XII

 

        Bestela ere bere gelditasunean nahikoa errukarri zirudien begi nini hark are itxura errukarriagoa hartu zuen isurkari tanta garden hura gainera erortzean. Lehenengo tantaren ondoren beste bat isuri zen, eta beste bat gero, eta tanta bakoitzaren ondoren koliriozko mintz dardaratiaren atzean desagertzen zen begi ninia.

        Lau egunen buruan, eta ahalmen berezitako produktu merkaturatu berri bat zela medio (beren harridura handirako Tiranako farmazia batean aurkitu ahal izan zuten produktu bat, erregearen amak, bista ahuldu zitzaiolarik, atzerritik ekarrarazia nonbait), ikusmena pixka bat hobetzen zihoakiola sentitu zuen Willyk.

        Hari esker biak baikorrago sentitzen ziren orain, Willyren osasun egoeragatik nahikoa abaildurik egon ondoren. Egunetik egunera giroa hobetzen ikusteak ere izan zuen eraginik zuzpertze hartan. Hurrengo goizean, guztiz bizkorturik, hala egin zuen oihu Willyk:

        — Max, begira txori hura! Tontor Madarikatuetarantz zoak, ezta?

        Maxek leiho aldera itzuli zuen burua:

        — Hala zoak, bai. Zoragarria, Willy!

        Berehala harrapatu zuen Willyk Maxen azkeneko hitz hark bi zentzu zituela. Zoragarria zen berarentzat txori bat hega betean ikusi ahal izatea, areago norantz zihoan ere bereiztea. Eta zoragarria zen halaber, udaberria hurbil zela ere adierazten zuelako. Izan ere, urtearen gehienean, txori batek berak ere ez baitzituen Tontor Madarikatuak igarotzen. Beste zenbait arrazoiren artean horregatik ere esaten zitzaien Tontor Madarikatu.

        — Benetan zoragarria, Willy! —esan zuen berriz ere Maxek, eskua eskuaren kontra igurtziz.

        Eta mendietara buelta bat egiteko proiektu hura, Willyren gaixotasuna zela-eta une batez ia baztertu ere egin zutena, berriz ere egingarria iruditzen zitzaien orain. Zalgurdi bat aloka ziezaien eta, ahal izatera, Martini berekin joaten utz ziezaion, eskatu ere egin zioten Shtiefeni.

        Buelta hura izango zen egindako lan guztiaren errematea eta koroa. Hamaika rapsodaren helbideak zituzten; bigarren aldiz grabatuko zituzten haietako gehienen baladak, eta hirugarrenez batzuenak.

        Bestalde, eta oso logikoa ez bazirudien ere, bazuten oraindik, 1913az geroko gertaeraren baten harian, epopeiaren azken hondarrak aurkitzeko esperantza txiki bat ere. Baldin 1878. urteaz hamabi bertso eragin bazituen, eta 1913an, hogeita hamabost urte geroago, bost, zentzugabea al zen, orain, beste hogei bat urteren buruan, bizpahiru behintzat sortu ahal izango zituela espero izatea? Azken batean, epopeiaren antzinatasuna kontuan harturik, hamarraldi horiek, hain luzeak jendearen begietara, denbora apurrak baizik ez ziren, minutu batzuen gorabehera.

        Bazekiten alferrik zela halakorik espero izatea. Egia da 1913an epopeia bere lozorrotik irten zela ere, baina ezbehar lazgarri batek irtenarazi izan zuen orduan: Albaniako herriaren puskaketak, alegia. Eta Albaniako historiaren handik aurrerako garaia, berriz, ezin lauago eta hutsalago igaro baitzen. Ba ote zitekeen, gainera, hura baino garai aproposagorik epopeia bat desagertzeko?

        Gauza horietaz eztabaidan ari zirela, konturatu ziren, ez gutxi harriturik, gainera, epevent bat —garaian garaiko gertaera poema epiko bihurtuei esaten zieten horrela— noiz aurkituko zain zeudela artean ere.

        Epopeia hain zatiturik eta barreiaturik ikusteak bere garaian sortu zien larritasunak hura behar bezala sailkaturik aurkitzearen segurtasunari egin zion orain leku. Zegoen bezala denboran eta espazioan sakabanatua egonik ostadar adats, haize eta errauts besterik ez zen hura, hasieran inola ere ezin bilduzkoa zirudien hura, metalezko kutxa zenbakidunetan gorderik zegoen orain. Zaila egiten zitzaien batzuetan sakabanatu behar ikaragarri hura lotzera iritsi zirela sinestea.

 

 

        Ez zuen Daisyk lorategiko portaletik etxeko atariraino zihoan bidexka hura halako arretaz sekula begiratu izan. Euria ari zuen, eta distira estrainio ikaragarri bat zerien harlauzei. Ongi eta banan-banan ezagutzen zuen harlauza haietako bakoitza, ongi asko zekien haietako zeinek, koloka zegoelako, zipriztin ziezazkiokeen galtzerdiak euri egunetan, eta batean ere huts egin gabe saihesten zituen. Baina ez zituen hain goitik, etxeko bigarren solairutik, sekula arretaz begiratu, eta orain, bereizi ere nekez bereiziko zukeen haietako zeinek busti ziezaiokeen bere balantzarekin, gainetik igaro behar zuen ezezagunari, praka barrena.

        Ordu laurden bat barru iritsiko zen ingelesa zekien zelataria. Ezezagun bat etxean, goizeko hamaiketan, senarraren ezkutuan... Baina segundo gutxi iraun zion asaldurak. Eta bihotza doi bat garratz, gertakizunen irazkia osatu zuen bere buruan: Daisyk berak deituta zetorren ezezaguna, haren egitekoekin zerikusirik zuen asunto jakin baterako. Ez zitzaion mezu labur hura bidaltzeko erabakia hartzea gutxi kostatu: «Zurekin egon nahi nuke. Garrantzi handiko asuntoa da. Gure artean gera dadila, mesedez», zioen hitzez hitz mezuak.

        Aste bete lehenago, irlandarrekin Basidi Hezurreko bentan topatzeko saioak huts egin zionean erabaki zuen hala egitea. Eta Santa Maria elizako fresko bat ikusteko-edo iparraldeko errepidean zehar zalgurdiz egin zuen bidaia, eta zalgurdia bentaren aurrean geldiaraztea, baso bat ur eskatzeko aitzakian zalgurditik jaistea eta bentazainarekin zenbait hitz trukatzea, eta baita gero hirira itzultzea ere, zalgurdian noski, haiek guztiak benetako gertaerak bezala ez, baina erdi lotakoak bezala azaltzen zitzaizkion orain, buruan zirriborraturik.

        Zoritxarrez, atzerritarrekin egoteko ahaleginak huts egin zionez, egun batzuk eman zituen gero haiekin nola komunikatuko burua nekatzen. Bentazainak berriro zalgurdiz joaten ikusten bazuen susmo txarrak egingo zituen berarengatik; Postako zuzendariaren emaztearekin joaten, berriz, ez zen ausartzen. Mirabearen bidez, alegia, ingurukoetatik uste osoan zeukan pertsona bakarraren bidez mezu labur bat bidaltzeko asmoa ere ibili zuen buruan. Aukera hori hausnartzen ari zela, ordea, bat-batean harako agente iritsi berri hura etorri zitzaion gogora. Eta zuzenean harengana jotzen bazuen, zer? Azken batean, ez al zegoen ba haren eskuetan auziaren giltza, ez al zen hura korapiloaren alfa eta omega? Ideia polita iruditu zitzaion, proiektu ausart oro bezala. Nola ez: zelataria zen han gauza guztien gakoa zeukana. Erbestetarren esanak zuzenean iristen ziren haren belarrietara. Eta, zuten ingeles zoragarri hartan, beragatik hitz egin zuten edo ez, norengandik jakingo zuen harengandik ez bazen? My lord, my love... Azkeneko ideia horrek gainerako guztiak uxatu zizkion pixkana-pixkana. Nahiz eta artean bere buruari aitortu ez, konturatu bai, konturatzen zen, haiekin berriro egoteko gogoak gidatu zuela ekintza haietara eta baita zelatariari mezu hura bidaltzeko erabakia hartzera ere. Jakina, esaten zion bere buruari zituen argialdi bakanetan, kanpotarrak dira, ez dute inolako arriskurik. Baina berehala baztertzen zuen burutazio hura, eta gainerako denbora guztian, lorategiko portalea noiz zabalduko zain zegoen hartan berean ere, gauza batek betetzen zion gogoa: bai bata bai bestea hari esker ateratzen ari zirela arriskutik.

        Laster ziren hamaikak eta edozein momentutan ager zitekeen zelataria.

        Gero, gertaera hartaz berriz oroitzean, gizon hura iritsi zeneko unea bi moldetara irudikatuko zuen bere gogamenean.

        Batean ikusten zuen nola gizon hura astiro-astiro sartzen zen haren etxerantz, nola berak orpoz orpo segitzen zuen leihotik, begiez, haren urrats bakoitza, ralentian hartu diren pertsonaia baten mugimenduak bezala. Nola portaleko atea bultzatzen zuen, harlauza bustietan oina pausatzen zuen, atariko ezkila jotzen, eskailera igotzen, nola bien begiak aurrez aurre topatzen ziren, eta hitzok gero: «Andere, asko pozten nau zu zerbitzatu ahal izateak».

        Bestean ikusten zuen, berriz, nola bisitariak hegaldi batean bezala igarotzen zuen haren etxeko portaletik bigarren solairura arteko bidea, eta nola begiak ziztatzen zizkion gero, jakin-minez, erakarmenez eta are beste zerbaitez —segurantzia osoaren eta lotsagabekeriaren arteko beste zerbaitez— irazekirik. Zinez espioi baten begiak, arraietan!, pentsatu zuen. Eta hitzok esaten, gero: «Ohore handia da niretzat zu zerbitzatzea...».

        Berak irudikatu bezalakoa eta aldi berean oso bestelakoa zen espioi berria. Arriskuzko distira zerion haren ile beltz leunari, begietako gai berberez egina bailitzan. Ez zuen sekula begiak eta ileak halako harmonian zituen gizonik ikusi. Gortesau baten begirada zelatari begietan txertaturik. Begiratzeko moduagatik, zainak eman zion beraz hitz egiten harrapatu zituela atzerritarrak. Bai, bai, gibel asmoz beteriko begirada bat zen, sekretu batek lotzen dituen bi pertsonak ohi dutena bezalakoa. Orain ez zuen beragatik zer esan zuten hari lehenbailehen entzutea besterik nahi. Hain lotsatia izan ez balitz, bi aldiz pentsatu gabe eskatuko ziokeen: mesedez, kontaidazu lehenbailehen, entzun bezala, ingelesez (itzuliko didazu gero), nitaz esan duten guztia, den-dena.

        Ordea, bazekien bere gogoei eusten. Eta hartaz eta honetaz hitz egiten hasi zen, gaiari heldu gabe. Gerora, are eta lausoago gogoratuko zitzaion elkarrizketako zati hura. Eta ez zen ezer zehatzez oroituko ere, ez bazen, berak hitz egin bitartean, txinpartak zerizkiela haren begiei, etengabe haizarazten diren bi ilintiri bezala, eta hau esan ziola bere buruari: «Nik uste baino askoz gehiago daki honek nitaz».

        — Ezagutzen ditut hemen dabiltzan bi atzerritar horiek —esan zuen azkenik Daisyk ahopean—. Beharbada harrigarria irudituko zaizu nola ezagutu ditudan, baina... Kontua da...

        — Andere —eten zion zelatariak ahots apalez, norbait esnatzeko beldur balitz bezala—, konpromisoan jarri zaitut agian, baina kontuan izan behar duzu ohituta nagoela horrelako egoeretara.

        — Bai, ulertzen dut —xuxurlatu zuen Daisyk, berriro begiak jasoz. Gertu-gertu zituen orain bisitariaren begiak, eta hari buruz entzundako kontu guztiak gogoratu zitzaizkion nahas-mahasean. Bai, normala, pentsatu zuen, eta barre ttikia atera zitzaion. Gizonak eskutik heldu zion samurtasunez.

        — Ederra zara benetan!

        — Baina, zer esaten ari zara! —bota zion Daisyk, begiak zabal-zabal.

        Eskua utzi gabe, haren begiradaren bila zebilen orain zelataria.

        — Andere, hainbeste aukera izan dut, nire lanbidea dela eta, honelako...

        — Bai, badakit zer esaten den zutaz.

        Irribarre egin zuen gizonak, eta are itoago bihurtu zitzaion ahotsa.

        — Gainerakoek urrutitik agurtu nahi lituzketen andere goi mailako asko ikusi dut nik biluzik bere bainu edo logeletan... Zerori ere bai agian, Continental hotelean, hiriburura joan izan zarenetan...

        Jainko maitea!, egin zuen Daisyk bere barrurako. Egia, egona zen hotel hartan. Pentsatze hutsak sorgorturik utzi zion burmuinen alde bat. Jadanik biluzik ikusi baldin bazuen... Zer? Zer!, egiten zion garrasi, barruan, ahots batek. Egia esan, biluzik ikusi baldin bazuen, zertan ibili...

        Daisyren adatsetako urrina usnatu zuen, baina Daisy ez zegoen jada bere onean. Bermagune baten premia sentitzen zuen, eta bere pentsamendu guztiak puntu batean bildu zitzaizkion: hark zioena hala gertatu baldin bazen, gainerako guztia itxurak egitea besterik ez zen.

        Zelatariaren eskuak bere gerriaren inguruan sentitu zituen hurrena, eta, arestian egitea pentsatu bezala haietatik libratzeko ordez, estutzen utzi zion.

 

 

        Joan da, esan zuen bere artean, jardineko atearen kirrinka entzun zuenean. Txabusina sorbaldetan behera hartu, eta azpian beste jantzirik gabe, leihora hurbildu eta kortinak zabaldu zituen. Kanpoan euriak lehenean jarraitzen zuen, ezer gertatu izan ez balitz bezala. Irlandarrek berari buruz zer esan zioten aitortu izan balio gutxienez!, pentsatu zuen Daisyk, erabat sorgor. Galdetu ere ez zion egin. Gainera, ez zitzaion orain askorik axola. Zer edo zer isuri zen bere izate osoan eta ez zuen gehiago ezertan pentsatzeko gogorik. Urrats geldian bainugelara joan zen, ur beroaren kanila ireki eta bainuontzian sartu zen.

        Senarra bazkaritarako itzuli zenean, bainuontzian zegoen artean.

        Geroxeago, Daisyk mahaia atondu bitartean, erregeak kondesa hungariar bati ezkontzeko hitza eman zion zurrumurrua zebilela kontatu zion senarrak.

 

        — Kezkaren bat darabilzu buruan, inondik ere —esan zion senarrak, kontu haiei hark hain arreta gutxi emateaz harriturik. Buruko minez al zaude?

        — Bai —esan zuen Daisyk—. Bakerik ez dit eman goiz guztian.

        Burua plater gainera makurtu zuen suprefetak, buruko mina aipatzen zuten bakoitzean egin ohi zuen bezala, errudun sentiturik. Ongi asko baitzekien batik bat seme-alabarik ez izateak ematen zizkiola buruko min haiek.

        Hitz gutxi trukatu zituzten bazkaldu bitartean. Gero, etzatera zihoala esan zuen Daisyk, eta bera, berriz, bulegora itzuli zen atsedenaldi labur bat egin ondoren.

        Eszena berbera errepikatu zen iluntzean, baina bulegora joateko ordez etxeko bere langelan sartu zen orain senarra; emaztea, aldiz, logelara erretiratu zen atzera.

        Ahalegindu zen loa bereganatzen, baina ezin ahal izan zuen. Berehala ohartu zen begirik bildu gabe igaro beharko zuela gaua, brontzezko erlojuaren kanpai danda gero eta dardaratiago eta bakartiagoek ebakitzen zutela. Ez zuen entenditzen zerk eragozten zion loa. Senarra engainatzen zuen aurreneko aldia zen, baina ez zuen haatik kezkarik sentitzen. Beste zerbait, bere burua ezdeus sentiarazten zion hustasun jasanezin bat-edo baizik. Nondikakoa zuen ordea sentimendu hura? Bere buruaz barre egitear egon zen samintasunez: ondotxo zekien nondikakoa zuen! Beste bat zen berak egin zuen ametsa, amodiozko harreman bat izango zuela atzerritar homerozalearekin, haren ingelesarekin, eta abar eta abar, baina zertarako eta zelatari baten besoetan erortzeko azkenean. Eta zeinen besoetan, gainera! Bere ametsetako gizona zelatatzen ari zenaren besoetan. Patuaren bide bihurriak.

        Eta hura nahikoa ez bailitzan, ginekologoarekin izango zuen gertaldia, haren begi hasieran logaletuak, gero jakin-minak ernaraziak, gogoratu zitzaizkion: «Eta... norekin?». Ez!, egin zuen garrasi bere baitan. Ez ziokeen ezergatik ere egia aitortuko. Edozein ipuin kontatuko zion, nobeletako edozein istorio, edozer (dantzaldi batean eta txolinduta zegoela gertatu zitzaiola dena, ezustean, gainera..., erabat ezustean), egia osorik ez behintzat. Pentsamendu horrek pixka bat lasaitu egin zuen nonbait. Lokietan moteltzen sentitu zituen ziztadak. Agian ez nago ezta haurdun ere, pentsatu zuen, lasaiago sentiturik. Arrazoirik gabe larritu zen segur aski. Izan ere, ez baitzen hura gertatzen zitzaion lehenengoa eta ezta azkenekoa ere. Halako istorioak kontatzen ziren filmetarik erdietan, eta zer esanik ez liburuetan: Ana Karenina-n, Madame Bovary-n, eta tituluez oroitzen ez zen beste askotan... Ai, behingoz loa bil baneza! Ez zuen jada lehen adinako buruko minik, eta gero eta hobeto sentitzen zen, baina lokiek... Nondik ote zetorkion kanpaien errepika moduko kanka-kanka jasanezin, orain bere baitatik kanpo sentitzen zuen hura? Burkoaren azpian gorde zuen burua, hala ziztadak itoko zituen esperantzan, baina orduantxe sumatu zuen senarra mugitzen, buruan zer zerabilen igarririk-edo. Gertaturikoaren berri jakinda ote zegoen ala benetan kanpotik eta haren estuasuna gehitzera zetorren hura guztia? Artean buruko minez zegoela, senarraren ahotsa entzun zuen:

        — Ate joka ari dira!

        — Zer? —esan zuen Daisyk izuturik, zer gertatzen zen ohartu gabe.

        Senarraren besoa sumatu zuen ohe buruko lanpara piztera luzatzen, eta haren ahotsa, hurrena, zeharo doinu diferenteko orain, lanpararen argitan.

        — Ate joka ari da norbait!

        Garbi aditzen ziren orain ate kolpeak, eta dei bat-edo entzun zen kolpe haien artean: «Suprefet jauna, suprefet jauna!».

        Ahots hori..., egin zuen Daisyk ikaraturik, eta burua astindu zuen ideia zoro hura burutik kanporatu nahiz bezala. Jauzi batean zutiturik, leihora inguratu zen senarra.

        — Suprefet jauna, suprefet jauna! —entzun zen berriro kanpoan, argiago oraingoan.

        — Ingelesa dakien zelataria! —esan zuen zurturik suprefetak—. Zerbait gertatuko zen...

        Begiak zabal-zabal, senarrari begira egon zen Daisy, hura gelan barrena alkandoraren, eta galtzen, eta jakaren bila zebilen bitartean.

        — Ez! —egin zuen Daisyk intziri, eta hain ahots ito eta ez-ohiko batez, ezen, presaka zebilen arren, bi edo hiru segundoz gelditu, eta begira geratu baitzitzaion senarra, garrasi hura harena zela ezin sinetsirik—. Ez zaitez joan!

        Esplikazio mordo bat etorri zitzaion trumilka burura zelatariaren bisita hain ez-orduko hura justifikatzeko. Parte oneko gauzarik behintzat ez zezakeen ekar, etorri zen bezala builaka eta ate joka etortzeko. Ai ene!, egin zuen bere artean intziri, hau da hau zori tristea! Zertara ote zetorren? Zoroaldiak emanda bera bahitzera agian? Berarekin zer ibili zen senarrari salatu eta abandona zezan konbentzitzera? Senarra lotsaraztera bestela? Bien lepotik barre egitera? Besterik gabe senarra hiltzera? Edota barkazio eske akaso? Hipotesi haiek guztiak gertagarri bezain sinesgaitz iruditu zitzaizkion une hartan. Ez zen, ba, egin zuenaz damututa egongo; edota, okerrago zena, kontzientzia gaixto ergel batek bultzatuta —hura bezalako funtzionario txintxo bati zegokionez— Estatuko arauak hautsi zituela nagusiari aitortzera etorriko, atseginaldi baten truke Estatuaren sekretuak haizatu zituela esatera, alegia... Baina, ez nion ezer eskatu-eta! Zertarako etorrarazi nuen ere ez nion esan-eta!, bota zuen suturik, nola-hala bere burua zuritu beharrez. Zalantza haiek guztiak zurrunbiloan pilatzen zitzaizkion buruan, begiak zabal-zabal senarra nola janzten zen begira zegoen bitartean.

        — Ez zaitez joan! —eskatu zion bigarren aldiz.

        — Daisy, zaude lasai —erantzun zion azkenik suprefetak, sentitzen zuen asaldura, izatez emaztearena ez bezalakoa baina ez horratik txikiagoa, ezkutatu nahian—. Bada zerbait, inondik ere, baina ez daukazu zertan aztoratu.

        Ez zuen berriz «Ez zaitez joan» esateko betarik izan; senarra eskaileretan behera zihoan jadanik. Honezkero ez du bueltarik, pentsatu zuen Daisyk. Ez zegoen ja hura galarazteko modurik.

        Jauzi batean ohetik jaiki eta leiho aldera hurbildu zen. Ateko kolpeak entzun zituen atzera, eta hitz batzuk ondoren, ahots lakarrez ebakiak oraingoan: «Suprefet jauna!». Daisyk leihoa ireki zuen. Haize hotz bustiak kamisoia hormatu zion. Senarraren oin hotsak entzun zituen, eta morroiloaren kirrinka metalezkoa gero; hotzikara sentitu zuen kirrinkarekin batean. Leiho ertzean bermatu zen ez erortzeko; bi gizonen ahotsak elkarrekin nahasten ziren ate aurrean. Ez zezakeen inola ere zer zioten aditu, intziriak eta amorruzko edo sumindurazko alarauak ere tartekatzen baitzituzten hitzekin.

        Hurbil ziren jadanik etxeko atetik, eta kinka hartan pistola hotsa entzuteak ez zukeen Daisy batere harrituko. Leihoan bermaturik zegoen oraindik, akusatu bat kondenazioko epaiaren zain egon ohi den bezala. Eskailera mailei karraska hotsa eragiten zien haien oinkada bakoitzak. Logelako atea zabalduko dute laster, pentsatu zuen bere artean, baina logelakoa ez, bulegokoa zabaldu zuten. Telefonoaren diskoa entzun zuen gero behin eta berriz jiraka, eta senarraren hitzak hurrena: «Bai, jendarmeria!».

        Posible ote da?, oihu egin nahi izan zuen Daisyk. Hainbeste neke honetarako...? Nola konpondu ote ziren hain azkar? Ez, ez zen posible! Senarraren bulegotik haren ahotsa iritsi zitzaion berriro: «Urgentea da, hamar jendarme, eta onenetakoak, lehenbailehen!».

        Handik aurrera ezin izan zuen ezertan pentsatu. Gero, logelako atea zabaldu zen bat-batean. Suprefeta atean geratu zen bizpahiru segundo, hitzik esan gabe, ohea hutsik aurkitzeaz harriturik segur aski. Daisyren silueta ikusi zuen gero:

        — Gauza izugarri bat gertatu da —esan zuen—. Joan beharra daukat.

        — Zer ordea? Esaidazu!

        — Ezezagun batzuek eraso egin diete... irlandarrei... han goian, bentan.

        — Hil egin dituzte?

        — Ez, ez; zauritu agian... Bueno, banoa. Zu, zoaz ohera eta egizu lo.

        Atea itxi zuen gero, eta Daisy leiho aldera hurbildu zen berriro. Hotzak dardarka zegoen burutik oinetara, baina ez zen handik mugitu, harik eta bi gizonen ahotsak eta autoen orroa ere urrutira galdu ziren arte.

        Hau gau eroa!, egin zuen hasperen, eskuak lokietara eramanez eta begiak erdi itxirik. «Eta eguna ez askoz zuhurragoa...», zuzendu zuen gero.

 

 

        Ezin ilunagoa izan zen, itzuli zenean, goizean goiz, gertatuari buruz senarrak egin zion azalpena. Haren hitzek gertakizunak argitu ez baizik eta azken argi errainua itzaltzen zutela iruditu zitzaion Daisyri.

        Bizpahiru bider egon zen berriz galdezka hasi edo ez, baina alferrik zela adierazi zion suprefetak:

        — Ez iezadazu galderarik egin. Neuk ere ez dut-eta zer gertatu den oso ongi ulertu. Hain daude gauzak ilun... Uf! A zer saltsa! Hori nahaspila dago! Lo pixka bat egin behar dut, ea zuzpertzen naizen. Lehertzeko zorian bezala daukat burua.

        Senarra esnatu zain geratu zen Daisy, orduan argibide zehatzagoak lortuko zituelakoan, baina alferrik itxaron zuen. Are azalpen bihurriagoak eman zituen esnatu zenean, loaldi labur hura buruan zeukan nahasmena zuritzeko bestetarako izan ez bailitzan. Zirudienez, gai ere ez zen orain, zioena benetan hala gertatu zen edo ametsetan ikusi ote zuen esateko. Hain gauza itxuragabeak kontatzen zituen, ezen azpijokoren bat ez ote zerabilen ere pentsatu zuen Daisyk une batez, eta berehala hipotesi bat taxutu zuen bere buruan: ez ote zuen ingelesa zekien zelatariak bidaia hura aprobetxatu... Baina susmo txar hura erabat baztertu zuen gero, telefonoa joka hasi, eta asunto hura, telefono harien bidez areagoturik nahastenago eta katramilatzenago zihoala konturatu zenean.

        Kontua da, ordea, ez geroxeago, eguna erabat zabaldu eta lehenengo txostenak iristen hasi zirenean, ez ondoren, deklarazioak eta lekukotasunak jaso zituztenean, eta ez aurrerago, hura guztia prozesuaren dosierrean behar bezala sailkaturik utzi eta gertaturikoaren parte bat prentsan bertan azaldu zenean ere, ez zirela gauzak harako goiz ahaztezin hartan suprefetak emazteari egin zion azalpenean baino askoz argiago geratu. Xehetasun batzuk gorabehera, beti azalpena bera entzuten ari zela iruditzen zitzaion Daisyri.

        Ziren txosten eta lekukotasunen arabera (ingelesa zekien zelatariarenari ematen zioten lehentasuna), honelatsu gertatu izango ziren gauzak:

        Ingelesa zekien zelatariak, zeinak, Dul Ganbarasen desertzio ezin zurituzko hura zela-eta, haren lekua hartu behar izan baitzuen bi irlandarren gela gaineko sabaian, lehenbizi zarata bat eta gero garrasi zorrotz bat entzun omen zituen goizeko ordu biak aldera. Garrasi bat entzun zela lekuko guztiek baietsi zuten; haren jatorriaz, ordea, ez zetozen denak bat. Espioiak bere txostenean, Martinen ahotsa ezagutu uste izan zuela zioen, eta bertsio horrek bazuen euskarri sendo bat, gainera, Martin izatea erasotzaileek aurrena zauritu zutena; beste batzuek ordea, eta Martinek berak ere bai, besteren batek egin izango zuela zioten. Bazen bentako bidaztiren batek, erasotzaileek zapaldurik-edo, egin zuela zioenik; eta bazen, zebiltzan haietako bidelapurren batek, behaztopa eginik, Martinek itsumustuan muturreko bat emanik, edo, besterik gabe erasoan hasi baino lehen izua eragin nahirik, egin izango zuela zioenik ere. Shtiefenek, ordea, irlandarrek berek egin zutela uste zuen, eta hori zatekeen esplikaziorik sinesgarriena, baldin eta ez balu Martinek garrasi hura bidelapurrek erbestetarren gelako atea bota baino lehen entzun zuela ziurtatu. Zelatariak berak egin ez ote zuen errezeloa ere bazuten bakarren batzuek.

        Dosierra irakurtzean asko harritu zuen suprefeta gau hartan bentan ziren gehienek garrasiari hainbesteko garrantzia emateak, nork egin zuen jakiteak ez baitzuen, izan ere, gertaerako gorabeherak argitzeko zeresan handirik. Berak zer pentsatzen zuen azaldu zien, beraz, lekukoei, baina sekulako ergelkeria entzuten ariko balira bezala begiratu zioten haiek, eta puntu hartan ez zirela behin ere bat etorriko jabetu zen azkenean. Izan ere, gero eta konbentzituago baitzegoen ez zela han garrasirik izan eta guztiek besteren ahotik entzun uste zuten hura ez zela norberak barnean sentitu zuen oihu itoezin bat baizik.

        Hala beraz, garrasi edo garrasi usteko hura eta ezezagun talde bat bentako atetik oldarrean sartzea batera izan ziren; iskanbila hasi zenean bidelapurren batzuk, hiltzaile edo eroetxetik ihes egindakoren batzuk izango zirela pentsatu zuen bentako jendeak. Martinek egin zien aurre lehenengo, eta buruan zauritu zuten burdinazko barra batez. Bentako batzuk armaturik zeuden, baina, zela hango iluntasuna eta anabasagatik, zela nahi gabe errugaberen bat zauritzeko beldurragatik, ezin izan ziren armez baliatu. Halako batean, petrolio kriseilu bat piztu zuen bentazainak, baina piztu bezain laster bere eskuetan txirtxilatu zion norbaitek, bidelapur haietakoren batek segur aski. Kriseiluak piztuta iraun zuen segundo urrietan, ordea, Frok eremutarraren aurpegia ezagutu zuen bentazainak, erasotzaileen zoritxarrerako. Aurrerago jakin ahal izan zenez, iskanbilaren iskanbilan, ilunbetan Martinen gorputz zauritua ostikopean pasa, eta egurrezko eskaileretan gora, irlandarren bila oldartu ziren bidelapurrak; horrek argi adierazten zuen propio haien bila joan zirela. Ateari eraso ziotenean, deiadarka hasi ziren irlandarrak: «Zer gertatzen da?», «Nor da hor?», «Lagundu!». Zelatariak, gela gaineko ganbaran baitzegoen artean, argi entzun zuen gero gertatu zen guztia: ateko danbatekoak, erasotzaileen eta biktimen garrasiak nahasian, aieiak, madarikazioak, eta metalezko zerbaiten kontrako kolpeak. Orduan utzi zuen bere zelatari postua, eta teilatupeko leiho batetik bentaren atzealdeko patiora jaitsi ondoren, hirira abiatu zen ahalik bizkorren, gertaturikoaren berri ematera.

        Suprefeta eta jendarmeak zur eta lur gelditu ziren bentara iritsi eta han zegoen triskantza ikusi zutenean. Osorik geratu zen petrolio kriseilu bakarraren argitan, agerian zeuden oraindik bidelapurren eraso basatiaren ondorenak. Martinez gainera beste zenbait bidazti ere utzi zituzten zaurituta, eta baita erbestetarretako bat ere. Bestea intzirika ari zen, bi eskuez buruari helduta. Hondaturik eta erabiltzeko ez zela zegoen haien tresneria guztia, grabatzeko aparatua bereziki. Batik bat hura puskatzera joan ziren, nonbait, gaizkileak. Aparatua triskatzea gutxi iruditurik, txiki-txiki egin zituzten bobina gehienak, eta zintak bobinetatik atera eta zatikaturik, han-hemenka barreiatu zituzten.

        Oso denbora gutxian egin zuten hura guztia, eta bentako jendea zer gertatzen zen jabetu zenerako, jadanik ilunbetan desagertuak ziren bidelapurrak. Bentazainak zioenez, suprefeta eta jendarmeak bentara iritsi zirenean ere ez ziren artean oso urruti izango. Gaizkileetariko bat zauriturik gertatu zen nonbait, bentako jendeak tiro eginda (denek entzun baitzuten haren alaraua), eta suprefet jaunak neke handirik gabe harrapatu ahal izango zituen gaizkileetako batzuk.

        Iritsi bezain laster irten ziren gaizkileen atzetik. Ilargite pixka bat ere bazen, iheslarien zoritxarrerako, eta jendarmeek, autoaren argiak itzalirik zihoazela, errepidetik bertatik ere aise bistatu zituzten haien siluetak. Zauritua bera eta hari laguntzen zioten bi gaizkide harrapatu zituzten aurrena. Aurrerago, justu mendien oinean atzeman zituzten gainerakoak. Frok eremutarra, berriz, bere kobazuloan aurkitu zuten, eldarniotan.

 

 

        Goizeko lehen orduetarako N...ko hiri osoak zekien gertatuaren berri. Jende taldetxo bat bildu zen espetxera zeraman kalean, ilargi-jo haiek —hura zergatik egin zuten artean argi ez bazegoen ere— handik igarotzen ikusteko esperantzan. Euri zirina hasi zuen berriz ere, baina jendeak ez zuen nonbait handik alde egiteko asmorik. Han egon ziren zain, harik eta azkenik, binaka eta katez loturik, atxilotuak kale goienean agertu ziren arte. Ileak euriagatik aurrera etzanik eta kopetan pegaturik zituztela, are zurbilago ziruditen haien aurpegi berez ere hitsek. Beren zuloetatik irtetear ziruditen haien begiek ere, aurpegiari behar bezain finko lotu gabe eta kolokan balituzte bezala.

        — Frok eremutarra! Frok eremutarra! —egin zuten oihu bi edo hiru ahots izutuk, atxilotuez eta jendarmeez osaturiko ilara inguratu zenean—. Begira gizajo hori!

        — Jainko maitea, eskuak odoldurik dituzte! —esan zuen adineko emakume batek—. Ez lituzkete horren gogor tratatu behar.

        — Ez, amona —esan zion norbaitek—. Hori ez da odola, euri tantak baizik, girgiluen herdoilarekin nahasturik.

        Hain zuzen ere, atxilotu haien deskribapena eginez, gaizkileak, fanatikoak eta are isilpeko sekta bateko kideak zirela esanez, hasten zen handik bi egunera, hiriburuko egunkarietako batean gertatuari buruz argitaratu zen erreportajea. Gertatuari buruzko beste zenbait xehetasun ere aipatzen zen ondoren, eta bukatu, aparatu eta bobina hondatuen irudi batez, eta erbestetar ikerlariei egindako elkarrizketa labur, ilun baino ilunago batez bukatzen zen. «Berriz ere, zegoen bezain sakabanatua geratu da orain epopeia», zioen haietako batek, begiak malkotan eta zinta xehakatuak seinalatuz. «Saiatu gara epopeia bateratzen, baina, ikus dezakezunez, zati-zati egina geratu da berriro, hondamendi natural baten ondorioz bezala...». Eta eransten zuen kazetariak, behin baino gehiagotan erabili zuela erbestetar zientzilariak «hondamendi» hitza, eta baita «kosmiko» epitetoaz lagundurik ere, behin.

 

 

 

© Ismail Kadare

© itzulpenarena: Juan Mari Arzallus, Antton Olano

 

 

"Ismail Kadare / H. dosierra" orrialde nagusia