IX

 

        Ikerketa lan hark hartu zuen zabaltasun handiak abaildurik, atzera egin eta kontu soil eta zehatzagoak aztertzen hasten ziren batzuetan, rapsodaren bizitza pribatuak poemak laburtzearekin edo luzatzearekin zerikusirik izan ote zezakeen aztertzen, esate baterako. Muioren emaztea bahitu zutenekoan, adibidez, lahutariak jelosia kontuei garrantzi handia ematen bazion, haren barruko gorabeherak aztertu beharko zituzten argibiderik aurkituko bazuten. Lan polita zatekeen rapsoden aldarteaz inkesta zehatz bat egin ahal izatea, baina amets hutsalak ziren haiek; izan ere, beraiek ere inoiz egiaztatu ahal izan zuten bezala, menditarrek ez baitzuten nahi izaten beren barruko kontu txikiez edozein galdera modu egin ziezaieten. Txoko guztiak miatu nahi zituzten, baina...! Ezkon segizio bat menditik igarotzean elurretan ez aurrera eta ez atzera gelditu zeneko gertaera hura bera argitzeko ere, ona zatekeen rapsodaren beraren ezkon egunari buruzko xehetasun batzuk biltzea, bidean topatu zituzten arriskuak, larrialdiak eta abar. Elementu horiek guztiak rapsoda batzuetatik eta besteetatik bildu eta elkarrekin konparatzeak, adibidez, bertsio bakoitzaren trajikotasuna neurtzeko balio handia zuten aztarnak aurkitzen lagunduko zien.

        Arian-arian epopeiaren eta beraien bizitzako gorabeheren artean lotura modu bitxiak egiten ari zirela konturatu ziren azkenean. Orain txantxetan hurrena benetan, beraien bizitzako pasarteak gogoratzen hasi ziren, Irlandan, bakoitzari bere jaiotetxean gertatuak batzuk, telefono kabinetan edo Park Avenueko tabernetan gertatuak beste batzuk: Maxek ezkontza egunean taxiz egin zuen bidea; aurreko udan asteburu batez, emazteak bere gurasoen etxera zihoala zioen paper bat utzirik harengatik egin zuen susmo txarra (atzera ezkongaietako lagun batekin hasi ote zen). Willyri, berriz, amaren bigarren ezkontza hura, hamabost urte geroago ere atsekabez gogoratzen zuena, etorri zitzaion burura. Eta hala, albainuz albainu, bizitza guztia harildu zuten epopeia ahozkoaren titan izugarriaren aurrean. Eta ilunaurreetan, sarritan ikusten zituzten Irlandako paisajeak eta Manhattango etxeorratzak, inoiz zapaldu gabe ere jadanik ezagunak iruditzen zitzaizkien Tontor Madarikatuetako paisajearekin nahasturik.

 

 

        Elurra hasi al zuen berriro? Edo ongi ikusten ez zuelako iruditzen zitzaion hala? Kristal izoztura hurbildu zuen Willyk kopeta. Bai, elurra ari zuen, elur malo bakan nagia. Bien bitartean magnetofonoaren inguruan zeregindurik zebilen Max.

        Shtiefenek haien aparatuari buruz ikaragarrizko zurrumurru pila zebilela esan zienez gero, hura ahalik bolumen apalenean erabiltzea erabaki zuten. Zinta atzera biltzen ari ziren batean, egiten zuen firrinda hotsa beheko gelatik entzunik eta hotsarekin izuturik, goian norbaiti lepoa bihurritzen edo baten bat itotzen ariko zirela garrasi egin omen zuen bezeroren batek. Eta alferrik aritu omen zitzaion bentazaina soinu hura nondikakoa zen esplikatuz lasaitu nahian, zeren orduan eta haserreago jartzen baitzen bezeroa: «Horrelako itsusikerietan dabiltza, beraz, gure rapsoden ahotsarekin? Ez dira horiek giza ahotsak, deabruarenak baizik. Eta ontzat ematen duzu zure etxean inork horrelako gauzak egitea? Lotsa behar zenuke, lotsa, Shtiefen!».

        Eta bidetik berriz egin omen zion oihu: «Zabiltza kontuz, Shtiefen, zabiltza kontuz! Zeren deabrua baitaukazu bentan, aditzen?».

        Nahiz eta entzun behar izan zuen guztiaren parte bat baizik adierazi ez bentazainak, oso kezkaturik geratu ziren bi erbestetarrak. Baina berehala lasaitu ziren, egiten ari ziren lan hura ez onartzea jendeak normala zela pentsatzen baitzuten. Poema epikoak grabatzea, urte batzuk lehenago publikatzea izan zen bezala, haien hil kanpaia jotzea zen rapsodentzat. Gero eta haien premia gutxiago zegoen. Epopeia garraiatzaileak egunetik egunera urritzen joango ziren, beraz, aurrerapen mekanikoen konkurrentziagatik bizkarkariak eguneroko bizitzatik desagertuz doazen bezala.

        Kontu horiei buruz ari ziren hain zuzen —eta Willyk «epopeia garraiatzaile» esapidea, polita bai, baina ez zela nahikoa adierazgarria, esan zuen; hori baino askoz ere gehiago zela rapsoda izatea, eta urritzen ari baziren, antzinako makineria osoa zahartzen eta herdoiltzen ari zelako izango zela ere, erantsi zuen—, eta kontu horietan ari zirela, gelako atea jo zuten bat-batean; jotzeko moduagatik, Shtiefen zela egin zuten. Artean kartak beraientzat zirela jakin gabe ere, eskuan zekartzan sobreetako marra zehar urdin-gorri haiek, tximista alai baten antzo, postaren ideia piztu zien buruetan.

        Haien izenean zetozen kartak. Postak ez zeuzkan, beraz, ahazturik, aurkitu zituen munduaren bazterrik bazterrenean ere. Eta ezin gehiago itxaronik, bentazainari eskutik sobreak kendu eta zein norentzat zen begiratu gabe irekitzen hasi ziren.

        — Begira, Max! —egin zuen bat-batean Willyk—, sobre handi batetik egunkari puska batzuk aterata.

        — Egunkariak! —esan zuen Maxek lagunarengana hurbilduz—. Bada zerbait gutaz?

        Utzi gutunak alde batera, eta, burua buruaren kontra, antsia bizian tituluak irakurtzen hasi ziren aurrena, eta artikuluetako azpitituluak, hurrena: «Enigma homerikoaren azkena ote?». New York Times eta Washington Post egunkarietatik mozturiko zatiak ziren... «Abentura bitxi bat poesia homerikoaren azken sehaska omen den eskualdean...».

        — Auzia munduko bazter guztietan ezagutzen ditek dagoeneko —egin zuen Willyk.

        Behin eta berriz irakurri zituzten artikuluak. Artikulu haien arabera begi onez ikusten zituzten batzuek; oso bestela, berriz, beste batzuek. Haiek New Yorketik isilka aldegin zutenekoa Don Kixote eta Sancho Panzak, goiz batez sorterria utzirik, beren abentura trajikomikoari ekin ziotenekoarekin konparatzen zuen haietako batek. Ez zuen, noski, zalduna zein zen eta zein zerbitzaria esaten.

 

 

        Bien bitartean, bere martxa zeraman bentak, eta nola berak hango gorabeherez noizbehinka edo atsedenaldietan baizik arduratzen ez ziren, beti bezain arrotza eta ulertezina iruditzen zitzaien hura. Beheko gela handian gertatzen ziren gauzak mizmizen artean itorik, misteriozko gandu batez inguraturik bezala iristen zitzaizkien. Jende serioa ziren Albaniako mendigizonak, eta ez asko hitz egitearen edo algaraz aritzearen zale. Itzal ia ikusezin batzuk bezala desagertzen ziren egunsentian.

        Martinengandik jakiten zuten, noizbehinka, gertatzen zenaren berri. Ilunabar batez, gaizkile itxurako giza talde bat heldu omen zen, norbaiten bila itxura zenez. Eta haiek joan orduko, erregearen goardia azaldu omen zen, eta ihesi zebilena bera gero, ia jarraian. Zoaz zer gertatu zen jakitera!

        Beste behin, Erroitz Beltzetako menditar batzuk geratu ziren, eri zegoen batekin, hiriburura bidean. Eguna argitu eta irlandarrak kafea hartzera jaitsi zirenean, artean han zegoen gizajoa, bere andan etzanik. Maskara bat zirudien haren aurpegiak. Zer zuen galdetu zuten irlandarrek, eta ez zela gaitz eranskorra erantzun zien Martinek, haiek lasaitzearren.

        — Itzala hormaratu ez ote dioten beldur dira. Hala bada, alferrik eramango dute hiriburura, ez da sendatuko-eta —erantsi zuen gero Martinek.

        — Zer gaitz mota da, ba, hori? —galdetu zuen Maxek—. Zer esan nahi du «itzala hormaratu» horrek?

        Zer esan nahi zuen esplikatzen saiatu zitzaion Martin. Inor bizirik uzten ez zuen gaitz bat omen zen. Hargina zen biktima, eta, zirudienez, lagunetako batek, dorre bat egiten ari zirela, nahita edo nahi gabe, itzala hormaratu omen zion, hau da, galtzada harriz eta masaz estali omen zion itzala, egiten ari ziren horma gainean proiektatu zenean. Mendiko hargin gehienek deabruak gurutzeari baino beldur handiagoa zioten beraien itzala hormaratzeari; izan ere, bai baitzekiten, hala eginez gero, horman gatibu geratuko zirela eta luze gabe hilko zirela. Baina, menditar hura hargintzan berria zen, nonbait, eta ez zuen behar adinako eskarmenturik.

        — Eta jakina —esan zuen Martinek bukatzeko—, nahita edo bestela, bizia kendu diote. Lastima, oraindik hogei urte ere ez zituen-eta!

        Irlandarrek elkarri begiratu zioten.

        — Baina, beharbada ez da horregatik hil? —esan zuen Willyk—. Zerorrek esan duzu suposizio bat dela...

        — Suposizio hutsa da, noski! Ez zuketen bestela hiribururaino eramaten lanik hartuko.

        — Hori gauza! —egin zuen Willyk gelara itzuli zirenean—. Oso antzinako gaitzak, edo gaitzak esplikatzeko modu zaharrak, hobeto esan... Inori ileak tente jartzeko moduko kontuak, benetan!

        Iluntzeko azken errainutan zen eguzkia; dirdira beldurgarriak zerizkion magnetofonoaren metalezko estalkiari. Saiatzen ziren alde hartara ez begiratzen, baina bazekiten, aitortu nahi ez bazuten ere, handik zetorkiela barruan zerabilten kezka lauso eta ilun hura, ez hildakoek ez logikak argi ez zezaketena.

 

 

        Larunbat batez, goizeroko itzulia egin eta etxeratzean, Martinek —patioan zaldi bat ferratzen bera— bentan ezezagun bat zain zeukatela esan zien.

        Gizaseme garai, fraideen modura jantzitako bat zen, aurpegi potor musugorria, baserritar asko bezala. On puskatzat hartuko zuten igarri ez baliote, begirada aldarazten zion irribarre hartan, halako dirdira susmagarri bat. Martinek zioenez, hiru hizkuntza, ingelesa, albaniera eta serbo-kroaziera omen zekizkien.

        — Paraje hauetan nenbilen eta zuen eta egiten ari zareten lanaren berri jakin dut —esan zuen noiz bati noiz besteari irribarre eginez—. Egiteko bikaina hartu duzue, noski. Baneukan zuekin egoteko gogoa. Ni serbiarra naiz, izatez, Pejako artzapezpikutegiko eliz barrutikoa; urrutikoa, beraz. Shkodrara nindoan neure egiteko batzuetara: fraide eginkizunetara!

        — Ah, bai? —egin zuen Maxek, destainaz bezala.

        — Bai, esan dizuedan bezala... —jaulki zuen fraideak—. Ibilia naiz neu ere antzinako poema epikoak biltzen. Neure modura eta libre nituen orduetan, noski. Fraideok ere arduratzen gara tarteka gauza horietaz. Zale gisa, jakina, eta ez daiteke gure lana zientifikoa denik esan. Zer espero daiteke, gainera, batetik bestera dabilen fraide batengandik? Munduko gauzetatik aparte, bakardadera bildurik bizitzea, horra gure zoria... Egia esan, beti izan dut zuen moduko jendearekin antzinako epopeiaz asperraldi bat egiteko gogoa. Ordea lan asko edukiko duzue, inondik ere, eta segur aski denborak balio handia du zuentzat.

        — Bai zera! —esan zuen Willyk—. Gu ere pozik ari gara zurekin. Horretarako, batzuekin eta besteekin hitz egin ahal izateko, egin dugu hainbeste kilometro.

        — Eta zurekin egotea probetxugarri ere izan daiteke guretzat —erantsi zuen Maxek, fraidea esertzera gonbidatuz eta, orobat, arestian egindako destainaz damuturik—. Zerbait hartuko duzu, ezta?

        — Eskertzen dizuet borondatea, baina hemen niri dagokit ezer eskaintzea! Bertakoa ez banaiz ere, auzokoa bainaiz, urruti gabekoa.

        — Peja Kosovon dago, ezta? Jugoslavian alegia —galdetu zion Willyk.

        — Halaxe dago, bai!

        Raki bana eskatu zuten, eta Shtiefenek bisitari berriari zeharka begiratuz zerbitzatu zizkien.

        Berehala animatu zen elkarrizketa, eta hasi ziren, giro gozoan, lagun artean bezala hizketan. Belarriak erne, burua astintzen zuen fraideak, mirespena erakutsi nahiz: «Horiek guztiak begien aurrean dauzkagu eta ez gara ikusteko gauza... Hauxe fraide galdu eta ezjakin izatea! Negargarria da, gero!».

        Bigarren baso rakia hustu zutenerako, txikiago eta distiratsuago zituzten begiak.

        — Aizue, gauza bat galdetu nahi nizuen. Albaniako baladak bakarrik aztertzen al dituzue? Zeren —nik esan gabe ere jakingo duzue hori— egin bai baita epopeia beste hizkuntza batean ere, serbo-kroazieraz.

        — Bai, noski —esan zuen Maxek—. Jakinean gaude, bai, bi hizkuntzetan egin izan direla baladak. Gu hemengo bertsioa bakarrik ari gara aztertzen, oraingoz behintzat.

        — Eta zergatik hori, galdetzea atrebentzia handia ez bada?

        Bi irlandarrak elkarri begira geratu ziren istant batez.

        Fraidearen aurpegiko irribarrea desegiten hasi zen, baina ez zen erabat ezabatu. Ez zuten ikusi sekula, irribarre bat, sorrerako itxura erabat galdu gabe, hain bizkor, lehen zenaren kontrako bihurtzen. Are pozoitsuago zirudien ezbaizko hartan.

        — Gu ikertzaileak gara —esan zuen Willyk—, eta nolanahi ere ez genuke hemengo edo... Balkanetako gorabeheretan nahastu nahi.

        Ez zaiteztela, gero, inola ere hemengo liskarretan sar, esan zien Tiranako amerikar kontsulak harekin izan zuten elkarrizketan. Jendeak oso gutxi behar izaten baitu hemen hitzetatik tiroetara pasatzeko. Epopeiaren antzinatasunaz edo aitatasunaz ari direnean, batik bat. Nazio ikuspegitik begiraturik oinarrizkoak diren arazoekin lotzen baitute epopeia bi aldeek: biztanleen jatorriari buruzkoekin, batek eta besteak Kosovoren gain omen dituzten eskubide historikoekin, eta baita hark eta honek gaur egun dituzten aliantza politikoekin ere.

        Albaniako eta Jugoslaviako egunkari pila bat erakutsi zien kontsulak, eta, irribarrea galdu gabe, haietako eta hauetako zati batzuk ingeleseratu zizkien gero, Balkanetan gauzak nola zeuden adierazteko. Bi aldeetako prentsak elkarren aurka asma ahalak eta bi idatzi ondoren, eta Europari batere onik opa bazitzaion Albania mapatik betiko desagerrarazi behar zela azaldu ondoren Serbiakoan, Albaniakoak —berak ere Serbiarekin gauza bera egin behar zela aldezten zuen arren— eztabaida bukatutzat ematea erabaki zuen, ez baitzuen bi herrialdeak nola konpon zitezkeen ikusten, are gutxiago herrialdeen izenak berak ere bata «suge» hitzetik eta bestea «arrano» hitzetik zetozenak zirenez.

        Sortu zen isilunean, bere iritzia adierazi edo ez egon zen Max, baina besoak zabaldu eta zera besterik ez zuen esan:

        — Gure jarrera ulertuko duzula espero dut; are gehiago, elizgizona izanik.

        — Bai horixe, nola ez bada... —egin zuen fraideak—. Eta ez zuen aitaren egiteko denborarik behar izan irribarre puska guztiak bildu eta atzera aurpegian osatzeko. Gero, hala esan zuen, on itxurako tonuan: «Hainbesterainoko garrantzirik ez zuen, gizona. Nahikoa ohore egin didazue fraide ezjakin gizajo honekin ideia batzuk trukatzera makurtzearekin. Eta niri ere barkatu, mesedez, neureak hain bero agertu izana. Ziur nago zuek ere barkatzen didazuela: izan ere, lehen esan bezala, serbiarra naiz eta serbiarra naizen aldetik, neure herria defendatzen baitut. Horrela gara hemen, Balkanetan behintzat. Ez ezazue, ba, nire jarrera gaizki hartu».

        — Bai zera, ezta gutxiago ere! —egin zuten bi arrotzek aho batez—. Oso jarrera normala da hori, baita Balkanetatik kanpora ere.

        Eta hartan, lehenbailehen haustea eskatzen zuen isilune labur bat izan zen.

        — Aditu dudanez, Albaniako epopeia aztertuz Homero nor izan zen jakin nahi duzue.

        Maxek baietz egin zion buruaz.

        — Bide batez, ohore handi bat egiten diozue horrekin Albaniako epopeiari, eta orobat Albania osoari, ezta?

        — Hala uste dugu behintzat.

        Orduan eta gehiago zabaldu zitzaion fraideari irribarrea. Gizaseme on puska baten eta are alai baten itxura zuen orain haren aurpegiak.

        — Inbidia diet, egia esan. Poztuko nintzateke gureagatik beste horrenbeste egingo balitz. Baina, zer egingo zaio!

        — Hori esan! Zer egingo zaio! —errepikatu zuten bi irlandarrek hurrenez hurren.

        Sotanako poltsikotik erlojua atera zuen gero.

        — Ene bada! Batere konturatu gabe pasa zaigu denbora —esan zuen—. Joan beharra daukat, jaunak. Dena den, zuen berriak jakiteko zain geratzen naiz, eta onak izan daitezela.

        Altxa eta joan, bat izan zen. Irlandarrak ere beren gelara joan ziren orduan, eta gelako leihotik, zaldira igotzen eta lauhazkan —urrutiago eta astunago— urruntzen ikusi zuten.

 

 

 

© Ismail Kadare

© itzulpenarena: Juan Mari Arzallus, Antton Olano

 

 

"Ismail Kadare / H. dosierra" orrialde nagusia