11. ATALA

 

        Münster baronesak Acton andreari kontakizun honen aurreragoko atal batean adierazi den bisita egin zionez geroztik, bi andre haien arteko harremanak ez ziren izan ez sarriak ez estuak. Ez zen izan Acton andreak Madame Münsterren xarmak balioetsi ez zituelako; aitzitik, garbi asko hauteman zituen bisitari distiratsuaren manera dotoreak eta hizketa jasoa. Acton andrea, Bostonen esaten duten bezala, oso «minbera» zen, eta inpresioak gehiegizkoak gerta zekizkiokeen. Haren osasun egoerak emozioak eragoztea eskatzen zuen; eta hori zela eta, bere besaulki eternalean eseririk, oso bisitari gutxi hartzen zuela zegoenez —nahiz eta bisitariak bertakoak eta oso neurritsuak izan—, mugatu egin behar izan zituen historiako garai mugituenei buruz irakurria zuen guztia irudimenera —eta irudimen miresgarria zuen Acton andreak— ekartzen zioten jantziak eta manerak zituen andrearen ikustaldiak. Baina bidali zion baronesari antigoaleko xarmaz idatzitako mezu ugari, jardineko lorez osatutako sorta ugari, eta fruta ederrak saskika. Felixek fruta jan, eta baronesak loreak antolatu eta saskiak eta mezuak itzuli zituen. Aipatu den igande euritsuaren ondorengo egunean, Eugeniak elbarri ongileari «une visite d'adieux» egitera joatea erabaki zuen, horrela iritzi baitzion berak bere baitan egitasmoari. Esan beharko litzateke ezen baronesak ez zuela ez igande arratsean ez astelehen goizean Robert Actonengandik espero zuen bisita izan. Actonek, bistan zenez, «aparte egotea» erabaki zuen; eta baronesa, berriz, osabaren etxetik aparte zebilenez —Felix izan zen, egunetan, haren desenkusak eta gainerakoen damuak inolako eragozpenik gabe garraiatu zituena—, halabeharrak ezin izan zituen patuaren kartak banatu. Wentworth jaunak eta alabek errespetatu egin zuten Eugeniaren itxialdia; erretiroaldi misteriotsu batzuk egitea, harena bezalako bizimodu bezeri batek berezkoa duen ibilbide dotore erritmikoaren alderdi bat bezala ikusten zuten. Batez ere Gertrudek ohore handitan zeuzkan aldi haiek; Madame Münsterrek halakoetan zer egiten ote zuen pentsatzen egoten zen, baina ez zitzaiokeen ondo irudituko jakin-min gehiegiz galdezka hastea.

        Euritzak giroa freskaturik zuen, eta hamabi orduko eguzki argitsuak bideak lehorturik. Baronesak, bada, arratsalde beranduan Acton andrearen etxerako asmoa hartu zuenean, ez zuen bere burua zailtasun handien arriskuan jarri. Pauso uhinkari xarmagarrian, bide bazter txukun, belarrez estalian aurrera, fruta-arbolen adar abailduen azpitik zihoala, orduaren eta ingurunearen lasaitasuna eta udaren heldutasun betea lagun, halako malenkonia oparo bat ere sentitzen zuela konturatu zen. Baronesak tokietara lotzeko ahultasun gaizgabea zuen, hasieran toki horiei higuin pixka bat izan bazien ere. Eta, orain, partiera aurreikusten zuela, samurtasuna sentitzen zuen mendebaldeko bazter basotsu harenganako, non ere hain ederrak baitziren eguzki-sarrerak eta hain garbiak jendearen anbizioak. Acton andrea prest zuen errezibitzeko, baina haren gela handi perfumatu berrira sartzean, baronesak oso itxura gaixoa hartu zion andreari. Oso aurpegi zuri eta gardena zuen, eta besaulki loratuan jarririk, ez zuen batere mugitzekorik egin. Baina pixka bat lotsagorritu egin zen —neskatila bat bezala, pentsatu zuen baronesak— eta bere begi argi irribarretsuak bisitariaren begietan pausatu zituen. Ahots apala eta monotonoa zuen, inoiz giza grinarik adierazi ez duen ahots baten gisakoa.

        «Adio esatera etorri naiz,» esan zion Eugeniak. «Aurki joango naiz hemendik.»

        «Noiz joan behar duzu?»

        «Laster, edozein egunetan.»

        «Damu handia dut,» esan zion Acton andreak. «Betiko hemen geratuko zinen itxaropena nuen.»

        «Betiko?» galdetu zion Eugeniak.

        «Zera, denbora luzerako, esan nahi nuen,» esan zuen Acton andreak, bere tonu goxo ahulean. «Oso eroso zaudela esan didate, oso etxetxo polita duzula.»

        Eugenia begira-begira geratu zitzaion, hau da, irribarre egin zion. Bere borda txiki kaskarra gogora ekarri eta anfitrioia txantxetan ari ote zitzaion pentsatu zuen.

        «Bai, oso fina da nire etxea,» esan zion; «zurearekin konparatzerik ez badago ere.»

        «Eta nire semea hain pozik joaten da zu ikustera!» erantsi zuen Acton andreak. «Beldur naiz zure minez ez ote den geratuko.»

        «Andre maitea,» esan zion Eugeniak, algaratxo bat eginez, «ezin geratuko naiz Amerikan zure semeagatik!»

        «Ez al duzu gogoko Amerika?»

        Baronesak bere soinekoaren aurrealdeari begiratu zion «Gogoko banu..., hori ez litzateke zure semearengatik geratzea izango!»

        Acton andrea begira geratu zitzaion, bere begi gozo itzaltsuak tinko, ondo ulertu ez balu bezala. Baronesak azkenean halako zer sumingarri bat sumatu zuen anfitrioiaren begirada gozo samurrean. Eta gaixo larriekin errukiorra izan beharragatik izan ez balitz, andre hari —mentalki— inozo irizteko eskudantzia ere hartuko zukeen ia. «Ez zaitut, hortaz, gehiago ikusiko, tamalez», esan zion Acton andreak. «Badakizu hil zorian nagoela.»

        «Andre maitea,» xuxurlatu zuen Eugeniak.

        «Seme-alabak pozik eta zoriontsu utzi nahi nituzke. Alaba, ziurrenera, lehengusuarekin ezkonduko da.»

        «Bi gazte oso interesgarri!» esan zuen baronesak zehazgabe. Ez zuen Clifford Wentworthengan pentsatzen.

        «Oso lasai nago azken ordurako,» jarraitu zuen Acton andreak. «Aise datorkit, oso ziur.» Eta isildu egin zen, Eugeniari samurki begiratzeari utzi gabe.

        Baronesak ez zuen batere gogoko inork heriotza gogoraz ziezaion; baina, nahiz Acton andrearen kasuan hain hurren izan, manera onak gorde zituen. «Oso gaixo maitagarria zara, andrea,» erantzun zion.

        Baina erantzunaren finezak ez zuen, nonbait, oihartzunik eragin anfitrioiarengan, zeinak, ahots apalez, honela jarraitu baitzuen arrazoiak ematen, «Seme-alabak pozik eta gogara utzi nahi ditut. Denok oso zoriontsu zaretela iruditzen zait, orain zaudeten bezala. Nahiago nuke, beraz, geratuko bazina. Oso atsegin izango luke Robertek.»

        Robertek atsegin izango zukeelakoak zer esan nahi ote zuen pentsatu zuen Eugeniak; baina iruditu zitzaion ezen hura bezalako emakume batek zer esan nahi zuen ez zuela inoiz asmatuko. Zutitu egin zen; beldur zen Acton andreak hil zorian zegoela esango ote zion berriz ere. «Adio, andre maitea,» esan zion. «Ez zaitut nekatu nahi.»

        Acton andreak Eugeniaren eskua hartu eta eduki egin zuen une batean. «Zoriontsu izan zara hemen, ezta? Eta atsegin gaituzu denok, ezta? Nahiago nuke geratuko bazina,» gehitu zuen, «zure etxetxo politean.»

        Neskamea irteeran izango zuela esan zion Acton andreak Eugeniari, behera lagun ziezaion; baina gelaren aurreko korridore zabalean ez zen inor, eta Eugenia han gelditu zen ingurura begira. Sumina sentitu zuen; hiltamuan zen andreak ez zuen «la main heureuse». Eskaileretan behera abiatu zen astiro, ingurura begiratzeari utzi gabe. Eskailera zabalak bihurgune handi bat egiten zuen, eta angeluan leiho garai bat zegoen, mendebaldera begira, eta aska sakon bat leihoan, txinatar portzelanazko lorontzi urdin zahar bitxietan landare loredunak ilaran zituela. Loreen artetik sartu eta ñir-ñirtxo bat egiten zuen arratsaldeko argi horiak zurezko horma-oin zurietan. Eugenia gelditu egin zen pixka batean. Etxea isil-isilik zegoen, erloju handi batek nonbait egiten zuen tik-tak hotsa kenduta. Eskaileraren barrenean etxeko sarrera ageri zen, ekialdeko alfonbra handi batek erdi estalia. Eugeniak itxaron egin zuen beste pixka batean, eta gauza franko hauteman zuen. «Comme c'est bien!» esan zuen bere artean. Etxeak oso oinarri zabalak, sendoak eta akasgabeak erakusten zituela iruditu baitzitzaion bizitzeko. Eta pentsatu zuen Acton andrea berehala desagertuko zela handik. Pentsamendu hori lagun zuela egin zuen handik beherainoko bidea, eta, behera iritsi zenean, berriro gelditu eta begira jarraitu zuen. Sarrera oso handia zen, eta etxearen aurreko atearen alde banatara leiho zabal bat zegoen, sakonera handikoa, gauza guztiei etxe barrura errainu eragiten ziela. Aulki bizkar-luze batzuk zeuden hormaren kontra, eta ekialdeko pegar handi batzuk mahai gainetan, eta, alde bakoitzean, armairu bat, aurrealdea kristalezkoa, barruan bitxi txikiak arinki diz-diz zituela. Ateak zabalik zeuden, nola saloi ilundurakoa, hala liburutegirakoa eta jangelarakoa. Ez zirudien gela horietan inor zegoenik. Eugeniak aurrera egin zuen, ate guztietan geldialditxo bat eginez. «Comme c'est bien!» xuxurlatu zuen berriro; horrelakoxe etxe batean pentsatu zuen, hain zuzen, Amerikara etortzea erabaki zuenean. Baronesak berak zabaldu zuen etxeko aurreko atea —Eugeniaren ibilera isilak ez zuen zerbitzaririk erakarri— eta azken begirada bat bota zuen atetik. Kanpora irten zenean, ikusmirarako gogoak jarraitzen zuen artean; eta, hala, zuzenean bidetik aurrera irteerako atera jo ordez, astiro-astiro jardin aldera hartu zuen, etxearen eskuin aldetik. Belar gainean metro asko egin baino lehen gelditu zen, ordea, bat-batean; gizonezko bat hauteman zuen belar bigunetan etzanda, arbola baten azpian. Gizonezkoak ez zuen baronesa hurbiltzen entzun, eta geldi-geldi zegoen, ahoz gora, luze-luze etzanda, eskuak buruaren azpian gurutzaturik, zerura begira. Nor izan ote zitekeen pentsatzeko astia izan zuen, beraz, baronesak. Azkenaldian buruan maiz zerabilen pertsona zen, baina baronesaren lehen bultzada, hala ere, jiratzekoa izan zen; Robert Actonen bila zebilen itxura ematea zen gutxien desiratzen zuena. Belar gaineko gizonezkoak, ordea, ez zion erabakia hartzeko astirik eman; ezin zitekeen luzaroan egon hain presentzia atseginaz ohartu gabe. Begiak itzuli eta tinko begira jarri zen, eta harridurazko esapide bat jaulki eta jauzi batez zutitu zen. Hala geratu zen pixka batean, baronesari begira.

        «Barka iezadazu jarrera itxuragabe hau,» esan zion

        «Oraintxe ez dut itxuragabekeriaren zentzurik. Baina zuk baldin baduzu ere, ez pentsa zu ikustera etorri naizenik.»

        «Kontuz gero,» erantzun zion Actonek, «zer ulertarazten didazun! Zugan pentsatzen nengoen!»

        «Beste zereginik ez duenaren eginkizuna!» esan zion baronesak. «Jarrera horretan emakume batengan pentsatzen egotea ez da konplimendua.»

        «Ondo pentsatzen ari nintzenik ez dut esan!» adierazi zion Actonek, irribarrez.

        Actoni begirada bat bota eta beste aldera jiratu zen baronesa. «Zu ikusteagatik etorri ez banaiz ere,» esan zuen «konturatuko zara, behintzat, zure barrutian nagoela.»

        «Eta oso pozten naiz; ohore bat da niretzat! Ez al duzu barrura sartu nahi?»

        «Oraintxe irten naiz, zure amari bisita eginda. Adio esatera etorri natzaio.»

        «Adio esatera?» galdetu zion Actonek.

        «Banoa hemendik,» esan zion baronesak. Eta beste aldera jiratu zen berriro, esan zuena irudiztatzeko bezala.

        «Noiz zoaz, bada?» galdetu zion Actonek, eta Acton ez zen, pixka batean, zegoen lekutik mugitu. Baina baronesak ez zion erantzun eta andrearen atzetik abiatu zen.

        «Jardina ikusteagatik etorri naiz alde honetara,» esan zion baronesak, eta, belarretatik, irteerako ate aldera hartu zuen. «Baina orain joan egin behar dut.»

        «Utz iezadazu laguntzen, behintzat.» Lagundu egin zion Actonek, eta hitzik egin gabe joan ziren irteerako ateraino. Atea zabalik zegoen, eta bidera begira geratu ziren. Zuhaixka-sasien itzal luzeek ilundurik zegoen bidea. «Etxera joan behar al duzu zuzenean?» galdetu zion Actonek.

        Baina baronesak ez zion erantzun. Handik pixka batera, esan zion, «Zergatik ez zara ni ikustera etorri?» Actonek ez zuen ezer esan, eta baronesak jarraitu zuen, «Zergatik ez didazu erantzuten?»

        «Erantzun bat asmatzeko ahaleginetan ari naiz,» aitortu zuen Actonek.

        «Ez al duzu aurrez prestatutakorik?»

        «Zuri emateko modukorik, bat ere ez,» esan zion Actonek. «Baina orain utz iezadazu etxeraino laguntzen.»

        «Nahi duzun bezala.»

        Astiro, baronesak bideari ekin zion, eta harekin batera joan zen Acton. Halako batean hala esan zion Actonek, «Neure nahia egin izan banu, behin baino gehiagotan joango nintzen zu ikustera.»

        «Asmatua al da hori?» galdetu zion Eugeniak.

        «Ez, hori egia da. Joan ez banaiz, zeragatik izan da...»

        «Hara! Badator, beraz, zergatia!»

        «Zugan pentsatu nahi nuelako.»

        «Etzanda egon nahi zenuelako!» esan zion baronesak. «Ikusi izan zaitut etzanda —edo ia— nire saloian.»

        Acton gelditu egin zen bidean, baronesari ere pixka batean itxaroteko eskatu nahi balio bezalako jarreran. Gelditu egin zen baronesa, eta Acton begira geratu zitzaion; oso xarmagarria iritzi zion. «Txantxetan ari zara,» esan zion; «baina bazoazela egia bada, gauza serioa izango da.»

        «Geratzen banaiz,» eta algaratxo bat egin zuen baronesak, «are serioagoa izango da!»

        «Noiz zoaz?»

        «Ahal bezain laster.»

        «Zergatik baina?»

        «Eta zergatik geratu behar dut?»

        «Denok oso miresten zaitugulako.»

        «Hori ez da arrazoia. Europan ere miresten naute.» Eta etxe aldera ibiltzen hasi zen berriro.

        «Zer esan nezake gera zaitezen?» galdetu zion Actonek. Ez zuen Eugeniak alde egiterik nahi, eta egia zen astebete osoa harengan pentsatzen egon zela. Baronesaz maitemindurik zegoen; hori bazekien, edo hori uste zuen behintzat; arazo bakar bat zuen: ez zekien baronesaz fio ote zitekeen.

        «Zer esan zenezakeen gera nadin?» errepikatu zuen baronesak. «Joateko irrikaz nagoenez, ez zait esatea komeni. Eta, gainera, ez zait ezer bururatzen.»

        Actonek baronesarekin jarraitu zuen isilik. Ematen zuen baino gehiago erasan zion andreak esan zionak. Newportetik itzuli zen arrats hartaz geroztik, baronesaren irudiak ez zion bakerik eman. Clifford Wentworthek esandakoak ere eragin zion, kontrako zentzuan; baina hark ere ez zuen askatu adimena urduritzen zion lilura gogaikarri hartatik. «Ez da emakume egiatia, ez da emakume egiatia,» murmurikatzen zuen etengabe Actonek bere artean. Hori aritu zitzaion esaten udako zeruari, hamar minutu lehenago. Zoritxarrez, ezin zuen ziurtasun osoz eta erabatekoz esan; eta, orain, baronesa ondoan zeukala, harriagarria bazen ere, gutxi axola zion. «Gezurra esaten duen emakume bat da,» esan izan zion Actonek bere buruari. Orain, ibiltzen zihoala, horretaz oroitu zen; baina orain ez zion ematen lehen hainbesteko beldurrik. Nahiago zukeen baronesari gezur bat esanarazi eta, gero, gezur hura aitorrarazi ahal balio, bere buruak nola erantzuten zuen ikusteko. Horretan pentsatzen joan zen baronesaren ondoan, baronesak duintasun airos dotorez aurrera egiten zuen bitartean. Baronesarekin eserita egon izan zen lehenago; harekin zalgurdian ibili ere bai; baina harekin oinez ez zen inoiz paseatu.

        «Bai comme il faut dela emakume hau!» pentsatu zuen Actonek, aldamenetik aztertzen zuela. Sagastiko landetxera heldu zirenean, baronesak Actoni sartzeko esan gabe igaro zuen sarratea; baina Acton gelditu zenean, baronesa jiratu egin zen hari gabonak emateko.

        «Lehengo gauean galdera bat egin nizun eta oraindik ez didazu erantzun,» esan zion Actonek. «Bidali al duzu... aske utziko zaituen dokumentu hori?»

        Baronesak duda egin zuen unetxo batean, naturaltasun handiz. Gero, «Bai» esan zuen soil-soilik.

        Acton itzuli egin zen; bila zebilen gezurra hura izan ote zitekeen pentsatu zuen. Nolanahi ere, arrats hartan bertan ikusi zuen berriro baronesa, baronesa osabarenean agertu baitzen. Hitz gutxi egin zuten, ordea. Bi jaun ziren Bostondik etorriak, zaldi bakarreko gurdi arin batean, Wentworth jaunari eta alabei ikustaldi bat egitera, eta bi bisitariek Madame Münsterrengan jarririk zuten arreta guztia. Bietako batek, egia esan, ez zion hitzik egiten; seriotasun handiz begiratu besterik ez zuen egiten, eta, baronesak adierazpen bat egiten zuen bakoitzean, solemneki aurrerantz makurtu eta belarria (oso belarri handia) luzatzen zuen, gorra balego bezala. Bistan zen hunkiturik zeukatela baronesaren zorigaizto eta ezbeharrek; ez zuen irribarrerik ere egiten. Haren lagunak, berriz, jarrera alaiago eta lasaiago bat zuen hartua; Madame Münsterrengandik ahalik eta hurbilen eseririk, hari hizpidea ematen saiatzen zen, eta gai berri bat ateratzen zuen uneoro. Eugeniak ohi baino bizitasun gutxiago erakusten zuen, eta solaskideak haren entzute handiagatik espero zuen baino zer esan gutxiago zeukan nola Europako hala Amerikako erakundeen merezimenduen gainean. Edozein moduz, heldugaitz jarraitu zuen Robert Actonentzat, eta Acton lorioan hara-hona ibili zen eskuak sakelean sartuta, Bostondik etorritako zalgurdiaren karraska-hotsa alboko atean noiz entzungo. Baina alferrik itxaron zuen, eta azkenerako pazientzia galdu zuen. Arreba hurbildu zitzaion eta etxera eraman zezala eskatu zion, eta, orduan, harekin alde egin zuen. Eugeniak Lizzierekin etxetik joaten ikusi zuen; eta horrek indartu egin bide zion Eugeniari, zegoen aldartean egonda, Actonek dohain baliotsu bat baino gehiago zuelako uste sumingarria. «Neskatila mal-élevée horrek ere,» pentsatu zuen, «nahi duena eginarazten dio.»

        Loriora ematen zuten beirate luzeetako baten ondo-ondoan eserita zegoen Eugenia; baina, Actonek alde egin eta berehalaxe, ustekabean zutitu zen, Bostongo jaun hiztuna hiri hartako «tonu morala» nolakoa iruditzen zitzaion galdetzen ari zitzaion une berean. Lorioan Clifford Wentworthekin egin zuen topo, hura etxearen beste aldetik zetorrela. Gelditu egin zuen; berarekin hitz egin nahi zuela esan zion.

        «Zergatik ez duzu etxera eraman lehengusua?» galdetu zion.

        Clifford begira geratu zitzaion. «Robertek eraman du,» esan zion mutilak.

        «Horrexegatik. Gehienetan ez diozu ardura hori hari uzten.»

        «A!» esan zuen Cliffordek. «Horrako horiek zalgurdian nola abiatzen diren ikusi nahi dut. Ez dakite gidatzen.»

        «Ez da, hortaz, lehengusuarekin haserre-edo zaudelako?»

        Clifford pentsatzen egon zen une batean, eta, gero, baronesari harrigarria iruditzen zitzaion xalotasunez, «Ez, ez, adiskidetu gara!» esan zuen.

        Baronesa begira geratu zitzaion. Clifford, ordea, hasia zen baronesaren begiradei beldur izaten, eta haien helmenetik itzuri egiten saiatu zen. «Zergatik ez zara jada ni ikustera etortzen?» galdetu zion baronesak. «Gaitz egin al dizut zerbaitetan?»

        «Gaitz? Ez, ez dut uste!» esan zion Cliffordek, barrez.

        «Zergatik ez zara etorri, hortaz?»

        «Bada, atzeko gela hartan itxita geratzeko beldur naizelako.»

        Eugenia begirik kendu gabe zegokion. «Gogoko izan behar zenukeela uste izango nukeen.»

        «Gogoko?» esan zuen Cliffordek.

        «Nik gogoko izango nuke, emakume xarmant bat bisitatzera joaten den mutil gazte bat banintz.»

        «Emakume xarmant batek ez dit asko balio, atzeko gela hartan itxita banago.»

        «Bestela ere, ez dut uste oso baliagarria natzaizunik!» esan zion Madame Münsterrek. «Baina badakizu eskaini dudala neure burua.»

        «Beno,» adierazi zuen Cliffordek erantzun modura, «hor dator zalgurdia.»

        «Utz iezaiozu zalgurdiari. Ba al dakizu banoala?»

        «Zer esan nahi duzu? Orain?»

        «Hemendik egun batzuetara, esan nahi dut. Banoa hemendik.»

        «Atzera Europara itzuli behar al duzu?»

        «Europara, bai, ni bisitatzera joan behar duzun lekura.»

        «Joango naiz, bai,» esan zion Cliffordek.

        «Baina hori baino lehen,» adierazi zuen Eugeniak, «hemen bisitatu behar nauzu.»

        «Beno, baina ez naiz atzeko gela hartan sartuko!» erantzun zion ahaide gazte xaloak.

        Baronesa isilik egon zen une batean. «Ez, agerian etorri behar duzu, gordekeriarik gabe. Askoz hobe izango da horrela. Orain konturatzen naiz.»

        «Hemen da!» esan zuen Cliffordek. Eta handik pixka batera, «Zer gertatzen zaio zalgurdi horri?» Clifforden belarri zailduak naturala ez zen kirrinka bat entzun zuen, antza, loriora ekarri zuten ibilgailu arinaren gurpiletan, eta lasterka joan zen anomalia larri hura ikertzera.

        Baronesa oinez joan zen etxera, bakarrik, izarren argitan, bere buruari galdera bat egiten ziola. Posible ote zen berak ezer izabazi ez izatea? Posible ote zen berak ezer irabazi ez izatea?

        Gertrude Wentworthek isilik parte hartu zuen Bostongo bi jaunen inguruan bildu zen taldean. Bisitariak ez zitzaizkion axola; Madame Münsterri erreparatzen zion, beti bezala. Bazekien Eugeniari ere ez zitzaizkiola axola, asperturik zegoela hura ere; eta Gertrudek jakin nahi zukeena —eta horretara jarria zegoen buru-belarri— zera zen: ea nola moldatzen ote zen Eugenia, axola gabe eta arreta beste nonbait zuela egonik ere, hain manera xarmagarriak izateko. Haiek ziren Gertrudek beretzat nahi zituzkeen manerak; landu egingo zituela erabaki zuen, eta aurrerantzean —bere buruari xarma emateko— sarritan aspertu ahal izatea desiratzen zuen. Gertrude azterketa horietan ari zen bitartean, Felix Young Charlotteren bila zebilen, hari hitz bat esateko. Aspalditxotik zebilen Charlotteri hitz bat esan nahian, eta, arrats hartan, harekin elkarrizketa berezi bat izateko gogoak goia hartu zion: desira bizi zoragarri bat piztu zitzaion. Etxearen beheko solairu zabaleko gela hutsak korritzen ibili zen, eta, azkenean, gela txiki batean aurkitu zuen: Wentworth jaunaren «bulegoa» —oso arrazoi garbirik gabe baina— esaten zitzaion gelan. Oso gela garbia eta ondo txukundua zen. Lege-liburu bilduma bat zegoen, ardi-larruzko azalak denborak belztuak, hormetako batean; Estatu Batuetako mapa handi bat beste batean, albo banatan Rafaelen Madonnetako baten altzairuzko irarlan zahar bat zuela; eta tximeleta eta kakalardo espezieak zituzten kristalezko kaxa batzuk hirugarrenean. Charlotte lanpara baten ondoan eserita zegoen, txapin bat bordatzen. Felixek ez zion galdetu norentzat zen txapina; oso txapin handia zela ikusi zuen.

        Aulki bat inguratu eta Charlotteren ondoan eseri zen, irribarretsu, beti bezala, baina, lehenengotik, ez zuen ezer esan. Charlotte begira geratu zitzaion, orratza eskuan geldi zuela, Felix hurbiltzen zitzaion guztietan agertzen zuen halako aire lotsati eta dardarati batez. Zerbaitegatik, umiltzera eta lotsatzera egiten zuen Felixen aurrean. Aukeran eman izan baliote, Felixekin bakarka egon beharrik ez izatea aukeratuko zukeen; eta, izan ere, Felixi oso pertsona argia, bikaina eta asmo onekoa irizten bazion ere, Felixek susmatu baino tentu eta dardara handiagoak erabili zituen Charlottek harekin tête-à-tête baten arriskuari itzulinguru egiteko. Charlotte gaixoak ez ziokeen eman ahal izango ez bere buruari ez ahaide atzerritarrari bidegabekeria ez zirudikeen azalpenik; bakarrik, zera esan zezakeen —edo hobeto esan, ez zukeen inoiz esango—: une hartantxe ez zuela gizonen lagunartean egoteko gogo handirik. Eta ez zen lasaitu, beraz, Felix, hitzak halako mirespen batez indartzen zituela, hizketan hasi zitzaionean, «Lehengusu maitea, poz handia ematen dit bakarrik zaudela ikusteak.»

        «Askotan egoten naiz bakarrik,» adierazi zion Charlottek. Eta berehalaxe gaineratu zuen, «Horrekin ez dut esan nahi bakarrik sentitzen naizenik!»

        «Zu bezalako emakume argia ez da inoiz bakarrik sentitzen,» esan zion Felixek. «Esku artean duzun lan zoragarri horrek egiten dizu lagun.» Eta Felixek txapin handiari begiratu zion.

        «Gogoko dut lan egitea,» aitortu zuen Charlottek soiltasunez.

        «Baita nik ere!» esan zion solaskideak. «Eta ezer egin gabe egotea ere gogoko dut. Baina ez naiz etorri zuregana ezer egin gabe egoteagatik. Oso pertsonala den gauza bat esan nahi dizut.»

        «Bada,» xuxurlatu zuen Charlottek; «nola ez, esan beharrekoa bada...»

        «Lehengusu maitea,» esan zion Felixek, «ez da andereño batek entzun ezinezkorik. Ez dut uste, behintzat. Baina voyons; zerorrek juzkatuko duzu. Oso maitemindurik nago.»

        «Hara, Felix,» hasi zen Wentworth andereñoa oso serio. Baina seriotasun hark berak etenda bezala, garatu gabe geratu zen esaldia.

        «Zure ahizpaz maitemindurik nago; baina maitemindurik, Charlotte! Maitemindurik!» jarraitu zuen mutilak. Charlotek magalean utzirik zuen eskulana, eta eskuak haren gainean estu-estu gurutzaturik zituen; alfonbrari begiratzen zion. «Labur esanda, maitemindurik nago, andereño maitea,» esan zion Felixek. «Eta zuk laguntzea nahi nuke.»

        «Nik laguntzea?» galdetu zion Charlottek, dardaraz.

        «Ez dut Gertruderengatik esaten; Gertrudek eta biok oso ondo ulertzen dugu elkar; eta nola ulertzen nauela, gainera! Zure aitarengatik, eta, oro har, mundu guztiarengatik esaten dut, Brand jauna ere barne dela.»

        «Brand jaun gizajoa!» esan zuen Charlottek astiro, baina halako xalotasunez, ezen Felixek garbi ikusi baitzuen ministro gazteak ez ziola Wentworth andereñoari arestian bien artean izandako elkarrizketa aipatu.

        «Ez, mesedez, ez iezaiozu Brand jaunari «gizajoa» esan! Brand jaunak ez dit batere penarik ematen. Zure aitak ematen dit pena pixka bat, eta ez dut hura nahigabetu nahi. Horregatik eskatzen dizut egin dezazula nire alde. Ez zaizu narraskeria irudituko, ez?»

        «Narraskeria?» esan zuen Charlottek apalki, haren iritzirako giza ezaugarri dotore eta finenen irudi baitzen Felixek.

        «Ez dizut itxuragatik esaten,» erantzun zion Felixek, barrez, zeren eta botei begira baitzegokion Charlotte. «Nire jokabideagatik diot. Abegi onaz abusatzea dela ez zaizu irudituko, ez?»

        «Zer... Gertruderengatik arduratzea?» galdetu zion Charlottek.

        «Nire sentimenduak azaldu izatea. Zeren eta nire sentimenduak azaldu baitizkiot, Charlotte; egia osoa esaten dizut: horixe egin dut! Gertruderekin ezkondu nahi dut, jakina, eta hor dago arazoa. Ahal izan dudan arte isilik eutsi diot; baina hain liluragarria da Gertrude! Izaki bitxi bat da, Charlotte. Uste dut ez duzula ondo ezagutzen.» Charlottek bordatze-lana eskuetan hartu zuen berriro, baina berehalaxe utzi zuen atzera. «Badakit zure aitak helburu garaiagoak zituela,» jarraitu zuen Felixek; «eta uste dut zu ere harekin zeundela. Gertrude Brand jaunarekin ezkondu nahi zenutela.»

        «Ez, ez,» esan zuen Charlottek kementsu. «Brand jaunak mirespen handia izan dio beti. Baina guk ez dugu horrelakorik egin nahi izan.»

        Felixek tinko begiratu zion. «Baina ezkontza zen proposatzen zenutena, ez?»

        «Bai, baina ez genuen behartu nahi.»

        «A la bonne heure! Oso arriskutsua da hori, badakizu? Ezkontza konpondu horiek arazo beltzak ekartzen dituzte maiz.»

        «Ez, Felix,» esan zion Charlottek, «guk ez genuen ezkontza «konpondu» nahi.»

        «Pozten nau hori entzuteak. Zeren eta horrelakoetan —emakumea guztiz zintzoa denean ere— ezin egon izaten da ordain bat bilatu gabe. Agertzen da gizon atsegin bat eta... voilà!» Charlottek lurrera begira jarraitzen zuen, mutu, eta Felixek hala esan zion hurrena, «Jarrai ezazu txapinarekin. Atsegin dut zu lanean ikustea.»

        Charlotte, belaki nibirri-nabarra eskuan hartuta, arrosa biribil handi batean han-hemen puntada urdinak ematen hasi zen. «Gertrude hain... hain bitxia bada,» esan zuen, «zergatik ezkondu nahi duzu berarekin?»

        «Bada, horrexegatik, Charlotte maitea! Emakume bitxiak gogoko ditudalako; gogoko izan ditut beti. Galde Eugeniari! Eta Gertrude zoragarria da; hain gauza politak esaten ditu!»

        Charlottek begiratu egin zion —lehen aldiz, esateko moduan—, esan nahi zuena ondo markatu beharrez bezala. «Eragin handia duzu zuk Gertruderengan.»

        «Bai, eta ez!» esan zion Felixek. «Hasieran bai; baina orain baten eragina sei bada, bestearena dozen erdia; bi aldeetarakoa da eragina. Berak ere eragin handia du niregan; izan ere, oso kementsua da Gertrude. Uste dut ez duzula ezagutzen; izaera zoragarria da harena.»

        «Bai horixe, Felix; beti uste izan dut Gertrudek izaera zoragarria duela.»

        «Bada, orain hori uste baduzu,» esan zion mutilak, «zaude apur batean eta ikusiko duzu! Gertrude lore itxi bat da. Utz iezadadu landare nagusitik erauzten eta ikusiko duzu nola zabaltzen den. Ziur nago atsegin izango duzula ikustea.»

        «Ez dizut ulertzen,» xuxurlatu zuen Charlottek. «Ezin dizut ulertu, Felix.»

        «Beno, hau behintzat ulertuko duzu: aitari nire alde hitz egin diezaiozula erregutzen dizut. Pertsona arina irizten didalakoan nago, bohemiarra, aldakorra. Esaiozu ez naizela horrelakoa; eta inoiz izan banaiz, ahazturik dudala. Atsegin dut plazerra, bai..., baina plazer kaltegabea. Oinazea, dena bat da; baina plazerrari dagokionean, desberdintasun itzelak daude. Esaiozu Gertrude lore itxi bat dela eta ni gizon serioa naizela!»

        Charlotte aulkitik altxatu zen, eskulana astiro biltzen zuela. «Badakigu oso atsegina zarela denekin, Felix,» esan zuen. «Baina Brand jaunak pena handia ematen digu.»

        «Horixe ematen dizuela..., batez ere zuri! Zu,» erantsi zuen Felixek presaka, «emakumea baitzara. Baina niri ez dit penarik ematen. Edozein gizon pozik egongo litzateke zuk eskaintzen diozun arretarekin.»

        «Brand jaunarentzat hori ez da aski,» esan zuen Charlottek xaloki. Eta han geratu zen pixka batean geldi, baldin eta Felixek beste zerbait esaten bazuen ere, berariaz zain bezala.

        «Brand jaunak ez du ezkontzeko lehen adina gogo,» esan zion hurrena Felixek. «Beldur dio zure ahizpari. Gaiztoa dela pentsatzen hasita dago.»

        Oraingoan Charlottek erreguzko begi ederrez begiratu zion, eta Felixek malkoak ikusi zituen begi haietara igotzen. «Felix, Felix!» esan zion Charlottek, «zer egin diozu Gertruderi?»

        «Uste dut lo zegoela; eta esnatu egin dut!»

        Ikusten zenez, ordea, benetakoa zen Charlotteren nigarra, eta Charlotte bat-batean gelatik irten zen. Felixek, berriz, han zutik gogoetan geratu zenean, Charlotteren malkoekin atsegin hartzeko bihotz-gogorkeria nabarmena izan zuen.

        Gau hartan, berandu, Gertrude, isil eta serio, Felixekin elkartu zen jardinean; hitzordu gisako bat zuten. Gertrudek, ematen zuenez, gogoko zituen hitzorduak. Eskubete heliotropo moztu eta soinekoaren aurrealdean ipini zituen, baina ez zuen hitzik egin. Biak paseoan joan ziren bidexketako batetik aurrera, eta Felixek etxe karratu handi abegitsuari begiratu zion. Etxeak leiho guztiak itzaldurik zituen eta multzo zehazgabe baten itxura ageri zuen izarren argitan.

        «Kontzientzia ez daukat guztiz lasai,» esan zuen Felixek. «Ez nuke zurekin honela elkartu behar zure aitaren baimenik gabe.»

        Gertrude begira geratu zitzaion pixka batean. «Ez dizut ulertzen.»

        «Sarritan esaten duzu hori,» esan zion Felixek. «Elkar horren gutxi ulertzen dugula kontuan izanik, harrigarria da biok hain ondo konpontzea!»

        «Etorri zinenez geroztik ez dugu elkar ikustea besterik egin, eta bakarrik beti. Lehen aldiz ikusi zintudanean ere biok bakarrik ginen,» jarraitu zuen Gertrudek. «Zer alde dago orain? Ala gaua delako diozu?»

        «Aldea, Gertrude,» esan zuen Felixek, bidexkan geldituta, «hau da: orain gehiago maite zaitudala, lehen baino gehiago!» Eta han geratu ziren, hizketan, gau epelaren isiltasunean, etxe ilun itxiaren aurrean zutik. «Charlotterekin hizketan aritu naiz, zuen aitaren aurrean haren aldekotasuna erdietsi nahian. Halako perbertsio sublime bat du Charlottek; nola liteke emakumea bere burua moztera hain erabakita egotea?»

        «Begiratuegia zara,» esan zion Gertrudek; «diplomatikoegia zara.»

        «Beno,» esan zuen mutilak, «ni ez naiz hona inor nahigabetzera etorri!»

        Gertrudek inguruko iluntasun usaintsura itzuli zituen begiak. «Zuk nahi duzuna egingo dut,» esan zuen.

        «Esate baterako?» galdetu zion Felixek, irribarrez.

        «Hemendik alde egingo dut. Zuk nahi duzuna egingo dut.»

        Felixek mirespen solemnez begiratu zion. «Joango gara, bai» esan zion. «Baina, lehenik, bakeak egin behar ditugu.»

        Gertrudek ingurura begiratu zuen berriro, eta gero pasioz beterik adierazi zuen, «Zergatik ahalegintzen dira inor errudun sentiarazten? Zergatik zailtzen dituzte gauzak? Zergatik ez dute ulertzen?»

        «Nik ulertaraziko diet!» esan zion Felixek. Eta mutilak neskaren eskua bere besoan jarri zuen, eta jardinean paseatzen ibili ziren, hizketan, ordubetez.

 

 

 

© Henry James

© itzulpenarena: Irene Aldasoro

 

 

"Henry James / Europarrak" orrialde nagusia