10. ATALA

 

        Robert Acton Newportetik itzuli ondorengo lehen igandeak aldaketa ekarri zuen luzaroan bikainetik ibili zen eguraldian. Euria hasi eta eguna hoztu eta goibeldu egin zuen. Eskalapoiak jantzi eta elizara joan ziren Wentworth jauna eta alabak, eta elizara joan zen Felix Young ere, eskalapoirik gabe baina, euritako batekin Gertrude babesten zuela. Beldur izatekoa da ez ote zen pribilejio horixe, igande-gordetze guztian, Felixek gehien balioesten zuena. Baronesa etxean geratu zen; ez zegoen umore onean ez deboziozko aldartean. Nolanahi ere, baronesa ez zen izan, Estatu Batuetan egon zen denboran, jainkozko betekizunetara huts egin gabe joaten diren horietakoa; eta hasieran aipatu dudan igande goiz jakin horretan, bere saloitxoko leihoan zegoen zutik, lorioari itsatsirik zegoen arrosa-landarearen adar luze bati begira, zeinaren atal bat askaturik baitzebilen hara eta hona zabuka, astinka eta keinuka, zeru ilun lanbrotsuaren kontra. Noizbehinka, haize-bolada batek jotzean, arrosa-adarrak ur-tanta zarrastada bat zabaltzen zuen leihoko kristaletara; halako giza keinu bat egiten zuela ematen zuen: mehatxu eta zemai egiten zuela. Oso hotz zegoen gelan; bizkar-oihal bat jantzi eta hara eta hona ibiltzen hasi zen Madame Münster. Gero, su pixka bat egitea erabaki zuen; deitu zion emakume beltz zaharrari, zeinaren ebano leunduaren eta turbante gorriaren arteko kontrastea atsegingarri izan baitzitzaion hasieran, eta gar pindartsu bat egiteko behar zirenak antolatu zituen. Emakume zaharrak Azarina zuen izena. Azarinak hizkera landugabe gatzdun bat izango zuela uste izan zuen lehenengotik baronesak, eta, dibertitzeagatik, hitz egitera animatzen zuen emakumea. Azarina lehorra eta lepo-tentea zen, ordea, eta haren hizkera, afrikarra ez beste guztia; lagunartean ezagutu zituen andre zahar aspergarriak ekartzen zizkion gogora Eugeniari. Sua egiten, ordea, bazekien; eta, hala, zerbitzariak enborrak egokitu zituenean, Eugeniak, asper-asper eginda baitzegoen, haien aurrean eserita aurkitu zuen ordu laurden bateko entretenimendua, nola goritzen ziren eta zirt-zart egiten zuten begira. Pentsatzen zuen bazitekeela Robert Acton bisitan etortzea, arrats zorigaiztoko hartaz geroztik ez baitzuen ikusi. Baina pasatu zen goiza eta Robert Acton ez zen etorri. Behin baino gehiagotan entzun uste izan zituen haren oinotsak lorioan, baina erauntsiak astintzen zuen leihatila batek egiten zituenak besterik ez ziren. Baronesak, orrialde hauetan gaingiroki zirriborratu nahi izan den ibilbideari ekin zionetik, suminaldi asko izan zuen. Baina haren gaurko suminaldiak bizitasun apartekoa zuen: bere buruaz bazkatzen zela ematen zuen. Zerbait egin zezala eskatzen zion, baina ez zion inolako ekintza-bide baliozkorik iradokitzen. Baldin orduantxe, une hartan bertan, ezer egiteko gauza izan balitz, bapore europar batera igo eta atzean utziko zukeen, halako poz-oldar batek harturik, porrot mingarri hura: ahaide amerikarrei egin zien ikustaldia. Ez dago garbi zergatik deitu zion baronesak porrota egite hari, erakunde amerikarrek onartzen zuten begiramen handienaz tratatu zutela kontuan izanik. Baronesaren suminaren sorburua, sakon-sakonean, baronesak beti izan zuen baina bat-batean biziagotu zitzaion sentipen batean zegoen, zeinak esaten baitzion ezen kontinente handi zehazgabe hartako lur soziala ez zela egokia berak arnastu nahi zukeen perfumeko landareak hazteko, zeren eta, bere inguru guztian eduki nahi izaten zituenez, espezie horietako aldaxkak, nolabait esan, sakelean zituela ibiltzen baitzen. Halako aginpide bat erabiltzeak eta halako inpresio bat sortzeak ematen zion baronesari zorionik handiena; eta orain desengainua sentitzen zuen, igerilari nekatu batek, lehorreratzean, ur-ertzera hurbildu eta, hondartza garbi irme bat espero zuen lekuan, harkaitzezko horma zut leun bat aurkitzean sentituko lukeena bezalakoa. Baronesaren aginpideak esku-ments zirudien Amerikako giroan: gaindiezina zen harkaitzezko horma leuna. «Baina je n'en suis pas là», esan zuen bere artean, «ez nago, Robert Acton jaunak bisita baten ohorea egin ez didala eta, urduri jartzeko!» Baina, hala ere, minduta zegoen, Acton etorri ez zelako; eta minduta egoteak ematen zion min.

        Neba, behintzat, etxeratu zen, sarreran oinak astindu eta beroki bustia zaplaturik. Berehalaxe sartu zen saloitxoan, masailak gorri eta bibotean dozen erdi bat euri-tanta diz-diz zituela. «Hara! Sua egin duzu!» esan zion.

        «Les beaux jours sont passés,» erantzun zion baronesak.

        «Ezta inola ere! Ezta inola ere! Hasi baino ez dira egin,» adierazi zion Felixek, suaren aurrean jarririk. Suari bizkarra eman, eskuak atzera eraman, hankak zabaldu eta leihotik kanpora begiratu zuen Felixek, igande busti bateko tinduetan ere arrosa-kolorea atzematen zuela ezagun zuela aurpegian.

        Aulkitik begira egon zitzaion arreba; eta nebaren aurpegian ikusi zuenak ez zion berak orain zuen aldarteari begiramenik erakusten. Baronesa ez zen edozergatik harritzen, baina nebaren jarrerak maiz uzten zuen pentsakor. Maiz diot, eta ez beti, zeren eta denboraldi luzeak pasatzen baitzituen baronesak arreta beste arazo batzuetan jarririk. Batzuetan pentsatzen zuen ezen nebaren izaera ona, haren alaitasun betierekoa, itxurakeria zela: pose bat; ez zen, ordea, ondoegi ohartu zein antzezle-paper ona egiten ari zen Felix uda honetan. Ez zioten elkarri azalpenik eman; baronesak ez zuen premiarik ikusi. Uste izatekoa zen Felixek bere jeinu onura-nahirik gabekoaren esanetara jokatuko zuela, eta baronesak ez zuen uste berak eman ziezaiokeen aholkurik ulertuko zuenik. Horrez gainera, halako erosotasun bat ere ematen zuen Felixek: inoren gauzetan sartuko ez zen ziurtasuna. Oso mutil begiratua zen Felix gogo-garbi hura; xede guztietarako, neba zuen, eta hori, edozein aldetatik begiratzen zitzaiola ere, egokitasun handitzat zeukan Madame Münsterrek. Egia da Felix begiratua zela; ez zen arrebarekin azalpenetan ibili zalea; horixe zen munduan higuina zion gauza bakanetako bat. Orain, ordea, Felixek ez zuen gauza higuingarririk buruan.

        «Neba maitea,» esan zion Eugeniak azkenean, «utz iezaiozu euriari les yeux doux ipintzeari.»

        «Atsegin handiz. Zuri ipiniko dizkizut!» erantzun zion Felixek.

        «Zenbat denbora,» galdetu zion Eugeniak handik pixka batera, «egoteko asmoa duzu, oraindik, toki zoragarri honetan?»

        Felixek tinko begiratu zion. «Alde egin nahi al duzu... dagoeneko?»

        ««Dagoeneko», bai hitz ederra! Ni ez naiz zu bezain zoriontsu.»

        Felixek aulki batean erortzen utzi zuen bere burua, eta suari begiratu zion. «Ni zoriontsu naiz, bai, egia esan,» esan zuen, bere tonu garbi alaian.

        «Eta bizitza osoa Gertrude Wentworth gorteatzen pasatzeko asmoa al duzu?»

        «Bai!» esan zuen Felixek, arrebari zeharretara irribarre egiten ziola.

        Baronesak begirada itzuli zion, askoz serioago; eta, gero, «Gogoko duzu Gertrude?» galdetu zion.

        «Zuk ez?» jakin nahi izan zuen Felixek.

        Baronesak ez zuen tarte batean ezer esan. «Ea musika gogoko zuen galdetu zioten jaunaren hitzekin erantzungo dizut: «Je ne la crains pas!»»

        «Gertrudek oso miresten zaitu,» esan zuen Felixek.

        «Horrek ez dit axola. Emakumeek ez nindukete miretsi behar.»

        «Zer egin behar zintuzkete, bada? Gaitzetsi?»

        Madame Münsterrek isilaldi bat egin zuen berriro erantzun baino lehen. «Gorrotatu egin behar nindukete! Gorrotatzen ez nautela ikusteak ematen du hemen galtzen aritu naizen denboraren neurria.»

        «Ez du denborarik galtzen zoriontsu denak!» esan zion Felixek, tonu esaeratsu, biribil, amorragarri samarra ere gerta zitekeen batean.

        «Eta andereño gazte dirudun baten maitasuna lortu duenak!» jarraitu zuen arrebak, barre maleziatsuago bat eginez.

        Felix oso tolesgabe eta serioski hasi zen azalpenak ematen. «Gertruderen maitasuna lortu dut, baina haren ondasuna lortuko dudan ziurtasunik ez dut. Baliteke lortzea, edo baliteke ez lortzea.»

        «Beno, baliteke, behintzat! Hori da garrantzizkoena.»

        «Auzi hori Gertruderen aitaren esku dago. Hark ez du begi onez ikusten gu elkartzea. Badakizu Brand jaunarekin ezkondu nahi duela.»

        «Nik ez dakit ezer horretaz!» esan zion baronesak. «Bota iezaiozu egur bat suari, mesedez.» Eskatu zitzaiona egin eta garra nola zuzpertzen zen begira geratu zen Felix. Hurrena, arrebak beste hau gaineratu zuen, «Eta mademoiselle bahitu eta alde egitea pentsatzen al duzu?»

        «Ezta inola ere. Ez dut Wentworth jaunak gaitzesiko lukeen ezer egin nahi. Ondoegi portatu da gurekin.»

        «Baina aukera bat egin beharko duzu: zure gogoa egin ala haren gogoa egin.»

        «Denen gogoa egin nahi dut nik!» esan zion Felixek alaikiro. «Kontzientzia ona daukat. Hasiera-hasieratik erabaki nuen ez nengoela Gertruderi maitasuna adierazteko egokieran.»

        «Hortaz, gauzak errazteko, Gertrudek adieraziko zizun?»

        Bat-batean serio jarririk begitatu zion Felixek arrebari. «Gertruderi beldurrik ez diozula diozu,» esan zion. «Baina ez dakit ez ote zeniokeen... pixka bat izan behar. Oso neska argia da Gertrude.»

        «Konturatzen hasita nago!» esan zion baronesak. Neba, erantzunik eman gabe, aulkiaren bizkarrean bermatu zen, eta isilune luze bat izan zen.

        Azkenean, doinua aldatu eta Madame Münsterrek beste galdera bat egin zion, «Dena dela, ezkontzeko itxaropena al duzue?»

        «Desengainu handia izango nuke hala ez balitz.»

        «Desengainu bat edo beste ez litzaizuke gaizki etorriko!» adierazi zion baronesak. «Eta gero amerikar bihurtu behar al duzu?»

        «Dagoeneko oso amerikar ona naizela uste dut. Baina Europara joango gara. Mundua ikusteko irrikitan dago Gertrude.»

        «A! Ni hona etorri nintzenean bezala!» esan zuen baronesak algaratxo bat eginez.

        «Ez, zu bezala ez,» esan zuen Felixek, halako seriotasun samur batez arrebari begira jarririk. Felix begira zegokiola, aulkitik altxatu zen Eugenia, eta Felix ere zutitu egin zen. «Gertrude ez da zu bezalakoa,» jarraitu zuen Felixek; «baina, bere erara, ia zu bezain argia bada.» Eten bat egin zuen. Sentimendu atsegin bat zuen ariman, eta atsegin hura adierazteko gogo bizia. Felixen ikuspegi izpiritualari, ilargia parte bat baizik argiturik ez duenean bezala agertzen zitzaion beti arreba. Azalera distiratsu hartako itzalak handitu eta txikitu egiten zirela iruditzen zitzaion Felixi; baina neurri batekoak zein bestekoak zirela ere itzalak, Felixek ilargi-argia hartzen zuen beti kontuan. Baronesari begiratu zion, eta gero musu eman zion. «Oso maitemindurik nago Gertrudez,» esan zion. Jiratu eta gelan paseatzen hasi zen Eugenia, eta Felixek hizketan jarraitu zuen, «Oso interesgarria da Gertrude, eta ematen duenaren aldean oso bestelakoa. Ez du aukerarik izan. Baina oso argia da. Europara joango gara, eta ondo pasatuko dugu.»

        Baronesa leihora hurbildurik zen, eta han zegoen, kanpora begira. Inoiz baino tristeagoa zegoen eguraldia; euria ari zuen atergabe. «Bai, ondo pasatu nahi baduzue,» esan zuen andreak azkenean, «askoz hobe izango duzue Europara joatea!» Eta jiratu eta nebari begiratu zion. Aulki bat zuen ondoan; haren bizkarrean jarri zituen eskuak. «Ez al duzu uste nahikoa egin dudala,» galdetu zion, «zurekin honaino etortzea, zu egoki ezkonduta ikusteagatik bakarrik, egoki ezkontzen bazara, behintzat?»

        «Horixe ezkonduko naizela egoki,» esan zion Felixek, ezinegon alai batez.

        Baronesak algaratxo bat egin zuen. «Zeure buruan beste ezertan ez duzu pentsatzen, eta ez diozu nire galderari erantzun. Zu zeure Gertrude argiarekin ondo pasatzen zabiltzan bitartean, zer egin behar dut nik?»

        «Vous serez de la partie!» esan zion Felixek.

        «Eskerrik asko. Alferrik galduko nuke.» Baronesak behera begiratu zuen une batez. «Dena dela, ni hemen uzteko asmoa al duzu?» galdetu zion.

        Felixek irribarre egin zion. «Arreba maitea, zuri dagokizunean nik ez dut asmorik izaten. Zuk agindutakoa egiten dut.»

        «Konbentziturik nago,» esan zuen Eugeniak astiro, «ez dela munduan zu baino pertsona bihozgabeagorik. Ez al duzu ikusten kezkaturik nagoela?»

        «Ikusi dut ez zeundela alai, eta albiste onak eman dizkizut.»

        «Bada, emango dizkizut albisteak nik ere,» esan zion baronesak. «Zeure kabuz ez zenuke-eta ziurrenera asmatuko. Robert Actonek nirekin ezkondu nahi du.»

        «Ez, ez naiz konturatu. Baina oso ondo ulertzen dut. Eta horrek zergatik tristatzen zaitu?»

        «Erabaki ezin dudalako.»

        «Onar ezazu! Onar ezazu!» esan zion Felixek alaikiro. «Ez da gizon hoberik munduan!»

        «Oso maitemindurik dago nitaz,» esan zion baronesak.

        «Eta ondasun handiak ditu. Zilegi izan bekit orain niri hori gogoraztea.»

        «Ez nago ahaztuta,» esan zion baronesak «Oso puntu garrantzizkoa du hori bere alde. Xalotasun guztiz diozut.» Eta zegoen lekutik aldendu eta nebarengana hurbildu zen, hari tinko begiratzen ziola. Felixek gauza bat baino gehiago zerabilen buruan; baronesak, berriz, nebak benetan nola ulertu ote zion pentsatzen zuen.

        Era batera baino gehiagotara har zitekeen baronesak esaten zuena: har zitekeen esan zuena, har zitekeen esan nahi izan zuena, edo har zitekeen bien arteko zerbait, hau da, ez bata eta ez bestea. Beharbada, ondo aztertuz gero, baronesak nahi zuena zera zen: Felixek salbuets zezala aferaren inguruko xehetasun gehiago eman behar izatetik, eta har zezala beregain, bera munduko gizon onenarekin ezkon zedin, bitarteko onargarri guztiak jarri eta laguntzeko ardura. Baina horretatik guztitik Felixek zer ulertu zuen ez zen inoiz jakin.

        «Behin zure askatasuna lortu eta gero, zer eragozpen duzu?» galdetu zion Felixek.

        «Bada, Acton ez dudala bereziki atsegin.»

        «Tira, egin ezazu ahalegintxo bat.»

        «Hori da egiten ari naizena,» esan zion Eugeniak. «Errazago nuke hemen bizi ez balitz. Ni ezingo nintzateke hemen bizi.»

        «Eraman ezazu Europara,» iradoki zion Felixek.

        «A! Ahalegin gogor batean oinarrituriko zoriontasunaz ari zara,» jarraitu zuen baronesak. «Ez da hori nik bilatzen dudana. Robert Acton ez litzateke Europan biziko.»

        «Edonon biziko litzateke, zurekin!» esan zion Felixek galaiki.

        Arrebak tinko begiratu zion, bere begi xarmagarrietan sarkortasun izpi bat zuela; gero, beste aldera jiratu zen berriz ere. «Edozein moduz, ikusten duzu,» jarraitu zuen orduan andreak, «fortuna bila etorri naizela esaten aritu badira, aurkitu dudala erantsi beharko dute!»

        «Ez ezazu galtzen utzi!» animatu zuen Felixek, irribarre solemne bat egiten ziola.

        «Asko eskertzen dut zure ardura,» adierazi zion arrebak, handik pixka batera. «Baina gauza bat agindu behar didazu: pas de zèle! Acton jaunak beraren auziaren defentsa egiteko eskatzen badizu, desenkusa zaitez.»

        «Desenkusa erraza daukat,» esan zion Felixek, «nik ere defendatu beharreko auzi bat badudala esanda.»

        «Nitaz ongi hitz egiten badizu,» jarraitu zuen Eugeniak, «ohartaraz iezaiozu arriskutsua dela amets zoroak egitea. Ez dut ziriketarik nahi; askatasun osoz erabaki nahi dut, begiak ondo irekita ditudala.»

        «Diskretua izango naiz,» esan zion Felixek, «zurekin ez beste guztiekin. Zuri hau esango dizut: onar ezazu oraintxe bertan!»

        Eugeniak, ate zabalduaren aurrera iritsi zelarik, nebari begiratu zion. «Janztera noa, eta pentsatuko dut,» esan zion; eta bere geletara astiro joaten entzun zuen Felixek.

        Arratsaldearen hondarrean atertu egin zuen, eta euria atertzearekin batera eguzki-sarreraren argi-xirripa distiratsu, zalantzakor, eder bat izan zen. Margo-gelan eseri eta lanean aritu zen pixka batean Felix; baina azkenean, argia moteltzen hasi zenean —ez zen oso bizia izan eta—, pintzelak utzi eta landetxeko lorio txikira irten zen. Han ibili zen tarte batean gora eta behera paseatzen, mendebaldeko zeruaren garraldi ederrari begira, bere buruari esaten ziola, lehen ere askotan esana zion bezala, huraxe zela, zinez, eguzki-sarreraren lurraldea. Bazen suzko itsaso lorios haietan irudimena bizkortzen zion zerbait; irudiak eta promesak ikusten zituen mendebaldeko zeruan. Gauza asko erabili zuen buruan: Gertrude Wentworthekin munduan zehar alderrai ibiltzea; beren abentura posibleak ikusi uste zituen, friso argitsu batean, hodei-barren artean; eta Eugeniak esan berri ziona. Madame Münsterri ezkontza onuragarri eta ohoragarri bat desiratzen zion benetan. Gero, eguzki-sarrera hedatu eta sakondu zenean, kolore miresgarri haien apunte bat egiteko gutizia etorri zitzaion. Estudiora itzuli eta margo-oihal txiki bat hartu zuen, paleta eta pintzelekin batera, eta, margo-oihala leiho-barrenean kokaturik, zirriborroan hasi zen gozamen handiz. Hartan ari zela, Brand jauna ikusi zuen urrutira, Wentworth jaunarenetik irten eta astiro etortzen, euritako handi itxi bat arretaz haztatzen zuela. Ibilera pozgabea eta gogoetatsua zekarren, eta begiak lurrera itzuliak. Felix, pintzela eskuan geldi zuela, begira egon zitzaion; eta, bat-bateko eragin batek hartaraturik, Brand jauna hurbilago zenean, jardineko ate aldera aurreratu eta keinu egin zion, paleta eta pintzel-sorten laguntzaz.

        Brand jauna gelditu egin zen, kordokan; gero, Felixen gonbitea onartzea erabaki bide zuen. Wentworth jaunaren jardineko atetik irten eta bidean aurrera ekin zion; horren ondoren landetxeko jardintxoan sartu zen. Felix bere eguzki-sarrerara itzulirik zen, eta pintzelkada bizkorrak emateari utzi gabe agurtu zuen bisitaria.

        «Zurekin hitz egiteko gogo handia nuen eta hots egitea pentsatu dut,» esan zion, oso adiskidetsu. «Are arrazoi handiagoz, nola eta ni ikustera oso gutxitan etorri zaren. Etorri zara arreba ikustera, hori badakit. Baina ni ikustera..., artista famatu hau ikustera, ez zara etorri. Eta badakizu oso sentiberak direla artistak; gauza horiek oso kontuan hartzen dituzte.» Eta Felix jiratu egin zen, irribarrez, pintzel bat ahoan zuela.

        Brand jauna han zegoen zutik, halako majestate sor xalo batez, euritakoaren tolesdura handiak zuzentzen. «Zergatik etorri behar nuen, bada, zu ikustera?» galdetu zion. «Arteaz ez dakit ezer.»

        «Harrokeria handitxoa izango litzatekeela pentsatzen dut,» esan zion Felixek, «zerbait ikasteko aukera polita zenukeela esango banizu. Zertarako ikasi behar duzun galdetuko zenidake eta, ezingo nizuke erantzun. Ministro batek arte beharrik ez du, ezta?»

        «Eraman ona da ministro batek behar duena, jauna,» esan zion Brand jaunak, erabakiz.

        Felix jauzi batez zutitu zen, paleta hatz lodian zuela, berehalaxe desenkusatzeko asmo sendoz. «Ni ere banaiz, izan ere, nire pintura gorriarekin plisti-plasta ari naizen bitartean zu hor zutik edukitzeko! Mila barkamen eskatzen dizut! Ikusten duzu nolako gizabide kaxkarra ematen dion arteak gizonari; ondo egiten duzu, bai, alde batera uztea. Ez nuen zu hor zutik edukitzeko asmorik. Lorioan, ikusten duzun bezala, badira landa-aulki batzuk, nahiz eta ohartarazi behar dizudan behar ez den lekuan ere iltze batzuk badituztela. Eguzki-sarrera honen apunte bat egiten ari nintzen. Inoiz ez dut hainbeste gorri desberdin batera dirdai ikusi. Esango litzateke Zeruko Hiria sutan dagoela, e? Benetan hala balitz, zuek teologook izango zenukete sua itzaltzeko ardura, ezta? Nork esango zuen nik —artista jainkogabe honek— lasai-lasai eseri eta pintatuko nuenik!»

        Brand jaunak lotsagabe samarra iritzi izan zion beti Felix Youngi, baina oraingoan azalpen berezi bat —eta are desenkusaren bat— eskatzeko bezain larria bazela iruditu zitzaion haren lotsagabekeria. Eta hala iruditzea —hau ere esan behar da— nahiko normala zen. Felixek oso jarrera ziurra azaltzen zuen beti: zuen aldarte alaiaren eta borondate onaren bideragarri huts; oraingoan, ordea, xede berezi bat zuen, eta xedea ausarta zela berak ere onartu zuenez, bazekien ondo ezen elkarrizketaren arte guztien laguntza eskatu zuela. Baina hain zebilen urrun bisitaria iraindu nahi izatetik, ezen berehalaxe hasi baitzen pentsatzen ea zer konplimendu egin ote ziezaiokeen elizgizon gazteari kaltearen ordaina ahalik ondoen pagatzeko. Zerbait bururatzen bazitzaion, esan egingo zion. «Egin al duzu gaur zure sermoi eder hoietakoren bat?» galdetu zion bat-batean, paleta utzita. Ez zen hori Felixek bilatzen zuena, baina pasagarria zen tarte bat betetzeko.

        Brand jaunak bekoskoa jarri zuen —betile horail oso finak eta haien azpian begi gozo lasaiak dituen gizonak jar dezakeen adinakoa—. «Ez, gaur ez dut sermoirik egin. Hori galdetzeagatik ekarri al nauzu honaino?»

        Brand jauna sumindurik zegoela ikusi zuen Felixek, eta oso damu zen; baina azkenean Brand jaunarekin adiskidetuko ez zen beldurrik ez zuen. Begiratu egin zion, irribarrez, eta eskua besoan jartzen ziola esan zion, «Ez, horregatik ez..., horregatik ez. Gauza bat galdetu nahi nizun. Gauza bat esan nahi nizun. Asko interesatuko zaizu, ziur nago. Dena den —nahiko gauza pribatua da eta—, hobe izango dugu nire estudiora joatea. Mendebaldera ematen duen leiho bat bada han eta handik ere ikusiko dugu eguzki-sarrera. Andiamo!» Eta lagunari zapladatxo bat eman zion besoan.

        Felix joan zen aurretik. Brand jaunak tente eta isilik jarraitu zion atzetik. Ilunabarraren argiak hartua zuen estudio txikia; baina mendebaldeko leihoaren pareko horma argi arrosa ilunez estalirik zegoen. Zirriborro eta amaitu gabeko margo-oihal asko eta asko ageri zen arrosa-koloreko argitasunean zintzilik, eta gelako zokoak uher eta laino zeuden. Felixek esertzeko esan zion Brand jaunari; gero, ingurura begiratu eta «Arranopola! Zein polita dagoen!» esan zuen. Baina Brand jaunak ez zuen eseri nahi izan; leihora joan eta haren kontra bermatu zen; Felixek zer nahi ote zion pentsatzen zuen. Itzalen artean, hormaren gune ilunenetan, itxura fantastiko eta harrigarriko hiru edo lau margoren errainuak ikusi zituen. Figura biluzien irudiak ematen zuten. Felix zutik zegoen, burua pixka bat makurturik eta begiak bisitariarengan jarririk, irribarrea zabal eta biboteari atximurka. Brand jaunak halako ezinegon bat sentitu zuen. «Oso delikatua da..., esan nahi dizudana,» hasi zen Felix. «Baina denboraldi bat badaramat pentsatzen.»

        «Egidazu mesede: esaidazu lehenbailehen,» esan zion Brand jaunak.

        «Elizgizona zarelako esaten dizut,» jarraitu zuen Felixek. «Ez dut uste gizon arrunt bati esatera ausartuko nintzatekeenik.»

        Brand jaunak pixka batean ez zuen ezer esan. «Ahulaldi batean erortzeari edo irain bategatik min hartzeari dagokionean, oso gizon arrunta naiz, tamalez.»

        «Adiskide maitea,» esan zion Felixek, «hau ez da iraina: hau onura bat da, zerbitzu handi bat! Oso gogoko izango duzu. Gauza delikatua da, hori bai!» Eta, argi motel hartan, irribarre bizi bat aurpegian zuela jarraitzen zuen Felixek. «Badakizu asko ardura zaizkidala lehengusuak..., Charlotte eta Gertrude Wentworth. Haiek ikusteko bost mila milia inguru egin izana da horren frogarik onena.» Brand jaunak ez zuen ezer esan, eta Felixek jarraitu zuen. «Haien gizarte-giroan kanpotar huts baten gisa sartu naizelarik, inpresio berri asko jaso dut, noski, eta nire inpresio horiek oso garbiak dira, oso biziak. Ulertzen duzu zer esan nahi dudan?»

        «Ez nago oso ziur; baina jarrai ezazu, mesedez.»

        «Uste dut oso inpresio garbiak izan ditudala nik beti,» esan zuen Brand jaunaren solaskideak; «baina oraingo honetan, beharbada, askoz normalagoa ere bazen —esan bezala, kanpotik etorrita— zuek erreparatu ere egiten ez diezuen gauzek niri atentzioa ematea. Eta, gainera, arreba ere banuen laguntzeko; eta arreba baino begirale hoberik ez da munduan.»

        «Ez nau harritzen,» esan zuen Brand jaunak, «gure lagunarte txikian bi pertsona argik zeri erreparatua aurkitu izateak. Neronek ere, azkenaldi honetan, aurkitu dut eta!»

        «Zaude, harrituko zaitut-eta oraindik!» esan zion Felixek barrez. «Bai arrebak eta bai nik oso begiko daukagu gure lehengusu Charlotte.»

        «Zuen lehengusu Charlotte?» errepikatu zuen Brand jaunak.

        «Hasiera-hasieratik geratu ginen hartaz maitemindurik!»

        «Zu Charlottez maitemindurik?» xuxurlatu zuen Brand jaunak.

        «Dame!» esan zuen Felixek, «pertsona xarmagarria da oso; eta batez ere Eugeniak oso kuttuna du.» Brand jauna tinko begira zegokion, eta Felixek jarraitu zuen, «Txerak, badakizu, begiak irekitzen ditu, eta gauza batez konturatu gara. Charlotte ez dela zoriontsu! Charlotte maitemindurik dagoela!» Eta Brand jaunarengana hurbildu eta berriz ere besoan jarri zion Felixek eskua.

        Brand jaunak Felixi begiratu zion moduan lilura-aitorpen baten antzeko zerbait nabari zen; baina elizgizon gazteak izan zuen, hala ere, honako hau, solemnetasun handiz, esateko adina burujabetza, «Charlotte ez dago zutaz maitemindurik.»

        Felixek algaratxo bat jaurti zuen, eta itsastar menturazale batek belan haize-kolpe bat sentitzen duenean bezalako bizkortasunez erantzun zuen, «Ez, ez! Nitaz maitemindurik balego, konturatuko nintzateke! Ez nago zu bezain itsu!»

        «Ni bezain itsu?»

        «Adiskide maitea, erabat itsu zaude zu. Charlotte gaixoa zureganako maitasunez urtzen dago!»

        Brand jaunak ez zuen tarte batean ezer esan; pixka bat estuturik zuen arnasa. «Hori al zen esan nahi zenidana?» galdetu zuen.

        «Hiru aste hauetan ibili naiz esan nahian. Zeren eta azkenaldian okerrago baitago Charlotte. Esan dizut,» erantsi zuen Felixek, «oso kontu delikatua zela.»

        «Beno...,» hasi zen Brand jauna; «Beno...,»

        «Ziur nengoen ez zenuela jakingo,» jarraitu zuen Felixek. «Baina, hara! Ikusten duzu nola, nik esan orduko, dena argi geratu den?» Brand jaunak ez zuen erantzun; aulki bat bilatu eta eseri egin zen astiro. Gorritzen ari zela ikusi zuen Felixek; ordu arte anfitrioiari aurpegira begira egon bazen ere, orain beste aldera begiratzen zuen. Entzun zuenak apaltasuna kitzikatu zion: horretan eragin zion gehien. «Ez dizut esango zer egin behar zenukeen, noski» esan zion Felixek; «nire aldetik harropuzkeria litzateke zuri aholkuak ematea. Baina gauza horrela dela ez dut nik dudarik.»

        Brand jauna lurrera tinko begira egon zen pixka batean; sentipen nahasketa batek itotzen zuen. Felixek, han zutik zirauela, bazekien ziur ezen sentipen haietako bat ustekabea zela, galanta. Mutil xalo hark ez zuen susmatu ere egin Charlotteren gar ezkutua. Itxaropen handia eman zion horrek Felixi; konbentziturik zegoen ezen Brand jauna lausengaturik sentituko zela. Felixek oso gardentzat zeukan Brand jauna, eta hala zen, izan ere; hark ez zekien itxurak egiten ez disimulatzen. «Ez dakit zer egin,» esan zuen azkenean Brand jaunak, begirik altxatu gabe; eta Felix harritu egin zen nola ez zuen ez kexurik agertzu ez kontrarik egin. Bistakoa zen Felixek oroitzapen-soka bat piztu zuela; iragana argitu zuela. Oso argitasun polita zabaldu zen Brand jaunaren begi harrituen aurrean, eta sentitu zuen bigarren emozioa bere buruaz zuen iritziaren atsengingarri izan zen.

        «Emaizkidazu eskerrak, esan dizudalako,» jarraitu zuen Felixek. «Jakitea atsegin den gauza da hori.»

        «Ez nago horren ziur,» erantzun zion Brand jaunak.

        «Tira, ez iezaiozu Charlotteri sofrimendurik luza!» xuxurlatu zion Felixek emeki.

        «Aholkua eman egiten didazu, hortaz?» Eta Brand jaunak begiak jaso zituen.

        «Zorionak ematen dizkizut!» esan zion Felixek irribarrez. Hasieran hunkigarria bakarrik iruditu zitzaion bisitaria; baina konturatu zen ezen ironia pixka bat ere bazuela.

        «Zure interesetan sartu zara nire gauzetan,» jarraitu zuen elizgizon gazteak.

        Felixek zutik jarraitzen zuen, irribarrez. Gela txikia ilunago zegoen, eta desagerturik zen argitasun gorria; baina ikusten zuen Brand jaunak Felixen aurpegi distiratsua. «Zer esan nahi duzun ulertzen ez dudan itxurarik ez dut egingo,» esan zion Felixek azkenean. «Baina zure gauzetan, egia esan, ez naiz sartu. Galtzeko zenuenetik —beste pertsona batekin galtzeko zenuenetik— ez duzu ezer galdu. Eta pentsa zer irabazi duzun!»

        «Uste dut neu naizela epaile egokiena, bata zein bestea juzkatzeko,» adierazi zuen Brand jaunak. Zutitu egin zen, kapeluaren hegala aho parera eraman eta ilunpean Felixi tinko begiratzen ziola.

        «Ilusio bat galdu duzu!» esan zion Felixek.

        «Zeri esaten diozu ilusioa?»

        «Gertrude Wentworth ondo ezagutzen duzula —noizbait ondo ezagutu duzula— uste izateari. Sinets iezadazu,» jarraitu zuen Felixek. «Nik oraindik ez dut ezagutzen; baina ez dut ilusiorik egiten; ez dut ezagutzen dudanarena egiten.»

        Brand jaunak tinko begira jarraitzen zuen kapeluaren gainetik. «Gertrudek oso nortasun argia eta gardena izan du beti,» esan zuen solemneki.

        «Gertruderen nortasuna lozorroan egon da. Froga harriaren zain egon da. Baina, orain, hasi da esnatzen.»

        «Ez iezadazu Gertrude goraipa!» esan zion Brand jaunak, ahotsean dardara txiki bat zuela. «Nik ez dakidan zerbait baldin badakizu, ez da jokabide eskuzabala.»

        «Jauna, gainezka nago eskuzabaltasunez!» esan zion Felixek. «Eta ez naiz lehengusua goraipatzen ari. Haren definizio zientifiko bat eman nahian baizik. Gertruderi ez zaizkio abstrakzioak axola. Eta zuk, berriz, beti kontrakoa uste izan duzula esango nuke: oinarri horren gainean aritu zarela eraikitzen. Konkretuan jartzen du Gertrudek ardura handia. Nik ere konkretuari begiratzen diot. Baina ni baino kementsuagoa da Gertrude: arrastatu egiten nau!»

        Brand jauna kapeluaren barruari begira egon zen une batean. «Oso nortasun interesgarria du.»

        «Hala da,» esan zion Felixek. «Baina tira egiten du, tira, zaldi eroak bezala. Baina atsegin dut zaldi eroaren indarra; gainera, zalgurditik ni erortzeak ez lioke axola handirik. Baina zu eroriko bazina, Brand jauna,» —eta Felixek etenalditxo bat egin zuen— «beste pertsona batek ere sofrituko lituzke istripuaren ondorioak.»

        «Zein bestek?»

        «Charlotte Wentworthek!»

        Brand jaunak zeharretara begiratu zion Felixi, fidakaitz; gero, poliki-poliki, sabaia korritu zuen begiez. Felix ziur zegoen ezen Brand jauna, barren-barrenean, harriturik utzi zuela egoeraren eleberri-antzak. «Ez dut uste guri dagokigun arazoa denik,» xuxurlatu zuen ministro gazteak.

        «Niri, beharbada ez; baina bai zuri!»

        Brand jaunak mugitu gabe jarraitu zuen, sabaira begira; bistan zen zerbait esan nahi zuela. «Zer esan nahi duzu Gertrude andereñoa kementsua dela esatean?» galdetu zion bat-batean.

        «Bada,» esan zuen Felixek pentsakor, «esan nahi dudana da burujabetza handia duela. Zain egon da..., urteetan, orainean bizi zen itxura ematen bazuen ere. Itxaroten jakin du; helburu bat zuen. Hori esan nahi dut kementsua dela esatean.»

        «Zer helburu zuen, bada, zure iritziz?»

        «Bada..., mundua ikusteko helburua!»

        Brand jaunak berriz ere zeharretara begiratu zion bere informatzaile bitxiari; baina ez zuen ezer esan. Azkenean jiratu egin zen, alde egiteko bezala. Nahastuta zirudien, nolanahi ere, zeren eta ate aldera abiatu ordez, gelaren beste aldeko muturrera jo baitzuen. Felix geldi geratu zen pixka batean, ilunpetan ia itsumustuka nola zihoan begira; gero atera bideratu zuen, samurki, ia anaitasunez harturik. «Hori al zen esan behar zenidan guztia?» galdetu zion Brand jaunak.

        «Bai, hori da guztia, baina zer pentsatu asko dago hor.»

        Felixek jardineko ateraino lagundu zion, eta Brand jauna, poliki-poliki, lasaturik zuen zurruntasuna atzera berreskuratu nahirik, ilunabarrean galtzen ikusi zuen. «Mindurik, kitzikaturik, nahasturik, zurturik... eta liluraturik dago!» esan zuen Felixen bere artean. «Nahasketa bikaina!»

 

 

 

© Henry James

© itzulpenarena: Irene Aldasoro

 

 

"Henry James / Europarrak" orrialde nagusia