Rudyard Kipling

 

        Rudyard Joseph Kipling Bombay hirian jaio zen, 1865ean. Aita, John Lockwood Kipling, Lahoreko Museoaren azkeneko arduradun britainiarra izan zuen. Bost urte bete arte bizi izan zen Indian; adin horretan Londresera bidali zuten, ikasketak egitera, 17 urte bete arte. Urte horietan bakarrik eta triste bizi izan zen bere guraso ordekoekin. Garai horretako esperientziak jasotzen ditu Stalky and Co. nobelan (1899). 1882tik 1989ra bitartean kazetari lanean aritu zen Indian. Urte batzuk Estatu Batuetan igaro eta azkenik Sussex-en hartu zuen bizilekua 1902an.

        Kiplingen ospea bere narrazio laburretatik eta bertsoetatik datorkio batez ere. Indiako britainiarren bizitza dute gai nagusia, eta horrekin batera oihaneko bizitza, militarrena, itsasoa. Mila xehetasun jasotzen ditu eguneroko bizitzatik, goibeltasunezko jarrera estoikoa du existentziaren aurrean; bere idatzietako hizkuntzari dagokionez, ekonomia ongi neurtua du ezaugarria.

        A Departmental Ditties and Other Verses (Departamenduko kantinelak eta beste bertso batzuk, 1886) ondoren bere narrazio bikainenetako batzuk argitaratuko zituen: Plain Tales fron the Hills (Muinoetako ipuinak, 1888). Kontakari labur sail baten ondoren, 1890ean The Light That Failed (Argiak huts egin) nobela argitaratu zuen. 1901ean Kim nobela hau argitaratu zuen.

        Bere poema liburuen artean aipatzekoak dira Barrack-Room Ballads (Koarteleko baladak, 1892), The Seven Seas (Zazpi itsasoak, 1896) eta Recessional (1897). Narraziogintzan, aipatuez gainera Just so Stories (Horrelaxe alegia, 1902), Puck of Pock's Hill (Pock mendiko iratxoa, 1906), Rewards and Fairies (Hadak eta sariak, 1910), Land and Sea Tales for Scouts and Guides (Lur eta itsasoko ipuinak scout eta gidarientzat, 1923), Debits and Credits (Kargak eta kredituak, 1926), Limits and Renewals (Mugak eta berrikuntzak, 1932) aipatu beharko lirateke. Bera hil ondoren, hala ere, Something of Myself for My Friends (Nire zerbait nire lagunentzat, 1937) argitaratu zen.

        1907an Literaturako Nobel Saria irabazi zuen. Kipling-en narrazioek arrakasta eta ospe handia izan zuten irakurleen artean. Gaur egun, ordea, bere narrazio laburrengatik eta olerkiengatik baino ezagunagoa da haur literaturaren artean argitaratzen diren bere obra handiengatik: The Jungle Book (Oihaneko Liburua), marrazki bizidunetan zinera eramana, eta Kim.

 

 

 

© Koro Navarro

 

 

"Rudyard Kipling / Kim" orrialde nagusia