I. ATALA

 

        Behin batean, eta oso garai ona zen behin bateko hura, bazetorren ñoño bat —muuu!— bidean barrena eta bidean barrena zetorren ñoño horrek mutil txiki polit bat aurkitu zuen, etxeko ninia izena zuena...

        Aitak kontatzen zion ipuin hori; aitak kristal baten atzealdetik begiratzen zion; aurpegi iletsua zuen.

        Etxeko ninia zen. Ñoñoa, Betty Byrne bizi zeneko bidean barrena zetorren. Bettyk limoizko goxoak saltzen zituen.

 

                Oi, Basalarrosa lorean

                Zelai txikitxo berdean.

 

        Abesti hori abesten zuen. Hori zuen abestia

 

                Oi, Basalalosa beldea.

 

        Batek ohea bustitzen duenean, aurrena epela da eta gero hoztu egiten da. Amak tela ezkoduna jartzen zion. Hark zeukan usain arraroa!

        Amak usain hobea zuen aitak baino. Amak pianoan marinelen dantza-soinua jotzen zion dantza zezan. Eta dantza egiten zuen:

 

                Tralala lala,

                Tralala tralalalai,

                Tralala Tala,

                Tralala Tala.

 

        Osaba Charles eta Dantek txalo jotzen zuten. Aita eta ama baino zaharragoak ziren, baina osaba Charles Dante baino zaharragoa zen.

        Dantek bi zepilo zeuzkan arasan: gaztaina-koloreko belusezko gaina zuen zepiloa Michael Davitten omenez eta belus berdezko gaina zuen zepiloa Parnellen omenez. Dantek ahogozagarri bat eman ohi zion setazko paper bat eramaten zion guztietan.

        Vancestarrak zazpian bizi ziren. Beste aita-ama batzuk zituzten. Eileenen aita-amak ziren haiek. Handitzen zirenean, Eileenekin ezkonduko zen. Mahaipean ezkutatu zen. Honela esan zuen amak:

        — Stephenek barkamena eskatu behar du.

        Eta Dantek:

        — Bestela, arranoak etorri eta begibiak aterako dizkiote.

 

                Begibiak,

                Barkamena,

                Barkamena,

                Begibiak.

 

                Barkamena,

                Begibiak,

                Begibiak,

                Barkamena.

 

        Jolastoki zabalak bir-bir zeuden mutikoz. Denak garrasika ari ziren eta prefektuek oihu gogorrez animatzen zituzten. Arrats-airea zurbila eta hotza zen eta jokalarien eraso eta ostikada bakoitzeko, larruzko esfera likatsua txori astun baten gisa hegatzen zen argi grisetan zehar. Stephen bere hegalaren muturrean mantentzen zen, prefektuaren bistatik kanpo, oin zakarren helbidetik kanpo, noizik eta behin lasterka itxurak eginez. Jokalari samaldaren artean txiki eta ahul ikusten zuen bere gorputza eta motelak eta urtsuak bere begiak. Rody Kickham ez zen horrelakoa: hirugarren mailako kapitain izango zen: hala zioten mutil guztiek.

        Rody Kickham mutil egokia zen, Nasty Roche, ordea, nazkagarri bat. Rody Kickhamek zango-bizkarretakoak zeuzkan bere aldagelan eta janari saski bat errefertorioan. Nasty Rochek esku handiak zeuzkan. Ostiraletako pudding-ari «txakurra mantan bilduta» esaten zion. Eta egun batean zera galdetu zion:

        — Nola duk izena?

        Stephen Dedalus erantzun zuen Stephenek

        — Zer izen klase duk hori?

        Eta Stephen erantzuteko gauza izan ez zenean, Nasty Rochek galdetu zion:

        — Zer duk hire aita?

        Stephanek erantzun zion:

        — Jaun bat.

        Orduan, Nasty Rochek galdetu zion:

        — Magistratua al duk?

        Alderik alde lerratzen zen hegal muturrean, noizbehinka korrika txikiak eginez. Eskuak, ordea, hotzak urdinduta zeuzkan. Poltsikoan sartu zituen eskuak, txamarra gris gerrikodunaren alde banatan. Poltsiko gaineko gerrikoa zen hura. Eta mutikoei gerrikokadak ematekoa ere bazen. Egun batean hala esan zion Cantwelli mutiko batek:

        — Emango diat gerrikokada bat!...

        Eta Cantwellek erantzun:

        — Alde egik hortik! Hik Cecil Thunderri gerrikokada eman! Pozik ikusiko hinduket. Herorri emango dik ostiko bat ipurtzuloan.

        Hori ez zen batere hizkera polita. Esana zion amak ikastetxeko mutiko zakarrekin ez hitz egiteko. Ama polita! Lehenengo egunean gazteluko atarian agur esan zionean, sudurreraino jaso zuen beloa musu emateko, eta sudur-begiak gorriturik zituen. Baina ezikusi egin zuen negar egitera zihoana. Ama polita zen, baina negar egiten zuenean ez zen hain polita. Eta aitak bost txelineko txanpon bi eman zizkion poltsikorako. Eta aitak esan zion ezer behar izanez gero, etxera idazteko eta, egiten zuena egiten zuela, ez zezala inoiz lagunik sala. Gero gazteluko atean errektoreak, sotana haizexkak harrotzen ziola, esku eman zien aita-amei eta kotxea abiatu egin zen gurasoak barruan zituela. Kotxetik oihu egiten zioten, eskuak astinduz:

        — Agur, Stephen, agur!

        — Agur, Stephen, agur!

        Melée baten zurrunbiloan harrapaturik gertatu zen eta, begi gartsu eta bota lokaztuen beldur, makurtu eta zangoen artetik begira jarri zen. Mutilak lehian ari ziren, zangoak igurtzika, ostikoka eta zapalka. Halako batean, Jack Lawtonen bota horiek atera zuten pilota eta beste bota eta zango guztiak korrika joan zitzaizkion atzetik. Stephenek ere arineketan segi zien tarte batean eta gero gelditu egin zen. Alferrik zen korritzea. Aurki ziren oporretan etxean. Afalondoren estudio-aretoan, ikas-mahaiaren barrualdean erantsitako zenbakia aldatuko zuen hirurogei eta hamazazpitik hirurogei eta hamaseira.

        Hobeto zegokeen estudio-aretoan han kanpoan hotzetan baino. Zerua zurbila eta hotza zegoen, baina gazteluan argiak baziren. Pentsatzen egon zen zein leihotatik bota ote zuen Hamilton Rowanek kapela sakunera eta lore-sailik ba ote zen garai hartan leihopeetan. Gaztelura deitu zioten egun batean, maiordomoak soldaduen bala-arrastoak erakutsi zizkion ateko egurrean eta komunitateak jaten zuen gurin-opil puska bat eman zion. Bihotz-berogarria zen gazteluan argiak ikustea. Liburuko zerbait bezala zen. Agian, horrelakoa izango zen Leicester Abatetxea. Eta esaldi politak zeuden Cornwell Doktorearen Idazketa Liburuan. Olerkiak bezalakoak ziren, baina ez ziren idazten ikasteko esaldiak besterik.

 

                Wolsey Leicester Abatetxean hil zen

                Han ehortzi zuten abadeek

                Kankroa landareen gaitza da

                Kantzerra animaliena.

 

        Atsegina zatekeen sutondoan alfonbran etzan, burua eskuen gainean jarririk, eta esaldi horietan pentsatzea. Zirrara batek hartu zuen, ur hotz zikinak azala ukitu balio bezala. Portaera zitala Wellsena erretenera bultza egin zionekoa, zer eta tabakontzia trukatu nahi izan ez zuelako Wellsen gaztaina umotu lehorrarekin, berrogeitan garaile izanarekin! Zeinen hotza eta lika zegoen ura! Mutiko batek behin arratoitzar bat ikusi zuen lirdingatara salto egiten. Ama sutondoan eserita zegoen Danterekin, Brigidek tea ekarri zain. Oinak su-burdinan zeuzkan eta zapatila apainak zeinen beroak zeuden eta nolako usain epel gozoa isurtzen zuten! Dantek gauza asko zekizkien. Hark erakutsi zion Mozanbike Itsasadarra non zegoen, Ameriketako ibairik luzeena zein zen eta ilargiko tontorrik handienak zer izen zuen. Aita Arnallek Dantek baino gehiago zekien, apaiza zen eta, baina bai aitak eta bai osaba Charlesek Dante emakume argia eta emakume ikasia zela zioten. Eta Dantek afalondoren hots hura egiten zuenean eta gero eskua ahora eramaten zuenean, hura bihotzerrea zen.

        Ahots batek urrundik oihu egin zuen jolastokian:

        — Denok barrura!

        Ondoren, beste ahots batzuek hurrengo lerrotik eta hirugarrenetik egin zuten oihu:

        — Denok barrura! Denok barrura!

        Elkarrengana bildu ziren jokalariak, gorri-gorri eta lokatzaz eginda, eta haiekin batera joan zen, sartzeko pozez. Rody Kickhamek zeraman pilota soka likatsutik helduta. Mutil batek eskatu zion azkenekoa ostikatzeko, baina aurrera segi zuen erantzun ere gabe. Simon Moonanek esan zion ezetz, prefektua begira zegoela eta. Mutilak Simon Moonanengana jira eta honela esan zion:

        — Bazekiagu denok zergatik hitz egiten duan. McGladeren hurruparia haizelako.

        Hitz arraroa zen hurrupariarena. Izen hori zeragatik esan zion mutil horrek Simon Moonani: Simon Moonanek prefektuari mauka faltsuak bizkarrean lotu ohi zizkiolako eta prefektuak haserre itxurak egiten zituelako. Baina soinu itsusia zuen. Berak behin Wicklow Hoteleko lababoan eskuak garbitu zituen eta gero aitak tapari katetik tira eta ur zikina konketa zulotik behera joan zen. Eta poliki-poliki dena joan zenean, konketa zuloak honelako hotsa egin zuen: hurrup. Ozenago, somete.

        Horren oroimenak eta lababoaren zurikerarenak hotza eman zioten eta gero beroa. Bi kanil zeuden; eragin eta ura irteten zen: hotza eta beroa. Hotza sentitu zuen eta gero bero pixka bat. Eta ikus zitzakeen izenak kaniletan ezarrita. Hura zen gauza arraroa.

        Korridoreko aireak ere hozkirria eman zion. Aire arraroa zen eta hezexka. Baina berehala piztuko zuten gasa eta, erretzean, kanta txiki baten antzeko hots arin bat egingo zuen. Beti ber-bera. Jolastokian mutilak hizketan isiltzen zirenean, entzuten zen.

        Aritmetikako ordua zen. Aita Arnallek buruketa zail bat arbelean idatzi eta esan zuen:

        — Beno, ea nork irabazten duen! Tira, York! Tira, Lancaster!

        Stephenek ahalegin guztiak egin zituen, baina buruketa zailegia zen eta nahastu egin zen. Txaketaren paparrean orratzez itsatsita zeukan setazko ezaugarri arrosa zuriduna dardaraz hasi zitzaion. Ez zen Aritmetikan ona, baina ahalik ondoen egiten saiatzen zen Yorkek gal ez zezan. Aita Arnallek betilun zirudien, baina ez zegoen muturturik: farre egiten zuen. Halako batean, Jack Lawtonek klask egin zuen behatzez eta Aita Arnallek haren koadernora begiratu eta esan zuen:

        — Ongi. Bejondeizula Lancaster! Arrosa gorria doa irabazten. Tira, York! Aurre hartu behar zaie!

        Jack Lawtonek zegoen lekutik begiratu zion. Setazko ezaugarri arrosa gorridunak oso dotore ematen zion, marinel elastiko urdina baitzeraman soinean. Stephenek ere aurpegia gorritzen zitzaiola sumatu zuen Elementuetan zeinek, Jack Lawtonek ala berak, irabaziko ote zuen pentsatzean. Aste batzuetan Jack Lawtonek lortzen zuen lehenengoaren txartela eta beste aste batzuetan berak lortzen zuen lehenengoaren txartela. Bere setazko ezaugarri zuria dar-dar zegoen, hurrengo buruketa egiten ari zela Aita Arnallen ahotsa entzun zuenean. Gero, larritasun guztia pasa zitzaion eta aurpegia hotz-hotza sentitu zuen. Zuria edukiko zuela pentsatu zuen aurpegia, hain sentitzen baitzuen hotza. Ezin atera izan zuen buruketaren emaitza, baina ez zion axola. Arrosa zuriak eta arrosa gorriak: kolore politak ziren horiek gogoetarako. Eta lehenengo eta hirugarren postuetako txartelak ere kolore politekoak ziren: arrosa, krema eta urdin argia. Polita zen arrosa urdin, krema eta arrosa-kolorekoetan pentsatzea. Bazitekeen basa-arrosa kolore horietakoa izatea eta abestiko basa-arrosa lorean, zelai txikitxo berdean, etorri zitzaion gogora. Arrosa berderik, ordea, ez da izaten. Baina munduan nonbait, beharbada, bai.

        Kanpaiak jo zuen eta klaseak geletatik irteten hasi ziren ilaran, korridoreetatik zehar errefertoriora. Eseri zen platereko bi gurin zatiri begira, baina ogi bustia ezin jan izan zuen. Mahai-zapia bustia eta beraska zegoen. Alabaina, edan zuen te bero mehea, sukal-laguntzaile baldar, mantal zuri batean bilduriko batek, katilura ixuri ziona. Sukal-laguntzailearen amantala ere bustia ote zen egon zen pentsatzen, edota gauza zuri guztiak ez ote ziren hotzak eta bustiak izango. Nasty Rochek eta Saurinek etxetik latontzietan bidaltzen zieten kakaoa edaten zuten. Ezin omen zuten tea edan: ur zikina zela. Aitak magistratuak omen zituzten: hala zioten mutilek.

        Mutil guztiak oso arraroak iruditzen zitzaizkion. Denek zituzten gurasoak eta janzkera eta ahots ezberdinak. Etxean egoteko gogoa zuen eta amaren magalean burua botatzekoa. Ezin, ordea, eta horretaz, jolasa, estudioa eta otoitzak bukatzeko gogoarekin zegoen ohera joateko.

        Beste katilukada bat te bero edan zuen eta Flemingek esan zion:

        — Zer duk? Nonbaiteko minez hago ala zer gertatzen zaik?

        — Ez zekiat, —esan zuen Stephenek.

        — Sabeleko mina, —esan zuen Flemingek—, txuri-txuri hago eta. Pasako duk.

        — Bai, —esan zuen Stephenek.

        Baina ez zuen hango minik. Bihotzean zuela min pentsatu zuen, leku horretan minik izan bazitekeen. Flemingek jator egin zuen galdetzen. Negargurak zegoen. Ukalondoak mahai gainean jarri eta belarri-hegalak itxi eta ireki egiten zituen. Belarri-hegalak irekitzen zituen bakoitzean, errefertorioko zarata entzuten zuen. Trenak gauean bezalako orroa egiten zuen. Eta belarriak ixten zituenean, trena tunelean sartzean bezalakoa zen orroa. Gau batean Dalkyn horrelakoxe orroa egin zuen trenak eta, tunelean sartu zenean, isildu egin zen. Begiak itxi zituen eta han zihoan trena, orroa eta hotsik ez, berriz ere orroa eta hotsik ez. Atsegina zen orroa eta hotsik ez trena entzutea, eta tuneletik irtetean, orroa, berriro, eta, gero, hotsik ez.

        Hartan, goi mailetako mutilak errefertorio erdiko alfonbraduratik behera etortzen hasi ziren: Paddy Rath eta Jimmy Magee, eta zigarroak erretzen uzten zioten espainiarra, eta artilezko kapela zuen portuges txikia. Ondoren, erdi-mailako mahaietakoak eta hirugarren mailako mahaietakoak. Eta mutil orok eta bakoitzak bere ibilera zuen.

        Joko-aretoko bazter batean eseri zen, domino-saio bati begira zegoenarena eginez, eta behin edo bitan entzun ahal izan zuen une batez gasaren kanta txikia. Prefektua atean zegoen mutiko batzuekin eta Simon Moonan mauka faltsuak korapilatzen ari zitzaion. Tullabegi buruz zerbait esaten zien Prefektuak.

        Halako batean alde egin zuen atetik eta Wells hurbildu zitzaion Stepheni, esanez:

        — Esaguk, Dedalus, hik musu ematen al diok amari oheratu aurretik?

        Stephenek erantzun:

        — Bai.

        Wellsek besteengana jiratuz honela esan zuen:

        — E, aizue, honako honek esaten du amari gauero musu ematen diola oheratu aurretik.

        Beste mutilek jokoari utzi eta jiratu egin ziren barrez. Stephenek, haien begiradapean gorrituta, esan zuen:

        — Ez diot ematen.

        Berriro ere denek barre egin zuten. Stephen ere haiekin batera barre egiten saiatu zen. Gorputz osoa kiskaltzen eta nahasturik sumatu zuen bat-batean. Zein ote zen galderaren erantzun zuzena? Emanak zituen bi eta, halere, Wellsek barre egiten zuen. Wellsek, ordea, jakin behar zuen erantzun zuzena, Gramatikako hirugarrenean baitzegoen. Wellsen amarengan pentsatzen saiatu zen, baina ez zen ausartzen begiak Wellsen aurpegira jasotzen. Ez zuen haren aurpegia atsegin. Wells izan zen aurreko egunean erretenera bultza egin ziona, zer eta tabakontzia trukatu nahi izan ez zuelako Wellsen gaztaina umotu lehorrarekin, berrogeitan garaile izanarekin! Zitalkeria izan zen hura: mutil guztiek esan zuten halaxe izan zela. Zeinen hotza eta lika zegoen ura! Eta behin mutiko batek arratoitzar bat ikusi zuen lirdingatara salto egiten.

        Erreteneko lirdinga hotzak estali zion gorputz osoa, eta kanpaiak estudiora deitu zuenean eta taldeak joko-aretotik ilaran irten zirenean, korridore eta eskaileretako aire hotza arropen barrutik sentitu zuen. Erantzun zuzena zein ote zen zegoen artean. Ondo zegoen amari musu ematea ala gaizki zegoen amari musu ematea? Zer zen hori, musu ematea? Norberak aurpegia horrela gora jaso ondo-lo-egin esateko eta orduan amak aurpegia beheratu. Hori zen musu ematea. Masailean jartzen zizkion amak ezpainak. Bigunak ziren haren ezpainak eta masaila bustitzen zioten; eta hots txiki bat ateratzen zuten: pa. Zergatik egiten ote zuen jendeak hori aurpegiekin?

        Estudio-aretoan eserita, mahai tapakia zabaldu eta barruan erantsitako zenbakia aldatu zuen hirurogei eta zazpitik hirurogei eta seira. Eguberrietako oporrak, ordea, oso urrun zeuden, baina iritsiko ziren noizbait, zeren lurra beti jiran baitabil.

        Lurraren irudi bat zegoen Geografiako lehen orrian: pilota handi bat hodeien artean. Flemingek bazuen margo-kaxa bat eta gau batean estudio garaian lurra berde eta hodeiak gaztaina-kolore koloreztatu zituen. Halakoxeak ziren Danteren arasako zepiloak, Parnellen omenezko belus berdezko gaindun zepiloa eta Michael Davitten omenezko gaztaina-koloreko belusezko gainduna. Baina ez zion berak esan Flemingi kolore horietan koloreztatzeko. Bere kasa egin zuen Flemingek.

        Ireki zuen Geografia, ikasgaia ikasteko, baina ezin zituen Ameriketako lekuen izenak ikasi. Denak leku ezberdinak ziren, halere, eta izen ezberdinak zituzten. Denak lurralde ezberdinetan zeuden eta lurraldeak kontinenteetan eta kontinenteak munduan zeuden eta mundua unibertsoan.

        Geografia liburuaren barne-azalera pasa zen eta han idatzia zuena irakurri zuen: bera, bere izena eta zegoen lekua.

 

                Stephen Dedalus

                Elementuetako klasea

                Clongowes Wood Ikastetxea

                Sallins

                Kildare Konderria

                Irlanda

                Europa

                Mundua

                Unibertsoa

 

        Hori bere eskuz idatzitakoa zuen. Gau batean txantxetan honako hau idatzi zion Flemingek bestaldean:

 

                Stephen Dedalus dut izena

                Irlanda dut herria

                Clongowes nire bizileku

                Eta zerua nire egarria

 

        Neurtitzok atzekoz aurrera irakurri zituen, baina ez ziren poesia. Ondoren, barne-azala irakurri zuen behetik gora bere izeneraino heldu zen arte. Hura zen bera; eta goitik behera irakurri zuen berriro. Zer zegoen unibertsoaren ondoren? Ezer ez. Baina ba ote zegoen zerbait unibertsoaren inguruan non amaitzen zen erakusteko, ezerezaren lekua hasi baino lehen? Ezin zitekeen pareta izan, baina egon zitekeen marra fin-fin bat gauza guztien buelta osoan.

        Eskerga zen gauza guztietan eta leku guztietan pentsatzea. Jainkoak bakarrik zezakeen hori. Saiatu zen pentsatzen nolako pentsamendu handia beharko zukeen horrek. Baina Jainkoarengan bakarrik pentsatu ahal izan zuen. Jainkoa zen Jainkoaren izena, berea Stephen zen bezalaxe. Dieu zen Jainkoa frantsesez eta hori ere Jainkoaren izena zen; eta norbaitek Jainkoari otoi egiten zionean eta Dieu esan, bertantxe zekien Jainkoak frantsesa zela otoitzean ari zena. Baina nahiz eta munduko hizkuntza ezberdin guztietan izen ezberdinak izan Jainkoarentzat eta nahiz eta Jainkoak pertsona guztiek euren hizkuntza ezberdinetan esaten zutena ulertu, Jainkoa, halere, Jainko bera zen eta Jainkoaren egiazko izena Jainkoa.

        Oso nekatuta utzi zuen horrelako gogoetak. Burua hazi-hazi eginda sentitzen zuen. Barne-azala jiratu eta nekaduraz begiratu zion gaztaina-koloreko hodeien arteko lur borobil berdeari. Zer ote zegoen ondo: berdea aukeratzea ala gaztaina-kolorea aukeratzea? zeren Dantek egun batean guraizez erauzi baitzuen Parnellen omenezko zepiloaren belus berdezko gaina eta Parnell gizon gaiztoa zela esan baitzion. Hori zela-eta etxean eztabaidan arituko ote ziren egon zen pentsatzen. Politika esaten zioten horri. Bi alderdi zeuden: Dante zegoen alderdi batean eta aita eta Casey jauna bestean, baina ama eta osaba Charles ez zeuden inon. Egunkariak bazekarren egunero zerbait horretaz.

        Nahigabetu egiten zuen politikak zer esan nahi zuen ondo ez jakiteak eta unibertsoa non bukatzen zen ez jakiteak. Txiki eta ahul sentitzen zen. Noiz izango ote zen poesia eta erretorika ikasten zuten mutilak bezalakoa? Ahots sendoak eta bota handiak zituzten eta trigonometria ikasten zuten. Lekutan zegoen! Lehenik oporrak zetozen eta gero hurrengo ikastaldia eta gero oporrak berriro eta gero beste ikastaldi bat eta gero oporrak berriro. Trena tunelean sartzen eta irteten bezala zen, mutilak errefertorioan laten zeudenean belarriak itxi eta zabaltzean entzuten den bezalako hotsa. Ikastaldia, oporrak; tunela, kanpora; hotsa, hotsik ez. Zeinen urrun zegoen! Onena ohera joan eta lo egitea. Kaperako otoitzak bakarrik eta gero ohea. Hotzikaraz ahoa zabaldu zuen. Ederki egongo zen ohean izarak apur bat berotzen zirenean. Halakoxe hotzak egoten baitziren sarreran. Hotzikara eman zion sarreran nolako hotzak egoten ziren pentsatzeak. Gero, ordea, berotzen ziren eta lo hartzen zuen. Atsegina zen nekatuta egotea. Ahozabalka egin zuen berriro. Gaueko otoitzak eta gero ohea; hotzikarak astindu zuen eta ahozabalka gogoa etorri zitzaion. Goxo-goxo egongo zen handik minutu batzuetara. Epeltasun gozo bat sentitu zuen izara elurtuetatik gora, gero eta beroagoa, dena berotu zen arte, bero-bero, eta hala ere, hotzikara pixka bat bazuen artean eta ahozabalka gogoak zegoen.

        Kanpaiak gaueko otoitzera deitu zuen eta estudio-aretotik irten eta besteen atzetik ilaran eskaileratan behera eta korridoreetan aurrera kaperara joan zen. Argi motela zegoen korridoreetan eta argi motela kaperan ere. Berehala zen dena ilun eta lokarturik. Gau-aire hotza zegoen kaperan eta marmolek itsasoak gauez duen kolorea zuten. Itsasoa gau eta egun zen hotza, baina hotzagoa gauez. Hotz eta ilun zegoen etxe ondoko kai-hormaren azpian. Baina urontzia su gainean egongo zen pontxea egiteko.

        Kaperako prefektua buruaren gainetik ari zitzaion otoitzean eta memoriaz ezagutzen zituen erantzunak.

 

                Zabaldu, Jauna, gure ezpainak

                Eta gure ahoak zure gorespena esango du

                Lagun gaitzazu, Jaungoikoa

                Jauna, zatozkigu azkar laguntzera.

 

        Gau usain hotz bat zegoen kaperan. Baina usain santua zen. Ez igandeko mezatan kapera atzean belaunikatzen ziren baserritar zaharren usaina bezalakoa. Hura aire, euri, zoikatz eta pana usaina zen. Baina oso baserritar elizkoiak ziren haiek. Atzetik arnasa isurtzen zioten lepagainera eta hasperen egiten zuten otoitz egitean. Clanen bizi zirela esan zuen mutil batek; han basetxe txiki batzuk zeuden eta basetxe bateko ate bikoan emakume bat ikusi zuen haur bat besoetan zuela, Sallinsdik kotxean zetozela. Polita izango zatekeen gau batean basetxe hartan lo egitea zoikatzezko su ketsuaren aurrean, sutondoko argitasun ilunean, iluntasun epelean, baserritarren usaina, aire, euri, zoikatz eta pana, usainduz. Baina, ai! hango arbola arteko bide hura iluna zen! Galdu egingo zen ilunpetan. Ikara eman zion nolakoa izango zen pentsatzeak.

        Kaperako prefektuaren ahotsa azkeneko otoitza egiten entzun zuen. Eta berak ere otoitz egin zuen kanpoko arbola arteko iluntasuna uxatzeko.

 

        Hel zaitez, Jauna, arren eskatzen dizugu, etxe honetara eta libra ezazu etsaiaren segada guztietatik. Bedi zure aingeruen bizileku, batean gorde gaitzaten eta beti zure bedeinkapena izan dezagun, Jesukristo gure Jaunaren bitartez. Amen.

 

        Behatzak dardaraz zituen logelan erazten ari zelarik. Bizkor ibiltzeko agintzen zien behatzei. Erantzi, belaunikatu, otoitzak egin eta ohean egon behar zuen gasa moteldu baino lehen, hildakoan infernura joango ez bazen. Galtzerdiak kendu eta gau-kamixa jantzi zuen presaka; ohe ondoan dardaraz belaunikatu eta otoitzak esan zituen, gasa itzaliko zen beldur. Sorbaldak dal-dal zeuzkala konturatu zen honela xuxurlatzen zuelarik:

 

        Jainkoak bedeinka ditzala aita eta ama eta gorde dakizkidala!

        Jainkoak bedeinka ditzala nire anaia-arrebatxoak eta gorde dakizkidala!

        Jainkoak bedeinka ditzala Dante eta osaba Charles eta gorde dakizkidala!

 

        Aitaren egin eta ohera igo zen bizkor eta, gau-kamixaren barrena oinetan bilduz, izara hotzen azpian kizkurtu zen hotzak dardaraz. Baina hildakoan ez zen infernura joango; eta pasako zitzaion dardara. Ahots bat ondo-lo-eginak ematen ari zitzaien logelako mutikoei. Burua estalgarrien azpitik atera eta begiak ñarrotuz begiratu zuen une batez eta gortina horiak ikusi zituen ohearen aurre-aldamenetan, alde guztietatik ixten zutela. Argia poliki-poliki itzaltzen joan zen.

        Prefektuaren oinetakoak aldendu egin ziren. Nora? Eskaileratan behera eta korridoreetan aurrera ala barren-muturrean zegoen bere gelara? Iluntasuna ikusi zuen. Egia ote zen gauetan txakur beltza ibiltzen zeneko hori, farolak bezain begi handiekin? Hiltzaile baten izpiritua zela zioten. Izu-ikara luze batek korritu zion gorputz osoa. Gazteluko sarrerako ezkaratz iluna ikusi zuen. Antigualera jantziriko zerbitzari zaharrak zeuden eskailburuko lixa-gelan. Aspaldi zen. Zerbitzari zaharrak geldi zeuden. Sua pizturik egon arren, ilun zegoen ezkaratza. Lagun bat igo zen eskaileratan gora ezkaratzetik, mariskal mantu zuria soinean. Aurpegi zurbila eta estrainioa zuen. Alboa estutzen zuen eskuaz. Begirada estrainioa luzatu zien zerbitzariei. Haiek ere begiratu zioten eta nagusiaren aurpegia eta mantua ikustean jabetu ziren herio-zauriak jota zegoela. Baina begiratzen zuten lekuan ez zen iluntasuna besterik: aire ilun, isila soilik. Pragako guda-zelaian, itsasoz handik, jaso zuen nagusiak herio-zauria. Han zegoen zelaian zutik; esku batez alboari eusten zion; aurpegi zurbila eta estrainioa zuen eta mariskal mantu zuria soinean.

        Oi, zeinen hotza eta estrainioa zen horretan pentsatzea! Iluntasun guztia zen hotza eta estrainioa. Aurpegi zurbil estrainioak zeuden han, farolak bezalako begi handiak. Hiltzaileen izpirituak ziren, itsasoz handiko guda-zelaietan herio-zauriak jaso zituzten mariskalen irudiak. Zer esan nahi zuten, halako aurpegi arraroak edukitzeko?

 

                Hel zaitez, Jauna, arren eskatzen dizugu, etxe honetara eta

                libra ezazu...

 

        Oporretan etxera! Zoragarria izango zela esan zioten mutilek. Neguko goiz-lehenean gazteluko ate aurrean kotxeetara igota. Bazihoazen kotxeak harkaskar gainetik. Biba errektorea!

        Biba! Biba! Biba!

        Kotxeak kaperaren aurretik igarotzean, denek kapelak erazten zituzten. Alegeraki zihoazen landa-bideetan barrena. Gidarien zigorrek Bodenstown aldera erakusten zuten. Mutilak aupaka. Igaro zuten Nekazari Alaiaren baserria. Biba gora eta biba behera. Clanen barrena zihoazen aupaka eta bihotz beroturik. Emakume baserritarrak ateetan zeuden, gizonezkoak han-hemenka. Usain ederra zegoen negu-airean: Claneko usaina: euria, negu-airea, zoikatz txingarra eta pana.

        Trena mutikoz beteta zegoen: txokolatezko tren luze-luzea kremaz horniturik. Trenzainak batera eta bestera zebiltzan ateak zabaldu, itxi, krisketak jarri eta kendu. Jantzi urdin iluna eta zilar kolorekoa zeramaten; zilar koloreko txilibituak zeuzkaten eta giltzek soinu bizi bat egiten zuten: klin-klin, klin-klin.

        Eta trena bazihoan lasterka landa lauak gaindi eta Allengo muinoa atzean utzita. Telegrafo posteak pasa eta pasa ari ziren. Trena joan eta joan. Ondo zekien bidea. Etxeko ezkaratzean farolak zeuden eta adar berdez eginiko kordak. Gorostia eta huntza osoko ispiluaren bueltan eta gorostia eta huntza, gorri eta berde, lanparetan kiribilduta. Gorosti gorria eta huntz berdea hormetako erretratu zaharren bueltan. Gorostia eta huntza beragatik eta Eguberriak zirelako.

        Polita...

        Etxeko guztiak. Ongietorri etxera, Stephen! Ongietorri hotsak. Amak musu eman zion. Ondo egina? Aita mariskala zen orain: magistratu baino gehiago. Ongietorri etxera, Stephen!

        Zarata...

        Gortina uztaiek barran korritzean ateratzen duten zarata zen, ura konketetara isurtze hotsa. Jaikitze, janzte eta garbitze hotsa zen logelan; esku-zarta hotsa, prefektua gora eta behera mutilei bizkor ibiltzeko esaten zebilela. Eguzki-argi zurbil batek agerian jarri zituen gortina hori zabalduak, ohe nahastuak. Ohea oso beroa zegoen eta aurpegia eta gorputza ere oso beroak zeuzkan.

        Jaiki eta ohe ertzean eseri zen. Makal zegoen. Galtzerdia janzten saiatu zen. Erabateko gorputzaldi txarra zeukan. Eguzkiaren argia arraroa eta hotza zen.

        Honela esan zion Flemingek:

        — Ez al hago ondo?

        Ez zekien; eta Flemingek:

        — Sar hadi atzera ohean. Ondo ez hagoela esango zioat McGladeri.

        — Gaixo dago.

        — Nor hori?

        — Sar hadi atzera ohean.

        — Gaixo al dago?

        Ikaskide batek besotik heldu zion, oinetik zintzilik zuen galtzerdiari jaregin bitartean, eta atzera ohe berora sartu zen.

        Izaren artean kizkurtu zen, zeukaten epeltasunaz atsegin hartzen zuela. Ikaskideak elkarren artean berari buruz hizketan entzuten zituen, mezatarako janzten ziren bitartean. Doilorkeria izan zela zioten erretenera bultza egin izana.

        Gero, isildu egin ziren ahotsak; joanak ziren. Ohe ondoan ahots batek honela esan zuen:

        — Dedalus, ez gaituk, ba, salatuko, ez?

        Wellsen aurpegia zen. Begiratu zion eta Wells beldurturik zegoela ikusi zuen.

        — Ez diat nahita egin. Agintzen didak ezetz?

        Aitak esana zion, egiten zuena egiten zuela, ez zezala inoiz lagunik sala. Burua astindu eta ezetz erantzun zion eta poz hartu zuen.

        Wellsek esan zion:

        — Ez diat nahita egin, egia-eta-fede. Txantxetan izan duk. Sentitzen diat.

        Aurpegia eta ahotsa joan egin ziren. Sentitu bai, beldurrak zegoelako. Gaitzen bat izango zen beldurrak. Kankroa landareen gaitza zen eta kantzerra animaliena; edo bestelakoren bat. Oso aspaldi zen hori, han kanpoan jolastokian arrats-argitan, bere hegal muturrean alde batetik bestera lerratzen, txori astun bat argi grisetan hegaka. Leicester Abatetxean argiak piztuta. Wolsey han hil zen. Abadeek beraiek ehortzi zuten.

        Ez zen Wellsen aurpegia, prefektuarena zen. Ez zen aitzakia. Ez, ez: benetan zegoen gaixo. Ez zen aitzakia. Eta prefektuaren eskua sentitu zuen bekokian; eta bere bekokia beroa eta bustia sentitu zuen prefektuaren esku hotz eta bustiaren kontra. Inpresio horixe egiten zuen arratoia ukitzeak ere: lika, bustia eta hotza. Arratoiek bi begi kirikari zituzten. Azal lika, leunak, hanka txiki-txikiak azpira sartuta salto egiteko, begi beltz, likak kanpora kirik egiteko. Jauzi egiten bazekiten. Baina arratoien adimenak ez zuen trigonometria ulertzen. Akabatzen zirenean, albora etzanda geratzen ziren. Azala lehortzen zitzaien, orduan. Gauza hilak besterik ez ziren.

        Prefektua han zen berriro eta jaiki egin behar zuela esaten ari zitzaion, Aita Ministroak jaiki, jantzi eta enfermeriara joateko esan zuela. Eta ahalik eta bizkorren janzten ari zela, honela esan zuen prefektuak:

        — Hartu eta Anaia Michaelengana joan beharko dugu, kakalarria sartu zaigu eta!

        Jator portatu zen hori esatean. Barre eragiteagatik esan zion. Baina ez zen barre egiteko gai, masail-ezpainak dardarizo batean baitzeuzkan, eta, hala, prefektuak bere kasa egin behar izan zuen barre.

        Prefektuak oihu egin zuen:

        — Pauso arina! Batean zapata, bestean espadrina!

        Elkarrekin joan ziren eskaileratan behera, korridoreetan barrena eta bainua igaro zuten. Atetik pasatzean izu zehatzgabe batekin gogoratu zituen lur-koloreko urgeldi epela, aire heze epela, pulunpaldien hotsa, toallen botikarena bezalako usaina.

        Anaia Michael enfermeriako atean zegoen eta eskuinaldeko gela iluneko atetik botika usaina bezalakoa etorri zen. Apaletako botiletatik zetorren. Prefektuak Anaia Michaeli zerbait esan zion eta Anaia Michaelek erantzun, eta prefektuari «sir» deitu zion. Ile gorrizta zuen grisarekin nahasirik eta itxura arraroa. Arraroa zen beti anaia izan beharra. Arraroa zen baita ere hari «sir» ezin esan ahal izatea, anaia zelako eta beste tankera batekoa zelako. Ez al zen, bada, behar bezain santua, edo bestela, zergatik ez zen besteen parera iristen?

        Bi ohe zeuden gelan eta bietako batean mutiko bat zegoen, eta sartu zirenean oihu egin zuen:

        — Hara! Dedalus txikia da-ta! Zer da?

        — Baratzean zerba —esan zuen Anaia Michaelek.

        Gramatikako hirugarren mailako ikasle bat zen eta Stephen erazten zen bitartean, ogi tostatu pusketa urineztatu bat ekartzeko eskatu zion Anaia Michaeli.

        — Bai, mesedez! —esan zuen.

        — Emango diat nik hiri gurina! —esan zuen Anaia Michaelek—. Hire paperak dituk eman behar dizkiagunak bihar goizean, sendagilea etortzen denean.

        — Nola? —esan zuen mutilak—. Oraindik ez nago ondo.

        Anaia Michaelek berriro:

        — Bihar jasoko dituk hire paperak. Hortik ziur egon.

        Sua suspertzera makurtu zen. Bizkar luzea zuen, tranbia-zaldiak bezalako bizkar luzea. Su-gakoa serio astintzen zuen eta buruaz baietz egiten zion gramatikako hirugarren mailako ikasleari.

        Irten zen Anaia Michael eta handik pixka batera gramatikako hirugarren mailako ikaslea paretaren aldera jiratu eta lo geratu zen.

        Hura zen enfermeria. Gaixo zegoen, horretaz. Idatzi ote zieten aita-amei etxera? Azkarragoa litzateke, ordea, fraideren bat abisatzera joatea. Edo, bestela, eskutitz bat idatziko zuen fraideak eraman zezan.

 

        Ama maitea: Gaixo nago. Etxera joan nahi dut. Zatoz, mesedez, eta eraman nazazu etxera. Enfermerian nago. Maite zaituen zure seme

STEPHEN

 

        Zeinen urruti zeuden! Eguzki-argi hotza zegoen leihoz kanpo. Hil egingo ote zen pentsatzen zuen. Egun eguzkitsu batean ere berdin hil zitekeen. Bazitekeen ama etorri aurretik hiltzea. Orduan, hileta meza izango zen kaperan, ikaskideen esanetan Little hil zenean izan zen bezala. Ikaskide guztiak izango ziren mezatan, beltzez jantzirik, denak aurpegi tristez. Wells ere han izango zen, baina inork ez zion begiratuko. Errektorea kapa beltz eta urre kolorekoa soinean zuela, eta kandela hori luzeak jarriko zituzten aldarean eta hil-mahaiaren inguruan. Eta astiro-astiro aterako zuten hilkutxa kaperatik eta komunitateko kanposantu txikian ehortziko zuten ezkien bide nagusiaren alboan. Eta Wellsi orduan damutuko zitzaion egin zuena. Eta kanpaiak geldi-geldi joko zuen.

        Entzuten zuen jotzen. Eta Brigidek erakutsitako abestia abestu zion bere buruari.

 

                Dilin-dalan! Gazteluko ezkila!

                Ama nirea, adio!

                Ehortz nazazue hilerri zaharrean

                Anaia nagusiaren aldean

                Hilkutxa beltzean

                Sei aingeru atzean,

                Bi abesteko, bi otoitz egiteko

                Eta bi nire anima eramateko

 

        Zeinen ederra eta tristea zen hori! Zeinen ederrak Ehortz nazazue hilerri zaharrean zioten hitzak! Zirrara batek zeharkatu zion gorputza. Zeinen tristea eta zeinen ederra! Astiro negar egiteko gogoa zuen, baina ez beragatik, hitzengatik baizik, musika bezalako hain hitz eder eta triste haiengatik. Ezkila! Ezkila! Adio! Oi, adio!

        Eguzki-argi hotza motelagoturik zen eta Anaia Michael zuen ohe ondoan katilu saldarekin. Eskertu zuen, izan ere ahoko lehorrak eta berotasunak baitzegoen. Jolastokietan jolasean entzuten zituen. Eta bera ikastetxean egonda bezalaxe zihoan han eguna aurrera.

        Anaia Michael irtetera zihoan eta gramatikako hirugarrengo ikasleak esan zion ez ahazteko gero egunkariko berriak kontatzera itzultzea. Stepheni, berriz, Athy zuela izena esan zion eta aitak lasterketarako zaldi pila zeukala eta aitak eskupeko on bat emango ziola Anaia Michaeli nahi zuen guztietan, oso jator portatzen zelako Anaia Michael eta gazteluan egunero jasotzen zuten egunkariko berriak kontatzen zizkiolako beti. Mota guztietako berriak zekartzan egunkariak: istripuak, itsasontzi-hondoratzeak, kirolak eta politika.

        — Orain ez zegok politika besterik egunkarietan —esan zuen—. Hire etxean ere hitz egiten al diate horretaz?

        — Bai —esan zuen Stephenek.

        — Nirean ere bai —esan zuen mutilak.

        Gero, une batez pentsatzen egon eta esan zuen:

        — Hik deitura arraroa duk, Dedalus, eta nik ere deitura arraroa diat, Athy. Nire deitura herri baten izena duk. Hireak latina ematen dik.

        Hurrena galdetu zuen:

        — Asmakizunetarako trebea al haiz?

        Stephenek erantzun:

        — Ez oso.

        Eta gero:

        — Ea asmatzen duan honako hau. Zertan dituk antzekoak Kildare konderria eta mutil baten galtzen izter-zuloa?

        Stephen pentsatzen egon zen erantzuna zein zitekeen eta ondoren honela esan zuen:

        — Amore ematen diat.

        — Biek «izter» bat daukatelako. Ulertzen duk txistea? Athy Kildare konderriko herri bat duk eta «a thigh» (izterra, ingeleraz) izter-zuloan dagoena.

        — A! orain ulertzen diat —esan zuen Stephenek.

        — Oso asmakizun zaharra duk —esan zuen besteak.

        Handik pixka batera, berriz:

        — Hi!

        — Zer? —galdetu zuen Stephenek.

        — Ez dakik? Asmakizun hori beste era batera ere galde litekek.

        — Bai, ala? —esan zuen Stephenek.

        — Asmakizun bera. Ba al dakik beste erara galdetzen?

        — Ez —esan zuen Stephenek.

        — Ezin al duk asmatu beste erara?

        Estalgarrien gainetik begiratzen zion Stepheni hitz egiterakoan. Gero, atzera burua burko gainera bota eta honela esan zuen:

        — Bazegok beste era bat, baina ez diat esango zein den.

        Zergatik ez zuen esaten? Horren aita ere, lasterketarako zaldiak zituena, magistratua izango zen Saurinen aita eta Rocheren aita bezala. Bere aitaz oroitu zen, nola amak pianoa jo eta hark abestu egiten zuen, nola sei penike eskatzen zionean, beti txekin bat eman ohi zion, eta harenganako gupida sentitu zuen beste mutilen aitak bezala magistratu ez zelako. Orduan, zergatik bidali zuten leku hartara besteekin batera? Baina aitak esan zion ez zela han arrotz sentituko, berrogeita hamar urte lehenago osaba txikiak hitzaldi bat zuzendu ziola han Askatzaileari eta. Antigualeko jantziengatik ezagutzen zen garai hartako jendea. Garai solemnea iruditzen zitzaion hura: eta pentsatzen egon zen garai hura ote zen Clongowesko ikasleek txaketa urdin metalezko botoidunak eta txaleko horiak eta untxi-larruzko kapelak eramaten zituztena eta nagusiek bezala garagardoa edan eta erbi-ehizarako erbi-zakur saldo propioak zituztena.

        Leihora begiratu zuen eta egun-argia motelagotua ikusi zuen. Jolastokietan argi gris lainotsua egongo zen. Ez zen hotsik jolastokietan. Klasean idazlanak egiten arituko ziren edo, bestela, Aita Arnall liburutik irakurtzen.

        Harritzekoa zen nola ez zioten botikarik eman. Agian, Anaia Michaelek itzultzen zenean ekarriko zion. Enfermerian zegoenak edari nazkagarriak hartu behar izaten zituela zioten. Baina lehen baino hobeto zegoen. Atsegina izango zen astiro-astiro sendatzen joatea. Hartara, liburu bat ematen zuten. Bazen liburutegian Hollandari buruzko liburu bat. Izen arrotz zoragarriak zeuzkan eta itxura estrainioko hiri eta ontzien irudiak. Haiek ematen zuten poza!

        A zer nolako argi zurbila zegoen leihoan! Baina polit egiten zuen. Suaren errainua horman gora eta behera zebilen. Olatuak bezala. Norbaitek ikatza bota zion eta ahotsak entzun zituen. Hizketan ari ziren. Olatuen hotsa zen. Edo olatuen elkarrizketa hotsa, gora eta behera zebiltzala.

        Olatuzko itsasoa ikusi zuen, olatu luze ilunak gora eta behera, ilargi gabeko gauean ilun. Argi txiki batek diz-diz egin zuen itsas zubiaren muturrean, ontzia sartzera zihoan lekuan; eta jendetza ikusi zuen ur ertzean, kairatzen ari zen ontzia ikusteko bildurik. Gizon garai bat zegoen ontzi gainean, lur ilun, laura begira, eta itsas zubiaren muturreko argitan aurpegia ikusi zion: Anaia Michaelen aurpegi atsekabetua.

        Jendearengana eskua jasotzen ikusi zuen eta uraren gainetik saminezko ahots ozenez honela esaten:

        — Hil egin da. Hil-mahian zetzala ikusi dugu. Samin intziri bat altxa zen jendearengandik.

        — Parnell! Parnell! Hil egin da!

        Belauniko erori ziren atsekabezko lantuan.

        Eta Dante ikusi zuen, belusezko soineko gaztaina-kolorez jantzita eta belus berdezko kapa bizkarrean, ur ertzean belaunikaturiko jendetzaren artetik harro eta isilik igarotzen.

 

 

        Su eder gorri tente bat zegoen tximinian garretan eta lanpararen beso huntzez kiribilduen azpian Eguberrietako mahaia jarrita. Berandu samar etxeratu ziren arren, artean ez zegoen afaria prest, baina amen batean egongo zela esan zuen amak. Ateak zabaldu zain zeuden, zerbitzariak noiz sartuko, fuente handiak euren metalezko tapaki astunekin eskuetan zituztela.

        Zai zeuden denak: osaba Charles, urrun, leihoaren errainupean eserita, Dante eta Casey jauna tximiniaren alde banatan besaulkietan, Stephen haien erdian eserleku batean zegoen jarririk, oinak aulki motz ketuaren gainean zituela. Dedalus jaunak bere buruari begiratu zion tximinia gaineko ispiluan, bibote puntak igurtzi zituen eta, ondoren, txaketaren aldamenetatik eskuak sartu eta suari bizkarrez geratu zen; gerora ere noizik eta behin eskua txaketaren azpitik atera eta bibote punta igurzten zuen. Casey jaunak burua alde batera okertu eta irribarrez behatz kolpe batzuk eman zizkion zintzur hezurrari. Eta Stephenek ere irribarre egin zuen, orain bai baitzekien ez zela egia Casey jaunak eztarrian zilar poltsa bat zeukana. Irribarre egin zuen Casey jaunak atera ohi zuen zilar hotsak nola engainatzen zuen pentsatzean. Eta behin Casey jaunaren eskua zabaltzen saiatu zen batean, zilar poltsa han ezkutaturik ote zeukan ikusteko, behatzak ezin luzatu zirela konturatu zen, eta Casey jaunak esan zion Victoria Erreginari urtebetetze opari bat egiterakoan gelditu zitzaizkiola hiru behatz haiek okerrak.

        Casey jaunak zintzur hezurrari kolpetxoak emanez irribarre egiten zion Stepheni lo-begiekin; Dedalus jaunak hitz egin zion:

        — Bai gizona, bai, ibilaldi ederra egin dugula, ezta, John? Bai... Ez dakit afari itxurarik izango den gaur? Bai... Ederki, ederki, oxigeno puska bat arnastu dugu gaur Punta aldean, arranoak ez baditu.

        Danterengana jira eta esan zuen:

        — Ez al zara batere irten, Riordan andrea?

        Dantek bekokia zimurtu eta labur erantzun zion:

        — Ez.

        Dedalus jauna txaketa aldamenak bertan behera utzi eta arasara joan zen. Bertatik harrizko whisky txarro handi bat atera eta botila bete zuen poliki-poliki, noizean behin zenbat isuri zuen ikustera makurtuz. Ondoren, txarroa lehengo lekuan utzirik, whisky pixka bat atera zuen bi edalontzitara, ur pixka bat gaineratu eta tximini aldera itzuli zen haiekin.

        — Titarekada bat, John, —esan zuen— apetitua pizteko.

        Casey jaunak edalontzia hartu, edan eta eskuerara utzi zuen tximiniako apalean. Ondoren honela esan zuen:

        — Zera gogorarazten dit honek nahi-ta-nahi-ez: gure adiskide Christopherrek lagun horientzako egiten...

        Barre purrustada eta eztul batean gaineratu ahal izan zuen:

        — ...egiten duen xanpaina.

        Algara ozena jaurtiki zuen Dedalus jaunak.

        — Christyk ala? Maltzurkeria gehiago dauka horren burusoil horretako garatxo bakar batek azeri samalda osoak baino.

        Burua makurtu, begiak itxi, eta, ezpainak behin eta berriz ondo miaztuz, hotel-jabearen ahotsarekin hasi zen hizketan.

        — Eta nolako aho samurra jartzen duela gero hizketarakoan, aizu. Adurra eta lerdea kokospetik dariola, koitadua.

        Artean Casey jauna bere onera etorri gabe zegoen barre eta eztul. Stephenek, hotel-jabea aitaren aurpegi eta ahotsean ikusi eta entzutean, barre egin zuen.

        Dedalus jaunak monokuloa jarri eta goitik behera begira honela esan zion gozo-gozo eta maitekiro:

        — Hik zeri egiten diok barre, umegorri horrek?

        Zerbitzariak sartu ziren eta platerak mahai gainean ipini zituzten. Ondoren Dedalus andrea sartu zen eta eserlekuak antolatu zituen.

        — Eseri zaitezte —esan zuen.

        Dedalus jaunak mahaiburura joan eta esan zuen:

        — Tira, Riordan andrea, eseri. John, jar zaitez, adiskide.

        Osaba Charles zegoen lekura jiratuta, berriz:

        — Tira, jauna, hemen daukazu hegaztia zain.

        Denak euren lekuetan eseri zirenean, eskua fuentearen tapakira eraman zuen eta gero, bat-batean, atzera erretiratuz, honela esan zuen:

        — Tira, Stephen.

        Stephen zutitu egin zen bere lekutik otordu aurretik mahaia bedeinkatzeko:

        Bedeinka gaitzazu, jauna, eta bedeinka itzazu Zure eskutik hartzera goazen opari hauek Jesukristo Bure Jaunaren bitartez. Amen.

        Aitaren egin zuten denek eta Dedalus jaunak, gozamenezko hasperen eginez, tanta distiratsuz ertza perlaturik zuen tapaki astuna jaso zuen fuentetik.

        Begira geratu zitzaion Stephen indioilar beteari, aldez aurretik sukaldeko mahai gainean listaz josirik eta zirian sarturik egon zenari. Bazekien ginea bat ordainduta ekarri zuela aitak D'Olier Streeteko Dunn's-enetik eta saltzailea hegaztiaren papar-hezurra jo eta jo aritu zela zeinen ona zen erakusteko; eta gogoan zuen nola esan zuen gizonak:

        — Eramazu hauxe, jauna. Espeziala, inon bada.

        Zergatik deitzen ote zion Barret jaunak indioilarra bere zartailuari Clongowesen? Baina Clongowes urrun zegoen, eta indioilar, urdaiazpiko eta apio usain epel sendoa zetorren plater eta fuenteetatik eta su eder gorri tentea zegoen tximinian eta huntz berdeak eta gorosti gorriak poz handia ematen zuten eta afari amaieran plum pudding handia ekarriko zuten, almendra zuritu eta gorosti adaxkaz apainduta, gar urdinxka inguruan firraran zuela, eta banderatxo berde bat gainean astinka.

        Nagusiekin afaltzen zuen lehen Eguberria zuen eta anai-arreba txikiak ere han egongo zirela oroitu zen, pudding-aren ordua iritsi bitartean haurren gelan zain, bera ere maiz egona zen bezala. Alkandora anoki zabal harekin eta Eton txaketa harekin arrotz eta nagusiago bezala aurkitzen zen eta goiz hartan bertan amak egongelara mezatarako jantzita eraman zuenean, aitari negarra irten zitzaion. Bere aita gogorarazi ziolako zen. Horixe bera esas zuen osaba Charlesek ere.

        Dedalus jaunak fuentea estali zuen eta jaten hasi zen arrapastaka. Halako batean hala esan zuen:

        — Christy gizajoa orain, berriz, amarrukeriaren pisuak ia bentzuturik.

        — Simon —esan zuen Dedalus andreak—, ez diozu Riordan andreari saltsarik eman.

        Dedalus jaunak saltsa-ontzia bereganatu zuen.

        — Ez, ala? —egin zuen— Riordan andrea, barka behar diozu itsu gaixo honi.

        Dantek eskuak plater gainean jarrita honela esan zuen:

        — Ez, eskerrik asko.

        Dedalus jauna, orduan, osaba Charlesengana jira zen.

        — Zer moduz, hor, jauna?

        — Ondo baino hobeto, Simon.

        — Zu, John?

        — Ni ondo nago. Segi zeu.

        — Mary? Tori, Stephen, honek kizkurtuko dik ilea.

        Stephenen platerera saltsa mordoa isuri eta berriro mahaian utzi zuen saltsa-ontzia. Ondoren, osaba Charlesi samurra zegoen galdetu zion. Osaba Charlesek ahoa beteta zuen eta ezin izan zion erantzun, baina buruarekin egin zion baietz.

        — Ederra erantzuna, gure adiskideak kalonjeari eman diona. Zer diozue? —esan zuen Dedalus jaunak.

        — Ez nuen uste hainbesteraino zenik —esan zuen Casey jaunak.

        — Nik zergak ordainduko dizkizuet, aita, zuek Jainkoaren etxea hauteskunde kabina bihurtzeari uzten diozuenean.

        — Erantzun polita, —esan zuen Dantek— norbere burua katolikotzat daukanak apaizari emateko.

        — Eurak bakarrik dauzkate kulpak —esan zuen Dedalus jaunak bigunki. Inozoenak ere esango lieke erlijiora mugatu behar lituzketela euren ardurak.

        — Hori ere erlijioa da —esan zuen Dantek. Euren eginkizuna betetzen dute herria ohartaraziz.

        —Jainkoaren etxera —esan zuen Casey jaunak— umiltasun osoz gure Egileari otoitz egitera joaten gara eta ez hauteskunde hitzaldiak entzutera.

        — Hori ere erlijioa da, —esan zuen berriro Dantek—. Ondo egiten dute. Artaldea gidatu beharra daukate.

        — Eta aldaretik politika predikatu, orduan? —galdetu zuen Dedalus jaunak.

        — Horixe! —esan zuen Dantek—. Gizartearen moralitate kontua da. Apaiza ez litzateke apaiz izango artaldeari ondo zer dagoen eta gaizki zer dagoen esango ez balio.

        Dedalus andreak kutxilo-tenedoreak mahaian jarriz esan zuen:

        — Jainkoaren izenean, Jainkoaren izenean, utz dezagun politika urte guztian egun bategatik, bederen.

        — Oso ondo, andrea —esan zuen osaba Charlesek—. Tira, Simon, nahikoa dugu. Ezta hitzik ere gehiago.

        — Bai, bai, —esan zuen Dedalus jaunak segituan.

        Fuentea zakarki desestali eta esan zuen:

        — Beno, zeinek nahi du indioilar gehiago?

        Inork ez zuen erantzun. Dante atera zen:

        — Hizkera polita katoliko batentzat!

        — Riordan andrea, faborez eskatzen dizut —esan zuen Dedalus andreak—, utz dezagun gai hau alde batera.

        Harengana itzulita Dantek:

        — Isil-isilik eserita egon behar al duk, bada, gure elizako artzainei nola iseka egiten zaien entzuten?

        — Inork ez du haien aurka gaitzik esaten —esan zuen Dedalus jaunak—, politikan nahasten ez direla.

        — Irlandako gotzain eta apaizak mintzo egin dira —esan zuen Dantek—, eta obeditu egin behar zaie.

        — Utz dezatela politika —esan zuen Casey jaunak—, bestela, eliza utziko du jendeak.

        — Aditu duzu? —esan zuen Dantek Dedalus andrearengana jiratuta.

        — Casey jauna! Simon! —esan zuen Dedalus andreak—, buka dezagun behingoz.

        — Tamalgarria! Tamalgarria! —esan zuen osaba Charlesek.

        — Zer? —eraso zion Dedalus jaunak—. Bertan behera utzi behar al genuen, bada, ingelesek esan dutela eta?

        — Ez zen duin buruzagi izaten jarraitzeko —esan zuen Dantek—. Bekatari publikoa zen.

        — Denok gara bekatari eta bekatari beltzak, gainera —esan zuen Casey jaunak lehor.

        — Zorigaitz gizonari, zeinengandik heltzen baita gaizpidea! —esan zuen Riordan andreak—. Hobe luke errotarri bat lepotik lotuko baliote eta itsasora botako, nire txiki hauetako bat gaizpideratu baino. Hori da Izpiritu Santuaren hizkera.

        — Eta oso hizkera zatarra, jakin nahi baduzu —esan zuen Dedalus jaunak lehor.

        — Simon! Simon! —esan zuen osaba Charlesek—. Mutikoa.

        — Bai, bai —esan zuen Dedalus jaunak—. Zeragatik esaten nuen... Geltokiko zamaketariaren hizkera zatarra neukan buruan. Beno, beno. Ea, Stephen, erakutsidak platera, txo. Tira, jan hori.

        Stephenen platera janariz tontortu zuen eta osaba Charles eta Casey jaunari indioilar pusketa handiak eta saltsa zorrotada luzeak zerbitzatu zizkien. Dedalus andrea gutxi ari zen jaten eta Dante eskuak magalean zituela zegoen, aurpegia gorri-gorri. Dedalus jaunak, fuentearen bestaldeko muturra kubiertoekin zirikatu eta honela esan zuen:

        — Pusketa goxo bat badago hemen, erreginaren mokadua esaten zaiona. Baldin andere edo jaunen batek...

        Hegazti zati bat zeukan tenedorearen hortzetan. Inork ez zuen ezer esan. Bere platerean jarri zuen, esanez:

        — Beno, galdetu ez dizuedanik, behintzat, ezin esango duzue. Neronek jatea izango dut onena, azken bolada honetan osasunez ere ez nabil oso ondo eta.

        Stepheni begia itxi eta, tapakia bere lekuan jarriz, berriro jaten hasi zen.

        Denak isilik zeuden, jaten ari zen bitartean. Geroxeago, honela esan zuen:

        — Tira, eguraldiak onean eutsi dio, hala ere. Kanpotar pila zebilen hirian.

        Inork ez zuen ezer esan. Hurrena, berriz:

        — Aurreko Eguberrietan baino kanpotar gehiago zebilen, nik uste.

        Banan-banan begiratu zien besteei, denak norbere platererantz burumakur, eta, erantzunik jaso ez zuenean, une batez egon eta erresuminez esan zuen:

        — Beno, nire Eguberri afaria alferrik galdu da, nola edo hala.

        — Ezin izan zorterik ez graziarik —esan zuen Dantek— elizaren artzainenganako begirunerik ez den etxean.

        Plater gainera bota zituen kutxilo-tenedoreak Dedalus jaunak zaratatsu.

        — Begirunea! —esan zuen—. Billy mutur-handi horri edo Armaghko tripazaiari, ala? Begirunea!

        — Elizaren Printzeak! —esan zuen Casey jaunak mesprezua geldiro markatuz.

        — Zakurraren biolinak! —esan zuen Dedalus jaunak.

        — Jaunak igurtziak dira —esan zuen Dantek—. Eta nazioaren ondra.

        — Tripazaia! —esan zuen Dedalus jaunak zakar—. Aurpegi ederrekoa da, bai, grina ase duenean. Ikusi egin behar da gizona urdaia eta aza hurrupaka jaten neguko egun batean! A, Johnny!

        Aurpegia imintzio basati batean bihurritu zuen, ezpainekin hurrupatze hots bat eginez.

        — Egia esan, Simon, ez zenuke horrela hitz egin behar Stephenen aurrean. Ez dago ondo.

        — Ondo gogoan izango du hazten denean —esan zuen Dantek sutsuki— bere etxean bertan Jainkoaren kontra, erlijioaren kontra eta apaizen kontra entzundako lengoaia.

        — Gogoan izan dezala baita ere —egin zion oihu Casey jaunak mahaiaren bestaldetik— apaizek eta apaizen saripekoek Parnellen bihotza lehertzeko eta hilobira eramateko erabili zuten lengoaia. Izan dezala hori ere gogoan hazten denean.

        — Putasemeak! —egin zuen Dedalus jaunak oihu—. Erori zenean etorri zitzaizkion gainera, traizio egin eta haragia erauztera estoldetako arratoiak bezala. Zakur zikinak! Eta badute antza gero! Kristo, badute antza gero!

        — Zuzen jokatu zuten —egin zuen oihu Dantek—. Euren gotzain eta apaizei obeditu zieten. Bezate ohore!

        — Hara, ikaragarria da, horratik, urte guztiko egun batean ere —esan zuen Dedalus andreak— eztabaida izugarri hauetatik ezin libro garela esan beharra!

        Osaba Charlesek bi eskuak onberatasunez jaso eta esan zuen:

        — Tira, tira, tira! Ezin al ditzake nork bere iritziak, direnak direla, jenio txar eta hizkera zatar hori gabe mantendu? Penagarria da benetan.

        Dedalus andreak belarrira hitz egin zion Danteri, baina Dantek ozenki:

        — Ez naiz isilduko. Nire eliza eta erlijioa defendatuko ditut katoliko arnegatuek irain eta tu egiten badiote.

        Casey jaunak platerari mahai erdirantz zakarki bultza egin zion eta, ukondoak aurrean jarriz, honela esan zion etxeko jaunari:

        — Aizu, inoiz kontatu al dizut tu famatu haren istorioa?

        — Ez, John, —esan zuen Dedalus jaunak.

        — Ba, —esan zuen Casey jaunak— jakingarria da oso. Aspaldi ez dela gertatua da, orain gauden Wicklow konderri honetan.

        Etenaldi bat egin eta Danterengana jiratuz esan zuen amorru isilez:

        — Eta esango dizut, andrea, ni, niregatik bazenion, ez naizela katoliko arnegatua. Katolikoa naiz, nire aita eta haren aurretik aitaren aita eta aitaren aitaren aita izan ziren bezala, geure sinesmena saldu baino bizia ematea nahiago genuen garai haietan.

        — Hainbat eta lotsagarriagoa, orduan —esan zuen Dantek— zuk egiten duzun moduan hitz egitea.

        — Istorio hori, John —esan zuen Dedalus jaunak irribarrez—. Entzun dezagun istorio hori, dena den.

        — Katolikoa alajaina! —errepikatu zuen Dantek ironiaz. Lurralde guztiko protestante beltzenak ere ez zukeen erabiliko gaur arratsean entzun dudan lengoaia.

        Dedalus jauna burua alde batera eta bestera kulunkatzen hasi zen, herri-abeslari baten modura ahopean kantari.

        — Ez naiz protestantea, esan dizut lehen ere, —esan zuen Casey jaunak aurpegia gorritzen zitzaiolarik.

        Dedalus jauna, artean kantu-murrian eta burua zabuka, sudur kurrinka soinu batean hasi zen abesten:

 

                Oi, zuek, mezatara ez zoazten

                Erromatar katoliko guztiok.

 

        Berriro kutxilo-tenedoreak hartu zituen umore onean eta jateari ekin zion, Casey jaunari honela esanez:

        — Entzun dezagun istorio hori, John. Digestioa egiten lagunduko digu.

        Stephenek maitekiro begiratu zion Casey jaunaren aurpegiari, mahaiaz bestalde esku elkartuen gainetik tinko begira zegoenari. Gogoko zuen Stephenek sutondoan haren ondoan esertzea, aurpegi ilun zorrotz hari begira. Begi ilun haiek, ordea, ez zuten inoiz zorrotz begiratzen eta atsegin ematen zuen ahots mantso hura entzutea. Baina zergatik zegoen, orduan, apaizen aurka? Zeren Dantek arrazoi izango zuen, inondik ere. Halere, entzuna zion aitari moja izan beharrekoa zela Dante, eta irten egin zela Alleghaniesko mojetxetik, nebak salbaiei bitxileria eta kinkaileria saltzetik diru egin zuenean. Beharbada, horregatik izango zuen Parnellen aurkako hain jarrera zorrotza. Danteri ez zitzaion gustatu ohi Stephenek Eileenekin jolas egiterik, zeren eta Eileen protestantea baitzen eta ezagutu zituen Dantek gaztetan protestanteekin jolas egiten zuten haurrak eta protestanteek iseka egiten zioten Ama Birjinaren letaniari. Marfilezko Dorrea, esaten zuten, Urrezko Etxea! Nola izan liteke emakume bat marfilezko dorre edo urrezko etxe? Zeinek zuen arrazoi, orduan? Eta Clongowesko enfermeriako arratsa etorri zitzaion gogora, ur ilunak, itsas zubiko argia eta jendearen atsekabezko lantua berria jakitean.

        Eileenek esku luze zuriak zituen. Arrats batean jolasean zebiltzala, eskuak begien gainean jarri zizkion: luzeak, zuriak, hotzak eta leunak. Horixe zen marfila: gauza hotz zuri bat. Horixe zen Marfilezko Dorreak esan nahi zuena.

        — Oso istorio labur eta atsegina da —esan zuen Casey jaunak. Arklown gertatu zen, egun hotz gogor batean, buruzagia, zeruan gerta dadila!, hil zen baino zertxobait lehenago.

        Begiak itxi zituen nekatuta bezala eta isilaldi bat egin zuen. Dedalus jaunak plateretik hezur bat hartu eta haragi hondar bati tira egin zion hortzekin, esanez:

        — Hil zuten baino..., esan nahiko duzu.

        Casey jaunak begiak ireki, hasperen egin eta jarraitu zuen:

        — Arklowra joan zen egun batean. Mitin batera joanak ginen eta mitina amaitu zenean, jendetzaren artetik egin behar izan genuen tren geltokira bidea. Hango uuka soinua, gizona, ez zenuen sekula adituko. Inon diren guztiak esan zizkiguten. Bada, bazen andre zahar bat, sorgintzar mozkorra inondik ere, bere egiteko guztia nirekiko hartu zuena. Nire aldemenetik apartatu gabe zihoan lokatzetan dantzan eztarria urratu beharrean nire aurpegira garrasika: Apaiz jazarle! Parisko Diruak! Mr Fox! Kitty O'Shea!

        — Eta zer egin zenuen, John? —galdetu zuen Dedalus jaunak.

        — Garrasi egiten utzi nion —esan zuen Casey jaunak—. Egun hotza zen eta bihotza berotzeko baneukan (zure baimenarekin, andrea) Tullamore tabako izpi bat ahoan eta jakina, bestela ere ez nengoen hitzik esateko moduan, ahoa tabako zukuz beteta baineukan.

        — Eta, John?

        — Bada, utzi egin nion barrena lasaitzen, oihuka zitzala Kitty O'Shea eta gainontzekoak; azkenean, ordea, hara non deitzen dion dama hari izen bat, Eguberrietako mahai hau edo zure belarria, andrea, eta halaber neure ezpainak ez orbantzearren aipatuko ez dudana.

        Isilaldi bat egin zuen. Dedalus jaunak, burua hezurretik jasoz, galdetu zion:

        — Eta zer egin zenuen, John?

        — Egin? —esan zuen Casey jaunak—. Atsoak bere aurpegi zahar itsusia niregana luzatuta esan zuen esan zuena eta nik ahoa tabako zukuz beterik neukan. Burua makurtu eta Tu! egin nion horrelaxe. Alde batera bueltatu eta tu egitekoarena egin zuen.

        — Tu! esan nion horrelaxe, begiaren erdi-erdira.

        Esku bat begira eraman eta oinaze garrasi erlats bat atera zuen.

        — Ai, Jesus, Maria eta Jose! —esan zuen atsoak—. Itsutu egin naute! Itsutu eta ito egin naute!

        Barre eta eztul erasoak eraginda gelditu zen, honela errepikatzen zuela:

        — Itsutu naute erabat!

        Dedalus jauna barre algaraka zegoen aulkian atzealdera okertuz, osaba Charlesek buruari batera eta bestera eragiten zion bitartean.

        Dantek berebiziko haserre itxura zeukan eta honela zioen behin eta berriz haiek barrez ari zirelarik:

        — Oso polita, alajaina! Oso polita!

        Ez zen polita emakumeari begira tu egite hori.

        Baina zer izen deitu ote zion emakumeak Kitty O'Sheari, Casey jaunak esan nahi ez izateko? Jendetzaren artean ibiltzen eta orgatxo batetik hitzaldiak botatzen irudiztatu zuen Casey jauna. Horregatik egon zen espetxean eta oroitzen zen nola gau batean O'Neil sarjentua etxera etorri eta ezkaratzean egon zen aitarekin isilka hizketan eta kapelaren kokots-lokarriari urduritasunez hozka. Eta gau hartan Casey jauna ez zen Dublinera trenez joan, baizik eta kotxe bat etorri zen atera eta Cabinteely bideaz zerbait esaten entzun zuen aita.

        Casey jauna Irlanda eta Parnellen aldekoa zen eta aita ere bai, eta baita Dante ere, hala zen, zeren bandak larrainean jo zuen gau batean gizaseme bat aterkiarekin buruan jo baitzuen, bandak amaieran God save the Queen jo zuenean, kapela erantzi zuelako.

        Dedalus jaunak mesprezu ufada bat jaurti zuen.

        — A, John! —esan zuen— Arrazoi Jute. Apaizek menderatutako arraza zorigaiztokoa gara, hala izan gara beti eta izango ere garaien amaierara arte.

        Osaba Charlesek burua astindu zuen, zera esanez:

        — Lantegi txarra! Lantegi txarra!

        Dedalus jaunak berriro:

        — Apaizek menderatu eta Jainkoak zapuztu arraza!

        Eskuinaldeko horman zegoen bere aitonaren erretratua seinalatu zuen.

        — Ikusten duzu horko gizaseme hori, John? Irlandar jatorra izan zen, artean kontu hauetan dirurik ez zenean. Kondenatu egin zuten whiteboy-kidea zela eta. Baina esaera bat bazuen gure adiskide apaizei buruz: ez zuela bakar batek ere haren mahaipean bi oinak jartzen inoiz lanik izango.

        Dante haserrez beterik sartu zen:

        — Apaizek menderatutako arraza bagara harro egotekoa da! Jainkoaren begietako niniak dira horiek. Ez itzazue uki, dio Kristok, Nire begietako niniak baitira.

        — Ezin al dugu, orduan, geure herria maitatu? —galdetu zuen Casey jaunak—. Ez al diogu jarraitu behar gu gidatzeko jaiotako gizonari?

        — Herriaren traidorea! —erantzun zuen Dantek—. Traidorea, ezkon-nahaslea! Apaizek ondo egin zuten hura bertan behera uzten. Apaizak izan dira beti Irlandaren egiazko lagunak.

        — Bai ala? Benetan? —esan zuen Casey jaunak.

        Ukabila mahai gainera bota zuen eta, haserreak beltzuriturik, behatz bat bestearen ondoren luzatzen hasi zen.

        — Ez al ziguten Irlandako gotzainek traizio egin Batasunaren garaian Lanigan gotzainak Cornwallis markesari leialtasun mezua zuzendu zionean? Ez al zituzten gotzain eta apaizek 1829an euren herriaren nahikundeak saldu burujabetza katolikoaren truke? Ez al zuten feniandar mugimendua pulpitutik eta aitorlekutik salatu? Eta ez al zituzten Terence Bellew MacManusen errautsak ohoregabetu?

        Aurpegia txinpartak zeriola zuen haserrez eta Stephenek ere masailetara igotzen sentitu zuen berotasuna, han esandako hitzek zirrara eraginda. Dedalus jaunak mesprezuzko algara bortitza kanporatu zuen.

        — A, Kristo! —egin zuen oihu—, Paul Cullen txikia ahaztu zait! Jainkoaren begietako beste nini bat!

        Dante mahai gainerantz luzatu zen eta honela esan zion garrasika Casey jaunari:

        — Ondo egina! Ondo egina! Ondo egin dute beti! Jainkoa, moralitatea eta erlijioa dira lehenengo!

        Dedalus andreak, haren aztoramena ikusita, esan zion:

        — Riordan andrea, ez zaitez horiei erantzuteagatik asaldatu.

        — Jainkoa eta erlijioa beste ezer baino lehen! —egin zuen oihu Dantek—. Jainkoa eta erlijioa mundua baino lehen!

        Casey jaunak ukabil itxia jaso eta mahai gainera erortzen utzi zuen danbateko batekin.

        — Ondo da! —jaurti zuen oihu zakarrez— horretara ezkero, Irlandak ez du Jainko beharrik!

        — John! John! —egin zuen Dedalus jaunak oihu—, gonbidatuari txaketaren maukatik helduz.

        Dante aurrerantz oldartu zen, masailak dar-dar. Casey jauna aulkitik zutitzeko lehiatu zen eta soina Danteren aldera makurtu zuen, esku batekin aireari hatzaparka, begien paretik amarauna kentzen ari balitz bezala.

        — Irlandak ez du Jainko beharrik! —aldarrikatu zuen. Jainkotik gehiegi izan dugu Irlandan! Utikan Jainkoa!

        — Biraogilea! Deabrua! —egin zuen Dantek deiadar, zutitu eta aurpegira ia tu egiten ziolarik.

        Osaba Charles eta Dedalus jaunak atzera aulkira eragiten zioten Casey jaunari, bi aldeetatik arrazoibideak emanez. Honek tinko begiratzen zuen gar iluna zerien begiekin, esanez:

        — Utikan Jainkoa, esan dut!

        Dantek aulkiari alde batera zakarki eragin zion eta mahaitik altxa zen serbileteroa irauliz, zeina poliki-poliki alfonbra gainean biraka joan eta besaulki baten hankaren kontra geratu zen. Dedalus andrea berehalakoan altxa zen eta ate aldera jarraitu zion Danteri. Atean zelarik, bortizki jiratu zen Dante eta oihu egin zuen gelan barrena, haserrearen haserrez masailak gorri eta dardaraz.

        — Infernuko deabrua! Irabazi egin dugu! Burua zapaldu diogu! Donge horri!

        Atea danbatekoz itxi zen haren atzetik.

        Casey jaunak, eusten ziotenengandik besoak libratuz, bat-batean burua eskuen gainera bota zuen saminez negar zotinka.

        — Parnell gizajoa! —aldarrikatu zuen ozen—. Nire errege hila! Hots handian eta garrazki egiten zuen negar.

        Stephenek, aurpegi ikaratua jasoz, aitaren begiak malkoz beterik zeudela ikusi zuen.

 

 

        Ikasleak taldetxoetan ari ziren hizketan.

        Batek esan zuen:

        — Lyons muino inguruan harrapatu dizkiate.

        — Nork harrapatu dizkik?

        — Gleeson jaunak eta ministroak. Kotxe batean zihoazean.

        Lehengo mutilak zera gaineratu zuen:

        — Goi mailako mutil batek esan zidak.

        Flemingek galdetu zuen:

        — Baina esaguk, zergatik egin diate ihes?

        — Nik bazekiat zergatik —esan zuen Cecil Thunderrek—. Errektorearen gelatik dirua harrapatu dutelako.

        — Nork harrapatu dik?

        — Kickhamen anaiak. Eta denen artean banatu diate.

        Hori lapurreta zen baina. Nola egin ote zuten horrelakorik?

        — Badakik hik asko horretaz, Thunder! —esan zuen Wellsek—. Nik bazekiat horiek zergatik egin duten hanka.

        — Esaguk zergatik.

        — Ez esateko esan zidatek —esan zuen Wellsek.

        — Tira, hi —egin zuten denek— Esan diezagukek. Ez diagu kanpora aterako.

        Stephenek burua aurrerantz luzatu zuen entzuteko. Wellsek ingurura begiratu zuen ea inor zetorren. Ondoren, honela esan zuen isilka:

        — Badakizue mezatako ardoa, sakristiako armairuan gordetzen dutena?

        — Bai.

        — Ba, edan egin dute eta usainagatik antzeman diete zeintzuk izan diren. Eta horregatik alde egin dute, jakin nahi baduzue.

        Lehenengo hitz egin zuen mutilak honela esan zuen:

        — Bai, hori esan zidak goi mailako mutilak ere.

        Mutil guztiak isilik zeuden. Stephen haien artean, hitz egiteko beldurrez, entzuten. Beldurrak eragindako ondoez arin batek makaltzen zuen. Nolatan egin ahal izan ote zuten hori? Sakristia ilun, isilean pentsatu zuen. Egurrezko armairu ilunak zeuden han, barruan sobrepeliza fruntzedunak tolestaturik eta higigabe zeutzala. Ez zen kapera, baina, halere, boz baxuan hitz egin behar izaten zen. Leku santu bat zen. Intsentsuaren kaxa eramateko janztera hara joan zeneko uda arratsa, basoko aldare txikirako prozesio arratsa, etorri zitzaion gogora. Leku arraro eta santua. Intsentsu-ontzia zeraman mutilak ate ondoan hara-hona kulunkatu zuen leunki, erdiko katetik zilarrezko tapakia jasota, txingarrek piztuta iraun zezaten. Egurikatza zen, eta poliki-poliki erre zen mutilak kulunkatu ahala, eta usain min arin bat zabaldu zuen. Eta orduan, denak jantziak zirenean, berak kaxa luzatu zion errektoreari eta errektoreak kutxarakada bat intsentsu jarri zuen intsentsu-ontzian eta txar-txar egin zuen txingar goritan.

        Ikasleak han-hemen taldetxoetan elkartuta ari ziren hizketan jolastokietan. Iruditzen zitzaion mutilak txikiagotu egin zirela; aurreko egunean txirrindulari batek, gramatikako hirugarrengo mutil batek, jo eta bota zuelako zen. Txirrinduak errauts-pista muga-mugara jaurtiki zuen eta betaurrekoak hiru puska egin zitzaizkion eta errauts hondar batzuk ahoan sartu.

        Horregatik iruditzen zitzaizkion mutilak txikiagoak eta urrunagoak eta porteriak hain meheak eta urrutiak eta zeru gris biguna hain altua. Baina ez zen partidurik futbol-zelaietan, cricket denboraldia zetorren eta. Batzuek Barnes izango zela zioten irakasle eta beste batzuek Flowers izango zela. Eta jolastoki guztietan rounders-ean jokatzen zebiltzan eta pilota jaurtiketa efektudunak eta loratuak egiten. Eta handik eta hemendik cricket bateen hotsak zetozen aire gris bigunean zehar. Honela egiten zuten: pik, pak, pok, puk: iturriko ur tantak ezpainetaraino betetako konketara poliki-poliki erortzen.

        Athyk, ordura arte isilik egon ondoren, honela esan zuen astiro:

        — Denok oker zaudete.

        Denak harengana jiratu ziren jakinguraz.

        — Zergatik?

        — Hik badakik?

        — Nork esan dik?

        — Esaguk, Athy.

        Jolastokiaren bestaldera seinalatu zuen Athyk, Simon Monan bere kasa aurrean zuen harri bati ostikoka zebilen lekura.

        — Galdetu hari —esan zuen.

        — Zergatik hari?

        — Tartean al zegok?

        Athyk boza baxatu eta esan zuen:

        — Ba al dakizue mutil horiek zergatik egin duten hanka? Esango dizuet, baina ez dakizuen bezala egin behar duzue.

        — Esaguk, Athy. Tira. Esan, baldin badakik.

        Une batez isilik egon eta honela esan zuen misteriotsuki:

        — Simon Monan eta Boyle Betagainekin komunetan harrapatu zituzten gau batean.

        Mutilek begiratu egin zioten eta galdetu:

        — Harrapatu?

        — Zertan?

        Athyk:

        — Musuka.

        Stephenek mutilen aurpegietara begiratu zuen, baina denak jolastokiaren bestaldera begira zeuden. Norbaiti galdetu nahi zion. Zer esan nahi zuen komunetan musuka horrek? Zergatik egin zuten goi mailako bost mutilek horregatik ihes? Broma izango zela pentsatu zuen. Simon Monanek jantzi politak zeuzkan eta gau batean kremazko bonboiz beteriko bola bat erakutsi zion, futboleko mutilek errefertorio erdiko alfonbratik biraka bidali ziotena, Simon Monan atean zegoela. Bective Rangerren aurkako partiduaren gaua zen; sagar gorri eta berde baten itxurakoa zen bola, baina ireki zuenean, kremazko bonboiz betea zegoen. Eta egun batean Boylek elefanteak bi bekain zeuzkala esan zuen, bi letagin esan beharrean, eta horregatik esaten zioten Boyle Letagain, baina mutil batzuek Andereño Boyle esaten zioten, beti azkazalak txukuntzen aritzen zelako.

        Eileenek ere esku luze fin, hotz, zuriak zeuzkan, neska zenez. Marfila bezalakoak, bigunak izatea, somete. Hori zen Marfrlezko Dorreak esan nahi zuena, baina protestanteek ez zuten ulertzen eta iseka egiten zioten. Egun batean Eileenen ondoan egon zen hoteleko kanpoei begira. Zerbitzari bat zebilen bandera bat hagan goratzen eta fox terrier bat zelai eguzkitsuan batera eta bestera lasterka. Eileenek eskua poltsikoan sartu zion berea ere sartuta zeukala eta orduan sumatu zuen haren eskua zeinen hotza, fina eta biguna zen. Poltsikoak gauza xelebreak zirela esan zuen Eileenek eta gero, bat-batean, korrikan aldendu zen barrez bideko bihurgunearen aldapan behera. Ile horia uhinetan zihoakion atzetik, urrea eguzkitan bezala. Marfilezko Dorrea. Urrezko Etxea. Pentsatuz gero, ulertzen ziren gauzak.

        Baina zergatik komunetan? Premia zegoenean joaten zen hara. Arbel lauza lodiak zeuden denean eta egun guztian ura zerion tantaka orratz burua bezalako zulo txikietatik eta urgeldi usain arraro bat egoten zen. Eta komunetako ate atze batean arkatz gorriz eginiko gizon bizardun baten irudia zegoen erromatar jantzian, esku banatan adreilu bat zuela, eta azpian marrazkiaren izena:

        Balbus pareta paratzen.

        Ikasle batzuek txantxetan marraztua zen. Aurpegi xelebrea zuen, baina gizon bizardun baten antz-antzekoa zen. Eta beste komun bateko paretan zera zegoen idatzita, ezkerraldera okertu hizki dotorez:

        Julius Caesarrek idatzi zuen Kalietako Gerra.

        Beharbada horregatik egongo ziren han, ikasle batzuek txantxazko gauzak idazten zituzten lekua zelako. Baina, dena den, arraroa zen Athyk esan zuena eta esateko erabili zuen modua. Txantxa ezin izan, ihes egin zuten eta. Besteekin batera jolastokiaren harantz aldera begira jarri zen eta ikaratzen hasi zen.

        Azkenean, horratik, honela esan zuen Flemingek:

        — Eta denok zigortuko ote gaituzte beste batzuek egin dutenagatik?

        — Ni ez nauk itzuliko, hori ziur —esan zuen Cecil Thunderrek—. Hiru egunez isilik errefertorioan eta minuturo gora sei-zazpi kobratzera.

        — Bai —esan zuen Wellsek—. Eta Barret zaharrak orain papera bihurritzen duen moduan, ez zegok zabaldu eta berriro tolestatzerik, zenbat zartada hartuko dituan jakiteko. Ni ere ez nauk itzuliko.

        — Bai —esan zuen Cecil Thunderrek—, eta estudioetako prefektua gramatikako bigarrenean zegoan gaur goizean.

        — Errebela gaitezen —esan zuen Flemingek—. Nahi duzue?

        Mutil guztiak isilik geratu ziren. Isiltasuna zegoen airean eta cricket bateen kolpeak entzun ahal ziren, baina lehen baino geldiago: pik, pok.

        Wellsek zera galdetu zuen:

        — Zer egingo zietean?

        — Simon Monan eta Letagain azotatu egingo dizkiate —esan zuen Athyk—, eta goi mailakoei, berriz, aukera eman zietean: azoteak edo ikastetxetik bidaliak izan.

        — Eta zer aukeratu diate? —galdetu zuen lehenengo hitz egin zuen mutilak.

        — Denak bidaliak izatea aukeratu diate, Corriganek ezik —erantzun zuen Athyk—. Gleeson jaunak azotatuko dik.

        — Bazakiat zergatik —esan zuen Cecil Thunderrek—. Ondo egin dik eta besteek gaizki, zeren eta zartadak joaten dituk denbora pixka batera, baina ikastetxetik bidalitako ikaslea ezagun geratzen duk bere bizitza osorako. Gainera Gleesonek ez dik gogor azotatuko.

        — Hobe dik berak ere —esan zuen Flemingek.

        — Ez niake egon nahi Simon Monan eta Letagainen larruan —esan zuen Cecil Thunderrek—. Baina ez diat uste azotatuko dituztenik. Beharbada, esku bakoitzean bederatzina emango zizkietean.

        — Ez, ez —esan zuen Athyk—. Biek puntu bitalean hartuko dizkiate.

        Wellsek igurzka eginez eta negar ahotsa jarriz honela esan zuen:

        — Mesedez, jauna, utz nazazu!

        Athyk irribarre maltzurrez txaketaren maukak goratu zituen honela ziolarik:

 

                Ez dago erremediorik

                Egin beharra dago

                Galtza horiek jaitsi

                Eta ipurdia erakutsi

 

        Mutilek barre egin zuten; baina beldur pixka bat bazeukatela nabaritu zuen. Aire gris bigunaren isiltasunean cricket bateen hotsa entzuten zuen handik eta hemendik: pok. Entzun egiten zen hots hori, baina joz gero, min emango zuen. Zartailuak ere hotsa ateratzen zuen, baina ez horrelakoa. Mutilek esaten zuten bale hezurrez egina zela eta beruna zeukala larruan sartuta; nolako mina emango ote zuen? Hots mota desberdinak zeuden. Kanabera mehe, luze batek ziztua bezalako hots zolia egiten zuen, eta mina nolakoa izango ote zen pentsatu zuen. Hotzikara ematen zion horretan pentsatzeak; eta baita Athyk esan zuenak ere. Barre egitekoa al zen, bada, hori? Hotzikara eman zion, baina, jakina, galtzak beheratzen ziren guztietan nabaritzen zen hotzikara moduko bat. Baita bainugelan erazterakoan ere. Zeinek beheratuko ote zituen pentsatzen zuen, maisuak ala mutilak berak. Ene! Nola egin zezaketen horrela barre?

        Athyren mauka goratuei eta tintaz zikindu esku hezurtsuei begiratu zien. Gleeson jaunak maukak nola jasoko zituen erakusteko jaso zituen Athyk bereak. Baina Gleeson jaunak mauka-mutur inguru distiratsuak zeuzkan eta eskumutur zuri garbiak eta esku zuri potzoloak eta azkazal luze puntadunak. Agian, txukundu egingo zituen hark ere Andereño Boylek bezala. Baina izugarri azkazal luze eta zorrotzak ziren. Oso luze eta krudelak, esku zuri potzoloak krudelak ez baino onberak izanagatik. Baina nahiz eta azkazal luze krudelak, kanaberaren ziztu hotsak eta erazterakoan alkandora barrenean sentitzen den hozkirriak izu-ikaratzen zuten, plazer naro arraro bat sumatu zuen bere baitan esku zuri, potzolo, indartsu eta onberetan pentsatzean. Eta Cecil Thunderrek esandakoa gogoratu zuen: Gleeson jaunak ez zuela Carrigan gogor joko. Eta Fleminek esandakoa: ez zuela gogor joko hobe zuelako berak ere. Baina hori ez zen arrazoia.

        Jolastokiaren beste muturretik oihu egin zuen ahots batek:

        — Denok barrura!

        Beste ahots batzuk jarraitu zitzaizkion:

        — Denok barrura! Denok barrura!

        Idazlan denboran besoak gurutzatuta egon zen eserita, lumen kirrika hotsa entzuten. Harford jauna batera eta bestera zebilen luma gorriz zeinu txikiak egiten eta noizean behin mutil baten ondoan eseri eta lumari nola heldu erakusten. Izenburua deletreatzen saiatu zen bere artean, nahiz eta, liburuko azkena izaki, aldez aurretik zekien zer jartzen zuen. Zuhurtasunik gabeko ardura noraezean dabilen ontzia bezala da. Baina hizkien marrak hari fin ikusiezinak gertatzen zitzaizkion eta eskuineko begia gogor itxi eta ezkerrekoarekin tinko begiratuz bakarrik antzeman ahal zion hizki nagusiaren ingurubira osoari.

        Baina Harford jauna oso jatorra zen eta ez zen inoiz haserretzen. Gainontzeko maisu guztiak berealdiko haserrealdiak izaten zituzten. Baina zergatik jasan behar zuten goi mailako mutilek egindakoagatik? Wellsek esan zuen meza-ardoa edan zutela sakristiako armairutik hartuta eta usainagatik antzeman zietela zeintzuk izan ziren. Ea kustodiaren bat ostuta ihes egin zuten, gero non edo han saltzeko? Bekatu izugarria zatekeen hori, gauez isil-isilik joan, armairu iluna ireki eta urrezko bitxi distiratsua ostea, han bedeinkatzen baitzen Jainkoa, aldarean lore eta kandela artean jarririk, mutikoak intsentsu-ontzia kulunkatu ahala intsentsuzko lainoak bi aldamenetatik igotzen zirela eta koruan Dominic Kellyk lehen zatia bakarka abesten zuen bitartean. Jakina, ostu zutenean, Jainkoa ez zegoen han. Baina hala eta guztiz ere, bekatu estrainioa eta handia zen ukitze hutsa ere. Espantuz beterik pentsatu zuen horretan; bekatu izugarria eta estrainioa; izu-ikara eragiten zion isiltasun hartan, lumen kirrika hots arinen artean, horretan pentsatzeak. Baina, armairutik aterata, meza-ardoa edan eta usaiagatik antzemana izatea ere bekatua zen; baina ez izugarria eta estrainioa. Soilik, zorabiatze antza eragiten zuela ardo usainak. Izan ere, lehen jaunartzea egin zuen egunean, kaperan, begiak itxi, ahoa zabaldu eta mingaina atera zuen pixka bat; eta errektorea komunioa ematera makurtu zitzaionean ardo usain arin bat aditu zuen errektorearen arnasan: meza-ardoarena. Hitz ederra: ardoa. More iluna gogorarazten zuen, more ilunak baitziren Grezian tenplu zurien antzeko etxeez kanpotik hazten ziren mahatsak. Baina errektorearen arnasak isurtzen zuen ardo usain arinak zorabio nahi bat eragin zion lehen jaunartze goizean. Bizitzako egunik zoriontsuena zen lehen jaunartze eguna. Behin jeneral sail batek Napoleoni bere bizitzako egunik zoriontsuena zein zen galdetu zion. Uste zuten bataila handiren bat irabazi zuen eguna edo enperadore egin zen eguna esango zuela. Baina zera esan zuen:

        — Jaunak, nire bizitzako egunik zoriontsuena lehen jaunartzea egin nuen eguna izan zen.

        Sartu zen Aita Arnall eta Latinezko klasea hasi zen eta orduan ere mahaian eskuak gurutzatuta jarraitu zuen. Banatu zituen Aita Arnallek ariketa-liburuak eta esan zuen lotsagarriak zirela eta zuzendu eta berriro dena idatzi beharko zutela. Baina Flemingen ariketa zen denetan txarrena, orriak elkarri erantsiak baitzeuden tinta tanta batez; eta Aita Arnallek izkina batetik heldu eta horrelako ariketa bat entregatzea edozein maisuri irain egitea zela esan zuen. Hurrena, mare izenaren deklinabidea galdetu zion Jack Lawtoni eta Jack Lawton ablatibo singularrean trabatu zen eta ezin izan zuen pluralarekin jarraitu.

        — Lotsatu egin behar zenuke —esan zion Aita Arnallek gogor. Zu, klaseko lehena izanda!

        Ondoren, hurrengo mutilari galdetu zion eta ondoren beste bati eta gero beste bati. Inork ez zekien. Aita Arnallek baretzera egin zuen, mutil bakoitza erantzuten ahalegindu eta ezin zuenean eta baretuago. Baina kopetilun zegoen eta begiak tinko zeuzkan, ahotsa lasaia bazuen ere. Gero Flemingi galdetu zion eta Flemingek esan zuen hitz horrek ez zuela pluralik. Bat-batean liburua itxi eta oihu egin zion Aita Arnallek:

        — Jarri hor belauniko klasearen erdian! Zu bezain mutil alferrik ez dut inoiz topatu! Besteok, kopiatu berriro ariketak!

        Fleming astunki lekutik irten eta atzeko bi bankuen erdian belaunikatu zen. Gainontzekoak ariketa-liburuetara makurtu eta idazten hasi ziren. Isiltasuna nagusitu zen ikasgelan eta Sthephenek, Aita Arnallen aurpegi ilunari begirada uzkurrak boteaz, haserreak gorrituxea zeukala ikusi zuen. Bekatu egiten ote zuen Aita Arnallek haserretzen zenean edo zilegi zitzaion haserretzea mutilak alferrak zirenean, horrela hobeto ikasten zutelako, edo haserre itxura besterik ez zen egiten ari? Zilegi zitzaiolako izango zen, zeren apaiz batek jakin behar zuen zer zen bekatu eta ez zukeen egingo. Ordea, inoiz nahi gabe bekatu egingo balu, nola aitortu behar zuen? Beharbada, ministroarengana joango zen aitortzera. Eta ministroak egiten bazuen, errektorearengana joango zen, eta errektorea probintzialarengana eta probintziala jesuiten jeneralarengana. Hori zen ordena zeritzana, eta entzuna zion aitari oso gizon argiak zirela denak. Goi-karguak izatera iritsiko ziratekeela denak munduan, jesuita egin ez balira. Eta Aita Arnall eta Paddy Barrett zer izango ziratekeen egon zen pentsatzen, zer izango ziratekeen McGlade jauna eta Gleeson jauna, jesuita egin ez balira. Zaila zen ezer irudikatzea, zeren eta beste era batera irudikatu beharko ziratekeen: beste era bateko txaketa eta galtza kolorezkoekin eta bizar eta biboteekin eta beste era bateko kapelekin.

        Atea poliki-poliki zabaldu eta itxi zen. Murmurio bizkor bat igaro zen klasean: estudioetako prefektua. Une batez erabateko isiltasuna izan zen eta gero zartailuaren klaskatakoa atzeko bankuan. Sthephenen bihotzak jauzi egin zuen beldurrez.

        — Mutilen batek behar al du hemen azoterik, Aita Arnall? —egin zuen estudioetako prefektuak oihu—. Ba al da hemen alferrontzi zabarren bat azotatu beharrik?

        Klasearen erdira etorri zen eta Fleming ikusi zuen belauniko.

        — Hara! —egin zuen—. Nor da mutil hau? Zergatik dago belauniko? Nola duzu izena, mutil?

        — Fleming, jauna.

        — A-ha, Fleming! Alferra garbia! Begirakunean antzematen dizut. Zergatik dago belauniko, Aita Arnall?

        — Latineko ariketa oso gaizki egin du —esan zuen Aita Arnallek— eta ez dio gramatikako galdera bati ere erantzun.

        — Nola erantzungo zion, bada! —egin zuen estudioetako prefektuak oihu—. Nola erantzungo zion, bada! Alferra jaioeratik! Ezagun du horren betertzak!

        Zartailuarekin mahai gaina jo eta honela esan zuen:

        — Altxa, Fleming! Altxa, mutiko!

        Fleming astiro zutitu zen.

        — Luzatu eskua! —egin zuen oihu estudioetako prefektuak.

        Flemingek eskua luzatu zuen. Zartailua gainbehera etorri zitzaion klaskatako hots ozena atereaz: bat, bi, hiru, lau, bost, sei.

        — Beste eskua!

        Zartailua sei klaskatako bizkor ozenez gainbeheratu zen berriro.

        — Belauniko! —egin zuen oihu estudioetako prefektuak.

        Fleming belauniko jarri zen eskuak galtzarbean estutuz, aurpegia oinazeak bihurrikatuta, baina Stephenek bazekien esku gogorrak zituela Flemingek, beti erretxinez igurzten aritzen baitzen. Beharbada, ordea, min handia hartuko zuen, zartailuaren hotsa izugarria izan zen eta. Sthephenen bihotza taupaka eta pilpiraz zegoen.

        — Zeuon lanera denok! —egin zuen oihu estudioetako prefektuak—. Hemen ez dugu axolagabe ustel eta alferrontzi bazter-nahaslerik nahi. Zeuon lanera esan dizuet. Aita Dolan egunero etorriko zaizue bisitan. Hemen izango da bihar ere Aita Dolan.

        Aldameneko mutil bati zartailu puntarekin ukituz honela esan zion:

        — Zu, mutil! Noiz etorriko da Aita Dolan hurrena?

        — Bihar, jauna —esan zuen Tom Furlongen ahotsak.

        — Bihar, etzi eta etzidamu —esan zuen estudioetako prefektuak. Ondo gogoan hartu. Aita Dolan egunero. Hasi idazten! Zu, mutil, nor zara zu?

        Sthephenen bihotzak jauzi egin zuen bat-batean.

        — Dedalus, jauna.

        — Zergatik ez zara besteak bezala idazten ari?

        — Ni... nire...

        Beldurrak ez zion hitz egiten uzten.

        — Zergatik ez da idazten ari, Aita Arnall?

        — Betaurrekoak puskatu zaizkio —esan zuen Aita Arnallek— eta barkatu egin diot lana.

        — Puskatu? Zer entzun dut? Zer da hau, berriz? Zure izena? —esan zuen estudioetako prefektuak.

        — Dedalus, jauna.

        — Irten hona, Dedalus. Kalapitari alfer hori. Ikusten zaizu kalapitari aurpegia. Non puskatu dituzu betaurrekoak?

        Estropezuka irten zen Stephen ikasgelaren erdira, beldurrak eta larriak itsuturik.

        — Non puskatu dituzu betaurrekoak? —errepikatu zuen estudioetako prefektuak.

        — Errauts-pistan, jauna.

        — A-ha! Errauts-pistan! —egin zuen oihu estudioetako prefektuak. Ezagutzen dut trikimailu hori.

        Harriturik, begiak jaso zituen Stephenek eta une batez Aita Dolanen aurpegi gris-zurixka jada ez gaztea, burusoil gris-zurixka aldamenetan ile bakan batzuekin, betaurrekoen altzairuzko montura eta betaurrekoen atzetik begira begi koloregabeak ikusi zituen. Zergatik esaten zuen ezagutzen zuela trikimailua?

        — Alferrontzi nagi, ustela! —egin zuen oihu estudioetako prefektuak—. Betaurrekoak puskatu zaizkit! Eskola-umeen trikimailu zaharra da hori! Luzatu eskuak segituan!

        Stephenek begiak itxi eta airean luzatu zuen esku dardaratia barruaz gainera. Une batez prefektuaren ukitua sentitu zuen behatzetan, eskua zabalik eduki zezan, eta gero sotana maukaren ziztua, zartailua jotzeko jaso zuenean. Makilak haustean egiten duen kraskada bezalako kolpe sumin, erre eta zaztakor batek esku dardaratia kizkurrarazi zion orria sutan bezala; eta hotsera eta oinazera malko beroak heldu zitzaizkion begietara. Gorputz osoa ikaraz dar-dar zeukan, dardaraz besoa, eta esku kizkurtu belun, errea, hostoa airean bezala astinka. Garrasi bat, arren uzteko erregu bat igo zitzaion ezpainetara. Baina malkoek begiak kiskaltzen bazizkioten ere eta soin-adarrak oinaze eta izuz dardaraz bazituen ere, eutsi egin zien malko beroei eta eztarria erretzen zion garrasiari.

        — Beste eskua! —oihukatu zuen estudioetako prefektuak.

        Eskuineko esku elbarri dardaratia atzeratu eta ezkerra luzatu zuen Stephenek. Berriz ere ziztu egin zuen sotana maukak zartailua jasotzean, eta kraskatako hots ozenak eta oinaze erresumin, zaztadakor, erotzeko adinako zorrotzak txikorturik utzi zion eskua, ahur-behatzak masa belun, dardarati bihurturik. Ur goriak gainezka egin zion begietatik eta lotsaz, laborriz eta beldurrez erretzen, esku dardaratia izumenez atzeratu eta oinazezko intziri bat jaurtiki zuen. Beldurrak zurrunduriko gorputza dardaraz zuen eta, lotsarren eta amorruz beterik, garrasi kiskalgarria eztarritik kanporatzen sentitu zuen eta malko goriak begietatik irten eta masailetan behera erortzen.

        — Belauniko! —oihukatu zuen estudioetako prefektuak.

        Bizkor belaunikatu zen Stephen esku makilatuak aldamenetan estutuz. Eta makilatu eta istanteko oinazeak handitu esku haietan pentsatzeak haienganako gupida eragin zion, bereengatik ez baino, besteren batenengatik kupituko balitz bezala. Eta belaunikatu zenean, eztarriko azken zotinak bareturik eta oinaze sumin zaztakorra aldamenetan estuturik sentituz, barruaz gainera airean luzatu eskuak, estudioetako prefektuak behatz dardaratiak zuzendu zizkioneko ukitu irmoa eta airean babesgabe astintzen zen ahur-behatz masa belun hazia gogoratu zituen.

        — Denok zeuon lanera —egin zuen oihu estudioetako prefektuak atetik. Aita Dolan egunero etorriko da mutilen batek, alferrontzi nagi ustelen batek azoterik behar duen ikustera. Egunero. Egunero.

        Haren atzetik itxi zen atea.

        Klaseak isilik jarraitu zuen ariketak egiten. Aita Arnall bere lekutik altxa eta tartean ibili zen mutilei ahots gozoz laguntzen eta gaizki non egin zuten esaten. Oso ahots gozo eta samurrez hitz egiten zuen. Gero, bere lekura itzuli eta honela esan zien Fleming eta Stepheni:

        — Zuek biok, itzul zaitezkete zeuon lekuetara.

        Altxa ziren Fleming eta Stephen eta, euren lekuetara itzulita, eseri egin ziren. Stephenek, lotsaz gorri-gorri eginda, liburu bat zabaldu zuen azkar esku ahul bakar batekin eta gainera makurtu zen, aurpegiarekin ia orriari ukitzen ziola.

        Bidegabea eta krudela zen hori, zeren sendagileak esan zion betaurrekorik gabe ez irakurtzeko eta goiz hartan idatzi zion aitari etxera, beste pare bat bidal ziezaion. Eta Aita Arnallek esan zion ez zuela estudiatu beharrik betaurreko berriak iritsi arte. Eta gero klase guztiaren aurrean kalapitari deitzea eta zartailuarekin ematea, nori eta berari, beti lehenengoaren edo bigarrenaren txartela lortzen zuenari eta Yorktarren leaderra zenari! Zer zekien estudioetako prefektuak trikimailua zen? Prefektuaren behatzak eskua luzatzeko sentitu zituenean, hasera batean uste izan zuen esku ematera zihoakiola behatzen biguntasun eta tinkotasunagatik; baina bat-batean sotana maukaren ziztua eta kolpea entzun zituen. Bidegabea eta krudela izan zen gero klasearen erdian belaunikaraztea; eta Aita Arnallek biei esan zien euren lekuetara itzul zitezkeela bata eta bestearen artean inolako diferentziarik egin gabe. Aita Arnallek ariketak zuzentzean zerabilen ahots lasai eta gozoa entzun zuen. Damu zen, agian, eta jator agertu nahiko zuen. Baina bidegabea eta krudela zen. Eta aurpegi gris-zurixka hura eta betaurreko monturen atzetiko begi koloregabe haiek krudelak ziren, zeren behatz bigun tinkoez eskua luzatu baitzion lehenengo, zer eta hobeto eta ozenkiago jo ahal izateko.

        — Zitalkeria nazkagarria, horixe besterik ez duk —esan zuen Flemingek korridorean, klaseak ilaran errefertoriora pasatzen ari zirelarik—, kulparik ez duenagatik mutil bat zigortzea.

        — Egia duk betaurrekoak istripuz hautsi zaizkiana, ez? —galdetu zuen Nasty Rochek

        Stephenek artean Flemingek esandako hitzez beterik zuen bihotza eta ez zuen erantzun.

        — Horixe baietz! —esan zuen Flemingek—. Nik ez niake jasango. Joan eta errektoreari esango niokek.

        — Hori! —esan zuen Cecil Thunderrek bizi—, eta nik zartailua sorbaldaz goitik jasotzen ikusi diat eta horretarako ez dik eskubiderik.

        — Min handia eman al dik? —galdetu zion Nasty Rochek.

        — Oso handia —esan zuen Stephenek.

        — Nik ez niokek utziko —esan zuen Flemingek berriz—, ez Burusoilari ez beste inongo Burusoili. Kolpe baxu, zital eta nazkagarri bat, horixe besterik ez duk. Ni zuzenean errektoreari esatera joango nindukek afalondoan.

        — Bai, hori! Egik hori! —esan zuen Cecil Thunderrek.

        — Egik, bai! Bai, joan eta esaiok errektoreari, Dedalus —esan zuen Nasty Rochek—, zeren bihar berriro hi jotzera etorriko dela esan dik.

        — Bai, bai. Esaiok errektoreari —zioten denek.

        Baziren han gramatikako bigarrengo batzuk entzuten eta hala esan zuen batek:

        — Senatuak eta Erromako populuak deklaratu du Dedalus bidegabez izan dela zigortua.

        Ez zegoen ondo; bidegabea eta krudela zen, eta errefertorioan eseri zenean, behin eta berriz lehengo umiliapen bera jasanarazi zion oroimenak, harik eta ez ote zuen benetan izango kalapitari itxura ematen zion zerbait aurpegian pentsatzen hasi zen arte, eta nahiago zukeen ispilu txiki bat izan balu ikusteko. Baina ez zen posible; eta bidegabea, krudela eta injustua zen.

        Ezin jan izan zituen Garizuma asteazkenetan ematen zizkieten arrain-frijitu puska bexkak, eta patata aleetako bat aitzurraren seinale eta guzti zegoen. Bai, mutilek esan ziotena egingo zuen. Gora joan eta bidegabez zigortu zutela esango zion errektoreari. Bazen historian horrelako zerbait egin zuen bat, pertsonai handi bat, zeinaren burua historiako liburuetan azaltzen zen. Eta errektoreak bidegabez zigortua izan zela deklaratuko zuen, zeren senatuak eta Erromako populuak horrela egiten zuten gizonak bidegabez zigortuak izan zirela deklaratzen baitzuten beti. Gizon handi horienak ziren Richmal Magnallen Galdera Liburuan zetozen izenak. Historia guztia gizon horien aipamenean eta egin zutenaren berriematean zetzan, eta horixe ziren Peter Parleyren Grezia eta Erromako Narrazioak ere. Peter Parley bera ere lehen orrian zetorren irudi batean: bide bat zegoen lurgorri sail batean, bazterretan belar eta sastraka batzuekin, eta Peter Parley, ministro protestante batena bezalako kapela zabalarekin eta makila handi batekin, pauso arinez zihoan Grezia eta Erromarako bidetik.

        Erraza zen egin beharrekoa. Egin behar zuen guztia zera zen: afaria amaitzen zenean eta txandan irteten zenean, ibiltzen segi, baina ez korridorean barrena, baizik eta eskuinaldetik gaztelura zeraman eskaileratan gora. Horixe egitea nahikoa zuen: eskuinera jira eta azkar-azkar eskaileratan gora ekin, eta minutu erdi batean izango zen gazteluan zehar errektorearen gelara zeraman korridore baxu, estu, ilunean. Gainera, mutil guztiek esan zuten bidegabea izan zela, baita gramatikako bigarrengo mutilak, senatua eta Erromako populua aipatu zituenak ere.

        Zer gertatuko zen? Goi mailetako mutilak jaikitzen entzun zituen errefertorio guenean eta alfonbraduratik behera bazetozen oin-hotsak: Paddy Rath, Jimmy Magee, espainiarra, portugesa eta bosgarren Corrigan handia, Gleeson jaunak azotatu behar zuena. Harengatik deitu zion kalapitari eta jo zuen arrazoigabe estudioetako prefektuak; eta negarrak nekaturiko begi ahulak luzatuz, Corriganen bizkar zabala eta burutzar beltz makurtua ikusi zituen lerroan pasatzen. Hark, ordea, zerbait egin zuen eta, gainera, Gleeson jaunak ez zuen gogor azotatuko; eta Corriganek bainuan zeinen handia ematen zuen goratu zuen. Larrua, bainuak sakonera gutxiena zuen aldeko urgeldiaren lur-kolore berekoa zuen eta, ertzean zebilenean, plisti-plasta ozena ateratzen zuten haren oinek baldosa bustien gainean eta pauso bakoitzeko izterrek dardarizo txiki bat egiten zioten gizena zegoelako.

        Errefertorioa erdi hustu zen eta mutilak ilaran irteten zihoazen. Joan zitekeen eskaileratan gora, inoiz ez baitzen apaizik ez prefekturik egoten errefertorioko ateaz kanpotik. Baina ezin zen joan. Errektoreak estudioetako prefektuaren alde egingo zuen eta eskola-ume arteko trikimainaren bat zela pentsatuko eta, orduan, estudioetako prefektua berdin-berdin etorriko zen egunero, okerrago izatea, berealdiko haserrea izango baitzuen mutilen bat prefektuari esatera joanez gero. Besteek joateko esan zioten, baina ez ziren haiek joan behar zutenak. Ahaztu zitzaien pasadizo guztia. Ez, hobe zen dena ahaztea eta, gainera, beharbada, prefektuak esan besterik ez zuen egin etorriko zela. Ez, onena ikusmenetik ezkutatzea, zeren txikia eta gaztetxoa izanik askotan ihes egiten zen era horretara.

        Mahaiko lagunak zutitu egin ziren. Bera ere zutitu eta besteen artean bazihoan ilaran. Erabaki beharrean zegoen. Atera heltzen ari zen. Besteekin batera joaten bazen, gero mola ez zuen errektorearengana igotzerik izango, ez baitzegoen jolastokitik horretara irteterik. Eta joanda ere berdin zigortzen bazuten, ikasle guztiek barre egingo zioten eta ahotan erabiliko zuten Dedalus txikia estudioetako prefektua salatzera errektorearengana igo zenekoa.

        Bazihoan alfonbraduratik behera eta area ikusi zuen aurrez aurre. Ezinezkoa zen: ezin zuen. Estudioetako prefektuaren burusoila oroitu zuen, koloregabeko begi krudelak berari begira eta prefektuaren ahotsa bi aldiz zer izen zuen galdezka. Zergatik ez zuen izena behin esanda gogoan hartu? Ez al zion lehen aldiz esan zionean aditu ala izenagatik barre egitearren egin zuen? Historiako gizon handiek horrelako izenak zeuzkaten eta inork ez zien barrerik egiten. Barre egin nahi bazuen, bere izenari zen barre egin behar ziona. Dolan: bazirudien emakume arropa-garbitzaile baten izena.

        Heldurik zen atera eta bizkor-bizkor eskuinera hartuta eskaileratan gora joan zen; eta atzera egitea pentsatzeko astirik izan baino lehen, gaztelura zeraman korridore baxu, ilun, estuan sartu zen. Eta korridoreko atearen alartzea igarotzean, ikusten zituen, burua atzera jiratu beharrik gabe ikusi ere, mutil guztiak, pasa ahala, berari begira.

        Aurrera zihoan korridore estu ilunean, komunitatearen geletakoak ziren ate txiki batzuen aurretik igaroz. Begiak harrotuz begiratzen zuen aurrera eta ezker-eskuinetara ilunpean eta erretratuak izan behar zutela pentsatu zuen. Dena ilun eta isilik zegoen eta begi ahulak negarrez nekatuak zituenez, ez zuen ikusten. Baina ordenako santu eta gizon handien erretratuak zirela pentsatu zuen pasaeran isilik begiratzen zioten haiek: San Inazio Loiolakoa eskuetan liburu bat zabalik eta behatzaz Ad Majorem Dei Gloriam hitzak seinalatzen zituela, San Frantzisko Jabier bularrera seinalatzen zuela, Lorenzo Ricci lerroetako prefektuena bezalako boneta buruan, gaztedi santuaren hiru zaindariak: San Estanislao Kostkakoa, San Luis Gonzaga eta Juan Berchmans Dohatsua, denak aurpegi gaztez, gazterik hil zirelako, eta Aita Peter Kenny aulki batean eserita mantu handi batean bilduta.

        Irten zen sarrera gaineko eskailburura eta ingurura begiratu zuen. Handixe pasa zen Hamilton Rowan eta huraxe zen soldaduen bala-arrastoak zeuden lekua. Eta hantxe ikusi zuten zerbitzari zaharrek izpiritua mariskal baten mantu zurian.

        Zerbitzari zahar bat ari zen eskailburu muturrean eskoba pasatzen. Hari galdetu zion errektorearen gela non zen eta zerbitzari zaharrak azken-muturreko atea seinalatu zion behatzez eta atzetik begira geratu zitzaion iritsi eta atea jo zuen artean.

        Ez zen erantzunik izan. Berriz jo zuen indartsuxeago eta bihotzak jauzi egin zion ahots itzali bat honela esaten entzun zuenean:

        — Aurrera!

        Tiragailuari eragin eta atea ireki zuen eta oihal berdezko barruko atearen tiragailuari haztamuka ibili zen. Aurkitu zuenean zabaldu eta barrura sartu zen.

        Mahai batean idazten ikusi zuen errektorea. Mahaian burezur bat zegoen eta usain solemne estrainio bat gelan, eserlekuen larru zaharrarena bezalakoa.

        Bihotzak taupada bizkorrak ematen zizkion, zegoen leku solemnea eta gelako isiltasuna zirela kausa; eta buru-hezurrari eta errektorearen onbera-aurpegiari begiratu zien.

        — Eta? Zer dugu, bada, gizontxo? —esan zuen errektoreak.

        Stephenek eztarrian zeukan zera irentsi eta honela esan zuen:

        — Betaurrekoak puskatu zaizkit, jauna.

        Errektoreak ahoa zabaldu eta honela esan zuen:

        — A!

        Gero, irribarre eginez:

        — Bada, betaurrekoak puskatzen bazaizkigu etxera idatzi beharko dugu beste batzuk eskatuz.

        — Idatzi dut, jauna —esan zuen Stephenek—, eta Aita Arnallek esan dit iristen diren bitartean ez ikasteko.

        — Ederki! —esan zuen errektoreak.

        Stephenek berriro irentsi zuen zera hori eta ahalegina egin zuen belaunak eta ahotsa dardarizo gabe eusten.

        — Baina, jauna...

        — Bai?

        — Aita Dolan etorri da gaur eta zartailuarekin jo nau ariketak egiten ari ez nintzelako.

        Errektoreak isilik begiratu zion eta odola aurpegiratzen sentitu zuen eta malkoak begietatik irteteko zorian.

        Honela esan zuen errektoreak:

        — Dedalus duzu izena, ezta?

        — Bai, jauna.

        — Eta non puskatu dituzu betaurrekoak?

        — Errauts-pistan, jauna. Txirrinduen gordelekutik irteten ari zen mutil batek jo eta erori egin naiz eta puskatu egin zaizkit. Ez dakit nola duen izena mutilak.

        Errektoreak berriz ere isilik begiratu zion. Gero, irribarre egin eta esan zion:

        — A, beno, entendituaren faltaz izan da! Ziur nago Aita Dolanek ez zekiela.

        — Baina esan diot puskatu egin zaizkidala, jauna, eta jo egin nau.

        — Esan al diozu idatzi duzula etxera beste pare baten eske? —galdetu zion errektoreak.

        — Ez, jauna.

        — Orduan, jakina —esan zuen errektoreak—, Aita Dolanek ez du ulertu. Esan nik gabetu zaitudala ikastetik egun batzuetan.

        Azkar erantzun zuen Stephenek, dardarak galaraziko zion beldurrez:

        — Bai, jauna, baina Aita Dolanek esan du bihar etorriko dela ni berriro jotzera.

        — Ondo da —esan zuen errektoreak—, gaizki-ulertze bat izan da eta neronek hitz egingo diot Aita Dolani. Ados?

        Stephenek malkoek begiak bustitzen ziotela sentitu zuen eta murmurioan esan zuen:

        — Bai, jauna, bai, eskerrik asko.

        Errektoreak eskua luzatu zuen buru-hezurra zegoen aldetik eta Stephenek berea une batez harenean jarri zuenean, ahur hotz, busti bat sentitu zuen.

        — Eta orain, egun on igaro —esan zuen errektoreak—, eskua erretiratuz buruarekin gur egiten ziola.

        — Egun on igaro, jauna —esan zuen Stephenek.

        Burua makurtuz gur egin eta geldiro irten zen gelatik, ateak kontuz eta poliki itxiz.

        Baina eskailburuko zerbitzari zaharra atzean utzita, korridore baxu, estu, ilunean berriro zenean, gero eta bizkorrago hasi zen ibiltzen. Gero eta presakago murgildu zen ilunpean barrena bihotza aldean. Barreneko ateari ukalondoarekin bultza egin eta eskailerak abiada guztian jaitsiz, ziztu batean igaro zituen bi korridoreak kanporaino.

        Entzuten ziren jolastokietako mutilen hotsak. Lasterka ekin zion eta gero eta lasterka biziagoz, errauts-pista gurutzatu eta hirugarren mailakoen jolastokira heldu zen arnasestuka.

        Mutilek ikusi zuten korrika etortzen. Zirkulu batean pilatu zitzaizkion inguruan, entzuteko elkarri bultzaka.

        — Kontaiguk! Kontaiguk!

        — Zer esan dik?

        — Sartu al haiz?

        — Zer esan dik?

        — Kontaiguk! Kontaiguk!

        Kontatu zien zer esan zuen eta errektoreak zer esan zion eta amaitu zuenean, mutik guztiek kapelak airera bueltaka bota zituzten eta oihu egin zuten:

        — Gora!

        Kapelak jaso eta berriro zerurantz bidali zituzten bueltaka berriz ere oihu eginez:

        — Gora! Gora!

        Eskuak elkartuta euskarri bat eginez denen artean airean jasota erabili zuten libratzea lortu zuen arte. Eta libratu zenean, alde guztietara sakabanatu ziren mutilak korrika kapelak berriz ere aireratuz eta goian zeuden bitartean txistu eta oihu:

        — Goraaaa!

        Eta hiru behera jaurtiki zizkioten Dolan Burusoilari eta hiru gora Conmeeri eta esan zuten inoiz Clongowesen ezaguturiko errektorerik jatorrena zela.

        Aupadak isiltzen joan ziren aire gris bigunean. Bakarrik zegoen. Zoriontsu eta aske zegoen; hala ere, ez zen harro azalduko Aita Dolanen aurrean. Oso isilik eta zintzo portatuko zen; nahiago zukeen haren alde gauza onen bat egiteko aukera sortuko balitzaio, harrokeriarik ez zuela ikus zezan.

        Airea bigun, gris eta bare zegoen. Bazetorren ilunabarra. Bazen airean ilunabar usain bat, Barton Maiorrarengana joaten zireneko kanpo-lur haietan, arbiak atera, zuritu eta jaten zituztenetan zegoen usaina, kurkubitak zeuden pabiloiaren bestaldeko basotxoan zegoen usaina.

        Sake luzeak, jaurtiketa loratuak eta efektuzkoak praktikatzen ari ziren. Isiltasun gris bigunean piloten kolpeak entzuten zituen eta handik eta hemendik aire baretsuan zehar cricket bateen hotsa: pik, pak, pok, puk, iturriko ur tantak ezpainetaraino beteriko konketara poliki-poliki erortzen bezala.

 

 

 

© James Joyce

© itzulpenarena: Irene Aldasoro

 

 

"James Joyce / Artistaren gaztetako portreta" orrialde nagusia