II

 

        Lau ordu luze egon zen Dul Ganbaras informatzailea —N...ko agintarien begikoena, eta atzerritarren helduera eta ondorengo atzera-aurrerak zelatatzeko izendatua— hiri arteko autobusen geltokiko egongelaren aurrean, inork erbestetarren zain zegoen itxurako mugimendurik egiten ote zuen begira; eta gero, larunbat arratsaldean, larunbatez iritsi baitziren erbestetarrak, idatzi zion suprefetari, ez ziola hari inor hala egon zitekeela pentsatzeko motiborik ezerk eman. Ganbarasek bere ohar zehatzetan zioenez, betiko maletazaleak kenduta bederatzi pertsona omen zeuden han guztira, hiriburuko autobusa, haraino astean behin eta larunbatez bakarrik ailegatzen zena, noiz iritsiko zain. Eta Ganbarasen oharren arabera betiere, jendeak halakoetan ohi duen bezain harrera beroa egin omen zieten guztiek beren familiartekoei; bidezkoa omen zen, beraz, haiek han egotea ere. Bakarrik Hadji Gaba ijitoa —suprefet jaunak aditzeraz behintzat ezagutuko zuena— utzi zuen txostenean aipatu gabe; izan ere, mundu guztiak baitzekien larunbatero egoten zela hura hiriburuko autobusaren zain, egin ohi zuen azainaren truke —barka biezat suprefet jaunak esatea—, puzkar sail luze izugarri bat botatzearen truke, bidaiarien artean txanpon batzuk biltzeko esperantzan. Suprefet jaunak ere jakingo zuen bezala, behin baino gehiagotan aztertu izan zen Gaba ijitoaren kasua, egiten zuenarekin hiriaren izen ona zikintzen zuelako, etab., baina, txostenaren egileak jakin ahal izan zuenez, ez omen zuten ordu arte auzi harentzat konponbide egokirik aurkitu. Gaba ijitoaren jokaeraz aparte, beraz, ez omen zuen informatzaileak ezer susmagarririk ikusi han.

        Eta jarraitzen zuen esanez, saiatu zela, ofizioz entzumenezko zelataria izanik ere bera, agindu zioten lana ahalik arreta handienaz betetzen, hau da, erbestetarrak urrutitik zelatatzen, haren uste apalean egiteko hura (eta barka ziezaiola suprefet jaunak iritzia ematera ausartzea) belarriz baino gehiago begiz zelatatzekoa bazen ere.

        Zernahi ere, eta inori aholku ematen aritzeko asmorik ez zuen arren —are gutxiago suprefet jaunari—, berari egokiago iruditu izango omen zitzaion, lehenengo fase hartarako behintzat, bere lankide Pjetër Prenushiri deitzea, eta ez bakarrik begizko zelatan eskarmentu handikoa zelako eta ukaezinezko ahalmenak zituelako, baizik baita ahalmen haiek hobetzeko gai zela erakutsia zuelako ere, harako egun ahaztezin hartan —suprefetak berak ere agian gogoan izango zuen— Frantziako kontsularen emazteari, gure hiri antzinakoa bisitatzera etorria zelarik, berrehun metro urrutira eta gainean zeraman makillajearen kraka lodia lodi, betokerra zela antzeman zionean bezala.

        Kontuak kontu, goitik zetozkion aginduak ez eztabaidatzea arau harturik eta agian justu bere sailekoak ez ziren eginkizunak eman izanagatik inolako haserrerik agertu gabe, baizik eta kontrara, hala egitean erakusten zioten konfiantzak animaturik —konfiantza handiegia agian, kasu hartan suprefet jaunak erakusten ziona— saiatu omen zen, beti bezala, eman zizkioten eginkizunak ahalik zuzenena betetzen eta jarraian datozen gertakari hauek ahalik zehatzena kontatzen.

        Ez omen zezakeen bi erbestetarrek eta haien jokaerak susmo txarrik sortzen ez zutenik esan. Egia esan, begiratu hutsera nabari zitzaien oso lasai ez zeudela, eta are garbiago ikusten zen gainera hori haien buru mugimendu urduriak, haien izu itxura, eta haien zalantzazko keinuak, nahasmenak eta agian barruko kezka larriek eraginiko keinu haiek ikustean.

        Eta albaniera mordoilo, jakinezagatik baino gehiago emozioagatik halakotu batean (hargatik izango zela uste zuen behintzat txostenaren egileak), aurrena Hadji Gabarengana jo zuten erbestetarrek, maletazale bat zelakoan; Hadji ijitoa, berriz, hasia zen jadanik, bere betiko lantegi lotsagarria egin zezala eskatzen ziotelakoan, hartarako prestatzen, beste era batera esateko: gorputzeko azalak atezatzen eta barruko haizeak behar ziren lekura biltzen, nonbait bi erbestetarrek eskatzen zioten puzkar saila —berriz ere barkamena eskatzen diot suprefet jaunari— indar eta zarata handiagoz askatu ahal izateko. Prest zegoen, bada, ijitoa bere betiko lan zikinari ekiteko, eta jarri ere —ez zen esatea ahoberokeria— nazioarteko maila har zezakeen marka jarriko zuen oraingoan, baldin eta ez balu txosten honen egileak, auzi hartan zer sarturik ez zuela pentsatu gabe, eta bere aberriarenganako maitasun hutsak bultzaturik, hura handik haizatzeko egin behar zena egin izan.

        Lan handiagoak izan zituen informatzaileak, zegoen lekutik eta begi hutsez, erbestetarrek zeramatzaten maletak eta batez ere metalezko kutxa haiek zertazkoak ziren esateko, eta are gehiago, gauza jakina izanik ere arestian adierazia zuen bezala, bera entzumenezko zelatan trebeagoa zela kontuan izanez gero.

        Besteren kontuetan nahastu zale ez zen arren, baina Estatuko gauzen hobe nahiak hala agintzen zionez, azkena esandakoari buruz beharrezkoa ikusten omen zuen adieraztea ezen, maleta eta batez ere kutxa haien pisua kalkulatzeko, Pjetër Prenushi lankidearen gaitasunak berak ere —nahiz eta batere zalantzan jarri ez— urri samarrak iruditzen zitzaizkiola, eta are gehiago, zuten pisutik barruan zer zeramaketen antzematea izanik kontua. Eta ausardia izan zuen oraindik, kontu hura argituko bazen, karga bizkarrean eraman zuen gizonak berak, Tsute Beltzak —maletazalea lanbidez— zer irizten zion jakitea komeni zatekeela proposatzeko.

 

 

        Tsute Beltzak, maletazaleak: Maletak? Ez iezazkidazu aipatu, Jainkoaren izenean; ia gerriak lehertu zizkidaten-eta! Berrogei urte daramatzat lan honetan eta ez dut, egia esan, egundo halako gauza astunik ibili. Berunez kargaturik baino astunago ziren! Zer demonio egon zitekeen haietan? Ba..., Goikoa lekuko, Tsutek beronek ere ez daki zer esan: harri potorrak, txatarra, deabrua bera agian, baina ez arroparik eta antzekorik. Tsutek lepoa jokatuko lizuke ezetz. Nola eta ez ziren burdinazko trajeak, antzina ibiltzen zituzten haietakoak, edo oraindik filmetan-eta ikusten diren horietakoak, baina ez da posible, gaurko gizonak ziren hauek, beste horiekin zerikusirik eta burutik eginda zeuden itxurarik ere ez zutenak. Ez, ez, arroparik behintzat ez zegoen haietan... Tsutek ukitu hutsera igartzen die maletei zer daramaketen barruan. Bizkarrera baino lehen antzematen dio maleta bati norena den: aberats batena, eta oihal astunez edo zilarrez brodaturikoez betea, ala apaiz edo mufti batena, eta liburu santuak, Ebanjelioa edo Korana daramatzana. Tsute engainatuko duenik ez dago maleta kontuan. Aski izaten du bat ukitzea, barruan andre gazte ezkonberri baten jantziak, pozak arinduak, edo andre alargun batenak, eta samintasunez kargatuak doazen antzemateko. Era guztietako puskak ibili izan ditu Tsutek bere bizitzan: jende zoriontsuarenak eta txoraskarenak, erregearen haserreari ihesi erbestera zihoanarenak, bizitzaz etsita biharamunean maletaren uhelaz bere burua urkatzea pentsatzen zutenenak, lapurrenak eta artistenak, buruan maitasuna besterik ez zerabilten emakumezkoenak (eta nola makotzen ere, horiek, Tsuteren bizkarra!), funtzionarioenak, ermitauenak edo eroenak, harriz erdi beteak. Hamaika puska eraman izan du Tsutek, baina ez horratik bi malapartatu haienak bezalakorik! Amaren lepoa apustu, halakorik ez duela Tsutek egundaino ibili. Arnasa galdu nuen, lurreraino eraitsi ninduten ia, eta esan ere, esan nion neure buruari: «Hobe duk, Tsute gajoa, lan makur hau utzi, edota, hondoa jo eta bertan hil, "ezin dut" esan eta lotsatan geratu baino». Ezen, ondo amets ilunak, heriotza bera baino ilunagoak ere egin baititu Tsutek bere lana dela-eta; ametsetan, bidaiari bat ikusi zuen behin, kartoiez estaliriko bide batean —alkaterna berde arrexkaz gogorturiko kartoiez—, maleta hanka ondoan zuela, «Eh, maletazale!» builaka; saiatu zen Tsute maleta altxatzen, baina ez zuen hura bizkarreratzeko indarrik. Ba, orduan bezalaxe, izerdi hotzetan blai geratu nintzen erbestetarren maleta madarikatu haiek eramatekoan ere. Maletak!, maletak ez baina deabruak ziren haiek!

 

 

        Globe hoteleko jerenteak: Bai, oso astunak ziren maletak, baina astunagoak kutxak. Aitortu beharra daukat halere, egia osoa esatez gero, propio maletak eta kutxak ibiltzeko daukadan mutilari ez ezik gela lanetan aritzen diren bi emakumeei eta sukaldariari berari ere eskatu behar izan niela laguntza puska haiek erbestetarren gelara, bigarren solairura igotzeko.

        Erbestetarrek albanieraz hitz egin zuten nirekin, baina, aitortu beharra daukat, egia osoa esatez gero, ez zutela hemen ohi duguna bezalako hizkera egiten, beste hizkera bat baizik, nola esan, tarteka gogortu edo izoztu bezala egiten zen hizkera bat, ez dakit ulertzen didazun. Benta baten jabe naizen aldetik, erbestetar askorekin zertu behar izaten dut, eta jarria nago albaniera egiteko modurik bihurrienetara ere. Ez nuke neure burua goratzen hasi nahi, baina aitortu beharra daukat, egia osoa esatez gero, horrexetatik, bezero bakoitzaren albaniera egiteko modutik, eta pasaportea ireki beharrik gabe, ezagutzen dudala zein nondarra den, italiarra, greziarra, eslabiarra. Eta bi erbestetarren hizkeran ez nuen beste horienen gisako akatsik sumatu. Ez, oso bestelako zera zuten horiek. Ez naiz behar bezain argi esplikatzen ari agian. Zen hizkera bat, nola esan..., izoztua-edo. Bai, orain urte batzuk, horrelatsu mintzatu zitzaidan behin, ama —Jainkoak bere altzoan daukala!—, ametsetan azalduta. Eta hainbesteko zirrara egin zidan ezen oraindik ere gogoan baitut zer esan nion: «Baina, ama, zer egin dizut nik niri modu horretara hitz egiteko zuk?». Eta barka iezadazu parentesi pertsonal hau...

        Eta gero? A bai, ia galdu nuen esaten ari nintzenaren haria! Gero, haiei alokatzea erabaki genuen gelara igo ziren. Zuk agindu bezala, hiru bider zipriztindu genuen intsektizidaz gela, baina, aitortu beharra daukat, egia osoa esatez gero, ez nengoela han zimitzik ez geratu izateaz seguru. Zeren sar baitzitezkeen ondoko geletatik edo ateetako zirrituetatik, eta, batez ere erori, goiko sabaitik. Baina hori beste kontu bat da... Esan nahi nizun gela barruan geratu zirela, harik eta suprefetaren mezularia bridgean jokatzera joateko gonbitarekin heldu zen arte.

 

 

        Iluntzeko zazpiak aldean eta katastroko funtzionarioak ekarri zizkien iritsi berriei suprefetaren ongi etorria eta bridgean jokatzera joateko gonbita. Katastroko funtzionarioak esan zuenez, eta gauza bera bentako jerenteak ere (han baitzen bera ere gonbita ematerakoan, berorrek jo zuen-eta erbestetarren gelako atea Suprefeturako gizon bat zain zutela esateko), gonbitarekin nahikoa harrituta geratu ziren iritsi berriak, zeren, halakorik espero ez izateaz aparte, hain bitxia iruditu zitzaien hura, ez esatearren harrigarria, ezen denboratxoa behar izan zuten zuzen zertazkoa zen ulertzeko. Dena den, ez katastroko funtzionarioak eta are gutxiago hoteleko nagusiak —funtzionarioak hartara beharturik— ez zioten suprefetari, erbestetarren erantzuna ematean, hark egindako gonbita adeitsua erbestetarrek nola hartu zuten agertu. Nolanahi ere, ez batak eta ez besteak ez zuten gero, erbestetarrek gonbit hura uzkur hartu zutela —eta uzkur ez ezik halako errezelo edo, zuzenago esan, «jarrera hotz» dei liezaiokeen batez, ez esatearren narritadura nabarmen batez, «bridge» hitza entzutean batik bat— lagunen artean zabaltzen ibiltzeko erreparorik batere izan. Katastroko funtzionarioaren eta hoteleko nagusiaren bertsioaren arabera —zelatariei esker suprefetaren belarrietara laster iritsiko zen bertsioa—, pozez baino gehiago edukazioz onartu zuten bi erbestetarrek haren gonbita. Bitxia badirudi ere suprefeta ez zen komentario haiengatik batere muzindu, kontrara baizik, bere asteroko txostenean gogoz aipatu zizkion haien izenak Barne ministroari, bi lekukoak jende zuzena eta sinesgarria zirela azpimarratzea ahaztu gabe, gainera.

        Zernahi ere, iluntzero bezala bere bridge lagunekin —Postako zuzendaria, bakezko epailea eta Rok jauna, «Venus» xaboi fabrikaren, hirian zen fabrika bakarraren jabea— erbestetar misteriotsuak noiz helduko zain zegoen hartan, artean ere ez zekien suprefetak gorabehera haien guztien berri. Eta jakin izan balu ere ez zien ezer esango bere lagunei, are gutxiago lagunen emazteei, eta zer esanik ez —erbestetarren etorrera urte sasoi hartako gertakizunik pozgarriena izaki harentzat—, bere emazteari, Daisyri.

        Batzuen eta besteen arteko elkarrizketa printza gero baino gero hutsalago iruditzen zitzaizkion batzuk pasaeran bilduz, gela nagusitik bridgeko mahaia zegoen salara joan eta etorri zebilen Daisy, sedazko jantzi urdin zeru kolore bat soinean zanbuluka zuela, eta masailean eman zituen gorri ukitu haiengatik agian, edo begi inguruetako itzalune urdinxka haiengatik beharbada, berez beste eta erdi txolindua bezala. Une batetik bestera iristeko ziren bisitariez ziharduten zain zeudenek, hiri hura egonlekutzat zergatik aukeratu ote zuten jakin nahian. Daisyri lotsagarria iruditzen zitzaion erbestetarrek aukera hura egin izanak inor harritzea. Hainbesteko laztasuna sortzen zion N...ren lekuan beste edozein hiri aukera izan zezaketela pentsatzeak ezen kontu haiek aipatzea bera ere dena arriskuan jartzea bezala begitantzen zitzaion orain, miraria gertatua zelarik, eta beldur ere bazen ia, ez ote zioten bisitariek, bat-batean beren buruei galdetuko: «Egia, aizak, zergatik N...ko hiri honentzat honenbesteko grina? Izango duk ba, N...n bezain ongi egon gintezkeen hiririk inguruetan?».

        — Harritzekoa benetan, eta bitxia, gainera, zioen Rok jaunak, inon bizitzen jarri behar eta hiri hau aukeratzea, zeren, bazter galdu bat, ez auzoko Estatuetara irtenbiderik, ez toki historikorik eta ez, esan ohi den bezala, leku estrategikorik duen bazter bat baita hau. Eta mendi barren batean zokoraturik dagoena, gainera.

        — Amerikatik irten baino lehen erabaki omen zuten eskualde honetan geratzea, esan zuen Postako zuzendariak. Poltsatik mapa bat atera eta «Horra, behar dugun lekua!» esan omen zuten Durres zapaldu orduko.

        Eta hizpidea etengabe, tarteka suprefetaren aldera itzultzen zuten burua, baina, orduetako irribarre nekatua aurpegian («Baina Jainko maitea, nola demontre moldatzen zara zu horren denbora luzean eta hainbeste jenderen aurrean irribarre berari eusteko!» esan ohi zion emazteak), arrats hasierako irribarre bera erakutsiz alegia, ez entzuna egiten zien hark. Berak ere, egia esan, sarritan galdetu izan zion bere buruari zergatik aukeratu ote zuten erbestetar haiek N... hiriko eskualdea eta ez beste bat beren eginkizun misteriotsuetarako. Bisitari haiek ez ziotela buruhaustea besterik ekarriko pentsatu izan zuen behin baino gehiagotan; haien etorrera onerako izan zitekeela ere bururatzen zitzaion batzuetan. Baina bisitari malapartatu haiek gaizki nahi zionen batek asmo txarrez bidaliak ez ote ziren ere gogoratu ohi zitzaion inoiz, abaildurik zebilenean eta. Bai, zakurtzar finak izango ziren inolaz ere, baina, gau hartan bertan, iritsi ondoko lehenengoan argituko zuen zer trikimailu zerabilten esku artean, edo haren parte bat behintzat. Bere ustez sekretu hura argitzea garrantzi handikoa zela adierazi ere adierazia zion Ministroari, haren lehenengo oharra jaso bezain laster idatzi zion gutun konfidentzialean. Noski, hondorik ez izaki Estatuaren barrenak..., egin zuen hasperen bere artean. Auzi hark azkenik izango ote zuen ere gogoratu zitzaion gero, eta hartan pentsatzen ari zela ate nagusiko ezkila entzun zen. Zain zeudenengan deskarga elektriko baten zirrara eragin zuen hots hark. Gehienek suprefetaren aldera itzuli zuten burua, hark agindu behar balie bezala zer egin. Eskuan zuten baso portoa mahai txikian edo tximiniako marmolezko erlaitzean utzi zuten batzuek. Denak mugitu ziren zertara edo hartara, Daisy izan ezik, zegoen lekuan, eskailburura begira gelditu baitzen hura.

        Bien bitartean, irekia zuen neskameak atea, eta denek entzun ahal izan zituzten iritsi berrien eskaileretan gorako oin hotsak; eta suprefetari, txostenak oso azaletik irakurri zituelako —besteak beste erbestetarrek mintzaera zurruna zutela esaten baitzen txostenetan—, edo zinez halako inpresioa egin ziotelako, zurezko zangoen takatekoak iruditu zitzaizkion hots haiek. Lipar batez emaztearen profila agertu zitzaion gero begien aurrean —barruko aztoramena nabari zuela—, eta haren lepo guria orobat, zenbait ile horixka kiribilean eta gainerakoak motoan bildurik, are lirainago zirudiela; eta harriduraz gehiago satisfazioz baino, zergatik ez ote zen jeloskor sentitzen pentsatu zuen bere baitan.

        Aztoramena disimulatu beharretatik urrun, bi gonbidatuen gain josirik zeuzkan Daisyk begiak. Neskamea aurrean berengana erdi itzulirik zutela, zurezko eskaileretan gora zetozen erbestetarrak. Ez ziren batere Daisyk irudikatu bezalakoak. Ez batek ez besteak ez zuten ilea beltz, are gutxiago inor kezkatzeko moduan mehe edo zapal. Ez zen bata ilegorria eta bizartsua, Daisyren ustez Max Rothek izan beharko zukeen bezala, eta bai, berriz, ile leun, urri antx eta horixkakoa. Kementsu itxurako aurpegia zuen besteak, eta beltzagoak ileak, baina ez distiratsuak, eta boxeolariek bezala motx-motxak, gainera. Ez zitekeen, beraz, hura Willy izan, baina ezta Max ere, zuen on puska eta trikuarenaren antzeko leial itxura harekin! Hasperen ozen bati leku egitear egon zen haiek ikustean, ez baitzituen batere hala irudikatu; baina zorionez, eta Jainkoari eskerrak, gazteak ziren biak.

        Heldua zen Daisyrentzat ere bostekoa emateko txanda, eta harritu zen gizon horail begi urdina eskua emanez albaniera zaharrean hasi zitzaionean:

        — Andere, plazer handia da niretzat zu ezagutzea... Willy Norton...

        — Daisy —esan zuen berak.

        Eta egun batzuk lehenago bainuan izan zituen ameskeriak bat-batean gogora etorririk, ginekologoarengana jo beharra eta hainbat beste zertzelada ero, gorri-gorri jarri zen.

        Hau da, beraz, Willy, esan zuen beretzat handik pixka batera, senarrak bisitariak gainerakoei aurkezten zikien bitartean. Oso bestela irudikatu izan zituen, baina ez zezakeen dezepzionatua zegoenik esan. Egotea ere ez zen bidezko izango, eta are gutxiago jakintsu aguretuen modura, zapatilak eta txanoa jantzirik oherako prest irudikatu izan zituenez. Guzti hartatik ez zuen momentuz oreka galdu izana beste sentsaziorik gordeko gogoan... Adeitsuena bestearekin, Max Rothekin agertu behar zukeen, baina nahiz eta ile beltzaranekoa izan hura, eta horixkakoa beste hau, bere barruan nahiago zuen hau, Willy alegia. Eta ez zuen hala, zuen izenagatik nahiago, beste arrazoiren batengatik baizik. Zuen gozotasun neurtu edo ezin ezkutuago harengatik, eta gozotasun hari hain eratsu egokitzen zitzaion hizkera harrizko, guztia izoztarazten zuen harengatik, agian. Ez zitzaion Daisyri inork dezepziona zezan gustatzen. Zernahi ere, gizaseme bikainak dira biak, esan zuen azkenean, bere burua kontsolatu nahiz bezala. Gazteak ziren, gainera, berak uste baino ondo gazteagoak. Egia zen albaniera beren modura egiten zutela, baina ingelesa oso ongi zekiten zirudienez. Darling... My dear...

        Berehala ohartu zen gaua esna igarotzen bazuen, ez zuela, berak uste izan bezala, bataz edo besteaz liluratu zelako edo dezepzioak barrua garraztu ziolako pasatuko hala, oso bestelako arrazoi batengatik baizik, gogoa bisitarien benetako itxurara egokitzen hartu zuen nekeagatik, alegia. Zernahi zela ere, gau hartan bertan, eta gau hartan ez bazen hurrengoetan gertatuko ziren haren barruan, lehen ametsezko erbestetar haiengan sentitu izan zuen txera bera aurrerantzean benetako hauengana sentitu ahal izateko beharrezko aldaketak.

        Bien bitartean, bukatuak ziren aurkezpenak, eta hasiak erbestetarrak bilera batera berandu iritsi denaren sartu berriko larriuneak sentitzen. Irribarre, bigarren aldiz denei, hirugarren aldiz batzuei, hala egon ziren gero, harik eta suprefetak, batzuen eta besteen ondoeza aienatzeko-edo, «zerbait edango duzue, ezta?» galdetu zien arte.

        Edari kontuek eta erbestetarrak edariak aukeratu beharrean ikusteak giroa lasaitu egin zuten pixka bat. Ardo kontuan adituak izango zirela uste zuten denek. Baina ez, ez ziren batere hala. Eta beharbada hargatik hasi ziren etxekoenak bisitarien janzkera bera ere harrigarri samarra iruditu zitzaiela komentatzen. Utzikeria pixka bat behintzat, okerragorik ez esatearren, nabari baitzen haien jantzietan. Eta etxeko nagusia bera ere lasaiago hitz egiten hasi zen orduan:

        — Jakin dudanean hiri honetara iritsiak zinetela, zera esan dut neure artean: ahaide eta adiskideetatik urrun, herri arrotzean eta probintzia galdu batean bakar-bakarrik aurkituko dituk. Eta zuek ere bridgean jokatzera gonbidatzea bururatu zait, hala etxeanago sentituko zinetela-eta...

        Astiro eta hitzak garbi ebakiz hitz egin zuen suprefetak, hobeto uler ziezaioten; erbestetarrek, berriz, buruak astintzen zituzten bien bitartean.

        — Ematen dizkizugu eskerrak, jauna. Harrera ona egin zaleen fama duzue albaniarrok —esan zuen bietako batek, ile motxak.

        — Denbora luzean gelditzeko asmoan al zatozte? —galdetu zuen Rok jaunak.

        Besoez keinu moduko bat egin zuten erbestetarrek.

        — Bai noski, nahiko luzean.

        — Pozten gara —esan zuen suprefetak.

        — Milesker, jauna.

        Daisyri zerta-hartatik ezaguna egiten zitzaion haien hizkera... Hirian, nesken eskolan ematen zizkieten albaniera zaharreko prosodia klaseetatik... Baina ezin zen nahi bezala kontzentratu...

        — Gure folklorea aztertu nahi omen duzue, hala entzun dut behintzat —bota zien suprefetak.

        Erantzuna atzeratu nahiz-edo, bekaina zimurtu zuen bietako batek, eta une berean suprefetak begi zizta bat egin zion bakezko epaileari, zituen susmo txarren berri eman izan zion bakarrari.

        — Nola esan? Bai, hori da... eta beste zerbait ere bai agian —erantzun zion Willy Norton zeritzanak.

        — Barkatu, baina ez dizut ongi ulertu.

        Oraingoan besteak zimurtu zuen bekaina.

        — Zuen antzinako epopeia ere nahi genuke aztertu —erantsi zuen gero—. Eta agian...

        «Eder du eki horrek leinuru, baina guti berotzen du...» bertsoa, antologia liburu guztietan agertzen zen poema epiko baten hasierakoa errezitatu zuen Daisyk beretzat. Hain zuzen ere, bertso haren erritmoa zerion bi gonbidatuen hizkerari.

        — ...horrekin zerikusi handia duen beste zerbait ere bai —jarraitu zuen ilehoriak—. Homero esan nahi genuen.

        — Zuen osasunean! —esan zuen Postako zuzendariaren emazteak, bere baso portoa pixka bat jasota.

        Nabari zen, zeraman makillaje arinaren azpian, noiz kontu aspergarri haiek bukatu eta noiz erbestetarren interesgarriagoak entzuten hasiko zain zegoela andrea. Ekarri omen zituzten gramofono ezin modernoago batzuk ere aipatu baitzizkion Daisyk. Izan ere, zer dantzatzen ote zen orain New York eta Kalifornia aldean?

        — Homero esan duzue? —tartekatu zuen suprefetak, lehengora itzuliz—. Greziar olerkari zahar itsu hura, oker ez banago...

        — Oh, yes! —jaulki zuen besteak Daisyren poz handirako, eta Daisyk, harro, beste andereen aldera itzuli zituen begiak, esanez bezala: «Ikusten nola diren guztiz arrotzak, beren ingelesa eta guzti!».

        — Ah, bai, Homero? Hirurehun urte honetan eztabaidan dago bat edo bat baino gehiago izan ote ziren...

        Paparreko txori korapiloa txukundu eta aurpegiko gune bakoitzera irribarrea zabaldurik, Rok jauna sartu zen orduan elkarrizketan, erdi lotsaz bezala:

        — Barkatu, jaunak. Zoko galdu honetan bizi ere-eta, jende ezjakin samarra baikara gu. Ni, esate baterako, xaboigintzan aritzen naiz, lehentxeago esan dudan bezala... «Venus» xaboiak, bainuko xaboiak, emakumezkoentzat... Je, je, je, horiek bai, nire eskuko hatz muturrak bezain ongi ezagutzen ditut nik kontu horiek. Filosofiako auzi larriak, Homerori, Verdiri eta gainerakoei buruzkoak berriz, batere ez. Barkatu nire ezjakintasuna, baina jakin al daiteke delako Homero horrek eta zuen bisita ohoragarri honek zer ikusi duten elkarrekin? Oker ez banago, orain dela lau edo bost mila urte eta hemendik oso urruti bizi izan baitzen hura, ez da hala?

        Barre ufateko batek aldegin zion Postako zuzendariaren emazteari; izan ere, Rok jaunaren burmuinek ez zutela egiten zuen xaboiak baino zimur gehiago esan ohi baitzion beti Daisyk.

        Erbestetarrek barre txikia egin zioten elkarri. Suprefetari malezia handikoa iruditu zitzaion barre txiki hura.

        — Bai, orain hiru bat mila urte, esan zuen gero bietako batek. Eta oso urrun hemendik. Baina badute, halere, zerikusirik.

        Berriz ere, suprefetari malezia handiko iruditu izan zitzaion barre txikia trukatu zuten erbestetarrek, eta suprefetak, hura ikusirik, hala esan zuen bere golkorako: Hum, aurpegira burla egiten, gainera! Argi zagok harpa jotzen ari zaizkigula. Izan ere nola sinetsi Homerorekin batere zerikusirik izan ez duen hiri koskor honetara soilik haren historia aztertzera aldatu zirela? Hona etortzeko aitzakia sendoagoren bat aurkitu balute gutxienez! Ordea, hartan ere ez zituzten, zirudienez, buruak gehiegi nekatu. Baserritarrak, mendiartetik sekula irten ez diren arloteak..., esango duzue. Hum, baina ikusiko dugu nork egiten duen barre azkena! Mundualde asko, etxeorratzak eta beste mila horrelako ikusiak izango zarete nahi baduzue, zioen erdi marmarka, bere irribarre aldagaitzaren azpian, baina ez duzue oraindik gure Dul Ganbarasekin topo egin; nahiz etxeorratzen gorenera igo nahiz infernuko zulora jaitsi, hori atzean duzuela jabetzen zaretenean, orduan ikasiko duzue izaina zer den!

        Dulekin gogoratzean suprefeta lasaitu egin zen une batez. Gero, Barne Arazoetako ministroak idatzi zizkion oharretara edo, hark zioen bezala, «zopa janean» harrapatuko zituzten momentura aldatu zitzaion gogoa, «hartara iristean bukatuko da zure lana, eta handik aurrera ni arduratuko naiz horietaz». Egia esan, suprefetak ez zekien oso garbi «zopa janean» hark zer esan nahi zuen. Zirudienez, parte hura nahikoa presaka edo, gehiago dena, egonezinez idatzi zuen Ministroak, eta hain ere hala, gainera, non, aholku bitxia, arrotzekin esku zuriz jokatzeko ere agindu baitzion: gero ere ordu arte bezala trata zitzala, baina zopa janean harrapatu zituztela eta aldegiten alferrik saiatuko zirela ulertarazteko moduan, noski.

        Berriz pentsatzen jarrita, irakurri berrian bertan baino bitxiagoa iruditzen zitzaion orain Ministroaren gutuna. Jolas bat ez ote zen ere pentsatuko zukeen, ez balio Ministroak berak auzi hura hark uste zezakeen baino askoz ere garrantzi handiagokoa zela berriro azpimarratu.

        Eta inor kontura ez zedin, disimuloan erlojuari begiratu zion suprefetak. Ordurako, Pjetër Prenushik irekiak izango zituen segur aski erbestetarren maletak, eta fotokopiatuak, ekarri omen zituzten ohar paperak eta gainerako dokumentuak, pila handia, aduanetako zerbitzuen txostenak zioenez. Hartutako aginduei jarraituz, garrantzizkoen iruditzen zitzaizkion dokumentuak albanierara itzularaziko zituen gero, ahalik bizkorrena, eguna baino lehen suprefetaren bulegoko mahaian egon zitezen.

        Gogoa asebeterik, suprefetak ez zeukan orain nornahiri, ezta haren ustez kasu egitea merezi ez zutenei berei ere irribarre egiteko bere burua behartzen aritu beharrik. Pjetër Prenushi, ate gainean kaligrafiazko letra urdinez «Photos Lux» idazkia zuen denda koskor barregarrira bidean izango zen jadanik, eta dendaren jabea, berriz, odoluzkietako minez okerturik eta beldurrak airean, zain izango zuen bien bitartean. Hura ez zen Pjetër Prenushik zeramana ingelesez idatziriko paper batzuk baizik ez zirela ikusi arte lasai geratuko, zeren beldurrez dardarka jartzen baitzen klixeetan giza hilik, pultsera lapurturik eta, batez ere, emakume biluzirik ikusiz gero.

        Pozik zegoen suprefeta, ikusten zenez. Atsegin handia ematen zion bere bi deabru argienak, gaugiro hotz hezean ere, kanpoan lanean zituela pentsatzeak. Bazekien ere, bere «begi» eta «belarri» zituen bi haiek —bikote ezin hobea— gustura hartuko zituzkeela zenbaitek; berari ordea, eta iritziak iritzi, Dul Ganbarasen aldera eragiten zion bihotzak. Eta, dezepzioren bat zela bide, eskupekoak zirela tarteko, noizbehinka izan ohi zituzten bihurrialdietan, aldekeriak disimulatzen saiatu arren bera Dulen alde jartzen zen gehienetan.

        Herrialde atzeratua da gure hau, esan ohi zuen suprefetak tarteka, filosofoarena eginez, eta hau bezalako beste herri guztietan bezala, begiak ez du, informazioren bat bildu behar denean, zeregin handirik izaten. Analfabetoa da hemengo jende gehiena, eta irakurtzen eta idazten dakitenak berak ere ez dira oso egin zaleak. Gutxi dira beren oroitzapenak edo egunkaria idazteko ohitura edo inorekin kartaketa sarria dutenak. Testamentuak berak, inolako idatzirik, sinadurarik eta zigilurik gabe egin ezinak diruditen horiek ere, hitzez egiten dira hemen. Eta badakizue zer erabiltzen den sinaduren eta zigiluen ordez? Madarikazioa: «Ez dezaala egun atsegin bat izan mundu honetan, ez bestean, nire nahia betetzen ez baduk!», «Zuhaitz ipurdi bihurtuko ahal haiz!», «Ez ahal dik, ba, lurrak hire gorpua onartuko!», etab.

        Horrelako hizketa modua erabiltzen zuen begiaz ari zenean; autua belarria bazen, berriz, oso bestelako hitzak etortzen zitzaizkion orduan. Ah, belarria!, beste gauza bat duzue belarria! Hori ez dago behin ere lo, jendea beti prest baitago hizketarako edo txortxorrerako; eta guztiok dakigun bezala, Estatuarentzat galgarriago da esaten dena eta batez ere murmurikatzen dena, erakusten dena baino. Lurralde honetan behintzat, erantsi ohi zuen gero. Eta aurkitzen bazen oso lagun minez edo leialez inguraturik, informatzaile lanean egin zuen hutsegite nabarmen eta bakarraren pasadizoa aipatzen zuen pozik; «begiak» eginarazitako hutsegitea, noski; izan ere ez zituen, ba, ohi diren Don Joan arlote horietako batek harako beste Lulu bati —gorteko anderea bera— idazten zizkion berdekeriaz beteriko gutunetako batean —Lulu haren eta erregearen arteko harremanak zirela bide, kartak kontrolatu beharrez—, organizazio eta sekretua hitzak irakurri (zin dagit hitz horiexek ikusi uste izan nituela, erbia sasi artean egoten den bezala, sabelari, pubisari eta iztarteari buruzko beste aipamenen artean kukuturik), izatez, orgasmo eta sekrezio hitzak baizik aipatzen ez ziren lekuan! Oh, Jainko maitea! Artean ere mitxoleta lorea baino gorriago jartzen zen oker hura gogoratzean...

        Bisitarien inguruan, aurrera zihoan Rok jaunak atera zuen elkarrizketa, eta lanak izan zituen suprefetak hartara egokitzen.

        — Bai, bai, horixe dutela zerikusia —zioen ilehoriak—, baina gaur berandu dugu honezkero hori guztia argitzeko.

        — Hurrengo batean, eta huts egin gabe —sartu zen bestea, esaldiak modu bitxian eratuz—. Gaude abaildurik, luzea da eta izan bidaia...

        Noski, esan zuen suprefetak bere artean, zeuon artean ados jartzeko denbora behar orain! Hori egiteko nekerik ere ez duzue hartu lehen! Ah, probintzia gajoa, espioiek berek ere aintzat hartzen ez hautena!

        Hartan, bridge kontua aipatu zuen norbaitek, baina buruaz ezetz adierazi zuten erbestetarrek. Eta, bidaia luzea izan zela, oso nekatuak zeudela, lehengo kopla berak atera zituzten berriro. Gainera, eta hura zen harrigarriena, ez omen zekiten bridgean jokatzen. Ezin sinetsizkoa benetan!

        Han bridge partidarik ez zegoela egin zutenean, emakumezkoek hartu zuten azkenean elkarrizketaren haria. Postako zuzendariaren emazteak hitz egiten zuen gehiena, xaboi fabrikako nagusiaren emaztea —erdi destainaz erdi ironiaz— ondotik begira zuela.

        — Asaldaturik nago gure kidako emakumeak, dabiltzan bezala erbestetarrak ezagutzeko eta sino-minoak eginez haien arreta berenganatzeko gogoz erretzen ikusita —esan zion mizmizka Daisyri; Daisy tximinia aldera jiratu zen hori entzutean, Postako zuzendariaren emazteak gorri-gorri jarri zela ikus ez zezan; gero su inguruan zeregindu zen une batez, eta berriro burua altxatu zuenean sutan bezala zeuzkan masailak, baina hala egotea normala zen orain—. Benetan asaldagarria iruditzen zait abentura gose hori!

        Irribarre txoro bat egin zuen Daisyk. Antzemanda baitzegoen italierako bere abildadeak erakutsi ezinak erretzen zegoela bestea. Eta bakezko epailearen emazte linfatikoari, berriz, halako gogobete gozatsu bat eragiten zion hura hala ikusteak.

        — Globe hotelean geratuko zarete noski? —galdetu zien bi gonbidatuei epailearen emazteak.

        — Ezta pentsatu ere —esan zuten biek, ia aho batez.

        Gogoz kontrako irribarrea egin zuen bakezko epaileak.

        — Eta nora joan behar duzue hara ez bada? Globe da hiri honetan den itxurazko hotel bakarra.

        — Hirian ez gu —esan zuen Willy Nortonek—. Urrun hemendik joango gara.

        — Zer? —egin zuen oihu Daisyk, bularrean zerbait lehertu balitzaio bezala. Saiatu zen ordu arte, zerbait oso gogoko dugunean ohi den moduan, gonbidatuekin begiz begi topo egitea atzeratzen, baina hura entzutean, esaldi lazgarri harekin bihotza izoztu zion gizonean ziztatu zituen begiak, berez beste bezala. Suhartasunarekin haserrea eta orobat promes baten esperantza nabari ziren Daisyren begietan, eta bazirudien, hala begiratuta, esandakoa zuzentzera behartuko zuela Willy, baina berriz ere lehengo erantzun lehor bera errepikatu zuen erbestetarrak.

        Une batez gonbidatuen taldetik aparte ibili ondoren, berriz ere haietara bildu zen suprefeta, iritsi berrien ostatatzeko asmoez zer esaten zen entzutera. Eta benetan bitxia izan zen entzun zuena. Haien artean oso gustura egon arren, ez omen zutela batere hiri hartan luze geratzeko asmorik, adierazi zuten argi eta garbi. Ezta ere beste herri batera joateko intentziorik, eta are gutxiago, beste eskualde batera; inguru hartan geratuko omen ziren, baina ez N...ko hirian; ahal izatera, ez omen zuten gainera hiriekin harremanik nahi. Ostatu bakarti herrietatik aparte zegoen batean jarriko omen ziren, apopilo etxe batean, edo errepide nagusietako bidegurutzeetan ohi diren benta horietako batean. Izatez, nahiago omen zuten, hotzaldia hasia izan ez balitz, noski, mendigoietara igo eta han burutu, egin behar zuten lana, baina tontorrak elurtuak zeudenez, mendi barrenean konformatu beharko omen zuten, errepide nagusiaren ondoko apopilo etxeren batean, arestian esan bezala, rapsodak erromes dabiltzanean geratu ohi diren horietako batean, alegia. Egia esan, aurkitu ere aurkitua omen zuten behar zutena, eta ez omen zuen, nonbait, handik oso urruti behar.

        — Ah bai! Gurutzeko benta —esan zuen xaboi fabrikako nagusiak—. Errepide handiaren ondoan dago hori, Shkodratik eta hiriburutik bide erdira-edo, gutxi gorabehera.

        — Ez, ez —erantzun zuen Max Rothek—, gure horrek Basidi Hezurreko benta du izena, edo Hezurreko benta, laburrago nahi baduzue.

        — Ah! —egin zuen Postako zuzendariak—, baina benta zahar-zahar bat da hori, eta hain dago, gainera, aparte, ezen telegrama batek ere lau egun behar izaten baitu haraino iristen.

        Barrez hasi ziren bi erbestetarrak.

        — Ikusi dugu mapan —esan zuen Willy Nortonek—. Horixe da guri komeni zaigun lekua.

        Noski, esan zuen suprefetak bere artean, ez zenezaketen zuen ezkutuko azpilana egiteko leku aproposagorik aukeratu.

        — Mapak ere ekarri dituzue, beraz? —galdetu zien gero.

        — Bai, jauna. Pila bat. Epopeia leku guztiak seinalaturik ditugu.

        Ederki, ederki, egin zuen suprefetak bere golkorako. Ez dute jadanik disimuloan ibiltzeko asmorik ere. Zituzten leku epiko haiek zein ziren galdetu edo ez egon zen, baina nahiago izan zuen xehetasun hartaz jabetu ez zen itxura egin.

        — Eta non da Basidi Hezurreko benta hori? —galdetu zion isilka Daisyk Postako zuzendariaren emazteari.

        — Nola esplikatuko nizuke? Ez naiz ondo gogoratzen, behin bakarrik izan naiz-eta, Petrorekin, baina inor ikaratzeko moduko benta zahar bat da, hondakin pila bat, nolabait esateko.

        — Nik aditzera dudanez, Bi Roberten benta baino harago da —tartekatu zuen suprefetak—, Albaniako erdialdean eta Erdi Aroko bere moduko bentetatik geratu den zaharrena.

        — Eta oso urruti al da hemendik?

        — Ez, ez oso urruti. Ordubeteko bidea zalgurdiz, nik uste.

        Hura entzunda animatuago sentitu zen Daisy. Zalgurdiz ordubete egitea ez zen buruz gaineko lana.

        Elkarrizketa berriz ere bizitu egin zen erbestetarren inguruan.

        — Harrigarriak zarete benetan —tartekatu zuen orain Rok jaunak, aurpegia erbestetarrenera hurbildu eta sudurraren aurrean irri egiten ziela—. Ni, esate baterako, xaboigintzan aritzen naiz, eta mundu hori behintzat ezagutzen dudala uste dut pixka bat, niri dagokidan neurrian behintzat..., eta, era batera edo bestera, mundu guztiak du xaboiarekin zerikusia, hala da. Goizetik hasita iluntzera bitartean, egun guztian, gainera. Hori hausnartzen hasten naizenean, beraz, garrantzi handiko gauza, unibertsala dela iruditzen zait, eta hori besterik ez darabilela jendeak buruan. Zeren, ongi begiratuz gero, ez da berriketa, gorputz guztian erabiltzen dugun gauza da-eta xaboia: xaboia burua garbitzeko, xaboia bainurako, ongi edo gaizki garbitu, eta duen usaina usain, ez aipatzeagatik gainerako alde on guztiak, edota txarrak, hala nola, esate baterako, azala urra-gorritzea, denok uler dezakezuenez kaltegarri ere gerta daitekeen gauza, bestalde, dama hauen larmintz gurientzat, batez ere ezkutuko parteak garbitzeko..., ja, ja, ja!... Eta horrela, jendeak xaboi kontua besterik ez duela ibili behar buruan, pentsatu ohi dut. Baina hona non aurkitzen den bat, xaboi konturik entzun ere nahi ez duen eta, orain milioi bat urte bizi izan zen itsu baten bizitzako gorabeherak aztertu behar dituztela buruan sarturik, munduaren bazter honetaraino etorri eta benta zaharkitu batean ostatu hartzea nahiago izan duen jendearekin! Benetan mundu bitxia, gure hau!

        Hau txoraize alaena!, egin zuen suprefetak bere artean. Ez zebilen, ez, zergetako inspektorea, orduan bi urte, harekin jokoan ari zela haserreturik «ez likek heure burua xaboi fabrikako dupa batera botako bahu ere gauza handirik galduko munduak» esan zionean, oso oker!

        Daisyk eta neskameak kafeak zerbitzatu zituzten bien bitartean. Bereari hurrupaka, hoteleko nagusiak iritsi berrien maletak goitik behera miatzeko nahikoa denbora izan zuela gogoratu zitzaion suprefetari.

        Nekatu aurpegiak zeuzkaten erbestetarrek. Postako zuzendariaren emazteari aurpegitik makillajeko arroz hautsa desagertu izana ere gaueko hamabiak urruti ez ziren seinale garbia zen N...ko mundu koskor txit guri harentzat. Saiatzen zen jendea aharrausiak disimulatzen, baina giroan nabari zen zer zegoen.

        Isilune labur bat aprobetxatuz, azkenean abiatzera bezala egin zuten bi erbestetarrek. Altxatu ziren, agurtu zuten jendea, eta haiekin irten zirenek egin zuten galdera —hotelerako bidea asmatuko al zuten edo baten batek laguntzea nahiago al zuten— entzun zen eskailburuan. Rok jaunak, berak lagunduko ziela hoteleraino, esan zuen orduan; proposamena denek onartu zioten arren, sortu zen haatik halako ezinegon bat, justu zerena zen ordu txiki haietan inork adieraz ez zezakeena, baina xaboiarekin, baldarkeriarekin eta aspertzearekin zerikusiren bat zuena.

        Bi irlandarrak joan eta laster irten ziren gainerako gonbidatuak ere suprefetaren etxetik, eta han ez zen senar-emazteen pauso hotsa besterik entzun gero. Geratu zen isiltasun trinkoan senar-emazteak elkarrengana hurbildu baino areago bata bestearengandik urrundu egiten zituela ziruditen pauso haiek, biak ala biak gela berera bildu behar izanik ere azkenean. Ahalegindu zen Daisy, senarraren ondoan etzateko jantziak kendu bitartean, erbestetarrak edo, hobeto esan, haietako bat bere burutik uxatzen, baina gelan ilunbea eta guztizko isiltasuna hedatu zirenean, eta leihoko argi errainuek ezkonohearen aurrean lauki apalak islatu zituztenean, Daisyk, bere gogoetentzat bidexka bat aurkitu bailuen, ezagutu berria zuen gizonarengana zuzendu zituen, neskagaztetan egin ohi zuen moduan, naturaltasunik handienaz, bere burutazioak. Zertan ari ote zen orain hura?

 

 

        Dul Ganbarasek bere txostenean zioenez, gauerdia baino lehentxeago iritsi omen ziren erbestetarrak hotelera. Dul bera, Suprefet jaunak agindu bezala, goiko ganbarara igo eta erbestetarren gela parean zelatan jarria omen zen haiek hotelera itzuli baino ondo lehenago, hamar eta erdiak jotzen ari zirela hain zuzen. Eta, ganbarako zorua aztertu ondoren, erbestetarrek esan zezaketena entzun, edo egin zezaketena, pixka bat behintzat, ikus ahal izateko ohol arteko zirrituak erreparatu ondoren, eta, mugitu behar izatera, non karraska hotsik eragin zezakeen, edota zein soliba, pipiak janda zegoelako, hauts zezakeen behar bezala arakatu ondoren (hainbat urte eta gero, oraindik ere izu laborriz eta zintzilikario makabro baten itxuran gogoratzen baitzitzaion, Shkjezi senar-emazteak lotan zeudela, bat-batean zoruak huts egin eta eskuin zangoa sabaian behera sartu izanik, andere zaharra, odol kolpe bat emanda, behar baino lehen hilobira bidali zueneko gaua), neurri horiek guztiak hartu ondoren, bada, eta sabaia zimitzez eta gainerako zomorro nazkagarriz betea egon arren, kontraespioitzako zuzendaritza orokorrak onartu berriak zituen arauak bere buruari ezarriz —izan ere, zerbitzuan zegoen zelataria logaletu edo batez ere lokar ez zedin aldarrikatu ziren agindu haiek—, hartu aldean zeraman kaxa txiki bat, zimitzez betea, ireki, eta gorputzean barreiatu omen zituen guztiak.

        Dulek txostenaren hasieran aipatua zuen bezala, gaueko hamabiak baino lehentxeago iritsi omen ziren erbestetarrak beren gelara, eta zertarakorik gabe joan-eta-etorri hasi omen ziren bainuko atetik sarrerako atera. Eta hitz batzuk ere trukatu omen zituzten tarteka, beren hizkuntzan, guztiz hitz ulertezinak zelatariarentzat, baina ez hala hortzak garbituz eta zepilua ahoan zutela esan zituztelako (zeren, suprefet jaunak sobera jakingo zuen bezala, gai baitzen informatzailea inork ahoan zernahi gauza zuela ahoskaturiko hitzak ulertzeko, zela hortzak garbitzeko zepilua, zela pipa, puru edo beste, eta baita Maria K... delako batek, bere amodiozko jostaketetan ibiltzeko ohitura edo, hobeto esan, bizioa zuen zera —txosten batean ezin izendatuzkoa—, organoa —eta barkatu aipatzea, suprefet jauna— ahoan zuela zezelka zitzakeen berak ere. Zelataria gauza omen zen, beraz, era horietara guztietara esandakoak biltzeko, eta gehiago dena, edozein pertsona susmagarrik, mastekatzen ari zela, eztarria handitua zuela, hortzen hiru laurdenak falta zitzaizkiola, eta antzeko beste zeinahi egoeratan esan zitzakeenak berak ere jasotzeko; eta hain gaitasun handiak zituen eginkizun horretarako ezen —suprefet jaunak jakingo zuen bezala— Albaniako erresumako iparralde osoan bera baitzen, pertsona apoplegiko baten hizkera uler zezakeen espioi bakarra); ez, bi susmagarri haien elkarrizketatik tutik jaso ez bazuen ez zen hortzak garbitzeko zepilua ahoan zutela esan zituztelako izan (esan beharra dago hemen, oso luze iraun zuela elkarrizketak), baizik eta hori baino askoz ere arrazoi sinpleago bategatik, alegia, hizketaldi guztia ingelesez egin zutelako eta zelatariak —jakinaren gainean zeukan suprefet jauna— hizkuntza hura batere ulertzen ez zuelako.

        Hortzak garbitu ondoren maletak zabaldu omen zituzten, pijamak maletetatik atera, eta oheratu egin omen ziren gero. Argia itzali ondoren ere, kontuan hartzeko gauza, zenbait hitz trukatu omen zituzten oraindik. Gau guztian, gauza berezirik ez omen zen gertatu gainerakoan. Ez zitzaien inor ate joka joan eta berek ere ez zuten ezertarako ireki; ez bata ez bestea ez zen leihora atera eta ez zen inolako seinale susmagarririk ere izan, ez linternazkorik, ez metxerozkorik, ez beste edozein modutakorik. Azpimarratzea merezi zezakeen xehetasun bakarra, hau, agian: batak lo egin zuen bezala, eta zelataria berehala jabetu zen horretaz, bestea, aldiz, esna egon zela, atsekabez bira batera eta bira bestera, hasperen luzeak eginez eta bere burua hazkatuz. Zergatik egon zen hala, aise suma zitekeen, hoteleko nagusia han gehiago zimitzik ez zela lepoa jokatzeko prest egon arren; zailagoa zen, ordea, zergatik batak lo egin zuen eta bestea, aldiz, esna egon zen jakitea, eta are zailagoa oraindik azkeneko horren egonezina eta hasperenak zerenak ziren asmatzea. Zelatariak, zuen eskarmentu luzea lagun, gauza bakarra esan omen zezakeen: halako kasuetan, gaiztaginak bi ziren kasuetan alegia, beldurrak, zalantzak, kezkak eta are lagunari traizio egiteko asmoak bietako bati loa galarazi ohi ziotela sarritan. Kasu hartan ere, aipatu den arrazoi hori zegoen agian bi jokaera desberdin horien azpian. Baina egon zitekeen beste arrazoirik ere: batek kontzientzia lasai ez edukitzea —zeren horrek, denok dakigun bezala, loa galarazten baitu—, eta besteak, aldiz, batere errurik ez zuela jakinik, zerraldo lo egitea, adibidez; nola eta ez zen kontrara gertatu: makurrenak, kontzientziako zikinkeria eta guzti, halako eginbeharretara ohiturik zegoenez, seko lo egitea, eta bestea, berriz, eginkizun hartan berria eta oraindik gogortu gabea izanik, zerabiltzan atsekabeengatik ezin lokartu izatea. Xehetasun haiek argitzea ez omen zen, agian, zelatariaren lana, eta kontu haiek, gainera, bere agentea, asmo zikoitz batzuek bultzaturik, karrera egin nahian, mailaz igo nahian, edo handinahietan zebilela eta horregatik bere egitekotik at zeuden kontsiderazioetan sartu zela ere pentsarazi omen ziezaioketen suprefet jaunari. Hala bada, garbi utzi nahi omen zuen, beraz, kargu haiek guztiek ez zutela oinarririk, eta gai hartan luzatu bazen edo zer sarturik ez zuen auzitan gogaikarri agertzeko punturaino arriskatu bazen, ez zuela hura, aipatu diren arrazoi horiengatik egin, hala bere egitekoa hobeto betetzen zuela uste zuelako baizik, zeren, ez al zien ba, azken batean, suprefet jaunak berak, haiekin izan zuen bilera batean esan, agente batek, entzuteko tresna hutsa bainoago, bizia duen pertsona izan behar zuela, emandako aginduak konplitzeko eskubidea eta haiek irudimena erabiliz interpretatzeko obligazioa zuen Estatu funtzionarioa, alegia?

        Alabaina, eta berriz ere erbestetarretako batek seko lo egin izanaren eta besteak batere egin ez izanaren arrazoietara itzuliz, eransten zuen zelatariak, egon zitekeela berak aipatu zituen haiekin batere zerikusirik ez zuenen bat; eta egin zutena egitea, bata lo zegoen bitartean bestea badaezpada itzarrik egotea, propio erabaki ez ote zuten ere, pentsatu zuela azkenean.

        Zernahi ere, zelatariak krokis eta guzti azaldu zuen txostenean nor zein ohetan etzan zen. Eta hala, aise asma zitekeen, hoteleko nagusiaren laguntzarekin betiere, bietako zeinek ez zuen begirik itxi.

 

 

 

© Ismail Kadare

© itzulpenarena: Juan Mari Arzallus, Antton Olano

 

 

"Ismail Kadare / H. dosierra" orrialde nagusia