IV

 

        Begiluze taldetxo bat zegoen, Globe hotelaren aurrean, irlandarrak noiz irtengo zain, edo haien maleta eta kutxak noiz aterako zain, hobeto esan. Puska haiek gora-behera, zin eta guzti egin omen zuen Tsute Beltza maletazaleak, zeru-lurrak lekuko hartuz, izango zela haiek kargatzean ezbehar larririk, hotelean lan hartarako zeuden enplegatuen artean: izango zela balantza egindakorik edo lurreraino eroritakorik, eta baita kargarekin gerriak etenda gelditutakorik ere (egon zen Tsute Beltza hoteleko nagusiak laguntzera joateko eskatu zain ere, baina alferrik). Zalgurdia zart eginda bide bazterreko zangan iraulirik geldi zitekeela ere adierazia omen zuen. Eta kaxa madarikatu haien karga izugarria gutxi, hotelerako bidean zorabio moduko bat sentitu zuela aipatzen zuen orain; erbestetarren maletek eragina, noski, haren ustez. Beraz, gizonaren burua hartaraino sorgortu bazen, zer ez zen gertatuko zaldien buruetan, esaten omen zuen, zaldiak aztoraturik zalgurdiarekin batera gidaria eta bidaiariak berak ere amil zitezkeela adierazi nahiz bezala.

        Kontu horiek guztiak entzunak izan arren, agindutako orduan Globe hotelaren aurrean zen Lyn kotxezalea, «Horra Tsuteren iragarpen beltzei zer beldur diedan» esan nahiz bezala. Tsutek baino talentu handiagoa dute zaldiek, erantzun omen zuen gero, gizonak eta gizonaren konkistarik bikainenak adimen kontuan dituzten aldeez maletazalea zein iritzitakoa zen adierazi ziotenean. Guztiaz ere, erbestetarrak hoteleko atean azaldu zirenean, Lynen aurpegieran eta zartailua astintzeko eran kezka antzeko bat sumatu omen zuen gauza zertan bukatu zain orduak eta orduak zeramatzan begiluze taldeak.

        Mardul eta makal ari zuen euria. Baina hala ere, ez ziren erbestetarrak maleta eta gainerako puskak ongi kokaturik ikusi zituzten arte kotxera igo.

        Hoteletik kotxera bidean, enplegatuek, atezainak eta hoteleko jabeak —jabea ere saiatu baitzen besteei laguntzen—, denek egin zituzten balantzak, eta balantza larriak ere bai inoiz, baina lurreraino, Tsute Beltzak iragarria gorabehera (baietz batzuk besteen gainera pilatu denak, baietz chiche-kebab-ak bezala burruntzian sartuta geratu, eta garbantzu aleen modura firurikan joan azkenean), ez zen inor erori han. Eroraldirik ez, ez zen gertatu, baina bai Tsutek eta gainerakoek espero ez zuten beste gauza bat: erbestetarretako batek kezkatu itxuraz zerurantz begiratu eta hitz batzuk xuxurlatu zizkion besteari; gero, gelazainari aholkuren bat ematera bezala egin zuten biek, gelazainak baitzeraman kutxetako bat; ondoren, presaka zira erantzi eta kutxa haren gainera bota zuen erbestetarretako batek, eta buruari eraginez ongi egin zuela adierazi zion besteak.

        — Ah, kutxa hori euritatik babestu nahi ditek —esan zuen norbaitek—. Beteta egongo duk. Baina zerez ote...

        — Zerez? —galdetu zuen beste norbaitek.

        Lehenengoak ez zuen erantzun.

        — Zerez betea dagoela uste duk? —galdetu zuen berriro bigarrenak.

        Begiak zabal-zabal begiratu zion orduan lehenengoak.

        — Horren begiluzea bahaiz, zergatik ez diok galdetzen herorrek?

        Eta sorbaldak altxatu zituen galdezka hasi zenak.

        Bien bitartean, abiatua zen kotxea, eta lokarri ikusezin batez loturik baileuden, begira zeuden guztiei buruak bere aldera itzularazi zizkien irtetean.

        Ordu laurden bat geroago, hiri koskor hura atzera utzirik, bide nagusian aurrera zihoan kotxea, bakarti. Nor bere aldeko leihatilatik, ordokira begira zihoazen bi irlandarrak; ordokia eremu ageri zen, batez ere muga bazterretan.

        Willy Nortonek begiak igurtzi zituen esku ahurrez.

        — Ordokia bera zagok lainotua edo nik ikusten diat horrela? —galdetu zuen.

        — Ordokia zagok lainotua —erantzun zion Maxek.

        Lasaiturik, hasperen egin zuen Willyk. Kezka hori haizatu beharra zaukaat barrutik, pentsatu zuen. Begiak belo mehe batez estali ez ote zitzaizkion irudipena baitzerabilen hiritik irten zirenez gero. Bai, ordokia bera zen nonbait belo zuriz estalirik zegoena, ez haren betsareak. Eta txistu-mistuka hasi zen, zuzperturik.

        — Leku bikaina, ez? —esan zuen handik pixka batera—. Iruditzen zaidak gaur hasten dela gure benetako abentura.

        Maxek burua astindu zuen, alai itxuraz.

        Belar meta busti erdijan batzuen inguruan hegazti beltz batzuk zebiltzan, ari zuen euri mardulagatik edo, hega joko baldarrean.

        — Zenbat eta urrutiago egon benta, hainbat hobe guretzat —adierazi zuen Willyk—. Horrela lasaiago arituko gaituk lanean. Suprefeturako handiki jende horrekin denbora galdu beharrik ere izango diagu, bestela.

        — Beldur nauk ez ote zaizkigun haraino joango bila.

        — Bai ote? Orain arte baino zakarrago agertu beharko, orduan.

        — Errazagoa duk esatea! —erantzun zion Maxek—. Zuhur jokatzea hobe dugula uste diat nik. Ezbeharrik ere ekar liezaguketek bestela.

        — Zer asmo darabilgun hobeto azalduz gero, bakea emango zigutek agian —esan zuen Willyk—. Albaniako herriaren mesedetan ere ari baikara, azken batean.

        — Horrek asko axola diela uste al duk?

        — Nola jakin? Arrazoi duk beharbada... Herrialde bati buruz pentsatzen jartzen garenean, bere aberria hura dela uste duen guztiak direnak eta ez direnak haren alde egiteko prest egon behar duela iruditzen zaiguk, urrutitik begiratuta, eta bertaragotik begiratzean, berriz... Gurearekin ere horixe bera gertatuko litzaigukeela uste diat. Hara, belar metak berriz ere...

        — Ez nian egundo horren arlote itxurako belar metarik ikusi —esan zuen Maxek.

        — Erdijanak daudelako izango duk beharbada. Negu azkenean gaudek eta... Baina, zertaz ari ginen?

        — Hemengo handikiez...

        — Ah, bai! Horien artera sartzen bagara, egin ditiagu egitekoak. Dantza kontuak ere entzun nizkiela uste diat...

        — Bai! Benetan?

        Algara ikaragarri bat egin zuen Maxek. Eta dantzaldi herrikoi horietako batera gonbidatzen zituztela imajinatuz txantxetan aritu ondoren, suprefetaren emazteagatik adarra jotzen hasi zitzaion Willyri.

        — Gozo samar begiratzen ez ote zian iruditu zitzaidaan.

        — Hala uste duk? —galdetu zion Willyk berriro ere barre algarari emanez.

        «Basidi Hezur, Basidi Hezur», errepikatzen zuen orain Willy Nortonek gurpiletako kirrinka hotsaren ahairera. Ezin benta izen Erdi Arokoagorik. Bidaia luzatzenago eta bridgeko partidetatik eta dantzara joan beharretatik urruntzenago zihoazela iruditzen zitzaien. Bidean ziren zulo eta konkorrek ere babes zitzaketen bridgezale arlote haiengandik, gogor astinarazten baitzuten zalgurdia.

        Bat-batean, benta agertu zitzaien, bide ertzean. Zalgurdia erabat gelditu baino lehen ikusi zuten teilatua, harri xaflaz estalia; galeria beltxexka bat gero, zurezko barandaz hesitua; eta atea azkenik, itxi eta zabaldu, haizeak kirrinka eragiten ziola.

        Mutil gazte garai, kokots luze bat inguratu zitzaien, zurezko eskalapoiak oinetan, gorri eta busti eskuak, ibiltzean zekartzan tikili-takala hotsek ziren baino bizkorragoak ziruditela.

        — Ni etxe honetako nagusia naiz —esan zien harrera egitera irten zen gizonak—. Shtiefen. Eta hau nire laguntzailea, Martin —erantsi zuen, mutila seinalatuz—. Pozten nau gure etxean hain bezero ospetsuak hartu ahal izateak.

        Oso pozik zirudien gizonak, desohore aitorrezinen batengatik-edo bibote puntak behera okertuak bazituen ere.

        — Basidi Hezurreko benta —irakurri zuen Willy Nortonek, ahots ozenez, atearen alde batean zeharka josirik zegoen burdinazko idazkian—. Oso antzinako izena, ezta?

        — Bai horixe! —erantzun zuen bentazainak. Horrela iritsi da guganaino, belaunez belaun. Mila urte inguru omen ditu.

        Harriturik, txistu bezala egin zuen Maxek, buru gainean zituzten habetzar belztuei begira. Zurezko eskailera, parte txarreko krakatekoak egiten zituen bat igo zuten gero, orporik orpo, eta lehen solairuan ate bat zabaldu zuen bentazainak.

        — Jaunak, hona zuen gela. Manta garbiak jarri ditugu. Sua ere egin zenezakete tximinian, nahi izanez gero. Haizeak gogor jotzen du gauean, baina leiho atakak ixten badituzue, ez duzue sumatuko, eta ezta entzungo ere. Haritz ohol lodiz eta balei ere eusteko eginak dira. Hona gauerako kriseiluak ere.

        Eta esatean begiak piztu zitzaizkion bentazainari, baina gogoetaren batek itzalarazi zizkion gero.

        — Harrigarria da. Duela bi aste, ez-ohiko bi bezero zetozkidala egin nuen amets. Zaldiz zetozen, eta zurdaren partez kriseilu itzaliak zituzten abereek lepotik zintzilik... Adur onekoak izango ahal dituk!, egin nuen neure artean. Eta hara non, zuek zentoztela abisatu zidaten handik bi egunera...

        Elkarri begiratu zioten bi erbestetarrek.

        — Rapsodarik etortzen al da hona, ohe bila? —galdetu zuen Willyk.

        — Rapsodak? Hum... Horixe etortzen direla. Baina...

        — Baina...?

        Bentazainak besoak zabaldu zituen, asko sentitzen zuela adieraziz bezala.

        — Lehen sarriago etortzen ziren; orain noizean noizago.

        — Nola? Ez da, ba, hori guri esan digutena. Haien ibilera guztien bidegurutzean omen dago benta hau.

        — Egia. Eta pozten nau zuek horren berri jakiteak. Halaxe baita, izan ere. Asko pentsatu gabe hitz egin dut agian. Lehen orain baino lahutari gehiago etortzen zela besterik ez nuen esan nahi.

        — Hala izango da, bai —esan zuten biek batera.

        — Horixe... Baina, rapsodak ikusi nahi badituzue —erantsi zuen bentazainak irribarrez—, jakin behar duzue, ez dituzuela hemendik kanpora inon ere aurkituko, ezpada, agian, Bi Roberten Bentan, han ere geratzen baitira. Baina oso urruti dago hura.

        — Hitz egingo dugu beste batean —esan zuen Maxek—. Hain zuzen, rapsodekin harremanetan jartzea baita gure asmoa.

        — Zuen esanera nago, jaunak —esan zuen bentatzainak, maletak zekartzaten gizonei leku egiteko alboratuz.

 

 

        Ilunabar hartan, bulegoan eserita, Barne ministroarentzat txosten bat idazten ari zen suprefeta. Arrotzek Basidi Hezurreko bentan igaro zuten lehenengo egunaz Dul Ganbaras zelatariak idatzi zuenari ere begiratu bat ematen zion tarteka.

        Ongi idazten dik marrajoak, esan zuen bere artean. Bai, salatari soil bat izango duk, baina Përpjekja shqiptare aldizkariko erreportari asko baino hobeto moldatzen duk. Aspaldidanik zebilen suprefeta Dulen idazteko estiloaren inbidiatan, batez ere «lan hori txosten honen egilearen sailekoa ez den arren» eta horren gisako esamoldeen inbidiatan, edota esaldien barruan hain egoki tartekatzen zuen beste «guztiaz ere» haren inbidiatan. Ahalegintzen zen bera ere azkeneko hori han eta hemen, eta are inola ez zegokion pasarteetan ere sartzen, baina idatzi eta gero ezabatu egin behar izaten zuen beti, idatzitakoa berriz irakurtzean.

        «Basidi Hezurreko bentara iritsi eta bentazainarekin hitz batzuk trukatu ondoren (hemen agertuko dena txosten honen egilearen sailekoa ez den arren, adierazi beharra daukat, lerro hauek idatzi dituenari, bentazainak esan zituen zenbait kontu, batik bat irlandarrei ametsetan ikusi zituela kontatzen zizkieneko haiek, garrantzi gutxikoak ez ezik, desegokiak ere iruditu zitzaizkiola gure erregearen mendeko baten ahotan eta are gehiago jende arrotzari esateko), harekin hitz batzuk trukatu ondoren, beraz, erbestetarrak bakarrik geratu ziren beren gelan».

        Txosteneko hurrengo pasartea astiroago irakurri zuen suprefetak. Pasarte hartan, nola maletak eta batez ere kutxa misteriotsu haiek ireki zituzten, nola kutxa haietatik grabatzeko tresna bat atera zuten, eta nola kaxa batzuetan zeuden ehundaka (ez esateagatik milaka) fitxa, oso kontu handiz atera zituzten, azaltzen zuen Dul Ganbarasek. Ez zuten, gainera, zioen beherago suprefetaren zelatariak, fitxa haiek gordean edukitzeko interes berezirik agertu izan. Kontrara baizik, txintxetaz hormetan iltzatu zituzten batzuk, eta ez fitxak bakarrik, baita zenbait mapa ere, eta ordu laurden bat geroago, gelako horma guztiak eta ateko barrualdea bera ere paperez estalirik zituzten.

        Suprefet jaunak irakurri gabe pasa zuen erbestetarrak grabatzeko tresna probatzen aritu zireneko pasarteaz Dul Ganbarasek (orduan entzun zuen tresnaren ahotsa lehenengoz) egina zuen deskribapen xehea. Zelatariaren ustez, beren ahotsak grabatu zituzten erbestetarrek makinan, nahiz eta handik ateratzen ziren doinuek giza ahots naturalaren antz handirik izan ez. Guztiaz ere, eta aldeak alde, jarraitzen zuen Dul Ganbarasek, zuen eskarmentu handiak bide ematen omen zion entzun zituen ahotsak erbestetarrenak zirela esateko, zeren aldaketa berberak sumatzen baitzituen ahots haien eta izatez zituztenen artean, nola latorri baten atzean, tximinia zulo batean edo horma zahar baten atzean zelatan zegoela «entzun» izan zituen ahotsen eta haiek izatez zuten doinuaren artean, konparazio batera.

        — Arraioa! —esan zuen suprefetak bere artean—. Hori buru azkarra!

        Eta Ministroarentzat prestatzen ari zen azalpenean bi erbestetarrak mapak horman iltzatzen aritu zirenekoaz Dul Ganbarasek idatzi zuen pasartea bereziki aipatzekoa iruditu zitzaion suprefetari: «Txosten honen egileak, sabai gaineko zelata lana zuzen betetzeko egin behar zituen prestamenak egin ondoren, argiago eta alde desberdinetatik ere ikusi ahal izan zituen erbestetarren mapak eta haietan zituzten seinaleak».

        Dulen ustez meteorologia mapen antza zuten haiek, halakoxeak ikusi baitzituen Tiranako aireportuan, izan zen aldi bakarrean; suprefet jauna ere gogoratuko zen noiz: Mme Maria M... zeritzan bat, Shkodrako katedraleko antzinako bi ikono eta S... gotzainaren gutun sekretu bat omen zeramatzana, Maltara irtetekoa zela, begipean edukitzeko agindu ziotenean.

        Ez zagok nonbait, mutil horrek ez dakienik, esan zuen suprefetak miretsirik bezala. Ez zaiok ezer ezkutuan pasatzen; asko dik gauza bat behin ikustea —eta zer esanik ez, entzutea—, gehiago ez ahazteko. Ehun, berrehun urte bizi behar balu ere, Dulek dena gogoan edukiko likek. Ez zagok hori bezalako Bibliotekarik edo Artxibo Nazionalik, ez British Museorik, ez... nik al dakit zer, antzeko besterik.

        Beraz, hala zioen Dulek bere txosten zehatzean, gezi pila bat agertzen zen mapetan: gezi biribilak batzuk, okerrak beste batzuk, zuzen-zuzenak ere bai, meteorologian erauntsiak eta haizea adierazteko erabiltzen direnak bezalakoak, eta, gainean edo azpian, letrak, zenbakiak, edo biak, idatzirik: A, CRB, A4. Eta errepideak mapa batzuetan, lerro lodiz markaturik, eta errepide ondoko herriak lekuan-lekuan. Jugoslaviako muga bera ere seinalatua zuten bi mapatan.

        Hum! Hona auzi serio bat, esan zuen suprefetak beretzat. Marrajo horiek ez ditek nonbait ezer gordetzeko asmorik. Edo oraindik ere inozotzat hartzen gaitiztek, edota... Edota garrantzi handiagoa duen zerbait zerabiltek horren guztiaren atzean.

        Interesgarriagoak ziren Dul Ganbarasen txostenak beheraxeago zekartzan argibideak. Zirkulu handi batzuk ere marraztu omen zituzten zenbait mapatan, eta zirkuluen barruan izen hauek idatzi: «A zona epikoa» edo «Zona epikoa» besterik gabe, edota «Berariazko zona epikoa»; eta baita «Subzona epikoa» edo «Zona semiepikoa» ere.

        Benetan lan zehatza zen Dulen hura. Pasarte guztia hitzez hitz kopiatu edo ez egon zen suprefeta, baina eskrupulo batek eragin zion atzera. Ez, hain zuzen, nork zer esangoren beldurrak —ez baitzuen N...ko suprefet ahaltsuak espioi soil baten txostena kopiatu zuenik jakingo inork—, hori baino askoz ere gauza erabakigarriago batek baizik: kopiatzean akatsen bat egiteko beldurrak, alegia. Erbestetarrek ageri baino ageriagoan zerabiltzaten beren asmoak, propio jendeak jakin zitzan, nonbait. Baina hura bera ere ez ote zen susmo txarrak haizatzeko trikimailuren bat?

        Hum..., egin zuen berriro. Eta estilografika eskuan zuela, une batez geldi-geldi egon zen, zalantzan. Zer gerta ere, hobe zuen, Ministroari idatzi behar zion azalpena, gero hark, erbestetarrekin xaloegi jokatu izana edo, kontrara, haiengatik susmo txarrak egiterakoan beroegi jokatu izana ez leporatzeko moduan idatzi.

        Idatzita zeukana zuzentzen hasi zen, eta nola esaldiak bukatu gabe eta lehen baino nahasiago uzten zituen, berriz ere zimiko antzeko bat sentitu zuen barnean: Dul Ganbarasen jelos zen. Zenbat eta gehiago hartan pentsatu, orduan eta gehiago haserretzen zen bere buruarekin. Hiru bider saiatu zen «guztiaz ere» esamoldea testuan sartzen, baina ez zuen, eginahalak eginda ere, inon taxuz egokitzen; gainerako hitzen artean nabarmen, traba eginez bezala, eta irrigarri geratzen zitzaion beti, eta luma arrastada haserrezko batez, ezabatu egin zuen hiruretan. Ah!, mihiluze ezdeus batek nik baino hobeto idaztea ere!, egin zuen bere artean marmar. Eta! Ez al da ba esaten loreak simaur artean hazten direla gozoen, erantsi zuen bere burua kontsolatzeko.

        Franko saiatuta, baina lortu zuen azkenean ahapaldi bat bukatzea. Ahapaldi hartan adierazten zion Ministroari ezen, erbestetarrek zituzten mapen eta mapetan marrazturik zeuden gezien arabera, eta Albaniako iparraldean rapsodak zein bidetatik ibiltzen ziren jakiteko erakutsi zuten interes handia gorabehera, guztiaz ere bazegoela, ibili, informazio bila zebiltzala pentsatzeko adina arrazoi. Hala zebiltzan edo ez jakiteko, rapsodak nola erabili, zein informazio edo mezu sekretu haien bidez pasarazi eta bildu, hori argitzeko zegoen oraindik. Momentuz, eta Jaun Goren horrek agindu bezala, erbestetarrak etengabe begipean edukitzeko era behintzat jarria zuen suprefetak, baina (eta arazoa berriz planteatzea barka ziezaiola erregutzen zion orain jaun Ministroari) aitortu beharra zeukan halaber, zelata modu hura, izatez, kontrol gor bat besterik ez zela.

        Konparatu zuen azkeneko esaldia zelatariaren testuarekin, eta konparatu orduko aienatu zitzaion hain erraz moldatu izanak idatzi berritan eragin zion poza. «Ministro jauna» hitzak izan ezik, «suprefet jauna» agertzen baitzen espioiaren testuan, harenaren kopia hutsa zen egin zuen esaldia. Azkenean Dul Ganbarasen estiloaren esklabo bihurtu zela konturatu zen. Pikutara kontu hau!, egin zuen bat-batean, nazkaturik. Egia esan, beste kezka bat zerabilen buruan: zer egin, Ministroari ingelesa zekien informatzaile bat eskatu, edo, hura ernegatzen ibili gabe, gauza zegoen bezala utzi; zeren bere gutunetako batean arazo bera aipaturik, orduan hamabost egun, nahikoa erantzun lehorra jaso baitzuen ministerioko idazkaritzatik: ingelesa zekiten bi informatzaile bakarrik zituztela hirian, batak jada nahikoa lan zuela Ingalaterrako legazioa zelatatzen, eta bestea, berriz, belarriko minez, ez zegoela une hartan espioi lanetarako moduan. Beraz, eta atzerritarrei kontu egitea garrantzi handikoa izan arren, konprenituko ahal zuela suprefet jaunak, lanerako moduan zegoen bakarra hirian zerbitzuan zutenez, ezin ingelesa zekien espioirik inola bidali izatea. Saiatuko zela idazkaria erresumako beste eskualdeetan bakarren bat bilatzen, baina bertatik jakinarazten ziola suprefet jaunari ez zela aurkitzea gauza samurra izango, zeren erdal hizkuntzarik zekien espioi gutxi egoteari beste arazo bat gehitu baitzitzaion azkena egindako mediku azterketaz geroztik: izan ere, azterketa hartatik espioi batzuek entzumena galduxea zutela jakin zen, espioiek hura gordean edukitzeko egin zituzten ahaleginak ahalegin.

        Suprefet jauna, bada, Dul Ganbarasi ingeles pixka bat ez ikasarazi izanaren eta hala gertakizunei aurrea hartu ez izanaren damutan zegoen orain. Zuen talentuarekin, horretarako ere primeran moldatuko baitzen hura. Ez al zuen ba, Shkodrako gotzainaren eta suprefeturako apaizen artean zerabiltzaten kontuak biltzeko latin pixka bat ikasi oso denbora gutxian? Eta ez al zuen gero, erregearen ukuiluetatik zaldi bat desagertu zela eta haren arrastoa aurkitu beharrez, ijito hizkuntza ere aise samar moldatzeko moduan hartu?

        Zer egingo zaio!, egin zuen suprefetak hasperen bere burua kontsolatzeko. Asma ezak zein herrialdetatik etorriko den hurrengoa! Hasten haiz ingelesa izango delakoan, eta hor etortzen zaik, goiz batez, turkiar bat edo japoniar bat, edo beste edozein herritako bat. Inor bere onetik ateratzeko modukoa, benetan!

        Berriz ere Dulen txostenera joan zitzaizkion begiak. Maisulan bat zen txostenaren azkenengo partea, eta damu zuen, pasarte hura, idazten ari zen azalpenera bere hartan ezin aldatua. Hara, ingelesak aipatzen ditik berriro! Doazela pikutara!, esan zuen. Eta zergatik ez probatu?... Zergatik ez bukatu azalpena, jende susmagarriak entzunbiderik eta mintzabiderik gabe zelatatzeak, edo beste era batera esateko, hori ikusmen hutsez egiteak zer zailtasun dituen adieraziz? Ingelesa zekien zelatari bat behar zuela argi aipatu gabe, noski. Zelata lanetan ikusmenak eta entzumenak dituzten harremanei buruz Dul Ganbarasek egiten zituen gogoeta filosofikoak osorik inoiz kopiatzekotan, huraxe zuen unerik egokiena.

        Berriz idazten hasi baino lehen, ostera Dulen testua irakurri zuen suprefetak. Maisulana benetan!, esaten zuen, miretsirik, esaldiak irakurriz. Shakespeare bat, Dante bat! «Zeren eta, suprefetak jakingo zuen bezala —zioen Dulek—, batik bat entzutezko antzean baitatza espioitza lana. Eta lan horretan urria da, ez bada hutsa, ikusmenak eskain dezakeen laguntza. Espioi handi gehienek bista laburra dute, gainera, batere ikusten ez dutenak ez aipatzeagatik...».

        Hau elementua! Deabrua berbera, adar eta guzti!, egin zuen bere artean suprefetak. Eta haren testua kopiatzen hasi zen.

 

 

 

© Ismail Kadare

© itzulpenarena: Juan Mari Arzallus, Antton Olano

 

 

"Ismail Kadare / H. dosierra" orrialde nagusia