VII

 

        Bentako nagusiak esan bezala gertatu zen azkenean, etorri egin zen rapsoda. Egun itoa zen, berun koloreko hodeiez estalia. Zurturik ziruditen gauza guztiek, ahantziak betiko, abestiek. Oso aurpegi txarra zekarren rapsodak eta okerren bat gertatu izango zitzaiola pentsatu zuten erbestetarrek, baina ez ziren zer galdetzera ausartu. Galduak zituzten hura kantuan ikusteko esperantza guztiak; agindu zuena ez gogorarazteko eta guzti eskatu zioten erbestetarrek Shtiefeni, baina buruaz ezetz egin zien hark: «Horixe kantatuko duela; hitza emanda dago». Eta eutsi egin zion emandako hitzari. Txintik esan gabe, zor bat kitatu nahi bailuen, zurezko aulki batean eseri, mikrofonoaren aurrean, eta bi baladak abestu zituen jarraian.

        Gero, rapsoda joan zenetik gau berandua arte, eta baita hurrengo egun osoan ere, grabazio hura lehenagokoaren transkipzioarekin konparatzen aritu ziren erbestetarrak. Hark ekarri zuen maxkal aurpegiarekin, testuan aldaketa handiak sartuko zituela pentsatu zuten. Sarrera gisa, ingelesez hitz batzuk ere grabatuak zituen Maxek: «Orain bi aste kantaturiko balada bera berriz; bien bitartean, rapsodak ezbeharren bat edo nahigabe larriren bat izan du, dirudienez».

        Baina gero, harridura handiz, bi testuen artean ia alderik ez zegoela egiaztatu zuten. Mila inguru bertsotatik bi bakarrik falta ziren. Eta Muio kateaturik agertzen zeneko pasartean, Muioren kokotsean ikazten ziren pinu adar kiskaliaren ilinti puskak bertsoa beste honetara zegoen:

        Ahotik zerion adurrarekin nahasten ziren pinu adarraren ilinti puska kiskaliak.

        Eztabaida luzea izan zuten aldaketa horren arrazoi posibleei buruz. Halako aldaketa txiki bat egitea eta mila inguru bertsotatik bi besterik ez ahaztea —guztiz espero izatekoa— huskeria iruditzen zitzaien batzuetan; beste batzuetan, berriz, lahutaria gogaldi txarrean zegoelako gertatu izango zela iruditzen zitzaien, gogaldi txarrak kantuari garraztasun handiagoa ematera eragin izango zuelako, alegia.

        Esplikazio hori ere alde batera utzi zuten gero, garrantziz bigarren mailakoa zela eginik, eta bertso aldatuan murgildu ziren txunditurik. Begien aurrean zeukaten azkenean harako aldaketa hainbeste denbora itxaron izandako hura, berentzat lehenengoa! Han zegoen, eta ez teoria hutsaren emaitza gisa, bizi-bizirik eta egiazki baizik. Han zegoen ere bi bertso atzenduen beste hutsarte txiki hura, gertatzeko momentu berean harrapatu izango zen lehenengo ahaztea. Beren liluran, ez ziren aldaketa hura eta ahazte hura aztertzeaz aspertzen, eta berriz ere dena posible iruditzen zitzaien orain. Atzemanik zeukaten Homeroren misterioaren hari nagusietako bat, aldaketa eta ahazte unitaterik txikiena: rapsoda beraren baitan bi asteren buruan gertatzen zena. Beraz, zer ahazte ez ziren gertatuko zenbait urteren, mende oso baten, bostehun urteren buruan? Eta zer ez, rapsoda batengan ez baina rapsoda sail baten edo rapsoda belaunaldi oso baten baitan, edota rapsoda belaunaldi batetik bestera? Ahaztearen mekanismoak haientzat zabalera beldurgarria hartzen zuen bat-batean, eta ziztaka sentitu zituzten lokiak, buruak neurri hartako lantegietara egokitu gabeak bailituzten.

 

 

        Erbestetarrak buru-belarri gogoeta haietan murgildurik harrapatu zituen suprefetak eta emazteak antolatua zuten dantzaldira joateko gonbitak. Zertazkoa zen ezin ulerturik geratu ziren hasieran, guztiz burugabea, desegokia, bitxia, funtsik gabea eta absurdoa iruditu baitzitzaien iniziatiba hura. «Ez!», esan zuten biek batera, «Zer galdu zaigu han? Gaizkiulerturen bat izango da», pentsatuz beren barrurako; eta, nola artean ere ez zuten ulertzen inork dantzaldi batera gonbida zitzakeenik, nahasteren bat izan izango zela, gonbit hura beste norbaitentzat izango zela pentsatu zuten. Gonbiteko txartelean, ordea, haien izenak ageri ziren kaligrafiaturik, eta bentako aurrean zain zeukaten, gainera, suprefetaren auto beltz, kapot luzea. Gonbita egitea gutxi iritzirik, bere autoa bidali zuen erbestetarrak dantzaldira eraman zitzaten. Berriz ere ezezkoa ematera zihoazen erbestetarrak, baina iritsi ziren eguneko iluntzean dantza konturen bat-edo aipatu zela gogoratu zitzaien bat-batean, eta gainera, suprefetaren agindupean zegoela eskualde hura guztia, eta baita inguruetako bentak eta rapsoda ibiltarietako batzuk ere agian... Handik ordu erdi batera, traje ilunez jantzirik, suprefetaren auto antigoalekoan zihoazen ordokian zehar, zeinak misterioz bildua zirudien, ilunabar hotz hartan. Han eta hemen, autoaren argi errainuen ihesi bezala zebiltzan mamuzko belar metak, eta esan ere, esan zuen bi edo hiru aldiz Willyk bere barrurako: «Baina, Jainkoarren! Nora goaz gu honela?». Gero, segundo batzuk behar izan zituen lasaitzeko eta suprefetaren dantzaldira zihoazela konturatzeko, baina berriz ere laster hegatu zitzaizkion burutazioak, aspaldidanik izozturik zeuden eta inolako premiarik gabe beren kalterako esnarazten zituzten mila arrisku mehatxariren artean zihoazela gogora ekartzeko.

        — Hau ilunabarra! —xuxurlatu zion Maxek belarrira—. Ez diat, egia esan, honelako ilunabarrik sekula ikusi.

        Ilunabar berezia zen benetan, ponpa batek-edo izar hondar guztiak eta argitasun eta gozotasun oro hurrupatu dion zeru ezin beltzago batean zabaldua. Ilunabar aproposa emakume ebasketarako, pentsatu zuen Willyk. Suprefetaren emaztea..., zuzi irazeki bat hortzetan senarra... (rapsoda bakoitzaren bertsioaren arabera, hori). Oi! Bai gauza samingarria!

        Urrutira N...ko argiak ñirñirka ikustean, hasperen egin zuen Willyk, lasaiturik. Argi biziz distiratzen zuten suprefetaren etxeko atariko farolak. Areto handian, aurreko bisitako gonbidatuenez gainera, beste zenbait aurpegi ere sumatu zuen oraingoan. Hiriko eta inguruetako handiki jendea, inondik ere.

        — Pozten gaitu zuek berriro gure artean ikusteak —esan zuen suprefetak, gainerako gonbidatuak aurkezten zizkien bitartean—. N...ko ginekologoa... Abokatua, emaztea... Rok Jauna, hau ezagutzen duzue. Postako zuzendaria, ezaguna hau ere... Asko pozten gaitu zuek gure artean eduki ahal izateak. Eskualde honetako soldadutza bulegoko burua. Eta, nire emaztea...

        Sartu berritan bezain arrotz sentitzen ziren handik ordu betera. Eskuan baso bana zutela zeuden, beste guztiak bezala, dantza saio bana ere egina zuten, baina ez ziren batere hango sentitzen. Azalkeria eta jantzi hutsa, irreala bezain barregarria iruditzen zitzaien hango guztia. Konturatuta zeuden ez zirela epopeiaren mundutik irteteko, ez eta festa hartan behar bezala egoteko ere gai. Aretoko bazterretan, elkarri kontu txikiak esanez zeharka begiratzen zieten andrazkoek, eta ziztadaren batzuk ere jaulkiko zituzten segur aski haien kontura, baina hangoak bost axola zitzaien erbestetarrei. Handik legoatara zeuden-eta gogoz; jendea ez ezik jendearen janzkera, aiurria eta usadioak ere hain diferenteak ziren benta hartan...

        Tximiniaren marmolezko erlaitzaren kontra jarririk, bentako bezeroak gogoratu zituen Willyk, tximista brodatzeko makina batez josiak ziruditen elur edo izotz izpi itxurako motiboak zituzten arropez jantzirik.

        Arlote hutsak, funtzionario barregarri batzuk besterik ez ziren, berriz, suprefetaren aretoan eserita zeuden haiek, N...ko handiki-edo omen ziren haiek; inori karkara edo goitika, batek zer nahi, eragiten zion jendea.

        — Ez zaude oso gustura itxura denez —esan zion suprefetaren emazteak, poliki-poliki ondora hurbildurik, Willyri—. Hemen aspertzen zaude zu, inondik ere. Baina, zer egin besterik? Hau da probintzia bazter honetan dagoena!

        — Bai zera, ez anderea! —esan zion Willyk, ez zekien beste zer erantzun eta.

        Izan ere, hura baitzen txotxongilo festa hartan lekuz kanpora zegoela iruditzen zitzaion pertsonaia bakarra, eta ez zuen mindu nahi.

        Berbertan zeukan haren begietako argitasun busti otzana, egun batzuetan bera ez ikusi izanak erasana bezala. Eraztunak berak ere, basoa zeukan eskuan dirdirka, Daisyren mazaltasunak kutsatua zirudien pixka bat.

        Haren urrin finaren usaina aditu zuen, eta bi Albania hain diferente nola bizi zitezkeen leku eta aldi berean elkarrekin, galdetzeko gogoak eman zion bat-batean Willyri: epopeian eta han goian, bide handiaren ondoko bentan sumatu ahal izan zuen Albania, betidanikoa, trajikoa eta duina, alde batetik, eta suprefetaren etxean ezagutu zuena, maskarada hutsa iruditzen zitzaion hura, bestetik. Noski, hain gordin hitz egin izana barkatzeko eskatuko zion gero.

        — Pentsakor... —esan zion Daisyk—. Pentsakorra eta isila zara. Baina, hain zuzen ere, horrelako jendea gustatzen zait niri.

        — Eskertzen dizut —erantzun zion Willyk—. Baina ez, galdera batek nindukan pentsakor.

        Daisyren eraztuna erian dardarka hasi zela iruditu zitzaion Willyri, eta egin nahi zion galdera hura ulertzeko ere agian lanak izango zituela pentsatu zuen. Daisyk beste Albania hartaz fitsik ez jakitea ere zitekeen gauza baitzen. Zeren azken batean, aipatu nahi zion Albania hura, berak uste zuena zen edo poeta batzuen amets hutsa besterik ez ote zen, edozeinek egin baitzezakeen duda.

        Hartu zuen basoa, lehenago tximiniaren erlaitzean utzia, eta zurrut egin ondoren lehengo lekuan utzi zuen berriro. Eta albaniar idazle gazte baten testuetako batean irakurritakoa bururatu zitzaion bat-batean, alegia, herrialde hartako menditarrak, orain hain ausart eta matxinatzeko prest ziruditen bezala, gai zirela goizetik iluntzera Estatuaren esklabo txintxo bihurtzeko ere. Urrutitik begiratuta, ordea, beste modu batera ikusten ziren gauzak. Baina olerkariak zioenagatik harritzeko motibo sendorik ere ez zeukan, funtsean. Hain era epikoan portatu ote zen Homeroren garaiko jendea? Eta Homero bera...? Istant batez, irudi beldurgarri bat, nork bere burua amarekin oheraturik ikustea bezalatsuko bat itsatsi zitzaion gogamenean: Iliadako bigarren eta zazpigarren kantuak abestu ondoren, Homero diru kontaketan murgildurik... Eta burubide lazgarri haietatik ez zen Albaniako rapsodek inolako ordainik onartzen ez zutela jakin zuen arte libratu. Errezelo txar bat besterik ez zen, Jainkoari eskerrak!

        — Zerbait esan nahi al zenidan? —xuxurlatu zion Daisyk.

        Aurpegira begira geratu zitzaion Willy. Erotua egon behar, nori eta hari, suprefetaren emazte eta N...ko First Lady zenari, Albaniaz halako kontuak esateko.

        Gero, autoan sartu eta bentarantz abiatu zirenean, Maxi kontatu zion hura guztia. Gonbidatuak ere, jadanik etxerako bidean, haiengatik basapizti, zozo, harro edo ero huts batzuk zirela esanez joango ziren segur aski.

        Hitz jarioa eten gabe eta urrutira ikusten zen argi galdu batetik ezin begia kendurik zihoan Willy. Argi hark areagotu egiten zuen gauaren beltzak berez eragiten zuen izua eta fatalitatea.

        Une batez Maxek zer erantzungo egon zen Willy. Baina ez zuen Maxengandik erantzunik jaso; lokartua zegoen, itxura zenez.

 

 

 

© Ismail Kadare

© itzulpenarena: Juan Mari Arzallus, Antton Olano

 

 

"Ismail Kadare / H. dosierra" orrialde nagusia