V

 

        Non nago? Nolatan nago ni hemen?, egin zuen bere artean. Ile multzo batzuek kilikatu zioten kokotsa, eta sudurra, eta bat-batean begiak irekirik, ia garrasi egin zuen izuaz, aurpegi aurrean txima luze gorrixka batzuk, bere haurtzaroko otsoaren edo hartzaren ileak-edo ikusita; baina ez, berehala lasaitu zen, eta ez zuen gainetik larruzko estalkia kendu besterik egin, burua estaltzeraino goratu baitzitzaion gaua bitartean.

        Ari zuen eguna argitzen. Goizaldeko argitasun hitsa sartzen zen leiho estu, atakak erdi irekirik geratu zitzaizkion batetik. Leihoko kristal gandutuak are hitsago bihurtzen zuen egun urratu berriaren argitasuna. Willyk Maxen oherantz itzuli zuen burua eta haur bat bezala lo ikusi zuen.

        Basidi Hezurreko benta..., egin zuen bere artean. Han zeuden azkenean, neguko goiz gris batez, zorioneko benta lejendario hartan, Balkanetako usadiora kalpar luzeko larruetan bildurik. Han hasten zen haien abentura. Ordutik aurrera nahita ere ezingo zuten geldiarazi. Brrr! Hau hotza! Bozkariozko sentipen bat, zenbat eta giroa hotzago orduan eta handiago diren horietako bat jabetu zen haren buruaz. Jaiki zen poliki-poliki, zaratarik ez ateratzeko, eta leihora hurbildu zen gelako zoru karrankari hura ahalik arinena zapalduz. Hango zeru ilun, erdi-erdian kataklismo ikaragarriren batek urratua zirudien hartara begira egon zen luzaroan.

        Kafe txigortuaren usain sarkorra zetorren behetik. Jaikitzeko ordua duk, bai, egin zuen eskaileretan behera zihoala.

        — Egun on dizula —agurtu zuen bentazainak, ustekabean buruz buru aurkiturik—. Ongi lo egin al duzu, jauna?

        — Baita zuri ere —erantzun zion Willyk—. Bai, oso ongi lo egin dut, eskertzen dizut.

        Irteeran gela handi bat ikusi zuen eskuinera, batzuk besteen kontra jarritako ohatzez betea. Hutsik zeuden gehienak; bi edo hirutan bakarrik igartzen ziren gorputzak, estalki loditan bilduak.

        — Apopiloen gela —esan zion bentako nagusiak—. Horrelakoak dira eskualde honetako bentetakoak. Hainbat ohetako gela handi bat izaten dute denek, eta beste logela txiki bat edo bi bezero berezientzat, zuek bezalakoentzat, esate baterako. Ikusten duzunez, jende pobrea da hemen.

        — Ikusten dut, bai!

        Minutu batzuk geroago, Max bakar-bakarrik zihoan ordokian aurrera luzatzen zen errepidean zehar. Intzigarrez estalirik zeuden bidearen alde banatako sasiak. Hesi batzuk ere, bentako sailak mugatzeko jarriak agian, Maxen bakardadea hausteko beldurrez-edo, atzean geratuak ziren jadanik. Hau bakea!, esan zuen ahopean. Eta ez zen asko esatea. Ez baitzen nolanahiko bakea. Intzigarretako karraskak are isilago bihurtzen zuen hango isiltasuna. Karraska leun hark ez zirudien, gainera, haren urratsek bakarrik eragina; gehiago zirudien aztarrika sumagaitz bat, auskalo zergatik ordoki hura beren olgeta sorretarako hautatu zuten izaki ametsetako batzuek-edo egina.

        Bat-batean, ez-ohiko arintasun bat eta freskotasun bat ere sentitu zuen Willyk bere baitan. Bat-batean, egingarri iruditu zitzaion dena. Gai sentitzen zen unibertsoko auzi handietan zerbait egiteko, egunaren luzeraren moldaketan edo urte sasoien antolaketan eskua izateko, adibidez, edota lurbiraren errotazioan aldaketaren batzuk egiteko. Poema homerikoen misterioa ere berak argituko zuen, noski.

        Ez zekien jada zenbat denbora zeraman ibiltzen. Itzuli zen bere orpoen gainean, eta etxea ikusi zuen urrutira. Max esna egongo duk honezkero, pentsatu zuen.

        Bentara iritsi zenerako beheko solairuan zegoen Max; bentazainarekin kafea hartzen ari zen.

        Gosari legea egin ondoren, errepidean aurrera abiatu ziren biak, Willy arestian ibili zen aldera. Oraindik ere lehengo bake bera nabari zen inguruan, baina Willy ez zen arestiko irtenaldian bezain gogobero sentitzen orain. Lainoz estalirik zeuden ordoki ertzak. Noizetik noizera hegazti beltz batzuk azaltzen ziren laino artetik, beste mundu batetik etorriak bezala, eta ia lurra ukituz hegalka ibili ondoren, desagertu egiten ziren atzera, espirituak bailiran. Nahiz eta hala zirela guztiz seguru egon ez, lainoaren atzean Tontor Madarikatuak ikusten zituztela iruditu zitzaien bi edo hiru aldiz.

        Hainbeste bider hitz egin zuten mendi haietaz New Yorken, eta bidaia bitartean, ezen haiek ikusteko irrikaz baitzeuden orain. Mendi haietan barrena ibilaldia eginez ikerketari ekitea zen haien estreinako asmoa, baina gero, jakin zutenean oso negu gogorra egiten zuela han, igarogaitzak zirela bideak, eta ezin latzagoak bizi baldintzak, orduan ideiaz aldatu zuten. Baina topatu zituzten bidaiarietarik Albaniako iparraldea asko edo gutxi ezagutzen zuten guztiek jakinarazi zietenez, rapsoda gehiago aurkituko omen zituzten hango edozein bidegurutzetan —Basidi Hezurreko bidegurutzean bertan, esate baterako—, mendietan zehar ibilita igaroko zituzten herrixka apurretan baino.

        Aurreko gauean bentazainak ziurtatu zienez, hilean bitan behintzat gelditzen omen ziren lahutariak haren bentan. Bestela zen lehen, esan zuen bentazainak hasperenka. Ia gauero azaltzen ziren gurera. Garai haiek, ordea, joanak ziren nonbait. Nolanahi ere, ez omen zuten zertan kezkaturik, aurkituko zituzten-eta, dudarik gabe, gainera.

        Beren sekretua azken bururaino gordetzea erabaki zuten, baina bentazainari ezer ez esatea ere ezinezkoa izango zela konturatu ziren. Beraz, gehiago luzatu gabe, dena ahalik eta argien azaltzen saiatu ziren.

        Ulertu dizuet, jaunak, esan zuen Shtiefenek, kafe eske hasten zitzaizkionean egin ohi zuen ernegatu keinuaz. Oso ongi ulertu dizuet. Zuen lanerako propio egina dirudi benta honek. Batez ere, asmoa duzuen bezala, rapsoda bati balada bera bi aldiz entzun ahal izateko. Hemen gaua ematen duen lahutari guztia atzera hemen izaten da astebete barru, bi aste barru asko jota, ezkontza batetik edo hileta batetik bueltan, ezpada egin berri duen hilketa batetik bueltan. Ez baita Iparraldeko ordokira itzultzeko beste biderik. Hegoak izan ezean... Neguan, ordea, txoriek berek ere ezin izaten dituzte Tontor Madarikatuak igaro.

        Rapsodek onartuko ote zuten grabatzeko aparatuaren aurrean kantatzea, hori zen bentazainaren zalantza bakarra. Berak azaldu zienez, lahutari bat berak ere ez zuen zeremonia pixka bat eta entzule mordoxka bat gabe kantatuko. Baina ez zuten hargatik zertan kezkaturik. Haren bentan jai giro bikaina izaten zen, neguko gauetan batez ere. Eta bere esku zegoen guztia egingo zuen haiei ez huts egitearren. Gela handiko tximinia handia piztu, eta rakia edatera gonbidatuko zituen rapsodak. Grabatzeko aparatuarekin, berriz, asmatuko zuten zer egin. Zer eta zertarako zen azaldu ere egin ziezaieketen agian, edo amarru xumeren bat bilatu bestela, ardi larru batez estali-edo, esate baterako. Bai, bai, primeran aterako zen dena.

        Buruan promes hitz horiek zerabiltzaten, ordokian zehar zihoazela. Egia esan, ez zezaketen ametsetan ere, zuten lanerako lagun egokiagorik aurkitu. Rapsodazale amorratua zen, nonbait, eta bere eskuko hatz muturrak bezain ongi ezagutzen zituen haien ohiturak, haien maniak eta harat-honatak. Entziklopedia bat zen rapsoda kontuan. Eta emozio isuriko mirespen batez bezala hitz egiten zuen, gainera, haiei buruz. Rapsoden etorraldien maiztasunaz hitz egitean urtaro batzuetatik besteetara izaten ziren aldeak aipatzen zituenean, txorien migrazioez ari zela ematen zuen. Oso hitz samurrak erabiltzen zituen halakoetan, inori zizpuruak eragiteko moduko oihartzuna zerien atzizki goxokoak. Ez zekiekeen benetan hura baino pertsona egokiagorik suertatu.

        Hizketan jarraituz, burua altxatzen zuten noizbehinka, odaiertzean Tontor Madarikatuak bistaratuko ote zitzaizkien esperantzari hats eman nahiz bezala. Baina oraindik ere lainoak aldez alde estaltzen zuen ordoki zabal hura guztia. Igartzen zen, hala eta guztiz ere, han atzean, urruti gabe hasten zela goi ordokiaren masa erraldoia. Huraxe zen bila zebiltzan epopeiagune handia; haren barruko indarrak erakarri zituen ozeanoz bestaldetik. Han zegoena bezalakoxe lainoak biltzen zuen, nonbait, argitu nahiko zuketen misterio homerikoa bera. Willyk ere ordea, ez zuen orain, ordu bete lehenago sentitu zuenaren kontrara, hartu zuten langintza azken onez burutuko zutenik batere espero. Txikiak eta ahulak, ez ote zeuden mamu erreinu haren muga-mugan ibiltzera eta ezin inoiz barrura sartu ahal izatera kondenatuak? Ez zuen intziri egitea urruti izan.

        — Begira han! —esan zuen bat-batean Maxek—. Gizajendea da ala ametsetara jo didate begiek?

        — Niri galdetzen al didak? —erantzun zuen Willyk—. Ondotxo dakik nik...

        Maxek bisera moduan jarri zuen eskua, hobeto ikustearren.

        — Jendea duk, bai —esan zuen—. Ez zagok zertan harritu; baina, ez zekiat zergatik, inpresio arraroa egin zidatek.

        Honek ere ez dik, nonbait, laino itxi horietatik ezer sor daitekeenik espero, pentsatu zuen Willyk. Baina lehenagoko beltzune txiki haiek igaroa zuten orain bi errealitateen arteko muga, eta erbestetarrek gero eta hurbilago zituzten berengandik. Une hartan sentitu zuten aztoramen hargatik ohartu ziren bat-batean, zergatik ez zuten izan mendi haietan jendea aurkitzeko esperantza handirik, are gutxiago poema epikoak antzinako erara abes zezakeen jenderik. Inor aurkitzera ere hotz gogorturik aurkituko zuten segur aski, azken arnasa emateko zorian. Aurrerako negu bakoitza azkena gerta zekien arriskuan zegoen, beraz, jende hura. Bai, bizkor ibili beharko zuten; bizkor ibili, garaiz iritsi ahal izateko, eta azken hatsetan misterioaren gakoa bederen atera ahal izateko.

        Nor bere zalantzak gordetzen ibili ziren, une gogorretan batak bestea gehiago ez desanimatzearren, eragozpenak ere haiek Albaniara ez joateko elkar harturik zebiltzala iruditzen baitzitzaien halakoetan. Baina gaindituak zituzten beheraldi haiek guztiak, eta hara non eskaintzen zizkien orain mendi hark, izan zuten iraupenaren sari gisa-edo, hurbilduz zetozkien harako izaki bizi haiek. Ez zuten gero, gizon haiek ia ondoraino etorri zitzaizkien arte, hitz bat bera ere trukatu. Hartan ezagutuko zituzten berariazko zona epikoko lehenengo menditarrak. Epopeia zaharreko deskripzioetan irakurri bezalakoxeak zituzten jantziak, eta ia garrasi egin zuten harriturik: «Posible ote da mila urteren buruan batere ez aldatu izatea?». Ikuste hutsarekin beldurra ematen zuten hego motz edo atrofiatu baten itxurako eranskin batzuk zituzten haien larruzamarra beltzek besagainetakoen sendogarri. Begien aurrean zeukaten gizatasunaren eta jainkotasunaren artekoa, gizatasunaren eta jainkotasunaren arteko banagunea edo elkargunea, nahi den bezala. Bai, aipatzen ziren izaki haiek epopeian, eta haiek izendatzeko hitz zahar bat ere bazuen albaniera hizkuntzak, hyjanjeri, edo «jainkogizon», grekera zaharrean ez beste hizkuntza guztietan baliokiderik ez zuen hitza, segur aski. Larruzamarra beltzen azpian esne koloreko galtza luze, berna estu batzuk zeramatzaten, eta galtzek, berriz, voltaje handia dagoela eta kontuz ibiltzeko seinalea gogorarazten zuten lerro hautsiko zerrenda beltz batzuk zituzten albo banatan goitik behera. Inon antzekorik ez zuen jantzia iruditu zitzaien: eszenan Gaizkia sinbolizatzen duen dantzariaren janzkeraz eta Erdi Aroko ordenaren bateko fraide abituaz osaturiko amalgama bat-edo, nolabait esateko. Jantzi haietan iliriarrekin eta Balkandar herrietako doluarekin zerikusia zuen zerbait aurkitu uste izan zuten, eta zeltiar menditarrak edo inongo mapetan agertzen ez diren mendialde hormatuetako biztanleak gogorarazi zizkien beste zerbait ere bai aldi berean.

        — Basomutilak —esan zuen ahopean Maxek, menditarren bizkarretan aizkorak ikusi zituenean.

        Basomutilak izango ziren segur aski, eta ez zuten hartan batere dudarik egiten, bai baitzekiten ez zutela albaniarrek arma zuririk erabiltzen; izan ere, Kanonaren arabera, ez baitzezaketen inor hil, su armaz izan ezik. Bai, basomutilak dira dudarik gabe, esan zuen Willy Nortonek beretzat. Dena dela, aizkora masail haietan aspaldiko krimenen batzuen odol orban margulduak aurkitzeak ere ez zituzkeen batere harrituko.

        Gero eta hurbilago zituzten menditarrak. Haien siluetan bazen zerbait antigoaleko anforetako marrazkiak gogorarazten zituena. Eta beti mehatxupean egon beharraren zama, patuaren korapilo trajikoen bat-bateko estutzea, eta azken kolpea gera zezakeen ekintza bat atzeratu izanaren edo kolpe hura inola ere galaraziko ez zuen beste ekintza bat alfer-alferrik aurreratu izanaren damua... Hori guztia nabari zen, Kanonaren arabera moldatu beharrez ibiltzeko modu normaletik ere pixka bat behintzat aldendua zen ibilera hartan.

        — Egun on —esan zien aurrena zetorrenak.

        Hainbesteraino harritu zien haiek diosala egiten entzuteak ezen zur eta lur gelditu baitziren une batez. Ingelesezko morning eta albanierazko mirëdita hitzen arteko zerbait murmurikatu zuen Willyk, eta Maxek, berriz, ez zuen keinu bat besterik egin.

        Handik puska batera, atzera begiratu, eta oso urruti zeudela ohartu ziren, bistatik galdua zutela benta. Itzulbidean gero, luze gabe lanari heldu behar zitzaiola agindu zioten behin eta berriz elkarri: biharamunean bertan, edota iluntze hartan, rapsodarik agertzen bazen behintzat.

        Baketsu zegoen benta. Igo ziren gelara, zabaldu zituzten berriz ere beren kutxatzarrak, eta beste mapa eta fitxa batzuk atera zituzten. Gelan bi hutsarte besterik ez zen geratzen haiek zintzilikatzeko, bata tximiniaren gainean, eta bestea, txikiagoa, bi leihoen artean.

        — Ez ote da sagurik hemen? —galdetu zuen Maxek, sabai aldera begira.

        Willy Balkanetako penintsulako mapa bat horman josten ari zen, eta gora begiratu zuen berak ere.

        — Ez diat uste.

        Willyk mapa aztertzen jarraitu zuen. Hiltegi bateko lauza gainean barreiaturiko zaldi saihetsak ziruditen mapa hartako mendi ikurrek. Mendien gainean hitz hauek ageri ziren idatzirik: Ipar Albania, Goi Ordokia, Kosovo, Antzinako Serbia.

        Leku haietan mila urte luzez etengabe borrokan ibiliak ziren albaniarrak eta eslabiarrak. Sailak, mugak, larreak, errekak, dena zuten liskarbide; ostadarraren kontura auzitan ibiltzen zirela jakiteak ere ez zukeen harrituko inor. Eta horiek guztiak nahikoa ez, askotan izaten zituzten ika-mikak antzinako epopeiagatik ere, zeina, ezbeharraren ezbeharra, albanieraz eta serbokroazieraz, hizkuntza bietan baitzegoen. Gainera, epopeia haren egilea bera zela zioen, zeinek baino zeinek setatsuago, herri bakoitzak. Eta hala, epopeia ebasle edo, onenean, epopeia plajiatzaile izateko beste aukerarik ez zioten uzten elkarri.

        — Pentsatu al duk inoiz Homero aztertu beharrak lehia horretan sarrarazten gaituela gu ere? —esan zuen Willyk begiak mapatik kendu gabe.

        — Hala ote?

        — Nahi eta nahi ez, segur aski. Epopeia hori guk frogatu nahi genukeen bezala Homeroren leinuko pastaz osatua izatera, albaniarrak Balkanetan antzinakoak direla egiaztatuko litzatekek. Eta hain zuzen ere, antzinatasun horrek zeuzkak serbiarrak jeloskor.

        — Umm, jeloskortasuna... —murmurikatu zuen Maxek.

        New Yorken emaztearekin izan zituen azken errietak etsigarriak izan ziren benetan: «Ospa, zoaz hemendik nahi duzun lekura zeure maitalearekin! Alde biak bistatik! Edo Willy Norton gonazale horrekin nahi baduzu! Baina ez gehiago etorri niri Homero aztertzeko eta gainerako beste koplekin! Ez duzue ikusten barre iturri zaretela?».

        — Entzuten al didak? —galdetu zuen Willyk.

        — Bai, noski... Jeloskortasunaz ari hintzen.

        — Hori duk. Serbiarrek ezin ditek inola ere, berak iristerako albaniarrak Balkanetan zeudela onartu. Eta, gainera, jarrera horretan ageri den chauvinismoa, nardagarriagoa eta barregarriagoa balkandarren artean beste inon baino —hori hala onartu beharra zagok—, arazo politiko garbi ere bihur daitekek Kosovoren kasuan adibidez.

        Willyk maparen aurrean jarraitzen zuen. Begiak lausotzen ari zitzaizkion berriro.

        — Mila urteko gerra —esan zuen pentsakor—. Luzea, ezta?

        — Bai, luze samarra. Baina horri esker zeukatek beren epopeia —esan zuen Maxek kutxak zeuden aldera burua itzuliz—. Odola zeriok turrustan.

        Eta une batez metal grisaren distira hotzari begira egon ziren biak. Kutxa haietan bildu behar zituzten-eta ordokian zehar barreiaturik zeuden epopeia puska guztiak.

        — Eta horri arrazen arteko gerra deitzen ziotek alemaniar jakintsuek —esan zuen Maxek—. Arraza nagusia zein den ere erabakia ditek: Albaniakoa, noski.

        — Bai, gogorra izango zuan borroka, dudarik gabe —esan zuen Willyk—. Baina arraza kontuak entzuten ditudan bakoitzean, eta arraza on eta arraza txar hitzak batez ere, neure onetik ateratzen nauk! Nik nazismo kutsua hartzen zioat horri.

        — Gauzak horrela azaltzea modan zagok ba gaur egun.

        Isilaldi luze bat egin zuten ondoren.

        — Epopeia ere lapurtu nahi izan zietek besteek —ekin zion Willyk, mapari bizkarra emanda.

        — Jakina —esan zuen Maxek—. Inoren etxeaz jabetzen denak aurkitzen dituen baliozko gauza guztiak ere berekin eramaten ditik.

        — Alde guztietatik odola zeriok epopeia horri! —erantsi zuen Willyk kutxetatik begirik kendu gabe, epopeia kutxa haien barruan bailegoen eta une batetik bestera, gainezka egin duen ontzi batetik bezala, haietatik odola irteten ikusi behar bailuen.

        — Hotz zagok —esan zuen Maxek, eskuak elkarren kontra igurtziz. Fitxak utzi eta manta lodi batez estali zuen bizkarraldea. Willyk ere gauza bera egin zuen handik gutxira. Hotzak dardarka zeuden biak eta pixkana-pixkana logaletzen ari zirela sumatzen zuten.

        Burkoa lepondoan harturik, eslabiarrak Balkanetan lehenengo aldiz sartu zirenekoa irudikatzen ahalegindu zen Willy. Leku batean baino gehiagotan aipatzen eta deskribatzen zen hura epopeian, nola giza ibai luzeak ipar-ekialdetik eta ekialdetik trumilka sartzen ziren eta nola jendetza handi hark, kilometrorik kilometro, Balkanetan antzinatik bizi ziren herriak atzerarazten zituen, agertzen zen epopeian. Eslabiarren emana behin ere ez zela bukatuko ematen zuen. Erromatarrek ez bezala, gudarosterik, banderarik eta hitzarmenik gabe konkistatu zituzten eslabiarrek lurraldeak. Emakume eta haur samalda handi amaigabe bat zen haiena, garrasi nahasi izugarri bat oinez, agindurik eman gabe, atzean oroitarririk utzi gabe, beti aurrera zihoana; eta gehiago zirudien hondamendi natural bat inbasio bat baino. Giza uholde hark kordokatu zituen Balkanetako herriak eta batez ere garai haietako albaniarrak. Eta, itsaso zabal bat bailitzan, eslabiarrez osaturiko herri gris baztergabe bat, euroasiar eta anonimo bat zeukaten orain inguruan, munduan arte ederrek izan duten lurrik oparoena aurrean eramango zuela mehatxuka. Eta gertatu behar zuena gertatu zen: armak hartu zituzten mendeetan zehar lurralde hartan bizi izan ziren herriek, eta odolez gorritu ziren itsaso horretako bazterrak. Eta hantxe, Kosovoko mugetan itxi zioten jende oste hari aurrerabidea.

        Atea jo zuten.

        — Aurrera —esan zuen Maxek.

        Shtiefen zen; besada bat egurrekin zetorren.

        — Sua egingo al dut? —galdetu zuen—. Hotz handia dago gaur.

        — Ah, eskerrik asko! Serbiarren eta albaniarren arteko etsaitasunaz ari ginen. Dioten bezain gaizki al dago gauza?

        — Dirudiena baino okerrago, deskuidatzen bazara —erantzun zuen bentazainak, adaki puskak sutondoan pilatu bitartean—. Ba al dakizue zer dioen poeta albaniar batek? Elkarren arteko herratik sortuak gara...

        — Poeta batek idatzia al da hori?

        — Bai jauna.

        — Elkarren arteko herratik sortuak gara —errepikatu zuen Willyk—. Meni hitza berriz ere, herra edo amorrua alegia, Iliadaren hasierako huraxe...

        Une batez, Albaniak Washingtonen zuen enbaxadorea gogorarazi zien horrek.

        — Ez da ba sagurik izango hemen? —bota zuen Maxek, zerbait galdetzearren bezala—. Bigarren aldia baita ba ote den iruditu...

        — Jaunak, propio zuentzat desinfektatu dugu benta.

        Berehala indartu zen sua. Shtiefen gelatik irten zen, eta erbestetarrek lehengo kontuekin jarraitu zuten berriro, noiz gelan hara eta hona ibiliz, noiz tximinia aurrean geldi, eskuak su aldera luzaturik.

 

 

        Fitxak sailkatzen aritu ziren arratsalde osoan. Eguna antzemateko moduan ari zuen iluntzen. Haien hitz jarioa ere urritzen hasi zen bat-batean. Eta bakar-bakarrik sentitu ziren, neguko ilunabarraren aurrean, isiltasunak hartua zuen benta hartan. Ez ahal zituzten hala igaro beharko gainerako egunak!

        Eta nagitasuna astinduz batera, petrolio kriseilua piztea gogoratu zitzaion Maxi lehenengo. Kriseiluaren argiak uxatu zuen gelatik gorpua hiljantziak bezala lurra bildua zuen nabartasun ilunaurreko hura.

 

 

 

© Ismail Kadare

© itzulpenarena: Juan Mari Arzallus, Antton Olano

 

 

"Ismail Kadare / H. dosierra" orrialde nagusia