Izan al duzue inoiz Bhotiyaren (Tibeten) berri? Ez naiz khitaia, bhotiya baizik (tibetarra); jakin beharra duzuenez gero, lama naiz, edo, zuen hizkuntzan, gurua.

        — Tibeteko gurua —esan zuen Kimek—. Ez dut inoiz horrelakorik ikusi. Ba al da bada hindurik Tibeten?

        — Erdiko Bidearen jarraitzaile gara, eta bakean bizi gara gure monasterioetan. Lau Leku Sakratuak ikustera noa hil baino lehen. Eta orain zuek, ume zareten horiek, zaharra den honek bezainbeste dakizue —bihotz onez egin zien haurrei irribarre.

        — Jan al duzu?

        Kolkoan bila hasi eta egurrezko eske-ontzi bat atera zuen, oso zahartua. Haurrek buruari eragin zioten. Ezagutzen zituzten apaiz guztiak eskean ibili ohi ziren.

        — Oraindik ez dut jan nahi —burua jiratu zuen eguzkitan dagoen dortoka zahar batek bezala—. Egia al da irudi asko dagoela Lahoreko Etxe Miragarrian? —azken hitzak birritan esan zituen, helbide bat ziurtatu nahi duen batek bezala.

        — Egia da, bai —esan zuen Abdullahek—. Bût sinesgabeez josita dago. Zeu ere idolo-gurtzailea zara.

        — Horri ez jaramonik egin —esan zuen Kimek—. Gobernuaren etxea da eta ez dago idolo-gurtzailerik hor; bizar zuriko sahib bat besterik ez dago. Zatoz nirekin eta erakutsiko dizut.

        — Apaiz ezezagunek haurrak jaten dituzte —xuxurlatu zuen Chota Lalek.

        — Eta hori ezezaguna eta bût parast-a (idolo-gurtzailea) da —esan zuen Abdullah mahomatarrak.

        Kim barrez hasi zen.

        — Etorri berria da. Ospa amaren magalera, han ez duk eta arriskurik izango! Tira!

        Kimek tornu-atea jirarazi zuen; agurea atzetik joan zitzaion baina seko gelditu zen, guztiz txundituta. Barneko atarian greziar-budista eskultura handiak ageri ziren, misterioski heldutako greziar ukitua, eta ez trebetasunik gabe, eskuetan sentitzen zuten ahazturiko langileek eginak; noiz, adituek jakin bide dute. Ehunka pieza zeuden han: frisu erliebedunak, estatua pusketak eta Iparraldeko stupa eta vihara budisten adreiluzko hormak hornitu zituzten harlosa irudiz josiak, eta orain, jaso eta sailkatuta, museoaren harrotasun zirenak. Zoramenez, aho zabalik, hara eta hona zebilen lama, eta azkenean miresmenak hartuta Budaren apoteosia edo koronazioa irudikatzen zuen goierliebe baten aurrean gelditu zen. Lotus baten gainean eserita ageri zen Maisua; lotusaren hostoak hain zeuden sakon irudikatuak, non harritik aske zeudela baitzirudien. Inguruan, jauresten, errege, gizon zahar eta antzinako budak zeuzkan Maisuak. Azpian lotusez estaliriko ura zegoen, arrain eta uretako hegaztiekin. Bi dewa-ek, tximeleten hegoekin eta Budaren gainean, lorezko koroa bati eusten zioten; gorago beste bik eguzkitako bati heltzen zioten, gainean Bodishaten buruko hornidura bitxiz betea zegoelarik.

        — Jainkoa! Jainkoa! Sakya Muni bera da —zioen lamak, negarrez ia; eta ahots apalez otoi budista zoragarria errezitatzen hasi zen:

 

                «Bidea, Legea, aparta den Harentzat

                Mayak bere bularrean estutu zuenarentzat,

                Anandaren Jauna, Bodhisat.»

 

        Eta hemen da! Eta hemen da halaber Goreneko Legea. Ondo hasi da erromesaldia. Eta nolako lana! Nolako lana!

        — Hortxe duzu sahiba —esan zion Kimek, eta alde egin zuen zeharka esku eta artelan sailean barrena.

        Bizar zuriko gizon ingeles bat zegoen lamari begira; jiratu eta kortesiaz agurtu zuen lamak. Bila ibili ondoren, libreta eta paper pusketa bat atera zituen arropa artetik.

        — Horixe dut izena, bai —esan zuen haur-idazkera traketsari irribarrez begiratuz.

        — Leku Sakratuetara erromes joan zen gutako batek (Lung-Cho monasterioko abade da orain) eman zidan —esan zion lamak hitz totelka—. Honetaz mintzatu zitzaidan —esku hezurtsuaz ingurua seinalatu zuen.

        — Ongi etorria, Tibeteko lama hori. Hementxe dituzu irudiak, eta hementxe nauzu ni ere —aurpegira begiratu zion lamari—, jakituria bildu asmoz. Zatoz nire bulegora.

        Agurea larriduraz dardarka zegoen.

        Bulegoa gela txiki bat besterik ez zen, eskultura lerroen galeriaren ondoan. Kim lurrean etzan zen, beroak pitzaturiko izai zurezko atearen zulo batean jarrita belarria, eta, bere senari jarraiki, ahalik eta erosoen ezarri zen barrukoa entzun eta ikusteko.

        Hizketagai gehienak ordea Kimen gainetikakoak ziren. Lama, totelka hasieran, bere monasterioaz mintzatu zitzaion gordetzaileari; Such-Zen zuen izena eta Arroka Margotuen parean omen zegoen, lau hilabeteetako bidea egin ondoren. Gordetzaileak argazki liburu handi bat ekarri eta leku huraxe erakutsi zion, amildegiaren gailurrean, kolore anitzetako estratuekiko bailara izugarri baten gain-gainean.

        — Bai, bada! —lamak Txinan egindako betaurrekoak jarri zituen, adarrezko egiturakoak—, hementxe dago negua baino lehen janaria sartzeko erabiltzen dugun atetxoa. Eta zuek, ingelesek, ba al duzue gauza hauen berri? Orain Lung-Choko abade denak hala esan zidan, baina ez nion sinetsi. Eta Jainkoa... Goienekoa... onesten al dute hemen ere? Ezagutzen al dute bere bizitza?

        — Harrietan ezarrita dago dena. Zatoz eta ikusiko duzu, nahikoa atseden izan baduzu.

        Herrenka atera zen lama; atari nagusira abiatu, eta, gordetzailea aldamenean zuela, elizkoiaren erreberentziaz eta artisauaren sen ulerkorraz aztertu zuen sail guztia.

        Gertakariz gertakari errekonozitu zuen istorio ederra harri zaharkituetan, ezohiko zitzaion ukitu grekoarekin harriturik batzuetan, baina haur bat bezain pozik aurkikuntza berriak egiterakoan. Istorioaren segida puskatzen zenean, Iragarpenean esate baterako, gordetzaileak besteen artetik aukeraturiko frantziar eta alemaniar liburuak eskaintzen zizkion, argazki eta erreprodukzioekin.

        Hantxe ageri zen Asita elizkoia, kristau istorioan Simeonen parekoa, Haur Saindua belaunetan zuela aita-amak entzuten zioten artean; eta hantxe ziren Devadatta lehengusuaren leiendako gertakariak. Hantxe ageri zen Maisua haragikeriaz salatu zuen emakume gaiztoa, madarikatua izan bedi; Oreinen Parkeko irakasbideak; su-gurtzaileak txunditu zituen miraria; hantxe zen printze gisa hornituriko Bodhisat; jaiotza miresgarria; heriotza, Kusinagan, non jarraile ahulak kordea galdu baitzuen; ia zenbaezinak ziren Bodhi zuhaizpean egindako meditazioaren errepikapenak; eske-sarien ontziaren jaurespena nonahi ageri zen. Segituan konturatu zen gordetzailea bere gonbidatua ez zela eskale arrosariodun hutsa, gizon aditua baizik. Eta berriz ikusi zuten dena, rapea hartuz lama, betaurrekoak garbitzen, eta urduera eta tibetar nahasmendu harrigarrian bizkor-bizkor hizketan. Bazuen txinatar erromesen bidaien berri, Fu-Hiouen eta Hwen-Tsiang, eta haien kontakizunaren itzulpenik ba ote zegoen jakiteko irrikitzen zegoen. Arnasari eutsi zion Beal eta Stanilas Julienen orriak etsimenez pasatzen zituen artean.

        — Hemen dago dena. Giltzapeturiko altxorra.

        Lasaituta, urduerara presaka itzulitako zatiak entzutera jarri zen begirunez. Lehenengo aldiz entzun zuen europar adituen lanen berri, dokumentu haiekin eta beste ehunen laguntzaz budismoaren ehun Leku Sakratuak aurkitu zituztenak. Eta mapa bat erakutsi zion gordetzaileak, oso handia, puntu eta marra horiz beteta. Behatz marroiak gordetzailearen arkatza jarraitu zuen puntuz puntu. Hantxe ageri zen Kapilavastu, hantxe Erdiko Erreinua, eta han Mahabodhi, budismoaren meka; han zegoen Kusinagara, Jakintsuaren heriotzaren leku tristea. Burua orrien gainean makurtuta egon zen agurea puska batean, eta gordetzaileak beste pipa bat piztu zuen. Loak hartu zuen Kim. Esnatu zenean, hizketa, hitz zaparrada oraindik ere, ulerkorragoa egiten zitzaion.

        — Eta hala bada, Jakituria Iturri zaren hori, Haren oinak zapaldu zituzten Leku Sakratuetara joatea erabaki nuen; haren Jaiolekura, baita Kapilara ere; gero Mahabdhira, budismoaren mekara alegia, Monastegira, eta Oreinen parkera, Haren Heriotza-lekura.

        Lamak ahotsa jaitsi zuen.

        — Eta hona bakarrik etorri naiz. Bost, zazpi, hemezortzi, berrogei urtez izan dut buruan Lege Zaharra ez zela behar bezala betetzen; ilundu egiten zutela, ondo dakizun bezala, deabrukeriak, aztikeriak, eta idolatriak. Oraintxe bertan kaleko ume batek berak ere halaxe esan du. Bai, umeak esan duen bezala, but parasti-ekin.

        — Halaxe gertatzen da erlijio guztietan.

        — Hala uste duzu? Monasterioko liburuak irakurri ditut, eta agortuta zeudela iruditu zait; eta guk, Lege Berritukoek, gainean hartu dugun azken erritualak... horrek ere ez du baliorik agure honen begietan. Aparta den Haren jarraitzaile direnak ere borrokan dabiltza beren artean. Lilura da dena. Bai, maya, lilura. Baina beste desio bat daukat —aurpegi zimurtu horia gordetzailearenari hurbildu zitzaion, eta behatz erakuslearen azkazal luzeak mahaia jo zuen—. Zuen adituek, liburu guzti horiekin, bere joan-etorri guztietan jarraitu zieten Oin Bedeinkatuei; baina badira aurkitu ez dituzten gauzak. Ez dakit ezer, ezer ez dakit, baina nik neure burua askatu behar dut Gauzen Gurpiletik, mugarik gabeko bide zabal baten bitartez —irribarre egin zuen, arrakasta sotila adieraziz—. Leku Sakratuetara noan erromes naizenez gero, merituak irabazten ari naiz. Baina bada besterik. Entzun ezazu egiazko gauza bat. Gure Jaun ona, artean gaztea zelarik, lagun bila hasi zenean, gizonek esan zuten, Haren aitaren Gortean, samurregia zela ezkontzeko. Ba al zenekien hori?

        Baietz egin zuen gordetzaileak buruaz, hurrena zer ote zetorren asmatu ezinik.

        — Hala bada, zetozen guztien artean indar froga hirukoitza egin zuten. Eta Arkuaren frogan, gure Jaunak, eman ziotena hautsi ondoren, inork armatu ezingo zuen bat eskatu zuen. Ba al zenekien?

        — Idatzirik dago. Irakurri egin dut.

        — Eta, beste zuri guztiak gaindituz, ikusi ezin zen lekura heldu zen gezia. Erori zen azkenean; eta lurra ukitu zuenean, ur laster bat sortu zen, gero Ibai bihurtu zena; eta, gure Jaunaren borondateagatik eta bere burua askatu zuenean irabazi zituen merituengatik, Ibai horretan garbitzen denari bekatuaren arrasto eta aztarren guztiak garbitzen zaizkio.

        — Halaxe dago idatzita —esan zuen gordetzaileak tristuraz.

        Hasperen luzea egin zuen lamak.

        — Non dago Ibai hori? Jakituria Iturri, non erori zen gezia?

        — Hori, anaia maitea, ez dakit —esan zuen gordetzaileak.

        — Ai, kontatu ez didazun gauza bakarra ahaztu nahi baduzu... Jakingo duzu noski. Ni zaharra naiz! Burua oinetaraino makurtuta galdetzen dizut, Jakituriaren Iturri zaren horri. Arkua estutu zuela badakigu! Badakigu gezia erori egin zela! Erreka sortu zela badakigu! Orduan, non dago Ibaia? Ametsak Ibaia bilatzeko agindu zidan. Eta etorri egin naiz. Hemen nago. Baina non dago?

        — Hori baneki, ez nukeela oihuka esango uste al duzu?

        — Horrekin Gauzen Gurpiletik libratzea lortzen da —jarraitu zuen lamak, entzungor—. Geziaren Ibaia! Ondo pentsatu! Baliteke erreka txikiren bat izatea, beroak lehortutakoa edo... Aparta den Hark ez luke inoiz gizon zahar bat horrela engainatuko.

        — Ez dakit. Ez dakit.

        Berriz ere lamak bere mila zimurretako aurpegia ingelesarenaren ondo-ondoan jarri zuen.

        — Ikusten dut ez dakizula. Legekoa ez zarenez gero, ezkutuan dago zuretzat.

        — Ezkutuan, bai, ezkutuan.

        — Lotuta gaude biok, zu eta ni, anaia. Baina nik —zutitu egin zen, bere jantzi bigun lodia astinduz—, neure burua askatu beharra daukat. Zatoz zu ere!

        — Lotuta nago —esan zuen gordetzaileak—. Baina nora zoaz zu?

        — Lehenbizi Kashira (Benares); nora bestela? Han benetako sinesmenaren beste jarraitzaile bat topatuko dut hiri horretako eliza jain batean. Hura ere, isil-gordean, bila dabil, eta agian harengandik jakin ahal izango dut nahi dudana. Baliteke nirekin etortzea Buddh Gayara. Gero Ipar eta Mendebalderantz Kapilavastu aldera, eta han Ibaiaren bila hasiko naiz. Bai, joaten naizen nonahi bilatuko dut, ez baitakigu zein lekutan erori zen gezia.

        — Eta nola joango zara? Hori Delhitik oso urruti dago, eta are urrutiago Benaresetik.

        — Oinez eta trenetan. Pathânkotetik, Mendiak utzita, te-ren-ez etorri nintzen hona. Hasieran txundituta nengoen makil luze handi horiek ikusita, hariak bota eta jaso, bota eta jaso —telegrafoen harien mugimendua adierazi zuen, gora eta behera, trenaren ondotik tximista bezala igarotzean—. Baina gero zurrunduta geratu nintzen, eta oinez ibiltzeko irrikatan, halaxe bainago ohituta.

        — Eta ziur al zaude bideaz? —galdetu zion gordetzaileak.

        — A, horretarako nahikoa da galdetu eta dirua ematea, eta horretaz arduratzen denak esandako lekura bidaltzen ditu denak. Hori dena nire monasterioan jakin nuen, konfiantzazko iturrietatik —esan zuen harro lamak.

        — Eta noiz abiatuko zara? —gordetzaileak irribarre egiten zion gaur egun Indiaren ezaugarri den eliz zaletasun zaharra eta aurrerapen modernoaren nahasketari.

        — Ahal bezain azkar. Haren bizitzaren lekuak bisitatuko ditut, Geziaren Ibaira heldu arte. Bada gainera hegorantz doazen trenen orduen paper idatzi bat.

        — Eta jatekoa? dirua aski eraman ohi dute lamek gainean, baina gordetzaileak ziurtatu egin nahi zuen.

        — Bidean Maisuaren eske-ontzia erabiltzen dut. Bera joaten zen lekuetara joaten naiz ni, nire monasterioko erosotasuna alde batera utziz. Mendiak utzi nituenean chela bat (ikaslea) zetorren nirekin, eta dirua eskatzen zuen niretzat Arauak dioen bezala, baina Kulun geldituta geundela sukarrak eman zion eta hil egin zen. Orain ez daukat chela-rik, baina neronek hartuko dut erruki-ontzia eta horrela borondatetsuek merituak irabazi ahal izango dituzte —erabakior eragin zion buruari. Monastegietako doktore jakintsuek ez dira eskean ibiltzen, baina lamak su eta gar ziharduen bere bilakuntzan.

        — Hala izan bedi —esan zuen gordetzaileak irribarrez—. Utzidazu orain niri merituak irabazten. Artisau izango gara biok, zu eta ni. Hona hemen koaderno berri bat, ingeles paper zuriarekin; hona hemen biko eta hiruko arkatz zorrotzak, lodiak eta finak, denak onak idazkariarentzat. Orain utzizkidazu zure betaurrekoak.

        Gordetzaileak betaurrekoekin begiratu zuen. Harramazkez beteta zeuden, baina bere betaurrekoen graduazio bertsua zuten eta haiexek eman zizkion laman, esanez:

        — Proba itzazu hauek.

        — Luma! Benetako luma aurpegian! —agureak pozaren pozez jiratu zuen aurpegia eta sudurra zimurtu zuen—. Nabaritu ere ez ditut ia egiten! Zeinen ederki ikusten dudan!

        — Bilaur dira (kristala), eta ez dute inoiz harramazkarik izango. Lagunduko ahal dizute Ibairaino, zureak baitira.

        — Hartuko ditut, eta baita arkatzak eta koaderno zuria ere —esan zuen lamak—, bi apaizen arteko adiskidetasunaren ikur gisa. Eta orain... —bila hasi zen gerrikoan, burdin landuzko luma-kaxa hartu eta gordetzailearen mahai gainean utzi zuen—. Hau nire oroigarria izango duzu... nire arkatz-kaxa. Zaharra... ni bezalakoa ia.

        Estilo zaharreko pieza zen, txinatarra, gaur urtzen ez den burdinez egina; gordetzaileak bularrean zeukan bihotz bildumazalea hasiera-hasieratik zegoen hartara jarrita. Ezin izan zuen inola ere lama konbentzitu opari hura egin ez ziezaion.

        — Itzultzen naizenean, Ibaia aurkitu ondoren, Padma Smathoraren irudi idatzi bat ekarriko dizut, monasterioan zetaz egin ohi nituenak bezalakoa. Bai, eta Bizitzaren Gurpilarena —barre egin zuen ahopetik—, biok baikara artisau, zu eta ni.

        Geldiaraziko zukeen gordetzaileak: gutxi dira munduan pintzelez egindako marrazki budisten sekretua oraindik badakitenak, nolabait esateko, erdi idatziak eta erdi marraztuak baitira. Baina lamak aurrera egin zuen, tente-tente burua, eta Bodhisat meditatzailearen estatua handi baten aurrean une batez gelditu ondoren, kanpora irten zuen tornu-atetik.

        Itzala bezala joan zitzaion Kim atzetik. Entzun zuenak sekulako zirrara egin zion. Berri-berria gertatzen zitzaion gizon hura, eta ikerketa osoagoa egiteko asmoa zuen, Lahore hirian eraikuntza berri bat edo festa bitxi bat ikertuko zukeen bezalaxe. Berea zuen lamaren aurkikuntza, eta haren jabegoa hartzeko asmoa zuen. Ama ere irlandarra zuen Kimek.

        Zam-Zammahen ondoan gelditu zen agurea, ingurura so Kim begiztatu zuen arte. Erromesaldiaren suak utzi egin zuen puska batean, eta zaharra sentitzen zen, malenkoniatsu eta huts-hutsa.

        — Ez eseri kanoi horren azpian —esan zion poliziak arrandiaz.

        — Hara bestea berriz! —erantzun zion Kimek lamaren lekuan—. Eseri zaitez kanoi horren azpian nahi baduzu. Noiz lapurtu dituzu esne-saltzailearen zapatilak, Dunnu?

        Salakuntza hura batere oinarririk gabekoa zen, une hartako berotasunean egina, baina isilarazi egin zuen Dunnu, bai baitzekien Kimen txilio zorrotzek bazarreko umeak arrapaladan ekar zitzaketela behar izanez gero.

        — Nor gurtu duzu hor barruan? —galdetu zion Kimek atsegin, Jamaren ondoan itzaletan kuzkurtuz.

        — Ez dut inor gurtu, ume. Burua makurtu dut Lege Apartaren aurrean.

        Emoziorik gabe onartu zuen Kimek jainko berri hura. Dozenaka batzuk ezagunak zituen ordurako.

        — Eta zertan zabiltza?

        — Eskean nabil. Oraintxe gogoratu zait denbora luzea dela ezer edan edo jan dudanez geroztik. Nolakoak dira erruki ohiturak hiri honetan? Isilik, Tibeten egin ohi dugun bezala, ala ozen hitz eginez?

        — Isilik dabiltzanak eskean isilik dira goseak hiltzen —esan zuen Kimek, bertako esaera bat errepikatuz. Lama zutitzen saiatu zen, baina berriro eseri zen, bere dizipuluarengatik suspiriatuz, urrutiko Kulun hila. Kim begira zeukan, alde batera makurtuta burua, pentsatzen, interesaturik.

        — Emadazu ontzia. Ezagutzen dut hiri honetako jendea, borondatetsuak diren guztiak. Eman, eta beteta itzuliko dizut.

        Ume baten xalotasunaz luzatu zion agureak ontzia.

        — Zu egon. Nik ezagutzen dut jendea.

        Behe kastako barazki saltzaile zen Kunjri baten denda zabaldura joan zen saltoka, Moti bazarreko tranbiaren parean. Aspalditik ezagutzen zuen Kim.

        — Zer, yogi bihurtu zara erruki-ontzi horrekin ala? —esan zion oihuka.

        — Ez —esan zuen Kimek harro—. Apaiz berri bat da hirian; inoiz ikusitakoak ez bezalakoa.

        — Apaiz zaharra, tigre gaztea —esan zuen emakumeak haserre—. Nekatuta nago apaiz zaharrekin! Euliak bezala jartzen dira gure salgaien gainean. Nire semearen aita eskean dabilen edonori emateko erruki putzua al da?

        — Ez —esan zuen Kimek—. Zure gizona yogi izan ezik yagi-a da (haserrekorra). Baina apaiz hau berria da. Etxe Miragarriko sahiba anaia bati bezala mintzatu zaio. Ama, beteidazu ontzi hau. Zain dago.

        — Ontzi hori gainera! Behi baten sabelaren tamainako ontzia! Sivaren zezen sakratuak adinako finezia daukazu zuk. Hartu du dagoeneko tipula saski batetik onena, gaur goizean; eta orain berriz, ontzi hau bete behar dut. Hementxe dator berriz ere.

        Auzuneko brahaman zezentzar arrea bidea egiten ari zen jendetza ugariaren artean, lapurtutako banana bat ahotik zintzilik zuela. Zuzen-zuzen joan zen dendarantz, ondo asko baitzekizkien, abere sakratua zenez, bere eskubideak; burua makurtu, eta saski ilararen gainean haizea bota zuen indarrez ezer aukeratu aurretik. Kimen zapatatxo gogorra hegan atera zen eta mutur urdin hezean jo zuen bete-betean zezena. Orro egin zuen amorratuta, eta alde egin zuen tranbia bidetik, haserrearen haserrez dardarka konkorra.

        — Begira! Ontziaren balioa hiru bider baino gehiago salbatu dizut. Orain, ama, arroz pixka bat eta arrain lehorra gainean, eta barazkiak kurryarekin.

        Purrustada bat heldu zen dendaren atzealdetik; gizon bat zegoen han etzanda.

        — Zezena bidali egin du —esan zion ahopetik emakumeak—. Gauza ona da behartsuei ematea.

        Ontzia hartu eta arroz beroz beteta itzuli zion Kimi.

        — Baina nire yogia ez da behia —esan zuen serio Kimek, zulo bat eginez behatzarekin arrozaren goiko aldean—. Kurry pixka bat ona da, eta txigor bat eta mermelada apur bat ere gustatuko litzaioke, nik uste.

        — Zure burua adinakoa da zulo hori —esan zuen ernegatuta emakumeak. Baina hala ere barazki kurry gozo eta beroz bete zuen zuloa; txigor bat jarri zuen gainean, gurin pixka bat pastelean, eta tamarindo mermelada mikatzez osatu zuen ontzia. Kimek atseginez begiratu zion zama hari.

        — Ondo da. Ni bazarrean nagoela ez da zezena etxe honetara etorriko. Oso eskale lotsagabea da.

        — Eta zu zer? —esan zuen emakumeak barrez—. Zezenez ondo hitz egin ordea. Ez al didazu zerorrek esan egunen batean Zezen Gorri bat zelai batean etorriko zaizula laguntzera? Zoaz orain tente ibiliz eta eskatu gizon santuari niretzako bedeinkazioa. Baliteke gainera sendabideren bat jakitea horrek nire alabaren begi gaixoentzat. Hori ere eskaiozu, Mundu osoaren Adiskide Txiki.

        Baina azken esaldi hura esan baino lehen desagertua zen Kim, zakur pariak eta ezezagun gosetiak baztertuz.

        — Horrelaxe aritzen gara eskean nola eskatu badakigunok —esan zion harro lamari; zabal-zabalik jarri zituen hark begiak ontzikoa ikustean—. Orain jan, eta nik... nik ere zurekin jango dut. E, bhisti! deitu zion ur eramaileari, akain-belarrak ureztatzen ari baitzen museoaren ondoan—. Eman ura! Egarrituta gaude gizonok.

        — Gizonok! —esan zuen bhisti-ak barrez—. Nahikoa ote da zahagi bat halako bikote batentzat? Edan ezazue bada, Errukiorraren izenean.

        Ur hari bat utzi zuen erortzen Kimen eskuetan, eta Kimek bertakoen erara edan zuen; baina lamak edalontzi bat atera behar izan zuen bere amaierarik gabeko oihalen artetik eta zeremoniatsuki edan.

        — Pardesi (atzerritarra) —azaldu zuen Kimek, agureak hizkuntza ezezagunez bedeinkazioa zela nabari zena esaten zuen artean.

        Pozaren pozez jan zuten biek elkarrekin, erruki-ontzia hustuz. Bukatutakoan lamak rapea hartu zuen kalabaza hustu bitxi batetik, arrosarioaren aleak pasatzen aritu zen puska batean, eta loak hartu zuen bere adinekoek duten erraztasunez, Zam-Zammahen itzala luzatzen zen artean.

        Denbora pasa, hurrengo tabako saltzailearenganaino joan zen Kim, emakume gazte mahomatar bat, bizi-bizia, eta zigarro gogaikarri bat eskatu zion, Punjabeko unibertsitatean ingeles ohiturak kopiatzen dituzten ikasleei saltzen dizkieten erakoa. Gero zigarroa erretzen eta burutazioetan jardun zuen, kokotsean belaunak, kanoiaren sabel azpian, eta pentsamendu haien emaitza Nila Ramen zerrategi alderako irteera bat-bateko eta bizkorra izan zen.

        Hiriaren arratseko bizitza hasia zen arte ez zen esnatu lama, farolak piztearekin batera eta zuriz jantzitako bulegari eta Gobernuko bulegoetako langileek etxeratzen ari zirenean. Alde guztietara begiratu zuen harrimenez, baina inork ez zion erreparatu, mutiko hindu xirtxil batek izan ezik, durbante zikin batez eta lasto koloreko arropez jantzita. Halako batean lamak belaunetan jarri zuen burua eta intziri egin zuen.

        — Zer duzu? —esan zion mutikoak, lamaren parean zutik—. Lapurtu egin al dizute?

        — Chela berria dut; alde egin dit eta ez dakit non dagoen.

        — Eta nolakoa zen zure dizipulua?

        — Hil zen baten lekuan etorri den mutil bat da, hor barrean —Museoa seinalatu zuen—, Legearen aurrean makurtzeagatik irabazi ditudan merituei esker. Niregana etorri da, galduta neukan bidea erakustera. Etxe Miragarrira eraman nau; haren hitzek Irudien Zaindariarekin hitz egitera bultzatu naute, eta hala, kontsolatu eta indartu egin naiz. Eta goseak akabatzen nengoenean niretzat aritu da eskean, chela batek bere maisuarengatik egingo lukeen eran. Bat-batean joan egin da. Bat-batean, desagertu. Benareserako bidean mutikoari Legea erakusteko asmoa nuen.

        Kim txunditurik zegoen hura entzunda, Museoko elkarrizketa entzun baitzuen, eta bazekien agurea egia ari zela esaten; horrelakorik ez dute maiz egiten indiarrek kaleko ezezagun batekin.

        — Baina orain konturatzen naiz helburu jakin batez bidali didatela mutila, ez bestela. Horregatik dakit aurkituko dudala bila nabilen Ibaia.

        — Geziaren Ibaia? —galdetu zuen Kimek, gainetikako irribarrea eginez.

        — Baina zu ere Bidalia zara ala? —egin zuen oihu lamak—. Ez diot nik inori nire bilakuntzaz hitz egin, Irudien Apaizari izan ezik. Nor zara zu?

        — Zure chela —esan zuen Kimek besterik gabe, zangalatraba jarriz—. Ez dut sekula zu bezalakorik ikusi. Zurekin joango naiz Benaresera. Eta gainera, zu bezain zaharra den gizon batek, iluntzean topaturiko edozeini egia esaten diona, dizipulu baten behar handia du, nik uste.

        — Baina Ibaia, Geziaren Ibaia?

        — A, hori ingelesarekin hizketan ari zinela entzun dut. Atearen kontra jarrita nengoen.

        Lamak hasperen egin zuen.

        — Uste nuen niregana bidalitakoa zinela. Gertatu ohi dira batzuetan horrelakoak... baina nik ez ditut merezi. Ez duzu orduan Ibaia ezagutzen?

        — Ez —barre egin zuen Kimek, deseroso—. Ni, zeraren bila noa... zezen baten bila. Zezen Gorri bat, zelai berde batean, lagundu egingo didana.

        Umeen modura, ezagunen batek ideiaren bat baldin bazeukan, Kim prest egoten zen berea ateratzeko; eta, umeen modura, aitaren iragarpen hartaz hogei minutu segidan ez zituen inoiz pentsatzen eman.

        — Zeren bila, ume? —esan zuen lamak.

        — Jainkoak daki, baina halaxe esan zidan aitak. Mendietako leku berri bitxi guzti horietaz hizketan entzun zintudan Etxe Miragarrian, eta horren zaharra den bat, eta horren... zera, egia esatera horren ohituta dagoena bideetara ateratzen baldin bada ibaiarena bezalako txikikeria batengatik, iruditu zitzaidan nik ere bidaiatzen hasi beharra neukala. Gauza horiek topatzea bada gure patua, topatu egingo ditugu; zuk, zure Ibaia; eta nik, nire Zezena, eta Zutabe Handiak eta ahaztu zaizkidan beste gauza batzuk.

        — Ez zutabeetatik, Gurpil batetik libratuko naiz —esan zuen lamak.

        — Gauza bera da dena. Agian errege egingo naute —esan zuen Kimek, lasai-lasai denetarako pronto.

        — Bestelako desioak, eta hobeak, erakutsiko dizkizut bidean —esan zuen lamak, aginpidearen ahotsaz—. Goazen Benaresa.

        — Gauez ez. Lapurrak dabiltza. Itxoin eguna argitu arte.

        — Baina hau ez da lotarako lekua.

        Agurea bere monasterioko bizimodu ordenatuarekin zegoen ohituta, eta lurrean lo egiten bazuen ere, Arauak agintzen duen bezala, begirunea zien halako gauzei.

        — Gustoko ostatua izango dugu Kashmir Serai-an —esan zuen Kimek, bestearen harridurari barre eginez—. Lagun bat daukat han. Goazen!

        Bazarra, beroa eta jendez josia, argiz distiratsu ageri zen Ipar-Indiako arraza guztien artean bidea egiten ari zirela; lama ametsetan bezala mugitzen zen. Lehenengo aldiz zegoen merkatal hiri handi batean, eta tranbia jendez beteak, frenoen kirrinka etengabearekin, beldurtu egiten zuen. Erdi bultzaka, erdi arrastaka eramanda, heldu zen Kashmir Serai-ko atari handira: plaza ikaragarri hori, irekia, geltokiaren ondoan, arkupeez inguratua, non gelditzen baitiren gamelu eta zaldien karabanak Erdi-Asiatik itzultzen direnean. Hantxe ageri ziren iparreko jende mota guztiak, zaldi lotu eta belaunikaturiko gameluen artean; zama eta fardelak kargatzen eta deskargatzen; putzu kirrinkarietatik afaritarako ura ateratzen; belarra pilatzen ero-begiko hazitarako zaldi zaratatsuen aurrean; karabanetako zakur amorratuak joka; karabana gidariei ordaintzen, eta morroi berriak hartzen; biraoka, oihuka, errietan, eta enparantza bete-betean txantxetan. Arkupeak —harlanezko hiruzpalau maila gorago zeuden— estalpe ongietorria ziren itsaso nahasi hartan. Arkupe gehienak merkatariei alokatzen zizkieten, guk zubi-bide baten begiak alokatzen ditugun bezala; zutabe arteko lekua adreiluz edo oholez zegoen itxita, gelak banatuz, zurezko ate astun eta bertako krisketa handiez babestuta. Giltzapeturiko ateek jabea kanpoan zela ematen zuten aditzera, eta marra zakar batzuek, oso zakarrak batzuetan, igeltsuz edo pinturaz eginak, esaten zuten non zebilen. Honela: «Lutuf Ullah Kurdistanera joan da». Azpian, bertso kaskarretan: «O Ala, zorriei Kabuleko biztanle baten berokian bizitzen utzi zenien horrek, zergatik utzi diozu Lutuf zorritsu horri horren luze bizitzen?»

        Kimek, asaldaturiko gizon eta asaldaturiko animalien artean lama babestuz, aurrera egin zuen isilean arkupetan barrena bukaera arte, geltokitik hurbil; hantxe bizi zen Mahbub Ali, zaldi merkataria, Iparreko pasabideak baino harantzagoko lurralde misteriotsuetatik itzultzen zenean.

        Kim bere bizitza laburrean tratu ugari izana zen Mahbubekin, batez ere hamar eta hamahiru urte bitartean, eta bizarra karez tindaturiko afganiar handi sendoak (zaharra baitzen, eta ez zuen nahi ile urdinduek zuen adina erakustea), ederki asko zekien zenbat balio zuen mutikoak esamesen berri jakiteko. Batzuetan esaten zion Kimi bijila zezala zaldiekin zerikusirik ez zuen gizonen bat: egun oso batez jarraitzeko, eta esateko zehatz-mehatz norekin hitz egin zuen. Kimek iluntzean ematen zion informazioa, eta Mahbubek hitzik edo keinurik egin gabe entzuten zion dena. Azpijokoren bat zegoen han, ondo asko zekien Kimek; baina bere balioa, izan ere, inori ezer ez esatean zetzan, Mahbubi izan ezik, eta Mahbubek jateko ederrak ematen zizkion, bero-beroak, enparantza hasieran zegoen tabernatik ekarriak, eta behin zortzi anna ere eman zizkion.

        — Hemen da —esan zuen Kimek, zartako bat emanez muturrean umore txarreko gamelu bati—. Aizu, Mahbub Ali! —arkupe ilun batean gelditu eta lama beldurtuaren aurretik igaro zen.

        Zaldi tratularia, Bujarako gerriko zabal eta brodatua askatuta, zeta lodizko bi zakutan zegoen etzanda, zilarrezko nargile ikaragarri bati alferkeriaz tiraka. Burua apur bat jiratu zuen oihua entzutean; eta agurearen irudi luze isila baino ez zuelarik ikusi, barre egin zuen berekiko.

        — Alaren izenean! Lama! Lama Gorria! Bide luzea dago Lahoretik Pasabideetara. Zertan ari zara zu hemen?

        Lamak erruki-ontzia luzatu zion oharkabean.

        — Jainkoak madarika ditzala sinesgabe guztiak! —esan zuen Mahbubek—. Nik ez diot ezer emango tibetar zorritsu bati; baina eskaiezu nire baltiarrei, hortxe daude gameluen atzean. Horiek aprezia ditzakete zure bedeinkapenak. Hara, mutilak, hemen daukazue zuen herriko bat. Begira ezazue ea goseak dagoen.

        Zankalatraba zegoen baltiar burusoil bat, zaldiekin etorria eta izenez bigarren mailako budista edo zena, laudorioak esaten hasi zitzaion apaizari, eta soinu gutural itxiekin erregutu zion eser zedila morroiekin sutondoan.

        — Segi —esan zion Kimek, pixka bat bultzatuz, eta lama hara abiatu zen, Kim atariaren ertzean utzirik.

        — Segi! —esan zuen Mahbub Alik, pipa berriro hartuz—. Indiar txiki hori, alde hemendik. Jainkoak madarika ditzala sinesgabe guztiak! Eskatu zure fedekoak diren nire zerbitzariei.

        — Maharaj —esan zuen Kimek intzirika, trataera indiarra erabiliz, eta egoera harekin galanki disfrutatuz—; aita hil egin zait; ama hil egin zait; huts-hutsik daukat sabela.

        — Zaldien artean dauden nire gizonei eskatzeko esan dizut. Izango da hindurik nire zerbitzarien artean.

        — O, Mahbub Ali, hindua al naiz bada ni? —esan zion Kimek ingelesez.

        Merkatariak ez zuen harridura keinurik egin, aldiz, kopeta zimurtuta begiratu zion.

        — Mundu osoaren Adiskide hori —esan zuen— zer da hau?

        — Ezer ez. Gizon santu horren dizipulu naiz orain; eta erromes goaz elkarrekin, Benaresera, dio berak. Erotu samarra dago, eta ni nekatuta nago Lahorez. Ur eta haize freskoak behar ditut.

        — Baina norentzat egiten duzu zuk lan? Zergatik etorri zara nigana? —susmo txarra adierazten zuen ahotsak.

        — Nora joko dut bestela? Ez daukat dirurik. Ezin da bidaian dirurik gabe ibili. Zuk zaldi asko salduko dizkiozu ofizialei. Oso zaldi ederrak dira, berri horiek: ikusi egin behar ditut. Emadazu rupia bat, Mahbub Ah, eta aberasten naizenean itzuliko dizut.

        — Um —esan zuen Mahbub Alik, presaka pentsatuz—. Orain arte ez didazu sekula gezurrik esan. Deitu lamari... eta zu egon hor atzean, ilunpetan.

        — A, berdinak izango dira gure istorioak.

        — Benaresera goaz —esan zuen lamak, zaldi tratulariak egiten zizkion galderen zentzua ulertu bezain azkar—. Mutikoa eta biok, eta ni Ibai jakin baten bila noa.

        — Hori baliteke. Baina mutila?

        — Dizipulua dut. Bidali egin didate, uste dut, Ibai horretara gida nadin. Kainoi baten azpian nengoen eserita bera bat-batean agertu denean. Gertatu izan zaizkie halako gauzak gidaritza eskaini zaien zoriontsuei. Baina orain gogoratzen dut, mundu honetakoa zela esan du, hindua.

        — Eta izena?

        — Hori ez diot galdetu. Ez al da bada nire dizipulua?

        — Lurraldea, arraza, herria? Mahomatarra, sija, hindua, jama, beheko kastakoa ala goikoa?

        — Zergatik galdetu behar nion halakorik? Ez da ez goikorik ez behekorik Erdiko Bidean. Nire chela bada, eta halaxe da, kenduko ote dit bada inork? Izan ere, begira, bera gabe ez naiz nire Ibaia aurkitzeko gauza izango —buruari eragin zion handikiro.

        — Ez dizu inork kenduko. Segi, eseri nire baltiarrekin —eta lama aldendu egin zen, agindu hark lasaituta.

        — Ez al dago erotuta? —esan zuen Kimek, berriro argitara etorriz—. Zergatik esan behar nizun nik gezurrik, haji?

        Nargileari tiraka aritu zen Mahbub isilik. Gero hizketan hasi zen, xuxurlatzen ia:

        — Benareserako bidean dago Umballa, egia baldin bada hara zoaztela biok.

        — Hara! Esan dizut ez dakiela gezurrik esaten... gu biok dakigun bezala.

        — Eta zuk Umballaraino mezu bat eramaten badidazu, emango dizut dirua. Zaldi batekin du zerikusia; Pasabideetatik itzuli nintzen azken aldian ofizial bati saldu nion hazitarako zaldi zuri bat. Baina... hurbildu zaitez eta jaso eskuak, eskean ari bazina bezala. Baina hazitarako zaldi zuriaren pedigria ez zen behar bezala osatu, eta ofizialak hori garbi uzteko eskatu zidan. Umballan dago orain. (Mahbubek zaldia eta ofizialaren itxura deskribatu zituen). Beraz, hauxe izango da ofizial horrentzako mezua: «Osatuta dago hazitarako zaldi zuriaren pedigria.» Horrela jakingo du nire partetik zoazela. Berak esango dizu orduan: «Nolako frogak dauzkazu?» eta zuk erantzungo diozu: «Mahbub Alik eman dit froga».

        — Eta hori dena hazitarako zaldi zuri batengatik —esan zuen Kimek barre txiki bat eginez, begiak distiratsu.

        — Predigria orain emango dizut, neure erara, eta baita aholku batzuk ere —itzal bat igaro zen Kimen atzetik, eta jatera zihoan gamelu bat. Mahbub Alik ahotsa jaso zuen.

        — Alaren izenean! Zu al zara hiriko eskale bakarra? Ama hilda daukazu. Aita hilda daukazu. Halaxe gertatzen zaie denei. Tira, tira... —lurrean bila hasteko bezala jiratu zen eta opil bigun, koipetsu bat bota zion mutilari—. Segi, eta gaurkoz egin lo nire morroiekin. Zuk eta lamak. Bihar agian emango dizut lanik.

        Alde egin zuen Kimek, hortzen artean zeramala ogia; espero zuen bezala, ogi barruan zetazko paper pusketa bat aurkitu zuen tolestuta eta ulean bilduta, hiru zilarrezko rupiekin... sekulako eskuzabaltasuna. Irribarre eginez, larruzko kutun-kutxan sartu zituen dirua eta papera. Lama, Mahbuben baltiarrek emandakoarekin bapo janda, lo zegoen ordurako kortako bazter batean. Kim aldamenean etzan zitzaion, barrez. Bazekien mesede bat egin ziola Mahbub Aliri, eta une batez ere ez zuen sinetsi zaldiaren pedigriaren istorioa.

        Baina Kimek ez zuen susmatu ere egiten Mahbub Ali, Punjabeko zaldi merkatari onenetakotzat jotzen zutena, tratulari aberats eta ekimen handikoa, zeinen karabanak iparreko mugak baino askoz harantzago sartzen baitziren, Indiar Segurtasun Ministerioan zegoela C25 IB kodearekin erregistratuta. Urtean bi edo hiru bider C25-k istorio txiki bat bidaltzen zuen, gaizki adierazia baina guztiz interesgarria, eta orokorrean —R17 eta M4-ren istorioekin alderatzen zuten—, egiazkoa. Istorioek mendiko era guztietako printzerriekin zuten zerikusia, ingelesak ez ziren esploratzaileekin, eta arma salerosketarekin; laburrean, Indiar Gobernuak bere jardunaren oinarrirako daukan «jasotako informazio» ugariaren zati txiki bat osatzen zuten. Baina, ez aspaldi, elkarturiko bost erregek, zertan elkartu ez zutenak, Iparreko botere atsegin baten bitartez informazio interesgarria jaso zuten, informazioa atera egiten zela beren lurraldeetatik alegia. Hala bada, errege horien lehen ministroak haserretu egin ziren, eta neurriak hartu zituzten, ekialdekoen eran. Susmo txarra hartzen zioten, beste askoren artean, bizar gorriko zaldi merkatari handiari, zeinen karabanek aurrera egiten baitzuten lurralde bakartietan, zaldiak elurretan sabeleraino sartuta. Bi bider gutxienez izan zituen enboskadak eta bitan disparatu zioten itzulerako bidean urte hartan, Mahbuben gizonek hiru gaizkilez arduratu ziren arte, lan hartarako alokatuak izan zitezkeelakoan. Hartaz, nahiago izan zuen Mahbubek Peshawar hiri zikinean gelditu gabe Lahoreraino segidan joan, han, bere herrikideak ezagutuz, gertaera bitxiak espero baitzituen.

        Eta bazen gauza bat Mahbub Alik behar baino denbora luzeagoz gainean eduki nahi ez zuena, zetazko paper puska bat, arduraz tolestua, ulean bildua; txosten inpertsonal bat, zuzenbiderik gabea, bost zulo ia ikusiezin zituela ertz batean, eta argi ta garbi salatzen zituenak bost errege elkartuak, Iparreko botere atsegina, Peshawurreko bankari hindu bat, Belgikako arma enpresa bat, eta hegoaldeko agintari mahomatar garrantzitsu eta erdi-independente bat. Azken hori R17ren lana zen, baina Mahbubek Dora pasabidea baino harantzago jaso zuen eta R17-ren ordez ekarri, hark, egoera zela eta, ezin baitzion bere begiralekuari utzi. Dinamita gauza samurra eta kaltegabea zen C25-aren txostenaren aldean; eta Ekialdeko batek ere, denboraren balioaz Ekialdeko irizpideak izanda, ikus zezakeen zenbat eta azkarrago esku egokietan egon hura, askoz hobeto izango zela denentzat. Mahbubek ez zuen bortxaz hiltzeko aparteko desiorik, oraindik ere bukatu gabeak baitzeuzkan muga baino harantzagoko bizpahiru sendi mendeku, eta hura amaitutakoan asentatzeko asmoa baitzeukan, hiritar bertutetsu samar bezala. Bi egun lehenago heldu zenetik ez zuen bazarreko ataria gurutzatu; baina Bombayra telegramak bidaltzen nabarmendu zen, hango bankuetan gordetzen baitzuen bere diruaren zati bat; Delhira, non bere taldeko lankide batek zaldiak saltzeri baitzizkion Rajputanako ordezkari bati; eta Umballara, non ingeles batek zaldi zuri baten pedigria eskaka jardun baitzuen. Idazkari publikoak, ingelesa zekielarik, telegrama zoragarriak osatzen zituen, esate baterako: «Creighton, Laurel Bankua, Umballa. Zaldia arabiarra esan bezala. Sentitzen dut pedigri atzeratua, itzultzen ari naiz.» Eta geroago zuzenbide berera: «Asko sentitzen atzerapena. Bidaliko pedigri.» Delhiko lankideari telegrama hau bidali zion: «Lutuf Ullah. Bidaliak bi mila rupia zure kontura, Luchman Narain bankua.» Horiek denak merkataritza kontuak ziren bete-betean; baina telegrama horietako bakoitza behin eta berriro eztabaidatzen zuten interesaturik zeudela uste zuten batzuek, telegramak baltiar txoro baten eskuetan posta bulegora heldu baino lehen, baltiarrak era guztietako jendeari uzten baitzizkion bidean irakurtzen.

        Mahbuben beraren hizkera bitxian esateagatik, galdekizunen putzuak arduraren makilarekin zikindu zituenean, Kim heldu zitzaion, zerutik etorria; eta, eskrupulu gabea bezain erabakigarria izanik, Mahbub Alik, ohituta baitzegoen era guztietako arriskuetan ibiltzen, berehala hartu zuen mutila bere zerbitzuan.

        Lama ibiltari batek behe kastako mutiko zerbitzari batekin une bateko interesa sorraraz zezakeen Indian barrena, erromesen lurraldean, ibiltzerakoan; baina inork ez zien susmo txarrik hartuko, edota, garrantzitsuagoa zena, ezer lapurtuko.

        Ikatz berria eskatu zuen Alik nargilearentzat, eta hartan pentsatzen jardun zuen. Okerrena gertatuta ere, eta mutikoari kalteren bat gertatu, paperak ez luke inork salatuko. Eta bera lasai joango zen Umballara eta, nahiz eta susmoak sorrarazteko arriskuren bat izan, zegokion jendeari ahoz berresango zion bere istorioa.

        Baina R17-ren txostenean zegoen arazoaren giltzarria, eta hura bere lekura ez heltzea kaltegarria litzateke dudarik gabe. Nolanahi ere, handia da Jainkoa, eta Mabhub Aliri iruditu zitzaion eginda zuela ordura arte egin zezakeen guztia. Kim zen mundu honetan sekulan gezurrik esan ez zion lagun bakarra. Hori barkaezina litzateke Kimentzat Mahbubek jakingo ez balu besteei, bai bere helburuetarako, bai Mahbuben gauzetarako, ekialdetar batek bezalakoxe gezurrak esan zitzaizkiekeela Kimek.

        Orduan Mahbub Alik Arpien Atariraino gurutzatu zuen Serai-a, non emakumeek begiak margotu eta ezezagunak harrapatzen baitituzten, eta, ederki kostata, Kashmirreko pundit bizargabe baten adiskide berezia zen neska bati —bai baitzuen hori pentsatzeko arrazoirik—, egin zion bisita; pundit hark bere baltiar inozoa gelditu zuen telegramak zirela eta. Gauza guztiz burugabea izan zen hura; izan ere, brandy usaintsua edateari eman zioten biek Igarlearen Legearen aurka: Mahbub Alik mozkor galanta harrapatu zuen, ahoaren ertzak zabaldu zitzaizkion, eta Gozamenaren Lorearen atzetik ibili zen mozkorraldiaren oinekin kojin artean seko erori zen arte; eta han Gozamenaren Loreak, Kashmirreko pundit azal leun baten laguntzaz, xeheki miatu zuen burutik oinetaraino.

        Ordu beretsuan Kimek oin-urrats bigunak entzun zituen Mahbuben gela hutsean. Zaldi merkatariak, gauza harrigarria, atea giltzapetu gabe utzi zuen, eta morroiak berriz lanpetuta zeuden Indiarako itzulera ospatzen, Mahbuben eskuzabaltasunaren lekukotza ematen zuen arkume batekin. Delhiko gizon gazte dotore batek, Loreak konorterik gabekoaren gerrikotik hartutako giltza sorta batez hornituta, Mahbuben jabetza ziren kaxa, fardel, poltsa eta zaku guztiak arakatu zituen banan bana, Loreak berak eta pundit-ak guzti haien jabe zena baino hobeto miatuz dena.

        — Eta nire ustez —zioen ordubete beranduago Loreak mesprezuz, ukondo biribila oraindik zurrungaka zegoen Aliren gainean zuela—, hau afganiar zaldi-merkatari zerri bat da huts-hutsik, emakume eta zaldietan baizik pentsatzen ez duena. Gainera, bidali ahal izan du dagoeneko... inoiz horrelakorik izan bada.

        — Ez... Bost Erregeekin zerikusirik duen kontu batean, bihotz beltz horren ondoan edukiko luke —esan zuen pundit-ak—. Ez al zegoen ezer?

        Delhiko gizonak barre egin zuen eta durbantea jarri zuen itzultzerakoan.

        — Zapatilen zoruak miatu ditut, Loreak arropak miatu dizkion bezala. Hau ez da, besteren bat da. Ez dut ezer utzi erreparatu gabe.

        — Ez zuten ziur esan hau zenik gizona —esan zuen pundit-ak pentsakor—. Zera esan zuten, «Begira ezazu ea hori den gizona, gure aholkulariak kezkatuta daude eta».

        — Iparreko lurralde hau zaldi merkatariz josita dago, beroki zabar bat zorriz bezala. Horra hor Sikandar Khan, Nut Ali Beg, eta Farrukh Shah, denak kafila (karabana) gidari, lurralde horietan lanean —esan zuen Loreak.

        — Oraindik ez dira etorri —esan zuen pundit-ak—. Geroago harrapatu beharko dituzu.

        — Hara! —esan zuen Loreak nazkaz, Mahbuben burua magaletik kenduz—. Ederki irabazten dut nik dirua. Farrukh Shah hartza da, Ali Beg gaizkilea, eta Sikandar Khan zaharra... Ederra hori! Ospa hemendik! Lo egin behar dut orain. Zerri honek egunsentira arte ez du txintik aterako.

        Mahbub esnatu zenean, oso serio mintzatu zitzaion Lorea mozkorkeriaren bekatuaren gainean. Asiarrek ez dute keinurik egiten etsaiari irabazi diotenean, baina Mahbub Alik eztarria garbitu, gerrikoa estutu eta balantzaka abiatu zenean goizaldeko izarren azpian, hartatik oso hurbil ibili zen.

        — A zer trikimailu kaskarra! —zioen berekiko—, Penshawurreko neska guztiek horixe bera erabiliko ez balute bezala! Baina hau oso poliki egin dut. Jainkoak daki zenbat gehiago ez ote diren izango Bidean ni miatzeko aginduekin, labanaz beharbada. Beraz, mutilak Umballara joan beharra dauka, eta trenez, idazkia larria da eta. Ni hemen egongo naiz, Lorearen atzetik ibiliz eta ardoa edaten, afganiar tratulari petralek egin behar duten bezala.

        Berearen hurrengo gelan gelditu zen. Hantxe zeuden bere gizonak, lo seko. Ez zen ageri ez Kim ez lamaren arrastorik.

        — Gora! —lo zegoen bat mugitu zuen—. Nora joan dira bart hemen zeudenak, lama eta mutila? Zerbait falta al da?

        — Ez —murmurikatu zuen gizonak—, agure ero hori bigarren kukurrukukuarekin jaiki da Benaresera zihoala esanez, eta gazteak kanpora eraman du.

        — Alak madarika ditzala sinesgabe guztiak! —esan zuen Mahbubek bihotz-bihotzez, eta bere gelara igo zen, ahopetik murmurikatuz.

        Baina Kimek esnatu zuen ordea lama; Kimek ikusi zuen, begi bat oholen zuloan jarrita, Delhiko gizona kutxak arakatzen. Ez zen hura lapur arrunta, gutunak, fakturak eta zaldi-zelak miatzen, ezta laban txiki bat Mahbub-ren zapatilen zoruetan sartzen, edo horrelako trebeziaz zakuen josturak irekitzen. Hasieran alarma ematea bururatu zitzaion Kimi, oihu luzea, cho-or-choor! (lapurra! lapurra!), Serai-gauez argitzen duena; baina ardura handiagoz begiratu zuen, eta, eskua kutun-poltsan jarrita, bere ondorioak atera zituen.

        — Zaldiaz asmatu duten gezur hori da noski —esan zuen—, Umballara daramadan gauza. Hobe dugu orain joatea. Poltsak labanaz arakatzen dituztenak sabelak labanaz arakatzeko gauza izan litezke gero. Emakumeren bat izango da segur aski guzti honen atzean. Aizu! Aizu! —xuxurlatu zion lo arineko agureari—. Goazen. Garaia da, Benaresera joateko garaia.

        Lama zintzo-zintzo altxatu zen, eta itzalak bezala irten zuten Seraitik.

 

 

 

© Rudyard Kipling

© itzulpenarena: Koro Navarro

 

 

"Rudyard Kipling / Kim" orrialde nagusia