V. ATALA

 

        Hustu zuen azken tantaraino hirugarren katilu te urtsua eta inguruan sakabanaturik zeuden ogi frijitu koskorrak marruskatzen hasi zen, antosinaren zulo beltzera begira jarrita. Zuku horia hondeatua izana zen istinga zulo baten antzera eta barrengo osinak Clongowesko bainuko lur-koloreko ur iluna ekarri zion gogora. Ukalondo pareko bahi-erreziboen kaxa erabili berria zegoen eta behatz koipetsuekin mekanikoki banan-banan hartzen joan zen txartel urdin eta zuriak, zirriborro eta harez beteak eta mailegariaren izena, Daly edo MacEvoy, zeramatenak.

        1 Bortzegi Parea

        2 Abrigua

        3 Zuria eta Bestelakoak

        4 Gizonezkoaren Galtzak

        Ondoren, alde batera jarri zituen eta kaxaren tapaki zomorro arrastoz tantatuari pentsakor begira geratuz, axolagabeki galdetu zuen:

        — Zenbat dago aurreratuta erlojua?

        Amak tximiniako apalaren erdian etzanda zegoen despertadore mazatua zuzendu zuen, esferan hamabiak laurden gutxi ikusi ahal izan ziren arte eta gero, berriro, etzanda jarri zuen.

        — Ordubete eta hogeita bost minutu —esan zuen amak—. Hamarrak eta hogei dira orain. Jainkoaren izenean, ahalegin zaitez klasera ordurako iristen.

        — Beteidazu ontzia garbi nadin —esan zuen Stephenek.

        — Katey, beteiozu ontzia Stepheni garbi dadin.

        — Boody, beteiozu ontzia Stepheni garbi dadin.

        — Ezin dut, anil bila joan behar dut. Beteiozu zuk, Maggy.

        Palangana esmaltatua fregaderako askan kokaturik geratu zenean eta garbitzeko goante zaharra aldamenean, amari utzi zion lepoa igurzten eta belarriko izurduretan eta sudur hegalen zirrikituetan zirikatzen.

        — Negargarria da —esan zuen amak— unibertsitateko ikasle bat amak garbitu behar izaterainoko zikina izatea.

        — Gustatu egiten zaizu eta! —esan zuen Stephenek lasaiki. Belarriak zulatzerainoko txistua entzun zen goiko solairutik eta amak amantal busti bat jarri zion zalapartaka eskuetan esanez:

        — Lehortu zerorri eta mugi zaitez hemendik, Jainkoaren izenean.

        Bigarren txistu mingarri, haserrez luzatu batek joan erazi zuen nesketako bat eskailbarrenera.

        — Zer, aita?

        — Hire neba alfer puta horrek irten al din?

        — Bai, aita.

        — Seguru?

        — Hm!

        Itzuli zen neska, azkar ibiltzeko eta atzeko atetik isilik irteteko keinuak egiten zizkiolarik. Stephenek barrez esan zuen:

        — Generoen ideia xelebrea du, puta maskulinoa dela uste badu.

        — Ai! Lotsa gorria eman behar lizuke, Stephen —esan zion amak— eta etorriko da eguna leku horretan hanka jarri izana damutuko zaizuna. Ondo dakit nik zenbat aldatu zaituen.

        — Gero arte, guztioi —esan zuen Stephenek irribarrez eta bere hazpuruei muin eginda agurtuz.

        Terraza atzeko bidea putzu zegoen eta oinak zaborra mordoxka bustien gainetan jarriz poliki-poliki behera zihoalarik, moja ero baten garrasia entzun zuen paretaz bestaldetik zegoen mojen eroetxean.

        — Jesus! Ai, Jesus! Jesus!

        Buruari batera eta bestera higuinez eraginez astindu zuen hotsa belarrietatik eta presaka abiatu zen hondakin ustelen artean estropezuka, narda eta mingostasunaren zimikoa artean bihotzean zuela. Aitaren txistua, amaren marmarra, maniako ezkutuaren txilioa, bere gaztetasunaren harrotasuna apaltzera zetozen beste hainbat irain eta mehatxuzko ahots ziren orain. Madarikazio batekin jaurtiki zituen kanpora hots haien oihartzunetarainokoak; baina, ibilbidean beherakoan, goizeko argi grisa arbola tantatsuetatik erortzen sentitu zuenean eta hosto eta arbola-azal bustien usain basatia usaindu zuenean, arimak bere miserien loturak askatu zituen.

        Ibilbideko arbola euriz kargatuek, beti bezala, Gerhart Hauptmannen antzerti-lanetako neskak ekartzen zizkioten gogora; eta haien tristura lausoak eta adar bustietatik zerion fragantziaren nahasmenak poz lasaiko aldartera bihurtu zuen. Hasia zuen hirian zeharreko goizeko bilaldia, eta bazekien aldez aurretik Fairviewko istingadiak igarotzen zituenean Newmanen prosa monastiko zilar-nabarreztatuan pentsatuko zuela, North Strand Roadetik dendetako erakusleihoei arretagabeki begira zihoala, Guido Cavalcantiren umore iluna gogoratu eta irribarre egingo zuela, Talbot Placeko Bairdeneko hargintza-lanen ondotik pasatzen zenean, Ibsenen izpirituak, edertasun gazte menderakaitzaren izpirituak, joko zuela haize fin batek bezala, eta Liffeyz bestaldeko itsas merkagai saltzaile baten denda likitsutik pasatzean, Ben Jonsonen honela hasten den kanta abestuko zuela:

 

                Ez nintzen aspertuago nentzan tokian

 

        Adimena Aristoteles eta Aquinoren hitz espektralen artean edertasunaren esentziaren bilaketan aspertzen zitzaionean, askotan itzultzen zen elizabetar garaiko kanta printzeletara atsegin bila. Bere gogoa, fraide zalantzakor baten soinekoz jantzia, maiz geratzen zen garai hartako leihoaren errainupean arrabita joleen musika itzaltsu eta trufaria edo maribideetakoen barre irekia entzuten, harik eta algara arruntegi batek edo denborak histu esaldi, barru-usain eta sasi-ohorez kutsatu batek bere fraide-harrotasuna zauritu eta ezkutalekutik ateratzen zuen arte.

        Ustez egun osoa hausnarketan pasarazten zion jakintza eta gaztaroko lagunartetik hain apartaturik zeukana ez ziren Aristotelesen poetika eta psikologiatiko esaldi apain sorta bat eta Synopsis Philosophiae Scholasticae ad mentem divi Thomae besterik. Bere pentsamenduak zalantza eta auto-mesfidantzaren ilunabarrean zeutzan, aldian-aldian intuizioaren distirak argi egiten zielarik, baina halakoxe distira garden bikainak, ezen une horietan mundua oinpean desagertzen baitzitzaion suak kontsumiturik bezala; eta horren ondorioz mingaina astuntzen zitzaion eta begirada mutuz erantzuten zion inoren begiradari, iruditzen baitzitzaion edertasunaren izpirituak mantuan bilduta bezala zeukala eta, ametsetan besterik ez bazen ere, nobleziarekin kidetu zela. Baina isiltasunezko goraldi labur hauek bertan behera uzten zutenean, atsegin hartzen zuen bere burua gainontzeko bizitza arrunten artean aurkitzearekin eta hiriaren lohitasun, zarata eta nagitasunaren artean, ausarki eta bihotz-arindurik, bere bidean aurrera egitearekin.

        Kanaleko hesituretatik hurbil gizon etiko, panpina-aurpegikoa eta hegalik gabeko kapelarekikoa topatu zuen zubiaren pendizean behera pauso txikian beregana zetorrela, txokolate koloreko abrigua ondo lotuta soinean eta euritako itxia alderatu antzean zeramala, azti-makila bailitzan. Hamaikak izan behar diate pentsatu zuen eta esnetegi batera ñarrotu zituen begiak ordua ikusteko. Esnetegiko erlojuak hamaikak bost gutxi zirela adierazi zion, baina, jiratu zenean, nonbait inguruko erloju bat, ikusi ez baina, entzun zuen hamaika kolpe bizkor zehatz jotzen. Barre egin zuen entzutean, McCann ekarri baitzion gogora, eta ikusi ere egin zuen figura kuzkurtu bat ehizarako txaketa eta britxekin eta kokots-bizar horail batekin, Hopkinseneko izkinan haizetan zutik, honela zioela:

        — Dedalus, hi izaki antisoziala haiz, heure baitan bildurik. Ni ez. Ni demokrata nauk eta etorkizuneko Europako Estatu Batuetako askatasun sozialaren eta giza maila guztien berdintasunaren aldeko ekintzetan lan egingo diat.

        Hamaikak! Orduan, gaur ere berandu klaserako. Astearen zer egun zen? Egunkari-denda baten aurrean gelditu zen iragarki baten izenburua irakurtzeko. Osteguna. Hamarretatik hamaiketara, ingelera; hamaiketatik hamabietara, frantsesa; hamabietatik ordu batera, fisika. Ingeleseko klasea imajinatu zuen eta, distantzia hartatik ere, ezinegona eta ezintasuna sentitu zituen. Ikusten zituen klasekideak burumakur, hartzeko gomendatzen zizkieten oharrak koadernoan menekotasunez idazten: definizio nominalak, definizio esentzialak eta adibideak, jaiotza eta heriotza-datak, obra nagusiak eta aldeko eta aurkako kritikak bata bestearen ondoan. Bere burua ez zegoen makurtuta, pentsamenduak kanpoan baitzebiltzan, eta ikasleen ikasgela txikiaren ingurura begiratzen zuela, nahiz leihoz kanpoko berdeguneko jardin hondatuari begiratzen ziola, soto goibel baten lizun usainak eta dekadentzia usainak erasotzen zion. Beste buru bat zegoen bere aurrealdean lehen bankuetan, inguruan zituen kide makurtuen gainetik guztiz tente, tabernakuluaren aurrean apaltasunik gabe inguruko eliztar apalengatik erregutzen ari den apaiz baten burua irudi. Zergatik ote zen Cranlyrengan pentsatzen zuenean gorputz osoaren imajina ezin gogoratu izatea eta burua eta aurpegia bakarrik gogoratzea? Orain ere, goizaren gortina grisaren kontra, ametsetako mamua bailitzan, moztutako buru bat edo hil-maskara bat ikusten zuen aurrean, ile beltz, zuti, gogorrak bekokia burdinazko koroa baten antzera koroatzen ziolarik. Apaiz-aurpegi itxurakoa zen, apaiz-aurpegi itxurakoa zurbiltasunean, sudur hegal zabalean, betazpiko eta masailezurretako itzalguneetan, apaiz-aurpegia ezpain luze koloregabe eta irribarre arinekoetan; eta Stephenek bat-batean gogoratu zuenean nola kontatu zizkion Cranlyri eguna joan eta eguna etorri, gaua joan eta gaua etorri arimako istilu, egonezin eta irrika guztiak, lagunarengandik isilik entzutea beste erantzunik jaso gabe, esango zukeen aurpegi hura apaiz errudun batena zela, absolbi ez zitzakeen haien aitortzak entzun zituen batena, baina, somete, berriro ere haren emakume-begi ilunen begirada sentitu zuen irudimenean.

        Imajina honek espekulaziorako leize zulo estrainio ilun bat barruntarazi zion, baina segituan baztertu zuen, oraindik hor sartzeko ordua ez zela iritsi sentituz. Baina lagunaren soraiotasunaren pozoiak hats sotil hilkor bat barreiatzen zuela zirudien bere ingurura eta bat-batean ezker-eskuin kasualki sortzen zitzaizkion hitzei begira eta begira aurkitu zen ergelaren moduan, bat-bateko zentzua hain isilik nola galdu ote zuten ulertu ezinik: edozein denda-letrero ziztrinek sorginkeriazko hitzek bezala gatibatzen zion gogoa eta arima zimeltzen zihoakion, zaharreriaz hasperenka, hizkuntza hil mordoen artetik bidean aurrera zihoalarik. Hizkuntzaren zentzua garunetik urruntzen eta hitz hutsetan jaulkitzen zihoakion eta hitzak erritmo menderakaitzetan elkartzen eta banantzen has, ziren:

 

                Huntza negar-murrika murruan

                Negar-murrika eta bihurrika murruan

                Huntz horia murruan

                Huntza, huntza murruan

 

        Inork entzun du horrelako ergelkeriarik inoiz? Jainko Ahalguztiduna! Nork entzun du inoiz huntza negar-murrika murruan? Huntz hor,a; hori ondo zegoen. Marfil horia ere bai. Eta marfilezko huntza?

        Hitza distiraz zuen orain garunean, elefanteen letagin ñabarretik zerraturiko edozein marfil baino argiago eta distiratsuago. Ivory, ivoire, avorio, ebur. Latinez ikasi zuen lehen adibideetako batek honela zioen: India mittit ebur; eta gogoratzen zen iparraldeko aurpegi zuhurreko errektore hark nola erakutsi zion Ovidioren Metamorfosia ingelera dotorean antolatzen, bitxia gertatzen baitzen txerrikume, poto-pusketa eta txerri-solomoak aipatzean. Latinezko neurtitzen legeez zekien apurra apaiz portuges batek idatzitako liburu zaharbanatu batetik ikasi zuen.

 

                Contraihit orator, variant in carmine vates.

 

        Erromako historiaren krisialdi, garaipen eta barne-gatazken berri in tanto discrimine hitz usatuetan heldu zitzaion eta ahalegindu zen hirien hiriko bizitza soziala barruntatzen implere ollam denariorum hitzen artetik, zeinei eltzea denarioz betetzen bezalako sonoritatea ematen baitzien errektoreak. Horazioren orri denborak gastatuak ez ziren ukimenera inoiz hotz gertatzen, ezta behatzak hotzak zeudenetan ere; orri humanoak ziren eta berrogeita hamar urte lehenago John Duncan Inverarityren behatz humanoek eta honen anaia William Malcolm Inverarityrenek pasatu zituzten. Bai, izen agurgarriak ziren barne-azal horiztatuan zeuden haiek eta, bera zen bezain latinista kaskar batentzat ere, neurtitz horiztatuak urte guzti horietan mitre, izpiliku eta berbena-belarretan egon balira bezain usaintsuak ziren; baina, hala ere, min ematen zion pentsatzeak inoiz ez zela izango munduko kulturaren festan gonbidatu herabe bat baino eta bizi zen garaiak ez ziola komentu-hezkuntzari, filosofia estetiko bat atera nahian zebilkion hari, heraldika eta aztore-ehizako jerga sotil eta bitxiari zion baino begiramen gehiago.

        Ezker aldeko Trinityren multzo grisak, hiriaren ezjakintasunaren erdian harri hits bat eraztun handi batean bezala astunki kokatuak, bihozgabetu egin zuen, eta aurrera jarraitu zuenean, kontzientzia eraberrituaren oin-burdinetatik oinak askatzeko ahaleginetan, Irlandako poeta nazionalaren estatua irrigarriarekin topo egin zuen.

        Haserrerik gabe begiratu zion; zeren, gorputz eta arimako nagitasuna, zomorro ikusiezinak bezala, oin astunetatik mantuaren tolesduretan gora eta morroi-buruaren biran lerratzen zitzaion arren, bere ez-duintasunaz umilki ohartua baitzirudien. Firbolgtar bat baino ez zen milesiar baten mantuaz; eta bere lagun Davinengan, ikasle aketoarengan, pentsatu zuen. Bien arteko bromazko izena zen, baina baserritar gazteak alaiki jasaten zuen:

        — Lasai, Stevie, buru gogorra diat, herorrek esaten duk. Dei nazak nahi duan bezala.

        Lagunaren ezpainetan bere izenaren lagunarteko aldaera estreinakoz entzuteak atseginez hunkitu zuen Stephen, berak besteekin hizkera formala erabiltzen baitzuen, besteek berarekin bezala. Askotan, Grantham Streeteko Davinen gelan eserita lagunaren bota ondo eginak, parea parearen ondoan hormaren kontra jarriak, miresten zituen bitartean lagunaren belarri sinplearentzat besteren neurtitz eta kadentziak, bere desira eta tristuren belo zirenak, errepikatzen zituelarik, entzulearen Firbolgtar adimen hezigabeak batean erakarri eta bestean atzera eragiten zion; erakarri egiten zuen arretaz entzuteko zuen berezko adeitasunak edo ingelera zaharreko esamolderen batek edo soin-ariketa gogorretarako zuen zaletasun handiak —izan ere, Michael Cusack, Keltaren ikaslea izana baitzen Davin— eta hurrena, berriz, bat-batean atzera eragiten zion adimenaren arruntasunak edo sentimenaren kamustasunak edo begietaratzen zitzaion izu-larri goibelak, artean etxeratze-deiaren gau-terrorea jasaten zuen Irlandako herrixka goseti bateko arimaren izu-larriak.

        Baserritar gazteak Mat Davin bere osaba atletaren balentria eta ekintza harrigarrien pare Irlandako kondaira erdiragarria adoratzen zuen. Ikaskideei, ikastetxeko bizimodu monotonoari kosta ahalak kosta bizitasuna ematen ahalegintzen zirenei, gazte feniandar bat zela esatea gustatzen zitzaien. Umezainak erakutsi zion irlandera eta moldeatu zion irudimen zakar hura irlandar mitoen argi etenekin. Inoiz adimen indibidual batek edertasunezko lerro bat erantsi ez zien mitoen aurrean eta zikloak igaro ahala zatikatzen ziren ipuin maneiagaitzen aurrean mantentzen zuen jarrera eliza katolikoaren aurrean mantentzen zuen berbera zen: morroi adimen-urri leial baten jarrera. Ingalaterratik edo kultura ingelesetik heltzen zitzaion zernahi ideia edo sentimenduren aurka armaturik zuen adimena kontrazeinu baten obedientzian; eta Ingalaterraz haraindiko munduaz Frantziako atzerriko legioa bakarrik ezagutzen zuen, bertan zerbitzatzeko asmoa agertzen zuelarik.

        Anbizio hori eta mutil gaztearen izaera uztartuz, sarritan deitu ohi zion Stephenek etxe-antzara eta bazen izen horretan amorru puntu bat lagunak hitz eta ekintzarako erakusten zuen mukertasunaren kontra, zeinak, agi zenez, traba egiten zion Stephenen adimen espekulaziorako irrikaz beteari, irlandar bizimoduaren bide ezkutuen ezagutzan.

        Gau batean, baserritar gazteak Stephen bere errebeldia intelektualaren isiltasun hotzetik ateratzen zuen hizkera bortitz eta gordina jaulki zuenean, ikuspen estrainio bat izan zuen Stephenek. Davinen gelara zihoazen biak astiro judutar auzategi miserableko kale estu ilunetatik.

        — Gauza bat gertatu zitzaian, Stevie, aurreko udazkenean, negua ateetan huelarik, eta ez zioat inori esan, hi haiz lehenengoa. Ez diat gogoan urria ala azaroa zen. Urria huen, bai, ni hona matrikulazio klaseetarako etorri aurretik huen eta.

        Stephenek lagunarengana itzuli zituen begi irribarretsuak, haren konfidentziak lausengaturik eta kontalariaren azentu sinpleak sinpatia irabazi ziolarik.

        — Egun osorako herritik kanpo joana ninduan, Buttevantera —ez zekiat dakian non dagoen— hurling partidu bat ikustera Croke's Own Boys eta Fearless Thurles-en artean. Kristoren partidu gogorra izan huen, Stevie. Nire lehengusu propioa, Fonsy Davin, larrugorritan utzi ziaten egun hartan Limerickekoen atea zaintzen ziala, baina, hala ere, denborarik gehienean goian ibili huen aurrelariekin, eroa bezala garrasika. Sekula ez zaidak ahaztuko egun hura. Crokesetako batek halako batean sartu zioan makilakada bat, Jainkoaren aurrean esaten diat, hi, hutsa falta izan zitzaioan lokian jotzeko. Jainko maitea! Makilaren gakoak harrapatu balu, harenak egin zian.

        — Pozten nauk onik atera zenean —esan zuen Stephenek barrez— baina ez duk hori izango gertatu zitzaian gauza arraroa, ala?

        — Beno, bazekiat hori ez zaiala interesatzen, baina, dena dela, halakoxe istilua zegoan partiduaren ondoren, galdu nian etxerako trena eta ezin izan nian inon hala-moduzkorik aurkitu itzulerarako, zeren, halabeharra, nonbait, egun horretan bertan meza elizkizun bat huen Cast letownrochen eta kotxe guztiak hara joanda. Ez zegoan beste erremediorik: gaua bertan igaro edo oinez abiatu. Eta, hala, abiatu eta aurrera segi nian eta gaua gainean nian Ballyhoura mendietara iritsi nintzenerako; hori Kilmallocketik hamar milia baino gehiagotara zegok eta handik aurrera bide luze bakarti bat zegok. Bide guztian ez huen kristauen etxeen arrastorik ikusten, ezta hots bat ere entzuten. Ia oso ilundu zian. Behin edo bitan gelditu ninduan zuhaixkaren baten azpian pipa pizteko eta, ihintza lodi zegoelako, bestela, bertan etzango ninduan lotara. Azkenean, bihurgune bat pasatuta gero, baserritxo bat begiztatu nian leihoan argiarekin. Joan eta atea jo nian. Ahots batek nor zen galdetu zian eta erantzun nioan Buttevanten izandako partidutik bueltan oinez nindoala eta baso bat ur eskertuko niokeela. Handik pixka batera emakume gazte batek zabaldu zian atea eta esne antosin handi bat ekarri zidaan. Erdi erantzita zegoean, atea jo nianean oheratzeko egon balitz bezala eta ilea askatuta ziala; eta iruditu zitzaidaan soinkera et begiradan zian zerbaitegatik haurdun egon behar zuela. Luzaroan eduki ninduan atean hizketan eta harritu egin ninduan, bularraldea eta sorbaldak agerian baitzizkian. Galdetu zidaan ea nekatuta nengoen eta ea han geratu nahi nuen gaua pasatzen. Bakarrik zegoela etxean eta senarra goizean jaana zitzaiola Queenstownera arrebari laguntzera. Ez huen hizketan isiltzen, Stevie, eta begiak nire aurpegian finkaturik zizkian eta hainbeste ondoratzen zitzaidaan, arnasa ere aditzen nioan. Antosina itzuli nionean, eskutik heldu eta barrura tira egiten zidaan esanez: Sartu eta gera zaitez gaua pasatzera. Ez duzu zergatik islaturik. Gu beste inor ez dago... Ez ninduan sartu, Stevie. Eskerrak eman eta nire bideari jarraitu nioan, sukar batean. Bidearen lehenengo bihurgunean atzera begiratu nian eta han zegoan atean zutik.

        Davinen istorioaren azken hitzak irudimenean zerabiltzan dantzan eta istorioko emakumearen irudia nabarmentzen zitzaion, ikastetxeko kotxeak Clanetik igaro zirenean atarietan zutik ikusi zituen emakume baserritarren irudietan islaturik, emakumearen arrazaren eta halaber berearen eredu: saguzar tankerako arima bat bere buruaren ezaguerara ilunpetan, isilpean eta bakardadean itzartzen, eta, malezia gabeko emakume baten begi, ahots eta keinuen bidez arrotza ohera deitzen.

        Esku bat jarri zioten besoan eta ahots gazte batek oihu egiten zion:

        — E, jauna, zure neskatila honengatik, jauna! Gaurko lehen oparia, jauna. Erosidazu sorta polit hau. Mesedez, jauna!

        Luzatzen zizkion lore urdinak eta neskatilaren begi gazte urdinak inozentziaren irudiak iruditu zitzaizkion une hartan; gelditu zen eta irudia aienatu zenean, neskatilaren soineko zarpaila, ile busti lakatza eta aurpegi zatarra besterik ez zuen ikusi.

        — Erosi, jauna! Ez ahaztu zure neskatila hau, jauna!

        — Ez daukat dirurik —esan zuen Stephenek.

        — Horrelako politak dira eta! Mesedez, jauna! Penike bat bakarrik.

        — Ez al duzu aditu zer esan dizudan? —galdetu zuen Stephenek harengana makurtuz—. Esan dizut ez dudala dirurik. Eta berriro esaten dizut.

        — Beno, ba, egunen batean izango duzu, jauna, Jainkoak nahi badu —erantzun zuen neskatilak handik pixka batera.

        — Baliteke —esan zuen Stephenek—, baina ez zait gauza segurua iruditzen.

        Lehenbailehen urrundu zen neskatilarengandik, haren familiartasuna txantxa bihurtuko zen beldur, eta merkagaia besteren bati, turista ingelesen bati edo Trinityko ikasleren bati eskain ziezaion baino lehen handik desagertu nahirik. Grafton Streetek, zihoan kaleak, luzatu egiten zuen etsipenezko pobrezia une hura. Kalearen muturrean, errepidearen erdian plaka bat zegoen Wolfe Tonen omenez eta gogoan zuen haren ezarpenera aitarekin joan izana. Mingostasunez gogoratzen zuen gurtza arranditsuzko eszena hura. Lau ordezkari frantses zeuden furgoneta batean eta batek, gazte irribarretsu potzolo batek, makila baten puntan sarturiko txartel bat sostengatzen zuen, bertan Vive l'Irlande! irakurtzen zelarik.

        Baina Stephen's Greeneko arbolak usaintsu zeuden euriaren ondoren eta lur euriz aseak bere usain hilkorra isurtzen zuen: anitz bihotzetako lur beltzetik gora igotzen zen intsentsu mehea. Aurrekoek aipatu zioten hiri galant salkorraren arima, denborarekin, lurretik igotzen zen usain mehe hilkorrera murrizturik zen eta bazekien une batetik bestera, ikastetxe iluntsuan sartzen zenean, Buck Egan eta Burnchapelekoa ez bezalako usteldura sumatuko zuela.

        Beranduegi zen frantseseko klasera igotzeko. Ezkaratza gurutzatu eta ezker aldeko korridorea, fisikako anfiteatrora zeramana, hartu zuen. Korridorea ilun eta isiltsu zegoen, baina ez begi gabe. Zergatik iruditu ote zitzaion ez zegoela begi gabe? Buck Whaleyren garaian han eskailera sekretu bat zegoela entzun zuelako? Ala lurraldez kanpokoa zen jesuita-etxea eta arrotzen artean zebilen? Tone eta Parnellen Irlandak espazioan atzera egin zuela zirudien.

        Ireki zuen anfiteatroko atea eta leiho hautseztatuen artetik sartzen zen argi gris hotzetan gelditu zen. Figura bat zegoen tximinia handiaren aurrean pikotxean eta argalean eta gristasunean antzeman zion estudioetako dekanoa ari zela sua pizten. Atea poliki-poliki itxi eta sutondora hurreratu zen Stephen.

        — Egunon, jauna. Lagun al zaitzaket?

        Apaizak supituki burua jaso eta esan zuen:

        — Zaude unetxo batean, Dedalus jauna, eta ikusiko duzu. Sua piztea ere arte bat da. Arte liberalak eta arte praktikoak daude. Hau da arte praktikoetako bat.

        — Saiatuko naiz ikasten —esan zuen Stephenek.

        — Ikatz gehiegirik ez —esan zuen dekanoak, bere eginkizunean bizkor mugitzen zelarik—. Hori da sekretuetako bat.

        Atera zituen lau kandela mutur sotanaren patriketatik eta ikatz eta paper bihurrituen artean kokatu zituen trebeki. Stephenek isilik begiratzen zion. Horrela, baldosa gainean sua pizteko belaunikaturik eta paper puska eta kandela muturren antolamenduan arduraturik, inoiz baino itxura handiagoa zuen tenplu huts batean sakrifiziorako lekua prestatzen ari zen zerbitzari apal batena, Jaunaren lebita batena. Lebitaren lihozko tunika xumearen gisa biltzen zuen sotana hits gastatuak figura belaunikatua, zeinari elizkizun jantziek edota txintxarriz hornitu efodak higuin eta traba egingo zioketen. Gorputza bera ere zarrakaturik zuen Jaunaren zerbitzu apalean —aldareko sua zaindu, albisteak sekretuan gorde, munduko gauzen ardura eraman, jipoiak bizkor eman, hala eskatuz gero— eta, hala ere, santutasun izpi baten edo edertasun prelatiko kutsu baten faborerik jaso gabe geratu zen. Are gehiago, arima bera ere zerbitzu horretan zarrakatu zitzaion, argira eta edertasunera zabaldu gabe, santutasunaren usain gozoa kanpora isuri gabe; borondate mortifikatu hura ez zuen obedientziaren zirrarak hunkituagotzen, maitasun edo borrokaren zirrarak gorputz urtetsua, zaildua eta zimela, ile punta zilar kolorekoek urdindua hunkitzen zuena baino.

        Dekanoak bizkarra zuzendu zuen eta egurrak su nola hartzen zuen begira geratu zen. Stephenek, isiltasuna betetzeagatik, esan zuen:

        — Ziur naiz ez nukeela sua pizten asmatuko.

        — Zu artista zara, ezta, Dedalus jauna? —esan zuen dekanoak, gora begiratu eta begi zurbilak zabaldu eta itxiz— Artistaren helburua edertasuna sortzea da. Edertasuna zer den, hori da beste gauza bat.

        Eskuak igurtzi zituen astiro eta lehorki zailtasunaren aurrean.

        — Argi zenezake auzi hori? —galdetu zuen.

        — Aquinok dio —erantzun zuen Stephenek— pulcra sunt quae visa placent.

        — Aurrean dugun su hau —esan zuen dekanoak— atsegina izango da begietarako. Ederra izango al da, beraz?

        — Atzematen duena ikusmena den heinean, ikusmenak hemen, nik uste, endelegatze estetikoa esan nahi baitu, ederra izango da. Baina Aquinok hau ere esaten du: Bonum est in quod tendit appetitus. Animaliaren berotzeko premia asetzen duen heinean, sua on bat da. Infernuan, ordea, gaizki bat.

        — Hain zuzen ere —esan zuen dekanoak—. Bete-betean asmatu duzu.

        Zaluki altxatu eta aterantz joan zen eta zabaltzen zuelarik esan zuen:

        — Haize-lasterra lagungarri gertatzen omen da kasu hauetan.

        Atzera sutondora zetorrelarik, arinki herren eginez baina pauso bizkorrez, Stephenek jesuita baten arimak begiratzen ziola ikusi zuen begi zurbil maitasungabe haien artetik. Herrena zen, San Inazio bezala, baina honen begiek ez zuten Inazioren entusiasmoaren distirarik. Konpainiaren artezia legendarioak ere, jakituria sotil eta sekretuaren liburu fabulazko haiek baino artezia sotilago eta sekretuagoak ere, ez zion sutu ariman apostolutzaren indarra. Munduko artezia, jakintza eta amarrukeriak, beharrak aginduta, Jainkoaren loria handiagorako, erabiltzen zituela ematen zuen, erabiltzearen poztasunik gabe eta zituzten alderdi txarrei gorrotorik gabe, baizik eta obedientziazko keinu zindo batez atzera euren izatasunera bihurtzen zituelarik, eta, zerbitzu isil guzti hauek eginagatik, ez zirudien inolako maitasunik zionik nagusiari eta gutxi, ezer izatekotan, zerbitzatzen zituen xedeei. Similiter atque senis baculus zen, fundatzaileak harengandik nahi izango zukeen bezala, agurearen eskuetako makulu, gaua erortzean edo ekaiztean bidean lagungarri izateko, dama baten lore-sortaren ondoan jardineko banku batean egoteko edo mehatxu gisara astintzeko.

        Itzuli zen dekanoa sutondora eta kokotsari kolpetxoak ematen hasi zen.

        — Noiz izango dugu zerbait zurea estetika kontuan?

        — Nirea? —esan zuen Stephenek harrituta— Hamabost egunez behin topatzen dut ideiaren bat zorte pixka batekin.

        — Gauza sakonak dira horiek, Dedalus jauna —esan zuen dekanoak—. Mohergo labarretatik behera begiratzea bezala da hori. Asko eta asko jaisten dira sakonera eta ez dira gehiago igotzen. Murgiltzaile zaildua bakarrik sar daiteke sakonera horietara, aztertu eta berriro ur-azalera irteteko.

        — Espekulazioagatik badiozu, jauna —esan zuen Stephenek—, ni ere ziur nago ez dela pentsamendu librerik, pentsamendu oro bere legeetan oinarritzen den neurrian.

        — A!

        — Niri dagokidanez, orain Aristoteles eta Aquinoren ideia bat edo besteren argitan jarraituko dut lanean.

        — Ulertzen dut. Oso ondo ulertzen dut zure asmoa.

        — Neure erabilpenerako eta gida bezala behar ditut, haien argitan nire kasa zerbait egiten dudan arte. Argiontziak kea edo kiratsa badario, mukua kenduko diot. Behar hainbat argi egiten ez badu, saldu eta beste bat erosiko dut.

        — Epiktetok ere bazuen argiontzi bat —esan zuen dekanoak—, hil ondorenean prezio harrigarrian saldua izan zena. Jardun filosofikoak idazterakoan argi egin zion argiontzia zen. Badakizu nor den Epikteto?

        — Aspaldiko jaun bat —esan zuen Stephenek zakarki—, arima baldekada bat uren antz-antzekoa dela esan zuena.

        — Epiktetok esaten digu, bere era lauan, —jarraitu zuen dekanoak— burdinazko argiontzi bat jarri zuela jainkoetako baten estatuaren aurrean eta lapur batek lapurtu zuela argiontzia. Zer egin zuen filosofoak? Pentsatu zuen lapurraren izaerari zegokiola lapurtzea eta hurrengo egunean burdinazko argiontziaren ordez lurrezko argiontzi bat erostea erabaki zuen.

        Gantz urtu usaina zetorren dekanoaren kandela muturretatik eta Stephenen gogoan fusionatzen zen hitzen dilindarekin: balde eta argiontzi, argiontzi eta balde. Apaizaren ahotsak ere oso tonu dilindaria zuen. Senaz gelditu zen Stephenen adimena, tonu estrainioak, imajineriak eta apaizaren aurpegi lanpara itzalia edo erreflektore desfokutua zirudienak, gerarazita. Zer gordetzen zuen aurpegi hark? Arimako sorgortasun ilun bat ala endelegamenez kargaturiko eta Jainkoaren goibeltasunerako gai den hodei-lainoaren belztasuna?

        — Beste era bateko argiontzia esan nahi nuen, jauna —esan zuen Stephenek.

        — Dudarik gabe —esan zuen dekanoak.

        — Eztabaida estetikoaren zailtasunetako bat —esan zuen Stephenek— hitzak tradizio literarioaren arabera ala kaleko tradizioaren arabera erabiltzen diren jakitea da. Gogoan dut Newmanen esaldi bat, esaten duena Andre Maria santu guztien lagunkidetzan entretenitua dagoela. Hitz horren erabilera oso bestelakoa da egunoroko bizitzan. Ez zaitut, ba, entretenituko?

        — Ezta gutxiagorik ere —esan zuen dekanoak eratsu.

        — Ez, ez —esan zuen Stephenek irribarrez—, Esan nahi nuen...

        — Bai, bai; badakit —esan zuen dekanoak berehalaxe—, oso ondo ulertu dizut: entretenitu.

        Behe-baraila aurrera luzatu eta eztul lehor labur bat egin zuen.

        — Argiontzira itzuliz —esan zuen—, argiontzia betetzea ere arazo polita da. Olio garbia aukeratu behar da eta kontuz isuri behar da gainezka egin ez dezan, inbutuak kabitzen duena baino gehiago ez isurtzeko.

        — Zer inbutu? —galdetu zuen Stephenek.

        — Argiontzira olioa isurtzeko muturrean jartzen den inbutua.

        — Hori? —esan zuen Stephenek—. Inbutua esaten al zaio? Ez al da onila?

        — Zer da onila?

        — Hori. Zera... inbutua.

        — Onila esaten al zaio Irlandan? —galdetu zuen dekanoak—. Ez dut hitz hori inoiz entzun.

        — Onila esaten diote Drumcondra Beherean —esan zuen Stephenek barrez—, ingelera garbiena hitz egiten duten lekuan.

        — Onila —esan zuen dekanoak pentsakor—. Oso hitz interesgarria. Begiratu behar dut hitz hori. Begiratu behar dut, bai.

        Haren manera eratsuek faltsu samarrak ziruditen eta Stephenek parabolako anaia zaharrenak etxekalteari begiratu izango zion begiekin begiratzen zion ingeles konbertsoari. Konbertsio zantzotsuen beilako jarraitzaile apala, ingeles gizajo bat Irlandan; bazirudien intriga, sufrimendu, inbidia, borroka eta zitalkeriazko komedia estrainio hura amaitzear zegoenean sartu zela jesuita-historiaren eszenan: azken orduan iritsitako bat, izpiritu berantiar bat. Zertatik abiatu ote zen? Agian jaio eta haziko zen bereiztiar zorrotzen artean, salbamena Jesusengan bakarrik ikusi eta eliza ofizialaren ponpezia gaitzesten zutenen artean. Sektakeriaren eta jerga zismatikoaren nahaspilaren aurrean —sei printzipioen gizonak, independenteak, hazi eta sugearen baptistak, dogmatiko supralapsarioak— fede inplizito baten beharra sentitu ote zuen? Bat-batean aurkitu ote zuen egiazko eliza, harilari tira eginez bezala esku-ezarpenaren insuflazioari buruzko edota Espiritu Santuaren prozesioari buruzko arrazoiketa-hari sotilen bat jarraituz? Edo Kristo Jaunak ukitu zuen eta agindu zion jarrai ziezaiola, zergak biltzen zituen jarraitzaile hari, teilatu zinkatuzko kaperaren baten atean eserita aho-zabalka eliza-diruak zenbatzen ari zenari bezala?

        Dekanoak berriro ere errepikatu egin zuen hitza.

        — Onila! Bai, gizona, oso interesgarria!

        — Lehentxeago egin didazun galderari interesgarriagoa deritzot. Artista lur-sokorren bidez adierazten saiatzen den edertasun hori zer den, alegia —esan zuen Stephenek lehor.

        Ematen zuen hiztxo hura bihurtu zela bere sentikortasunaren ezten arerio eratsu eta erne honen aurka. Adoregabetze puntu bat eragin zion solaskide zuen gizona Ben Jonsonen herrikide zela konturatzeak. Zera pentsatu zuen:

        — Darabilkigun hizkuntza honena da, nirea baino lehenago. Zeinen ezberdinak diren etxea, Kristo, garagardoa, maisua horrek esanda eta nik esanda! Nik ezin ditut hitz horiek esan edo idatzi barne-desosegu bat sentitu gabe. Horren hizkuntza, hain ezaguna eta hain arrotza, hizkuntza eskuratu bat izango da beti niretzat. Hitz horiek ez ditut nik asmatu edo onartu. Nire ahotsak atzean eusten die. Nire arima ezeroso dago horren hizkuntzaren itzalean.

        — Eta ederra eta sublimearen artean bereiztea —erantsi zuen dekanoak—, edertasun moralaren eta edertasun materialaren artean bereiztea. Eta zer edertasun mota dagokion arte ezberdin bakoitzari ikertzea. Horra hor eztabaida genitzakeen zenbait ideia interesgarri.

        Stephen, dekanoaren tonu zindo lehorrak bat-batean bihozgabetu zuelarik, isilik geratu zen; eta isiltasunean zehar bota askoren eta berbaro nahasiaren zarata urruna igo zen eskaileretatik.

        — Espekulazio hauen jarraiketan —esan zuen dekanoak bukatzeko bezala— bada, ordea, ahiduran galtzeko arriskua. Lehenik graduatu egin behar duzu. Har ezazu hori lehen helburutzat. Gero, poliki-poliki, aurkituko duzu zure bidea. Zentzu guztietan esan nahi dut, zure bizitzan eta zure ideietan. Hasieran baliteke maldan gora egin behar izatea. Hor duzu Moonan jauna. Denbora luzea behar izan du goraino iristeko. Baina iritsi da.

        — Baliteke nik haren talentua ez izatea —esan zuen Stephenek astiro.

        — Ez dago jakiterik —esan zuen dekanoak biziki—. Ezin dugu inoiz esan barruan zer dugun. Ni ez nintzateke inola ere desanimatuko. Per aspera ad astra.

        Sutondoa berehalakoan utzi eta eskailburura irten zen arteetako lehenengo klasearen etorrera zaintzera.

        Tximiniaren kontra jarrita entzun zuen Stephenek nola egiten zien klaseko ikasle guztiei agur bizkor eta alderdikeriarik gabea eta susmatzen zituen ikasle lotsagabeenen irribarre irekiak. Erruki hondagarri bat hasi zen erortzen ihintza bezala bere bihotz mingosberaren gainera Loiola zalduntsuaren morroi zintzo honenganako, apaizteriaren anaiorde, haiek baino salkorragoa hizketan, haiek baino leialtasun sendoagokoa arimaz, aita izpirituala inoiz deituko ez zion honenganako; eta pentsatu zuen gizon honek eta beronen lagunkideek mundutar fama irabazi zutela, ez izpiritualen artean bakarrik, baita mundutarren artean ere, historian zehar laxoen, epelen eta zuhurren arimak defendatu izanagatik Jainkoaren justiziaren tribunalaren aurrean.

        Irakaslearen sartuera bota sendoen tarrapatada sail batek adierazi zuen, anfiteatro iluntsuaren atzeko ilaran amaraun grisez estalitako leihopeetan esertzen ziren ikasleek jaurtikita. Lista pasatzeari ekin zitzaion eta izenen ondotik tonu guztietan emandako erantzunak etorri ziren, Peter Byrne izena iritsi zen arte.

        — Hemen!

        Nota sakon baxu batek erantzun zuen gueneko ilaratik eta eztul eta protestak jarraitu zitzaizkion beste bankuetatik.

        Irakasleak irakurketan etenaldi bat egin eta hurrengo izena esan zuen:

        — Cranly!

        Ez zen erantzunik izan.

        — Cranly jauna!

        Irribarre batek zeharkatu zion aurpegia Stepheni bere lagunaren ikasketetan pentsatzean.

        — Galdetu Leopardstownen! esan zuen ahots batek atzeko bankutik.

        Stephenek atzera begiratu zuen segituan, baina Moynihanen mutur antzeko aurpegia, argi grisetan nabarmendua, ikaragaitz zegoen. Irakasleak formula bat azaldu zuen. Koadernoen karraska hotsaren artean Stephen atzealdera jira zen berriro eta esan zuen:

        — Emadak paper puska bat, Jainkoaren izenean!

        — Horrela al hago? —galdetu zuen Moynihanek irri-zuri zabal batekin.

        Orri bat erauzi zuen koadernotik eta behera pasatu zuen honela xuxurlatuz:

        — Premiazko kasuan laiko batek edo emakume batek egin zezakek.

        Paper orrian menekotasunez idatzi zuen formulak, irakaslearen kalkuluen kiribiltze eta deskiribiltzeak, indarraren eta abiaduraren sinbolo espektro gisakoek, liruratu eta abaildu egiten zuten Stephenen gogoa. Irakasle zaharra frankmazondar ateoa zela entzun zuen behin. Bai egun gris goibela! Bazirudien ezaguera bare, sorrezko linboa, harat-honat matematikarien arimak lebiltzanak inoiz baino ilunabar zurbilagoaren plano batetik bestera egitura lirain luzeak hedatzen, inoiz baino unibertso zabalago, urrunago eta ukiezinagoaren mugetara zurrunbilo lasterrak distiratzen.

        — Beraz, eliptikoa eta elipsoidalaren artean bereizi behar dugu. Beharbada, zuetakoren batek ezagutuko ditu Mr. W.S. Gilberten obrak. Abestietako batean billar-jokalari iruzurti, jokatzera kondenatu bat aipatzen du:

 

                Tapete koskaduna

                Okerra takoa

                Eta bilar-bola eliptikoak.

 

        — Lehentxeago aipatu dizuedan ardatz nagusiekiko elipsoidearen forma duen bola esan nahi du.

        Moynihanek beherantz makurtu eta Stephenen belarrira murmurikatu zuen:

        — A zer nolako bola elipsoidalak! Zatozte, damatxoak, zalduneriakoa naiz!

        Ikaskidearen umore zakarrak haize purrustada batek bezala zeharkatu zuen Stephenen baitako klaustroa, paretetan zintzilikatu apaiz-jantzi makalak astindu eta bizi-alaituz, desordenazko akelarrean balantza eta zilipurdi eragiten ziela. Haizeak puztu jantzietatik komunitateko giza itxurak irteten ziren: estudioetako dekanoa, diruzain galant musugorria bere ile-jantzi grisarekin, lehendakaria, deboziozko olerkiak idazten zituen apaiz txiki lumatxaren antzeko ilea zuena, ekonomiako irakaslearen baserritar soinkera okertua, zientzia mentaleko irakasle gaztearen figura garaia eskailburuan kontzientzi kasu bat bere klasearekin eztabaidatzen, antilope samalda baten erdian goiko hostaia mozten ari den jirafa bezala, kongregazioko prefektu serio, kezkatua, italierako irakasle potzolo buru-borobila bere pikaro-begiekin. Trostan eta estropezuka zetozen, ganburuka eta zilipurdika, igelaren jauzia egiteko abituak jasoz, bata besteari atzetik helduta, algara sakon faltsuak astintzen zituela, elkarri bizkarrean zartadak emanez eta euren malezia zakarrari barrez, elkarri lagunarteko izengoitiak emanez, eta hizkera zatarren baten aurrean bat-bateko duintasunez eskua aho parera eraman eta binakako txutxu-mutxuan protestatuz.

        Irakaslea alboko paretan zegoen kristalezko bitrinara joan zen eta apal batetik bobina bat atera zuen; handik eta hemendik putz eginez kendu zion hautsa, kontu handiz eraman zuen mahaira eta behatz bat gainean jarririk hizketaldiari jarraitu zion. Adierazi zuen oraingo bobinetako alanbre-hariak berriki F.W. Martinok aurkituriko platinoide deritzon osagai batez eginak zirela.

        Garbi ahoskatu zituen aurkitzailearen inizialak eta deitura. Moynihanek atzealdetik xuxurlatu zuen:

        — Efe Uve Bikoitza Martin, eta zakurraren gorotza, berdin.

        — Galdetuiok —erantzun zion ahopean Stephenek asperduraz— ea elektrokutatzeko inor behar duen. Har nazala neu.

        Moynihan, irakaslea bobinetara makurtuta zegoela ikusirik, zutitu zen eta eskuineko eskuko behatzei kriskitin ozen bat eraginez, mutil koxkor mainontzi baten ahotsa jarri eta deika hasi zen: Maisu jauna! Mutil honek hitz itsusi bat esan du, jauna!

        — Platinoidea —esan zuen irakasleak solemneki— egokiagoa da metal zuria baino, erresistentzia koefiziente baxuagoa duelako tenperatura aldaketetan. Platinoidezko haria isolatuta dago eta isolatzen duen setazko estalkia ebonitazko hariletan biribiltzen da, behatza jarrita daukadan gune honetan. Biribildura bakuna balitz, gain-korronte bat induzituko litzateke bobinan. Bobinak parafina berotan sartu eta asetzen dira...

        Ulstergo ahots zoli batek honela esan zuen Stephenen aurreko bankutik:

        — Zientzia aplikatuei buruz ere egingo al zaizkigu galderak?

        Irakaslea, serio, zientzia hutsa eta zientzia aplikatua adierekin malabarismoak egiten hasi zen. Ikasle sendokote, urre-koloreko betaurrekodun batek, harridura pixka batekin begiratu zion galdetzaileari. Moynihanek atzetik bere tonuan murmurikatu zuen:

        — MacAlister demonio horrek, libra haragiaren zain zegoena zirudik!

        Stephenek hoztasunez begiratu zion aurreko burezur luzaka, kalamu-lizta koloreko ile sapaz estaliari. Galdetzailearen ahotsak, azentuak eta adimenak higuindu egin zuten eta higuina berariazko antipatia bihur zedin zilegiztatu zuen, bere buruari pentsatzen utziz ikaslearen aitak hobe zukeela semea Belfastera bidali izan balu ikastera, hala, behintzat, tren-bidaiaren dirutik zerbait aurreratuko zukeela.

        Beheko burezur luzaka ez zen jiratu pentsamenduaren gezi harekin topo egiteko, baizik eta gezia atzera bere uztaira itzuli zen, zeren une batez ikusi ahal izan zuen Stephenek ikaslearen gazur-koloreko aurpegi zurbila.

        — Pentsamendu hori ez duk nirea —esan zion segituan bere buruari—. Atzeko bankuko irlandar adar-jole horrengandik etorri duk. Pazientzia. Esan al dezakek ziurtasunez zein izan huen hire arrazaren arimarekin komertziatu ziana eta beronen aukeratuak traizionatu zituena, galdetzailea ala adar-jolea? Pazientzia. Gogoratu Epikteto. Balitekek horren izaerak ere berezkoa izatea galdera hori egitea, une horretan eta tonu horretan egitea eta «science» hitza monosilabo bezala ahoskatzea.

        Irakaslearen ahotsaren burrunbadak poliki-poliki biltzen eta biltzen jarraitzen zuen aipatzen zituen bobinen inguruan, bobinak ohm erresistentzia biderkatzen zuen ahala, energia loguratsua bikoizten, hirukoizten, laukoizten zuelarik.

        Moynihanen ahotsak egin zion atzetik kanpai urrunari oihartzun:

        — Ixteko ordua, jaunak!

        Sarrerako ezkaratza ikaslez eta berbaro ozenez gainezka zegoen. Ate ondoko mahai batean bi argazki zeuden markoetan sartuta eta haien erdian paper erroilu luze bat sinadura-isats ezberdin batekin. MacCann zebilen atzera eta aurrera lasterka ikasleen artean, presaka hizketan, elkor erantzunez eta bata bestearen atzetik ikasleak mahaira zuzentzen. Barne-ezkaratzean estudioetako dekanoa zegoen irakasle batekin hizketan, kokotsa serioski kolpatuz eta buruari eraginez.

        Stephen, ateko jendetzak oztopaturik, gelditu egin zen erabakigarritasunik gabe. Kapela bigun baten hegal zabal eroriaren azpitik Cranlyren begi beltzak zegozkion begira.

        — Sinatu duk? —galdetu zuen Stephenek.

        Cranlyk bere ezpain luze finekiko ahoa itxi, une batean baitaraturik egon eta erantzun zuen:

        — Ego habeo.

        — Zertarako duk?

        — Quod?

        — Zertarako duk?

        Cranlyk bere aurpegi zurbila Stephenengana jira zuen eta gatzgabe eta garrazki esan zuen:

        — Per pax universalis.

        Stephenek Tsarraren argazkia seinalatuz esan zuen:

        — Kristo tenteldu baten aurpegia zeukak.

        Ahotsean zuen destainak eta haserreak berriro Cranlyren begiak erakarri zituen, ezkaratzeko hormak aztertzeari utzita.

        — Haserre al hago? —galdetu zion.

        — Ez —erantzun zuen Stephenek.

        — Umore txarrean al hago?

        — Ez.

        — Credo ut vos sanguinarius mendax estis —esan zuen Cranlyk—, quia facies vostra monstrat ut vos in damno malo homore estis.

        Moynihanek, mahaira bidean zihoala, Stepheni belarrira esan zion:

        — MacCann sasoian zegok. Azken tantaraino isurtzeko prest. Mundu berri zoragarria. Estimulanterik ez eta putentzat botoak.

        Irribarre egin zion Stephenek konfidentzia hau egiteko moduari eta Moynihan urrundu zenean, Cranlyren begiak aurkitzeko itzuli zen berriro.

        — Zergatik husten ote dik barrua nire belarrira? —esan zuen—. Hik ba al dakik?

        Bekozko iluna agertu zuen Cranlyk. Moynihan izena erroiluan idaztera makurtuta zegoen mahaiari begiratu zion eta gero, borobilki esan zuen:

        — Kakatsu bat duk!

        — Quis est in malo humore —esan zuen Stephenek—, ego aut vos?

        Cranlyk ez zuen eztenkada jaso. Emandako epaiaren hausnarketa mingotsean ari zen eta lehengo indar borobilez esan zuen:

        — Kakatsu madarikatu alena, besterik ez duk!

        Hori zuen epitafioa adiskidetasun zendu guztientzat eta Stephen pentsatzen geratu zen inoiz bere oroitzapenetan ere hizkera bera erabiliko ote zuen. Esaldi txepel astuna entzumenetik galtzen joan zen poliki-poliki harria istingan bezala. Stephenek hondoratzen ikusi zuen, beste asko ikusiak zituen bezala, haren pisuak bihotza estutzen ziolarik. Cranlyren hizkerak, Davinenak ez bezala, ez zuen elizabetar garaiko ingeleraren esaldi ezohikorik ez eta irlanderaren esamolde zahar bitxirik. Hitzak narrasteko era hura Dublingo kaietako oihartzun bat zen, itsas portu triste, gainbehera etorri batek bidalia; eta haren indarra Dublinen bokantza sakratuaren oihartzuna, Wicklowko pulpitu batetik bidalia.

        Bekozko iluna desagertu egin zen Cranlyren aurpegitik ezkaratzaren bestaldetik MacCann hurbildu zitzaienean.

        — Hemen haiz! —esan zuen MacCannek alegeraki.

        — Hemen nauk! —esan zuen Stephenek.

        — Berandu, beti bezala. Ezin elkartu al dituk joera aurrerakoia eta puntualtasunarekiko errespetua?

        — Galdera hori ez zegok eguneko gaien zerrendan. Hurrengo puntua.

        Bere begi irribarretsuak propagandistaren poltsikotik ageri zen esne-txokolate tabletaren zilarrezko paperean zeuden finkatuta. Entzule mordoxka bat gerturatu zen ingurubiran ateraldi jeinutsuen gerra entzutera. Ikasle argal, oliba koloreko azal eta ile beltz maskaleko bat aurpegia bien artean sartuta zegoen, esaldi bakoitzeko batean bati eta bestean besteari begira, esaldi hegalari haietako bakoitza bere aho zabaldu, bustian harrapatu nahi balu bezala. Cranlyk eskuko pilota gris txiki bat atera zuen poltsikotik eta gertutik aztertzen hasi zen, bueltak eta bueltak ematen zizkiolarik.

        — Hurrengo puntua? —esan zuen MacCannek—. He!

        Barre-eztul ozen bat jaurtiki, irribarre zabal bat egin eta bi aldiz tira egin zion kokots kamutsetik zintzilik zuen lasto koloreko bizarrari.

        — Hurrengo puntua manifestua sinatzea duk.

        — Ordaindu egingo al didak sinatzeagatik? galdetu zuen Stephenek.

        — Uste nian idealista bat hintzela —esan zuen MacCannek.

        Ijito itxurako ikasleak ingurura begiratu zuen eta ikusleei zuzendu zitzaien beearen gisako ahots bereiztezin bat eginez:

        — Arraioa! A zer xelebrekeria! Niri hori ideia ziztrina iruditzen zait.

        Isiltasunak jan zion ahotsa. Inork ez zion jaramonik egin. Oliba koloreko aurpegi zaldi-adierazpenezkoa, Stephenengana itzuli zuen berriro, hitz egitera gonbidatzen zuela.

        MacCann erraztasunez eta indartsu hasi zen hizketan Tsarraren erreskriptuaz, Steadez, desarme orokorraz, nazioarteko gatazkaldietarako arbitraiaz, garaien zeinuez, gizarte berriaz eta bizi-ebanjelio berriaz, gizartearen egitekoa ahalik eta kostu gutxienarekin ahalik eta jende gehienaren ahalik eta zoriontasun handiena ziurtatzea zatekeela zioenaz.

        Ijito itxurako ikasleak oihu batez agurtu zuen pasartearen amaiera:

        — Hiru biba anaitasun unibertsalari!

        — Animo, Temple —esan zion ondoko ikasle txaparrote musugorri batek—, pinta bat ordainduko diat gero.

        — Ni anaitasun unibertsalean sinetsita nago —esan zuen Templek, bere begi beltz obalekin ingurura begiratuz—. Marx ez da txoraize bat besterik.

        Cranlyk besoa estutu zion gogor mingaina geldi zezan, eta irribarre urduriz esan zuen:

        — Poliki, poliki, poliki!

        Temple besoa libratzen lehiatzen zen, baina jarraitu egin zuen, ahoa bits mehe batek zipriztindurik:

        — Sozialismoa irlandar batek fundatu zuen eta Collins izan zen Europan lehen aldiz pentsamendu askatasuna predikatu zuena. Orain berrehun urte. Klerikalismoa salatu zuen, Middlesexeko filosofoak. Hiru biba John Anthony Collinsi!

        Ahots fin batek erantzun zuen zirkuluaren ertzetik:

        — Piiip! Piiip!

        Moynihanek Stephenen belarrira murmurikatu zuen:

        — Eta John Anthonyren arrebatxo gaixoa, zer?:

 

                Lottie Collinsek galdu ditu azpiko galtza bereak.

                Zergatik ez dizkiozu, arren, uzten zureak?

 

        Stephenek barre egin zuen eta Moynihanek, emaitzarekin pozturik, berriro murmurikatu zuen:

        — Bota ditzagun bosna txelin John Collinsen alde.

        — Hire erantzunaren zain nagok —esan zuen MacCannek laburki.

        — Gai hori ez zaidak batere interesatzen —esan zuen Stephenek nekaduraz—. Ondotxo dakik. Ez zekiat zertara datorren hainbeste komeri.

        — Bueno! —esan zuen MacCannek ezpainei klaskatako bat eraginez— Erreakzionario bat haiz, orduan?

        — Zer uste duk, ikaratu egiten naizela —erantzun zuen Stephenek— hire zurezko ezpata astintzen duanean?

        — Metaforak! —esan zuen MacCannek deblauki—. Muga hadi egiteetara.

        Stephen gorritu egin zen eta alde batera jira zen. MacCannek ez zuen etsi eta sarkasmoz esan zuen:

        — Jakina, bigarren mailako poetak bake unibertsala bezalako gauza hutsalen gainetik zeudek.

        Cranlyk burua jaso zuen eta pilota bi ikasleen artean jarri zuen bake-eskaintza gisara, esanez:

        — Pax super totum sanguinarium globum.

        Stephenek, ikus-mirazaleen artetik aldenduz, sorbalda astindu zuen haserre Tsarraren irudiaren aldera, esanez:

        — Hiretzat ikonoa. Jesus bat eduki behar badiagu, izan dadila Jesus legezko bat.

        — Arraioa! Oso ona! —esan zien ikasle ijitoak inguruan zituenei—. Esaldi dotorea zen hori. Izugarri gustatu zait esaldi hori.

        Listua irentsi zuen esaldia irensten balu bezala eta biseraren punta haztatuz, Stephenengana itzuli zen esanez:

        — Barkatu, zer adierazi nahi huen esan diguan esaldi horrekin?

        Ondoko ikasleen bultzadak sentituz, honela esan zien:

        — Esaldi horrekin zer adierazi nahi zuen jakin nahi dut.

        Berriz ere Stephenengana itzuli eta honela xuxurlatu zuen:

        — Jesusengan sinesten duk? Nik gizonarengan sinesten diat. Jakina, nik ez zekiat hik gizonarengan sinesten duan. Miresten haut. Erlijio guztietatik independentea den gizonaren pentsaera miresten diat. Jesusek pentsaera hori ziala al deritzok?

        — Animo, Temple —esan zuen ikasle txaparrote musugorriak, ohitura zuen bezala lehengora itzuliz—, pinta hori zain daukak.

        — Uste dik inozoa naizela —adierazi zion Stepheni—, adimenaren indarrean sinesten dudalako.

        Cranlyk alde banatatik besotik heldu zien Stepheni eta honen miresleari eta esan zuen:

        — Nos ad manum ballum jacobimus.

        Stephenek, handik bazeramatelarik, MacCannen aurpegi kamuts gorritua begiztatu zuen.

        — Nire sinadurak ez dik garrantzirik —esan zuen eratsu—. Ondo egiten duk hire bidea jarraitzen. Utz iezadak niri nirea jarraitzen.

        — Dedalus —esan zuen MacCannek biziki— mutil jatorra haizela uste diat, baina oraindik ikasi beharrean hago altruismoaren duintasuna eta gizabanakoaren erantzukizuna zer diren.

        Ahots batek esan zuen:

        — Bitxikeria intelektuala mugimendu honetatik kanpo hobe, barruan baino.

        Stephenek, MacAlisterren tonu mikatza ezagutu zuelarik, ez zen jira ahotsa zetorren aldera. Cranly solemneki oldartu zen ikasle pilaren artetik Stephen eta Temple besotik zituela, meza-emailea meza-lagunen artean aldarerantz bezala.

        Templek Cranlyren bularraldetik zehar okertu eta esan zuen:

        — Entzun al duk MacAlisterrek zer esan duen? Tipo hori jeloskor zegok hirekin. Ez al haiz konturatu? Egingo niake Cranly ez dela konturatu. Ni berehalaxe konturatu nauk.

        Barne-ezkaratza zeharkatu zutenean, estudioetako dekanoa ihes egin nahian zebilkion solaskide izan zuen ikasle bati. Eskailbarrenean zegoen, oin bat lehen mailan jarrita eta sotana saretua emakumezkoen erara igoerarako inguruan bilduta, burua astindu eta behin eta berriz esanez:

        — Dudarik gabe, Hackkett jauna! Oso ederki! Dudarik gabe!

        Ezkaratzaren erdian ikastetxeko kongregazioko prefektua zegoen serio barne-ikasle batekin tonu samur kexatian hizketan. Hitz egitean, bekoki bekatsua zimurtzen zuen pixka bat eta esaldien erdian hezurrezko lapitz txiki bati hozka egiten zion.

        — Matrikulazioko guztiak etorriko direla espero dut. Arteetako lehenengokoak ia seguru daude. Arteetako bigarrengoak ere bai. Etorri berriak ziurtatu behar ditugu.

        Atea igarotzean, Temple berriro Cranlyren aurretik okertu zen eta xuxurla bizkor batean esan zuen:

        — Badakik gizon ezkondua dela? Gizon ezkondua huen konbertitu zuten arte. Emaztea eta seme-alabak hor izango dizkik nonbait. Arraioa! Uste diat inoiz entzun dudan gauzarik xelebreena dela, ez?

        Kakara-barre maltzur batek jarraitu zion xuxurlari. Atetik irten zirenean, Cranlyk zakarki lepotik heldu eta astindu zuen esanez:

        — Txatxu buru-handi halakoa! Bibliaren gainean zin egiten diat ez dela hi baino mozolo handiagorik eguzkiaren azpian, ulertzen?

        Temple txotxongiloa bezala bihurrikatzen zen, artean atsegin maltzurrez barrez, astindu zakar bakoitzeko Cranlyk borobilki errepikatzen ziolarik:

        — Inozoa ez beste inozoa!

        Elkarrekin gurutzatu zuten jardin belar-txarrez betea. Lehendakaria, kapa astun laxa batean bildurik, haiengana zetorren bide-zidor batetik, otoitz-liburua irakurriz. Bide-zidorraren muturrean buelta hartu baino lehen gelditu eta begiak jaso zituen.Ikasleek agur egin zioten, Templek lehen bezala bisera punta haztatuz. Aurrera jarraitu zuten isilik. Pilotalekura gerturatzen zihoazen eran, jokalarien esku-zartadak, pilotaren bote hezea eta kolpe bakoitzaren ondotik Davinen ahotsa suharki oihuka entzun ahal izan zituen Stephenek.

        Hiru ikasleak Davin eserita zegoen jarlekuaren biran gelditu ziren partidua ikusteko. Handik une batzuetara Temple isil-gordeka joan zen Stephenengana eta esan zion:

        — Barkatu, galdetu nahi nian ea jean Jacques Rousseau gizon egiatia zela uste duan.

        Stephenek barre egin zuen gogara. Cranlyk, oinetan zuen kupel-ohol puska bat belar gainetik jaso eta bat-batean jiratuz honela esan zuen serio:

        — Temple, Jainko biziarengatik zin egiten diat beste hitz bat esaten badiok inori edozer gaitaz hil egingo haudala super Spottum, ulertzen?

        — Hi bezalakoa huen, nik uste —esan zuen Stephenek—, zirrarabera.

        — Madarikatua! —esan zuen Cranlyk bete-betean—. Ez egiok horri tutik esan. Berdin-berdin duk Templeri hitz egin edo, ez dakik?, pixontzi madarikatu bati hitz egin. Hoa etxera, Temple. Jainkoaren izenean, hoa etxera.

        — Hi ez hatzait batere axola, Cranly —erantzun zuen Templek, kupel-ohol altxatuaren helmenetik aldenduz eta Stephen seinalatuz—. Hori duk instituzio honetan pentsaera indibiduala duela ikusi dudan pertsona bakarra.

        — Zer instituzio eta zer indibidual! —oihu egin zuen CranlykHoa etxera, madarikatu hori, ez daukak erremediorik eta.

        — Zirrarabera nauk —esan zuen Templek—. Hori duk gauzak zehatz adieraztea. Eta oso harro nagok, gainera, zirrarabera izateaz.

        Sahieska irten zen pilotalekutik maltzurki irribarrez. Cranly adierazpen gabeko aurpegi sor batekin geratu zitzaion begira.

        — Begiraiok! Inoiz ikusi duk horrelako pareta-igurzlerik?

        Haren esaldiari barre estrainioz erantzun zion paretaren kontra, bisera begietaraino sartuta zegoen ikasle batek. Barreak, tonu altukoa eta gorpuzkera muskulutsu batetik irtenak, elefantearen orroa zirudien. Ikaslearen gorputza goitik beheraino astintzen zen eta pozari jaregiteko bi eskuak iztarteetan igurzten zituen atseginez.

        — Lynch esna zegok —esan zuen Cranlyk.

        Lynchek, erantzun gisara, zutitu eta bularraldea atera zuen.

        — Bizitzaren kritika modura ateratzen dik bularraldea Lynchek —esan zuen Stephenek.

        Lynchek bularraldea ozenki kolpatu eta esan zuen:

        — Nork du ezer esatekorik nire zingilaz?

        Cranlyk hitza hartu zion eta biak borrokan hasi ziren. Lehian aurpegiak gorri-gorri egin zitzaizkienean apartatu ziren, arnasestuka. Stephen Davinengana makurtu zen, zeinak, partiduari adi egonik, ez baitzion arretarik eskaini besteen solasari.

        — Eta zer moduz gure etxe-antzara? —galdetu zuen—. Sinatu al du honek ere?

        Davinek buruarekin baietz eginez galdetu zion: Eta hik, Stevie?

        Stephenek burua astindu zuen. Beldurgarria haiz, Stevie, —esan zuen Davinek, pipa motza ahotik kenduz— beti bakarrik.

        — Orain hik ere bake unibertsalaren eskaera sinatu dualarik, —esan zuen Stephenek— pentsatzen diat erre egingo duala hire gelan ikusi nian koaderno txiki hura.

        Davinek erantzun ez zuenean, Stephen aipuak egiten hasi zen:

        — Pauso luzea, fianna! Saihestu eskuinera, fianna! Fianna, bi denboratan, agurtu, bat, bi!

        — Hori beste kontu bat duk —esan zuen Davinek—. Ni irlandar nazionalista nauk, lehen-lehenik. Baina hi horrelakoxea haiz. Hi denari barre egiteko jaio haiz, Stevie.

        — Hurrena hurley-makilekin errebolta egiten duzuenean —esan zuen Stephenek— eta ezinbesteko konfidenteren bat behar baduzue, esan. Batzuen batzuk aurkituko nizkiake ikastetxe honetan.

        — Ez haut ulertzen —esan zuen Davinek—. Garai batean literatura ingelesaren aurka hitz egiten huen. Orain, berriz, irlandar konfidenteen aurka hitz egiten duk. Eta hire izena eta hire ideiak, zer?... irlandarra ote haiz gero?

        — Hator nirekin armen bulegora eta erakutsiko diat nire familiaren arbola —esan zuen Stephenek.

        — Izan hadi, orduan, gutarikoa —esan zuen Davinek—. Zergatik ez duk irlandera ikasten. Zergatik utzi hituen ligako klaseak lehenengo ikasgaian?

        — Hik ezagutzen duk zergati bat —erantzun zuen Stephenek.

        Davinek burua astindu eta barre egin zuen.

        — Tira! Tira! —esan zuen—. Zelako dama gazte hura eta Aita Moranengatik? Hori hire irudipena besterik ez duk, Stevie. Hizketan eta barrez bestetan ez hituen ari.

        Stephenek isilaldi bat egin eta eskua Davinen sorbaldan jarri zuen adiskidetsu.

        — Gogoratzen al haiz —esan zuen— ezagutu ginen egunaz? Elkar aurkitu genuen lehen goizean matrikulazio klaserako bidea erakusteko eskatu hidan, lehen silaba indar handiz ahoskatuz. Gogoratzen? Gero, jesuitei aita esanez zuzentzen hintzaien, gogoratzen haiz? Nere buruari galdetzen zioat: Duen hizkera bezain inozentea ote duk?

        — Ni pertsona sinplea nauk —esan zuen Davinek—. Hori badakik. Gau hartan Harcourt Streeten hire bizitza pribatuko gauza haiek kontatu hizkidanean, benetan, Stevie, ez ninduan afaltzeko gauza izan. Oso gaizki geratu ninduan. Gau hartan denbora luzean egon ninduan esna. Zergatik esan hizkidan gauza haiek?

        — Eskerrik asko —esan zuen Stephenek—. Munstro bat naizela esan nahi duk.

        — Ez —esan zuen Davinek—, baina nahiago niake esan ez bahizkit.

        Itsasaldi bat hasi zen bultzaka Stephenen adiskidetasunaren azalera barearen azpian.

        — Arraza honek, lur honek eta bizitza honek sortu naitek —esan zuen—. Naizen bezalakoa agertu behar diat.

        — Saia hadi gutariko bat izaten —errepikatu zuen Davinek—. Bihotzez irlandarra haiz, baina hire harrotasuna indartsuegia duk.

        — Nire aurrekoek euren hizkuntza bota eta beste bat hartu ziaten —esan zuen Stephenek—. Esku bete atzerritarrek mendera zitzala zilegiztatu ziaten. Uste duk nire biziarekin eta neure buruarekin ordaindu behar ditudala haiek egindako zorrak? Zergatik?

        — Gure askatasunagatik —esan zuen Davinek.

        — Toneren garaietatik hasita Parnellenganaino —esan zuen Stephenek— ez duk gizon prestu eta egiazale bat ere izan, bere bizia, gaztetasuna eta sentipenak zuen esku jarri eta zuek etsaiari saldu, beharrean zegoenean huts egin, iraindu edo beste bategatik utzi ez duzuenik. Eta zuetako bat izan nadila eskatzen didak. Lehenago ikusiko zintuzkete infernuan.

        — Euren idealengatik hil hituen, Stevie —esan zuen Davinek—. Iritsiko duk gure eguna, oraindik, hago ziur.

        Stephen, bere gogoetari jarraituz, isilik geratu zen une batean.

        — Arima —esan zuen lausoki— esan nizkian une horietan jaiotzen duk. Jaiotza geldia eta iluna dik, gorputzaren jaiotza baino misteriotsuagoa. Gizon baten arima herri honetan jaiotzen denean, sareak botatzen zizkiotek hegan egin ez dezan. Nazionalismoa, hizkuntza eta erlijioa aipatu dizkidak. Ni sare horietatik hegaldatzen saiatuko nauk.

        Davinek pipako errautsak kolpeka astindu zituen.

        — Sakonegia niretzat, Stevie —esan zuen—. Baina norberaren herria duk lehenengo. Irlanda duk lehenengo, Stevie. Gero, nahi baduk poeta, nahi baduk mistikoa izango haiz.

        — Badakik Irlanda zer den? —galdetu zuen Stephenek bortiztasun hotzez—. Bere umealdiko txerrikumeak jaten dituen txerrama.

        Davin jarlekutik jaiki eta jokalariengana joan zen, buruari tristeki eraginez. Baina berehalaxe alde egin zion tristurak eta tira-bira sutsu batean hasi zen Cranly eta partidua bukatu zuten bi jokalariekin. Lauren arteko partidua eratu zuten, Cranlyk, nolanahi ere, bere pilotarekin jokatu behar zela insistitu zuelarik. Bi edo hiru aldiz eskura errebote eragin zion eta indar guztian eta ziztu bizian jaurtiki zuen frontoian barrena, zartadaren ondotik esanez:

        — Infernura!

        Stephen Lynchekin egon zen tantoak igotzen hasi ziren arte. Orduan, maukatik tira egin zion joateko. Lynchek obeditu egin zuen esanez:

        — Goazemak, Cranlyk dioen bezala.

        Stephenek irribarre egin zion zeharresanari.

        Jardina igaro eta ezkaratzetik irten ziren, dardarak jotako atezaina tabloian ohar bat itsasten ari zela. Harmailen oinetan gelditu ziren eta Stephenek poltsikotik zigarro-pakete bat atera eta lagunari eskaini zion.

        — Bazekiat behartsua haizela —esan zuen.

        — Hoa infernura hire lotsagabekeria letxearekin.

        Lynchen kulturaren bigarren froga honek irribarre eragin zion Stepheni.

        — Egun handia Europako kulturarentzat —esan zuen— maldizioetan letxe erabiltzea erabaki huen eguna.

        Piztu zituzten zigarroak eta eskuinera hartu zuten. Isilaldi baten ondoren Stephen hasi zen:

        — Aristotelesek ez dizkik definitu errukia eta terrorea. Nik bai. Niretzat...

        Lynch gelditu egin zen eta deblauki esan zuen:

        — Ixo! Ez diat entzun nahi! Ondoezik nagok. Bart zurruteo letxe bat egin nian Horan eta Gogginsekin.

        Stephenek jarraitu egin zuen:

        — Errukia duk sentimendu bat, sufrimendu humanoak larritik eta egonkorretik duen zernahiren aurrean gogoa gerarazi eta jasaile humanoarekin batzen duena. Terrorea duk sentimendu bat, sufrimendu humanoak larritik eta egonkorretik duen zernahiren aurrean gogoa gerarazi eta kausa ezkutuarekin batzen duena.

        — Esan berriro —esan zuen Lynchek.

        Stephenek astiro errepikatu zituen definizioak.

        — Neska batek, duela egun batzuk —jarraitu zuen—, zalgurdi bat hartu zian Londonen. Urte askotan ikusi gabe zian amarekin aurkitzera zihoan. Kale izkina batean kamioi baten gurtagak zalgurdiaren leihoa pitzatu eta asterisko bat eginda uzten dik. Kristal pitzatuaren printza luze fin bat bihotzean sartzen zaiok neskari. Bertan hilda geratzen duk. Erreportariak istripu tragikoa deitu zioan. Eta ez duk. Urruti zegok terrore eta errukitik, nire definizioei lotzen bagatzaizkiek.

        — Emozio tragikoa, hain zuzen ere, bi aldetara begiratzen duen aurpegia duk, terrorearen aldera eta errukiaren aldera, biak haren fase direlarik. Ikusi duk gerarazi hitza erabili dudala. Adierazi nahi diat emozio tragikoa estatikoa dela. Edo, hobeto esan, emozio dramatikoa dela halakoa. Arte desegokiek ernarazten dituzten sentimenduak zinetikoak dituk, desira eta higuina. Desirak zerbait edukitzera premiatzen gaituk, zerbaitetarantz joatera; higuinak uztera premiatzen gaituk, zerbaitetatik aldentzera. Berauek ernarazten dituzten arteak, pornografikoak nahiz didaktikoak, beraz, arte desegokiak dituk. Emozio estetikoa (hitz orokorra erabiltzen diat) estatikoa duk, beraz. Gogoa geldituta zegok eta desira eta higuinaren gainetik.

        — Esaten duk arteak ez duela desira ernarazi behar —esan zuen Lynchek—. Esan nian nola behin museoan nire izena idatzi nian Praxitelesen Venusen atzealdean. Hori ez al huen desira?

        — Izaera normalez ari nauk —esan zuen Stephenek—. Kontatu hidan ere, mutikotan, karmeliten eskola xarmangarri hartan hengoela, behi-simaur lehor pusketak jaten hituela.

        Lynch berriro barre-orroka hasi zen eta berriz ere bi eskuekin iztartea igurzten zuen, baina eskuak poltsikoetatik atera gabe.

        — Egia! Egia! —egin zuen oihu.

        Stephen lagunarengana itzuli zen eta une batez bekoz beko begiratu zion begietara. Lynchek, barrealditik bere onera itzuliz, begi apalduekin erantzun zion begiradari. Kapela punta-luzearen azpiko burezur luze, mehe, zapalak txanodun narrasti baten imajina ekarri zion Stepheni gogora. Begiak ere narrasti-begien antzekoak ziren bai distiran bai begirakunean. Une hartan, ordea, begirada apaldu eta erne harekin, bazuten humanotasun argi izpitxo bat, arima zimeldu, zorrotz eta mikaztuaren leihoek.

        — Horri dagokionean —esan zuen Stephenek parentesi eratsuan— animaliak gaituk denok. Ni ere animalia nauk.

        — Horixe haizela —esan zuen Lynchek.

        — Baina une honetan mundu mentalean gaudek —jarraitu zuen Stephenek—. Estetika desegokien bidez ernaturiko desira eta higuina ez dituk benetako emozio estetikoak, ez izatasun zinetikoa dutelako bakarrik, baizik eta fisikoak baino ez direlako ere bai. Gure haragiak atzera egiten dik beldurtzen duenetik eta desiratzen duenaren estimuluari nerbio-sistemaren egintza erreflexu hutsarekin erantzuten ziok. Gure betazala itxi egiten duk gu eulia begian sartzera doakigula konturatzerako.

        — Ez beti —esan zuen Lynchek kritikoki.

        — Era berean —esan zuen Stephenek— hire haragiak estatua biluziaren estimuluari erantzun zioan, baina ziur nagok nerbioen egintza erreflexua huela soil-soilik. Artistak adierazitako edertasunak ezin dik guregan emozio zinetikoa edo sentsazio fisiko hutsa sortu. Sortzen duena, edo sortu behar lukeena, edo induzitzen duena, edo induzitu behar lukeena, estasi estetiko bat duk, erruki edo terrore ideal bat, sortu, luzatu eta azkenean desegiten den estasi bat, nik edertasunaren erritmoa deitzen diodanaren bitartez.

        — Zer duk hori zehazki? —galdetu zuen Lynchek.

        — Erritmoa duk —esan zuen Stephenek— osotasun estetiko baten zatiak zatiarekin duen lehen harreman estetiko formala, edo osotasun estetikoak bere zatiarekin edo zatiekin duena, edo edozein zatik osotasun estetikoarekin, zeinaren zati baiten, duena.

        — Erritmoa hori baduk —esan zuen Lynchek—, esadak zeri esaten dioan edertasuna; eta, mesedez, gogoan izan, behin behi-simaur pastela jan banian ere, edertasuna bakarrik miresten dudala.

        Stephenek kapela jaso zuen agurtzeko bezala. Hurrena, pixka bat gorritzen zelarik, Lynchen artile lodizko maukan jarri zuen eskua.

        — Guk diagu arrazoia —esan zuen—, besteak oker zeudek. Gauza hauetaz hitz egitea eta beren izatasuna ulertzen saiatzea, eta ulertuta gero, astiro, apalki eta atergabe adierazten saiatzea, lur zakarretik edo lurrak ematen duenetik, doinutik, formatik, koloretik, arimaren presondegiko ateak direnetatik, ulertzera iritsi garen edertasunaren irudi bat berriro ateratzea: hori duk artea.

        Iritsi ziren ubideko zubira eta, zekarten bidea utzirik, zuhaitzen ondotik jarraitu zuten. Argi gris gordin, ur nagiaren gainean islatuak eta buruen gainetiko abar bustien usainak Stephenen pentsamenduen hariari gerra egiten ziotela ziruditen.

        — Baina ez diok erantzun nire galderari —esan zuen Lynchek—. Zer duk artea? Zer arteak adierazten duen edertasuna?

        — Hori izan buen eman nian lehen definizioa, txoriburu gizajoa —esan zuen Stephenek—, gai horretan nire kasa pentsatzen hasi nintzenean. Gogoratzen al haiz gau hartaz? Cranly bere onetatik irtenda Wicklowko urdaiazpikoaz hitz egiten hasi huena?

        — Gogoratzen nauk —esan zuen Lynchek—. Txerri gizen demonio zikin haienak kontatu zizkiguan.

        — Artea duk —esan zuen Stephenek— gizakiak gai sentigarri edo endelegagarria xede estetiko baterako apailatzea. Zerriak gogoan hituen, baina hau ahaztuta. Bikote negargarria zarete, Cranly eta biok.

        Lynchek imintzio bat egin zion zeru gris gordinari eta esan zuen:

        — Hire filosofia estetikoa entzun behar badiat, emadak gutxienez beste zigarro bat. Niri ez zaidak interesatzen. Ezta emakumeak ere, ez zaizkidak interesatzen. Niregatik libre haiz, bai hi eta bai beste guztia. Nik behar dudana, urtean bostehuneko lanpostu bat duk. Eta ez didak hik lortuko.

        Stephenek zigarro-paketea luzatu zion. Lynchek geratzen zen azkena hartu eta hauxe esan zuen soil-soilik:

        — Segi!

        — Aquinok esaten dik —esan zuen Stephenek— atzematea atsegin den hura dela ederra.

        Lynchek buruarekin baietz egin zuen

        — Hori gogoan diat —esan zuen— Pulcra sunt quae visa placent.

        — Visa hitza erabiltzen dik —esan zuen Stephenek—, mota guztietako atzemate estetikoak barnean hartzeko, ikusmenaren edo entzumenaren bidez eginak direla, edo beste edozeren bidez egindako atzemateak direla. Hitz hau, zehazgabea izan arren, desira eta higuina ernarazten duten ongia eta gaizkia alde batera uzteko bezain argia baduk. Zalantzarik gabe stasis adierazten dik eta ez kinesis. Eta egiak, zer? Egiak ere gogoaren estasi bat sortzen dik. Hik ez hukeen hire izena triangelu zuzenaren hipotenusaren gainean idatziko.

        — Ez —esan zuen Lynchek— nahiago diat Praxitelesen Venusen hipotenusa.

        — Estatikoa, beraz —esan zuen Stephenek—. Uste diat Platonek esan zuela edertasuna egiaren distira dela. Ez diat uste horrek egia eta edertasuna kideak direla beste esanahirik duenik. Egia kontenplatzen dik adigarriaren harreman asegarrienek baretu adimenak; edertasuna kontenplatzen dik sentigarriaren harreman asegarrienek baretu irudimenak. Egiaren norabidean eman beharreko lehen urratsa adimen beraren markoa eta helmena ulertzea duk, endelegatzearen egintza bera ulertzea. Pentsa, Aristotelesen sistema filosofiko osoa bere psikologiaren liburuan finkatzen duk, eta hau, berriz, baieztapen honetan: atributu bera ezin daitekeela aldi berean eta lotura berean subjektu batena izan eta ez izan. Edertasunaren norabidean lehen urratsa irudimenaren markoa eta helmena ulertzea duk, atzemate estetikoaren egintza bera ulertzea. Argi geratu al duk?

        — Baina zer duk edertasuna? —galdetu zuen Lynchek ezinegonik—. Bota beste definizio bat. Ikusi eta atsegin diagun zerbait? Hori al duk Aquinok eta biok atera duzuen guztia?

        — Demagun emakumea —esan zuen Stephenek.

        — Demagun! Demagun! —esan zuen Lynchek suharki.

        — Grekoek, turkoek, txinatarrek, koptoek, hotentoteek —esan zuen Stephenek—, denek emakume-edertasun tipo ezberdina miresten diate. Ihes egiterik ez dagoen labirinto bat ematen dik. Bi irtenbide ikusten dizkiat, hala ere. Bat honako hipotesi hau: gizonek emakumeengan miresten dituzten kualitate fisiko guztiak lotura zuzena dutela emakumeek espeziearen hedakuntzarako dituzten funtzio anizkunekin. Izan litekek. Mundua, agi denez, hik heuk uste duan ere baino monotonoagoa duk, Lynch. Nik neuk, ez diat gogoko irtenbide hori. Eugen-ikara zeramak estetikara baino gehiago. Ateratzen hau labirintotik eta irakurgela berri nibirri-nabarra batean sartzen hau, non MacCannek, Espezieen Jatorria esku batean eta Itun Berria bestean, esango dik Venusen mehaka bikainak miretsi bahituen, ondorengo mardulak erdituko zizkiala sentitu huelako miretsi hituela eta haren titi bikainak miretsi bahituen, harengandik sortutako hire seme-alabei esne ona emango ziela sentitu huelako miretsi hituela.

        — Orduan, MacCann gezurtero galanta duk —esan zuen Lynchek indartsu.

        — Beste irtenbide bat geratzen duk —esan zuen Stephenek barrez.

        — Alegia?

        — Honako hipotesi hau —hasi zen Stephen.

        Burdin zaharrez kargaturiko gurdi luze bat etorri zen Patrick Dun ospitalearen izkinatik eta Stephenen azken hitzak estali zituen metalaren dilindara eta kinkili-kankala hots zakarrak. Lynchek belarriak itxi zituen eta maldizioka aritu zen gurdia igaro zen artean. Gero, orpoaren gainean jiratu zen zakarki. Stephen ere jiratu zen eta pixka batean itxaron zuen, harik eta lagunaren umore txarra deskarga zedin arte.

        — Honako hipotesi hau duk —errepikatu zuen Stephenek— beste irtenbidea: objektu bera mundu guztiari ederra gerta ez dakiokeen arren, objektu eder bat miresten duten guztiek aurkitzen dizkiate bertan atzemate estetikoaren faseekin komunztatzen eta bat egiten duten zenbait harreman. Sentigarriaren arteko harreman hauek, hiri forma baten bidez eta niri beste batez agertuko zaizkigunak, izan behar diate, beraz, edertasunaren kualitate nahitaezkoak. Eta orain itzul gaitezkek gure adiskide santo Tomasengana beste penike bat jakituri eskatzera.

        Lynchek barre egin zuen.

        — Barregura handia ematen zidak —esan zuen— denbora guztian berebiziko fraide txistosoa balitz bezala nola aipatzen duan entzuteak. Barre egiten al duk?

        — MacAlisterrek —erantzun zuen Stephenek— tomismo aplikatua deituko liokek nire teoria estetikoari. Filosofi estetikoaren alderdi boni dagokioneraino, Aquinok zuzen gidatuko nauk. Sormen, prestaketa eta erreprodukzio artistikoaren fenomenoetara iristen garenean, terminologia berri bat eta esperientzia pertsonal berri bat behar dizkiat.

        — Noski —esan zuen Lynchek—. Azken finean, Aquino, bere adimen eta guzti, ez huen fraide jator bat besterik. Baina kontatuko dizkidak beste egun batean esperientzia pertsonal berriari eta terminologia berriari buruzkoak. Lehenbailehen buka ezak lehen partea.

        — Auskalo —esan zuen Stephenek irribarrez—. Beharbada, Aquinok hobeto ulertuko nindukean hik baino. Poeta ere bahuen. Ereserki bat idatzi zian Ostegun Santurako. Pange lingua gloriosi hitzekin hasten duk. Esaten diate ereserkigintzaren loriarik handiena dela. Ereserki korapilatsu eta baregarria duk. Gustatzen zaidak. Baina ez zegok Venanzio Fortunatoren Vexilla Regis prozesio kanta triste maiestatetsuaren pareko ereserkirik.

        Lynch abesten hasi zen suabe eta solemneki ahots baxu sakonez:

 

                Impleta sunt quae concinit

                David fideli carmine

                Dicendo nationibus

                Regnavit a ligno Deus.

 

        — Ederra duk! —esan zuen, oso kontent—. Musika ederra!

        Lower Mount kalera hartu zuten. Izkinatik pauso batzuetara setazko bufandarekiko gazte gizen batek agurtu zituen eta gelditu egin ziren.

        — Jakin al dituzue azterketetako emaitzak? —galdetu zien—. Griffinek ez du gainditu. Halpin eta O'Fynnek gainditu dute zerbitzu publikorakoa. Moonanek bosgarrena atera du Indiakoan. O'Shaughnessyk hamalaugarrena. Clarkeko lagun irlandarrek afari bat eman zieten bart. Currya jan zuten denek.

        Haren aurpegi puztu zurbilak malezia onbera adierazten zuen eta, arrakasten berri ematen ari zelarik, begi ñimiñoak txitxi artean galtzen zitzaizkion eta arnasa-hots artean boza. Stephenen galderari erantzuteko atera zituen berriro begiak eta boza ezkutalekuetatik.

        — Bai, MacCullagh eta ni —esan zuen—. Hark matematika hutsak hartuko ditu eta nik historia politikoa. Hogei gai daude. Botanika ere hartuko dut. Badakizue, kanpo-elkarteko partaide naiz.

        Beste biengandik era maiestatetsuan atzeratu eta esku potzolo artilezko goanteduna bularrean jarri zuen, bertatik bat-batean arnasa-barre furrustara bat jaurtikiz.

        — Hurrena irteten zaretenean, ekarri arbi eta tipula batzuk egoskari bat egiteko —esan zuen Stephenek lehor.

        Ikasle gizenak barkakoi barre egin eta esan zuen:

        — Oso jende errespetagarria gara kanpo-elkarteko guztiak. Aurreko larunbatean Glenmalurera irten ginen gutariko zazpi.

        — Emakumeekin, Donovan? —esan zuen Lynchek.

        — Gure helburua jakintza lortzea da.

        Eta berehalaxe gehitu zuen:

        — Esan didate lan bat egiten ari zarela estetikaz.

        Stephenek ezezko keinu zehazgabe bat egin zuen:

        — Goethek eta Lessingek —esan zuen Donovanek— pila bat idatzi dute horri buruz: eskola klasikoa eta eskola erromantikoa eta hori guztia. Laokoontea oso interesgarria iruditu zitzaidan irakurri nuenean. Jakina, idealista, alemana, ultra-sakona da.

        Beste biek ez zuten ezer esan. Donovan gizabidetsu despeditu zen.

        — Joan egin behar dut —esan zuen leunki eta onberaz—. Susmo sendoa daukat, ia-ia konbentzimendua, gaur arreba krepak egitekoa zela Donovan familiaren afarirako.

        — Agur —esan zuen Stephenek abiatuz—. Ez ahaztu arbiak gu biontzat.

        Lynchek atzetik begiratu zion, ezpainetako mesprezu-keinua aurpegia deabruaren maskararen itxurakoa bihurtzeraino hedatu zitzaiolarik:

        — Krep-jale kakati letxe horrek —esan zuen azkenean— lan on bat lor dezakeela pentsatzea! Eta nik zigarro merkeak erre behar!

        Merrion Square aldera hartu zuten eta pixka batean isilik joan ziren.

        — Edertasunari buruz esaten ari ninduena bukatzeko —esan zuen Stephenek— sentigarriaren arteko harreman asegarrienek, beraz, atzemate artistikoaren nahitaezko faseekin egokitu behar diate. Hauek aurkituz gero, edertasun unibertsalaren kualitateak aurkitu izango dituk. Aquinok honela ziok: Ad pulcritudinem tria requiruntur integritas, consonantia, claritas. Nik horrela itzultzen diat: Hiru gauza dira beharrezko edertasunean, osotasuna, harmonia eta argitasuna. Egokitzen dira hauek atzematearen faseekin? Jarraitzen al didak?

        — Horixe baietz —esan zuen Lynchek—. Adimen kakatsu bat dudala uste baduk, hoa Donovanekin eta eskatu hari entzuteko.

        Harategiko enkargugile batek buruan goikoz behera jarrita zeraman saskia seinalatu zuen Stephenek.

        — Begira saski horri —esan zuen.

        — Ikusten diat —esan zuen Lynchek.

        Saski hori ikusteko —esan zuen Stephenek— hire adimenak lehen-lehenik saski hori saskia ez den gainontzeko unibertso ikusgarritik bereizten dik. Atzematearen lehen fasea atzemana izango den objektuaren inguruan marra mugatzaile bat egitea duk. Irudi estetiko bat agertzen zaiguk denboran edo espazioan. Entzungarria dena denboran agertzen duk, ikusgarria dena espazioan agertzen duk. Baina denborazkoa dela espaziozkoa dela, irudi estetikoa lehenik argi atzematen duk, objektu hori ez den espazioaren edo denboraren hondoan automugatua eta autoedukia. Gauza bat bezala atzematen duk. Osotasun bat bezala ikusten duk. Duen osotasuna atzematen duk. Hori duk integritas.

        — Diana! —esan zuen Lynchek barrez—. Segi.

        — Gero —esan zuen Stephenek—, puntuz puntu pasatzen haiz, bere egituraren marrek gidatuta; eta mugen barruan zatia zatiarekin orekan dagoen zerbait bezala atzematen duk; egituraren erritmoa sentitzen duk. Bestela esanda, bat-bateko pertzepzioaren sintesiari atzematearen analisiak jarraitzen ziok. Hasera batean gauza bat bezala atzeman duana, orain gauza dela ohartzen haiz. Zatiz osatutako zera konplexu, anizkun, zatigarri, bereizgarri bat bezala atzematen duk eta bere zatien emaitza eta batura harmoniatsua dela. Hori duk consonantia.

        — Diana, berriz ere! —esan zuen Lynchek zolitasunez—. Esadak orain claritas zer den eta puru bat irabaziko dut.

        — Hitzaren konnotazioa —esan zuen Stephenek— aski lausoa duk. Hitz ez-zehatza dirudiena erabiltzen dik Aquinok. Denbora luzean eduki nauk iparra galduta. Uste eraziko liake sinbolismoa edo idealismoa zuela buruan, edertasunaren kualitaterik gorena litzatekeelarik beste munduren batetiko argi bat, ideia bat, zeinaren materia errainu bat besterik ez litzatekeen, sinbolo bat besterik ez litzatekeenaren errealitate bat. Pentsatzen zian claritasekin adierazi nahi zezakeela gauza guztietan agertzen den jainkozko xedearen aurkikuntza eta irudizkapen artistikoa edota irudi artistikoa unibertsal bihurtuko lukeen, bere kondizio propioen distiraz nabarmenduko lukeen indar orohartzaile bat. Baina hori literatura duk. Nik honela ulertzen diat. Hik saskia bakoitza atzeman duanean, eta bere formaren arabera analizatu duanean eta gauza bezala atzeman duanean, logikaz eta estetikaz zilegiztagarri den sintesi bakarra egiten duk. Ikusten duk gauza hori dela dena eta ez beste gauza bat. Aipatzen duen argitasuna duk quidditas eskolastikoa, gauza baten zertasuna. Artistak kualitate goren hau sentitzen dik irudi estetikoa lehenbizikoz irudimenean sortzen denean. Gogoa une horretan dena zoragarriki alderatu zian Shelleyk itzaltzen ari den txingar batekin. Edertasunaren kualitate gorena, irudi estetikoaren distira argia, beronen osotasunak gerarazi eta beronen harmoniak liluratu adimenak argiro atzematen duen unea duk plazer estetikoaren stasis isil argitsua, Luigi Galvani fisiologo italiarrak, ia Shellyrena bezain esaldi ederra erabiliz, bihotzaren lilura izena eman zion egoera kardiakoarekin antz handia duen egoera izpirituala.

        Etenaldi bat egin zuen Stephenek eta, lagunak ezer esan ez zuen arren, bere hitzek gogamen-liluraren isiltasuna sortu zutela inguruan sentitu zuen.

        — Esan dudana —ekin zion berriro— hitzaren adiera zabalenean zegokiok edertasunari, alegia hitzak tradizio literarioan duen adieran. Eguneroko hizkeran beste adiera bat dik. Edertasunaz hitzaren bigarren adieran hitz egiten dugunean, gure iritzia lehenik eta behin artea beraren eta arte horren formaren eraginaren pean zegok. Irudia, jakina, artista beraren gogoaren edo zentzumenen eta besteen gogoaren edo zentzumenen artean kokatu behar duk. Hori gogoan izanez gero, ikusiko duk arrea nahitaez hiru formatan banatzen dela, batetik besterako progresioan. Forma horiek hauek dituk: forma lirikoa, zeinetan artistak irudia bere buruarekiko harreman arartegabekoan jartzen duen; forma epikoa, zeinetan irudia bere buruarekiko eta besteekiko harreman arartegabekoan jartzen duen; eta forma dramatikoa, zeinetan irudia besteekiko harreman arartegabekoan jartzen duen.

        — Esan hidan hori duela zenbait gau, —esan zuen Lynchek— eta eztabaida famatu hura eduki genian.

        — Badiat etxean liburu bat —esan zuen Stephenek— bertan hireak baino galdera xelebreagoak idatzita ditudana. Galdera horiei erantzuna bilatzeko ahaleginetan aurkitu diat adierazi nahian nabilen teoria estetikoa. Hona hemen nire buruari egin dizkiodan zenbait galdera: Aulki dotore landu bat tragikoa da ala komikoa? Mona Lisaren erretratua ona da, ikustea desio badut? Sir Philip Cramptonen bustoa epikoa ala dramatikoa da? Eta ez bada, zergatik ez da?

        — Hori, hori! Zergatik ez? —esan zuen Lynchek barrez.

        — Gizon batek amorru bizian egur koskor bat trauskiltzen diharduela —jarraitu zuen Stephenek— behi irudi bat egiten badu, artelana da irudi hori? Eta ez bada, zergatik ez da?

        — Oso ona! —esan zuen Lynchek, berriz ere barrez—. Horrek bai duela eskolastika keru benetazkoa!

        — Lessingek —esan zuen Stephenek— ez zian estatua sail bat idazgaitzat hartu behar. Arteak, behetarra izaki, ez dizkik nik aipatu formak elkarrengandik argi eta garbi bereizita agertzen. Literaturan bertan, arte gorena eta izpiritualena denean ere, formak nahasi zeudek askotan. Forma lirikoa, izatez, emoziogune baten jantzi berbal sinpleena duk, garrasi erritmiko bat, antzina batean arraunari eragiten zion gizona edo aldapan gora harriak arrastatzen zituena animatzen zuena bezalakoa. Garrasi hori kanporatzen duena kontzienteago duk emozioguneaz emozio-sentitzaile den bere buruaz baino. Forma epikorik sinpleena literatura lirikotik jaiotzen ikusten diagu, artistak, bere burua gertakari epiko baten erdigune bezala harturik, horretan gogoetari diharduenean, eta forma hori progresatzen joaten duk grabitate zentro emozionala artistarengandik besteenganako erdibidean gelditzen den arte. Narratiba ez duk jada pertsonala. Artistaren nortasuna narrazioan sartzen duk, pertsonai eta ekintzen inguruan itsaso bizigarri baten antzera isurtzen delarik. Progresio hori ederki ikusiko duk Turpin Hero balada ingeles zaharrean, zeina lehenengo pertsonan hasi eta hirugarren pertsonan bukatzen baituk. Forma dramatikoa lortzen duk pertsonai bakoitza inguratu eta busti duen bizigarri horrek pertsonai guztiak halako bizi-indarrez bete dituelarik, pertsonaiak bizi estetiko propio eta ukiezina bereratzen duenean. Artistaren nortasuna, hasera batean garrasi, kadentzia, aldarte, eta gero narratiba solte, zinbel, azkenean, birfindurik, existentziatik kanpo irteten duk, inpertsonalizatu egiten duk, nolabait esan. Forma dramatikoaren irudi estetikoa giza irudimenean purifikatu eta birproiektaturiko bizia duk. Estetikaren misterioa, materiaren kreazioarena bezala, burutua duk. Artista, kreazioaren Jainkoa bezala, bere obraren barnean, atzean, gainetik edo azpitik geratzen duk, ikusiezin, existentziatik kanpora birfindurik, indiferente, atzazalak txukuntzen.

        — Hoiek ere birfindu eta existentziatik kanporatzeko ahaleginetan —esan zuen Lynchek.

        Euri fin bat hasi zen erortzen zeru altu belotutik eta dukearen zelairantz jiratu ziren zaparrada baino lehen liburutegi nazionalera iristeko.

        — Zertarako babil —galdetu zuen Lynchek umore txarrean bezala— edertasunaz eta irudimenaz alferrizketan Jainkoak eskutik utzitako irla miserable honetan? Ez duk harritzekoa artista bere obraren barnera edo atzera erretiratzea, lurralde hau eginda gero.

        Euria biziago hasi zen. Irlandako Akademia Errealaren ondoko pasabidea igaro zutenean, ikasle ugari aurkitu zuten liburutegiko arkupeetan babesturik. Cranly, pilare baten kontra jarrita, pospolo zorroztu batekin hortzak zirikatzen ari zen lagun batzuen jarduna entzunez. Neska batzuk zeuden sarrerako ate ondoan. Lynchek Stepheni xuxurlatu zion:

        — Hor zegok hire kuttuna.

        Stephen ikasle taldeaz beheko mailan kokatu zen isiltsu, bizi-bizi ari zuen euriaren axolarik gabe, noizik eta behin begiak neskarengana itzuliz. Hura ere isilik zegoen bere lagunen artean. Ez zeukak apaizik flirteatu ahal izateko, pentsatu zuen Stephenek konturatzen zen garraztasunez, azkena nola ikusi zuen gogoratuz. Arrazoi zuen Lynchek. Gogoa teoriaz eta adorez husturik, bake, geldo batean galdu zen.

        Ikasleen elkarrizketa entzuten zuen. Medikuntzako azken azterketa egin zuten bi lagunez, transatlantikoan lekuak lortzeko aukerez, bezero gutxi eta bezero asko duten lanbideez ari ziren.

        — Atariko haizea duk hori dena. Hobe duk bezeria irlandar errurala.

        — Hynessek bi urte eman dizkik Liverpoolen eta gauza bera esaten dik. Zulo negargarri bat dela. Emagintza kasuak beste ezer ez.

        — Zer esan nahi duk, hemengo herrixketan lan bat edukitzea hobe dela halako hiri aberats batean baino? Ezagutzen diat nik mutil bat...

        — Hynesek ez zeukak bururik. Memoriaz ikasten zuelako gainditu zian, memoriaz bakarrik.

        — Hari ez egin kasurik. Diru asko egin litekek merkatal hiri handi batean.

        — Bezeria nolakoa den.

        — Ego credo ut vita pauperum est simpliciter atrox, simpliciter sanguinarius atrox, in Liverpoolio.

        Ahotsak urrutitik bezala taupada etenetan iristen zitzaizkion belarrietara. Neska alde egitera zihoan bere lagunekin batera.

        Atertu zuen zaparrada labur arinak; diamante txordoak utzi zituen patioko zuhaixketan eta lur belztuak arnasa isurtzen zuen. Nesken bota apainak txutxu-putxuan ari ziren kolonadiko harmailetan, neskak, hodeiei begiratu, euritakoak xarmanki azken euri-tanten aldera okertu, berriz ere itxi eta gonei lotsaz eutsi, emeki eta alaitsu solasean zeuden bitartean.

        Eta zorrotzegi juzkatu balu? Eta haren bizitza balitz ordu arrosario soil bat? Txoriarena bezain bizitza sinple eta estrainio bat, goizean alai, egun osoan artega, eguzkia sartzean nekatua? Haren bihotza balitz txoriarena bezalako bihotz sinple eta borondatetsua?

 

 

        Egunsenti aldera iratzarri zen. O! Zeinen musika gozoa! Arima zeharo ihintzetan blai zuen. Soin-adar lokartuen gainetik argi uhin hotzak igarotzen zitzaizkion. Geldi zetzan, arima ur freskotan bezala, musika arin gozoa entzuten. Adimena astiro zihoan iratzartzen goiz-ezagutza dardarati batera, goiz-inspirazio batera. Barrena betetzen zion izpiritu ur gardenena baino gardenagoak, ihintza bezain gozoak, musikaren mugimenduarekikoak. Eta zeinen leunki, zeinen grinagabeki hauspotua! Serafinek beraiek putz eginda bezala! Arima astiro ari zen iratzartzen, erabat iratzartu beldurrez. Egunsentiko ordu haizegabea zen, eromena iratzartzen den ordua, landare estrainioak argitara zabaltzen direna eta sitsa isiltsu hegaldatzen dena.

        Bihotzaren lilura! Gau sorgindua izan zen hura. Amets batean edo ikuspen batean ezagutu zuen bizitza serafikoaren estasia. Istant batekoa bakarrik izan ote zen liluramena? Edo iraun zituen ordu luzeak, urteak, aroak?

        Orain bazirudien gertatutako eta gertakizun ziren zirkunstantzia lainotsuen multzoak alde guztietatik batera islatzen zuela inspirazio unea. Istantak argi puntu batek bezala argi egin zuen eta, gero, zirkunstantzi lausoen hodeirik hodei, forma nahastu batek gandutu zuen haren oskorria. O! Irudimenaren sabel birjinazkoan hitza haragi egin zen. Gabriel aingerua etorri zen neskatxaren gelara. Behin gar zuria igarota, gogoaren oskorria sakonagotu egin zen, argi arrosa ilun sutsura aldatuz. Argi arrosa sutsu hura zen neskaren bihotz borondatetsua, estrainioa, gizonak inoiz ezagutu ez zuena eta ezagutuko ez zuena, mundua izan baino lehenagotik borondatetsua; eta argitasun arrosaxka sutsuaren lilurara serafin koruak ari ziren zerutik erortzen.

 

                Ez al zara neka hain bide suharraz,

                Serafin jausien lilurale hori?

                Ez zakizkit mintza soreztaren xarmaz

 

        Irudimenetik ezpainetara jaisten zitzaizkion neurtitzak eta, ahopean murmurikatzen zituelarik, villanelle baten mugimendu erritmikoak zeharkatzen zituela sentitu zuen. Argitasun arrosak errima izpiak igortzen zituen: suharra, xarma, garra, meharra, negarra. Izpiek mundua erretzen zuten, gizon eta aingeruen bihotzak kontsumitzen zituzten neskaren bihotz borondatetsuaren arrosak igorri izpiek.

 

                Giza bihotzean sutu duzu garra

                Jabeturik haren gogo eta nahiz

                Ez al zara neka hain bide suharraz?

 

        Eta gero? Galdu egin zen erritmoa, gelditu zen eta gero berriro taupaka mugitzen hasi zen. Eta gero? Kea, munduko aldaretik intsentsua igotzen.

 

                Garraren gainetik gores-ke meharra

                Itsasotik gora kiribil-kiribil

                Ez zakizkit mintza soreztaren xarmaz

 

        Kea igotzen zen lurreko alde guztietatik, ozeano lurruntsuetatik: haren gorespenaren kea. Lur osoa zabu eta kulunka zebilen intsentsu-ontzia zen, intsentsu bola bat, bola elipsoidal bat. Erritmoa itzali egin zen bat-batean; eten egin zen bihotzaren oihua. Ezpainak lehen bertsoak murmurikatzen hasi ziren behin eta berriz; ondoren estropezuka segi zuen bertso erdiak paratzen, totelka eta galduta; gelditu egin zen. Etena zen bihotzaren oihua.

        Ordu belotu, haizerik gabea igaro zen eta leiho biluziaren kristalen atzetik eguna zabaltzen ari zuen. Kanpai hots arin bat oso urrun. Txori baten txinta; bi txori, hiru. Isildu ziren kanpaia eta txoriak; argi zuri ahula zabaldu zen ekialdetik mendebaldera mundua estaliz, bere bihotzeko argi arrosa estaliz.

        Dena galduko zuen beldur, ukalondoen gainean tentetu zen paper eta lapitz bila. Mahaian ez zegoen ez bat ez beste; soilik, afariko arrozaren platera eta kandela-ontzia gantz-txirringilo eta paperezko zorro azken garrak gardostuarekin. Nekaduraz luzatu zuen besoa ohe oinetara, bertan zintzilik zegoen abriguaren poltsikoetara haztamuka. Behatzek lapitz bat eta zigarro paketea aurkitu zuten. Bermatu zen atzera, zarratatu zuen paketea goitik behera, jarri zuen azken zigarroa leiho ertzean eta villanelle-aren ahapaldiak idazten hasi zen letra txiki garbiz kartoi lakatzaren gainean.

        Idatzi zituenean, burko mulkotsuan etzan zen, berriro murmurikatzen zituela. Buru azpiko artilezko betegarriaren koskorrek neska haren egongelako sofaren zurdezko betegarriaren koskorrak gogorarazi zizkioten; han eseri ohi zen, batzuetan irribarretsu, besteetan serio, zergatik etorri ote zen bere buruari galdezka, gogait neskarekin eta bere buruarekin, hutsikako aparadorearen gaineko Jesusen Bihotzaren irudiarekin kikilduta. Hizketaren eroraldiren batean beragana hurbiltzen ikusten zuen neska eta abesti bitxi haietako bat abes zezala eskatzen. Hurrena, piano zaharrean eserita ikusten zuen bere burua, tekla pintarratuetatik kordak bigunki sakatzen eta, gelako hizketa berriro suspertuaren erdian, elizabetarren abesti printzel bat, adio-kanta triste gozo bat, Agincourteko garaipenaren abestia edo Greensleeves doinu alaia abesten zion, tximiniako apalaren ondoan bermatuta zegoen bitartean. Bera abesten eta neska entzuten, edo entzun itxurak egiten, zeuden bitartean, lasai zuen bihotza, baina kanta zahar bitxia amaitzen zenean, gelako ahotsak entzuten zituen berriro eta bere esaldi sarkastikoaz oroitzen zen: mutil gazteei ponteko izenez deitzen azkartxo hasten ziren etxea.

        Momentu batzuetan neskaren begiek konfiantza emateko puntuan ematen zuten, baina alferrik itxaron zuen. Orain irudimenean agertzen zitzaion arinki dantzan, gau hartako karnabalean agertu zen bezala, soineko zuria harrotuxea, lore zuri sortatxo bat ilean gora eta behera zuela. Arinki zebilen korruan dantzan. Beregana zetorren dantzan eta, etorri zenean, begiak zertxobait saihestu zituen eta gorritasun arin bat zuen masailean. Esku-katearen etenaldi batean neskak eskua jarri zion une batez berean, merkagai leun bat bezala.

        — Oso kanpotar eginda zaude!

        — Bai, monje izateko jaio nintzen.

        — Beldur naiz herejea ez ote zaren.

        — Oso beldur?

        Erantzun gisara, esku-katean dantzan aldendu zen beregandik, arinki eta sotiltasunez dantzari, bere burua inori eman gabe. Lore zuri sortatxoa haren dantza baietsiz bezala mugitzen zen eta neska ilungunean gertatzen zenean, aurpegiko gorritasuna sakonagotu egiten zitzaion.

        Monjea! Bere burua agertu zitzaion klaustro profanatzaile, frantziskotar heretiko baten itxuran, zerbitzatu nahian eta nahi ezean, Gherardino da Borgo San Donnino bezala sofismazko armiarma sare malgu bat ehuntzen eta neskaren belarrira xuxurlatzen.

        Ez, hura ez zen bere irudia. Apaiz gazte harena baizik, azken aldiz ikusi zuenean, neskak, irlanderazko esaldi-liburuaren orriekin jostatzen zuen bitartean, uso-begiekin begiratze zion harena.

        — Bai, bai, emakumeak ere elkartzen ari zaizkigu. Egunetik egunera igartzen diot. Gurekin daude emakumeak. Hizkuntzaren babeslerik onenak.

        — Eta Eliza, Aita Moran?

        — Baita Eliza ere. Ari da sartzen. Hor ere lana aurrera doa. Ez kezkatu Elizagatik.

        Bah! Ondo egin zuen destainaz gelatik irteten. Ondo egin zuen liburutegiko harmailetan neska ez agurtzen. Ondo egin zuen bere apaizarekin flirtea zezala, kristandadearen neskame ontzi-garbitzailea zen eliza harekin josta zezala uzten.

        Haserrealdi zakar basati batek birrindu zizkion arimako estasigunearen azken hondarrak. Haren imajina ederra bortizki puskatu eta zatiak alde guztietara jaurtiki zizkion. Alde guztietatik haren imajinaren isla distortsionatuak oldartzen zitzaizkion irudimenean: neskatila lore-saltzailea, soineko zarpail eta ile busti lakatz eta aurpegi zatarrekoa, bere neska zela esan ziona eta oparia eskatu ziona; auzoko etxeko sukaldeko neskamea, plateren kriski-kraska artean Killarneyko Laku eta Harkaitzak-en lehen konpasak herri abeslariaren narraskeraz abesten zituena; Cork Hill inguruko bide-zidorrean burdin punta bat oinetako zoru puskatuan kateatu eta estropezu egin zuenean, alaitsu barre egin zion neska; edo beste neska hura, Jacob galleta fabrikatik irtetean, aho txiki beteak erakarrita begirada bat luzatu zionean, sorbalda gainetik atzera begiratuz honela oihu egin ziona:

        — Zer? Gustatzen natzaik, ile lixo-bekain kizkur?

        Baina, hala eta guztiz ere, haren imajinari irain eta iseka eginagatik, haserrea ere haren omenezkoa zela sentitzen zuen. Erabat zinezkoa ez zen destainaz irten zen gelatik, neska haren arrazaren sekretua, agian, betile luzeek itzal bizkor bat isurtzen zien begi ilun haien atzean egongo zela sentituz. Kaleetatik zihoala, garrazki esan zion bere buruari neska bere herriko emakumetasunaren irudia zela, saguzar tankerako arima bat, bere buruaren ezaguerara ilunpetan, isilpean eta bakardadean itzartzen ari zena, maitale epelarekin tarte batean ez maitasun ez bekatu berandutu ondoren, berau utzi eta apaiz baten belarri sareztatuetara lege-hauste hobengabeak xuxurlatzen zituena. Neskarenganako haserrea amorantearen kontrako madarikazio beltzetan deskargatu zuen, haren izenak, ahotsak eta tankerak bere duintasun nahaspilatua iraintzen baitzuten. Aketo apaiztu bat, anaia bat Dublinen polizi eta beste anaia bat Moycullen kamarero zituena. Eta neskak nahiago zion horri, errito konbentzional bat burutzen erakutsita zegoen horri, bere arimako biluztasun herabea desestali, eta ez irudimen betierekoaren apaiz zen honi, esperientziaren eguneroko ogia betirauneko gorputz bizi bihurtzen zuenari.

        Eukaristiaren irudi distiratsuak istant batean bildu zizkion berriro bere gogoeta mikatz eta desesperatuak, hauen garrasia esker onezko ereserki etenik gabean irteten zelarik.

 

                Gure dolu-auhen, zotin eta negarrak

                eukaristia-kantan direnean jalgi

                Ez al zara neka hain bide suharraz?

 

                Esku eskainleek dagite sagara

                Kaliza mukuru gainezka opariz

                Ez zakizkit mintza soreztaren xarmaz

 

        Ozenki esan zituen neurtitzak lehen lerroetatik hasita, musika eta erritmoak gogoa blaitu eta bihozberatasun lasai batera bihurtu zuten arte; ondoren, kopiatu egin zituen lan askorekin, ikusiz hobeto senti ahal zitzan; gero, burkoan etzan zuen burua.

        Eguna guztiz argiturik zen. Ez zen hotsik entzuten; baina konturatzen zen bere inguruan bizitza iratzartzear zegoela betiko zarata, ahots lakatz eta erdi-lotako otoitzetara. Eta bizitza hari uzkur eginez, hormaren aldera jira zen, izaran kaputxa batean bezala bilduz eta hormako paper tarrataturiko lore eskarlata handi oso zabalduei begira geratuz. Loreen gorritasunean saiatu zen berotzen itzaltzen zihoakion poza, etzanda zegoen lekutik zerurainoko arrosazko bide bat, dena lore eskarlataz estalia, imajinatuz. Nekatuta! Nekatuta! Bera ere nekatuta zegoen bide suharrez.

        Berotasun gradual bat, nekadura ahul bat igaro zitzaion buru ondo kaputxatutik bizkarrezurrean behera. Jaisten sentitu zuen eta bere burua han hala etzanda ikusteak irribarre eragin zion. Berehala lo hartuko zuen.

        Hamar urte geroago berriro neurtitzak idatzi zituen neska harentzat. Hamar urte lehenago txal bat zeraman burutik behera kaputxa gisara, haren arnasa epelak lurruna isurtzen zuen gaueko airera eta zapatek tipi-tapa hotsa ateratzen zuten kaleko antzigarretan. Azkeneko tranbia zen; zaldi nabar iharrek bazekiten eta txintxarriak astintzen zizkioten gau argiari oharpen gisara. Kobratzailea gidariarekin hizketan zihoan, biak behin eta berriz buruaz baiezka lanpararen argi berdetan. Tranbiaren mailetan zeuden: bera goikoan eta neska behekoan. Zenbait alditan goiko mailara igo zen neska, esaldien artean, eta gero berriro jaitsi egiten zen, eta behin edo bitan bere ondoan geratu zen behera joatea ahaztuta eta gero jaitsi zen. Utz ezak! Utz ezak!

        Hamar urte haurraren zuhurtzia hartatik oraingo eromenera. Eta neurtitzak bidaliko balizkio? Gosarian ozenki irakurriko lituzkete arrautzak koskatze hotsaren artean. A zer txorakeria! Neskaren nebek barre egingo lukete eta orria elkarri indarrez kentzen saiatuko lirateke euren behatz indartsu zakarrekin. Apaiz ezti-jarioak, neskaren osabak, bere besaulkian eserita besoa luze-luze eginda orriari eutsiz, irribarrez irakurri eta forma literarioa onetsiko luke.

        Ez, ez; txorakeria zen hori. Neurtitzak bidaliko balizkio ere, ez lizkieke besteei erakutsiko. Ez, ez; ez luke hori egingo.

        Gaizki juzkatu zuela hasi zen sentitzen. Errugabea zenaren sentimenak ia harengatik errukitzeraino eraman zuen; ez zuen inoiz errugabetasuna zer zen ulertu, bekatuaren bidez ezagutzera iritsi zen arte; neskak ere ez zuen errugabetasuna zer zen ulertu errugabea zen bitartean edo emetasunaren lotsa estrainioa lehen aldiz etorri zitzaion arte. Haren arima orduan hasi zen bizitzen, bere arima lehen aldiz bekatu egin zuenean bizitzen hasi zen bezala; eta gupida samur batek bete zion bihotza haren zurbiltasuna eta haren begiak, emakumetasunaren lotsa ilunak apaldu eta tristatuak, gogoratu zituenean.

        Bihotza estasitik hildurara pasatu zitzaion bitartean non zegoen hura? Ba ote zitekeen, bizitza izpiritualeko bide misteriotsuei esker, haren arima une horietan bertan egiten zitzaion omenaz ohartuta egotea? Bazitekeen.

        Desirazko garraldi bat piztu zitzaion ariman eta sutu eta bete zion gorputz guztia. Desira horren jakitun, neska, villanelleko tentatzailesa, bere lo aromatsutik itzartzen ari zen. Haren begiak, ilunak eta begirakune langurosarekikoak, bere begietara zabaltzen ari ziren. Haren biluztasun distiratsua, beroa, aromatsua eta ugaria errenditu egiten zitzaion, laino argitsu batek bezala inguratzen zuen, urak bezala bizitza likido batez inguratzen zuen; eta lurrunezko hodei bat bezala edo espazioan zirkuluetan darioten urek bezala, hitzaren letra likidoak, elementu misteriotsuaren sinboloak, garunean isurtzen zitzaizkion.

 

                Ez al zara neka hain bide suharraz,

                Serafin jausien lilurale hori?

                Ez zakizkit mintza soreztaren xarmaz

 

                Giza bihotzean sutu duzu garra

                Jabeturik haren gogo eta nahiz

                Ez al zara neka hain bide suharraz?

 

                Garraren gainetik gores-ke meharra

                Itsasotik gora kiribil-kiribil

                Ez zakizkit mintza soreztaren xarmaz

 

                Gure dolu-auhen, zotin eta negarrak

                eukaristia-kantan direnean jalgi

                Ez al zara neka hain bide suharraz?

 

                Esku eskainleek dagite sagara

                Kaliza mukuru gainezka opariz

                Ez zakizkit mintza soreztaren xarmaz

 

                Eta halere darraizu gure begirada

                begi langurosa eta esku ugariz!

                Ez al zara neka hain bide suharraz?

                Ez zakizkit mintza soreztaren xarmaz.

 

        Zer txori ziren haiek? Liburutegiko harmailetan geratu eta begira jarri zitzaien, lizar-makilan nekaduraz bermaturik. Bueltaka eta bueltaka zebiltzan Molesworth Streeteko etxe baten teilatuaren irtengunean. Martxo beranduko arrats-aireak garbi ikusten uzten zuen haien hegada, gorputz ilun, bizkor, dardaratiak zeruaren kontra, oihal urdinka malgu eta lainotsu baten kontra bezala hegaldatzen zirelarik.

        Hegan nola egiten zuten begira zegoen: txoria txoriaren atzetik, argi-zirta ilun bat, biraldi bat, hego-zurrumurru bat. Zenbatzen saiatu zen, gorputz bizkor dardarati guztiak alde egin zezaten baino lehen: sei, hamar, hamaika; zenbaki bikoitia ala bakoitia emango ote zuten? Hamabi, hamahiru, zeren eta beste bi etorri baitziren inguruka zeru gorenetik. Altu edo baxu egiten zuten hegan, baina beti borobilean marra zuzen nahiz kurbatuetan eta beti ezkerretik eskuinera, airezko tenplu baten inguruan zirkuluak eginez bezala.

        Haien garrasiak entzuten zituen; ohol zaharren atzeetako saguen txilioa bezalako hotsa: nota zoli bikoitz bat. Notak, ordea, luze, zoli eta burrunbariak ziren, saguenak ez bezala; hirudun edo laudun batez jaitsi eta txorrotxioan luzatzen ziren, moko hegalariek airea zulatzen zutenean. Garrasi zoli, garbi eta fina zen, txaratila biribilkarietatik harildurik setazko hari argitsua bezala erortzen zena.

        Zantzo ez-humano hark eztitzen zizkion belarriak, non amaren negar-zotin eta ahakarren murmurioak setatsu baitzirauen, eta gorputz ilun, hauskor, dardaratiek zeru meheko airezko tenpluaren inguruan zerabilten jira-bira, zurrumurru eta itzulikak eztitzen zizkion begiak, non amaren aurpegiaren irudia ikusten baitzuen artean.

        Zergatik zegoen portaleko harmailetan gora begira, haien garrasi zoli bikoitza entzuten, nola hegan egiten zuten ikusten? Augurio on edo txarren baten zain? Cornelius Agripparen esaldi bat igaro zitzaion burutik eta, gero, Swedenborgen pentsamendu banatu batzuk erabili zituen hara-hona: txorien eta adimeneko gauzen arteko kidetasunari buruzkoak eta aireko izakiek ere entendimendua badutenekoa eta denbora eta sasoiak ezagutzen dituztenekoa, euren bizi-ordenaren barruan daudelako eta, gizonak ez bezala, ordena hori arrazoiaren bidez galbideratu ez dutelako.

        Eta mendeetan zehar gora begiratu zuten gizonek txoriak hegaka ikusteko. Goialdean zuen kolonadiak antzinako tenplu bat gogorarazi zion lausoki eta lizar-makilak, nekaduraz haren kontra bermatuta zegoenak, augure baten makila kurbatua. Ezezagunaren beldur bat mugitu zitzaion nekaduraren bihotzean, sinbolo eta portentoen beldurra, izenkide zuen aztore itxurako gizon, gatibualditik zumez eginiko hegoez hegaldatu zenaren beldurra, Tot, idazleen jainko, kalamuaz taulan idazten duenaren eta ibis-buru estuaren gainean ilargiaren adarrak dituenaren beldurra.

        Irribarre egin zuen jainkoaren irudian pentsatzean, gogorarazten ziolako juje sudur-luze, ile-ordedun bat, besoa den hainbat luzean eutsiriko dokumentuan komak jartzen ari zatekeena, eta bazekielako ez zukeela jainkoaren izena gogoratuko irlandar birao baten antza izan ez balu. Zorakeria. Baina ez al zegoen zorakeria horregatik jaiotetxea, otoitz eta zuhurtasunaren etxea, betirako uzteko zorian? iturburu izan zuen bizimoldea uzteko zorian?

        Etorriak ziren berriro euren garrasiekin etxearen teilatu-hegal gainera, histen zihoan airean ilunki hegaka. Zer txori ziren haiek? Hegoaldetik itzulitako enarak izan behar zutela pentsatu zuen. Joan egin behar zuen, beraz, beti joan-etorrian zebiltzan txoriak baitziren haiek, beti gizonen etxeen teilatu-hegaletan etxe iragankorrak egiten eta beti egindako etxeak utzi eta alderrai joaten.

 

                Makur itzazue aurpegiak, Oona eta Aleel

                So degiet nik teilatupeko habiari

                So degion bezala enarak

                Ur ozenak hegan aurretik

 

        Bozkario leun likido bat zerion bere oroimenean, ur anitzen hotsa bezalakoa, eta bihotzean espazio isilen bake gozoa sentitu zuen: uren gaineko zeru hits mehearena, ozeanoen isiltasunarena, itsas oskorritan ur uhintsuen gainetik hegaldatzen diren enaren bake gozoa.

        Bozkario leun likido bat zerien hitzei, bokal luze leunak zaratatsu murgildu eta desagertzen zirelarik, pulunpa egin eta galdu, uhinen txilin zuriak etengabe astinka, dilinda mutu, ezkila-hots mutu eta oihu gozo, baxu, galdu batean; eta sentitu zuen txori bizkorren jira-biran eta zeruko espazio zurbilean bila ibili zen augurioa bihotzetik sortu zitzaiola dorrexka batetik hegaldatu txoria bezala, leunki eta bizkor.

        Joatearen ala bakardadearen sinbolo? Oroimenaren belarrira kantatu neurtitzek poliki-poliki osatu zuten gogoramenaren begien aurrean teatro nazionaleko aretoko lehen-emanaldi eguneko eszena. Bakarrik zegoen anfiteatroko alde batean, begi nekatuez begira butaketan zegoen Dublingo gainari, eszena-oihal hanpurutsuei eta eszenatokiko lanpara bizien argitan markotutako giza panpinei. Bere atzean polizia-gizon sendo bat zegoen izerditan eta edozein unetan ekiteko bezala. Ikaskide sakabanatuengandiko txistu, uuka eta oihu burlosoek kurritzen zuten aretoa bolada zakarretan.

        — Irlandaren kontrako libeloa!

        — Alemanian egina!

        — Blasfemia!

        — Ez dugu inoiz gure fedea saldu!

        — Emakume irlandarrak ez du inoiz horrelakorik egin!

        — Ez dugu ateo amateurrik nahi!

        — Ez dugu budista hasiberririk nahi!

        Bat-bateko ziatako bat etorri zen goiko leihoetatik eta irakur aretoko lanpara elektrikoak piztu zituztela ohartu zen. Pilaredun ezkaratz orain leunki argitura hartu zuen, eskailerak igo eta tornu-ate kirrinkaria igaro zuen.

        Cranly zegoen bestaldean, hiztegietatik hurbil eserita. Liburu lodi bat zeukan aurrean egurrezko atrilean azaletik zabalduta. Cranlyk atzealdera egin zuen aulkian eta belarria luzatu zuen aitor-entzule batek bezala egunkari bateko xake orritik buruketa bat irakurtzen ari zitzaion medikuntzako ikaslearen aurpegira. Stephen ondoan eseri zitzaion eta mahaian bestaldetik zegoen apaizak klaskatako haserrez itxi zuen bere The Tablet-en alea eta zutitu egin zen.

        Cranly atzetik begira geratu zitzaion geldo eta lausoki. Medikuntzako ikasleak ahots baxuagoan jarraitu zuen:

        — Peoia erregeren laugarrenari.

        — Hobe izango diagu alde egitea, Dixon —esan zuen Stephenek oharpen gisara— Kexu ematera joan duk.

        Dixonek egunkaria tolestatu zuen eta duintasunez jaiki zen esanez:

        — Gure gizonak ordena onean erretiratu ziren.

        — Arma eta ganaduarekin —erantsi zuen Stephenek Cranlyren liburuko izenburu-orria seinalatuz, zeinetan Idiaren Gaitzak agertzen baitzen idatzita.

        Mahai multzo baten erditik pasatzerakoan, Stephenek Cranlyri esan zion:

        — Cranly, hirekin hitz egin nahi diat.

        Cranlyk ez zuen erantzun eta ez zen itzuli ere egin. Utzi zuen bere liburua mostradore gainean eta irten egin zen, bere ondo jantzitako oinekin zoruan hots sendoa atereaz. Eskaileratan gelditu eta, Dixoni arretagabeki begiratuz, errepikatu zuen:

        — Peoia erregeren laugarren madarikatu horri.

        — Horrela nahiago baduk... —esan zuen Dixonek.

        Ahots tonugabe lasaia zuen eta manera gizabidetsuak, eta esku garbi betearen behatzetako batean inizialekiko eraztun bat ageri zuen.

        Ezkaratza gurutzatzerakoan, nano garaierako gizon bat hurreratu zitzaien. Kapela txikiaren kupulapetik afeitatu gabeko aurpegi bat gogara irribarre egiten hasi zen eta murmurio bat entzun zitzaion. Tximinoarenak bezain begi malenkoniatsuak zituen.

        — Arratsalde on, jaunak —esan zuen tximu-aurpegi bizartsuak.

        — Eguraldi beroa Martxoa izateko —esan zuen Cranlyk—. Goian leihoak zabalduta dauzkate.

        Dixonek irribarre egin eta eraztuna biratu zuen. Tximu-zimurrekiko aurpegi bezkak, giza ahoa atsegin samurrez izurtzen zuelarik, ron-ron egin zuen ahotsaz:

        — Eguraldi zoragarria Martxoa izateko. Zoragarria benetan.

        — Bi dama gazte polit daude goian, kapitaina, itxaroten aspertuta —esan zuen Dixonek.

        Cranlyk irribarre egin eta adikortasunez esan zuen:

        — Kapitainak maitasun bat besterik ez du: sir Walter Scott. Ez da hala, kapitaina?

        — Zer irakurtzen ari zara orain, kapitaina? —galdetu zuen Dixonek—. Lammermoorgo Andregaia?

        — Oso atsegin dut Scott zaharra —esan zuten ezpain malguek— Uste dut gauza zoragarriak idatzi dituela. Ez dago harekin konpara daiteken idazlerik.

        Esku beltzaran, argal, kizkurtu bat mugitu zuen astiro airean gorespenarekin batera eta betazal fin bizkorrak behin eta berriz ixten zitzaizkion begi tristeen gainera.

        Tristeago zitzaien Stephenen belarriei haren hizketa: azentu bigun bat, baxu eta hezea, akatsek hondatzen zutena; eta entzuten zuen bitartean, egia ote zen pentsatzen zuen istorio hura, gorpuzkera kuzkurtu hartan korritzen zuen odol mehea noblea eta maitasun intzestuosoaren fruitu zela zioena.

        Parkeko arbolak euriak abaildurik zeuden eta euria mantso eta atertu gabe ari zuen lakuan, ezkuta gris baten gisa zetzanean. Beltxarga talde bat zebilen bertan eta ura eta urertza haien lohi zuri-berdaxkaz zikinduta zegoen. Samurkiro besarkatzera eragiten zieten argi gris euritsuak, arbola busti isilek, ezkuta irudiko lakuaren lekukotasunak eta beltxargek. Bozkariorik gabe, grinarik gabe besarkatzen ziren, mutilaren besoak arrebaren lepoa inguratzen zuela. Lanazko kapa gris batek, sorbaldatik gerriraino zeharretaratuak, biltzen zuen neska eta honen buru horaila berak nahitako lotsetan makurtzen zen. Ile gorri ilun, soltea zuen mutilak eta bigunki osatutako esku indartsu, bekatsuak. Aurpegia? Aurpegia ez zen ikusten. Nebaren aurpegia neskaren ile euri-usaineztatura makurtuta zegoen. Esku bekatsu, indartsu, ongi osatu eta laztantzailea Davinen eskua zen.

        Bekoskotu eta umoretxartu egin zuen pentsamendu honek eta berau ekarri zion gizonkil zimurtuak. Aitaren Bantryko lagunarteko txantxak etorri zitzaizkion oroimenera. Atzera eutsi zien eta bere gogoeten hausnarketan jarraitu zuen desoseguz. Zergatik ez ziren Cranlyren eskuak? Davinen sinpletasun eta inozentziak ezkutuagoan ziztatu al zuen?

        Ezkaratzean aurrera jarraitu zuen Dixonekin, Cranly nanoarengandik txukuntasunez despedi zedin utzita.

        Kolonadiaren azpian Temple zegoen ikasle taldetxo baten erdian. Batek honela oihu egin zuen:

        — Dixon, hator entzutera. Temple berealdiko etorraldian zegok.

        Hitz egin zuen ikaslearengana itzuli zituen Templek bere ijito-begi ilunak.

        — Hipokrita bat haiz, O'Keeffe —esan zuen—. Eta Dixon irribarrelari bat. Arraioa! Ez al duk espresio literario polita?

        Maltzurki barre egin zuen, Stepheni aurpegira begira esaten zuelarik:

        — Arraioa! Izugarri gustatzen zaidak hitz hori. Irribarrelaria!

        Beheraxeagoko harmailan zegoen ikasle sendokote batek esan zuen:

        — Segi ezak keridarenarekin, Temple. Hori entzun nahi diagu.

        — Bazian, bai —esan zuen Templek—. Eta gizon ezkondua buen gainera. Eta apaiz guztiak hara joan ohi hituen afaltzera. Zer, arraio! Nik uste, han denek ateratzen ziaten fandangoa.

        — Esan ohi den bezala, zaldi zaharraren gainean ibili zaldi arina ez nekatzeagatik —esan zuen Dixonek.

        — Esaguk, Temple —esan zuen O'Keeffek—, zenbat litro daramatzak gainean beltzetik?

        — Esaldi horrek adierazten dik hire adimen guztia, O'Keeffe —esan zuen Templek destaina nabariaz.

        Taldea inguratu zuen ibilera baldarrez eta Stepheni hitz egin zion:

        — Bal al henkien Forstertarrak direla Belgikako erregeak? —galdetu zuen.

        Cranly irten zen ezkaratzeko atetik, kapela kokote aldera korrituta eta hortzak tentuz zirikatuz.

        — Hemen duk jakituri putzua. Ba al dakik Forstertarrena?

        Erantzunaren zain geratu zen. Cranlyk piku hazi bat atera zuen hortzen artetik bere hortz-ziri zakarraren puntan eta begira-begira geratu zitzaion.

        — Forster familia —esan zuen Templek— Balduino Lehenengoa Flandesko erregerengandik dator. Forester deitzen zuten. Forester eta Forster izen bera dira. Balduino Lehenengoaren ondorengo bat, Francis Forster kapitaina, Irlandan lekutu zen eta Clanbrassilgo azken buruzagiaren alabarekin ezkondu zen. Gainera, badira Blake Forstertarrak ere. Horiek beste adar batetikoak dira.

        — Flandesko Burusoil erregerengandikoak —errepikatu zuen Cranlyk, berriz ere bere hotz zuri agiriak berariaz zirikatuz.

        — Nondik bildu duk historia hori guztia? —galdetu zuen O'Keeffek.

        — Hire familiaren historia guztia ere bazekiat —esan zuen Templek Stephenengana zuzenduz—. Ba al dakik zer dioen Giraldus Cambrensisek hire familiaz?

        — Balduinorengandik al zetorrek hori ere? —galdetu zuen ikasle begi beltz, garai, betiko batek.

        — Burusoilengandik —errepikatu zuen Cranlyk hortz arteko zirrikitu bat miaztuz.

        — Pernobilis et pervetusta familia —esan zion Templek Stepheni.

        Beheraxeagoko harmailan zegoen ikasle sendokoteak puzkar txiki bat jaurtiki zuen. Dixon harengana jira zen eta ahots bigunez esan zion:

        — Aingeru batek hitz egin al dik?

        Cranly ere jiratu zen eta suharki eta haserrerik gabe esan zuen:

        — Goggins, inoiz topatu dudan madarikatu zerri zikinena haiz, badakik?

        — Horixe esateko puntuan nengoan ni ere —erantzun zuen Gogginsek gogor—. Ez zioat inori kalterik egin, ezta?

        — Espero diagu —esan zuen Dixonek leunki— ez huela izango zientziak paulo post futurum bezala ezagutzen duen horietakoa.

        — Ez dizuet esan irribarrelari bat dela? —esan zuen Templek—, ezker-eskuin jiratuz. Ez dizuet esan?

        — Bai, motel. Ez gaituk gorrak —esan zuen hetiko garaiak.

        Cranly artean bekokia zimurtuta beheko ikasleari begira zegoen. Bat-batean, higuin purrustada batez, bortizki harmailetan behera bultza egin zion.

        — Alde egik hemendik —esan zion zakar—. Alde hemendik, kakatsu hori. Kakatsu bat besterik ez haiz eta!

        Gogginsek jauzi egin zuen harkaskarretara eta berehalaxe itzuli zen lehengo lekura umore onean. Temple Stepheni zuzendu zitzaion berriro eta galdetu zion:

        — Sinesten al duk herentziaren legean?

        — Mozkortuta ala zer hago, edo zer esaten ari haiz? —galdetu zion Cranlyk harridurazko adierazpenaz aurpegi ematen ziolarik.

        — Inoiz idatziriko esaldirik sakonena —esan zuen Templek entusiasmaturik— zoologiaren amaieran dagoena da. Erreprodukzioa heriotzaren basera da.

        Stephen ukalondoan herabeki ukitu eta bizi-bizi esan zuen:

        — Hi poeta haizenez, konturatzen haiz zeinen sakona den, ezta?

        Cranlyk bere hatz erakusle luzca luzatu zuen:

        — Begiraiozue! —esan zien besteei destainaz— Begiraiozue Irlandako itxaropenari!

        Denek barre egin zuten haren hitz eta keinuekin. Templek ausarki aurre egin zion esanez:

        — Cranly, hi beti niri barrez ari haiz. Bazekiat. Baina hi aina banauk ni edozertan. Badakik zer pentsatzen dudan nire buruarekin konparatzen haudanean?

        — Adiskide maitea —esan zuen Cranlyk gizatsu—, ez haiz, gauza, badakik? ez haiz ezer pentsatzeko gauza.

        — Baina ba al dakik —jarraitu zuen Templek— zer pentsatzen dudan garela hi eta ni elkarren ondoan jarrita?

        — Bota, Temple! —egin zuen oihu harmailetatik ikasle sendokoteak—. Bota, zatika-zatika!

        Temple ezker-eskuin jiratu zen, hitz eginez basera keinuxka bizkorrak egiten zituela.

        — Ni potroskilo bat nauk —esan zuen, burua etsipenez astinduz—. Bai, bazekiat potroskilo bat naizela. Eta ametitu egiten diat.

        Dixonek eskuarekin bizkarrean kolpetxo batzuk emanez emeki esan zion:

        — Horrek asko esan nahi dik hire alde, Temple.

        — Baina hori —esan zuen Templek Cranly seinalatuz—, hori ere potroskilo bat duk, ni bezalaxe. Ez dakiela, somete. Horretantxe bakarrik ikusten diat diferentzia.

        Barre algara hots batek estali zizkion hitzak. Baina berriro ere Stephenengana itzuli eta antsiaz esan zuen:

        — Oso hitz interesgarria duk. Ba al dakik hori dela ingelesezko zenbaki dual bakarra?

        — A, bai? —esan zuen Stephenek lausoki.

        Cranlyren eite irmoekiko sufrimendu-aurpegi, orain pazientzia faltsuzko irribarreak argitzen zuenari, begira zegoen. Harrizko irudi zahar baten gainera isuritako ur zikina bezala igaro zen hitz zatarra haren gainetik: irainezko egonarriz; eta begira zegokiolarik, kapela altxatzen zuela ikusi zuen agur egiteko bezala, eta bekokitik gorako ile zuti beltza geratu zitzaion agerian burdinazko koroaren gisa.

        Liburutegiko portaletik irten zen neska eta buruarekin keinu eginez erantzun zion Cranlyren agurrari. Cranly ere bai? Ez al zituen masailak gorrituxeak? Ala Templeren hitzek eragindako gorritasuna zen? Argia jaitsia zen. Ezin zuen ikusi.

        Horrek argitzen ote zituen lagunaren isiltasun soraioak, komentario minak eta hainbat alditan Stephenen aitormen suharrak hauts eginda uzten zituen bat-bateko ateraldi zakarrak? Stephenek bihotzez barkatu zizkion, bere baitan ere aurkitzen baitzuen zakarkeria hura. Eta gogora etorri zitzaion Malahide inguruko baso batean bizikleta prestatu kirrinkari batetik Jainkoari otoitz egiteko jaitsi zen gaua. Besoak gora jasota, estasiaturik mintzatu zitzaion arbola arteko eliza-barne itzaltsuari, lur sakratuan eta une sakratuan zegoela jakinik. Eta bide goibelaren bihurgune batetik guardiak agertzen ikusi zituenean, otoitza eten eta azken pantomimako doinu bat ozenki txistukatzen hasi zen.

        Lizar-makilaren mutur printzatuarekin pilare baten harroinari kolpeka hasi zen. Ez al zion Cranlyk entzun? Itxoingo zuela, nahi bazuen, pentsatuko zuen. Ingurukoen hizketa une batez isildu egin zen eta ziatako arin bat etorri zen berriro goiko leiho batetik. Beste hotsik ez zen airean eta enarak, zeinen hegadari jarraika egon baitzen begi astitsuz, lotan zeuden.

        Eta neska ilunabarraren artetik igaro zen. Horregatik zegoen airea isilik, ziatako arin hura kenduta. Horregatik utzi zioten berriketari inguruko mingainek. Iluntasuna sartzen ari zen.

 

                Iluntasuna jausten ari da zerutik.

 

        Bozkario dardarati bat, argixka baten ñirñirra bezalakoa zebilkion jostari, maitagarri saldo bat inguruan bezala. Zer zen? Iluntzeko airean zehar neska igaro izana? ala neurtitza, bokal ilun haiekin eta haserako soinu aberats arrabitarena bezalakoarekin?

        Poliki-poliki kolonadiko beste muturrerantz, ilungunea sakonagoa zen lekura joan zen, makilarekin harria joaz, atzean utzi zituen ikasleengandik bere ameskeria ezkutatzeko, eta aske utzi zuen gogoa Dowland, Byrd eta Nashen garaietara itzul zedin.

        Begiak, desiraren ilunpetatik zabaltzen zirenak, ekiaren urratzea gandutzen zuten begiak. Zer zen haien xarma langurosa, ganbaretako biguntasuna besterik? Zer zen haien distira, Estuardo adurti baten gorteko mindazuloa estaltzen zuen bitsaren distira baino? Eta dastatu zituen oroimenaren bidez ardo anbaratuak, doinu gozoen jaulkitze hiletsiak, paban-dantza garaia, eta ikusi zituen oroimenaren begiz aitoren alabak Coven Gardengo balkoietatik euren aho borobilduekin maitakerietan, ostatuetako neskame izurritez kutsatuak eta esposa gazteak, euren bahitzaileei errenditurik, laztan eta musuka.

        Oroimeneratu zituen imajinak ez zioten atseginik eman. Sekretuak eta sutsuak ziren, baina beste neska haren imajina ez zen sare horretan trabatzen. Ez zen hori harengan pentsatzeko bidea. Izan ere, harengan pentsatzen zuenean, ez zuen era horretan egiten. Ezin al zen, orduan, bere gogoaz ere fio? Esaldi zaharrak, gozotasun desobiratua beste gozotasunik gabeak, Cranlyk hortz zurietatik ateratako piku-haziak bezala.

        Ez zen pentsamendua ez eta ikuspena, baina bazuen figura hura hirian zehar etxerantz zihoanaren nolabaiteko jabetza. Hasieran zehazgabeki eta gero garbiago, haren gorputzaren usaina aditu zuen. Egonezin bat nabarmendu zitzaion odolean borborka. Bai, haren gorputzaren usaina zen, usain basati eta langurosa, desiraz beterik bere musikak estali zituen soin-adar beroena, haragi hark azpiko arropetara destilatu aroma eta ihintzarena.

        Zorri bat zebilkion garondoan eta behatz lodia eta erakuslea anoki zabalaren azpitik trebeki sartuz harrapatu zuen. Behatz handia eta erakuslearen artean igurtzi zuen une batez gorputza, samurra eta aldi berean arroz alea bezain kraskakorra, erortzen utzi zuen baino lehen, eta hil edo bizi egingo ote zen pentsatzen egon zen. Cornelius a Lapideren esaldi bitxi bat etorri zitzaion gogora, gizonaren izerditik sorturiko zorriak ez zituela Jainkoak beste animaliak bezala seigarren egunean sortu dioena. Baina garondoko azaleko hazkurak gogoa ere sumindu eta gorritu zion. Bere gorputz gaizki jantziaren, gaizki elikatuaren, zorriek janaren bizitzak begiak itxi erazi zizkion bat-batean desesperaziozko espasmo batez eta, ilunpetan, zorri-gorputz kraskakor distiratsuak ikusi zituen airetik erortzen jirabiraka. Bai; eta ez zen iluntasuna zerutik erortzen ari zena. Argitasuna zen.

 

                Argitasuna jausten ari da zerutik.

 

        Ez zuen Nashen lerroa zuzen gogoratzerik ere lortu. Gogoan itzarri zituen irudi guztiak faltsuak ziren. Bere gogoak zomorroak bazkatzen zituen. Nagitasunaren izerditik jaiotako zorriak ziren pentsamenduak.

        Bizkor itzuli zen berriro kolonadian aurrera ikasle taldearengana. Neska? Beno, ba, hor konpon, joan zedila pikutara! Maita zezala atleta txukun, goizero gerriraino garbitzen zen bat eta bularraldean bizar beltza zuen bat. Hor konpon.

        Cranlyk beste piku lehor bat aterea zuen poltsikotik eta jaten ari zen astiro eta hotsa ateraz. Temple pilare baten oinetan eserita zegoen, atzera bermatuta, kapela logura-begien gainera botata. Gazte txaparrote bat irten zen portaletik, larruzko portafolio bat galtzarbean zuela. Taldearengana zuzendu zen, bere boten takoiekin eta euritako astunaren mularekin harlauzak kolpatuz. Euritakoa jasoz agur egin zuen eta denei esan zien:

        — Arratsalde on, jaunak.

        Berriro kolpatu zituen harlauzak eta barre gorde bat egin zuen burua dardarizo urduri batez mugitzen zitzaiolarik. Ikasle garai betikoa, Dixon eta O'Keeffe irlanderaz hizketan ari ziren eta ez zioten erantzun. Gero, Cranlyrengana zuzenduz, esan zuen:

        — Arratsalde on, batez ere hiri.

        Euritakoa mugitu zuen erakusle gisara eta berriro ere barre egin zuen gordeka. Cranlyk, artean pikua mastekatzen ari baitzen, masailezurren mugimendu ozen batekin erantzun zuen.

        — Ona? Bai, oso arratsalde ona zegok.

        Ikasle txaparroteak serioski begiratu zion eta euritakoa astindu zuen arinki, gaitzespen gisara.

        — Ikusten diat —esan zuen— begi-bistako oharpenak egiteko aldartean hagoela.

        — Um! —erantzun zuen Cranlyk, erdi-janean zeukan pikua luzatu eta ikasle txaparrotearen aho parean, jan zezala adierazi nahiz, astintzen zuelarik.

        Ikasle txaparroteak ez zuen jan, baina, Cranlyren umore bereziari ameto emanez, berriro gordeka barre egin eta euritakoaren puntarekin lagundu zion esaldiari:

        — Esan nahi duk... ?

        Gelditu egin zen, deblauki pikuaren mami marruskatua seinalatu eta ozenki esan zuen:

        — Hori, alegia.

        — Urn! —egin zuen Cranlyk lehen bezala.

        — Oraintxe esan nahi al duk? —esan zuen ikasle txaparroteak— nolabait esateko, esan dezagun ipso facto?

        Dixon taldetik apartatu zen esanez:

        — Goggins hire zain egon duk. Adelphi aldera joan duk Moynihan eta hire bila. Zer daukak hor? —galdetu zuen, Glynnen besapeko portafolioa ukituz.

        — Azterketa paperak —erantzun zuen Glynnek—. Hilero eginarazten diet azterketa, nire irakaspenari probetxurik ateratzen dioten ikusteko.

        Berak ere eskuarekin kolpetxo batzuk eman zizkion portafolioari eta eztul txiki bat eginez irribarre egin zuen.

        — Zereko irakaspena! —esan zuen Cranlyk zakar— Hi bezalako tximua maisu dutela hanka gorrian dabiltzan umeak esan nahiko duk. Jainkoa erruki dakiela!

        Geratzen zen piku muturrari hozka egin zion eta txortena harrika bota zuen.

        — Haurrei niregana hurbiltzen uzten diet —esan zuen Glynnek adiskidetsu.

        — Tximu madarikatua —errepikatu zuen Cranlyk enfasiaz—. Tximu madarikatu eta biraogile bat!

        Jaiki zen Temple eta Cranlyri bultza eginda pasatuz, Glynni zuzendu zitzaion:

        — Hik esan duan esaldi hori —esan zuen— Itun Berrikoa duk: haurrei niregana hurbiltzen uzten diet.

        — Itzul hadi atzera lotara, Temple —esan zion O'Keeffek.

        — Oso ongi —jarraitu zuen Templek, beti ere Glynni zuzentzen zitzaiolarik—. Eta, orduan, Jesusek haurrei beregana hurbiltzen uzten bazien, zergatik bidaltzen ditu elizak infernura bataiatu gabe hiltzen badira? Zer da hori?

        — Heu bataiatuta al hago, Temple? —galdetu zuen ikasle betikoak.

        — Zergatik bidaltzen dituzte infernura, Jesusek denak hartzen bazituen? —esan zuen Templek, Glynen begiak bilatuz.

        Glynnek eztul egin zuen eta, irribarre urduriari nekez eutsiz eta hitz bakoitzeko euritakoari eraginez, leunki esan zuen:

        — Hil dioan bezala, hori horrela baduk, zergatik den horrela galdetzen diat nik.

        — Eliza krudela delako, bekatari zahar guztiak bezala —esan zuen Templek.

        — Ez zekiat oso ortodoxoa haizen puntu horretan, Temple —esan zion Dixonek emeki.

        — San Agustinek haur bataiatu gabeak infernura joaten direla esaten badu, bera ere bekatari zahar krudel bat zelako da.

        — Errespetu guztiarekin esaten diat —esan zuen Dixonek— baina kasu horietarako linboa den errezeloa diat.

        — Ez hadi horrekin eztabaidan hasi, Dixon —esan zuen Cranlyk bortizki—. Ez egiok kasurik egin, ezta begiratu ere! Eramazak etxera sokatik hartura, ahuntza beeka eramango hukeen bezala.

        — Linboa! —oihu egin zuen Templek— Asmakizun polita hori ere. Infernua bezala.

        — Baina haren desatsegintasuna kenduta —esan zuen Dixonek.

        Irribarrez itzuli zen besteengana, esanez:

        — Uste dut hemen zaudeten guztion iritzia jasotzea egiten dudala.

        — Bai, bai —esan zuen Glynnek tonu tinkoan. Puntu horretan Irlanda bat eginik zegok.

        Eta euritakoaren mularekin kolonadiko harrizko zorua kolpatu zuen.

        — Infernua —esan zuen Templek—. Satanen esposa grisaren asmakizun horri begiramen apur bat izan diezaioket. Infernua erromatarra da, erromatarren murruak bezalakoa, sendoa eta itsusia. Baina zer da linboa?

        — Jar ezak berriro sehaskan, Cranly —dei egin zuen O'Keeffek.

        Cranlyk pauso bizkor bat eman zuen Templerengana; gelditu eta hankarekin behin eta berriz lurra joz, etxe-hegazti bati bezala oihu egin zion:

        — Uxa!

        Templek atzera egin zuen agudo.

        — Ba al dakizue linboa zer den? —oihu egin zuen—. Ba al dakizue nola deitzen diogun horrelakoari Roscommonen?

        — Uxa! Madarikatua! —oihukatu zuen Cranlyk, eskuekin txalo batzuk joaz.

        — Ez ipurdi ez ukondo! —oihukatu zuen Templek mesprezuz—. Eta horixe esaten diot nik linboari.

        — Ekatzak makila hori —esan zuen Cranlyk.

        Eta Stepheni zakarki eskutik makila kendu eta harmailetan behera saltoka joan zen. Baina Temple, atzetik zetorkiola entzun zuenean, aldean joan zen ilunpetan basa-piztia arin, hegalezko hankaduna bezala. Cranlyren bota sendoak entzun ziren patioan karga ematen eta, ondoren, astunki itzultzen, helburua lortu gabe eta pauso bakoitzeko harkaxkarra ezproinduz.

        Pausaia haserrea zekarren eta haserre-keinu zakar batekin bota zion Stepheni makila eskura. Haserre hark beste kausa bat zuela sentitu zuen Stephenek, baina, pazientzia itxurak eginez, besoan ukitu eta patxadaz esan zion:

        — Cranly, esan diat lehen hirekin hitz egin nahi dudala. Goazen.

        Cranly begira geratu zitzaion une batez eta galdetu zion:

        — Orain?

        — Bai, orain —esan zuen Stephenek. Hemen ezin diagu hitz egin. Goazen.

        Elkarrekin igaro zuten patioa txintik esan gabe. Siegfried-en txoriaren deia, suabeki txistukatua, iritsi zitzaien atzetik portaleko harmailetatik. Cranly jiratu egin zen eta Dixonek, txistu egin zuenak, dei egin zien:

        — Nora zoazte? Eta partida hura, zer, Cranly?

        Aire geldian zehar oihuka parlamentatu zuten Adelphi hotelean jokatu beharreko billar partidaz. Bakarrik jarraitu zuen Stephenek aurrera Kildare Street lasairaino eta han Maple's hotelaren parean gelditu zen berriz ere pazientziaz itxaroten. Hotelaren izenak, egur koloregabetu leunduak eta aurrealde koloregabetuak destaina eratsuzko begirakune batek bezala ziztatu zuten. Haserrez begiratu zuen atzera, hoteleko leunki argitu egongelara, non imajinatzen baitzuen egon behar zutela Irlandako patrizioen bizitza ziratuak lasaitsu ostatu harturik. Kargu militar eta landa-arduradunengan pentsatu zuen; baserritarren agurrak jasotzen zituzten herrietako bideetan; ezagutzen zituzten zenbait plato frantsesen izenak eta aginduak ematen zizkieten kotxeroei ahots zoli, probintziano, azentu arranditsukoan.

        Nola uki zezakeen gizon horien kontzientzia edo nola isuri bere itzala gizon horien alaben irudimenean, euren jauntxoek ernal zitzaten baino lehen, zutena baino ziztrintasun gutxiagoko arraza haz zezaten? Eta ilunabar sakonean bere arrazaren pentsamendu eta desirak sentitu zituen saguzarrak bezala mugitzen landa-bide ilunetan, erreka ertzetako arbolapeetan, putzuz beteriko iztingadietan. Emakume bat zegoen zain atarian Davin gauez handik pasatu zenean eta katilu bat esne eskaini zion eta ohera eramateko ahalegin guztiak egin zizkion; Davinek isilik gordetzen dakienaren begi eztiak zituelako. Bera, berriz, inolako emakumeren begiek ez zuten inoiz bilatu.

        Besotik gogor heltzen ziotela sentitu zuen eta Cranlyren ahotsak esan zuen:

        — Goazemak.

        Hegoalderantz jo zuten isilik. Halako batean Cranlyk esan zuen:

        — Temple txotxolo, inozo hori! Zin degiat Moisesengatik, egunen batean bertan garbituko diat, badakik?

        Baina ahotsean ez zuen jada haserrerik eta Stephenek bere buruari galdetzen zion ea ez ote zen egongo neskak portalean egin zion agurrean pentsatzen.

        Ezkerrera hartu zuten eta lehen bezala aurrera jarraitu zuten. Puska batean ibili zirenean, Stephenek esan zuen:

        — Cranly, gaur arratsaldean eztabaida ezatsegin bat izan diat.

        — Etxekoekin? —galdetu zuen Cranlyk.

        — Amarekin.

        — Erlijioaz?

        — Bai —erantzun zuen Stephenek.

        Isilaldi baten ondoren, Cranlyk galdetu zion:

        — Zer adinekoa duk ama?

        — Ez oso zaharra —esan zuen Stephenek—. Bazkoazkoa egin dezadala nahi dik.

        — Eta hik?

        — Ez diat nahi —esan zuen Stephenek.

        — Zergatik ez? —esan zuen Cranlyk.

        — Ez diat zerbitzatuko —erantzun zuen Stephenek.

        — Komentario hori orain baino lehen egina dik bakarren batek —esan zuen Cranlyk patxadaz.

        — Ba, orain berriro egiten diat nik —esan zuen Stephenek suharki.

        — Lasai, motel. Kilikabera madarikatu bat haiz, badakik?

        Barre urduria egiten zuen hizketan ari zela, eta begi hunkitu eta adiskidetsuekin Stephenen aurpegira begiratuz, esan zuen:

        — Ba al dakik oso pertsona kikikabera haizela?

        — Hala izango nauk —esan zuen Stephenek ere barrez.

        Euren golkoak, azkenaldian elkarrengandik urrunduak, bat-batean bata bestearengandik hurbilagotu egin zirela ematen zuen.

        — Sinesten al duk eukaristian? —galdetu zuen Cranlyk.

        — Ez —esan zuen Stephenek.

        — Ez duk sinesten, orduan?

        — Ez diat sinetsi edo ez sinetsi egiten —erantzun zuen Stephenek.

        — Jende askok dizkik zalantzak, baina pertsona erlijiotsuek ere, baina gainditu edo alde batera uzten dizkiate —esan zuen Cranlyk. Hainbesterainoko gogorrak al dituk hire zalantzak?

        — Ez dizkiat gainditu nahi —erantzun zuen Stephenek.

        Cranlyk, une batez atsekabeturik, beste piku bat atera zuen poltsikotik eta jatera zihoan Stephenek zera esan zionean:

        — Ez, mesedez. Gauza hauek eztabaidatzerik ez zegok ahoa pikuz beteta duala.

        Farol baten azpian gelditu eta, haren argitan, pikua aztertu zuen Cranlyk. Bi sudurzuloetatik usain egin, zati txiki bat hozkatu, tu egin eta erretenera jaurtiki zuen pikua zakarki. Eta erori zen lekura begira esan zuen:

        — Urrun hadi nigandik, madarikatu hori, betiereko sutara! Stepheni besotik heldu eta berriro abiatu zen, esanez:

        — Ez al hau beldurtzen pentsatzeak hitz horiek hiri zuzenduak izan daitezkeela epai-egunean?

        — Eta zer duk beste aldetik eskaintzen zaidana? —galdetu zuen Stephenek— Betirauneko dohatsutasuna estudioetako dekanoaren ondoan?

        — Gogoan izan —esan zuen Cranlyk— hura goretsia izango dela.

        — Bai, —esan zuen Stephenek mingostasun pixka batekin—, argia, bizkorra, zeharrezina eta, batez ere, sotila.

        — Badakik zer? Oso gauza bitxia duk —esan zuen Cranlyk grinagabeki— hire gogoa sinesten ez duala dioan erlijioaz gain-asea dagoela ikustea. Eskolan hengoenean sinesten al huen? Egingo niake baietz.

        — Sinesten nian, bai —erantzun zuen Stephenek.

        — Eta zoriontsuago al hintzen orduan? —galdetu zuen Cranlyk leunki—, zoriontsuago al hintzen, esate baterako, orain haizen baino?

        — Batzuetan zoriontsua eta beste batzuetan dohakabea —esan zuen Stephenek—. Orduan beste bat ninduan.

        — Nola beste bat? Zer esan nahi duk horrekin?

        — Esan nahi diat —esan zuen Stephenek— ez nintzela orain naizen bezalakoa, izatera iritsiko nintzen bezalakoa.

        — Ez hintzela orain haizen bezalakoa, izatera iritsiko hintzen bezalakoa —errepikatu zuen Cranlyk—. Utzidak gauza bat galdetzen. Ama maite al duk?

        Stephenek burua astindu zuen astiro.

        — Ez zekiat zer esan nahi duan horrekin —esan zuen soilik.

        — Ez al duk inoiz inor maite izan? —galdetu zuen Cranlyk.

        — Emakumeak esan nahi al duk?

        — Ez nauk horretaz ari —esan zuen Cranlyk tonu hotzago batean—. Galdetzen diat ea inoiz maitasunik sentitu duan norbaitenganako edo zerbaitenganako.

        Stephenek aurrera jarraitu zuen lagunaren ondoan, espaloiari tristeki begira.

        — Jainkoa maitatzen saiatu nauk —esan zuen handik pixka batera. Huts egin diat, antza. Oso zaila duk. Uneoro nire borondatea Jainkoaren borondatearekin bat egiten saiatu nauk. Horretan ez diat beti huts egin. Oraindik ere, agian, egingo niake...

        Cranlyk ondotik moztu zion hitza:

        — Hire amak bizitza zoriontsua izan al dik?

        — Eta nik zer zekiat? —esan zuen Stephenek.

        — Zenbat seme-alaba izan dizkik?

        — Bederatzi edo hamar —erantzun zuen Stephenek—. Batzuk hil egin hituen.

        — Eta hire aita... —Cranly gelditu egin zen une batez eta gero esan zuen—: Ez diat hire familiaren gauzetan sartu nahi, baina hire aita, esaten den bezala modua ziana al huen? Hi ume hintzela, esan nahi diat.

        — Bai —esan zuen Stephenek.

        — Zer huen? —galdetu zuen Cranlyk isilaldi baten ondoren.

        Stephen ahoa betean hasi zen aitaren tasunak bata bestearen ondotik esaten.

        — Medikuntzako ikasle, arraunlari, tenore, antzezlari amateur, politikari aho-bero, lurjabe txiki, inbertitzaile txiki, zurrutero, gizon jator bat, kontu-kontalari, norbaiten idazkari, destilategi bateko ez zekiat zer, zerga-biltzaile, lur joa eta gaur egun bere iraganaren goratzaile.

        Cranlyk barre egin zuen Stepheni helduta zion besoa estuagotuz, eta honela esan zuen:

        — Destilategiarena oso ona duk.

        — Besterik jakin nahi al duk? —galdetu zuen Stephenek.

        — Gaur egun ondo al hago diru aldetik?

        — Hala ematen al diat? —galdetu zuen Stephenek irekiro.

        — Hortaz, —jarraitu zuen Cranlyk pentsakor— ugaritasunaren altzoan jaioa haiz.

        Esaldia garbi eta ozen ahoskatu zuen, adierazpen teknikoekin askotan egiten zuen bezala, entzuleari konbentzimendurik gabe erabiltzen zituela adierazi nahi balio bezala.

        — Hire amak asko sufritu behar izan dik —esan zuen ondoren. Ez al huke ahalegin bat egingo hari sufrimendu gehiago ebitatzeagatik, nahiz eta... ez huke egingo?

        — Ahal banu —esan zuen Stephenek— ez litzaidakek asko kostako.

        — Egik, orduan —esan zuen Cranlyk—. Egik esaten diana. Zer kostatzen zaik? Ez duala sinesten. Forma kontua duk, beste ezer ez. Eta berak lasaitu bat hartuko dik.

        Isildu egin zen eta, Stephenek erantzun ez zuenez, isilik jarraitu zuen. Gero, bere gogoeta prozesua adieraziz bezala, esan zuen:

        — Mundua den simaur-pila zikin honetan ezer segururik baldin baduk, amaren maitasuna duk. Amak ekartzen hau mundura; lehenengo bere gorputzean eramaten hau. Zer dakik hik zer sentitzen duen? Baina sentitzen duena sentitzen duela, benetakoa izan behar dik, gutxienez. Zer dituk gure ideiak eta anbizioak? Jolasa. Ideiak! Zera, Temple ahutz beekari horrek ere badizkik ideiak. Baita MacCannek ere. Hortik zehar dabilen edozein astakirtenek uste dik ideiak dituela.

        Stephen hitzen atzean esan gabe geratu zena entzuten egon zen eta berariazko axolagabekeriaz esan zuen:

        — Pascalek, oker ez banengo, ez zian jasaten amak musu eman ziezaion, emakumezko sexuaren kontaktuarekiko beldurrez.

        — Pascal zerri bat huen —esan zuen Cranlyk.

        — Luis Gonzaga ere uste diat uste berekoa zela —esan zuen Stephenek.

        — Hura ere, orduan, beste zerri bat —esan zuen Cranlyk.

        — Elizak santu deitzen ziok —egin zion kontra Stephenek.

        — Ez zaidak putzik axola zeinek zer deitzen zion —esan zuen Cranlyk zakar eta lauki—. Nik zerria esaten zioat.

        Stephenek, hitzak buruan ondo gertatuz, jarraitu zuen:

        — Jesusek ere, agi denez, adeitasun gutxirekin tratatu zian ama jendaurrean, baina Suarez teologo jesuita eta zaldun espainiarrak desenkusatu egiten dik.

        — Inoiz ez al zaik burutik pasatu —galdetu zuen Cranlyk— Jesus ez zela izan nahi zuena?

        — Hori burutik pasatu zitzaion lehenengo pertsona —erantzun zuen Stephenek— Jesus bera izan huen.

        — Esan nahi diat —esan zuen Cranlyk hizkera gogortuz— ez al duan inoiz pentsatu hipokrita kontziente bat zela, bere garaiko judutarrei buruz esaten zian bezala, hilobi zuritu bat? Edo, oraindik garbiago esanda, lotsagabe bat zela?

        — Hori ez zaidak inoiz burutik pasatu —erantzun zuen Stephenek—. Baina zera jakin nahi niake: ni konbertitzeko asmotan ala herorri perbertitzeko asmotan habil?

        Lagunaren aurpegira itzuli zituen begiak eta irribarre gordin bat ikusi zuen bertan, borondatearen indarrak adierazpen fin kutsu bat eman nahi ziona.

        Bat-batean Cranlyk tonu lau zentzudun batean galdetu zuen:

        — Esadak egia. Batere eskandalizatu al hau nik esan dudanak?

        — Zertxobait —esan zuen Stephenek.

        — Eta zergatik eskandalizatu haiz —eutsi zion Cranlyk tonu berean— hain seguru bahago gure erlijioa faltsua dela eta Jesus Jainkoaren seme ez zela?

        — Ez nagok batere seguru —esan zuen Stephenek—. Antz gehiago dik Jainkoaren semearena Mariaren semearena baino.

        — Eta hori al duk ez komulgatzeko duan arrazoia? —galdetu zuen Cranlyk— seguru ez hagolako? ostia ere ogi olataren ordez, Jainkoaren semearen gorputz eta odol izan daitekeen beldur haizelako? Horrela izan daitekeen beldur haizelako?

        — Bai —esan zuen Stephenek lasai— horixe sentitzen diat eta beldur nauk.

        — Ulertzen diat —esan zuen Cranlyk.

        Lagunaren amaitzeko tonuak erasanda, Stephenek berehalakoan ireki zuen berriro eztabaida zera esanez:

        — Gauza askok beldurtzen naitek: zakurrek, zaldiek, suzko armek, itsasoak, ekaitzek, makinariek, gaueko landa-bideek.

        — Baina zergatik beldurtzen hau ogi pusketa batek?

        — Iruditzen zaidak —esan zuen Stephenek— errealitate gaizto bat ezkutatzen dela beldur diedan gauza horien atzean.

        — Zerk beldurtzen hau, horretaz —galdetu zuen Cranlyk—, erromatar katolikoen Jainkoak bertan hil eta kondenatu egingo hauela jaunartze sakrilegiozkoa egiten baduk?

        — Erromatar katolikoen Jainkoak oraintxe bertan egin zezakek hori —esan zuen Stephenek—. Horrek baino gehiago beldurtzen nauk atzean hogei mendetako ospe eta itzala duen sinboloari goratzarre faltsua egiteak nire ariman eragin dezakeen egintza kimikoak.

        — Egingo ai huke sakrilegio hori —galdetu zuen Cranlyk— arrisku goreneko kasuan? Adibidez, zigor penala zen garaietan bizi izan bahintz?

        — Iraganaz ezin diat erantzun —erantzun zuen Stephenek—. Beharbada ez.

        — Orduan zer? —esan zuen Cranlyk— ez haiz, ba, protestante bihurtzeko asmotan ibiliko?

        — Fedea galdu dudala esan diat —erantzun zuen Stephenek— ez nire buruarekiko errespetua galdu dudanik. Zer askapen klase huke logikoa eta koherentea den absurdo bat bertan behera utzi eta ilogikoa eta inkoherentea den bat besarkatzea?

        Pembroke herri aldera egin zuten bidea eta orain, ibilbideetan aurrera astiro zihoazelarik, zuhaitzek eta villetako argi sakabanatuek eztitzen zien gogoa. Inguratzen zituen giro aberats eta lasaiak euren txirotasuna arintzen zuela ematen zuen. Ereinotz hesi baten atzetik argi bat zetorren sukalde leiho batetik eta neskame baten ahotsa entzuten zen labanak zorrozten ari zen bitartean kantari. Rosie O'Grady zen abesten zuena konpas labur etenetan.

        Cranly entzuten gelditu zen, esanez:

        — Mulier cantat.

        Latinezko hitzaren edertasun leunak ukitu xarmangarria ematen zion arratseko iluntasunari, musikarena edo emakume-eskuaren ukitua baino arinagoa eta eragingarriagoa. Bien gogoen arteko lehia etenda geratu zen. Elizaren liturgian agertzen den bezalako emakume baten figura igaro zen isiltsu ilunpetan: soineko zuridun figura, mutiko bat bezain txiki eta liraina, eta gerriko bat zintzilik zuela. Haren ahots mutikoarena bezain hauskor eta zolia koru urrun batetik entzun zen nekaldiko lehen kantu triste eta deiadartiaz gaindi emakumearen lehen hitzak abesten:

        — Et tu cum Jesu Galilaeo eras.

        Eta hunkiturik itzuli ziren bihotz guztiak ahots harengana, zeinak izar berri batek bezala distiratzen baitzuen, argiago proparoxitonoetan eta itzaliago kadentziaren jauskeran.

        Kantua isildu egin zen. Aurrera jarraitu zuten biek, Cranlyk leloaren azken partea erritmoa gogorki markatuz errepikatzen zuelarik:

 

                Gu ezkontzen garenean

                Izango da zorionik

                Maite duk nik Rosie O'Grady

                Eta Rosie O'Gradyk maite nau ni

 

        — Horra hor benetako poesia —esan zuen—. Hori duk benetako maitasuna.

        Zeharka begiratu zion Stepheni irribarre estrainio batekin eta esan zion:

        — Poesia dela kontsideratzen al duk hik hori? Ulertzen al duk hitzen esanahia?

        — Lehenik, Rosie ikusi nahi diat —esan zuen Stephenek.

        — Erraza duk aurkitzen —esan zuen Cranlyk.

        Kapela bekokian aurrera eroria zuen. Atzera eragin zion eta arbolen itzalpean Stephenek haren aurpegi zurbil, ilunpean markotua, eta begi ilun handiak ikusi zituen. Aurpegi ederra zuen eta gorputz indartsu eta gogorra. Amaren maitasuna aipatu zuen. Ezagutzen zituen, beraz, emakumeen sufrimenduak, haien gorputz eta arimen ahultasuna; beso indartsu eta trebez defendatuko zituen eta gogoa haiengana makurtuko zuen.

        Hoa, bada: joateko ordua duk. Mintzo batek hitz egiten zion Stephenen bihotz bakartiari joateko bide emanez eta adiskidetasun hura amaitzear zegoela esanez. Bai: joan egingo zen. Ez zen beste baten kontra lehiatuko. Ezagutzen zuen bere papera.

        — Ziurrenera kanpora joango nauk —esan zuen.

        — Nora? —galdetu zuen Cranlyk.

        — Ahal dudan lekura —esan zuen Stephenek.

        — Bai —esan zuen Cranlyk—. Zaila gerta dakikek orain hemen bizi izatea. Baina horregatik al hoa?

        — Joan beharra diat —erantzun zuen Stephenek.

        — Zeren eta —jarraitu zuen Cranlyk—, joan nahi ez baduk, ez duk pentsatu behar alde egitera behartua hagoenik edo heretikoa edo legez kanpokoa haizenik. Hi bezala pentsatzen duen sinestun on asko zegok. Harritu egin behar al duk? Eliza ez duk harrizko eraikuntza ez eta apaizak eta euren dogmak ere. Haren barruan jaio direnek osatzen duten multzo osoa duk eliza. Ez zekiat zer egin nahi duan bizitzan. Harcourt Streeteko geltoki aurrean geunden gau hartan esan hidana?

        — Bai —esan zuen Stephenek, ideiak lekuei loturik gogora ekartzeko Cranlyk zuen joera haren aurrean, gogoz kontra irribarre eginez—. Sallygaptik Larrasera bide laburrena zein den Dohertyrekin eztabaidan ordu erdi bat eman huen gauean.

        — Lapikoa! —esan zuen Canlyk mesprezu lasaiez—. Zer zekik, ba, hark Sallygaptik Larraserako bideaz? Zer zekik, ba, hark horretaz, tontolapiko lerde-jario hark!

        Barre algara luze ozen bati eman zion.

        — Eta? —esan zuen Stephenek— Gogoan al duk gainontzekoa?

        — Hik esan huena? —galdetu zuen Cranlyk—. Bai, gogoan diat. Bizitzeko era bat edo arte bat aurkitu, hire izpiritua inolako trabarik gabeko askatasunean adieraz dadin.

        Stephenek kapela kendu zuen onespena erakutsiz.

        — Askatasuna! —errepikatu zuen Cranlyk—. Baina, hala ere, ez haiz sakrilegio bat egiteko bezain aske. Esadak, lapurtuko huke?

        — Lehenik, eskatu egingo niake —esan zuen Stephenek.

        — Eta ezer emango ez baliate, lapurtuko huke?

        — Esan erazi nahi didak —erantzun zuen Stephenek— jabegoaren legeak behin-behinekoak direla eta zirkunstantzia batzuetan ez dela ilegala lapurtzea. Uste horrekin jokatuko liake mundu guztiak. Horregatik, ez diat horrekin erantzungo. Har ezak Juan Mariana de Talavera teologo jesuita eta esango dik, gainera, zein zirkunstantziatan hil dezakean legalki hire errege eta pozoia kopa batean ematea ala soinekoan eta zelan igurztea duan hobe. Galde iezadak, aitzitik, ea jasango nukeen bestek niri lapurtzea eta, lapurtuko balidate, ea eskatuko nukeen lapurrarentzat oker ez banengo beso sekularraren zigorra deitzen zaiona.

        — Eta egingo al huke?

        — Uste diat —esan zuen Stephenek— lapurreta jasateak hainbat min emango lidakeela.

        — Ulertzen diat —esan zuen Cranlyk.

        Atera zuen pospoloa eta bi hortzen arteko zirrikitua garbitzen hasi zen. Ondoren, axolagabeki esan zuen:

        — Esadak: adibidez, birjina bat desloratuko al huke?

        — Barka, baina —esan zuen Stephenek gizabidetsu— ez al duk hori zaldun gazte gehienen anbizioa?

        — Zein duk, orduan, hire ikuspegia? —galdetu zuen Cranlyk.

        Azken esaldi horrek, egur-ikatzaren kearen usain mindunak eta etsipengarriak, Stephenen burmuina ketan bildu eta kilikatu egin zuen.

        — Begira, Cranly —esan zuen—, zer egingo nukeen eta zer egingo ez nukeen galdetu didak. Esango diat zer egingo dudan eta zer egingo ez dudan. Ez zioat zerbitzatuko sinesten ez dudanari, jaiotetxea dela, jaioterria dela edo eliza dela; eta ni neu naizena adierazten saiatuko nauk bizitzeko era edo arte baten bidez, ahal dudan askatasunik handienean eta ahal dudan modurik beteenean, nire defentsarako nire buruari zilegiztatzen dizkiodan arma bakarrak erabiliz: isiltasuna, erbesteratzea eta maltzurkeria.

        Cranlyk besotik heldu zion eta berriro Lesson Park aldera zuzentzeko bezala eragin zion. Barre ia lotsakor bat egin eta Stephenen besoa estutu zuen adinagoko baten txeraz.

        — Maltzurkeria alajaina! —esan zuen— Hi al haiz gero? Poeta gizajo hori!

        — Eta hi izan haiz aitortu erazi didana —esan zuen Stephenek, lagunaren ukituak zirrara eraginda—, beste hainbat gauza aitortu dizkiadan bezala, ala ez?

        — Bai, semetxo —esan zuen Cranlyk, artean alaitsu.

        — Nire beldurrak ere aitor erazi dizkidak. Baina esango diat ere zeri ez diodan beldurrik. Ez zioat beldurrik bakarrik egoteari edo besteren batengatik zapuztua izateari edo utzi beharrean gerta naitekeen edozer gauza uzteari. Eta ez nauk beldurtzen hutsegite bat egiteak, nahiz hutsegite handia izan, nahiz bizitza osoko eta, beharbada, betiere osoko hutsegitea izan.

        Cranlyk, atzera seriotasunera etorririk, pausoa mantsotu eta esan zuen:

        — Bakarrik egoteari, guztiz bakarrik egoteari ez diok beldurrik. Eta ba al dakik zer esan nahi duen horrek? Beste guztiengandik aparte egotea bakarrik ez, baizik eta lagun bakar bat ere ez edukitzea.

        — Arriskatu egingo nauk. —esan zuen Stephenek.

        — Laguna baino gehiago izan daitekeenen bat —esan zuen Cranlyk—, gizonak inoiz izan duen lagunik zintzoena eta leialena baino zerbait gehiago den pertsona bat ere ez edukitzea.

        Hitz hauek Cranlyren izatearen korda sakonen bat ukitu zutela ziruditen. Bere buruaz hitz egin ote zuen? zena edo izan nahi zuena adierazten ote zuten? Stephen aurpegira begira egon zitzaion une batzuetan isilik. Tristura hotz bat zeukan. Bere buruaz, beldur zion bakardadeaz mintzatu zen.

        — Norengatik ari haiz? —galdetu zuen Stephenek azkenik.

        Cranlyk ez zuen erantzun.

 

 

        Martxoak 20. Elkarrizketa luze bat Cranlyrekin nire erreboltari buruz.

        Hura bere manera arranditsuan. Ni moldakor eta leun. Norbere amaren maitasunaren arrazoiarekin erasotzen nau. Haren ama irudikatzen saiatzen naiz: ezin. Batean, konturatu gabe, esaten dit aitak hirurogeita bat urte zituela bera jaio zenean. Ikusten dut. Nekazari indartsuen tipokoa. Traje gris tanta txuri-beltxekikoa. Oin karratuak. Bizar urdindu narrasa. Segur aski erbi-ehizaldietan parte hartzen duena. Larrasko Aita Dwyerri zergak aldioro baina ez eskuak betean ordaintzen dizkiona. Batzuetan neskekin hitz egiten du gaua heltzean. Baina ama? Oso gaztea ala oso zaharra? Nekez lehenengoa. Bestela Cranlyk ez zukeen hitz egingo hitz egin duen bezala. Zaharra, orduan. Seguruena. Eta utzia. Hortik Cranlyren arimako desesperazioa: errai ahituen seme.

        Martxoak 21, goiza. Hau bart ohean pentsatu nuen, baina alferregi eta askeegi nengoen erasteko. Errai ahituak Isabel eta Zakariasenak dira. Hortaz, bera da aitzindaria. Gainera, batik bat urdaia eta pikuak jaten ditu. Irakur bedi otiak eta basa-eztia. Halaber, harengan pentsatzean, beti buru edo hil-maskara serio zorrotz bat ikusten dut gortina gris edo veronica-ehun batean markatuta bezala. Lepamoztea esaten diote artaldean. Une batez San Juan ate latindarraren aurrean ideiarekin nahastu naiz. Zer ikusten dut? Burua moztutako aitzindari bat sarraila behartu nahian.

        Martxoak 21, gaua. Aske. Aske arima eta aske irudimena. Ehortz ditzatela hildakoek hildakoak. Eta ezkon daitezela hildakoak hildakoekin.

        Martxoak 22. Lynchekin batera erizain galant bati jarraitu. Lynchen ideia. Ez zait gustatzen. Bi erbi-zakur flako, goseti bigantxa bati jarraika.

        Martxoak 23. Gau hartaz geroztik ez dut neska ikusi. Gaixorik? Sutondoan eserita, agian, amatxoren txala bizkarretik hartuta. Baina ez suminkor. Katilu bat salda bero? Ez zenuke orain hartuko?

        Martxoak 24. Amarekin izandako eztabaidaz hasi da. Gala: B.M.D. Nire sexu eta gaztetasunak ezindua. Ihes egiteko, Jesus eta Aitaren arteko erlazioak goratzen ditut Maria eta bere semearen artekoen aurka. Nik, eliza ez dela erditze-ospitale bat. Ama, barkakor. Esaten dit oso ideia estrainioak ditudala eta gehiegi irakurri dudala. Ez da egia. Gutxi irakurri eta gutxiago ulertu. Gero esaten dit itzuliko naizela federa, buru atsedenezina dudala eta. Elizatik bekatuaren atzeko atetik irtetea eta berriro damutasunaren sabaiko argizulotik sartzea esan nahi du horrek. Ezin naiz damutu. Hori esan eta sei penike eskatzen dizkiot. Hiru ematen dizkit.

        Gero ikastetxera joan naiz. Beste tira-bira bat Gezzi buru-borobil, alproja-begirekin. Oraingoan Bruno de Nolani buruz. Italieraz hasi eta ingelera mordoiloan bukatu. Esaten zuen Bruno heretiko beldurgarria zela. Nik esaten diot beldurgarriki erre zutela. Honetan bat etortzen da, nahigabe pixka batekin bederen. Gero, berak risotto alla bergamasca deitzen dionaren sukal-errezeta ematen dit. O bigun bat ahoskatzen duenean, bokalari muin emango balio bezala luzatzen ditu ezpain bete sentsualak. Egin ote du? Eta damutuko ote zen? Bai, damutuko zen; eta baita bi malko alproja borobil isuri ere: begi bakoitzetik bat.

        Stephendik, hau da, nire parketik, igarotzean, gogoratu naiz haren herrikideek asmatu zutela eta ez nireek Cranlyk lehengo gauean gure erlijioa deitu zuena. Haietako lau, infanteriako laurogeita hamazazpigarren erregimentuko soldaduak, egon ziren gurutzearen oinetan eserita gurutziltzatuaren mantua dadoetara jokatzen.

        Liburutegira joan naiz. Hiru aldizkari irakurtzen saiatu. Alferrik. Neska oraindik ez da irteten. Urduri al nago? Zer dela eta? Gehiago irtengo ez den beldurrez.

        Blakek idatzia:

 

                William Bond hilko ote den nago

                zinez oso gaixorik baitago.

 

        Helas, William gaixoa!

        Behin diorama batera joan nintzen. Azken aldera handiki sonatuen irudiak erakutsi zituzten. Haien artean William Ewart Gladstone, orduantxe hilberriarena. Orkestrak O, Willie, falta iritzi dizugu jo zuen.

        Sokorjole arraza!

        Martxoak 25, goiza. Gau gogaikarria ametsetan. Bihotzetik atera nahi ditut.

        Galeria luze bihurri bat. Lurrunezko pilare ilunak lurretik igotzen. Galeria errege fabulazkoen harrizko irudiz populatua dago. Eskuak belaun gainean tolesturik dituzte, nekaduraren seinale, eta begiak, euren aurrean lurrun beltz bihurturik betirako igotzen diren giza hutsegiteek ilundurik.

        Figura estrainioak irteten dira leize-zulo batetik bezala. Ez dira giza garaierara iristen. Ez dirudite elkarrengandik erabat bereizten direnik. Aurpegi fosforeszenteak dituzte, marra ilunago batzuekin. Begiak ñarrotuz begiratzen didate eta begiekin zerbait galdetzen didatela dirudite. Ez dute hitz egiten.

        Martxoak 30. Gaur arratsaldean Cranly liburutegiko portaleetan zegoen Dixoni eta neskaren nebari asmakizun bat planteatzen. Ama batek bere haurra Nilora erortzen uzten du. Zorioneko ama! Krokodilo batek harrapatzen du haurra. Amak azul diezaiola eskatzen dio. Krokodiloak baietz, baldin eta esaten badio zer egingo zion haurrari: jan ala ez jan.

        Pentsaera hori, esango zukeen Lepidok, zuen lokatzetik zuen eguzkiaren egitez sortua da zinez.

        Eta nirea? Ez al da nirea ere hala sortua? Doala Niloko lokatzetara, horretan!

        Apirilak 1. Ez dut onartzen azken esaldi hau.

        Apirilak 2. Tea eta pastak hartzen ikusi dut neska Johnston'sen, Mooneyn eta O'Brien'sen. Hobeto esan, Lynchen katamotz-begiek ikusi dute, pasatu garenean. Esaten dit nebak gonbidatuta zegoela Cranly han. Ekarri ote du krokodiloa? Bera al da orain izarra? Ba, nik aurkitu nuen. Deklaratzen dut nik aurkitu nuela. Wicklowko zahi anega baten atzean lasai distiraz zegoela.

        Apirilak 3. Davin aurkitu dut Findlaterko eliza pareko tabako-dendan. Jertse beltza zeraman eta hurley-makila bat. Galdetu dit ea egia den kanpora noala eta zergatik. Esan diot Tarara joateko biderik laburrena via Holyhead dela. Une horretan bertan aita agertu da. Aurkezpenak. Aita gizabidetsu eta oharkor. Davini galdetzen dio ea freskagarriren bat hartu nahi duen. Davinek ezin zuen, bilera batera zihoan eta. Banandu garenean aitak esan dit mutil ona eta zintzoa ematen duela. Galdetzen dit ea zergatik ez naizen sartzen arraun-elkarte batean. Pentsatuko dudalakoa egin diot. Orduan, Pennyfeatherri nolako atsekabea eman zion kontatzen dit. Legeak ikas ditzadala nahi du. Horretarako aproposa naizela dio. Lokatza gehiago, krokodilo gehiago.

        Apirilak 5. Udaberri basatia. Hodei iheslariak. Oi, bizitza! Urgeldi bihurkarizko erreka iluna, zeinetara sagarrondoek abaildu dituzten euren lore delikatuak. Neskatxen begiak hostoen artean. Neskatxa zuhur eta jostariak. Denak horailak edo gaztaina kolorekoak: beltzaranik ez. Hobeto gorritzen dira. Aupa!

        Apirilak 6. Seguru gogoratzen duela iragana. Emakume guztiek gogoratzen dutela dio Lynchek. Gogoratuko du, orduan, bere haurtzaroa, eta nirea, baldin inoiz haur izan banaiz. Iragana orainean desegiten da eta oraina geroa sortzeko baino ez da bizi. Emakumeen estatuak, Lychek arrazoi baldin badu, erabat jantziak egon behar lukete, emakumeak esku batez bere ipurtaldea atsekabez ukitzen duela.

        Apirilak 6, geroago. Michael Robartesek edertasun ahantzia gogoratzen du eta, besoetan hartzen duenean, mundutik aspaldi desagerturiko xarma besarkatzen du. Hori ez. Ezta inola ere. Nik besoen artean estutu nahi dudana oraindik mundura etorri ez den xarma da.

        Apirilak 10. Ahulki, gau astunaren pean, maitale ahitu, laztanek mugitzen ez dutenaren antzera, ametsetatik amets gabeko lotara itzuli den hiriko isiltasunean, ferra-hotsa bidean. Orain, zubira inguratzean, indartsuxeago; eta berehalaxe, leiho ilunduetatik igarotzen direnean, asaldurak gezi batek bezala erdibitzen du isiltasuna. Urruti entzuten dira orain ferrak, gau astunen azpian jemak bailiran distiraz, landa lokartuen gaindi lasterka bidaiari, zer helmugatarantz? zer bihotzetara? zer berrirekin?

        Apirilak 11. Bart idatzitakoa irakurtzen dut. Hitz zehazgabeak zirrara zehazgabe batentzat. Gustatuko ote litzaioke neskari? Baietz uste dut. Hortaz, niri ere gustatu behar litzaidake.

        Apirilak 13. Onil hori denbora luzean erabili dut buruan bueltaka. Hiztegian begiratu dut eta ingelesa dela aurkitu dut eta ingeles zahar jatorra gainera. Doala pikutara estudioetako dekanoa bere inbutuarekin! Zertara etorri da hona, bere hizkuntza guri erakustera ala guregandik ikastera? zernahi dela ere, doala pikutara!

        Apirilak 14. John Alphonsus Mulrennan oraintxe itzuli da Irlandako mendebaldetik. Europa eta Asiako egunkariek argitara bezate, arren. Esan digu agure bat topatu zuela mendiko txabola batean. Agureak begi gorriak eta pipa motza zituen. Agureak irlanderaz egiten zuen. Mulrennanek irlanderaz egin zuen. Gero, agurea eta Mulrennan ingeleraz mintzatu ziren. Mulrennanek unibertsoa eta izarrei buruz hitz egin zion. Agureak eserita, entzun, erre eta tu egiten zuen. Honela esan zuen gero:

        — Izugarri izaki estrainioak egon behar dute munduko azken muturrean.

        Ikaratu egiten nau. Ikaratu egiten naute haren begi gogor ertz-gorri horiek. Harekin borrokatu behar dut gau oso honetan eguna argitzen duen arte, hura edo ni hilda eror gaitezen arte, lepo zaintsutik helduta estutzen dudalarik, harik eta... Harik eta zer? Harik eta errenditzen zaidan arte? Ez. Ez diot kalterik egin nahi.

        Apirilak 15. Aurrez aurre topo egin dut neskarekin Grafton Streeten. Jendetzak elkarganatu gaitu. Gelditu egin gara biok. Zergatik ez naizen inoiz joan galdetu dit, era guztietako kontuak entzun dituela nitaz. Hori denbora irabazteko zen soilik. Galdetu dit ea poemarik idazten ari naizen. Nori buruz? galdetu diot. Horrek gehiago nahastu du eta damutu egin naiz eta gaizto sentitu. Segituan itxi dut balbula hori eta ireki dut hozteko gailu heroiko-izpirituala, Dante Alighierik asmatu eta lurralde guztietan patentatua. Neure buruaz eta asmoez hitz egin dut bizkor. Hizketaren erdian, zoritxarrez, bat-batean jite iraultzailezko keinu bat egiten dut. Eskutada bat ilar-ale airera botatzen ari litzatekeena emango nuen. Jendea begiratzen hasten zaigu. Esku ematen dik handik pixka batera eta, abiatzen delarik, esan dudana burutuko dudala espero duela esaten dit.

        Beno, adiskidetsua esango nioke nik, ez?

        Bai, gustatu zait gaur. Gutxi ala asko? Ez dakit. Gustatu zait eta hori sentimendu berria bide da niretzat. Orduan, kasu horretan, beste guztia, pentsatzen nuela pentsatzen nuen guztia eta sentitzen nuela sentitzen nuen guztia, gaur arteko guztia, izatez... Tira, utz ezak, adiskide! Lo egin eta pasako zaik!

        Apirilak 16. Joatea! Joatea!

        Beso eta ahotsen sorgindura: bideen beso zuriak eta haien besarkada estuaren promesa eta ilargiaren kontra altxatu ontzi garaien beso beltzak eta haien nazio urrunetako istorioak. Zabal-zabalik daude esanez: Bakarrik gaude, zatoz. Eta besoekin batera honela diote ahotsek: Gu gara zure ahaideak. Eta airea betean dabiltza niri, euren ahaideari, deika, joateko prestatzen, euren gaztetasun bozkariotsu eta izugarriaren hegoak astinka.

        Apirilak 26. Ama nire bigarren eskuko arropa berriak ordenatzen ari da. Otoitz egiten duela dio nire bizitzan eta etxetik eta lagunengandik urrun ikas dezadan zer den bihotza eta zer sentitzen duen. Amen. Hala izan dadila. Ongietorri, oi, bizitza! Banoa milioigarren aldiz esperientziaren errealitatearen enkontrura eta arimako tailerrean nire arrazaren kontzientzia sortugabea forjatzera.

        Apirilak 27. Antzinako aita, antzinako antzelari, zakizkit onuragarri orain eta beti.

 

Dublinen, 1904an

Triesten, 1914an

 

 

 

© James Joyce

© itzulpenarena: Irene Aldasoro

 

 

"James Joyce / Artistaren gaztetako portreta" orrialde nagusia