X

 

        Egun batzuetan, jadanik epopeia guztia menderatua zutela eta bazterrik bazterrenak ere miatuak zizkiotela iruditzen zitzaien, baina laster jabetzen ziren oker zebiltzala. Epopeiaren inguruak gandutzen, akasten, eta desegiten hasten ziren biharamunean, eta fenomeno hori zabalduz joaten zen, ertzetatik barruko alde guztietara, bihotza bera hartzeraino. Epopeia menderatzea ezinezkoa iruditzen zitzaien orduan. Amesgaiztoetan bezala noiz itxura bat noiz beste bat hartzen duten gertaera eta pertsonaia aldakorrez osaturiko kaos bat menderatu nahi izatea, ia-ia.

        Orain ausiabartza ikaragarri batek jotako itxura zuen epopeia handi hark. Pitzatu izugarriak ireki zitzaizkion alde guztietan, eta atal osoak birrindu, hartu zuen danbatekoan. Heroiak ere, odolez estalirik, eta aurpegietan halako izu laborri bat nabari zitzaiela azaltzen ziren hondakinetako hauts artetik.

        Noiz gertatu zen, ordea, hondamendi hura? Danbatekoa hartu zuenean geratu ote zen puskatan barreiaturik, edo berez zen halakoa, poesia lainotsu bat, trinkotzeko abagunearen zain egona? Beren buruetan hainbat bider irabiatu izan zituzten galdera haiek berak egin zitezkeen orain poema

        homerikoen sorrerari buruz ere. Poema homerikoak ere hasieran olerkigai landugabe batzuk baizik izan ez baziren, argi zegoen zeinen lan eskerga egin zuen Homerok haiek guztiak ordenatzen eta sailkatzen. Eta Homerori greziar epopeiaren aitatasuna ukatzearekin haren handitasuna apaltzen zutela uste zutenak oker zebiltzan, inolaz ere. Azken batean aintza handiagoa zegokion beharbada erredaktore izateagatik, hala izan bazen, rapsoda izateagatik zegokiokeena baino.

        Gogoeta horietan zebiltzala, beren buruak haren lekuan eta baldintza berberetan jartzen saiatzen ziren: ez liburu, ez fitxa eta ez magnetofonorik ez zutela, eta hori guztia gutxi balitz bezala, ikusmenik ere gabe, gainera. Arraietan! Iritsi zuan ba hura —zioten beren artean—, horrelakorik batere gabe Iliada edo, hobeto esan, Iliada aurrekoa biltzera eta Iliada osatzera! Nola moldatu ote zen? Ia-ia egia inguratu zutela uste zuten batzuetan, baina berriz ere mila legoatara bezala sentitzen ziren berehala. Arestian argi baino argiago ikusten zutena, misteriozko gandu artean bildurik bezala agertzen zitzaien hurrena, eta han ibiltzen ziren, noiz aldiaren ur handietan murgilduz noiz oraingora itzuliz, berriz must egin aurretik urpetik arnasa bila irteten denaren moduan.

        Gorabehera horiek zerikusi handia zuten Homero zinez zer izan ote zen galderarekin. Jeinuzko olerkari bat edo erredaktore ospetsu bat, pentsalari konformista bat, kontestatario bat edo ideologo bat? Ez bazen bere garaiko argitaratzaile moduko bat, Olinpoko kronikari mundukoi bat, bozeramaile ofizial bat (Iliadako zenbait pasartek prentsaurreko baten antza baitute) edo buruzagi bat, buruzagi guztiek bezala bere mende laguntzaile andana bat zuena. Edota ez zen esan denik ezer, ezta gizaseme ere, erakunde bat baizik, eta orduan, haren izena, inizialez osatua, ez Homero, baizik eta H.O.M.E.R.O. idatziko zen.

        Barregura ematen zieten hipotesi haietako batzuek, baina ez hargatik berrien bila jarraitzeko gogoa kentzen. Ziren burugabeenak zirela ere hipotesi haiek, haiek ziren, han eta hemen sakabanaturik, egiaren errautsak gordetzen zituzten kutxatilak. Homerok bazuen segur aski gorputzeko aje larriren bat, baina seguruago izango zuen gorreria itsutasuna baino. Milaka eta milaka hexametro entzun behar izanak eraginiko gorreria? Bai, izatez gorreria zegokion hari. Itsutasuna, berriz, hobeto zihoakien geroagoko aldiei, liburua asmatu ondokoei. Guztiarekin ere, hala, itsu irudikatu izan zuten eskultoreek. Ez bazuten behintzat, gorreria marmoleratzea zaila zela eta, aje baten lekuan bestea irudikatu. Azken batean, ez al dira, ba, begiak eta belarriak beti elkarren lagun ibili, eta gizasemeon atalik bereizgarrien eta nabarmengarrienak izan?

        — Guk ere, beharbada, begiak eta belarria non ditugun ez dakigula bukatuko dugu azkenean —esan zuen halako batean Willyk.

        Eta okerka begiratu zion Maxek. Izan ere, hitz haiek entzutean, zer non izateak baino gehiago Willyk begi kontua aipatu izanak eman zion atentzioa. Ostera ere, Willyk bista gandutzen hasia zuenez, hurrena suprefeta ikusten zutenean okulista bat aurkitzen lagun ziezaiela eskatzeko asmotan zebilen Max. N...ko hirian, ordea, ez zegoen okulistarik, eta Tiranaraino joan beharko zuten. Azken bolada hartan, Homerori zegozkion hipotesi guztietatik, itsutasunari buruzkoa gehiago ez aipatzen saiatu zen Max.

        Harako Ausiabartza hura baino lehen (hitz hori izen propio gisa erabiltzen zuten orain) epopeiak beste egitura bat izan behar zuela ere, etengabe zerabilten buruan. Benetan ausiabartzarik gertatu baldin bazen, berriz, Turkiarekin muturka ibili ziren garaian gertatu izango zen. Europa kristauaren eta mundu islamiarraren arteko gatazka beste inon baino gogorragoa izan baitzen Albanian. Dena erroz gora, zartatua eta kordokan geratu zen. Albaniaren zori bera izan zuen epopeiak ere. Atal osoak geratu ziren hondakinen azpian, eta debekatu egin zuten; mendira ezkutatu beharrez, munduarekin kontakturik gabe geratu ziren rapsodak, epopeiaren garraiatzaileak, eta epopeiak berak ere, ezkutuko harat-honatetan dabilen guztiak bezala, aldatzen hasi behar izan zuen.

        Eta pentsatzen zuten, gainera, Homeroren araberako Iliada bera, ez balitz bere garaian liburu batean finkaturik geratu, segur aski deseginez joan izango zela hura ere, atzera tinkotu, eta eraberriturik agertzeko gero. Hura bezalako epopeien eratze eta desegite zikloek izango zuten noski loturaren bat sortze, apurtze eta berregite zikloan hauts kosmikoa oinarri duen beste ezein mundurekin ere.

        Gero baino gero barruko indar misteriotsu batzuek mugituriko olerki galaxia baten antz handiagoa hartzen zioten epopeiari. Eta agian, haren erdigunetik jasotzen zituzten agindu sekretuei esker menderatzen zituzten rapsodek beren askatasun gogoa, berritzeko antsia eta asaldatzeko grinak. Eta horregatik ziruditen agian rapsoda guztiek —baldin eta alde horretatik begira ahal balitzaie— hain ilargi-joak, begietan nabari zitzaien urrutimin harekin, eta beren gizatiar dardararik gabeko, izar artean luzaro ibilita baino lor ez zitekeen ahots tonu harekin.

        Beste batzuetan zioten, berriz, ezin zezakeela epopeiak zeukan molde barreiatu hura beste izaerarik izan, eta naturaren kontrako eginbidea zela puska haiek elkarri erantsi nahi izatea. Eta orduan, entitate poetiko baten baino Erdi Aroko ordena baten antz handiagoa hartzen zioten, zituen kideek —rapsodek—, abestia erritu bihurtu eta, liturgia eta zeremonia jakin batzuen arabera, epopeia alde guztietara zabaldu izango zuten ordena batena, alegia. Testamentu handi bat uztera, nazio batek ez zezakeen bestelakorik utz. Antzinako mezu guztietatik, albaniarrentzat hura zen dudarik gabe Lehenengo Agindua, aurrez iragarri baitzuen, eta deitoratu, lurraldea banatuko zela. Hala bakarrik uler zitekeen ia mila urte iraun zuen harako lanturu edo zotin moduko oharpen hura. Eta hargatik zerion, beti antzinako agindu hura errepikatzen aritu behar gogaikarriagatik, testamentu nazional hari halako monotonia.

        Hain hartu zuten gogotik epopeiaren alde horiek aztertzea ezen amets ere gai horiexekin egiten baitzuten sarritan. Eta halakoetan, irudipen bitxi batek hartzen zituen, irakurraldi edo entzunaldietan egiten zituzten gogoetak eta ametsetan bururatzen zitzaizkienak antzekoak zirela, alegia. Eta egia esan, epopeian ere bazen haienaren antzeko nahasketarik. Espazioa eldarniozko topografia baten gogara moldatzen baitzen han, eta beste lege batzuen arabera, berriz, denboraren isuria. Ehundaka urte irauten zuen ekintzak. Heroiak hil gogor edo, sorginkeriaren baten mende, lozorroan murgildurik geratzen ziren, berriz piztu eta, erdi bizi erdi hilik, atzera gatazkari ekiteko gero; gerratik gerrara bitartean ezkontzen ziren, denbora batez hilobietan atseden hartzen zuten (Jainkoarren!, udako oporrak igarotzera doazela dirudi-eta, oihukatu zuen Willyk behin), eta halako batean, handik jaikirik, lehengo patu ilunari lotzen zitzaizkion berriro, eta horrela behin eta berriz. Mila urteko liskar baten irudi garbia zen, non ere dena zurrunbilo baten nahierara baitzebilen. Zazpiehun urtez joko dut heriotzaz zure ondorena, egin zion Muiok bere arerio eslabiarraren amaginarrebari mehatxu. Eta Muioren zazpi semeak, Omer deituak guztiak, Rado serbiarrak hil zituen gero, eta zazpiak Tontor Madarikatuetan lurperatuak izan ziren.

        Beste batzuetan, berriz, denbora tximista bezala igarotzen zen epopeian, istant batean gertatzen zen munduaren azkenerako iragarrita zegoen guztia; hurrena, ordea, lokarturik bezala geratzen zen bat-batean, mantsotu egiten zen haren joaera; zauri batek hamar urte behar izaten zituen sendatzen; eztei segizio bat hormaturik geratzen zen elurragatik bidean; handik gutxira ostera bizitzara itzuli eta bideari ekiten zion berriz ere, senarraren etxerantz, non, hainbeste urte igarota ere, oraindik lehenbiziko egunean bezala zain baitzuten jendea.

        Ez zuten Europako epopeietan, eta ezta Islandiako sagetan ere, denbora hala erabiltzen zuen kontaerarik aurkitu.

        Iritsia zen martxoa, baina otsailekoek bezain ilun jarraitzen zuten egunek. Noiz eguraldia hobetuko urduri zeuden bi irlandarrak, baina eguraldi onak epopeiako girotik aterako ez ote zituen beldurrez ere bai aldi berean.

        Berak ere ongi asko jabetu ahal izan zirenez, epopeiako giroa negu giroa zen beti, lehen begiratuan harrigarri samarra bazirudien ere Albanian, Mediterraneo inguruko lurralde batean, halako klima bat, haizez, elur dirdirez eta izotz burruntziz osatua, sortu ahal izatea. Izotz egunetako karraska hotsa sumatzen zen epopeia guztian. Hotz bikaina zen hura; elurra ez zen inoiz urtzen, eta ez zuen azpiko lokatza bistaratzen uzten; klima hura heroien negualdi luzea eta haien zuzpertzea hobeto agertzearren propio sortua ez ote zen ere pentsatu izan zuten bi irlandarrek. Hasieran gauza normala iruditu zitzaien bi mila metro inguru altu sorturiko epopeia batean halako giroa izatea, baina gero, poesia epikoa zehatzago aztertzeak ulertarazi zien epopeian agertzen ziren klima baldintzak bi mila metro baino askoz gorago egiten zuen giroari zegozkiola. Eta esan zitekeen, gainera, huts egiteko beldur handirik gabe, han agertzen ziren gertaerak lau edo bost mila metro altu zegoen parajeren batean gertatu zirela, zeruaren eta lurraren artean, nolabait esan.

        Grabazio gehiago ere eginak zituzten orain, oso interesgarriak, gainera, batzuk, eta oso gustura zeuden berriz ere. Bide onetik zeramaten lana. Osatua zuten antzinako greziarrenekin bat zetozen gaien eta eskemen zerrenda. Atridatarren eta Uliseren familiak ez ezik, Zirtzeren, Nausikaren eta Medearen gaiak ere aurkituak zituzten Albaniako epopeian, eta baita Furienak eta Eumenideenak ere —Ora eta Zana albaniarrentzat—. Arituak ziren, lahutariek zer jaten zuten, janarietan fosforoari zenbateko garrantzia ematen zioten, eta antzeko beste xehetasun batzuk bilduz, ahazte kontua sakonago aztertzen ere (eta gauza bitxia, Albaniako menditarrek ez zuten otorduetan ia arrainik jaten, eta are gutxiago oroimena zuzper zezakeen beste sustantzia fosforodunik: horiek oroimena erabat sustatzen edo guztiz galarazten zuten sorgin drogak zirela erantzungo zukeen, gainera, halakorik eskain izan zitzaiokeen rapsoda orok). Lortua zuten astebete lehenago norbait hil omen zuen —odol mendekua hartzeko nonbait— rapsoda baten kantua grabatzea ere, baina hark hura egin izanak testuan zer eragin izan zuen, ez zuten barrundatu ahal izan.

        Nahaste-borraste horrek lana erraztu baino zaildu gehiago egiten zien arren, epopeia, poliki-poliki, bobinaz bobina, aparatuko zinta magnetikoan bildua zutela iruditzen zitzaien. Goizean, esnatu orduko, begiak aparatuaren estalkira, estalki dir-dir gozatsukora joaten zitzaizkien oharkabean. Sarritan errepikatzen zuten aparatu hura asmatzea mirarizko gauza izan zela haientzat. Zirudienez, idatzia zegoen Homeroren enigmak aparatu hura asmatu zain egon beharko zuela inoiz argituko bazen.

        Gogoeta horrek are gehiago sendotzen zituen beren asmoetan, eta zalantzak aienatzen laguntzen zien aldi berean. Halakorik izan ez balute, gogoratuko ziren berak ere homerozale guztiez, zeinek, etsialdietan batik bat, berak bezala sekretua argitzen ahalegindu ondoren, azkenean amore eman behar izan baitzuten, beren hasierako beroaldiari iseka egin zioten eta beren buruei ez ezik hura bezalako lan batean alferrik ahaleginduko ziren beste guztiei ere irri eta are barre algara egin zieten. Beraiek, ordea, ez zuten halako burlarik zertan jaso izango, zeukaten aparatu berri hari esker. Eta aurrekoek halakorik izan balute Homeroren enigma aspaldian argitua egongo zela pentsatzean, poz hartzen zuten; izan ere, iruditzen baitzitzaien haien zain egon zela denbora, enigmaren giltza eskura emateko, eta berak giltza hark ematen zizkien aginduak betetzen baizik ez zirela ari.

        Aparatua hondatu zitzaielakoan, erabat lur jota geratu ziren gau batez. Oso berandu zen, grabazioak entzuten ari ziren, eta bat-batean, loditzen, moteltzen eta iluntzen hasi zen aparatuko ahotsa, odol kolpeak eman dionari ohi zaion bezala. Zuri-zuri geratu ziren biak. Ez zituen familiarteko bati sinkope bat emateak gehiago estutuko. Aztoraturik, hara eta hona hasi ziren, zer egin ez zekitela; aparatuaren gida orria zabaldu eta tolestu aritu ziren, harik eta Maxi bateria begiratzea otu zitzaion arte. Eskerrak!, egin zuten biek lasaiturik, pilak erabat hustuta zeuzkala jabetu zirenean.

        Baina oraindik ere barnean zeramaten aparatuaren arrasta soinu hark eragin zien antsia. Halaxe zahartu zen epopeiaren makineria guztia, eta halaxe ito ere, haren ahotsa, hil zorian dagoen baten arnas hotsa bezalako bihurtzeraino. Ezinka bezala egin zizkion 1878ko urteari bederatzi bertso, eta lau edo bost besterik ez, 1913koari; eta saminez, gainera, hilurren dagoen baten azken hatsak iduri. Koman zegoen orain, eta lanak izango zituen, herioak betiko hoztu baino lehen, pixka bat bederen bere onera etortzen, beste ibilalditxo bat egiteko oraindik.

        Mendi goietako trumoi hotsak grabatu zituzten gau batean, eta haizearen ulua beste behin. Pentsatzen zuten hots haiek laguntza handiko izango zitzaizkiela Manhattana itzuli eta, berriro lanari ekitean, epopeiako giroa berritu beharko zutenean.

        Egun batez, Martinek esan zien fraide serbiarra ikusi zuela berriro paraje haietan, baina ia jabetu ere ez ziren egin zertaz ari zitzaien.

 

        «Gaur Mozolo koban edo Eremutarraren koban —horrela ere esaten baitzaio— egin ditudan zelata lanen emaitza interesgarrien berri eman baino lehen, gauza bat gogorarazi nahi nion, suprefet jauna, eta da, otsailaren 1eko txostenean ere agertzen dela Dushan fraide serbiarrak —Shkodrara zihoala Basidi Hezurreko bentan ia egun erdia geraturik— bi irlandarrekin izan zuen elkarrizketa. Eta hori gogorarazteko libertadea hartu badut, gaur Mozolo koban entzundakoak egun hartako elkarrizketaren arabera hobeto ulertuko dituelakoan hartu dut. Gaurko elkarrizketaren muina azaltzen hasi baino lehen, ordea, hau ere esan nahi nioke, suprefet jauna, elkarrizketa horri buruz —eta ez dut hau batere neure hutsegiteak edo laneko akatsak zuritzeagatik egiten; egia, eta egia hutsa adierazteko asmoz baizik—, gaurkoak gehiago zirudiela bi eroren arteko jardun zoro bat jende kabalaren solasaldi normal bat baino; suprefet jaunak aise ulertuko du, beraz, zer nolako lanak izango ditudan han entzun ditudanak adierazteko orduan. Esan nahi nioke berriz ere, ez naizela honela, neure burua zuritzeko asmoz ari, ...».

        Deabrua halakoa!, egin zuen suprefetak, kafe kikara altxatuz, zeinak zigilu moduko marka biribil bat utzi zuen Dul Ganbarasen txostenean. Ez du berdinik!

        Aurreraxeago ziurtatzen zion, berriz, beti zintzo jokatu izan zuela bere entzumen gaitasuna aztertze kontuan, eta arauak betez bi aste lehenago pasa behar izan zuen kontroleko mediku agiriak egiaztatzen zuenez, hein-heinean zituela belarriak. Bestalde, oroimenari ahalik erneen eusteko, oso kontuan izaten zituela jan-edanetako arauak, ez zuela edari alkoholdunik edaten, eta janaritan ere, besterik jango zukeen arren, beti jaten zuela gorputzak nahikoa fosforo izateko bezainbat arrain, eta hori, medikuak agindu bezala, egunean hirutan hartzen zuen intsusa uraz gainera. Eta berriz ere barkamena eskatzen zion suprefetari, barkatzeko beste parentesi bat sartu izana, ez zuela hura graduz igotzeagatik edo soldata hobetzeagatik eta abar egiten, bidaltzen zion informazioari zintasun handiagoa ematearren eta agindu zitzaiona zuzen betetzeko asmoz baizik; izan ere, ohartzen baitzen txostenari buruz sor zitekeen zalantzarik txikienak ere kalte handiak ekar zitzakeela gero bi irlandarrak zelatatzeko orduan.

        Arraioa!, egin zuen suprefetak, txostenean beste kafezko zigilu bat utzirik, berriz ere kikara ezpainetara hurbilduz. Ongi asko jabetzen baitzen, hogei urtean erretorika, jurisprudentzia edo antzeko beste zeinahi gai ikasten arituta ere ez zela sekula hark bezain aise luma manejatzera iritsiko.

        Bueno baina, hator harira, bete gaituk-eta, esan zuen suprefetak, hainbeste aitzinsolasez asperturik. Egia esan, Dul Ganbarasek ere bazekien jadanik, txosten haietan suprefetak aitzinsolasak irakurtzen zituela gustuen; eta harako «hator harira, bete gaituk-eta» hura esaten bazuen, espioiak adierazten ziona beretu ondoren aitzinsolasak gozatzeko denbora gehiago izatearren esaten zuela.

        Aurreraxeago jakinarazten zion Dul Ganbarasek ezen harritu zela Dushan fraide serbiarra berriz ere —martxoaren 5ean— benta inguruan hara eta hona ibiltzen sumatu eta bi irlandarrekin zertzeko ordez haiengandik ihesi bezala zebilela ikusita. Eta konturatu zenean fraideak ez zuela berak espero zuena egiten, ez atseden hartzera bentan geratzen, ez bere bideari jarraitzen ez atzera itzultzen, orduan eta susmo txarragoak egin zituen zelatariak eta erneago ibili zituen begiak eta belarriak. Bentaren atzeko patioan batera eta bestera, nora ez zekien itxuran ibili eta gero, bat-batean eta, are harrigarriago dena, zaldirik gabe, handik alde egin zuenean, noragabe bezala, hau da, inora ez eta noranahi, zabaldi batean zehar itsumustuan dabilenaren moduan, orduan, txostenaren egile honek ere, duda egin zuen istant batez. Zer egin? Hari atzetik jarraitu, zelata eremutik kanpora irten behar izanda ere, ala hura itzuli arte bentan geratu, eta orduan, hura itzultzean, eman zitzaizkion aginduen arabera, bere eginbeharra bete? Puntu honetara iristean txostenaren egileari komenigarria iruditu zitzaion adieraztea suprefet jaunari, ez ziola zalantza hura ez bere interes pertsonalak ez beste ezein juzku moduk sortu; ez, ez ziokeen bere buruari Estatuko legeak eta arauak dudan jartzea inola ere onartuko. Ezta pentsatu ere! Horrek ez baina beste gauza batek, orduan denbora dezente zelatarientzat antolaturiko mintegi batean, zelatatua lekuz aldatzen bazen espioi onak haren atzetik irten behar zuen edo, ez nabarmentzearren, aurrez erabakitako epea bitartean bere lekuan kukuturik egon behar zuen eztabaidak sortu zion zalantza. Tamalez, ez zen bilera hartan erabakirik hartu, eta hurrengo batean jarraitzekotan geratu zen auzia; horrenbestez, bada, suprefet jaunak ulertuko zuen bezala, eztabaida haren edo, hobeto esan, hartan erabakirik hartu ezaren ispilu baizik ez zen zalantza hura.

        Demonio arraioa!, esan zuen suprefetak, eta goitik behera marra batez markatu zuen pasarte osoa.

        Ondoren, kontatzen zuen Dulek, nola soroetan zehar fraideari segika ibili zen bera —zelata arauak betez, noski—, eta nola, beraren harridura handirako, fraidea Mozolo koban sartzen ikusi zuen, Mozolo koban edo Eremutarraren koban, horrela ere esaten baitzitzaion —suprefet jaunak jakingo zuenez— Frok eremutarrak aterpetzat hartu zuenez gero.

        Ez zen gauza zaila, zioen ondoren espioiak, bi gizon haien artean, Jugoslaviako estatutik zetorren fraide serbiarraren eta Frok eremutarraren artean zerbait bazerabiltela ulertzea, eta are gehiago, bi irlandarrak ere eskualde hartan bertan kokatzeko asmotan zebiltzala kontuan izanez gero. Paraje haiek ongi ezagutzen zituenez, eta suertez Mozolo kobak aireberritzeko zulo bat bazuela ere jakinik, inguratu omen zuen hartzuloa zegoen muinoa, eta, tximinia kontuan esperientzia handia izaki, ez omen zuen bi susmagarrien elkarrizketa garbi entzun ahal izateko leku egokia aurkitzen lan handirik izan.

        Eta hartan, erregutzen zion suprefet jaunari zelatariak, barka ziezaiola berriz ere txostenaren fidagarritasuna edo bere entzumenaren, oroimenaren eta gainerako menen sinesgarritasuna aipatu izan zion pasartera itzuli beharra. Hainbeste lelorekin suprefet jauna asper-asper egin zezakeela jakin arren, ezin omen zion hala ere esan gabe utzi, lasai geratuko bazen, ezen, Mozolo koban entzundako elkarrizketaren parte batek, lehenengo parteak zehatzago izateko, hain zirudiela burua galdu duten batzuen jarduna, non arrazoi osoz jar baizitekeen zalantzan hura papereratu zuena bera ere burutik sano ote zegoen.

        Handik erator zitezkeen nahasbide eta gaizki ulertuak saihestu nahi izatera, jarraitzen zuen aurrerago Dulek, lerroon egilearentzat askoz ere errazagoa izan izango zen elkarrizketaren lehenengo parte hura, batere interesik ez zuela eta, txostenetik kentzea; are gehiago, gainera, aire zulora berandu samar iritsi izanik, inola ere ezin osorik eman zezakeela kontuan izanda. Kendu, ken zezakeen, eta bere lana erraztuko zuen hala, baina ez zion bere kontzientzia profesionalak, ez esatearren kontzientzia zibikoak edo, oraindik areago, Aberriarenganako eta Erregearenganako leialtasunak, horretarako eskurik ematen.

        Zeren, ikuste batera —entzute batera, hobeto esan—, izanik ere elkarrizketaren hasierako parte hura zenik eta burugabeena, hau da, eroena, izanik ere paranoiko baten eldarnio hutsa, eta abar, ezin zen, guztiaz ere, galdera hau egin gabe utzi: eta jardun burugabe hura guztia, zirudiena ez, baina bi susmagarriek elkar ulertzeko asmaturiko kode bat bazen? Hala ote zen susmoa nahikoa izan zuen txostenaren egileak haien hizkera eroa ahalik zehatzen deskribatzen saiatzeko.

        Zelataria kobako aire zulora iritsi zen momentuan, munduak Begia zein lekutan ote zuen eztabaidan ari ziren bi susmagarriak, Frok eremutarra ari zen, hobeto esan, hark hitz egiten baitzuen gehiena. Zelatariak ulertu ahal izan zuenez, munduak, gure planeta honek, alegia, izaki bizi gehienek bezala, bi begi zituela pentsatzen zuten haiek (Frok eremutarrak batez ere, hark baieztatu baitzuen hori): Ozeano Atlantikoan, Groenlandiaren eta Ipar Itsasoaren artean non edo han, bata, eta Kaxmirko esteparen batean, bestea. «Begi bi horietarik bat nahikoa ahuldua dago orain, erantsi zuen eremutarrak, eta lurrak lauso ikusten du alde horretatik, baina ez dezazula pentsa, jende gehienak hala deritzan arren, begi gandutua estepan dagoena dela. Zeren, hain zuzen ere, batekoz beste baita gauza: itsasoan dagoela esan dudan begia baita ganduturik dagoena, eta estepa haustuetakoa, berriz, sanoa. Hori horrela duzu, anaia fraidea...».

        Esan beharra dago ere, jarraitzen zuen Dulek, oso gutxi hitz egin zuela fraide serbiarrak, eta ez ziola eremutarrari ezertan kontra egin. Geroxeago, Frok eremutarra tximista kontutan hasi zitzaionean —bi tximista mota zeudela, batzuk normalak eta besteak zeruak abortatu egiten dituenak, emakume haurdunak umekia bezala, eta...—, orduan animatu zen hura. Oro har, zazpi tximistatatik batek huts egiten omen zuen, baina ba omen zen ere aldi nahasiagorik edo tximista hil ugariago zen garairik ere.

        Horrela zertu zen elkarrizketaren lehenengo partea, eta hura zertu zen modutik zelatariak ezin izan zuen jakin Dushan fraideak eremutarra lehendik ezagutzen zuen edota egun hartan egiten zion lehenengo bisita kobazulora. Nolanahi ere, txostenaren egileak elkarrizketaren bigarren partea —lehenbizikoarekin batere antzik gabea— azalduko omen zion ondoren; baina ez lehenago suprefet jaunari pasarte batzuk bederen elkarrizketa modura agertzea barka ziezaiola erregutu gabe. Izan ere, haren ustez, elkarrizketaz fidelago adieraz baitzezakeen han entzun zuena.

        Orain antzerki lan bat idaztera zihoakidak berriz gizona!, esan zuen suprefetak bere artean. Talentu faltan dabilenik ezin esango diagu behintzat!

        Dulek bere kontakizunean zioenez, berriz ere munduaren begiez hitz egiten hasi zen eremutarra, begi haietako baten ahultzeaz, hain zuzen. Begi hura gabe, gandutzearen gandutzez itsutzera kondenatua baitzen, gure mundu hau ezkel geratuko omen zen. Gertakizun horrek lurreko bizidunen gain izango zituen ondorioez hitz egin zuen gero, nola denborarekin beste begia ere iraungi eta mundu hau mundu itsu bihurtuko zen azkenean. Eta une hartan moztu egin zion fraide serbiarrak:

        Fraideak: Ba al duzu Basidi Hezurreko bentan dauden bi erbestetarren aditzerarik? Irlandarrak direla uste dut.

        Eremutarrak: Ez, eta ez dut izan nahi ere.

        Fraideak: Arrazoi duzu. Nik ere gauza bera pentsatzen dut horiei buruz. Sugekume batzuk dira, eta suge pozoidunak, gainera!

        Eremutarrak: Sugeak horiek? Ez adarrik jo.

        Fraideak: Niri ere, inpresio hori egin zidaten hasieran. Barregura eman zidaten. Baina zein burubide zerabiltzaten jakin nuenean, ikara sartu zitzaidan. Sugeak bakarrik ez, deabruak, deabru hutsak dira horiek!

        Eremutarrak: Eta zer lanetan dabiltza, ba? Halako kutxa moduko bat daukatela entzun dut, danbor baten inguruan soka bezala, giza ahotsa bil eta berriz aska dezakeen makina bat-edo.

        Fraideak: Bai, horixe da nik nioen demoniozko tresna. Denen bistan ikaragarrizko doilorkeria egiten ari diren arren jende guztia ahozabal daukate, zer hondamen datorren jabetzen ez direlako. Kutxa aipatu duzu, zerraldoa esango nioke nik, eta gutxi esatea litzateke halere. Hori baino okerrago, askoz okerrago da-eta. Heriotza bera ere gauza gozoa da, Frok anaia, hori denarekin konparatuta.

        Eremutarrak: Kutxatzar bat besterik ez dela dio, ba, jendeak...

        Fraideak: Kutxatzar handi bat, beraz! Hobe genuen izurritea ekarri izan baligute, edo urkabe bat edo gilotina bat jarri izan baligute, tresna izugarri hori baino! Kutxatzar bat? Deabruzko maletatzar bat duzu-eta, nire anaia! Orain esplikatuko dizut auzia zehatzago...

        Zelatariak, hemen, berriz ere barkatzeko eskatzen zion suprefet jaunari; barkatzeko, arrazoi tekniko batzuk zirela-eta —nahiago omen zuen bere irakurle ohoretsua ez aspertzearren arrazoi haiek esplikatzen ez luzatu—, ostera kontatzeko molde klasikora bihurtzea.

        Fraidea, bada, bi arrotzak zertan ziren kaltegarri, eta zergatik zen kutxa hura —tresna edo magnetofonoa ere zeritzaten hura— zinez deabruzko, esplikatzen hasi zitzaion Frok eremutarrari. «Tresna gaiztoa, iturriak agortzen eta belardiak zimeltzen dituzten sorginak baino makurragoa da, zioen fraideak. Zeren sorginak belarra eta ura idorrarazten baititu, eta kutxa horrek, berriz, abestiak horma artean hartzen eta zapaltzen; eta ahotsa hormaratu dioten abestiari zer gertatzen zaion gero, hori nik bezain ongi dakizu zuk. Gizonari itzala hormaratzean gertatzen zaiona. Ihartu eta hil egiten da: horra zer gertatzen zaion. Ez da niregatik, ez naiz arrotz bat besterik. Hemendik urruti, eta leku seguruan daude nire herria eta nire serbiar kantuak; zuei dizuet erruki. Mundualdia ozpinduko dizuete tresna horrekin. Zuen bozkario diren abesti horiek guztiak segatuko dizkizuete, eta abesti horiek gabe sorgor geratuko zarete azkenean. Konturatzen zaretenerako, berandu izango da. Basamortu gorrian geratu zaretela jabetuko zarete goiz batez, eta bi eskuez buruari helduko diozue orduan; baina ordurako alde eginak izango dira bi deabruak. Lapurtuak izango dituzte lapurtzekoak eta mututasunean bizi beharko duzue aurrerantzean. Belaunaldiz belaunaldi, hain arin jokatzeagatik madarikatzen ariko zaizkizue ondorengoak. Nik esan bezala da gauza!».

        Beheraxeago adierazten zuen Dulek, arreta handiz entzun omen ziola Frok eremutarrak Dushan fraideari, baina gero, haserre itxura ere nabari zitzaiola, egiten zituen espantuengatik. «Neure onetik atera nauzu!, bota omen zion fraideari. Esaidazu, ba, orduan, zer egin behar den». Baina fraideak ez zuen erantzuteko presarik. Inolako neurririk hartu edo ezer egin baino lehen, ongi pentsa zezala, esan omen zion. Eta gero, berandu zela, presa zuela eta etorriko zela beste egunen batean, auzi hartaz hitz egitera, esan zion tarrapatan.

        Bentara iristean fraidea bide nagusian barrena urruntzen ikusi zuela idatzi zuen zelatariak txostenaren bukaeran.

 

 

 

© Ismail Kadare

© itzulpenarena: Juan Mari Arzallus, Antton Olano

 

 

"Ismail Kadare / H. dosierra" orrialde nagusia