III

 

        Willy Norton zen begirik bildu ezin zuena. Ez zen, izatez, lo errazekoa, baina bidaiako nekeak, berandu erretiratu izanak eta batez ere suprefetaren etxeko tragoek laster lo harraraziko ziotela uste zuen. Baina ez zen batere hala gertatu. Oheratu eta ordubetera etsita zegoen esna igaro beharko zuela gaua. Arkakuso edo zimitz baten ziztada asko izan zuen beilaren eta loaren arteko horma mehe hauskorra lurrikarak jota bezala desegina zela sentitzeko. Hoteleko nagusiaren harako «Hemen ez da zimitzik, atzo bertan intsektizidaz zipriztindu genuen» harekin eguneko beste gorabeherak nahasten hasi zitzaizkion gogoan: autobuseko ibilaldi nekagarria, desinfektantearen usaina, N...ko hirira iristea eta ondorengo maletazale bat bilatu beharra, eta baita Albaniara heldu zireneko gainerako gorabeherak eta aduanako bulegoko zikinkeria, eta iluntze hartan bertan Daisyk egin zizkion begirada gozoak eta sino-minoak ere; eta bat-batean, gauza haiek betiko ahaztuak zituela uste zuenean, zer eta..., hoteleko nagusiaren segurta nahizko hitzak gogoratu zitzaizkion berriro: «...ez badira behintzat sabaitik erortzen»; burutazio horiek guztiak eta are kezka esplikaezin bat ere bazerabilen gogoan: norbait, ilunbea alde, etxeko atea bortxatzen ari den irudipenak sorrarazi ohi dituen antsien antzeko kezka bat. Horrek guztiak hara eta hona birarazten zuen atsekabeturik ohean.

        Handik berrehun metrora, N...ko hirian zen argazkilari bakarra, ordu batzuk lehenago Pjetër Prenushi espioia lagun zuela iritsi berrien agendako orriak banan-banan fotografiatu ondoren, klixeak errebelatzen ari zen orain, espioiaren begirada erre mehatxaria gainean zuela. Oraindik ere Prenushik barruan zimikoka baitzerabilen erbestetarrak zelatatzeko lana —lanaren lehenengo partea— suprefet jaunak Dul Ganbarasi eman izana. Jabetu al haiz orain, txoraizea halakoa?, zioen marmarka bere artean. Zer uste huen? Ez huela nire beharrik izango? Konturatu al haiz orain jende ikasiarekin habilela, eta horiek bezalakoek ez dutela buruan darabiltena hala-hola haizatzen, idatzi egiten dutela?

        Lerroan zintzilika lehortzen zeuden argazki bustiak, eta askatik azkenekoak ateratzen ari zen argazkilaria. Saia zedila, bai, Dul Ganbaras, entzumena ahal zuen guztia zolitzen. Erbestetarrek buruan zerabiltena iruditan hartua zegoen jadanik, zuria zuri eta beltza beltz, ja, ja, ja!

        Zigarroa erre eta zigarroa erre ari zen Pjetër Prenushi, eta askatik azken-azkeneko klixeak ateratzen, berriz, argazkilaria, lo gabeziak eta gaixotasunak eragindako nekatu aurpegiarekin.

        — Azkar, azkar! —esaten zion behin eta berriz espioiak, erlojuari begira.

        Goizeko ordubiak aldera, zalgurdi bat igaro zen zalapartan Willy Norton —oraindik ere bere ohean biraka— ostatuz zegoen hotelaren aurretik; zalgurdiak Pjetër Prenushi zeraman Zef Kazazi aita frantziskotarraren, N...ko hirian ingelesetik itzultzeko gai zen pertsona bakarraren etxera.

        Ordu bi eta erdiak aldera, aitaren egin eta «Barkatu, Jauna, oraingo pekatu hau ere!» esan ondoren, itzulpen lanari ekin zion anaia Zefek.

        Jainkoarren!, egiten zuen Willyk, burua burkoan hondoraturik. Ez zuen hura lo gabeko lehenengo gaua, ezta gutxiagorik ere, baina ez zuen ere halakorik ezagutu sekula. Gero eta estutzenago zihoakion barrua, eta nekropolietako argi txakurrak bezala dardarka jartzen zen erlojuko orratzen errainu fosforeszenteak ikustean, sarritan begiratzen baitzion erlojuari.

        Sei eta erdiak aldera, berriz ere zalapartan pasa zen zalgurdia Norton zegoen hotelaren aurretik, baina orain abaildurik eta indarrik gabe bezala sentitzen zen bera.

        Arraietan, iritsi dituk azkenean!, esan zuen suprefetak, erdilotan zalgurdiaren burrunda hotsa sumaturik.

        Jaiki zen kontuz-kontuz emaztea ez esnatzeko, eta eskaileretan behera jaitsi zen.

        Sobre handi bat eskuratu zion Pjetër Prenushik, betiko nahigabe aurpegiaz.

        — Bapo, mutil! —esan zion suprefetak, aurpegira begiratu ere egin gabe—. Zoaz orain lotara.

        Igo zen bulegora eta Kazaziren itzulpena atera zuen sobretik; ohar labur bat ere erantsia zion: «Hona lehenbailehen ekartzeko agindu zenizkidan dokumentuak. P.P.».

        Hasperen luze bat egin zuen suprefetak: «Ah, alde ederra zagok hauen eta Dul Ganbarasen txostenen artean!». Ez zen harenak adina atsegin ematen zion idazlanik, ezta..., lotsa ematen zion inori aitortzeak baina, amodiozko nobelek ere.

        Zer egingo zaio!, esan zuen bere baitan, fraideak bere idazkera dotoreaz bete zituen orriak zabalduz. Ikus dezagun ba, zer darabilten bi birigarro horiek buruan, erantsi zuen, bihotzean zimiko txiki bat sumatzen zuela. Triste eta halaber errudun-edo sentitzen zen informazio haiek Dul Ganbaras ez zen baten eskutik hartu behar izateaz.

        Zer egingo zaio!, egin zuen berriro, eta irakurtzen hasi zen.

        Handik pixka batera, burua altxatu eta begiak igurtzi zituen. Ez zen inoiz liburuzale izan, baina, N...ko beste funtzionarioek ez bezala, bat edo beste irakurtzen zuen noizbehinka. Emazteak behartzen du egitera, esaten zuten isekaz mihi gaiztoek, baina ez zen horregatik haserretzen. Izaten zituzten buruz buruko ilunabar luze aspergarrietan, senar-emazteen artean haserre garbia baino areago guztia gaizkoatzen zuen isileko tentsioa sortzen zen haietan, ez zuen hark, giroa baretzeko, batere emazteari hitz gozoak esaten ibili beharrik, Tiranara txango bat egingo zutela agindu beharrik, edota, senar gehienek ohi zuten bezala, hura astindu beharrik izaten; aski izan ohi zuen berak jadanik ohe buruko apalean denboratxoa zeraman liburua hartzea eta zabaltzea. Zabaldu orduko sumatzen zuen Daisy disimuloan zeharka begira, harriturik aurrena, eta errukiturik edo harengatik bere burua behartzen ari zelako damuturik bezala, ondoren. Handik aurrera, gero eta sarriago joan behar izaten zuen Daisyk bainugelara, eta ozenago entzuten ere ziren sedaren firi-farak, harik eta, emazteak, esker ona erakutsi nahiz-edo —eta momentu haren zain egoten zen suprefeta—, hanka puntetan senarraren ondoraino joan eta bekokian muin egiten zion arte. Haiek izaten ziren zituzten momenturik gozoenak, Daisyk kontu handiz liburua itxi eta betaurrekoak kentzen zizkion bitartekoa batik bat.

        Aspaldidanik zerabiltzan suprefetak irakurtzea eta arroz hautsaren usaina, gogoan bezala zentzumenetan, bata besteari loturik, eta arroz usainak eragiten zion kilika hura gabe, askoz gehiago nazkatzen zuen irakurri beharrak.

        Oraingoan, ordea, beste arrazoi bategatik nazkatzen zuen horrek. Urduri, ia antsiaz egon zen paper haiek noiz iritsiko zain, eta orain dezepzionaturik sentitzen zen: ilunak, ulergaitzak eta, hau axolarik handienekoa, guztiz susmagarriak iruditzen zitzaizkion.

        Egunkari modura eraturiko oharrak ziren gehienak. Gutun labur batzuk ere baziren, han eta hemen. Albaniera eta estenografia ikasi beharra aipatzen zen haietan. Eta sarritan, beren sekretua gordean eduki behar zutela ere. Halako ezinegon bat-edo nabari zen zenbait pasartetan. Bizkor ibili beharko da, idazten zioten elkarri; beranduegi izango da bestela.

        Zertarako zuten hainbesteko presa? Zer zela-eta, berandu iristeko beldur hura?

        Suprefetak bururik buru gainbegiratu zuen eskuizkribua, oraindik ere esaldi sibilinoren batzuk aurkituko zituelakoan, baina halako oso gutxi agertzen zen, eta pasarte gozakaitz, propio ez ulertzeko moldaturikoetan kukuturik, gainera, agertzen zirenak.

        Zer erremedio!, esan zuen, erbestetarrek zer azpijoko zerabilten pixka bat argitzez gero, gogoz edo gabe dena irakurri beharko zuela jabeturik.

        «Urruti eta beste garai batean gertaturiko gauza bat balitz bezala datorkit orain, zer egin ez nekiela eta sofan erdi etzanik, irratia entzuten egon nintzen arratsalde aspergarri hura, zioen Willy Nortonek bere agendan. Baina arratsaldea bera baino are hutsalagoak iruditu zitzaizkidan Stewart doktoreak, egin zioten elkarrizketan, Homeroren auziari buruz esan zituenak: hirurehun urte honetan dabilen eztabaida eta bi interpretazio nagusiak aipatu zituen; eta hirugarren bat ere bai. Ba! Betiko koplak! Inor asper-asper egiteko kontuak. Iliada-ren eta Odisea-ren egilea ote zen Homero? Ez zen ba erredaktore soil bat izango? Edo liburu horiek idazteko ardura zuen taldearen erredakzio burua, gaur esango genukeen bezala...? Eta horretan, kazetariak eta elkarrizketatuak barre egin zuten biek, bat harturik baleude bezala. Hau betekada! Sofatik altxatzera nindoan bolumena jaisteko, pentsatuz neure artean: "Horra dendari bat ere ozta-ozta txundituko lukeen irratsaio bat!", eta ezbai horretan nengoela, elkarrizketatzaileari erantzunez-edo, parentesi bat egin zuen homerozale jakintsuak. Parentesi bedeinkatu hark eutsi zion nire besoari atzean. «Bai al da oraindik ere gisa horretako epopeia lantzen den lurralde edo eskualderik munduan?». «Ba, ez pentsa, ez da zure galdera batere inozoa —erantzun zion irakasleak—; oso interesgarria baizik...». Eta, nire harridurarako (ez segur aski, dendarien), baietz esan zuen homerozale jakintsuak, bazela artean eskualde bat, bakarra eta ez sailez oso handia baina, halako poesia sortzen eta lantzen zena. Adierazi zuen zein aldetan zen ere: «Balkanetako penintsulan da —zioen—, Albaniako Iparralde guztia hartzen du, hobeto esan; baina sartzen da, halaber, Montenegroko parte batean eta han-hemenka Bosniako batzuetan ere, Jugoslaviako lurraldean. Hori da, hain zuzen ere, Homeroren poesiakoaren antzeko materiala erabiltzen den leku bakarra munduan; beste era batera eta gaurko hizkera erabiliz esateko, geratzen den azkeneko tailerra, azkeneko laboratorioa, eta garai hartako moldeak bihur diezazkigukeen...»».

        Buruari eragin zion suprefetak. Ikus dezadan zer dioen aurrerago, esan zuen ondoren.

        Eta deklarazio haiek bi birigarroak zein txunditurik utzi zituen, agertzen zen aurrerago. Berandu ez ote zebiltzan beldurra ere han azaltzen zen lehenengoz.

        «Ez da beraz harritzekoa ni bezalako ikasle xume bat, Irlandatik Max Roth lagunarekin Homeroren auziaz doktoretza egitera etorririk (orobat eztabaida zahar horretara zenbait elementu berri ekartzeko asmoz, ez oso seguru halere), Stewarten hitz haiek entzunda liluraturik geratzea.

        Azkeneko laboratorioa, nioen neure artean. Azkeneko tailerra... Eta erdi nahasturik, hitz horiek errepikatzen nituen behin eta berriz, ezin sinetsirik bezala. Lehengo erausi berean jarraitzen zuen irratiak, baina ni ez nengoen jada kasu egiteko. Azkeneko tailerra munduan!, esan nuen ozen, gogoa sortasun hartatik atera nahiz bezala. Agian, tailer hura ere desagertu egingo zen laster. Bidean zegoen jadanik. Berandu baino lehen aprobetxatu behar zen. Lur jo, eta hondarrak edo ahaztearen beloak estalita geratu baino lehen.

        Hartan, gelan hara eta hona nenbilela ohartu nintzen bat-batean. Nahi nuen patxadatsuago aztertu gaia, baina ezin nuen inola ere. Jainkoarren, ordea!, presa gaitezen, nioen neure artean. Goazen lehenbailehen. Aspaldietako laboratorio, milaka urte zahar den hura aurkitzera. Barrunbeak mikroskopioz bezala ikustera, Homeroren argizaria, muina, nola eratzen zen estetoskopioz bezala entzutera. Handik aurrera ez geneukake Homeroren beraren misterioa argitzera iristeko urrats labur bat eman besterik.

        Ixo, egin nion hartan neure buruari. Hitzik ere ez honetaz inori. Ez bada... Max Rothi.

        Lurralde bakarra..., errepikatzen nuen neure baitan. Oraindik poesia epikoa ernarazteko gai zen bakarra. Aspaldidanik menopausiak jota zegoen munduan gainerako guztia. Hura zen eskualde ernalkor bakarra. Artean sentibera zen bakarra. Epopeiaren hazia hartzeko eta azken aldaxkak emateko gai zen bakarra. Zernahitarako ere berandu izango zen gehiago luzatuz gero, hondarrak eta ahazteak estaliko baitzuten dena, eta baita Homeroren misterioa bera ere, gainerakoarekin batera...».

        Geuk ere janda geneukaan hori, pentsatu zuen suprefetak, zigarro bila eskuak dardarka zituela. Bai, geuk ere jana genian ja, satiro alaena!, errepikatu zuen, ozen oraingoan.

        Denbora pixka bat behar izan zuen berriro irakurketan murgiltzeko. Espero izatekoa zen lez, birigarroetarik batek jakinaren gainean jarri zuen bestea, eta «aurkikuntzarekin» zoraturik zeuden biak...

        «...Mozkortuta bezala geunden biak, gertatuko zen guztian pentsatuz. Mundu guztia asaldaraziko zuen gureak. Antzin Aroko historiako katedra Massachusettsko Unibertsitatean! Europako Hego-ekialdeko zibilizazioen Ikaskuntzarako Batzarra! Irlandan, gure jaioterrian bartan, jendeak buruari eragingo zion sinetsi ezinik. Willy Norton eta Max Roth? Oker entzun izango duzue... Besteren batzuk izango dituk!...

        Barrea eragiten zigun hark guztiak. Eta, berriz ere, hark bazterretan aterako zuen burrundara etortzen zitzaigun gogora. «Abestu, musa, abestu, Harvardekoen haserrea, International Center of Homeric Researcheskoen haserrea», eta Diana Stratford, nire amaginarreba tuntunarena..., eransten zuen Maxek.

        Jainkoarren!, ez ote ginen gero, barre gehiegi egiten ari? Harantz abiatu behar genuen ahalbait arinen, hara joan, eskualdera bertara, eta azkenekoetan zegoen laboratoriora. Prentsan argitaratu biharamunean. Argitaratu? Ez, ez, kontrara, ahalik isilena eduki. Halakorik inoiz bururatu izango ez litzaigukeen itxura egin. Ez geneukan, bada, berehala abiatu besterik. Eta inori hitzik saldu gabe, gainera.

        Behin baino gehiagotan aipatu izan genizkion kontu horiek elkarri, eta azkenean, begira-begira jarrita, hala esan zidan Maxek egun batez: «Bai, oso ideia ona duk hori, baina... Nolanahi ere, prestatu egin beharra zagok aurrena, eta...».

        Orduan hartu zuten gure asmo beroek lehenengo ur parrasta hotza».

        Hori ere jana genian dagoeneko, murmurikatu zuen suprefetak, zigarroa hautsontzian itzaliz. Baina, ikus dezagun non dagoen erbia gordeta...

        Ziur zegoen urruti gabe zegoela trikimailua, berbertan, baina, artean ere, bila saiatu behar pixka bat.

        «...Zer zen Homero? Poeta itsu bat, milioika jende jakintsuk uste zuen bezala, erredaktore soil bat, edo erredakzio buru bat, Stewartek zioen bezala? Iliada eta Odisea, antzinako poemak, Sir J.F. Homer, Greziako Akademiako kideak bilduak eta argitaratuak. Ja, ja, ja!

        Etengabe Balkanetako penintsulara zihoazkigun ordea burutazioak. Oraino baziren han rapsodak, Stewartek zioenez. Azken hondarrak segur aski, Homeroren azkeneko aldaxkak, beste era batera esateko. Haien baladak entzun eta grabatuko genituen. Jakina. Baina ez grabatu bakarrik, baita batzuk besteekin konparatu ere. Rapsoden bertsioak alderatu eta aldaerak aztertu. Nahikoa izango ote zen ordea hori egitea? Eginkizun horiek geneuzkan geure agendetan jasota, baina abentura hura hasieran uste baino ondotxoz konplexuagoa zela konturatu ginen momentu hartan».

        Atzera, irakurri berri zuen pasartearen hasierara itzuli zen suprefeta: grabazioak errepikatu... egiteko geneukan abentura... prestaketa hura guztia...

        Bueno, ikus dezagun nora jotzen duzuen agindu bila, pentsatu zuen bere artean. Zuen ikasketa zentrora ala greziar seguritateko bulegoren batera!

        Dezepzioak atzera eragin zion berriro. Zerabiltzan susmo txarrak argituko zituela uste zuen lekuan ez zituen kontu aspergarri batzuk baizik aurkitu.

        «Albaniako poesia epiko ia osoa dakarren argitalpen berri bat ere aurkitu dugu azkenean; bada rapsoda ibiltari batzuen aipamenik ere liburuan, haiei bildutako baladekin batean. Dena den, has gaitezke beste rapsoda batzuen balada bilduma egiten ere. Dituen mila aurpegiera agerraraziko genizkioke hala epopeiari. Izaki bat bera metenpsikosiz haragiztatzea bezala izango litzateke...

        Albaniako epopeia bera baino gehiago interesatzen zaigu, hala ere, hura produzitzeko teknika, gaurko hizkeran esateko. Unibertsaltasuna adieraz lezakeen egia bat agerrarazten saiatu behar dugu: epopeia hori nola sortu zen, eta horrek nola ekarri zuen Homeroren enigma.

        Konparaketa da egin nahi dugun hori egiteko daukagun lanabesik hoberenetako bat. Eta rapsoda batzuk eta besteak konparatzea baino ere inportanteagoa da guretzat, rapsoda batek kanta berean egin ditzakeen testu aldaerak konparatzea. Egun jakin batean poema bat zein modutara abesten duen eta handik denboraldi batera beste zein modutara abesten duen jakitea, alegia: handik hilabete batera, edo hiru hilabetera, esate baterako.

        Dirudienez, ez da, gainera, soilik oroimen kontua. Badu, halaber, ahozko poesiaren oinarrizko beste elementu batekin ere zerikusirik, gauzak ahazteko mekanismoarekin, hain zuzen. Baina ahaztea bera ere ez da atzentze hutsa, askoz prozesu konplexuago bat baizik. Izan daiteke nahigabeko ahaztea, baina baita berariazkoa ere. Interpretazio berri bat zuritu beharrak dakarren ahazte ustezko bat.

        Epopeiaren mekanismoaren barruan funtsezko elementua da rapsoda. Liburu argitaratzaile, liburu saltzaile eta liburu zaintzaile da batera, eta hori baino askoz gehiago aldi berean: hil ondoko egilekide ere bada, eta hala den aldetik, testua aldatzeko eskua du. Legez. Ez dio hori inork ukatzen, ez gaitzesten, ezpada, agian, bere kontzientziak.

        Gauza garbia dirudi orain, lehen Homeroren enigma argitzeko funtsezkoa zela uste genuen galdera hark, alegia rapsoda batek gogoan zenbat bertso gorde ote zitzakeen galderak (sei mila diote batzuek, zortzi mila beste batzuek, are hamabi mila ere bai, zenbaitek), beste galdera honi egin behar diola lekua: zenbat bertso ahaztu nahi izaten ditu rapsoda batek? Edota beste honi, zehatzago esateko: izan al daiteke ahazteko gaitasunik ez duen rapsodarik?

        Dena dela, oso gauza gutxi dakigula rapsoden munduaz. Hori aitortu beharra daukagu. Nola dira izatez? Zertan agertzen da haien dohaina? Noiz hartzen du publikoak aintzat haien artea? Zertan datza haien ospea edo berriro ilunbetara erortzea? Zer lehiaketa modu izaten dituzte? Zer estilo eskola daude? Zer tirabira, beren artean? Zeren arabera egiten dituzte hautuak, baztertzen nola-halakoak, aukeratzen onenak?

        Hori guztia bertatik ikusten saiatu behar dugu. Suerte pixka batekin, lortuko dugu mundu horretan barneratzea. Orduan jakingo dugu antzinako buztina nola doitzen den moldera. Nola moldatu izan den betidanik. H...-edo delako haren garaiaz geroztik».

        Asperturik aharrausi egitera zihoan suprefeta, baina nobela kutsuko pasarte batekin egin zuen topo bat-batean.

        «Aste honetan lauso moduko bat sumatu dut begietan. Bigarren aldia da. Lehenbizikoan lainotu bezala egin zitzaidan bista. Irakur saio luzeegiak egin nituelako izango zela pentsatu nuen eta ez nion garrantzirik eman. Gaur gertatu zait berriro, baina ez aurrekoaren modu berean: kristal pitzatu, etengabe dardaran dagoen batetik bezala ikusten nuen begimeneko guztia. Dardarak betsarea urratzen zidala zirudien. Gero, denbora luzez lauso geratu zait bista.

        Okulistarengana joan beharra daukat nahitaez...».

        Halako egoera guztietan bezala, suprefetak emaztearen arroz hautsen urrina usaindu uste izan zuen. Arroz hautsen zuritasuna imajinatu zuen haren sabel gurian, pubisaren beltzune ondoko mugan, baina haragirako gogoak ohi bezala arnasa moteldu beharrean krudeltasunez bete zion begirada.

        Asmo makur haiek haizatzeko-edo, bere burua irakurketa ezin aspergarriago hartan murgiltzera behartu zuen berriz ere.

        «Greziako eta Albaniako mitologien artean diren kidetasunak, batetik besterako migrazioak, elkarren arteko gurutzatzeak, transferentziak eta ernalketak beste inor baino lehenago aztertu zituzten alemaniar jakintsuen hiru tesiak. Lehenengo tesia: poesia epikoaren sortze prozesua itxia dago Albanian. Kontrako tesia: prozesu hori zabalik legoke oraindik. Erdibideko tesia: epopeiaren garaia igaroa bada ere, gaizki itzalitako suaren antzera azkeneko pindarrak botatzeko dago oraindik. Azkeneko tesi horren arabera, produkzio epikoa bera agortzear egon arren, tailerra zutik omen legoke oraindik, bere zaharrean.

        Bizkor ibili beharra dago, beraz. Mugi gaitezen sua betiko iraungi baino lehen! Tailerrak lur jo baino lehen!».

        Sua betiko iraungi baino lehen..., errepikatu zuen suprefetak bere baitan. Eta haren buru, sekretu polizialen artean moldatuan, hurrenez hurren isilpeko agente aspaldi infiltratuak, zenbait moja komentu eta behialako matxinada bat gogorarazi zizkion su hark; eta irudi horiek guztiak burutik uxatu zituenean, emaztearen sexua gogorarazi zion azkenean.

        Nahikoa duk!, egin zuen, berriz ere begiak paperetara itzuliz. Denak irakurriko zituen, irakurriko zituenez, baita hieroglifoz idatziak egonda ere!

        «...Nola sartzen da materia bizia —materia, oro har— epopeiaren mekanismoan, eta nola handik arte bihurturik irteten gero?

        Beste kontu bat da hori, eta ahaztearena bezain liluragarria, gainera.

        Behin baino gehiagotan esan dute alemaniar jakintsuek aurki daitekeela oraindik ere rapsodarik Albanian, gaur egungo gertakizunak epopeia bihurtzeko (edo homerizatzeko) gai denik. Benetan suerte aparta izango genuke horrelakorik egiten geure begiez ikusiko bagenu.

        Aldakuntza horiek aipatzean Dublingo aldiriko larru lantegi zahar, aspaldi bazterrera utzirik dagoen hura etortzen zait beti gogora. Nire buruak haren antzera irudikatzen du Homeroren tailer zaharra.

        Zer egiten ote diote gertakizunari tailer zahar horretako arrabol horietatik, engranaje horietatik eta isurkari uher misteriotsuz beteriko ontzi horietatik igarotzean? Prozesu horretan zer eginkizun ote dute rapsoden birikek, burmuinek, ameskeriek, grinek, eta herentziaz jaso dutenak berak?

        Hilotzak baltsamoz igurtzitzen aritzea bezala dirudi horrek guztiak. Alde bakarra, baltsamatzen dena ez dela hemen gorpu bat, bizitzaren puska bat baizik, gertaera bat; ezbehar bat gehienetan.

        Epopeia bera ere, bere osoan harturik behintzat, horixe da azkenean, gorputegi bat. Frigorifiko bat. Ez da epopeietan giro hotza, eta hotz ere hotza, halabeharrez agertzen. Zero azpiko tenperatura egiten du beti. Eta atsotitz bat bailitzan, esaldi hau errepikatzen da, gainera, etengabe: Eder du eki horrek leinuru, baina guti berotzen du...».

        Suprefetak berriro irakurri zuen aurreko pasartea; orriaren erdialdean isurkari uher misteriotsuz hitzak azpimarratu zituen, eta Daisyren gorputzean gehiago ez pentsatzen saiatu zen. Ez zuen ordea lortu, ondoren zetorren pasarteak ere nobeletakoa zirudien-eta...

        «...Ezin dut inola ere begirik bildu. Dizdizka datozkit etxeorratzetako argi apalak kristaletatik barrena. Dauden bezala han-hemenka banakaturik, Esne Bideko no man's land-ean galduak dirudite orain.

        Iragarki argitsu batzuk nabarmentzen dira atze oihal ilunaren kontra. Zenbait saltsa eta bistarako bitamina on goraipatzen dira iragarki horietan; okulistak bitamina horietako bat hartzeko agindu didala uste dut.

        Willy Norton eta Max Roth, gu bion izenak imajinatzen ditut idatzirik Homerorenaren ondoan (Jainkoarren, bi itsumutil ematen dugu itsu bati laguntzen), kazetetako titulu nagusietan eta iragarki argidunetako letra fluoreszenteetan».

        Bai, bai. Hor bihurtuko ahal zarete biak ala biak itsu, zeuon idoloa bera bezalaxe!, oihukatu zuen suprefetak, maldizio bat botatzen zuen bakoitzean hartzen zuen lasaitua sumatuz, esatean.

        Hara-hara..., egin zuen geroxeago egun zoragarria... hitzekin topo egitean... Ikus dezagun zerk liluratu dituen gure bi usapalak.

        «...Egun zoragarria. Ustekabez betea. Adur onekoa.

        Jainkoa gurekin dela uste izatekoa litzateke benetan. Izan ere, zerbaitegatik dirudite delako hitz bedeinkatu hori osatzen duten beste bi magiko hauek, magnês eta phônês, azkenekoak batez ere, antzinako garaietatik etorriak.

        Zeren bi hitz horiek, edo hobeto esan, bi hitz horiek osatzen duten magnetofono horrek —guretzat hitz ezezaguna atzo arte baina magikoa gaur egun— bihurtu baitu dena miragarrizko: gauden eguna, egitera goazen bidaia, eta dugun egitasmoa bera.

        Gizonaren ahotsa grabatzen duen aparatu bat da. Edonora norberarekin eraman daitekeen aparatu bat. Ahotsa grabatu ez ezik hura nahi adina bider errepika dezakeena... Guk behar genuena, hain zuzen! Goitik edo bidalia! Probidentziak! Olinpotik!...».

        Hum..., egin zuen suprefetak, erdi eztulka. Horra zer zen zuten makineria... Eta zer ez zuen imajinatu berak: paisajeak hartzeko aparatu bat, petrolio hobiak zundatzeko tresna bat, Parlamentua barrendik leherrarazteko makina deabruzko bat...

        Kontuz hemen!, esan zion errietan bezala bere buruari, errege hitzarekin topo eginik.

        «Albaniaz ahalik berri gehiena biltzen ari gara, besteak beste. Lurralde txikia. Antzinako herria. Historia trajikoa. Europako herrialdea hasieran. Asiarren mende egona gero. XX. mendean berriz ere Europaren altzora itzulia. Herritarren erdi bat bere lur mugetatik kanpora bizi duena.

        Epopeiaz aparte —duen ondasunik handiena, gure iritzian—, badu kromoa eta petrolioa ere. Eta txori deritzan errege bat, Zog I.a, Bird the First...

        Okulistarenean izan naiz ostera. Berritu dit errezeta.

        Max aldebresturik dabil emaztearekin.

        Magnetofonoa erosteko dirua bildu nahi genuke lehenbailehen.

        Horren arabera moldatzen ditugu orain geure asmo guztiak. Bitxia dirudien arren, tresna hori gure beharretan sartu izanak ez digu inolako buruhauste berririk ekarri. Hain egoki moldatu da gure asmoetara ezen orain arteko guztia aparatu horren berri bageneki bezala antolatu dugula esango bailitzateke. Hasterako subkontzientean generabilela, alegia...».

        Orrialde gehiago ere gainbegiratu zituen oraindik suprefetak, eta ezin aspergarriago denak. Itxi ez itxi zerabiltzan begiak, baina ministro eta espioi hitzek tenkarazi zuten bat-batean.

        Bazatozak, bazatozak nire usapalak, esan zuen marmarka, zigarro bila. Sarera zoazak zuzenean.

        Irakurketa eten gabe, hitz horiek errepikatu zituen behin eta berriz, sare hitzarekin zer esan nahi zuen, edo Albaniak Washingtonen zuen Legazioa edo Albania bera, jakin ere ez zekiela.

        «...Oraintxe iritsi gara Washingtondik, Albaniara joateko visa eskaera egitetik. Egia esan, pixka bat gozakaizturik geratu gara Albaniako Legazioak egin digun harrerarekin. Keinu adeitsu bat ere ez. Eta kontrara, susmo txarra eta mesfidantza franko.

        Ministroak berak hartu gaitu, baina balditurik utzi ere bai, gero. Gizon burutsua da, zomorroa, ironikoa, munduko literatura ongi ezagutzen duena, Europako hizkuntza nagusi guztiak ez ezik suediera ere badakiena, Apollinaireren lagun eta mezenas izana, gauza guztiak eta are bere lurraldea eta herria bera ere irribide bihurtzen dituena, erresuma txiki erdi arkaiko erdi burlazko horrek hemen ordezkari gisa daukana. Ahalegindu gara Albaniara zertara goazen-eta ahalik ilunena agertzen, baina ezin izan dugu Homeroren izena isilik eduki, eta entzun bezain laster zera esan digu berak:

        — Ba al dakizue batzuen ustez Iliadako lehenbiziko bertsoan agertzen den Mênin aeidé, thea, Pêlêiadéô Achilêos (Abestu, jainkosa, Peleotar Akileren haserrea) pasarteko mênin hori, zeurok ikus dezakezuen bezala, albanierako meni, herra esan nahi duen bera dela? Eta hori horrela, literatura unibertsaleko lehenengo hiruzpalau hitzetatik aurrenekoa eta, tamalez, garratzena ere albanierakoa dela... Ja, ja!

        Eta halako ironia erreaz hasi da Albaniaz mintzatzen, ezen azkenean hau esan baitio Maxek:

        — Jaun Gorena, ez diot oraindik noiz benetan eta noiz txantxetan ari den igartzen. Homeroren testuan agertzen den meni hitzarekin egin duen hori, adibidez, fantasiazko interpretazio bat da, ala...?

        Hartan, zorroztasuna eta zinismoa, garraztasuna eta txarkeria zerizkion distira beldurgarri bat azaldu da Ministroaren begietan.

        — Hitz horri dagokionez, esan dudana zuzena dela uste dut, baina guztiaz ere...

        Ez du esaldia bukatu, are ilunago bilakatu dira haren begiak, eta begi ertzetan lehengo burla puntua itzali gabe zuen arren, dirdira lazgarria zerion orain begi ninietatik. «Baina guztiaz ere...» hitzei isilune luze bat jarraitu zaie, hitz horiek are astunago bihurtzen zituena, eta hain ere astunak, ezen, hitz hutsarte hura ezin eramanik, Maxek galdetu baitio Ministroari:

        — Baina guztiaz ere..., zer, Jaun Gorena?

        — Guztiaz ere —jarraitu du Ministroak azkenean—, gaur egungo albaniarrek oso zerikusi gutxi dute agian zuek haietaz duzuen iritziarekin.

        — Guk ez dugu oraindik inolako iritzirik —erantzun diot—. Zu zara ezagutu dugun lehenengo albaniarra, eta ez dizut, nola esan..., liluraturik utzi gaituzula gordeko!

        Berriro ere barreari eman dio Ministroak, eta kontsulak, berriz, ez du ma esateko ere ahorik zabaldu, bera ere han zen arren, baina denbora guztian susmo txar nabarmenarekin begiratu digu. Eta Maxek Ministroari erakusteko asmoz mapa batzuk atera dituelarik kontsula muturka mapei begira ikusi dudanean, hala pentsatu dut neure artean: «Arraioa, halaxe duk, espioitzat hartu gaitik!».

        «Kontsulak espioitzat hartu gaitik», esan diot gero Maxi, Legaziotik pixka bat urrundu garenean. «Jabetu nauk neu ere», erantzun dit. «Eta, zer diok Ministroaz?», galdetu dit. «Harrigarria!», erantzun diot. «Harrigarria? —esan du—. Ez duk asko esatea...»».

 

 

        Horretan bukatzen ziren oharrak. Suprefetak begiak igurtzi zituen. Hauxe istorio bitxia, esan zuen gero. Hutsune ikaragarri bat sentitzen zuen barruan.

        Zer edo zerk leihorantz aldarazi zion begirada. Euria ari zuen eta haizeak tarteka kristalen kontra zartarazten zituen euri tantak. Urratu berria zen goiza, burutazio beltzak baizik gogorarazten ez dituen horietako goiz zikin bat: hurrengo astean bertan pagatu behar dituzun zorrak, minbizia ote daukazun beldur oraindik inori aitortu gabea...

        «Kontsulak espioitzat hartu gaitu, esan diot Maxi...». Behin eta berriz irakurri zituen suprefetak hitz horiek eta buruari eragin zion. Zomorroak halakoak, esan zuen hortz artean. Zer uste ote dute, espioi hitza aipatuta susmo txarrak aienatu dituztela! Lapurrak! hots egiten duen lapurrarena egiten, beraz! Bai, bai... «Hala ez garenez, hitza lasai erabil dezakegu...». Bai, eta nik sinetsi! Et, et, ez zioten hari horrelakorik sartuko! Espioiak izango ziren, bai, eta ez espioiak bakarrik agian. Zerabiltzaten asmo zikinak estaltzeko aitzakia bat besterik ez ziren Homero eta rapsodak aztertu beharreko kopla haiek. Propio idatzi zituzten ohar haiek eta propio utzi ere maletan, Pjetër Prenushi inozoak errazago aurki zitzan.

        Babalorea!, egin zuen gero suprefetak marmarka. Odolki alaena!, erantsi zuen ondoren. Izan ere, oilarra baino harroago eta «begira zertarako naizen ni gauza» esan nahiz bezala eman baitzion hark sobrea. Inuzente gizajoa! Txori bat bezalaxe bildu haute, ez ziaten hire lepotik barre gutxi egingo, kirtena halakoa! Nirekin ordea alferrik dituzue paper horiek! Baina gauden, ea zer dioen Dul Ganbarasek.

        Beti bezala, Dulekin gogoratzean baretu egin zitzaion haserrea. Zerbaitegatik esaten zuen hura zuela bere baltsamoa, gaua gozo igarotzeko sekretua. Itsumustuko antsialdiak, arrazoigabeak eta beragatik gogaikarriagoak diren antsialdi horietako batek hartzen zuen bakoitzean, nora-hara igota imajinatzen zuen Dul, tximinia punta batera, habetzar belztu batera..., eta orduan, berehala baretzen zen. Zer suman zabilek, esaten zuen bere artean, gaizkiaren bila beti.

        Hiri, berriz, atzeko zuloraino sartu diate, zozokume horri!, esan zuen marmarka. Jarri dizkiate paper batzuk muturren aurrean eta hik heldu amuari. Espioi zikinak!... Malapartatuak halakoak!

        Haserrealdi itsu barru-barruan sortzen diren horietako batek ematen zion tarteka. Leiho ataken trakateko hotsa entzun uste izan zuen berriro, baina ez, atea zen oraingoan. Harritu zen Daisy han ikusita.

        Artean galdu gabea zuen oheko epeltasuna, eta isilka-isilka ondoraino joana jadanik, lotako soineko gardena jantzirik. Hura gozotasuna zeriona! Arrazoi zuen, bai, erdilotako itxura hura edozein jantzi eder baino askoz hobeto zihoakiola esaten zionean...

        — Zer ari zara? —galdetu zion Daisyk ahopean.

        Oharkabean eskuaz paperak estali zituen suprefetak; beharrik gabe, ordea, zeren zer paper ziren ikusteko ere begiak gandutuxeak baitzituen emazteak.

        — Ikusten duzuna, lanean...

        — Beldurtu egin nauzu. Zerbait gertatu al da?

        Senarrak ilea laztandu zion.

        — Zoaz ohera. Oso goiz da oraindik.

        Txistu hots leuna zerabilen haizeak leihoaz bestaldean. Suprefetak emaztearen ipur kulunka ernagarrian eduki zituen begiak hura aterantz zihoan bitartean, baina gero argi izpi hotz batek aldarazi zion begirada.

        Bazen paper haietan ernaltasuna edo ernalketa aipatzen zen parte bat, non edo han; garaiz ibili behar zela zioten... Bazen esperma homerikoari buruzko aipamenik ere!...

        Begiratu zituen orriak, herio bizian, eta bai, aurkitu zuen pasartea. Zuzen zebilen, baina ez erabat, esperma-ren ordez muina baitzioen testuak. Baina ez al ziren, ba, gauza bertsua?

        Orduan jabetu zen zerk sortu zion amorru itsu hura. Antzutasuna edo ernaltasuna entzuten zuen bakoitzean bere emazteaz ari zirela uste izaten zuen. Okerrago oraindik: hitz haiek aipatzen zituena hari emaztea kentzeko eta bere hazia isurtzeko erretzen zegoela uste izaten zuen... Hura haurdun uzteko... berandu izan baino lehen... menopausia... bizitzaren arratsa... iritsi baino lehen.

        Ez al zuen, ba, erbestetarretako bat, iritsi ziren arratsean berean, Daisyri begiratu samurrak egiten ikusi? Argi zagok, esan zuen bere artean. Bi erbestetar haiek munduaren bestaldeko puntatik propio haren emaztearekin oheratzeko asmoz etorri zirela sinesteko erabat prest zegoen orain.

        Jelosia, ordea, abaildurik uzteraino atsekabetzen zuen gurari estrainio batekin nahastu ohi zitzaion barruan.

        Frantziskotarren kaperako ezkila hots tristeak entzuten ziren urrutira, euri tantak bitarteko, zenbait bekaturen damua aletu nahiz ari bailiran. Eta kanpai hotsa entzutean, anaia Zef imajinatu zuen, gaua lorik gabe igaro ondoren begiak handi-handi, ofizioko errezoak egiten, eta, istant batez, hark ere izango zuela agian goxaketako lagunen bat mojen artean, pasa zitzaion burutik. Ez zituen segur aski irlandarren hitz suhar haiek hain gogo onez itzuli izango bestela.

        Handik hara, Daisyren gorputz alabastrozkoa etorri zitzaion gogora. Argi zegoen gustura kenduko zioketela. Harekin oheratzeko eta hura beteta uzteko ametsetan zebiltzala...

        Halakoetan ohi zituenak ez bezalako aztoramen batek astindu zuen burutik oinetara. Altxatu zen, irten zen bere bulegotik eta logelara joan zen isil-isilik. Gozo-gozo lo ikusi zuen Daisy, eta inoiz baino desiragarriago iruditu zitzaion, baina ez zuen esnatu nahi izan.

 

 

        Ez, Daisy ez zegoen lo. Ateko kirrinka hotsa entzutean itxi zituen begiak, eta mantsotu zuen arnasa. Amets erotikoren batzuk eginda zegoen nonbait, egunsentiko lehen argi kliskekin batean, zeren erabat nagiturik sentitzen baitzen.

        Jadanik urratua zen eguna, egun iluna, eta min kutsua zerion frantziskotarren kaperako ezkila hotsari.

        Hots hura entzutean aitaren egin nahi izan zuen Daisyk, baina epel-epel zegoen ohean, sorgorturik, eta ez zeukan keinu txikiena ere egiteko kemenik. Aitaren egiteko ordez, eskua bularretara eraman zuen nagi-nagi, eta sabelera gero, malkoa lehertu ez lehertu zegoen arren.

        Willy Nortonek, hark bai, handik hirurehun pausora, egin zuen aitaren. Artean erdi lo egon arren eta ezkila hotsa ozta-ozta entzun, hari ohartzeke joan zitzaion eskua bekokira, eta bularrera, eta bi sorbaldetara...

        Zinez deabruzko gaua izan zuen. Burmuinetatik aldendu ezinezko antsia bat ibili zuen gora eta behera, eta ez zion eguntxinta arte bakerik eman. Egunsentiko argi apalean, grabatzeko tresnaren metalezko estalki grisaxka ikusi zuen gero. «Hor hago, pottolo hori», esan zuen bozkario narez. Gustura hartu ohi zuen goizaldeko bake hura. Zimitzak berak ere —logaleturik, agian—, ez zeuden jadanik borrokarako.

        Ezkila hotsek ere beste soinu bat ditek bazter hauetan, gogoratu zitzaion oraindik, azkenean loak errenditu baino lehen. Baina lotan ere ezin zien ezkila hots tartekatu eta triste, artean beste inon entzun ez zituen haiei bere belarrietarako bidea galarazi.

 

 

 

© Ismail Kadare

© itzulpenarena: Juan Mari Arzallus, Antton Olano

 

 

"Ismail Kadare / H. dosierra" orrialde nagusia