XIII

 

        Berrogeita zortzi ordu egin zituzten Globo hoteleko gelan, inorekin zertu nahi izan gabe. Hirugarren egunean, irten eta Basidi Hezurreko bentara joan ziren zalgurdi batean, maletak-eta jasotzera. Zerua hodeiez estalirik zegoen, eta negu-neguan adinako hotza egiten zuen. Martin ez zegoenez, Shtiefenek berak lagundu zien gauzak zalgurdira igotzen, ia hitzik esan gabe. Grabatzeko aparatua, hondatua eta baliorik gabeko txatar bihurtua orain, han utzi zuten, eta baita bobina gehienak ere. Osoago ziruditen zintak hartu edo ez egon ziren, haietan zerbait grabaturik geratu izango zelakoan, baina...

        — Ez, utz ditzagun —esan zuen Willyk azkenean—. Ez diat uste ezertarako beharko ditugunik.

        Behin eta berriz igurtzitzen zituen begiak, eta ezer esaten ez bazuen ere, ostera lausotu egin zitzaizkiola konturatu zen Max. Izan zen triskantzan kolirio flaskoa ere hautsi ziotenez, ezin izan zuen tratamendua segitu eta okerrera egin zuen haren bistak.

        Zalgurdira igotzean, burua bentako aterantz itzuli zuten azkeneko aldiz, eta iruditu zitzaien ateko idazki erdi ezabatuak ahazmenaren eta utzimenaren errainu bat-edo zabaltzen zuela inguruetan. Mugimendu edo zarata orok areagotu egiten zien guztia betiko galdu izanaren samin bizia. Hurbilduak ziren Homeroren enigmaren giltza eskueran izateraino, baina heltzeko momentuan, ihes egin zien eskuetatik, hutsagatik, oso gutxigatik. Behin baino gehiagotan esan zioten elkar animatzearren batak besteari, itzuliko zirela berriro hurrengo urtean, edo handik urte batzuetara, ikerketa hutsetik hasteko; ongi asko zekiten ordea ezetz, hori ez zela egia, ez zirela hara sekula itzuliko. Zeren, itzulita ere, ez baitzuten han rapsodarik aurkituko, eta aurkitzekotan ere, bakan batzuk aurkituko zituzten eta gainera gorrak, eta ordurako ahaztearen hautsak estaliak egongo ziren haiek ez ezik azkeneko laboratorio hura bera ere. Jadanik egina zuen epopeiak mundu honetako bizialdia, eta bildu ere kasualitate hutsez bildu ahal izan zituzten, sekula betiko iraungi aurretik, zerizkion azken txinpartak. Bildu bai, egin zituzten, eta baita atzera galdu ere. Ilunabarraren beloak estalia zuen betiko epikaren lurraldea.

        Bai, hala zen: eroria zen han gaua, sekula betiko. Haiek behintzat, elkarri aitortu nahi ez bazioten ere, ez baitzuten imajinatzen halako beste bisitarik, ez bazen bizia erabat galdu ondoren jadanik hoztua egongo zen lur globo batean zehar, zeinean ozta-ozta bereiziko baitziren, errautsen artean, Itsu Handiaren makilaren arrastoak, gordetzen zuen sekretua argitzen alfer-alferrik saiatu ziren harenarenak.

        Horiek ziren zalgurdia N...ko hirira hurbilduz zihoan bitartean zerabiltzaten burutazioak. N...ko hirian geratuko ziren gero asteburua arte, hiriburura eramango zituen autobusaren zain.

        Aurreko aldian bezala egin zuten, ez ziren hoteleko gelatik irten eta ez ziren inorekin zertu. Hoteleko bertako bi pertsonarekin tratatu zuten azkena, nagusiarekin eta Tsute Beltzarekin, maletazalearekin. Tsute Beltza, haien puskak geltokiraino eraman ondoren, joan zen tabernara —berak ere ez zekien zergatik—, edan zuen arrailtzeraino, eta bere lehenengo emazteaz hitz egiten hasi zen, artean inoiz egin ez zuen gauza.

 

 

        Igaro ziren egun batzuk. Aste hura ere beste asko bezalakoxea zen hiri txiki harentzat, ezer berezirik gertatzen ez den horietako aste bat, leku hartako klimari zegokion baino euri gehiago ari zuela ematen bazuen ere. Dena dela, euri hura egoki zetorren hiri txiki harekin, eta ez bakarrik zuen arkitekturarekin, baita hango bizitzeko moduarekin ere, nolabait esateko. Euriak, bere tanta hots monotono harekin, jendeari zeraman zamapetik irteten eta bazterturik bizi beharraren patura moldatzen-edo lagundu nahi ziola zirudien.

        Egia esan, hasieran halako itxurarik ez bazuen ere, ezarian-ezarian aparteko zenbait gertaera ekarri zuen negualdi hark: zientzilari erbestetarren helduera; handik hara jendea N...ko hiria Homerorekin nahastea eta andrazkoak txutxu-mutxuka eta asmaziotan hastea; Basidi Hezurreko enigmak eta ingelesa zekien espioia; bentako eraso misteriotsua eta katea odolduak; hiriburutik kazetari andana bat iristea... Gertaera asko N...koa bezalako hiri koskor batentzat, are gehiago denak urte sasoi berean bildu zirela kontuan izanez gero.

        Orain ordea baretuz zihoan aztoramen hura guztia. Lehen fantasiazko eromen haren kontra agertu zirenek, gainerakoen presioari amore eman beharrez, hala zioten orain, ozen eta irmo, hiriko kafeetan: «Ederki egin zaigu, jaunok! Zer premia genuen guk, hiri honen izena orain dela lau edo bost mila urte hil zen morroi batenarekin nahasteko? Asmatzera jarrita, asma al zitekeen kirtenkeria handiagorik? Izan balitz tomate saltsa egiteko fabrika bat, edo aspaldi honetan hainbeste aldiz aipatu diguten ur beroko bainuetxe hori zabaltzeko, bego, baina beste hark..., hark ez zuen zentzurik. Abertzalekeria erromantikoa! Idolatria zaharkitua! Mamu bat hedez lotu nahi izatea, azken batean! Zer eta mamu bat, mamu itsu bat, gainera!».

        Patxadaz buruak mugitzen zituzten entzuleek, esanez bezala: «Egia da, nolaz izan ginen gu hain txoriburu! Nolaz ez ginen horretaz jabetu! Mamu itsu bat, aizue, jainko potoloa! Tira, eskerrak horretan bukatu ziren kontuak, eta ez ziren bide okerragoetatik abiatu...».

        Horra zer pentsatzen zuen jendeak, baina ez N...ko ginekologoak, zeina, egun hartan, ostegun arratsaldea, etxeko lehenengo solairuan aurkitzen baitzen —parte bat klinika pribatu gisa moldatua baitzuen han—, leiho handiren aurrean, kanpora begira. Hankak putzuetan ez sartzeko oso kontu eginez, kale estuan behera zihoan euripean, aztertu berri zuen emakumearen silueta.

        Bazen orain, sendagilearen aurpegi obalatuan, non edo han kokotsaren eta goiko ezpainaren artean (berez luzexkoa izanik, hazpegien proporzioak ere itxura normalekoenak ez bezalakoak baitziren aurpegi hartan), irribarre moduko zerbait, hala zalantzaren eta ironiaren arteko keinu bat bezala nola aspaldidanik nahi eta azkenean asea izan den jakin-min morboso bat bezala ere har zitekeena.

        Ez, ez zen erbestetarrak N...ko hiritik pasa izanak utzi zituen arrastoak ezabatzea gauza erraza izango.

        Barrura begiratzean, mahai zuriaren gainean zituen mediku tresnen ñirñir hotza atzeman zuen. Ez, erbestetarren egonaldiak emakume haren barruan utzi zituen ondorioak ezabatzeko, adibidez, sabela ireki beharko zitzaion tresna haiekin.

        Sinestezina, gero!, egin zuen bere artean, berriz ere jadanik emakumea desagertua zen kale esturantz begiak zuzenduz. Zenbat eta zenbat urte ez ote zen egon, hura klinikara noiz agertuko zain! Udak joan neguak etorri, eta esaten zion bere buruari: «Ez du suprefeta inoiz engaina lezakeen itxurarik!».

        Baina agertu egin zen azkenean, etorriko zen esperantza guztiak galduak zituenean, gainera. Eta berak espero bezala, haurdun zegoen.

        Masailak gorri-gorri entzun zituen ginekologoaren hitzak: «Haurdun zaude, andere». Eta medikua esplikazioak eskatzen hasi baino lehen, bien artean aspaldidanik itun isil bat bailegoen, hitz egiten hasi zen Daisy. Ez, ez zuen gertatua ezkutatzeko asmorik, zertarako ezkutatu, gainera. Ez zion ezer gordeko. Abentura bat izan zuen ikerlari homerozale haietako batekin, glaukomak jota zegoenarekin, hain zuzen... Horiek izan ziren gutxi gorabehera, presaka janzten ari zen bitartean eta jada begiak aterantz zuzendurik, ia era automatikoz, buruz ikasiak bailituen jaulki zizkion hitzak, eta ez zion erantzun ez «Noiz egin nahi zenuke abortatzeko operazioa?» galderari, eta ezta, azkena jaulki zion beste «probintzietako mediku arrunt bat naizen arren, badakit gentleman gisa portatzen, eta zaude lasai, zure senarrak ez du sekula ezer jakingo-eta» hari ere.

        Ikusten...?, esan zuen sendagileak, oraindik ere beirate euri tantaz lausotuaren aurrean zutik. Nork pentsa horrelako gauzak gerta daitezkeenik bazter probintzietan. Eta, hezetasunak zuzperturiko erreuma zahar bat bailitzan, damua sentitu zuen, leihoa euri tantek bezala bere mediku karrera luzea titakatu zuten gertaera guztiak paperean jaso ez izanaren damua.

 

 

        Willy Norton eta Max Roth ere egun hartan bertan izango ziren, larruzamarretan bildurik, Durres-Bari joan-etorria egiten zuen bidaiari baporean, nola Albaniako kosta pixkana-pixkana urruntzen zen, ontzitik begira. Ikusi-ikusi, Maxek bakarrik ikusten zuen, zeren besteak ez baitzuen jadanik ezer bereizten. Baporea irten zain eman zuten aste betean, berriz ere laguna begietako botika hartzen has zedin konbentzitzen saiatu zen Max, baina oso kasu gutxi egin zien Willyk haren aholkuei. Behin bakarrik esan zion, baina fatalismo dosi handia igartzen zen tonu batean orduan ere, New Yorkera iritsi orduko arduratuko zela begiak zaintzeaz.

        Lagunaren aurpegia ikusita, dena bertan behera utzi beharko ez ote zuten ideiak berarengan ere etsipen moduko bat sortu zuela gogoratu zitzaion Maxi. Homeroren mendekua... Burutik uxatzeko ahaleginak egin arren, isilgordeka gogoan barrentzen ari zitzaion ideia hura. Hala zigortzen ote zituen Itsu Handiak haren enigma argitzen saiatzen zirenak?

        Ikara ematen zion hartan pentsatze hutsak. Ez bazen, behintzat, gau homerikoan sartu ahal izateko ikusmena galtzea ezinbestekoa.

        Gogoeta ilun hura aldendu nahia adierazten zuen mugimendu bat egin zuen, eta ontziratu aurretik portuan erosi zuen egunkaria poltsikoan zuela oroitu zen orduan. Atera zuen poltsikotik, eta haizeak eraman ez ziezaion esku batez eusten saiatuz, esan zion Willyri:

        — Hara! Gurea aipatzen ditek hemen...

        — A, bai?

        Aurkitu zuten txoko bat haizearen babesean, eta Max irakurtzen hasi zen, bere golkorako.

        — Aurki hasiko duk gaizkileen aurkako epaiketa —esan zuen handik gutxira, irakurtzeari utzita—. Hipotesi interesgarri bat agertzen duk erasoa nork bultzatu zuen esplikatzeko.

        — Bai? Zer diote?

        — Serbiarrak aipatzen ditiztek hemen —esan zuen gero Maxek, eta haizeak egunkaria eraman ez zezan esku batez hura tolestatzen saiatu zen.

        — To! —egin zuen Willyk—. Gogoratzen al haiz on puska itxurako eremutar hartaz?

        Esku artean egunkaria errenditu ezinik zebilen Max.

        — Baina entzun, entzun zer dioen aurreraxeago: «Ez da hau eslabiar chauvinistek Albaniako kulturaren antzinatasuna aztertzen saiatu izan diren zientzilariak jipoitu dituzten lehenengo aldia. Albaniarrak jatorriz iliriarrak direla entzutean, bekaizkeria eta basakeria amorratu bat sartzen zaie, eta hori Balkanetako lurraldeetan oso zabaldua dago gaur egun, tamalez». Hum... Begira zer dioen gero. «Zuzenean edo zeharbidez, gai hori aztertzen duen edonor etsaia da haientzat. Duela hamar urte Zagrebeko kale ilun batean Milan Shuflaja jugoslaviar jakintsua burdinazko barra batez jo eta hil zuten haien eskuek ez zuten, beraz, orain ozeanoz bestaldetik etorritako bi homerozale horiek kolpatzean zertan dardar egin».

        Willyk lokietako batera eraman zuen eskua, hartutako zartakoagatik oraindik minez zeukan-eta.

        — Hara, erdiko orrialdeetan ere zer edo zer esaten ditek gutaz —esan zuen Maxek.

        Han zioena irakurri bitartean dardarka bezala mugitzen zitzaizkion bekokiko zimurrak. Burua mugitu zuen bizpahiru bider, irribarre egitear egon zen une batez, eta «Harrigarria!», xuxurlatu zuen.

        — Zer? —galdetu zion Willyk.

        — Harrigarria, Willy! —esan zuen berriro Maxek, begiak egunkaritik altxatu gabe—. Aurkitu nahi genuen epevent hura, ba... hementxe zagok. Ba al dakik zein duen gaia? Hau bai dela harrigarria! Pentsa daitekeen gertaerarik berriena! Gu geuroi buruzko poema epiko bat!

        — Zer ari haiz esaten?

        — To, ikustak! Ah, egia! Ezin dituk letrak bereizi-eta... Barkaidak, Willy, ahaztua nian. Hago, neronek irakurriko diat. Aprath beltz bat da itsasotik sortu. Horrela hasten duk.

        — Nola, zer diok? —esan zuen Willyk zezelka.

        — «Aprath beltz bat da itsasotik sortu...».

        — Zer arraio esan nahi dik aprath horrek? Ez diat ulertzen.

        — Aparatu hitza izango duk noski, albanieraren ahoskerara moldatua. Hori izango duk segur aski. Begira zer dioen ondoren:

 

                Aprath beltz bat da itsasotik sortu.

                Gure mesederako etorri dela diote batzuek;

                Dolua besterik ez duela ereingo, besteek.

                Erresiñol hormatuak berpizten dituela, zenbaitek;

                Arraioa! Lahutak hormatzen ditu-eta!, besteek...

 

        Maxek begiak jaso zituen, lagunaren harriduran parte hartu nahiz-edo. Oraindik ezin zuen sinetsi irakurri zuena.

        — Ba al da besterik? —galdetu zion Willyk—. Segi!

        Listua irentsi eta aurrera jarraitu zuen Maxek:

 

                Irten da Frok eremutarra harpetik,

                Zazpi urte egon den zulotik.

                Ona izan dela diote batzuek,

                Gaizkia bera, beste batzuek.

                Arranoa! Ez dio ba aprath-ari ekin,

                Odol beltza isurarazi,

                Erraiak banan-banan erauzi.

                Eta oihuka zeru-lurrak ikararazi...

 

        Maxek begiak altxatu zituen egunkaritik, Willyren aurpegian zer sumatzen zuen ikusi nahiz. Haren begiradan, ordea, ez zuen, azken bolada hartako axolagabetasun harengatik-edo, keinu igargaitz bat baizik aurkitu.

        — Gutaz ari dituk —esan zuen oharkabean albanieraz—. Gaizkiulertu trajiko bat, inondik ere!

        Hark ez zuen jada konponbiderik. Gaizkiulertu hura zela-eta, aurrerantzean unibertso enigmatiko hartako parte izango ziren haiek ere. Han ixten zen zirkulua. Itsasontziko sirenaren urruma luzea entzun zen gero. Max egunkaria irakurtzen hastera zihoan berriro, baina, bat-batean, Willyren aurpegian sumatu zuen aldaketak erakarri zion arreta. Itxura zenez, zerbait ari zen egosten aurpegi hartan. Zerbaitek barrurantz hurrupatzen zuela zirudien, eta ez zituela agerian, haren azal zahar haizeak zurratua eta begiak —itsutasunak jo duen ororenak bezala, estatua batenak ziruditen begiak— baizik utziko.

        — Aprath beltz bat da itsasotik sortu —xuxurlatu zuen Willyk.

        Pixka bat harriturik, «Zer esan nahi duk?» galdetu nahi izan zion Maxek, baina zentzurik gabeko galdera zela konturatu zen.

        Bat-batean, Maxi beste batena zela iruditu zitzaion keinu bat egin zuen Willyk: atera zuen larruzamarretik eskuineko eskua, jaso zuen aurpegiaren pareraino, zabaldu zuen, masail goienaren eta belarriaren artean jarri zuen esku ahurra, eta hatz muturrak garondoz goitik azaldu zituen, gandor baten modura. «Majekrah keinua!», egin zuen Maxek, baina ez zuen pentsamendua biribiltzeko betarik izan, zeren bien bitartean, ahots lau eta anonimo batez, arestian entzun zituen bertsoak kantatzen hasi baitzen Willy.

        Hitzez hitz errepikatu zituen denak, eta hain doinu monotonoan bilduak non denboran eta espazioan urrunarazten zituela baitzirudien.

        Jainkoarren!, egin zuen Maxek bere baitan. Gaixo zagok, hiltzera zoak...

        Heriotza hitza etorri zitzaion gogora bi bider, baina hitzak ez zuen orain lehenagoko zamarik. Oskol hutsa, beste zerbait biltzen zuen oskol bat besterik ez zen jadanik.

 

Tirana, 1981eko abendua

 

 

 

© Ismail Kadare

© itzulpenarena: Juan Mari Arzallus, Antton Olano

 

 

"Ismail Kadare / H. dosierra" orrialde nagusia