HITZAURREA

 

        Ismail Kadare 1936ko urtarrilaren 28an jaio zen, Gjirokastra hirian, Albaniko hegoaldean. Gjirokastran bertan egin zituen lehen ikasketak; eta Tiranako letretako fakultatean eta Gorki Institutuan, Moskun, literaturakoak. Albaniaren eta Sobiet Batasunaren arteko harremanak txarretik txarragoratzen joan ziren 1960ko urtean eta Kadarek Albaniara itzuli behar izan zuen. 1961ean Drita (Argia) aldizkarian hasi zen lanean. 1965etik aurrera liburuak idaztetik bizi ahal izateko aukera eta soldata eman zion gobernuak. Lauzpabost poema liburu argitaratuak baitzituen ordurako: Gaztaroko inspirazioak, Ameskeriak, Nire mendea,... 1967an argitaratu zuen lehenengo nobela, Gudaroste hileko jenerala. Liburu sail luzea idatzi eta argitaratu du harrezkero, nobelak batik bat: Apiril urratua, Nork ekarri zuen Duruntine? edo Eztei bidaia, Hiru arkuko zubia, Negu handia, H. dosierra, Urte beltzak, Kontzertua, Ametsen jauregia... 1990az gero Parisen bizi da, erbesteraturik.

 

        Gerrako umea eta 1939tik 1945era bitartean lau aldiz eskualdatu zen hiri bateko semea da beraz Ismail Kadare; hain zuzen ere, Bigarren Mundu Gerra bitartean, italiarren, greziarren, berriz italiarren eta nazien eskuetan egon baitzen Gjirokastra. Albaniarekin berarekin batean gerraondoko antolakuntza berrian hazi eta hezia da, bestalde; askatasuna edo independentzia eskuratu berriko poza, jabetzaren banaketa garaiko tirabirak, Albania eta Sobiet Batasuna elkarrekin okertu zireneko tentsioa eta geroko susmo giroa hurbil-hurbiletik bizi izandakoa (1967tik 1969ra bitartean, akats ideologikoren bategatik, Berat-eko eskualdean deserriraturik egona baita, nekazarien artean). Zernahi ere, nekez etsitzen duen pertsona da Kadare. Homeroren larruan nahi genuke sartu, orduko artista borborraldi kateaezin hura zer indar tiranikok lot ote zezakeen ulertu ahal izateko, dio H. dosierra honetako pasarte batean, ez dela munduan benetako idazle bati barruan daramana hala edo hola esatea galaraziko dion indarrik esan nahiz-edo. Zaila da beti nahi duena esan eta idatzi duen edo ez jakitea, baina hasi zenez geroztik denbora gutxi eman izango du idatzi gabe. 1954an, 18 urte zituela argitaratu zuen lehenengo liburua eta harrezkero hor ari da idatzi eta argitaratu, irakurleari aurreko liburua irakurtzeko betarik eman nahi ez balio bezala. Lehenengo urteetan, batez ere olerkigintza landu zuen, eta nahikoa liburu sail luzea idatzi zuen urte gutxian: Gaztetako inspirazioak (1954), Ameskeriak (1957), Nire mendea (1961), Zer gogoeta ote darabiltzate mendi horiek? (1964), Eguzkia gai, (1968). Dirudienez, 1968tik aurrera baretuz joan zitzaion ordu arte izan zuen olerkigintzarako irrika, baina ez zuen eta ez du genero hori behin ere bazterrera utzi. Dena den, Albanian bertan poema liburuengatik egin zen ezaguna, eta horiei esker hasi zen ere idaztetik bizitzen. Olerkigintzan benetan saiatzeak berekin dakartza, bestalde, esan nahi dena jario gozoan eta trinkoturik esan beharra, eta baita hizkuntza era zehatzean erabili beharra ere. Eta olerkigintzaz eta hizkuntzaz ari garenez, esan beharra dago pasaeran, Kadarek —Drieto Agollirekin eta Fatos Arapirekin—, eragin handia izan zuela ondorengo olerkariengan eta baita albanieraren batasunean ere. Neurri handi batean, Kadarek eta bere belaunaldikoek albanierari ezkutuan zituen baliabide asko atera zizkiotelako baitago hizkuntza hori gaur egun normalizaturik. Dena den, guk ez dugu Kadare —gehienok behintzat—, dituen poema liburuetatik edo duen albaniera leun edo ez leunagatik ezagutzen, idatzi dituen nobeletatik baizik. Eta ez da hori horrela izatea harritzekoa, batez ere olerkiak gaur egun duen eske eskasa eta Kadarek idatzi duen nobela sail luzea ikusita; hogeita hamar baino gehiago idatzi baititu beste hainbeste urtean. Noski, jo ere iturri eta eskola onetara jo baitzuen maisu bila: Albaniako epopeietara, batetik, eta Greziako idazle zaharretara (Homero, Eskilo, Aristofane), bestetik. Eta orainagoko idazleetan ere ez zuen nolanahiko aukera egin: Shakespeare, Cervantes, Dante, Maiakovski, Gorki, Gogol, Withman, Eluard eta abar. Kadareren nobeletan, batean baino gehiagotan topo egingo du irakurleak Homeroren aipamenekin edo erreferentziekin, Prometeo iduri duenen batekin, edo Aristofane eta Cervantesen irri zuriarekin. Kadareren nobeletako haria Albaniako historiako gertaeraren baten, ohituraren baten, Balkanetako elezaharren baten edo alegoriaren baten inguruan biltzen da ia beti: Bessa edo emandako hitza dela, antzinako legeak direla, Duruntine-ren historia dela... Irakurle batek baino gehiagok esan izango du Kadareren nobelak irakurtzean: «Hau giro bitxia, iluna eta tristea». Baina baita beste hau ere, haren zenbait liburu irakurri dituenak: «Beste nonbait ere irakurri diot hau». Eta hala da, gai nagusiak ez ezik, mito, elezahar, leku, eraikuntza, giro eta esamolde berberak ere sarritan dakartza bidera. Horregatik, trilogia bat ez baino multilogia bat idatzi nahi izan ez ote duen galdezka geratzen da askotan irakurlea, Hiru arkuko zubia, Apiril urratua, Nork ekarri zuen Duruntine, Mustroa eta H. dosierra irakurrita, esate baterako. Kadareren nobelek ez dute, bestalde, ikusi edo irakurri batera behintzat, oker bueltarik eta ezkutukeriarik; xalo idatziak eta irakurterrazak dirudite. Hurbilagotik begiratuz gero, ordea, berehala jabetzen da bat zer arnasa luzeko lana egin beharko zuen hainbesterainoko xalotasun itxura emateko: gertaerak, lekuak eta pertsonaiak aukeratzen eta guztia dagokion lekuan eta modura ordenatzen eta kateatzen gero.

 

        H. dosierra-ko gertaera ere nahikoa xaloa da berez. Eric Faye-k nobela honen frantseseko edizioaren sarreran dioenez, Albert Lord izeneko estatubatuar batek eman zion Kadareri nobela honetako gerteraren haria. 1979an, Ankaran ezagutu omen zuten elkar. Hizketan ari zirela, 1930ean Albanian izan zela esan omen zion hark; Milman Parri izeneko lagun batekin Albaniko elezaharretatik Homeroren arrastorik atera ote zitekeen aztertzera joanda, hain zuzen. Homero zer edo zein ote zen jakitea (idazle bat —bakarra—, ala idazle talde bat), omen zen bi estatubatuarren orduko kezka. Orduko partez 1979an joan izan balira zer gertatuko zitzaien edo zer gerta zekiekeen kontatzen du Kadarek H. Dosierra honetan. Albert Lord-en eta Milman Parri-ren ordez EEBBetan bizi diren bi irlandar gazte, Max Roth eta Willy Norton dira hemen protagonista; Albaniako elezaharretatik Homero zer edo zein zen atera ahal izango zutelakoan Albanaiara joanak hauek ere. Bi protagonista horiek hango suprefet batekin, suprefetaren emaztearekin, espioi batekin eta gainerakoekin dituzten gorabeherak azaltzen dira; eta atze oihal gisa, bi Albania: Epopeiakoa, alde batetik, Basidi Hezurreko bentarekin, Tontor Madarikatuekin, rapsodekin eta menditar erdi gizon erdi jainkozkoekin, eta 1979koa, bestaldetik, erbestetarrenganako susmo txarrekin, suprefet eta gainerako pertsonaiekin. Albaniako susmo giroa barregarri uzteko, sarritan erabiltzen duen trikimailua du Kadarek erbestetarrak konfiantzarik ez izateko moduko jende gisa agertarazteko hori. Gertaeraren harian, albaniarrek eta eslabiarrek aspaldidanik dakarten liskarra aipatzen da bukaera aldera: haiek edo hauek, zein dira Balkanetan, etxekoak edo jatorrizkoak? Bi herri horietarik zeinek asmatu zituen Balkanetako elezaharrak? Eta noski, bi herri horiek aipatuz gero, handik edo hemendik Kosovo azaltzen da azkenean.

 

Juan Mari Arzallus

 

* * *

 

Gure eskerrona adierazi nahi diegu, eskaini diguten laguntzagatik,
Jose Antonio Azpiroz, Jon Muñoz, Valentin Olaetxea eta Jose Antonio Sarasolari.

 

 

 

© Juan Mari Arzalluz, Antton Olano

 

 

"Ismail Kadare / H. dosierra" orrialde nagusia