II. ATALA

 

        Halakoxe tabako-izpi patala zen Osaba Charlesek erretzen zuena, ezen, azkenean, jardin bazter batean zegoen etxordera joateko bidea eman zion ilobak goizekoa erretzera.

        — Oso ondo, Simon. Lasai, Simon —esan zuen agureak trankil—. Nahi duzun lekuan. Etxordea apropos etorriko zait: osasungarriagoa izango da.

        — Deabruak eraman nazala, —esan zuen Dedalus jaunak garbi hitz eginez— tabako txar zikin hori nola erre dezakezun entenditzen badut. Bolbora bezalakoa da, Jainkoaren izenean.

        — Oso goxoa da, Simon —erantzun zion agureak—. Oso freskagarri eta bigungarria.

        Horrela, ba, etxordera zuzentzen zen goizero osaba Charles, ez, ordea, kokoteko ilea tentuz olioztatu, orraztu eta sonbreiru kopazkoa zepillatu eta jantzi aurretik. Erretzen zegoen bitartean, sonbreiru kopazkoaren hegala eta pipa muturra ikusten ziren doi-doi etxordeko ate-zangoen atzetik. Bere lorietak, hala deitzen baitzion katua eta jardineko erremintekin partekatzen zuen etxorde ketsuari, oihartzun-kaxa ere egiten zion eta goizero kanta-murriatzen zuen alaikiro gustukoen zituen abestietako bat: Egidazu lorieta edo Begi Urdin Ile Hori edo Blarneyko Zuhaztiak, pipatik gora zihoazen ke kiribil gris-urdinak aire garbian galtzen ziren bitartean.

        Udako lehen partean Osaba Charles izaten zuen Stephenek etengabeko lagun Blackrocken. Osaba Charles harria bezala zegoen agurea zen, eguzki-koloreko aurpegia, eite zakarrak eta patilla zuriduna. Astegunetan enkarguak egiten ibiltzen zen Carysfort Avenueko etxea eta familiak erosi ohi zuen hiriko kale nagusiko denden atzean. Stephen pozik joaten zen harekin mandatu horietara, zeren eta osaba Charlesek oparotasunez hornitzen baitzuen erakusmahaiaz kanpotik zabalik zeuden kaxa edo kupeletan zegoenetik esku betean hartuta. Hartzen zuen esku bete mahats, txirbil eta guzti, edo hiruzpalau amerikar sagar ale eta iloba txikiaren eskuetan jartzen zituen eskuzabaltasunez, dendariak irribarre behartua egiten zuen bitartean; eta Stephenen ez hartu nahi itxuren aurrean, bekokia zimurtu eta honela esaten zion:

        — Hartu, jauna. Aditu didazu, jauna? Onak dira hesteetarako.

        Enkargu zerrenda apuntaturik geratzen zenean, parkera joaten ziren, non Stephenen aitaren adiskide zahar bat, Mike Flynn, banku batean eserita haien zain aurkitzen baitzuten. Orduan hasten zen Stephenen lasterketa saioa parkearen biran. Mike Flynn sarrerako atean, tren geltokitik hurbilenekoan, jartzen zen erlojua eskuan zuela, Sthephenek pistaren inguruan korritzen zuen bitartean Mike Flynnek gogokoen zuen estiban: burua tente, belaunak ondo jasoz eta eskuak aldamenetan behera zintzilik. Goizeko ariketa amaitzen zenean, entrenatzaileak bere komentarioak egiten zituen eta batzuetan ilustratu ere bai, lonazko oinetako zahar pare batean sartu oinak metro bat edo bestetan modu komikoan arrastatuz. Txundituriko haur eta haurtzain talde txiki bat inguratzen zitzaien ikusmiran eta han berandutzen ziren Osaba Charles eta biak berriro eseri eta atletismo eta politikaz hizketan hasten zirenean ere. Aitari entzuna bazion ere Mike Flynnen eskuetatik pasa zirela garai hartako korrikalari onenetariko batzuk, Stephenek maiz begiratzen zion bere entrenatzailearen aurpegi laxotu, bizar izpiz estaliari, zigarroa biltzeko behatz luze orbanduetara makurtzen zuenean, eta errukitu egiten zuten haren begi urdin brilu gabe samurrek, ari zen lanetik bat-batean jasoz urrunalde urdinera lausoki begiratzen zutenean, behatz luze zurrunduek biltzeari utzi eta tabako ale eta izpi batzuk atzera petakara erortzen zirela.

        Etxerakoan Osaba Charlesek sarritan egiten zuen kaperara bisita eta, ur bedeinkatu ontzia Stephenen helmenetik goregi zegoenez, agureak sartzen zuen eskua eta frist-frast urez zipriztintzen zituen Stephenen arropa eta portiko zorua. Errezatzeko, painelu gorriaren gainean belaunikatzen zen eta hots handian irakurtzen zuen behatz handi arrastoz belzturiko otoitz-liburu batetik, zeinaren orrialde guztien barrenean lemak zeuden inprimatuak. Stephen ondoan belaunikatzen zen, haren debozioa, nahiz eta ez partekatu, errespetatuz. Askotan galdetzen zion bere buruari zertarako errezatzen ote zuen osaba txikiak halako benaz. Agian, purgatorioko arimen alde edo heriotza on baten grazia eskatuz errezatuko zuen edo, agian, Corken xahutu zuen ondasun handia itzul ziezaiola eskatuko zion Jainkoari.

        Igandeetan Stephenek, aitak eta osaba txikiak ibilaldi luze osasungarri bat egiten zuten. Agurea ibiltari bizkorra zen oinetako maskurrengatik eta sarritan hamar-hamabi miliako bidea egiten zuten. Stillorgan hirixkan zegoen bidegurutzea. Batzuetan ezkerrera hartzen zuten Dublingo mendietarantz eta besteetan Goatstowngo bidetik Dundrumera, Sandyfordik etxera itzuliz. Bidean zihoazela, nahiz bide bazterreko taberna ziztrinen batean geratzen zirela, nagusiek gogokoen zituzten gaiak izaten zituzten etengabe mintzagai: Irlandako politika, Munster, familiako kondaira; eta guzti horri belarria adi egoten zitzaion Stephen. Ulertzen ez zituen hitzak behin eta berriz errepikatzen zituen bere artean, buruz ikasten zituen arte, eta hitz horien artetik barruntatzen zituen inguratzen zuen mundu errealaren zantzuak. Mundu horretako bizitzan parte hartuko zuen ordua gerturatzen ari zela zeritzon eta sekretuan prestatzen hasia zegoen ustez espero zion eginkizun handirako, zeinaren izatasuna ilunki baizik atzematen ez zuen.

        Arratsak beretzat bakarrik izaten zituen eta Monte Cristo Kontearen itzulpen zahar-banatu baten irakurketan murgiltzen zen begiak betean. Mendekatzaile makur haren figura agertzen zitzaion gauza estrainio eta izugarriez haurtzaroan entzun edo asmatu zuen guztiaren irudi. Gauean egongelako mahaian irla miresgarria eraikitzen zuen kalkamoniaz, paperezko lorez, kolorezko seta-paperez eta txokolatea bilduta zetorren zilar eta urre koloreko paper tiraz. Eta dekoratu hau, zeukan oropelak ok eraginda, puskatzen zuenean, Marseilako irudi argitsua, sareta eguzkiz beteak eta Mercedes etortzen zitzaizkion gogora.

        Blackrocken aldirietan, mendietara zeraman bidean, zuriz zarpeaturiko etxetxo bat zegoen, jardinean arrosa asko zituena; eta etxe horretan, hala esaten zion bere buruari, beste Mercedes bat bizi zen. Nola harunzko hala etxerako txangoetan mugarri horren bidez neurtzen zuen bidea; eta irudimenean abentura sail luze bat bizi izaten zuen, liburukoak beraiek bezain zoragarriak, zeinen amaiera aldera bere buruaren imajina agertzen baitzen, zaharragotua eta tristeagotua, jardinean ilatargitan Mercedesekin, hainbeste urte aurretik maitasuna ukatu zion Mercedesekin, eta errefusezko keinu harro batez tristeki esaten ziolarik:

        — Andere, ez dut jaten moskatel mahatsik.

        Aubrey Mills izeneko mutil baten lagun egin zen eta bien artean abenturari koadrila bat sortu zuten ibilbidean. Aubreyek txilibitu bat eramaten zuen botoi-zulotik zintzilik eta bizikleta faro bat gerrikoari lotuta, gainontzekoek eurenetan ziri motz batzuk daga gisara sarturik zeramatzaten bitartean. Stephenek, Napoleonen janzkera sinplearen berri irakurria zuenez, apaingarririk gabe geratzea aukeratu zuen eta, horrela, handiagotu egiten zitzaion aginduak eman aurretik lugartenientearekin kontseilua ospatzeko plazera. Koadrilak erasoaldiak egiten zituen neskazaharren jardinetan edota gaztelura jaitsi eta bataila batean borrokatzen zuten belartxarrez bizarturiko harkaitzen gainean, ondoren etxeratzen zirelarik, azkendu nekatuen gisa, padurako usain minak sudurzuloetan eta itsas belarren olio sendoak eskuetan eta ilean.

        Aubrey eta Stephenek esnezale bera zuten eta askotan joaten ziren esne-gurdian igota Carrickminesera, behiak larrean zebiltzan lekura. Gizonek behiak jetzi bitartean, mutilak behor mantso baten gainean landari buelta emateko txandatzen ziren. Baina udazkena etorri zenean, behiak larretik etxera eraman zituzten; eta Stradbrookeko ukuilu zikinaren lehen ikusteak, hango ur-aska berde nazkagarriak, simaur likido bilduak eta zahi-aska lurruntsuak goragalea eman zioten Stepheni. Eguzki egunetan landan hain eder ageri zen ganaduak nazka eman zion eta ezin zion begiratu ere egin ematen zuten esneari.

        Irailaren etorrerak ez zuen kezkatzen aurten, ez baitzuten berriro Clongowesera bidaliko. Parkeko ariketa Mike Flynn ospitalera joan zenean bukatu zen. Aubrey eskolan zen eta arratsaldean ordu bat edo bi besterik ez zeukan libre. Sakabanatu zen koadrila eta ez zen gehiago arrats-erasoaldirik eta harkaitzetan batailarik izan. Batzuetan gaueko esnea partitzen zuen gurdian joaten zen Stephen; eta txango freskagarri horiek ahaztu erazi zioten ukuiluko zikinaren oroimena eta ez zion nazkarik ematen esnezalearen txaketan behi ileak eta belar haziak ikusteak. Gurdia etxaurre batean geratzen zen bakoitzean, zain geratzen zen, ondo fregatutako sukalde bat edo suabeki argiztatutako ezkaratz bat barruntatzeko edo neskameak pitxerrari nola eusten zion eta atea nola ixten zuen ikusteko. Bizimodu aski atsegina izan behar zuela pentsatu zuen arratsero esne partitzen bideak korritzea, goante beroak eta bidean jateko jengibre galleta zorro handi bat patrikan edukiz gero. Baina parkearen biran korrika zebilela goragaletu eta izterrak bat-batean tolestarazten zion aurreikusmen berak, entrenatzailearen aurpegi laxotu, bizar izpiz estaliari behatz luze orbanduetara astunki makurtzen zuenean mesfidantzaz begirarazten zion susmo berak aienatu zion etorkizunaren ikuspen oro. Ilunki bederen, aitak arazoak zituela ulertu zuen eta hor zegoela berriro Clongowesera bidali ez zutenaren arrazoia. Garai batetik hona aldakuntza txiki bat nabari zuen etxean; eta aldaezinak jotzen zituen gauza horien aldaketak beste hainbeste kolpetxo izan ziren berak zuen munduaren mutiko-ikuspenarentzat. Barren sakonean noiz behinka sentitzen zuen borborioak ez zuen bilatzen kanpora biderik. Kanpoko munduaren iluntasuna bezalako batek goibeltzen zion gogoa, Rock Roadeko tranbia bidean aurrera, behorraren ferra hotsa eta atzeko esne-ontziaren zabua eta dilinda-soinua entzunez zihoalarik.

        Mercedesengana itzuli zen eta, haren irudia buruan zerabilelarik, desosegu estrainio bat lerratu zitzaion zainetan gora. Batzuetan sukar batek mendean hartzen zuen eta alderrai ibilarazten zuen ibilbide isilean bakarrik. Jardinetako bakeak eta leihoetako argi xeratiek itzal samur bat isurtzen zioten bihotz artegari. Jolasean zebiltzan haurren hotsak higuin ematen zion eta haien ahots txoroek besteak ez bezalakoa zela sentiarazten zioten, Clongowesen sentitzen zuen baino ere biziago. Ez zuen jolas egin nahi. Bere arimak etengabe sumatzen zuen irudi irreala aurkitu nahi zuen mundu errealean. Ez zekien non eta nola bilatu, baina barruak esaten zion irudi hori berez aurkeztuko zitzaiola, berak ekintza nabarmenik egin gabe. Lehendik ezagunak balira bezala eta zita egina balute bezala, aztoramenik gabe egingo zuten topo, etxaurreko langa haietako batean edota leku sekretuago batean, agian. Bakarrik egongo ziren, ilunpeak eta isiltasunak inguraturik; eta samurtasun goreneko une hartan itxuraldaturik geratuko zen. Ukiezinezko zerbaitetan desegingo zen neskaren begien aurrean eta bat-batean itxuraldaturik geratuko zen. Ahuldura, lotsa eta esperientziarik eza erori egingo zitzaizkion une magiko hartan.

        Goiz batean bi furgoi hori handi gelditu ziren ate aurrean eta gizon batzuk sartu ziren baldarki etxea hustera. Altzariak aurrealdeko jardinetik, txirbil izpi eta soka muturrez estalia zegoenetik atera eta langa aurreko furgoitzarretan sartu zituzten. Dena seguru metatuta geratu zenean, furgoiak zaratatsu abiatu ziren ibilbidean behera; treneko leihotik ikusi zituen Stephenek amarekin zihoalarik —ama begiak gorrituta—, Merrion Roadetik astunki igarotzen.

        Egongelako suak ez zuen tiratzen arrats hartan eta Dedalus jaunak su-gakoa parrillaren barren kontra jarri zuen garra erakartzeko. Osaba Charles erdi-lotan zegoen alfonbra gabeko gela erdi-jantziaren izkina batean eta ondoan familiako erretratuak zeuden hormaren kontra. Mahai gaineko lanparak argi ahul bat barreiatzen zuen furgoizaleen oinek lokazturiko oholezko zorura. Stephen aitaren ondoan aulki motz batean eserita zegoen bakarrizketa luze eta zentzugabe bat entzuten. Hasieran ez zuen ezer edo gutxi besterik ulertzen, baina poliki-poliki jabetuz joan zen aitak etsaiak zituela eta borrokaren bat izatekoa zela. Halaber igarri zion bera ere borrokarako alistatzen ari zirela, eginbeharren bat bizkarreratzen ari zitzaizkiola. Blackrockeko erosotasun eta liluratik bat-batean egindako ihesak, hiri goibel lainotsua zeharkatzeak eta orain bizi behar zuten etxe huts tristean pentsatzeak bihotza mintzen zion: eta berriz ere, etorkizunaren susmo bat, aurreikusmen bat izan zuen. Orain ulertzen zuen zergatik egoten ziren zerbitzariak sarritan ezkaratzean elkarren artean txutxu-mutxuan eta zergatik egoten zen aita su aurreko alfonbran suari bizkarrez zutik osaba Charlesi ozenki hizketan, honek behin eta berriz eseri eta afal zezala esaten ziolarik.

        — Oraindik ez diat azken kartutxoa erre, Stephen —esan zuen Dedalus jaunak gakoarekin su erdi itzalia indar basatiaz zirikatuz—. Oraindik ez gaudek hilda, seme. Ez, Kristo! (Jainkoak barka nazala), ezta gutxiagorik ere.

        Dublin sentsazio berri eta konplexu bat zen. Osaba Charles talentu guztia joanda zegoen eta ez zegoen enkarguetara bidaltzerik, eta etxe berrian lekutzeko desordenak askeago uzten zuen Stephen, Blackrocken izan zena baino. Hasera batean auzoko enparantzari itzulinguru uzkurrak ematearekin konformatzen zen, edo, gehienera ere, alboko kale baten erdibidea egitearekin. Baina hiriko maparen hezurtura bat buruan egin zuenean, kale nagusietako batetik jarraitu zuen ausarki Aduana-Etxera iritsi zen arte. Inork altorik bota gabe igaro zituen kai eta nasak, begi luzez begira ur gainean apar horia osatuz bilin-bolon zebilen kortxo pilari, zamaketari andanari, gurdi burrundariei eta gaizki jantzitako guardia bizardunari. Hormen luzetara metaturiko merkagai zamek nahiz bapore-ontzien soto gainetan haizeak astintzen zituenek bizitzaren zabala eta estrainiotasuna iradoki zioten, eta horrek, berriro ere, Mercedesen bila jardinez jardin alderrai bidaltzen zuen desosegua itzarri zion. Eta bizitza zalapartatsu berri honen erdian beste Marseila batean zegoela uste izango zukeen, zeru argitsua eta tabernetako sareta eguzkiz beteak falta izan ez balira. Deskontentu ilun bat nagusitzen zitzaion nasak, ibaia eta zeru itxiak ikustean, baina, hala ere, eguna joan eta eguna etorri jo gora eta jo behera jarraitzen zuen, ihes egiten zion norbaiten bila balebil bezala.

        Behin edo bitan senitartekoak bisitatzera joan zen amarekin; eta Gabonetako argi eta apaingarriz dotoretu denda ilara alai bat igaro zuten arren, mingostasun isilezko aldarteak ez zion alde egin. Mingostasun horren arrazoiak ugariak ziren, urrunak eta hurbilak. Haserre zegoen bere buruarekin gazte izateaz eta bihozkada txoro egonezinen harrapakin izateaz, haserre baita ere mundua ikuskizun zikin eta egia gabean birmoldatzen ari zen fortunaren aldaketarekin. Haserreak, ordea, ez zuen ezer konpontzen. Egonarriz kronikatzen zuen ikusten zuena, bere burua guzti horretatik aparte utziz eta zuen zapore mingarria sekretuan aztertuz.

        Izebareneko sukaldeko aulki bizkar gabean zegoen eserita. Lanpara erreflektore bat zegoen sutegiko horma ziratutik zintzilik eta haren argitan ari zen izeba magalean zuen arratsaldeko egunkaria irakurtzen. Han zetorren erretratu irribarretsu bati denbora luzean begira egon zen izeba eta honela esan zuen pentsakor:

        — Mabel Hunter ederra!

        Ile kiribildun neskatila bat hanka-puntetan jarri zen erretratua ikusteko eta bigunki esan zuen:

        — Non egiten du lan, ama?

        — Pantomiman, laztana.

        Haurrak amaren maukaren kontra jarri zuen buru kiribilduna erretratutik begiak kendu gabe eta liluraturik bezala xuxurlatu zuen:

        — Mabel Hunter ederra!

        Liluraturik bezala, begiak luzaroan eduki zituen mindulinkeriazko begi zirikatzaile haietan jarrita eta honela murmuratu zuen kartsuki:

        — Bai zoragarria dela!

        Mutiko bat sartu zen kaletik, ikatz zamaren azpian okerturik oinkada gogorrak emanez, eta neskatilaren hitzak entzun zituen. Berehalakoan karga lurrera bota eta lasterka joan zen neskatilaren ondoan esertzera. Egunkariaren ertzak bere esku gorritu eta belztuekin mazkildu zituen, ez zuela ikusten eta neskatilari albora bultzaka.

        Etxe zahar ilunaren goiko solairuko gosal gela estuan zegoen eserita. Sutargiak horman errainu egiten zuen eta leihoaz haranztik ilunabar espektral bat sartzen ari zen ibaiaren gainean. Su aurrean emakume zahar bat tea prestatzeari emana zebilen eta, hara-honako jardunean, apaizak eta sendagileak esan zutena errepikatzen zuen. Azkenaldian zenbait aldaketa ikusi ziotela neskatilari eta egin eta esaten zituen gauza arraroak ere aipatu zituen. Stephen eserita zegoen entzuten eta ikatz goriek ematen zituzten abentura-bideak jarraitzen: arkuak, bobedak, galeria bihurriak eta leize koskadunak.

        Bat-batean atean zerbait zegoela konturatu zen. Buru-hezur bat agertu zen ate-zuloko ilunpean airean geldi. Tximino antzeko kreatura mengel bat zegoen han, sutondoko hitz-hotsak erakarrita etorria. Intziri-ahots bat entzun zen atean galdezka:

        — Josephine al da?

        Emakume zahar atazatsuak alaikiro erantzun zion sutegitik:

        — Ez, Ellen, Stephen da.

        — A... A, gabon, Stephen.

        Stephenek agurrari erantzun zion eta atean zegoen aurpegian irribarre lerdo bat zabaltzen ikusi zuen.

        — Ezer nahi al duzu, Ellen? —galdetu zuen sutondoko emakume zaharrak.

        Baina galderari erantzun gabe esan zuen:

        — Josephine zela uste nuen. Josephine zinela uste nuen, Stephen.

        Eta hori behin eta berriz errepikatuz barre ahul bat egin zuen.

        Harold's Crossen haurren festa batean zegoen eserita. Begira egoteko jarrera isil hura gailendu zitzaion eta ez zuen parte handirik hartu jokoetan. Haurrak, txapligu hondakinak eskuetan, jolas eta jauzi zebiltzan zaratatsu eta, haien alaitasuna partekatzen ahalegindu zen arren, figura triste bat bezala ikusten zuen bere burua hiru adarreko kapela eta sonbreiru zabal alaien artean.

        Baina bere abestia abestuta gero gelako zokondo baten babesera erretiratu zenean, bakardadearen poza dastatzen hasi zen. Bozkarioa, arratsaldearen hasieran faltsua eta azalekoa iruditu zitzaiona, haize bafada aringarri bat bezala gertatzen zitzaion orain, zentzumenetatik barrenera sartuz, odol sukartuaren aztoramena besteren begietatik gordetzen ziola, dantzarien zirkulua igaro eta musika eta barreen artetik neska haren begirada zokondoraino iristen zenean, bere bihotza lausengatu, eztendu, miatu eta kilikatuz.

        Azkeneraino geraturiko haurrak arropak janzten ari ziren ezkaratzean: amaitua zen festa. Neska txal batean bildu zen eta, elkarrekin tranbiara zihoazelarik, haren arnasa heze epelaren lurruna buru kaputxatuaren gainetik alaiki hegaldatzen zen eta zapatek tipi-tapa hots alaia ateratzen zuten kaleko antzigarretan.

        Azkeneko tranbia zen. Zaldi nabar iharrek bazekiten eta txintxarriak astintzen zizkioten gau argiari oharpen gisara. Kobratzailea gidariarekin hizketan zihoan, biak behin eta berriz buruaz baiezka lanpararen argi berdetan. Koloretako txartel batzuk ageri ziren tranbiako eserleku hutsetan sakabanatuta. Kalean ez zen oin-hotsik ez gora ez behera. Ez zuen hots batek ere gaueko bakea hausten, zaldi nabar iharrek elkarri muturrak igurtzi eta txintxarriak astintzen zituztenean bestetan.

        Biek entzuten ziruditen: bera goiko mailan eta neska behekoan. Zenbait alditan goiko mailara igo zen neska eta gero, berriro, esaldien artean, jaitsi egiten zen, baina behin edo bitan goian geratu zen une batez bere ondoan, behera joatea ahaztuta, eta gero jaitsi zen. Stephenen bihotza haren mugimenduekin batera zebilen, kortxoa olatu gainean bezala. Aditzen zuen haren begiek kaputxaren azpitik esaten ziotena eta bazekien iragan urrunen batetan, bizitzan zela edo ametsetan zela, entzuna zuela noizbait istorio hura. Ikusi zuen xarmak nabarmentzen: soineko polit hura, gerrikoa eta galtzerdi beltz luzeak; eta bazekien errenditu zutela jada mila aldiz xarma haiek. Bere baitan, ordea, mintzo bat altxatzen zitzaion bihotz saltariaren zarataren gainetik eta galdetzen zion ea opari hura, eskuak luzatu eta hartu besterik ez zeukana, hartu behar zuen. Eta Eileen eta biak hoteleko kanpoei begira egon ziren egun hura etorri zitzaion gogora, zerbitzariek bandera hagan goratzen zebiltzana eta fox terrierra zelai eguzkitsuan batera eta bestera lasterka, eta nola, bat-batean, Eileen barre algaraka hasi eta bideko bihurgune aldapatsuan behera korrika joan zen. Orduan bezala orain ere, zegoen lekuan geratu zen mugitzeko ahalmenik gabe, bere aurrean gertatzen zen eszenaren ikusle lasai baten antzera.

        — Horrek ere nik heltzea nahi dik, —pentsatu zuen—. Horregatik etorri duk nirekin tranbiara. Erraz hel niezaiokek nire mailara igotzen denean: inor ez zegok begira. Heldu eta besarkatu ahal izango niake.

        Baina ez zuen egin ez bat ez bestea. Eta tranbia hutsean eserita bakarrik geratu zenean, txartela puska txiki egin zuen eta oin-oholdura kanalatuari begira geratu zen.

 

 

        Biharamunean ordu asko eman zituen goiko gela biluziko bere mahaian eserita. Aurrean zeuzkan luma berria, tintontzi berria eta esmeralda koloreko koaderno berria. Ohituraren ohituraz lehen orrialdearen goialdean jesuiten lemaren inizialak zeuzkan idatzita: A.M.D.G. Orrialdearen lehen lerroan, idatzi nahian zebilen neurtitzen izenburua ageri zen: E-C-ri. Bazekien hasera ondo zegoela, zeren horrela moduzko tituluak ikusiak baitzituen Lord Byronen poema bilduman. Izenburu hau idatzi eta azpian marra apaingarri bat egin zionean, ameskeria batean erori zen eta zirriborroak egiten hasi zen liburuaren azalean. Brayen ikusten zuen bere burua, Eguberri afaritan mahaian izandako eztabaidaren ondorengo goizean, mahaian eserita Parnelli poema bat egin nahian aitaren bigarren ordain-epearen agirietako baten atzealdean. Baina orduan gaiari heltzeari uko egin zion buruak eta, etsita, ikaskide batzuen izen-helbidez bete zuen orrialdea:

 

                Roderick Kickham

                John Lawton

                Anthony MacSwiney

                Simon Moonan

 

        Orain ere pot egitera zihoala ematen zuen, baina gorabehera hausnartzearen poderioz, konfiantzatsu aurkitzen zen. Prozesu honetan, arrunt eta garrantzi gabeak jotzen zituen elementuak eszenatik irten ziren. Ez zen arrastorik geratu ez tranbiarenik ez tranbiazaleenik ez zaldienik; neska eta biak ere ez ziren garbi azaltzen. Neurtitzek gaua, haizeño baregarria eta ilargiaren brilu birjinala bakarrik aipatzen zuten. Nolabaiteko atsekabe zehazgabe bat gordetzen zen protagonisten bihotzetan, arbola soilduen azpian isilik zeudelarik, eta adioaren momentua heltzean, batak ukatu zuen musua biek eman zuten. Honen ondoren L.D.S. letrak idatzi zituen orrialdearen barrenean eta liburua ezkutatuta gero, amaren logelara joan zen eta tokadoreko ispiluan bere aurpegiari begira egon zen luzaroan.

        Baina opor eta askatasun denboraldi luzea amaitzear zegoen. Arrats batez aita berori askorekin etxeratu zen eta afal arte guztian ez zen isildu. Stephen aitaren itzuleraren zain egon zen, zeren eta egun hartan arkume gisatua zegoen eta bazekien ogia saltsatan bustitzen utziko ziola aitak. Baina ez zuen gozatu gisatua, Clongowesen aipamenak gustu txarra jarri baitzion ahosabaian.

        — Trik egin dut berarekin —esan zuen Dedalus jaunak laugarren aldiz—, enparantza kantoian bertan.

        — Hortaz, zer edo zer egin ahal izango du —esan zuen Dedalus andreak—. Belvederekoarekin, alegia.

        — Bai horixe, —esan zuen Dedalus jaunak—. Ez dizut, ba, esan ordenako probintziala dela orain?

        — Neronek ere ez nuen batere gogoko Kristau Ikasbideko Anaiengana bidaltzeko ideia —esan zuen Dedalus andreak.

        — Zer Kristau Ikasbideko Anaiak eta zer arraio! Paddy nazkagarri horrekin eta Mickey zikin horrekin ala? Ez, jesuitekin gera dadila, haiekin hasi zenez gero. Probetxugarri izango zaizkio gerora. Horiek dira giza maila bat emango diotenak.

        — Eta oso Ordena aberatsa da, ezta Simon?

        — Horixe baietz. Ondo bizi dira horiek, ez pentsa. Ikusi zenuen nolako mahaia zeukaten Clongowesen. Nahikoa janda, Kristo!, dema-oilarrak bezala.

        Dedalus jaunak Stepheni pasa zion bere platera, geratzen zena bukatu nahi bazuen.

        — Orain, Stephen, gurdiari bizkarra erantsi beharrean hago. Oporraldi luze bikaina izan duk eta.

        — Ziur nago orain gogor egingo duela lan, —esan zuen Dedalus andreak—, batez ere Maurice berekin duelarik.

        — A, San Paulo! Ahaztuta nengoen Mauricekin —esan zuen Dedalus jaunak—. Etorri, Maurice! Hator hona, alproja kaskagogor hori! Ba al dakik k.a.t.u. nola idazten den erakutsiko diaten ikastetxe batera bidaliko haudala? Eta penikeko esku-painelu txiki polit bat erosiko diat sudurra lehortzeko. Hori izango duk ona, e?

        Mauricek hortz-irribarre bat zuzendu zion aitari eta gero anaiari. Dedalus jaunak monokuloa begian torlojtu eta bi semeei tinko begiratu zien. Stephenek ogia marruskatzen segi zuen aitaren begirakuneari erantzun gabe.

        — Eta kontu hauek jota —esan zuen Dedalus jaunak azkenean—, errektorea, edo probintziala hobeto esan, Aita Dolanen eta hire arteko istorio hori kontatzen aritu zaidak. Alproja lotsagabe bat haizela esan dik.

        — Ez zuen hori esango, Simon!

        — Bai zera! —esan zuen Dedalus jaunak—. Baina gorabeheraren zer-nola guztiak eman dizkit. Berriketan ari ginen, badakizu, eta hitz batek besteari ematen zion bide. Eta, bide batez, zeinek uste duzu esan didala hartuko duela batzarreko kargua? Baina esango dizut hori gero. Bada, esaten ari nintzen bezala, berriketan ari ginen aski lagunkiro eta galdetu dit ea gure honako adiskide honek betaurrekoak erabiltzen jarraitzen duen eta orduan kontatu dit istorio guztia.

        — Eta haserre al zegoen, Simon?

        — Haserre? Bai zera! Mutil motz bipila! esan du.

        Dedalus jaunak probintzialaren sudur-ahots milika imitatu zuen.

        — Aita Dolanek eta biok, afarian denei kontatu nienean, Aita Dolanek eta biok nahiko barre egin genuen. Kontuz ibil zaitezke, Aita Dolan, esan nion, bestela Dedalus txikiak bi bider bederatzi hartzera bidaliko zaitu. Barre gozoak egin genituen horren kontura. Ja! Ja! Ja!

        Dedalus jauna emaztearengana jira eta bere tonuan tartekatu zuen:

        — Horrek erakusten dizu zer izpiriturekin hartzen dituzten han mutilak. Jesuitei utzi beharra dago diplomazia kontuan!

        Berriro probintzialaren ahotsa jarriz esan zuen:

        — Afarian denei kontatu nien eta Aita Dolanek, neuk eta beste guztiok makina bat barre egin genuen horren kontura. Ja! Ja! Ja!

 

 

        Bazko-jai gana heldu zen eta Stephenek jantzi-gelako leihotik kolorezko faroltxo ilarek alderik alde gurutzatzen zuten zelai txikira begiratu zuen. Bisitariak etxeko mailak jaitsi eta antzokira sartzen ikusi zituen. Gaueko trajez jantziriko antolatzaileak, Belvedereko ikasle-ohiak, taldetan zebiltzan antzoki sarrera inguruan eta zeremonioski laguntzen zituzten bisitariak euren lekuetara. Bat-batean, faroltxo baten argitan apaiz baten aurpegi irribarretsua ezagutu ahal izan zuen.

        Sakramentu Santua sagrariotik atera eta lehenengo bankuak atzeratu egin zituzten aldare-aurrea libre uzteko. Hormen kontra jarrita pisuekiko barra luzeak eta maza indiarrak zeuden; pisuekiko barra motzak izkina batean metaturik zeuden, eta kontaezin hainbat gimnasia-oinetako pilatxo eta jertse eta elastiko pakete nabar nahaspilatuen artean larruz zorroturiko jauzi-zaldi trinkoa zegoen eszenatokira igoa izateko zain eta gimnasia erakusketaren amaieran ekipo irabazlearen erdian ipinia izateko zain.

        Stephenek, idazlanetan zuen famari adeiz gimnasioko idazkari izendatu bazuten ere, ez zuen parterik hartzen egitarauaren lehen atalean, baina bigarrena osatzen zuen antzezlanean berak zuen paper nagusia: pedagogo irrigarri batena. Garaiera eta manera serioengatik aukeratu zuten, zeren orain bi urte betetzear ziren Belvederen zegoela eta bigarrenean baitzegoen.

        Gazteenetariko hogei bat mutiko, galtza motz eta elastiko zuriz jantzita, eszenatokitik jaitsi eta sakristiatik kaperara joan ziren. Sakristia eta kapera maisu eta mutiko urduriz beteta zeuden. Sarjentumaior potzolo burusoila itzulipurdietarako zaldiaren jauzi-ohola probatzen ari zen oinarekin. Soingaineko luzez jantziriko mutil gazte mehea, maza-astinketa korapilatsu baten erakusketa berezia egin behar zuena, ondoan zegoen arretaz begira, zilar-koloreko maza muturrak patrika sakonetatik agerian zituela. Zurezko pisuen durunda arola entzun zen beste ekipo bat eszenatokira igotzeko prestatu zenean, eta handik pixka batera prefektu aztoratuak mutilak sakristiatik zehar ahate sail baten antzera presarazten zituen sotana hegalak urduri astinka eta atzeratuei mugi zitezela garrasika. Napolitar baserritar talde bat dantza-urratsak entseatzen ari zen kaperaren beste muturrean, batzuk besoak buruaren gainetik arkutuz, beste batzuk paperezko bioleta otarrak zabukatuz gurrak eginez. Kaperako zoko ilun batean, aldareko ebanjelioaren aldean, andere zahar sendo bat zegoen belauniko gona beltz harroen erdian. Zutitu zenean, arrosaz jantzitako figura bat agertu zen, urre koloreko peluka kizkur bat eta modaz pasatutako lastozko kapela batekin, bekainak lapitz beltzez marratuak eta masailak leunki haustu eta gorriztatuak zituela. Jakin-minezko murmurio isil batek zeharkatu zuen kapera, emakumezko figura hau azaltzean. Prefektuetako bat, irribarretsu eta buruari eraginez, zoko ilunera gerturatu zen eta buruarekin andere zahar sendoari gur egin ondoren, honela esan zion atseginez:

        — Dama gazte eder bat ala panpina da honako hau, Talion andrea?

        Eta gero, kapelaren hegal azpiko aurpegi margotu irribarretsua gertutik ikusteko makurtu zenean:

        — Ez! Hau inondik ere Berne Talion koskorra da!

        Stephenek bere leiho ondoko postutik entzun zituen andere zaharraren eta apaizaren barreak eta baita atzeko mutikoen mirespenezko murmurioak ere, kapelaren dantza bakarka dantzatu behar zuen mutil koskorra ikusteko aurreratu zirenean. Egonezinari ezin eutsi izan zion Stephenek. Gortina ertzari jaregin, igota zegoen bankutik jaitsi eta kaperatik irten zen.

        Ikastetxe egoitza gurutzatu eta jardinari albo egiten zion aterpean geratu zen. Aurrez aurre zegoen antzokitik entzulegoaren berbaro itzalia zetorren eta soldadu bandaren bat-bateko brontze-hotsa. Sabai kristalatutik gora barreiatzen zen argitasunak jai-arka baten itxura ematen zion antzokiari, etxe-kroskoen artean ainguraturik eta faroltxo ilaren kable hauskorren bidez amarrei lotuta. Bat-batean antzokiko alboko ate bat zabaldu zen eta argi-gezi bat jaurtiki zuen belar gainera. Eta musika brastada bat Men zen arkatik: vals baten preludioa; eta alboko atea berriro itxi zenean, musikaren erritmo itzalia entzun ahal izan zuen. Aitzin konpasen sentimenduak, mugimendu goibel eta malguak, egun osoko desoseguaren eta arestiko egonezinaren kausa zen emozio komunikaezina berpiztu zion. Soinu uhin bat bezala sortzen zitzaion desosegu hura; eta arka bazihoan musikaren olatuen gainean kulunka, atzetik faroltxo ilarak narran zituela. Halako batean artilleria nano batena bezalako hotsak eten zuen mugimendua. Pisu-ekipoaren eszenaratzea agurtzen zuten txaloak ziren. Aterpearen beste muturrean, kaletik hurbil, argi arrosa fits bat ageri zen ilunpean eta inguratu zenean, aroma usain arin bat nabaritu zuen. Bi mutil zeuden ate-babesean zutik erretzen eta ondoratu zen baino lehen Heron ezagutu zuen ahotsagatik.

        — Hona hemen Dedalus noblea! —egin zuen eztarri-boz ozen batek—. Ongietorri gure lagun leialari!

        Ongietorria algara txiki alaitasun gabeko batekin bukatu zen eta Heron, gur keinuak egiteari utzi zionean, makilarekin lurra zirikatzen hasi zen.

        — Hemen nauk —esan zuen Stephenek—, gelditu eta batean Heroni eta bestean honen lagunari begiratuz.

        Azken hau ez zuen ezaguna, baina ilunpean, zigarro puntaren argitan, antzeman zituen xanfarin aurpegi zurbil bat astiro irribarrez eta figura garai bat abrigu eta ondo sonbreiru batekin. Heronek ez zuen aurkezpena egiten lanik hartu, baina horren ordez zera esan zuen:

        — Oraintxe ari ninduan Wallisi esaten juerga ederra litzatekeela gaur gauean hire maisuaren paperean errektorea imitatuko bahu. Berealdiko broma izango huke.

        Ahalegin kaskar bat egin zuen Heronek lagunarentzat errektorearen baxu-boz pedantea imitatzen, baina bere porrotari barre eginez, Stepheni eskatu zion imita zezala.

        — Tira, Dedalus —animatzen zuen—, izugarri poliki imitatzen duk hik Elizari obeditzen-n-e ez dioana izan bedi zuretzat-t-e jentila eta publikanoa bezala.

        Wallisen haserre imintzio arin batek eragotzi zuen imitazioa, bokilan zigarroak ondo tiratzen ez ziolako.

        — Bokila amorragarri madarikatu hau —esan zuen ahotik kendu eta eramankizunez irribarre egin eta bekokia zimurtuz. Beti berdin trabatzen duk. Hik erabiltzen duk bokilarik?

        — Ez diat erretzen, —erantzun zuen Stephenek.

        — Ez —esan zuen Heronek—, Dedalus gazte eredua duk. Ez dik erretzen, ez duk ferietara joaten, ez dik flirteatzen, ez dik horrelakorik bat ere egiten.

        Stephenek burua astindu eta irribarre egin zion bere lehiakidearen aurpegi gorri, mugikor, txoriarena bezalako mokodunari. Sarritan pentsatu izan zuen harrigarria zela Heronek txori aurpegia izatea, txori deitura zuen bezala. Ile argizko motots bat zeukan bekoki gainean, kukur harro baten antzera; bekoki estua eta hezurtsua zuen eta sudur mehe gako bat irteten zitzaion begi-junto irtenen, argi eta adierazpen gabeen artetik. Lehiakideak eskolagunak ziren. Klasean elkarren ondoan esertzen ziren, kaperan elkarren ondoan belaunikatzen ziren, arrosarioaren ondoren bazkaritan elkarrekin hitz egiten zuten. Goi mailako ikasleak nabarmentzen ez ziren kaskagogorrak zirenez, Stephen eta Heron izan ziren izatez urte osoan eskolako buruzagi. Eurak ziren errektorearengana joaten zirenak egun bateko jaia edo ikaskideren batentzat barkamena eskatzera.

        — A! hizpidera ekarriz —esan zuen bat-batean Heronek—, hire zaharra ikusi diat sartzen.

        Irribarrea aienatu egin zen Stephenen aurpegitik. Ikaskideren batek nahiz maisuren batek aita aipatzen bazuen, lasaitasuna galtzen zuen. Izukor geratu zen isilik, Heronek hurrena zer esango. Heronek, ordea, ukalondoko adierazgarri bat eman zion esanez:

        — Zakur maltzurra haiz hi.

        — Zer, ba? —esan zuen Stephenek.

        — Badirudik euliari hegoa kentzeko gauza ez haizela —esan zuen Heronek—, baina uste diat zakur maltzur bat haizela.

        — Jakin al litekek zertaz ari haizen? —esan zuen Stephenek adeitsu.

        — Nola ez, ba! —erantzun zuen Heronek—. Ikusi diagu neska, ez duk, Wallis? Eta polita duk, gainera, gogotik. Eta galdetaria! Eta zer paper egin behar du Stephenek, Dedalus jauna? Eta ez al du abestu behar Stephenek, Dedalus jauna? Hire zaharrak bere monokulo horren atzetik begiratzen zioan enpeinu guztian eta uste diat zaharrak hiri ere igarri diala. Niri ez litzaidakek batere inportako, Jupiter! Dotorea duk, ez, Wallis?

        — Ez zegok batere gaizki —erantzun zuen Wallisek patxadaz, bokila berriro ezpain ertzean ipiniz.

        Haserre eztenkada batek zeharkatu zuen une batez Stephenen gogoa arrotz baten presentzian egindako aipu ez-delikatu hauen aurrean. Berarentzat ez zen txantxetan hartzekoa neska baten ardura eta begiramena. Egun osoan ez zuen beste pentsamendurik izan, Harold's Crosseko tranbiaren mailetan despeditu zirena, emozio aldakorren uholdeak beregan egin zuen bidea eta horri buruz idatzi zuen poema izan ezik. Egun osoan berriro elkar aurkituko zutela imajinatzen egon zen, bai baitzekien antzerkira etortzekoa zela. Lehengo desosegu eta umore txarrak bete zion berriro barrena festa-egun gauean bete zion bezala, baina ez zuen neurtitzetan kanporatzeko biderik aurkitu. Hazkundea eta mutiltzaroaren bi urtetako ezagutza zeuden orduan eta orainaren artean, kanporabide hori galarazten zutela; eta atzera eta aurrera ibili zitzaion egun osoan barrengo samurtasun goibelezko uholdea korronte lasai eta zurrunbilo ilunetan, azkenean nekatzeraino, harik eta prefektuaren txantxak eta mutil txiki margotuak egonezina sortu zioten arte.

        — Ametitu beharko duk —jarraitu zuen Heronek— oraingo honetan majo igarri diagula. Hemendik aurrera ez dizkidak niri santuarenak egingo, hortik ziur ibili.

        Algara txiki alaitasun gabeko bat kanporatu zitzaion ezpainetatik eta arestian bezala aurrerantz makurtuz, pantorrilan jo zuen arinki makilarekin gaitzespen jostagarri gisara.

        Stepheni pasea zitzaion jada haserrealdia. Ez zegoen ez lausengatua ez nahastua. Broma amai zedila nahi zuen soilik. Apenas mindu zuen delikadezia falta txepela iruditu zitzaionak, bai baitzekien hitz haiek ez zutela bere baitako abentura arriskuan jartzen; eta bere aurpegiak lehiakidearen irribarre faltsua islatu zuen.

        — Ametitu ezak! —berresan zuen Heronek—, ostera makilarekin pantorrilan joz.

        Kolpea txantxetakoa zen, baina ez lehenengoa bezain arinki emana. Stephenek azkura eta berotasun arin eta kasik oinaze gabeko bat sentitu zuen larruazalean; eta menekotasunez burua makurtuz, bere lagunkidearen umore jostariarekin bategiteko bezala, Ni Bekataria esaten hasi zen. Pasadizoa ondo amaitu zen, zeren Wallis eta Heronek, biek, barkakoi egin baitzuten barre irreberentzia haren aurrean.

        Ezpainez soilik egin zuen Stephenek aitorpena, eta hitzak esaten ari zela, bat-bateko oroitzapen batek beste eszena batera garraiatu zuen, zeina magiaz bezala gogora etorri baitzitzaion Heronen ezpain irribarretsuen ertzetako zulotxo krudelak nabaritzean, pantorrilan makilak jotako kolpe ezaguna sentitzean eta oharpenezko hitz ezaguna entzutean:

        — Ametitu!

 

 

        Ikastetxean zeraman lehen hiru hilabetearen azken aldera zen, seigarrenean zegoela. Bere izaera sentikorra bizimodu ezezagun eta lohi baten zigorkadak jasaten ari zen oraindik. Kezkati eta eroria zuen oraindik arima Dublingo fenomeno ilunaz. Bi urtetako ameskeriaren liluratik irten eta bere burua beste eszena batean aurkitu zuen, zeinetako gertaera eta figura orok barren-barrenean erasaten baitzion, bihozgabetuz batzuetan, erakarriz besteetan, baina erakarri nahiz bihozgabetu egiten zuela, beti desoseguz eta gogoeta mingotsez betetzen zuen. Eskolako bizimoduak uzten zion denbora libre guztia idazle iraultzaileekin ematen zuen eta horien sarkasmo eta mintzaira bortitzak burmuinetan legamiztatu ondoren, bere idazlan heldugabeetara pasa ziren.

        Idazlana zeukan asteko eginkizun nagusitzat eta asteartero, etxetik eskolara bidean, bideko gora-beheretatik igartzen zion patuari, aurretik zihoanen batekin bere burua lehian jarri eta, puntu jakin batera iritsi baino lehen, aurre hartzeko pausoa bizkortuz edo espaloiko harlosen tarteetan urratsak tentuz emanez, asteko idazlanean lehenengoa izango zela ez zela bere artean esanez.

        Astearte batez bere garaipenen emana eten egin zen bat-batean. Tate jaunak, ingeleseko irakasleak, behatzarekin seinalatzen zuelarik, honela esan zuen zakarki:

        — Ikasle honek heresia dauka idazlanean.

        Isiltasuna egin zen klasean. Tate jaunak ez zuen hautsi, baizik eta eskua izterren artean sartu eta hazka hasi zen, alkandora almidoituak eskumutur eta lepoan kraxk-kraxk egiten ziola. Stephenek ez zuen bihirik jaso. Udaberriko goiz gordin bat zen eta begiak artean minbera eta ahul zituen. Kontziente zen porrotaz eta atzemana izateaz, bere gogoaren lohiaz eta etxekoaz, eta lepoaren kontra anoki bueltatu eta latzaren ertz zakarra sentitu zuen.

        Tate jaunaren algara labur ozen batek aisia gehixeago eman zion klaseari.

        Beharbada ez zinen konturatuko —esan zuen.

        — Non? —galdetu zuen Stephenek.

        Tate jaunak hatz egiteari utzi eta idazlana zabaldu zuen.

        — Hemen. Egilea eta arimaz ari delarik. E... e... e... A! Inoiz hurbilagotzeko aukerarik gabe. Heresia da hori.

        Stephenek xuxurlatu zuen:

        — Inoiz iristeko aukerarik gabe esan nahi nuen.

        Men egitea zen eta Tate jaunak, bareturik, idazlana tolestatu eta luzatu zion esanez:

        — A! Inoiz iristeko. Hori beste gauza bat da.

        Klasea, ordea, ez zen horren azkar baretu. Klase amaieran inork aferaren aipamenik egin ez bazion ere, sumatzen zuen halako orotariko poz gaizto bat.

        Denen aurrean eginiko agirika hori gertatu eta arrats batzuetara, eskutitz batekin zihoan Drumcondra kaletik, ahots baten deia entzun zuenean.

        — Alto!

        Jiratu eta klaseko hiru mutil ikusi zituen beregana zetozela ilunabarrean. Heron zen deiadar egin zuena, eta bere bi laguntzaileen erdian aurreratzen zen ahala, makila fin batekin airea ebakitzen zuen pausoaren erritmoan. Boland bere laguna zetorren aldamenean hortz-irribarrea aurpegian, eta Nash pauso batzuk atzeraxeagotik pausaje biziagatik arnaska eta burutzar gorria balantzaka.

        Mutilak Clonkiff kalean elkartu ziren orduko, liburu eta idazle kontuak jo zituzten, zer liburu irakurtzen ari ziren eta etxean norbere aitaren liburutegian zenbat liburu zegoen esanez. Stephenek harridura pixka betekin entzuten zien, izan ere, Bolan baitzen klaseko tontoa eta Nash alferra. Hala, idazle gogokoenez apur batean jardun ondoren, Nahs Marryat kapitainaren aldeko deklaratu zen, idazlerik handiena zela esanez.

        — Kontuak! —esan zuen Heronek—. Galdetu Dedalusi. Zein duk idazlerik handiena, Dedalus?

        Igarri zion Stephenek trufari galderan eta esan zuen:

        — Prosan esan nahi al duk?

        — Bai.

        — Newman, nik uste.

        — Newman kardenala? —galdetu zuen Bolanek.

        — Bai —erantzun zuen Stephenek.

        Hortz-irribarrea zabalagotu egin zen Nahsen aurpegi pekatsuan, Stephenengana itzuli eta esaten ziolarik:

        — Eta gustatzen al zaik Newman kardenala, Dedalus?

        — Askok ziotek Newmanek duela estilorik onena prosan —esan zien Heronek beste biei esplikazio gisara—; jakina, poeta ez duk.

        — Eta zein duk poetarik onean, Heron? —galdetu zuen Bolandek.

        — Lord Tennyson, jakina —erantzun zuen Heronek.

        — A, bai, Lord Tennyson —esan zuen Nahsek. Etxean badiagu liburu bat bere poema guztiekin.

        Honen aurrean, ahaztu zitzaion Stepheni isilik egoteko hartua zuen erabakia eta esan zuen:

        — Tennyson poeta? Tira, errimagile bat besterik ez duk eta!

        — Alde egik hortik! —esan zuen Heronek—. Mundu guztiak zekik Tennyson dela poetarik onena.

        — Eta hik nor uste duk, ba, dela poetarik onena? —galdetu zuen Bolandek—, aldamenekoa ukalondoarekin joz.

        — Byron, noski —erantzun zuen Stephenek.

        Heronek ekin eta gero hirurak mesprezuzko barrean bat egin zuten.

        — Zeri egiten diozue barre? —galdetu zuen Stephenek.

        — Hiri —esan zuen Heronek—. Byron poetarik onena! Jende ikasi gabearentzat bakarrik duk hori poeta!

        — Poeta ederra izango duk! —esan zuen Bolandek.

        — Hik hobe duk isilik egotea —esan zuen Stephenek, ausarki aurre egiten ziolarik—, hik poesiaz dakian guztia patioko arbeletan idatzi buena duk eta horregatik bidali hinduten ganbarara.

        Izan ere, esaten zen Bolandek idatzi zuela patioko arbeletan eskolatik etxera potoka gainean askotan joan ohi zen bere klaseko kide bati buruzko biko bertsoa:

 

                Tyson zaldian Jerusalena

                Erori eta hartu du Jesusena

 

        Erasoaldi honek isilarazi zituen bi lugartenienteak, baina Heronek aurrera jarraitu zuen:

        — Dena den, Byron heretikoa eta ezmorala ere bahuen.

        — Ez zaidak axola zer huen —egin zuen oihu Stephenek suharki—.

        — Ez zaiala axola heretikoa huen ala ez? —esan zuen Nashek.

        — Eta hik zer dakik? —oihu egin zuen Stephenek. Hire bizitza guztian ez duk eta lerro bat ere irakurri itzulpenen bat kenduta, eta ezta Bolandek ere.

        — Byron gizagaiztoa zela bazekiat —esan zuen Bolandek—.

        — Tira, heldu irmo heretiko honi —deiadar egin zuen Heronek.

        Momentuko preso aurkitu zen Stephen.

        — Tatek zentzarazi hinduen lehengoan —jarraitu zuen Heronek— hire idazlaneko heresia zela eta.

        — Bihar kontatuko zioat —esan zuen Bolandek—.

        — Hik? —esan zuen Stephenek—. Ez haiz ausartuko ahoa irekitzera.

        — Ausartu ez?

        — Ez, bizia estimatzen baduk.

        — Porta hadi! —egin zuen Heronek oihu—, makilarekin Stephenen pantorrila kolpatuz.

        Hori izan zen erasoari ekiteko zeinua. Nashek besoei atzean eusten zien bitartean, Bolandek erretenera botata zegoen aza zuztar luze bat hartu zuen. Makilakada eta zuztar begitsuaren kolpepean borrokan eta ostikoka arantzadun alanbratu baten kontraraino eraman zuten Stephen.

        — Ametitu ezak Byron ez dela ona!

        — Ez!

        — Ametitu ezak!

        — Ez!

        — Ametitu!

        — Ez! Ez!

        Azkenik, astinaldi erauntsi baten ondoren, tirabiraka libratu zen. Borreroek Jones's kalerantz alde egin zuten ihesi, barrez eta uuka; bera, berriz, malkoek erdi itsutzen zutela, estropezuka joan zen ukabilak amorruz itxi eta negar-zotinka.

 

 

        Artean Ni pekataria bere entzuleen barre barkakoiak entzunez esaten ari zela eta pasadizo gaizto honetako eszenak irudimenean bizi-bizi eta bizkor pasatzen zitzaizkiola, tormentatu zuten haienganako herrarik orain nolatan ez zuen pentsatzen zuen bere artean. Ez zuen ahaztua haien krudelitate eta koldarkeriaren izpirik ere, baina oroitzapen horrek ez zion haserrerik sortzen. Horregatik, liburuetan aurkitu zituen maitasun eta gorroto bortitzen deskribapenak irrealak iruditzen zitzaizkion. Jones's kaletik etxerantz estropezuka joan zen gau hartan bertan ere, zera sentitzen zuen: indarren batek edo kentzen ziola, fruta helduari azal biguna kentzen zaion bezain erraz, bat-batean bilbatutako haserre hura.

        Bi lagunkideekin zegoen aterpe muturrean zutik, haien hizketa zein antzokiko txalo zartak arreta gabe entzuten. Besteen artean eserita egongo zen neska, agian, bera noiz azalduko zain. Haren itxura gogoratzen saiatu zen, baina ezin izan zuen. Txal bat zeramala burutik behera kaputxa bat bezala eta haren begi ilunek zirikatu eta bihozgabetu egin zutela besterik ez zuen gogoan. Hark beregan pentsatzen ote zuen galdetzen zion bere buruari berak harengan pentsatzen zuen bezala. Eta gero, ilunpean eta beste biek ikusten ez zutela, esku bateko behatz puntez beste eskuko ahurra ukitu zuen oso arinki. Baina neskaren behatzen ukitua arinagoa eta irmoagoa zen; eta bat-batean ukitu haren oroitzapenak zeharkatu zizkion garuna eta soina olatu ikusiezin baten gisara.

        Mutiko bat etorri zitzaien aterpean zehar korrika. Aztoraturik eta arnasestuka zegoen.

        — E, Dedalus, —egin zuen oihu—, Doyle gozoa zegok hirekin! Berehalakoan joan behar duk antzerkirako janztera. Hobe duk azkar ibiltzea.

        — Gogoak ematen dionean joango duk —esan zion Heronek mezulariari, hitzak harropuzkeriaz arrastatuz.

        Mutikoak Heronengana jiratu eta esan zuen:

        — Baina Doyle deabruak hartuta zegok!

        — Esaiok Doyleri nire adeitasun guztiarekin madarikatzera joan dadila —erantzun zuen Heronek—.

        — Beno, orain joan egin behar diat —esan zuen Stephenek, zeinak jaramon gutxi egiten baitzien ohore puntu hauei.

        — Ni ez nindukek joango —esan zuen Heronek—, arraioak ez badituk, ez horixe! Hau ez dut mutil nagusietako baten bila bidaltzeko modua. Deabruak hartuta, alajaina! Nahikoa egiten duk paper bat egitearekin bere komedia txar alen horretan.

        Azkenaldi honetan lehiakidearengan ikusten zuen adiskidetza-izpiritu liskartiak ez zuen aldendu Stephen isil-isilik obeditzeko zuen ohituratik. Ez zen iskanbilaz fio eta zalantzan jartzen zuen halako adiskidetzaren egiazkotasuna, iruditzen baitzitzaion gizon-aroaren aurrerapen tamalgarri bat. Hemen piztutako ohore-auzia, beste horrelako auzi guztiak bezala, garrantzi gabea jotzen zuen. Bere gogoa barrengo mamu ukiezinen jarraiketan ibili zen bitartean eta jarraiketa horretatik erabakigarritasun ezera itzuli zenean, etengabe entzuten zituen inguruan aitaren eta irakasleen ahotsak, gauza guztien gainetik gizon izan zedila premiatuz eta gauza guztien gainetik katoliko on izan zedila premiatuz. Ahots horiek orain hutsalak gertatzen zitzaizkion belarrietara. Gimnasioa ireki zenean, beste ahots bat entzun zuen, indartsua, gizontsua eta osasuntsua izateko premiatzen zuena, eta nazioaren berpizkundearen aldeko mugimendua ikastetxean nabaritzen hasi zenean, beste ahots batek ere eskatu zion herriarekiko leialtasuna, eta hizkuntza eta tradizioak suspertzen lagun zezala. Mundu profanoan ere, aurrez ikusten zuen, etorriko zen ahots mundutar bat aitaren etxaguntza lur joa lanaren bidez berreraiki zezala erregutuko ziona eta, bien bitartean, eskola-lagunen ahotsek premiatzen zuten lagunkide on izatera, besteen hutsegiteak estaltzera, hauen barkamenaren alde bitartekotza egitera, eta opor egunak lortzeko ahalegin guztiak egitera. Ahots hutsal guzti horiek eraginda gelditu zen, erabakigarritasunik gabe, bere fantasmen jarraiketatik. Pixka batean bakarrik zabaldu zien belarria, baina soilik haiengandik urruntzen zenean, haien deiaren helmenetik at jartzen zenean zen zoriontsu: bera bakarrik adiskide fantasmagorikoen lagunkidetzan.

        Sakristian jesuita potolo, aurpegi mardul bat eta adineko gizon bat arropa urdin zarkin batekin margo eta klarion kaxa bati irabilka ziharduten. Margotuak zeuden mutilak, batzuk hara-hona zebiltzan eta besteak geldi zeuden naturaltasunik gabe, kontu handiz behatz puntekin aurpegiak disimuluan ukika. Sakristiaren erdian jesuita gazte bat, ikastetxean bisitari zegoena, erritmikoki zabukatzen zen hanka-puntetatik orpogainetarako oin-jokoan, aldamenetako patriketatik eskuak ondo aurrera sartuta zituela. Haren buru txikia, ile kizkur gorri briludunak nabarmentzen zuena, eta aurpegi bizarra kendu berria ondo egokitzen ziren sotanaren txukuntasun orbaingabearekin eta zapata orbaingabeekin.

        Forma kulunkari horri begira, apaizaren irribarre burlosoaren asmagaiari igarri nahian zegoelarik, Clongowesera bidali zuten aurretik aitari entzun zion esaera bat etorri zitzaion gogora, alegia janzkeran ezagun izango duela beti jesuitak. Une horretan bertan aitaren izaeraren eta ondo jantzitako apaiz irribarretsuarenaren artean antzekotasun bat ikusi zuela iruditu zitzaion; eta apaizgoaren halako profanazio bat bezala sumatu zuen edota sakristiarena berarena, nongo isiltasuna oraingo berbaro ozenak eta txantxa giroak aienatua baitzuten eta bertako aire mina gasezko metxero eta grasa usainek.

        Adineko gizonak bekokian zimurrak jarri eta masail-hezurrak beltz eta urdin margotzen zizkion bitartean, arreta gabe entzuten zituen jesuita gazte potoloaren ozen hitz egiteko eta argudioak argi eta garbi ahoskatzeko gomendioak. Banda Killarneyko Lilia jotzen entzuten zuen eta bazekien handik gutxira igoko zela teloia. Beldurrik ez zuen eszenatokira irteteko, baina antzeztu behar zuen paperean pentsatzeak umiliatu egiten zuen. Pasarte batzuk gogoratu zituenean, bat-bateko gorritasuna igo zitzaion masaila margotuetara. Neskaren begi ilun erakargarriak ikusi zituen ikuslegoaren artetik begira zegozkiola eta imajina horrek berehala ezabatu zizkion arrengura guztiak, borondatea sendoturik utziz. Beste nortasun batek bere lekua hartu balu bezala zirudien: inguruko aztoramen eta gaztetasunaren kutsua barruratu zitzaion eta gogotxar mesfidakor hura antzaldatu zion. Une bakan batez mutiltzaroko egiazko jantziak soineraturik ageri zen; eta gainontzeko antzezleen artean bastidoreetan zegoelarik, denen poza partekatu zuen, eta horretan, bi apaiz sasoikok teloia tiraka goratu zuten astinaldi handiekin eta okerka.

        Handik une batzuetara eszenatokian aurkitu zen gas-argi indartsuen eta dekorazio iluntsuaren erdian, hutseko aurpegi kontaezinen aurrean antzezten. Harriturik geratu zen entseguetan gauza bizigabe eta banatua zirudien komediak bat-batean bizi propioa hartzen zuela ikustean. Orain bazirudien antzerkia berez antzezten zela, bera eta bere antzezkideek paperekin laguntzen ziotelarik. Azken eszenaren ondotik teloia erori zenean, hutsa txaloz betetzen entzun zuen eta, eszenatokiaren alboko zirrikitu batetik antzez denboran aurrean eduki zuen gorputz bakuna deformaturik ikusi zuen: aurpegiz beteriko hutsa puntu guztietatik hausten eta talde jarduntsuetan zatitzen.

        Eszenatik bizkor alde egin, margo-maskara berak kendu eta kaperatik zehar ikastetxeko jardinera irten zen. Behin orain antzerkia amaitua zelarik, nerbioek beste abentura bat eskatzen zioten. Presaka zihoan atzematera bezala. Antzokiko ate guztiak zabalik zeuden eta ikusleak ordurako irtenda. Arkaren amarrak iruditu zitzaizkion kable haietan faroltxo banaka batzuk kulunka zeuden gaueko haizeñotan, tristeki dizdiz. Jardinetiko mailak lasterka igo zituen, ehizaren batek ihes egingo ote zion beldurrez bezala antsiati, eta ezkaratzeko jendetzaren artetik leku eginez, exodoari begira gur egin eta esku eman ari ziren bi jesuitaren ondorik igaro zen. Aurrera oldartu zen urduri, zuena baino presa handiagoa erakutsiz eta bere buru hautseztatuak pasaeran atzetik uzten zituen irribarre, begirada eta ukalondokoez lausoki jabetuz.

        Kanpoko harmailetara irten zenean, etxekoak ikusi zituen bere zain. Lehen begiradan ohartu zen taldeko figura guztiak familiarrak zitzaizkiola eta haserre jaitsi zituen harmailak.

        — Enkargu bat utzi behar dut George kalean —esan zion azkar aitari—. Zuen atzetik etxeratuko naiz.

        Aitaren erantzunaren zain egon gabe abiatu zen bidean korrika eta abiadura suizidan joan zen muinoan behera. Non zebilen ere ez zion ia antzik ematen. Harrotasunak, itxaropenak eta desirak, bihotzean zapaldutako belarrak bailiran, eromenezko intsentsu baporeak bidaltzen zizkioten adimenaren begien parera. Zangokada luzez jaitsi zuen muinoa harrotasun zaurituaren, itxaropen galduaren eta desira frustratuaren bat-bateko baporeen nahasmenaren artean. Ke-laino trinko eta uhin erogarriak igarotzen zitzaizkion begi izu-larrituen aurretik gorantz, azkenean, buruaz gainetik aienatu eta berriro airea garbitu eta freskatu zen arte.

        Geruza batek estaltzen zizkion artean begiak, baina ez zeuzkan jada erretzen. Indar batek, sarritan haserrea edo erresumina kendu izan zionaren antzekoak, eraman zuen gelditzera. Gelditu zen eta gora jaso zituen begiak gorputegiko arkupe goibelera eta handik ondoko kale estu, ilun, harlauzatura. Lotts izena ikusi zuen kalexkako paretan eta astiro arnastu zuen aire trinko sarkorra.

        — Zaldi txiza eta lasto ustela duk hau —pentsatu zuen—. Usain atsegina arnasteko. Honek lasaituko zidak bihotza. Tira, orain bïhotza guztiz lasaitua diat. Itzuli egingo nauk.

 

 

        Berriro ere aitaren ondoan treneko bagoi baten izkinan eserita zegoen Stephen Kingsbridgeen. Corkera bidaian zihoan aitarekin gaueko korreoan. Trena geltokitik irten zenean, zuela zenbait urtetako haurraren harridura eta Clongowesen igarotako lehen eguneko gertakizun guztiak gogoratu zituen. Orain ez zuen inolako harridurarik sentitzen. Ikusten zituen ilunkoloretzen ari ziren lursailak atzerantz labaintzen, telegrafo poste isilak lau segunduro leihotik arinki pasatzen, geltoki txiki argi motelekikoak, guarda bakan batzuek zaintzen zituztenak, korreoak atzera jaurtiki eta unetxo batean iluntasunean diz-diz egiten, korrikalari batek atzealdera jaurtikitako txinpartak bezala.

        Atxikimenik gabe entzuten zituen aitaren Corkeko oroitzapen eta gaztetako pasarteak; kontakizuna, hildako lagunen baten aipua egiten zen bakoitzean edo oroitzailea oraingo bidai honen xedeaz gogoratzen zen bakoitzean, hasperenek zein patrikan zeraman flaskotiko zurrutadek eteten zuten. Stephenek entzuten zuen, baina ezin zuen gupidarik sentitu. Hildakoen irudiak ezezagunak zitzaizkion denak, osaba Charlesena kenduta, azkenaldi honetan memoriatik ezabatzen zihoakiona hau ere. Bazekien, ordea, aitaren jabegoa enkantean saltzera zihoala eta bereaz desjabetzeko era honetan sentitu zuen munduak bat-batean gogorki gezurtatu zuela bere fantasia.

        Maryboroughen lo hartu zuen. Itzarri zenean, trenak jada Mallow atzean utzirik zuen eta aita beste eserlekuan luze etzanda lo zegoen. Egunsentiko argi hotza zabaltzen zen kanpoan lursail mortu eta basetxe itxien gainera. Loaren terroreak liluratzen zion gogoa, landa isilari begiratzen zionean edo aldian-aldian aitaren arnasa sakona edo bat-bateko lotako mugimendua entzuten zuenean. Loti ikusiezinen auzokidetzak izu estrainio batez betetzen zuen, kalte egin baliezaiokete bezala, eta otoi egin zuen eguna azkar etor zedin. Otoitza, ez Jainkoari ez santuei zuzendurikoa, hotzikara batekin hasi zen, goiz hotzeko haizeñoa bagoiaren ateko zirrikitutik oinetara sartu zitzaionean, eta bukatu, trenaren erritmo setatira egokitu zuen zentzugabeko hitz erretolika batekin. Eta isil-isilik, lau segundoko tarteaz, telegrafo posteek ixten zituzten musika nota tripitindariak konpas marra zehatzen artean. Musika basa honek arindu zion izua eta, leiho ertzaren kontra bermaturik, betazalak erortzen utzi zituen berriro.

        Zalgurdi batean igaro zuten Cork, artean goiz-lehena zelarik, eta Stephenek Victoria Hoteleko gela batean bukatu zuen loa. Eguzki epel argia leihotik sartzen ari zen eta trafikoaren burrundara entzuten zen. Aita apain-mahaiaren aurrean zegoen zutik, bere ile, aurpegi eta biboteari arreta handiz begira, lepoa ur-pitxerraren gainetik luzatuz eta hobeto ikusteko albora jirata atzeratuz. Horretan ari zela, bere artean behetik abesten zuen azentu eta ahoskera bitxi batean:

 

                Gaztetan zoro

                Senartzen da oro

                Orain ni, maite,

                Ezin bizita.

                Senda ezin dena, bai,

                Moztea onena, bai,

                Ta ni banoa

                Ameriketa'a

 

                Maite polita

                Maite gozoa

                Whisky ona ere

                On da berritan.

                Zahartzean hoztu

                Eta agortzen den moduz

                Hala joaten da

                Ihintza menditan.

 

        Leihoz kanpotik hiri eguzkitsu beroa sumatzeak eta doinu bitxi gazi-gozoa errematatzen zuten aitaren tremolo samurrek eraman zituzten Stephenen burutik gaueko gogo-hilaren laino guztiak. Bizkor jaiki zen janztera eta, kanta amaitu zenean, honela esan zuen:

        — Askoz politagoa da hori zure beste Oi zuek guzti horiek baino.

        — Hala iruditzen al zaik? —galdetu zuen Dedalus jaunak.

        — Gustatzen zait —esan zuen Stephenek.

        — Kanta nahiko zaharra duk —esan zuen Dedalus jaunak bibote punta igurtziz—. A! Baina Mick Lacyri entzun behar hiokeen abesten! Mick Lacy gizajoa! Ematen zizkioan jira batzuk, grazia aparteko notak ateratzen zizkioan, nik ezin dudana. Hura bai huela mutila Oi zuek bat abesteko, seguruxe!

        Dedalus jaunak drisheen-ak eskatu zituen gosaritarako eta otordukoan zerbitzaria galdekatu zuen bertako berriez. Denborarik gehienean gaizki ulertuta jardun zuten izen bat aipatzen zenean, zerbitzariak buruan ordukoa eduki eta Dedalus jaunak horren aita edo, agian, aitona zeukalarik.

        — Tira, Queen's College, behintzat, lehengo lekuan egongo ahal da —esan zuen Dedalus jaunak—, nire gazte koskor honi erakutsi nahi diot eta.

        Mardyken zehar arbolak loretan zeuden. Sartu ziren ikastetxeko eremuan eta atezain hitzontzi batek zuzendu zituen patioan zehar. Baina legar gaineko ibilaldia gutxi gorabehera hamabi pausoero eteten zen atezainaren erantzunen batekin.

        — Hara! Zer diozu? Pottlebelly gizajoa hilda da, orduan?

        — Bai, jauna. Hilda, jauna.

        Geraldi hauetan bi gizonen atzean geratzen zen Stephen aisagabeki, hizketagaiaz aspertuta eta ibilaldi geldia berriro has zedin desiratzen. Patioa gurutzatu zutenerako egonezina sukar bihurturik zuen. Harrituta zegoen nola aita, gizon azti eta sinesgaitzat zeukana, engainatzen zuten atezainaren morroikeriazko moldeek. Eta goiz guztian libertitu zuen hegoaldeko hizkera bizitsuak belarriak mintzen zizkion orain. Sartu ziren anatomia anfiteatrora eta Dedalus jauna, atezainaren laguntzarekin, bere inizialen bila hasi zen mahaietan. Stephen hondoan geratu zen, inoiz baino bihozgabetuago anfiteatroko ilunpe eta isiltasunagatik eta zegoen estudio giro astun eta serioagatik. Mahaian Foetus hitza irakurri zuen egur Jun orbanduan zenbait aldiz grabaturik. Ustekabeko lemak bihotza irauli zion: iruditu zitzaion ikasle ausenteez inguraturik zegoela eta haien lagunartean kikildurik. Haien bizitzen ikuspen bat, aitaren hitzek ebokatu ezin izan zutena, agertu zitzaion begien aurrera mahaian grabatutako hitzetik. Ikasle sorbalda zabal bibotedun bat ari zen serio labana batekin letrak grabatzen. Ondoan beste ikasle batzuk zeuden eserita edo zutik haren eskulanari barrez. Batek ukalondoan ukitu zuen. Ikasle handia bekoz beko jarri zitzaion bekokia zimurturik. Arropa gris laxak zituen soinean eta bota marroiak.

        Stephenek dei egin ziotela entzun zuen. Anfiteatroko gradak presaka jaitsi zituen, ikuspena ahalik eta urrutien uzteko bezala, eta aitaren inizialei gertutik begiratzera makurtuz ezkutatu zuen aurpegiko gorritasuna. Baina hitza eta ikuspena begien aurrean zebilzkion saltari, atzera patiotik zehar ikastetxeko irteerarantz zihoala. Zur eginda geratu zen ordura arte bere irudimen propioaren eritasun basati eta berezitzat zeukanaren aztarnak kanpoko munduan aurkitzean. Amets munstrozkoak tropelean etorri zitzaizkion irudimenera. Hauek ere bat-batean eta bortizki agertzen ziren hitz soilen iradokiz. Berehala amore eman zien eta utzi zien adimena hartu eta azpira ziezaioten, nondik, zer zulo irudi munstrozkoz beterikotik sortzen ote ziren pentsatzeari utzi gabe, aldentzen zirenean beti besteenganako ahul eta umil eta bere buruaz nazkaturik eta desoseguturik uzten zutela.

        — Demonio! Horrako hori janari-denda duk inondik ere! —esklamatu zuen Dedalus jaunak—. Sarritan entzun didak janari-denda, ez, Stephen? Hamaika aldiz etorri gintuan hona lista pasara gero, lagun mordoxka: Harry Peard, Jack Mountain txikia, Bob Dyas, Maurice Moriarty frantsesa, Tom O'Grady, Mick Lacy, gaur goizean esan diadana, Joey Corbet, Johnny Keevers Tantilesekoa, ogi puska bat huena.

        Mardyken barrena arbola hostoak firi-fara mugitzen ziren eguzkitan. Cricket jokalari talde bat pasatu zen: gazte zaluak franelazko galtza eta txaketak soinean, bat atakaren zorro berde luzea zeramala. Kalexka lasai batean bost laguneko banda alemaniar bat ari zen jotzen uniforme histu eta latoi mazaturiko instrumentuekin, kaleko umegorri eta mutiko enkargugile astitsu sail bat entzule zutela. Buruzapi eta amantal zuri batekin neskame bat ari zen loreontzi bat ureztatzen leiho-apal batean, zeinak kararri lauza baten antzera dizdiz egiten baitzuen argitasun berotan. Beste leiho zabaldu batetik piano baten doinua zetorren, eskalaz eskala teklatuan igoaz.

        Aitaren aldamenean zihoan Stephen, lehen entzundako istorioak entzuten, berriro ere aitaren gaztetako lagun izandako juergazale sakabanatu edo hildakoen izenak entzuten. Ondoez zehazgabe bat begiztatzen zuen bihotzean. Belvederen zegoeneko bere egoera ekibokoaz oroitu zen: kanpoko ikasle, zuen aginteaz ikaraturiko leaderra, harroa, sentikorra eta irudikorra, bere bizitza lohitsuaren aurka eta gogoaren aztoramenduaren aurka borrokan zebilena. Mahaiko egur orbainduan grabaturiko letrak tinko begira zegozkion, gorputzaren ahultasunari eta gogoberotasun funtsgabeei trufaz eta bere baitako orgia zoro eta likitsengatik bere burua gorrotarazten ziotela. Eztarrian zuen listua gero eta mikatzagoa eta iresgaitzagoa bihurtu zitzaion eta ondoez zehazgabea burura igo zitzaionez, une batean begiak itxi eta ilunpean jarraitu zuen ibiltzen.

        Artean aitaren ahotsa entzuten zuen:

        — Hire kasa moldatzen hasten haizenean —eta egun hauetako batean gertatuko dela esango niake— gogoan izan, egiten duana egiten duala, elkar hadi zaldunekin. Ni gazte nintzenean, esan diat, ederki pasatzen nian. Behar bezala hezitako adiskide jatorrekin elkartzen ninduan. Denok bagenekian zerbait egiten. Batek ahots ederra zian, beste bat antzezle ona huen, beste bat abesti komiko on bat abesteko gai huen, beste bat arraunlari ona huen edota raketari ona, beste batek ipuin bat dotore kontatuko zian eta horrela gainontzekoak ere. Nola edo hala, beti zerbaitetan jardun, libertitu eta mundua ere pixka bat ezagutu, eta horretan txar-txarrak ere ez gintuan. Baina zaldunak denok —hala uste diat, behintzat—, eta baita irlandar zintzo jatorrak ere. Horrelako jendearekin nahi diat hi elkartzea, jite zuzeneko jendearekin. Lagun bezala hitz egiten diat, Stephen, ez diat uste semeak aitaren beldur izan behar duenik. Ez. Ni mutikoa nintzela hire aitonak tratatu ninduen bezala tratatzen haut. Anaiak bezala gintuan aita-semeak baino gehiago. Ez zaidak inoiz ahaztuko erretzen harrapatu ninduen lehen aldia. Banengoan egun batean Hego Terrazaren muturrean nire moduko goiz-oilasko batzuekin eta, jakina, ez genizkian geure buruak ume jotzen gure pipak ezpain muturrean jarrita. Ez zian tutik esan, ez huen gelditu ere egin. Baina hurrengo egunean, igandea, ibilaldi bat egitera irtenak gintuan elkarrekin eta, etxera gentozela, puru kaxa atera eta esan zian: Hizpidera ekarrita, Simon, ez nenkian erretzen huenik eta horrelakorik. Nik, horixe, ahal nuen airosoen irtetea egin nian. Gauza ona erre nahi baduk, esan zian, proba ezak puru hauetako bat. Kapitain amerikar batek erregalatu zizkidak bart Queenstownen.

        Stephenek aitaren ahotsa algara batean hausten entzun zuen, ia negar-zotina zen algara batean.

        — Corkeko gizonik galantena huen garai hartan, huraxe bai huela! Emakumeak atzetik begira geratzen zitzaizkioan kalean.

        Negar-zotina aitaren eztarrian behera ozenki igarotzen entzun zuen eta eragin urduri batek begiak zabalarazi zizkion. Eguzki argiak bat-batean begietan jo zuenean, zerua eta lainoak mundu fantastiko bihurtu ziren: itzal multzoak, aintzira gisako argi arrosa ilunekin. Garuna bera ere eri eta indarge zuen. Nekez irakurtzen zituen dendetako letreroetako hizkiak. Bere bizimodu munstrozko hark errealitatearen mugetatik kanpo jarri zuela zirudien. Mundu errealeko ezerk ez zuen hunkitzen, ez zion ezer esaten: bere baitako garrasi basa haien oihartzun bat entzuten zuen soilik. Ez zen gai munduaren zein gizakiaren deiari erantzuteko, gor eta soraio zegokion udaren, pozaren eta adiskidetasunaren deiari, nekaturik eta gogogabeturik zegoen aitaren ahotsaz. Ia ez zituen bere pentsamenduak ere bereak bezala ezagutzen eta bere artean behin eta berriz esaten zuen astiro-astiro:

        — Stephen Dedalus nauk. Nire aitaren, Simon Dedalusen, aldamenean noak. Corken gaudek, Irlandan. Cork hiria duk. Gure gela Victoria Hotelean zegok. Victoria, Stephen, Simon. Simon, Stephen, Victoria. Izenak.

        Bat-batean, haurtzaroko oroitzapena lainotu egin zitzaion. Unerik bizienak gogora ekartzen saiatu zen, baina ezin izan zuen. Izenak bakarrik gogoratzen zituen. Dante, Parnell, Clane, Clongowes. Mutil txiki bati geografia erakusten zion armairuan bi zepilo zeuzkan emakume zahar batek. Gero etxetik kanpora bidali zuten ikastetxe batera, lehen jaunartzea egin zuen eta malba zurizko gozokiak jaten zituen cricketeko kapelatik eta horman gora eta behera dantzan zebilen suaren errainuari begira egon zen enfermeriako gelatxo batean eta amets egin zuen hil egin zela, errektoreak, kapa beltz eta urre-kolorekoa soinean, bere aldeko meza eman zuela, komunitateko kanposantu txikian ehortzi zutela ezkien ibilbide nagusiaren bestaldean. Baina ez zen hil. Parnell zen hil zena. Ez zen hildakoaren aldeko mezarik izan, ezta prozesiorik ere. Ez zen hil, baina zeluloidea eguzkitan bezala kontsumitu zen. Galdu egin zen edo alderrai ibili zen existentziatik at, ez baitzen existitzen. Bai gauza estrainioa era horretan existentziatik irten izana, ez heriotzaz, baizik eta eguzkitan kontsumituta edo galduta edo unibertsoko guneren batean ahaztuta! Estrainioa zen bere gorputz txikia berriro une batez agertzen ikustea: mutil txiki bat txaketa gris gerrikodun batekin. Eskuak patriketan sartuta zeuzkan eta galtzak belaun parean gomekin lotuta.

        Jabegoa saldu zen eguneko arratsean Stephen aitari jarraiki zitzaion mantso-mantso hirian zehar tabernarik taberna. Merkatuko saltzaileei, gizon-emakume tabernariei, limosna bategatik inportunatzen zuten eskaleei kontu bera esaten zien Dedalus jaunak: Corktar zaharra zela, bazeramatzala hogeita hamar urte Dublinen Corkeko azentua kentzeko ahaleginetan eta ondoan zeraman Joxe Moxe-Kitarra hura seme zaharrena zuela, baina dublindarkume bat besterik ez zela.

        Goizean goiz irten ziren Newcombe kafetegitik, non Dedalus jaunak dardarizoz eusten baitzion katiluari plateraren gainean eta Stephenek ahaleginak egin zituen, aulkia mugitu eta eztul egin, aurreko gaueko aitaren mozkorraldiaren seinale lotsagarriak ezkutatzeko. Umiliapenak bata bestearen atzetik zetozen: merkatuko saltzaileen irribarre faltsuak, aitak flirteatzen zuen tabernako neskameen meneo eta begi-keinuak, aitaren lagunen adeitasun eta adorezko hitzak. Esan zioten aitonaren antz handia zuela eta aita bat etorri zen horretan, haren erretratu itsusiago bat zela esanez. Hizkeran ere aurkitu zizkioten Corkeko azentuaren aztarnak eta ez zuten etsi Lee ibaia Liffey baino ederragoa zela altor erazi zioten arte. Haietako batek, latinaren ezagutzan nola zebilen ikusteko, Dilectusetiko pasarte labur batzuk itzularazi zizkion eta galdetu ea nola esan behar zen: Tempora mutantur nos et mutamur in illis ala Tempora mutantur et nos mutamur in illis. Beste batek, aitak Johnny Cahsman deitzen zion agure bizi batek, zeharo nahastuta utzi zuen zein ziren politagoak, Dublingo neskak ala Corkeko neskak, galdetu zionean.

        — Hau ez da ezpal horretakoa —esan zuen Dedalus jaunak—. Utziozue bakean. Burua bere lekuan duen mutila da hau, horrelako txorakerietarako buru-nekerik hartzen ez duena.

        — Ez da, orduan, aitaren semea —esan zuen aguretxoak.

        — Inoiz ez dago ziur jakiterik —esan zuen Dedalus jaunak gogara irribarre eginez.

        — Hire aita —esan zion aguretxoak Stepheni— Cork hiriko neskazale handiena huen bere garaian. Ba al henkien hori?

        Stephenek behera begiratu zuen eta sartuta zeuden tabernako baldosa-zorua aztertu zuen.

        — Etzaizkiozu ideia horiek buruan sartu —esan zuen Dedalus jaunak—. Uztazu bakean.

        — Zera sartuko dizkiot ideiak buruan! Bere aitona izateko hainbat urte badut. Eta aitona nauk, gainera —esan zion aguretxoak Stepheni—. Ba al henkien?

        — A bai? —esan zuen Stephenek.

        — Bai, jauna, halaxe naiz —esan zuen aguretxoak—. Bi iloba koskor baditut Sunday's Wellen. Ea, esan! Zer adin jotzen didazu? Kontuan izan zure aitona ezagutu nuela bere zamarra gorriarekin zaldi gainean ehizara irteten. Hori zu jaio baino lehenagoko kontua da.

        — Tira, irudipena izango da! —esan zuen Dedalus jaunak.

        — Baietz, ba! —esan zuen berriro aguretxoak—. Eta hori baino gehiago, zure birraitona ere ezagutu nuen, John Stephen Dedalus zaharra, sesiolari gogorra gizona. Horra hor burua edukitzea!

        — Hortaz badira... hiru belaunaldi? lau belaunaldi? —esan zuen taldeko beste batek—. Zu, Johnny Cashman, ehun urtetara gerturatuta egongo zara?

        — Ba, esango dizut egia —esan zuen aguretxoak—. Hogeita zazpi urte besterik ez dauzkat.

        — Adina, bakoitzak sentitzen duena izaten du, Johnny —esan zuen Dedalus jaunak. Eta bukatu ezazu hor daukazuna eta beste bat hartuko dugu. Hi, Tim edo Tom edo haizena haizela, ateraiguk berdina. Jesus, neroni ere hemezortzi baino gehiago dauzkadanik ez zait iruditzen. Hara nire semea, nire adinaren erdia ere ez daukana, eta honen aldean sasoiko gizona nago ni oraindik.

        — Poliki, poliki, Dedalus. Uste dut zuri ere heldu zaizula erretiratzen hasteko garaia —esan zuen lehen hitz egin zuen gizonak.

        — Ez, Kristo! —berretsi zuen Dedalus jaunak—. Nahi duzuenean prest nago honen aurka neurtzeko, nahiz aria bat abesten, nahiz bost trabeseko langaren gainetik jauzi egiten edo ehiza-txakurren atzetik landan korrika, duela hogeita hamar urte Kerriko mutil harekin egin nuen bezala, eta horretan onena zelarik!

        — Hortan irabazi egingo lizuke —esan zuen aguretxoak, bekokia kolpatuz eta edalontzia husteko jasoz.

        — Aita bezain gizon bapoa izango den itxaropena dut. Hori da esan dezakedan guztia —esan zuen Dedalus jaunak.

        — Hala izaten bada, aski du —esan zuen aguretxoak.

        —Jainkoari eskerrak —esan zuen Dedalus jaunak—, luzaroan bizi izan gara eta kalterik gutxi egin dugu.

        — Baina on asko egin dugu, Simon —esan zuen aguretxoak serio—. Jainkoari eskerrak, luzaroan bizi izan gara eta on asko egin dugu.

        Stephenek hiru basoak mostradoretik nola altxatzen ziren ikusten zuen, aitak eta bere bi lagunkoteek euren iraganaren oroitzapenetan edaten zutelarik. Halabeharrak edo izaerak ipinitako leizeak bereizten zuen haiengandik. Haiek baino zaharragoa zirudien adimenez; distira hotza isurtzen zuen haien tirabira, zorion eta nahigabeen gainera, ilargiak lur gazteagoaren gainera bezala. Beregan ez zegoen haiengan zegoen bizirik ez gaztetasunik. Ez zuen ezagutzen besterekiko adiskidetzaren plazerik ez gizontasunaren osasun gogorraren indarrik ez anaiarteko errukirik. Bere baitan ez zen mugitzen sentsualitate hotz, krudel eta maitasun gabeko bat baizik. Haurtzaroa hilik zuen edo galdurik eta harekin batera poztasun xumeen ahalmena, eta noragabean zihoan bizitzan, ilargiaren oskol elkorra bezala.

 

                Zerez zaude beluri?

                Zerua igo eta lurrari so egitearen nekez,

                Alderrai bakarti hori?...

 

        Bere artean errepikatu zituen Shelleyren zatiaren neurtitzak. Berauetan aldizkatzen ziren antzutasun humano tristeak eta ziklo ez-humano zabalen jarduerak freskatu zioten gogoa eta ahaztu zuen bere atsekabe humano eta antzua.

 

 

        Stephenen ama, anaia eta lehengusuetako bat zain geratu ziren Foster enparantza kantoian, aita eta biak mailadia igo eta zentinela eskoziar bat guardia egiten zebilen kolonadian aurrera joan ziren bitartean. Hall handira sartu eta leihatilara hurbildu zirenean, Irlandako bankuaren kargura hogeita hamahiru libratako txeke bat erakutsi zuen Stephenek; eta kopuru hau, bere idazlan-lehiaketako saria, ordaindu zion berehalaxe kaxazainak, hogeita hamar billetetan eta hiru txanponetan. Poltsikoan sartu zituen itxurazko patxadaz eta kaxazain adiskidetsua, aita hizketan ari zitzaiona, mahiaz gainetik esku eman eta bizitzan karrera on bat opa ziola esaten jasan behar izan zuen. Egonezinik zegoen haien hizketaz eta ezin zituen oinak geldirik eduki. Baina kaxazainak, halere, ondorengoei atenditzeari utzita, jarraitu egin zuen, esanez garaiak aldatu zirela eta ez zegoela seme bati heziketa on bat ematen dirua enplegatzea bezalakorik. Dedalus jauna ingurura begira eta sabaira begira luzatzen zen hallean Stepheni esaten ziolarik, honek irtetera bultzatzen bazuen ere, antzinako Irlandako parlamentuko komunen etxean zeudela.

        — Jainkoak erruki gaitzala! —esan zuen jaieraz beterik—. Garai hartako gizonetan pentsatu, Hely Hutchinson, Flood, Henry Grattan, Charles Kendall Bushe, eta orain Irlandako herriaren buru etxean eta etxetik kanpo dauzkagun handizki hauetan pentsatu! Ene Jainkoa! Hilda gero hamar golde-lurren tartearekin lurperatzea ere, ez liakete aski alde. Ez, Stephen, penaz esaten diat, baina horien kontua ez duk hala bazan sar dadila kalabazan horietakoa besterik.

        Urriko haize zorrotzak jotzen zuen banku inguruan. Bide lokaztuaren ertzean zeuden hiru lagunek masailak berdozturik eta begiak urtsu zeuzkaten. Stephenek amaren jantzi arinei begiratu zien eta egun batzuk lehenago Barnardoko erakusleihoan hogei gineako kapa bat ikusi zuela oroitu zen.

        — Beno, egin dugu —esan zuen Dedalus jaunak.

        — Bazkaltzera joatea izango dugu onena —esan zuen Stephenek—. Nora?

        — Bazkaltzera? —esan zuen Dedalus jaunak—. Bai, onena hori izango dugu; zer diozu?

        — Oso garestia izango ez den lekuren batera —esan zuen Dedalus andreak.

        — Underdonera?

        — Bai. Leku lasai batera.

        — Goazen —esan zuen Stephenek bizkor—. Ez dio axola merke-garestiak.

        Denen aurretik zihoan pauso labur urduriak emanez, irribarretsu. Besteak haren pausoari jarraitzen saiatzen ziren, zeraman presari irribarrez haiek ere.

        — Hoa mantsoxeago, mesedez —esan zion aitak—. Ez gaituk milia erdia korritzera etorri, ez?

        Eztitako denboraldi laburrak iraun zuen bitartean sarien dirua erruz irten zen Stephenen eskuetatik. Janari, gozo eta fruitu lehorrez beteriko pakete handiak iristen ziren hiritik. Egunero menu berri bat prestatzen zuen familiarentzat eta gauero hiru edo lau lagun antzerkira eramaten zituen Ingomar edo Lyonsko Dama ikustera. Txaketa-poltsikoetan txokolate barrak eramaten zituen gonbidatuentzat eta galtzetakoak zilar eta kobrezko txanpon mordoz puztuta izaten zituen. Denei erregaloak erosi zizkien, bere gelan behar ziren berrikuntza guztiak aztertu eta egitasmoak paperean idatzi zituen, goiko apaletik hasi eta beheraino ordenatu zituen liburuak, edozein motatako prezio zerrendak irakurri zituen, etxean federakuntza moduko bat eratu zuen partaide bakoitzari kargu bat emanez, mailegu banku bat ireki zuen familiarentzat eta nahia erakusten zuten guztiak maileguak hartzera bultzatzen zituen, erreziboak bete eta utzitako diruen interesak kalkulatzearen plazeragatik. Beste egitekorik ez zuenean, tranbian gora eta behera ibiltzen zen hirian. Halako batean atseginaldia bukatu egin zen. Esmalte-pintura poto arrosa agortu zen eta bere gelako zuraia eskualdia bukatu gabe eta gaitz-estalirik geratu zen.

        Etxea ohiko bizimoldeetara itzuli zen. Amak ez zuen gehiago paradarik izan dirua alferrik botatzeagatik errietan emateko. Bera ere lehengo eskolako bizimodura itzuli zen eta egitasmo berriak gainbehera etorri ziren. Federakuntza desegin zen, mailegu bankuak kutxa eta liburuak galera nabarmenarekin itxi zituen eta bere buruari jarri zizkion bizi-arauak erabilgarritasunik gabe geratu ziren.

        Bai txoroa izan zela bere asmoa! Ordena eta doteziazko barra bat egiten saiatu zen inguratzen zuen bizitzaren itsasaldi lohitsuaren aurka eta euskarria jarri nahi izan zien barrengo itsasaldiaren behin eta berrizko bultzada indartsuei jokabide arauz, interes eragilez eta anaitasunezko harreman berriez. Alferrik. Nola kanpoko hala barruko urek gainezka egin zuten babesetatik: eta itsasaldiak berriro ere bortizki hausten ziren lubeta deseginaren gainera.

        Garbi ikusi zuen ere bere alferrikako isolamendua. Ez zuen urrats bat ere aurreratu jarraikitzen zituen bizitza haietara gerturatzen ez eta ama eta anai-arrebengandik banantzen zuen lotsa eta arranguraren gainetik zubia egiten ere. Ez zen sentitzen haien odol berekoa, adopziozko kidetasun mistikoz loturik baizik: semeorde eta anaiorde.

        Atzera bere bihotzeko desira basak baretzera itzuli zen, zeinen aldean beste guztia hutsa eta arrotza gertatzen baitzitzaion. Jaramon gutxi egiten zion bekatu astunean egoteari, bere bizitza azpikeria eta faltsukeriazko sare bihurtu izanari. Kabi egina zien ikaragarrikeriak gauzatzeko zuen desira basatiaren ondoan ez zegoen ezer sakraturik. Zinikoki jasaten zituen bere matxinada sekretuen xehetasunak, bertan begiz jotzen zuen imajina oro egonarriz profanatzeko pozez. Gau eta egun kanpoko munduko imajina distortsionatuen artean mugitzen zen. Egunez eratsu eta xaloa iruditu zitzaion imajina, gauez, loaren iluntasun ingurubilean, maltzurkeria lizunak aurpegia antzaldaturik, gozamen basatiaz begiak diz-diz agertzen zitzaion. Goizak bakarrik samintzen zuen matxinada ilun orgiazkoaren oroitzapen lausoz, lege-haustearen zentzu bizi eta umiliagarriaz.

        Bere ibilaldietara itzuli zen. Udazken arrats oreatuek kalerik kale eramaten zuten, zenbait urte lehenago Blackrockeko ibilbide lasaietatik eramaten zuten bezala. Baina etxaurreetako jardin txukunen ikusteak edo leihoetako argi xeratiek ez zuten orain eragin samurrik beregan. Noizik eta behin bakarrik, desiraren barealdietan, kontsumitzen zuen irritsak hildura leunago bati leku egiten zionean, Mercedesen irudia zeharkatzen zitzaion oroimenaren hondoan. Berriro ikusten zituen mendietara zeraman bide ondoko etxetxo zuria eta lorategiko arrosa zuhaixkak eta han, erbestealdi eta abentura urteak iragan ondoren, ilatargitan Mercedesekin zegoelarik egitekoa zen errefusezko keinu harro tristea gogoratzen zuen. Une horietan Claude Melnotten hitz samurrak igotzen zitzaizkion ezpainetara eta baretzen zioten desosegua. Aurre-ohar samur bat izaten zuen garai hartan irrikatzen zuen zitarena, nahiz orduko eta gaurko itxaropenen artean errealitate izugarria egon bitarteko, orduan irudikatu zuen enkontru sakratuarena, zeinetan eroriko baitzitzaizkion ahuldura, lotsa eta esperientziarik eza.

        Pasatzen ziren une horiek eta haragikoitasunaren gar xahutzaileak garatzen ziren berriro. Neurtitzak joan zitzaizkion ezpainetatik eta garrasi ahoskatu gabeak eta hitz basati ebaki gabeak oldartzen zitzaizkion burura irtenbide bila. Odola aztoratuta zerabilen. Gora eta behera ibili zen kale ilun likatsuetan, kalexka eta ataurreetako ilunpeak ikusmiratzen, hots guztiak antsiaz entzuten. Intziri egiten zuen, ehizari arrastoa galdu dion piztiak bezala. Bekatu egin nahi zuen bere izate bereko beste batekin, beste izaki bat behartu nahi zuen berarekin bekatu egitera eta harekin batera bekatuan gozatu. Presentzia ilun bat sentitu zuen beregana ezinbestean mugitzen ilunpetatik, presentzia sotil eta xuxurlari bat, osoro estaltzen zuen uholde bat irudi. Murmurio hark belarriak hersten zizkion elemenia lokartu baten murmurioak bezala; haren errekasto sotilak izate guztira barruratu zitzaizkion. Eskuak dardara batean kizkurtzen zitzaizkion eta hortzak estutzen zituen, barruratze haren agonia jasaten zuen bitartean. Besoak luzatzen zituen kalean ihesi zebilkion eta zirikatzen zuen forma arin aienakorra harrapatzeko; eta hain luzaroan eztarrian ito zuen garrasia irten zitzaion ezpainetatik. Oinazetan daudenen infernutik sortua bezalako desesperaziozko aiuma batean kanpora zitzaion eta erreguzko aiuma basan itzali: abandonu gaizto bategatiko garrasia, txizatoki bateko horma lohitsuan irakurria zuen zirriborro lizun baten oihartzuna baino ez zen garrasia.

        Kale estu eta zikinezko labirinto batean ibili zen. Kalexka kiratsuetatik zetozen iskanbila, sesio purrustada zakarrak eta mozkorren kantu narrasak entzun zituen. Aurrera jarraitu zuen tinko, judutarren auzora saihestu ote zen pentsatuz. Kolore biziko bata luzez jantzitako emakume eta neskak gurutzatzen zuten kalea etxe batetik bestera. Astiro eta perfumaturik zihoazen. Dardara batek hartu zuen eta begiak lainotu zitzaizkion. Gasaren gar horiak altxatzen ziren bere ikusmen nahasiaren aurrean zeru lurruntsuaren kontra, aldare batean piztuta bezala. Ate aurreetan eta sarrera argituetan taldeak zeuden bilduta zeremoniaren baterako bezala jantzita. Beste mundu batean zegoen: mendeetako lotatik esnatua zen.

        Kalearen erdian geratu zen geldi, bihotza aztoramenez bularraren kontra zantzoka. Arrosa koloreko bata luzedun emakume gazte batek eskua jarri zion besoan, geldi zedin, eta aurpegira begiratu zion. Honela esan zion alaitsu:

        — Gabon, Willie maitea!

        Haren gela epela eta argitsua zen. Panpina handi bat zegoen eserita hanka-zabalka ohe ondoko butaka oparoan. Mingainari hitz batzuk ateratzen saiatu zen eroso zegoela agertzeko, emakumea soinekoa erazten begiratzen zuelarik eta haren buru perfumatuaren mugimendu harro kontzienteez jabetuz.

        Gelaren erdian isilik zegoela, emakumea hurreratu zitzaion eta alaiki eta serioski besarkatu zuen. Beso borobilek irmo erakartzen zuten emakumearen kontra eta bera, beregana jasotako aurpegi serio, barea ikusiz eta bularren igoera eta jaitsiera bero, lasaia sentituz, histeriazko negarrari emateko zorian zegoen. Pozarren eta arinduraz, malkoz beterik zituen begi liluratuak eta ezpainak erdi ireki zituen, baina ezin zuen hitz egin.

        Emakumeak esku txilindaria pasatu zion iletik, pikaro deitzen zuelarik.

        — Emadazu musu bat —esan zuen emakumeak.

        Ezpainak ez ziren musu ematera makurtu. Nahi zuena zen, besoetan irmo bat zezala, laztan zezala poliki, poliki, poliki. Haren besoetan indartsu, beldurra galduta eta bere buruaz ziur bihurtu zela sentitu zuen bat-batean. Baina bere ezpainak ez ziren musu ematera makurtu.

        Mugimendu azkar batez emakumeak burua makurtu zion eta ezpainak ezpainetan jarri zizkion eta emakumearen begi goratu zabalduetan irakurri zuen mugimendu haien esanahia. Gehiegi zen beretzat. Begiak itxi zituen, emakumeari gorputz eta arimaz errenditzen zitzaiolarik; ez zuen munduko beste ezeren ezaguerarik: ezpain erdi ireki bigunen estura iluna bakarrik. Garuna estutzen zizkioten, ezpainak bezala, solas lauso baten garraiari bailiran; eta haien artean estura ezezagun herabe bat sentitu zuen, bekatuaren hildura baino ilunagoa, soinua edo usaina baino bigunagoa.

 

 

 

© James Joyce

© itzulpenarena: Irene Aldasoro

 

 

"James Joyce / Artistaren gaztetako portreta" orrialde nagusia