XI

 

        Begiak erdi itxirik, lausotan bezala senarraren ile xerlo bat ikusi zuen Daisyk bere aurpegitik hurbil, burko zuriaren gainean. «Igandea», egin zuen bere baitan, artean erdi lo. Asteko gainerako egunetan, ohea beste lagunik ez zuen izaten esnatzean, senarra goizean goiz joaten baitzen bulegora, eta igandeetan bakarrik geratzen zen, bera bezala, berandu arte lo.

        Zabaldu zituen begiak, eta senarraren aurpegiari begira egon zen zenbait segundo; erruki eske dagoen baten itxura ematen zion loak. Hoztu egingo ziren erradiadoreak, pentsatu zuen, manta sorbalda aldera tiratuz. Gauean sorturiko epeltasuna azkenetan zen jadanik. Kristaletako gandua ere hasia zen hausten eta tarteka ur xirripetan isurtzen; logelako berotasuna desagertu zen seinale garbia. Neguak ez zuen, nonbait, etsi nahi. Ia goizero bezala, hainbat kezka txoro eta zentzugabe ere gogamenean irabiaka ibili ondoren, burutazioak bi irlandarretara hegatu zitzaizkion Daisyri, denboratxoa zeraman-eta haiek ikusi gabe. Neguaren luzatu behar hark eraman zuen nonbait erbestetarrengan pentsatzera. Esan ere, esan zuten zerbait neguaren amaieraz, bai, giroa epeltzen bazuen... mendi goietara buelta bat egiteko aukera ere izango zutela-edo.

        Oraindik gehiago urruntzeko!, pentsatu zuen Daisyk, kristaletako gandua bezala urtzen hasia zen garraztasun moduko batez. Ez zukeen sekula pentsatuko haiek... (auskalo zergatik baina, oraindik ere batik bat Willyz oroitzen zen arren, biak batera gogoratzen zituen orain, eta «haiek» hitzaz izendatzen) ...ezta sinetsiko ere, hain arreta gutxi eman ahal ziezaioketenik. Hala ere, ez zen mindua sentitzen, ziur baitzegoen haien jarrera ez zela benetan berarenganako arreta falta, bera sarriago ikusteko ezintasun praktikoari zerion absentziaren ondorio baizik. Hain dauzka bereturik Homero edo delako horrek..., esaten zuen ernegaturik. Ez zuen asko falta aitona zahar hari gorroto hartzeko.

        Ziur zegoen ere irlandarrak beren artean berari buruz hitz egiten aritu zirela. Zeren, azkeneko hartan batik bat, Willy eta bera dantzan ari zirelarik, eta hark bizpahiru begiratu samur bota zizkiolarik, laguna keinuka aritu baitzitzaion Willyri, eta Willyk era berean erantzun baitzion, beraren sorbalda gainetik. Bai, ziur zegoen berari buruz hitz egiten aritu izan zirela.

        My darling. My lord... Hasperen sakon bat egin zuen filmetan ikasiak zituen ingelesezko hitz bakarrak gogoraturik. Non edo han, ordoki hormatuaren erdian galduriko bentaren batean, berari buruz ingelesez hitz egiten ari zirela jakite hutsa nahikoa zukeen pozik jartzeko.

        Beste dantzaldi bat antolatuko zutela, eta agur afari bat gero, pentsatu zuen malenkoniaz. Beste amets batzuen sareetan eroriko zen, lorik gabeko orduak igaroko zituen ostera, eta azkenean etsipena nagusituko zitzaion berriro. Bai, bai senarrak eta bai berak hobe zuketen gau festa haiei uko egitea. Zertarako murgildu berriz lehengo aztoramenetan? Zertarako?, egin zuen kexati, begiak lauso.

        Guztiaz ere, ostera haien konpainian eta haien ohoretan antolaturiko afari batean bezala aurkitu zen berehala. Han ziren aurreko festetako gonbidatu guztiak; haietan bezala, pizturik zegoen tximiniako sua ere. Alde bakarra: trukaturik zebiltzan elkarrizketak, gonbidatu batzuen mahai lekuak beste batzuek hartuak balituzte bezala. Willy Nortonek esaten zuen Postako zuzendariak esan beharko zukeena, eta horiek bezalatsu ziharduten gainerako gonbidatuek ere. Xaboigilearen emaztearen hizketa moldea zerabilen —hura ohorea!— hark berak...

 

 

        Gau mahaiko telefonoaren tirrinak esnatu zuen. Manta goienaz burua bildu zuen gero, eta senarrak —erdi lo artean— oheari eragin zizkion mugimenduengatik, telefonoa hartzeko besoa luzatu izango zuela ohartu zen.

        — Bai..., nor da? —esan zuen senarrak ahots lakarrez.

        Doinuz aldatu baino lehen, deskarga batek jota bezala gorputza zurruntzen nabaritu zion Daisyk.

        — Berorren agindura, Ministro jauna —esan zuen zezelka—. Adi nauka, Ministro jauna. A, bai? Jaso al du? Asko pozten naiz, Ministro jauna. Zer? Ontzat ematen dutela ingelesa dakien espioi bat bidaltzea? Milesker, Ministro jauna. Berri ona benetan. Egia esan, etsita nengoen dagoeneko. Ez, ez dudarik egin, Ministro jauna, zopa janean harrapatuko ditut orain uxo horiek. Eta luze gabe, gainera. Hitz ematen diot, Ministro jauna.

        Senarrak hitz egin bitartean, manta burutik kendu eta entzuten jarria zen Daisy. Zer ote zen ingelesa zekien espioiaren kontu hura?, galdetu zion bere buruari harriturik. Ministroarekin hizketan segitzen zuen senarrak. «Zopa janean» eta «uxoak» hitzak errepikatu zituen berriro.

        Telefonoa eskegi zuenean, urez gainezka dagoen pitxer bati bezala, alde guztietatik irribarrea zerion senarraren aurpegiari.

        — Zer kontu da ingelesa dakien agentearen hori? —galdetu zion Daisyk.

        — Hara, esna al zinen? —esan zuen suprefetak doinu alaiz—. Noski, nola ez zinen ba esnatuko telefono madarikatu horrekin...

        — Ingelesa dakien zelatari batez ari zinen —esan zuen berriro.

        — Bai, administrazioko asunto bat da. Badakizu zeinen aspergarriak izaten diren kontu horiek.

        — Ez du, ba, bi irlandarrekin zerikusirik izango?

        — Zer? Hara, nolaz gogoratu zaizkizu orain irlandarrak? Ah, noski... Daisy, hobe duzu berriz ere lo egin. Zer aritu behar duzu txorakeria horiekin burua nekatzen?

        — Zelatatu egin behar al dituzue?

        Oraindik ere senarra zurrun zegoela sentitu zuen. Gero, lasaiturik bezala, kirrinka egin zuen somierrak.

        — Eman dezagun esan duzuna egiten dugula. Eta zer? Mundua bukatuko al litzateke horregatik?

        Daisy isilik geratu zen une batez. Mingostasun moduko bat sumatzen zuen ahoan.

        — Hori ez da jator jokatzea. Aurrena afaltzera gonbidatu, eta gero...

        — Ja, ja, ja! —egin zuen senarrak—. Zu beti bezain ume.

        Eta besoa luzatu zuen txerak egiteko asmoz, baina Daisyk burua jiratu zuen nardaz.

        — Eta hala ere, zaren bezalako nahi zaitut.

        — Utzidazu bakean —bota zion—. Lo egin nahi dut.

        Benetan lo hartu zuen plantak egin zituen; senarra, berriz, pixka batean ohean egon ondoren, jaiki eta gelatik irten zen, zaratarik ez egiten ahaleginduz. «Bulegora doa, espioiei telefonoz deitzera», esan zuen Daisyk bere baitan.

        Eta telefonoak irudikatu zituen espioien gela hautseztatuetan jo-ta-jo, eta espioiak, arestian bere senarra bezala, telefonoak hartzen, logaleak, edanak eta herentziazko eritasunek begiak handiturik.

        Funtzionario arrunt baten emaztea naiz, pentsatu zuen. Alfer-alferrik aritu zen beraz, espetxeko eta xaboi fabrikako zuzendarien emazteei bere barrua husten; bere senarra besteenak baino askoz ere gauza makurragoetan zebilen eta. Inor izatekotan, bera zen han errukarria.

        Begiak ireki zituen. Leihoko kristaletan ganduaren kondentsatzioz eratu ziren ur xirripek maskara trajikomiko bateko malkoak gogorarazten zituzten. Bi irlandarren arteko elkarrizketak entzun behar dituzte, beraz, pentsatu zuen larritasunez Daisyk. Eta hain distraituak ziren haiek, ezen sarean eroriko baitziren. «Uxoak...». Ez zen bidezkoa haiei izen hori ematea. Galduak dituk, hegazti harrapariren batek erortzen utzitako txoria bezala, esango zukeen amona Marak. Eta berari buruzko txutxu-mutxuak ere entzungo zituzten espioiek. Pentsatze hutsak izuikara eragin zion. Haren izena entzun... espioi belarrizikin haiek! Urduritasunez inarrosi zen ohean. Zerbait egin beharra dago, esan zuen bere artean. Zinemako ameskeriak utzita ekintzetara igarotzeko ordua zuen. Irlandarrei abisatu behar...

        Zalgurdi bat, errezelak zabaldurik, abiatu zitzaion burubideetan barrena. Belo beltzez estalirik, emakume bat, Daisy bera, zihoan barruan. Baina-baina, mila aldiz ikusi dut hau zineman!... Ikusia edo ez, aurrera zihoan ordea zalgurdia, bere emakume urduriarekin, Basidi Hezurreko benta aldera.

 

 

        Ingelesa zekien zelataria asteburuan iritsi zen N...ra. Suprefetak eta haren mendeko batek izan ezik artean inork ere ez zekien Globe hotelean gela hartu zuen gizon jantzi beltzeko eta bibote zorrotz punta bihurriko hark benetan zer lanbide zuen. Guztiz gauza normala zen N...ko hiriak —jakin-minez beti— hiriburuko bisitaria iritsi bezain laster hari buruzko argitasun zehatzak eskatzea, eta are normalagoa oraindik, eman zitzaizkion azalpenek asetzen ez zutenez, hurrengo astean zehar jakin-min hura handituz joatea. Kontu asko esan zen gizon harengatik, honek antigoaleko gauzak eta elizako eskuizkribu zaharrak erosten zituen bat zela, hark erlezaina zela, besteak eritasun psikikoren batengatik mendiko haizearen bila zebilen bat zela. Horiek eta, hura hoteletik hain sarritan zergatik irteten ote zen azaldu beharrez asmaturiko beste zenbait hipotesi ere zabaldu izango zen agian, baldin eta egiaren mutur bat argitara atera izan ez balitz lehenago. Gauza zaila da susmo hura aurrena zelatarien beren artean piztu ote zen (oso konprenitzekoak ziren arrazoi batzuengatik: lankideen arteko harremanak, ofizio barneko lehiak, eta abar) edota ahoz aho zebilen zurrumurrua non edo han entzun eta esan diren arrazoiengatik bere egin ote zuten zuzen jakitea. Baina halako aurkikuntza bati zelatariek balio handia ematea ez zen batere harritzekoa. Talde itxi guztietan bezala, haien munduan, ahots isilen eta ilunbeen mundu hartan ere, denetarik baitzen, elitea batetik eta zaborra bestetik, aprendizek maisuengana ohi duten mirespena eta, kontrara, bekaizkeria eta gorrotoa, eta baita hasiberrien handi ametsik ere, eta hiriburuko zelatariei, haien abenturei eta balentriei buruzko leiendarik, eta probintzietan lan egitearen zailtasunak eraginiko lantururik, eta abar eta abar. Hori guztia zuzpertu zuen Globe hoteleko jantokian noizean behin baizik agertzen ez zen itxura tenteko gizon ezezagun ile gominatuko eta bibote bihurriko hark.

        Baina zelatarien mundu itxiaren barnean zebiltzan zurrumurru haiek azkenean kanporako bidea aurkitzea zen harrigarriena! N...ko informatzaileen atxikimendua eta leialtasuna nolabaitekoak zirela mundu guztiak zekien aspaldidanik, monarkiaren sorrera beretik edo Palok Veshi («Belarrihandi») ahaztezinak, zeinaren benetako deitura Gioku baitzen (jendeak jarri zion bestea, bistan diren arrazoiengatik), N...ko hirian ofizio berri hori fundatu zuenetik, ia esateko. Baina gauzek hain bide makurra hartu ahal izana, edo, beste era batera esanda, zurrumurru hura, bere inguruneko zirkulu magikoa gainditurik, mundu zabalera egun-argiz zabaldu ahal izana, hori bai zela handia!

        Auzia bere laguntzaileekin luze eztabaidatu ondoren, konklusio honetara iritsi zen suprefeta, alegia, sekretua ez zela zabaldu oraingoan, kasu gehienetan bestela gertatzen bazen ere, hura susmagarrien belarrietara iristarazteko eta, sekretuaren jakitun zirela, beren buruak arriskutik gordetzera eragiteko asmo ezkutuz. Aitzitik, oso bestelako fenomeno baten aurrean zeuden, haren ustez: sekretu hura ez zen zabaldu izango inor erbestetarrez erruki zelako, zeren, itxura guztien arabera, zelatariaren etorrerak aberriaren aldeko harrotasuna piztu baitzuen N...ko biztanleen artean, eta oso harrera beroa egin baitzioten. (Zer uste duzue ba, zuek, kanpotarrok, zeuon zigarro handi eta aparatu horiekin zatoztenok, gogoak ematen dizuen guztia egin dezakezuela hemen? Dena zuen gogara erabili ahal izango duzuela?... Ez jaunak, ez! Ametsetan ere ez zenukete asmatuko zer egingo dizuegun: tripaz gora jarriko ditugu zuen ingeles horretan gorderik dakartzazuen sekreturik ezkutuenak). Itxura zenez, arrazoi horrexegatik zabalduarazi zuten sekretua.

        Bere arrazoibide guztia aberriaren aldeko beroaldi hartan oinarritzeak —N...ko hirian abertzaletasuna pixka bat epeldua zegoela aitortu behar, bestalde— erabat lasaitzera eraman zuen suprefeta, eta ez zuen zurrumurrua zabaltzeko batere oztoporik jarri.

        Bien bitartean, zurrumurrua zabalduz zihoan, noski. Jadanik andre handikien ahotan zebilen espioi berriaren izena. Erregearengatik Tiranan bete zituen zerbitzu bereziak, hiriburuko zenbait damarekin eta enbaxadore batzuen emazteekin izan omen zituen harremanak, eta beste hainbat eta hainbat kontu aipatzen zen han eta hemen. Goien mailako agentea da, ez dago ukatzerik, zioten beren solasaldietan inbidiaz N...ko espioi soilek; jauregi eta katedraletako sabaietan ibiltzen ohitua, eta ez berak bezala, gorotzez eta arkakusoz beteriko ukuiluetan. Haren aldean txiki sentituko zuen segur aski Dul Ganbarasek bere burua, Basidi Hezurreko teilatupean. Egia esan, ikaragarrizko ohorea egin zioten hura bezalako maisu batekin lan egiteko aukera ematean. Ez bazuten behintzat haren lana aurrerantzean alferrikakotzat jotzen eta irlandarren ondotik apartatzen. Bai, bai, honezkero apartatua izango zuten. Zer arraiotarako behar zuten orain, maisua iritsi eta gero?

        Beste zurrumurru batzuen arabera, ordea, Dul Ganbarasek oraindik ere erbestetarren asuntoa aztertzen jarraitzen zuen. Hala zen logikoena: nola egongo zen bada, hiriburuko funtzionarioa bentako teilatupean gau eta egun; ez baitzen beharrezkoa ere, gainera. Ordu jakin batzuetan bakarrik egongo zen hura zelatan, eta ilunabarrarekin hoteleko bere gela goxora itzuliko zen, Dul teilatupean utzita.

        Egun batez, hala esan zion Daisyk senarrari:

        — Ingelesa dakien espioi bat etorri dela jakin dut, eta ez didazu aipatu ere egin!

        — Ez, eta? A zer notizia emango nizun!

        Daisy senarraren begiradarekin topo egin nahian zebilen, eta senarrak egongelan zehar pausaleku baten bila zerabiltzan begiak.

        — Dena den, eskertzen dizut oraingoan ez ukatu izana.

        — Zer? —esan zuen senarrak, eta zerbaiten bila zebilen itxurak eginez gelatik irten zen.

        Daisy butaka batean eseri zen nagiki, eta tapizean ziztatu zituen begiak. Tarteka sentitzen zuen tristura berezi hark hartu zuen ondoren, elur bustiaren antzeko tristura zuntzun eta, horrexegatik, egiazko tristuraldi biziak baino eramangarriago zen batek. Ez zuen bentara joateko ausardiarik izan. Abiatzear egon zen, baina zenbait oztopo zirela eta —nor bidelagun hartuko, bisita zuritzeko zer aitzakia jarriko—, atzera egin zuen azkenean. Batzuetan, honekin lasaitzen zen: gertatua izango zen gertatu beharrekoa, antolatua egongo zen zelata lana, eta ezingo zien berak ezertan lagundu, baina, justu kontrakoa pentsatzen zuen berehala: artean ez zuten aitorpen galgarririk egin, agian. Artean kaltea galarazteko garaiz zen, agian. Eta berriz ere bentara joateko tentazioa etortzen zitzaion orduan. Zeukan adiskide bakarraren aurrean, Postako zuzendariaren emaztearen aurrean joan-etorri hura zuritzeko zer esaldi erabili pentsatzen hasten zen, baina gero zalantzak menderatzen zuen atzera. Zer neurritan aitor ziezaiokeen egia? Zer, eta nola esan?

        Hau sofrikarioa!, egiten zuen intziri artean. Ez zen sekula erabakiak hartzeko hain gauzaez sentitu. Zerbait egin beharra zeukan halere, eta lehenbailehen! Erbestetarrei, hura ez zezatela ezertarako aipatu adierazi gutxienez, espioien belarri zikinek beraren izenik entzun ez zezaten! Hori, behintzat! Eta horrekin, gainerakoa berenez ulertuko zuten agian.

 

 

        Hodeiez estalia zegoen eguna, baina guztiaz ere nabari zen ari zela martxoko argitasun berria zeru ganga zabalagotzen. Leihoaren aurrean kanpora begira zegoen Willy. Haren atzean, magnetofonoaren inguruan zeregintsu zebilen Max. Logalea ematen zuen lahutariaren kantu monotonoak.

        Hartan, zalgurdi hots bat entzun zen bentako patioan. Bere sorgortasunetik zuzpertu zen eta aurpegia are leiho ondorago hurbildu zuen Willyk, garbitu zuen kristaleko gandua, baina ez zuen ostera zalgurdira zihoan pertsona zein zen ikusi. Une batez, pertsona ezagun baten silueta iruditu zitzaion, baina berehala bihurtu zen silueta hura gandu huts.

        Nor da emakume hau?, galdetu zuen bere artean. Non edo han ikusia dudala egingo nikek... Igurtzi zuen urduri leihoko kristala eskuaz, eta lausotasun haren iturria irudian bertan ez baina bere begietan zegoela jabetzeak zur eta lur utzi zuen. Pertsona bat metro batzuetara ez ezagutzeko adina ahuldu ote zitzaion ba ikusmena?

        Azken aldi hartan oso kezkatua zebilen bere begiekin. Bat-bateko glaukoma, xuxurlatu zuen bere artean; azken bolada hartan izutzen zuen eritasunaren izena. Begiak itxi zituen istant batez, eta berriro ireki zituen gero, lausotasun hura behin-behinekoa izango zen esperantzan eta zalgurdira igotzera zihoan emakumea ezagutuko zuelakoan, agian. Baina arestian bezalaxe, lanbroak estalirik zeuden gauza guztiak, eta zalgurdia bera ere irentsia zuela zirudien.

        — Max —esan zuen, bere lagunaren aldera itzulirik—, Tiranara joan behar diagu lehenbailehen. Ez diat ia batere ikusten.

        Adiskidearen eritasuna aipatzen zen bakoitzean bezala, kopeta zimurtu zuen Maxek.

 

 

        Hurrengo egunean, Dul Ganbarasen txostenen ohiko kartazala ireki zuenean, ahoa bete hortz gelditu zen suprefeta, txostenaren ordez haren dimisio eskabidea aurkitu baitzuen barnean.

        Edo ni ametsetan ari nauk edo Dulek burua galdu dik, esan zuen bere artean. Dimisioa! Noiz eta bi atzerritarren aurka prestaturiko operazioa burutzear dagoenean, gainera! Suprefet jaunaren harridura handirako, eman izan zizkion nahigabeengatik barkamena eskatuz bezala hasten zuen espioiak bere gutuna; baina eskari hura irakurtzean, suprefet jaunak zera pentsatuko zuen segur aski, edo berak ez zuela zuzen irakurri, edota Dul zela burutik ongi ez zebilena.

        Eta ez!, jarraitzen zuen espioiak. Ez suprefet jauna zegoen ametsetan ez Dul burutik. Buruko eta gorputzeko ahalmen guztien jabe zela aurkezten zion bere funtzioen dimisioa.

        Ondoren esaten zuen zelatariak izango zela, noski, hura dimisioa eskatzera arrazoi zikoitzek eragin zutela —zeukan graduarekin edo soldatarekin pozik ez egoteak eta abar— zabaltzen saiatuko zen asmo txarreko jenderik, baina ba omen zuela halaber, bera zelata lanean goranahiagatik edo interes material hutsengatik aritu ez zela suprefet jaunak —pixka bat bederen ezagutzen baitzuen hark— ulertu izango zuen esperantza ere. Izango zen beharbada, dimisio aurkezte hura, ingelesa zekien informatzailea N...ra iristeagatik sentitu izango zuen gutxiespenak eta harenganako inbidiak eragin ziotela esango zuen asmo gaiztoko jenderik ere. Haiek gauza hala esplikatzea, jarraitzen zuen beheraxeago espioiak, guztiz normala zen, ezen, pepinoa hamarretik bederatzi ur hutsa den bezala, haien bizitza ere laido eta mukerkeria baitzen proporzio berean.

        Hamarretik bederatzi ur hutsa!, errepikatu zuen suprefetak. Gauza horietaz ere jakin gure Dulek! Benetan akademiako buru izateko jaioa zen gizon hura, ez espioi soila izateko.

        Horra zer pentsatuko zuen jende hark, zuen idatzia zelatariak, baina ondo gogoan izango zuen suprefet jaunak, hiriburuko lankidea ekartzeko eskatu, eta agian suprefeta nazkatzeraino eskatu ere, Dulek berak egin zuela.

        Ez, ez zuen esan zezaketen guztiak ez hanka ez bururik, esanez bukatzen zuen. Eta gehiago luzatu gabe, dimisioa aurkeztera zerk bultzatu zuen agertuko zion orain argi eta garbi: martxoaren 11n eta goizeko hamaiketan, zazpi urtez zelatari gisa erresumari leial egon ondoren, zerbitzuan zegoela loak hartu omen zuen lehenengo aldiz.

        Ah, hori al zen guztia!, pentsatu zuen lasaiturik suprefetak. Gauza jakina zen N...ko funtzionarioen erdiek lo kuluxka egiteko ohitura zutela lan orduetan, uda partean batez ere. Dulek, ordea, horretan ere besteak ez bezalakoa behar. Eta esaldiari are trajedia kutsu handiagoa ematearren, marra beltz lodi batez inguratu zuen, eskelak ohi diren bezala.

        Ez zuela inork hala harrapatu, zioen jarraian. Ez zuen hura zertan aitorturik, eta are gutxiago Basidi Hezurreko bentako ganbaran bakarrik zegoenez. Eduki izan zezakeen gordean, baina kasta horretakoa ez izaki bera. Ez zion sekula deus ere ezkutatu bere Estatuari. Eta inork kontrolatu beharrik gabe, bere kontzientziak izan ezik, han aritu zen, jarraitasunez eta urteetan zehar, zelatari on batek egoera txarretan, eta txarrik txarrenetan —haizea, euria, trumoia eta uhinak direla, edo uharren burrunba, edota zakurren zaunka, erroien karranka eta ontzaren uluak direla—, entzumena prest edukitzeko egin behar izaten dituen ariketa guztiak egiten. Behin ere ez zen loaren mende erori, ez uda parteko sargorietan ez neguko goiz hotzetan, ez berrogeita zortzi orduz beilan igaro ondoren eta ezta sabai gain batean behetik susmagarrien zurrunka loarazleak iristen zitzaizkiola egonik ere. Gainera, bere txostenetan zehaztasun osoz deskribatu izan zuen beti entzun eta ikusitako guztia, ezertxo erantsi edo kendu gabe, amarrurik eta azpikeriarik behin ere erabili gabe. Sekretupean eta isilpean egin zuen bere lana, zelatari onari dagokion bezala, eta besteei hitzik esan gabe eta haien aurrean nabarmendu gabe ibiltzen adinaxe saiatu zen —baina kontrara— Estatuarekiko zintzo eta leial jokatzen zuela erakusten. Horra zergatik ezin zuen martxoaren 11ko goiz hartan gertatua ezkutatu.

        Suprefetak hasperen egin zuen berriz irakurketari heldu baino lehen.

        Martxoaren 11n, goizeko hamaiketan, jarraitzen zuen zelatariak, ohi bezala Basidi Hezurreko bentako sabai gainean etzanik zegoela, eta azpiko gelan bi irlandarrek lahutari baten grabazioa entzuten jadanik denboratxo bat zeramatela, bat-batean zalgurdi hotsa entzun zuen bentaren atzeko patioan. Zer zalgurdi zen hura, galdetu zion bere buruari. Nondik azaldu zen? Zergatik ez zuen lehenago aditu? Begiak igurtzi zituen, une batez erdi lo gelditu ote zen pentsatuz, baina ez, ez zen gelditu erdi lo! Benetan lo baizik. Eta hain ere hala, ezen zalgurdi hotsak esnatu zuenean ere, ez baitzen berehala seneratu, eta hala zegoela ikusi zuen, laino artean bezala, emakume bat atzera zalgurdi hartara igotzen, eta zalgurdia urruntzen.

        Zertarako ordea gertaera hark bihotzean eragin zion zauskada suprefet jaunari deskribatzen luzatu. Ez zen soilik ez zuela emakumea ezagutu eta emakume hark susmagarriekin izan zezakeen elkarrizketarik ere ez zuela entzun (jakin ere, elkarrizketarik izan zuten edo ez, ez baitzekiten oraindik; eta emakumea nor zen, berriz, gero ere jakin ahal izango zuten, lan handirik gabe). Ez, ez ziren horiek zauskada hura eragin zioten arrazoiak. Hondamena bere baitan gertatu zen. Zelatariak aldez alde arraildu den pitxer bat bezala sentitzen zuen orain bere burua. Erremediorik gabeko etsipenean murgildurik zeukaten harrezkero zeraman sofrikario ikaragarriak eta garrasi eragiteraino barruan hozkaka zerabilen damuak. Ez zuen ez barkamenik ez kontsolamendurik eskatuko. Hitz goxagarriek ez zioten samina areagotu besterik egingo. Gauza bakarra eskatzen zuen: ahaztuen bakea. Eta horra zergatik eskatzen zion suprefet jaunari, ofizialki eta behin betiko, ken zezala Estatuaren zelatari gisa zituen karguetatik.

        Denbora luzean egon zen suprefeta sinadura ezagun hari begira. Errukia eta orobat samintasun ikaragarri bat sentitu zituen nahasturik bere barruan. Zerk eragin ote zion bat-batean dimisioa eskatzea? Kontzientzia lasai ez izateak? Ala beste zerbait zerabilen eskabide haren azpian?

        Burutazio beltz nahasiak, euri aurreko lainoak zeruan bezala, zurrunbilotzen zitzaizkion gogoan trumilka. Nor ote zen emakume hura? Gehiago Dul Ganbaresen txostenik jasoko ez zuela pentsatzeak sortzen zion atsekabeari —atsekabe bizia, gaztetasun betiko joanaren garraztasunez ozpindua, gertaera hark maitasun harreman baten bukaeraren lekuko gisa ekarria— ondoko zalantza hau nahastu zitzaion: egiaz ez zuen Dulek emakume hura ezagutu ala nor zen ez esateagatik zerabilen halako jokaera?

        Ondoezaren ostean ohi den bezalako burrunba sentitzen zuen suprefetak buruan. Ahaztuen bakea, esan zuen Dulen hitz berak errepikatuz. Lepoa jokatuko zukeen ez zuela Dul Ganbarasek bere ohiko bizimodua utziko, ez bazen gonbidatu misteriotsu, profeta edo are erregegai gisa agertzeko gero! Zeren, Jainkoa lekuko, edozer espero baitzitekeen harengandik. Iruditzen zitzaion batzuetan, gizon hura gai zela gainerakoek ezinezkotzat eta ia materiagabekotzat jotzen dituzten gainak iristeko eta are mundu guztiaren Begirale nagusi bihurtzeko. Hotzikara eragin zion azkeneko burutazio horrek. Konturatzen zen zentzurik ez zuten gauzak zetozkiola burura, baina ez zuen galarazteko kemenik. Ez ziren, nonbait, eremutarrak Kaxmirko estepetan omen zen munduaren Begiari buruz asmatu zituen burutazioak ondorenik gabe geratu.

        Bat-batean, Dul Ganbaras ezagutu ere ez zuela egiten konturatu zen suprefeta. Urteetan irakurri izan zituen haren txostenak, nolakoa zen edo zer ahots zuen sekula ikusi edo entzun gabe. Sekula ikusi edo entzun gabe! Eta hartaz jabetzean, ia garrasi egin zuen: «Baina existitu ere, existitzen ote da?».

        Eta aulkitik altxatu zen tupustean, berriz ere bazetozen burutazio ero haiei ateak ixteko.

 

 

 

© Ismail Kadare

© itzulpenarena: Juan Mari Arzallus, Antton Olano

 

 

"Ismail Kadare / H. dosierra" orrialde nagusia