12. ATALA

 

        Felixek denbora utzi zion Charlotteri beraren auzia defenda zezan; eta, gero, hirugarren egunean, osabarekin elkarrizketatzeko egokiera bilatu zuen. Goizean izan zuen. Wentworth jauna bere bulegoan zegoen; eta, sartzerakoan, Charlotte une hartan aitarekin bildurik zegoela ikusi zuen Felixek. Charlotte, egia esan, Felixekin izan zuen elkarrizketaz geroztik ez zen aitaren ondotik urrundu; pentsatu zuen ezen lehengusuaren eskaera gartsua hitzez hitz azaltzea zela beraren egitekoa. Eta Wentworth jaunaren ondotik ibili zen, beraz, haren errainua balitz bezala, hitz egiteko behar adina lasaitasun biltzen zuenean eskura izan zezan. Zeren eta lasaitasuna falta zuen Charlotte gaixoak auzi hartan, Felixek egindako iradokizun batzuetan pentsatzen jartzen zenean, bereziki. Ez zen lan atsegina, onenean ere, norberaren bihotz bihurriaren fruitu gaixo ezagutu gabea lurpera eramango zuen hilkutxari mailu-kolpetxoak ematen jardun beharra; eta kanpotar gazte berritsu baten hitz ausart bitxiek norberaren amets itoa itzalen artetik atera izanak ez zuen jarduna atseginagotzen. Zer esan nahi izan zuen Felixek Brand jaunak lehen adina gogo ez zuelakoarekin? Charlotteren aurrean, ahizparen gorteatzaile tristatuak —arrazoiz tristatuak— ez zuen zalantza aztarnarik erakutsi. Dardara batean jartzen zen Charlotte, baldin noiz edo noiz burutik pasatzen bazitzaion ezen bazitekeela Brand jaunak duda egin izatea; eta Felixen hitzak aitari esatea Felixen hitzak sendotzea zela ematen zuenez, Charlotte bere burua ondo lasaituta ikusi zain zegoen. Orain, ordea, oso urduri zegoela esaten hasi zitzaion Wentworth jaunari. Ideia hori azaltzen ari zen, bere urduritasunaren arrazoiak aipatzen, Felix sartu zenean.

        Wentworth jauna eserita zegoen, zangoak gurutzaturik, begitarte ihar zuria Bostongo Advertiser-en gainetik ageri zuela. Felix irribarrez sartu zen, gauza bereziren bat esatera baletor bezala, eta gertakizuna espero eta aldi berean onartuko ez balu bezala begiratu zion osabak. Felix, adierazpen-molde bizikoa, antzirudi beldurgarria bihurtu zitzaion osabari, zeina ez baitzen oraindik iritsi, erabili beharreko tonuari zegokionean, ikuspuntu garbi bat izatera. Bizitza osoan lehen aldia zuen Wentworth jaunak, esan dudan bezala, erantzukizunari ihes egiten ziona; ez zuen bere gain hartu nahi ilobaren proposamen arinak nola tratatu erabakitzeko ardura. Felixek indukzio bada-ezpadakoak onartzera limur zezakeen beldurraren mende bizi zen, eta kontuan egoteko erarik onena eztabaida saihestea zela esaten zion kontzientziak. Ilobaren bisita atsegina koherentziari koska handirik egin gabe igaroko ahal zela espero zuen.

        Felixek halako konplizitate batez begiratu zion Charlotteri; gero Wentworth jaunari begiratu zion, eta hurrena Charlotteri berriro. Wentworth jaunak Felixengana jaso zituen bere bekain araztuak eta kolpe batez itxi zuen Advertiser-en lehen orrialdea. «Lore sorta bat ekarri behar nuen,» esan zuen Felixek, barrez. «Frantzian hori egiten da.»

        «Ez gaude Frantzian,» esan zuen Wentworth jaunak benaz, Charlotte, oso serio, tinko begira zegokiola.

        «Ez, ez gaude Frantzian, zorionez; han, ziurrenera, lan gogorragoa izango nuke. Charlotte maitea, egin al didazu mesede handi hori?» Eta erreberentzia egin zion Charlotteri, norbaitek orduantxe haren aurrean aurkeztu balu bezala.

        Charlottek ia ikaraturik begiratu zion; eta Wentworth jaunak eztabaida baten atarian egon zitezkeela pentsatu zuen. «Lore sorta, zertarako?» galdetu zuen, eztabaida desbideratzeko asmoz.

        Felix begira-begira geratu zitzaion, irribarrez. «Pour la demande!» Eta hori esan eta gero, aulki bat gerturatu eta eseri egin zen, kapelua eskuan, eta berariazko solemnetasun halako batez.

        Orduan, Charlotterengana itzuli zen berriro. «Charlotte maite horrek, Charlotte miresgarri horrek,» xuxurlatu zuen, «ez zenidan, bada, jukutriarik egingo? Ez zinen, bada, nire kontra jarriko?»

        Charlotte zutitu egin zen; dardaraz airean zegoen, igartzen ez bazitzaion ere. «Zerorrek hitz egin behar duzu aitarekin,» esan zion, «Baduzu horretarako adina jakituria.»

        Baina Felixek, bera ere zutitzen zela, geratzeko erregutu zion. «Entzuleak ditudanean, hobeto hitz egiten dut!» adierazi zuen.

        «Ez ahal da ezer txarrik izango,» esan zuen Wentworth jaunak.

        «Oso gauza atsegina da, niretzat!» Eta Felixek, kapelua utzita, eskuak belaunburuen artean gurutzaturik eduki zituen pixka batean. «Osaba maitea,» esan zion, «zure alaba Gertruderekin ezkondu nahi dut, eta serioa da nahia.» Poliki-poliki, Charlotte bere aulkian eseri zen ostera, eta Wentworth jauna begira-begira geratu zen, izozmendi batek islatua zirudien argitasun bat aurpegian zuela. Begira-begira jarritzen zuen; ez zuen ezer esaten. Felixek bizkarra atzeratu zuen aulkian, eskuak gurutzaturik mantentzen zituela. «Ez zaizu ondo iruditzen. Banuen horren beldurra!» Koloreak gorritu zitzaizkion Felixi, eta Charlotte konturatu egin zen, eta Felix gorritzen ikusten zuen lehen aldia zela pentsatu zuen. Charlotte ere gorritzen hasi zen, eta Felix oso maitemindurik egon zitekeela pentsatzen.

        «Ezusteko handia da hau,» esan zuen Wentworth jaunak azkenean.

        «Ez al duzu susmorik hartu, osaba maitea?» galdetu zion Felixek. «Beno, zuhur jokatu dudala erakusten du horrek. Bai, pentsatzen nuen ez zenuela atsegin izango.»

        «Hori oso gauza serioa da, Felix,» esan zion Wentworth jaunak.

        «Abegi onaz abusatzea dela usteko duzu?» esan zion Felixek, berriz ere irribarre eginez.

        «Abegi onaz... abusatzea?» errepikatu zuen osabak oso astiro.

        «Horixe da Felixek esan zidana,» esan zuen Charlottek berariaz.

        «Hori uste duzu, noski; ez duzu zertan ukaturik!» jarraitu zuen Felixek. «Abusua da; garbi dago; gehienera ere, abusu barkagarria dela esan ahal izango dut. Baina hara: maitemindu egin naiz zeharo, eta horri ezin zaio buru egin. Gertruderen aita zaren arren, ez dut uste zure alaba zein erakargarria den konturatzen zarenik. Osaba maitea, Getrudek oso emakume bereziaren —bitxiaren, esango nuke nik— osagarriak ditu!»

        «Gertruderen ardura handia izan dut nik beti,» esan zuen Wentworth jaunak. «Haren zoriona bilatu dugu beti.»

        «Bada, hemen nauzu!» adierazi zion Felixek. «Nik egingo dut zoriontsu. Gertrude ere horretan dago. Ez al zara konturatu?»

        «Oso aldaturik dagoela konturatu naiz,» adierazi zuen Wentworth jaunak, eta erabili zuen tonu motel grinagabeak desadostasun sakon bat adierazten zuela iruditu zitzaion Felixi. «Beharbada, zuk diozun emakume xarmagarria bihurtzen ari delako izango da, ez bestegatik.»

        «Gertrude, bihotzez, oso serioa da, oso egiatia,» esan zuen Charlottek apalki, begiak aitarengan itsasten zituela.

        «Poz handia ematen dit zu Gertrude goraipatzen entzuteak!» esan zion Felixek.

        «Oso izaera berezia du,» esan zuen Wentworth jaunak.

        «Zera..., hori ere goraipamena da!» erantzun zuen Felixek. «Badakit ez naizela zuk espero izango zenuen gizona. Ez dut posiziorik ez ondasunik; ezin diot Gertruderi munduan leku bat eskaini. Leku bat munduan: hori da Gertrudek behar lukeena; horrek eragingo lioke aurrera.»

        «Bere egitekoa betetzeko lekua!» ohartarazi zuen Wentworth jaunak.

        «A! Eta bai ederki betetzen duela, bere egitekoa!» esan zuen Felixek, aurpegi argiz. «Zein ideia fina duen horretaz! Baina bere zintzoak eragiten diolako, osaba maitea!» Bai Wentworth jaunak eta bai Charlottek erbi-zakur baten lasterketa ikusten ari balira bezala begiratzen zioten. «Nirekin, gaitzerupean estalitako argia bezalakoa izango da, noski» jarraitu zuen. «Ni gaitzerua izanik! Bestalde, badakit atsegin nauzula: ondo baino hobeto erakutsi duzu. Baina kaskarina eta sosgabea eta narrasa naizela pentsatzen duzu. Onartzen dut..., onartzen dut...., mila bider onartuko dut. Oilo ibiltaria izan naiz: biolin-jole, pintore, antzezlari. Baina hau ere esan behar da: lehen-lehenik, uste dut handitu egiten duzula; izan ez ditudan dohainak ezartzen dizkidazula. Bohemiarra izan naiz, bai; baina Bohemian jauntzat hartu izan naute beti. Nahiago nuke nire garai bateko camarade haiekin egon ahal bazina: haiek esango lizukete! Askatasuna nuen gogoko, ez egokierak! Nire bekatuak bekatutxoak izan dira denak; beti errespetatu ditut lagun hurkoaren ondasuna eta lagun hurkoaren emaztea. Ikusten duzu, osaba maitea?» Wentworth jaunak beharko zukeen ikusi: haren begi urdin hotzak tinko begiratzen zioten. «Eta orain c'est fini! Bukatu da dena. Je me range. Trostatxo lasaiera ekarri dut pausoa. Uste dut mundua korrituz eta erretratu txarrak eginez poliki atera dezakedala bizibidea. Ez da aintza handiko lanbidea, baina bai errespetagarria. Hori ez duzu ukatuko, ezta? Mundua korritzea? Bai, hori ezin dut ukatu, mundua korritzen ibiliko naizela uste dut, beti, modelo atseginen bila. Atsegin esaten dudanean, zera esan nahi dut: leunki lausengatu ahal direnak eta pagatzeko prest direnak. Gertrudek nire ibilaldietan parte hartu nahi duela dio, eta modeloak egoki jartzen lagunduko didala. Zoragarria izango dela esaten du; eta horrek hirugarren puntura nakar. Gertrudek atsegin nau. Pixka bat bultzatzen baduzu, berak esango dizu.»

        Felixen mihia entzuleen irudimena baino askoz bizkorrago zebilen, noski; haren etorriak, txaluparen kulunkak aintzira sakon bare batean nola, isiltasun-zurrunbilo luzeak egiten zituen. Eta isilik ere argudiatzen eta berriketan jarraitzen zuela ematen zuen, irribarre bizi argia aurpegian, bekainak jasorik, ahoa adierazkor, hitz egiteari utzi eta, begiak aitarengandik alabarengana arin aldatzen zituela, egin zuen deiaren eraginaren zain geratu zenean. «Ez da modurik ez duzulako,» esan zion Wentworth jaunak uzkurraldi gogor baten ondoren.

        «Pozten nau hori entzuteak! Baina ez iezadazu esan nortasunik ez dudalako dela. Badut-eta nortasuna; bai horixe: txikia, oso gauza nimiñoa, baina haztagarria, hala ere.»

        «Ez al zenioke esan behar Brand jaunarengatik dela, aita?» galdetu zion Charlottek, leuntasun mugagabez.

        «Ez da Brand jaunarengatik bakarrik,» adierazi zuen Wentworth jaunak solemneki. Eta belaunari begira geratu zen denbora luzean. «Zaila da adierazten,» esan zuen. Bistan zen oso zuzen jokatu nahi zuela. «Arazoa, Brand jaunak esaten duen bezala, moralaren arlokoa da. Gertruderentzat gauzarik onena hori ote den da arazoa.»

        «Onena! Zer da onena, osaba maitea?» erantzun zuen Felixek presaka, presaren presaz altxatu eta Wentworth jaunaren aurrean zutik jarririk. Osaba belaunari begira zegoen; baina Felix mugitu zenean, aurrez aurre zuen atearen eskulekura luzatu zituen begiak. «Neska bat berak maite duen gizonarekin ezkontzea ere oso gauza ona izaten da gehienetan!» esan zion Felixek.

        Felix hizketan ari zela, Wentworth jaunak atearen eskulekua biratzen hasi zela ikusi zuen; atea zabaldu zen, eta erdi zabaldurik egon zen Felixek oraintxe aipatu den axioma alaia jaulki zuen arte. Orduan oso zabaldu zen, eta Gertrude agertu zen. Aztoraturik zirudien; distira bat ageri zuen begi itzal gozoetan. Astiro sartu zen, baina halako itxura erabakior batez, eta atea poliki itxi eta han ziren hiru pertsonei begiratu zien. Felix samur eta galai hurbildu zitzaion, eskua luzatzen ziola, eta Charlottek sofan leku egin zion. Baina Gertrudek eskuak atzera eraman eta ez zuen esertzekorik egin.

        «Zutaz ari gara!» esan zion Felixek.

        «Badakit,» erantzun zion Gertrudek. «Horregatik etorri naiz.» Eta aitarengan itsatsi zituen begiak, eta aitak ere oso begirada tinkoa itzuli zion. Wentworth jaunaren begi urdin hotzetan arrazoiketarako halako erregu baten argia ageri zen.

        «Hobe da zu ere aurrean egotea,» esan zion Wentworth jaunak. «Zure etorkizuna eztabaidatzen ari gara.»

        «Eta zergatik eztabaidatu behar da?» galdetu zion Gertrudek. «Utz ezazue nire etorkizuna neure esku.»

        «Nire esku, alegia!» esan zuen Felixek.

        «Guk baino jakituria handiagoa duenaren esku utziko dut, azken finean» esan zuen agureak.

        Felixek bekokia igurtzi zuen emeki. «Baina en attendant azken fin hori, zure aitari konfiantza falta zaio,» esan zion Gertruderi.

        «Ez al duzu konfiantzarik Felixengan?» Gertrudek bekokia zimurtu zuen; aitak eta Charlottek ordu arte ikusi ez zioten zerbait zuen Gertrudek. Charlotte jaiki eta Gertruderengana joan zen, hura besoaz inguratzeko bezala; baina, bat-batean, hura ukitzeko beldurrez bezala geratu zen.

        Baina Wentworth jauna ez zen beldur. «Konfiantza gehiago dut Felixengan zuregan baino,» esan zion.

        «Egia, niregan ez duzu inoiz konfiantzarik izan, ezta inoiz ere! Ez dakit zergatik.»

        «Ahizpa, ahizpa!» xuxurlatu zuen Charlottek.

        «Aholkuaren beharra izan duzu beti,» adierazi zion Wentworth jaunak. «Izaera zaila izan duzu.»

        «Zergatik esaten diozu zaila? Otzana izan zitekeen, nahi izan bazenute. Ez didazue naizen bezalakoa izaten utzi. Ez dakit zer bihurtu nahi ninduzuen. Eta Brand jauna izan da okerrena.»

        Charlottek, azkenean, heldu egin zion ahizpari. Besoan jarri zizkion bi eskuak. «Brand jauna asko arduratzen da zutaz,» esan zion ia xuxurlan.

        Gertrudek adi-adi begiratu zion pixka batean; musu eman zion hurrena. «Ez, ez da arduratzen,» esan zion.

        «Ez zaitut inoiz horren gartsu ikusi,» esan zion Wentworth jaunak, halako haserre itxura bat erakusten zuela, hatsapen jasoek ematua.

        «Barka, mindu bazaitut,» esan zion Gertrudek.

        «Mindu nauzu, baina ez dut uste damu zarenik.»

        «Bai, aita, damu da,» esan zuen Charlottek.

        «Ni harago joango nintzateke, osaba maitea,» sartu zen Feliz. «Duda egingo nuke benetan mindu zaituen. Nola min zaitzake Gertrudek?»

        Wentworth jaunak ez zion horri bat-batean erantzun. Handik pixka batera esan zuen «Ez du eman espero genuena.»

        «Eman? Ah voilà!» esan zuen Felixek.

        Gertrude oso zurbil zegoen, behera begira. «Felixi berarekin joango naizela esan diot,» esan zuen hurrena.

        «Gauza miresgarri asko esan duzu!» esan zuen mutilak.

        «Hemendik kanpora, ahizpa?» galdetu zion Charlottek.

        «Hemendik kanpora, bai; atzerriko herrialderen batera.»

        «Zu ikaratzeagatik esaten du hori,» esan zuen Felixek, Charlotteri irribarre eginez.

        «Zera..., nola da?» galdetu zuen Gertrudek, Felixengana itzultzen zela. «Bohemiara.»

        «Eta aurretik egin beharrekoak egin gabe joateko asmoa al duzue?» galdetu zuen Wentworth jaunak, zutitzen zela.

        «Osaba maitea, vous plaisantez!» esan zion Felixek. «Aurretik egin beharrekoa da orain egiten ari garena ere, nik uste.»

        Gertrude aitarengana itzuli zen. «Eman, eman dut,» esan zion. «Nire nortasuna moldatu nahi bazenuen, aski moldaturik da, dudan adinerako. Badakit zer nahi dudan. Egin dut aukera. Eta jaun honekin ezkontzeko erabakirik nago.»

        «Hobe izango zenuke baimena ematea, jauna,» esan zion Felixek, amultsuki.

        «Bai, jauna, hobe izango zenuke baimena ematea,» gaineratu zuen beste ahots batek.

        Charlottek jauzi txiki bat egin zuen, eta gainerakoak ahotsa etorri zen aldera itzuli ziren. Ahotsa Brand jaunarena zen, zeina loriora ematen zuen kristalezko ate handi zabaldutik sartu baitzen. Han zegoen Brand jauna zutik, esku-zapiaz bekokia xukatzen; gorri-gorri eginda zegoen; adierazpen berezi bat zuen aurpegian.

        «Bai, jauna, hobe zenuke baimena ematea,» esan zuen berriro Brand jaunak, aurrera egiten zuela. «Badakit zer esaten duen Gertrude andereñoak.»

        «Lagun maitea!» murmuriatu zuen Felixek, eskua ministro gaztearen besoan laztanki jarririk.

        Brand jaunak Felixi begiratu zion; hurrena Wentworth jaunari; azkenik Gertruderi. Charlotteri ez zion begiratu. Baina Charlotteren begi serioak haren aurpegian itsatsirik zeuden; galdera itzel bat egiten zioten. Galdera haren erantzun osoa ez zitekeen bat-batean iritsi; baina erantzunaren osagai batzuk han zeuden. Osagai horietako bat zera zen: Brand jauna oso gorriturik zegoela, burua oso tenteturik eta begiak diz-diz eta larri zituela, eta halako itxura ausart trakets bat ageri zuela: erabaki bat hartu eta erabakia burutzeko baliabideak —ez moralak, pertsonalak baizik— falta zaizkiola ulertzen duen gizonaren itxura. Oso itxura prestua zuela iruditu zitzaion Charlotteri; eta ezin da ukatu Brand jauna prestu sentitzen zela. Hura zuen, egia esan, bere bizitzako unerik handiena; eta normala zen horrelako une batean mutil handi, sendo, apal bat aldika moldakaitz egotea.

        «Aurrera, jauna,» esan zion Wentworth jaunak, eskuari tenkada bat eraginez. «Oso egoki etorriko zaigu zu aurrean egotea.»

        «Badakit zertaz ari zareten,» esan zuen Brand jaunak. «Entzun dut zure ilobak esan duena.»

        «Eta osabak ere entzun du zuk esan duzuna!» esan zion Felixek, berriro ere besoan xafla-xafla egiten ziola.

        «Ez dakit ulertu dudan,» esan zuen Wentworth jaunak, bai ahotsean eta bai keinuetan tenkadura bat sumatzen zitzaiola.

        Gertrude bere gorteatzaile ohiari tinko begira zegoen. Zur eta lur geratu zen bera ere, ahizpa bezala; baina Gertruderen irudimena Charlotterena baino bizkorrago ibili zen. «Felixi ni hemendik eramateko baimena eman diezaiozula eskatu dizu Brand jaunak,» esan zion aitari.

        Ministro gazteak begirada bitxi bat zuzendu zion Gertruderi. «Ez da aurrerantzean ikusi nahi ez zaitudalako,» adierazi zuen, aurrean zirenak ohartarazteko helburua-edo zuen tonu batean.

        «Ez dut uste ni ikusten jarraitu nahi izango duzunik,» erantzun zion Gertrudek emeki.

        Wentworth jauna begira-begira zegoen. «Ez al da hau egundoko aldaketa?» galdetu zion Brand jaunari.

        «Bai, jauna.» Eta Brand jaunak inguruko guztiei begiratu zien; Charlotteri ez beste guztiei, orain ere. «Bai, jauna,» esan zuen berriro. Eta esku-zapia ezpainen parean eduki zuen pixka batean.

        «Eta non dira gure arrazoi moralak?» galdetu zuen Wentworth jaunak, zeinak beti pentsatu izan baitzuen ezen Brand jauna zela alaba gazte, izaera bereziko hark behar zuena.

        «Aldatzea ere oso morala da batzuetan,» iradoki zuen Felixek.

        Charlotte ahizparen ondotik emeki-emeki urrundu eta aitarengana joana zen; orain aitari heldu zion besotik. Wentworth jaunak estu-estu bilduta zuen Advertiser; esku batekin eutsi eta bestearekin gogor estutzen zuen paper kiribildua. Brand jauna Wentworth jaunari begira zegokion, baina Charlotterekin ez zuen begiradarik gurutzatzen, nahiz eta hura aitaren ondo-ondoan egon. Gertrudek, berriz, ahizpari begiratzen zion.

        «Ez diezaiogun aldaketa deitu,» esan zuen Brand jaunak. «Alde batera, ez da aldaketarik izan. Gauza bat nahi nuen, eta eskatu egin nizun; gauza bat nahi dut orain ere, eta eskatu egiten dizut.» Eta isilaldi bat egin zuen. Wentworth jaunak nahasturik zirudien. «Nire ministerioaren ahalmenez bikote gazte hau elkartu ahal izatea eskatzen dizut.»

        Gertrudek, ahizpari begira zegoela, Charlotte gorri-gorri egiten ikusi zuen, eta Wentworth jaunak Charlotteren estutua sentitu zuen besoan. «Alajainkoa!» xuxurlatu zuen Wentworth jaunak. Eta horixe izan zen bere bizitzan esan zuen birao-antz handieneko hitza.

        «Adeitasun handia erakusten duzu: eskuzabaltasun handia!» esan zion Felixek Brand jaunari.

        «Ez dut ulertzen,» esan zuen Wentworth jaunak; baina bistakoa zen beste guztiek ulertu zutela.

        «Zoragarria da hori, Brand jauna!» esan zion Gertrudek, Felix imitatzen zuela.

        «Atsegin handiz ezkonduko zaituztet.»

        «Gertrudek esan duen bezala, ideia zoragarria da,» esan zuen Felixek.

        Felix irribarrez zegoen, baina Brand jaunak ez zuen irribarre ahaleginik ere egiten. Hark oso serioski egin zuen proposamena. «Pentsatzen aritu naiz, eta horixe egin nahi nuke,» baieztatu zuen.

        Charlotte, bitartean, begiak zabal-zabalik zegoen. Charlotteren irudimena, esan dudan bezala, ez zen ahizparena bezain bizkorra, baina orain emanak zituen pauso txiki batzuk aurrera. «Aita,» xuxurlatu zuen, «emaiezu baimena!»

        Brand jaunak hura entzun eta beste aldera begiratu zuen. Wentworth jaunak, bistan zenez, ez zuen batere irudimenik. «Gertruderen izaerak» hasi zen esaten astiro, «garabide berezi bat behar zuela pentsatu izan dut beti.»

        «Aita,» errepikatu zuen Charlottek, «emaiezu baimena.»

        Orduan, horratik, Brand jaunak Charlotteri begiratu zion. Eta aitak Charlotte sentitu zuen beraren beso tolestuaren gainera inoiz baino estuago lotzen; eta horrek eta Charlotteren ahotsean nabaritu zuen halako eroritasun gozo batek zer gertatzen ote zen pentsarazi zioten. Begiratu zion alabari eta haren begiak teologo gaztearen begietan jarririk ikusi zituen; baina horrek ere ez zion ezer argitu eta nahasturik jarraitu zuen. Baina, nolanahi ere, «ematen dizuet baimena,» esan zuen azkenean, «Brand jaunak hori aholkatzen duenez gero.»

        «Ea zeremonia berehala egiteko egokiera dudan,» adierazi zuen Brand jaunak, halako xalotasun solemne batez.

        «Baina, baina... hori zoragarria da!» esan zuen Felixek profanotasunez.

        Wentworth jauna aulkian hondoratu zen. «Hala izango da, baldin ulertzen bada,» esan zuen halako laztasun kritiko batez.

        Gertrude ahizparengana joan zen eta kanpora lagundu zion, eta, Felix, Brand jauna besotik harturik, harekin batera kristalezko ate luzetik kanpora irten zenean, agurea han geratu zen eserita, argitu gabeko nahasmenduan murgildurik.

        Felixek ez zuen lanik egin egun hartan. Arratsaldean Gertruderekin ibili zen, txalupa batean sartu eta ur gainean, axalka-maxalka arraunei eraginez. Asko hitz egin zuten Brand jaunari buruz, baina ez hari buruz bakarrik.

        «Oso duin jokatu du,» esan zuen Felixek. «Jokabide heroikoa izan du benetan.»

        Gertrude gogoetatsu zegoen, begiak uraren uhinetan jarririk zituela. «Hori nahi zuen; gauza handi bat egin nahi zuen.»

        «Ez da lasai egongo ezkontzen gaituen arte,» esan zion Felixek. «Hainbat hobe.»

        «Eskuzabal agertu nahi zuen; plazer moral handi bat sentitu nahi zuen; oso ondo ezagutzen dut,» jarraitu zuen Gertrudek. Felixek begiratu egin zion; Gertrude astiro mintzo zen, ur garbiari begira. «Horretan pentsatzen zuen etengabe, gau eta egun. Zoragarria izango zela pentsatzen zuen. Azkenean, beraren egitekoa horixe dela erabaki du: ez gutxiagorik; bere burua goraturik sentitu du; ezin bikainago. Sentipen hori du atsegin. Nik onartu izatea baino hobea da berarentzat.»

        «Niretzat hobe,» egin zuen irribarre Felixek. «Baina, sakrifizioari dagokionean, badakizu zer? Uste dut erabakia hartu zuenean ez zintuela miresten hamabost egun lehenago miresten zintuen adina.»

        «Ni ez nau inoiz miretsi. Charlotte miresten du; nik pena ematen nion. Oso ondo ezagutzen dut.»

        «Bada, hortaz, ez zenion hainbeste pena ematen.»

        Gertrudek begiradatxo bat zuzendu zion Felixi, irribarrez. «Ez zenuke haren ekintzaren edertasuna apaltzen saiatu behar. Charlotte miresten du,» esan zuen berriro.

        «Hori da behinena!» esan zion Felixek barrez, eta arraunak uretan sartu zituen. Ezin dut garbi esan Gertruderen esaldiaren zein atalengatik esan zuen hori; baina Felixek arraunak uretan sartu zituen berriro, eta ur gainean hara-hona jarraitu zuten.

        Egun hartan ez ziren ez Felix eta ez arreba Wentworth jaunaren gaueko otordura bildu. Bordako bi bizilagunek elkarrekin afaldu zuten, eta mutilak beraren ezkontza orain gauza ziurra zela jakinarazi zion Eugeniari. Eugeniak zorionak eman zizkion, eta gaineratu zion ezen, oro har, neba bezain senar zentzuduna izaten bazen, emazteak ez zuela kexarik izango.

        Felix pixka batean begira egon zitzaion, irribarrez. «Ez nuke,» esan zion «zentzuan bakarrik geratu nahi.»

        «Egia da» esan zuen Eugeniak. «Zentzua oso tristea eta hutsa da. Matalazik gabeko ohearen antzekoa.»

        Beranduago, ordea, etxe handira joan ziren neba-arrebak, baronesak koinatagaia zoriondu nahi zuela eta. Lorioan aurkitu zuten ohiko lagunartea, Clifford Wentworth eta Lizzie Acton izan ezik; eta baronesari ongietorria egiteko, denak, ohi bezala, zutitu zirenean, Eugeniak miretsirik izan zuen entzuleria, Gertruderi konplimenduak egiten zizkion bitartean.

        Robert Acton lorioaren ertzean zegoen, zutabe zurietako batean bermaturik, eta, beraz, Eugeniarengandik oso hurbil egotea egokitu zitzaion, hark zorion-hitz txukun labur batzuk jaulki zituenean.

        «Poz handia emango dit zu hobeto ezagutzeak,» esan zion baronesak Gertruderi; «nik nahi baino gutxiagotan ikusi zaitut. Jakina, orain ulertzen dut zergatik! Maiteko nauzu pixka bat, ezta? Uste dut, behin ezagututa gero, irabazi egiten dudala.» Eta ahotsaren kadentziarik gozoenaz hitz horiek esaten bukatu zuenean, baronesak halako musu ofizial harranditsu bat eman zion Gertruderi bekokian.

        Familiartekotasun handiagoak ez zion Gertruderi Eugeniaren nortasunaren indar misteriotsuak eragiten zion zirrara gutxitu, eta Gertrude lausengaturik eta goraturik sentitu zen zeremonia txiki harekin. Robert Actonek ere miretsirik zirudien, Madame Münsterren ele biziaren beste hainbeste adierazpen finen aurrean miretsi zen bezala.

        Actoni egonezina sortzeko dohaina zuten adierazpen horiek eta aldi horretan aldendu egin zen, bat-batean, eskuak sakelean sarturik; geroxeago berriro itzuli eta lehengo zutabearen kontra jarri zen. Eugenia orain osabari ari zitzaion alabaren hitz-emateagatik konplimenduak egiten, eta Wentworth jaunak bere betiko gizabide soil baina araztuaz entzuten zion. Uste izatekoa da ezen Wentworth jaunak inguruan zituen gazteen arteko harremanen ikuspegi argiagoa izango zuela ordurako; baina, hala ere, oso serioski hartzen zuen gauza, eta ez zegoen inolaz ere pozez gainezka.

        «Senar ona izango du Felix,» esan zion Eugeniak. «Oso lagun atsegina izango du; bertute handi bat du Felixek: alaitasun suntsiezina.»

        «Bertute handia al deritzozu horri?» galdetu zion agureak.

        Eugenia pentsatzen geratu zen, begiak osabarengan jarririk. «Azkenean pertsona horretaz ere aspertu egiten dela uste duzu, ezta?»

        «Ez dakit hori esango nukeen,» esan zion Wentworth jaunak.

        «Esan dezagun, hortaz, aspergarria dela besterentzat baina ederra norberarentzat. Badakizu emakumeak bere bigarren izatea ohi duela senarra; eta, beraz, Felix eta Gertruderi dagokienean, bien ondasun komuna izango da alaitasuna.»

        «Gertrude ere oso alaia izan da beti,» esan zuen Wentworth jaunak, arrazoibide horri jarraitzen ahaleginduz.

        Robert Acton, eskuak sakeletik atera eta Baronesaren ondoraxeago joan zen. «Behin ezagututa gero, irabazi egiten duzula diozu,» esan zion baronesari. «Irabazi, zu ezagutzen zaituenak irabazten du.»

        «Eta zer irabazi duzu zuk?» galdetu zion Eugeniak.

        «Jakinduria handia.»

        «Onura eztabaidagarria da hori lehendik hain jakintsu den gizonarentzat!»

        Actonek ezetz egin zuen buruaz. «Ez, ni inozo galanta nintzen zu ezagutu aurretik!»

        «Eta inozo izanik egin duzu nire ezaupidea? Konplimendu polita egiten didazu!»

        «Utz iezadazu jarraitzen,» esan zion Actonek, barrez. «Espero dut, gu guztion atseginerako, zure nebaren ezkontzak hemen geraraziko zaituela.»

        «Nola geraraziko nau nebaren ezkontzak, neronenak ere ez ninduke-eta geraraziko?» galdetu zion baronesak.

        «Batera zein bestera, zergatik ez zinateke geratuko, noiz eta, orain, esaten duzunez, Europara lotzen zintuen lokarri mekaniko hori askatu duzunean?»

        Baronesa begira geratu zitzaion pixka batean. «Esaten dudanez? Badirudi duda egiten duzula.»

        «A!» esan zion Actonek, begirada itzultzen ziola, «nire lehengo inozokeriaren hondar bat da hori! Baina beste erakargarri batzuk ere baditugu,» erantsi zuen. «Beste ezkontza bat ere izatekoak gara.»

        Baina baronesak ez zirudien aditzen zionik: tinko begiratzen zion. «Nire hitza ez da oraindaino zalantzan jarri,» esan zion.

        «Beste ezkontza bat ere izatekoak gara,» errepikatu zuen Actonek, irribarrez.

        Orduan ulertu bide zion baronesak. «Beste ezkontza bat?» Eta besteengana itzuli zen. Felix Gertruderekin zegoen solasean; Charlotte, urrutixeago, haiei begira; eta Brand jauna, beste izkina batean zegoen, bizkarrez, eskuak jaka-hegalen azpian sartu eta bere buru handia alde batera okerturik, ilargi-goraren zati nimiño sotilari begira. «Brand jaunaren eta Charlotteren artekoa izan beharko luke,» esan zuen Eugeniak; «baina ez du itxurarik.»

        «Hor,» erantzun zion Actonek, «kontrako faktoreak hartu behar dira kontuan. Eta ematen duen baino gehiago dago. Espero dut egun hauetako batean gertatuko dela elkarketa hori; baina ez nintzen horretaz ari.»

        «Beno,» esan zuen baronesak, «neure maitaleak zein diren inoiz ez dut asmatzen eta, nola asmatuko ditut besteenak!»

        Actonek algara egin zuen, eta zerbait eransteko puntuan zegoela, Wentworth jauna hurbildu zen ilobarengana. «Jakin ezazu,» esan zion agureak ilobari, une bateko pozaldiari amore emanez, «beste ezkontza baten asmoa ere badela gure lagunarte txikian.»

        «Horixe esaten ari nintzaion baronesari,» esan zuen Actonek.

        «Acton jauna bere ezkontza jakinaraztera zihoakidan, antza,» esan zuen Eugeniak.

        Wentworth jaunaren pozaldia areagotu egin zen. «Ez da hori; baina familiakoa da ezkontza. Cliffordek, gaur goizean, Brand jaunak Gertrude ezkontzaren uztarriaz lotzeko desira azaldu duela jakin duenean, egokiera baliatu du, eta pentsatu du bideak egitea Lizzie eta berarentzat ere gure lagun onak horrelako beste zeremonia bat egin dezan.»

        Baronesak burua atzera bota eta irribarre egin zion osabari; eta gero, are irribarre distiratsuagoz Robert Actonengana itzuli eta «Oso ergela izan behar dut horretaz konturatu ez izateko!» esan zuen. Actonek bere botetara beheratu zituen begiak, beraren esperimentuak arrazoizko mugak agian iritsirik izango zituela pentsatu balu bezala, eta Eugeniak ez zuen pixka batean ezer esan. Kolpe gogorra izan zen, izan ere, eta bere onera etortzeko denbora behar zuen. Baina, hala ere, azkar asko etorri zen. «Eta non da bikotea?» galdetu zuen.

        «Nire amarekin arratsa pasatzen dira.»

        «Ez al da ustekabe handi samarra?»

        Actonek begiak altxatu zituen. «Oso ustekabe handia. Elkar hartze bat bazuten, nahiz adierazi gabea; baina badirudi Cliffordek egun baten edo biren buruan afera azkartzeko eragin misteriotsuren bat izan duela.»

        «Eragina,» esan zuen baronesak, «zure arreba politaren xarmena izango zuen.»

        «Nire arrebaren xarmak, ordea, ez dira gaurkoak; Cliffordek betidanik ezagutzen du Lizzie.» Acton esperimentuan hasia zen berriro.

        Oraingoan, ordea, garbi zegoen baronesak ez ziola lagunduko. «Ez dago jakiterik! Clifford oso gaztea da. Baina oso mutil atsegina.»

        «Mutil jatorra da, eta gizon aberatsa izango da.» Hori zen Actonen azken esperimentua; Madame Münster beste aldera itzuli zen.

        Baronesak bisita labur bat besterik ez zuen egin, eta gero Felixek eraman zuen etxera. Saloi txikian sartu eta ia zuzenean tximinia gaineko ispilura joan zen baronesa, eta kandela jaso eta ispilura begira egon zen. «Ez dut itxarongo zu ezkondu arte,» esan zion nebari. «Bihar hasiko da neskamea gauzak biltzen.»

        «Arreba maitea,» esan zion Felixek, «berehalaxe ezkonduko gara! Brand jauna ez dago batere lasai.»

        Eugeniak, ordea, kandela eskuan zuela itzuli eta saloitxoko pitxileria, errezela eta kojinei begiratzea besterik ez zuen egin. «Biltzen hasiko da neskamea,» esan zuen berriro. «Bonté divine, hau zaborreria! Batetik bestera dabilen antzezlaria dirudit; hauek dira nire "ondasun" guztia».

        «Amaitu al da antzerkia, Eugenia?» galdetu zion Felixek.

        Begirada zorrotza bota zion arrebak. «Jokatu dut neure papera.»

        «Txalo handiak eraginik!» esan zion nebak.

        «Txaloak... txaloak!» xuxurlatu zuen Eugeniak. Eta barreiaturik zituen oihaletatik bi edo hiru bildu zituen. Brokadu-oihal eder haiei begiratu zien, eta, gero, «Ez dakit nola jasan ahal izan dudan!» esan zuen.

        «Jasan ezazu beste pixka batean. Gera zaitez nire ezkontzarako.»

        «Eskerrik asko; hori zure afera da. Nire aferak beste nonbait daude.»

        «Nora joan behar duzu?»

        «Alemaniara..., lehenengo ontzian.»

        «Acton jaunarekin ez ezkontzea erabaki al duzu?»

        «Errefusatu egin dut,» esan zion Eugeniak.

        Neba begira geratu zitzaion isilik. «Damu dut,» esan zion azkenean. «Baina ni oso diskretua izan naiz, eskatu zenidan bezala. Ez dut ezer esan.»

        «Jarrai, bada, mesedez, isilik,» esan zion Eugeniak.

        Felixek erreberentzia bat egin zion, serio. «Obedituko zaizu. Baina Alemanian izango duzun egoera?» jarraitu zuen.

        «Egidazu mesede: ez iezadazu gai hori aipa.»

        «Egoera aldatu zelakoan nengoela esan nahi nuen soilik.»

        «Bada, oker zaude.»

        «Baina uste nuen sinatu zenuela...»

        «Ez dut sinatu!» esan zuen baronesak.

        Felixek ez zion ahalegin gehiagorik egin, eta lehenbailehen ontziratzen lagunduko ziola hitz eman zion.

        Brand jaunak, itxura zenez, presa handia zuen bere sakrifizioa burutu eta dena ederki konpondurik utziko zuen ezkontza-bedeikapena emateko; baina harena bezain ukaezina zen Eugeniak berak espero zuen fortuna eskaini ez zion lurraldetik alde egiteko zuena ere. Egia da ez zela asko saiatu, baina ematen zuen ezen jeneralizaziora jota zuritzen zuela bere burua: kontinente probintziano hartako ekintza-baldintzak emakume benetan gorenentzako egokiak ez zirela erabakita. Mundu zaharra zen, azken finean, haien eremu naturala. Ondorio zentzudun horiek trabarik gabe praktikara eramateko Eugeniak erakutsi zuen irekitasuna bizitzako eskarmentuak malgutasun paregabea eman dion nortasun baten erakustaldi gorena besterik ez zela pentsatu zuen gure kontakizunean parte hartu duen ikusle talde txikiak. Eragin nabarmena izan zuen jarrera horrek Robert Actonengan, zeina, Eugeniaren partieraren aurreko bi egunetan, oso urduri eta erreta ibili baitzen. Baronesak osabarenean igaro zuen azken gaua, eta inoiz baino amultsuago egon zen; eta Clifford Wentworthen andregaiarengandik despeditzerakoan, antigoaleko eraztun bitxi bat hatzetik atera eta opari egin zion, oso hitz politak esan eta musu ematen ziola. Gertrudek, bera ere andregai gisa Eugeniaren eskuzabaltasun dotorearen eskerdun baitzen, miragarria iritzi zion gertaera txiki hari, eta Robert Actonek pentsatu zuen ezen horrek agian, Lizzieren neba eta begirale zen aldetik, baronesari ordainetan opari dotore bat egiteko eskubidea emango ziola. Baronesari opari dotore bat eskaini ahal izateak poz handia emango ziokeen; baina uko egin zion sentimenduak era horretara adierazteari, eta, ondorioz, askoz ere urduriago zegoen azkenerako. Ia azkeneko unean ikusi zuen baronesa: Bostonera ontziratzera joan aurreko gau beranduan.

        «Niregatik nahi nuen zu hemen gera zintezen,» esan zion. «Ez zuregatik.»

        «Ez dut hainbeste bereizten,» esan zion baronesak. «Damu dut joan behar izatea; hori da dena.»

        «Nirea baino askoz bereizkuntza sakonagoa da hori,» adierazi zion Actonek; «pozik zoazela esan nahi baitu horrek.»

        Felixek ontzian agurtu zuen arreba. «Maiz ikusiko dugu elkar hara joaten garenean,» esan zion.

        «Ez dakit,» erantzun zion baronesak. «Europa Amerika baino askoz handiagoa iruditzen zait.»

        Ondorengo egunetan ez zen Brand jaunarena izan, noski, gogo urduri bakarra; baina esan daiteke ezen gertakizunean parte zuten gazte guztien artean inor ez zela hura bezain grinatsu abaguneak eskatzen zuen maila iristeko. Gertrude Felix Youngekin irten zen aitaren etxetik. Zorionean iraun zuten, eta urrutira joan ziren. Cliffordek eta beraren emazte gazteak lagunarte txikiago batean bilatu zuten zoriona, eta Lizziek senarrarengan izan zuen eragina halakoa izan zen, ezen, harrigarria bada ere, egiaztatu egiten baitzuen Felixek Wentworth jaunari aurkeztu zion emakume argiekin harremanak izatearen eragin onuragarriaren teoria. Gertrude denboraldi batean urrun ibili zen, baina Charlotte Brand jaunarekin ezkondu zenean itzuli zen. Haien ezteietan izan zen, non ere ikusi baitzen Felixen alaitasunak ez zuela aldaketarik izan. Gero, desagertu egin zen, eta haren alaitasunaren oiartzuna, senarrarenarekin batera nahasirik, maiz iristen zen aurreko denboretako etxera. Wentworth jauna, azkenean, konturatu zen ezen hura noiz entzungo egoten zela. Eta Robert Acton, ama hil ondoren, oso neska atsegin batekin ezkondu zen.

 

 

 

© Henry James

© itzulpenarena: Irene Aldasoro

 

 

"Henry James / Europarrak" orrialde nagusia