I

 

        Egun gozakaitza zen posta diplomatikoa iritsi zen hura —neguak, propio-edo, aurrena Estatu txiki atzeratuetako hiriburuei opa diela dirudien horietako egun bat—. New Yorken bizi ziren bi irlandarren visa eskaera eta Albaniako Erreinuak Washingtonen zuen enbaxadak erantsiriko idazki bat zetozen postan. Irlandar horiek aurrena «folklore ikertzaile» gisa, eta ondoren «ustezko folklore ikertzaile» gisa agertzen ziren idazkian. Haiei buruz ezaupide gutxi aipatzen zen gainerakoan: bazekitela albaniera pixka bat, ahozko albaniar epopeia zaharra ikertzeko asmoan zihoazela Albania bisitatzera, eta fitxa eta mapa pila bat zeramatela, iparraldekoak gehienak, inguru hartan geratu ahal izatea espero baitzuten. Bestalde, eta hura zen harrigarriena, ahotsak eta soinuak grabatzeko aparatu batzuk omen zeramatzaten, artean inoiz ikusi gabeko tresna bitxi batzuk, magnetofono-edo zeriztenak, eta asmatu eta atera berriak, gainera, enbaxadako funtzionarioek jakin ahal izan zutenez. Eta idazkiak hau zioen azkenean: «Ez litzateke bisitari horiek espioi izan daitezkeela ere baztertu behar».

        Washingtondik zetorren gaztigua jaso eta hamabost egunera, eta irlandarrak iritsi baino egun batzuk lehenago, Barne ministroak ohar bat bidali zion N...ko suprefetari, gutxi gorabehera Washingtongo enbaxadaren idazkiak zioen gauza bertsua errepikatuz, baina «ez litzateke bisitari horiek espioi izan daitezkeela ere baztertu behar» esaldia beste honetara aldaturik: «bisitariak espioiak dira, dirudienez». Dena den, kontu handiz zelatatu beharko ziratekeela, susmo txarrik har ez zezaten, eransten zuen Ministroak; gainerakoan, ahalegin zitezela atzerriko bisitariak hiri hartan etxeko bezala senti zitezen, aholkatzen zien N...ko agintariei.

        Barne ministroari barre txikia irten zitzaion suprefetak agindu hori irakurtzean hartuko zuen ustekabekoa imajinaturik: «Ergel horrek, zer ulertuko duk hik, hagoen zulotik, Estatuko arazoez?», egin zuen bere artean. Kanpo Arazoetako Ministerioko teilatua ikusten zen kristalaz bestaldean. Ondotxo zekien Ministroak hilabeteak zeramatzatela beste ministerio hartako funtzionarioek Europako hiriburuetan zehar, han eta hemen dirua barreiatuz, erregearen biografia egitea onartuko zien atzerriko erdi idazle edo erdi historialariren baten bila. Bai, bai, esan ohi zion pozez bere buruari, mutil finak, benetan, Kanpo Arazoetako horiek. Goi mailako auziren bat, biografiak, akademiak, eta nik al dakit zer gehiago tarteko denean, berak arduratzen dira; baina Parisko kabaretetan jaun erregearentzat luxuzko oilandaren bat edo Parlamentuko lehendakariarentzat mutiko politen bat topatu behar denean, edota beste zeinahi arazo zikin konpondu behar denean, norengana jotzen dute orduan? Honako honengana, Barne ministroarengana! Dena den, etorriko zitzaion berari ere, egunen batean, hogeita hamaika eskutik, eta erregearen biografiagilea berak aurkitzen bazuen, eta ez Kanpo Arazoetako Ministerioko sasilarrosa haiek, denak ahoa bete hortz utziko zituen orduan. Hori gogoratzen zitzaion atzerritarren bat Albaniara etortzen zen bakoitzean, baina bideratzeko aukera egokirik ez zuen izan artean. Oso abagune aproposa iruditzen zitzaion ikerlari irlandarren hura, are gehiago espioiak ote ziren susmoa zegoenez. Beren gisa ibiltzen utziko zien bolada batez, eta, suerte pixka batekin, eskuak saltsan zituztela harrapatuko zituen gero. (Ohe bat, irlandarretako bat ohean biluzik, eta emakume bat harekin, azaldu zitzaizkion irudimenean). Orduan etorriko zitzaion berari haiek maneatzeko txanda. «Zatozte, zatozte nirekin, uxook, epopeia eta mañetofoi horiek geroxeagoko utzita, eta eseri hemen, pittin bat hitz egin dezagun. Lan txiki bat egin behar duzue aitatxorentzat. Ez duzuela nahi? Ez nazazuela gero, zuek txarrean hartzera behartu! Hara! Umildu zarete! Horrela bai, konpon gaitezke. Ez dizue zuengandik espero dudanak lan handirik emango. Zuek ikertzaileak zarete, ezta? Zuen paperetan jartzen duena sinestera, Har..., Har..., Harvardeko Unibertsitatean egin dituzue ikasketak, ezta? Oso ondo. Hartu aulki bana. Adixkide honek papera eta lapitza, eztia, eta nahi adina neska ekarriko ditu zuentzat, baina kontu niri kontra egin! Erregearen bizitza —edo, orain esaten den bezala, biografia— idatziko duzue. Horra aitatxok zer espero duen zuengandik».

        Eta pozik, N...ko suprefetarentzat prestaturiko sobrea itxi zuen eta zigilua jo zion, eta halako indarrez gainera, ezen zigilua labaindu eta bi arrastoko marka egin baitzuen sobrean. Gero, handik bi egunera, goizeko hamarrak aldean-edo suprefetak sobrea hartu zuenean, une batez zigiluari begira egon zen, sobrea zabaldu baino lehen. Halako kolpe bat beldurrez edo haserre zegoen baten esku dardartiak baizik ez zezakeela eman esaten zion buruak.

        Eskerrak, esan zuen gutuna irakurrita. Ez duk ez bata ez bestea. Eta lasaiturik, telefonoa hartu zuen emazteari albistearen berri emateko.

        Emazteak betiko tristezia hitsez hartu zuen telefonoa. Izan ere, zenbat bider ez ote zuen tirrin hots hark berak zegoen lekutik telefonora eraman, behingoz berri pozgarri eta ez-ohiko bat entzungo zuen esperantzan, eta aurikularraren txulo txikietatik senarraren hitz aspergarriak —«Zertan ari zara?», edo «Bazkaria prest al dago?»— edota Postako zuzendariaren emaztea entzutean —aspalditxoan kalaka gaiak agorturik, marmelada egiteko errezetaren bati buruz galdezka—, esperantza zapuztu eta triste geratzeko gainera.

        Oraingoan, ordea, bestela zetorren gauza. Ia sinestezina zen senarrak zioena, eta hainbesteraino, non, ongi entzun ez ote zion beldurrez, «Bi irlandar gure hirira? Hori esan duzu?» galdetu baitzion bizpahiru aldiz, ozen.

        — Bai, bai. Eta luzaroko, gainera —erantzun zion senarrak.

        — Hau zoramena! —esan zuen emazteak, pozari eutsi ezinik—. Hori berri ona eman didazun! Hain triste jaiki naiz gaur goizean...

        Bai, ezin tristeago zeraman eguerdiartea. Aurreko egunean bezala, euri tantaz blai zeuden kristalak, eta kristaletan zehar, ertzoker ikusten ziren tximiniak, kaleaz bestaldeko teilatuetan. Ene! Atzokoa bezalakoxe eguna berriz ere, hasperen egin zuen, artean ohean etzanik. Ezin zuen burubide bat bera ere gogoan ernarazi, eta atera zuen egunak aurrekoarekin zuen antzaren arabera, egun hura ere egun hutsala eta batere penarik gabe erregalatuko zukeena izango zela segur aski, egin zuen bere artean. Erregalatuta ere inork nahiko ez lukeen horietako bat, dena den, pentsatu zuen une batez beretzat, baina oker zebilela egin zuen berehala: izan ere, zenbat emakumek ez ote zukeen halako egun bat pozik hartuko, astea lanean igaro ondoren edo familiako liskarren baten ondoren atseden hartzeko, edota, besterik ez bada, hotzeria sendatu ahal izateko.

        Gogoeta horietsuetan zerabilen burua; eta egia esan, inor gutxik uste izango zuen, hura, suprefetaren emazte ederra, esne mamitan bizi zena, hiri txiki hartan hainbesteraino aspertzen zenik. Baina telefonoak jo baitzuen bat-batean, eta egun hura, tirrin hots harekin soka baten antzera bihurritu eta atezatu izan zena, denbora unitate belaxka izateari utzi eta berorren kontrako bihurtu zen bertan; ustekabez eta misterioz beteriko egun.

        Bi irlandar hemen, eta luzaroko!, xuxurlatu zuen, senarraren hitzak errepikatuz. Hau zoramena! Ez du negu honek besteen antzik izango! Bisitariak etxean bezala senti zitezen ahalegindu behar omen zuten, senarrari eman zizkioten aginduen arabera. Bai horixe!, erantzun zion Daisyk bere golkorako mintzatuz, eta esan orduko, bridge jokoko kartak zabaldu zitzaizkion jostari gogamenean, eta tximiniako sua, eta kristalezko edalontziak, gar haietan dir-dir, aldi berean. «Aparatu bitxi batzuk dakartzate, gramofonoen antzeko zera batzuk; askoz ere modernoagoak», argitu zion jarraian; eta haietako baten besoetan, eta gero bestearenetan atzeman zuen Daisyk bere burua, Celos tangoa dantzatzen. Gazteak beharko zuten, gainera, hainbeste gauza bizkarrera hartzeko!

        Joan zen berriz ere telefonora, baina aparatuaren aurrean tenk egin zuen, hartzeko momentuan. Izan ere, Postako zuzendariaren emazteari albiste zoragarri haren berri eman baino lehen, hura tarte batez bakarrean gozatzeko premia sentitu zuen.

        Bi dira, beraz, egin zuen bere artean, eta gazteak nonbait. Izenak ere aipatu zizkion senarrak: Max Roth eta Willy Norton. Zenbat urte zituzten ere jakingo zuen beraz. Bazkaltzekoan saiatuko zen, nahi gabe bezala, zenbana zituzten ateratzen.

        Ohartzeke bainugelara jo zuen gero. Bainuontziaren dirdira hotzari begira egon zen une batez, eta poliki-poliki eskuak ur beroaren kanilera luzatu zituen hurrena. Erantzi zituen arropak mugimendu nagiz. Sartu zituen hatzak uretan tenperatura probatzeko, eta bertan barneratu zen bainuontzia erdiraino bete zain egon gabe. Behin baino gehiagotan egin izan zuen hala, zenbait gogoeta bururaturik, haiek bere nahierara hausnartzeko.

        Eta luze etzanik, begirada urrun, nola urak pixkana-pixkana gorputza estaltzen zion begira egon zen. Horrelaxe ehortzi ohi dira hilak, etorri zitzaion burura, baina berehala uxatu zuen gogoeta hura, halako ideia makabro edo beltzegiren bat gogoratzen zitzaion bakoitzean egin ohi zuen bezala. Et, et, et, egin zuen bere artean. Bai, goizegi zuen oraindik halako burutazioei gaina hartzen uzteko. Gazte zen oraindik, hogeita hamabi urte besterik ez; eta ez al zegoen, gainera, gertakizun zoragarri baten zain? Bi irlandarrak noiz iritsiko zain? Eta haien izenak errepikatu zituen: Max Roth, Willy Norton. Ongi egin zuen, bai, aspaldiko egun batez, harako Mukadez ekialdeko izen zakar hura oraingo Daisy honen truke uztean. Jende gehienak ahaztua zuen Mukadez hura; hala deitu izan zenik ere ez zekien zenbaitek, eta norbaitek, zela konturatu gabe, zela asmo txarrez, hala deitzen bazion, etsaien sailean lerrokatzen zuen bertan. Oso izen dotorea zen Daisy. Zer sentituko ote zuketen bi bisitariek Daisy izeneko emakume gazte bat bainuontzian etzanda haiekin pentsatzen zegoela jakinez gero, galdetu zion bere buruari. Askotan aritzen zen izen hutsetik jendearen itxura asmatzen. Eta lan hartan hasi zen bi irlandarrekin ere orain. Bata, Max Roth —ez zekien ziur zergatik, r eta x haiengatik agian, eta th harengatik segur aski—, ilegorria eta bizartsua irudikatu zuen; eta bestea, Willy alegia, ilean gomina emanda, ez Max bezain gizon, baina ez ere gutxiago ausarta. Aspaldian zerabilen halako izena zukeen norbait ezagutzeko ametsa, izen iheskorra eta ekibokoa, baina iheskortasun harexegatik erakargarria.

        Gorputz osoa estaltzen zion orain ur beroak, eta xaboirik ez zuela hartu konturatu zen. Eta zer! Bere hartantxe geratuko zen, uretan geldi-geldi. Ez ote zen gero, hala gozoago egongo? Bai, segur aski. Konturatuta zegoen xaboiaren aparrak eta uraren gardentasunak irudimenaren harat-honatak gandutzen zizkiotela halakoetan.

        Zeharka begiratuz, bere gorputz zuria eta, soin barrenean, pubisaren triangelu beltza ikusten zituen urpean, errefraktaturik eta kulunka. Guztia lauso eta anbiguo bihurtzen zuen keinu limuri bat-edo zerion kulunkatze hari. Hala aitortu nahi ez bazuen ere, jadanik prest sentitzen zen probintzia ezin aspergarriago hartan maitasunezko abenturaren bat bizitzeko. Zerbaitegatik saiatu zen arestian, urak pixkana-pixkana estaltzen zuen bitartean, mende hartu nahi izan zuten burutazio etsigarri haiek uxatzen. Zineman ematen zituzten maitasun istorioak zirela bide bildua uste zuen emozio hark kitzikatzen eta, nolabait esateko, hegarazten ere zion irudimena. Orduko irudi bertsuak zerabiltzan orain buruan, eta gero eta zailago zitzaion haiek lotzea. Ez nondik eta ez nora, eta logikaren inolako arrastorik gabe, aurrena ilegorri bizartsuarekin, Max Rothekin loturik atzeman zuen bere burua, ez hura bestea baino atseginago zitzaiolako, baizik eta zertzeladen kateamenduak hala nahi izan zuelako, edo, hobeto esan, aurrena gorabehera guztiak (lehiaren ika-mikak, jelosiaren txinpartak, eta abar) bete-betean eta fintasun osoz dastatu nahi zituelako, gero bestearekin, Willyrekin, guztiz lotu eta gozatu ahal izateko azkenean. Jainkoarren!, esan zuen bat-batean bere golkorako, begiak gorputzaren kulunka zuri lausotik kendu gabe, kulunka hartara begira egon izanak eragin bailizkion ustekabeko gogoeta haiek. Ez ote zuen gero, halako izena zeraman maitale batek haurdun utziko!

        Ezinez bezala, eta lo dagoena ohean jiratu ohi den modura mugitu zen bainuontzian. Uraren plasta hotsak eta gorputzaren isla urraturik ikusteak beste burubide batzuetara aldatu zioten irudimena. Aurpegi zurbil eta kezka ezin disimulaturik, hormak huntzez estalirik zituen bi solairuko etxe baten eskaileretan gora ikusi zuen bere burua. Atean, brontzezko plaka batean, N...ko mediku bakarraren izena agertzen zen grabaturik, eta «Kirurgilari Ginekologoa» hitzak, izenaren azpian.

        Denbora luzez joan-ez-joan ibili ondoren eta N...ko medikuak zenbait analisi egitea onarturik, haurrik ez izatearen erantzule senarra zela egiaztatu zenez geroztik, ezin zuen Daisyk beste maitasun harremanik imajinatu, harreman haren ondorioak ezabatu beharko zizkion medikuaren klinikan bukatzen zen bat izan ezik.

        Han aurkeztuko zen, beraz, N...ko panorama beltza osatzera etorria zen pertsonaia haren, ikusteko guztiak ikusita edo halako itxurak egiten zituen medikuaren aurrean —irudikatu ere halako itxuran irudikatzen ziren herrietako medikuak filmetan, edo Txekhov zeritzan errusiar idazle baten eleberri laburretan—. Zer, nahi gabe?, galdetuko zion medikuak, gorputzeko parte haiek —amodioaren drama antzeztu berri den anfiteatro bateko marmolezko harlauzak bezain hotzak orain— lizunki begiratuz. Eta Daisyk honela esango zuen orduan bere golkorako: «Zer jakingo duk hik, sasimediku arlote horrek, mirari triste hau nola izan den?».

        Berriz mugitu zen Daisy, eta une batez kulunka ibili ondoren, atzera ura baretu eta gardendu zenean, gorputz zuriaren isla azaldu zen berriro, barruko estuasunak bakea eman bailion. Zergatik utzi behar diot neure buruari horrelako gauzak pentsatzen?, esan zuen bere artean. Gozamenez, jakin-minez eta misterioz osaturiko atseginbide hura zain zuela, zertan hasi behar zuen burutapen bihurri haiekin dena zapuzten? Bridgeko kartek, ardoak, beheko suko garrek, gorriak eta beroak denak, atera zuten giro ilun hartatik. Aurre-aurrean, ia ukitzeko moduan zeuzkan orain gauza haiek guztiak, eta bere eskueran izango zituen egun gutxi barru. Bat-batean zuzperturik, bainuontzitik irten, eskuoihal handi bat soinean bildu, eta azkar-azkar gelara joan zen janztera. Kanpoan, ezer gertatu ez balitz bezala eta lehengo negu itxura berean zirauen egunak; euri grisaxkaz blaiturik, erortzeko modu nagiagatik inguruko izaki guztien erritmoa markatzen zuela zirudien euri grisaxkaz. Aurki, izan zuen albiste handiaren berri jakingo zuten N...ko bere dama lagunek, telefono harien bidez euri xixtrin hura zeharturik: Postako zuzendariaren andreak aurrena eta besteek gero.

        Ordu erdi bat geroago, egin behar zituen telefono dei guztiak egin ondoren, hiri txiki hartako alde bat begietaratzen zion leihora hurbildu zen berriro. Itxuraz lehengo berean zirudien hiriak. Itxurak itxura, eta teilatu eta tximinien axolaeza gorabehera, bazekien Daisyk berri sustagarri hura iritsia zela behar zuen lekura.

 

 

 

© Ismail Kadare

© itzulpenarena: Juan Mari Arzallus, Antton Olano

 

 

"Ismail Kadare / H. dosierra" orrialde nagusia