VIII

 

 

Martxoak 14, Basidi Hezurreko bentan

 

        Giroa gozatzen hasiko zela uste genuen baina ez, ez da hala gertatu. Negua are latzago bihurtu da bat-batean.

        Zorionez hotzak ez digu beste grabazio batzuk egin ahal izatea galarazi. Bigarrenez egin ditugu batzuk, eta horiek dute guretzat garrantzirik handiena.

        Ikusten dugunez, zuzenak ziren ahazteari buruz genituen usteak: bigarren aldiz grabaturiko baladetarik ez dago bat bera ere lehenbizikoaren berdina. Berriro astebetera kantarazitako guztietan (ezin izan dugu epe laburragoko probarik egin) ageri da ahaztearen hozkaren bat.

        Zer da ordea hozka hori? Egunen batean heriotzak eramango duela adierazten duen lehen seinalea? Lehentxeago edo geroxeago itzalaraziko duen gaitzaren baziloa? Ala, kontrara, mendeen joanaren higadurari aurre egiteko txertoa? Dirudienez, azken aieru hori da zuzenena.

        Jadanik New Yorken susmatu genuen hura egiaztatuz doala ikusten dugu orain, beraz.

        Gizonaren oroimena mugatua izateak ez du, nonbait, ahozko epopeiaren kasuan behintzat, ahazmenarekin zerikusirik.

        Laboratorio honetako beste elementu bat da ahazmena.

        Hori ere, izaki bizien metabolismoan gertatzen den bezala, bizitzaren iraupena ziurtatzen duen heriotza bat da, labur esateko.

        Inoiz geure buruari egin izan diogun galdera —berariazko ala nahigabeko ahaztea ote?—, galdera inozoa iruditzen zaigu orain. Gaur arterainokoan rapsoda batek berak ere ez dio galdera horri erantzun, eta ez bakarrik ez dio erantzun, galdera hori ulertzeko gauza denik ere ez da aurkitu. Uste dut berariazkoak zein nahigabekoak, biek dutela ahazte prozesu horretan zeresanik, baina zenbaterainokoa batak, zenbaterainokoa besteak, hori, oraingoz misterio bat da (hitz ongi etorria gisa honetako auzietan!) guretzat.

        Ahaztea auzi horren alde bat besterik ez dela erantsi beharra dago hemen. Eta beste aldea, berriz, ahaztearekin estu-estu lotua bera, eransteek osatzen dute. Batetik moztu eta kendu, eta bestetik erantsi egiten dute, beraz, lahutariek.

        Eta hil edo biziko beste kontu bat ere bada oraindik: Zein da denbora banako jakin bakoitzean, hamar astean, hamar urtean, berrehun eta berrogeita hamar urtean, mila urtean gerta daitekeen galera tasa?

        Ikuste batera, epopeiaren korpusa, zatika baina etengabe, deseginez doala dirudi; ordea, aieru horiek ez datoz bat epopeiak duen antzinatasunarekin.

        Jardun gara kalkulu txiki bat egiten eta txunditurik geratu gara emaitza ikusita:

        Muioren emaztearen baladan adibidez, bi asteren buruan testuaren milarena inguru aldatu da. Martxa horretan, hemendik bi mila astera, hau da, berrogei bat urtera, erabat desegina egon beharko luke. Eta ez da batere horrela.

        Zer gertatu da orduan?

        Arazo horri buelta asko eman dizkiogu buruan, eta ahazte-eranste gehienak ez direla hala, eta ez daitezkeela ere berez, sasieranste eta sasiahazte batzuk baizik izan, egin dugu azkenean.

        Beste modu batera esanda, eranskin berri gehienak ez dira lehengo ahazteen lekuan rapsodek egindako konponketa batzuk baizik, eta ahazteak ere ez dira, lehenago honengatik edo harengatik erantsitakotik rapsodak, berak ere zergatik ez dakiela segur aski, kentzea erabakitzen duen puska batzuk baino, eta horrela sekula sekulatan.

        Dozenaka eta dozenaka beste grabazio egin ditzagunean, beharbada orduan izango gara gogoratzearen eta ahaztearen arteko joan-etorri bitxiaren barrunbeak ezagutzeko gai. Orduan bakarrik bereziko ditugu benetako ahazte-eransteak itxura hutsezkoetatik!

        Baina metodo horrek berak ere ez diezaguke ziurtasun bete-beterik eskain. Nola jakin urteak eta urteak ahaztearen gau beltzean murgildurik egon den elementu bat zein arrazoirengatik eta zein bide misteriotsutik irten den berriro argitara? Eta hor ez da gainera kontuan hartzen, fenomeno hori rapsoda berberaren baitan gertatzen bada, berdin-berdin sor daitekeela, lur azpiko erreka batek eramanik bezala, harengandik lekuz eta denboraz urrun dabilen beste rapsoda baten baitan ere. Aspaldian hezur eta hauts bihurtua dagoen rapsoda baten hilobitik bertatik ere irten daiteke —lur azala lehertuta— epopeia atalik, eta heriotzak batere aldatu gaberik, gainera.

 

 

Martxoaren erdialdean, Bentan

 

        Ohartxo batzuk, belarriak ahozko poesian zer egiteko duen adierazteko. Begi-belarrien arteko harremanak. Majekrah (hegal ertza).

        Alemaniar jakintsuek adierazten dute, Majekrah antzinako keinua deskribatzerakoan —ondoan marrazki eta guzti—, keinu hori behar psikologikoren batek-edo hartara bultzaturik asmatua izango dela agian. Hori da diotena.

        Gure ustez gai hori sakonago aztertu beharko litzateke. Keinu horrek zer esanahi eduki dezakeen eta antzinako errituekin zerikusirik edo berezko esanahi sinbolikorik duen galdetu diogunean, oso erantzun iluna eman digu bentazainak, alemaniar jakintsuen esplikazioaren antzekoa gutxi gorabehera. Keinu horrek, kantatzerakoan belarria estali beharrak, alegia, badu nonbait, bular ahotsa buru ahots bihurtzeko unearekin eta hala kantatzeak eragiten duen zorabioan orekari eutsi beharrarekin zerikusirik.

        Bentazainak: «Ez dakizue zeinen zaila den egitandien kantak abestea. Neuk ere probatu nuen garai batean, baina ez nuen bide luzea egin. Elur jausiak baino burrunda handiagoa egiten du buruan. Eta erotu ere erotuko litzateke ohitu gabe dagoena».

        Ahozko epopeia entzutezko antze bat da batik bat. Eta bistak, gaur egungo idazleak ulertzeko ezinbestekoa den horrek, ez zuen Homeroren garaian eginkizun handirik. Non eta ez zen traba egiteko. Zerbaitegatik irudikatu izan da Homero egin den bezala: itsu.

        Bista laburra dute rapsoda gehienek. Nahikoa gutxietsirik ez ote daukaten ere esango litzateke. Ez ote dute propio uzten galtzen, berek bakarrik dakiten moduren batean? (Ez da ba esaten Demokritok, bistak bere baitara biltzen galarazten ziola-eta, nahita itsutu zuela bere burua?)

        Ez ote da rapsodak itsu imajinatzea ere artea eguneroko errealitatetik lekutu beharrak sorrarazten duen nola-halako sineskeriaren adierazgarri bat? Ez ote da itsutasuna, edo bista labur samarra izatea, epopeia sortzen duen mekanismoaren osagaietako bat? Zeren, ez al da ba itsuaren oroi-

        mena, ustez bederen, gainerakoena ez bezalakoa?

        Ideia liluragarriak dira horiek, noski, baina lehenbizi, gaur egungo lahutariak benetan bista laburrekoak diren ala ez egiaztatu beharko dugu. Okulistek erabiltzen dituzten horietako taula bat aski genuke horretarako.

 

 

Martxoak 21, Basidi Hezurreko bentan

 

        Lan bikaina! Grabazio pila. Berrizkoak batzuk.

        Ahozko transmisio sistema aztertzea erabaki dugu, hau da, rapsodek elkarri zer hartzen dioten eta batzuek besteen gain nolako eragina duten aztertzea. Grabazio funts bat osatu beharko dugu konparaketak egiteko, A rapsodak B rapsodak kantatutako poema bat entzun eta bere errepertorioan sartu ondoren, nola kantatzen duen konparatu ahal izateko, adibidez.

        Ez da lan erraza. Lahutariek duten jenio zipotzarekin, gainera.

        Ahozko epikaren zabalkundea bere lege propioen arabera ohi dabil, eta ez dute lege horiek gaur egungo publikazio moldeekin batere zerikusirik. Zabalkunde horrek ere, ordea, nahitaez izan behar ditu aldian aldiko balada arrakastatsuak, batere arrakastarik gabekoak, eta baita best-seller-ak ere.

        Baina hori lehen pausoa besterik ez da. Eta ez da balada batek rapsoda baten baitatik beste batenera igarotzean izaten dituen aldaketak zehaztea nahikoa. Lahutari belaunaldi batetik hurrengora igarotzean zer gertatzen den ere argitu beharra dago, eta baita, bi aldi eta are bi aro bereizten dituen leizea gainditzean zer gertatzen den ere. Eta zer, handik aurrera.

        Baina ez da hor bukatzen lana. Epopeia hori bi hizkuntzatan dagoenez, are gehiago korapilatzen eta zabaltzen da auzia, eta ez gaude oraingoz horri aurre egiteko behar bezala prestatuak. Hori da nonbait munduan bitara dagoen sortze lan artistiko bakarra. Eta ez da bitara edo bi hizkuntzatara dagoela esatea nahikoa: elkarren etsai diren bi naziotako hizkuntza banatan baitago. Eta alde biek, Albaniak eta Serbiak, bi areriok duelo trajiko sui generis batean arma bat bera erabili beharko balute bezala erabiltzen baitute, gainera!

        Hizkuntza bateko bertsioa beste hizkuntzakoarekin konparatzea gauza bera buruz behera jarrita ikustea bezala litzateke. Eta delako ispilu magiko horretan, batean heroi direnak bestean antiheroi baitira, batean zuri dena bestean beltz, batean samina dena bestean poz, batean garaipena dena bestean porrot, eta dena horrela, goikoz behera, ezin bukatu amaigabean.

        Xalokeria litzateke epopeia herrialde horietako bakoitzak zeinek bere aldetik et bakarrik sortu duela pentsatzea. Asmatu batek egingo zuen, eta besteak imitatu. Eta gure iritzian Albaniarrak dira, Balkanetako herririk zaharrena ere bera denez, epopeia horren asmatzaileak. (Hori baieztatzera dator, bestalde, albaniarren bertsioak pasta homerikoaren antz handiagoa izatea). Baina gu ez gara sartuko eztabaida horretan ez eta gure helburu nagusitik urrunaraz gaitzakeen beste edozeinetan ere; teknika homerikoa aurkitzea baita gure helburu nagusia. Aztertuko dugu bikoiztasun hori ere, baina horrek ahaztearen mekanismoarekin, formulen aldaketekin eta transmititzeko prozesuarekin zerikusirik duen heinean, ez horietatik kanpora.

        Maxek paper zerrenda bat pegatu du tximinia gainean. Honela dio paperak: «Gu homerozaleak gara batik bat».

 

 

Martxoa, Bentan

 

        Bizitzako gertaera bat epopeia bihurtzea, hura homerizatzea.

        Horra gure eztabaidetan gero eta sarriago aipatzen ditugun gaietako bat. Galdera asko dakartza horrek ondotik: Zein kriterio erabiltzen zuen epopeiak hainbeste gertakizunen artean hautatzen zuen hura eta ez beste bat hautatzeko? Zein aldetatik hasten zen hilezkor bihurtu nahi zuen gertakizun bat baltsamatzen? Zein alde bigun, zein zertzelada, zein gertaera baztertzen zituen, eta zein esamolde zahar eta molde poetiko hautatzen, baltsamo gisa erabiltzeko?

        Epopeia bilakatu izan direnetarik gugandik hurbilen dagoen gertaeraren bila ibili gara gertaera bera eta haren bertsio homerizatua konparatu ahal izateko. Hamabi bertso besterik ez dugu aurkitu 1878ko Berlingo Kongresuari buruz. Gaurko egunera gehiago hurbiltzeko beldurrez laino artean geratu den herensuge negutarra bezala geratu da epopeia ere urte horretan. Zergatik? Zerk galarazi zion honago ez etortzeko, zerk izutu zuen?

        Gero eta bakanago menturatzen zen mundu izkinaraino, oso mundu arrotza baitzen berarentzat.

        Berlingo Kongresuari buruzko fitxategi zehatz bat osatu dugu: protokoloak, han parte hartu zuten gobernuen deklarazioak, lurralde ahaltsuek Inperio Otomandarrari eta Albaniari buruz izan zuten jarrera, han hartu ziren erabakiak, eta baita ate atzeko azpijokoak ere. Epopeian egiten den deskripzioarekin konparatuta, oraindik erabat hoztu ez den gorpu bat bere momiaren ondoan etzanda ematen du gertaerak berak.

        Alferrik bilatu dugu epopeian gertaera berriagorik. Asko harritu gaitu 1913ko urteaz, Albania zatiturik geratu zen urte beltz hartaz bertso sortatxo bat baizik ez aurkitzeak! Epopeia benetan hezur eta azal geratzeko zorian dagoela adierazten du horrek.

 

 

Martxoa, Bentan

 

        Zer aldatzen da eta zer ez, epopeian? Ba ote du horrek mendeetan zehar osorik iraunaraziko dion muin sendorik?

        Orain arte uste genuen irudi poetikoek, esamoldeek edo klixeek, hots, pasta epikoa hartzen zuten hastapeneko moldeek betetzen zutela eginkizun hori.

        Uste genuen laboratorio zaharreko moldeek —berak ere aldaezinak— ematen ziotela poesia produkzioari batasuna.

        Baina ikerketan barrendu ahala gero eta konbentzituago gaude bai irudiak eta bai moldeak, eta baita laboratorioa bera ere aldatuz doazela. Baina hain da aldaketa hori, duen joaera astitsua dela eta, giza begiarentzat sumaezina nola den geure zahartzea bera.

 

 

 

© Ismail Kadare

© itzulpenarena: Juan Mari Arzallus, Antton Olano

 

 

"Ismail Kadare / H. dosierra" orrialde nagusia