SARRERA

 

        James Augustine Aloysius Joyce Dublinen jaio zen 1882an. Lehen ikasketak Clongowes Academy eta Belvedere College-en, bere bizitzan eragin handia izango zuten jesuiten ikastetxeetan egin zituen. Mutil argi eta langilea, garai hartako idazlan-lehiaketa nazionaletan 30£-tako sariak irabaztera iritsi zen. 1898tik 1902ra arte Dublingo University College-eko ikasle ez oso ortodoxoa zelarik, elkarteetan agiriak irakurri zituen, lagunen mirespena eta maiz haserrea sortuz, poema anitz idatzi zuen eta kazeta literarioetan parte hartu zuen. Hizkuntzatan graduatu zen, ondorengo erbestealdian baliagarri gertatuko zitzaion italiera barne zelarik.

        1902an hasten da James Joycen nahitako erbestealdia. Bere bizitzako bide guztiek horretara zeramaten. Ez zuen bokaziorik apaiz izateko, ez bazen irudimenaren apaiz. Irlandak indartsu bizi zuen nazionalismoaren berpizkundearen alde politikoa zein literarioa baztertu zituen. Estatus europarra zuen Ibsen antzerkigilea miresten zuen. Saiatu zen Dublingo mundu literarioan egokitzen, baina zirkulu hartakoen bilera literario txukunak ez zetozen bat Jamesen manera independenteekin.

        Horrela, bada, hasita zituen medikuntza ikasketak utzi eta Parisera joaten da. Hurrengo urtean ama hil eta itzuli beharrean gertatzen da. 1904an Nora Barnacle ezagutzen du eta elkarrekin atzerriratzen dira, Trieste izango dutelarik ohiko bizileku 1915era arte. Han jaio ziren bere bi seme-alabak, Giorgio eta Lucia. Zenbait eskolatan irakatsiz, klase partikularrak emanez, egunkarietan Irlandari buruzko artikuluak idatziz, aski eroso bizi zitekeen, bizimoduak eskatzen dituen xehetasun mundutarren ardurarik batere izan balu. Stanislaus bere anaia zuhurraren laguntzarik gabe, ziurrenera familiak lur joko zukeen.

        Irlandara azken bidaia 1912an egin zuen Joycek, Dublindarrak istorio laburrak argitaratzeko ahaleginetan, baina, aipamen desegokiak egiten zituen aitzakiarekin, eragozpenak jarri zizkioten eta ez zuen argitaratzerik lortu. Badirudi egiazko arrazoia istorioen tonua izan zela: Irlanda gutxiesten zutela, nazionalismoa furi-furian zegoen hartan. Aurrerantzean ez zuen Joycek Irlandan oinik jarri, ezta fama irabazi zuenean eskaini zitzaizkion ohoreak jasotzeko ere.

        Lehen Mundu Gerra hasi eta Zürichera aldatu zenean, Ulysses, bere maisulantzat ezagutua izango zena idazten hasten da eta, diru beharrean, zenbait lagunek egindako gestioen bidez lortutako diru-laguntzaz jarraitu ahal izango du aurrera. Nolanahi ere, 1916an Artistaren Gaztetako Portreta eta Dublindarrak argitaratzen dira Amerikan.

        Gerra ondorenean Parisera joaten da. Berehala lortuko du lagun kultuz osaturiko zirkuluaren mirespena eta irabaziko du ezagutza publikoa. Hain zuzen ere, Parisen aurkituko du Ulysses, Amerikan zatika argitaratzen hasi eta pertsekutatu obra, osorik argitaratzeko giroa 1922an. Lizun eta inkoherentea batzuentzat, jeinu baten lana besteentzat, azkenean, Joycek gailurrera iritsia dirudi.

        Baina bizitza ez zitzaion inoiz erraza gertatu. Finnegans Wake zerabilen eskuartean eta, nahiz eta begietako gaixotasunak ilunaldi luzeak pasarazi, nahiz eta familiako arazoak okerragotu, nahiz eta zenbaitek inork jarraituko ez zion bidea zeramala esan, ez zuen etsi. Hamasei urte eramango zion lana 1936an argitaratu zen. Bigarren Mundu Gerra sortu zenean, Frantzia utzi eta Zürichera itzuli zen berriro, baina handik berehala, 1941ean, hil zen, zaindu ez zuen urdaileko ultzeraren ondorioz.

 

* * *

 

        Artistaren Gaztetako Portreta 1904an hasitako Stephen Hero nobela autobiografiko luze, oso luzearen berridazpena da. Hiru urtez osatzen joan eta gero, nahaspilatuegia bihurtu zela iritzi eta birmoldatzeari ekin zion Joycek luzera ertaineko bost ataleko nobelara lotzeko.

        Artistaren Gaztetako Portretak Stephen Dedalusen bizitzako lehen urteak kontatzen ditu episodioetan. Izenburuak Stephen artistaren —edo poeta edo nobelagilearen— garapenarekin zerikusia duela iradokitzen du, baina askorentzat honako hau litzateke interesgune nagusia: Stephenek duen konbentzimenduaren, hau da, artista bezala bizi izateko eliza, herria eta familiaren kateetatik askatu behar duen ideiaren nagusitze graduala.

        Lehen orrietan, beraz, kate horien eraketa eta izatasunaz kontu ematen da: familia, lagunak, Irlandako egoera politikoa, Eliza. Jakina, Stephen Dedalus haurrak, mundu errealaren eta irrealaren laino arte horretan eta mutiltzaroan zehar, txiki-txikitandik agertzen duen hitz eta musikarenganako interesaren hariari, sena ezkutuari jarraituz iritsi beharko du bere izenaren eta izanaren esanahia ezagutzera eta bere eginkizuna zein den jakitera.

        Belvedere ikastetxeko errektoreak apaizgintzarako bokaziorik duen galdetzen dionean hartzen du Stephenek bere bizitzako erabakirik garrantzitsuena: artea aukeratzen du erlijioaren ordez, edo, hobeto esan, artea egiten du bere erlijio. Apaizgintzari uko egiteak ez dakarkio gizon arruntari Eliza uztea, baina Joyce ez zen gauzak erdizka egiten zituen gizona eta, Stephen ere ez du konbentzitzen bere lagun Cranlyren argudioak, elizaren barruan zalantza gogorrak dituzten eliztarrak ere badirela esaten dionean.

        Ez, ez dio sinesten ez duenari zerbitzatuko.

        Ez, artistak ezin du «bere arrazaren kontzientzia sortu gabea forjatu» bere lagun nazionalista Davinen jarreraz: Irlandako mitoen aurrean «morroi adimen-urri leial baten jarreraz».

        Ez, «irudimen betierekoaren apaizak» ezin du «eguneroko ogia betiereko gorputz bizi bihurtu» errito konbentzional bat burutuz.

        Enaren hegadan augurioari igarririk, bidean abiatzen da.

 

 

 

© Irene Aldasoro

 

 

"James Joyce / Artistaren gaztetako portreta" orrialde nagusia